“UPNk euskal usaina duen edozer baztertu egiten du”

Gora Iruñea plataformak salatu du Iruñeko herri mugimenduak gero eta arazo gehiago dituela ekintzak antolatzeko. Martxoaren 28an, sanferminetako jaiguneagatik udalari 26.000 euroren baino gehiagoren tasak ordaindu zizkioten. Hori guztia salatzeko eta herri kultura aldarrikatzeko, Kultura Eztanda ekinbidea antolatu dute bihar goizerako. Han, hainbat kultura taldek musikaz eta dantzaz beteko dituzte Alde Zaharreko lau plaza. Rakel Arjol Gora Iruñeko kidea da (Iruñea, 1989), eta, dioenez, Kultura Eztanda Iruñeko herri kulturaren erakusleihoa izango da.

Zer da Kultura Eztanda?

Kultura Eztanda Gora Iruñea plataformak sortu duen aldarrikapen kulturala da, Iruñeko herri kultura aldarrikatzeko eta iruindarrek ikusteko zer-nolako indarra duen hemengo herri kulturak. Bihar, 12:00etan, Sarasatetik abiatuko dira lau kalejira. Horietako bakoitza plaza batera joango da: San Frantziskora, Udaletxekora, Gaztelukora eta Navarreriara. Leku horietako bakoitzean, ordu betez, ekitaldi kulturalak izango dira, eta, 14:00etan, Sarasatera itzuliko gara denok, han manifestua irakurtzeko.

Zergatik sortu duzue aldarrikapen hori?

Iaz, Gora Iruñeak Aurten bai kanpaina egin zuen. Horren helburua sanferminetako jaigunea lortzea zen. Aurten, hasiak gara jaigunea antolatzen. Baina berebiziko garrantzia eman nahi genion Iruñeko kulturari. Horregatik idatziko dugu Iruñea biziz manifestua, eta bihar aldarrikapen eguna izango dugu.

Zein arazo dituzue kultura eragileek?

Kultura eragileek udalarekin dituzten hitzarmenak gero eta murritzagoak dira. Adibidez, dantza taldeek urtero hainbat emanaldi egiten dituzte udalarekin batera. Baina udalak gero eta emanaldi gutxiago antolatzen ditu, eta emanaldi horiengatik jasotzen den diru kopurua gero eta urriagoa da.

Horrez gain, edozertarako eskatzen dituen baldintzak gero eta gogorragoak dira. Auzoetako jai batzordeek jaiak antolatzeko izugarrizko tasak ordaindu behar izaten dituzte, isunak ere bai, eta, gainera, beti izaten dituzte hamaika traba.

Beraz, zer eskatzen diozue udalari?

Iruñea biziz manifestua idatzi dugu, eta hor hiru aldarrikapen egiten ditugu. Hasteko, udalari eskatzen diogu kultura taldeekin emanaldi gehiago antolatzeko eta emanaldi horiengatik ematen dituen diru laguntzak handitzeko. Horrekin batera, udalari kultura plan eraginkorra egiteko eskatzen diogu. Bukatzeko, herri mugimenduei jartzen dizkien trabak bertan behera uztea nahi dugu.

Zer gertatu da udalaren kultura planarekin?

UPNk agindu zuen kultura plana egingo zuela. Dirutza inbertitu zuten horretan, baina, azkenean, ez dute planik egin. UPNk jakingo du zer egin duen, baina 700.000 euro gastatu dituzte existitzen ez den kultura plan bat egiteko.

Zein traba ditu herri mugimenduak?

Adibidez, baimenak eskatzeko orduan, oso baldintza gogorrak jartzen dituzte. Horrez gain, baimena eskatu ostean, ez dute erantzuten eguna heldu baino bi egun lehenago. Tarte horrekin, ezinezkoa da plana aldatzea. Berandu erantzuten dute, eta hor konpon egiten denarekin. Hori bai, gero isunak jartzen dituzte. Jai batzorde gehienek isunentzako atala dute euren aurrekontuetan. Hainbatetan, gainera, isunek ez dute batere zentzurik.

Zergatik du politika hori Iruñeko Udalak?

UPNk euskal usaina duen edozer baztertu egiten du. Nik uste dut UPNk beldur diola herritarren hitzari eta parte hartzeari. UPNk bere jai eredua baino ez du nahi, oso itxia eta baztertzailea.

Zein da UPNren jai eredua?

Urtero ikusten duguna. Adibide garbia Nafarroako Foruen plaza da. Udalak enpresa bati ematen dio plaza, eta eskuak garbitzen ditu. Lehenago, Runako parkean ere enpresak sartzen ziren. Hori egiten dute; sanferminak pribatizatzen dituzte, eta enpresei guneak ematen dizkiete, eurek kudeatzeko. Udalarentzat, dena da negozioa; beldur dira negoziorik gabe gelditzeko Gora Iruñea bezalako plataforma batek indarra hartuz gero.

Baina udalarekin harremana duzue, ezta?

Bai, badugu. Askotan biltzen gara haiekin, hala nola sanferminak antolatzeko. Iaz, hainbat alditan bildu ginen. Aurten, Gora Iruñea oso gogor ari da eraso sexisten aurkako planarekin, eta horretarako ari gara udalarekin hitz egiten. Gero, haren esku dago gurekin batera lan egin ala ez. Ikusi beharko dugu nola aurre egiten dien sanferminetan gertatzen diren erasoei.

Martxoaren 28an, sanferminetako jaiguneagatik ezarri dizkizueten tasak salatu zenituzten. Zer gertatu da?

Lehen, jaietarako gune bat hartuz gero, metro koadro bakoitzeko diru kopuru jakin bat ordaindu behar zen. Barra jarriz gero, barraren neurriak hartzen zituzten, eta barrako metro koadroak askoz ere garestiagoak ziren. Hori auzoko jai guztietan egin dute. Guk, erreferentzia hori izanda, kalkulatu genuen jaiguneagatik 8.000 euroren tasak kobratuko zizkigutela. Baina, horren ordez, 26.500 euroren tasak ordaindu ditugu. Orain jakin dugu 2013ko urtarrilean UPNk tasen legea aldatu zuela, eta gune osoan barra egongo balitz bezala kobratzen dute. UPNk lege hori ez du aplikatu auzoko jaietan, baina idatzia dago. Guk uste dugu lege hori Gora Iruñea ekonomikoki itotzeko egin dutela.

BASERRITIK MERKATURA ZUZENEAN

EHNE sindikatuak eta Arangurengo Udaleko Ingurumen Sailak martxoaren 29an larunbatarekin Merkatu gardena antolatu zuten. Goiz osoan Mutiloako Ibaialde pasealekuan hainbat baserritarrek euren produktuak izan zituzten salgai. Horrekin batera, gazta egit...

Behin eta berriz zanpatuak

Duela aste batzutatik hona nafar gizarteak bizi izan duena zanpaketa berri bat da, umiliazioetan umiliagarrienetakoa.Giroa bero-bero zegoen; lehendakaria behingoz gobernutik kentzea hurbil ikusten zen, eta bide batez, agerian jarri den ustelkeria argitzea eta, akaso, zigortzea. Baina ez da horrelako deus ere gertatu, eta, aitzitik, iduri du Barcina andereak bere mesederako erabili duela afera, biktima gisa agertu eta euskal abertzaleen aurkako bere borrokan laguntza eskatzeko.

2007ko hauteskundeak bizi eta oroitzen dituen edonork orduko sentipenak berritu izanen ditu. Orduan ere arnastu genuen gogoa eta poza, aldaketa zetorrelakoan, UPNren legealdi ilunak amaitzera zihoazelakoan. Nolabait ere, Barcina eta Sanzen menpean jasan beharreko guztia gehiegi izan zela, eta gehiegikeriak gertatzen direnean espero den bezala, hori gelditzeko ordua ere bazela.

Baina, zazpi urte geroago bizitu berri dugun honekin, pentsa daiteke alderantziz dela: Zenbat eta gehiegikeria handiagoa egin eta hala agertu, orduan eta zilegitasun handiagoa dutela hortan segitzeko. Eta hori baino umiliazio eta jazarpen bortitzagorik ez dut irudikatzen.

Hala gaude une honetan. Haserre, amorruz beterik, jasaten dugun bortizkeria nolabait ere kanporatu nahirik. Edo erabat etsita. Etsigarria baita; Iruñean bertan, Gazteluko plaza-Euskal Jai-Arantzadi kasuek lur jota utzi dute herritarren gogoa, eta lurraldean oro har, Itoizko urtegiak-Kanalak, eta gertatu berri den ustelkeriaren aferak ere eragina izan dute. Oraintxe bertan, AHTren lanak edota Goi Tentsioko ibilbidearen egitasmoa mehatxu berriak dira. Horien eta sistema publikoa delakoaren murrizketen gibelean, gainera, Tokiko Administrazioaren lege berria gordetzen da, herrien eta kontzejuen autonomia eta izatea bera desagerraraz dezakeena. Bai, bai, oraindik ere badute non segitu, eta, beraz, guk ere non aritu!

Zanpaketa berri honetatik ere zerbait ikasi izanen dugu. Bertzerik ez bada, zanpatzen gaituen munstro horren aurpegi ikaragarria ikusi dugu, Estatua-Opus-Iruñeko oligarkia hirukoak osatzen duena (horiek ere bat bakarra, hiruko "santua"). Hain zuzen ere, hiruko horrek ezarri dizkigu Foru-autonomia eta egungo gobernu eta administrazio sistema, bizi dugun jazarpena ahalbidetzen duena. Munstroari tamaina hartu izanen diogula, eta horren arabera jokatzen asmatuko ahal dugu! Guri, behintzat, gauza bat gelditu zaigu argi: antzu dela herritarron indarra euren Parlamentura, euren auzitegietara bideratzea, horietan gure indarra bahiturik gelditzen dela.

Karriketara ateri eta elkartzerakoan herri-indarra sentitu eta grina piztu delakoan, eta herritarrok geurea egiteko bide berriak asmatuko ditugulakoan, jazarpenetik altxatzeko animoak nafar herrikide guztiei!

%18

Iaz ofiziozko abokatu eskaerak gora egin duen ehunekoa. Nafarroan iaz ofiziozko abokataua izateko 2012an baino 900 eskaera gehiago erregistratu zituzten. Orotara, 2013an, 6.295 izan ziren eskaerak.

Urrundik ekarritako ura

Urpean urte luzez gordeta egondako altxor baten gisara ireki zuten Kontratazio Mahaiko kideek, iragan astean, Nafarroako ubidearen inguruko erabakia jasotzen zuen kutxa. Izan ere, bertan zegoen jasoa zein enpresa arduratuko den lehenengo fasea hedatzeko lanak egiteaz. Eraikuntza sektorearen krisia dela eta, enpresa askorentzat hil edo bizikoa zen lan horiek egiteko ardura eskuratzea; hala ere, OHL eta Agbar enpresek erdietsi dute lehen postua lehiaketan —Agbarren akzioen %25 Caixabankenak dira—. Proiektuak helburu du, besteak beste, Artaxoa eta Lerin arteko 21,3 kilometroko ubidearen adarra eraikitzea da. Orotara, Itoitzen bildutako urak ia 120 kilometro egingo ditu 2018. urtetik aurrera, behin ubidearen lehen fasearen hedapena amaituta.

Aurreikusitakoa betez gero, azaroan hasiko dira Itoizko urtegiko ura Lerineraino eramango duen ubidea eraikitzeko lanak. Oraingoz, 98 kilometro daude eraikita. Itoizko urtegia eta Pitillas lotzen dituena, alegia. Ubidearen lehenengo fasea deituriko horren bidez, ureztatze eremuan dauden 22.363 hektarea soro eta baratzetara iristen da Pirinioetako ura. Hedapena egiten denean, ubidearen bigarren fasea soilik egongo da egiteke, Pitillas Ablitasekin lotzen duena, hain justu.

Lehenengo fasearen hedapena azken urteetan Nafarroan egin den azpiegiturarik garrantzitsuena izango da. Ubidearen hedapena eraikitzeko proiektuaren aurrekontua 147,5 milioi eurokoa da, baina egiazko kostua nabarmen handiagoa izango da, 30 urteko epean finantzatuko delako. Izan ere, azpiegitura berez itzalpeko bidesari sistemaren bidez finantzatuko da. Horrek esan nahi du ubidea hedatzeko lanak egiteko dirua aurreratuko diotela enpresek Nafarroako Gobernuari. Baina, ondoren, eraikuntzagatik zein ustiapenagatik kanon bat ordaindu beharko dio administrazioak urtero enpresari.

Lehiaketa ebatzi aurretik, Nafarroako Gobernuak kalkulatu zuen 592 milioi eurokoa izango zela azpiegituraren 30 urterako finantzaketa kostu osoa. Dena den, lehiaketa irabazi duten enpresek, OHL eta Agbarrek, eskaintza hobea egin dute, eta euren eskaintzan %33 jaitsi dute kanonaren prezioa. Horregatik murriztu dira finantzaketa gastuak 592 milioi eurotik 394 milioira. Etorkizunean ikusi beharko da aurreikuspen hori betetzen den edo faktura hori handiagoa den.

Izan ere, ubidearen lehen fasean eraikitzeko lanen faktura espero baino handiagoa izan zen. 2011ko martxoan amaitu ziren, eta 467 milioi euroko kostua izan zuten —aurreikusitakoa baino 21,5 milioi euro gehiago—. Horri hurrengo 30 urteetako ustiapen kostuak eta interesak erantsita, 600 milioi eurotik gorako kostua da.

Dena den, administrazioak argi utzi duenez, finantzaketa modu hori da ubidearen lehenengo fasearen hedapena eraikitzeko modu bakarra. Izan ere, itzalpeko bidesariari esker, lanen kostua ez da zenbatzen Nafarroako Gobernuaren defizit eta zor publiko gisa. Modu horretan egin ezean, ezinezkoa litzateke hedapena eraikitzea, Nafarroak Egonkortasunaren eta Hazkundearen Europako Hitzarmena urratuko lukeelako.

Duela bi urte, Charo Brinquis Uraren Kultura Berria plataformako kideak Itoizko urtegiaren eta Nafarroako ubidearen eragin ekonomikoaren inguruko ikerketa egin zuten. Azaldu duenez, proiektuaren kostu osoaren %27 soilik berreskuratuko da azpiegiturak eragindako irabazien bidez. Beraz, datu hori aintzat hartuta, argi du proiektua ez dela inola ere "errentagarria". Zergatia galdetuta, nekazariek ubideko ura erabiltzeko dituzten zalantzak eta arazo ekonomikoak aipatu ditu Brinquisek, hainbat zioren artean. "Ubidearekin lotutako ekonomia jarduera nagusia lurren ureztatzea da. Lehen fasea amaituta dagoen arren, nekazarien hamarretik hiruk bakarrik erabiltzen dute ubideko ura".

Tradizioaren defentsa

Nekazariek ubideko ura euren lurretara eraman ahal izateko egin behar duten ahalegin ekonomiko handiaz ohartarazi du Consuelo Otxoa Ureztatze Tradizionalaren Aldeko Plataformako kideak. Ubidearen lehenengo fasearen hedapena amaitutakoan, Itoizko ura Lerineraino iritsiko da. Bertakoa da Otxoa. "Ubidearen proiektua inposatu nahi digute, eta nekazaritzaren errentagarritasuna ez du urak ematen, hori argi dago", salatu du.

Herriko nekazariek lurrak ureztatzeko sistema propioa dute. Dena den, urteak pasatu ahala sistema hori matxuratzen joan da. Jakinarazi duenez, administrazioak ez du ureztatze tradizionala konpontzeko diru laguntzarik eman, eta horregatik dago sistema horren egoera "txarrean". Gainera, ubideak lursailen antolamendua eraldaraziko duela irizten dio Otxoak: "Inguruko lurrak minifundioak dira, eta ez dugu latifundiorik nahi, nekazari gehienek ekoizpen txikia dutelako".

Antzinakoa da Miranda Argako ureztatze sistema ere. Lehen erreferentzia 1300. urtekoa da. Ordutik apenas aldatu den Arga ibaiaren ibarretan dauden soro eta baratzeak ureztatzeko modua. Azucena Garmendia Miranda Argako nekazaria da. Arga ibaiaren ertzean 1.5 hektarea inguruko lursaila dauka. Baratze txiki bat eta ehun fruta arbola inguru ditu. "Hamabost urte dira hona iritsi ginela, eta argi dut ureztatze sistema berriak nekazari txikiei kalte egingo diela". Gainera, aitortu du ubidea egiteko proiektuari ez diola zentzurik topatzen.

Horrez gain, Itoizko ura garestia izango dela uste du. Gaur egun, Miranda Argako nekazari bakoitzak hamabi euro ordaintzen ditu lurrak Argako urarekin ureztatzeagatik. Itoizko ura askoz ere garestiagoa izango dela salatu du Garmendiak. Izan ere, ubideko ura jasotzeko eskubidea erdiesteko, 954,53 euro ordaindu beharko ditu nekazari bakoitzak hektareako. Horrez gain, beste 4.356 euro ordaindu beharko dute hektarea bakoitzeko, lursailean ureztatzeko sistema jartzeagatik. Ondorioz, kontuan hartuta ureztatzeko lursailek gutxienez bost hektarea izan behar dituztela, nekazariek egin beharreko gutxieneko inbertsioa 26.500 eurokoa izango da.

Hain justu, joan den irailean proiektuaren aurka aurkeztutako helegiteetako batean baratze txikiak desagertzeko arriskuaz ohartarazi zuen herritar batek. Hala ere, Nafarroako Gobernuak errealitate hori ukatu egin du, "lurrak era egokienean batuko direlako". Dena den, ubidearen aurka daudenek tesi hori gezurtatu egin dute, eta datozen asteetan azpiegituraren aurkako bilera, elkarretaratze eta manifestazioak egiteko asmoa azaldu dute.

50,17

Volkswagenek Nafarroan irabazi zituen milioi euroak. Volkswagen auto enpresak Landabenen duen lantegian 50,17 milioi euroko irabaziak izan zituen 2013an. Aurreko urtean baino %13,5 gehiago. Polo autoaren salmentak eragiten ditu irabazi gehienak.

Koxka enpresarentzat bideragarritasun plana egingo du aholkulari batek

Hotz industrialaren arloko Koxka enpresari bideragarritasun ekonomikoa bilatzeko asmoz, egungo enpresaren jabeak, AEBetako AIAC inbertsio funtsak (American Industrial Acquisition Corporation), Manuel Rodriguez Quevedo aholkularia izendatu du bere ordezkari. Chechu Rodriguez CCOO sindikatuko Industria Federazioko idazkari nagusiak azaldu duenez, Rodriguez Quevedok berak jakinarazi zien baduela eskuduntza enpresa saltzeko, zorrak ordaintzeko edota bestelako zereginak betetzeko. Aholkularia enpresan hiru astez egotea espero da, Koxkaren bideragarritasun plana egiteko denbora hori beharko duela eta.

Hala ere, oraindik kolokan dago Nafarroako enpresa indartsuenetakoa izan zenaren etorkizuna. Izan ere, enpresaren jabeei dirua desbideratu izana egotzi diete langileek, duela zenbait aste. Horren ondorioz, enpresak Iruñean eta Azkoienen dituen lantegiak zuzendaritzaren esku uzteko eskatu diete jabeei.

Egun, Koxkan 380 langilek egiten dute lan, baina 2000ko hamarkadan Nafarroako enpresarik garrantzitsuenetakoa izan zen. 2005ean diru galerak izan, eta, 2008tik dagoen finantza krisiaren eraginez, galerei aurre egiteko zailtasunak izaten hasi zen. Ondorioz, 2009an lana erregulatzeko espediente baten bitartez, 190 langile kaleratu zituzten.

2010. urtean eskuratu zuen AIAC inbertsio funtsak Koxkaren jabetza, eta 12 milioi euroko mailegua eskatu zuen, enpresa modernizatzeko helburuarekin. Baina egoera ekonomikoa bideratu ezinda, zorrak pilatzen ari zirela eta, 2013an langileen soldata %20 murriztea adostu zuten langileekin. Gaur egun, Eguberrietako estra eta martxoko soldata zor dizkiete langileei. Dena den, datozen egunetan estra horren zati bat ordaintzekotan da enpresa.

KALEAK DANTZAZ BETEZ

Asteburu osoz dantzaz beteko ditu Iruñea eta Uharteko kaleak Amaiur dantza taldeak. Folk Lore nazioarteko dantza ospakizuna egingo baitute hamazortzigarrenez. Bihar goizean 14 urte arterako 350 dantzari txikik kalejira egingo dute Iruñeko Alde Zaharrean. Igandean berriz, Uharteko San Juan plaza hartuko dute dantzariek. Amaiur taldearekin batera, Donostiako Goizaldi eta Sardiniako Mamutzones di Samugheo ariko dira.