Nafarroa

Leihoa zabaldu, izarrei so egiteko

Leihoa zabaldu, izarrei so egiteko

Kattalin Barber

Esparru guztietan, Lerin izarren herri bihurtuko dugu". Consuelo Otxoa Leringo alkatearen hitzak dira. Bada oporrak pasatzeko lekua zeruaren kalitatearen arabera aukeratzen duenik, eta hilaren 26tik 30era Lerin Tierra Estrella (Lerin Izar Lurra) izenburuko jardunaldiak eginen dituzte herrian, izarrak behatzeko eta astroturismoa sustatzeko. Zeruak eskaintzen duen gaueko ikuskizunaz gozatzeko, baldintza egokiak dituzten tokiak bilatzen ditu astronomia zaletasun duenak, eta Lerin herria turismo mota horrekin bat egin nahian dabil.

Teresa Cruz Sanchez lerindarraren ideia izan zen. Andaluziako (Espainia) Descubre fundazioaren elkarteko zuzendaria da Cruz; zientziaren dibulgazioa du helburu erakundeak. Leringo alkateari proposamena helarazi zion: "Niri inoiz ez zitzaidan bururatuko horrelako zerbait antolatzea, baina ideia ezin hobea izan da", esan du. Erantsi duenez, Iruñeko Planetarioan lan egiten duen Fernando Jauregi astrofisikoarekin harremanetan jarri ziren jardunaldien nondik norakoak zehazteko, eta lanari ekin zioten. "Leringo zerua oso egokia da izarrak ikusteko. Batetik, gainerako herriak distantzia handira daudelako, eta, bestetik, industrialdea txikia delako. Zeru ona dugu izarrak behatzeko".

Starlight Fundazioak ematen duen ziurtagiria lortzen saiatuko dira, ondorioz, Lerinen. Ziurtagiri horrek leku batean zeruaren kalitatea bikaina dela egiaztatzen du. Horren bidez, nolabait, Lerin babestutako eremua dela azalduko lukete, argi kutsadurarik gabekoa, alegia. Behin eskuratuta, turismo mota horretako erreferenteetako bat bihurtzeko bidean legoke Lerin. Otxoak jakinarazi duenez, orain dela urte batzuk herriko argiztapen publikoaren zati bat aldatu zuten gutxiago kutsatzeko. "Oraindik baditugu argi kutsadura duten hainbat eremu, baina murriztea da gure helburua". Izarrak behatzeko toki egokia izatea eta zeru iluna izatea dute helburu.

Ekinaldiak harrera "ezin hobea" izan du herrian, eta hainbat elkarte eta kolektibo ari dira udalarekin elkarlanean. "Onura ekarriko digu guztioi, ondare handia dugulako herrian, eta sustatuko dugulako", azaldu du Otxoak.

Iruñeko Planetarioko astrofisikari Fernando Jauregi ere astroturismoaren abantailaz mintzatu da: "Kalitatezko turismoa da, eta gauez egiten denez, turistek leku horretan afaldu, lo egin eta gosaldu beharko dute". Haren hitzetan, "ingurumenarekiko sentsibilitate eta ardura berezia duten pertsonak" erakartzen ditu izarren turismoak.

Zeru iluna maite dute astronomoek eta izarren zaleek, herri eta hirietan dauden kaleko argiek behatu nahi dituzten izarrak ezkutatzen dituztelako. Arazo nagusietako bat argi kutsadura da. "Arazoa da kaleko argi askok, gainera, lurrean dagoena argitu beharrean, zerua argitzen dutela", azaldu du Jauregik. Argi kutsadura murriztea ez da hain zaila, haren ustez, baina udalek erabakiak hartu behar dituztela zehaztu du. "Energia xahutzen ari gara, eta argiaren inguruko hezkuntza eta sentsibilizazioa beharrezkoa da argi kutsadurari aurre egiteko".

Astrofisikariak adierazi duenez, Erronkarin ere sustatu nahi dituzte astronomia eta turismoa, eta hantxe ari da lanean Iruñeko Planetarioa Nafarroako Gobernuarekin batera, Europako proiektu bati esker. "Zehazki, Larra-Belagua astronomoentzako gune bilakatu nahi dugu".

Egitasmoak helburu bikoitza du: turistikoa, batetik, eta zientifikoa, bestetik. Lehen neurketak Larra-Belaguan egin dituzte. Jauregik jakinarazi duenez, Leringo zerua ere egokia da izarrak behatzeko. "Argi dago ez dela onena, baina interesgarria da horrelako ekinaldiak bultzatzea". Gutxika-gutxika astroturismoa gehiago bultzatzen ari dela nabarmendu du, eta baliabide "on eta interesgarritzat" jo du.

Errepikatzeko asmoz

Izarrei so egitera deitu du Otxoak. Baina horrez gain, herriko produktuei eta zerbitzuei bultzada eman nahi diete jardunaldien bidez. "Esan dezaket Lerinek dituen aukerak berriz ezagutzen ari naizela", esan du Otxoak. Besteak beste, herriko elikagaien dastatzea eginen da jardunaldietan. "Dugunari duen balioa eman nahi diogu". Hilaren 26tik 30era gauero behaketa astronomikoa eginen dute, 23:00etan, eta egunez, berriz, hitzaldiak eginen dituzte hainbat astronomok; txikientzako jarduerak eginen dituzte, halaber, izarrei lotuta, betiere.

Lehen aldiz antolatu dute ekinaldia, baina urtero errepikatzea gustatuko litzaioke Otxoari: "Lan handia egiten ari gara". Urtez urte finkatzea, eta Lerin izarrak behatzeko toki aproposago bilakatzeko urratsak egitea da orain erronka.

Iritzia: Ez ditut maite sanferminak

Saioa Alkaiza
Demagun zure etxetik ateratzen zarela eta goizeko 07:00ak baino ez direla. Demagun, gainera, mozkorrez beteta dagoen kale bati aurre egin behar diozula, The Walking Dead telesaileko kapitulu batean nola, zonbiak ezker eta eskuin saihestuz...

Muskildak aurkitu du itzultzeko bidea

Muskildak aurkitu du itzultzeko bidea

Edurne Elizondo

Zorionak, badugu zer ospatu!". Muskildak hamaika tokitako bisitariak hartzen ditu, egunero; inguruko herrietatik ailegatu direnen ahotik jaso ditu Ione Villanuevak zorion mezurik gehienak, halere. "Gurea ere bada Muskilda", erran dio Ezkarozeko herritar batek. "Ezkarozetik eta Itzaltzutik etortzen dira erromerian, baina Muskilda, berez, Otsagabiko herriarena da", zehaztu du Villanuevak.

Muskilda bere sentitzeko arrazoiak ez ditu faltan Villanuevak. "Hemen jaio nintzen, eta hemen bizi izan naiz, 18 urte bete arte". 60 ditu egun. Etxea badu Otsagabian, baina egunero egiten du Muskildarako bidea. Baseliza eta ondoko etxea zaintzen ditu. "Ama izan zen azken serora; azaroan hil zen, 98 urterekin. Aita Muskildako ermitazaina izan zen; ama ezagutu, eta ezkondu egin ziren. Hemen gelditu ziren, baseliza zaintzen. Nebak eta biok etxe izan dugu txoko hau".

Horregatik, Iruñeko Artzapezpikutzak baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak bere izenean erregistratu zituela jakin zuenean, zimikoa sentitu zuen Villanuevak bihotzean. Eta orain, epaileak ondare hori Otsagabiko herriarena dela ebatzi eta gero, lasaitua hartu du, berriz ere. "Kendu zigutena itzuli digutela sentitu dut". Artzapezpikutzak badu helegitea aurkezteko aukera; hilaren 28a izanen du urrats hori egiteko azken eguna. Bizilagunen zorion mezuak, halere, kontent hartu ditu Villanuevak. Zer ospatu baduela argi du.

XII. mendekoa da Muskildako baseliza. Iruñeko Artzapezpikutzak 1999. urteko azaroan erregistratu zuen bere izenean. 1998. urtean Espainiako Gobernuak Hipoteka Legean egindako aldaketa baliatu zuen horretarako. 1946. urteko legea moldatu zuen PPko Jose Maria Aznarren gobernuak 1998an, hain zuzen ere. 1946ko legeari esker, hamaika toki immatrikulatu zituen Elizak, eta 1998an moldatu eta gero, gurtzarako lekuak ere bere izenean jartzen hasi zen. Otsagabian, 2007. urtean jakin zuten Elizak beretzat hartu zuela Muskildako baseliza. "Prentsan irakurri genuen ondarearekin gertatzen ari zena; orduan ohartu ginen herrian jazotakoaz", gogoratu du Juan Miguel Tohane Otsagabiko alkateak.

2007an, Ondarearen Defentsarako Plataformak egindako lanari esker hasi ziren herritarrak errealitateaz jabetzen. Immatrikulazioen berri eman zuten elkarteko kideek, eta jada hamar urte bete dituen bidea hasi zuten: Elizak bere izenean erregistratutako guztia ezagutzea hartu dute xede, bai eta hori guztia herritarrei itzultzea ere. "Epe luzerako borroka da gurea", erran du Ondarearen Defentsarako Plataformako kide eta bultzatzaile Jose Mari Esparzak. Ontzat jo du Otsagabiko Udalaren aldeko sententzia, baina argi utzi du elkarteak "konponbide orokor bat" bilatzen duela, Elizak bere esku hartutako ondare guztia itzul dezan.

"Auzolan juridikoa"

Otsagabiko Udalak 2012. urtean erabaki zuen epaitegietara jotzea Muskilda berreskuratzeko. "Saiatu ginen Artzapezpikutzako arduradunekin negoziatzen; hainbat bilera egin zituen udalak haiekin, baina ez zen arazoa konpontzeko modurik izan", azaldu du alkateak.

2014ko irailean egin zuten epaiketa, azkenean, Agoizko auzitegian. Otsagabiko Udalaren abokatu Ana Clara Villanuevak, bertzeak bertze, zuzenbidearen historialari Roldan Jimenok egindako txostena baliatu zuen Muskilda herritarrena dela erakusteko. "Oso harro nago egindako lanaz; epaileak kontuan hartu du, sententziak agerian utzi duenez", erran du Jimenok.

Jimenok, halere, Muskilda Otsagabiko herritarrena dela erakusteko egindako "auzolan juridikoa" nabarmendu du. Izan ere, lagun izan ditu Peio Monteano historialaria, Otsagabiko Udaleko idazkari izandako Carlos Hernandez eta Ione Villanueva bera. Muskildako zaintzaileak urte luzez artxiboetan egindako lanaren emaitza jaso du Roldanek bere txostena osatzeko. "Bizitza osoa eman dut toki hau zaintzen, eta gustuko izan dut beti Muskildari buruzko informazioa bilatzea; aurkitu ditudan agiri guztiek agerian utzi dute baseliza otsagabiarrena dela, eta Elizak inoiz ez duela bere funtzionamenduan esku hartu", azaldu du Villanuevak.

XVII. mendekoak ekarri ditu Muskildako zaintzaileak gogora. Orduan, orain bezala, baseliza bereganatu nahi izan zuen Elizak. "Ez zuen lortu; XVII. mendekoak dira baselizan egindako moldaketa nagusiak, eta herritarrek erretaulan, ateetan eta abarretan zehaztu zuten lanak Otsagabiak egin zituela".

Harrotasunez mintzo da Villanueva Muskildari buruz. Oroitu da haurtzaroko negu gogorrekin. "Anitzetan gelditzen ginen eskolara joan gabe". Izan ere, oinez egiten zuten baseliza ondoko etxetik Otsagabiko ikastetxerako bidea. Kilometro eta erdi eskasekoa da, baina elurrak zailtzen zuen paseoa. "Azkenean, herrikoa zen hezkuntzako ikuskatzaile bati esker, Iruñera joateko beka jaso genuen nebak eta biok, eta han izan ginen batxilergora arte".

Villanuevak Muskildara itzultzea erabaki zuen gero. "Eta ez naiz damutzen; mundu osoko jendea ezagutu dut hemen; hau bezalako unibertsitaterik ez da". Duela 40 urte inguru errepidea egin zuten herritik Muskildaraino. Hala eta guztiz ere, baseliza ondoko etxean gelditzea nahiago izaten du Villanuevak anitzetan. Han du bere txokoa; han du bere benetako etxea.

Artzapezpikutzak helegitea aurkeztuko duela uste du Villanuevak. Jimenok ere bai. Hala ere, Agoizko epailearen sententzia "oso sendoa" dela uste du historialariak, eta zaila izanen dela ebazpen horretan jasotakoei buelta ematea. Jimenok nabarmendu du Muskilda otsagabiarrena dela argi uzten dutela gordetako agiriek. "Botere laikotik eta Elizatik baselizara egindako bisiten inguruko agirietan Muskilda herriarena dela zehazten da; XIX. mendean, halaber, Muskilda mendia eta hango baseliza Otsagabiarenak direla jaso zuten". Herriaren aldeko oraingo sententziak "bide bat" zabaltzeko balioko duela espero du historialariak. Immatrikulazioen auzia herriz herri aztertu beharreko gaia dela erantsi du, halere, tokian tokiko errealitatea aldatzen delako.

Ia 1.100 eraikin

Otsagabiko Udalaren aldeko sententziak orain arteko jurisprudentzia aldatzeko balioko duela espero du Jose Mari Esparzak ere. Berretsi du, halere, herriz herriko konponbideak bilatzea ez dela Ondarearen Defentsarako Plataformaren lehentasuna. Txalotu du otsagabiarren eta auzitara jo duten bertzeen ahalegina, baina argi du auziak ixteko konponbide orokorra behar duela.

Nafarroan, 1998tik 2007ra, ia 1.100 eraikin erregistratu ditu Elizak bere izenean. Nafarroako Parlamentuak emandako datuak dira horiek, Ondarearen Defentsarako Plataformak eskatuta. "Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban beste 525 bereganatu ditu Elizak; beste daturik ez da", azaldu du Esparzak. Erantsi du Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu duela immatrikulatutako eraikin guztien zerrenda ezagutarazteko. Beteko duela espero du.

Orain arte legean gertatu diren aldaketen eskutik egindako urratsak jarri ditu Esparzak mahai gainean. "1998an, PPk aldatu zuen 1946ko legea; eta alderdi berak aldatu behar izan du 1998koa ere, onartezina zelako", azaldu du.

Azken aldaketa horren eskutik Elizak jada ez duela "nahi duena" egiteko modurik nabarmendu du Esparzak. Baina ez du hori nahikotzat jo. Salatu du, gainera, "PSOEren jarreraren erruz" ez dela lortu immatrikulazioei bidea eman dien legea konstituzioaren aurkakotzat jotzea. "Horrek nolabaiteko amnistia izan du ondorio; galdu dugu Elizak orain arte bereganatutakoa kolpe batez berreskuratzeko aukera".

Lanean jarraitzeko bertzelako bideak badirela argi du Ezparzak, hala ere. Elizaren "hipokrisiaren" adierazgarri den jokabide bat aipatu du, adibidez: "Eraikinak bereganatzen ditu; alokatzen ahal ditu, hipotekatu edo saldu; baina konpontzeko lanak erakunde publikoek egin behar dituzte". Udalak egoera kaskarrean diren eraikinen inguruan esku hartzen hasten badira, Elizak "arazo handi bat" izan dezakeela uste du Esparzak.

Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du plataformak. Iaz, Recuperando koordinakundea sortu zuen gisako hamaika elkarterekin batera. Elizari hartutakoa itzultzeko eskatzen jarraituko dute. Elkarrekin, eta ozen. Muskildan bezala, herrialde osoan.

Etxea teilatutik hasi dutelako

Etxea teilatutik hasi dutelako

Edurne Elizondo

Ega Bizirik taldeak behin eta berriz eskatutakoa eginen du Nafarroako Gobernuak, azkenean: Lokiz mendilerroko akuiferoak duen gaitasuna argitzeko ikerketa jarri du martxan, eta, haren barruan, probako ponpatzea eginen du, datorren abuztuaren 1etik aurrera. Zehazki, Antzin eta Mendazako putzuetan eginen dituzte probak. Agorraldi garaiak goia jotzen ohi du abuztuan. Gobernuak azaldu duenez, "etxe independente bat" kontratatu du ikerketa egiteko; Mendazan 175 litro ur ponpatuko dute segundoero, eta Antzingoan, berriz, 75. Abuztuan eta irailean datuak jaso eta aztertu eta gero, ondorioak abendurako izatea espero du gobernuak.

Azken urteotan, kezkaz egin diote so Egari Murietako, Antzingo eta Egaibarreko bertze hainbat herritako bizilagunek, udan. Montejurrako mankomunitateak Lokiz mendizerrako akuiferoak baliatzen ditu eskualde hori hornitzeko. 1985. urtetik ari dira Antzingo putzua ustiatzen; 2005etik, berriz, Mendazakoa. Ega ibaiari eragin dio egoera horrek, eta, udan batez ere, hainbat iturri lehortu direla salatu izan du Ega Bizirik plataformak; nekez eusten ahal diola ibaiak emari ekologikoari urteko hilabeterik beroenetan.

Kezka horrek gora egin du azken urteotan, Montejurrako mankomunitateak Ebroko Ur Konfederazioari orain artekoaren bikoitza ustiatzeko eskaera egin eta gero. Proiektu horri bidea emateko, Ugep udalerriz gaindiko eragina duen planaren figura erabili zuen Nafarroako Gobernuak, 2011. urtean. Geroztik, ur gehiago atera ahal izateko lanak egiten aritu da Montejurrako mankomunitatea, kontuan hartu gabe Ega Bizirik taldekoen salaketak eta hainbat adituk Lokiz mendizerrako akuiferoen egoera kaskarraz ohartarazteko egindako txostenak.

Egoera hori aldatu egin zen urte hasieran, Sustrai Erakuntza fundazioak eta Antzin eta Murietako udalek aurkeztutako helegitea aintzat hartu baitzuen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, ondorioz, bertan behera utzi zuen proiektua, ez zuelako Ebroko Ur Konfederazioak lanak hasi aurretik egin beharreko txostena. Erakunde horren baimena jaso gabe hasi zituzten obrak. "Oraintxe, lanak geldirik dira, eta hori ona da", nabarmendu du Ega Bizirik plataformako Felipe Ajonak.

Ajonak ontzat jo du, halaber, Nafarroako Gobernuak akuiferoaren gaitasunari buruzko ikerketa martxan jarri izana. "2013. urtetik ari gara hori eskatzen; etxea teilatutik hasi zuten, akuiferoari buruzko inolako ikerketarik egin gabe", gogoratu du Antzingoak. UPNko agintariek ez zuten egin; oraingo gobernua babesten duten taldeek, ordea, akordio programatikoan jaso zuten ikerketa hori egiteko konpromisoa, eta, azkenean, ari dira betetzen. Jarraipen batzordea osatu dute, prozesuan eginen dituzten urratsen berri izateko. "Lehendabiziko bilera egin dugu; gobernuak azaldu digu Etipsa izeneko etxeak eginen duela ikerketa", azaldu du Ajonak.

Emari ekologikoa

Ega Bizirik plataformarekin batera, gobernuak berak, Montejurrako mankomunitateak, Egaibarreko ureztatzaileen mankomunitateak eta Ebroko Ur Konfederazioak osatzen dute jarraipen batzordea. Urrian eginen dute bat, berriz ere, probako ponpatzeak egin eta gero, alegia. "Proba horietan jasotako datuen inguruko ondorioak, berriz, abenduan jakinaraziko dizkigute", erantsi du Ega Bizirik taldeko kideak.

Nafarroako Gobernuak martxan jarritako ikerketa "beharrezkoa" dela argi du Ajonak; ez du nahikotzat jo, ordea. "Babes bereziko eremua da gurea, eta horrek eskatzen du Egaren emari ekologikoari buruzko ikerketa egitea", nabarmendu du. Gobernuak orain hasitako prozesuak, halere, ez du horrelakorik egitea jasotzen. Ondorioz, Ega Bizirik plataformako kideak aztertzen ari dira gisa horretako ikerketa bat beren kabuz eskatzeko eta egiteko aukera.

Ez litzateke lehendabizikoa izanen. Lokiz mendizerrako akuiferoa babesteko hasitako bidean, EHUko irakasle Iñaki Antieguedadi eta Ane Zabaletari Ega arroko ur fluxuen inguruko lana eskatu die Ega Bizirik plataformak, aurretik. Lan horren emaitzak "kezkagarritzat" jo zituen Ajonak, aurkeztu zituztenean. Izan ere, txosten horren arabera, Antzin herritik behera, Ega ibaiaren ur emariak behera egiteko joera du, akuiferotik gero eta ur gutxiago jasotzen duelako ibaiak tarte horretan. Santikurutze Kanpezutik (Araba) Antzin herrira, ibaiak ematen dio akuiferoari; Antzin herritik Murietara, berriz, akuiferoak ematen dio ura ibaiari. "Putzuak egin eta gero eta gehiago kentzen badiote, ordea, nekez lortuko luke akuiferoak ibaiak behar duena ematea", ohartarazi du Ajonak.

Egaren eta Lokiz mendizerrako akuiferoaren geroa nolakoa izanen den zehazteko, "hagitz garrantzitsutzat" jo du Ega Bizirik taldeko kideak oraingo unea; batetik, akuiferoa gehiago ustiatzeko putzuak egiteko lanak geldirik direlako, eta, bertzetik, gobernua ari delako egiten hainbertze aldiz eskatutako ikerketa lana. Montejurrako mankomunitateak ez duela amore eman argi utzi du Felipe Ajonak, hala ere. Izan ere, 2017-2019rako inbertsio publikoen planean jaso ditu putzuen inguruko lanak. "Udalerriz gaindiko eragina duen plana bertan behera utzi eta gero, bi aukera ditu Montejurrako mankomunitateak; berriz ere egitea da lehena, eta bertzea, berriz, obraz obra aurkeztea proiektua. Argi dago ez duela proiektua bazter uzteko inolako asmorik", salatu du Ajonak.

Lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Ega Bizirik taldeko kideak, ondorioz. Nafarroako Gobernuaren ikerketak zabaldutako bidea baliatzeko prest agertu da, baina argi utzi du ezin dutela geldirik egon. Presioa egiten jarraitu behar dutela. "Orain arte egindako urratsek agerian utzi dute kalte baino ez duela egiten proiektuak; legez kanpo aritu dira lanak egiten, baimenik gabe", erran du Ajonak. Etxeari oinarri sendo bat emateko ordua dela erantsi du.

Iritzia: Ziega horietara

Lur Albizu Etxetxipia

Bazkalorduan iritsi zen berria. Pixka bat beranduago pentsatu nuen zein gaitasun izan dugun eta dugun orain ere berri txarrak jaso eta gorputzak eztanda ez egiteko. Nola ikasi dugun hainbeste muntaia, kartzela-eskaera, errepide amaigabe, zigor, fiskal, epaile, Entzutegi Nazional, tortura, isolamenduren aurrean aurrera jarraitzen. Eta nola ikasi dugun negar egiten gutxien espero dugun momentu eta egoeretan; lekuz, denboraz kanpo beharbada. Sentimendu-ekaitzak nola kudeatu ere ahaztu egiten zaigu herri honetan; ez ditugu eztanda gutxi bizi izan.

Surrealismoaren mugak pasatzea ez da batere erraza Euskal Herrian, eta Nafarroan baditugu gure surrealismo propioak ere. Baina honek marka guztiak gainditu ditu, marka guztiak gainditzen ari da Altsasu. Kolpeak bata bestearen atzetik jaso izan ditugu azken hilabete hauetan. Eta luzeak izan dira. Luzeak izan dira, batez ere motzak izanen zirela uste genuelako, edo uste nuelako, behintzat.

Uste nuen ez zintuztetela bahituko, ez zintuztetela eramanen, ez zirela ausartuko. Uste nuen ez zintuztetela Auzitegi Nazional deitutako epaitegi frankistan epaituko. Uste nuen herri oso baten indar itzela ikusita, ez zirela hain urrun joanen. Beharbada askatuko zintuztetela, beharbada Nafarroara ekarri, beharbada... bata bestearen atzetik. Eta bat-batean zortzi hilabete dira eraman zintuztetenetik.

Zortzi hilabete. Erraz esaten da. Eta erraz esaten da, baina ausartu dira 50 urte baino gehiagoko kartzela-eskaerak egiten. Ez naiz konparazioetan sartuko, norberak egin ditzala nahi dituen kalkuluak, adibideak ez zaizkio faltako. Zenbakiek asko esaten dute. Hamaika gazteren bizitza dago jokoan, goitik behera. Harridurarako gaitasuna galdu egin dugu herri honetan. Gehiegi izan dira. Beharbada honakoa da, hala ere, min handienetakoa eragin diguna. Ez da objektiboa; denborak gauza asko lausotzen ditu, txikiago egiten ditu, ezdeusago bihurtzen ditu, gure memorian zirrikitu sinbolikoago bilakatzen ditu.

Gaur kalera aterako gara berriro zuen askatasuna exijitzera, oraingoan Iruñean, sanferminetako azken egunean; zuekin partekatu behar genituen festetan. Amorrua partekatu dugu guk hemen, injustiziaren kontrako oihuak, begiradak, elkartasuna, borroka, maitasuna. Altsasura bueltatu behar zaretela oihukatuko dugu, eta muntaia polizialari erantzuten jarraituko dugula. Altsasu duintasunaren hiriburua dela, eta Iruñeak ere badakiela zer den hori. Gurekin nahi zaituztegula. Badakigula horrelako tamainako muntaia baten lehenengo biktimak zaretela, baina askoz gehiago etor daitezkeela ondoren ere, eta ezin dugu onartu.

Izan daitezela zuek gabeko azken sanferminak. 2018an hemen nahi zaituztegu, aske, entzierroan korrika, Herri Sanferminetan txanda egiten, festan, libre. Entzun dadila zuen aldeko oihua ziega bakoitzetik. Iruñetik Navalcarnerora. Iruñetik Aranjuezera. Iruñetik Estremerara. Iruñetik Altsasura. Etxean izan arte, Altsasuko hamaikak, aske.

Maite zaituztegu.

Biziz adindu ahal izateko

Biziz adindu ahal izateko

Edurne Elizondo
Goiz ailegatu da, ez baitu tokirik gabe gelditu nahi. Adituek errateko dutena entzuteko irrikan da. Gaiak, halere, sekreturik ez du Maria Petra Mikeleiz Landarentzat: zahartzeari buruz gogoeta egiteko antolatu dute jardunaldia Ezkarozen...

Heteropatriarkatuari intsumisioa

Heteropatriarkatuari intsumisioa

Edurne Elizondo

Piztu dituzte argi zuziak. Batukada osatzen duten emakumeak jarri dira manifestazioaren buruan. Ez dago pankartarik. Beltzez jantzita daude denak; estali dute aurpegia. Antolatzaileek hartu dute hitza, protesta hasi baino lehen. "Emakumeak, transak eta bollerak aurrean; haiek dira protagonista; gizonak jar daitezela atzean", eskatu dute Farrukas kolektiboko bi kidek. 23:10 dira, eta, hainbat segundoz, erabateko isiltasunak hartu du San Frantzisko plaza. Batukadako danborren hotsak giroa soinuz bete duen arte. Hasi da manifestazioa. Karrikan da, bertze behin, indarkeria matxisten aurkako sanferminen aurreko aldarria. Ozen oihukatu dute: "Heteropatriarkatuari intsumisioa!".

Amorruak eragindako manifestazioa da, neurri handi batean, Farrukas kolektiboak antolatutakoa. Laugarrenez egin zuten, joan den astearte gauean. Sanferminetan gertatzen diren eraso matxisten aurka, autodefentsa feministaren aldeko aldarri ozena egin zuten parte hartzaileek, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan.

San Frantzisko plazatik abiatu zen protesta. 23:00etan zen hastekoa, baina ordu erdi lehenago ere bazen jendea, zain. Emakume gazteak ziren gehienak. Urduri ziren, protesta hasteko gogoz. Karrikak hartzeko prest, eta beldurrik gabe. Elkarri babesa ematen. Plazatik San Nikolas karrikara jo zuen manifestazioak, eta kaleko alde batean eta bertzean diren tabernetako ateetan protestari so zirenen aurrean, "Kaleak, gauak gureak dira" oihukatu zuten parte hartzaileek. Ehunka ziren, eta gai izan ziren beren ahotsak Alde Zaharreko bertze edozein soinuren gainetik entzunarazteko. Emakumeen oihuek Alde Zaharra isildu zuten.

Gazteluko plazatik Xabier karrikara hartu zuen bidea protestak, eta Caldereria karrikatik, berriz, Nabarreria plazarantz. Ibilbide guztian, manifestazioan bat egin zutenek argi utzi zuten ez direla prest eraso sexistak onartzeko. "Bat ukitzen badute, denak ukitzen gaituzte", esan zuten behin eta berriz.

Pankartarik ez zen astearteko manifestazioan, baina nork bere kartela egin eta erakutsi zuen Farrukas taldeak antolatutako protestan. Pentsatzen dut, erantzuten dut, beraz, enbarazu egiten dut leloa irakur zitekeen haietako batean. Autodefentsa feministaren bidetik, hain zuzen ere, intsumiso izateko mezua zabaldu zuten antolatzaileek eta manifestariek; heteropatriarkatuaren arauak apurtzeko beharra jarri zuten mahai gainean, gauez egindako bidean.

Pankarta Nabarrerian

Nabarreria plazan, manifestazioa gelditu egin zen, une batez. Etxe baten teilatua argitu zen hainbat pertsonak bengalak piztu eta gero, eta gora egin zuen manifestazioko lelo nagusia zabaltzeko bolumenak: "Gora borroka feminista!". Txalo artean hartu zuten Nabarreria karrikako alde batetik bertzera zintzilikatu zuten pankarta handia. Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen.

Nabarreria karrikatik Mercaderes kalera abiatu zen manifestazioa, eta, handik, Udaletxe plazara. Han amaitu zen protesta, okasiorako prestatutako koreografia batekin. Plaza dantzan jarri baino lehen, Farrukas kolektiboko kideek hartu zuten hitza. "Indarkeria matxista heteropatriarkala salatzera atera gara kaleetara; egunerokotasunean emakume gisa gizarteratu gaituztenok eta subjektu disidenteok pairatzen ditugun indarkeriei aurre egitera gatoz. Txosnetan, tabernetan, kontzertuetan, jai eremuetan eta bizi eta okupatzen ditugun eremu guztietan sufritzen ditugu indarkeria matxistak".

Besta giroan amaitu zen bestak beldurrik gabe ospatzeko eskubidea aldarrikatu zuen manifestazioa. Parte hartu zuten guztiek argi utzi zuten, halere, eraso matxisten aurka autodefentsa feminista dela bidea. "Geure burua defendatzen dugu, eta gure amorrua agertzen dugu", oihukatu zuten. Ez dira isiltzeko prest.

Mundua ulertzeko

Mundua ulertzeko

Kattalin Barber

Mundua ulertzeko balio du fisika kuantikoak", esan du Mikael Chala fisikariak. Naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan murgildu da Chala, eta, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Laetoli argitaletxearen bidez, Física cuántica para Alicia (Fisika kuantikoa Aliciarentzat) dibulgazio lana argitaratu berri du. "Nire helburu nagusia izan da pertsona guztientzat liburu ulergarri eta arin bat egitea; maila batean, edonork uler baitezake fisika kuantikoa", azaldu du.

Dibulgazio lan horrek, besteak beste, aukera ematen du Higgs bosoia edo quarkak ezagutzeko, baita zientzia horri esker funtzionatzen duten teknologia berriak ulertzeko ere, hala nola laserra eta zenbait mediku tresna. Fisika kuantikoaren garrantziaz mintzo da Chala. Izan ere, gaur egungo bizitza ezinezkoa litzateke zientzia horren ezagutzarik gabe. "Guztiaren erantzun bat da fisika kuantikoa. Unibertsoak, izarrek eta planetek nola funtzionatzen duten jakiteko beharrezkoa dugu. Eta ez hori bakarrik; adibidez, transistoreak ulertzeko beharrezkoa da fisika kuantikoa, eta horietako milioika ditugu gure ordenagailu edota sakelako telefonoetan, gaur egun", nabarmendu du egileak. Valentziako Unibertsitateko Fisika Korpuskularreko Institutuko ikertzailea da Chala, eta partikulen fisikan aditua.

Liburua erraz irakurtzen dela azaldu du egileak. "Ez da eleberri bat, eta egia da geldi irakurtzea eskatzen duela liburuak, baina irakurleak ez du bestelako arazorik aurkituko". XX. mendea baino lehenagoko fisikari so eginez hasten da lana, eta, batez ere, Newtonen mekanika eta elektromagnetismoa azaltzen ditu Chalak idatzitako orrialdeen bitartez. Ondoren, fisika kuantikoa aztertzen du egileak, partikula subatomiko txikienen munduan murgilduz —quarkak, neutrinoak, bosoiak—, eta unibertsoaren historia berregiten du, Big Bangetik hasi eta gaur egun arte.

Erantzunik gabe

Mugak ditu, oraindik ere, fisika kuantikoak, eta galdera asko erantzun gabe daude, gainera. Aurkitu duten partikularik txikiena Higgs bosoia da. "Gehiago jakin daiteke? Horretan ari gara, baina oraingoz ez dugu gehiagorik aurkitu. Ez dakigun gauza asko daude, baina, oraingoz, horrela da".

Gainera, maiz agertzen diren anekdotek eta Chalak berak egindako hainbat marrazki argigarrik aukera ematen diote irakurleari naturaren jokaera azaltzen duen zientziaren esparruan barneratzeko, ekuazio matematikoen beharrik gabe.

Horretaz gain, liburuaren beste helburuetako bat fisika kuantikoaren "mitoak" gainditzea izan da, ikerlariak erantsi duenez. "Fisika kuantikoa ez da magia; esperimentuetan oinarritzen da, beste zientzia guztiak bezala. Arazoa da pseudozientzia batzuetan fisika kuantikoaren propietateez baliatzen direla jendeari iruzur egin ahal izateko". Naturaz gaindiko "ustezko erremedio" batzuen amarruak agerian utzi ditu bere liburuan Mikael Chalak, hain zuzen ere.

Iritzia: Uztailak 7, sarritan

Tania Arriaga Azkarate

Irribarretsu eta, ingelesez esaten duten moduan, txiruliruak tripan ditudala Txantrean lo egin ondoren, oso goiz esnatu naiz. Txupinazoaren egunean ateratzen ez naizenez, gisa horretako ekintza heroikoak erraz egin ditzaket. 7a nire egun handia da. Oraindik ohartu ez denari, Bakozaleen zeruan dagoelako edo, gaur San Ferminen eguna dela esan beharko zaio.

Alai, zuriz jantzi naiz, eta gerriko, zapi eta muleta gorriak hartu ditut. Kafetxo azkarra edan ondoren, Frodo gure txakur pinttoari paseoa eman diogu. Ondoren, patioan behar den moduan utzi eta Alde Zaharrera oinez igo nahi dugun arren, pentsatu dugu billabesa hartzea dela egokiena. Nabilenez gero herrenka, hasperenka, eseri beharko dut noizbehinka, ezta? Bosgarren autobus-linea hartu, eta Iruñe zahar ederrean gaude Maite eta biok.

Pozik baina poliki, muletek erritmoa markatzen baitute, San Lorentzo karrikako betiko jatetxerako bidea hartu dugu. Han, urteko hamarretako berezi eta hunkigarrienean itxoiten digute. Udaletxeko langileek presaka garbitu dituzte gaueko bakanaleko aztarnak. Hala ere, autobusetik atera bezain laster, atzo goizean parranda hasi zuten txorigaldu kantariak hurbildu zaizkigu muleta mikrofono gisa erabili nahian. Kentzen badidate eroriko naizela esan diet, eta erreberentzia batekin aurrera segitzen utzi gaituzte. Gaztelu plaza betea dago: atzoko parranderoak, gaurko kiliki-zaleak, biharko gautxoriak, kuxkuxeroak...

Kontentu Sarasate pasealekura abiatzerakoan amatxi-aitatxi kuadrilla eta haien iloba orraztu eta lisatu andana ikusi dugu. Ondoren, horren ongi orraztua ez dagoen neska talde batekin barrez lehertzear egon gara, Baleztenarren etxearen azpian jota bati erraiak urratzen ari zaizkiolako. Raimundo Lanasek burua altxatuko balu... haiekin batuko litzatekeela eginen nuke! Kantatzeko gogoa sentitu dut nik ere, eta "Cuando yo me muera, tengo ya dispuesto, y en el testamento quemandenterrar, quemandenterrar" melodia itsaskorra txistu egiteari ekin diot; San Nikolasen, izeba Montse, nire moduan maingu, eta osaba To-ñorekin topo egin arte. Manga del Mar Menorrera joateko dena prest duten arren, azken bueltatxoa eman nahi dutela aitortu digute, kilo erdiko lau txurro jateko agindu eta gero. Zuzkidura energetikoa odolean, San Lorentzo arte gelditzen zaizkigun 50 metroak ziztu bizian eginen ditugu: San Miguel karrikatik San Frantzisko plazara, eta Alimentación Mendigorria dendan, BERRIA egunkaria eta, harekin, Nafarroako Hitza erosi dugu.

Orain idazten ari naizen kontakizun hau irakurtzen hasi naiz. Esan dizuedanaren ehuneko ehuna bete da. Hau da hau gaitasun totala! Momentua profitatuko dut, eta Paris 365 jatetxean nor topatu nahi dudan idatzi: Nafarroako Hitza eskuan dutela, Ama, aita, Koldo-Luis, Ana G-F, Isabelita, Biki, Aitziber, Maika, Kristina, Ken, Kris, Anjel, Lur, Karlos B, Stefan Zweig, Arrate, Virginia Woof, Miren, KD Lang, Arantxa, Witney Huston, Celine Dion eta Salamankako kartzelatik ihes egin duelako gure izeba Josune ikusi nahi ditut. Pd. Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarriiiiii!