“DNE kanporatu dugu, baina gauza bera gerta dakioke beste herri bati”

“DNE kanporatu dugu, baina gauza bera gerta dakioke beste herri bati”

Urduri dago Iñigo Arregi (Garinoain, 1971). Alkategai izendatu berri dute, Garinoaingo hautagaitza herritarraren barruan, eta bozak irabaziko dituela ongi dakien arren —seguru asko, beste alderdirik ez baita aurkeztuko—, fokuen azpian egoteak ez dio zirrara berezirik eragiten. "Argazkia ere eginen didazue?", esan, eta hasperen bat itzurtzen utzi du, irribarrez. "Tira, ohitu beharko dut".

Zergatik erabaki zenuen zerrendan izena ematea?

Iaz hasi ginen hauteskunde zerrenda bateratu bat osatzeko planak egiten, baina inork ez zuen alkate izan nahi. Herri txiki batean, kargu publikoa izatea ez da pagotxa, buruhaustea baizik. Azkenean, zerrenda irekiak egitea otu zitzaigun, eta herriaren alde lan egiteko prest geundenok izena eman genuen. Nire izena izan zen gehien bozkatua, eta, beraz, ni izendatu ninduten zerrendaburu.

Nolakoak izan dira azken lau urteak?

Oso gogorrak. Garinoainez fitsik ere ez zekien jendeak eskuratu zuen udala 2011n, eta espero genuen huraxe egin dute legealdi osoan: polemikak eta arazoak sortu dituzte publizitatea lortzeko, eta kolpe zorrik ere ez dute jo.

Baina herritarrek buelta eman diozue egoerari...

Bai, hori izan da honek guztiak izan duen alde positibo bakarra, elkarlan horri esker kalteak ez baitira larriagoak izan. Herritarrok gure gain hartu ditugu udalak egin beharreko lan asko: futbol zelaia mantentzea, kaleak garbitzea, bideetako sasiak moztea, jaiak antolatzea... Horri esker ikusi dugu administrazioa bigarren planoan gera daitekeela, inportanteena beherago baitago: jendea da udalerri bat mugiarazten duena.

Aginte ofizialetik kanpo, udal alternatiboa osatu duzue, beraz?

Hori, agian, gehiegitxo esatea da. Legez, udalak baditu betebehar batzuk, ordezkaritza funtzio batzuk, eta horiek ezin ditu beste inork bete; baina eguneroko zeregin txikiei dagokienez, herritarren arteko auzolanak aise ordezka dezake administrazioaren egitekoa.

Zeintzuk izan dira, zure ustez, kasurik larrienak?

Abiadura handiko trenaren proiektuak, adibidez, bitan zatitzen du Garinoain, eta zirriborroa udalaren eskuetara heldu zenean, DNEko zinegotziek ez zuten karpeta ireki ere egin. Begiratu gabe sinatzen dute dena, hiru hilabetean behin bakarrik etortzen direlako herrira. Bestalde, udaletxeak egiturazko arazo larriak zituen, baina konponketa lanak ez zituzten baimendu, beranduegi izan zen arte. Azkenean, hustu egin behar izan zen eraikina. Han zegoen musika eskola ere, eta auzokideok arduratu ginen beste egoitza bat atontzeaz, zerbitzua eten ez zedin. Gaurdaino, alkateak ez du gaiaz galdetu ere egin.

Horri guztiari kalte ekonomikoa ere gehitu behar zaio.

Gure kalkuluen arabera, Garinoaingo familia bakoitzari 600 euroren galera eragin dio udal gobernu talde honek. Hainbat salaketa aurkeztu ditugu Nafarroako Administrazio Auzitegian udalaren kontra, eta epaiketak irabazi arren, herritarrok pagatu behar izan ditugu, alkateak ez baititu prozesuak bere poltsikotik ordaindu, udalaren diruarekin baizik. 27.000 euro galdu dira, sententzietan bakarrik. Eta horiek ez dira udalaren kontuetan ageri.

Jazarpen baten biktima dela dio alkateak. Egia al da hori?

Ez. Aitzitik, bera eta bere alderdikideak dira herritarrei jazartzen zaizkienak. Bizilagunak joaten gatzaizkionean, egiten duen lehen gauza Guardia Zibilari deitzea da. Eta gero, gainera, salaketa jartzen dizu, ustez, istiluak sortzeagatik. Indarkeriaz jokatzen dugula dio, baina udaletxeko idazkariek eta gainontzeko langileek ziurta dezakete hori gezurra dela, eta bera dela giroa narrasten duena.

Amaitu da amesgaiztoa?

Kostata, baina lortu dugu DNE kanporatzea. Hala ere, legeak eta instituzioek ez dute bermatzen halakoak errepikatuko ez direnik. Maiatzean gauza bera gerta dakioke beste herri bati.

Hainbat auzotara zabalduko dute edukiontzi marroia

IRUÑEA. Iruñerriko Mankomunitateak abian jarri du bosgarren edukiontzia ezartzeko 3. fasea. Maiatzean, Buztintxurira, Sanduzelaira, Arrotxapeara, Arantzadira, Artikara eta Berrobeitira zabalduko dute zerbitzua; ekainean, berriz, Txantreara, Magdalenara eta Antsoainera. 1.511 edukiontzi jarriko dituzte.

“Anaitasuna txiki geldituko zaigu 25ean”

“Anaitasuna txiki geldituko zaigu 25ean”

Bi aste falta dira oraindik, baina Maite Inda (Iruñea, 1981) hasia da ekitaldi handien aurreko urduritasuna nabaritzen. Galtzak bete lan dabil Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkaria, azken xehetasunak prestatzen. Zer ikusiko da hilaren 25ean Anaitasunan? Euskararen aldeko ikuskizun berezia izanen da. Ezohikoa eta berritzailea. Ez da ekitaldi politiko bat izanen, ezta manifestazio bat ere. Eneko Olasagasti zinema zuzendariarekin lan egin...

“Giharra erakutsiko dugu 25ean”

“Giharra erakutsiko dugu 25ean”

Bi aste falta dira oraindik, baina Maite Inda (Iruñea, 1981) hasia da ekitaldi handien aurreko urduritasuna nabaritzen. Galtzak bete lan dabil Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkaria, azken xehetasunak prestatzen.

Zer ikusiko da hilaren 25ean Anaitasunan?

Euskararen aldeko ikuskizun berezia izanen da. Ezohikoa eta berritzailea. Ez da ekitaldi politiko bat izanen, ezta manifestazio bat ere. Eneko Olasagasti zinema zuzendariarekin lan egin dugu, ekitaldi metaforiko eta emozionala sortzeko, eta ohiko parametroetatik ateratzea izan da erronka nagusia. Foku anitzeko ikuskizuna izanen da, eta argi islatuko du gu garena: ez gara alderdi politiko bat, ezta lider bat ere... Herritarrak gara, jendea, eta, hortaz, harmailetan egonen da ikuskizunaren arretagune nagusia. Oro har, zirraraz beteriko ordubete pasatxo izanen da.

Zergatik ikuskizun bat eta ez manifestazio bat?

Nafarroan euskarak pairatzen duen egoera dela eta, ekinbide berezi bat antolatzeko garaia zela pentsatu genuen Kontseiluko hainbat kidek. Baina ekitaldiaren jatorria 2009. urtean dago. Urte hartan, Kontseiluko sei bazkide hasi ziren biltzen —Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen, AEK, IKA, Euskal Herrian Euskaraz eta Topagunea—, Nafarroako Gobernuaren azken erasoei aurre egiteko. Izan ere, krisiaren aitzakia baliatu zuen UPNk, torlojuari beste buelta bat emateko: euskarazko hedabideentzako diru laguntzak zerora murriztu zituen, helduen euskalduntze eta alfabetatzerako diru saila ere izugarri txikitu zuen... Horrek itolarri sentsazioa areagotu zuen gure bazkideen artean, eta hausnarketa prozesua abiatu zuten, erantzun bateratua emateko.

Nolakoa izan zen prozesu hori?

Lehendabiziko fasean, egoeraren irakurketa bateratua egin genuen, eta diagnostikoa oso argia zen: Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikak aldatzeko, behar-beharrezkoa da indar metaketa. Hausnarketa horren lehen fruitua 2010eko manifestazio itzela izan zen. Euskaraz bizi nahi dut leloa plazaratu genuen manifestazio horren karira, eta arrakasta izugarria erdietsi zuen. Ordutik, bide propioa egin du leloak Euskal Herri osoan. Hala ere, manifestazioak utzi zigun ondorio argienetako bat izan zen protestaren esparrua gainditu behar genuela; kalea hartzea beharrezkoa dela, baina eragileen arteko elkarlanak harago joan behar duela. Hor kokatzen da Anaitasuna kiroldegian eginen dugun ekitaldia, besteak beste.

2010ean manifestazio erraldoia egin zenutenetik bost urte igaro dira. Egoera aldatu al da?

Urte hartan kalera ateratzeko genituen arrazoiak ez dira desagertu; aitzitik, areagotu egin dira. Horregatik, beharrezkotzat jo genuen Nafarroako herritar euskaldunontzat ekitaldi sinboliko bat antolatzea, indarrak batu eta jarrerak trinkotzeko. Hainbestekoa da gure egunerokoan ematen diguten egurra, jendea apalduta dago. Etsituta. Baina, egoera iraultzeko, ezinbestekoa izanen da jendearen indarra. Horregatik, Anaitasunako ekitaldiak une emozional kolektiboa behar du izan, 1998an Sadarren sentitu genuenaren gisakoa, ondorengo egunetan ere jarrera indibidualak sendotzeko.

Hauteskundeen bezperan gaude. Hori ere kontuan izanen zenuten...

Ekitaldia antolatzeko garaian, ezin genuen faktore hori saihestu. Bi funtzio horiek uztartuko ditu: alde batetik, euskaldunon komunitatearen trinkotzea, eta, bestalde, aldaketa politikoa aldarrikatzea hizkuntzaren ikuspegitik. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskararen alde egin duena hain gutxi izanda, gobernu berri batek tentazioa eduki dezake makillaje apur batekin aldaketa irudikatzeko. Eta hori ez da guk nahi duguna edo euskarak behar duena.

Mezu zuzena indar politikoei.

Bai. Nafarroan aldaketa gauzatzeko giltzarriak zeintzuk diren adostu dugu, eta horiek Anaitasunan ere ikusi ahalko dira. Interpelazio zuzena eginen zaie alderdiei: urgentziazko neurri batzuk aurkeztuko dizkiegu, lau urteko legealdi batean gara daitezkeenak, euskararen aldeko lana galbidean gera ez dadin. Erroko aldaketak nahi ditugu hizkuntza politiketan, eta gure proposamena, euskalgintza osatzen dugun eragileon proposamena, argi eta garbi jarriko dugu mahaiaren gainean, inork aitzakiarik eduki ez dezan euskararen aldeko neurriak geroratzeko.

Oposizioko alderdiekin hitz egin duzue jada?

Oraindik ez, baina hurrengo astean abiatzekoak gara bilera erronda, eta orduan eskura emanen diegu gure proposamena. Apirilaren 25eko ekitaldiaren ostean, gainera, neurri horiek argitara aterako ditugu, eta edonork irakurri ahal izanen ditu.

Zer edo zer aurreratzerik bai?

Hizkuntzaren normalizazioa zedarritzen duten lau zutabeak dira gure proposamenaren oinarria ere. Lehen puntua plangintzari dagokiona da: hizkuntza politika orok planifikatua izan beharko luke beti, baina, Nafarroan, administrazioak ez du inoiz plangintzarik egin; hortaz, planifikazioaren atea irekitzea aldaketa historikoa izanen litzateke. Bigarren oinarria baliabideena da: orain artekoak ez dira aski izan, eta horiek handitzea eskatzen dugu. Hirugarren puntuan, esparru juridikoaz hitz egiten dugu: hizkuntza bat normaldu nahi duen administrazio batek corpus juridikoa eraiki behar du horretarako, baina egun indarrean den Euskararen Legeak ez dio normalizazio nahi bati erantzuten. Azkenik, laugarren zutabea herri gogoarena da: Nafarroako Gobernuak ez ditu inoiz jendearen eta euskararen arteko loturak indartu, ez du atxikimendu hori sustatu. Zutabe horietan guztietan aldaketak ematen badira, jauzi kualitatibo nabarmena emanen dugu euskararen normalizazioan.

Memoria kolektiboan iltzaturik gelditu diren ekintza esanguratsu asko antolatu ditu Kontseiluak. Bai euskarari ekitaldia 1998an, Euskaraz bizi nahi dut manifestazio jendetsua 2010. urtean... Mailari eutsi beharrak urduri jartzen al zaitu?

Halako ekintza erraldoiak planteatze soilak bertigoa ematen du, bai, baina hori ona da! Nafarroan, gainera, oso modu indartsuan nabaritzen da hori guztia. Jendeak euskararekiko dituen atxikimendua eta grina oso inportanteak dira, eta, beraz, benetan sentitzen duzu egiten ari zaren hori ez dela erakunde batzuen lanaren ondorio hutsa, baizik eta jendearen bultzadaren fruitua. Ziur nago hilaren 25eko ekitaldia ere gisa horretakoa izanen dela, ilusioa pizteko modukoa, eta Anaitasuna txiki geldituko zaigula. Giharra aterako dugu euskaldunok.

Euskararen Legearen erreforma onartu zenetik bi hilabetera eginen duzue ekitaldia. Alde horretatik ere, une esanguratsua...

Oso esanguratsua. Guk poz handiz hartu genuen legearen aldaketa partziala, batez ere, orain arteko egoera etsipenez bizi izan duten gurasoengatik. Izan ere, guraso askok uko egin behar izan diote euren txikiak euskarazko ereduetan matrikulatzeari, eta hautu hori ez dute borondatez egin, egoerak behartuta baizik. Hortaz, euskararen legearen aldaketa ona izan da, pertsona horiei arindu eginen zaielako eguneroko bizimodua. Hori guztia esanda, erreforma ez da nahikoa. Euskararen Legea ez da funtsean aldatu, nafarron eskubideak bizilekuaren arabera aitortzen direlako. Nafarroako Gobernuarentzat, ez da gauza bera leitzarra edo tuterarra izatea, eta hori ez da bidezkoa. Ezinbestekoak dira erroko aldaketak, eta Anaitasunan aurkeztuko dugun proposamena bide horretatik doa.

D eredua ezartzeko lehen eskaerak egin dituzte Villatuertan eta Abartzuzan, baina Nafarroako Gobernuak uko egin dio lerro berriak zabaltzeari. Lehengo lepotik burua?

Bistakoa da UPNk ez duela bere hizkuntza politikan atzera egiteko inolako asmorik, legearen erreforma hau ez baita haiek proposatutakoa izan. Herritarrek urtetan egindako lan eskergaren ondorioa izan da, ez agintarien borondatez sortutako araua. Hortaz, borondaterik ez duen gobernu batek nekez aplikatuko ditu arrotz zaion lege batek ezartzen dizkion neurriak. Nabarmentzekoa da, hala ere, orain arteko legeak ere ez zuela euskararen irakaskuntza publikoa debekatzen. Ez zuen D eredua eremu ez-euskaldunean ezartzera behartzen, baina debekatu ere ez zuen egiten. Hor hutsune legal bat zuen UPNk euskarazko irakaskuntza ezartzeko, baina ez zuen baliatu. Borondate kontua izan da beti. Horrexegatik proposatzen dugu corpus juridiko sendo bat, eskubideen gauzatzea unean uneko interes politikoen menpe egon ez dadin.

Erabaki politikoez gaindi, elebidunen erabilera mailak ere baldintzatzen du hizkuntzaren egoera. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, eremu ez-euskaldunean bai, baina mendialdean behera egin du erabilerak. Zer deritzozu?

Irakurketa hori okerra dela. Mapa soziolinguistikoaren emaitzek argi gehiago zituzten itzalak baino, baina elementu txarrei erreparatzeko ohitura dugu. Urte hauetan guztietan jarri dizkiguten zangotraba guztiak aintzat hartuta, Iruñerrian eta eremu ez-euskaldunean euskarak gora egin izanari aurrerapauso galanta deritzot. Datuek argi erakusten dute hemen dugun potentziala: herritarren borondateari esker hamaika proiektu gauzatu ahal izan dira, jendeak bere etxea hipotekatu du ikastola bat eraikitzeko, bere poltsikotik ordaindu ditu euskararen aldeko proiektuak... Bestalde, egia da erdara gero eta gehiago ari dela hedatzen eremu euskaldunetan, baina hori ez da hiztunen utzikeriaren ondorioa, baizik eta hizkuntza politika konkretu batek eragindako errealitatea.

‘Paparazziak’, euskal hitzen bila

Martxan da, bigarren urtez, Euskara Merkataritzara egitasmoan parte hartzen duten hamar udalek eta Karrikiri Euskaldunen Elkarteak antolatutako Euskal Paparazziak argazki lehiaketa. Iruñerriko eta Gareseko saltokietan euskarak duen presentzia argazkien bidez ikusaraztea du helburu. Apirilaren 26a bitarte aurkeztu ahalko dira argazkiak, WhatsApp edo Telegram aplikazioen bidez lanak 605 75 40 17 zenbakira bidalita. Euskara eta merkataritza ondoen irudikatzen dituen argazkiak 500 euroko bonoa jasoko du.

‘Moderna’ zahar gelditu da

Nafarroako establishment-aren iragarpenak bete izan balira, 2015ean inoizko langabezia tasarik baxuena izanen luke herrialdeak, Nafarroa Europako Batasuneko 30 eskualdeen artean aberatsenetako bat izanen litzateke barne produktu gordinari dagokionez (BPG), eta aurrera urrats itzelak emanak izanen lituzke garapen iraunkor, produktibitate eta bizi-kalitatearen gisako eremu estrategikoetan. Moderna planean aurreikusitakoa bete izan balitz, oso bestelakoa zatekeen Nafarroa. Baina Moderna plana ez da bete. Inondik ere ez. Aitzinera egin beharrean, atzera egin du herrialdeak hainbat alorretan, eta garapenaren aitzakiarekin argazkia atera nahi izan zutenek muturreko galanta jaso dute, errealitate gordinaren kontra.

Izan ere, Nafarroa idilikoa marraztu zuten gobernuak, PSNk, CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkargoak, UGTk, CCOOk, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Opus Deiren unibertsitateak. Idilikoa, bederen, enpresaburu eta ekintzaileentzat. 2010ean idatzi eta 2011ko martxoaren 10ean aurkeztu zuten Moderna plana, krisialdi ekonomiko betean. Egun hartan, Miguel Sanz presidenteak esan zuen "Nafarroaren etorkizunean sinesten duten guztiek" babestu zutela egitasmoa. Etorkizun horrek, ordea, gainezka egin die berehala, eta aurreikuspen guztiak hankaz gora jarri ditu. Moderno izateko jaio zen plana zahar gelditu da, lau urteren buruan.

Agintarien aurreikuspenik eza agerian utzi duen faktorerik nabarmenena langabezia izan da: Moderna planaren sinatzaileek konpromisoa hartu zuten 77.000 lanpostu sortzeko 2030. urtera bitartean. Horren arabera, 298.000 pertsonak eduki beharko lukete lanpostu bat 2015 urtea amaitzerako, baina, egiazki, 264.300 besterik ez dira gaur egun; hau da, aurreikusitakoa baino 33.700 gutxiago. Enplegua sortu ez; kontrara, suntsitu egin da azken bost urteotan: Moderna plana sinatu zenean, 45.866 pertsona zeuden langabezian Nafarroan. Gaur, 48.427 dira. Beraz, egunean 100 bat enplegu sortu beharko lirateke urte bukaerara arte, Nafarroako Gobernuak 2015erako ezarri zituen helburuak betetzeko.

Enpleguaren esparruan, enpresa handiak erakartzea izan zen planaren beste helburuetako bat, baina horretan ere porrot egin du UPNren gobernuak: 2009an, Nafarroako enpresen %1,30ek zituzten 50 langile baino gehiago; 2015erako, kopuru hori handitzea eta %1,60ra iristea aurreikusten zen, baina, gaur egun, Nafarroako enpresa handiek ozta-ozta gainditzen dute %1eko langa.

Aberastasunean ere, atzera

Europara begira eginak ziren Moderna egitasmoan zehaztutako helburu handinahiak, Europako Batasuneko eskualde aurreratuenekin lehiatzeko xedez, baina horrek konparazio gehiago eragin ditu. Eta ez dute Nafarroako Gobernua toki onean utzi.

Hala, herritarreko BPGa aintzat hartuta, Europako Batasuneko hogei eskualderik aberatsenetako bat izateko helburua ezarri zuten sinatzaileek 2015erako. Hitzarmena aurkeztu zenean, 32. postuan zegoen Nafarroa, baina gora egin beharrean, zerrendako 48. postura jausi da. Zenbaki absolutuetan adierazita, herritarreko BPGa 29.487 eurorena dela dio Espainiako Estatistika Institutuak; Moderna planak iragarritako 34.000 euroetatik oso urrun. Gauzak horrela, Nafarroako ekonomiak %21 hazi beharko luke egun batetik bestera, iragarpen baikor horiek bete ahal izateko.

Bestalde, berrikuntzaren alorrean ere, Europako herrialde garatuenen pare egotera heldu nahi zuten gobernuak, sindikatuek, patronalak eta unibertsitateek, eta haiek uste baino kaskarragoak izan dira emaitzak: I+G+B Ikerketan, Garapenean eta Berrikuntzan eginiko inbertsioak %2,2koa izan beharko luke aurten, baina, gaur-gaurkoz, ez da %1,8ra iristen —duela lau urte baino gutxiago—. Sinatutako patenteen kopuruak ere behera egin du nabarmen 2011tik gaurdaino. Horrek guztiak argi adierazten du Moderna planaren ardatz nagusietakoa eta etorkizuneko garapen ekonomikoaren oinarri izan beharko lukeen I+G+B sektorea hazi ez, makaldu egin dela gobernuaren egitasmoa indarrean jarri zenetik.

Moderna planak orain arte jasotako kritikak, alta, ez dira mugatzen adierazle makroekonomikoetara eta lorpenetara. Ituna sinatu zen egunean bertan, hainbat sindikatuk eta eragile sozialek elkarretaratzea egin zuten Baluarte auditoriumaren kanpoaldean, planaren izaera "neoliberala eta atzerakoia" salatzeko.

"Plan berri honek kapitalismo basatira eta zerbitzuen pribatizaziora bultzatzen gaitu. Langileak betiereko krisialdira eta behin-behinekotasunera kondenatzen dituen eredu batean oinarrituta dago", adierazi zuen Iruñerriko Langabeen Plataformak, aurkezpenaren egunean kaleratutako ohar batean.

Diru publikoa, klub pribatua

Planaren kudeaketa ere kritikatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Izan ere, egitasmoaren inbertsioak eta funtzionamendu egokia ikuskatzeaz arduratzen den erakundea ez da Nafarroako Gobernua, Moderna fundazioa baizik, itunaren sinatzaileek osatutako taldea.

LABeko ordezkarien arabera, "gobernuaren egitekoak eta politika publikoak de facto pribatizatzea da" fundazioaren sorrera bera. "Politikariek, enpresaburuek eta sindikalista otzanek osatutako klub batek arpilatu ditu erakunde publikoek kudeatu beharreko diruak", azaldu dute.

Bere garaian, ELAk ere "nardagarritzat" jo zuen Moderna planaren sorrera, "batez ere, milaka nafar langabezian daudela jakinda". Sindikatu horretako ordezkarien irudiko, "botere politikotik at dagoen egitura paralelo bat" da Moderna fundazioa, eta helburu garbi bat dauka: "Guztion dirua kudeatu nahi dute planaren sinatzaileek, kontrol publikoak saihesteko eta, pixkanaka-pixkanaka, zerbitzu publikoak pribatizatzeko".

Sindikatu abertzaleek eta langabeen plataformak "patronalaren bide orri" gisa definitu dute Moderna plana. Hala azaldu du LABek: "Euren irabaziak bermatu nahi dituzte nafar enpresaburu handiek, langileon bizkarretik bada ere. Ikuspegi horrekin bultzatu dituzte osasunaren pribatizazioa, higiezinen espekulazioa eta AHTaren gisako azpiegitura jasangaitzak".

48.427

nafarroan langabezian diren pertsonakBehera egin du langabeziak Nafarroan. Otsailean baino 622 lagun gutxiago daude enplegu zerbitzuko zerrendan: 48.427, guztira. 2014ko martxoan baino 3.246 langabe gutxiago dira aurtengoak (-%7,62).

Aldaketarako zenbakiak

Irakurle maiteak, ia ziur naiz lerro hauek irakurriko dituzuen guztiok nahi duzuela maiatzeko hauteskundeetatik aterako den gobernua aurreko gobernuen oso ezberdina izatea. Horretarako, bistan denez, aldaketarako indar guztiek ados jarri beharko dute. Baina borroka horretan sartu aitzin, ikusi beharko dute ea aritmetikak aldaketa hori ekarriko ote duen. Bada, hauteskundeetarako hilabete pasatxo falta delarik, non gauden azal dezaketen zenbaki batzuen entsalada ezkor samarra eskainiko dizuet. On egin. Edo ez.

Volkswagen: Apirilaren 1ean, berriz ere, UGT sindikatuak Iruñeko Volkswagen lantegiko hauteskundeak irabazi zituen. 4.352 langileetatik 3.885ek eman zuten botoa (%89,27); horietatik 1.103k UGTri eman zioten bozka (%28,4) eta 790ek CCOOri (%20,3). UGT eta CCOO sindikatuak erregimeneko kidetzat joko bagenitu eta Volkswageneko datuak Nafarroako politikara estrapolatuko bagenitu, emaitzak kezkatzeko modukoak lirateke aldaketa nahi dutenendako.

Baina bada esperantzarako zirrikiturik: UGTk 1.725 afiliatu omen ditu (%39,6) Volkswagenen, eta CCOOk, 1.100 (%25,3). Hau da, Volkswagenen badira langile batzuk UGTko edo CCOOko karneta dutenak —akaso, sartzeko karnet hori eskuratu behar izan zutelako—, baina bi sindikatu horiei botoa ematen ez dietenak.

Aranzadi: Azkenean, apirilaren 2an jakin genuen Podemos alderdiak Aranzadi zerrenda hiritarra babestuko duela Iruñeko Udalerako hauteskundeetan. Aferak berebiziko garrantzia zuen, Iruñeko Udalaren kolorea aldatzeko nahitaezkotzat jotzen baita alderdi morearen konkurrentzia. Iragan astean, beraz, iragarri zuten zein euritakoren azpian aurkeztuko diren pabloiglesiastarrak. Baina erabakia hartzeko prozesuak hainbat kontu kezkagarri azaleratu ditu. Prozesua iskanbilatsua izan da, gatazkatsua —alde batekoek zein bertzekoek sekulakoak bota dituzte sare sozialetan eta hedabideen foroetan—; agerian geratu da Podemosen inguruan gauzak ikusteko modu oso ezberdinak daudela.

Horri guztiari gehitu behar zaio bakarrik 440 pertsonak bozkatu zutela, eta irabazleen eta galtzaileen arteko boto aldea soilik 18koa izan zela. Hagitz jende gutxi, nire ustez, Podemos aldaketa gidatzeko alderdia izatera deitu dutela kontuan harturik.

Lerrook idazteko tenorean, gainera, ezinezkoa da jakitea ea Aranzadik hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko 3.000 sinadurak lortu dituenetz. Apirilaren 1ean, sinadurak biltzeko lehenbiziko egunean, 2 ordutan 30 sinadura bertzerik ez zituzten bildu. Pentsatzekoa da, Podemosen erabakia jakin eta gero, bermeak lortzeko prozesua azkartuko zela.

D eredua: Nafarroako zein Iruñeko gobernuak aldatuko badira, indar abertzaleek gobernu alternatibo horietan egon beharko dute. Baina euskal abertzaletasunak badu arazo bat, D ereduak Nafarroan duen berbera. Azken hamarkadan, bai batak eta bai bertzeak doi-doi gainditu dute gazta zatiaren laurdena. 2011ko foru parlamenturako hauteskundeetan, NaBai 2011 eta Bildu alderdiek botoen %28,33 lortu zuten bien artean. Aurtengo aurrematrikula kanpainan, 2012an jaiotako haurren %26 sartu ditugu D ereduan. Halaxe gaude, herenera ezin ailegatu.

70

AHT-aren aurkako protesta babestu duten taldeak

Babes zabala jaso dute Nafarroako AHT Gelditu, Ekologistak Martxan eta Sustrai Erakuntza taldeek. AHTa "berehala" gelditzeko eskatuko dute bihar, giza katea eginez 12:30ean Iruñeko Sarasate pasealekutik. 70 talde eta eragilek babestu dute azpiegituraren aurkako protesta.