Gizartea

“Denentzako hitzarmen bat” eskatzeko lanuztea

Iruñerriko billabesetako langileek borrokan jarraitzen dute, eta lanuztea egin zuten atzo, berriz ere, "denentzako lan hitzarmen bat" eskatzeko. 19:00etatik 23:00etara egin zuten autobusetako gidariek lanuztea, zehazki.

Otsailaren hasieran ezagutarazi zuten ELA, LAB eta ATTU sindikatuek hilabete horretan mobilizazioak izanen zirela, hitzarmenarekin gertatutakoa salatzeko. Izan ere, abenduan egindako hauteskundeetan, UGTeta CCOO sindikatuek gehiengoa galdu zuten langile batzordean, baina, hala eta guztiz ere, enpresak egindako lan hitzarmenerako azken proposamena sinatu zuten. Protesten deitzaileek salatu dute UGTk eta CCOOk "negoziazio kolektiboa zartarazi" zutela.

TCC da Iruñerriko garraio publikoko zerbitzua eskaintzen duen enpresa. ELA, LAB eta ATTU sindikatuek "langile guztientzako hitzarmena" eskatzeko deitu dute protestara. Otsailaren 14koa izan zen lehendabiziko lanuztea; 12:00etatik 16:00etara egin zuten. Hil horren 21ean, berriz, 19:00etatik 23:00etara egin zuten protesta langileek.

Atzo ere, denbora tarte bera aukeratu zuten gidariek lanuztea egiteko. Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu mobilizazioak izan diren egun guztietan.

Euskarari bidea egiten

Euskarari bidea egiten

Edurne Elizondo

Badute zer ospatu. Arangurengo Irulegi euskara taldeak hamabost urte bete ditu, eta egindako bidea gogoratu eta aitortu nahi izan dute kideek. 2004. urtetik, hain zuzen ere, euskarari egin diote bidea ibarreko herrietan, hizkuntzaren aldeko apustua lehenetsiz. Euskara eta euskal kultura bultzatzea hartu dute xede, hasieratik, eta udalerriko jardueretan txertatu du taldea asmo horrek.

Taldea ekarri zuen hazia 2004a baino lehen erein zuten Arangurengo biztanleek. "Udalak zuen diru laguntza baliatu, eta Euskararen Eguna antolatzen hasi ziren, 2001. urte inguruan", azaldu du Irulegiko kide Urtzi Alkasenak. Euskararen inguruan bat egiteko gogo horrek taldearen sorrera ekarri zuen, 2004. urtean, eta hainbat herritarren arteko asmo xumea zenak lortu zuen egitura sendoago bat.

Euskararen Eguna Euskararen Aste bilakatu zen Arangurenen, Irulegi taldeak emandako bultzadari esker. Aurtengoa prestatzen ari dira jada kideak: maiatzeko bigarren astean eginen dute, asteazkenetik igandera bitartean. Lehenago, martxoaren 16an, bertso bazkaria eginen dute, hamabosgarren urteurrena ospatzeko giroa berotzen hasteko.

Euskararen Astea amaituta ere, ekain aldera, izanen da urteurrena ospatzen jarraitzeko aukerarik Arangurenen, dantza emanaldi berezia prestatzen ari baitira Irulegiko kideak, Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera. "Dantzari beteranoen topaketa egin nahi dugu", erran du Alkasenak.

Gaur egun, ia ehun bazkide ditu Irulegi euskara taldeak. "Talde eragilean, halere, hamar-hamabost pertsona ari gara lanean. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarduerak prestatzea da gure zeregin nagusia", erran du Irulegiko kideak. Euskararen Astearekin batera, bertzeak bertze, Olentzero antolatzen dute Irulegi taldeko kideek. "Herriko jardueretan parte hartzea da kontua".

Irulegi taldeko kideen lanak eman du bertze fruiturik. Duela bost urte, hain zuzen ere, joaldun izateko ikastaroa prestatu zuten euskara taldean, eta egitasmo horren barruan sortu zen, 2014. urtean, Arangurengo Joaldun Taldea. "Bosgarren urteurrena beteko du joaldun taldeak, aurten". Ospatzeko arrazoi gehiago badute, beraz, Irulegi taldeko kideek.

2010ean, eremu mistora

Irulegi euskara taldeak bere bidea hasi zuenean, udalerria eremu ez-euskaldunean zegoen. 2010. urtetik, ordea, eremu mistoko udalerri bat da Arangurengoa. Horrek ekarri du, bertzeak bertze, eskolan D eredua ezartzea. "Mutiloan bada D ereduko ikastetxea. Institutua falta zaigu, oraindik ere", zehaztu du Urtzi Alkasenak.

Aranguren 2010. urtean eremu mistora eraman zuen prozesua 2006an jarri zuen martxan hango udalak. Urte hartan, ikerketa soziolinguistikoa egin zuen udalak, eta emaitzak argi utzi zuen herritarrek bertze harreman bat nahi zutela euskararekin. %56k erran zuten hori, hain zuzen ere.

Arangurengo Udalak "naturaltzat" jo zuen eremu mistoan sartzeko prozesua eta urratsa, lortu zuenean. Izan ere, Iruñerrian dago udalerria, eta eskualdeko udalerri gehienak eremu mistokoak dira. 2010ean, eremu mistora egindako jauzia ospatzeko, besta ibiltaria egin zuen udalak ibarreko herrietan.

Ez da hori Irulegi euskara taldea sortu zenetik ibarrean gertatutako aldaketa bakarra. Populazioaren bilakaerak ere izan du zer erranik euskararen egoeran, Alkasenak nabarmendu duenez. Mutiloa jarri du Irulegiko kideak adibide: "Duela hamazazpi urte, 2.000 biztanle zituen; gaur egun, berriz, 10.000". Herritar gehienak seme-alabak dituzten gazteak direla erantsi du Alkasenak, eta horrek eman diola bultzada euskarari, D ereduaren aldeko apustuaren bitartez. "Euskararen egoerak hobera egin du urteotan guztietan", gaineratu du.

Urratsak egiten jarraitu nahi dute Irulegi euskara taldeko kideek. Euskarari bidea egiten, alegia. Hamabosgarren urteurrenak horretarako aukera emanen diela zalantzarik ez dute. Izanen dute bertze aukerarik, gainera, Arangurenen euskararen eta euskal kulturaren alde egiten segitzeko. "Korrika prestatzen hasi gara jada!", erran du Urtzi Alkasenak. Korrika, Euskararen Astea, bertso bazkaria... Hamabosgarren urteurrena ibarreko herritarrekin ospatu nahi dute Irulegiko kideek, eta denak batu euskara taldearen egunerokora. Bidea egiten jarraitzeko.

Estereotipoak hautsi eta eredu bilakatzeko

Estereotipoak hautsi eta eredu bilakatzeko

Edurne Elizondo

Latina eta grekoa ikasi nituen institutuan. Planetarioan lanean hasi nintzenean, beldurrez etorri nintzen. Fernando Jauregi astrofisikariak harrera egin zidanean, jakinaren gainean ote zen galdetu nion. Zer jakin behar zuen galdetu zidan Jauregik, erantzun gisa. Latina eta grekoa ikasi nituela aitortu nion!".

Pasadizo hori kontatu du Miren Karmele Gomez Garmendiak, planetarioan Emakumeak zientzian izenburupean egindako solasaldian. Iruñeko Udalak antolatu du, Zientziaren Arloko Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna dela eta. Komunikazioan lizentziaduna da Gomez Garmendia, eta planetarioan Izarren Eskolako arduraduna da. "Dibulgatzaileak behar ditu zientziak", azaldu du, eta zeregin horretan gustura ari da. Onartu du institutuan "gaindiezina" iruditzen zitzaiola zientzien eta letren arteko muga. "Letretakoa bazinen, ezin zenituen zientziak gustuko izan".

Jauregiren eskutik, zientziaren sekretuak ezagutzen hasi da Gomez Garmendia planetarioan, eta nabarmendu du esparru horrek harrapatu duela, argi eta garbi. Ines Castiella Imazek eta Ana Monreal Vidalek ere ez dute damurik zientziaren alde egindako hautuaz. Industria ingeniariak dira biak, baina bide ezberdina egin dute zientzien munduan.

"Ez nuen industria ingeniaritza ikasi bereziki gustuko nuelako", onartu du Castiella Imazek. Zientzietako ikasgaietan ona zelako egin zuen hautua, eta kontent da hartutako erabakiarekin. Energia berriztagarrien arloan ari da orain lanean. Kezka agertu du azken urteotan emakumeen presentziak behera egin duelako zientzietako ikasketetan. "Konponbide magikorik ez dut, baina uste dut garaia dela auzi horri buruz gogoeta egiteko".

Mahai gainean jarri ditu estereotipoek duten indarra eta emakumeentzat eredu diren andre zientzialarien falta. Bat egin du Gomez Garmendiak ere. "Ikerketek erakusten dute emakume gazteek uste dutela ez direla onak zientzietan". Zientzietako ikasgaietan lortzen dituzten notek, ordea, kontrakoa diote.

Egungo sistema patriarkalak zaintza lanekin lotzen du emakumea, eta zientzien arloan ari direnen jarduerak ere erakusten du rol horrek duen indarra. "Zientzietan ari diren emakume gehienek osasun ikasketak edo natur zientziekin lotutakoak hautatzen dituzte". Hau da, emakumeek, batez ere, mediku, erizain, biologo edo ingurumen zientzialari izateko ikasten dute, zientzien bidea aukeratzen dutenean.

Ana Monreal Vidalek, hain zuzen ere, txikitan mediku izan nahi zuela gogoratu du planetarioan egindako solasaldian. Hasieran, zalantzan jarri ditu emakumea zientzien esparrutik urruntzen duten estereotipoak, eta bere bidea eta esperientzia jarri ditu adibide: "Haurra nintzenean, futbolean aritzen nintzen, eta inoiz ez nuen panpinarik izan. Nik mediku izan nahi nuen, baina gurasoek ez zuten gustuko hautu hori, eta gogorregia izanen zela erraten zidaten behin eta berriz".

Ingeniariak, gauzak egiteko

Azkenean, medikuntzaren bidea bazter uztea erabaki zuen Monreal Vidalek. "Hainbat medikurekin mintzatu nintzen, eta ez zidaten batere ikuspuntu baikorra eman etorkizunari buruz". Haren etxean baziren industria ingeniariak, eta bide horretan aurrera egitea erabaki zuen.

Ez da damutu. Monreal Vidalek, halere, argi utzi du beretzat gakoetako bat izan dela ulertzea sormenaren eta zientziaren arteko aldea ez dela hain handia. "Zientziak aukera ematen digu batzuek pentsatu edo irudikatu dutena egiteko; errealitate bilakatzeko. Sendagileak behar ditugu, baita haiek erabiltzen dituzten X izpien gailuak ere. Eta horiek egiteko behar ditugu ingeniariak".

Gaur egun, iAR izeneko enpresan ari da Monreal Vidal. Berak sortu zuen, bertze hainbat kiderekin batera. Egun, hogei pertsonak baino gehiagok osatzen dute lantaldea, eta batez ere errealitate areagotuaren esparruan egiten dute lan. "Emakumeak langileen %40 gara, baina ardura postu gehienak gure esku daude", azaldu du ingeniariak.

Halere, Monreal Vidalek onartu du egungo gizarteak ez duela emakumeen parte hartzea sustatzen oraindik ere. Hau da, estereotipoek onartu nahi duen baino indar handiagoa dutela erran du zientzialariak solasaldiaren bukaeran.

Adibide bat aipatu du iritzi hori azaltzeko: "Asmakizun bat kontatu zidaten behin; aita eta semea elkarrekin zirela, istripu bat izan zutela, eta aita hil egin zela. Semea larri eraman zuten ospitalera, eta medikuntzako eminentzia bati deitu zioten ebakuntza egiteko. Baina erran zuen ezin zuela, larri zegoena semea zuelako. Ez zitzaidan bururatu ama izan zitekeela", azaldu du Monreal Vidalek. Aita ere izan zitekeen, bertze estereotipo batzuek ekartzen baitute ama eta aita irudikatzea gurasoak aipatzen direnean.

Zientzien inguruan ere, bertze auzi bat jarri nahi izan du mahai gainean Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak; Zientziaren Arloko Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna: "Ez dezagun betikotu zientziaren ikuspegi positibista eta merkantilista; ez dezagun bilakatu ikusgarri soilik laborategian ari den emakume zientzialaria; giza eta gizarte zientziak ere badira zientzia", zabaldu du, sare sozialen bidez.

Zapalduen alde egiteko

Zapalduen alde egiteko

Edurne Elizondo

Gero eta gehiago. Animalien askapenaren alde egiteko bertze talde bat sortu da Nafarroan: Tafalla Antiespezista. Abenduan aurkeztu zuten jendaurrean, eta, hilaren 10ean, kideek protesta egin zuten herriko plazan, gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza salatzeko. Martxan jarri da taldea, eta helburu hartu du herritarren artean gogoeta bultzatzea, gizakien eta gainerako animalien arteko harremanari buruz.

Tafallan,Txerri Dibinoaren Ordenak bere eguna ospatzen du urtero, eta, horretarako, txerri bat zozketatzen du plazan, sari gisa. Hilaren 10eko protestaren bidez, horixe salatzera atera ziren karrikara Tafalla Antiespezista taldeko kideak. "Kalean egon nahi dugu, bai eta sare sozialetan ere. Prestakuntza ere sustatu nahi dugu. Zapalkuntzaren inguruko hausnarketa piztu nahi dugu, eta zapalkuntza horri aurre egiteko defentsa mekanismoak garatu".

Oraingoz, bederatzi kidek egin dute bat taldean. Erran dute Nor kolektiboak antolatuta azaroaren 1ean Bilbon egindako manifestazioak eman ziela elkartzeko eta lanean hasteko azken bultzada. "Indartsu sentitu ginen, eta borrokarako prest zegoen jende pila ikusi genuen. Herrian ere gisako talde bat osatzen ahal genuela pentsatu genuen", kontatu dute.

Donostialdeko Askekintza taldearen bidea ere eredu izan dutela erantsi dute Tafalla Antiespezistako ekintzaileek. " Uste dugu Euskal Herriko talde antiespezistek komunitate handia sortzen dugula", gaineratu dute Tafalla Antiespezistako kideek.

Iruñeko LiberAbere taldea ere aipatu dute, bai eta herriko Gata talde animalista ere. "Jaso dugu haien babesa". Ekinzaileek argi dute Nafarroan antiespezismoa gero eta toki handiagoa hartzen ari dela. "Gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari buruzko kezkak gora egin du". Argi dute oraindik ere "egiteko lan handia" dagoela, baina "ikasteko eta irakasteko" prest dira.

Zapalkuntza ororen kontra

Mugimendu antiespezistaren izaera politikoa nabarmendu nahi izan du Tafalla Antiespezista taldeak. "Beste mugimendu askotan bezala, zapalduta dauden norbanakoen eskubideen eta askatasunaren alde egin nahi dugu lan. Badakigu bidea ez dela erraza, zapaltzaileek ez dietelako beren pribilegioei uko egin nahi, baina orain arte lortutakoek indarra ematen digute oraingo aldaketan parte hartzeko".

Ekintzaile antiespezistek gaineratu dute badela harremana Tafallan borroka ezberdinen artean, eta taldeak harrera ona izan duela azaldu dute. "Tafallak ezetz esan die eraso sexistei, errepresioari eta AHTari, besteak beste; gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari ere ezetz esan diezaiokeela uste dugu".

Antiespezismoak zapalkuntza guztien aurka lan egitera eraman dituela erran dute, argi eta garbi. "Ezin dugu gizakiz besteko animalien aldeko borroka babestu, eta bazter utzi, aldi berean, gure ondoan gertatzen diren eraso arrazistak, LGTBQfoboak edo matxistak". Martxan dira Tafallan, eta lanerako gogoz.

Zentsura ezartzeko tandema

Zentsura ezartzeko tandema

Edurne Elizondo

Boterea bere esku duenean, aurretik egindako urratsak hutsean uzten ditu; oposizioan denean, berriz, bertzeen politikak oztopatzea da bere helburu bakarra". Horixe erran du Jose Luis Garciak, Nafarroan eskuinak sexu heziketaren inguruan izan duen "estrategiari" buruz. Gai hori landu du Sexo, poder, religión y política (Sexua, boterea, erlijioa eta politika) izenburuko bere azken liburuan. Sexologoa da, eta 35 urtez egin du lan sexu heziketaren esparruan, Nafarroan.

Bertzeen politikak oztopatzeko eskuinaren estrategiak, bertzeak bertze, polemikaren bidetik egin du aurrera. Horren adibide argia da azken garaian gertatu den Skolae hezkidetza programaren aurkako kanpaina. Skolaeren inguruko eztabaidak eztanda egin aurretik bukatu zuen Garciak bere liburua, baina azken hamarkadetan sexu heziketaren inguruan piztutako bertze hainbat gatazkaren testuinguru berean kokatu du egileak oraingoa ere.

Gatazkak sortzeko bide horretan, eskuinak Eliza izan du beti lagun. "Zentsura ezartzeko tandem boteretsua osatu dute politikak eta erlijioak", salatu du Garciak. Kontua da sexu heziketa jomugan izan duen zentsurarako estrategia horrek ondorioak badituela: "Polemikak jendea izutu egiten du; sexuaren inguruko gaiak natural jorratzeko prozesuak hutsean utzi nahi izan dituzte polemika horiek, eta ekarri dute haur eta gazteak sexu heziketarik gabe gelditzea. Hori drama bat da".

Salamancatik (Espainia) etorri zen Garcia Nafarroara, psikologia eta sexologia ikasketak amaitu eta gero. 1980ko hamarkadaren hasieran etorri zen, COFES zentroak martxan jarri zirenean, alegia. Proiektu horrek ekarri zuen herrialdera, hain zuzen ere. "1981. urtean hasi ginen lanean. Proiektua ezagutu bezain pronto erabaki nuen parte hartu nahi nuela. Etorri, oposizioetara aurkeztu, eta lanpostua lortu nuen", gogoratu du sexologoak. Bost urtez izan zen COFES zentroen zuzendari, eta Iturramakoan aritu da, duela hiru urte erretiroa hartu zuen arte.

Familia plangintzarako eta sexu heziketarako ziren COFES zentroak. 1978. urtean Iruñeko Txantrea auzoan Andraize jarri zuten martxan, zentro horien aitzindari. Euskal Herrian izan zen aitzindari, bai eta hemendik kanpo ere, garai horretan gisako aurreneko zerbitzu publikoa izan baitzen. Auzokideen eta emakumeen elkarteek bultzatu zuten, garaiko Iruñeko Udalaren babesarekin.

Andraizek irekitako bidean urratsak eginez jarri zituen Nafarroako Gobernuak COFES zentroak martxan, gero. 1981ean, Nafarroako Parlamentuak berak onartu zuen sexu heziketa eta familia plangintza eskaini behar zitzaiola gizarteari, eta administrazioak hartu behar zuela zerbitzu horiek emateko ardura. Apustu horrek Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako Zentroen sarea ekarri zuen, 1985etik aurrera. Sare horrekin bat egin zuen Andraizek ere, 1989. urtean.

"Sexu heziketaren esparruan erreferente bilakatu ziren COFES zentroak. Ehunka hitzaldi, tailer eta ikastaro egin genituen. Denentzako zentroak ziren", gogoratu du Jose Luis Garciak. Lortutakoa nabarmendu, aitortu eta txalotu du sexologoak. Izan ere, kontuan hartu behar da Andraize martxan jarri zenean, adibidez 1978ko azaroan, despenalizatu berri zutela antisorgailuen erabilera, tronpen loturak eta basektomiak egiteko erabateko askatasunik ez zegoela, oraindik ere, eta homosexualitatea delitua zela.

COFES zentroak giro horretan sortu ziren. Abortuaren inguruko eztabaida ere pil-pilean zegoen garai horretan Nafarroan. 1987an, Andraizeko hiru ginekologoren aurkako epaiketa abiatu zuten, hain zuzen. "Lankide nituen, lagun. Sekulakoa izan zen paraitu zutena", erran du Garciak. 1990eko epaiak, errugabetzat jo zituen Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa. Udalak Iruñeko Zapia eman zien, iaz.

"Eskuinak, saria emateko egun horretan ere, eztabaida piztu nahi izan zuen". Elkarretaratzea egin zuten Udaletxe plazan, herriko etxean saria emateko ekinaldia egiten zuten bitartean. "Eskuinak eta Elizak, halere, borroka hori galdu dute. Gizarteak ezin du atzera egin. Abortuaren aurkako mezuak mahai gainean jarri dituzte, berriz ere, baina argi dut mugimendu feministak ez duela atzerapausorik onartuko".

Borrokari eusteko beharra dagoela argi du sexologoak, halere. Lortutakoak galtzea zer den ederki daki. Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan COFES zentroen bidez aurrera egindako urratsak hutsean utzi zituen UPNk kolpe batean, agintea bere esku hartu zuenean.

1997an, Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako Zentroak bilakatu ziren Emakumeen Arretarako Zentro. "Bat-batean, sistemak ardura guztia emakumeen esku utzi zuen, eta gizonezkoen parte hartzea eta arreta desagerrarazi zituen zentroetatik". Sexu heziketaren esparruan aitzindari izandako COFES etxeak, ondorioz, sexu heziketarik gabe gelditu ziren.

Zakil baten marrazkia

UPNren gobernuak COFES zentroen egitura eta espiritua moldatu aurretik ere, hamaika oztopori egin behar izan zioten aurre sexu heziketaren arloko profesionalek. Horien inguruko kontakizunak eta gogoetak jaso ditu Jose Luis Garciak bere azken liburuan.

"Ez duzu Etxarriko zakila gogoan?", galdetu du sexologoak. 1982koak ekarri ditu gogora. Eskolako bi irakasleren eta ikuskatzailearen aurkako txosten bana zabaldu zuen Nafarroako Gobernuko orduko Hezkuntza kontseilari Javier Markotegik, haur batek egindako marrazkiaren harira. Marrazkian bi irakasleak agertzen ziren, elkarri besarkada ematen. Bikotea ziren. "Haurrak gizonaren zakila tente marraztu zuen". Xehetasun horrek eragin zituen departamentuaren txostenak. Espainiako Hezkuntza Ministerioak ere esku hartu zuen auzian, eta 1982ko martxoaren 23an, ondorioz, greba egin zuten Hezkuntzan, irakasleei elkartasuna adierazteko. "Izugarria izan zen".

Maria Teresa Graciaren izena ere memorian fresko du Garciak. 1984. urtean, sexu heziketari buruzko jardunaldiak egin zituzten Iruñean, lehen aldiz. GITEk eta Andraizek antolatu zituzten. "Egun batean, Maria Teresa Gracia Coalicion Popular taldeko zinegotzia sartu zen, bertze hainbat pertsonarekin, oihuka eta mehatxuka; ez zuten jardunaldian izena eman; boikotatzeko asmo hutsarekin etorri ziren".

Zinegotziaren eta gainerakoen bisita ez zen izan boikot horren ondorio bakarra. "Iruñeko Udalak bazuen jardunaldietan landutako materiala argitaratzeko konpromisoa, baina ez zuen hitza bete".

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere aritu izan da Jose Luis Garcia lanean. Erakunde horren hastapenetan, sexu heziketari eta sexologiari buruzko ikasgaia jarri zuten martxan, NUPen, eta Garciak hartu zuen bere esku haren ardura. "Berrehun ikasle nituen". Baina egitasmo hori ere hutsean utzi zuten. "Zerbitzuko burua Opus Deikoa zen, eta aitzakia bat baliatuz, ikasgaia kendu zuen". Ikasleek eman zioten erantzuna, halere, erabaki horri: "1996an, Zurekin ligatu nahi dut izenburuko tailerra egin zuten", gogoratu du Garciak, harro.

"Herriz herri egin genituen gisa horretako tailerrak, sexu heziketa bultzatzeko. Zarrakaztelun, adibidez, udalak antolatu zuen sexu heziketaren eta droga eta alkohol kontsumoaren inguruko programa zabal bat, inguruko gazteentzat. La Olivako monasterioan egin behar genuen, baina hasi baino egun bat lehenago ezezkoa eman ziguten. Azkenean, taberna batean egin genuen".

Garciak argi du haur eta gazteekin sexuaz garbi hitz egin behar dela, "etxean eta eskolan", eta hasieratik. "Egun, pornografiara jotzen dute gazteek, eta horrek biziki kezkatzen nau. Haurrek etxean ikasi behar dute errespetuzko eta berdintasunezko harreman bat zer den".

Sexu heziketaren helburua da, Garciaren hitzetan, "nahi duenak sexuaz modu osasuntsu batean gozatzea, arduraz". Egungo gobernuak UPNk desegindakoa lehengoratzeko egindako ahaleginak nabarmendu ditu, baina ez du uste betean asmatu duenik. "Lehen COFES zentroak ziren horietatik kanpo utzi dute sexu heziketa, eta hori ez da egokia". Sexu heziketari duen garrantzia aitortzeko eskatu du.

Andre helduak antolatu dira

Andre helduak antolatu dira

Ane Eslava

Generoa eta adina. Bi faktore horiek direla-eta bi aldiz zapalduak eta baztertuak direla salatu dute Euskal Herriko emakume pentsiodunek. Bizitza osoa lanean eman ostean, azken arora heltzerakoan ikusten dute egindako lanak ez duela baliorik, eta horrek pobreziara eramaten dituela haietako asko. "Bidegabekeria" hori salatzeko eta egoera aldatzeko neurriak eskatzeko sortu dute Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen plataforma. "Kalera eta agenda politikoen erdigunera" eraman nahi dituzte aldarrikapenak. Nafarroako taldea aurkeztu berri dute.

Azkenaldian indar handia hartu dute pentsiodunen mobilizazioek, eta haien aldarrikapenak eztabaida publikoaren erdigunera heldu dira. Onekako kideek esan dutenez, bat egiten dute mugimendu horren aldarrikapenekin; baina, emakumezko gisa, "arazo eta premia bereiziak" dituzte.

Hori dela eta, iaz, ikusi zuten "beharrezkoa" zela beren artean antolatzea, emakume eta pentsiodun gisa dituzten beharrei "bidezko erantzuna" eman ahal izateko, eta beren ahotsaren jabe izateko: "Guk geuk izan nahi dugulako bozeramaile gizartearen eta instituzioen aurrean". Urrian egin zuten urratsa: Oneka taldea aurkeztu zuten, Donostian, eta han izan ziren Nafarroako hainbat lagun ere. Baina, Ana Sarobe kideak azaldu duen moduan, autonomia erkidego bakoitzeko administrazioak funtzionamendu bat duenez, tokian-tokian antolatzea erabaki zuten. Hala, astelehenean erregistratu zuten ofizialki Nafarroako taldea.

Zaintza lana

Oneka taldearen eskaera nagusietako bat da "zaintza lanak balioestea", Sarobek adierazi duenez. Haren hitzetan, gizarteak ez ditu aintzat hartzen emakume askok bizitzan egiten dituzten lanak, eta horrek eragiten du haien pentsioak gizonezkoenak baino "askoz ere txikiagoak" izatea. "Gutako askok bizitza osoa eman dugu lanean, gure inguruko pertsonen bizitzak zaintzen; baina gizarteak ez du hori ikusten, ez du onartzen". Gaineratu du andre asko "eskubiderik gabe" heltzen direla zahartzarora, kobratu gabeko eta kotizatu gabeko lanak egin izanaren ondorioz.

Pentsioen arrakala desagerrarazteko, Onekako kideek eskatu dute Babes eta Gizarte Segurantzako sistema kudeatu eta bideratuko duen organo bat sortzeko. Organo horren bitartez, haien eskaerei erantzuteko formulak bilatuko dituzte. Pentsiodunen mugimendu orokorrak eskatzen duen moduan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa nahi dute. Izan ere, Nafarroako emakume pentsiodunen %79k kopuru hori baino gutxiago jasotzen dute, eta emakumeen gutxieneko pentsioa gizonena baino %45 txikiagoa da. Era berean, neurri sozial eta politikoak eskatu dituzte "autonomia" eta "indarkeriarik gabeko zahartzaroa" izateko.

Pentsioen datuak atalka aztertuz gero, ikus daiteke Nafarroako emakume pentsiodunen %29k 150 eta 600 euro arteko pentsioa jasotzen dutela; gizonezkoen %10ek baino ez dute diru hori kobratzen. Haatik, diru gehien jasotzen dutenen artean —2.000 euro baino gehiagoko pentsioa—, askoz gizon gehiago daude: %21 dira, eta emakumezkoak, berriz, %4. Bestalde, gizonek ez bezala, andre askok alargun pentsioa jasotzen dute, eta, Onekako kideak gogorarazi duenez, askok, ezta hori ere: "Pobreziak emakume aurpegia du, eta miseriak, berriz, emakume helduarena".

Ezaugarri bereziak dituztelako beren borroka propioa egitea erabaki duten arren, Onekako kideek ziurtatu dute pentsiodunen gainontzeko plataformekin elkarlanean ariko direla. Horretaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenak bere egin dituzte, eta prest azaldu dira emakumeen arteko aliantzak sortzeko, batik bat Martxoaren 8ko grebari begira. "Grebak erdigunean jarriko du gure aldarrikapen nagusia, zaintza lanen balioa; beraz, babestu egingo dugu". Emakume pentsiodunek greba egunean parte hartzearen garrantzia nabarmendu du: "Hala, egiten dugun guztia azaleratuko da".

Eskubidea dute ikasleek

Eskubidea dute ikasleek

Edurne Elizondo
Arauak normaltzat jotzen duenarekin bat egiten ez duten ikasleek gainerakoek baino zailtasun gehiago izan ditzakete gelan ezarritako erritmoari jarraitzeko. Haiei laguntzea da Hezkuntzako zaintzaileen lana. Zeregin hori, halere, ezin du...

Arazoa erdigunean jartzeko

Arazoa erdigunean jartzeko

Edurne Elizondo

Indarkeria matxistaren aurkako eguna da azaroaren 25ekoa, eta data horrek eragin zuen, neurri handi batean, Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren sorrera, duela bi hamarkada. 1998. urtean jarri zuten martxan herrialdeko hainbat emakume abokatuk, talde feministak, sindikatuk eta bertze hainbat eragilek. "Zerbait egiteko beharra genuen", gogoratu dute plataformako kideek, beren hogei urteko bideari buruz aurkeztu duten dokumentalean. Ahotsa.info hedabide digitalak egin du, eta https://youtu.be/ pQMhXNYjyBA helbidean ikus daiteke.

"Hogei urteko bide hori nabarmendu, eta lanean aritu direnei aitorpena egin nahi izan diegu", erran du plataformako kide Diana Bruño Artazkozek, dokumentalaren helburuaz. Duela urte eta erdi egin zuen bat Bruño Artazkozek taldearekin. Plataforman hasieratik direnen lekukoa hartzeko prest dira emakume gazteak. Iratxe Alvarez Reoyok duela ia hamar urte ezagutu zuen taldea, eta geroztik aritu da lanean.

Zerbait egiteko beharra berretsi dute bi taldekideok. Arazoa erdigunean jartzekoa, alegia. Indarkeria matxista estaltzen eta zuritzen zuen arlo pribatutik atera, eta esparru publikoan eta eragile politiko eta sozial guztien agendetan jartzea zen, eta da, helburua. "Kolperik latzenak, bai eta sotilenak ere, guztiak salatu eta borrokatu nahi ditugu; indarkeria sexistaren aurpegi oro", nabarmendu du Bruño Artazkozek.

1998. urtean sortu zuten plataforma, legez. Urtebete lehenago, 1997ko abenduan, Granadako (Espainia) Ana Orantes hil zuen senar ohiak. Gasolinaz busti, eta su eman zion gizonak emakumeari. Hamahiru egun lehenago, telebista kate batean salatu zituen Orantesek gizonak urte luzez emandako tratu txarrak.

"Hilketa hori inflexio puntu bat izan zen; indarkeria matxista agerian utzi zuen, modurik gordinenean. Nafarroan tratu txarrak jasaten zituzten emakumeekin lan egiten zuten hainbat abokatuk erabaki zuten bat egitea", gogoratu du Alvarez Reoyok. Handik urte gutxira, 2002. urteko apirilean, Alicia Aristregi labankadaz hil zuen haren senarrak, Atarrabian. Indarkeria matxistaren kolpe horrek ere ekarri zuen herrialdean jada mugitzen ari ziren emakumeen konpromisoak gora egitea. Ozen zabaldu zuten gizartean indarkeriaren aurkako beren mezua, eta urratsak egiteko beharra berretsi zuten. Nahikoa zela adierazi zuten, argi eta garbi.

Teresa Zabalegi gogoan

1998. urtean martxan jarri ziren abokatuen artean zegoen Teresa Zabalegi. Plataformako bozeramaile izan zen urte luzez, eta gainerako taldekideentzako erreferentzia dudagabea. Zabalegi iazko maiatzean zendu zen, 62 urte zituela. Dokumentalaren bidez, plataforman egin zuen lana nabarmendu nahi izan dute borrokan kide izan zutenek.

"Baliabiderik gabe, legea papera baino ez da", erran zuen Zabalegik, BERRIA egunkarian, 2014. urteko azaroan. Gobernua genero indarkeriaren aurkako lege berria prestatzen ari zen orduan, eta 2002ko araudiaren hutsak zuzentzeko, dirua eskatu zuten plataformako emakumeek. Eskaera horrek ongi islatzen du taldeko kideen lanaren espiritua zein den: "Hitzetatik ekintzetara egin behar dugu jauzia; legeek balio dute bakarrik betetzen badira", erran du Alvarez Reoyok.

Erakundeak izan dira Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak bere lana garatzeko hautatutako esparruetako bat. Taldearen hastapenean bat egin zuten emakume abokatuen parte hartzeak izan zuen eragina horretan, beharrezkotzat ikusi baitzuten indarkeria matxistari aurre egiteko lege onak eta eraginkorrak prestatzea. "2002. urteko testua plataformak proposatu zuen; gero, legea onartzeko prozesuan, edukiz hustu zuten. Plataformak, halere, beti izan du argi erakundeak interpelatu behar zituela", azaldu du Alvarez Reoyok.

Erakunde publikoei beren ardura eta erantzukizuna gogoratu nahi izan die plataformak. Indarkeria matxistari aurre egiteko jarrera hartzera behartu nahi izan ditu. Baina horrek ez du erran nahi karrikako lana bazter utzi duenik. "Kalean ere egin dugu borroka, hor ere egon behar dugula eta lan esparru garrantzitsua dela argi dugulako", erran dute plataformako kideek.

Lanean jarraitzeko beharra badela ederki dakite Bruño Artazkozek eta Alvarez Reoyok. Baina erakundeetan eta karriketan azken hogei urteotan egindako bideak emaitzarik eman duela ere zalantzarik ez dute. "Arazoa gizarteratu dugu", nabarmendu dute, batetik. Lan horren adibide aipatu dute Gora Iruñea plataformarekin batera sanferminetan gertatzen diren sexu erasoen aurka egindakoa. "Protokoloa prestatu genuen, eraso horiei aurre egiteko". Bertzetik, erakundeetan ere plataformaren eta gainerako talde feministen lanak aldaketak eragin dituela erantsi dute. "Herri mugimendua ailegatzen da ailegatzen denera, baina mugak ditu, eta ezinbestekoa da erakundeetan ere lan egitea. Erakundeak inplikatzea ezinbestekoa izan da; ez dut argi gure diskurtsoa berenganatu ote duten, baina arazo bat dagoela onartu dute", azaldu du Alvarez Reoyok.

Grebarako prest

Erakundeei presioa egiteko beharrezko espazioa da karrika. Eta horregatik kalean egon nahi izan du beti plataformak. Orain ere behar dela argi du Bruño Artazkozek. "Legeak behar ditugu, baina ez dira nahikoak. Legeak jasotakoa betetzeko dagoen aurrekontu urriak agerian utzi du bide luzea dugula, oraindik ere, egiteko", gaineratu du.

Bidea luzea delako, hain zuzen ere, Martxoaren 8rako, bigarrenez, grebara deitu du mugimendu feministak. Plataformak ere babestu du ekinaldia. Alvarez Reoyo eta Bruño Artazkoz lanean aritu dira, azken hilabeteotan, greba prestatzeko prozesuan. "Gogoz gaude", erran dute.

Iazko protestak izandako arrakasta nabarmendu dute plataformako bi kideek. "Hainbat eragilerentzat oso greba erraza izan zen; martxoaren 9an denak ginen feminista, baina urtebete joan da eta hemen aldaketarik ez da egon", zehaztu du, halere, Alvarez Reoyok.

"Aurten zehatzago eta zuzenago izan nahi dugu", berretsi du Bruño Artazkozek. Beharrezkotzat jo du gogoeta esparru guztietara zabaltzea: gizartera, erakundeen esparrura, bai eta norberaren etxera ere. Berdintasunaren aldeko eta zapalkuntzaren aurkako aldarria mahai gainean dela argi dute plataformako kideek; borrokan ez dagoela atzera egiterik.

Hilabete falta da Martxoaren 8ko grebarako, eta egun horretan karrikan egonen dira plataformako kideak. Indarkeria matxistari aurre egiteko prest dira. "Edozein emakumeren aurkako erasoa gure aurkako erasotzat hartu behar dugu, eta denen aurka borrokatu", nabarmendu dute. Gizarteak plataformaren beharrik ez izatea dute xede. Bitartean, lanean jarraituko dute.

Urratsak egiten hasteko

Urratsak egiten hasteko

Edurne Elizondo

Oinarri edo abiapuntu ona da. Horixe erran dute Nafarroako ijitoen elkarteek Nafarroako Gobernuak onartu berri duen Ijito Herriaren Garapenerako Estrategiari buruz. 2022ra bitarteko asmoak jaso ditu Eskubide Sozialen Departamentuak agiri horretan. Izaera transbertsala du, halere. "Hala behar du, ezinbertzean, funtzionatu ahal izateko", erran du Ijitoen Idazkaritza fundazioko kide Ines Garciak.

Estrategiak gehiago beharko du, Garciaren hitzetan: "Bete ahal izateko baliabideak, alegia". Bat egin dute Gaz Kalo ijitoen elkarteen federazioko koordinatzaile Ricardo Hernandezek eta La Majari elkarteko Amaia Leranozek ere. Estrategia diruz hornitzeko eskatu diote gobernuari, duen helburua bete dezan.

Eta helburua da, batez ere, justizia. Estrategia horren bidez gobernuak onartu baitu herrialdeko ijito herria desberdinkeria egoeran dela. "Gaur egungo desberdinkeriak apaltzea premiazkoa da", berretsi du Garciak. "Anitz kostatu zaigu erakundeek errealitate hori onartzea, mahai gainean jartzea ijitoon aurkako zapalkuntza eta ditugun beharrak", erantsi du Hernandezek.

Estrategiak hori jaso du, eta ijitoen elkarteek ontzat jo dute halaxe egin izana. Funtsezkotzat jo dute, halaber, gobernuak onartutako agiriak arlo guztietan eragin nahi izatea. Izan ere, gobernuak neurriak proposatu ditu hezkuntzaren, enpleguaren, osasunaren eta etxebizitzaren esparruetan. Eta alor horien guztien bidez, hain zuzen, ijito herriaren aurkako egungo bazterketaren kontra egin nahi du lan gobernuak.

"Estrategia nolabaiteko bide orri bat da ijito herriaren garapenerako lehentasunak zehazteko eta lan ildoak finkatzeko, modu transbertsalean". Horixe dio gobernuak estrategia osatzeko egindako diagnostikoak. Nafarroako Unibertsitate Publikoak prestatu du, eta ijito elkarteek parte hartzeko aukera izan dute.

%50 langabezian

Nafarroan, Iijitoen Idazkaritza fundazioko 2015eko datuen arabera, 7.553 ijito bizi dira; hau da, populazioaren %1,2. Diagnostikoan, jaso dute urriak direla Europako bertze hainbat herritatik etorritako ijitoen inguruko datuak. Portugalgoak 430 inguru dira; eta Europa ekialdekoak, berriz, 510 inguru. Ijito guztien %30 Iruñean bizi dira, %6 Tuteran, eta %5 Lizarran.

Datuek agerian uzten dute herritarron bazterketa: hamar ikasletik zazpik ez dute amaitzen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza; ijitoen %50 langabezian daude, eta lanean ari direnen %75ek behin-behineko lanpostu bat dute; gainera, 2015eko datuek erakusten dute 1.924 etxebizitzatan bizi direla herrialdeko ijitoak, eta etxebizitza horiek 53 herritan daudela denera. 79 ziren 2007. urtean. Ijitoen %33 etxegabetu dituzte noizbait.

Osasunaren arloko datuak ere ez dira onak; urriak, bai, ordea, bertze hainbat esparrutan bezala, gobernuak onartu duenez. Edozein modutan, administrazioak esku artean dituen datuek agerian utzi dute bizi itxaropen txikiagoa dutela. Errenta bermatua jasotzen dutenei buruz, azkenik, datuok erakusten dute hamar ijitotik bostek hartzen dutela: zehazki 4.172 ziren, 2016ko datuen arabera.

Ijito elkarteek argi dute hezkuntzak, enpleguak, etxebizitzak eta gainerako esparruek elkarri eragiten diotela. Denek, halere, hezkuntzarena jarri dute erdigunean. Porrot egiten duten ikasleen kopurua murriztu nahi du Nafarroako Gobernuak, eta, horretarako, 0-3 urteko zikloan hasi nahi du lanean. "Bigarren Hezkuntzan emaitza onak nahi baditugu, funtsezkoa da aurretik ere lan egitea; Haur eta Lehen Hezkuntzan ere hartu behar ditugu neurriak", erran du Hernandezek.

Neurri nagusietako bat da, ijito elkarteen hitzetan, lan horretan hezkuntza komunitate osoa inplikatzea. "Egungo hezkuntza sistema payo-a da, eta ijito familia anitzek ez dute beren burua ordezkatuta sentitzen", salatu du La Majari elkarteko Amaia Leranozek. "Eta familiaren babesik gabe, sistemak ez du funtzionatzen", erantsi du.

Estrategian jasotako lan ildoetako bat da hezkuntzaren arloan ijito herriaren historia txertatzea. "Niri eskolan inoiz ez zidaten irakatsi nire herriari buruzko deus; ijitoak ez ginen existitzen", gogoratu du Angela Gabarre gazte ijitoak. Unibertsitatean ari da Gabarre, gizarte integrazioko gradua egiten, eta, Azkoiengo bertze hainbat ijito gazterekin batera sortutako elkarte baten bidez, herrialdeko eskoletara eta institutuetara eraman ditu ijito herriaren kultura eta historia. Azken egunotan, Tafallako ikastolan egon da, bertzeak bertze. "Haurrei erran behar diegu ijitoak duela 600 urte ailegatu ginela Nafarroara; Indian dugula jatorria; bandera eta hizkuntza propioak ditugula; eta urte luzez zapaldu gaituztela, bai eta oraindik ere", nabarmendu du. Argi du haur eta gazte ijitoen gurasoei dagokien ardura onartu behar zaiela, baina, argi du, halaber, ardura hori ez dela bakarrik haiena, eta desberdinkeriak duen eragina ezinbertzean hartu behar dela kontuan. "Zapaldu gaituzte, eta gure burua babestu behar izan dugu".

Elkar ezagutzea "funtsezkotzat" jo du nafar guztien arteko bizikidetzak hobera egin dezan. "Ez gara gu eta bertzeak; denak gara gizartearen parte". Hezkuntza sisteman, adibidez, bitartekari ijitoen eta laguntzaileen beharra jarri du mahai gainean Gabarrek.

Ijitoen Idazkaritza fundazioko Ines Garciak ere nabarmendu du esparru horretan lan egiteko beharra. "Lortu behar dugu ijitoak lasai sentitzea seme-alabak eskolara bidalita; ez dezatela arazotzat hartu, baliabidetzat baizik". Egungo egoerak erakusten du baztertuta dauden familien seme-alabek bat egiten dutela eskola jakin batzuetan, "eta horrek ghettoak sortzen ditu", Garciak erantsi duenez.

Ijitoentzat eta ijitoekin

"Alde guztien konpromisoa behar du estrategiak, aurrera egin ahal izateko", erran du Gaz Kaloko kide Hernandezek. Argi du gobernuari dagokiola baliabideak mahai gainean jartzea, baina erantsi du hagitz garrantzitsua izanen dela ijito elkarteek parte hartzea ere. Lanerako prest direla erran du, gainera. "Izan ere, orain arteko arazo nagusietako bat izan da ijitoen iritzia kontuan hartu gabe egin dituztela ijitoen inguruko planak", salatu du.

2011tik 2014rako plana izan da propio ijito herriaren garapenerako onartutako lehendabizikoa. "Aurretik hartu izan dira neurriak, baina bazterketaren aurkako plan nagusien barruan; ijitoen errealitatea aintzat hartuko duen estrategia zehatz bat behar da, ordea", berretsi du.

Horrekin lotuta, Nafarroako Ijitoen Kontseilua sortzeko beharra nabarmendu du Hernandezek. "Ez da nahikoa ijito herriari buruzko estrategien diseinuan parte hartzea; politika horien aplikazioan eta ebaluazioan ere parte hartu behar dugu", erran du Hernandezek, eta hori egiteko sortu nahi dute kontseilua ijito elkarteek, hain zuzen ere.

Ebaluazioak izanen duen garrantzia nabarmendu du Ijitoen Idazkaritzako Ines Garciak ere. "Lortu beharreko helburuak zehaztu ditu estrategiak; eskola uzten dutenen kopurua murriztu nahi du; langabezian direnen kopurua murriztu nahi du; zehaztutako politikak zer neurritan betetzen diren ikusi ahal izanen dugu", azaldu du.

Ijito elkarteek estereotipoen eta aurreiritzien aurka lan egiteko ere baliatu nahi dute estrategia. "Lan handia dago egiteko oraindik ere", erran du La Majariko Leranozek. Ijitoena jende multzo homogeneotzat aurkezten duen estereotipoa jo du nagusitzat. "Bertzelakoa da errealitatea", erantsi du. Elkar ezagutzea da gakoa, haren ustez; zubiak eraikitzea.

Jakiteko herritarrek zer arnasten duten

Jakiteko herritarrek zer arnasten duten

Edurne Elizondo

Lortu dute, azkenean: hiriko airearen kalitatea neurtzeko estazio bat jarri dute, Tuterako erdigunean. Nafarroako Gobernuak jarri du, eta Tuterako Udalak txalotu eta eskertu egin du urrats hori. Erriberako Ekologistak Martxan taldeak ere "ontzat" jo du, talde horrek duela hamabost urte mahai gainean jarri baitzuen hirian gisa horretako azpiegitura bat izateko beharra. Lortu dute, beraz, azkenean; baina gobernuari urrats gehiago egin ditzala eskatu diote ekologistek, airearen kalitateak hobera egin dezan.

Nafarroak huts egin du, azken urteotan, airearen kalitateari buruzko azterketetan. Ekologistak Martxan taldeak egindako txostenek agerian utzi dute kutsadurak herrialde osoan gainditzen dituela Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio gisa zehaztutako mugak. Erriberan, ozono troposferikoa izan ohi da arazo nagusia. 2016ko txostenaren arabera, legeak ezarritako mugak ere gainditu zituen ozono troposferikoak eskualde horretan. Ekologistek onartu dute azken bi urteotan behera egin duela, baina auziari heldu beharra nabarmendu dute.

Airearen kutsadurak zuzenean eragiten dio gizakien osasunari. Munduan hiru milioi pertsona hiltzen dira urtean kutsaduraren ondorioz. Erriberan, eskualdearen orografiak larriago bilakatzen du kutsaduraren arazoa, kutsagarriak "bertan" gelditzen direlako, ekologistek behin eta berriz salatu izan dutenez.

Tuterako Udalak ere aitortu du arazo hori dagoela, eta, azken urteotan, airearen kalitatea hobetzeko plana martxan jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. 2016an, eskaera hori jasotzen zuen adierazpen instituzionala onartu zuen udalak.

Tuterako erdigunean estazioa jartzeko urratsa, beraz, "berri ona" dela nabarmendu du Tuterako zinegotzi Olga Risueñok. "Lehen urratsa da bertzelako neurriak hartu ahal izateko", erran du. Izan ere, duela hilabete martxan jarri zuten estazioari esker, gobernuko teknikariek hirian dagoen kutsadurari buruzko datu zehatzak jaso ahal izanen dituzte. "Hiriko airearen kalitatea nolakoa den jakin ahal izanen dugu; hau da, herritarrok zer arnasten dugun; trafikoak, berogailuek eta hiriko gainerako jarduerek airean zer eragin duten jakinen dugu". Orain arte, Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen sareak hiritik kanpo zegoen estazio baten bidez jasotzen zituen Tuterako datuak, hain zuzen ere. "Informazioa, beraz, ez zen orain jaso dezakeguna bezain zehatza".

Enpresen esku

Tuterako estazioa da, Iruñekoarekin batera, Nafarroan hirigune batean dagoen bakarra. Erriberan dauden bertze hainbat estaziorekin alderatuta, orain martxan jarri dutenak badu bertze berezitasunik, gainera: gobernuak zuzenean kudeatzen duela. Izan ere, Erriberako estazio gehienak bertan diren enpresek kudeatzen dituzte, eta airea kutsa dezaketen enpresa horietatik gertu jartzen dituzte. Castejongo zentral termikoak dira horren adibide.

Talde ekologistek behin baino gehiagotan jarri dute mahai gainean Castejongo zentral termikoek Erriberako airearen kalitatean duten eraginari buruzko eztabaida. Erriberako Ekologistak Martxan taldearekin batera, Sustrai Erakuntza fundazioak ere azpiegitura horien aurka egin du, bai eta zentralak ixteko eskatzeko propio sortutako plataformak ere. Hain zuzen ere,Nafarroako Gobernuak ukatu izan du Erriberako ozono troposferikoa Castejongo zentralek sortu izana. Ekologistek uste dute zentralen eragina ezin dela bazter utzi, eta badirela kutsadura eragiten duten bertzelako elementuak: trafikoa, bertzeak bertze Zaragoza eta Logroño (Espainia) hiriak, bai eta Errioxan (Espainia) dauden zentral termikoak ere, eta abar. Ekologistek salatu izan dute, gainera, Castejongo zentralak martxan jarri zituztenetik gora egin duela nitrogeno oxidoen kantitateak.

Tuterako Udaleko zinegotzi Olga Risueñok nabarmendu nahi izan du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek egindako lana. Taldeak ere argi du hamabost urtez eskatu dutelako jarri dutela, azkenean, Tuterako hiriguneko estazioa. Udalak eta ekologistek nabarmendu dute gobernuak "urrats gehiago" egin beharko lituzkeela, jasotako datuak oinarri hartuta, airearen kalitatea hobetzeko planak martxan jartzeko. "Erkidegoek eta estatuak egin beharko lituzkete gisa horretako planak", erran du Risueñok.

Estazioek jasotzen duten informazioa herritarren esku modu erraz batean jartzeko sistemak ere eskatu dituzte ekologistek. "Sakelako telefonoentzako aplikazioen bidez egin daiteke, adibidez", erran dute Erriberako ekologistek. Tuteran jarri duten estazioa ontzat jo badute ere, uste dute azpiegitura horrek eginen duen baino "gehiago" egin zezakeela. "Parametro jakin batzuk neurtuko ditu: nitrogeno dioxidoa, nitrogeno oxidoak eta partikulak, alegia. Bazen aukera sufre dioxidoa, beruna, karbono monoxidoa, nikela eta bertze neurtzeko ere, eta egin dezatela eskatuko dugu", erran dute Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek.

Erantsi dute kezkatuta daudela trafikoak, lantegiek eta zentral termikoek airearen kalitatean duten eraginagatik, eta herritarrek badutela informazio zuzen eta erraza jasotzeko eskubidea.