“Erreminta baliotsua da umorea jendearen arreta erakartzeko”

“Erreminta baliotsua da umorea jendearen arreta erakartzeko”

Egileek ez zuten espero, baina oihartzun handia izan du Ahotsa.info agerkari digitalak En tierra hostil saioan oinarrituta (Antena3) egindako parodiak. Majaris de la Sorna fikziozko pertsonaiak, kamera eskuan, Iruñean gertatzen diren eskubide urraketak jaso eta zabaldu ditu. Harekin batera, Sergio Labaien Ahotsa-ko kidearekin ere (Iruñea, 1975) batu da Nafarroako Hitza, sare sozialetan bolo-bolo ibili den fenomenoaz solastatzeko.

Majaris, hona etorri aurretik, ba al zenuen Euskal Herriko egoeraren berri?

MAJARIS DE LA SORNA: Euskaldun asko dago Venezuelan, baina EAJkoak dira gehienak, eskuinekoak. Beraz, ez nuen Euskal Herriko egoeraren berri zehatzik. Hona etortzean konturatu naiz.

Zein da ezagutu duzun egoera?

M.S.: Tamalgarria da. Larria da Euskal Herrian gertatzen den giza eskubideen urraketa. Espainiako Gobernuko malandroek [gaiztaginek] asko hitz egiten dute Venezuelaz, baina ez dute hemengoaz ezer esaten, ezta Saudi Arabiaz edo Israelez ere.

Ahotsa.info-ren proiektua da hau. Nola sortu zen halako zerbait egiteko ideia?

SERGIO LABAIEN: Amorrua sentitu genuen En tierra hostil programa ikustean. Hipokrita iruditu zitzaigun: nor eta espainiarrak munduan zehar, giza eskubideez hitz egiten... Munduaren historian Espainia izan da-eta giza eskubideak gehien urratu dituen herrialdeetako bat! Ez dago 500 urte atzera egin beharrik, gaur egun ere ikusten dugu hori, besteak beste, Euskal Herriari eta Kataluniari erabakitzen uzten ez zaienean. Beraz, hipokrisia hori agerian uztea zen helburuetako bat. Bestetik, Euskal Herrian gertatzen dena mundu osora zabaltzeko beharra ere bagenuen. Bi beharrek bat egin zuten proiektu honetan. Hasieran ez genuen asmo handirik ere. Grazia egiten zigun kontuak, baina ez genuen uste halako dimentsioa hartuko zuenik.

Nola daramazu arrakasta, Majaris?

M.S.: Ongi dago, batez ere jendeak tragoak ateratzen dizkidalako kalean. Kontua da orain ez zaidala erraza izango modu isilean lan egitea. Aberri Egunean nabarmena izan zen hori: jendea niri begira geratzen zen.

Uniformea aldatu beharko duzu agian.

M.S.: Bai, egia esan, Venezuelako kamisetak eta kaskoak ez dute asko laguntzen oharkabean pasatzen. Kamuflajezko prakek ere ez, baina horiek nire berezko jantziak dira.

Erreportajea argitaratu eta berehala hasi dira eskuineko hainbat hedabide Ahotsa.info-ren aurka egiten.

S.L.: Gidoiarekin bat zetorren kriminalizazioa. Argi genuen erreportaje horrek oihartzuna bazuen Espainiako prentsa ere tartean agertuko zela. Bilatu ere bilatu genuen. Gure asmoa zen bideoa atera, Venezuelak jaso zezala, eta gero, guk abisua pasatzea Espainiako komunikabideei. Eta horretarako troll bat ere bagenuen Twitterren, albistea Espainiako hedabideetan zabaltzeko. Azkenean ez genuen horren beharrik izan, benetako trollak agertu zirelako, Espainiako hedabide eskuindarrak, alegia. Egia da badugula bertigo pixka bat, aurrekariengatik batez ere. Badakigu zer diren eskuineko hedabideak, eta zer arrisku daukagun. Baina momentu erabakigarria dugu Nafarroan, eta dena eman behar dugu. Ahotsa.info-ren borondatea hori da, esprint komunikatibo bat egitea erregimena botatzeko. Alde horretatik, gure ekarpena egiten jarraituko dugu, mehatxu eta presioen gainetik.

Zuek egindakoa beste toki askotan agertzea lorpena izan da?

S.L.: Bai, akaso Latinoamerikan izandako oihartzuna da interesgarriena. Nahiz eta parodia bat izan, jende asko hasi da Euskal Herriaren ideia gatazkarekin eta eskubideen urraketarekin lotzen. Satira bat dago oinarrian, baina horri esker jende askok jakin du Iruñea izeneko hiri bat dagoela, Euskal Herrian dagoela eta bertan errepresioa eta eskubideen urraketa dagoela. Iruñea zezenengatik soilik ezagutzen zuenak orain badaki hemen herri bat dela, eta herri horri ez zaiola bere etorkizuna erabakitzen uzten.

UPNk eta PPk ere egin dute zuen erreportajearen aurka.

S.L.: Surrealista izan zen hori. UPN agertu zen, errealitatea eta fikzioa nahasten. Bila dezagun kontrako egoera: irudika ezina da Sortu edo Bilduko norbait agertzea 8 apellidos vascos pelikula debekatzeko eskatzen. Alderdi politiko bat satira politiko bati erantzuten hasten zaionean, galdu du partida. Suposatzen baita alderdi politikoek errealitatearen mailan jarduten dutela. Beraz, alderdi batek Majaris de la Sorna bezalako pertsonaia bati erantzuteak ongi erakusten du zein den Nafarroan dugun klase politikoa.

Beldur zara, Majaris?

M.S.: Ez. Kontrakoa, jendeak elkartasun mezuak helarazten dizkit, eta zoriontzen nau. Egia da hurbileko tokietan soilik ibiltzen naizela. Agian, larunbat batean Gazteluko plazara pote bat hartzera joaten banaiz, norbaitek zerbait esango dit.

Zer dio zure familiak?

M.S.: Beti izan naiz familiako ardi beltza; beraz, jada ez daude nirekin harrituta. Euskal Herriko egoerarekin bai, ordea. Harrigarriak zaizkie hainbat gai; besteak beste, presoena, etxe kaleratzeena, Europaren eta Afrikaren arteko mugetan gertatzen diren erasoak...

Hara zoazenean, izango duzu gauza onik kontatzeko.

M.S.: Batez ere hemengo jendearen elkartasuna nabarmenduko nuke. Latinoamerikan uste izan dugu Europan ez dagoela elkartasunik. Eta, beraz, harrigarria egin zait ikustea jendeak elkartasunez erantzuten duela arazoen aurrean, besteak beste, herri harresietan. Horretaz gain, janaria eta patxarana ere asko gustatu zait.

Azkenaldian, formatu berriak ari zarete lantzen Ahotsa.info-n.

S.L.: Gai eta pertsonengana modu garratzago batean hurbiltzen hasi gara. Euskal politikaren geldialdia gainditu nahi genuen: badirudi prentsaurrekoak baino ezin direla egin, euskal politikariak nahiz herri mugimenduetako kideak paper baten aurrean bakarrik sentitzen direla eroso. Guk kaleko kazetaritza egin nahi genuen, kalera atera.

Ez da erraza gai serioez barre egitea...

S.L.: Umorea erreminta baliotsua da jendearen arreta erakartzeko. Politikari buruzko ohiko bideo batek, agian, ez du 150 bisita baino gehiago izanen. Irudimentsua eta umoretsua den bideo batek, ordea, arreta erakar dezake. Komunikazioaren helburua, azken finean, mezu bat helaraztea da. Guk lortu dugu hori.

Noiz arte izango da Majaris gure artean?

S.L.: Berez, Euskal Herrian hiru erreportaje grabatzeko kontratua du Venezuelako telebistarekin. Negoziazioetan ari gara hori luzatzeko, baina irizpide zorrotzak ditu telebistak, eta, beraz, baliteke Majarisek alde egin behar izatea. Hala balitz, eta Iruñean pertsona maitatua dela jakinda, deialdia egingo genuke, jendea autobus geltokira joan dadin, agurtzeko.

Oinarrian erritmoa duten musikariak

Mikel Aveiro eta Adrian Larrañaga txalapartariek, Angel Lopez de Toro flamenko kantariak, Simon Moreno gitarra jotzaileak eta Giliyo perkusionistak osatzen dute Berriketan taldea. Erritmoan oinarritutako taldea da, baina bi estilo herrikoi batzen dituena: flamenkoa eta txalaparta. Berriozarko Kultur Etxean eskainiko dute hurrengo kontzertua, igandean, 19:00ean. Sarrera zortzi euroan eskuratu daiteke.

Nabarrismoaren barrenak azaldu ditu Gimenezek liburu berrian

Nabarrismoaren barrenak azaldu ditu Gimenezek liburu berrian

Huarte, Baleztena, Uranga, Arraiza... Azken ehun urteetan Nafarroa kontrolatu duten sendien deiturak dira. Ivan Gimenezek asteon aurkeztutako El Corralito Foral (euskaraz, etxalde forala) liburuan protagonismo berezia hartu dute. Izan ere, liburua labubiltzerakoan, Gimenezek gogora ekarri du garai batean abizen handi horiek politikan buru-belarri zebiltzala. Felix Huarte enpresaburua, kasurako, Diputazioko presidenteorde izatera heldu zen 60ko hamarkadan, frankismoan. Kargua hartu eta astebetera, "bere enpresen zein bere lagunen mesederako" industrializazio plana aurkeztu zuen. Egun, berriz, eliteen abizen handi horiek politikaren lehen lerrotik desagertu dira, "beste batzuek" egiten dietelako lan zikina. "Zenbaitetan, ordezkari horietako batzuek ez dakite ordezkari direla ere".

Halaxe deskribatu du Ivan Gimenezek Pamielak argitaratutako 381 orrialdeko liburua. Argi utzi du kazetaria dela, eta ez dela historialaria. Kazetariek orainaz —eta gehienez ere gertuko iraganaz— jardun ohi dute, eta hasieratik azpimarratu nahi izan du bere lana ez dela memoria historikoari buruzkoa. Bere lehengaia eta abiapuntua krisi betean den erregimenaren egoera da, baina, haren sustraiak eta loturak aztertzerakoan, ehun urte atzera jo behar izan du. Azken finean, Rafael Chirbes idazle valentziarraren aipua ekarri du gogora: "Ondasun ororen jatorria injustizia bat da, eta zenbaitetan krimen bat".

Maiz hitz egin da Nafarroan elite horiek duten indarraz eta eraginaz; baina gaia hartu, aurretik eskura zegoen informazioa bildu, eta liburua egiteko urratsa eman du Gimenezek. Datuz eta dokumentazioz josia badago ere, "tonua lotsagabea" dela azpimarratu du, eta argi utzi du bere asmoa ez dela ez neutrala, ez objektiboa izatea, autozentsurarako ateak baitira. "Kazetaritzak zintzoa izateko betebeharra du", aipatu du Gimenezek.

Tokiko kazetaritza

Gervasio Sanchez gogora ekarriz, tokiko kazetaritzaren garrantzia azpimarratu du. Kazetaritzan, joera izan ohi da urrutiko gatazken berri ematen duten berri-emaileak goraipatzea eta tokiko kazetariak gutxiestea. "Sanchezen arabera, tokiko kazetaritza ausartagoa da, min eman dezakeelako", aipatzen du Ivan Gimenezek, errazagoa baita Afganistango buruzagiak usteltzat jotzea gertuko agintariak baino.

Bere esanetan, nabarrismoaren barrenak desmuntatu, hustu eta azaldu nahi izan ditu liburuan. Bertan, azaltzen da nola Nafarroako gizartean errotutako sinboloak (foruak, sanferminak, xabierraldiak...) bahitu eta nahierara erabili dituzten, azken finean inork ez baititu sinbolo horiek auzitan jarriko. Bere ustez, azken mendean, sinbolo horiek "bereganatu eta kamuflaje gisa" erabili dituzte eliteek gizartearen gaineko kontrola ziurtatzeko.

Liburuak hemezortzi atal ditu bere azpiatalekin, eta bakoitzak du izenburua, gehienetan ironikoa. Gimenezek argi du lerroburuetan datzala kazetaritzaren gakoetako bat, eta izenburuan bertan islatzen da. "Liburua hasi nuenean, izenburua baino ez nuen".

Jesu Kristorena

Atzean geratu zaigu Aste Santua. Bukatu da aurtengoa ere. Baina nik hainbat kontu berreskuratu nahiko nituzke. Anitzek uste dutenaren aurka, txikitatik izan naiz oso fededuna. Bai, bai. Hagitz sinesgarria da hiru egunen ondoren berpiztearen kontua. Niri ere antzeko zerbait pasatu zitzaidan. Eta ez pentsa, nik ere sufritu nuen Kristoren heriotza. Kontatuko dizuet nolakoa izan zen Aste Santua sinestun amorratu honentzat.

Ortzegunetik hasiko naiz; ortzegun santutik. Goizean goiz mendira paseotxo bat ematera joan nintzen, ondotik zetozen egunei aurre egiteko indarrak hartzeko asmoz. Eguerdian lagun batzuekin bazkaria izan nuen. Badakizue duela 2.000 urte gure jaunak ere afari eder bat egin zuela lagunekin egun horretan. Ohitura onak ezin dira alde batera utzi, alajainkoa! Hari eskerrak ematearren, guk ere Jesu Kristoren bazkaria egin genuen. Guri ere ogia eta ardoa eman zizkiguten, guztiok hartatik jan eta edan genezan. Eta dena erran behar bada, oso goxoak zeuden.

Handik Zarauzko garagardo feriara joan ginen batzuk. Orduan hasi zen gure kalbarioa. Jainkoak emandako ardo hori kolorez aldatzen hasi eta hori bihurtu baitzen. Ardoa Kristoren odola bada, ez dut pentsatu nahi garagardoa zer izango den. Bueno, zalantza existentzialak alde batera utzita, jarrai dezagun. Bazkaritik Zarautzera, eta Zarauztik gure azken afarira; edo egun horretako azken afarira bai behintzat. Bapo afaldu eta etxera joan ginen, hurrengo egunean gurutzea hartu eta Lekunberritik Irurtzunera joatea tokatzen baitzen.

Ortziralean, goizeko seietan jaiki eta motxila izeneko nire gurutze partikularra prestatzen hasi nintzen. Bederatzietarako, Lekunberrin geunden, Gazte Martxaren Gurutze bidea hasteko prest. Irurtzuneraino 15 kilometro daude; eskerrak bidea nahiko erraxa den. Bertzela ere, a zer kalbarioa! Bezperatik zetorren buruko mina, sekulako eguzkia, motxilaren karga… Jesu Kristo sentitu nintzen une batzuetan. Irurtzunera iritsi eta ekitaldiak hasi ziren. Berriz edan genuen jaunaren odola, fededun zintzoen modura.

Larunbat santua doluaren eguna zen. Gutxi iraun zuen doluak, ordea. Goizean autoa hartu eta Doneztebera abiatu ginen, eguerdian bertso bazkaria baikenuen. Larunbatean, Sagardo Eguna zegoen nire herrian, eta bazkaldu baino lehen denok ur bedeinkatua edan genuen. Eta ez gutxi. Errango nuke han geunden guztiak urte osorako bedeinkatuta geratu ginela. Gauza bera bertso bazkarian. Bijilia egin genuen guk ere. Bueno, bazkaria diot, baina ia-ia afarira luzatu zen. Eta afaria gosarira. Kristoren gaua izan zen, eta guk ere Kristok bezala sufritu genuen biharamunean.

Iritsi gara igandera. Hilzorian geunden guztiak. Baina iratzargailuak jo bezain azkar, miraria gertatu zen. Gu ere berpiztu ginen. Indarrak hartu eta ohartzerako, Aberri Egunean geunden, Iruñean; gure berpiztea ospatzen. Batek baino gehiagok errezatu zuen gure alde, eta guk errezoei erantzun genien. Behar den bezala.

Eta azkenik, pazko astelehena. Gertatutako guztia barneratzeko eguna. Ez al duzue uste horrelako hiru egun pasatu eta gero, oraindik bizirik jarraitzea Jesu Kristoren miraria dela? Nik baietz errango nuke. Hortxe nire fedearen oinarria.

Dena prest Faltzesen, igande honetan kaleak euskaraz josteko

Haurrak D ereduan matrikulatu ahal izatea. Aldarrikapen horrekin hasi ziren Sortzen elkarteko kideak eremu ez-euskalduneko festa antolatzen, 2010ean. Artaxoan, Larragan, Mendigorrian, Villatuertan eta Oibarren egin dute orain arte, baina helburuak ez dira aldatu. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak otsailean Euskararen Legearen erreforma onartu zuen arren, UPNren esku dagoen gobernuak entzungor egin die, oraingoz, D eredua ezartzeko eskaerei. Igande honetan, Faltzesen eginen dute festa, azken aldia izanen den esperantzarekin.

"Aurtengo jaia zertxobait ezberdina izanen da, Euskararen Legean zirrikitua irekitzea lortu baitugu", azaldu dute Sortzeneko arduradunek, ohar batean. "Alta, lanean segitzeko deia ere izanen da aurtengoa. Legea aldatu den arren, euskararen zonifikazioak bere horretan dirau eta Hezkuntza Departamentua ez dago D eredua zabaltzeko asmotan. Horra hor Abartzuzan gertatutakoa, adibidez".

Egoera hori salatzeko, gune anitzeko festa antolatu du Sortzenek, Faltzesko bizilagunekin elkarlanean: "Herritarrekin, elkarteekin eta udalarekin batera lan egin dugu. Ezin dugu ahaztu urtero-urtero Euskararen Eguna antolatzen dutela Faltzesko bizilagunek, eta hori izan da gure jaiaren antolaketarako oinarria".

Deialdiarekin bat egin dute, gainera, eremu ez-euskalduneko herrietako zinegotzi zein alkate askok. Hala, iragan larunbatean agerraldia egin zuten Kasedako, Zangozako, Iratxetako, Lodosako, Abartzuzako, Miranda Argako eta Leozko hainbat ordezkari politikok, festan parte hartzeko deia herritar guztiei luzatzeko.

Azken urteetan bezala, Euskara herria josten leloa izanen du festak. Hiru gune nagusitan banatuko da: Foruen plaza, Gizarte Etxeko plaza eta Aurora plaza. Foruen plazan egonen da agertoki nagusia, eta hortxe egingo dituzte, besteak beste, zirku ikuskizunak, dantza emanaldiak eta Marianitoz Blai nahiz Trikidantz taldeen kontzertuak.

Gizarte Etxeko plaza, berriz, neska-mutikoentzako elkargunea izanen da. Puzgarriak, jolasak, tailerrak eta ginkana eskainiko dituzte txoko horretan.

Azkenik, Aurora plazan jarduera tradizionalak edo folkloreari lotutakoak izanen dira; besteak beste, kaikuak egiteko tailerrak, txalaparta tailerra, kantu saioak eta astoen erakustaldia.

Sortzen Jaia ere, abian

Igande honetako festa, bestalde, datozen asteetako hitzordu nagusien aurrerapen gisa ere uler daiteke. Izan ere, hilaren 25erako, euskararen aldeko ekitaldia antolatu du Kontseiluak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Maiatzaren 17an, berriz, Euskal Eskola Publiko Berriaren festa eginen du Sortzen-ek, Sarrigurenen.

Hain zuzen, Sortzen Jaia iragarriko duten abestia eta bideoklipa aurkeztu berri ditu euskal eskola publikoaren aldeko elkarteak. Euskal eskola berria sortzen, Sarriguren izenburua darama, eta Oskar Estanga kantari, musikari eta bertsolariak ondu du. Sarrigurengo ikastetxe publikoko dozenaka ikasle, irakasle eta gurasok parte hartu dute bideokliparen grabazioan.

17 urtez, Iruñeko Takonera parkean egin zen Sortzen Jaia, baina 2014an, hiriburutik atera eta Uhartera mugitu zen egitasmoa, hango ikastetxeko guraso elkarteak antolatu baitzuen. Aurten, Sarrigurengo ikastetxeaz gainera, herriko beste hainbat eragilek ere parte hartu dute festaren antolaketa lanetan.

“DNE kanporatu dugu, baina gauza bera gerta dakioke beste herri bati”

“DNE kanporatu dugu, baina gauza bera gerta dakioke beste herri bati”

Urduri dago Iñigo Arregi (Garinoain, 1971). Alkategai izendatu berri dute, Garinoaingo hautagaitza herritarraren barruan, eta bozak irabaziko dituela ongi dakien arren —seguru asko, beste alderdirik ez baita aurkeztuko—, fokuen azpian egoteak ez dio zirrara berezirik eragiten. "Argazkia ere eginen didazue?", esan, eta hasperen bat itzurtzen utzi du, irribarrez. "Tira, ohitu beharko dut".

Zergatik erabaki zenuen zerrendan izena ematea?

Iaz hasi ginen hauteskunde zerrenda bateratu bat osatzeko planak egiten, baina inork ez zuen alkate izan nahi. Herri txiki batean, kargu publikoa izatea ez da pagotxa, buruhaustea baizik. Azkenean, zerrenda irekiak egitea otu zitzaigun, eta herriaren alde lan egiteko prest geundenok izena eman genuen. Nire izena izan zen gehien bozkatua, eta, beraz, ni izendatu ninduten zerrendaburu.

Nolakoak izan dira azken lau urteak?

Oso gogorrak. Garinoainez fitsik ere ez zekien jendeak eskuratu zuen udala 2011n, eta espero genuen huraxe egin dute legealdi osoan: polemikak eta arazoak sortu dituzte publizitatea lortzeko, eta kolpe zorrik ere ez dute jo.

Baina herritarrek buelta eman diozue egoerari...

Bai, hori izan da honek guztiak izan duen alde positibo bakarra, elkarlan horri esker kalteak ez baitira larriagoak izan. Herritarrok gure gain hartu ditugu udalak egin beharreko lan asko: futbol zelaia mantentzea, kaleak garbitzea, bideetako sasiak moztea, jaiak antolatzea... Horri esker ikusi dugu administrazioa bigarren planoan gera daitekeela, inportanteena beherago baitago: jendea da udalerri bat mugiarazten duena.

Aginte ofizialetik kanpo, udal alternatiboa osatu duzue, beraz?

Hori, agian, gehiegitxo esatea da. Legez, udalak baditu betebehar batzuk, ordezkaritza funtzio batzuk, eta horiek ezin ditu beste inork bete; baina eguneroko zeregin txikiei dagokienez, herritarren arteko auzolanak aise ordezka dezake administrazioaren egitekoa.

Zeintzuk izan dira, zure ustez, kasurik larrienak?

Abiadura handiko trenaren proiektuak, adibidez, bitan zatitzen du Garinoain, eta zirriborroa udalaren eskuetara heldu zenean, DNEko zinegotziek ez zuten karpeta ireki ere egin. Begiratu gabe sinatzen dute dena, hiru hilabetean behin bakarrik etortzen direlako herrira. Bestalde, udaletxeak egiturazko arazo larriak zituen, baina konponketa lanak ez zituzten baimendu, beranduegi izan zen arte. Azkenean, hustu egin behar izan zen eraikina. Han zegoen musika eskola ere, eta auzokideok arduratu ginen beste egoitza bat atontzeaz, zerbitzua eten ez zedin. Gaurdaino, alkateak ez du gaiaz galdetu ere egin.

Horri guztiari kalte ekonomikoa ere gehitu behar zaio.

Gure kalkuluen arabera, Garinoaingo familia bakoitzari 600 euroren galera eragin dio udal gobernu talde honek. Hainbat salaketa aurkeztu ditugu Nafarroako Administrazio Auzitegian udalaren kontra, eta epaiketak irabazi arren, herritarrok pagatu behar izan ditugu, alkateak ez baititu prozesuak bere poltsikotik ordaindu, udalaren diruarekin baizik. 27.000 euro galdu dira, sententzietan bakarrik. Eta horiek ez dira udalaren kontuetan ageri.

Jazarpen baten biktima dela dio alkateak. Egia al da hori?

Ez. Aitzitik, bera eta bere alderdikideak dira herritarrei jazartzen zaizkienak. Bizilagunak joaten gatzaizkionean, egiten duen lehen gauza Guardia Zibilari deitzea da. Eta gero, gainera, salaketa jartzen dizu, ustez, istiluak sortzeagatik. Indarkeriaz jokatzen dugula dio, baina udaletxeko idazkariek eta gainontzeko langileek ziurta dezakete hori gezurra dela, eta bera dela giroa narrasten duena.

Amaitu da amesgaiztoa?

Kostata, baina lortu dugu DNE kanporatzea. Hala ere, legeak eta instituzioek ez dute bermatzen halakoak errepikatuko ez direnik. Maiatzean gauza bera gerta dakioke beste herri bati.

Hainbat auzotara zabalduko dute edukiontzi marroia

IRUÑEA. Iruñerriko Mankomunitateak abian jarri du bosgarren edukiontzia ezartzeko 3. fasea. Maiatzean, Buztintxurira, Sanduzelaira, Arrotxapeara, Arantzadira, Artikara eta Berrobeitira zabalduko dute zerbitzua; ekainean, berriz, Txantreara, Magdalenara eta Antsoainera. 1.511 edukiontzi jarriko dituzte.

“Anaitasuna txiki geldituko zaigu 25ean”

“Anaitasuna txiki geldituko zaigu 25ean”

Bi aste falta dira oraindik, baina Maite Inda (Iruñea, 1981) hasia da ekitaldi handien aurreko urduritasuna nabaritzen. Galtzak bete lan dabil Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkaria, azken xehetasunak prestatzen. Zer ikusiko da hilaren 25ean Anaitasunan? Euskararen aldeko ikuskizun berezia izanen da. Ezohikoa eta berritzailea. Ez da ekitaldi politiko bat izanen, ezta manifestazio bat ere. Eneko Olasagasti zinema zuzendariarekin lan egin...

“Giharra erakutsiko dugu 25ean”

“Giharra erakutsiko dugu 25ean”

Bi aste falta dira oraindik, baina Maite Inda (Iruñea, 1981) hasia da ekitaldi handien aurreko urduritasuna nabaritzen. Galtzak bete lan dabil Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkaria, azken xehetasunak prestatzen.

Zer ikusiko da hilaren 25ean Anaitasunan?

Euskararen aldeko ikuskizun berezia izanen da. Ezohikoa eta berritzailea. Ez da ekitaldi politiko bat izanen, ezta manifestazio bat ere. Eneko Olasagasti zinema zuzendariarekin lan egin dugu, ekitaldi metaforiko eta emozionala sortzeko, eta ohiko parametroetatik ateratzea izan da erronka nagusia. Foku anitzeko ikuskizuna izanen da, eta argi islatuko du gu garena: ez gara alderdi politiko bat, ezta lider bat ere... Herritarrak gara, jendea, eta, hortaz, harmailetan egonen da ikuskizunaren arretagune nagusia. Oro har, zirraraz beteriko ordubete pasatxo izanen da.

Zergatik ikuskizun bat eta ez manifestazio bat?

Nafarroan euskarak pairatzen duen egoera dela eta, ekinbide berezi bat antolatzeko garaia zela pentsatu genuen Kontseiluko hainbat kidek. Baina ekitaldiaren jatorria 2009. urtean dago. Urte hartan, Kontseiluko sei bazkide hasi ziren biltzen —Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, AEK, IKA, Euskal Herrian Euskaraz eta Topagunea—, Nafarroako Gobernuaren azken erasoei aurre egiteko. Izan ere, krisiaren aitzakia baliatu zuen UPNk, torlojuari beste buelta bat emateko: euskarazko hedabideentzako diru laguntzak zerora murriztu zituen, helduen euskalduntze eta alfabetatzerako diru saila ere izugarri txikitu zuen... Horrek itolarri sentsazioa areagotu zuen gure bazkideen artean, eta hausnarketa prozesua abiatu zuten, erantzun bateratua emateko.

Nolakoa izan zen prozesu hori?

Lehendabiziko fasean, egoeraren irakurketa bateratua egin genuen, eta diagnostikoa oso argia zen: Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak aldatzeko, behar-beharrezkoa da indar metaketa. Hausnarketa horren lehen fruitua 2010eko manifestazio itzela izan zen. Euskaraz bizi nahi dut leloa plazaratu genuen manifestazio horren karira, eta arrakasta izugarria erdietsi zuen. Ordutik, bide propioa egin du leloak Euskal Herri osoan. Hala ere, manifestazioak utzi zigun ondorio argienetako bat izan zen protestaren esparrua gainditu behar genuela; kalea hartzea beharrezkoa dela, baina eragileen arteko elkarlanak harago joan behar duela. Hor kokatzen da Anaitasuna kiroldegian eginen dugun ekitaldia, besteak beste.

2010ean manifestazio erraldoia egin zenutenetik bost urte igaro dira. Egoera aldatu al da?

Urte hartan kalera ateratzeko genituen arrazoiak ez dira desagertu; aitzitik, areagotu egin dira. Horregatik, beharrezkotzat jo genuen Nafarroako herritar euskaldunontzat ekitaldi sinboliko bat antolatzea, indarrak batu eta jarrerak trinkotzeko. Hainbestekoa da gure egunerokoan ematen diguten egurra, jendea apalduta dago. Etsituta. Baina, egoera iraultzeko, ezinbestekoa izanen da jendearen indarra. Horregatik, Anaitasunako ekitaldiak une emozional kolektiboa behar du izan, 1998an Sadarren sentitu genuenaren gisakoa, ondorengo egunetan ere jarrera indibidualak sendotzeko.

Hauteskundeen bezperan gaude. Hori ere kontuan izanen zenuten...

Ekitaldia antolatzeko garaian, ezin genuen faktore hori saihestu. Bi funtzio horiek uztartuko ditu: alde batetik, euskaldunon komunitatearen trinkotzea, eta, bestalde, aldaketa politikoa aldarrikatzea hizkuntzaren ikuspegitik. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskararen alde egin duena hain gutxi izanda, gobernu berri batek tentazioa eduki dezake makillaje apur batekin aldaketa irudikatzeko. Eta hori ez da guk nahi duguna edo euskarak behar duena.

Mezu zuzena indar politikoei.

Bai. Nafarroan aldaketa gauzatzeko giltzarriak zeintzuk diren adostu dugu, eta horiek Anaitasunan ere ikusi ahalko dira. Interpelazio zuzena eginen zaie alderdiei: urgentziazko neurri batzuk aurkeztuko dizkiegu, lau urteko legealdi batean gara daitezkeenak, euskararen aldeko lana galbidean gera ez dadin. Erroko aldaketak nahi ditugu hizkuntza politiketan, eta gure proposamena, euskalgintza osatzen dugun eragileon proposamena, argi eta garbi jarriko dugu mahaiaren gainean, inork aitzakiarik eduki ez dezan euskararen aldeko neurriak geroratzeko.

Oposizioko alderdiekin hitz egin duzue jada?

Oraindik ez, baina hurrengo astean abiatzekoak gara bilera erronda, eta orduan eskura emanen diegu gure proposamena. Apirilaren 25eko ekitaldiaren ostean, gainera, neurri horiek argitara aterako ditugu, eta edonork irakurri ahal izanen ditu.

Zer edo zer aurreratzerik bai?

Hizkuntzaren normalizazioa zedarritzen duten lau zutabeak dira gure proposamenaren oinarria ere. Lehen puntua plangintzari dagokiona da: hizkuntza politika orok planifikatua izan beharko luke beti, baina, Nafarroan, administrazioak ez du inoiz plangintzarik egin; hortaz, planifikazioaren atea irekitzea aldaketa historikoa izanen litzateke. Bigarren oinarria baliabideena da: orain artekoak ez dira aski izan, eta horiek handitzea eskatzen dugu. Hirugarren puntuan, esparru juridikoaz hitz egiten dugu: hizkuntza bat normaldu nahi duen administrazio batek corpus juridikoa eraiki behar du horretarako, baina egun indarrean den Euskararen Legeak ez dio normalizazio nahi bati erantzuten. Azkenik, laugarren zutabea herri gogoarena da: Nafarroako Gobernuak ez ditu inoiz jendearen eta euskararen arteko loturak indartu, ez du atxikimendu hori sustatu. Zutabe horietan guztietan aldaketak ematen badira, jauzi kualitatibo nabarmena emanen dugu euskararen normalizazioan.

Memoria kolektiboan iltzaturik gelditu diren ekintza esanguratsu asko antolatu ditu Kontseiluak. Bai euskarari ekitaldia 1998an, Euskaraz bizi nahi dut manifestazio jendetsua 2010. urtean... Mailari eutsi beharrak urduri jartzen al zaitu?

Halako ekintza erraldoiak planteatze soilak bertigoa ematen du, bai, baina hori ona da! Nafarroan, gainera, oso modu indartsuan nabaritzen da hori guztia. Jendeak euskararekiko dituen atxikimendua eta grina oso inportanteak dira, eta, beraz, benetan sentitzen duzu egiten ari zaren hori ez dela erakunde batzuen lanaren ondorio hutsa, baizik eta jendearen bultzadaren fruitua. Ziur nago hilaren 25eko ekitaldia ere gisa horretakoa izanen dela, ilusioa pizteko modukoa, eta Anaitasuna txiki geldituko zaigula. Giharra aterako dugu euskaldunok.

Euskararen Legearen erreforma onartu zenetik bi hilabetera eginen duzue ekitaldia. Alde horretatik ere, une esanguratsua...

Oso esanguratsua. Guk poz handiz hartu genuen legearen aldaketa partziala, batez ere, orain arteko egoera etsipenez bizi izan duten gurasoengatik. Izan ere, guraso askok uko egin behar izan diote euren txikiak euskarazko ereduetan matrikulatzeari, eta hautu hori ez dute borondatez egin, egoerak behartuta baizik. Hortaz, euskararen legearen aldaketa ona izan da, pertsona horiei arindu eginen zaielako eguneroko bizimodua. Hori guztia esanda, erreforma ez da nahikoa. Euskararen Legea ez da funtsean aldatu, nafarron eskubideak bizilekuaren arabera aitortzen direlako. Nafarroako Gobernuarentzat, ez da gauza bera leitzarra edo tuterarra izatea, eta hori ez da bidezkoa. Ezinbestekoak dira erroko aldaketak, eta Anaitasunan aurkeztuko dugun proposamena bide horretatik doa.

D eredua ezartzeko lehen eskaerak egin dituzte Villatuertan eta Abartzuzan, baina Nafarroako Gobernuak uko egin dio lerro berriak zabaltzeari. Lehengo lepotik burua?

Bistakoa da UPNk ez duela bere hizkuntza politikan atzera egiteko inolako asmorik, legearen erreforma hau ez baita haiek proposatutakoa izan. Herritarrek urtetan egindako lan eskergaren ondorioa izan da, ez agintarien borondatez sortutako araua. Hortaz, borondaterik ez duen gobernu batek nekez aplikatuko ditu arrotz zaion lege batek ezartzen dizkion neurriak. Nabarmentzekoa da, hala ere, orain arteko legeak ere ez zuela euskararen irakaskuntza publikoa debekatzen. Ez zuen D eredua eremu ez-euskaldunean ezartzera behartzen, baina debekatu ere ez zuen egiten. Hor hutsune legal bat zuen UPNk euskarazko irakaskuntza ezartzeko, baina ez zuen baliatu. Borondate kontua izan da beti. Horrexegatik proposatzen dugu corpus juridiko sendo bat, eskubideen gauzatzea unean uneko interes politikoen menpe egon ez dadin.

Erabaki politikoez gaindi, elebidunen erabilera mailak ere baldintzatzen du hizkuntzaren egoera. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, eremu ez-euskaldunean bai, baina mendialdean behera egin du erabilerak. Zer deritzozu?

Irakurketa hori okerra dela. Mapa soziolinguistikoaren emaitzek argi gehiago zituzten itzalak baino, baina elementu txarrei erreparatzeko ohitura dugu. Urte hauetan guztietan jarri dizkiguten zangotraba guztiak aintzat hartuta, Iruñerrian eta eremu ez-euskaldunean euskarak gora egin izanari aurrerapauso galanta deritzot. Datuek argi erakusten dute hemen dugun potentziala: herritarren borondateari esker hamaika proiektu gauzatu ahal izan dira, jendeak bere etxea hipotekatu du ikastola bat eraikitzeko, bere poltsikotik ordaindu ditu euskararen aldeko proiektuak... Bestalde, egia da erdara gero eta gehiago ari dela hedatzen eremu euskaldunetan, baina hori ez da hiztunen utzikeriaren ondorioa, baizik eta hizkuntza politika konkretu batek eragindako errealitatea.