Bagoaz inora

Berripaper honen irakurle fidelok honezkero jakinen duzue Nora aldizkariarenak egin duela. 2008an sorturiko bidaia eta paisaia hilabetekari ederrak ezin izanen du bere borzgarren urtebetetzea egin "gaur egungo baldintzek" ez dietelako "aurrera egiteko aukerarik laga". Bertze bat zulora.

Gogoratzen Matraka gazte gehigarri ausarta? Gogoratzen astialdi aukera saldoa egunero biltzen zuen Tartea gehigarri koloretsua? Horiek ere zulora joan ziren. Berez, 2003ko ekainean jaio zenetik, BERRIA egunkaria txikitzen joan da gutxika-gutxika. Hemendik gutxira 10 urte beteko ditu eta, "bertze hamaika egiteko asmoa" dutenez, Zure ziztada behar dugu bezalako kanpainak egin behar izaten dituzte. Oso egoera ekonomiko larrian baitaude. Benetan.

BERRIAko lagunak kanpaina polita egiten ari dira eta, dagoeneko, 4.200 lagunek erabaki dute kanpainarekin bat egitea. Ziztadak lortu nahian, hitz ederrak erabiltzen ari dira, esaldi aski ongi biribilduak, bihotzak samurtzeko eta dirua erakartzeko.

Bada, nik alde batera utziko ditut hitz politak. Zuzenagoa izanen naiz. Bortitzagoa. "Euskaraz bizi nahi dut" lelo horrekin bat egiten duzu? BERRIA Interneten, liburutegian, euskaltegian edota institutuan dohainik irakurtzen duzu? Egunkaria euskaraz irakurtzen segitu nahi duzu? Twitterren edo Facebooken BERRIAren albisteak zabaltzen dituzu? Bada, benetako konpromisoa erakusteko tenorea ailegatu da: egin ezazu oraintxe berean BERRIAren harpidetza, urtean 381,91 euro astinduz. Zer nahi duzu erratea? Ez dago bertzerik.

Edukiak dohainik ematen omen dituen Internet ahalguztidunaren garaiotan zaila egiten da hau esplikatzea. Baina, aizue, BERRIA egunkariarenak egiten badu, akabo Berria.info; eta Argia aldizkariarenak egiten badu, akabo Argia.com. Adibidez. Alegia, ordaindutako kazetaritza bukatuz gero, akabo doako Internet.

Aurrekoan BERRIA egunkariko Komunikazioa atalean soldatapeko kazetari batek primeran azaldu zuenez, Madrilgo Prentsa Erakundeak egindako txosten baten arabera, 2012an 1.916 kazetari zeuden Hego Euskal Herrian langabezian —horietako 333 Nafarroan—; 2011. urtean baino 984 gehiago. Hortaz, azken urtean, langabezia tasa %105 handitu da hegoaldeko kazetarien artean.

Nahi baduzue, alimaleko langabezia tasa horren erdia krisi ekonomikoak esplikatuko du. Baina bertze erdiaren azalpena arestian aipatu dugun joerak ekarri du; gure munduaren ikuskeratik gertu dagoen informazioa ere dohainik ekoitz daitekeela dioen uste ustelak.

Erran gabe doa langabezian edo prekarietatean zaudetenok ez duzuela zertan halako diru ahalegina egin. Baina gainerakook, bai. Bada ordua gustuko dituzuen hedabideen harpidetza egiteko. Iraun dezaten nahi baduzue, bederen.

Nora zulora joan zaigu. Baina gu, ez. Gu bagoaz norabaitera. Bagoaz inora. Bidean gure hedabideek lagunduta, haiek gabe biderik ez baitago.

Tira, erran dut.

NUPeko 22 ikasketetatik seitan bederatzi edo nota altuagoa behar da ikasteko

Ikasleen eskaerek eskaintza gainditu dute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Guztira, 22 karrera eskaintzen dira unibertsitatean, eta horietako seitan ikasi ahal izateko, bederatzi edo nota altuago bat eskatzen dute. Horrez gain, hamasei titulutan —22tik— bosteko nota gainditzea eskatzen dute. Erizaintza, Fisioterapia eta Ekonomia ikasketak izan dira 2012-2013ko ikasturtean "erakargarrienak". Izan ere, titulu horiek guztiek ikasten dituzten ikasleen notarik baxuenak 9,1 eta 10,7 tartean daude.

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketekin iristen dira unibertsitatera ikasle gehienak. Hala izan da ikasturte honetan ere. Lau ikasketatan soilik gelditu dira toki libreak — Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako graduan, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzan, Telekomunikazio Teknologietako Ingeniaritzan eta Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzan—.

Kontuan hartu behar da gaur egun selektibitateko nota altuena hamalau dela, eta ez hamar. Bederatziko nota gainditzen dute Erizaintzan (9,1), Fisioterapian (9,2), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitzean (10,7), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako gradu bikoitzaren Nazioarteko Programan (9,3) eta Ekonomia graduko Nazioarteko Programan (9,3).

Atzerrira joateko aukera

Urtero, dozenaka ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikotik kanpo egiten dituzte ikasketak nazioarteko programei esker. Ikasturte honetan 450 toki eskaini dituzte kanpoko unibertsitateetan ikasteko. Ekonomiako karrerek dute aukera gehien, guztira 266 toki dituztelako. Horren ondoren, Irakasletzako graduak, Gizarte Laneko gradua eta Soziologia gradua daude. Asteleheneko bileraren ostean, gaur ere bilera informatiboak izanen dira ikasle interesatuentzat unibertsitatean. Eskaerak urtarrilaren 28tik otsailaren 1era bitarte egin beharko dituzte Internet bidez.

NUPek nazioarteko hitzarmenak ditu 35 unibertsitaterekin, gehienak Erasmus programakoak, baina badira beste programa batzuk ere. Virrey Palafox programarekin Latinoamerikara joateko aukera dute ikasleek. Horretaz gain, hitzarmenak dituzte AEBetara, Australiara eta Kanadara joateko. Martin de Rada programari esker, NUPeko ikasleek aukera dute Asiara joateko. 25 urte bete zituen iaz nazioarteko mugikortasun programak. 2012-2013ko ikasturteko Erasmus bekak bermatuta daude, baina arriskuan egon ziren. Hurrengo urteko laguntzekin datoz zalantzak.

Dendak jaiegunetan ixteko eskatu dute sindikatuek

Joan den igandean, Nafarroako zenbait denda irekita egon ziren. Jaiegunetan dendak itxita egon behar dutela eskatzeko, ia ehun lagun bildu ziren Uharteko Itaroa merkataritza gunean, CCOO, UGT, ELA eta LABek deituta egin zen elkarretaratzean. Sindikatuen irudiko, "ez dago eskaera errealik hamar jaiegunetan dendak irekitzeko". Diotenez, afera enpresa handien arteko "gerraren" emaitza da. Urtarrilaren 2an eta7an denda batzuk ireki zituzten. Beste zortzi jaiegunetan ere zenbait irekita egongo dira, tartean martxoaren 28an, irailaren 1ean, urriaren 12an, azaroaren 1ean eta abenduaren 3, 6 eta 23an. Horiez gain, Iruñean azaroaren 29an ere lanean arituko dira dendari batzuk.

BERDINTASUNA ALDARRI ATERKIPEAN

Dozena bat lagun inguru bildu ziren astelehenean, Iruñeko Gazteluko plazan gizon eta emakumeen berdintasuna aldarrikatzeko Astelehen Lilak taldeak deitutako elkarretaratzean. Neguko eguraldi gogorrak ez zituen beldurtu, eta dozena bat lagun inguruk gogor gaitzetsi zuten genero indarkeria. Tere Saez Astelehen Lilak taldeko kideak ohartarazi duenez, berdintasunaren esparruan aurrerapausoak eman diren arren, oraindik asko dago egiteko.

Erronkari jatorri izena ez aldatzeko eskatu du oposizioak

Assaf ardien esnea Erronkariko gazta egiteko ez erabiltzea eskatu du Landa Garapeneko Batzordeak. Nafarroako Gobernuak Erronkari jatorri izenaren araudia aldatu nahi du, baina NaBaik, Bilduk, PSNk eta Ezkerrak atzera botatzeko ebazpena onartu berri dute, UPN eta PPNren aurkako botoekin. Oposizioak uste du Nafarroan atzerriko arrazak sartzeak "arazo handiak" ekarriko dituela, batez ere, esparru sozioekonomikoan.

PSNren ekimena izan da Nafarroako Gobernuaren araudi aldaketaren aurka agertzea, eta oposizioko talde guztien babesa jaso du. Nafarroako sozialisten ustez, "jatorriko izena babestu eta defendatu behar da, lehenengo sektoreari balio erantsia ematen diolako". Gauzak horrela, PSNk ez du uste gobernuak proposatzen duen lege aldaketa egokia denik, "kontraesanez beteta dagoelako eta ezagutza falta sumatzen delako". Erronkari jatorri izena "desagertzeko arriskuan" jartzen dutela ohartarazi dute, eta, era berean, "gainerako jatorri izenak ahultzen dituzte, arriskuan daudelako".

Assaf esne asko ekoizten duen ardi arraza da, ukuiluan bizi da —ez mendian, latxa ardia bezala— eta gobernatzeko errazagoa da. Horregatik, PSNk uste du assaf arrazak produkzio eremuak produktuarekin duen lotura "makaltzen" duela, abeltzaintza tradizioetatik kanpo dagoelako. "Ardi latxen ustiapenen itxiera ekarriko luke", diote. Era berean, gogorarazi dute atzerriko arrazak jatorrizko izenean sartu zituztenetik (2011-2012) ardi latxen 160.000 litro esne galdu direla eta, ondorioz, kasu anitzetan "errentagarria izateari utzi" diola. Horretaz gain, jakinarazi dute ardi latxek bazkatzen eta mendia garbitzen dutela eta assaf ardiek, berriz, pentsu kontzentratua jaten dutela .

"Arduragabekeriaz" jokatu

EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak eskertu egin du oposizioak erakutsi duen "kemena". "Gobernuaren mozioak ez du ez hankarik ez bururik", esan dute. Jakinarazi dute iragan maiatzean Erronkari jatorri izenaren batzorde arautzaileko bi kidek kontrako boza eman ziotela arraza intentsiboak sartzeko araudiaren aldaketari: "Bi artzain horiek Erronkari jatorri izenean dauden %90 artzainen hitza ordezkatzen dute". Horregatik, nekazarien elkarteak uste du "onena" Nafarroako Gobernuak Erronkari jatorri izenaren aldaketa bertan behera uztea dela, "eremu sozioekonomikoan kalte larriak sortuko dituelako". Halaber, salatu dute gaztak lurrarekin duen edozein lotura kentzea ez dela egokia.

Joan den maiatzean onartu zuten Erronkariko gazta lantzeko assaf ardien esnea erabiltzea. Erronkariko gaztaren jatorri izenaren batzorde arautzaileak baimendu zuen araudian aldaketa bat egitea horretarako. Bertan dioenez, onartu egiten du gazta egiteko esnearen %35 assaf ardiena izatea. Israelen du jatorria arraza honek. EHNE hasieratik aldaketaren aurka agertu da, eta "arduragabekeriaz" jokatzea leporatu die batzorde arautzailearen barruan aldaketa babestu duten hiru eragileei; hots, industriari, UAGN sindikatuari eta Nafarroako Gobernuari.

Erronkari jatorri izenarekin lan egiten duten hamar artzainetik bederatzi ordezkatzen ditu EHNEk. "Jatorri izenaren funtsa da lurrari lotutako artzaintza eredua guztiz babestea; eta, hain justu ere, araudi aldaketak kalte egin nahi dio eredu horri", dio EHNEk. Gazta ekoizle batzuk kanpoko arraza horren esnearen alde egiteko arrazoietako bat sektoreak beren iritziz pairatzen duen krisia izan da. Orain arte, Erronkariko gazta rasa eta latxa ardien esnearekin egiten zuten gazta, baina ardi arraza horiek ez omen dute nahiko esne ekoizten, eta, beraz, assaf ardiak sartzea horregatik defendatu dute.

Lanez “gainezka” daudela salatu dute Larrialdietako Agentziako hainbat langilek

Urteko lehenengo hamar egunetan DYAk ez zuen anbulantzia zerbitzurik eskaini, Nafarroako Gobernuaren diru laguntza jasoko zuten ala ez jakin zain zeudelako. Nafarroako Larrialdietako Agentziak baieztatu zuen gertaera horrek ez zuela inolako eraginik izanen, baina agentziako langileek kontrakoa erakutsi dute.

Nafarroako Larrialdietako Agentziako hainbat langilek salatu dutenez, DYAko zortzi anbulantziek —zazpi ohikoak eta bat medikuduna— lan egin ez zuten hamar egunetan, %60 lan gehiago hartu zuten beren gain. Suhiltzaileen, Gurutze Gorriaren eta Baztan-Bidasoa enpresa pribatuaren anbulantziak aritu dira lanean. Horrez gain, langileek salatu dute denbora tarte horretan eriek "inoiz baino denbora gehiago" itxaron behar izan zutela anbulantzia heltzeko. Kasu batzuetan, ordubete ere egon ziren anbulantziaren zain, "gainezka" ibili baitzen zerbitzua.

Ohiko egoera batean, anbulantzia arrunt batek hamahiru-hamalau lekualdatze egiten ditu egunero, baina 2013ko lehenengo hamar egun horietan, 20 eta 23 lekualdatze inguru egin behar izan zituen anbulantzia bakoitzak. Herrietara ere joan behar izan zuten anbulantziek. Gares eta Agoizko adibidea esanguratsua da. Bi herri horietan DYAk boluntarioen baseak dituen arren, horiek ez zuten lanik egin; hortaz, Iruñeko anbulantziek lekualdatzeak egin zituzten larrialdi egoeretan. "Ezin ginen arriskatu lan egitera diru laguntza jasoko dugun ala ez jakin gabe", azaldu dute DYAko langileek.

DYAren egoera ekonomikoa ez da batere ona, eta aurten oraindik zailagoa izanen da. Anbulantzia zerbitzua eskaini gabe egon den hamar egunetan DYAk ez du berri onik izan. Nafarroako Larrialdietako Zerbitzuak 200.000 milioi euro emanen dizkio, iaz baino %17 gutxiago. Azkeneko bi urteetan, DYAk %50 diru sarrera gutxiago izan ditu. Joan den ostiraletik berriro lanean ari dira DYAko anbulantziak, baina bakarrik sorosleak libre daudenean. Zortzitik zazpi anbulantzia erabiltzen ari dira. Anbulantzia medikudunak aparkaturik jarraitzen du. Normalean, anbulantzia horrek astelehenetik ostiralera goizeko bederatzietatik gaueko hamarretara lan egiten du, eta asteburuetan arratsaldez.

Gainera, Nafarroako Larrialdietako Agentziako hainbat langilek jakinarazi dutenez, "larri" ibili diren hamar egunetan, ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitatea erabili behar izan dute ezbeharretan. Normalean kasu larrienetan bakarrik erabiltzen dute ZIU, baina anbulantzia faltak erabiltzera behartu zituzten.

Gaur egun, DYAn Nafarroako Gobernuak ordaintzen dituen bost gidari, hiru administrazio langile eta formakuntza koordinatzaile bat aritzen dira lanean. Horrez gain, ezintasun fisiko eta psikologikoa dutenentzat enplegu zentroa dute, eta bertan soldatapeko bat eta bost koordinatzaile daude. Iaz, denera, DYAko anbulantziek 6.428 lekualdatze egin zituzten Nafarroan. Iruñerrian 5.700, Agoitzen 151, Erriberrin 126, Altsasun 85, Los Arcosen 66, Garesen 207 eta Azkoienen 93. Guztira, 700 bazkide ditu lurraldean. Errepideko istripuetan artapen zerbitzua eskaintzen du DYAk.

Duela ia urtebete Nafarroako DYAko hiru kide auzipetu zituzten ustez fakturak faltsutzeagatik. 52.000 euroan erositako bi anbulantziaren fakturak faltsutzea egotzi zieten Nafarroako Gobernuak elkarteei eman ohi dien diru laguntza lortzeko asmoz, baina epaileak hiru kideak errugabetu zituen. Javier Cruz Nafarroako DYAko kudeatzailea, Alfredo Zelaia idazkaria eta Eneko Arteaga erakundeko presidentea izan ziren auzipetuak.

Gertaerak, hala ere, hautsak harrotu zituen DYAn, baita kanpoan ere. Javier Cruz kudeatzaileak Burlatako Udalean UPNko zinegotzi izateari utzi zion, eta Nafarroako DYAko hainbat kidek adierazpen bat kaleratu zuten, "izen ona" kolokan jarri zelako gertakarien harira. Gauzak horrela, Nafarroako DYA ez da oso egoera onean. Gainera, Nafarroako Gobernuak diru sailak gutxituz gero, "okerrera" egin dezake.

Landa eremuko larrialdiak

Nafarroako Osasun Departamentuak landa eremuko larrialdi zerbitzuak lehen mailako osasun arretaren larrialdi zerbitzu bilakatzeko proposamena egin du. Gaur egun, larrialdi zerbitzuetan medikua eta erizaina osasun etxean egoten dira, dei bat baldin badago pertsona hori berehala artatzeko. Gobernuak egin nahi dituen moldaketak abian jarriz gero, medikuek ez dute zertan osasun etxean egon, baina beti lokalizatuta egonen dira. Aldaketaren harira, lanorduak "izugarri haziko" direla salatu dute langileen ordezkariek. Herri txikietan eskaintzen den larrialdi zerbitzua etetea ekarriko du horrek, eta "onartezina" dela diote. Azaldu dutenez, 57 lanpostu gutxiago izanen dira.

32,4

Hasierako loteriarekin Iruñean banatutako milioi euroak. Iragan astean, Vinculo plazako loteria bulegoan ezustekoa gertatu zen. Lagun batek bertan erositako hasierako loteria batean zenbaki guztiak asmatu zituen. Denera, 32,4 milioi euro irabazi ditu, baina bulegoko jabeak oraindik ez daki nor den.

“Egoera latzetan, hemengoen baikortasunak harritzen nau”

Behartsuenen alde lan egiteko grina izan du beti Fernando Aginagak (Etxarri Aranatz, 1954). Horregatik erabaki zuen Governador Valadaresera (Minas Gerais, Brasil) joatea, "txiroenekin, batez ere, umeekin lan egiteko". Dagoeneko 25 urte daramatza Brasilen, eta oraindik gehiago egiteko asmoa du.

Eskolapioen misio batean egin du mende laurdena. Brasilera iritsi zenean, portugesa ikasi zuen, "herritarrekin eta liburuak irakurriz". Pedagogia eta Teologia ikasketak egin ditu Aginagak, eta bere ezagutzak erakusten dizkie hiriko gazteei. Urte hauetan guztietan Brasilgo eta zehazki Governador Valadaresko egoera "zeharo" hobetu dela dio, "nahiz eta gogorra den oraindik". Iritsi zenean herrialdea diktaduratik atera berria zen, eta konstituzioa prestatzen ari ziren parlamentuan. "Alde batetik, miseria zorrotza zegoen, eta, bestetik, eliteak agintzen eta gehiengoa zapaltzen zuen". Bien bitartean, ordea, "izugarrizko mugimendu herrikoia" piztu zen, gizartean gutxinaka errotu zena. "Jendearen alaitasunak eta baikortasunak harritzen ninduen; niretzat hori ulertezina zen egoera horretan". Sindikatu eta herri mugimenduei esker egoerak hobera egin zuela gogorarazi du, baina oraindik sufrimendua edonon nabaritzen dela ziurtatu du.

Sufrimendua, hala ere, alaitasunarekin pasatzen dute. "Oso alaiak dira brasildarrak, elkarrekin biltzeko eta bizitzeko gogotsuak dira". Diru gutxi irabazi arren egunero aurrera ateratzen direla dio Aginagak. "Argia, beroa, koloreak, barre egitea eta umore ona gustatze zaie; musika beti entzuten dute, eta haien itxurarekin gora eta behera egoten dira maiz". Baina, era berean, erraz "lur jota" sentitzen direla konturatu da Aginaga. "Historian beti hain zapaldua egon den herri honek oso barneratua du gutxi balio duen sentimendua".

Orain dela hamar urte, gazteek ez zuten unibertsitatera joateko aukerarik; gaur egun, ordea, gobernuaren laguntzarekin posible da. "Aldaketak izan ditugu. Kanpotik, Euskal Herritik datorren batek oraindik alde nabarmena ikusiko du, baina hemen bizi garenok hobetu dela nabaritzen dugu". Urteetan aritu da gaixo eta umeen eskubideak sutsuki defendatzen. "Hasieran auzo apaletan lan egiten nuen, favela modukoetan; orain, horrez gain, heziketa eta gizarte lanetan aritzen naiz". Lan egiteko modua ere aldatu du. "Gosedunei eta gaixoei laguntzen genien, zuzenean. Herri kontzientzia landu eta herri mugimenduak bultzatu genituen. Orain, jada maila horiek neurri batean gainditu ditugula, beste maila batzuk jorratzen ditugu". Udaletxe kontseiluetan parte hartzeko prestatzen dituzte hiriko bizilagunak, "han erabakitzen baita auzoko etorkizuna".

Gaur egun, gainera, beste behar bat sortu dela uste du misiolariak. "Jendearekin hitz egitea, entzutea eta animatzea". Bai herriaren alde egiten duten agenteekin —politikako, sindikatuetako eta mugimenduetako jendearekin—, baita bizilagun heldu eta umeekin ere. "Emakumearen egoerari arreta berezia eskaini diogu; gaur egun, Brasilen, emakumea etorkizunaren giltza delako".

Ez da Nafarroako lagun bakarra misioan. Bost pertsona bizi dira etxean. Bi Nafarroakoak, eta gainerakoak Brasilgoak. "Gure arteko giroa oso ona da, paregabea", dio pozik. Nafarroako beste lagun bat bizi izan zen haiekin, baina joan den maiatzean zendu zen. "Tirapuko gizon oso fina eta langilea zen, beti jende behartsuenen alde lan egin zuen, eta oso ezaguna izan zen hirian". Gogoan du Eulalio Lafuente kidea. "Eulalio hona iritsi zenean, 1952. urtean, 20.000 biztanle zituen hiriak; gaur egun, 270.000 biztanle ditu". Auzo behartsuetan zazpi ikastetxe publiko eraikitzea lortu zuen.

Nafarroako 1.600 misiolari daude mundu osoan. Ez da kopuru apala. "Euskal Herria maite dugulako beste herriak eta kulturak maitatzen ere ikasi dugu. Frantzisko Xabierkoak eta Ignazio Loiolakoak hasi zuten bidea". Euskaldunak aurkitu ditu Aginagak bidean. "Herritik urrun dagoenarentzat oso pozgarria da herrikideak aurkitzea".

Momentu atsegina bizi izan zuen Aginagak orain dela bost urte. Euskarari buruzko hitzaldia eman zuen Governador Valadareseko unibertsitatean. "Une oso atsegina izan zen, ikasle eta irakasle asko bildu ziren, eta arreta handiz entzun zuten; Espainiako edozein hiritan horrelakorik lortzea oso zaila litzatekeela pentsatu nuen hitzaldia eman ondoren". Orain, beti galdetzen diote Euskal Herriak noiz lortuko duen independentzia. "Langile moduan ezagutzen gaituzte, eta miresten dute gure kulturaren eta historiaren alde egindako lana".