LANPOSTUAK, MILAKOTANModerna planaren sustatzaileek 2010ean iragarri zuten 77.000 lanpostu sortuko zituztela, baina, ituna indarrean jarri zenetik, langabeziaren tasak kontrako norabidea hartu du: 45.866 langabe zeuden plana sinatu zenean. Gaur egun, ...
Nafarroa
“Euskara ikasteko oso erabilgarria izan daiteke komikia”
Hasiberrientzako eskuliburuak batzen ditu for dummies kategoriak, arloka: informatika for dummies, matematikak for dummies, brikolajea for dummies... Ideia berari helduta, euskara ikasten ari diren pertsonei zuzendutako irakurketa taldea sortu dute Katakrak kulturguneko kideek, komikia oinarri hartuta. Eta izen ezin egokiagoa eman diote proiektuari: Komikia (eta euskara) for dummies. Jatorriz euskaraz idatzitako zein itzulitako bost lan aukeratu, irakurri, eta horiei buruz solas egitea da asmoa. Luis Soldevila (Santa Cruz Tenerifekoa, Espainia, 1982) da ekimenaren bultzatzaileetako bat.
Tituluak argi azaltzen du: hasiberrientzako antolatu duzue irakurle taldea, euskara ikasten ari zaretenontzat.
Katakrakeko kideen artean sortutako ekimen bat da. German Esparza eta biok pentsatu genuen: "Zergatik ez dugu antolatzen euskara ikasten ari garenok irakurketa talde bat?". Eta halaxe sortu zen ideia, hots, komikien irakurle talde bat antolatzea euskara ikasleentzat. Argi genuen ez genuela zuzendaririk edo irakaslerik nahi, inguru askea nahi genuela gure kasa euskaraz mintzatu eta hizkuntza praktikatzeko.
Normalean, umeentzako liburuak ematen zaizkio euskara ikasleari. Hori gainditu nahi izan duzue zuek.
Bai. Kontua da hezkuntza formalean —bai hizkuntza eskolan zein euskaltegietan— erabiltzen diren liburuak haurrentzako moldatuak izaten direla. Guk, ordea, helduentzako testuak nahi genituen irakurri. Horregatik pentsatu genuen horrela egitea, eta komikien irakurle taldea sortzea.
Dummie-ak baitzarete, baina ez umeak.
Bai, hori da [barre egin du]. Azken finean, gauzarik garrantzitsuena ongi pasatzea eta lotsarik gabe hitz egitea da. Komunikatzea da gure helburu nagusia. Guk komunikatu nahi dugu, ez dugu bilatzen ederki edo perfekzioz hitz egitea, baizik eta komunikatzea, eta, bide batez, ongi pasatzea.
Zuen behar pertsonaletik sortutako egitasmoa da, zuek ere ari baitzarete euskara ikasten. Zer behar ikusten zenuten?
Euskara praktikatzeko espazio bat nahi genuen, baina espazio ez kontrolatua, gidaririk gabekoa. Mintzatzeko espazio libreagoa nahi genuen. Guretzat gauza garrantzitsua zen irakaslearen edo zuzendariaren figura kentzea.
Zeintzuk dira aukeratu dituzuen liburuak?
Mota oso ezberdinetako lanak dira. Irakurri eta jorratu genuen lehen komikia tira komiko bat izan zen, Zaldieroaren De Rerum Natura 5 (Elkar, 2011). Horren ostean, nobela grafikoa landu genuen, Paco Rocaren Zimurrak (Astiberri, 2014). Bi horiek irakurri eta landu ditugu honezkero. Hurrengoa Rene Goscinny eta Albert Uderzoren Asterix legionarioa albuma izango da (Salvat, 2014). Maiatzean eta ekainean, hurrenez hurren, Jose Carlos Fernandesen Munduko bandarik txarrena (Txalaparta, 2013) eta Jorge Alderete, Harkaitz Cano eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza (Talka, 2014) jorratuko ditugu.
Lehenengoaren eta azkenaren egileak —Zaldieroa eta Fermin Muguruza— euskaldun berriak dira, zuek bezalaxe. Kasualitatea da, edo propio egindako zerbait?
Fermin Muguruzaren kasua ezaguna genuen, baina Zaldieroarena ez. Gainera, Zimurrak eta Munduko bandarik txarrena lanen itzultzailea ere euskaldun berria da: Bego Montorio.
Beste genero batzuk baino erabilgarriagoa da komikia euskara ikasteko tenorean?
Bai, orokorrean errazagoa da, zalantzarik gabe. Marrazkiek beti laguntzen dute istorioa ulertarazten. Hortik aurrera, aldeak daude komikien artean. Nire lehen ideia zen Zaldieroaren tira komikoa errazagoa egingo zitzaidala, motzagoa, lehen bistan sinpleagoa delako. Baina egia esanda, Zimurrak nobela grafikoa errazagoa egin zait. Zergatik? Bada, tira komikoa oso konkretua eta arina bada ere, hitzak oso zehatzak eta garrantzitsuak direlako istorioa ulertzeko. Nobela grafikoa luzeagoa da, baina hitzak ez dira hain garrantzitsuak testuingurua ulertzeko. Binetek eta marrazkiek nahiko argi uzten dute istorioa.
Nola funtzionatzen du irakurle taldeak?
Funtzionamendua oso sinplea da. Orain arte bi saio egin ditugu, eta oso erraza izan da dinamika. Hasteko, aurkezpen txikia egiten dugu, autorea ezagutzeko eta testuaren oinarrizko datuak azaltzeko helburuarekin. Gero, horren ostean, aurrez prestatutako galderak egiten ditugu, jendeak libre erantzun ditzan. Galdera zehatzak dira hasieran egiten ditugun horiek. Adibidez: "Zein da zure pertsonaia gustukoena? Zergatik? Zein da, zure ustez, irakurritako komikiaren orrialderik garrantzitsuena?". Ondoren, galdera orokorragoak botatzen dizkiegu taldekideei. Adibidez, Zimurrak lana jorratzeko saioan, lehenbizi galdera zehatzak egin genituen, eta, gero, gai orokorrari buruz hitz egiten hasi ginen. Izan ere, Zimurrak lanean zahartzaroa, zainketa, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak eta bizitzaren azken fasea dira gai orokorrak. Horiei buruzko solasaldi horretan gauza interesgarri asko aurkitu ditugu. Hizketaldi arinagoa suertatzen da horrela. Orain arteko saioak, gainera, oso dinamikoak izan dira, eta taldekideak oso parte hartzaileak. Dinamizatzeko oso saio errazak izan dira.
Beraz, harrera ona jaso du egitasmoak.
Bai, oso pozik gaude. Lehen saioan zazpi lagun egon ginen, eta, bigarrenean, hamar. Oso profil ezberdinetako jendea elkartu izan gara: euskaltegietako ikasleak, hizkuntza eskolako ikasleak, gazteak eta helduagoak. Baita maila ezberdinetako ikasleak ere. Lehenengo mailako ikaslerik ez da izan, baina B1 mailatik C1 mailara arteko jendeak parte hartu du. Maila ezberdinak izan dira, baina ongi moldatu gara elkar ulertzeko. Nire ustez, jendearen helburu nagusia ez da euskara modu perfektuan ikastea, baizik eta hitz egiteko gai izatea.
Elorrieta, deserri poetikoaz eta politikoaz kantari
Idazle eta poeta ezagunetan oinarritzen da: Joseba Sarrionandiaren, Joan Oliverren, Harkaitz Canoren, Mario Benedettiren eta Bernardo Atxagaren hitzak hartu ditu Eñaut Elorrieta abeslariak bere lehenengo bakarkako lana egiteko. Idazleen deserri politiko eta poetikoak abesten ditu 2013an kaleratutako Deserriko kantak lanean. Hamar abestiz osatutako diskoa da, baina emanaldietan ohitura du, gainera, Gabriel Arestiren poeman oinarritutako Nire aitaren etxea ere abesteko. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean eskainiko du hurrengo kontzertua, igandean, 19:00etan.
Hiru pertsona hil dira Nafarroan lan istripuz urtea hasi zenetik
Hiru hilabete, beste horrenbeste heriotza. 2015. urtea hasi zenetik, hiru behargin hil dira Nafarroan, lan istripuz, LAB sindikatuak salatu duenez. Azkena, iragan larunbatean, martxoaren 28an, Noaingo Gescrap enpresan: hainbat behargin lanerako makine...
Jazz doinuak eraldatutako film ezagunen musika
Filmetara egingo dute salto, ostegunean, pianoaren hotsak eta Nerea Erbiti eta Teresa Zabalzaren ahotsek; Far Westean girotutako western pelikuletatik hasita, komedia eta thriller beldurgarrienetara. Film ezagunen musika hartu, eta jazz doinuez lagunduta eraldatuko dute, inspirazioari ateak irekiz. Jazz estiloan sona handiko musikariak dira bi iruindarrak: mezzo-sopranoa da Nerea Erbiti; Teresa Zabalza, berriz, abeslaria eta piano jotzailea. Iruñeko Tres Reyes hoteleko Ingles tabernan eskainiko dute Jazz eta zinema emanaldia, 19:30ean. Saiorako sarrera doakoa da.
2.500 kilometro
Pausorik pauso beti bidea eginez, geroa irabaziko genuela ikasi genuen Lizarran, duela orain hogeita bortz urte; ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, korrika ere hogeita hamabortz urte daramatzagu; eta aurtengo Nafarroa Oinez-en lema Hamabortz, ama bat izanen da...
“Denetarik dugu, dantzetan oso aberatsa baita Nafarroa”
Ortzadar elkarteak 40 urte daramatza dantza tradizionala ikertzen eta sustatzen. 2005ean, Nafarroako Kultur Ondarearen Legea onartu zenean, lan horri testuinguru berria emateko aukera ikusi zuten. Hala abiatu zen Nafarroako Dantza Tradizionalaren Inbentarioa, atlasa ere badakarrena. Besteak beste, Karlos Irujo (Iruñea, 1960) ibili da inbentarioa osatzeko jardunean.
2005ean abiatu zen proiektua, kultur ondarearen legea onartu zenean, baina zuek hamarkada luzeak daramatzazue dantzaren inguruan lanean, ezta?
Momentu jakin batzuetan, gauza ezberdinak elkartu eta berriak sortzen dira. Guk, berez, 40 urte daramatzagu esparru honetan lanean. 2005ean kultur ondarearen legea onartu zuten, eta guk, ostean, bi txosten etnografiko egin genituen; batetik, Ituren, Zubieta eta Lantzeko inauteriak, eta, bestetik, Erronkariko hiru behien zerga kultur ondare gisa har zitzaten. Hortik abiatu genuen egitasmoa. Esku artean zehazki zer dugun jakin behar dugu, eta hortik aurrera, aitortza zerk merezi duen erabaki, edo babes neurriak zehaztu. Hortik abiatu ginen, eta gurera ekarri genuen legeak zioena. Pentsatu genuen diagnostiko bat egin behar genuela, dantzak gurean nola dauden eta denboran nola garatzen diren aztertzeko. Eta horrekin hasteko tresna bat behar genuen. Inbentarioa da tresna hori. Alegia, diagnostikatzea zeintzuk diren Nafarroan ditugun dantzak. Hor daude, besteak beste, dantza berriak, zaharrak, berreskuratuak, birsortuak... Mota askotako dantzak topatu ditugu bidean.
Argitu behar da inbentarioa eta atlasa bi gauza ezberdin direla.
Bai, ez dira gauza bera. Inbentarioa dantzen zerrenda da, zer dagoen identifikatzea. Atlasean, ordea, dantza bakoitzari dagokion fitxa dago. Horren barruan, dantzari buruzko azalpenak aurki daitezke, ezaugarri nagusiak azalduz. Eta horrekin batera, partiturak, bideoak, audioak eta halakoak ere izango dira. Hori ere zabaldu ahalko litzateke. Hain zuzen ere, hori da gure asmoa, jendearekin batera osatzea fitxa horiek.
Egitasmo zabalago baten parte da hau guztia. Nafarroako Dantza Tradizionalaren Behatokiaren parte, hain zuzen ere.
Behatokian jarraipen bat egingo dugu, tradizioa eta dantza nola dagoen aztertzeko. Leku batzuetan helduek egiten dituzte dantzak, beste batzuetan galtzear daude, eta beste leku batzuetan oso osasuntsu daude. Egoera ezberdinak dira. Beraz, behatokiaren funtzioa da diagnostiko hori noizbehinka eguneratzea.
Eta abian da jada egitasmo hori?
Bai, martxan dago. Aurten, jada, hainbat tokitan egon gara, gauzak filmatzen eta halako diagnostiko bat egiten. Noski, gure baliabideak murritzak dira, gu amateurrak baikara eta denbora librean egiten baititugu gauza horiek. Saiatzen gara proiektua leku bakoitzean azaltzen —Leitzan eta Cortesen egon gara, besteak beste—, gure proiektua auzolanaren gisara ikusten dugulako, eta denon artean egin nahi dugulako. Adibidez, orain Aranoko dantzei buruzko fitxa egiten ari gara. Gero haiengana joango gara, eta haiek esango digute zer sartu eta zer ez, bi aldeen arteko elkarlana izan dadin. Izan ere, haien dantzak dira, eta haiek ezagutzen dituzte. Guk sinesten dugu halako proiektu parte hartzaileetan.
Testigantzak oso garrantzitsuak izango dira lan horretan...
Bai, eta gustatuko litzaidake hori azpimarratzea. Tokian tokiko aldizkarietan agertu nahi dugu, jendearengana hurbildu nahi dugulako. Herrietako jendeak badaki zer dantzatzen den herrietan; edo nork dantzatzen duen oso ongi jota edo porrusalda. Testigantza horiek oso garrantzitsuak dira era honetako proiektuetan.
Zer motatako dantzak dauzkagu Nafarroan?
Denetarik. Nafarroa oso aberatsa da dantzetan. Euskal Herria, dantzei dagokionez, hemen bildu daiteke. Gipuzkoan eta Bizkaian bezala, ezpata dantzak ditugu. Ez dira berdinak, baina ezpata dantzak dira. Bestalde, batez ere ingurutxoak ditugu, guk dantza sozialak deitzen ditugunak: jotak, porrusaldak eta halakoak. Horrez gainera: makil dantzak, arku dantzak, zinta dantzak... denetarik daukagu.
Eta nafarrok ezagutzen al ditugu gure dantzak?
Topikoetan eta tipikoetan geratzen gara. Jota ezagutzen dugu, eta dantzatzen da, nahiz eta geroz eta gutxiago dantzatu... Badira dantza ezagunak. Nork ez ditu ezagutzen Otsagabiko edo Lesakako dantzariak? Eta Lantzeko zortzikoa? Baina badira beste asko galtzeko bidean daudenak, eta ezagunak ez direnak.
Eta dantzatzen ditugu?
Badago dantzarako ohitura, baina galtzen ari da. Guk oso erraz sartu izan ditugu polkak, mazurkak edo garai bateko modazko dantzak. Baina oraindik ez gara ausartzen, adibidez, dantza sueltoa sartzera. Dantza suelto modernoa nahi dut esan: rocka, popa eta holakoak. Guk ez ditugu horiek sartu izan, ez garelako ausartu. Eztabaida hori ematen ari da. Nik gogoan dut gure garaian diskotekan dantzaldia beti bukatzen zela jota batekin. Gauza horiek gero eta gutxiago ikusten dira.
Tradizioak, izan ere, eraldatu beharra du, bizirik iraun nahi badu.
Etengabe aldatzen eta birsortzen da tradizioa. Horregatik, guk hasieratik hautua egin genuen tradizioa birsortzeko borondatea daukaten adierazpen berriak inbentarioan sartzeko. Adibidez, Iruñeko ezpata dantza, Duguna taldeak egiten duena, edo Iruñeko kauteroen dantza. Ez dira emanaldi gisara egiten, folklorean sartzeko baizik.
9
Iruñea-Logroño autobia bukatzeko denbora, urtetan
Orain dela bederatzi urte zabaldu zuten Iruñea eta Logroño (Espainia) lotzen dituen A-12 autobia, baina bukatu gabe zegoen. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak inauguratu du Logroñoko lotunea, bozen bezperan. Ehun milioi euroren kostua izan du 6,5 kilometroko zatiak.
Zinemara, oztoporik gabe
Itsuen nahiz gorren eguneroko bizimodua oztopoz josia dago. Arloz arlokako gabeziek zaildu dezakete pertsona horien bizimodu arrunta, eta aisialdia ez da salbuespena: pelikula baten proiekzioa, kontzertu bat edo bestelako edozein kultur jarduera oztopo bihur daiteke ikusteko zein entzuteko arazoak dituenarentzat. Navarra de Cine elkartea, Orange fundazioarekin batera, aspaldi ari da zinema pertsona horiengana hurbiltzeko ahaleginean. Berriki, itsu eta gorrentzako prestatutako areto bat ireki du Morea merkataritza guneko Golem zinemetan. Asteartero eskainiko ditu filmak, ohiko emanaldien prezio berean.
Navarra de Cine elkarteak Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean garatutako Acceplay sistema erabiliko du areto horrek astearteroko emanaldietan. Itsu eta gorrentzat, bientzako tresnak erabiltzen ditu, pelikula jarraitu ahal izan dezaten. Itsuek entzungailuak eska ditzakete, eta filmean ahots bidezko deskribapena jasoko dute, pantailan agertzen diren elementuak azalduz. Besteak beste, pertsonaien erreakzioen edo paisaien berri emango zaie. Pertsonaien arteko elkarrizketen arteko hutsuneetan doaz mezu horiek, modu sinkronizatuan.
Gorrek, bestalde, zinemako pantaila nagusiaren azpian dagoen pantaila txiki batean jasoko dute filma jarraitu ahal izateko laguntza. Bertan, azpidatzietan irakurriko dute pertsonaiek esaten dutena —kolore bana izango du pertsonaia bakoitzak, errazago identifikatzeko— eta baita pelikulako beste soinu adierazpenen erreferentziak ere; musikarena, kasurako.
Modu horretan, itsuentzat eta gorrentzat ez ezik, gainerako publikoarentzat ere erabilgarria izango da aretoa: soinu bidezko azalpenak itsuek soilik jasoko dituzte entzungailu bidez, eta azpidatziak pantaila nagusitik kanpo izanen dira, behar dituenak bakarrik erabil ditzan. "Denak kontuan hartzen dituen sistema" lortu dutela dio Dimas Lasterra Navarra de Cine elkarteko zuzendariak, "jendea lagunekin edo senideekin zinemara joan ahal izateko, elbarritasuna nork duen eta nork ez kontuan hartu gabe".
Lasterrarentzat, "guztiontzako diseinu bat" sortzea da lehentasuna: "Lortu behar dugu diseinatzen den guztia pertsona guztientzat izatea, pertsona horiek urritasuna izan edo ez". Morean estreinatu berri duten aretoak, behintzat, lortu du hori, "bakoitzari behar duen laguntza eskainiz".
"Asko dago egiteko"
Katixa Castellano Asorna Nafarroako gorren elkarteko komunikazio arduradunarentzat, "albiste bikaina" da aretoaren irekiera, "edozein aurrerapen beti delako positiboa". Aretoko sistema probatzeko aukerarik izan ez badute ere, pozik daude elkartean, "jasotako azalpen teknikoen arabera sistemak itxura ona duelako". Edonola, entzumen edo ikusmen urritasuna duten pertsonei aisialdia hurbiltzeko orduan "oraindik asko egiteko" dagoela uste du. Gorrez mintzo da, batez ere, Castellano, eta bata bestearen atzetik aipatu ditu aisialdian topatzen dituzten gabeziak: "Egokitutako proiekziorik ez, keinu hizkuntzarik gabeko antzerki eta ikuskizunak, interpreterik gabeko ikastaroak...". Telebistak legez derrigortuta daude interpreteekin ordu kopuru jakin bat eskaintzera. Baina, Castellanoren hitzetan, "ez dute betetzen".
Aspaldiko borroka
Urritasuna duten pertsonentzako zinema eskaini ahal izatea ez da izan egun batetik bestera lortutako garaipena. Borroka horretan luze ari dira Navarra de Cine elkartekoak; halako zortzi areto atonduak dituzte Espainiako Estatuko beste zortzi hiritan, eta Iruñekoa izan da azkena.
Lasterrak dioenez, batetik, urritasuna duen pertsona "konbentzitu" behar da, "zinemaz goza dezakeela senti dezan". Bestetik, zinema aretoetako programatzaileak eta banatzaileak ere konbentzitu behar dira, urritasuna duten pertsonentzat egokitutako filmak eskain ditzaten. Lasterrak dioenez, hori egin ezean "masa kritiko bat eta publikoaren zati bat galduko luketela ulertarazi behar zaie".
Bide bikoitzeko lan horretan, beraz, "normaltasunerantz ibiltzen joan behar dugu, halakoak albiste izan ez daitezen, eguneroko kontua baizik". Oraingoz, egunerokoa ez, baina astearterokoa izango da itsu eta gorrentzat zinemaz gozatzeko aukera. Hasteko, Pride filma eskainiko dute (Erresuma Batua, 2015).