Nafarroa

Uda, ikasten jarraitzeko

Uda, ikasten jarraitzeko

Edurne Elizondo

Errektore berria aukeratu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) aurreko ikasturtearen azken txanpan; hurrengoarekin batera, berriz, Medikuntzako gradua jarriko du erakunde horrek martxan, Espainiako Gobernuaren oniritzia jaso eta gero.

Erritmo bizikoak izan dira azken hilabeteok NUPen, eta, udan ere, lanak ez du behera egin. Ekainean jarri zituen martxan udako bere ikastaroak, baina, oraindik ere, bada zer aukeratu: astelehenetik aurrera, eta urrira bitarte, hamaika ikastaro eginen dituzte (www.unavarra.es).

DRONEAK EGITEN, ERABILTZEN
ETA KONPONTZEN IKASI

Hamasei urte baino gehiagoko herritarrek parte hartu ahal izanen dute, astelehenetik aurrera, NUPek droneak egiten, erabiltzen eta konpontzen irakasteko antolatu duen ikastaroan. Helburu nagusia da droneen ustezko teknologia konplexua era ulergarri batean azaltzea, eta droneak egiteko eta erabiltzeko aukera ia edonoren esku jartzea.

Aisialdirako tresna gisa jorratuko dituzte. Gailu horien garapenari buruzko zertzeladak landuko dituzte, halere, azken hiru urteotan bereziki droneen inguruko teknologiak anitz egin baitu aurrera. Erabilerak eta motak askotarikoak dira, eta horien berri ematea da NUPen xedea. NUPeko Ingeniaritza Departamentuko irakasle Andres Abrego Arlegik zuzenduko du ikastaroa. Astelehenean hasi, eta abuztuaren 2an amaituko da, NUPen.

ADIMEN EMOZIONALA ETA
ESTRESAREN KUDEATZEA

Giza eta Gizarte Zientzietako Fakultateko irakasle Ines Gabarik zuzenduko du adimen emozionalari eta estresa kudeatzeko tresnei buruzko NUPeko ikastaroa. Astelehenetik ostegunera eginen dute, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Asmoa da adimen emozionalaren inguruko informazioa eta, batez ere, baliabideak lantzea. Pertsona anitzek zailtasunak dituzte beren emozioak eta estresa kudeatzeko; bertzeak bertze, nola egin irakatsi ez dietelako. Ikastaroaren helburua da oinarrizko edukiak jorratzea, emozioen arloko bizipenak kudeatzen ikasteko.

GIZARTE IRAUNKORRA ETA
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

Galdera nagusi bat erantzuten saiatuko da NUPeko Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Komunikazioko Ingeniaritza Departamentuak antolatutako ikastaroa: lor dezakegu gizarte iraunkor bat? Hori egiteko, bi ardatz nagusi jarriko ditu Alberto Berruetak zuzendutako saioak erdigunean: batetik, egungo energia kontsumoa aztertuko dute; eta, bertzetik, kontsumo hori murrizteko ideiak gauzatzeko tailerrak eginen dituzte.

Energia berriztagarrien esparruan sakontzeko asmoz, eguzki energiaren inguruko tailer bat eta hiriko mugikortasun iraunkorrari buruzko bertze bat eginen dute, zehazki. Astelehenetik ostegunera eginen dute ikastaroa, Kondestablearen jauregian.

MONTESSORI PEDAGOGIA
3 URTETIK 6 URTERA

Ines Gabarik bigarren ikastaro bat zuzenduko du, abuztuaren 5etik 9ra, NUPen: Montessori pedagogiari buruzkoa izanen da bigarren hori. Zehazki, hiru eta sei urte bitarteko hezkuntza landuko du ikastaroan, eta erdigunean jarriko ditu irakurtzeko eta idazteko gaitasunak garatzeko tresnak.

Pedagogia aktiboaren inguruko interesa duen edonorentzat da ikastaroa, baina, bereziki, irakasleak, hezitzaileak, hezkuntzaren arloko ikasleak eta gurasoak hartu nahi ditu.

MUSIKA, GENEAK ETA
IZARRAK: TXIKITIK HANDIRA

Musika, geneak eta izarrak uztartuko dituen ikastaroak abuztuko Pertseidak hartuko ditu ardatz gisa, eta, aitzakia hori baliatuz, astronomiaren eta medikuntzaren inguruan ariko dira parte hartzaileak, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Departamentuko katedradun Humberto Bustinzeren zuzendaritzapean.

Bereziki, genomika eta onkologia jorratuko dituzte, bai eta arlo horiek astronomiarekin lotzen dituzten datuak tratatzeko teknikak ere. Uxuen eginen dute ikastaroa, abuztuaren 11n eta 12an. Astronavarra elkarteak antolatuta, zeruari so egiteko saio bat eginen dute 12an.

ARTEA, KLIMA ALDAKETA
ETA BERTZE

Urria bitarte, bertze hainbat ikastaro eginen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Klima aldaketari buruz ariko da, adibidez, irailean eginen duten bat. Zehazki, Nafarroako egoera eta herrialdean dauden erronkak aztertuko dituzte, irailaren 9tik 11ra.

Irailaren 26tik urriaren 30era, berriz, kultur ondarea jarriko du erdigunean NUPek eginen duen ikastaroak. Obren zaharberritzea jorratuko dute; zehazki, zenbait pieza hondatu dituzten esku hartzeen inguruko gogoeta egiteko asmoz.

Iritzia: Turistok

Iritzia: Turistok

Saioa Alkaiza

Astebete daramat hondartzan (baina Euskal Herrian), eta zutabe hau argitaratzerako, Pirinioetan egonen naiz, mendian. Euskaldun onaren bidaiak. Hegazkinik ez, bidaia luzerik ez, kutsadura gutxi eta kontsumo juxtua. Kontzientzia garbiketa zuria, neronen pribilegioak bezainbeste.

Baina oporrak, ai, oporrak, kapitalismoaren troiako zaldi morenotua, etnozentrismoaren zilbor-heste basa, errutinaren blody mary pozoitua; inork ez dizue ukorik egin nahi, ezta nik ere: izan Hego Amerikan, motxila, gitarra, malabare, Las venas abiertas de América latina eta guzti, izan kanpin dendan, musika jaialdi, kanpin gas herdoildu eta musika taldeetako kamisetekin edota mendiko botekin, izan Nuevo Mexikoko resortean, bikini zuri eta lastozko txapela, izan furgoneteo guayan, hondartzara begira lo egin eta bertako dutxak aprobetxatuz, zein Torrevellako lagunaren lagunaren pisu turistikoan, zure burua baino handiagoak diren flotagailuekin. Hortxe goaz denok, zuen bila.

Egiatan gureak ez diren bizitza horien irudikapenak dira oporrak, oasi kontsumistak: oro har, erosiko ez genituzkeen gutiziak erosteko unea, jantziko ez genituzkeen jantziak janztekoa, eginen ez genituzkeen horiek egitekoa. Edota monotoniak ukatzen dizkigunak martxan jartzeko momentuak: parapentea egin, ia inoiz egiten ez duzun txangoa prestatu, bizikletaz gurutzatu herrialde erdia... "Gozatu, ikusi, deskonektatu". Turiston mantrak.

Zeren eta, zeinek bidaiatzen du(gu)? Zeintzuok eta zeinengana? Zertarako? Urrutira goaz, gu, bidaiari dirudunok, antropologiak erabilpenaren erabilpenaz urratu duen Bestearengana goaz. Besteak: gu ez garen horiek. Haiek, exotikoak diren horiek, gehienez ere, "natibo jatorrak" deituko ditugunak, harat-honako tratuan bost euroko mozkina lortu badugu. Bestela, eta gure nahiei izkin eginez gero, lehortzat izendatuko ditugunak.

Eta, horren urrutira ez bagoaz ere, ez diogu utziko turista izateari, gurean tokatuta Go home-ka agurtuko genituzkeenak gara, airbnb-ren eraginez kostako etxeen prezioa sanferminetako terrazen pare jartzen dugunak. Herri batzuk udatiarrez bete eta biziz husten ditugunak gara. Bai eta motxilero alternatiboenak garenean ere.

Paradisuaren paradoxa izendatu zuen Pamela Nowicka idazleak, Vacaciones en el paraiso, turismo y desarrollo liburuan; paradisuaren paradoxa, joaten direnentzako toki idiliko bilakatzen den hori bertakoentzako ez-bizigarri bihurtzen baita aldi berean.

Marc Augé antropologoak "turismoaren kaleidoskopio ilusorioa" utzi eta aniztasunaz gozatu behar zela zioen, ahal dela, gertuko tokietara joanez, eta bidaia agentziek produktu-helmuga bilakatu dituzten tokietatik urrunduz. Batek daki.

Zutabe hau bera ere, autoparodia ilusorio bat baino ez da izan, autokonplazentzia ariketa bat. Motxila egitera noa.

Hazia, berriz loratzeko prest

Hazia, berriz loratzeko prest

Edurne Elizondo
Hazi emankorra: halakoxea da Bortzirietako emakumeen memoriaren baratzean duela urtebete ereindakoa. Eskualdeko andreen historia jasotzea eta zabaltzea hartu zuten helburu bultzatzaileek, eta horretan aritu dira azken hamabi hilabeteota...

Antzerkizale ororen ezinbesteko topagunea

Antzerkizale ororen ezinbesteko topagunea

Ane Eslava

Antzerkia maite dutenek galdu ezineko ekitaldia dute urtero Nafarroan, uztailaren amaiera eta abuztuaren hasiera bitartean: Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdia. Hamabost egunez, historiako antzerkigile entzutetsuenen lanak eramaten dituzte herri horretako jauregiaren ingurura, eta herria kulturaren hiriburu bilakatzen da. Gaur hasiko da jaialdia, hogeigarren aldiz, eta abuztuaren 3ra arte hamaika ikuskizun eskainiko dituzte aire zabalean. Gaur, Compañia Ferroviaria taldeak Sofoclesen Antigona antzezlana interpretatuko du, Cava espazioan. Hor egongo da agertoki nagusia, baina, toki horretan ez ezik, jauregian eta herriko zenbait plazatan ere egingo dituzte ikuskizunak.

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluarte Fundazioak antolatu dute ekitaldia, eta egitarau zabala prestatu dute. Aurreko urteetan, asteburuetan antolatu izan dituzte jarduera guztiak, baina, aurten, asteazken eta ostegun batzuetan ere egongo dira emanaldiak; zehazki, hilaren 25ean, 26an eta 31n. Bestalde, aurten Europako eta Latinoamerikako zenbait autore eta talderen obrak egongo dira, eta Portugal izango da jaialdiko gonbidatu berezia.

Luis Jimenez zuzendariak jaialdiaren aurkezpenean azaldu zuen moduan, aurtengo helburua da "jaialdiaren orientazio berria tinkatzea". Izan ere, orain dela hiru urte, erabaki zuten antzezlan klasikoei autore garaikideen eta nazioarteko egileen lanak eranstea, festibalaren "nortasuna aberasteko" helburuz, eta antolatzaileek bide horretatik jarraitzeko asmoa dute. Ondorioz, aurtengo egitaraua helburu horri erantzuten dioten "erreferentzia sozial, politiko eta kulturalen berrespena" izango da, zuzendariaren esanetan.

"Inoiz ez dut sentitu antzerkia denbora-pasa ekintza baten gisan", adierazi du Jimenezek aurkezpen testuan; "Antzerkia ikusten dut, Garcia Lorcari adierazpen eginez, tresna espiritual eta hezitzaile baten moduan, hezten eta geure nortasuna indartzen laguntzen gaituena". Jimenezek 2017an hartu zuen jaialdiaren zuzendaritza, eta hasieratik bihurtu nahi izan du Erriberri "arte eszenikoen zentro estrategiko bat". Alde horretatik, aurten, dantza emanaldi batzuk ere eskainiko dituzte, apustu hori sendotzeko.

Iazko jaialdiak 98ko Belaunaldira gerturatu zituen ikus-entzuleak, Ramon Maria del Valle Inclanen lanaren bitartez; aurtengoa, berriz, 27ko Belaunaldiko poetikari begira jarriko da, Federico Garcia Lorcaren bitartez. Poeta eta antzerkigile horrek toki berezia izango du gaurtik aurrera taularatuko dituzten antzezlanetan. Histrion antzerki taldeak, kasurako, Lorca, la correspondencia personal antzezlana eramango du jaialdira; Juan Carlos Rubio zuzendari andaluziarrak sortu du, Lorcaren gutunetan, hitzaldietan eta idazkietan oinarrituta. Pep Tosar balearrak, berriz, poeta horren bizitzan oinarrituta ondu duen Federico Garcia antzezlana eramango du Erriberrira.

Bihar, Atalaya taldeak Rey Lear lana eskainiko du, Cavako oholtzan, eta, igandean, berriz, Sara Cano dantza konpainiak Vengo ikuskizuna estreinatuko du han. Datorren astean, Nafarroako bi taldek erakutsiko dituzte beren lanak agertoki nagusian: Producciones maestras-ek, Loco desatino, eta R.M. Managementek, berriz, Margaritas de Margarita. Mujer y Renacimiento.

Antzeztoki horretaz gain, aurten, formatu txikiko ikuskizunetarako beste espazio batzuk egongo dira. Karpa batean taularatuko dituzte Fernando Renjifok zuzendu duen Bernard-Marie Koltesen La noche justo antes de los bosques, bai eta Vaiven Producciones taldearen El último tren a Treblinka ere. Jauregian, bestetik, Viridiana zentroaren Amor oscuro eta Bagoa Producciones-en Calígula debe morir obrak ikusi ahal izango dira. Azkenik, Santa Mariako elizpera eramango dute Mexikoko Efe Tres Teatro taldearen Merolico-Entremeses bululuados lana, eta jauregian emango dute Kukai Dantza konpainiaren Erritu dantza ikuskizuna.

Hitzaldiak eta zikloak

Dena ez dira ikuskizunak izango, halere. Batetik, David Rodriguez Massachussetseko Unibertsitateko irakasleak La tradición del teatro itinerante en las dos orillas: del Siglo de Oro a Lorca y Vasconcelos mintzaldia emango du, uztailaren 2an, kultur etxean. Bestetik, uztailaren 28an topaketa bat egingo dute Alfredo Sanzol antzerkigile iruindarrarekin, eta ikusleek aukera izango dute jakiteko nola sortu duen heldu den igandean jaialdian aurkeztuko duen La valentía antzezlana, eta zer beste proiektutan ari den lanean. Horretaz gain, hiru egunez Antzerki Poetika zikloa egingo dute, jauregian, horretarako hautatu dituzten lau talde nafarrekin.

Urtero gonbidatu berezi bat izaten da jaialdian, eta, aurten, herrialde bat da: Portugal. Lisboako Zine eta Antzerki Goi Mailako Eskolak eta Companhia do Chapito taldeak ordezkatuko dute herrialdea. Bigarren horrek, Electra antzezlanaren bertsioa aurkeztu, eta ikastaro bat emango du.

Iritzia: Iruñea

Iritzia: Iruñea

Lur Albizu Etxetxipia

Hiria isildu da, eta herrietara ihes eginen dugu askok. Azken asteetan zurrunbiloak santu izena hartu du, eta Iruñeak okupatu ditu geure buru eta bihotzak. Sanferminek pista batzuk eman dizkigute.

Lehen pista: udaltzaingoak nola lan eginen duen. Kalean ez ezik, udaletxe barruan ere bertako zinegotziei kolpeka aritzera ausartu dira; udaltzainburuak eta Carmen Albak (gogoratzen PPren gobernu-ordezkari hura? Bai, zinegotzia da Iruñean) bostekoa eman zioten elkarri. Ikurrina balkoitik kanpo, zinegotzi abertzale eta ezkertiarrak balkoitik kanpo. Entzierroan bertan kolpeak, identifikazioak eta isunak. Prozesioan kolpeak. Atxiloketak ea noiz datozen.

Bigarren pista: zezenik gabeko arratsaldeak posible dira. Zezen-plaza aquapark bilakatu zenean ere inoiz etsitzen ez duten haiek han jarraitu zuten. Kultura deitzen duten torturarik gabe eta toreatzailerik gabe (hori ere garrantzitsua da). Gero eta peña gehiagok hartu dute konpromisoa bestelako egitasmoak antolatzeko, eta ez da arraroa tradizio hauek traizionatzeko erabakia hartu dutenak ikustea. Badugu zer pentsatu, peñek badute zer esan.

Hirugarren pista: mobilizatu beharrarekin edo gabe, eraso sexistek hor jarraitzen dute. Eta hor jarraitzen dute gure atzetik dabiltzanek, ateraino jarraika ditugunek, begirada nazkagarriak botatzen dizkigutenek. Edo tabernari emakumeei (eta gazteak baldin badira, askoz hobe) kubatak eta tragoak eta katxiak eta zuritoak nola jartzen diren erakusten dietenek. Pausoz pauso, barraren beste aldean haiek (gizonak, eta helduak) egonen balira bezala. Hor jarraitzen dute alkoholaren aitzakiaz, "burua galdu nuen" aitzakia hartuta egiten dituztenak justifikatzen duten horiek. Oso astunak zarete, benetan. Barre egiteko gogoa emanen liguke egunero-egunero aguantatu behar izanen ez bazintuztegu. Barregarria izanen litzateke geure bizitzetan horrelako eraginik ez balu (beldurra, amorrua, haserrea, inpotentzia… Gehitu zureak zerrenda honetara). Ez zaudetenean dena askoz errazagoa da, ez dugu zuen inolako beharrik. Festa egiteko (ere) ez zarete beharrezkoak. Ez egin esfortzurik. Sanferminak dira, baina denak ez du balio. Hausnarketa egiteko eskatuko nizueke, baina zertarako?

Laugarren pista: Iruñeak hiri handia dela erakutsi du beste behin ere. Harrera onekoa, umore onekoa, elkartasunezkoa. Antifaxista, euskalduna, herrikoia. Inposizioen kontra borrokatzen dena. Inprobisazioaren aldekoa, kolore askotakoa. Kaleak lehertu dira beste behin ere, antolatu dira milaka herri-ekimen, mobilizazio, ekitaldi, kontzertu, egitarau… herritik eta herriarentzat. Ez diezagutela gure Iruñea lapurtu!

Iruñean Asiron batzuen artean hartu eta airera botatzen dute. Maitasun keinuak handik eta hemendik. Maia, zuk ez duzu sekula lortuko. Itzuliko gara!

[Nire miresmen osoa egunero edo ia egunero ostalaritzan, kaleak garbitzen edo beste edozein lanetan ibili zaretenontzat. Zuek bai handiak!]

Mendian gozatzen jarraitzeko

Mendian gozatzen jarraitzeko

Edurne Elizondo

Zauria sendatzen jarraitzeko bi urtean behin egiten duten bisita: horixe da Berako Agerra mendi taldeak eta Manttalek Taillon mendira igotzeko antolatzen duten txangoa. 2017an egin zuten azkenekoz, eta bihar itzuliko dira berriz: mendiaz gozatzeko, eta Pirinioetako txoko horretan hildako eskualdeko mendizaleak gogoratzeko. "Ipar paretaren ondotik pasatzen garenean, goiti begiratzen dugu, eta imajinatzen dugu non ibiliko ziren. Momentu hunkigarriak dira, baina aurrera jarraitu, eta txangoa besta bilakatzen da; hori da gure helburua".

Iñaki Pikabearenak dira hitzak. 2007. urtean hil zen haren anaia Luis Mari Pikabea Loro mendizale beratarra, Taillon mendiko ipar paretan. Harekin batera zendu ziren, istripu berean, Xabier Zubieta beratarra eta Xabier Saralegi lesakarra ere. Handik lau hilabetera igo zen Iñaki Pikabea, lehendabizikoz, Taillonera. Tokia ezagutu nahi zuen. Mendira itzuli, mendian gozatzen jarraitu ahal izateko. Anaiak egiten zuen bezala.

2007ko urtarrilaren 13an zendu ziren 33 urteko Pikabea eta Zubieta, eta 32 urteko Saralegi. Astebete lehenago, Lesakako bertze mendizale baten erreskate lanetan aritu ziren hirurak: 29 urteko Unai Etxepare Anayet mendian (Huesca, Espainia) hil zen, erorita, 2007ko urtarrilaren 6an. Astebetera, hilaren 13an, 3.144 metroko Taillon mendian izan zuten istripua Zubieta eta Pikabea lehengusuek eta Saralegik, Frantziako Pirinioetan (Pirinio Garaiak), mendi horretako iparraldeko horma eskalatzen ari zirela.

Edurne Pasabanekin eta Asier Izagirrerekin ziren Bortzirietako mendizaleak, Taillonen, istripua gertatu zenean. "Nire bizitzako momenturik txarrenetako bat aukeratu beharko banu, horixe izango zen. Himalaian hainbeste ibili, eta etxe ondoan gertatu zait istripurik larriena, Pirinioetan", nabarmendu zuen Pasabanek 2017an, ezbeharra gertatu eta hamar urtera.

Ehun pertsona inguru

Mendiak eman, eta hartu ere egiten du. Baina Iñaki Pikabeak argi du istripuak "nonahi" gerta daitezkeela. Horregatik, 2007an Taillonen gertatutakoak ez du ekarri zendutako mendizaleen lagunek eta senideek mendia uztea. Bortzirietan beti izan da zaletasuna, eta grina horri bidea eman nahi izan diote Agerra mendi taldeak eta Manttalek, bi urtean behin antolatzen duten txangoaren bitartez.

2009. urtean egin zuten irteera lehendabiziko aldiz. Gero eta jende gehiagok parte hartu izan du. Biharkoan, 80-100 pertsona inguruk bat egitea espero dute antolatzaileek, hain zuzen ere. "Autobusa antolatzen dugu guk, baina bada autoz joaten den jendea ere", azaldu du Iñaki Pikabeak. Autobusez joanen direnak 05:30ean aterako dira Beratik, Iamotenea aurreko aparkalekutik, zehazki. Hamabost euroren truke, bidaia eta bazkaria ordaintzen dute mendizaleek. 21:00-22:00 aldera itzuliko dira denak herrira.

Pirinioetan, bi ibilbide prestatu dituzte Agerra mendi taldeko eta Manttaleko kideek, mendizale guztien neurrira. Batetik, lau ordu inguruko txangoa egiteko aukera izanen da, Gavarnietik Bujarueloko lepora. 600 metrokoa da bide horretako desnibela. Bertzetik, denera sei ordu iraunen duen bertze bideak Taillon mendiko tontorrera eramanen ditu mendizaleak. 1.200 metrokoa da desnibela bigarren ibilbide horretan.

Bujarueloko lepoan eginen dute bat mendizale guztiek. Zubieta, Pikabea eta Saralegi gogoratzeko monolitoa dago han, eta haren aurrean omenduko dituzte. "Gauza xume bat eginen dugu; familia argazkia atera eta kito. Natur parke bat da, eta gu ere ez gara ekitaldi handien zale", erran du Iñaki Pikabeak. Gero, Gavarnie herriaren ondoan bazkalduko dute.

Beratarrak berretsi du egunak mendiaz gozatzeko aukera eman nahi diela herritarrei. "Polita da, beti baitago lehen aldiz joaten den norbait; bakarrik joateko beldurrez direnak gustura joaten dira talde handi baten arrimuan", nabarmendu du Pikabeak. "3.000ko erraza da Taillon, baina jakin behar duzu pixka bat ibiltzen, eta errazagoa da jende artean".

Taillonen zendutako hiru mendizaleen "herentzia" da, nolabait erranda, bi urtean behin Beratik Pirinioetako txoko horretara antolatzen duten txangoa. Horixe erran du Pikabeak. Lehenagotik ere bazuten zaletasuna etxean. "Ni ibili izan naiz, eta Patxi anaia ni baino gehiago; baina zaletasuna beti izan dugu: lagun arteko zaletasuna izan da mendia guretzat".

Luis Mari izan zen mendian bide sendoena egin zuena, halere, Pikabeatarren artean. Zubieta eta Saralegi bezala, mendizale zaildua zen alpinismoan, eskaladan, bai eta mendiko eskian ere. Pirinioetan eta Alpeetan trebatu ziren hirurak. Kilimanjaro mendia 18 urterekin igo zuen Pikabeak. Andeetako mendiak ere ezagunak zituen: 1997an, Peruko Mendikate Zurian izan zen, Zubieta lehengusuarekin batera.

Himalaiarako jauzia izan zuten hurrengo urratsa, eta, 1999an, Gasherbrum II (8.035 metro) igo zuten bi lehengusuek. Sisha Pangma igotzen saiatu zen Pikabea, 2006an. Edurne Pasabanekin aritu zen urte hartan. Bortzirietako mendizaleak hil zirenean, hain zuzen, hamalau 8.000koak amaitzeko proiektua hasten ari zen mendizale tolosarra. "Nire taldean ziren; istripua gertatu izan ez balitz, nirekin izango ziren", erran izan du Pasabanek.

Elkar babestu

Asmoak eta proiektuak bertan behera gelditu ziren 2007ko urtarrilaren 13an, Taillon mendiak Zubieta, Pikabea eta Saralegi hartu zituenean. Zazpi eguneko tartean lau herritar galdu zituzten Bortziriek Pirinioetan, eta doluak hartu zuen eskualdea. Zendutako mendizaleen familiak eta lagunak izan dira, halere, egoerari aurre egiteko indar handiena erakutsi dutenak, eta mendiaz gozatuz eta mendia maitatuz egin dute hori. "Argi genuen etxean geldituz ez genuela deus konponduko. Bakoitzak ahal duena egiten du. Guk elkarri eman diogu babesa; elkarrekin egin dugu aurrera", erran du Iñaki Pikabeak.

Taillon mendira anaia hil berritan igo zen aurrenekoz. Egun hartako eguraldi txarra du gogoan; lore sorta utzi zutela mendian galdutako anaiaren eta lagunen omenez. Eta tokia ezagutzeak, nolabait, "lasaitua" eman ziola. Bertze hainbat aldiz egin du bide bera, baina, oraindik ere, badu kendu nahi duen bertze arantza bat: anaia hil zen iparraldeko horma eskalatzea. "Badakit bertze urrats bat dela; eskalatu behar dela; baina egin nahi dut", berretsi du.

Taillon mendi berezia izanen da beti Bortzirietako mendizaleentzat. "Berezia da, anaia eta lagunak han gelditu zirelako". Galerak eragindako minaz harago, aurrera segitzeko bidea eman dio Iñaki Pikabeari bi urtean behin txangoa antolatzeko ilusioak eta lanak. Pozten du irteerak hainbertze jende erakartzen duela ikusteak, anaiaren eta lagunen memoria bizirik dela erakusten duelako. "Polita da ohartzea jendea anaiaz oroitzen dela".

Hurbilekoa baina ezezaguna

Hurbilekoa baina ezezaguna

Edurne Elizondo

Agerian da. Hiriko erdigunean. Baina, hala eta guztiz ere, ezezaguna da, neurri handi batean. Nafarroako Museoak egoera hori aldatu nahi du, eta herritarren jakin-mina piztu. Barruan dituen lanen berri zabaldu nahi du, gordetako altxorra nafarrekin eta bisitariekin partekatzeko asmoz. Bisita gidatuak antolatu ditu horretarako. Ekainaren 28an hasi zituzten, eta sanferminetako etenaldiaren ondoren, berriz eginen dituzte, astelehenetik aurrera, abuztuaren 31ra bitarte.

Silvia Roa iruindarra da gidarietako bat. Historia ikasten ari da, Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hirugarren maila eginen du hurrengo ikasturtean. Udako lan gisa hartu du Nafarroako Museokoa. Bisitak hasi baino lehen, lau astez aritu da prestatzen. Gogoz prestatu du, gustukoa baitu museoko lanen berri emateko aukera. Sumatzen zaio kontent dela, obrei buruzko azalpenak ematen dituenean. Piezen inguruko bitxikeriak xehetasun osoz kontatzen ditu bisitarien aurrean.

"Museo ederra da hau, eta pena da herritar anitzek ez ezagutzea. Merezi du", erran du. 1956. urtean inauguratu zuten, Andre Maria Errukizkoaren ospitalea zenaren gainean. XVI. mendekoa zen eraikin hori, baina museoko aurrealdeak eta eraikin nagusiaren ondoko kaperak baino ez diote eutsi. 1980ko hamarkadan egin zituzten museoa moldatzeko lehendabiziko lanak. Aldaketa nagusiak, halere, azken hamarkadakoak izan dira: 2011n, historiaurreko piezen inguruko aretoa berritu zuten; eta 2015ean, Nafarroako Gobernuak ikerketa bat egin zuen NUPeko Edarte taldeko kideekin batera, eta, lan horren ondorioz, museko hirugarren eta laugarren solairuak egokitu zituzten. "Asmoa zen publikoa erakartzea, ikerketak agerian utzi zuelako herritarrek ez zutela museoa nahi bezainbertze ezagutzen".

Emakumeen presentzia

2015eko aldaketen helburua izan zen, batez ere, emakume artisten lana nabarmentzea, ordura arte museoak ez baitzuen erakusten emakumeren batek egindako obra bakar bat ere. Lydia Anoz argazkilari nafarraren lanak ikus daitezke orain museoko aretoetako batean. Arte garaikidea ere lehen baino gehiago nabarmentzen du museoak orain, eta, ikusleen eta obren arteko harremana laguntzeko, moldatu eta egungo museoetako moldeetara egokitu ditu lanen egileen, izenburuen eta xehetasunen inguruko informazioa zabaltzeko kartelak.

Moldatutako museo hori da bisita gidatuen bidez ezagutzera eman nahi dutena, hain zuzen ere. Obrak eta egileak beren testuinguruan kokatzeko ahalegina egin du erakundeak, San Domingo aldapako eraikina kulturarako esparru atsegin eta erakargarri bilakatzeko asmoz. Roak sartzera deitu ditu herritarrak. Museoak gordetako lanen lagin bat erakusteko prestatu du bisita, nabarmendutako sei piezaren bidez ikusleak harrapatzeko.

Sei pieza horien bidezkoa da museoa ezagutzeko egin daitezkeen bisitetako bat. Eraikin nagusiaren ondoko XVI. mendeko kaperan hasten da. Obra garaikideek hartu dute espazio hori, eta lan horiek kaperako berezko erretaulekin "hizketan" jarri dituzte museoko arduradunek. Orain, zehazki, Carlos Irijalba artista nafarraren erakusketa dago ikusgai. Egile horren proposamenak elkarrizketa sortu nahi izan du bere eta museoko hainbat obraren artean, eta, ondorioz, kaperara eraman dute historiaurreko aretoan egon ohi den Abaunzko mapa. 10.000 urte inguru ditu, eta Europa mendebaldeko lehen mapatzat jotzen dute.

Turbilgo estela estatua da Roak aurkezturiko bigarren lana. Burdin Aroko gerlari bat islatzen du, eta Beiren aurkitu zuten. Burua aurkitu zuten lehenbizi, eta erromatarren garaiko hilarri bat zela pentsatu zuten hasieran, harik eta indusketak aurrera egin eta estela estatua osoa aurkitu zuten arte.

Gerlaria utzi, eta Erroman gelditu da Roa. "Erromatarren garaiko heriotzarekin lotutako errituen inguruko aretoa da hau", azaldu du, hilarriei eta errautsentzako kutxei so. Bada gehiago ondoko aretoetan; bertzeak bertze, Iruñeko katedral erromanikoa: "Egungoa eliza gotikoa da, aurrealde neoklasikoarekin, baina badakigu azpian eraikin erromanikoa zegoela", kontatu du Roak.

Leireko kutxatila hispaniar-arabiarra da Roak bisitan erakutsitako obretako bertze bat. "Gorte omeiatarrean egindako lan bat da, Kordoban, 1004-1005. urte inguruan. Gizakien figurak ageri dira, eta hori ez da ohikoa musulmanen artean". Hagitz bertzelakoa den bertze obra batekin amaitu du Roak bisita: Goyak egindako San Adriango markesaren erretratua. "Goyaren erretratu onenetako bat da, eta, aldi berean, museoan gutxien ezagutzen diren obretako bat".

Herritarrei lanaren berri emateko irrikan da Roa. Asteartetik larunbatera bada aukera, egunean hiru aldiz: 11:00etan, 12:30ean eta 17:30ean. Igandeetan, berriz, 11:00etan. Euskaraz izanen dira hilaren 19ko eta abuztuaren 2, 16 eta 31ko 11:00etako bisitak.

Kultura bazter guztietaraino

Kultura bazter guztietaraino

Ane Eslava

Udan kultur eskaintza Nafarroako txoko guztietaraino zabaltzeko helburua duen programa da Kultur. Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatzen du, urtero, Turismo eta Merkataritza Departamentuarekin elkarlanean, kultura "deszentralizatzeko". Aurtengoa martxan da dagoeneko: ekainaren 21ean hasi zen, Lesakan, Balerdi Balerdi taldearen kontzertuarekin, eta irailaren 7ra arte iraungo du. Denbora horretan, 35 kultur jarduera egongo dira herrialde osoko herrietan eta "intereseko" tokietan. Asteburuero, hiru artista edo taldek beren kultur eskaintza eramango dute Nafarroako hiru tokitara.

Kultur programa antolatzen den 24. aldia da aurtengoa, eta urteekin aldatuz eta garatuz joan da, egungo formatura iritsi arte. Aurtengo proposamen nagusiak musika ikuskizunak izango dira: folk, jazz, blues, pop, rock eta koru musikako 32 musikarik eta taldek parte hartuko dute. Horietako asko Euskal Herrikoak dira, baina badira kanpokoak ere.

Euskal Herritik etorritakoen artean daude, adibidez, Lemon y Tal, Izaki Gardenak, Iñaki Plaza Band eta Eunate XXI taldeak eta Aranguren haraneko abesbatza. Kultur programaren bitartez, Nafarroako Gobernuak "beren lana lurraldean zabaltzeko" aukera bat eman nahi die horiei guztiei. Kanpoko taldeen artean daude, besteak beste, Nat Simons espainiarra, eta Stacie Collins eta Elliott Murphy estatubatuarrak.

Asteburu honetako programazioan, estilo ezberdineko hiru talde daude: atzo, Hutsun txalaparta talde iruindarraren kontzertua izan zen Zugarramurdiko Sorginen Leizean; gaur, Alberto Arteta Garesko saxofoi jotzaileak osatu berri duen Laurok jazz taldeak kontzertua joko du Ribaforadako Zaldun Tenplarioen kalean, 22:00etan; eta bihar, berriz, Iñaki Plaza trikitilari, txalapartari eta perkusionista bilbotarraren Iñaki Plaza & Band taldeak Otsagabiko plazan emango du kontzertua, ordu berean. Heldu den astean, berriz, Baobabs Will Destroy Your Planet, Buffalo River Band eta Adriana Olmedo & The Disappointment taldeak egongo dira Olatzagutian, Artaxoan eta Mendigorrian, hurrenez hurren.

Dantza eskaintza bakarrak izango dira MugMus laborategiaren Esku Harriak ikuskizuna eta Mikelats taldearen dantza emanaldia; lehena Erronkarin izango da, eta bigarrena, Agoitzen.

'Dantza' filma, argazkietan

Musika eta dantza ez ezik, Kultur programak arte plastikoetako eskaintza ere badu: Xabier Artola Zubillaga EHUko irakaslearen Kamaren aurrean dantzari: 'Dantza' filmeko argazki sorta bat izeneko argazki erakusketa. Telmo Esnalen Dantza filmaren grabaketan egindako argazkiekin osatuta dago, eta uztailaren 4an zabaldu zuten, Bertizko jaurerrian. Zubillagak adierazi duenez, erakusketan ikus daitezkeen argazkien bitartez film horren estetika islatu nahi du, filmean agertzen diren koreografien eta eszenen "edertasuna" erakusteko. Abuztuaren 25era arte egongo da ikusgai.

Turismoari lotutako eskaintzaren barruan, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte Nafarroako toki "tipikoetara". Bisitatuko dituzten lekuen artean daude Martzillako gaztelua, Los Arcosko Santa Maria eliza, Azagrako Manzanos upategia eta Leireko monasterioa. Kontzertuak eta ikuskizunak ostegun, ostiral eta larunbatetan egingo dituzte, eta turismo jarduerak, berriz, larunbatetan. Egitasmoarekin elkarlanean ari diren udal eta tokiko erakundeek baimenak eman eta azpiegiturak jarriko dituzte.

Iritzia: Kirola eta obsesioa

Iritzia: Kirola eta obsesioa

Jon Barberena Ibarra

Ez dut kirolari buruz gehiegi solastatzeko ohiturarik, hare gutiago, idaztekoa. Halere, duela guti, berriz ere, dopin hitzak lekua hartu du txirrindularitzan. Horrek ez ninduen sobera harritu, baina, kontua da, oraingo honetan, afera ez dela maila profesionalean pasatu, denbora-pasa eta afizio gisa praktikatzen dutenen artean baizik. Berriki, El Correo-k jakinarazi du Raul Portillok eta Jose Antonio Larreak EPO baliatu zutela euren balentriak edo ekintza gogoangarriak lortzeko. Portillo, errate baterako, alimaleko negozio bilakatu den Quebrantahuesos martxa zikolturistan lehendabizikoa ailegatu izan da, eta harena da Irati Xtrem martxa zikloturistan Larrau hupatzeko eginiko denborarik onena. Berarendako izan ziren, behin eginbeharrak akituta, ondokoen miresmena, txaloak eta laudorioak. Burrunba horren erdian, autoestimua hanpatu eta bere egoa hauspotu zuen.

Gainera, zenbait egunkari irabazle hitza erabiltzen tematu dira martxa horien berri ematerakoan, eta, horrez gain, Internet dago, dena erakusten duen leiho preziatu hori. Dudarik ez dago, izena eta abizenak zenbait hedabidetan barreiatzeak norberaren egoan eragina du, eta, nonbait, urrearen prezioa du fama eta itxurakeria gainbaloratuak dauden gizartean. Onenak izan behar dugu kiroletan, prestigiozko lanpostua lortu, irribarre perfektua erakutsi.

Agerikoa da norgehiagoka eta apustua errotuak ditugula, izaera lehiakorra baitugu euskal herriko gizonok, batik bat. Rh negatiboaren eta geneen kontuak aipatzen dira, baina horren gibelean ez ote dago sistema neoliberal basatiaren izpiritua? Mugaraino ailegatu beharra, hoberena izan beharra, estatus sozial eta ekonomiko jakin bat eskuratu beharra… Etengabeko gainditze fase batean bizi gara, eta, horrek momentuko pozak ekartzen badizkigu ere, geure buruarendako zama bihurtzen da, frustrazio.

Egoa inoiz ase ezin den barne sits apetatsua da, eta tranpa edo iruzur egiteko prest gaude lauda gaitzaten. Era berean, batzuk, akaso, ez dira dopina hartzera ailegatuko, baina bai kirola obsesioz bizitzera. Horrela, sozialki euren buruak baztertuko dituzte forma fisiko egokia erdiesteko helburua lehenetsiz. Hori guztia, El Diario Vasco-k Behobia-Donostia lasterketaren biharamunean argitaratzen duen sailkapenean postu batzuk aitzinatzeko edo hogei orduz menditik barna lasterka aritzeko. Obsesibo hau ez da euskal kulturaren ezaugarri, sistema kapitalista eta patriarkal honen parte baizik.

Zorionez, badugu zer ikasi eta zer desikasi anitzek. Erkuden Almagrok sortu zuen Bizikume, eta han adin eta erritmo aski desberdinetako emakumeak biltzen dira pedalei eragiteko. Gizon anitzen filosofiarekin alderatuz gero, bertzelakoa da: "Beste erritmo batzuk ditugu, beste elkarrizketa gai batzuk… Beste modu batera ibiltzen gara. Ez zaigu axola helmugara azkar iristea: disfrutatu egin nahi dugu". Horixe da erronkarik handiena, obsesionatu gabe, disfrutatzea.