125.000

gorren integraziorako ONARtu dituzten euroakNafarroako Gobernuak gorren integraziorako eta komunikazio harresiak ezabatzeko 125.000 euroko diru saila onartu du. Nafarroako Gorren Elkarteak 50.000 euro jasoko ditu keinu hizkuntza ikastaroak eta interpr...

Leihoak zabaldu, kiratsa joan dadin

Iruñeko Udala, UPNren eskuetan, hilotz politikoa dela entzuten dugu tarteka-marteka tertulietan edo egunkarietako analisi politikoetan: "Akabaturik dago", "ez du etorkizunik", "iraungitze data gainditua du"... Baina hitzak hitz eta norberaren desioak desio, egia bakarra da Iruñeko Udala UPNren eskuetan dagoela oraindik orain, eta hiria gobernatzen segitzen duela. Hilik dago, antza, baina etengabe zutitzen da. Eta arrazoi bakarra egon daiteke horretarako: Enrique Maia alkatea buru duen udal gobernua zonbi bat da.

George A. Romeroren edo Lucio Fulciren pelikuletako hildako ibiltarien antzera dabil udala. Noraezean, automata baten gisara. Berdin urteko aurrekontuak prestatzen nahiz sanferminetako egitaraua jendaurrean aurkezten. Eta nabari da. Ustel usaina du irentsarazi nahi diguten festa ereduak ere: zezenketak, sangria epela litroka, mugarik gabeko parranda —baita emakumeen eskubideen bizkarretik bada ere— eta turismo merkeari gorazarre.

Eta jakina, sanferminetako kultur eskaintza ofizialari antzeko kiratsa dario. Naftalina eta ardoa. Gomina eta xanpain botila zezen plazako itzalpeko harmailetan. Halako ikuspegi atzerakoi batekin soilik uler daiteke egitarau ofizialeko ekitaldi gehien-gehientsuenak gaztelania hutsean izatea: Espainiako irrati-formulako sasi-abeslariak gazteentzat, movida madrildarretik erreskatatutako fosilak helduentzat eta adinekoentzat, azkenik, berbena eta Los del Rio. Bai. Macarena abesten zuten horiexek. Baina nabarmenkeria ez da hor amaitzen, antzerkialdi berezia ere antolatu baitute Gaiarre antzokian: Montxo Borrajo, Bertin Osborne eta Arevalo igoko dira oholtza gainera, Iruñeko establishment-arentzat kultura benetan zer den azaltzeko.

Horregatik guztiagatik, Gora Iruñea plataformak eta beste hainbat eragilek sustatzen dituzten jai eredu alternatiboak ez dira eskertzeko modukoak bakarrik. Behar-beharrezkoak dira. Leihoa zabaltzen dute UPNren berotegi itogarrian, haize berria sar dadin. Egitarau alternatiboari begi kolpea ematea nahikoa da aldeaz jabetzeko: Berri Txarrak, Esne Beltza, Kashbad, Motxila 21, Betagarri, Governors, ZTK rap, Irrien Lagunak, haurrentzako gune berezia, dantzak, erakusketak, antzerkia... Baina artistez edo ekitaldiez harago doa iraultza. Eredu aldaketa da Gora Iruñeak planteatzen duena: jaien parekidetasuna benetan sustatu eta sexu erasoak errotik erauzteko lan egiten dutenen eredua, euskarari zor zaion lehentasuna ematen diona eta, zonbien antzera zerebroak jan beharrean, burmuinari eragiteko aukera eskaintzen duena.

Lurpeko altxorraren negozioa

Dozenaka harrobi eta meategi daude Nafarroan. Errealitate zabala bezain askotarikoa da. Hala ere, Sustrai Erakuntza fundazioak txosten bat argitaratu berri du, harrobi eta meategien hainbat proiekturen berri emateko. Orotara, fundazioko kideek bederat...

200

MANIFESTAZIOA EGIN DUTEN AZKOYENGO LANGILEAKAzkoyen enpresako 200 langilek manifestazioa egin zuten asteartean, Azkoienen. Euren lan hitzarmena abenduaren 31n iraungi zen. Langileek salatu zuten enpresako jabeek soldata jaitsierak eta deskokatzeak aur...

9

SUSTRAI ERAKUNTZAK JASO DITUEN PROIEKTUAKHarrobi eta meategiak: gutxi batzuen aberastasuna, gehienon arazoa izenburua duen txostena publikatu berri du Sustrai Erakuntza fundazioak. Helburua proiektu berriak txostenean jasotzea da.

Udalak Gora Iruñeari baimena eman dio Runa parkean jai gunea jartzeko

IRUÑEA. Gora Iruñea plataformak maiatzaren 29an aurkeztu zuen Runa parkeko jai gunerako egitaraua. Hala ere, udalak Runa parkea erabiltzeko lehiaketa martxan jarri zuen. Baina, aurreko urtean bezala, ez da inor aurkeztu. Udalbatzak plataformaren alde egin zuen. Asteazkenean, Gora Iruñeak jakinarazi zuen jai gunea jartzeko baimena eman diola udalak.

Iturrama institutuko ikasleek IKA euskaltegien aldeko argia piztu dute

IRUÑEA. Nafarroan milaka argi kanpaina martxan jarri zuen IKAk ikasturte honetan. Herritarrek Nafarroako herrietan argazkiak atera eta euskaltegia diruz laguntzea du helburu kanpainak. Iturrama institutuko ikasleek kanpainako argazkietan oinarritutako margolanak egin dituzte, eta lanak ikusgai egongo dira ekaina bukatu arte Iruñeko Arturo Campion euskaltegian.

Liburuen ‘hozkailuak’ arrakasta handia du Yamaguchiko liburutegian

IRUÑEA. Hozkailu berezia dute Yamaguchiko liburutegian. Ez du hotzik ematen, eta 200 liburu baino gehiago gordetzeko tokia du. Liburutegiko erabiltzaileek hozkailuko edozein liburu har dezakete, trukean beste bat utzi ondoren. Behin-behineko kanpaina zen, baina hamazortzi hilabete egin ditu martxan, eta udan ere jarraituko du. Egunean, batez beste hamar lagunek erabiltzen dute hozkailua.

“Ez dut inspirazioan sinesten; lanarekin lortzen da hori”

Irakaskuntzak ez zuen asetzen Aiora Ganuza (Iruñea, 1980), oso mugatua ikusten baitzuen bere sormen prozesua. Horregatik, Patricia Lizarragarekin batera Harian Ari proiektua martxan jartzea erabaki zuen. Iruñeko Curia kaleko 25. zenbakian dute lokala, eta eurek egiten dute arropa. Horrekin batera, joskintza eta patroigintza ikastaroak ematen dituzte. "Tailerraren zentzua berpiztu nahi dugu. Jendeak ikus dezan arropa egitea ez dela erraza. Ez dela saltoki handi batera joatea, arropa erosi, egun batean jarri eta bota", dio Ganuzak.

"Forma sinpleak eta kolore lauak", horiek erabiltzen ditu Ganuzak arropak egiteko. Oraingoz, emakumeentzat baino ez dute arropa egin, baina laster hasiko dira gizonezkoentzat lantzen. Egun, eskaintza zabala dute; besteak beste, soinekoak, galtzak, kamisetak, osagarriak, turbanteak eta txanoak egiten dituzte. Abenduan ireki zuten denda, eta garapena nabaritu dute lehen sei hilabeteetan. "Ahoz aho zabaldu da, eta jendeak gauza berriak ikusi nahi ditu. Nazkatuta daude beti berdin janztearekin". Oraingoz ez dute irabazirik arropa salmentarekin. Baina jendeak euren arropa janztearekin konformatzen dira. "Guk nahi dugu gure arropa kalean ikustea. Horrek emango digu izena". Gainera, Facebook orrialdea ere badute. Baina eskaintza bereziena bezeroei ematen dieten tratua dela dio. "Nahiko normalak gara, apalak. Nik uste dut hori dela gure berezitasun nagusia".

Arroparekin bakarrik ez dute proiektua aurrera ateratzen Ganuzak eta Lizarragak. Beraz, joskintza ikastaroak ere eskaintzen dituzte. "Adin guztietako jendea etortzen da, eta bakoitzak bere interesak ditu", azaldu du Ganuzak. Astean sei orduko eskolak ematen dituzte, eta saio bakoitzean hiru ikasle daude, goiz eta arratsaldez. "Abenduan hasi ginen eskolekin. Ikasleek hilabeteko konpromisoa dute, hilero ordaintzen baitute, eta abenduan hasi ziren hainbat ikaslek jarraitzen dute".

Estresa hitzarekin definitu du bere egunerokoa Ganuzak. "Ireki berri dugu, eta sekula ez dugu negozio bat izan". Egunean hamabi ordu lan egiten dituztela dio diseinatzaileak. Hala ere, gustuko du lana. Eurek egiten dute dena, eta sasoi bakoitzeko 400 bat jantzi egiten dituzte. Lan gogorra da, baina diseinatzaileak langilea izan behar duela uste du. "Ni nahiko burugogorra naiz, baina lanarekin gauzak aurrera ateratzen dira. Hori bai, lan handia egin behar da". Ganuzaren aburuz, diseinatzaile lana ez dago behar bezala estimatua. "Jendeak uste du diseinatzailearen lana marrazkiak egitea baino ez dela. Baina hori ez da horrela. Diseinatzaile batek gauza asko jakin behar ditu, hala nola josi, patroiak egin eta bezeroekin harremanak sustatu". Diseinatzaileak sortzaileak dira, baina Ganuzak ez du inspirazioan sinesten, lanean baizik. "Ez dut inspirazioan sinesten; lanarekin lortzen da hori. Langilea den pertsona batek gauzak ateratzen ditu aurrera". Hala ere, filmei eta "antzinako garaiei" erreparatzen die. "Badut zerbait iraganarekin".

Diseinatzaileak gauza asko egin behar ditu. Baina Ganuzak patroiak egitea maite du. "Sormen prozesua oso luzea da. Gauza asko izan behar dira kontuan. Gustuko dut diseinua egitea eta marraztea". Hala ere, badira gustuko ez dituen gauzak ere. "Gorroto ditut diru kontuak". Lizarraga eta bera dira enpresa txikia aurrera daramatenak, eta hori ere euren esku dago.

Sei hilabete daramatzate proiektu berriarekin, baina aurretik bide luzea egin du Ganuzak modaren munduan. Arte Ederrak ikasi zituen, Bilbon, baina txikitatik gustatu zaio ehunekin aritzea. "Amak txikitatik ezberdin jantzi nau, berezi. Aitaren alkandora hartu, maukak moztu eta berogarri bezala jartzen nituen. Beti izan naiz pixka bat trapuketaria". Unibertsitatean lan gehienak ehunekin egiten zituen. Hala ere, gauza asko egiteko mugak zituela dio. Unibertsitatea bukatu, eta Iruñean moda ikasi zuen, Yolanda Gabiriaren eskolan. "Titulua ofiziala ez zenez, Bilbora itzuli nintzen graduondokoa egitera".

Graduondokoa bukatu, eta Iruñeko Texartu dendan hasi zen lanean. Bertan euskal jantziak egiten dituzte, eta asko ikasi zuen. Pare bat urteren ondoren, zineman lan egiteko aukera izan zuen. "Jantziterian lan egitea gustatzen zitzaidala ikusi nuen, eta mundu horretan murgildu nintzen". Laguntzaile gisa bi filmetan lan egin du: Baztan eta Zinegi Na Milegi Dobara (Behin bakarrik bizitzen da). Bigarren hori Bollywoodeko film bat da, Iruñean grabatu zutena. Blue Lips (Ezpain urdinak) filmean ere lan egin du. Kasu horretan, bera izan zen jantzien arduraduna. Zineman ez ezik, antzerkian ere aritu da, El Bardo antzerki taldearekin. Azken urteetan Crea Navarra Goi Mailako Diseinu Eskolan irakasle gisa ibili da, baina utzi egin zuen.

Moda mundua zaila da. Ganuza hainbat tokitan ibili da. Egun, ordu asko ematen ditu lanean, baina gustura dago bere lanarekin. Bere arropa propioa sortzen baitu. "Moda gai subjektiboa da. Baina egiten dudan guztia bihotzez egiten dut, eta askotan badakit nork eramango duen egiten dudana".