Nafarroa

Mendia ez baita merkantzia

Mendia ez baita merkantzia

Ane Eslava

Larhun mendi bat da, ez produktu bat". Hori aldarrikatzeko Aman Komunak sareak eta beste hainbat eragilek kanpaldi bat antolatu dute Larhungo tontorrean. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak turismogune bat eraiki nahi du han, eta herritarrak aurka agertu dira: dagoeneko bisitari gehiegi hartzen duen toki bat are gehiago masifikatuko duela salatu dute. Bihar eta etzi egingo dute kanpaldia, uda hasieran abiatutako mobilizazio uholdea burutzeko.

Larhun Nafarroa eta Lapurdi artean dagoen mendi bat da, eta haren historia kontrabandoarekin hertsiki lotuta dago. Azken urteetan, ospe handia hartu du, eta, urtero, 350.000 bisitari inguru jasotzen ditu. Horiek Saratik (Lapurdi) abiatzen den kremailerako tren batekin igotzen dira mendiaren gailurreraino. Orain, beste hainbat azpiegitura eraiki nahi dituzte han, Larhun 2020 izeneko proiektuaren bitartez.

Hasteko, aparkalekua handitzea aurreikusten dute, bai eta oinezkoentzako sarbidea hobetzea ere. Bestalde, bi tren hibrido jartzeko asmoa dute, egungoa elektrikoa delako eta zaharkiturik dagoelako. Mendi gailurrean bertan, berriz, hotel moduan funtzionatuko duten bi bagoi jarri nahi dituzte, eta, horiekin batera, txirrista bat eta rokodromo bat. Azkenik, mendia inguratuko duen pasarela bat eraiki nahi dute, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen sarbidea errazteko helburuz. Hori da eztabaida handiena eragin duen instalazioa, tontorraren itxura aldatuko duelako.

Orotara, 36 milioi euroko aurrekontua aurreikusten dute eraikuntza lanetarako, eta EPSA enpresa publikoa arduratuko da horietaz. Obrak amaitzeko epea 2020. urtean ezarri zuten, baina egunak atzeratuz joan dira.

2017ko ekainean aurkeztu zuten proiektua. Larhunen inguruko herrietako udalek, ordea, ez zuten informaziorik jaso, eta prentsaren bitartez izan zuten egitasmoaren berri. Bera (Nafarroa) eta Azkaine, Urruña eta Sara (Lapurdi) dira herri horiek. Handik gutxira, batzar batera deitu zituzten, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko presidentearekin eta Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariarekin, eta proiektuaren ezaugarriak azaldu zizkieten. Ordutik, ez dute informazio gehiagorik jaso, baina datorren astean beste bilkura batera deituak daude, Baionan. Egitasmoaren aurkako taldeek salatu dute prozesuan ez dela egon inolako gardentasunik.

Etekina ateratzea helburu

Pirinio Atlantikoetako Departamenduak dioenez, azpiegitura horiek eraikitzeko helburua da segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea. Izan ere, Larhungo instalazioak zaharkiturik daude, eta premiazkoa da horiek egokitzea: adibidez, trena 1924an eraiki zuten. Larrun Ez Hunki proiektuaren aurkako kolektiboak, ordea, beste asmo batzuk ikusten ditu atzean, Asier Calderon taldekideak adierazi duenez: "Helburua da Larhun mendia ahalik eta gehiena esplotatzea; merkantzia gisa erabiltzea". Haren ustez, proiektuak turismo masiboa bultzatuko du, eta horrek kalte handia eragin diezaioke Larhun mendiari. "Kaskoan horrenbeste jende ibiltzeak eta horiek sortuko duten zaborrak ez diote onik egingo lurrazalari".

Larrun Ez Hunki-ko kideek hasieratik salatu dute mendian jada eraikita dagoena gehiegizkoa iruditzen zaiela —gailurrean bi benta eta antena bat daude—. Hori dela eta, azpiegitura gehiago eraikitzea "jasanezina" dela salatu dute. "Ez gaude benten kontra, eta jendea etortzen dela onartzen dugu; ezin dugu hori aldatu. Baina mendian dagoena gehiegizkoa bada, hortik kanpo ez da edozer egiten ahal", adierazi du Calderonek. Haren ustez, argudio nagusia segurtasuna bada, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte. "Onartezintzat" jo du, ordea, argudio hori erabiltzea turismoa areagotuko duten neurriak hartzeko.

Inguruko herrietako udalen artean Berakoa baino ez da agertu proiektuaren aurka. Larrun Ez Hunki taldeak mozio bat aurkeztu zuen lau herrietako udaletan, eta Berakoak bat egin zuen horretan planteatu zituzten puntuekin; gainontzekoek, berriz, ez. "Onartzen dugu nahi eta nahi ezko moldaketak egitea, baina hortik goiti, ahal den gutxienak eta kalte gehiago eragin gabe", adierazi du Josu Iratzoki Berako alkateak.

Herri horietako biztanleen artean, berriz, haserrea orokorra da, Calderonen iritziz. "Larhun hagitz erreferentziazko tokia da haientzat: oso barrenean sentitzen dute, historia handia duelako".

Proiektuari ezetz esateko eta auziari oihartzuna emateko kanpaldia egingo dute bihar eta etzi Larhungo tontorrean, Larrun gure altxorra da lelopean. Aman Komunak sareak antolatu du, baina herritar orok parte hartzen ahal du. Bihar eguerdiko ordu bietan emango diote hasiera kanpaldiari. Hitzaldiak eta kultur jarduerak egingo dituzte, eta Larrun Ez Hunki taldeak tartea izango du bere jarrera azaltzeko eta auziaren inguruko eztabaida bultzatzeko.

Kanpaldia mobilizazio olatu baten ondorio da. Uda hasieratik hainbat protesta egin dituzte: kasurako, ekainean mendira igotzen den trena gelditu zuten, eta gertatzen ari denaren inguruko informazioa eman zieten bidaiariei. Mobilizazio horiek eragin handia izan zuten: proiektua kudeatzen duten instituzioek negoziazio esparru bat sortzea proposatu zieten hainbat eragileri. Horietako bat da Larrun Ez Hunki. "Parte hartzea onartu genuen, baina argi utzi genuen zein den gure posizioa: proiektu hori ez dela egiten ahal", zehaztu du Calderonek. Bilera horietan jakinarazi zieten proiektuaren zenbait atal atzera botatzea erabaki dutela.

Larrun Ez Hunki-ko kideak azpimarratu du protestak "ezinbestekoak" izan direla prozesua mantsotzeko, eta ziurtatu du aurrerantzean bide beretik jarraituko dutela. "Mobilizazioek balio dute; hagitz garbi geratu da".

Andreen ezagutza

Andreen ezagutza

Edurne Elizondo

Adituek argi dute klima aldaketak modu ezberdin batean eragiten diela gizonei eta emakumeei. Hori kontuan hartuta, Nafarroan iaz sortutako klima aldaketaren aurkako emakumeen sareak aldarrikatu du andreen ezagutzak duen garrantzia. Nafarroako Gobernuak ere urrats hori egin nahi izan du, ezagutza horren garrantzia aitortu, eta bi eguneko topaketa antolatu du, emakumeak klima aldaketaren esparruan egiten ari diren lana ikusgarri bilakatzeko eta lan horri balioa emateko. Astelehen eta asteartean eginen dute, Nafarroako Parlamentuan eta Baluarte auditoriumean.

"Klima aldaketak agerian uzten du ezin dugula aurrera jarraitu orain arteko bizitzeko moduarekin; ezin diogu eutsi ez arlo ekonomikoan, ez arlo sozialean, ezta ingurumenaren arloan ere", erran du Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Isabel Elizaldek, topaketaren aurkezpenean. Garapen sozioekonomikorako eredua "aldatu" behar dela erantsi du, eta esparru horretan "funtsezkoa" dela emakumeek egin dezaketen lana.

Aipatzekoa da hainbat talde ekologistak horixe bera eskatu diotela gobernuari, garapen sozioekonomikorako eredua alda dezala, alegia, eta bazter utz ditzala, ondorioz, AHTaren aldeko apustuaren gisakoak. Iazko ekainean, 2011n egindako Nafarroa bizirik nahi dugu manifestuari segida eman zion Sustrai Erakuntza fundazioak, eta harekin bat egin zuten hogei elkarte ekologista eta sindikatuk baino gehiagok.

Nafarroako Gobernuak bi zatitan antolatu du astelehen eta asteartean eginen duen topaketa. Batetik, asteleheneko saioak izaera instituzionala izanen du. Nafarroako Parlamentuan eginen dute, eta lan batzorde gisa egituratuko dute. 18:00etan hasiko da saioa, parlamentuko presidente Ainhoa Aznarezen hitzaldiarekin. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioko ordezkari batek ere parte hartuko du.

Lehen saio hori antolatu dute erakunde publikoetan ari diren emakumeentzat. "Asmoa da erkidegoetako parlamentari, kontseilari, alkate, zinegotzi, senatari eta abarren artean adierazpen bat osatzea Emakumeak Klimaren Alde Aktibaturik. Nafarroa 2018 izenburupean".

Asteartean, Baluarten

Astearteko saioa Baluarte auditoriumean eginen dute, eta Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek zabalduko du topaketa. Astearteko saioan parte hartuko duten emakume adituek klima aldaketarekin lotutako hamaika esparru jorratuko dituzte.

Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publiko eta Ingurumen zuzendari Maria Neirak, adibidez, airearen kalitatea jorratuko du; haren ondotik, Cristina Gallachek hartuko du hitza. Nazio Batuen Erakundean eta Europako Batasuneko Kontseiluan aritu da, bertzeak bertze.

Eguneko lehen lan saioan gizarte mugimenduen eta ezagutzaren inguruan ariko dira parte hartuko duten hizlariak: Uxua Lopez, Cristina Monge eta Asun Ruiz. Lopez Telekomunikazio ingeniaria da, eta aditua energia berriztagarrien esparruan. Monge soziologia irakaslea da Zaragozako Unibertsitatean, eta Ekologia eta Garapena fundazioko kide. Ruiz, berriz, SEO BirdLife elkarteko burua da.

Eguerdiko bigarren lan saioan, politikaren ikuspuntutik ariko dira parte hartzaileak: Elena Cebrian (Valentziako Generalitatea), Isabel Elizalde (Nafarroako Gobernua), Miren Larrion (Gasteizko Udala), Elena Lete (Bergarako Udala), Patricia Perales (Iruñeko Udala) eta Olga Risueño (Tuterako Udala).

Elizalde kontseilariak eginen du topaketa amaitzeko hitzaldia. Baluarteko saioak amaitu eta gero, halere, azken ekinaldi bat izanen dute parte hartzaileek agendan: Emausko Trapuketarien lana ezagutu ahal izanen dute; zehazki, Hemen Konpon izeneko tailerrera eginen dute bisita, Berriozarren. Bizikletak eta bertzelakoak konpontzeko tailerra da; berrerabiltzea eta birziklatzea da asmo nagusia.

Nafarroako Gobernuak argi utzi du topaketa zabalik dagoela interesa duen pertsona ororentzat, baina argi utzi du bereziki interesgarria izan daitekeela politikaren eta gizarte mugimenduen arloetan ari diren emakumeentzat. Kontua da emakumeak klima aldaketaren arloan egiten ari diren lana ezagutzea, eta eztabaida eta gogoeta bultzatzea, emakumeen ezagutza mahai gainean jartzeko.

Iritzia: Non zaude?

Lohizune Amatria

Aurkikuntza. Baikortasun eta esperantzaz beteriko hitza dugu aurkikuntza, ezagutzen ez dena kausitzea; aurkitzea. Gaurko datak, ordea, onetik duen guztia kendu dio terminoari. Orri honen goiburuan dioenez, gaur, urriak 12 egun ditu. Egun seinalatua gure agendetan, gorriz agertzen diren horietakoa; ilusioz, iristeko zain egoten garen horietakoa. Edo ez.

Gaurko egunez, 1492. urtean aurkitu omen zuen Kristobal Kolonek Amerika. (Aurretik galduta egon zen kontinentea, nonbait). Espainiako Errege-erregina Katolikoen mundua konkistatzeko grinak eraman zuen Kolon Guanahani uharteraino (Bahamak) —ondoren San Salvador deitu zuten uhartea—. Ez zebilen, baina, kontinente horren bila. Indiako bidean aurkitu zuen Amerika. Aurkitu daiteke bilatzen ez den zerbait? Antza, bai.

Aurkikuntza hura ospatzen da gaur, eta horregatik da jai eguna gaurkoa. 1492. urteko egun hura, baina, sarraski baten hasiera baino ez zen izan. Milioika herritar hil eta herri indigenak suntsitu zituzten uhartea zapaldu ondoren, herrialde horiekiko zor kultural eta historikoa sortuz.

Aitzakia aurkikuntza izanda, beraz, batek pentsa lezake Amerikako herritarrekin dugun harremana ospatu beharko litzatekeela gaurko egunez. Zentzu horretan, baina, gizarteak ospatzeko baino ikasteko asko du oraindik. Nahiz eta, Amerikako herritarren kontrako sarraskia gogora ekarriz, Nafarroako Parlamentuak, iaz, gaurkoa Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunaren Eguna izatea erabaki zuen, Amerikako beste herrialde askoren antzera.

Baina, zergatik dugu gorriz markatuta urriaren 12a? Gaurkoa, noski, ez da betidanik jai eguna izan. 1918. urtean sortu zuten jai eguna, Espainiar arrazaren eguna izenarekin. Hispanitatearen egunez ezagutzen dugu gehienek. Izendapen hori 1958. urtean hartu zuen, Francisco Franco Espainiako diktadoreak legez hala araututa. Aitzakia, Kolonen ekintza heroikoa.

Baina, zer da benetan gaurko egunez ospatzen dena? Ez baita aurkikuntza ospatzen bakarrik. Pilareko Ama Birjinaren eguna ere bada gaurkoa, eta Pilareko Ama Birjina Guardia Zibilaren eta hispanitatearen zaindaria da. Eta, noski, espainiar abertzaletasunaren eta nazionalismoaren aldarria egiteko ere erabiltzen dute eguna. Baita gurean ere. Urtero bezala, gaur, elizkizuna eginen da San Nikolas parrokian, eta abertzaletasun konstituzionalaren babesean desfilean aterako dira guardia zibilak, Galizia etorbidetik. Eta izango da, segur aski, zigorgabetasunaren babesean debekaturik dagoen ikurren bat aireratuko duenik ere. Demokraziaren izenean.

Faxismoaren gorazarrearen eguna da. Gaur ahaztu egiten zaigu milaka eta milaka gorpu non dauden ere ez dakigula, milaka tortura kasu argitu gabe daudela. Finean, estatua buru duen espainiar abertzaletasunarekin bat egiten ez duen ororen kontrako sistema errepresibo oso bat dagoela dominen azpian.

Gaurkoa jai egun arrotza dela esateko arrazoiak, beraz, sobera ditugu. Baina, iritsi da eguna. Non nago ni? Eta non zaude zu? Lanean?

Herritarrek egindako zientzia

Herritarrek egindako zientzia

E. Elizondo

Mende laurdena bete zuenean egin zuen Gorosti zientzia elkarteak bere lehendabiziko ornitologia kongresua, Iruñean. Hamar urte joan dira geroztik, eta bigarrena antolatzea erabaki du taldeak. "Orain egin behar genuen, edo inoiz ez!", erran du Gorostiko ornitologia saileko arduradun Juan Ignacio Deanek. Hilaren 19tik 21era eginen dute, Iruñerriko Mankomunitateak Iruñeko Mendillorri auzoan duen ur biltegian. Herritarrek egindako zientziaz ariko dira, bertzeak bertze.

Gai horrek ederki islatzen du Gorostik azken hamarkadan egindako bidea, helburu hartu baitu, hegaztien inguruko informazioa jasotzeaz gain, informazio hori zabaltzea, partekatzea, eta erabilgarri bilakatzea ere. Zeregin horretan ezinbertzeko tresna bat izan dute lagun Gorostiko kideek azken urteotan: eBird plataforma. Haren bidez, hegaztiei behatzen dien herritar orok badu aukera jasotako datuak plataformako erabiltzaile guztiekin partekatzeko. "Informazio horren bidez, ezagutza dugu gure esku; garai ezberdinetako datuak alderatzeko aukera dugu, bai eta populazioen joera ezagutzekoa ere. Gisa horretako informazioa funtsezkoa da hegaztiak ezagutzeko eta zaindu ahal izateko erabakiak hartzeko".

Deanek gogoratu du Gorosti zientzia elkarteko kideek, hasieran, paperean argitaratzen zutela ornitologia urtekari bat. "Hamar urtez, ikusitako hegaztien inguruko 20.000 ohar jaso genituen argitalpen horietan; eBird plataformaren bidez, berriz, azken bi urte eta erdian 200.000 jaso ditugu; aldea nabarmena da", erran du Gorostiko kideak.

Argitu du paperean jasotako datu horiek guztiak plataforma digitalean daudela orain, denen eskura. "Gure datuekin eta gurekin bat egin duten ornitologoek jasotakoekin batera, ari gara plataforma hornitzen; ahalegin handirik egin gabe, aukera dugu informazio hagitz baliagarria jasotzeko", berretsi du Deanek. Jose Ardaiz biologoa ariko da kongresuan, zehazki, eBird plataformaren erabilerari buruz eta euskarri horren bidez lortutako informazioari buruz.

Zaletasunak, gora

Juan Ignacio Deanek argi du ornitologiarako zaletasunak gora egin duela Nafarroan azken urteotan. Gorostik egindako lanak ere badu errealitate horrekin zer ikustekorik, hamabost urtez egin baitu elkarteak ornitologia ikastaroa, zaletasun hori sustatzeko. "Talde txikiak osatzen dira, baina, pixkanaka-pixkanaka, urrats sendoak egiten ari gara".

Hegaztiei behatzeaz gain, ornitologia beren zaletasun bilakatu duten anitzek argazkigintzarekin uztartzen dute jarduera hori. "Ornitologiarekin lotutako argazkigintzak gora egin du, nabarmen", berretsi du Deanek. Nafarroan hegaztiei so egiteko eta argazkiak egiteko "hamaika toki aparta" badirela erantsi du. "Autokritika egin behar dugu, ez baitugu joerarik gurean dugunari duen balioa emateko. Nafarroan paisaia ezberdinak ditugu: kostaldetik gertuko eskualdeetan itsas hegaztiak sartzen dira; Pirinioak ditugu, haitzez eta arroilez betetako inguruak; hegoaldean, berriz, Bardea, han bizi diren estepako hegaztiekin. Paisaia horietan guztietan bizi diren hegazti guztiak bilakatu nahi ditugu protagonista, bai urriak direnak, bai eta erraz ikus ditzakegunak ere". Kongresuari buruzko informazioa Gorostiren webgunean dago, gorosti.org helbidean.

Memoria, paperean

Memoria, paperean

Edurne Elizondo

Iaz baino ezagunagoa da orain herrian Isidoro Fagoaga". Berako Udaleko zinegotzi Aitor Elexpuruk erran ditu hitzok, German Ereñak idatzitako tenor beratarrari buruzko biografiaren aurkezpenean. Isidoro Fagoaga, el tenor olvidado (Isidoro Fagoaga, tenor ahaztua) izena du lanak, eta Berako Udalak eta Nafarroako Gobernuak plazaratu dute. Liburuak iaz hasitako ekinaldi ziklo bat ixten du, nolabait. Fagoagaren obrak eta tenorrak egindako bidea ezagutarazi nahi izan dituzte ekinaldi horiek, herritar talde batek bultzatuta. Isidoro Fagoaga izena du Berako musika eskolak, baina izen horren atzean dagoen izana ezezaguna zen, orain arte, tenor eta idazle izandako gizon horren herrikide anitzentzat. Egoera hori aldatu nahi izan du beratar talde batek, Fagoagaren omenez egindakoekin.

Elexpuruk uste du helburua bete dutela, eta tenorrari buruzko erakusketa, hitzaldi zikloa eta omenaldia egin eta gero hurbilagokoa dutela beratarrek Fagoaga. Goi mailako abeslaria izan zen, Wagnerren operak kantatzen onenetakoa. Konpromiso sendokoa, gainera. Italian jo zuen goia tenor gisa, baina herri hori eta kantua utzi zituen Gernika bonbardatu zutela jakin eta gero. Erabat hunkitu zuen 1937ko apirilaren 26an gertatutakoak.

Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusi Dori Lopez Juriok bat egin du Berako zinegotziarekin, eta argi du Ereñaren lanak tenorraren ibilbidean sakontzeko aukera emanen diela irakurleei, gainera. Musika utzi eta gero Fagoagak bere lehen zaletasunari heldu ziola nabarmendu du Lopez Juriok: idazteari, alegia.

Ereñak ere paperean jaso du Fagoagaren memoria. Richard Wagnerren operen zale amorratua da Ereña, eta zaletasun horrek eraman zuen, 2000. urtean, Berara. Eibarkoa da Ereña, herri horretako txistu bandako kide. Ez da ikerlari profesionala, baina jakin-minak eraman du Fagoagaren arrastoaren bila, Eibartik Berara, eta Beratik Iruritara. "Fagoagak Wagnerren operak abesten zituen; goi mailako tenor dramatikoa izan zen; Italiako nagusia izan zen, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan".

Fagoaga beratarra zela bazekien Ereñak, baina deus gutxi gehiago. 2004. urtean, tenorraren hainbat senide aurkitu zituen Iruritan, eta haiengana jo zuen. Abeslariak utzitako hainbat kutxa aurkitu zituen han, eta, kutxa horien barruan, berriz, benetako altxor bat: gutunak, oholtza gainean erabilitako jantziak, argazkiak eta tenorraren bertze hamaika gauza.

Arrakasta eta mina

Materiala jasotzen hasi ahala, Fagoagaren biografia idazteko proiektua ere mamitzen hasi zen Ereñaren baitan. Duela bi urte, Beran sortutako Isidoro Fagoagaren Lagunak taldeko kideekin jarri zen harremanetan, eta haien arteko sinergien ondorio izan zen iaz Berako kultur etxean tenorrari eta haren garaiari buruz egindako erakusketa. Fagoagaren arrakasta islatu zuen erakusketa horrek, bai eta abeslari eta idazle beratarraren mina ere. Izan ere, Italia utzi eta gero, Donibane Lohizunen hartu zuen aterpe. Atxilo hartu, eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten. Hilabete bat egin zuen han, 1940. urtean.

Fagoagaren biografia osatu du Ereñak bere liburuan, eta oholtza gainera igo zen aldi guztiak zehaztu ditu, haien inguruko kritikekin batera; gainera, beratarrak idatzitako lanen zerrenda eman du Ereñak, bai eta tenor eta idazleari buruz idatzitakoena ere. Eibarko ikerlariak nabarmendu du gobernuak hartu duela Fagoagaren ondarearen gaineko ardura, eta pozgarritzat jo du hori. Azaldu du liburua osatzen hasi zenean garai hartako gobernuko eta Berako Udaleko arduradunek ez zutela interes handirik erakutsi Fagoagari behar bezalako aitortza egiteko. Orain, ordea, behar zuen babesa aurkitu du Ereñak administrazioan, eta ontzat jo du. "Adituen esku egon behar du". Ohartarazi du, halere, Fagoagaren inguruko ondareak "bizia" behar duela; ez dela nahikoa museo batean sartzea, alegia. Irakasteko eta ikasteko baliatu behar dela.

Gaur, Nafarroako Artxibo Nagusian izanen da German Ereña, 19:00etan, liburua aurkezten. "Han izanen dira Fagoagaren jantziak. Balio dezatela abeslariak utzitako gauzek haren inguruan sakontzen jarraitzeko", erran du egileak.

Hamaika hari jasota osatu du Ereñak Isidoro Fagoagaren mataza. Oraindik ere zer egin badela argi du idazleak, halere. Ideia bat jarri du mahai gainean: tenor beratarrari buruzko film bat osatzea. El tenor olvidado liburuan jaso ditu Ereñak Fagoagari buruz kontatu beharrekoak. Oraingoz, paperean gordeta dago tenorraren memoria.

Elkarlanari esker ari da sendotzen

Elkarlanari esker ari da sendotzen

Ane Eslava

Larunbatean, hainbat adituk Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharra eztabaidagai izan zuten Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean ikastaroan. Udako Euskal Unibertsitateak udazkenerako antolatutako lehenbiziko jarduera izan zen, eta ehun lagun inguru bildu zituen Iruñeko Kondestablearen jauregian. Hasteko, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak esan zuen Kontseiluak bide bakarra ikusten duela herritarren hizkuntza eskubideak aitortuak izan daitezen: euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea. Horretarako, beharrezkotzat jo zuen euskararen lege "integral" bat ezartzea.

Kontseiluak ez ezik, beste hainbat adituk ere parte hartu zuten. Roldan Jimeno NUPeko Zuzenbidearen Historia irakasleak indarrean dagoen legearen iraganaz hitz egin zuen; Iñigo Urrutia Zuzenbide doktore eta EHUko irakasleak, berriz, euskararentzako esparru juridiko berri baten beharra izan zuen hizpide. Bestalde, Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko teknikariak Nafarroako zonifikazioari buruz hitz egin zuen. Azkenik, Koldo Colomo euskara teknikaria, Iulen Urbiola Baztango udal idazkaria, Ivan Gimenez kazetaria eta Iñigo Orella nekazari ingeniaria egungo legediaren gabeziaz mintzatu ziren. Horrez gainera, Alfons Estevek, Valentziako Unibertsitateko hizkuntza politikako zerbitzuburuak, valentzieraren legearen nondik norakoak azaldu zituen.

Jardunaldiaren balorazio "oso positiboa" egin dute UEUko kideek, Edurne Koch Nafarroako arduradunak adierazi duenez. "Ez genuen uste erantzuna hainbestekoa izango zenik". Adituen maila azpimarratu du: "Kopuruak garrantzia badu ere, adituen kalitateari eta aniztasunari erreparatu nahi diet". Hizlariez gain, uste du publikoan ere euskararen lege berri bat bultzatzeko "garrantzitsuak" izan daitezkeen pertsonak izan zirela: besteak beste, parlamentariak, toki erakundeetako euskara zerbitzuetako teknikariak, AEK-ko eta IKAko ordezkariak eta herri mugimenduko kideak. "Gure helburuak bete ziren, guztiz".

Jardunaldi horrekin estreinatu du UEUk ikasturtea. Aurten, programa oparoa eskainiko dute Iruñean: hamar ikastaro egingo dituzte. Horietako batzuk UEUk berak sortutakoak dira, edonori zuzendutako gai zabalak eskaintzen dituztenak. Horien artean daude Hizkera argia administrazio elektronikoaren garaian eta Emozioen kudeaketa eta manipulazioa. Beste batzuk, ordea, espezifikoagoak dira, hezkuntzarekin lotutakoak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departa- mentuarekin elkarlanean antolatzen baitituzte. Zortzi dira: Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak; Adimen Anizkunen teoria: begirada aldaketa; Psikomotrizitatea, mugimendu eta jolas librea; Itzulpengintzaren hasi-masiak irakasleentzat: hainbat baliabide eta gako; Bileren dinamizaziorako teknikak; Gradu bukaerako lana eta lan akademikoetan trebatzen; Aniztasuna landuz, LGTBIfobia gainditu eta Proiektu bidezko metodologiak. Azkena Internet bidez egingo dute; gainontzekoak, berriz, Iruñeko hainbat egoitzatan.

Ikastaroek oso harrera ona izan dutela adierazi du Kochek: "Espero genuena gainditu dute". Esan duenez, pedagogia berritzaileak lantzen dituztenek izan ohi dute eskaririk handiena. Aurten, kasurako, Proiektu bidezko metodologiak ikastaroan 180 lagunek eman dute izena, eta psikomotrizitateari lotutako ikastaroak ere "oso harrera ona" izan du. Bestalde, Haur eta gazteen transexualitatea ulertzeko gakoak izenekoak ere izen emate ugari izan ditu. "Argi dago beharra dagoela hori aztertzeko eta ulertzeko", Kochen hitzetan.

"Pozik gaude, gure helburua betetzen ari delako", adierazi du. UEUk Nafarroan duen helburua da euskarazko etengabeko prestakuntzan erreferente izatea. Izan ere, krisialdi garaian, Iruñeko egoitza itxita egon zen hainbat urtez. 2015ean, ordea, berriro irekitzea erabaki zuten, eta elkarlanaren aldeko apustua egin zuten. Hitzarmen "garrantzitsuak" lortu zituzten: NUPekin eta Hezkuntza arloko Unibertsitate atalarekin. "Horiekin lortu genuen jende askorengana hurbiltzea". Gainera, ikastaroak homologatu zituzten, eta, horri esker, ikasleek kredituak eta parte-hartze ziurtagiria eskuratu ditzakete.

Elkarlanaz gain, beste faktore batzuk lagungarriak izan dira UEUrentzat. Batetik, Nafarroako Gobernu aldaketa aipatu du Kochek: "Ateak ireki zizkiguten hasieratik, eta babes horrek bermea ematen digu gauzak ondo egiteko". Bestetik, euskaraz ikasi duen belaunaldia helduagoa izatea ere lagungarria izan da.

Lortu dute, beraz, UEU Iruñean sendotzea. Arduraduna pozik dago egindako ibilbidearekin: "Joan gara pixkanaka pausoak ematen, eta hazkundea izugarria izan da". Eskariak gora egiten jarraitzen duen bitartean eskaintza handitzen jarraituko dutela ziurtatu du. Aurrera begira, erreferente izaten jarraitzea da UEUren erronka nagusia.

Iritzia: Dena da adinarengatik

Saioa Alkaiza
Haritzek 23 urte dauzka, filologia titulu bat eta Bigarren Hezkuntzako Irakasle Masterra ateratzeko premia, gogorik ez duen arren eta adin horretako nerabeak gorroto baditu ere. Izan ere, ez da besterik lan munduan, eta irakasle bat beti ...

Lanaldia amaitu eta gero, etxera itzuli ahal izateko

Lanaldia amaitu eta gero, etxera itzuli ahal izateko

Edurne Elizondo

Ezin dugu onartu. Ezin dugu egoera hau normaltzat jo". LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok erran ditu hitzok, lan istripuei buruz. Urtea hasi zenetik, hamabost pertsona hil dira Nafarroan, sindikatuek salatu dutenez; haietako 11, gainera, udako hilabeteotan gertatutako ezbeharretan zendu dira. Egoera hori salatzeko, manifestaziora deitu dute, biharko, Iruñean.

Datu hotzen atzean, hamabost pertsonaren istorioak daude; hamabost langileren bizitzak, etxetik lanera atera, eta sekula itzuli ez direnak. Ataungo (Gipuzkoa) 26 urteko irakasle bat zen, adibidez, hilaren 13an Beran gertatutako lan istripuan hildako emakumea. Autoarekin izan zuen ezbeharra, lanera bidean. Donezteben ari zen irakasle, Mendaur institutuan. Herrian pisua hartzeko aukera aztertzen ari zen, bidaia luzea zuelako, egunero, etxetik lantokira. Berandu jakin zuen lana non egokitu zitzaion. Egun batetik bertzera mugitu behar izan zuen, behin-behineko ordezko kontratua duten irakasle anitzek bezala.

Abuztuaren 27ko istripuan, berriz, 58 urteko gizon bat hil zen, Atondon, etxe baten eraikuntza lanetan. "400 euroko subsidioa jasotzen zuen; egun baterako deitu zuten lanera; onartzeko premia zuen, bere diru sarrera urriak behartuta. Lanera joan, eta ez zen etxera itzuli, ordea", kontatu du Arroyok.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuak dira biharko manifestaziora deitu dutenak. Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuko da protesta, 18:30ean. Sindikatuok alarma piztu nahi dute, argi dutelako egungo lan baldintzek lotura zuzena dutela gertatzen ari diren lan istripuekin.

Lan baldintzak gero eta kaskarragoak direla nabarmendu dute, eta agerian uzten dituztela enpleguaren arloko prekaritatea, behin-behinekotasuna, azpikontratak, eta prebentziorik eta kontrolik eza. Lan baldintza kaskar horien atzean "patronalaren ardura" dagoela erantsi dute, bai eta administrazioarena ere. "Lan istripuek eta istripu horietan hildako pertsonen kopuruak jarduera ekonomikoak baino nabarmen gehiago egin dute gora", salatu dute.

2011tik izan diren lan erreformek erraztu dute prekaritateak gora egitea. Horixe salatu dute Arroyok, bai eta ELAko lan osasunerako ordezkari Andoni Larraldek ere. "Estatistika ofizialek islatzen dute orain lan merkatuan sartzen diren gehienek lan baldintza kaskarretan egiten dutela, aldi baterako kontratuekin", erran du Larraldek. "Istripuen erdiak baino gehiago kontratuaren lehen bi hilabeteetan gertatzen dira, eta heren bat, berriz, azpikontratetan", erantsi du Arroyok. Biek nabarmendu dute formakuntzak egiten duela huts, anitzetan, baldintza horietan, eta segurtasunerako eta arriskuen prebentziorako bideratutako baliabideak urriak izaten ohi direla. "Argi dago istripu guztiak ezin direla saihestu, baina prekaritatearen eragina nabarmena da, eta arlo horretan har daitezke neurriak", erran du Arroyok.

Lan Osasunaren Institutuko datuen arabera, 2017. urtean 11 pertsona hil ziren herrialdean, lan istriputan. 2016n, bederatzi izan ziren, eta 2015ean, 11; 2014. urtean, berriz, hamabi hil ziren. Datu ofizialek, halere, ez dute beti sindikatuek esku artean dituztenekin bat egiten. 2016an, adibidez, hamahiru hildako zenbatu zituen Steilasek. "Estatistika ofizialetan, askotan, datuak falta dira; autonomoei buruzkoak, adibidez; zenbaitetan ez dira ez datu ofizialetan ez prentsan ez inon agertzen", erran du Steilas sindikatuko lan osasunerako arduradun Lourdes Cuestak.

Lan istripu eta gaixotasunen ingurukoak "ezkutatzen" direla gaineratu du Larraldek. "Lan istripuen ardura enpresena da. Askotan, enpresek mutualitateen laguntza jasotzen dute gertatutako istripuen berri ez emateko, edo izan dezaketen larritasuna arintzeko".

Enpresen jardueraren inguruko kontrolik ezak du egoera horrekin lotura zuzena, sindikatuek salatu dutenez. Enpresen gaineko ikuskaritzaren ardura Madrilek du; Nafarroak ez du arlo horretan eskumenik. Datuek agerian uzten dute ez dela behar adina baliabiderik. "Europako batez bestekotik urrun gaude Nafarroan; Europan, 7.300 langileko lan ikuskari bat dago; Nafarroan, berriz, 12.000 langileko ikuskari bat dugu. Egungo egoerak agerian uzten du ez dela nahikoa", azaldu du Larraldek.

Administrazioaren ardura

"Enpresariek araudia betetzen ez badute, administrazioari dagokio betearaztea; baina administrazioak ez du hori egiten; ez, behintzat, behar adina", gaineratu du Andoni Larraldek. Bat egin du Lourdes Cuestak: "Sindikatuok behin eta berriz erraten dugu lan osasunari duen garrantzia eman behar zaiola, baina gure hitzak airean gelditzen dira inork ez baditu jasotzen. Irakaskuntzaren esparruan, adibidez, segurtasunari eta osasunari buruz egiten diren batzarretan gertatzen dena ikusi bertzerik ez dago, egon behar duten administrazioko kide anitz ez baitira agertzen ere; administrazioak beste alde batera begiratzen du auzi honetan", erran du Steilaseko ordezkariak.

Larraldek ere salatu du administrazioaren jarrera. Onartu du Lan Osasunaren Institutuak egin duela ahalegin bat, azken urteotan, teknikariak kontratatzeko, eta enpresetara bisitak egiteko plangintza prestatzeko. Agerian utzi du, halere, teknikari horiek isunak jartzeko eskumenik ez dutela, eta, horren ondorioz, beren eragin ahalmena mugatua da. Nafarroako Gobernuak gehiago egin dezakeela uste du, halere, ELAko ordezkariak. Nabarmendu nahi izan du, batetik, politika publikoetara bideratutako aurrekontua "oso murritza" dela: "Nafarroako aurrekontuen %0,03; kopuru horren erdia diru laguntzetarako da, eta diru laguntzen erdia patronalaren esku gelditzen dira". Bertzetik, Larraldek salatu du lan istripuen auzia ez dela lehentasuna gobernuarentzat. Horren adibide aipatu du Lan Osasunaren Kontseiluaren azken bileran gertatu zena: hilaren 20an egin zuten bilera hori, eta ELAko eta LABeko ordezkariak mahaitik altxatu ziren, Lan Osasunaren Institutuak gai zerrenda aldatzeari uko egin ziolako eta ez zuelako aztertu nahi izan istripuen arazoa.

Nafarroako Hitza saiatu da erakunde horretako arduradunekin hitz egiten. Zehaztu dute, ordea, sindikatuekin lan istripuei buruzko bilera egin arte nahiago dutela adierazpenik ez egin. Urriaren 10ean egitekoa zuten bilera hori, baina 3ra aurreratu dutela ezagutarazi dute Lan Osasunaren Institutukoek.

"Patronalaren aliatua"

Lan Osasunaren Institutuak duen arduraz gain, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdiren erantzukizuna ere nabarmendu nahi izan du LABeko Igor Arroyok. "Batetik, Aierdi da Lan Osasunaren Institutuko azken arduraduna, eta uste dut lehendakariordeak ez duela sinisten tresna horrek izan dezakeen erabilgarritasunean; bertzetik, Aierdi izan da patronalaren aliatu nagusia, aldaketa instituzionala gertatu zenetik. Patronala oso eroso dago Aierdirekin, eta, oro har, gobernuarekin".

Joan den asteko Lan Osasunaren Kontseiluaren bilera aipatu du Arroyok ere, gobernuaren "ardurarik ezaren" adibide. Lan istripuen auziari eusteko gai zerrenda aldatu nahi ez izana salatu du, Larraldek bezala. "Gai bakarra zen estatuko prebentziorako funtsen ziurtapena; tramite huts bat UGT eta CCOO sindikatuek eta patronalak estatuan dituzten proiektuak finantzatzeko. Hori da lehentasuna", salatu du LABeko kideak.

Sindikatuek gizartea mobilizatu nahi dute lan istripuen aurka, herritarrek ere erakunde publikoei exijitzeko lehentasuna eman diezaiotela lan istripuen auziari. Datuek errealitate latz baten berri ematen dute. 2017an, adibidez, langileak gaixo-agiria hartzera behartu zituzten 8.904 lan istripu gertatu ziren herrialdean. 2016ko datuekin alderatuta, iaz %5,3 igo zen. Gaixo agiria hartzea ekarri ez zuten bertze 13.806 istripu gertatu ziren, gainera.

Lan gaixotasunen esparruan ere benetako datuak jakiteko eta egungo errealitatearen berri eman ahal izateko lan anitz egiteko badela erran du ELAko Andoni Larraldek. "Hainbat iturriren arabera, Europan lan istripuan hiltzen den langile bakoitzeko 35 hiltzen dira lan gaixotasun baten ondorioz", nabarmendu du. Erantsi du Nafarroan, azken bost urteotan, minbiziak jota hil diren zazpi langileren heriotza jasotzen dutela estatistika ofizialek. "Nabarmena da, hor ere, mutualitateek zer rol betet duten arazoari duen garrantzia kentzeko", gaineratu du Larraldek.

Lan gaixotasunak onartzeko eta estatistiketan jasotzeko dauden zailtasunak nabarmendu ditu Steilas sindikatuko Lourdes Cuestak ere, eta zailtasun horiek bereziki handiak direla gaixotasunak fisikoak ez direnean. "Urrats asko dago egiteko, oraindik ere", berretsi du.

Hori guztia jarri nahi dute sindikatuek mahai gainean biharko manifestazioaren bidez, eta gaur lantokietan eginen dituzten protesten bitartez. Argi dute urrats garrantzitsua litzatekeela Nafarroak eskumenak bere esku izatea. Lan baldintza duinak eskatu dituzte, kalitatezko enplegua sustatzeko. Prekaritatearen eta kontrolik ezaren aurka lan egiteko beharra berretsi dute, langileen bizitza dagoelako jokoan. "Merezi du baliabideak jartzea, gaia serio hartzea, eta neurriak hartzea". Lanaldia amaitu eta gero, etxera itzuli ahal izateko.

“Identitatea boterea baita”

“Identitatea boterea baita”

Edurne Elizondo

Duela 22 urte sinatu zituzten, Guatemalan, 36 urteko gatazka armatua amaitzeko bake akordioak. Testu haietan jaso zituzten, bertzeak bertze, herri indigenen identitateari eta eskubideei buruzko aldarrikapenak. "Baina ez dira gauzatu. Gure eskubideak hutsaren hurrengoa dira. Giza eskubideen urratzea eguneroko kontua da. Laugarrenez, Guatemalari berea kentzeko aro batean gara".

Guatemalako Mam Emakume Indigenen Elkarte Integraleko kide Eliza Orozco Perezenak dira hitzak. Iruñean erran ditu. Euskal Herrira etorri da, Mugarik Gabe elkartearen eskutik, bere herriko egoeraren berri emateko. GITE elkarteko kideen liburutegian izan zen joan den astean, eta, atzo, berriz, Zabaldin hartu zuen hitza. Orozco Perezek, batez ere, identitatea aldarrikatu nahi izan du, hori delako, haren ustez, aurrera egiteko giltza. "Identitatea boterea baita; nazio bat gara, maia-mam nazioa; bi milioi pertsonak osatutako nazioa da gurea; gure hizkuntza, gure janzteko modua, mundua ulertzeko gure modua ditugu, eta hori guztia da gure lurraldea", berretsi du.

Duela 500 urtekoa izan zen Guatemala bere ondasunez gabetzeko lehen aroa. "1821eko ustezko independentziak ekarri zuen bigarrena", azaldu du Orozco Perezek. Hirugarrenak 36 urteko gerra izan zuen protagonista; eta laugarrena da oraingoa. "Bake akordioen ondoko hogei urteotakoa".

Egun, Guatemalako eta bertze hainbat herritako lurrak garbitu nahi dituzten enpresa transnazionalen interesak dira nagusi. Gobernuek haiei egiten diete mesede. "Duela 500 urte kolonizatu gintuzten, eta kolonizatuta jarraitzen dugu; geure burua deskolonizatu behar dugu, lehenik eta behin".

Enpresa horiei aurre egin die Orozco Perezek, halako urratsak egiten dituztenak enpresa horien jomugan direla jakin arren. Lurraren defentsarekin konpromiso irmoa erakutsi duten ekintzaile anitz hil dituzte, meatzaritzarekin edo energia hidroelektrikoarekin lotutako proiektuen aurka egiteagatik.

Orozco Perezen herrian ere badakite zer den gisa horretako egitasmo baten aurka egitea. Zentral hidroelektrikoa eraiki nahi izan zuten han. Proiektuak berekin ekarri behar zuen herria hornitzen duten lau iturriak pribatizatzea, baina, herritarrek aurka egin, eta geldiaraztea lortu zuten.

Taldeak, kolektiboak duen indarra nabarmendu du Orozco Perezek. "Denon artean, atzera begiratzeko ahalegina egin behar dugu, ikusteko eta ikasteko nondik gatozen, ikusteko eta ikasteko nor garen. Horrela erabaki ahal izanen dugu nora joan nahi dugun, nor izan nahi dugun". Amona ekarri du gogora Guatemalako indigenak, eta haren eskutik atzera begiratu izanak ekarri dion aberastasuna jarri du mahai gainean. "Amonaren herentzia jaso dugu, eta eman digun baliorik garrantzitsuena erresistentziarena da; erabateko erresistentziarena", erran du, harrotasunez.

Egile eskubide kolektiboa

Erresistentzia, identitateari eutsi ahal izateko. Gaur egungo indigenek ere erronka hori dute esku artean. Beren jantzien inguruko adibidea aipatu du Orozco Perezek: "Gure jantzien diseinuak lapurtzen dizkigute enpresa handiek, gure herritik kanpo eramateko. Eta gai dira diseinu horiek jatorrizkotzat saltzeko. Jantzi horien diseinuen gainean, ordea, gure egile eskubide kolektiboa dago. Ni jantzi hau irakurtzeko gai naiz. Ez da jantzi soil bat. Nik irakurtzen ahal dut; hemen dago nire identitatea", erran du Guatemalako elkarteko kideak, soinean duen jantzia ukituz.

Kanpotik egiten dizkieten erasoei egin behar diete aurre maia-mam nazioko kideek; eta Guatemala barruan mamitzen direnei ere bai. "Herri indigenak bazter utzi ditu sistemak; boterearen asmoa da gu desagerraraztea". Asmo horiek hezkuntzan dute isla, bertzeak bertze. "Arlo horretan, indigenok ez gara existitzen".

Egoera horrek berekin ekarri du desorekek gora egitea. "Gero eta handiagoa da herriko aberastasuna beren esku dutenen eta deus ez dutenen arteko aldea". Emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunek ere gora baino ez dute egin, Orozco Perezek nabarmendu duenez. Emakumeen aurkako indarkeria "hagitz arazo larria" dela azaldu du. Zehazki, sexu indarkerien auzia jarri du mahai gainean.

Orozco Perezek ez du zalantzarik emakumeek ahalduntzeko beharra dutela egungo egoerari aurre egin ahal izateko. Emakumeen boteretzea, hain zuzen, herri indigenen ahalduntzeko prozesuarekin lotuta ulertzen du Guatemalako ordezkariak. "Geure burua sendotu behar dugu, borrokaren bidean".

Indigenen aurkako politikek "barrutik hustu" dituztela salatu du Orozco Perezek. "Horregatik erraten dut, behin eta berriz, indigena izatea zer den ikasi behar dugula, atzera begiratuz, gure arbasoen herentzia gure eginez; bizipenak behar ditugu, barrua berriz ere betetzeko", gaineratu du. Orozco Perezek argi du nor den: maia-mam nazioko kidea.