Nafarroa

Iritzia: Beldurraren beldur

Jon Barberena

Esan itxarotea ere badela bizitzea, kantatu zuen doinu goxoz Bide Ertzean taldeak itxaronaldiez aspertua den herri honen belarrietara. Itxarongela erraldoia da gure herria. Urduri, beti itxoiten ditugu gutxitan asebetetzen gaituzten berriak. Madrildik idazten eta bidaltzen dituzten berriak.

Ostatu batean pasatako liskar arrunt batengatik, hamahiru urtera arteko kondenak ezarri dizkiete Altsasuko zortzi gazteri. Espainiako Auzitegi Nazionalean, bertze behin ere, epaia epaiketa hasi aurretik idatzia zen susmoa dut. Bazekiten ezinen zituztela terrorismoagatik zigortu, baina izuan oinarritutako argudio esajeratu hori behin eta berriz erabili dute zigor neurrigabeak eta gogorrak jartzeko.

José Luis Sampedrok aspaldi errana da izua oinarri hartuta gobernatzea eraginkorra izaten dela: "Buruzagiak ingurukoak lepoa moztearekin izutzen eta mehatxatzen baditu, eta, gero, zintzurra ebaki beharrean, egunerokoan zapaltzen baditu, haiek konforme izanen dira. Burua bere lekuan izanen baitute behinik behin".

62 urtera arteko kondenak eskatu zituen fiskaltzak hasieran, eta oraingo kondenak ikusi eta gero, norbaitek pentsa dezake konforme egoteko arrazoiak ditugula. Baina epaia suntsitzailea da; justizian baino gehiago, mendekuan oinarritzen dena, hain zuzen.

"Izua deus pasatzen ez denean ematen da. Bi gertaeraren arteko itxaronaldia da", hitz gordin bezain ederrak bota ditu Lander Garrok Gerra txikia liburuaren inguruan hitz egiterakoan. Bi gertaeraren artean kokatu izan dut azkenaldian herri hau, epaia noiz iritsiko ote zen beldurrez. Desberdintasun handi batekin, haatik. Gurean gauza anitz pasatu dira eta pasatzen ari dira.

Herria kalera atera da, eta bere izuan ezkutatu beharrean, ausardiaz bere amorrua kanporatu egin du. Horren adibide da, hain justu, justizia eske bildutako 50.000 pertsonek babestutako manifestazioa, Iruñean, joan den apirilaren 14an.

Altsasu arrisku maila handiko lekua dela, eta bertako gazteen eguneroko ekintzak eta ospakizunak arriskutsuak direla diote Espainiako komunikabide sonatuek. Gustu txarreko gezur horiekin lotura eginez, Alain filosofo frantziarraren hitzekin oroitu naiz: "Arriskurik gabeko beldurra sufritzen duten pertsonek arriskua asmatu ohi dute beren beldurra justifikatzeko". Liskar bat baino ez zen izan, kitto! Altsasu bakean bizi nahi duen herri bat da!

Gaur Altsasu izan da. Gaur Iñaki, Oihan, Adur, Jokin, Julen, Jon Ander, Aratz, Ainara eta euren familiak izan dira. Baina bihar, Azpeitia, Erratzu edo Faltzes izan daitezke. Edo zu izan zaitezke... Edo ni izan naiteke... Beraz, onartu eginen dut, auziak eta kondenek eragindako amorrua eta samina sentitzeaz gain, beldurra ere, proportzio txikiago batean bada ere, senti dezaket. Estatuaren beldurren (mamuen) beldur naizela.

Gure mina, ezintasuna eta beldurra kanporatzeko, hilaren 16an hitzordua daukagu Iruñean. Terapia kolektiboak on eginen digu denoi.

Hiri zati bat, bertan bizitzeko

Hiri zati bat, bertan bizitzeko

Edurne Elizondo

Auzoan bertan da auzoaren etorkizunaren giltza. Auzoan bizi direnen eta auzoa egiten dutenen esku. Horixe uste dute Pisuteka sortu berri duten Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek. Etxebizitzaren inguruko auzolagunen sarea da, eta asmo garbi batekin jarri dute martxan: egun gertatzen ari den gentrifikazioari aurre egitea. "Ez dugu nahi Alde Zaharra merkataritza gune handi bat bilakatzea. Gure auzoa da, hemen bizi garenon eta hemen lan egiten duten dendari txiki eta ertainen etxea".

Alde Zaharreko bizilagunen etxean ez da giro, ordea. Arazoa ez da oraingoa, ezta bertakoa bakarrik ere. Madril, Bartzelona eta Donostiaren gisako hirietan gertatu denari, hain zuzen, kezkaz egin diote so Iruñetik. "Hemen egoera ez da hain larria, oraindik ere; neurriak hartzeko garaiz garela uste dugu. Horregatik jarri gara martxan. Ez dugulako hiriotan duten errealitatea guretzat nahi".

Iñigo Laluezarenak dira hitzak. Alde Zaharreko bizilaguna da, eta Pisutekako kide. Argi du egungo egoera bertze hiriotan duten gentrifikazio prozesura eramaten ari dela Iruñea. Kezka hori mahai gainean jarri zuten iazko urrian, Iruñeko Alde Zaharrean egin zituzten auzo topaketetan. "Hainbat gai jorratu genituen, eta haietako bat izan zen etxebizitzarena", azaldu du. Orduan hasi ziren mamitzen Pisuteka osatzeko ideia.

Datuak jarri dituzte mahai gainean sareko kideek, etxebizitzaren inguruan duten kezka nondik datorren azaltzeko. Batetik, auzokideen kopuruak behera egin izana. 2006tik, hain zuzen ere, ia %11. Migratzaileen kopuruak, zehazki, nabarmen egin du behera azken hamarkadan: %41 baino gehiago. "Etxebizitzaren prezioak gora egin du kontrolik gabe, eta egoerarik kaskarrenean direnei eragin die, batez ere. Migratzaileek beste auzo batzuetara alde egin dute", azaldu du Pisutekako kide eta Alde Zaharreko bizilagun Leticia Molinak.

Bertzetik, Alde Zaharrean turistentzat alokairuan gero eta etxebizitza gehiago dagoela utzi dute agerian Pisutekako kideek. Iruñean dauden gisa horretako etxe gehienak, hain zuzen ere, Alde Zaharrean dira. Auzo horretan jarduera horren inguruko kontrolik eza izan da nagusi orain arte, Laluezak eta Molinak salatu dutenez. "Hiriko bertze auzoetan, halako etxebizitzek eraikinetako lehen solairuan egon behar zuten, derrigorrean; Alde Zaharrean, ordea, ez zen horrelakorik zehazten. Hemen, nahi izan dutena egin dute", erran du Molinak.

Iruñeko Udalak egoera hori kontrolatzeko asmoa agertu izana eskertu dute Pisutekako kideek. Nafarroako Gobernuak ere neurriak jarri ditu martxan, azkenaldian. Turistei alokatzen dizkieten etxebizitzen jarduera kontrolatzeko, isilpean ari ziren jabeen egoera arautzeko neurriak abiatu ditu gobernuak, zehazki, eta, ondorioz, urtea hasi zenetik, turistek erabiltzeko 107 etxe erregistratu dituzte, haietako 57 Iruñean.

Denera, Nafarroan, jarduera horretan ari diren 695 etxebizitza badira, eta haietako 201 daude hiriburuan. Gobernuak berak nabarmendu du gora egin duela turistentzako etxebizitzen kopuruak, azken urteotan: iaz, adibidez, %34 baino gehiago.

"Auzoan bizi nahi dugunontzat, gero eta garestiagoa da etxebizitza; auzoak bizirik jarraitzeko, ordea, behar gaitu", erran du Molinak. Prezioen igoerak auzoko dendari txiki eta ertainei ere eragin diela erantsi du Laluezak, eta gogoratu du auzoko jendea dela denda horietako bezero. Sorgin gurpila ekartzen du egoera horrek: "Auzoa husten bada, dendariek itxi beharko dituzte beren negozioak; betiko denda horiek gabe ere, zailagoa izanen da auzokoontzat egunerokoa".

Ereduen arteko talka

"Bi auzo ereduren arteko talka dago". Horixe erran du Laluezak. Pisutekaren bidez aldarrikatu nahi duten bizilagunentzako auzoa da eredu horietako bat. "Ongi hartuko ditugu gainerako auzoetakoak eta turistak, baina gure auzoa bizitzeko espazio bat dela ahaztu gabe". Azken urteotan indarrean izan diren politikek islatzen duten auzo eredua da bertzea. UPNko alkateak buru izan dituen udalak egin du eredu horren alde. Pisutekako kideek gogora ekarri dituzte, bertzeak bertze, Yolanda Barcinak eta Enrique Maiak hiriko ardura beren esku zutenean errandakoak. Barcinak erran zuen, adibidez, asmotzat zuela Alde Zaharra "merkataritza, kultura, turismo eta aisialdi jardueren zentro" bilakatzea; Maiak errana da, berriz, "fruta dendekin eta mertzeriekin" ez dela lortuko Alde Zaharra biziberritzea. Ez zuen hori erran alkate zenean, halere: joan den otsailekoa da adierazpen hori.

Auzoa kontsumitzeko, edo auzoa bizitzeko. Alde Zaharra kontsumorako gune huts dutenen jarduerak gero eta zailago bilakatzen du bertan bizi ahal izatea. Hori da kontua. Pisutekako kideek gogoratu dute, adibidez, 2007. urtean taberna gehiago zabaltzeko aukera jarri zuela udalak mahai gainean, berriz ere. Molinak eta Laluezak auzoarekin duten konpromisoa berretsi dute. "Hemen bizi nahi dugu". Eta bizitzeko auzo baten alde egin nahi dute Pisutekarekin. Alokairuan bizi da Molina; Laluezak, berriz, etxe bat erosi du. "Alokairuek gora egin dute; ez nuen erosi nahi, baina, azkenean, egoerak ez dit utzi beste aukerarik".

Aukeren zerrenda zabaldu nahi du Pisutekak, hain zuzen ere, eta erakunde publikoekin eta etxebizitzetako jabeekin elkarlanean aritzeko prest dira hori lortzeko. Sarea zabaldu nahi dute, auzoa bizitzeko toki bat izan dadin.

Auzoan dauden etxe hutsekin kezka agertu dute Pisutekako kideek, eta etxe baten beharra duen jende anitz badela nabarmendu dute. "Udaleko arduradunek esana da Alde Zaharrean bizitzeko 200 pertsona daudela zain erakunde horren etxebizitza poltsan", erran du Molinak.

Udalak dituen etxeetako anitzek zaharberritzeko beharra dute. Udalak horretarako dituen laguntzek, ordea, ez dute aurrekontu osoa ordaintzen. "Udalak, gehienez ere, 12.000-14.000 euro pagatzen ditu. Gastu gehiago behar dutenak ez ditu konpontzen", azaldu du Molinak. Eta horiek erabiltzeko proposamena egin dute, hain zuzen, Pisuteka sareko kideek: "Etxea hartzen duenak har dezake falta dena ordaintzeko ardura bere gain, eta, trukean, ez ordaindu zenbait urtetako alokairua. Hutsik diren etxeak erabiltzeko bideak bilatzea da kontua", erran du Molinak.

Etxeetako jabeek sarearekin bat egitea nahi dute Pisutekako partaideek ere. "Zuzenean azaldu nahi diegu auzoarentzat garrantzitsua dela bertan bizi nahi dutenei alokatzea". Aztertu nahi dituzte bertzelako proposamenak ere: etxebizitza partekatzea, adibidez. Belaunaldi ezberdinetako auzolagunek etxe berean bat egiteko aukera jarri dute mahai gainean. "Bakarrik bizi diren zaharrak badira auzoan; azter dezagun haiek eta gazteek etxea partekatzeko aukera", azaldu dute Pisutekako kideek.

Alde Zaharra husteko joerari buelta eman nahi dio Pisuteka sareak. Bizitzeko auzo bat sortu. Eta, horretarako, lehentasuntzat jo du, batetik, taberna gehiago zabaltzeko aukera bertan behera uztea, eta, bertzetik, turistentzako alokairuen inguruko jarduera kontrolatzea eta arautzea. Erakundeen laguntza eta esku hartzea behar dutela badakite sareko kideek. Baina auzoak hitza hartu behar duela ere argi utzi dute. Auzoak duela auzoko etorkizunaren giltza. Behar dituen baliabideak izanen dituen auzoa nahi dute. Hiri zati bat, bertan bizitzeko.

Espetxea, hurbilago orain

Espetxea, hurbilago orain

Edurne Elizondo

San Roke karrikatik Santa Luzia-Soltxatera eraman zuten Iruñeko kartzela 2012. urtean. Hiri barnetik kanpoko aldera, alegia; Donibane auzotik herritarren begien bistatik at dagoen tokira. Begien bistatik kanpo, bai eta garraio publikoaren ibilbidetik at ere. Orain arte: administrazioak erantzuna eman dio azkenean Salhaketa elkarteak, presoek eta haien senideek behin eta berriz egindako eskaerari, eta taxi zerbitzua jarri du, hirigunea kartzelarekin lotzeko.

Maiatzaren 28tik dago martxan. Zehazki, Nafarroako Gobernuak, Iruñerriko Mankomunitateak eta Teletaxi elkarteak sinatu dute zerbitzua abian jartzeko hitzarmena. Oraingoz, azarora arte egonen da indarrean. Autobus geltokitik ateratzen da zerbitzua, eta zuzenean ailegatzen da espetxera. Itzultzeko bidean, berriz, bidaiariek bi tokitan dute jaisteko aukera: Nafarroa etorbideko 3. zenbakiaren parean, eta Olivako monasterioa kaleko 19. zenbakiaren parean. Bidaiak 0,70 euro balio du; hau da, billabesako bidaiaren prezio bera, txartela erabiliz gero. Taxia telefonoz eskatu behar da, hartu baino hamabost minutu lehenago, gutxienez, eta hiru ordu lehenago, gehienez.

"Hartu dut taxia, eta ez dago gaizki. Eskertzekoa da espetxeko atean hartu ahal izatea autoa, kartzela hiritik urrun baitago". Fran M. presoarenak dira hitzak. Hirugarren graduan dago Iruñeko espetxean, eta, kartzelan lo egiten duenean, 07:00etan ateratzen da biharamunean. Orain arte, hogei minutuko bidea egin behar izaten zuen oinez, Berriozarko billabesa hartu ahal izateko. "Hogei minutu, azkar joanda; okerrena buelta zen, halere, aldapan gora".

Eskertu du, beraz, taxia erabiltzeko aukera. Billabesa hartzen jarraitu behar du, halere, autoak uzten duen tokitik Barañainera joan behar baitu. Han bizi da. Orain arte, bi autobus hartu behar zituen espetxetik etxera ailegatzeko. "Ikastaro bat egiten ari naiz, eta beti egon behar dut erlojuari begira, alde batetik bertzera korrika".

Kartzelan, txanponekin funtzionatzen duen telefono kabina bat dute. Hori erabili behar dute preso direnek taxia eskatzeko. "Bertzela, gure sakelako telefonoa. Atera behar dugunean itzultzen digute. Espetxetik atera, eta orduan deitzen dugu. Izan ere, barruan direnek beti ez dute dirua poltsikoan, eta telefonoz deitzeko aukerarik gabe gelditzen dira anitzetan".

Fran M.-ren ustez, taxi zerbitzuak batez ere preso direnen senideei eginen die mesede. "Hori da garrantzitsuena. Zerbitzua jarri dute, eta espero dut ez dutela atzera eginen, ez dutela kenduko. Ez da atsegina udan emakumeak seme-alabekin ikustea, eguzkipean, espetxerako aldapa igotzen. Haientzat behar zen zerbitzua, batez ere".

Kontuan hartu gabe

"Hagitz garrantzitsua da taxi zerbitzua martxan jarri izana". Horixe nabarmendu du Salhaketako Libertad Francesek ere, argi eta garbi. Elkarte horrek gogor egin du lan hirigunea eta espetxea lotzeko zerbitzuaren alde. San Rokeko zentroa itxi aurretik ere, egungo azpiegitura proiektu bat bertzerik ez zenean, Salhaketak agerian utzi zituen komunikazioaren arloan zituen gabeziak. Kartzela egin zutenean, ordea, gabezia horiek konpontzeko neurririk ez zuten hartu. "Argi dago ez dutela garraioa kontuan hartu espetxea egiterakoan; autobus batek buelta eman ahal izateko espaziorik ez dute utzi, adibidez", salatu du Francesek.

2012. urtean espetxe berria inauguratu zutenean, Salhaketako kideek modu ofizial batean helarazi zizkioten administrazioari ordura arte agertutako kezkak. Ez elkarte horrek bakarrik. "Bertze hainbat erakunderen babesa jaso genuen, bai eta 1.100 norbanakoren sinadurak ere. Zehazki, hamar elkartek sinatu genuen hirigunea eta kartzela lotzeko garraio zerbitzu baten alde".

Orain arte, Berriozarko edo Orkoiengo billabesak hartzea zen autorik gabe espetxera joateko edo handik ateratzeko aukera bakarra; hau da, gutxienez hogei minutu oinez. Ordu erdi, Orkoiengo billabesaren kasuan. Salhaketako kideek billabesa zerbitzua nahi zuten kartzelaraino, eta hori eskatu dute 2012tik Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Iruñeko Udalarekin egin dituzten bileretan. "Garestiegia omen da aukera hori, eta horregatik egin dute taxiaren alde", azaldu du Libertad Francesek. Erantsi du halere Salahaketak billabesa eskatzen jarraituko duela.

Bitartean, elkarteak lehentasuntzat jo du egun martxan dagoen taxi zerbitzuaren berri zabaltzea, herritarrek erabil dezaten. "Ez dugu lortutako hori galdu nahi", erran du abokatuak. Egungo zerbitzuak bi ezaugarri "garrantzitsu" dituela nabarmendu du Francesek, gainera. Batetik, administrazio publikoak bere gain hartu duela zerbitzua eskaintzeko ardura, eta garraio publikoaren txartelaren salneurri berean eman duela; bertzetik, ez duela zerbitzu berezi gisa antolatu. "Hau da, herritar orok erabil dezake; ez da bakarrik presoentzako edo beren senideentzako zerbitzu bat. Hori ontzat jo dugu, bertzela egin izanak bazterketa ekarriko zukeelako", erran du Salhaketako kideak.

Zerbitzua eskertu du elkarteak, baina azaldu du badela zer hobetu ere. Libertad Francesek azaldu du, hain zuzen ere, ordutegiak ez dituela behar guztiak kontuan hartzen. "Autobus geltokitik 21:30ean ateratzen da azken taxia, adibidez; Gizarteratzeko Zentroan 22:00etan sartu behar dutenentzat egokia da ordutegi hori; ez, ordea, 23:00etan sartu behar dutenentzat. Horiek zerbitzurik gabe geldituko dira. Senideen bisita ordu guztiak ere ez ditu hartzen zerbitzuak", azaldu du Francesek. Salhaketako kideek gaizki daudenak konpon ditzaten eskatzen jarraituko dute; billabesa zerbitzua eskatzen ere bai. Lortu bitartean, taxi zerbitzua erabiltzeko eskatu diete herritarrei. Orain hurbilago dago, behintzat, espetxea.

Abiapuntu eta helmuga

Abiapuntu eta helmuga

Kattalin Barber

Iruñeak ez zuen euskaraz idatzitako libururik". Horixe nabarmendu du Roldan Jimeno historialariak. Ez zuen. Baina orain badu. Iruñeko Udalak lehenbiziko aldiz argitaratu du Iruñeko historia euskaraz kontatzen duen liburu bat: Iruñeko historia. Hiriaren ibilbidea historian barna. Euskara da abiapuntu eta helmuga. Jimenok azaldu du lanak balio handia duela, "Iruñeak behar zuelako euskaraz idatzitako liburua".

32 adituren ahotsak jaso dituzte liburuan, tartean hainbat historialari eta ikertzailerenak, bai eta kazetaritza, soziologia, pedagogia, filologia eta biologia arloetako zenbait profesionalenak ere. Antzinarotik aro garaikidera arte, Nafarroako hiriburuaren historian ibilbidea egitea proposatzen du lanak; hain zuzen ere, 2016. urtera arte.

Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara koordinatzailearekin batera egin ditu Jimenok koordinazio lanak. Liburuaren jatorria azaltzeko, historialariak 2002. eta 2003. urteetara egin du jauzi, udalak eta Nafar Ateneoak urte hartan antolatu baitzituzten hiriko historiaren euskarazko ziklo monografikoak. "Nolabait, historialari euskaldunen topaketak izan ziren, eta, aurrenekoz, Iruñeko historia euskaraz aztertu zen". Jimenok gogoan du oso arrakastatsuak izan zirela, aurreneko aldiz zuzenean euskaraz idatziak zirelako historiako garai ezberdinetan adituak ziren hainbat lagunek aurkezturiko lanak. Halaber, "euskararen erabilera maila akademikoan hartzen ari zen indarraren erakusle" izan ziren.

Horren ondotik, bildutakoa argitaratzeko xedea izan zuten, baina asmo hori, arrazoi ugari direla medio, ez zen gauzatu, eta liburuak ez zuen argia ikusi. Gobernu aldaketa iritsi arte "ez zen posible izan". Hamasei urte ordenagailuetan gorderik igaro ostean, orain Iruñeak badu euskaraz idatzitako bere historiaren liburua. "Gainera, ez da edozein historia liburu", zehaztu du Jimenok. "32 espezialistak idatzi dituzte testuak, eta ikuspegiak askotarikoak dira; liburuak historiaren ikuspegi guztiak edo ia guztiak hartzen ditu barnean".

Hainbat ikerlari eta adituren artikuluen bitartez, jakintza arlo eta ikuspuntu ezberdinak hartu dituzte abiapuntu geografiaren, politikaren, gizartearen, hizkuntzaren eta kulturaren bilakaera aztertzeko; hiriaren historiari errepasoa egiteko.

Orduko txostenak berreskuratu, eguneratu eta hiriaren ikuspegia zabaltzen duten beste hainbat lanekin osatzea izan da aurreneko ahalegina. Iruñeko historia aztertzeaz gain, testuek euskara, literatura, artea eta emakumeen hiria jorratu dituzte. "Hutsuneak osatzeko ahalegina egin dugu hiru urte hauetan; batzuk gazteleraz idatziak dira, baina gehienak euskaraz sortuak dira".

Euskarazko testua izaki, euskararen beraren eta Iruñeko euskaldunen historiari buruzko testuak ditu argitalpenak. Besteak beste, Iruñeko euskarazko literatura eta hiriko euskarari buruzko artikuluak egin dituzte Enrike Diez de Ultzurrun Sagalak, Ekaitz Santaziliak, Irene Lopez-Goñik, Eneko Zuloagak eta Juan Karlos Lopez-Mugartza Iriartek. "Harro gaude egindakoarekin, orain arte ez baita egin honen moduko lan mardulik; garrantzitsua da, bai euskararen ikuspegitik, eta baita 32 ahots jasotzen dituelako ere".

Zuzenean euskaraz sortua izatea eta adituen ikuspegi diziplinartekoa dira liburuaren balioak. Bide horretan, Jimenok uste du liburua "eredu" izan daitekeela Euskal Herriko hiri nagusienen historiak osatzeko. "Euskal Herriko hirien historia egiteko".

Joxemiel Bidadorri eskainia

Joxemiel Bidadorrek parte hartu zuen 2002. eta 2003. urteetako jardunaldietan, eta liburuak haren lan argitaragabea jasotzen du. Bidadorrek Iruñean euskaraz argitaraturiko liburuen historia ikertu zuen preseski bere ponentzian. 2010ean zendu zen historialari eta hizkuntzalari iruindarra, eta hari eskaini diote liburua. "Omenaldi moduko bat egin nahi izan diogu, eta oso hunkigarria izan da bere lana berreskuratzea eta argitaratzea".

Era berean, Jose Maria Jimeno Jurioren testu klasiko bat berreskuratu dute:, hiriak izan dituen izendapenen inguruan hark egindako artikulua, euskarara itzulita. Bilduma osatzen duten eduki nabarmenen artean, halaber, Ana Diez de Ureren Iruñeko emakumeen historia dago, bai eta NUPeko ikerlari diren Emilio Majuelo Gilek, Gemma Pierolak, Nerea Lopez Ibarrolak, Gotzon Garmendia Amutxastegik eta Fernando Mendiolak 1936ko gerraren inguruan Iruñean izan zen errepresioari buruzko testua ere. Iruindarren historiaz, hiriak sortu duen literaturaz, memoria historikoari lotutako gaiez, hiriaren garapen urbanistiko zein demografikoaz eta euskarari buruzko gaiak biltzen ditu liburuak.

Iritzia: Eta berriro ari naiz

Lohizune Amatria
Hilabete igaro da, eta berriz ere egokitu zait astekari honetarako hainbat lerro idaztea. "Baina zeri buruz?". Ez da erantzuteko galdera erraza. Horregatik, baliteke irakurtzen ari zaren hasiera hau errazegia izatea.Azken hilabetean bi...

Bihurgunez betetako bidea

Bihurgunez betetako bidea

Edurne Elizondo

Kezka. Otsailean erran zuen Nafarroako Gobernuak zazpi hilabetez itxiko zituela Belateko tunelak, azpiegitura hori Europako segurtasun eskakizunetara egokitzeko lanak egiteko, eta, geroztik, kezkak hartu ditu N-121-A errepideko erabiltzaileak, bai eta bide horren inguruan bizi diren herritarrak ere. Zalantzaz eta bihurgunez beteta dator datozen hilabeteotako bidea.

Nafarroa iparraldeko herriak hiriburuarekin lotzeko errepide nagusia da N-121-A. 1997an inauguratu zituzten Almandozko eta Belateko tunelak. Azpiegitura hobetzeak ekarri du Belateko mendateko bide zahar eta bihurgunetsua bazter uzteko aukera; ekarri du, halaber, ibilgailuen kopuruak nabarmen gora egitea. Egunean, 3.900 ibilgailu astunek zeharkatzen dituzte Belateko tunelak, hain zuzen ere. Zazpi hilabetez itxiko dituzte orain, eta ibilgailuek mendateko bidea erabili beharko dute, berriz ere.

Obren bidez, substantzia toxikoak eta sukoiak aterarazteko drainatze sistema bat eta suarekin hausten ez den kable sistema bat jarriko dituzte bi tuneletan, batetik; bertzetik, Belatekoan larrialdi egoeretan ibilgailuak gelditzeko bi gune berri eginen dituzte. 4,9 milioi eurokoa da lanok egiteko aurrekontua.

Obrak egiteko asmoa agertu zuenean, eskualdeko hautetsiek gobernuari eskatu zioten pasaeran ziren kamioiak A-15 autobiara desbideratzeko, Belateko lanak egin bitartean. Gobernuak ez du proposamen hori onartu, ordea.

Gobernuak hainbat neurri jarriko ditu martxan, astelehenetik aurrera, baina neurri horiek ez dute lagundu batzuen eta bertzeen zalantzak eta kezkak argitzen eta bazter uzten. Eskualdeko hautetsien ustez, gobernuak zehaztutako neurriak ez dira nahikoak, eta, gainera, "kudeatzen zailak" izanen dira. Horixe nabarmendu du Baztango alkate Joseba Otondok. "Neurriek ez dituzte asebetetzen eskualdeko herritarren eskaerak".

Zehazki, pasaeran diren lau ardatz edo gehiagoko merkantzia ibilgailuen zirkulazioa mugatuko du gobernuak. Ez erabat, ordea. Matrikularen arabera eginen du: datorren astean, hilaren 4tik 10era, matrikula bakoitia duten gisa horretako kamioiek egunez erabili ahal izanen dute mendateko bidea. Hurrengo astean, berriz, matrikula bikoitia dutenek erabili ahal izanen dute. Txandaka ariko dira hurrengo asteetan. Neurriok uztailaren 15era bitarte egonen dira indarrean. Gero, gobernuak erabaki beharko du ezartzen jarraitu edo egokitu eginen dituen.

Halaber, Nafarroako Gobernuak akordioa egin du Audenasarekin, eta, Belateko lanek iraun bitartean kamioiek ez dute bidesaria ordaindu beharko A-15ean; BEZa soilik: 0,39 edo 0,50 euro, ardatz kopuruaren arabera

Bertzelako neurriak ere zehaztu ditu gobernuak: txirrindulariak ezin izanen dira mendatetik ibili, eta ezin izanen dira kirol probak egin, adibidez. Gainera, salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuak gauez baino ezin izanen dira mendatetik pasatu.

Kamioien herenak, bidetik at

Hautetsientzat ez da nahikoa gobernuak adostutakoa. "2011ko datuen arabera, Belateko tuneletatik pasatzen diren ibilgailu astunen %65ek nazioarteko zama garraiatzen dute; %35ek baino ez dute eskualdea helmuga. Gobernuak hartutako neurrien bidez, ibilgailu astunen herenak baino ez dituzte kenduko bidetik".

Garraiolariek ere ez dituzte ontzat jo neurriok. Arrazoiak bertzelakoak dira. "Ezarritako murrizketekin ez gaude ados. Kamioilariak lanean dira errepidean, zerbitzu bat eskaintzen. Gure ustez, egokiena zen kamioilariek natural erabakitzea bide batetik edo bestetik joan. Denbora asko galtzen badute, neurririk ezarri gabe hartuko dute A-15etik joateko erabakia", erran du Hiru garraiolarien sindikatuko ordezkari Esteban Muruamendiarazek.

Bidaiariak garraiatzen ditu Elizondoko Baztanesa autobus etxeak. Gobernuak hartutako neurriek ez diete eragiten gisa horretako ibilgailuei. Mendatetik joan beharrak, halere, zerbitzuan eragina izanen duela argi dute Baztanesako arduradunek. "15-20 minutu gehiago beharko ditugu bidaia bera egiteko. Ordutegiak moldatu beharko ditugu. Kezka eragin digu egoerak. Adibidez, zalantza dugu Iruñera eramaten ditugun ikasleak garaiz iritsiko diren", erran du Koldo Ruizek.

Elizondotik Iruñera egunean lautan joaten dira Baztanesako autobusak; eta egunean bertze lau aldiz egiten dute alderantzizko bidea. Zenbait ibilbidek Oronozen bat egiten dute; mendatetik joan behar izanen dutenez astelehenetik aurrera, zerbitzuak batzeko aukera kolokan dela azaldu dute enpresako kideek. Ondorioz, Iruñetik 13:15ean ateratzen den zerbitzua, adibidez, ordu laurden bat aurreratzea erabaki dute jada, Oronozen bat egin behar baitu Elizondotik Donostiarako bidea egiten duen autobusarekin.

Neguko eta udako ordutegiak ditu Baztanesak, baina aurten ez aldatzea erabaki dute, Belateko lanen ondorioz. Neguko ordutegiak jarraituko du indarrean. "Espero dugu obrak garaiz amaitzea". Neguan mendatean sor daitezkeen arazoak buruan dituzte Baztanesako kideek, hain zuzen ere.

Kezka da nagusi, halaber, Baztango Udalean. Joseba Otondo alkateak argi utzi du ez direla Belaten eginen dituzten lanen kontra, baina zalantzarik ez du obrek ez dituztela egungo segurtasun arazoak konponduko. Horretarako, egun N-121-A errepideak hartzen duen nazioarteko zama garraioa desbideratu beharko litzateke, alkatearen hitzetan. Nabarmendu du oraingo lanez harago arazo nagusia dela N-121-A errepidea ez dela gai egun duen ibilgailu kopurua hartzeko. "Leitzaran ibilgailu astunentzat egin zuten. Azken urteotan, behera egin du han zirkulazioak; Belateko tuneletan, aldiz, gora".

Hiriburura begira

Egungo egoerak lurralde antolaketarako ereduarekin lotura zuzena duela erantsi du Otondok. "Hiriburuarekiko gero eta menpekotasun handiagoa dugu". Hau da, osasun zerbitzuak, lana eta bertze Iruñean daude, batez ere, eta horrek ekartzen du Baztanen gisako eskualdeetako biztanleek egunero egin behar izatea hiriburura joan-etorriko bidaia. Kamioien kopuruak gora egin izana garapen sozioekonomikorako ereduarekin lotu du Baztango alkateak ere, eta salatu du eredu horrek ekartzen duela salgaiak toki batetik bertzera gero eta gehiago mugitu behar izatea.

Felix Gamiok egunero egiten du Iruritatik Burlatarako bidea, lanera joateko. Autoak konpontzeko tailerra du herri horretan baztandarrak. Belateko tunelak obrak egiteko itxiko zituztela jakitea "gogorra" izan zela aitortu du. "Badakigu mendatetik ibiltzea zer den; 05:30ean pasatzen ohi naiz, eta ordurako jada badira kamioiak errepidean. Azken hamar urteotan kopurua bikoiztu dela esanen nuke".

Kamioien kopurua "arazotzat" jo du Gamiok, eta erantsi du ez duela uste errepidea prest dagoenik egun duen zirkulazioa hartzeko. Argi du txarrena, halere, neguan etor daitekeela. "Orain ere, lainoa izaten dugu anitzetan; neguan mendatetik joan behar badugu, zaila izanen da egoera".

Kezka eta zalantza anitz ditu Gamiok. Kezka eta zalantza anitz ditu, halaber, Baztango alkateak. Uztaileko lehen hamabostaldian bilera eginen du Nafarroako Gobernuak Belateko lanen jarraipena egiteko osatutako batzordeak, eta Otondok argi utzi du eskualdeko hautetsiak beren "datu eta ikuskapenekin" joanen direla bilera horretara.

"Ez dugu uste erraza izanen denik gobernuak onartutako neurriak martxan jartzea. Ez dugu argi nola moldatuko diren foruzainak kamioilari bulgariar batekin, adibidez, errateko ezin dela errepidetik pasatu", erran du Otondok. Erantsi du mobilizazio gehiago egiteko asmorik ez dutela, baina "errepidean" izanen direla lanak hasi eta neurriak martxan jartzen dituztenean, zein neurritan betetzen diren ikusteko.

Gobernuak erran du informazioa zabaltzeko kanpaina eginen duela, eta gora eginen duela, halaber, errepidean izanen diren polizien kopuruak.

"Bat-batekotasuna" aipatu du Otondok, gobernuak hartutako neurrien inguruan. "Hautetsiek eskatuta moldatuko ditu gobernuak mendateko errepide zaharreko hainbat zati, adibidez". Zenbait bihurgune "hagitz itxiak" direla gogoratu du Otondok, eta kamioiek nekez hartu ahal zituztela bihurgune horiek kontrako norabideko bidean sartu gabe. "Horrelako gauzak kontuan hartu behar zituen gobernuak inork eskatu gabe".

Bihurgunez betetakoa izanen da datozen hilabeteotako bidea, eta oraingo lanek, gainera, ez dituzte mahai gainean diren arazo guztiak konponduko.

Beldurra, ordenari eusteko

Beldurra, ordenari eusteko

Edurne Elizondo

Iaz bete zen mende bat Errusiako iraultzaile sozialistek gobernuaren egoitza zen Neguko Jauregia hartu zutenetik, eta gizateriaren historiak ordura arte inoiz ikusi gabeko antolaketa politiko, sozial eta ekonomiko bati hasiera eman ziotenetik: estatu sozialista, langileen estatua. XX. mendea baldintzatu zuen gertakari historikoa izan zen.

Ordukoak Nafarroara ekarri ditu Josemi Gaston historialariak No estamos para bailes rusos. La 'buena prensa' navarra ante la revolución bolchevique (1917-1923) izenburuko liburuan (Txalaparta, 2018). Nafarroan Errusiako gertakarien berri nola eman eta zabaldu zen jorratu du, zehazki. Mezu nagusia argia da: "Boltxebikeak mehatxu bilakatu zituzten herrialdeko eliteek, eta mehatxu hori erabili zuten, beldurraren bidez, ordenari eutsi ahal izateko".

Emilio Majuelok zuzendutako Historia bildumaren barruan eman du Txalapartak Gastonen azken liburua, eta Majuelok berak egin dio hitzaurrea lankideari. Majuelo lagun izan du egileak aurkezpenean ere. "Gai mamitsua landu du, Errusiako Iraultza izan baita XX. mendeko historiaren elementu nagusia", erran du Majuelok. Nabarmendu eta eskertu du Gastonek begirada atzera bota izana, Errusiako Iraultzaren ingurukoen berri emateko eta orduko gertakariak erabiltzeko moduak ere izan zuelako eragina ordutik aurrera jazo zirenetan. "Eskuin kontserbadoreak beti egin du gauza bera: beldurrarekin jokatu eta erantzun du jendeak karrikak hartu dituenean aldarrikatzeko".

Txalapartako editore Jon Jimenezek ere txalotu du Gastonek denboran atzera egiteko eta Errusiako Iraultzaren ondokoak dagokien testuinguruan jartzeko egin duen ahalegina. "Memoria historikoaren ikuspegia txertatu dio liburuari, 1936ko gertaerak ardatz hartuta, batez ere. Gastonek helburutzat hartu du 1936koa ekarri zuen testuingurua azaltzea, denboran atzera eginez".

Egileak 1917tik 1923ra bitarteko epea landu du, bereziki, No estamos para bailes rusos liburuan, eta, Errusiako Iraultzak Nafarroan izan zuen oihartzuna jorratzeko, oinarri izan du orduko prentsa onak argitaratu zuena. Zehazki, Diario de Navarra eta El Pensamiento Navarro egunkariak landu ditu Gastonek.

"Prentsa katolikoa eta orduko ordenari lotutakoa" da prentsa on deitutako hori. "Kontzeptu hori ez da ordukoa, lehenago sortu zuten, baina Errusiako Iraultzaren garai hartan bere egin zuten esamolde hori kontserbadoreek, boltxebikeen kontra piztu zuten erredentzio gurutzada aurrera eramateko", azaldu du egileak.

"Hainbat kontutan iritzi eta jarrera ezberdinak eta kontrajarriak izan arren, helburu horretan bat egin zuten, argi eta garbi", erantsi du Gastonek, aztertu dituen bi hedabide horiei buruz, eta argi utzi du ezberdintasunak ez zirela azalekoak: "Proiektu politiko, sozial eta ekonomiko kontrajarriak defendatzen zituzten, baina bat egin zuten mamu gorriaren aurkako kanpaina manikeoak bultzatzeko", berretsi du historialariak.

Finean, iraultzaren kontrako diskurtso bat osatzeko bat egin zuten hedabideok eta haien atzean zeuden eliteek.

Gatazka, bai, baina mugatua

"Eliteek Errusiako Iraultzaren aitzakia baliatu zuten kontrairaultza bultzatzeko". Diskurtso hori ez zela berria azaldu du Gastonek, eta 1789. urteko Frantziako prozesu iraultzailearen aurkako kritikak oinarri hartu zituela nabarmendu du. "XIX. mende osoan eguneratzen joan ziren diskurtso hori, Europan piztutako prozesu iraultzaileei erantzuteko". 1917an, Errusiako Iraultzak eztanda egin zuenean, XIX. mendeko diskurtsoak berreskuratu zituzten: "Beldurra eta kontakizun apokaliptikoak mahai gainean jarri zituzten, berriz ere; asmoa argia zen: gizartea menperatzeko prozesuan urrats bat aurrera egitea".

Nafarroako orduko gizartea ongi ezagutzen du Gastonek, hainbat lanetan jorratu baititu ordukoak, bai eta lehenagokoak ere. Bat egin du Emilio Majuelok nabarmendu duen ideiarekin: "Mamu gorria astindu zuten, herrialdea komunistaz beteta zegoela errateko; baina ez zen egia, komunistarik ez zen".

XX. mende hasierako errealitatea zein zen azaldu du historialariak: "Gatazka soziala egon bazegoen, batez ere komuneroek lurrari lotuta eragindakoa; baina mugatua zen gatazka horren oihartzuna. Langileek sortutako elkarteak ere egon bazeuden, baina mugatua zen mugimendu horren oihartzuna ere. Mugimendu xumea zen, eta, batez ere, izaera erreformistakoa".

Orduko eliteek eta haientzat lanean ari ziren hedabideek errealitate horren berri bazutela argi du Gastonek; hau da, ezagutzen zutela zegoen gatazka sozialaren neurria mugatua zela, baina, hala eta guztiz ere, "beldurraren bandera astindu" zuten, beren iraultzaren aurkako diskurtsoa osatzeko, eta beren esku zuten sistemaren gaineko kontrola areagotzeko. Diskurtso hori bera baliatu zuten gerora ere, bertzeak bertze, 1936an.

"Burgesiaren beldurra psikosi kolektibo bilakatu zuten, eta, haren bidez, eskubideak mugatzea eta indarkeria erabiltzeko aukera ere justifikatu nahi izan zituzten", berretsi du Gastonek, bere liburuan jasotako tesiari buruz. 300 orrialdeko lana osatu du historialariak, atzera begiratuz, egungoak ere hobeki ulertu ahal izateko.

Pentsatu, botoia sakatu baino lehen

Pentsatu, botoia sakatu baino lehen

Edurne Elizondo
Botoia sakatuz gero, ez dago atzera egiteko aukerarik". Horixe erran du Bego Zestauk, sare sozialen bidez zabaltzen diren zurrumurruei buruz. Zaska sareko kide da Zestau, bertze hamaika norbanakorekin, gizarte talderekin eta erakunderek...

Iritzia: Gurasoak zuek zarete

Saioa Alkaiza
Plazaren izkina batera joan da Aitziber, diskretuki eseri da koska batean, inor molestatu gabe, eta odoleko azukrea neurtzeko daukan makina zorrotik atera du. Ziztadatxo bat hatz puntan, eta odol tanta txiki bat isuri zaio, glukosa neurtz...

Hizkuntza, eskubide eta berme

Hizkuntza, eskubide eta berme

Edurne Elizondo

Tuterakoa naiz, euskalduna. Batxilergora arteko ikasketak euskaraz egin ditut; Iruñera etorri, eta gaztelaniaz ikasi behar dut Erizaintza; halabeharrez, ordea. Etsigarria da". Amaia Muelarenak dira hitzak. Nafarroako Parlamentuan erran zituen, joan den astean, Erizaintzako ikasketak euskaraz jar ditzatela eskatzeko egindako agerraldian. Fakultateko ikasleen erdiak dira euskaldunak, eta martxan jarri dira, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari eta Nafarroako Gobernuari exijitzeko Erizaintza euskaraz irakasteko urratsak egin ditzatela.

Ez dira bakarrik. Euskalgintzak bat egin du eskaera horrekin; osasunaren arloko profesionalek ere bai. Jardunaldia egin du Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak NUPeko Osasun Zientzien fakultatean, hain zuzen ere, eta argi utzi du, batetik, ikasleek eskubidea badutela euskaraz ikasteko, eta, bertzetik, herritarrek ere bai euskaraz arta ditzaten. Erabiltzailearekin nahi duen hizkuntzan mintzatzeak eta komunikatzeak duen garrantzia nabarmendu dute erizainek eta medikuek.

Egindako praktiketan ikasi du Muelak hori. "Euskaldunekin euskaraz egiten duzunean, harreman hurbilagoa sortzen da, konfiantzazko giro bat; etxean direla sentitzen dute". Maite Velasco erizainak badaki Muela zertaz ari den. 1980. urtean bukatu zituen Erizaintza ikasketak, eta lehen arretan aritu zen, hasieran, lanean. Duela hamar urte, ospitaletik kanpoko larrialdien arlora aldatzea erabaki zuen, eta Iruñeko San Martin Doktore zentroan ari da geroztik. Euskaraz badakiela azaltzen duen txapa jartzen du beti soinean.

Euskaldun berria da Velasco, eta aitortu du hasieran kosta egin zitzaiola zerbitzuko erabiltzaile euskaldunekin hizkuntza horretan mintzatzeko urratsa egitea. "Euskaraz egiteko gai nintzen, baina halako beldurra sentitzen nuen. Azkenean, txapa jantzi, eta euskaraz egiten hasi nintzen gaixoekin".

Ez da damutu. Are gehiago, hainbat kasutan euskaraz egitea arretarik egokiena emateko berme izan dela nabarmendu du erizainak. "Zahar etxe batetik deitu gintuzten behin. Emakume bat artatu behar izan genuen. Oso urduri zegoen. Lasaitzeko zerbait ematea nahi zuten hango langileek. Ez zuen behar izan, ordea. Galduta zegoen, eta gelara itzuli baino ez zuen nahi. Gauez zen, eta momentuko urduritasunaren eraginez ezin zuen gaztelaniaz azaldu zer gertatzen zitzaion. Euskaraz mintzatu nintzen harekin, eta berehala lasaitu zen".

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kide da Velasco, eta erakunde bereko kide Arantza Zabala erizainarekin batera, Erizaintzako ikasleekin partekatu ditu bere esperientziak. Ikasleok ere badute zer erran hizkuntzak beren lan jardueran duen garrantziari buruz. Batek kontatu du ospitalean praktikak egiten ari zenean beti isilik zegoen gaixo bat ezagutu zuela, eta hitz egiten hasi zela ikaslea euskalduna zela jakin zuenean. Bertze batek, berriz, alzheimerrak jota zegoen emakume euskaldun bat artatu zuela bere praktiketan, eta urduri zenean, euskaraz egiten ziotenean lasaitzen zela.

Diagnostiko okerra

Ikasleon kontakizunak entzun ditu Lesakako osasun etxeko familia mediku Irune Tubiak. Bere lanean ere izan ditu antzeko egoerak. Herritarrek euskaraz ikasteko eta osasun zerbitzuetan euskaraz arta ditzaten duten eskubideaz harago, diagnostiko bat egiteko orduan hizkuntzak errateko duena nabarmendu du sendagileak.

Larrialdietan izandako kasu bat ekarri du gogora Tubiak. "Iktusa izandako gizon bat etorri zen. Aurretik euskalduna ez zen mediku batek artatu zuen, eta gaixoaren historia klinikoan jaso zuen iktusak eraginda ez zela gai esaldiak osatzeko. Harekin euskaraz hitz egin nuen, eta ez zuen inolako arazorik. Kontua zen gaztelaniaz ez zela esaldiak osatzeko gai, hizkuntza ez zuelako menperatzen. Diagnostikoa okerra zen; gertatzen dira halakoak".

Diagnostikoan sor daitezkeen hutsak bazter utzita, larrialdietara ailegatzen diren erabiltzaile anitz urduri eta kezkatuta egoten direla erantsi du medikuak, eta euskaldunek eskertzen dutela profesional euskaldun batekin hitz egin ahal izatea. "Lankideek niregana bidaltzen zituzten euskaldunak, konturatzen zirelako askoz ere lasaiago egoten zirela". Nork bere hizkuntzan hitz egin ahal izateak osasun zerbitzuaren kalitatea bermatzen laguntzen duela argi du Tubiak.

Orain Lesakan ari da lanean, baina berriki Arantzako osasun etxean eman zituen bi aste. "Adin bateko jendea etortzen zen, eta erizainari galdetzen zioten medikua euskalduna ote zen; erizainak azaldu zidan kontua zela medikuak euskaraz ez bazekien seme-alabekin itzuli nahiago izaten zutela". Bazekitelako zailagoa izanen zela mediku erdaldunarekin komunikatzea.

Profesionalek eta ikasleek argi dute euskara eskubide eta berme badela osasunaren arloan. Administrazioak, ordea, ez du hain garbi auzia. Ez, behintzat, datuen arabera. "Eremu euskaldunean, 70 lanpostutan baino ez da euskara eskakizuna; eremu mistoan, berriz, bakarrean". Zehazki, Nafarroako Ospitale Guneko 6.142 lanposturen artean, erizain postu bakar batean da euskara eskakizuna. Hori da egungo egoera; eta eremu euskalduneko postu horien artean daude sendagileak, erizainak, gizarte langileak eta administrariak.

Nafarroako Gobernuak administrazioan euskara arautzeko dekretua onartu zuen iaz, eta urtebeteko epea zehaztu zien departamentuei, nork bere euskara plana egin zezan. Asmoa da departamentuek beren beharrak jasotzea plan horietan. Oraindik ez dituzte aurkeztu.

Erizaintza ikasketen arloan, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak badute zer erran euskaraz eskaintzeko aukerari buruz. Ikasleek euskalgintzako ordezkariak izan zituzten lagun parlamentuan egindako agerraldian. Maite Inda da ordezkarietako bat, eta argi eta garbi egin du ikasleon mezuaren alde: "Erizaintza ikasketek dute euskaraz egin ahal izateko aukera gehien, ikasle euskaldunen kopurua kontuan hartuta; gainera, ikasketa horien bidez zerbitzu publikoa eskainiko duten profesionalak trebatzen dira; ondorioz, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen lagunduko dute".

Behatokiko ordezkari Arantxa Aranburuk bat egin du Indarekin. Azaldu du Arartekoarekin jorratu dutela auzia, eta erakunde horrek ere egin duela Erizaintza euskaraz eskaintzeko aukeraren alde. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak babestu du proposamena; NUPek, ordea, "zailtasun teknikoak" jarri ditu mahai gainean aukera hori bazter uzteko.

Ikasleek eta euskalgintzako ordezkariek parlamentuko taldeei eskatu diete laguntza Erizaintza euskaraz ikasi ahal izateko urratsak egiteko, parlamentuak asmo horrekin bat egin baitzuen otsailean onartutako mozio baten bidez.

Bitartean, euskaraz ikasteko eskubidearen alde lan egiten jarraituko dute Erizaintzako ikasleek, berretsi dutenez. Euskaraz ikasi ahal izateko, hain zuzen, Nafarroatik kanpo joan behar izan dute hainbat Erizaintza ikaslek. Haietako bat da Irati Lasa. Idatziz hartu du hitza parlamentuan, "bazterketa" salatzeko.

NUPen gelditu direnek ikasgai eta erdi dituzte, egun, euskaraz, lau urteko ikasketetan. Euskaraz ikasteko dituztenak ez dira aurkitutako oztopo bakarrak. Kanpaina hasi dute ikaskideen artean sinadurak biltzeko, ikasketak euskaraz eskatzeko, eta ez dute beti jaso euskaraz ez dakiten kideen elkartasuna. Azaldu dute hainbat ikaslek uko egin diotela sinatzeari, "lanik gabe gelditzeko beldur" direlako. "Mito anitz dago; tartean, euskaraz egiteagatik puntu pila lortzen dugula", erran du Tubiak. Bertako hizkuntzak jakitea "gutxienekoa" dela argi du. Hizkuntzek balio erantsi bat ematen dutela.