Gero eta atseginagoa

Gero eta atseginagoa

Edurne Elizondo

Helburuak betetzen ari gara". Horixe nabarmendu dute Iruñeko Udaleko arduradunek, hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planari buruz. Urtebete joan da plan hori martxan jarri zutenetik, eta hartutako neurrien emaitzekin "kontent" dira. Hedabideen aurrean agertu dira Hiri Bizigarri eta Etxebizitza zinegotzi Joxe Abaurrea eta Herritarren Segurtasunerako eta Bizikidetzarako zinegotzi Itziar Gomez, Jesus Estanga udaltzainarekin batera. "Herritarrek izan behar dute protagonista", nabarmendu dute.

Abaurreak eta Gomezek hainbat datu jarri dute mahai gainean. Batetik, zirkulazioak behera egin duela. Zabalguneko karriketan, adibidez, %70-90 egin du behera autoen kopuruak, eta, Alde Zaharrean, berriz, %50. Aita Moret eta Jose Alonso karriketan hartutako neurriek izan dituzten ondorioak nabarmendu ditu udalak. Bi kale horietatik 10.000-14.000 auto pasatzen ziren, egunean, plana martxan jarri aurretik. Kopuruak %90 egin du behera Jose Alonso karrikan, eta %87, berriz, Aita Moret kalean.

Bertzalde, garraio publikoaren alde egin duten erabiltzaileen kopuruak gora egin duela azaldu du udalak. Batez beste, %4,5 egin du gora garraio publikoaren erabilerak, hain zuzen ere. Planaren bidez, oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari eman diete lehentasuna hiriko erdigunean. Billabesen geltoki gehiago jarri dituzte hor, eta horrek ekarri du herritarrek zerbitzua gehiago erabiltzea. Igoera are nabarmenago izan da asteburuetan: %9,5ekoa larunbatetan, eta %7,3koa igandeetan, alegia. Hilabeteko bonuen kopuruak ere egin du gora: 7.500 ziren plana martxan jarri baino lehen, eta, orain, berriz, 10.000.

Herritar anitzek autoa utzi eta bertzelako garraioen alde egin dutela nabarmendu dute udaleko kideek, eta erdigunean hartutako neurriek ez dutela ekarri zirkulazioak gora egitea eta pilaketak sortzea hiriko bertze eremuetan. Horixe utzi du agerian Udaltzaingoak egindako txostenak, hain zuzen ere. Txosten horren arabera, aparkaleku publikoen erabilerak ere gora egin du, erdigunea atseginago bilakatzeko plana indarrean sartu zenetik: 2018ko maiatzaren 1a bitarte, 20.810 erabiltzaile izan zituzten aparkaleku publikoek; 2017 osoan 20.317 izan ziren.

Urrian, bigarren fasea

Iruñeko Udalak hiriko erdigunea atseginago bilakatzeko planarekin aurrera jarraituko du, datozen hilabeteotan. Asmoa da urrian plan horren bigarren fasea martxan jartzea, bertzeak bertze, Navas de Tolosa karrikan eta Taconeran. Bi espazio horietan eginen dituzte bigarren faseko lanen %85, hain zuzen ere. Obrek ukituko dituzte ere Basotxoa eta Aita Moret karrika. Basotxoan, zehazki, jada oinezkoentzat irabazitako espazioa atontzea da helburua, karrika hori "erakargarriagoa eta funtzionalagoa" izan dadin. Oro har, bigarren faseko lanen asmoa da oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioak hobetzea. Hasierako aurrekontua 1,2 milioi eurorena da.

Erdigunea atseginago bilakatzeko planeko bigarren faseko lanak ez dira martxan diren bakarrak, hiriburuan. Udan, Pio XII.a etorbideko obrak hasi ditu Iruñeko Udalak ere. Pio XII.a etorbideko proiektu horrek erdigunean egindako lanei eman nahi die segida, hain zuzen ere.

Etorbidea berrantolatzeko proiektua da jada martxan den hori. Asmoa da oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei ematea lehentasuna. Egun, autoak aparkatzeko bandaz gain, hiru bide ditu karrikak, norabide bakoitzeko. Xedea da aparkatzeko banda bizikletentzako bide bilakatzea; kanpoko bideak espazio malgu eta askotarikoak izanen lirateke, eta balioko lukete, adibidez, billabesen geltokiak eta edukiontziak jartzeko, bai eta zamalanetarako ere; gainerako bi bideak izanen dira zirkulaziorako bide, eta haietako batean garraio publikoak izanen du lehentasuna.

Gaur egun etorbidearen erdian dagoen espazio erdibitzaileari eutsi dio proiektuak. Bidegurutzeetan nola lan egin zehaztea izan da Mugikortasunerako Talde Teknikoko kideen kezketako bat. Asmoa da, batez ere, abiadura murriztea. Proiektuak biribilguneak baliatu nahi ditu, hain zuzen, zirkulazioa lasaitzeko. Zehazki, sei bidegurutzeri eraginen diete lanek. Oraingoak baino "trinkoagoak" izanen dira, eta oinezkoek eta txirrindulariek irabaziko dute espazioa, autoen aurrean. Txirrindularientzat "bide seguruak" eraiki nahi dituzte.

Etorbideko lanen berri eman zuenean, auzokideen kexa jaso zuen udalak. Plataforma ere osatu zuten, proiektuaren kontra. Bilerak eta informazio kanpainak eginen dituztela erran du udalak.

“Belaguara joateari utzi nion aterpea itxi zutenean; tristea zen”

“Belaguara joateari utzi nion aterpea itxi zutenean; tristea zen”

Edurne Elizondo

Mendia izan da, eta bada, Paquita Bretosen bizitzako ardatz nagusietako bat (Pasaia, Gipuzkoa, 1927). Kontrabandoan aritu zenean zaletu zen. 1936ko gerrako eta ondorengo urteak latzak izan ziren Bretosentzat. Aita fusilatu zuten, eta ama, berriz, preso eraman. Mendiak eman dio haizea.

Kontent zaude Belaguako aterpea berritzeko lanekin?

Aterpea itxi zutenean, Belaguara joateari utzi nion, hagitz tristea zelako eraikina utzita ikustea. Beraz, orain hagitz kontent nago. Gauza handia izan da niretzat jakitea zabalik izanen dela, berriz ere. Nik jada ezin izanen dut anitzetan joan, baina goza dezatela bertze mendizaleek. Pozgarria da hori.

Zer da zuretzat aterpe hori?

Anitz. 1971. urtean inauguratu zuten. Egiten ari ziren bitartean, igandero joaten ginen senarra eta biok. Hasieran, asmoa zen bertze toki batean egitea, beheko aldean. Errepiderik ez zegoelako. Baina Izabatik Belaguara igotzeko errepidea eginen zutela jakin eta gero, bide bazterrean egitea erabaki zuten. 1993. urtean, moldatu eta gero, berriz ireki zuten, eta urte hartan, nire senarra zenaren izena jarri zioten aterpeari, Angel Oloron. Guretzat, beti izan da toki berezia.

Mendizale anitzentzat ere bai, ezta?

Nik uste dut baietz, baduela zerbait berezia mendizale guztientzat. Goitik ikusten baduzu, aterpeak kanpin denda baten itxura du. Europatik eman dute orain aterpea berritzeko dirua, eta jarri duten baldintza horixe izan da, eraikinak bere itxura horri eutsi behar diola. Itxura horrek bakar bilakatzen du Belaguako aterpea, eta ez dute galdu nahi.

Noizkoa duzu mendizaletasuna?

Kontrabandoan aritzen nintzen garaikoa. Amarekin hasi nintzen. Kintoan aritzen ginen. Galtzerdiak eta gisakoak pasatzen genituen. Iheslariak ere laguntzen genituen muga pasatzen, errepresioari ihes egin ahal izateko. Lehen aldiz aritu nintzenean tabakoa pasatu nuen. Gogoan ditut ordukoak!

Zer gertatu zen?

Tabakoa nire gorputzera lotu, eta beroki batekin tapatu nuen! Tabakoaren usaina ikaragarria zen!

1936ko gerrakoak eta ondorengoak urte latzak izanen ziren, ezta?

Hagitz latzak. Aita fusilatu egin zuten. Trujillon hil zuten. Ama hil eta gero, senarrarekin joan nintzen haren hilobia ikustera. Aranzadiko Paco Etxeberriarekin joan nintzen. Ama ere espetxean sartu zuten, 1936ko gerra piztu zenean. Ondarretan egon zen preso. Nire ama maistra zen. Baina Iruñean ez zuen inoiz lanik aurkitu, ez zelako karlista. Haren ama bazen, karlista amorratua. Ama, berriz, komunista. Ardanatzen izan zen nire ama maistra, 1919an.

Gero Pasaiara joan zen?

Aitak Luzuriagan egiten zuen lan, Pasaian. Ama Pasaiara joan zen bizitzera, ezkondu zenean. Maistra zenez, harengana joan ziren, hauteskundeetara aurkezteko, eta Fronte Popularreko zinegotzi hautatu zuten, 1936an.

Zenbat denbora izan zuten preso zure ama?

Ia bi urtez egon zen. Saiatu ziren ni umezurztegian sartzen. Espetxetik atera zenean, ez zuen bere amarengana joan nahi, karlista amorratua zelako. Ez zioten Pasaiara itzultzen utzi, eta horregatik etorri zen Iruñera. Aske zegoen, baina baldintzapean. Ni amonarekin egon nintzen ama kartzelan egon zen bitartean. Gorriak pasatu nituen. Nik bederatzi edo hamar urte baino ez nituen ama preso hartu zutenean. Senarrak erraten zidan, bizi izandako esperientzia gogorren ondorioz, inguratzen nauenari so egiteko gaitasun handia dudala. Lehen ez nuen anitz hitz egiten, ezin nuelako. Begiratu bertzerik ez nuen egiten.

Mendian hasi zinenean, emakume gutxi aritzen ziren?

Bai. Ni lau lagunekin ateratzen nintzen mendira, guztiak gizonak. Behin, zeharkaldi bat egin genuen, eta Lekunberrin amaitu genuen bidea. Han ezagutu nuen Angel, gero nire senar bilakatu zena. Emakumeok ezin ginen tabernetan sartu. Kanpoan gelditu behar nuen, eta lagunek atera behar zidaten edan nahi nuena. Angelek bete zidan kantinplora behin, eta horrela ezagutu genuen elkar. Orhi mendira joan ginen, utzi zigutenean.

Zergatik ezin zineten joan?

Mugan ziren mendietara ezin ginen joan, guardiek ez zuten uzten. 1947an-edo, lehendabizikoz izan nuen aukera joateko. Iruñean autobusa hartu genuen. Nire lagunek Angeli eskatu zioten ni autobus geltokira laguntzeko, goizean goiz atera behar genuelako, 06:00etan edo. 1953. urtean ezkondu ginen. Ez genuen bestarik egin. Goizean, 07:30ean ezkondu ginen! Mendiko lagunekin, amarekin eta nebarekin hamaiketakoa egin genuen gero, Baztan tabernan. Horixe izan zen gure ezkontza.

Mendiko giroa anitz aldatu da?

Aldatu da anitz, bai. Ni hasi nintzenean, gogoan dut galtza-gonarekin joaten nintzela mendira. Pentsa, orain inork ez luke horrelakorik eginen! Behin, galtza-gona eta galtzerdiak jantzi nituen, baina mendian elur anitz zegoen, eta gorriak pasatu nituen. Amak erran zidan hobe nuela galtzak jantzi mendira joateko, eta halaxe egin nuen, azkenean.

Pirinioa ederki ezagutu duzu.

Bai. Astero ibiltzen ginen. Angelekin ere, hamaika txango eginak ditut. Pirinio guztiak zapaldu ditut. Gero, 50 urterekin, Montblanc ere igo nuen. Ikurrina txiki bat eraman genuen gailurrean jartzeko. Eguraldi txarra izan genuen.

Asteburuan, mendia. Eta aste egunetan?

13 urte nituenean hasi nintzen lanean, ezkondu arte. Gortari etxean aritu nintzen, dendari. Galtzerdiei puntuak hartzen nizkien, gainera. Ezkondu ginenean, ama gurekin etorri zen bizitzera. Oraingo etxea erosteko, lanean hasi nintzen, berriz ere, Kcikers etxean. Horri esker badut egun dudan pentsioa. Kontua da Gortari etxean ez nintzela hasi kotizatzen lanean hasi eta berehala, baizik eta bikotea izan nuenean. Horren berri gero izan nuen!

Mendia ez duzu utzi. Gozatzen segitzen duzu?

Bai. Mendia maite dut, eta lagunekin jarraitzen dut joaten. Ez dut lehengo gaitasuna, baina oraindik banaiz mendian ibiltzeko gai. Eta maite dut. Oraindik ere gai gara ezagutzen ez genituen txokoak ezagutzeko. Toki zoragarri anitz ditugu inguruan. Urbasa eta Andia artean, adibidez, mila urteko harizti bat dago. Sei emakumeren artean ere ez gara gai zuhaitz horietako batzuen enborrak besarkatzeko. Toki zoragarria da. Hori da mendiak duen ederrena. Igandero ateratzen naiz. Zortzi edo hamar kilometro inguruko txangoak egiten ditugu.

Iritzia: “Egin nazazu indartsu”

Lohizune Amatria

Supermerkatuko ilaran ordaintzeko zain nengoela, gauza bitxi bat gertatu zitzaidan, aurrekoan. Denetarik duen denda horietako bat da; haurrentzako jolas parkea ere baduena. Eta bertatik iritsi zen atentzioa eman zidan oihua. Haur baten ahotsa zen: "Gora bizitza!".

Barregura eragin zidan aldarrikapen euforiko hark. Ironikoa izan zen, noski, nire barregura. Izan ere, nire erreakzioak gehiago izan zuen inbidiatik eta tristeziatik, poztasunetik baino. "Jakingo balu", pentsatu nuen.

Azken uda honetan, behin baino gehiagotan, haurrekin egotea egokitu zait. Gauza politak gertatu zaizkit beraiekin; baina bizi izandakoetatik bat geratu zait iltzatuta. Aurpegiak margotzeko margoekin jolasten ari ziren, bata besteari tatuajeak egiten. Horietako batek, bost urteko mutil batek, elastikoa erantzirik zuen, eta tripa eta bularra margotzen hasi zitzaion laguna. Gustatuko litzaidake generoa aipatu gabe kontatzea gaurko istorio hau; baina, tamalez, generoa garrantzitsua da kontakizun honetan.

"Egidazu indartsu", iradoki zion margotzen ari zenari. Rolak errepikatzen ari dira. Neskek pinpilinpauxak eta bihotzak eskatzen dituzte; mutilek spiderman edota marrazo tatuajeak. Mutilek urdina nahi dute; neskek, arrosa. Baina mutilak ez zuen amaitu. Arrazoi bat zuen: "Egin nazazu indartsu; horrela, neska guztiek maiteko naute".

Alarma guztiak piztu zitzaizkidan. Bost urteko ume batek esan du hori. Ikasi du hori. Halako batean, beste haur baten ahotsa entzun nuen: "Bada, ez, ez zaitugu maiteko!". Zer-nolako lasaitua. Esperantza badagoela pentsatu nuen; badira haurren artean androzentrikoa, heteronormatiboa eta matxista ez den bestelako hezkuntza jasotzen dutenak.

"Indartsu" margotzeaz amaitu zutenean, neska bati zuzendu zitzaion mutila: "Indartsu nago? Maiteko nauzu?". Neskak baiezkoa erantzun zion; eta gelaren erdian jarriz, bere gorputza erakutsi zigun guztiei mutilak. Bat-batean, oihuka hasi ziren neska guztiak (maiteko ez zuela esan zuen hura ere bai): "Guapo! Guapo! Guapo!". Desodorante marka baten iragarkia nuen begi aurrean; Malumaren azken bideoklipa.

Azkenaldian, gizartean aurrera pausoak eman direla entzun dut. Eta badakit ez dela guztiz gezurra; baina hura ikusita kosta egiten zait sinestea. Segur aski, txikia nintzenean, nik ere egin nituen horrelakoak. Beste askok bezala, orain ditudan jarrera, ohitura edo esaten ditudanak berriz aztertzen ari naiz eta.

Hezkuntza matxista jaso dugu, eta erabat barneratuta ditugu jokabide horiek guztiak, baita haur horiek ere. Beraz, kontzientzia handiagoa dutenean berdin egingo dute haiek ere. Lehenago edo beranduago, prozesu hori bizi izango dute haiek ere -badakit ez duela zertan, baina pentsatu nahi dut baietz, gertatuko dela-. Etxean, telebistan, eskolan, kalean… ikusi dutena berriz aztertu beharko dute. Eta orduan, agian, ez dute hain euforiko oihukatuko "Gora bizitza!".

Baina hori ez da nahikoa. Ez da ezer aldatuko, errotik ez bada. Ez litzateke zentzuzkoagoa izango betaurreko moredun hezkuntza bat eskaintzea?

Tras Los Muros ekintzailearen ‘Refugiados’ euskaraz eman nahi du Nor kolektiboak

Tras Los Muros ekintzailearen ‘Refugiados’ euskaraz eman nahi du Nor kolektiboak

Nor Euskal Herria Antiespezista kolektiboak euskaraz eman nahi du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistaren Refugiados liburua. Lana itzuli du, herritarren artean gizakiek bertze animaliekin duten harremanari buruz gogoeta bultzatzeko, euskaraz bultzatu ere. Liburuak Madrilgo Wings of Heart babeslekuko egunerokoa du hizpide; 300 animalia baino gehiago bizi dira han, guztiak haztegi edo hiltegietatik erreskatatutako norbanakoak. Aitor Garmendia-Tras Los Muros argazki kazetariak...

Iritzia: Eskerrik asko, Maravillas

Saioa Alkaiza

Euskal Jaik hamar urte iraun zuen, alternatibak josten, autogestioa eratuz Alde Zaharrean, bestelako mundu bat irudikatzen; Javier Chorrautek (CDN) ez zuen utzarazi, eta ez zuten hustu eta eraitsi harik eta Yolanda Barcina (UPN) herri mugimenduaren arnasgunea zena desegiten tematu zen arte. 2004ko uda zen.

Alde Zaharraren memoria gorpuztuan dago orduko hura. Subkontziente kolektibora joaz, errairen batean zizelkatua daukagu, minez. Kargak, atxilotuak, borrakadak, etxerainoko bidea hartu ezin zuten auzokideak... Auzo bat, Poliziarena. Nork esanen zuen antzeko irudi militarizatu bat biziko genuenik berriz Alde Zaharrean, noiz eta Aldaketaren Gobernuaren aroan gaudenean?

Bada, bai. Abuztuak 17 zituenean, 05:00etan, kaputxa jantzitako poliziek hartu zuten Nabarreria. Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak. Eta auzokideak leihoetara atera ziren. "Eutsi, peña", entzuten zen, dozena bat furgoitik gora zeudela Nabarrerian; "Maravillas aurrera", garabi batekin azken balkoitik zintzilik zeuden neskak ateratzen zituzten bitartean; "Un desalojo, otra okupación" adi zitekeen, lotsagabe Poliziak balkoietan geunden bizilagun eta kazetarioi argazkiak ateratzen zizkigunean.

Inork ez daki zein izan den kalkulua: Ahal Dugu-ren soka kritikokoek eta ofizialistek zer eginen duten hauteskundeetan eta horrek nola eragin dezakeen botoan; Geroa Bai PSNri begira ote dagoen, Ezkerraren eta Ahal Dugu-ren babesarekin gobernua osatu nahian eta hor gaztetxea ere taktikoki garrantzitsua den EH Bildurentzat okerrenetarikoa litzatekeen aukeretako bat da balizko batuketa hori, aintzat hartuta agian zenbakien ondorioz bere beharra ere izatea gobernatzeko; Geroa Bai zentro-eskuinaren boto emaileen tarjeta ere bereganatu nahian ote dabilen eta jokaldi hau kartak erakusteko izan ote den; baliteke hasierako "huste ordenatuak" legalitate berniza ematea, baina zaurituek eta kargek pixka bat zikintzea ordena eta horregatik egin izana atzera; agian, sinpleagoa da dena eta kalkulurik ez egitea izan da kalkulu bakarra. Auskalo.

Bulegoak bulego eta lokatzak lokatz, argi dago zer gertatu den kalean: Maravillas okupatu dute berriz ere, eta, geroztik, askatutako beste espazio bat dauka Alde Zaharrak.

Eta kontua da, orain, Alde Zaharraren memoria kolektiboan ez dagoela bakarrik Euskal Jai, baizik eta Maravillasen erresistentzia eta herri mugimenduaren garaipena, eta auzokideek oroituko dituztela bizilagunak kolpez hartu zituzten kaputxadunak eta auzoari gune bat eskaini zioten gaztetxeko kideak. Are, oroituko dituztela brindis herrikoia, poz malkoak, besarkadak eta mundua ulertzeko beste modu bat sortu nahi duten horien ilusioa. Bigarren huste saiakera bat latzagoa litzateke, beraz.

"Hau ez da okupazio bat, ederra izanen den zerbaiten hasiera baizik, eta, egiatan nahi badugu, geldiezina", esan zuten Euskal Jai desalojatu zutenean.

Geldiezina izan zaitezen opa dizut, Maravillas. Zorionak zure urteurrenean, eta eskerrik asko auzoari emandakoarengatik.

“Taldearen aniztasunak irakatsi dit gauza gehien”

“Taldearen aniztasunak irakatsi dit gauza gehien”

Ane Eslava

Zazpi urte zituenetik aritu da txirrindularitzan Erkuden Almagro (Iruñea, 1976). Lehia uztea erabaki zuenetik, taldean ateratzen da bizikletan ibiltzera, baina, hasieran, talde horiek gizonek osatutakoak izan ohi ziren. Bere zaletasuna emakumeekin partekatzeko beharrak bultzatu zuen Bizikume taldea sortzera, eta, egun, 200 kidez osatutako kluba da. Uste du baliagarria izan dela emakumeen arteko sareak sortzeko eta elkarri indarra emateko.

Zein izan da zure ibilbidea bizikletarekin?

Beti ibili naiz bizikletan, oso txikitatik. Hamabi urterekin hasi nintzen lehian, eta gero hemengo nesken klubetan ibili nintzen; baina kanpora joan behar izan genuen laster, hemen ez genuelako aukerarik.

Egun, zer da zuretzat bizikleta?

Une bat heldu zen non emakume asko lehia uzten hasi ziren, ikusi zutelako inoiz ez zutela beren ametsa lortuko: profesional izatea, adibidez. Nik, ordea, jarraitu egin nuen, eta, beharrak bultzatuta, taldea sortu nuen. Orain, bizikleta nire bizimodua da.

Gizonekin bizikletan ibiltzeko ohitura zenuen. Zeren falta sumatzen zenuen haiekin joatean?

Emakume askok utzi zutenean, nik oraindik bizikletan ibiltzeko beharra sentitzen nuenez, taldetxoekin elkartzen nintzen. Baina gehienak gizonak ziren, eta askotan tokiz kanpo sentitzen nintzen. Erritmoak ez zitzaizkidan gustatzen, eta elkarrizketa asko tokiz kanpo zeudela iruditzen zitzaidan. Orduan, zerbait aldatu behar nuela ikusi nuen.

Nola animatu zinen taldea sortzeko pausoa ematera?

Justu orain dela lau urte izan zen. Ikusi nuen beste kiroletan emakumeen taldeak sortzen ari zirela, eta Mujeres en Bici taldea sortzera animatu nintzen. Beharrak eraman ninduen horretara.

Sare sozialak erabili zenituen taldea sortzeko. Nola izan zen?

Hasieran ez nekien oso ongi nola egin nezakeen, eta WhatsApp talde bat sortu nuen. Geroz eta neska gehiago elkartuz joan ginen, eta, azkenean gehiegi ginenez, mendikoak eta errepidekoak, banatu egin ginen. Klub bat sortu genuen, Bizikume, egiturak koordinatzeko erraztasunak ematen zizkigulako.

Hasieran, zuen helburua zen ibiltzera joateko elkartzea, ezta?

Bai, ibiltzera joateko elkartzen ginen batez ere. Baina, gainera, justu une horretan mugimendu aldarrikatzaile handia zegoen Iruñean, eta asko erabiltzen zuten bizikleta. Gu askotan joaten ginen bizikletarekin ekitaldietara, masa kritikoetara... Beti izan dugu aldarrikapen puntu hori. Bestalde, feminismoak ere toki handia du taldean, eta uste dugu gauza biak lotuak daudela.

Zenbat emakume eta zer adin tartekoak zarete?

Egun 200 inguru gara, eta 18 eta 70 urte bitartekoak. Esan beharra dago ez ditugula gizonak kanpoan uzten, irteera misto batzuk ere egiten baititugu, baina gure elkargune nagusia ez da mistoa. Eta bi modu daude gurekin bat egiteko. Batetik, Mujeres en Bici komunitatearen parte izatea: dohainik da, eta kideek irteeren berri izaten dute. Eta, bestetik, Biziklume klubean sartzea: urtean 20 euro balio du, eta abantaila batzuk ematen ditu.

Zergatik da positiboa emakumeak kirola egiteko elkartzea?

Guk beste erritmo batzuk ditugulako, beste elkarrizketa gai batzuk... Alegia, beste modu batera ibiltzen gara. Ez zaigu axola helmugara azkar iristea; disfrutatu egin nahi dugu.

Liburu bat ere idatzi duzu: Guía definitiva de la mujer ciclista. Hutsune bat zegoela ikusteak eraman al zintuen hori sortzera?

Bai, pausoa eman nuen ikusi nuelako informazio hutsune handia zegoela. Adibidez, behin emakume txirrindularien liburu bat erosi nuen, eta bizikleta politen eta neska ederren argazkiak baino ez zituen. Esan nuen: hau al da emakumeen txirrindularitza? Eta gida bat egitea erabaki nuen, emakumeei aukera emateko beren kabuz ibiltzen hasteko. Gerora idatzi izan didate esanez animatu direla; hori zen asmoa.

Eskola bat ere sortu zenuten.

Bai, halako zerbait. Klubaren egiturak aukera ematen digu eskolak eskaintzeko: hastapenei buruzko ikastaroa, mendian hastekoa, mugikortasun eskolak...

Positiboa da ikasteko orduan emakumeak eta gizonak banatzea?

Nik uste dut baietz. Izan ere, ikusten dut askotan, talde mistoetan, emakumeak pixka bat deseroso sentitzen direla, batik bat zalantzak galdetzeko orduan. Horregatik, soilik emakumeez osatutako taldean elkartzea ikasteko aukera bikaina izaten da haientzat.

Zuri zer eman dizu emakumeekin taldean joateak?

Gure taldearen aniztasunak irakatsi dit gauza gehien. Hemen mota guztietako pertsonak ezagutu ditut: LGTBI emakumeak, Opus Deikoak, medikuak, garbitzaileak... Geure elkargunea bizikleta da, eta gainontzeko guztia alde batera uzteko gai gara. Hori izugarria da. Ni kirol mundu maskulino batetik nator, eta sexu joera, herrialde edota erlijio askotako neskekin elkartzean esan dut: "Nor naiz ni bestea epaitzeko? Berak pedalei eragiten die nik bezala". Horrek pertsona hobea bihurtu nau.

Kirola, modu kolektiboan, ahalduntzeko tresna izan daiteke?

Bai, guztiz. Oso sare garrantzitsuak sortzen dira, eta elkarri laguntzen diogu. Adibide gisa, ikusten duzu emakume batek minbizia gainditu duela eta bizikletan dabilela; edo, gure taldearen kasuan, 70 urteko emakume bat dugu, eta aurten bere lehenbiziko triatloia egin du. Uste dut hori guztia ikusteak asko ahalduntzen gaituela.

Adina aipatu duzu. Halako taldeek balio dute emakume batzuek adinarengatik senti ditzaketen mugak apurtzeko?

Bai, nik oso argi daukat hori. Orain, emakumeek kirola egiten dute 80 urterekin ere; hemen ez dugu hori izan orain arte. Emakume askok seme-alaben zaintzaz arduratu behar izan dute, eta kirola eta halako gauza batzuk alde batera utzi dituzte. Hori aldatzen ari da. Gure taldean 50-60 urteko emakume asko daude: batzuek mugak jartzen zizkioten beren buruari; orain, taldeari esker, gainditu egin dituzte.

Beti ibili zara txirrindularitzan. Zein unetan sentitu duzu bereizkeria emakume izateagatik?

Beti. Orain hori aldatzen ari da, baina badira berdin jarraitzen duten gauzak; adibidez, sarien desberdintasuna. Hori ez da aldatu; horregatik, lasterketa batean sariak parekideak direla ikusten dugunean, parte hartzen dugu, antolakuntza saritzeko. Hala ere, orain aurrera egiten ari gara: emakumeak elkartu gara, eta gizartea mugitzen hasi da.

Emaitzarekin pozik zaude?

Bai. Hasieran ez nekien hau noraino helduko zen, eta ez nuen espero horrenbeste zabaltzea; baina proiektuak asko eman dit. Hala ere, ikusten dut hazten ari dela, eta espero dut inoiz ez bihurtzea enpresa bat; zerbait txikia izaten jarraitzea. Bestalde, beste herrialde batzuetako neskak hasi dira animatzen beren taldeak sortzera; horrek erakusten digu egiten dugunak zerbaitetarako balio duela.