Gaztelan-Transformak taldeak Atarrabiako aterpetxearen kudeaketa hartu du bere gain, eta martxoaren 22an berriz ireki zuen. Donejakue bideko lehen kategoriako aterpetxea da. Era berean, Gazteentzako Aterpetxeen Nazioarteko Sarearen barnean dago. Lo eg...
Ustelkeriaren lehen herria
Iaz, Nafarroako egunkarietako azalak bete zituen Eguesibarrek. Arrazoia: ustelkeriak hartua zuen udala. Jose Andia UPNko alkateak Catalunya Caixako lehentasunezko akzioak erosi zituen diru publikoa erabilita. Osotara, 100.000 euro gastatu zituen. Hori...
Lehoiez eta saiez
Martxoaren 15ean, Iruñeko Katakrak liburu-dendan aurkeztu zuen Sabino Cuadrak Arrojado a los leones liburua. Izenburu esanguratsua duen eta ezin esanguratsuagoa duen argazkiaz lagunduriko azalean tente agertzen zaigu politikari nafarra Daoiz?, edo Velarde? izena duen brontzezko lehoiaren begirada arranditsuaren begiradapean.
246 orrialdeetan, Cuadrak, gladiadorea balitz bezala, zirkutzat daukan Madrilgo Legebiltzarrean bizi izandakoak kontatzen dizkigu estilo garbi, arin eta, zenbaitetan, umoretsuz; erretiratu berria zela Madrilera joateko proposamena egin ziotenetik gaur egun arte, hain zuzen ere, inola ere plaza horretara (lehoiek zanpa-zanpa jan nintzaten) bueltatuko ez litzatekeela dioenera arte. Zirku hartako esanahi hutsalez eta gezurrez beteriko hitzaldiak salatzeaz gain, helburu xume batek bultzatu zuen liburua idaztera, alegia, herritar guztiok mundu desberdin bat eraikitzen ahalegindu gaitezen bultzatzeko helburua.
Madrilgo Legebiltzarreko paretek janzten dituzten margolan elizkoi eta monarkikoak eta diputatuen absentismoa eta tabernarako bueltak deskribatzetik, dotore jantzitako legebiltzarkideen edukazio onak saihesten eta galarazten ez duen ezin justifika daitezkeen pribilegioetara, Cuadra zorrotza da. Eta Cuadra oso kritikoa da legebiltzar aldia hasieran bertan Amaiurrekoei ez zietelako taldea osatzen utzi, nahiz diputatu-kopuruak hori baimendu; noiznahi gutxietsi egiten dituztelako; hedabideek ere boikot egiten dietelako. Aldiz, esker onekoa da herritarrekin eta sare sozialekin emandako tratu onarengatik, hemen zein Madrilen. Lehoiak babesten dituzten segurtasun-indarrak salatzen ditu, eta lehoien ustelkeria, eta lehoien instituzioen lotsagabekeria, eta lehoiek mantentzen duten egiturazko sistema, eta lehoien justizia-klasea, eta… lehoien fartsa demokratikoa.
Hiru egun aurretik, martxoaren 12an, Altsasuko Iortia kultur etxean Greta Alfarok, Bego Antonek, Naia del Castillok eta Cristina Lucasek estreinatu zuten Saiak, elfoak, mariorratzak, gizonak eta emakumeak erakusketa. Bertan bideo hau ikus daiteke: Almendrondoz inguraturiko soro baten erdian, mahai luze bat. Mahai-zapi zuria. Zortzi aulki. Platerak, kopak. Ardo-botilak. Mahai erdian, haragi errea. Jatordua. Halako batean, sai tzar bat. Segidan, beste bat. Ondoren, beste batzuk. Putre-saldoa. Haragi-usaina erakargarriegia da. Ausartenak salto egin du mahaira. Ondoren, zalantzati, beste batzuek. Mahaia estalirik dute hegaztien hegal erraldoiek. Hotsak. Hots ozenak. Hegaztienak eta plater hautsienak. Aulkiak lurrera. Botila-ardoak ere bai. Putreek alfonbra lumaduna osatzen dute. Soroa saiez josita dago. Hondarrak banatuko dira gero. Inpaktu handiko bideoa da artista gazte horiek erakusten dutena.
Artistek fikzioa eta errealitatea elkarri lotuta daudela adierazi nahi digute erakusgai dauden obren bitartez, batzuetan animaliek gizakion tokia hartzen dutela edo alderantziz.
Nork hartzen du noren tokia saien banketean? El banquete datorkit burura: Kontuz kontsumitzaileen elkarte-kide diren Alberto Gil, Aritz Intxusta eta Patxi Zamoraren liburua, urtebeteko ikerketaren emaitza. Testigantza. Eskandalua. Nafarroako lehoien neurri gabeko antsia.
Cuadrak ere salatu zuen Madrilgo Legebiltzarrean CANen inguruko Nafarroako begi bistako ustelkeria, Espainiako lehoien babespeko Nafarroako lehoikumeen ustelkeria.
‘Mediku eskualduna nahi dut’ kanpainak 65 eskaera jaso ditu hilabetean
Baztanen sei mediku daude, eta biri eskatzen zaie elebidunak izatea. Erizainak, berriz, zortzi dira, eta bik baino ez dute bete behar hizkuntza eskakizuna. Bi administrariei dagokienez, batek izan behar du euskalduna. Pediatrak, ordea, ez du euskalduna izan behar. Urtarril bukaeran, Baztango euskalgintzak eta Baztango Udalak martxan jarri zuten Mediku eskualduna nahi dut kanpaina. Horren helburua da herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko legez aitorturik duten eskubidea bermatzea. Bailara osoan esku orriak banatzeaz gain, Irurita eta Elizondoko osasun etxeetan mediku euskaldunen aldeko eskariak biltzeko kutxak jarri zituzten lau astez, eta 65 eskaera bildu dituzte.
Martxoaren 21ean, kanpainaren lehen zatiaren balorazioa egin zuten bailarako euskalgintzak eta udalak. Eskaera kopuru handia jaso dutela esan zuten, eta horrek herritarren hizkuntza eta osasun eskubideetan gabezia handia dagoela adierazten duela. "Herritarrak hautatu hizkuntzan komunikatu ezin izatea osasun zerbitzuari zuzen-zuzenean eragiten dion kontua da. Hizkuntza eskubideen urraketak osasun zerbitzu ona jasotzeko eskubidea ere urratzen du", adierazi zuen Maitane Maritorenak, Baztango Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak.
Jasotako eskariei buruz, Maritorenak esan zuen familia medikua eta pediatra ez ezik ginekologia zerbitzua eta osasun zerbitzu oro euskaraz izateko eskariak jaso dituztela. Hori kontuan izanda, Maritorenak Baztango herritarrak eskariak era formalean egitera animatu ditu, "osasun etxean aurkeztuz eta han behar bezala zigilatuz".
Jon Abril Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeko kideak oroitarazi zuen 18/1986 Euskararen Foru Legearen arabera Baztan "eremu euskaldunean" dagoela. "Herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie. Legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubide horiek, ordea, gobernuak berak ez ditu errespetatzen". Ondorioz, Nafarroako egoera "oso kezkagarritzat" jo zuen; izan ere, Uemako kide diren hamalau udalerrietako bakar batek ere ez du bitartekorik osasun zerbitzua oso-osorik euskaraz emateko. Abrilek bereziki larritzat jo du pediatren egoera; izan ere, Uemako herrietan zazpi pediatrak lan egiten dute, eta lauk ez dakite euskaraz: "Haurren ia %100 euskaldunak diren eremuan, pediatren %71k ez dute ezagutzen haurrek egunero darabilten hizkuntza".
Garbiñe Elizegi Baztango alkateak udalak kanpainarekin duen konpromisoa berretsi zuen. Helburu hori betetzeko, Elizegik hau adierazi zuen: "Baztango Udalak Elizondoko Oinarrizko Osasun arloko zuzendaritzari elkarlanean aritzeko proposamena egin dio, eta erantzunaren zain gaude". Bukatzeko, alkateak jakitera eman zuen Nafarroako Gobernura eta Parlamentura joko duela Mediku eskualduna nahi dut kanpaina egiten ari diren beste udalekin batera. "Herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatzeko".
1.128
• Nafarroan aurreko urtean auto istripuz hildakoak. Nafarroako Gobernuak auto istripuz hildakoen kopurua milatik behera mantendu nahi du 2014an. Azken urteetako markak gutxitzeko lan egingo du, beraz. Iaz, Nafarroan 1.128 pertsona hil ziren auto istripuren baten ondorioz, administrazioak emandako datuen arabera.
Barcinak CANeko dietetan kobratutakoa.
68.500 euro jaso zituen dietetan Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Nafarroako Kutxaren kontuetatik. Nafarroako Auzitegi Nagusiko Maria Paz Benitok hala aginduta, jasotako guztia bueltatu behar izan du.
LUIS REZOLA GOGOAN
Joseba Tapiak eta Lorea Intxaurrandietak Luis Rezola Aranaren bertsoak musikatuko dituzte, gitarra eta biolontxeloarekin. Rezola 36ko gerran borrokatu zen, eta 22 urterekin kapitain izendatu zuten. Hainbat frontetan aritu zen: besteak beste, Gorbean, Oizen, Gernikan eta Bilbon. Duesoko espetxean (Santoña, Espainia) preso egon zen, eta han idatzi zituen hainbat poema. Saioa, bihar, 19:00etan, Katakraken.
“Arrazakeria instituzionalak gizarte arrazakeria elikatzen du”
SOS Arrazakeriak Europa gotorlekuaren aurka, eskubideen alde jardunaldiak antolatu ditu. Hainbat hitzaldi eta dokumentalen bitartez aztertzen ari dira, besteak beste, etorkinek pairatzen dituzten eskubide urraketak eta azken urteetako eskuin muturrare...
“Normaltasuna ez da hitz egitea; normaltasuna komunikatzea da”
"Parez pare dugun erronka nagusia komunikazio hesiak haustea da", aldarrikatu du Sofia de Esteban keinu hizkuntzako irakasleak (Tafalla, 1972). Bizi osoa darama gorren mundua entzunaraztea, umetatik behar dituzten jakinarazten. Nafarroan pertsona go...
Buztintxuriko eskola publikoan, tokirik ez
Hirugarren urtez, Buztintxuriko eskola publikoa txiki gelditu da. Hogei umek, gehienak Artikaberrikoak (Berriobeiti), ez dute tokirik izango Buztintxuriko eskola publikoan. Artikaberrin ez dago eskolarik. Hango posta kodea eta Buztintxurikoa ezberdina...