"Beti egiten ditut modelo ezberdinak. Hori da nolabait nire sinadura pertsonala", azaldu du Zelai Ordoñez Egañak (Iruñea, 1983). Duela bi urte langabezian geratu zen, eta, bizimodua aurrera ateratzeko, eskulanak egitea pentsatu zuen, txikitatik trebea izan baita horrelako lanetan. Ordoñezek ez du ordutegi finkorik, baina horrek ez du esan nahi lan lasaia duenik. "Astelehenetik ostiralera lanean aritzen naiz, piezak egiten. Asteburuetan, ordea, azoketara joaten naiz". Egun ez du nahikoa diru ateratzen eskulanekin; horretarako, "azokalari" bilakatu beharko lukeela uste du. Baina, gutxi bada ere, hilero diru sarrerak lortzen ditu, eta egunez egun ikasten eta enpresatxoa garatzen doa, Frikadela izeneko enpresa garatzen.
"Betidanik birziklatu ditut esku artean izan ditudan gauzak", dio Ordoñezek. VHS kasetekin altzairuak eta zapata kutxekin apalategiak egin ditu. Baina horrelakoak saltzea zaila dela uste du. "Horrek ez du merkatu askorik, lan horiengatik asko kobratu behar delako". Koadroak eta argazkiak ere egiten ditu, baina horiek ere garestiak dira. Baina Ordoñezen produktu izarrak kameuak eta zintzilikariak dira.
"Kameuak XVII. mendean familia dirudunek eramaten zituzten bitxiak ziren. Ireki egiten dira, eta normalean pertsona maitatuaren edo seme-alaben argazkiak jartzen zituzten". Ordoñezek marrazkiekin apaintzen ditu. "Nik oinarriari marrazkia gehitzen diot. Denak ezberdinak egiten ditut. Nahiz eta lelo bera idatzi edo gai antzekoa erabili, beti aldatzen dut zerbait". Horiek dira egiten dituen bitxi pertsonalenak. "Ez dute zerikusirik egiten ditudan beste gauzekin".
Beste hainbat eskulan ere egiten ditu, zintzilikariak adibidez. "Mineralekin zintzilikariak egiten ditut. Baina horiek produktu arruntak dira; ondoko postukoak ere eduki ditzake". Mineralekin ez ezik, beste gauza batzuekin ere zintzilikariak egiten ditu. Burezur, dortoka eta zaldi itxurakoak. Baita birziklatutako beste bitxi batzuk ere. "Erabiltzen ez ditudan lagunik gabeko bitxiekin eta belarrietakoekin lepokoak egiten ditut".
Materialak bilatzeko lan asko egin behar da. "Iruñean materiala bilatzea oso zaila da, nahiko hiri txikia baita. Mineralak eta bolak Bartzelonan erosten ditut, askoz ere merkeagoa ateratzen zait haraino joatea". Kameuak Iruñean lortzen ditu, baina hainbat eta hainbat gauza Internet bidez eskuratzen ditu. Horiek guztiak bilduta, etxean lan egiten du. "Ordenagailu ondoan lanerako txokoa dut, hor jarriak ditut nire lanpara eta lupa". Ordutegi finkorik ez du Ordoñezek, baina, gustuko lana egiten duenez, nahi gabe ordu piloa sartzen dituela dio. "Etxeko txoko horretan lasai-lasai musika jarri eta lanean hasten naiz. Handik hiru ordura ateratzen naiz ez dakit zenbat gauza eginda".
Astelehenetik ostiralera materiala prestatzen du Ordoñezek. Baina hori gero saldu beharra dago. Horretarako, azoketara joaten da. "Garrantzitsuena da azoketan egiten diren kontaktuak, normalean gauza asko ahoz aho zabaltzen baitira". Horrez gain, lan burokratiko ugari egin behar dela dio. "Herri eta hirietako udaletxeetara deitu behar da. Han, beste telefonoren bat ematen dute. Posta elektroniko piloa bidali behar dira. Ez da besterik gabe mahaitxoarekin agertzea".
Azoketan gero eta jende gehiagok parte hartzen duela dio. Hori ez dute begi onez ikusten eskulangile batzuek. "Batzuei beldurra sartu zaie konpetentziaren asuntoarekin". Ordoñez ez da iritzi berekoa. "Artisau bakoitzak produktu ezberdinak ditu. Nik eskuz egindako gona bat erosi nahi baldin badut, kameu bat erosteagatik ez diot gona erosteari utziko". Hala ere, artisau berriak gaizki ikusten dituztenak gutxiengoa direla nabarmendu du. "Oro har, oso jatorrak dira, elkarri asko laguntzen diogu. Hori da onena. Nahiz eta egunen batean ez saldu, normalean oso ondo pasatzen dut". Ordoñez parte hartzeagatik ordaindu behar ez den azoketara joaten da. Baina, bidaia eta kanpoan jatea ordaindu behar du, eta horrek irabaziak jaisten ditu. Horregatik, gertu ibiltzen da. "Iruñerriko azoketara baino ez naiz joaten. Elizondora ere joaten naiz, baina amamari bisita egiteko aprobetxatzen dut".
Azoketan aritzeko saltzen jakin behar da. Ordoñezek urteetan lan egin du dendetan, eta onartzen du ez duela arazo handirik jendearen aurrean aritzeko. Baina bere amak askoz hobeto egiten duela dio. "Berak ni baino bi aldiz gehiago saltzen du. Esaten du: 'Ikusi alabak egiten dituen gauzak!'". Amak saltzeko erraztasun handiagoa badu ere, Ordoñezek argi du garrantzitsuena atsegina izatea dela. "Jendearen aurrean atsegina izatea ezinbestekoa da. Zerbitzuaren parte da. Hori eta jendea informatzea. Ez baduzu saltzen, berdin dio, beti mantendu behar da itxura ona".
Horrekin batera marketina ere landu behar da. Baina gai horretan huts egiten duela aitortu du. "Facebook badut, eta bloga ere martxan jarri nahi dut. Baina horretarako laguntza eskatu behar dut". Izenarekin ere arazoak izan ditu. "Bi urtean lau izen izan ditut. Sortzailea naiz, baina ez horretarako".