@

Nafarroako Ordezkaritza Kanabikoak webgune bat jarri du martxan herri ekinaldi legegilearen inguruko informazioa helarazteko.www.tupapelimporta.org. Webgunearen helburua ez da soilik sinadurak biltzea. Izan ere, kalamu kontsumitzaileei buruzko aurreir...

Haur eskoletako diru laguntzen %100 ordaintzeko eskatu dute hogei udalek

IRUÑEA. Hogei udaletako ordezkariek idatzi bat erregistratu dute Nafarroako Gobernuak 2014ko aurrekontuetan haur eskolentzat aurreikusitako diruaren %100 ordain dezala eskatzeko. Oraingoz, Hezkuntza Departamenduak %70 besterik ez du ordaindu. Udalek ohartarazi dutenez, departamenduak zor duena haiek jartzeko modurik ez dute. Beraz, haur eskola asko "kolokan" daudela azaldu dute.

“Arduragabekeria” da, Barkosen irudiko, Esa handitzeko lanetan segitzea

IRUÑEA. Uxue Barkosek, Geroa Bai alderdiak Espainiako Kongresuan duen ordezkariak, gogor kritikatu ditu Esako urtegia handitzeko lanak. Isabel Garcia Tejerina Espainiako Ingurumen ministroari ohartarazi dio "arduragabekeria" dela lanekin aurrera segitzea. Barkosek azaldu du lur mugimenduak ezin izan direla gelditu. Carlos Salvador UPNko parlamentariak, berriz, "segurtasun" handiagoa eskatu du.

Hondartzarik ez Iruñean

Maia, hondartza nahi dugu eskatzen zuten Iruñeko Euskal Jai gaztetxearen okupazioaren XX. urtemugako jaiaren kartelek. Hondartzarik ez, eta Aquavoxeko igerilekuarekin konformatu behar izan zuten gaztetxearen aldeko lagunek. Lekua, hala ere, ezin hobea zen. Euskal Jai zegoen tokian eraiki baitzuten Aquavox. Ehun pertsona inguru sartu ziren erakinean, eta 50 batek bainu azkar bat hartu zuten. Poliziak ez zuen inor identifikatu orduan. Baina ekainaren 3an hiru pertsona atxilotu zituen Espainiako Poliziak, horietako bi herri hedabideetako kazetariak. Bi delitu egozten dizkiete: pertsona juridikoaren jabetza bortxatzea eta kalteak eragitea.

"Aquavoxekoa desobedientzia zibileko ekintza sinbolikoa izan zen", esan du Borok. Lahaine.org webguneko erredakzio taldeko kidea da, eta ez du bere benetako izena eman nahi. "Ni egunaren berri ematen ari nintzen. Sakelakoarekin grabatu nuen Aquavoxeko ekintza. Hamar bat minutu izan ziren, eta ez zen inolako istilurik egon". Ez da Boro atxilotzen duten lehen aldia. Martxoaren 29an, Jaque al rey (Xake erregeari) mobilizazioa egin zuten Madrilen. Bertan, poliziak kazetariei oldartu zitzaizkien, eta Boro atxilotu zuten. Haren aburuz, "beste diskurtso bat" lantzen duten hedabideen aurkako errepresioak gora egin du azken urteetan. "Gero eta eraso gehiago jasan dituzte herri hedabideetako kazetariek. Aste Santuko prozesio ateoa Ahotsa.info-rako grabatu zuen pertsona inputatu dute, esaterako".

Bororekin batera, Alde Zaharreko aldizkari baterako eta Ekinklik-erako lan egiten duen kazetaria ere atxilotu zuten ekainaren 3an. Hark ere ez du izena eman nahi. "Jendea igerilekuko uretan murgiltzera sartu zen, bertan Euskal Jai zegoelako", esan du kazetariak. Uste du ez zela inolako arazorik izan. "Igerilekura igo nintzenean, hainbat pertsona ikusi nituen bainatzeko txanoarekin eta harridura aurpegiarekin. Zur eta lur zeuden, baina besterik ez". Langileekin ere ez zen istilurik izan. "Harrerako langilea hasieran larritu zen, baina zer gertatzen ari zen azaldu eta lasaitzeko eskatu zioten. Igerilekuko soroslea, ordea, bere onetik aterata zebilen". Duela bi urte atxilotu zuten Ekinklik-eko kolaboratzailea, greba baten harira, baina epaileak kasua artxibatu zuen, froga faltagatik. "Gobernu ordezkaritzak esan du atxilotuetako batek aurrekariak dituela, baina ez dute esan nire kasua artxibatu zela. Ezta kazetari lanetan nenbilera ere. Dena oso mediatikoa eta faxista da".

Egunean bertan Poliziak ez zuen inor identifikatu. "Traba egiten dietelako atxilotu dituzte kazetariak", esan du June Donemiliaga bi atxilotuen abokatuak. Haren ustez, ez da beharrezkoa pertsona horiek atxilotzea. "Badirudi auziren batean sartzen badute norbait, atxilotu, komisarian ordu batzuetan eduki eta gero epailearen aurrean deklaratu gabe askatu behar dutela. Hori auzitara joateko dei batekin egin daiteke". Donemiliagaren ustez, bi pertsona horiek ez dituzte atxilotu eguneko informazioa biltzeagatik."Herri mugimenduetako hedabideetan lanean ari zirelako atxilotu dituzte". Atxilotu eta bi egunera, epaitegira joan zen Donemiliaga. Iruñeko 5. instrukzio epaitegiak darama kasua. "Informazio bila joan nintzen, eta bertako langile batek esan zidan ez zegoela txostenik".

Maiatzaren 10ean, desobedientziaren bitartez Euskal Jai gogoratu zuten, ez baitzuten baimenik eskatu eguneko ekitaldietarako. Hala eta guztiz ere, herri mugimenduetako kazetarien aurka jo dute, eta haien lana kriminalizatu. Oraingoz, ez da hondartzarik izango Iruñean.

“Oso ezberdina den hizkuntza ikasteak burua argitzen du”

"Ez dut uste txinerak gramatika zaila duenik. Arazoa hiztegia da. Lan handia egin behar da buruan sartzeko", dio Huichi edo Monica Yu txinera irakasleak (Kaohsiung, Taiwan, Txinako Errepublika, 1980). Ingeles eta Gaztelaniazko filologien antzeko ikasketak egin zituen Yuk bere herrialdean. Horiek bukatutakoan, Iruñera etorri zen Psikopedagogia ikasketak egitera. Hamalau urte bete dira Taiwan utzi zuenetik. Gaur egun, Iruñeko Hizkuntza Eskolako irakaslea da. Horrez gain, itzultzailea eta interpretea ere bada. Badaki txinera oso hizkuntza arrotza dela euskal herritarrentzat; hark ingelesa eta gaztelania ikasi ditu, eta kosta egin zaio. Baina, haren aburuz, merezi du norberaren hizkuntzaren oso ezberdina den beste hizkuntza bat ikastea. "Oso ezberdina den hizkuntza ikasteak burua argitzen du".

Yuk Huichi du izena, baina unibertsitatean mendebaldeko irakasleak zituzten, eta mendebaldeko izenak hartu zituzten komunikazioa errazteko. "Eskoletan 50 ikasle baino gehiago ginen, eta irakasleek ez zituzten gure izenak ondo ahoskatzen. Monica gustatu zitzaidan; Cristina ere polita da, baina beste batek hartu zuen aurretik". Kaohsiungo Wenzao unibertsitatean ikasi zuen. Ikasketak bukatutakoan, 2000. urtean, Iruñera etorri zen, Nafarroako Unibertsitatean ikastera. Nahiago zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean ikasi, baina, horretarako, selektibitatea egin behar zuen. "Ez nuen horrenbesteko gaztelania maila. Baina Nafarroako Unibertsitateak eta nireak hitzarmena dute. Beraz, bertan ikasteko aukera izan nuen".

Iruñeko ikasketak bukatutakoan, Bartzelonara joatea pentsatu zuen, Itzulpengintzan eta Interpretazioan masterra egiteko. "Gaztelania maila hobea nuen, eta zerbait praktikoagoa egitea pentsatu nuen". Yuk hiru hizkuntza menperatzen ditu: txinera, gaztelania eta ingelesa. Txinerako mandarin eta taiwanera dialektoak ezagutzen baditu ere, eskoletan mandarina erakusten du; hori baita Txinako hizkuntza ofiziala.

Urte pare bat eman zituen Bartzelonan ikasten, eta 2008ko apirilean Iruñera itzuli zen. Bikotekidea bertan baitzuen. Lan egiteko aukera gutxiago zuen Iruñean Bartzelonan baino. Baina Hizkuntza Eskolara jotzea erabaki zuen. "Iruñean ez zuten txinera irakasten, eta proposatu nien ea txinera ikastarorik nahi ote zuten". Hizkuntza Eskolako arduradunei gustatu zitzaien ideia, eta irailean martxan jarri zuten ikastaroa. "Izugarrizko arrakasta izan zuen txinerako ikastaroak. Bi talderentzako tokiak ireki zituzten, hau da, 50 pertsonarentzat, eta asko kanpoan geratu ziren".

Yuren arabera, bi talde nagusitan bana daitezke txinera ikasi nahi duten pertsonak. "Guztiek sentitzen dute pasioa Txinako eta Asiako kulturekiko. Baina gero badaude zaletasun gisa ikasten dutenak eta lanagatik aukeratzen dutenak". Yuk ulertzen du jendeak txinera ikasi nahi izatea curriculuma hobetzeko, Txina potentzia ekonomikoa delako. Baina hark ez du bat egiten planteamendu horrekin. "Hizkuntzak baliabideak dira. Gero eta baliabide gehiago izan, hobe. Baina mundua aldatu egiten da. Egun Txina potentzia ekonomikoa bada ere, urte batzuk barru India izan daiteke".

Txinerak bi ikasketa mota dituela uste du Yuk: ahozkoa eta idatzizkoa. "Bi gauza oso ezberdin dira txineraren ahoskera eta karaktereak". Txineraren ahoskera gaztelaniaren antzekoa dela dio Yuk. "Hitz egitea ez da arazoa. A, e, i, o, u eta beste bi bokal erabiltzen ditugu". Irakaslearentzat, garrantzitsuena hitz egitea da. "Idaztea norberaren beharren araberakoa da. Nik hitz egitera bideratzen dut ikastaroa. Gero, mailaren arabera karaktere batzuk irakasten dizkiet".

Hasieran oso arrotza badirudi ere, behin ahoskera ezagututa sentimendu hori desagertu egiten da. Haren aburuz, ahoskerak baino gehiago, txineraren doinuek sortzen dizkiete zailtasunak ikasleei. "Gakoa doinuak dira, gaizki eginez gero esaldiaren zentzua aldatzen baita". Jolasaren bidez praktikatzen ditu doinuak. "Hemengoentzat musikaren antzeko zerbait dira doinuak. Beraz, aho korapiloak egiten ditugu".

Gero eta material gehiago dago txinera irakasteko. Baina ingelesarekin edo alemanarekin alderatuta, txinera praktikatzeko askoz arazo gehiago dituzte ikasleek. Horregatik, motibazioa da Yuk gehien lantzen duena. "Ni hizkuntzak ikasten dituen pertsona naiz. Niretzat gaztelania eta ingelesa hizkuntza arrotzak dira, eta askotan uzteko gogoa izan dut. Baina bakoitzak argi izan behar du zer egin nahi duen".

Egun, txinerako hiru maila eskaintzen dituzte Hizkuntza Eskolan. Hasieran Yu bakarrik zegoen, baina, 2011. urtean, beste irakasle bat hartu zuten. Aurten, gainera, HSK azterketa Iruñera ekartzea lortu dute. "Hori da Txinako Gobernuak onartzen duen azterketa ofizial bakarra". Hizkuntza Eskolaz gain, Nihao Navarra akademia du Yuk. Bertan, umeekin lan egiten du. Era berean, aldiro-aldiro enpresa eta erakundeentzat itzulpenak egiten ditu. Krisi garai hauetan ez du lan faltarik. Hasieran uste zuenaren aurka, lortu du tokia egitea Iruñean.

Merkea eta ona

Kabenzotz! Publizitate lelo ezin hobea oparitu diet Mercadonakoei, haietaz mintzatu behar baitut gaurkoan. Nire esperantza bakarra da artikulu hau ez dutela sekula santan irakurriko, berripaper hau ez baita ziurrenera haien negozio bidean agertuko. Ea hala den.

Mercadona supermerkatuen taldea 1977an sortu zen, Valentzian —nik Herrialde katalan gisa deituko dudan horretan—. Eta haien hedapen geldiezinean, beraiek Espainia deitzen duten horretan, bi erkidego bertzerik ez zitzaien falta mapa txintxetaz betetzeko. Bai, asmatu duzu, bi hauek. 2013an hasi ziren Nafarroan lehen Mercadona saltokiak irekitzen, eta bortz urtean denetara hogei supermerkatu zabaltzea espero dute. EAEn, berriz, aurten irekiko dituzte lehen dendak (Gasteizen), eta sei urtean 25 sortu nahi dituzte.

Produktu onak eta merkeak saltzen omen ditu Mercadonak. Ez dakit. Eta ez dut sekula jakinen, ez baitut Mercadona bat zapaltzeko inolako asmorik. Nire marra gorrietako bat da.

Bertze batzuek ez omen dute halako marra gorririk. Iruñean lehen Mercadona ireki zutelarik, hasieretako egun batean gazte bat ikusi nuen saltokitik ateratzen, eskuetan plastikozko hiru poltsa handi zituela, eta soinean Aranzadi bizirik errezatzen zuen elastikoa zeramala —bide batez, Arantzadiren aldekook, zergatik lapurtu zenieten t hori gure baratze maiteei?—.

Gazte hura polizia infiltratu txar bat ez bazen, argi dago sakan handia zuela bere aldarrikapenaren eta jokabidearen artean. Ez dirudi ongi lotzen direnik, ezta? Ez dakit. Bertze adibide bat jartzearren. Pentsa alderdi ezkertiar bateko diputatua zarela, Gaur egun ezkertiarra izan izenburuko liburua idatzi duzula, ezkertiar nor den eta nor ez den oso argi duzula eta horren arabera banatzen dituzula ezkertiar karnetak, eta zeure liburuaren aurkezpena egiteko El Corte Ingles baino leku aproposagorik ez duzula aurkitu. Bitxia, ezta?

Irakurle zentzudun hori, ez nuke nahi zuk nire hitzak hartzea pulpitutik botatzen diren horien gisa berean. Bakoitzak egin dezala sudur puntan jartzen zaiona, noski. Baina iruditzen zait ongi dagoela zenbait kontzeptu argi izatea, horren arabera marra gorri batzuk margotzea eta, ahal dela, inoiz ez zeharkatzea.

2013. urtearen bukaeran, Nafarroan 360 supermerkatu zeuden, 2000. urtean zeudenak halako bi. Zenbat lanpostu duin sortu dituzte horiek guztiek. Zenbat lanpostu duin suntsitu dituzte? Zenbat nekazari salbatu dituzte? Zenbat nekazari estutu dituzte haien lanbidea uzteraino? Zenbat denda txiki itxiarazi dituzte?

Mercadonak bertze edozein supermerkatu katek dituen ajeak izanen ditu. Ados. Horrekin konbentzitu ez bazaitut, eman diezaiegun Barcenasen paperei begiradatxo bat. Bai, Mercadona paperetan ageri da. Zer behar izanen zuen Juan Jose Roig enpresaburuak PPri ustez dirua emateko?

Horrekin nahikoa ez? Eta kontatzen badizut Mercadonak makina bat kontrako epai duela emakume langileen kontrako abusuengatik? Eta Mercadona txapelduna omen dela langileen gaixotasun eta amatasun eskubideak oztopatzen? Eta Mercadonak jasan behar izan zuela Kataluniako grebarik luzeena langileei jazartzeagatik eta segurtasun arauak urratzeagatik?

Marra gorririk ez duzula? Bai, ba! Aurpegian baduzu bat. Krema on batekin joanen zaizu. Mercadonan saltzen dituzte, merkeak eta onak.

5.000

HERRI EKINALDI LEGEGILEA EZTABAIDATZEKO BEHAR DIREN SINADURAKNafarroako Ordezkaritza Kanabikoak 5.000 sinadura behar ditu kalamu elkarteak arautzeko herri ekinaldi legegilea Nafarroako Parlamentuan eztabaidatu ahal izateko. Hilabetean, 1.500 bat lort...

Suaren garrek erretako lursaila

Ia sei hektarea erre ziren iragan larunbatean Esprontzedatik ia kilometro eta erdira, Santsolera bidean dagoen lursail batean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, sutea 17:45ean sortu zen, eta Lizarrako bost suhiltzaile, Lodosako hiru eta Cordovil...

Nafarroako Autismoaren Elkarteak boluntarioak behar ditu udarako

IRUÑEA. Hilaren 24an hasiko da Nafarroako Autismoaren Elkarteak antolatzen duen Udako Eskolaren hirugarren aldia. Orotara, urtebete eta 16 urte artean dituzten hirurogei haurrek hartuko dute parte. Amaia Ariz elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, 40 edo 60 bat boluntario behar dituzte proiektua gauzatu ahal izateko. Udako eskola abuztuaren 30a bitarte izango da martxan.

675

iRUÑEAN DAUDEN APARKATZEKO TXARTEL BEREZIAK

Iruñeko Udalak 675 aparkatzeko txartel berezi banatu ditu. Txartel horiek hainbat kolektibo, kargudun publiko eta pertsona ezezagunen artean banatu ditu. Zortzi txartel mota daude orotara. Txartel orokorrak ematen du eskubide gehien, eta 314 daude; besteak beste, txartel horiek zinegotzi ordezkariek eta Elizako lau buruk dituzte.