www.change.org plataforman atxikimenduak biltzen ari dira Nafarroako Gobernuak zentroa itxi ez dezan. Bost mila inguru lortzea da helburua. Mila inguru falta zaizkie.
Nafarroa
SEGURTASUN LEGEAREN AURKA KALEAN
Espainiako Gobernua prestatzen ari den Segurtasun Legearen aurka, elkarretaratzea egin zuen Duintasunaren Martxaren Nafarroako batzordeak otsailaren 23an, Iruñeko Merinaldeen plazan. Horrez gain, orain 22 urte egun berean Antonio Tejerok emandako estatu kolpea kritikatu zuten. Bestalde, batzordeko kideek dei egin dute Martxoaren 22an Madrilen egingo den Duintasunaren martxa-ra joateko. Madrilen, oinarrizko eskubideak defendatuko dituzte.
“Orain hogei urte ireki zuten azken haur eskola euskalduna”
Haur eskoletako aurrematrikulazioetan zein hizkuntza eredu nahi duten galdetzea eta Iruñeko Udalak eskaeraren araberako eskaintza egitea. Hori nahi dute Iruñeko hainbat gurasok. Udalbatza beren alde agertu zen, eta orain euskalgintzarekin bat ari dira elkarlanean. Ainhoa Irigibel (Iruñea, 1980) kanpaina aurrera eramaten ari diren gurasoetako bat da. Zaila ikusten du udalak aurten iritzia aldatzea. Baina, beren lanari esker, hurrengo urteetan gauzak aldatzea espero dute.
Zer arazo duzue?
Gure alaba euskaraz matrikulatu nahi dugu auzoan. Baina Arrotxapean ez dago aukerarik 0 eta 3 urte arteko haurrak eskola euskaldunean matrikulatzeko. Orduan, aukera bakarra Txantreara eramatea da, han baitaude Iruñean D eredua eskaintzen duten bi haur eskola bakarrak: Izartegi eta Egunsenti.
3 urtetik gorako umeek badute euskal eskaintza zabalagoa?
Bai, Arrotxapean, adibidez, Patxi Larrainzar ikastetxe publikoa dago. Urtero, hiru edo lau talde sortzen dira D ereduan; hau da, urtero 75 ikasle inguru. Horrek agerian uzten du eskaera badagoela baina eskaintzarik ez.
Zer eskatzen duzue?
Arrotxapean, zehazki, haur eskola euskalduna izatea nahi dugu. Baina, oro har, Iruñeko dinamika aurrera eramaten ari gara. Nahi duguna da auzo guztietan aukera izatea haur eskoletan euskaraz matrikulatzeko. Udalari behin baino gehiagotan eskatu izan zaio matrikula egiteko inprimakian jasotzeko gurasoek zer-nolako ereduan matrikulatu nahi dituzten seme-alabak. Baina horri ere muzin egin dio UPNren gobernuak, oposizio osoak alde bozkatu badu ere.
Nola bildu zarete Iruñean?
Gatazka hau ziklikoa da. Orain hogei urte ireki zuten azken haur eskola euskalduna. Urte hauetan guztietan, tarteka piztu da borroka, matrikulazio garaian bereziki. Urte batzuetan indar handiagoa hartu du. Arrotxapean, adibidez, haur eskola berria egin zuten duela lau edo bost urte. Kanpaina indartsua jarri zen martxan, D eredua eskain zezan; 2.700 sinadura bildu zituzten. Baina udalak gaztelaniazko eta ingelesezko eredua jarri zuen. Orduan, 0 eta 3 urte arteko seme-alabak ditugun hainbat guraso elkartu gara. Aurretik elkar ezagutzen genuen batzuek. Arrotxapeko eta Iruñeko euskalgintzako hainbat eragilerekin hitz egin dugu, eta hainbat batzar eta mobilizazio planteatu ditugu.
Nola ikusten duzue egoera? Uste duzue zerbait lor dezakezuela?
Aurten berezitasuna egon da. Udal haur-eskoletako langile batzordeak proposamen bat aurkeztu dio haur eskoletako erakundeari: batzordeak eskatu du Arrotxapeara eramateko Txantrean dauden euskarazko bi haur eskoletatik bat. Truke antzekoa da. Arrotxapean hiru haur eskola daude, eta guztiak gaztelaniazko ereduekin. Plaza kopurua mantenduko litzateke, baina bi auzoetan egongo lirateke haur eskolak. Aukera hori posible dela uste dugu. Jose Carlos de la Dehesa haur eskoletako kudeatzailea ere aldaketaren alde dago. Duela sei urte, haur eskoletan ez zegoen tokirik; egun, ordea, ez dira plazak betetzen. Beraz, uste dute euskarazko plazak leku gehiagotan eskaintzen badituzte plaza gehiago beteko direla. Ikuspuntu horretatik bada ere lor dezakegula uste dut.
Baina, aldaketa horrekin, Arrosadia edo Iturramako gurasoek ez lukete hobekuntza handirik izango. Alde horretatik badago proposamenik?
Bai, langile batzordeak beste proposamen bat egin du. Arrosadian badago eraikin huts bat, Hegoalde ikastolaren ondoan. Lehenago, haur eskola bat izan zen. Batzordeak proposatu du han beste haur eskola bat egitea, baina, horrek langile berriak kontratatzea eskatzen duenez, zailagoa ikusten dugu.
Zer mobilizazio egingo dituzue?
Martxoaren 3tik 18ra, aurrematrikulazio kanpaina izango da. Txandak egin ditugu, eta egunero atean egongo gara inkesta bat egiten. Horrela, jakin nahi dugu zenbat gurasok nahi dituzten seme-alabak D ereduan matrikulatu. Gero, datu horiek udalean aurkeztuko ditugu, jakin dezaten eskaera badagoela. Hala ere, badakite, hiru urtetik gorako eskoletan ikusten delako.
@sarean
NIABZren inguruko informazioa biltzen duten hainbat webgune.
• www.crana.org. Elkartearen atari ofiziala. Bertan biltzen dituzte orain arte egindako ekinaldi guztien datuak.
• www.defendamoscrana.net. Zentroa ixtearen inguruko azken berriak plazaratzeko sortutako orria.
Nafarroan 69.000 gaixo inguru daude itxarote zerrendetan
"Itxarote zerrendak Osasun Departamentuaren lehentasuna dira", argi esan zuen Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak otsailaren 5ean. Egun hartan, Marta Vera Osasun kontseilariarenganako konfiantza berretsi zuen. Horrek argi utzi du itxarotek zer garrantzia duten. Hala ere, Nafarroako Osasun plataformak salatu du egun 69.000 pertsona daudela Osasunbideko itxarote zerrendetan. 9.000 pertsona kirurgia operazioren baten zain daude, eta beste 60.000 gaixok ez dute lehen kontsultarik jaso. Horrez gain, 18.000 pertsona inguru daude proba diagnostiko baten beharrean. Plataformak bereziki larritzat jo du traumatologia arloan gertatzen ari den pilaketa. Egoerar ikusirik, Osasunbideko arduradunek neurririk hartu ez izana kritikatu dute.
Otsailaren 5eko agerraldian, presidenteak esan zuen kirurgia operazioetako azken lau hilabetetan itxarote zerrendetan jende gutxiago dagoela. Baina ez zuen aipatu Nafarroako Ospitale Guneko itxarote zerrendek %56,3 egin dutela gora azken urtean. Oftalmologiako, kirurgia orokorreko eta traumatologiako itxarote zerrendetan pilatzen da gaixoen %64. Nafarroako Osasun plataformak hainbat neurri aurkeztu ditu egoera aldatzeko: besteak beste, irizpide kliniko, soziolaboral eta elbarritasunezkoak lehenestea zerrendetan; langile kopuruaren neurria hartzea eta baliabideak optimizatzea; antolakuntza aldatzea, lehen laguntzen eta laguntza espezializatuaren arteko osagarritasuna bultzatzeko; eta hartutako neurrien etengabeko azterketa jarraitua eta zehatza egitea. Hori guztia eskatzeko elkarretaratzeak egin zituen plataformak otsailaren 26an hainbat osasun etxeren aurrean.
Murrizketen ondorioak
Plataformak esan du Iruñerriko bi ospitaleak batu zituztenetik egoerak okerrera egin duela. "Orain dela gutxi, Pedro Antuñano traumatologiako zerbitzu buruak dimititu zuen. Horrek agerian utzi du ez dela hartu osasun arreta hobetzeko neurririk. Horren ordez, erabakiek arreta okertu eta erakunde zein interes pribatuen alde egin dute". Gainera, ebakuntzak egiteko itxarote zerrendak urtebete eta urte eta erdikoak dira. Batez beste, mediku bakoitzak 70 eta 100 gaixo ditu ebakuntza egiteko zain, eta baten batek 200 ere izan ditu.
Itxarote zerrenda luzeak badira ere, plataformak dio urtebete itxia dagoela Ubarmin klinikako solairu oso bat. Gainera, klinikako Zainketa Intentsiboetako Unitatea (ZIU) tarteka itxi egiten dute. Egun, horietan ez dira ZIUko beharrak dituzten ebakuntzak egiten Ubarminen. Bideko Ama ospitalea ere hainbat alditan itxi dute, adibidez, Aste Santuan, zenbait zubitan eta Gabonetako jai egunetan.
“Kontsumitzeko eraren bidez lor dezakegu nahi dugun gizarte mota”
Esnekiak egiteko eman beharreko pauso guztiak bere gain hartzen ditu Aitor Azkaratek (Aniz, 1976), lehen urratsetik azken urratsera arte. Behiak larrera eraman, jetzi, esnekiak elikagai bihurtzeko prozesua martxan jarri, paketatu eta banatu. Horiek dira Jauregia esneki enpresa txikian dituen zereginak. Izan ere, norberak egindako lanaren balioa nabarmentzen du Azkaratek. Garrantzitsua iruditzen zaio jakiak tokian tokikoak izatea, baita mainaz eginda egotea ere. Internet bidez eta zuzenean saltzeaz gain, orain Iruñeko Alde Zaharreko eta Txantreako ferietan ibiltzen da.
Nola sortu zenuten Jauregia esneki enpresa?
Aitak behiak zituen, eta aitatxik ere bai. 2004an anaia eta biok hasi ginen, gure bikotekideekin batera. Orain, bi bikoteak eta langile bat gaude.
Zein produktu egiten dituzue?
Esnea, gasna, jogurta eta irabiatuak.
Ekoizpen ekologikoaren aldeko hautua egiten duzue. Zergatik?
Errespetuz jokatu nahi dugu bezeroekin eta lurrarekin. Hasi ginenean, konbentzionalak ginen. Poliki-poliki pausoak eman ditugu ekoizpen ekologikorantz.
Zuen gain hartzen dituzue, beraz, esnekiak sortzeko prozesuaren urrats guztiak?
Bai. Garrantzitsuena lurra izatea da; hektarea bat bi behi bakoitzeko. Guk lurra badugu bazka lortzeko. Egiten duguna da bazkatzera eraman, jetzi eta esnea eraldatu. Produktuen banaketa ere gure esku dago; ez dugu bitartekariekin lan egiten.
Tokian tokikoa kontsumitzea garrantzitsua da. Zer dela eta?
Tokian tokiko produktuak kontsumitzen badituzu, bertako ekonomia sustatzen duzu. Bertako nekazari edo abeltzain bati erosten badiozu, lan duin bat izatea lortzen duzu. Horrekin batera, berak ere bertan gastatuko du, bertako ekonomia sustatzen. Gainera, ahalik eta hurbilen kontsumitzen baduzu, ingurumena zaintzen ari zara.
Enpresa handien monopolioei aurre egiteko forma ere bada, ezta?
Dudarik gabe. Nahiz eta sistema kapitalistaren barruan gauden, saiatzen bagara inguruko kontsumoa indartzen, tartean geratzen diren irabaziak enpresa handiei ez joatea lortzen dugu. Adibidez, edozein markatako esnea erosten baduzu, behi horiek bazkatuak daude munduko beste puntako soja edo artoarekin. Gure kasuan hemengo gaiekin bazkatzen dira. Gisa horretan segitzen dugu, behinik behin, elkartasunean oinarritutako gastua egiten.
Kontsumitzeko erak eragina dauka herritarren bizi ereduetan?
Noski. Kontsumitzeko eraren bidez lortzen ahal dugu nahi dugun gizarte mota. Kanpoko produktuak erosita argi dago norentzat diren onurak: inportatzen duten marka handientzat. Kanpoko elikagaiak kontsumitzen baditugu, behin ere ez dugu elikadura burujabetza lortuko.
Jende askok, baina, oraindik ez du produktu ekologikorik kontsumitzen, eta garestiagoak direla dio.
Batzuetan, egia da, baina bitartekariak aprobetxatzen direlako. Berez, kostua garestixeagoa da, baina ez du zergatik izan oso garestia. Horregatik, ikusten dudanean esnea hiru euroan, mugitzen zait barruko guztia. Argi dago nekazariak ez dituela ez da bi euro ere jasotzen... Bitartekariak aprobetxatzen dira ekologiko hitzaz. Baina ekologikoa ez da elitistagoa. Guk denen eskura egon daitezkeen produktuak saltzen ditugu. Badira elikagai ekologikoak kontsumitzeko modu asko, eta horiek sustatu behar ditugu hala nola kontsumo taldeak, azokak eta zuzeneko salmenta.
Orain, Iruñerrian bi merkatu sozial sortu dituzte, eta zuek ere bertan zaudete. Zein onura ekarri dizuete?
Alde batetik, onura ekonomikoa. Salmenta zuzena da gure helburu nagusia, zuzenean ailegatzea bezeroengana, eta azoka hauetan lortzen dugu. Bestalde, bestelako ekonomia bat eratzen dute, eta gu horren alde gaude.
Bertakoa erosteko ohitura handitzen ari al da?
Gaur egun, jendea kontzientziatzen ari da, bai. Horri esker, salmentak handitzen ari dira, eta abeltzainak eta nekazariak gure lanaz bizi gaitezke.
GERTUTIK GOZATZEKO AUKERA
Nekez taldeak bigarren diskoa aurkeztu zuen iazko ekainean, Zure esku. Geroztik hamaika kontzertu eman dituzte Euskal Herrian zein atzerrian. Iruñeko Txantrea auzoko Akelarre kultur elkartearen otsaileko egitarauari amaiera emateko, Iruñerriko laukotearen kontzertua antolatu dute. Gaur, 21:00etan. Nekez taldekoek hainbat musika talderen estiloa dute oinarri, hala nola,Berri Txarrak, Governors, A Day to Remember eta Disturbed.
“Ikusle faltagatik” itxi dute Iruñeko Saide Olite zinema aretoa, 52 urteren ondoren
"Oliteko aretoa errentagarria ez delako itxi dugu", azaldu du Alberto Zozaia Saide zinema aretoetako kudeatzaileak. Otsailaren 12an egin zuten azken saioa Iruñeko Olite kaleko lokalean. Hirian dagoen zaharrena da. Zozaiak argitu du "ikusle faltagatik" itxi dutela eta ez dakiela aretoko langileekin zer egingo duten. "Langileen inguruan ez dut ezer esango, oraindik ez baitugu erabakirik hartu", esan du. Saidek areto bakarra du orain Iruñean, Carlos III.akoa. Zozaiak esan du areto hori "oraingoz" ez dagoela ixteko arriskuan. Azken berrogei urteetan, hamahiru zinema areto itxi dituzte Iruñean.
Saide enpresa 1940ko hamarkadan sortu zuten. Hasierako urteetan, Iruñeko hainbat auzotan ireki zituzten aretoak. Lehen areto horien ostean, Saidek bigarren zabalgunean jarri zuen arreta, 1960ko hamarkadan pizten ari baitzen ingurua. Olite kaleko lokala erosi, eta Nafarroako zinema areto handiena egin zuten, 936 eserleku eta 12,5 metroko pantailarekin. 1961eko abenduaren 21ean inauguratu zuten.
Milaka film eskaini dituzte bertan. Data gogoangarrietako bat 1977ko abenduaren 17a da. Egun horretan, Star wars (Izarretako gerra) estreinatu zuten. Gerora etorri ziren, besteak beste, Superman, Alien eta Apocalypse Now.
Garaiak aldatuz joan ziren, eta Olite aretoa egokituz joan zen. Nafarroako lehen areto anitzeko zinema izan zen, 1980. urtean. Hala ere, 1990eko hamarkadan aretoaren gainbehera heldu zen. Alde batetik, Saide enpresak beste areto batzuk ireki zituen, eta banatzaileek estreinaldiak egiteko beste lokalak hobetsi zituzten. Beste alde batetik, aldirietan areto berriak eraiki ziren. Egoera iraultzeko xedez, hainbat zinema ziklo antolatu zituzten, baina ez zuten nahi besteko arrakasta izan, eta BEZaren igoera izan da azken kolpea.
3.163
• Barañainen bosgarren edukiontzia darabilten familiak. Barañainen azaroaren 11n martxan jarri zuten bosgarren edukiontzia. Hondakin organikoak biltzeko zaborrontziaren erabilpena borondatezkoa da. Hiru hilabetean 3.163 familiak, herriko biztanleriaren %40, izena eman dute .
Merkatu sozialen plazak
Egunero saltoki handietara baldin bagoaz, jendarte eredu jakin bat babesten ari gara. Ekoizle txikien produktuak erosten baditugu, berriz, beste bat". Zorrotz mintzo da Carlos Rey, Iruñeko Txantrea auzoko azokaren antolatzailea. Argi dauka zer den bultzatu beharrekoa: tokian tokiko produktuen azokak zabaltzea; "alternatibak" sortzea ekonomia neoliberalaren ekoizpen eta kontsumo ereduen aurrean. Horregatik, Merkatu Soziala abiatu zuen Txantrean, Txantrea Bizi eragileko gainontzeko kideekin elkarlanean: batetik, bertako nekazari eta eskulangileek euren produktuak saltzeko; bestetik, trukearen bidez herritarrek behar ez dituzten gauzak aldatzeko.
Hala, hilabetean behin Txantreako Arriurdineta plaza saltoki txikiz bete, eta bitartekaririk gabeko merkataritzaren lekuko bihurtzen da. Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek merkatuaren arrakasta ikusi, eta antzeko bat abiarazi dute euren auzoan, hilabetean behin, Baratxurien plazan, elkartasuna eta ekologia oinarri.
Gaztagileak, eskulangileak, nekazariak, eztigileak... orotariko ekoizle txikiak topa daitezke postuetan. Baina ez horiek bakarrik: baita etxean baloi bat sobran eduki eta trukatzeko asmoz bertara joaten diren herritarrak ere, liburuak aldatu nahi dituztenak... Finean, trukearen bitartez behar ez dutena nahi dutenarekin aldatzeko tokiak baitira.
"Elkar laguntzeko guneak". Horrela izendatu ditu azokak Nor Rodriguez Iruñeko Alde Zaharreko merkatuaren antolatzaileak: "Aukera ematen digute orain arte zein eredu produktibo daukagun aztertu eta nola alda daitekeen aztertzeko". Nori erosten diogun da kontsumo ohitura bidegabeen erroa. "Nik zer edo zer behar badut, eta merkeena erosten badut, denon kalterako da", kritikatu du irmoki.
Dioenez, sistema kapitalistak ezberdintasun ekonomikoak sortzen ditu biztanleen artean; horregatik, hurkoaren zaintzan oinarritutako merkataritza behar da. Hark ez du zalantzarik zeini erosi behar zaion: "Tokian tokiko ekoizle txikien postuetan egin behar dira enkarguak". Izan ere, "kapitalismo bortitzari" kontra egiteko era dela deritzo.
Bide beretik jo du Reyek: azokek harreman ekonomikoak gizartearen mesedetara egotea bultzatzen dutela dio. Haren aburuz, baliabideak "lau kapitalistaren eskuetan" egon beharrean "herritarren eskuetara" pasatzen dira. Krisialdi ekonomikoetan, gisa horretako egitasmoak "besoak zabalik" hartzen dituzte auzokideek, bultzatzaileen irudiko. Ekonomia "pattal" dagoen garaiotan, elkartasunean oinarritutako ekinaldiek babes handiagoa lortzen dutela iruditzen zaie. Reyek dio "aukera bat" dela krisia azoka soziala bezalako "gizarte egitasmoek" aurrera egiteko. "Txiroen eta aberatsen arteko aldea handitzen ari da, eta pertsonak ardatz dituzten proiektuek erakusten dute posible dela gauzak beste forma batean egitea". Rodriguezek dio orain arte ezarritako kontsumo ereduei "erantzuteko" tresna dela.
'Txanpon' dirua oinarri
Bestelako merkataritza batek bestelako tresna bat behar zuen salerosketak posible egiteko. Horregatik, azokan baino balioko ez duen dirua sortu dute Txantrean: txanpon izeneko dibisa. Euroa "mugimendu espekulatzaileekin" loturik ikusten dute, banku zentralek "monopolizatuta". Txanpon dibisa, berriz, herritarren burutapena izan da: tokiko transakzioak hauspotzeko "erreminta". Dirua, beraz, ez da helburua, bitartekoa baizik.
Iruñeko Alde Zaharrekoak, asmakizunaren berri izan, eta euren azokan ere erabiltzen hasi dira. Orain, bi feriatan dago eskura. Xedea: herritarrek herrian bertan kontsumitzea. Funtzionamendua erraza da: azokara joan eta euro bakoitzaren truk, txanpon bat ematen dute. Hori erabiltzen da gero. "Diru sistema soziala" dela esaten du Reyek, "gizarte ehuna" indartu egiten duelako, aurpegiz aurpegiko harremanak areagotuz. Herrian bertan kontsumitzeko gonbita zabaltzen du.
Feriak ez ditu soilik produktuen harremanak ahalbidetzen: bizi-ereduak aldatzeko aukera zabalagoa ematen du. Esparru guztietan "pixkanaka-pixkanaka" aldaketa egiteko parada ematen du, Rodriguezen aburuz. Izan ere, informazio gune bana prestatzen dute Iruñerriko bi azokatan. Banka etikoaren erakusmahaia jartzen dute, energia berriztagarriena eta denboraren bankuarena, besteak beste. "Proiektu sozialak ezagutzera ematen ditugu, aldaketaren alde hondar alea jarri duten esperientziak plazaratzeko gunea prestatzen baitugu", ziurtatu du Reyek, egindako lanarekin harro.
Aurrerantzean merkatu sozialekin jarraituko dutela argi dute bi auzotan. Egun hilean behin baino egiten ez badute ere, amets egiten dute etorkizunean gehiagotan muntatzearekin. Reyek ez du zalantzarik: "Hau da alternatiba onena beste modu batean bizi nahi dugun pertsonentzat".