Ana Lizoain: “Ez dugu eliteen ordezkapena nahi, haustura baizik”

Ana Lizoain: “Ez dugu eliteen ordezkapena nahi, haustura baizik”

"Joko arauetan sakoneko aldaketa" nahi du Aranzadik, eta asmo horrekin aurkeztu da bozetara. Ana Lizoain (Iuñea, 1968) da "hautagaien-zerrendako" alkategaia.

Zer berritasun dakar Aranzadik Iruñeko eszenatoki politikora?

Orain arte, inork ez du lortu instituzioetako eskumenak auzoei edo gizarte mugimenduei modu zabal, iraunkor eta eraginkorrean transferitzea, demokrazia zuzeneko eredu parte hartzaile eta gardena martxan jartzea, edo desobedientzia zibil instituzionalerako praktikak bultzatzea, adibidez, zilegia ez den zorra ez ordainduz. Gu saiatuko gara.

Ahal Dugu-k Iruñean babesten duen hautagaitza da Aranzadi. Zer puntutaraino zarete independente?

Erabat independente garela esatea gutxi esatea litzateke. Ezinezkoa da Ahal Dugu, Equo edo beste edozein alderdik Aranzadi baldintzatzea, ez baitago horretarako tresnarik. Ez gara sigla zopa bat, eta inor ezin da hemen beste ezeren ordezkari gisara egon, maila pertsonalean baizik. Bestetik, gure erabaki garrantzitsuenak galdeketan berretsi beharko dituzte herritarrek. Nahi duen orok parte ahal izango du bertan

Nortzuk osatzen duzue Aranzadi?

Hautagaitza anitza da gurea. Jende sinestuna, agnostikoa eta ateoa dago. Ideologia zaharrak aldarrikatzen dituzten pertsonak daude, eta baita emantzipaziorako diskurtso handiek epel uzten dituzten pertsonak.

Zerk batzen ditu horiek guztiak?

M15ko plazek 1978ko erregimena kolpatu zuten, fase eratzailearen mugarria ezarriz. Aro baten bukaeran gaudela egiaztatzeak urrun zegoen jendea hurbildu du. Gainera, gauza batek batzen gaitu: politikaren ohiko aktoreak ez dira gai berriki politizatu diren sektoreetaz arduratzeko.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Hemen tokiko oligarkek, eraikitzaile bilakatutako lur-jabe handi zaharrek agintzen dute. Gure lehentasunak jende arruntarenak izango dira. Gure aldetik, zerbitzuak udalari bueltatu, komunalizazio prozesuak abiatu eta demokrazia zuzenerako praktikak sustatzeko asmoa dugu. Haustura demokratikoarekin zer ikusirik ez duena ez da gure interesekoa.

Zer iritzi duzue euskarari dagokionez?

1987ko euskararen ordenantza egokitu eta betetzea bermatu behar dugu. Euskal hiztunen, erabat hiztun ez diren eta euskara ezagutu ez baina hurbildu nahi dutenen hizkuntza eskubideak bermatu behar dira. Euskara ondare kolektibo bereziki kaltebera da, eta zaindu nahi dugu.

Hauteskundeen ostean, zer egingo du Aranzadik aldaketa gauza dadin?

Joko arauetan sakoneko aldaketa nahi duten talde guztiekin akordioetara iristeko prest gaude. Ez dugu nahi eliteen ordezkapenean oinarritutako erreformarik, haustura bat baizik. Bakoitzak jakingo du noraino nahi duen eraman aldaketa politikoa. Badakigu gure proposamenetako batzuk ez direla gauzatzen errazak, baina ez gaude iraganeko prozesu historikoak errepikatzeko prest. Iruzurra litzateke hori.

Joseba Asiron: “EH Bildurik gabe, ez da aldaketarik izango”

Joseba Asiron: “EH Bildurik gabe, ez da aldaketarik izango”

Koalizioaren alkategaia izateko aukeratu dute EH Bildu osatzen duten alderdiek Joseba Asiron (Iruñea, 1962). Aldaketaren aldeko "gehiengo soziala" instituzioetara eraman nahi du.

Zeintzuk dira zuen lehentasunak?

Azken legealdia antzua izan da, eta zentzu horretan, orain dena dago egiteko. Yolanda Barcinak alde egin zuen, eta sekulako zorra utzi zuen udalean: urtero 10 milioi euro ordaindu behar izaten dira zorretan. Hori hala izanda, lehentasunak arlo guztietan daude. Adibidez, mugikortasunerako arazo handia dugu, kotxean pentsatutako hiria eraiki delako. Bestalde, uste dugu sanferminetarako beste eredu bat behar dugula, UPNk festak instituzionalizatu dituelako, eta sanferminak hasieratik izan dira herrikoiak eta espontaneoak. Sexu erasoen aurkako protokoloak ere hobetu behar dira. Tira, pila bat gai gaude. Baina lehentasuna, gobernura iristen garenean martxan jarriko dugun lehen neurria, pobreziaren aurkako eta enplegu duina eta etxebizitzaren aldeko ituna izango da, eragile sozialekin egina.

Udalaren egoera ekonomikoak, halere, ez du gehiegi lagunduko.

Ez, eta argi dago bideratuko ditugun proiektu guztiak imajinazio handiarekin eta baliabide gutxiekin egin beharko ditugula.

Nola ikusten duzu alkatetzara iristeko aukera?

Kalean aldaketarako grina sumatzen dugu, gehiengo sozial bat dago horren alde. Aldaketaren alde gauden indarren lana da gehiengo hori instituzioetara bideratzea. EH Bildu aldaketaren ezinbesteko parte izan behar da, izan ere, EH Bildurik gabe ez dago aldaketarik. Bestela, erregimena osatu duten alderdiekin paktatu beharko litzateke, eta arazoaren osagaiak ezin dira arazoaren konponbide izan.

Zein da EH Bilduren bereizgarria?

E H Bildu Iruñean aspalditik errotuta dagoen aukera bat da, eta proiektu sendoa defendatzen dugu. Ezkertiarrak gara, eta uste dugu udal gobernuak ezkerreko politikak bultzatu behar dituela. Gainera, erakutsi dugu gai garela ezberdinen artean lan egiteko, EH Bildu jatorri ezberdina duten pertsonez osatua baitago. Azkenik, gure marka inportanteena parte hartzea da. Ez da bakarrik hauteskunde kanpainetan errepikatzen den lelo bat, baizik eta praktikara eramaten dugun zerbait. Alde horretatik, aldaketaren boto segurua EH Bildu da.

Iritzia: Usainaren memoria

Jaiotzeko momentutik bertatik bortz zentzumen eskuratzen ditugu: ikusmena, usaimena, ukimena, entzumena eta dastamena. Bizitza eta mundua hautemateko ezinbertzeko tresnak. Ez beti, noski. Zoritxarrez, nahi baino kasu gehiagotan horietakoren bat ez dabil behar bezala, edo ez digu nahi adina gaitasun ematen errealitatea den moduan geureganatzeko. Edo, bertzerik gabe, zuk modu batean hauteman dezakezu aurrean daukazuna, eta nik bertze batean.

Urrutiago joan gabe, hor dago soineko famatu haren adibidea. Askok zuria eta urre kolorekoa ikusten zuten, eta bertze askok, berriz, beltza eta urdina. Edo niri gustatzen zaidan ardoa nire ondokoari agian ez zaio gustatuko. Edo zure belarriak rockarekin dantzan jartzen diren moduan, nireek mina senti dezakete. Mila aukera daude. Zenbat buru hainbat aburu! Ongi dio esamoldeak.

Gainera, askotan ahantzi egiten dugu uneren batean gure bizitzaren zati izan den hori. Izan ezagutu berri dugun pertsona baten aurpegia, izan atzo jan genuen bisiguaren zaporea, edota gure atzeko kamioiak jotako bozinaren hotsa. Baina atzo gauean ohartu nintzen badagoela hain erraz ahazten ez dugun zerbait. Usaina. Momentu batek, txoko batek, xaboi batek… duen usaina.

Momentuan ez gara ohartzen, edo, bizitzak hainbertze usain dituenez, zuzenean ez dugu horretan erreparorik jartzen. Ohitu egiten gara. Egia da usain batzuk nabarmenagoak direla. Adibide bat jartzearren, nork ez du pentsatu noizbait ondoko etxean bazkari goxoren bat prestatzen ari direla guk oraindik tripa huts- hutsa dugun momentuan? Usain hori barruraino sartzen zaigu, eta norbaitekin baldin bagaude, erran ere erraten dugu: "Kontxo! Hor patata tortilla prestatzen ari dira". Gauza bera lagunen batek zure ingurukoren baten xaboi bera erabiltzen duenean: "Garnier erabiltzen duzu? Nire arrebak ere usain hori du ilean".

Baina atzo gauean ahaztuta neukala uste nuen usain bat berreskuratu nuen. Lanetik etxera itzuli eta nire gelan sartu nintzenean, usain berri bat sentitu nuen; bueno, ez zen berria. Baina nire etxean bai. Antza, amak gelako girotzailea aldatu zuen, eta ohartu gabe sekulako oroitzapenak ekarri zizkidan gogora. Dirurik batere gastatu gabe izugarrizko bidaia egin nuen. Zazpi urte egin nituen atzera, eta itsaso oso bat zeharkatu. 2008ko udan hilabete oso bat Kanadako Hamilton hirian pasatu nuen, eta han gauero-gauero ohean sartzean lurrin bera usaintzen nuen. Azkenean ohitu egin nintzen arte. Ohitu eta ahaztu. Atzo gauera arte.

Polita izan zen sentsazioa. Nostalgia pixka bat ere izan nuen garai zaharrak gogoratzean, baina polita izan zen. Eta, egia esateko, txundituta gelditu nintzen usaimenaren indarrarekin. Harrigarria da erabat ahaztuta neukan zerbaitek edo, bueno, ia existitu zenik ere ez nekien usain batek nola mugiarazi zidan gorputz osoa berriz usaindu nuenean. Une batez neure burua ingelesarekin ezin moldatuz irudikatu nuen. Egun osoa burua nekatzen ibili ondotik, gelan sartu eta neure buruarekin nola hasten nintzen euskaraz hitz egiten, nolabaiteko ihesbide moduan. Han, auskalo zenbat kilometrotara, duela 2.500 egun, ia ezagutzen ez nuen familia batekin… Eta guztia nire amak gelako usaina berritzea erabaki zuelako. Luze idatz nezake nire amak oharkabean lortzen dituen emaitza harrigarrien inguruan, baina oraingoz eskerrak ematearekin konformatuko naiz; jaiotzean eman zenidan usaimenari esker hain sentsazio itzelak oparitzeagatik. Eta gainontzekook, disfrutatu udaberriaz, eta usaindu bizitza! Ederra da eta!

“Gerraren eta erruaren zauriak ixteko balio du egia azaleratzeak”

“Gerraren eta erruaren zauriak ixteko balio du egia azaleratzeak”

Jakin-min aseezina du Jose Mari Esparza editoreak (Tafalla, 1952), eta horrek hamaika ikerlan eta egitasmo abiatzera eraman du. Txalaparta argitaletxearen sortzailea izateaz gainera, Euskal Memoria fundazioko, Altaffaylla elkarteko eta Eraildakoen Senideen Elkarteko kide eta bultzatzaile ere bada. La sima. ¿Qué fue de la familia Sagardia? (Osina. Zer gertatu zen Sagardia familiarekin?) liburuan, gehien jorratu duen gaietako bati heldu dio berriz: 1936ko gerra eta memoria historikoa. Eta, bide batez, azalera ekarri du hainbat urtez memoria kolektiboaren sotoetan lurperatuta egon den gertakari lazgarri bat: Gaztelu herrixkako familia oso baten erailketa.

Nafarroako historiaren pasarterik ilunenetako bat ikertu duzu lan honetan...

Egiteko geneukan lan bat zen hau. 1986an, Altaffayllak Navarra 1936, de la esperanza al terror liburua [Nafarroa 1936, itxaropenetik terrorera] argitaratu zuenean, agirien artean azaldu zen Gaztelu herrixkako familia baten desagertzea, 1936. urtean. Zurrumurruen arabera, haurdun zegoen emakume bat eta haren sei seme-alaba osin batera bota zituzten. Oso gertakari iluna zen, eta ezaugarri propioak zituen: ez zirudien hilketaren motibazioa politikoa zenik; ia errepresiorik gabeko eremu batean gertatu zen, eta, gainera, ordura arte ikusitako guztia gainditzen zuen krimenaren krudelkeriak. Horregatik, liburu hartan tarte txikia eskaini genion. Baina ni jakin-minak jota gelditu nintzen. Inguruan galdezka hasi nintzen, norbaitek gertakariaren gaineko informazioa zabaltzen lagunduko zidan esperantzarekin, baina alferrik izan zen. Tabua zen herrian.

Zergatik?

Ikerketa prozesuan jakin ahal izan dugunez, Sagardia Goñi senar-emazteek zazpi seme-alaba zituzten, eta bidean zen zortzigarrena ere. Argi ez dauden arrazoiengatik, haien kontrako zurrumurruak eta esamesak zabaltzen hasi ziren Gaztelun. Lapurreta txikiak leporatu zizkieten: barazkiak, fruta, oilaskoren bat... Azkenean, 48 orduko epea eman zioten emazteari herritik alde egiteko. Egun horietan, senarra mendian zebilen lanean, eta herrira itzultzen saiatu zenean, atxilotu egin zuten, eta ziegan eduki zuten zortzi egunez. Bitartean, familiak mendira ihes egin behar izan zuen, eta han zirela, Legarreako 50 metroko osin batera bota zituzten: haurdun zegoen emakumea eta haren sei seme-alaba. Urte eta erdi zituen gazteenak. 18 urteko seme zaharrena soilik libratu zen.

Lapurretena izan zen motibazio bakarra?

Hori da misterioetako bat, baina baditugu zenbait zantzu. Lapurreta txikiez gain, bestelako akusazioak ere egin zizkieten. Batez ere, Juana Josefa Goñi emazteari: ederregia zela, seme-alaba guztiak ez zirela senarrarenak, ez zela mezara joaten, gizon askorekin ibiltzen zela... Guardia Zibilak eta herriko apaizak zeresan handia izan zuten zurrumurru horien zabalkundean. Primizia bat ere emanen dizut: liburuaren aurkezpenean, Juana Josefa Goñiren ondorengo bat ezagutzeko aukera izan nuen. Hark aitortu zidan bere birramona [Juana Josefaren ama] ez zela inoiz mezara joaten, euskaldunon jainkoak gurtzen zituelako. Sorgina zen. Horrek dimentsio berria eman dio ikerketari, lotura izan dezakeelako familia horren kontrako jazarpenarekin. Liburuaren bigarren edizioan aipatuko dut.

Zergatik azaleratu da auzia orain?

Duela urte gutxi, 167 sumarioaren txostena aurkitu nuen Iruñeko Epaitegiko artxibategian, Sagardia Goñi familiaren auziari erreferentzia egiten diona. Zur eta lur gelditu nintzen, oso arraroa baita 1936ko hilketa baten ondorioz sumarioa zabaldu izana. Garai hartan, herritarrak zientoka atxilotu, desagerrarazi eta erail zituzten guardia zibilek nahiz militarrek, eta ez zuten azalpenik ere ematen. Are gutxiago epaile baten aurrean. Desagertzen zirenak desagertuak ziren, eta kito.

Hori horrela izanda, zergatik zabaldu zuten sumarioa?

Bada, Gaztelu herriko biktimak Sagardia jeneralaren ahaideak zirelako. Altxamendu militarrean rol aktiboa izan zuen jeneral horrek, eta krimen odoltsu askoren erantzulea izan zen. Horregatik, auziak bederatzi urtez iraun zuen zabalik. Hiru aldiz itxi zuten, eta beste horrenbeste alditan zabaldu, Sagardia jeneralaren ahaleginengatik, batez ere. Erregimenak behin betiko itxiarazi zuen 1946an, oso gertakari lotsagarria zelako haientzat. Besteak beste, sumarioan azaltzen ziren akusatu guztiak herriko eskuindarrak ziren.

Herriko askok ere ez zuten auzia azaleratzea nahi...

Egia da hori, baina nik liburuan aipatzen ditudan datu gehienak publikoak ziren jada. Gainera, iazko abenduan, espeleologoek beste gorpuzki batzuk atera zituzten Legarreako osinetik. Hedabideen arreta erakarri zuen horrek, eta argi zegoen gaia azaleratuko zela handik edo hemendik. Bestalde, oso garrantzitsua deritzot 80 urtez zutik iraun duen isiltasun hesia botatzeari. Gazteluko bizilagun askok ez dute auzia aipatu ere egin nahi, garai hartako herritar gehienek zerikusia izan zutelako krimenarekin. Batzuek, parte hartu zutelako, eta beste asko, isilik geratu zirelako. Baina herriak garaia du zama hori gainetik kentzeko, eta egia azaleratzeak horretarako balio du: gerraren eta erruaren zauriak ixteko.

LAB nagusi Nafarroako administrazio publikoko hauteskunde sindikaletan

LAB nagusi Nafarroako administrazio publikoko hauteskunde sindikaletan

Arnaitz Lasarte / BERRIA Duela lau urte lortutako ordezkari kopurua areagotu dute sindikatu abertzaleek Nafarroako administrazio publikoko hauteskundeetan. Behin behineko datuen arabera, LAB litzateke lehen indarra, eta ELA bigarrena. Atzetik geratuko lirateke CCOO, Afapna eta UGT. Foruzaingoko eta Osasun Publikoko Institutuko bozak atzeratu egin dira arazo teknikoengatik. Hortaz, ez dira behin betiko emaitzak. LABek emandako behin-behineko datuen arabera, 55 ordezkaritik...

Aldaketaren sudokua

Aldaketaren sudokua

Orain ala inoiz ez. Aldaketa politikoa lortu nahi dutenen artean, ideia hori zabaldu da azkenaldian. Ziklo baten amaierarekin identifikatu izan dira legealdi honetan azaleratu diren eskandaluak —CANen desagertzea, Osasuna auzia, agintarien dieta opakuak, Volkswagenen BEZa, Navarra Arenaren gisako azpiegitura antzuetan diru publikoak xahutu izana, Simon Santamariaren kontrako salaketak...—. Arrakala sakonak, gainbeheran den erregimen zaharraren azalean. Baina gauza bat da egungo botere politiko eta ekonomikoaren higadura identifikatzea, eta oso bestelako bat alternatiba sendo eta iraunkorra osatzea. Diagnostikoa argia da. Tratamendua, ez hainbeste.

Nafarroako Legebiltzarrean ordezkaritza lortzeko aukera errealak dituzten zortzi alderdiak bi multzotan banatuak daude: aldaketaren aldekoak eta statu quo-a mantendu nahi dutenak. Orain arte argitaratu diren inkesta gehienen arabera, gainera, bi blokeek antzeko babesa jasoko lukete maiatzaren 24ko bozetan; beraz, diputatu bakar batek mugiarazi lezake balantza alde batera zein bestera.

Indar parekotasun horrek inoiz baino errealago bihurtu du hainbat urtez ezinezkoa zirudien aldaketaren aukera (baita PSN bazterrean utzita ere), baina, aldi berean, ez dago argi aritmetika hutsak aukera hori ahalbidetuko duen. Ziurrenik, 26 legebiltzarkidek ziurtatzen duten gehiengo osotik urrun, oso urrun, ibiliko dira alderdi guztiak, eta naturalak diruditen balizko koalizioek ere (UPN-PP, UPN-PSN, EH Bildu-Geroa Bai...) ez dute nahikoa indarrik izanen gobernatzeko, beste zenbait alderdirekin unean uneko akordioak sinatu ezean. Sudokua osatzera kondenatuak daude indar politiko guztiak.

Inkestak, nahieran

Iazko martxotik hona, dozena bat inkesta argitaratu dira Nafarroan, baina egoera argitu beharrean, areagotu egin dute ziurgabetasun sentsazioa. Izan ere, ikerketa ordaindu duen erakundearen interesen arabera kozinatuak izan dira gehienak. Horrez gainera, Podemos Ahal Dugu edo Ciudadanos-en gisako alderdi berriek lurrikara eragin dute esparru politiko osoan, eta inkestetan distortsiorako faktore bihurtu dira.

Inpactos ikerketa etxeak argitaratu zuen lehen hauteskunde inkesta, 2014ko martxoan, eta orduko datuak zaharkituak gelditu diren arren (ez zituen kontuan izan Ahal Dugu eta Ciudadanos, adibidez), geroztik azaleratu diren ikerketa guztietan antzeman daitezkeen joerak ere ikus zitezkeen txosten horretan. Hala, UPNk jaitsiera bortitza pairatuko duela (hemeretzitik hamahirura) eta aldaketaren aldeko indarrek, berriz, egoera iraultzeko adina babes izan dezaketela nabarmentzen zen.

Iazko azaroan, berriz, Navarrometro polemikoa argitaratu zen. Podemos-en hazkunde betean kaleratu zuten txostena, eta Laura Perezen alderdiak hemezortzi jarleku lortuko zituela ondorioztatzen zen bertan. Lehen indarra, alde handiz. Hala ere, inkestaren sinesgarritasuna zalantzan jarri dute hainbat analista politikok, arazo tekniko ugari dituela argudiatuta. Ziurrenik, Podemos-k emaitza onak lortuko ditu Nafarroan, baina hemezortzi horietatik urrun geldituko da.

Ordutik argitaratu diren inkesta gehienetan, joera bertsuak igarri litezke; azalekoak batzuk, lerro artean irakurri beharrekoak, beste asko. Guztietan argiena: erregimenaren parte izan diren indarren gainbehera. Gaur egun, inork gutxik ukatzen du UPNk zaplaztekoa jasoko duela maiatzaren 24an. Ikerketa nahiz galdetegi gehienek diotenez, Javier Esparzaren alderdiak ez du hamabi-hamahiru parlamentarien langa gaindituko. Uzta eskasa, 2003an 23 eserleku lortu zituen indar hegemoniko harentzat.

Hainbat urtez UPNren makulu izan den PSNk ere beheranzko joerari eutsiko diola uste dute soziologo eta politologo gehienek. 2011koak bere historiako emaitzarik txarrenak izan ziren, baina lan handia izanen dute sozialistek, gaur egun dituzten bederatzi parlamentariei eusteko ere. Analistak, ordea, ez dira ados jartzen PSNk jasoko duen erorikoaren inguruan. Inkesta batzuen arabera, kolpe latza izanen da: bost eserleku lortuko lituzke alderdi sozialistak CIES etxearen eta Onda Cero irratiaren ikerketek diotenez. Beste batzuen irudiko, ordea, beherakada ez da hain nabaria, batez ere, UPNk Nafarroan eta PPk Espainian nozitutako higaduraren ondorioz.

Balantzaren beste aldean leudeke aldaketaren aldeko indarrak. Zantzu guztien arabera, lehia estua izanen da EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Geroa Bairen artean, bigarren indar politikoa izateko. Ezkerra koalizioak, berriz, bat eta lau eserleku arteko babesa jasoko luke, Ahal Dugu-ren agerraldiak kaltetuta. Parlamentutik at geratzeko aukera ere badu Jose Miguel Nuinen alderdiak, CIESek apirilean egindako inkestaren arabera.

Espainiako Estatistika Institutuak argitaratutako CIS inkesta izan da argia ikusten azkena. Horretan, pisu handiagoa eman diete Ahal Dugu-ri (11) eta Ciudadanos-i (lau-bost), UPNren, EH Bilduren eta Geroa Bairen kaltetan. Ondorioz, bi blokeek —UPN, PP, Ciudadanos eta PSN alde batean, eta EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra bestean— berdinketa lortuko lukete Parlamentuan, 25na eserlekurekin, eta horrek ia ezinezko bihurtuko luke gobernagarritasuna.

Adituen arabera, abstentziora jotzeko joera duten sektoreak mobilizatzeko helburua izan dezake halako inkesta batek, egoera kaotiko bat aurkeztuta. Aldi berean, Ahal Dugu-ren aurreikuspenak puzteak kontrako efektua eragin dezake: ezkerreko boto-emaileak gehiegi lasaitzea eta demobilizatzea, helburuak aise lortuko direla sinetsaraziz. Zer gerta ere, argi dago alderdiek negoziatu egin beharko dutela maiatzaren 24tik aurrera, eta beraz, hauteskundeon itzala luzea izanen dela.

Gobernu itunak

Hauteskundeen ondorengo gobernu itunena izan da hauteskunde kanpainaren leit motiv nagusienetakoa. UPNko hautagai Javier Esparzak deia egin zien gainontzeko alderdiei, bozen osteko negoziazioak eta balizko akordioak "argi eta garbi" azaltzeko.

Indar politikoetako batzuek zurian beltz adierazi dute zein izanen liratekeen euren bidelagun kutunak. UPNko hautagaiak berak kartak ahoz gora paratu zituen lehen egunetik: ituna sinatu nahi du indar espainiarzaleekin, eta zehazki, PSNri luzatu dio negoziatzeko gonbita, Miguel Sanzen gaztatxoaren teoria berritzeko ahaleginetan.

EH Bilduk eta Ahal Dugu-k ere beren marra gorriak zeintzuk diren adierazi dute jada: ez dute itunik sinatuko erregimenaren parte izan diren alderdiekin; hau da, UPNrekin, PPrekin eta PSNrekin. Geroa Baik eta Ezkerrak, ordea, ez dute PSNrekin gobernu ituna sinatzeko aukera baztertzen.

Sozialistek, azkenik, esana dute ez direla EH Bildurekin negoziazio mahaian eseriko, eta Maria Txibitek gaineratu duenez, independentistei ez diete "gobernurako bidea erraztuko".

Panorama konplexu horretan, EH Bildu, Ahal Dugu, Geroa Bai eta Ezkerra alderdien arteko koalizio bat izanen litzateke, aldaketaren aldeko aukeren artean, agintea lortzeko adina babes izanen lukeen bakarra. Lau indarren arteko koalizio bat gobernatzeak, ordea, negoziazio lan itzela eta metodikoa eskatuko die parte hartzaile guztiei. Beste formula guztiak (UPN-PSN-PP edo Geroa Bai-Ahal Dugu-Ezkerra balizko koalizioak, adibidez), gutxiengoan gobernatu beharko lukete. Aukera horren alde azaldu da, besteak beste, Uxue Barkos.

Hamaika hasi da Iruñerrian LTD bidez emititzen, 38. kanalean

Hamaika hasi da Iruñerrian LTD bidez emititzen, 38. kanalean

Urtzi Urkizu / BERRIA “Poz handiarekin” hartu du Iñaki Uria Hamaika telebistako zuzendariak Iruñerrian lurreko telebista digitalean emititzen hasi izana. Nafarroakoa zen Hegoaldeko hiriburuetatik falta zena, eta jadanik lau hiriburuetan ikus daiteke euskarazko katea. 2013an LTDko lehiaketan Iruñerrirako lizentzietako bat lortu zuen Hamaikak. Nafarroako erkidego osorako, ordea, ez du baimenik —ez zen lehiaketara aurkeztu—. Hasieran, Donostiako emisioa ikusi ahalko da...

Aukera galduen historia

Aukera galduen historia

Frankismoaren osteko lehen udal hauteskundeek ezustekoa ekarri zuten Iruñera. 1979ko apirilaren 3an, UCD indar garailetik 804 botora geratu zen Herri Batasuna. Emaitzek alkatetzarako atea ireki zioten ezker abertzaleari. Horra iristeko, ordea, PSNren botoak behar zituen Patxi Zabaleta HBko alkategaiak. Bi indarrek negoziazioak abiatu zituzten, alferrik. PSN prest agertu zen alkatetza HBren eskuetan uzteko, koalizio abertzaleak Nafarroako Parlamentuko presidentetza eta Altsasuko Udala sozialisten esku uztearen truke. Azkenean, HBk ez zuen onartu eskaintza, eta Julian Balduz PSNko hautagaia babestu zuen Iruñeko alkate izateko.

Gaur, ezinezkoa da HBk Iruñeko alkatetza hartzeak zer ekarriko zuen jakitea, baina, akaso, ezberdinak izango ziren hurrengo belaunaldietako indar korrelazioak. Kontuak kontu, PSNk hartu zuen boterea udalean. Eta geroztik, han bezala Nafarroako Gobernuan ere, alderdi horrek eta UPNk kudeatu dute boterea, ia salbuespenik gabe. Egun, maiatzaren 24ko hauteskundeek ekar dezaketen aldaketaz mintzo da kalea. Eta, hainbatek dioenez, inoiz baino agerikoa da "erregimenaren" aurkako gobernua osatzeko aukera. Aldaketa eskura egon daiteke, baina gobernu alternatiboa osatzeak zailtasunez betetako bidea ekarriko du. Aurretik ere ezerezean geratu da aldaketarako hainbat aukera.

1996, HIRUKO ESPERIMENTUA

1995eko maiatzeko hauteskundeek UPNren lidergoa berretsi zuten. Alderdi erregionalistak Nafarroako Gobernua hartua zuen lau urte lehenago, Juan Cruz Alliren eskutik, eta hauteskunde berrietan emaitza onak errepikatu zituen. Sendotasun horri aurre egiteko, formula berria estreinatu zen: Javier Otano sozialista presidente zuen hiruko gobernua osatu zuten PSNk, CDNk —UPNtik banatu eta Alli zuen buru— eta EAk. Urtebete baino ez zuen iraun esperimentuak: 1996ko ekainean Otanok Suitzan zituen kontu korronteen inguruko informazioa argitaratu zuen Diario de Navarra-k. Albisteak soka luzea ekarri zuen, Nafarroako historia garaikideko ustelkeria kasurik handienetakoa —Urralburu kasuarekin batera— argitara ateraz. Egoera ikusirik, Otanok dimisioa eman zuen.

Informazioa kaleratu baino astebete lehenago, Nafarroaren eta EAEren arteko lankidetza organorako egitasmoa onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. Hainbatek horrekin lotuta ikusi du Suitzako kontuen informazioa argitaratu izana, nafar eskuinak ustelkeria kasua nahita kaleratu izan balu bezala, lankidetza organoaren proiektua hondoratzeko. Patxi Zabaleta orduko HBko parlamentariarentzat, ordea, horrek "ez zuen zerikusirik izan"; batez ere, balizko organo horrek "ez zuelako inolako ahalmenik", eta, hortaz, ez omen zelako eskuinarentzako mehatxua. Hiruko gobernua deseginda, UPNk berreskuratu zuen boterea, eta Miguel Sanz jarri zuen presidente.

2007KO ABUZTU ZOROA

UPNren hamar urteko agintaldiaren ostean, 2007ko hauteskundeek aldaketarako aukerak ireki zituzten erabat. Nafarroa Bai koalizioak ezker abertzalea ez bestelako indar abertzaleak eta Batzarre bildu zituen, legez kanporatzearen garai bete-betean, eta emaitza onak bildu zituen bozketan: 12 parlamentari. Horrek mahai gainean jarri zuen PSN eta Ezker Batuarekin batera gobernua osatzeko aukera.

Balizko gobernua osatzeko negoziazioak abiarazi zituzten indar horietako ordezkariek. Fernando Puras PSNko presidentegai eta Carlos Txibite alderdiko idazkari nagusiak akordioa lortu zuten NaBai eta Ezker Batuarekin. Baina gobernu berria benetako aukera zenean, Ferrazek bidea moztu zuen. PSNko arduradunek Madrilen erabakia irentsi zuten, Sanzi gobernu berri baterako bidea irekiz. Eta nafar gizartearen aurrean egindako promesak —PSNk erabakitzen zuela Nafarroan— ezerezean geratu ziren.

Denborarekin, argituz joan da orduko negoziazioetan gertatutakoa. PSN, NaBai eta EB gobernu berrirako ados jartzen ahalegintzen ari zirela, Miguel Sanz eta Jose Blanco PSOEko antolamendu idazkaria batu ziren Madrilen, eta akordioa erdietsi: UPN eta PPren arteko akordioa haustearen truke gobernuan jarraitzeko baimena emango ziola agindu zion Blancok Sanzi. Purasek, iaz BERRIAri eskainitako elkarrizketan aitortu zuenez, "komunikabideen bitartez" izan zuen bilera haren berri. Sanzekin egindako tratuaren ondorioz, Blancok ezezko borobilarekin jaso zituen Puras eta Txibite, Ferrazera gobernu alternatiborako akordioa aurkeztera joan zirenean. "Etsipena eta erantzukizuna" sentitu zuen orduan Purasek, eta handik egun gutxitara dimititu zuen.

NaBaiko presidentegai gisa, Patxi Zabaletak parte hartu zuen gobernua osatzeko negoziazioetan. Haren ustetan, "zintzoa" izan zen Puras eta Txibiteren jokaera. Zerbait leporatzekotan, "ausardia falta" leporatuko lioke Zabaletak Purasi, behin dimisioa emanda ere ez zelako ausartu Ferrazen inposizioa salatzen. Orduko hartan, dioenez, "Ferrazen borroka izan zen", eta Purasek eta Txibitek "beren papera jokatu zuten, baina galdu zuten".

Azkenean gauzatu ez bazen ere, balizko gobernu berrirako aukerak urduritasuna sortu zuen ordura arte boterea kudeatu zuten sektoreen artean. "Erregimena erotuta" ibili zela dio Zabaletak, eta, besteak beste, gogoan du Enrique Goñi CANeko zuzendaria haiekin bildu zela, haren etorkizunaz arduratua. Aldaketarako aukera horretan geratu zen, aukera hutsean, baina, Zabaletaren ustez, ordukoak "izugarrizko aurrerakada" eman zion abertzaletasunari, "giltzarri izan ondotik alternatiba" bihurtu zelako.

"NAFARROAN, PSOE NI NAIZ"

PSN aldaketaren aldeko aldarriarekin aurkeztu zen 2011ko hauteskundeetara, Roberto Jimenez buru zuela. Kanpainan, UPNrekin akordioak egitearen aurka sendo mintzatu zen Jimenez. Baina, hauteskundeen ostean, gobernuan sartzeko gonbita egin zion Barcinak PSNri, eta eskaintza onartu zuen hark. Barcinak, ordea, nahi izan duen modura kudeatu du gobernua azken lau urteetan. Legealdia hasi eta urtebetera, gobernu akordioa hautsi eta bertatik kanporatu zituen PSNko kideak. Jimenez oposiziora pasatu zen, eta UPNren aurkako diskurtsoa berreskuratu zuen. Ordurako kalean zen gizarte mobilizazioarekin bat egin nahian, Barcina gobernutik kentzeko mehatxua egin zuen.

Hitz horiek praktikara eramateko aukera izan zuen 2014 hasieran. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendariak gobernuaren faborezko tratuak salatu zituen, eta lurrikara politikoa eragin. PSNk Barcina boteretik kentzeko mugimenduak iragarri zituen. Jimenez sendo mintzatu zen erabakiaren inguruan, eta argi utzi nahi izan zuen bere zilegitasuna: "Nafarroan, PSOE ni naiz". Ferrazek, ordea, zentsura mozioa jartzeko debekua ezarri zion PSNri, eta hitzak irentsi behar izan zituen Jimenezek. EH Bilduk, orduan, Barcinaren kontrako zentsura mozioa aurkeztu zuen, baina sozialistek ez zuten babestu.

Hala pasatu zen, beste behin alferrik, aldaketarako azken aukera. Eta gorabeherak direla medio, legealdiari eustea lortu du Barcinaren gobernuak. Hauteskunde berriek, ordea, UPNren nagusitasunaren amaiera ekar dezakete. Horretarako ados jarri beharko dute aldaketaren aldeko indarrek. EH Bilduk honezkero iragarri du PSNrekin ez duela kontatzen, baina Geroa Baik eta Podemosek ez dituzte erabat argi utzi marra gorriak. Aldaketa matematika kontua izango da, baina baita borondate kontua ere.