Gizartea

Abiadura moteltzeko garaia

Abiadura moteltzeko garaia

Edurne Elizondo

Espainiako Estatua alarma egoeran dago, baina koronabirusaren pandemiak ere ez du lortu AHT abiadura handiko trena egiteko lanak gelditzea herrialdean. Nafarroako Gobernuak berretsi du hori: ez duela eman obrak eteteko agindurik, alegia.

Egun, gobernuak aurreko legegintzaldian esleitutako zatietako lanak daude martxan: lau dira, denera, eta 32 kilometro inguru luze, Alesbes eta Tafalla artean. Castejon eta Alesbes arteko hamalau kilometroko bi zatietako obrak dira, oraingoz, bukatuta dauden bakarrak, eta egin zituzten aldaketaren gobernuaren aurreko garaian, UPNren gobernuen agindupean.

"Aldaketaren gobernuak sekulako bultzada eman zion abiadura handiko trenari". Horixe nabarmendu dute Sustrai Erakuntza fundazioko ordezkari Pablo Lorentek eta AHT Gelditu Elkarlana taldeko Nafarroako kideek. Bi talde horiek eta AHTaren aurka ari diren bertze hainbatek koordinakundea sortu dute herrialdean. Hilaren 15erako antolatutako jardunaldia bertan behera utzi behar izan zuten, pandemiagatik, eta joan den astean ere, Nafarroako Parlamentuan egin behar zuten agerraldia ezin izan zuten egin. Abiadura handiko trenaren aurka lanean jarraitzen dute, halere, eta herritarrak batzera deitu dituzte. "Esprintak ez du balio; iraupen lasterketa bat da AHTaren aurkakoa".

Bati eman, bertzeari kendu

Duela hogeita zazpi urte hasi zen iraupen lasterketa hori, 1993. urtean AHTaren aurkako lehen batzarra sortu zenean. Espainiako Estatuak 1992. urtean inauguratu zuen abiadura handiko lehendabiziko trena, Madril eta Sevilla artean. Geroztik, 25 urtean, 56.000 milioi euro baino gehiago gastatu ditu proiektuan, eta 3.240 trenbide kilometro baino gehiago eraiki ditu.

"Administrazioak abiadura handiko trenaren alde egindako apustuak baliabiderik gabe utzi ditu gainerako zerbitzuak. 2014an, adibidez, 30 milioi bidaiarik erabili zuten abiadura handiko trena, eta 405 milioi bidaiarik erabili zituzten, berriz, aldiriko trenak; AHTak 3.194 milioi euroren aurrekontua izan zuen urte horretan, eta, aldiriko trenek, berriz, 121 milioi eurorena". Ekologistak Martxan taldeko Madrilgo kide Elena Diaz Caserorenak dira hitz horiek; Iruñera etortzekoa zen, AHTaren aurkako jardunaldira. 2017an egindako analisian jada zuzenean lotu zituen abiadura handiko trenaren aldeko apustua eta tren publiko eta sozialaren gainbehera, inbertsiorik ezagatik.

Nafarroan ere milioiak jaso ditu AHTak, azken urteotan. Aldi berean, tokiko hainbat geltokitan zerbitzuak murriztu dituzte: Tafallan, Castejonen eta Altsasun, adibidez, txartelak saltzeko leihatilak itxi dituzte. Datuak mahai gainean jarri ditu Pablo Lorentek: 9 milioi euro baino gehiago eraman zituen abiadura handiko trenak, Nafarroan, 2015ean; 45 milioi izan ziren, 2017an; ia 8 milioi, 2018an; eta 24 milioi, 2019an.

Datuok eta, oro har, abiadura handiko trenari lotutako guztiak egungo testuinguruan kokatzeko beharra nabarmendu du Sustrai Erakuntzako kideak: "Osasunaren esparruan dauden gabeziek erakusten dute dirua bertze toki batera joan dela. Ehunka eta ehunka milioi xahutu dituzte AHTa eta gisako azpiegiturak egiteko lanetan, lehentasunezkoak edo beharrezkoak ez izan arren; Nafarroan ere gertatu da hori. Baliabide naturalak eta ekonomikoak suntsitzen dituen kapitalismoa da birusik hilgarriena".

"Ekintza burutuen politika"

Nafarroako AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek ez dute zalantzarik: "AHTa da Euskal Herrian inoiz martxan jarritako obrarik faraonikoena, garestiena eta suntsitzaileena". Sistemak bere abiadura moteldu behar izan duen honetan, "aukera baliatzera" deitu dute: "Aldaketa handiak egiteko, lehendabizi gelditu egin behar dugu, hausnartu, eta ondorioak mahai gainean jarri. Oraingoa momentu interesgarria da hori egiteko".

Abiadura handiko trena gelditzeko aukera badela berretsi dute, azpiegitura horren sustatzaileek "ekintza burutuen politika" erabili arren. "Atzera egiterik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, baina ez da egia". Izan ere, obrek aurrera jarraitzen badute ere, hainbat dira, oraindik ere, Nafarroako proiektuaren inguruan lotu edo erabaki gabe daudenak.

Eta ez dira kontu txikiak. "Castejon eta Zaragoza arteko lotura zehaztu gabe dago", erran du Lorentek, batetik. "Zati horren fase informatiboa ere ez dute egin, oraindik ere", berretsi dute AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek. Asmoa da Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko zati horretan Ebroren gaineko zubi bat egitea. "Bertze 90 milioi euro beharko lituzkete, gutxienez", erantsi du Lorentek.

Bertzalde, Iruñeko geltokiaren auzia jarri dute mahai gainean AHTaren aurkako ekintzaileek. Asmoa da Etxabakoitzen geltoki berria egitea, eta, horrekin batera, 10.000 etxebizitza eraikitzea, auzo horretan, bai eta oraingo geltokia dagoen Sanduzelai auzoan ere. Udalez gaindiko eragina duen plan baten bidez ari dira kudeatzen proiektu hori. Otsailean, hain zuzen, plan hori bertan behera uzteko eskatu zien Iruñeko alkate ohi Joseba Asironek hiriko egungo agintariei. Geltokiari buruzko plana garatzeko partzuergoa osatu dute Adif erakundeak, Nafarroako Gobernuak eta Barañain, Zizur eta Iruñeko udalek, eta partzuergo horrek berriki egindako txostenak ere kolokan jarri du proiektuaren bideragarritasuna. Lorentek argi du "erabat zentzugabea" dela egitasmo horri eutsi nahi izatea.

Bada zehaztu gabe jarraitzen duen beste kontu bat: abiadura handiko trenaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko modua, hain zuzen ere. "Oraindik ere, hainbat aukera dago mahai gainean. Aralar zeharkatzea zen hasierako asmoa; azken urteotan, berriz, Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a Gasteiztik lotzeko aukera nabarmendu dute, batez ere", azaldu dute AHT Gelditu Elkarlanako Nafarroako kideek.

2018ko urtarrilean, Espainiako Gobernuak bere lehentasuna zein den argitu zuen: Gasteizen nahi du lotunea. Baina ez da, halere, proposatu duen aukera bakarra: lotunea Ezkion egitea da bertzea. "Hamaika kontu airean dira, oraindik ere; baina, bitartean, aurrera jarraitzen dute lanekin, atzera bueltarik ez duen egitasmo bat dela irudikatzeko", salatu dute proiektuaren aurkako taldeek.

Ez da hori AHTaren inguruko "gezur" bakarra, erantsi dutenez. Nagusietako bat da salgaiak garraiatzeko aukerari buruzkoa, Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorentek nabarmendu nahi izan duenez. Joan den astean Nafarroako Parlamentuan egitekoa zuten agerraldian, hain zuzen ere, gai hori jorratu behar zuten abiadura handiko trenaren aurkakoek. Lorentek argi eta garbi erran du: "AHTak Nafarroan ez du salgairik garrraiatuko".

Sustrai Erakuntzak egindako txostena izan du abiapuntu Lorentek hori errateko; agiri horren arabera, Nafarroako AHTak ez dituela salgaiak garraiatuko erran dute ekonomiaren eta garraioaren esparruetako eragile garrantzitsu anitzek; eta horixe jasotzen du proiektuaren jatorrizko agiriak ere. "Iruñerriko Abiadura Handiko Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak ere onartu du Volkswagen enpresak tren konbentzionala erabiltzen jarraituko duela", jaso du txostenak.

Abiadura handiko trena "arlo guztietan" da "suntsitzailea", Pablo Lorentek salatu duenez. "Klima aldaketako egungo testuinguruan, ezin dugu jarraitu AHTaren gisako azpiegiturak bultzatzen dituen eredu kapitalista defendatzen". Gehiago erran dute AHT Gelditu Elkarlana erakundeko kideek: "Gure espeziearen etorkizuna kolokan dago, eta herritarrok kriminal batzuen esku gaude". Abiadura handiko trenaren aurkako lanari eustera deitu dute jendea, azpiegitura horretan egun xahutzen duten dirua osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte zerbitzuen esparruetara bidera dezaten. Horietan dagoen beharra agerikoa da.

Maeztutar feminista

Maeztutar feminista

Edurne Elizondo

Gustavo eta Ramiro Maezturen arreba baino anitzez ere gehiago izan zen, baina neben itzalpean egon da Maria Maeztu, halere, neurri handi batean. Lizarran, 1991. urtean sortu zuten Gustavo Maeztu museoa, margolariaren lanekin. 1997tik, berriz, Maria Maeztu literatur lehiaketa antolatzen du Lizarrako Emakumeen Batzarrak, udaleko Berdintasun sailaren laguntzarekin. "Merezi duen tokian jarri nahi dugu", erran du batzarreko kide Maria Jose Agirre Pascualek.

Maria Maeztuk kulturaren, hezkuntzaren eta feminismoaren arloan egindako ekarpena nabarmentzea du helburu lehiaketak, batetik; eta emakumeak idaztera animatzea, bertzetik. 16 urte baino gehiagoko emakumeek parte hartzen ahal dute, gaztelaniaz eta euskaraz. Uztailaren 20ra bitarte dago zabalik lanak aurkezteko epea, eta sariak urriaren 23an banatuko dituzte, Lizarrako kultur etxean. 1.200 euroren saria jasoko dute bi hizkuntzetako irabazleek.

"Luxu bat da Lizarran horrelako lehiaketa bat antolatu ahal izatea; Lizarrako Emakumeen Batzarrak egindako lana ezinbertzekoa da, eta, ezinbertzekoa da, halaber, udalaren babesa", erran du Lizarrako berdintasun teknikari Tere Saezek. Aurten, hirugarrenez, hitzarmena sinatu dute emakumeen batzarrak eta udalak, lehiaketa antolatzeko. Gainera, literatur astea ospatzeko asmoa badute bi erakundeok elkarlanean, baina datarik ez dute zehaztu, oraindik ere.

"Feminista naiz; lotsatuko ninduke feminista ez izateak". Horixe erran zuen Maria Maeztuk, 1917. urtean idatzitako artikulu batean. 1881. urtean jaio zen, Gasteizen, eta pedagogo eta humanista handia izan zen. 1915etik 1936ra, Andereñoen Egoitza izenekoa bultzatu eta zuzendu zuen, emakumeen unibertsitateko formakuntza sustatzeko. 1936ko gerrak erbestera eraman zuen, Argentinara, eta han hil zen 1948. urteko urtarrilean. Lizarran dago Maria Maezturen gorpua lurperatuta, halere. Familiak harreman handia izan zuen herriarekin, eta, oraindik ere, han bizi dira hainbat senide.

Euskaraz, oraindik "gutxi"

2015. urtean, hilerrian egin zion omenaldi bero bat Gasteizko Maria Maeztu Forum Feministak pedagogoari. Elkarte horrekin ere badu harremana Lizarrako Emakumeen Batzarrak. 1990eko hamarkadan sortu zuten elkartea, eta ia hasieratik egin du apustu Maria Maezturen figuraren berri emateko lehiaketaren alde.

Batzarreko kide da hasieratik Maria Jose Agirre Pascual, eta ekinaldiak urteotan guztietan izan duen arrakasta nabarmendu du. Izan ere, mundu osoko emakumeek idatzitako lanak jasotzen dituzte Lizarran, urte oro. "Latinoamerikatik anitz bidaltzen dizkigute; eta jaso izan ditugu Australiatik eta Frantziatik ere", azaldu du.

Ehundik gora lan izaten dira, urte oro, lehian. Agirre Pascualek onartu du, halere, euskarazkoak "gutxi" izaten direla, oraindik ere, eta emakume euskaldunak deitu nahi izan ditu, bereziki, aurtengo lehiaketan parte hartzera. Euskaraz zein gaztelaniaz, idazlanek nahi duten gaia jorratzen ahal dute; argitaratu gabeak behar dute izan, eta, gehienez ere, hamar orrialde luze.

Maria Maeztuk emakumeekin eta emakumeentzat lan egin zuela gogoratu du Lizarrako Emakumeen Batzarreko kideak, eta haiek ere helburu hori dutela erantsi du. "Horregatik da gure literatur lehiaketa emakumeentzat; uste dugu espazio seguru eta eroso bat izan daitekeela bertzela parte hartzeko urratsa eginen ez luketen emakumeentzat", nabarmendu du.

Batzarra osatzen duen talde nagusian dozena bat emakume direla aipatu du Agirre Pascualek, baina anitzez ere gehiago direla inguruan dituztenak. Maria Maeztu lehiaketaz gain, bertze hamaika ekinaldi antolatzen dituzte batzarreko emakumeek Lizarran. Herriko mugimendu feministari egin dioten ekarpena nabarmendu du, gainera. "Hasieran, nolabaiteko erreferente bilakatu ginen", erran du Maria Jose Agirre Pascualek.

Argi du haiek erein duten haziak lagundu duela Lizarrako feminismoaren esparruan sortu diren bertze hainbat proiektu loratzen. "Tximeleta taldea sortu zuten emakume gazteek, duela hainbat urte; duela gutxira arte, berriz, Patriahorkado taldea egon da martxan". Bi elkarteok eten egin dute jada beren jarduera, baina feminismoaren esparruan murgilduta jarraitzen dute Lizarrako emakume gazteek, Agirre Pascualek nabarmendu duenez. "Badago kezka", erran du. Bai eta lan egiteko gogoa ere.

Lau pareta baino askoz gehiago

Lau pareta baino askoz gehiago

Edurne Elizondo

Aterpe bat izan daitezke lau pareta. Gehiago behar da etxebizitza bat eraikitzeko, ordea: askatasun eta segurtasun espazio bat izan beharko lukeelako etxe batek, berez. Herritarrek etxean gelditu behar izan duten honetan, agerian gelditu da gizaki orok etxebizitza duin baterako eskubidea izan arren, ustez, eskubide hori beti ez dela bermatzen: etxerik ez duten herritarrak karrikan dira, eta, etxebizitza izan arren, eremu hori ez da espazio seguru bat bertze anitzentzat.

Nafarroako Gobernuak lege bilakatu zuen etxebizitzarako eskubidea, 2018an aurkeztutako testuaren bidez: etxebizitza "duina eta egokia" edukitzea "eskubide subjektibo bat" dela erran zuen, eta, hortaz, administrazioari exijitu ahal zaiola eskubide hori bermatzeko baliabideak jar ditzala.

Horixe egin du orain Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak, etxebizitzaren inguruko "egoera larria" agerian utzi duen txostena Nafarroako Parlamentuan aurkeztu eta gero.

Pobreziaren aurkako sarean 30 erakundek egiten dute bat. 1994. urteko ekainean sortu zuten, bazterketa egoeran ziren pertsonei arreta osoa eskaini ahal izateko. Sarea osatzen duten elkarte guztietan baztertzeko arriskuan diren herritarrak dira erabiltzaile, eta osasunaren, enpleguaren, etxebizitzaren edo formakuntzaren arloko beharrak aztertzea dute helburu.

2019ko irailean, sareak erabaki zuen etxebizitzaren esparrua jartzea fokupean, alor horri buruzkoak zirelako erabiltzaile anitzek azaltzen zituzten kezkak eta arazoak. "2008ko krisi ekonomikoa gertatu zenetik, etxebizitzaren egoera hagitz ezegonkorra da Nafarroan, eta bereziki eragin die bazterketa egoeran diren pertsonei", nabarmendu du Gara Gonzalezek, Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareko kideak. Nafarroan, 2018. urteko datuen arabera, 86.000 pertsona daude bazterketa jasateko arriskuan.

361 elkarrizketa

Sareko taldeek 361 elkarrizketa egin dituzte beren erabiltzaileen artean, eta "kezkagarritzat" jo dute lortutako datuek agerian utzi duten errealitatea: ondorio nagusia da eskaintza ez dela nahikoa dagoen eskaerari aurre egin ahal izateko. "%90ek baino gehiagok berretsi dute zailtasunak izan dituztela etxebizitza bat lortzeko; %31k ez dute lortu etxebizitza beren kabuz aurkitzea, eta, batez bertze, sei hilabete baino gehiago behar izan dituzte etxea lortzeko".

Sareak merkatu librean eta babes ofizialeko etxebizitzen esparruan gertatzen dena aztertu du. Merkatu librean, hain zuzen ere, etxebizitzen prezioa da arazo nagusietako bat. Erabiltzaileen %52k nabarmendu dute auzi hori. Oro har, familiek beren diru sarreren %48 erabiltzen dute etxebizitza ordaintzeko.

Bada sareko erabiltzaileek nabarmendu eta mahai gainean jarri duten bertze arazo nagusi bat: bazterketa arriskuan diren hiru pertsonatik batek sufritu duela arrazakeria etxebizitza bilatu duenean. "Alarma pizteko moduko datua da hori, eta Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko luke", erran du sareko kide Ruben Unanuak.

Babes ofizialeko etxebizitzen arloan esku hartzeko aukera gehiago du administrazioak, ustez, baina esparru horretan ere badira arazoak. "Eragiteko tarte handiagoa du gobernuak, baina, neurriak hartu direla onartu arren, eskaintzaren eta eskaeraren arteko desoreka da nagusi, oraindik ere", erran du sareko Edurne Redinek. Erantsi du, gainera, oraingo legegintzaldia amaitzen denerako orain babes ofiziala duten etxebizitza batzuek galdu eginen dutela. "Beraz, legegintzaldiaren hasieran baino etxe gutxiago izanen ditugu amaitzen denean".

Etxebizitza kopurua ez da arazo bakarra: etxebizitza ereduan ere bada zer aldatu, Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak agerian utzi duenez. "Duela 20 edo 30 urteko familientzako etxebizitzak dira oraingoak ere; gela bakarreko gutxi daude, adibidez. Egonkortasuna behar dugu, eta familien beharrei erantzuten dieten etxebizitza babestuak".

Arazoak programetan

Bada bertze arazorik administrazioak etxebizitzaren arloan garatutako politiken esparruan, Redinek parlamentarien aurrean nabarmendu duenez. Zehazki, VAIS programan antzeman dituztenak aipatu ditu sareko kideak.

Inklusio Sozialerako Alokairuzko Etxebizitzen programa da VAIS, eta arduradunak dira Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Gizarte Eskubideen departamentuak, eta arlo sozialean ari diren bost erakunde. "Programaren arazo nagusia da etxebizitza nahikorik ez dagoela". Edurne Redinek nabarmendu du azken urteotan %60 egin duela behera programan sartu diren familien kopuruak. 2016. urtean, adibidez, 50 familia ziren, eta 2019. urtean, berriz, 20.

Programan diren familiek etxebizitza lortzeko itxaron behar duten denborak ere egin du gora, sareko kideek agerian utzi dutenez: bizpahiru hilabetez egon behar zuten zain duela zenbait urte, eta, orain, berriz, bada bi urte luze zain dagoen familiarik.

Etxebizitzarik ez dutenentzako programan gertatzen dena ere aztertu dute sareko arduradunek, bertzalde, eta salatu dute esparru horretan ere baliabideak eskasak direla. "Egun, lau etxebizitza daude etxerik ez dutenentzako programan. Badakigu Nafarroako Gobernuak kopuru hori handitu nahi duela, baina bikoiztuko balu ere, ez luke egun dagoen arazoa konponduko, hogeita bost pertsona inguru baitaude programan sartzeko zain".

Larrialdi egoeran diren familientzako programa aipatu du Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak, hirugarrenik. Programa horrek artatzen ditu larrialdi egoera batean direnak, baina, ustez, hiru urteko epean etxebizitza lortzeko aukera izan dezaketenak. "Gertatzen ari da etxebizitzaren arloan dauden zailtasunengatik familia horiek ez dutela bertzerik aurkitzen, eta, ondorioz, ezin dute programa utzi. Aldi berean, larrialdi egoeran egon daitekeen bertze familiarik ere ezin da sartu", salatu dute sareko arduradunek.

Errolda, eskubideen gako

Etxebizitza bat lau pareta baino anitzez gehiago da; bertzeak bertze, gaur egun etxebizitzarekin lotuta daudelako herritar ororen bertze oinarrizko eskubide batzuk ere. Horixe nabarmendu du Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Kontrako Sareak, eta horregatik eskatu die Nafarroako Parlamentuko taldeei esku har dezatela.

Esparru horretan, gako nagusietako bat errolda dela erantsi dute sareko kideek, eta bazterketa arriskuan diren pertsona anitzek erroldatzeko dituzten zailtasunak jarri dituzte agerian. "Etxebizitza duinik ez izateak ekartzen du okerrera egitea familien eta norbanakoen ongizateak eta osasunak. Etxebizitza da norbanakoari gizarteko kide izateko aukera ematen diona, egungo sisteman. Horregatik, erroldarik gabe, eskubiderik gabe gelditzen dira herritarrak". Erroldaren arazoak eragiten die Iruñeko espetxean preso diren pertsonei ere. "Kartzelak ez die uzten Iruñean erroldatzen", azaldu dute sareko kideek.

Berretsi dute erroldak ematen duela bertzelako zerbitzuak jasotzeko aukera, eta, erroldarik gabe, ondorioz, baztertzeko arriskuan diren pertsonen egoerak okerrera egiten duela. "Egun, etxebizitza egokirik gabe, nekez garatzen ahal da bizitza proiektu bat", laburbildu dute.

Sareak txostena egin eta gero, bertze hainbat kolektibok ere egin dute bat sareko taldeek egindako salaketarekin, eta neurriak eskatu dituzte etxebizitzaren egoerak hobera egin dezan. Bertzeak bertze, SOS Arrazakeriak, Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformak eta CEAR erakundeak babestu dute pobreziaren aurkako sarearen lana. Etxea ez baita gauza bera herritar guztientzat.

Bildumarik emankorrena

Bildumarik emankorrena

Edurne Elizondo

Aitzindaria, ausarta, abangoardista". Roldan Jimeno Aranguren historialariarenak dira hitzak, Jose Maria Jimeno Jurio bere aita zenari buruz erranak. Zehazki, Artaxoako historialari eta etnografoak memoria historikoaren esparruan egindako lana nabarmendu nahi izan zuen Jimeno Arangurenek, otsail amaieran, aitaren ikerketak oinarri hartuta argitaratutako azken lana aurkezteko Nafarroako Jauregian egindako ekinaldian.

Represión en Navarra, 1936-1939. Trabajo de campo y archivo (finales de 1974-principios de 1981) izenburuko obra argitaratu du Pamielak, zehazki, Udalbiderekin eta Euskara Kultur Elkargoarekin batera.

Nafarroako Gobernuak ere parte hartu du, Erakundeekiko eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren bitartez, eta konpromisoa hartu du lana osatzen duten bi liburukiak herrialdeko liburutegi publiko guztietan eskuragarri jartzeko.

Departamentu horren barruko Nafarroako Memoriaren Institutuko dokumentazio zentroan, gainera, Jose Maria Jimeno Juriok herriz herri egindako ikerketari buruzko fitxak digitalizatu dituzte, herritarrek eta ikerlariek erabil ditzaten.

Plazara espazioan jendaurrean aurkeztu behar zituzten Jimeno Jurioren azken bi lanok, joan den astean, baina ekinaldia bertan behera utzi zuten, koronabirusari aurre egiteko neurrien eraginez. "Pena da", onartu du Jimeno Arangurenek. Izanen da, halere, bertze aukerarik, Artaxoako ikerlariaren lanak herritarrentzat erabilgarria delako baitu balio erantsia. Hau da, herritarren esku du lan horrek bere zentzu osoa.

Jimeno Juriok 1974. urtean hasitako lana bada emankorra oraindik ere: "Azken urteotan, 1936an fusilatutakoen gorpuak lurretik ateratzeko lanetan ere erabili izan dituzte aitak jasotako informazioak", erran du Jimeno Arangurenek.

Orain bereziki preziatuak dira Jimeno Juriok jasotako informazio, datu eta testigantza guztiak, ikerlariak elkarrizketatutako herritar gehienak hilik baitira jada. Haien memoria, beraz, artaxoarraren fitxetan eta testuetan gelditu da, betirako. Herritarren ahotsa jaso zuen ikerlariak, eta artxiboz artxibo ere ibili zen, datu bila.

Fitxa eta testu horiek izan dituzte oinarri Jimeno Jurioren ondotik memoria historikoa jorratu duten ikerlari guztiek, Jimeno Jurio lanean hasi zenean bertze inor ez baitzen errepresioaren auzia lantzen ari Espainiako Estatuan.

Herritarren kontakizuna

Jimeno Jurio 1974. urtean hasi zen ikertzen 1936. urteko altxamendu militarra gertatu eta geroko errepresioa eta garbiketa politikoa. 1981. urtera arte aritu zen, herriz herri, biktimen senideekin eta lagunekin hitz egiten, herritarren kontakizuna jasotzen. Idazmakina erabili zuen jasotako datu horiek guztiak antolatzeko eta sailkatzeko. Gaika sailkatu zituela gogoratu du Jimeno Jurioren semeak, hain zuzen ere, ikerlariaren asmoa zelako egindako lana baliatzea errepresioaren inguruko bi liburu osatzeko.

Nafarroan gertatutakoa jaso nahi zuen liburu horietako batean, eta bigarrenean, berriz, zehazki Sartagudako kasuan jazotakoa. Lan hori egin gabe utzi behar izan zuen, ordea: heriotza mehatxuak jaso zituen.

Orain Pamielak argitaratutako lanak, beraz, bete egin du, nolabait, Jimeno Jurioren desioa. Proiektuko lehendabiziko bi liburukiak dira orain aurkeztu dituztenak, baina editoreak bertze hiru prestatzen ari dira jada.

Lehendabiziko bi liburuotan Jimeno Juriok egindako fitxak jaso dituzte, zehazki. Jimeno Juriok gaika antolatu zituen bere fitxak, baina Jimeno Arangurenek eta Pamielako David Mariezkurrenak prestatutako edizioan nahiago izan dute informazioa herrika antolatu. Lehen liburuan, beraz, Ablitas eta Martzilla arteko herrietako fitxak jaso dituzte; bigarrenean berriz, Melida eta Ziordia artekoak.

Denera 90 herritako 3.566 fitxa osatu zituen Jimeno Juriok. Haietako batzuetan egilearen zalantzak ere gelditzen dira agerian, bi iturrik emandako bi bertsio kontrajarri jasotzen baitituzte, adibidez. Editoreek "bere horretan" utzi nahi izan dituzte, argi uzteko liburuak jaso duela ikerketa egindako garaiko ezagutza eta informazioa. Ikertzeko zailtasunak ugariak ziren, garai hartan, eta hori ere islatzen du oraingo lanak.

Prestatzen ari diren bertze hiru liburuetan Jimeno Juriok egindako elkarrizketak jasoko dituzte proiektuaren arduradunek, hain zuzen ere. Elkarrizketa horiek zuzenean argitaratuko dituzte, ikerlariak bere garaian jaso zituen bezala.

"Material hori guztia memoria historikoa jorratzen jarraitzeko tresna da oraindik ere", nabarmendu du Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Roldan Jimeno Arangurenek proiektuan izan duen parte hartzea nabarmendu du. "Bere asmoaren berri eman zigunean, gobernuak argi izan zuen babestu behar zuela; ez genuen inolako zalantzarik izan". Ollok Jimeno Jurioren familiaren "eskuzabaltasuna" eskertu du, Nafarroako Memoriaren Institutuaren esku uzteagatik ikerlariak egindako lana.

Ikerlariaren lan osoa

Jose Maria Jimeno Jurioren obra zabaltzea da Artaxoako ikerlariaren familiaren helburua, hain zuzen ere. Orain argitaratutako bi liburuak proiektu handiago baten barruan plazaratu dituzte: Jimeno Jurioren lan osoa argitaratzeko proiektuaren barruan, alegia. Azken bi liburukiak kontuan hartuta, Pamielak 56 lan plazaratu ditu jada, argitaletxeko kide David Mariezkurrenak nabarmendu duenez.

Titiak, begiradak hezteko

Titiak, begiradak hezteko

Uxue Rey Gorraiz

Emakumeek emakume izateagatik jasaten dituztenak islatzen dituzte Titiak erakusketako 33 piezek. Hogeita hamar emakume artistak hartu dute parte proiektuan. Nork bere pieza bere estilo eta ikuspuntuarekin landu du, baina helburu komunak dituzte denek: batik bat, sexu indarkeria salatzea, emakumearen gorputzaren errespetua eskatzea, eta arlo guztietako berdintasuna. Proiektuaren bultzatzaile Natalia R.k jasan zuen sexu jazarpena du abiapuntu.

Sexu jazarpena pairatu zuen lanean Natalia R.k bi urtez, enpresa multinazional batean, Madrilen. Zuzendarietako bat zen erasotzailea. Gogoan du orduan ez zela gai jasaten ari zenari izena jartzeko, "zurrunbilo" batean sartuta zegoela, eta "fisikoki eztanda" egin zuela azkenean. Urtebete bajan egon, eta ordura arte ez zen kapaz izan inori jasandakoa kontatzeko. Behin dena azalduta, ordea, enpresak erasotzailea babestu zuen. "Erabat zokoratua sentitu nintzen. Isildu egin nahi izan ninduten, eta argi izan zuten boteretsuenaren alde jartzea komeni zitzaiela".

Lantokietako sexu jazarpenetan matxismoak ez ezik botere harremanek ere agintzen dutela adierazi du, eta biktima "are babesgabeago" egotea dakarrela horrek.

Gertatutakoaren inguruan sortzen den "morboa" ere gogor kritikatu du Natalia R.k, bere esperientzian oinarrituta. "Milaka galdera egiten dizkizu jendeak; erantzunak nahi dituzte etengabean, eta ez dira ohartzen zein mingarria den behin eta berriz gogoratu behar izatea".

Egoera latz hori atzean uzteko, zeramika tailer batean aurkitu zuen Nataliak ihesbidea. Gainera, terapeutek gomendatuta, Madril utzi, eta Iruñera etorri zen bizitzera. Jada hemen zela, Oscar Guerrero artista eskulangileak lagunduta abiarazi zuen Titiak.

Bere gordinean

Erakusketak ezin izanen zuen beste izenik eduki, Natalia R.ren esanetan. Bere eskuez landutako titiak izan dira guztiaren abiapuntua, eta 33 artelanen mihisea. Titiak aukeratu ditu, azaldu duenez, horiek direlako emakume gehienen gorputza sexualizatzeko elementu nagusia. Titiak erakusten ditu erakusketak, eta titiburuak, "zentsurarik gabe". Hain zuzen ere, hau irakur daiteke Marta Tapia (Arte con M) artistaren piezan idatzirik: "Ez zentsuratu nire titiak, hezi zure begirada". Ikusleak bere jarrera aztertzea nahi du erakusketak, gogoeta eta aldaketa eragiteko.

Natalia R.k nahita utzi du bere pieza kolorerik gabe, zuri, hain zuzen ere, purua den zerbait irudikatu nahi izan duelako. "Nire minaren eta erru sentimenduaren isla da, hori baita egoera horietan zeure buruari egiten dizkiozun galdera guztiek eragiten dutena. Denetik pasatzen zaizu burutik, eta zuri hori gertatzeko zer egin ote duzun galde egitera ere iristen zara". Sexu jazarpena gertatzen denetan errepikatzen den egoerak sortzen du erreakzio hori bere ustez, biktimari leporatzen baitzaio errua, erasotzaileari baino gehiago.

Lan artistikoan genero berdintasunaren alde aktiboki konprometituta dauden beste 29 emakume artistak hartu dute parte proiektuan, Natalia R.ren bidelagun. Nork bere erara margotu du pieza, eta libre izan dira nahi izan duten mezua zabaltzeko. "Bizipen izugarri gordinak" daude pieza batzuen atzean, eta "indarra eta borrokarako grina" irakur daiteke beste batzuen zertzeladetan. Liebana Goñi iruindarrak, esaterako, "ozen marru egiteko deia" egin du bere piezan, bere iritziz, bide honetan "ezinbestekoa" baita bakoitzak bere historia kontatzea. "Emakume guztiok bizi izan dugu jazarpenen bat, izan eskatu ez dugun piropo bat, ukipen bat, edo eraso bortitzago bat", azaldu du.

Uxue Bereziartua hernaniarrak lorez apaindu ditu bere piezako titiak, emakumeen ahalduntzea irudikatzeko loratzearen bidez. Azaldu du, gainera, artea aldarrikapen publikoetarako tresna oso eraginkorra dela "gaur egungo gizarte azkar honetan". Terapia bat ere badela dio, "pertsona batek barruan duena askatzeko modu ona baita".

Errealitate asko biltzen dituzte Titiak-eko artelanek, baina denek dute oinarri feminista, eta guztiek dute emakumearen gorputzaren desexualizazioa helburu. Emaitza "oso estetikoa" dela aitortu du Natalia R.k, baina, aldi berean, mezua "oso zuzena" dela. "Arazoari ikusgarritasuna eman nahi diogu bizipen horiek guztiak kontatuta, baina ez dugu horretara mugatu nahi. Aldaketak eskatu nahi ditugu, benetan aurrerapausoak egin daitezela galdegin".

Gainerako erakusketa eta jarduera kultural guztien antzera, koronabirusak behin-behinean ateak ixtera behartu du Iruñeko Kondestablea. Halere, Titiak Euskal Herriko gainerako hiriburuetara eramateko asmoa bada, baita landa eremuko herrietara ere, ahal den neurrian. "Matxismoa ere pandemia bat baita".

Hutsetik hasteko eskubidea

Hutsetik hasteko eskubidea

Edurne Elizondo

Gerra aurreko Siria nolakoa zen azaltzen hasi da, baina Yumana alabaren hitzek moztu egin dituzte Sultana Shiroren oroitzapenak: "Siria zen... bonbak: bonbak eta bonbak", erran du 9 urteko neskatoak.

Familia Alepotik atera zenean 3 urte zituen. Amaren altzoan egin zuen Turkiatik Greziarako bidea, plastikozko txalupa baten gainean. "Nola ez nuen, ba, beldurra sentituko? Beso batekin Yumanari heltzen nion, eta bertzearekin, Farahri. 60 pertsona ginen txalupa barruan. Ezin nintzen mugitu, eta ez dakit igeri egiten. Hiru ordu eta erdi eman genituen itsasoan", kontatu du Shirok.

Duela urtebete luze ailegatu zen Uhartera, Yumana eta Farah alabekin eta Ahmad Hammo senarrarekin. "Ongi gaude hemen, lasai". Baina Shiroren begiradan, oraindik ere, sumatzen da argi ilun bat: Sirian gelditu direnak ditu gogoan; Sirian hil zirenak ere bai. Azken asteotan, gainera, hedabideen bitartez Greziatik ailegatu diren irudiak ikusi ditu, eta tristurak eta amorruak harrapatu dute emakume kurdua. "Kolpeka hartu dituzte errefuxiatuak Grezian; Turkiak, gainera, gure herria bonbardatu du; kurdu anitz hil dituzte", erran du.

Hutsetik hasteko eskubidea aldarrikatu du Shirok. "Alepon guk jada ez dugu etxerik; bonbek suntsitu zuten. Ez dugu deus". Hutsetik hasi, bertze biderik ez dute.

Bihar, manifestazioa

Europa errudun; genozidioa gelditu lelopean, elkarretaratze bat egin zuten joan den ostiralean, Iruñeko Udaletxe plazan. Shirok eta Hammok pozgarritzat jo dute herritarrak mobilizatu izana Europak migratzaileen aurka hartu duen jarrera salatzeko. Iruñea Harrera Hiria, SOS Arrazakeria, Paperak Denontzat, Mugak Zabalduz Karabana eta Zaporeak kolektiboek antolatu zuten duela astebeteko protesta, eta bihar ere karrikara deitu dituzte herritarrak: manifestazioa eginen dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Iruñekoa 18:00etan hasiko da, autobus geltokian.

Kolektibo horiek mahai gainean jarri dute Europak duela Grezian eta Turkian migratzaileekin gertatzen ari denaren ardura; eta mahai gainean jarri dute, halaber, Mendebaldeko herrietako gobernuen jarduerak lotura zuzena duela Sirian eta inguruko herrietan piztutako gatazkekin. "Giza eskubideak errespeta ditzatela exijitzen dugu: Europak zabal ditzala bere mugak eta berma ditzala bide seguruak Europara etorri nahi dutenentzat".

Europako agintariek, ordea, kontrako bidea hartu dute orain arte. Duela lau urte, Europako Batasunak akordio bat sinatu zuen Turkiarekin: 6.000 milioi euroren truke, migratzaileentzat harresi bilakatzeko konpromisoa hartu zuen herri horrek. Zehazki, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak zin egin zuen EBrako migrazio fluxua etengo zuela, eta 3,7 milioi errefuxiatu Turkiako lurretan geratuko zirela.

Turkiak eta Europak hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi dituzte orain, eta Turkiako presidenteak argi utzi du, batez ere, diru gehiago nahi duela. Europako agintariak presionatzeko, hain zuzen, Turkiak Greziarekin duen muga irekitzeko agindu zuen otsail amaieran. Eta, Grezian, Poliziak kolpeka eta tiroka hartu ditu muga zeharkatzen saiatu diren errefuxiatuak; gutxienez bi migratzaile hil dituzte. Lesbos eta Kios uharteetan, gainera, faxista talde antolatuak migratzaileak erasotzen aritu dira, polizien begiradapean. Greziari "eskerrak" eman dizkio Ursula Von der Leyen Europako Kontseiluko presidenteak, "Europako ezkutua" izateagatik.

Greziatik ailegatu diren irudiek tristura eragin diete Shirori eta Hammori. Ezinbertzean gogoratu dituzte han pasatu zituztenak. 2011. urtean lehertu zen gerra Sirian, eta 2014an erabaki zuen familiak handik ateratzea. Lehen urratsa izan zen Alepotik ateratzea. "Senarraren gurasoak Afrin herrian bizi dira; haien etxera joatea nahi zuten, baina Ahmadek ez zuen Alepotik atera nahi", gogoratu du Shirok.

Azkenean, mugitzea erabaki zuten. Hammok taxi bat gidatzen zuen gerra piztu baino lehen, baina gatazkaren eraginez lanik gabe gelditu zen. "Lanik eta dirurik gabe; egoera gero eta latzagoa zen, gainera. Polizia zegoen batetik, eta mafiak bertzetik. Edozein tokitara joatea arriskutsua zen. Lagun anitz galdu ditut. Nire ondoan hil dituzte haietako batzuk", kontatu du Hammok.

Afrinen eman zituzten hainbat hilabete, Hammoren gurasoen etxean. "Afrinera ailegatu eta handik aste gutxira, bonba batek gure etxeko hainbat gela hondatu zituen; bertze batek erabat txikitu zuen gero. Deus gabe gelditu ginen", azaldu du Shirok.

Gogoan du, batez ere, egun haietan sentitu zuen beldurra. Beldur horrek eraman zuen familia sorterritik ateratzeko erabakia hartzera, hain zuzen ere. Turkia izan zuten lehendabiziko helmuga. "Senarra joan zen lehendabizi; karrikan egon zen bizitzen, lan bat lortu zuen arte. Dirua lortzea zen kontua, familia guztia Turkiara mugitzeko".

Kolpeak eta negarra

Deus gabe atera ziren senar-emazteak eta bi alabak Siriatik. Muga zeharkatzen lagundu behar zien gizonak eskatutakoa ordaintzeko erabili zuten bildutako azken dirua. "Mugara ailegatu, eta Turkiako Poliziak hartu gintuen. Senarra jotzen hasi ziren". Kolpeak ahaztu zaizkio Hammori, baina ez, ordea, emaztearen eta alaben negarra. "Beldurrak hartu gintuen". Azkenean, aske utzi zituzten. Eta hiru urteko etapa hasi zuen familiak, Turkian.

Hiru urte horiek "hagitz gogorrak" izan zirela nabarmendu dute Hammok eta Shirok. "Hamaika orduz lan egin behar nuen, soldata txiki baten truke". Etxebizitzetako hezetasuna du gogoan Shirok, eta giro horrek Farah alabari kalte egiten ziola kontatu du. "Asma du, baina botikak hagitz garestiak ziren, eta ezin genituen erosi. Paperik gabe, gainera, ospitalean ez gintuzten artatzen".

Senarra gaixotu zenekoa ekarri du Shirok gogora. "Larrialdietara joan, eta bota egin gintuzten, paperik ez genuela ohartu bezain pronto". Azkenean, lagun baten agiriak erabili zituzten bertze ospitale batean Hammok behar zuen zaintza jaso zezan. "Zorionez, artatu egin zuten, paperak bereak ez zirela jakin arren".

Turkiara ailegatu zirenetik, Greziara joatea zuten helburu Shirok eta Hammok. "Europan gure egoerak hobera eginen zuela uste genuen; lortuko genuela bizitza hobe bat, eta hutsetik berriz hastea", erran du Sultana Shirok.

Baina bidea ez zen batere erraza izan. Plastikozko txalupa gaineko hiru ordu eta erdiko bidaiak eraman zuen familia Greziara. Lurra ukitu bezain pronto gobernuz kanpoko erakundeek eta boluntarioek egindako harrera biziki eskertu zutela erran du Shirok. "Arropa eman ziguten, eta jatekoa". Errefuxiatuentzako gune batera eraman zuten familia, Atenas hiriburutik hiruzpalau ordura. "Hotel zahar bat zen; dena zegoen hondatua, eta baldintzak kaskarrak ziren".

Hala eta guztiz ere, ez zuten itxaropena galdu. "Hobera eginen genuela uste genuen; lortuko genuela gure bizitza proiektu berria martxan jartzea", erran dute senar-emazteek. Sultana Shiroren ahizpa bat Alemanian bizi da, eta Ahmad Hammok ere senideak ditu han. Horregatik, Alemaniara joan nahi izan zuen familiak, Greziara ailegatu zenetik.

"Baina ez ziguten utzi; Greziako agintariek Madrilera joateko aukera baino ez ziguten eman. Familia anitzi gertatu zitzaion hori: herri batean senideak izan arren, bertze batera bidaltzen zituzten, inolako loturarik ez zuten bertze herri batera. Eta guk ezin genuen deus erabaki", azaldu du Shirok.

Madrilerako bidea hartu zuen familiak, halabeharrez. Baina handik Alemaniara joan zen. "Alferrik. Berriz ere Madrilera bidali gintuzten". Eta Madrildik, Euskal Herrira ailegatu ziren, duela urtebete luze. Iruñeko Mendillorri izan zuten lehendabiziko aterpe, eta, iaztik, Uharten bizi dira.

CEAR erakundearen babesa

Gaztelania ikasteko eskolak senar-emazteentzat eta ikastetxeko errutina alabentzat. Jarduera horiek bete dute familiaren egunerokoa hilabeteotan. Madrilera ailegatu zirenetik, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen babesa izan dute Shirok eta Hammok. "2023. urtera arte dugu eman diguten nazioarteko babesa; gero bertze bost urtez berrituko digute, eta hurrengo urratsa izanen da hiritartasuna lortzea", azaldu du Sultana Shirok.

Ez du buruan Alepora itzultzeko aukera. Baina ezin du barrutik atera han gelditu direnenganako kezka. Ama eta aitarekin mintzatzen da hilabetean behin, baina familia urrun izatea "mingarria" dela onartu du. Hammorentzat ere zaila da egoera. "Turkia Afringo kurduak bonbardatzen hasi zenean, gurasoek etxetik ihes egin, eta mendira joan behar izan zuten, babes bila", kontatu du, kezkaz.

Sultana Shirok 31. urtebetetzea ospatu du asteon. Sorterritik kanpo, berriz ere, baina ospatu egin du. Ospatu nahi izan du, eta egin du barre, familiarekin eta Uharten egindako lagunekin. Bideo batean jaso du besta, familiari bidaltzeko. Alepon prestatzen zituen goxoak ere egin ditu, Uharteko bere sukaldean. "Baina ez zaizkit ongi atera. Ez dute han zuten zapore bera. Ez dira berdinak".

Muskilda herriarena dela berretsi dute

Muskilda herriarena dela berretsi dute

Edurne Elizondo

Muskildako baseliza, herritarrena: horixe aldarrikatu zuen Otsagabiko Udalak, 2012. urtean, auzitara jotzea erabaki zuenean, eta horixe bera aldarrikatu du orain berriz ere, auzia epaitegi batera itzuli denean.

Iruñeko Artzapezpikutzak bere izenean erregistratu zituen Muskildako baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak 1999. urtean. Erabaki horren kontra egin zuen udalak 2012an, eta, epaiketa egin eta gero, arrazoia eman zion Agoizko epaitegiak, 2017. urtean.

Elizak, baina, ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztea erabaki zuen azkenean, eta, ondorioz, egunotan Nafarroako Probintzia Auzitegian ari dira auzia aztertzen, berriz ere. Bi aldeetako abokatuek azken ondorioak aurkeztu eta gero, hain zuzen ere, sententziaren zain geldituko da epaiketa, datorren astean.

XII. mendekoa da Muskildako baseliza. Otsagabiko herritarrentzat toki hagitz preziatua da, zalantzarik gabe. Haiena da eraikina, baina Itzaltzutik eta Ezkarozetik ere joaten dira haraino erromerian. Irailaren 8an ospatzen dute Muskildaren eguna. Baselizaren barruan, hain zuzen, semea besoetan duen Ama Birjinaren tailla gotiko bat dago.

Iruñeko Artzapezpikutzak Espainiako Gobernuak Hipoteka Legean egindako aldaketa bat baliatu zuen ondarea bere izenean jartzeko, 1999an. Zehazki, 1946. urteko legea moldatu zuen PPko Jose Maria Aznarren gobernuak, 1998an. 1946. urteko lege horri esker, hamaika toki immatrikulatu zituen Elizak, eta 1998an moldatu eta gero, gurtzarako lekuak ere bere izenean jartzen hasi zen.

Otsagabian, 2007. urtean jakin zuten Elizak beretzat hartu zuela Muskildako baseliza, prentsan agertu zelako horren berri. Zehazki, Ondarearen Defentsarako Plataformak egindako lanari esker hasi ziren herritarrak errealitateaz jabetzen. Artzapezpikutzako arduradunekin hainbat bilera egin zuten herriko agintariek, konponbide bat negoziatzeko asmoz, baina ez zuten lortu. Ondorioz, auzitara jotzea erabaki zuten, baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak berreskuratzeko.

Otsagabiko Udalak zehazki 2012. urtean jo zuen auzitara, baina 2014. urteko irailera arte ez zuten epaiketa egin, Agoizko auzitegian. Otsagabiko herritarren abokatu Ana Clara Villanuevak Roldan Jimeno historialariak egindako txostena baliatu zuen epaiketa hartan, bertzeak bertze. Egunotan Nafarroako Probintzia Auzitegian egiten ari diren epaiketan ere parte hartu du Jimenok, eta aurretik errandakoa berretsi du historialariak epailearen aurrean: Muskilda herriarena dela, alegia.

Jimenok baselizari buruz egindako txostenak eraikinaren inguruko agiriak ditu oinarri: "Botere laikotik eta Elizatik baselizara egindako bisiten inguruko agirietan, Muskilda herriarena dela zehazten da; XIX. mendean, halaber, Muskilda mendia eta hango baseliza Otsagabiarenak direla jaso zuten", nabarmendu du Jimenoren lanak, bertzeak bertze.

Muskilda XII. mendekoa da, baina XVII. mendekoak dira baselizan egindako moldaketa nagusiak. Orduan ere, baseliza bereganatu nahi izan zuen Elizak, baina ez zuen lortu: herritarrek erretaulan, ateetan eta abarretan zehaztu zuten lanak Otsagabiak egin zituela. Herriak, alegia.

"Behar dena"

Gerta daiteke oraingo epaiketako sententzia Muskildako baselizari buruzko azkena ez izatea, helegitea aurkezteko aukera izanen baita, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian. Otsagabiko alkate Carmen Rekaldek argi utzi du, hain zuzen ere, herritarrak "behar dena egiteko prest" direla Muskilda beraiena dela argi gera dadin.

Kontrakoa da Iruñeko Artzapezpikutzaren tesia. Elizaren abokatuak epaiketan defendatu du baseliza eraiki eta hornitu izanak berez dakarrela "jabetzaren transferentzia": hau da, jabetza Elizaren esku utzi gabe ez dagoela tokia sagaratzerik.

Bi aldeetako abokatuek beren azken ondorioak aurkeztuko dituzte datorren astean, eta, ondorioz, sententziaren zain geldituko da epaiketa.

Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak arreta handiz erreparatu dio Muskildari buruzko prozesu guztiari. Elkarteko kideek argi dute, halere, Elizak bere izenean erregistratutako eraikinen aferak "konponbide orokor bat" behar duela.

Ez dira gutxi Elizak bere izenean jarritako etxeak, hain zuzen ere: 5.000 immatrikulazio baino gehiago egin ditu herrialdean, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak abenduan emandako datuen arabera. Espainiako Estatuan 100.000 izan daitezkeela nabarmendu du elkarte horrek.

Otsailean, oraingo Nafarroako Gobernuko agintariekin lehen bilera egin zuten plataformako ordezkariek, eta Maria Txibite presidenteari eskatu zioten "arazoari eusteko". Txibitek erantzun zuen gobernuak "interesa" baduela Elizak egindako immatrikulazioen auzia jorratzeko. Plataformak, bertzeak bertze, immatrikulazioen inguruko datuak lortzen jarraitzeko laguntza eskatu dio gobernuari.

Segurtasuna nahi dutelako

Segurtasuna nahi dutelako

Edurne Elizondo

Beran egin zuten, duela astebete, eta Uharten eginen dute, bertze astebete barru: N-121-A errepideko trafikoa etengo dute, Nafarroako Gobernuari eskatzeko neurriak har ditzala; neurriak, zehazki, segurtasuna bermatzeko. Urtea hasi zenetik, lau pertsona hil dira Iruñea eta Irun lotzen dituen bide horretan; 2010etik 2019ra, 31 dira zendutakoak: epe berean Nafarroako errepideetan hildako guztien %9, alegia.

N-121-A errepideak ukitzen dituen herrietako agintariek argi dute arazo nagusia zein den: kamioiak, ibilgailu astunen kopuruak etengabe egin baitu gora 1997. urtean Belateko eta Almandozko tunelak zabaldu zituztenetik. Horregatik nahi dute hautetsiek kamioiek A-15 autobia erabil dezaten. Gaur egun, 11.000 ibilgailu inguru igarotzen dira egunean N-121-A errepidetik; horien laurdenak dira kamioiak. Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarri ditu hainbat proposamen, baina, oraingoz, herritarrak ez dira kontent.

Joan den ostiralean Beran egindako protestak ederki islatu zuen zenbaterainokoa den N-121-A errepidearen erabiltzaileen haserrea eta amorrua: 1.500 pertsonak baino gehiagok egin zuten bat, 19:30ean, alkateek deitutako bide mozketan. Ordubetez hartu zuten errepidea, eta manifestazioa egin zuten Segurtasuna, gure lehentasuna lelopean. Baztan-Bidasoko eta inguruko bertze hainbat herritako jendea bildu zen. Denera, 29 udalerrik babestu zuten joan den asteko protesta, eta, gainera, Uhartekoan parte hartzera deitu dute.

Beran, denek zuten buruan bidea itxi zuten toki berean duela egun gutxi gertatutako istripua: 53 urteko Lesakako gizon bat zendu zen han, otsailaren 25ean, kamioi baten kontra jota. Urtarrilaren 11n gertatutako istripuak ere Bortziriak kolpatu zituen: Igantziko 19 urteko gazte bat eta Arantzan etxea zuen 21 urteko Donostiako bertze bat zendu ziren Olaguen, errepide berean. Eta Arantzakoa zen, halaber, otsailaren 6an N-121-A errepidean Irunen jazotako istripuaren ondorioz zendutako gizonezkoa.

2+1eko errepidea

"Segurtasunak kezkatzen nau; egunero egiten dut joan-etorria, eta ez da samurra; kamioi anitz dago, eta beldurra ematen du". Teresa Rojo lesakarrarenak dira hitzak. Iruñean egiten du lan, eta, ondorioz, egunean bitan egiten du errepidean gora eta behera. "Zenbatu izan ditut nirekin gurutzatu diren kamioiak, eta 150 baino gehiago ere izan dira". Kamioi horietako anitzek nazioarteko zama garraiatzen dute, eta horiek dira, nagusiki, udalek errepidetik atera nahi dituztenak.

Nafarroako Gobernuak, baina, ez du aukera hori ontzat eman oraingoz, eta N-121-A errepidea 2+1 bideko errepide bilakatzea lehenetsi du. Zehazki, bost zatiko proiektu bat egin du, eta lehendabizikoa uda baino lehen esleitu nahi du, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusi Pedro Andres Lopezek iragarri duenez. Lopezen hitzetan, gobernuaren proiektuak zehaztu du bidean zortzi biribilgune egitea, eta horrek ekarriko du kamioilariek, berez, A-15aren aldeko hautua egitea.

Nafarroako Parlamentuak otsailaren 27an onartu zituen 2020rako aurrekontu nagusiak: milioi bat eurokoa da N-121-A errepidea 2+1eko bide bilakatzeko zehaztutako diru saila. Espainiako Sustapen Ministerioak, gainera, hamar milioi euroko diru laguntza onartu zuen obra hori egiteko, abenduan. Denera, 80 milioi euro da aurrekontua.

2+1eko konponbidearen alde egin du Nafarroako Gobernuak, baina Bortzirietako, Baztango, Malerrekako, Ultzamako, Uharteko eta protestekin bat egin duten gainerako herrietako alkateek ez dute uste neurri hori nahikoa denik. Berretsi dute "segurtasunaren alde ezinbertzekoa" dela salgaien nazioarteko garraioa N-121-A errepidetik ateratzea. "Badakigu neurri magikorik ez dela existitzen eta ziur aski bat baino gehiago jarri beharko direla martxan dugun gaitza hutsean uzteko, baina behin eta berriz erranen dugu premiazkoa dela nazioarteko zama garraioa desbideratzea", nabarmendu dute.

Berako bidea oztopatzean lelotzat hartutako esaldia hartu dute helburu nagusi: segurtasuna jo dute lehentasun, alegia. Horregatik, argi utzi dute ez dutela onartuko "interes ekonomikoak" jartzea inguruko bizilagunen segurtasunaren gainetik. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek auzi horri buruz zer iritzi duen ere jakin nahi dute, eta bilera bat eskatu diote asteon, N-121-A errepideari buruz hitz egin ahal izateko.

ANET da Nafarroako garraio enpresen erakundea, eta elkarteko idazkari nagusi Ignacio Orradrek ez du ontzat jo kamioiak N-121-A errepidetik atera behar izatea. "Hori da kamioientzako bide naturala, eta horren alde egin nahi dugu". Gero eta gehiago dira N-121-A errepidea erabiltzen dutenak, eta horrek, trafikoa zaildu ez ezik, izan du bertze ondoriorik: hamaika gasolindegi ireki dituzte errepide horren bazterretan. Herritarrek eta alkateek argi dute: segurtasuna nahi dute. Hori dute lehentasun.

Euskaldunena ere izan dadin

Euskaldunena ere izan dadin

Edurne Elizondo

Hutsaren hurrengoa. Horixe da euskarak duen tokia, Enaitz Ibabek NUPen aukeratutako graduan. Lehen mailan, hamar ikasgaitik bederatzi ikasi ahal izan zituen euskaraz, baina egoera erabat aldatu zen bigarren mailatik aurrera: hamar ikasgaitik bi bakarrik ziren euskaraz. Hirugarren maila egiten ari da orain Ibabe, eta ikasgai bakar bat ere ez du euskaraz. "EHUn ez dago Nekazaritza Ingeniaritza, horregatik etorri nintzen Iruñera ikastera; ez nuen pentsatu ere egin NUPen gradu osoa euskaraz egiteko aukera izango ez nuenik". Ibabe Oñatikoa da (Gipuzkoa), eta ezustekoa hartu zuen Iruñera ailegatu bezain pronto. "Euskara, NUPen, hirugarren mailako hizkuntza bat da. Unibertsitateak indar handiagoa egiten du ingelesa bultzatzeko euskara bultzatzeko baino".

Ibaberekin bat egin du Libe Renteriak ere. Zornotzakoa da (Bizkaia), eta Bioteknologia graduko lehen maila egiten ari da, Iruñeko Arrosadiko campusean. NUPek oraingo ikasturtean lehendabiziko aldiz eskainitako gradu berrietako bat da hori, eta hasieran ikasgai bakar bat ere ez dago euskaraz. "Gradu berria denez, NUPek esan du lau urte pasatuta ikusiko duela arrakasta ote duen, ikasgairen bat euskaraz jartzeko aukera aztertzeko". Egoera berean dira Psikologiako eta Medikuntzako graduetako ikasleak ere, bertzeak bertze.

Erizaintzako ikasketak ez dira berriak NUPen, baina euskarak lehen bezain toki txikia izaten jarraitzen du Osasun Fakultatean ere. Lehendabiziko mailan ari da Irati Juaristi mutrikuarra. "Lehen seihilekoan ditugun hirurak dira gradu osoko euskarazko ikasgai bakarrak", salatu du.

NUPeko Euskara Taldeko kide dira Ibabe eta Renteria; Juaristi, berriz, NUPeko Osasun Fakultateko Euskara Taldekoa. Elkarlanean aritzen dira denak, baina nor bere esparru fisikoan, Osasun Fakultatea Nafarroako Ospitale Gunean baita; hau da, Arrosadiko campusetik at.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen alde ari diren ikasleok mahai gainean jarri nahi izan dute hizkuntzaren auzia egunotan, eta horretarako, batetik, manifestaziora deitu dute apirilaren 2rako; bertzetik, Osasun Fakultatean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko sinadura biltze bat egin dute. Finean, NUPeko agintariei argi utzi diete beren hizkuntza eskubideen alde lanean segitzeko prest direla. Are gehiago orain, unibertsitatea eta Nafarroako Gobernua datozen lau urteotarako aurrekontua negoziatzen ari direnean. Euskara bultzatzeko baliabideak ere aurrekontu horren menpe izanen dira.

Orain artekoari segida

Egungo errektore Ramon Gonzalok 2019ko ekainean hartu zuen kargua. Alfonso Karlosena errektore zenean, Ikerketako errektoreorde izan zen Gonzalo, eta hauteskundeak irabazi aurretik ere argi utzi zuen azken urteotako lanari "segida" ematea zela bere asmoa. Abenduan, BERRIA-n egindako elkarrizketa batean, asmo horiek pixka bat zehaztu zituen errektoreak: "Orain, gure eskaintza akademikoaren %21 inguru egiten da euskaraz. Urrun gaude oraindik Euskal Herriko Unibertsitatearen kopuruetatik, jakina, baina gure helburua da ehuneko hori handitzea urtetik urtera; pixkana, euskarak unibertsitatean duen pisua handitzea".

"Euskarak duen pisua handitzea". Zehaztasun maila hori ez dute ontzat jo NUPeko Euskara Taldeko kideek. Nabarmendu dute Karlosenaren agintaldian NUPek ez zuela borondaterik izan euskarari bultzada emateko, eta Gonzalok ere, oraingoz, ez duela ezer egin. "Hauteskunde garaiko marketina besterik ez digu eskaini", erran du Ibabek.

Hitzekin nekatu dira ikasle euskaldunak, eta ekintzak nahi dituzte, euskararen alde. "Karlosenaren agintaldian, unibertsitatea ez zen gai izan Euskara Planean jasotako oinarrizko helburu guztiak betetzeko ere", gogoratu dute ikasleek. Plan horren arabera, NUPek, denera, 1.299 ikasgai eskaintzen ditu euskaraz. Irakasletzako graduan baino ez dago, ordea, ikasketa guztiak hizkuntza horretan egiteko aukera. NUPen, ikasleen ia %31k badakite edo ulertzen dute euskara.

Gradu bakarra euskaraz, eta meritua, gainera, ez da NUPeko agintariena. 2017ko elkarrizketa batean, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko orduko zuzendari Garbiñe Petriatik orriotan gogoratu zuen NUP bera sortu aurretik ezarri zituztela Irakasletza ikasketak euskaraz. Unibertsitate publikoak 33 urte egin ditu, eta, denbora horretan, beraz, gradu bakar bat ere ez du ezarri euskaraz: "Eskaintza hasierako bera da; euskarazko ikasgaiak jarri dituzte han eta hemen, baina gradu batean euskaraz, adibidez, bost ikasgai egin ahal izatea ez da deus", nabarmendu du Libe Renteriak.

Arazoa da, NUPeko Euskara Taldeko kideen ustez, euskara ez dela lehentasuna unibertsitate publikoko arduradunentzat, eta ez dutela borondaterik hizkuntzari benetako bultzada emateko. Hainbat adibide jarri dituzte mahai gainean: Ibabek aipatu du, batetik, Historiako gradu berrian bazirela hainbat irakasle euskaraz aritzeko prest; euskaraz ikasi nahi zuten ikasleak ere baziren; baina NUPek ez du urratsik egin Historian euskarazko ikasgairik jartzeko.

Bertzetik, Irati Juaristik salatu du NUPek orain arte ez duela erakutsi inolako asmorik euskaraz ikasi nahi duten ikasleen inguruko datu zehatzak jasotzeko. "Unibertsitateak ez du benetako eskaria ezagutzeko urratsik egiten; guk egin behar izan dugu, ondorioz".

Joan den astean Osasun Fakultatean egindako sinadura biltzeaz ari da Juaristi. Euskara Taldeko kideek mahai bat jarri zuten eraikinaren sarreran. 150 sinadura jaso dituzte, denera. Juaristik argi du euskaraz ikasi nahi duten euskaldun guztiek ez dutela sinatu; halere, nabarmendu du Erizaintzan, denera, 400 ikasle inguru direla, eta "ontzat" jo du 150 sinadura jaso izana. "Horietatik 130ek esan dute euskaraz ikasi nahiko luketela, ez bakarrik euskararen aldeko jarrera dutela".

Erizaintzan aspaldikoa da euskarazko ikasketen aldeko aldarria, ikasleen erdiak baitira euskaldunak. Eta ikasleen eskubidea ez da jokoan dagoen bakarra, Juaristik erran duenez. "Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko herritarren eskubidea ere badago jokoan", nabarmendu du.

Juaristik onartu du hasieran gogorra egin zaiola, adibidez, gelan aurkezpenak gaztelaniaz egin behar izatea. "Euskaraz pentsatu, eta itzuli egin behar nuen esan nahi nuena". Euskara du bere hizkuntza, eta osasun zerbitzuetako erabiltzaile euskaldunak ere euskaraz artatzea du helburu.

Xede hori lortzeko egin dituzte egunotako ekinaldiak. Ibabek eta Renteriak ere argi dute lanean jarraitzeko beharra badutela. Euskararen inguruko plan estrategiko berria dago mahai gainean, bertzeak bertze. "Esan digute errektoreak nahi omen duela Euskara Taldeak prozesuan parte hartzea", azaldu dute. Oraindik ez dute NUPeko agintarien deia jaso, halere. Zain diren bitartean, euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzen jarraituko dute. Apirilaren 2ko manifestazioan izanen dute hori egiteko aukera. Protestarekin bat egitera deitu ditu ikasle guztiak Juaristik. NUP euskaldunena ere izan dadin.

Aldarriak, karrikara

Aldarriak, karrikara

E. Elizondo

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko aukera izanen da NUPeko apirilaren 2ko manifestazioa baino lehen: bihar, 17:00etan, Golem zinema aretoetatik hasita, manifestazioa eginen dute Iruñean, hiriburuko haur eskoletako eta Mendigorriko gurasoek antolatuta. NUPeko Euskara Taldeak babesa eman dio protestari.

Azken asteotan gertatu denak eragin du gurasoon haserrea. Batetik, Iruñeko Udalak iragarri du murriztu egingo duela hiriburuko haur eskoletako eskaintza. Orain lau zentro dira euskaraz aritzen direnak, Joseba Asiron alkate zenean ordura arteko eskaintza bikoiztu eta gero. 2022-2023 ikasturterako, Enrique Maia alkateak haur eskola bakarra utzi nahi du euskara hutsean, Txantreako Izartegi, alegia; Arrotxapeko Goiz Eder eskolan, berriz, eskaintzaren erdia izanen da euskarazkoa, baina bertze erdia gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin.

Mendigorrian, hiru urteko haurren matrikula egiteko kanpainan jazotakoak piztu du eztabaida; izan ere, guraso talde batek herrian D eredua ezartzea eskatu du, baina Hezkuntza Departamentuak ez du aintzat hartu eskaera hori. "Ez omen da nahikoa, aukera argiak izan arren", gurasoek salatu dutenez. Zehazki, sei haurrek eman zuten izena euskaraz ikasteko, baina Nafarroako Gobernuak erran du gutxieneko kopurua zortzikoa dela, lerroa zabaltzea ukatzeko.

"Erakundeen lana"

Iruñeko eta Mendigorriko gurasoak jendaurrean agertu dira beren egoera salatu eta herritarrak biharko protestara deitzeko. "Barkaezina da erakunde publikoek nafar guztiei euskarazko irakaskuntza ez bermatzea; haien lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea, herritarrei gehiago jakiteko aukera eskaintzea", nabarmendu dute.

Gurasoon izenean aritu dira Iruñeko Itziar Zabalza eta Mendigorriko Josu Goñi. Biek argi utzi nahi izan dute gurasoak ez direla prest beren eskubideetan "atzera" egiteko. Iruñeko haur eskoletako gurasoen ordezkariak gogoratu du arazoak Antsoaingo haur eta familiei ere eragiten diela. Izan ere, herri horretan ez da euskarazko eskaintzarik, eta hautu horren aldeko gurasoek Iruñera jo behar izaten dute beti: "Hemendik aurrera zailagoa izanen dute hori egitea", erran du Zabalzak, Navarra Sumak bere asmoak gauzatzen baditu toki gutxiago izanen delako euskaraz hiriburuko haur eskoletan. Hori salatzeko eginen dute biharko protesta.