Asteko Gaiak

Berriztagarria ez baita berez energia garbia

Berriztagarria ez baita berez energia garbia

E. Elizondo - M. A. Txoperena

Erregai fosilak bazter uztea gero eta premiazkoagoa dela: mezu hori da egungo klima aldaketaren jokalekuan nagusitu dena. Energia berriztagarrien aldeko apustua, baina, ez da arazo korapilatsu eta konplexu baterako konponbide magikoa: berriztagarria ez baita berez garbia. "Gu ez gara energia berriztagarrien aurka; baina denak ez du balio horren izenean", nabarmendu du Nerea Maia lesakarrak. Herri horretako Auzoberriko Endara Bizirik plataformako kidea da; Nordex Energy enpresak inguru horretan eraiki nahi duen parke eolikoaren kontra sortu dute kolektiboa.

Auzoberrin jaioa da Nerea Maia; txikitan, Miren ahizpa eta bera ziren auzoko haur bakarretakoak. Baina azken urteotan biziberritu egin da, eta, auzoan gelditu diren gazteei eta kanpotik etorri eta etxeak berritu dituzten bizilagunei esker, komunitate bilakatu da Auzoberri, hogei baserri baino gehiagorekin. "Hori dena arriskuan da orain, parke eolikoa eta gure auzoa ez baitira bateragarriak. Egiten badute, auzoa gure belaunaldiarekin edo lehenago galduko da", azaldu du, argi eta garbi, Agoitz Irazoki plataformako gazteak.

Lesaka eta Bera artean kokatuko litzateke Nordex enpresak egin nahi duen parke eolikoa, eta 11 haize errota izanen lituzke; Auzoberriri ez ezik, inguruko bertze hainbat auzori ere eraginen lioke: bertzeak bertze, Alkaiagari eta Zalain Zokori. Auzo horietako bizilagunekin bilerak egiten hasi dira Endara Bizirik plataformako kideak jada, informazioa zabaltzeko asmoz. Izan ere, Auzoberriko kideek hilaren hasieran izan zuten parkea eraikitzeko proiektuaren berri, tokiko prentsaren bidez. "Informazio gutxi eta kezka handia bada herritarren artean", erran du Maiak.

Kezka horrek eragin du Lesakako herritarrak azkar mobilizatzea, hain zuzen ere. Proiektua egin nahi zutela jakin bezain pronto, lehendabiziko bilera egin eta plataforma osatzea erabaki zuten Auzoberriko bizilagunek. Lesakako Udalarekin egin zuten aurreneko batzarretako bat: herriko agintariek babes osoa eman diote sortu berri den kolektiboari, eta argi eta garbi hartu dute eraiki nahi duten parke eolikoaren aurkako jarrera. "Hagitz inportantea da hori guretzat; agian udalak kontra egiteak ez du proiektua geldiaraziko, baina udalaren babesa gabe, akabo; ezin izanen genuen deus egin", nabarmendu du Irazokik.

Endarakoa ez da egun mahai gainean dagoen proiektu bakarra: Iruñerriko iparraldean, adibidez, bertze bost parke eoliko egin nahi ditu Sacyr enpresak. Denera, 56 haize errota jarri nahi dituzte, bakoitza lau megawatteko potentziarekin. "Antza, herrialdearen hegoaldean jar zitezkeen parke guztiak jarri dituzte jada, eta orain iparralderantz zabaldu nahi dituzte proiektuak", nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioko presidente Mikel Saralegik.

Kontsumoa murriztu

1994. urtean inauguratu zuten Nafarroako lehendabiziko parke eolikoa, Erreniegan Espainiako Estatuko zaharrena ere bada. Geroztik, bertze berrogei baino gehiago egin dituzte, eta, Nafarroako Gobernuan aurkeztutako proiektuak kontuan hartuta, ematen du joera dela bide beretik jarraitzea.

Egoera horrek agerian uzten du erdigunean dagoen arazo nagusietako bat, Saralegik argi eta garbi salatu duenez: "Ataka txarrean gara klima aldaketaren aurkako borrokan, energia berriztagarriek arazo anitz dituztelako erregai fosilen kontsumoa modu nabarmen batean murrizteko", erran du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Izan ere, energia eolikoaren aldeko apustuak ez du ekarri erregai fosilak bazter uztea.

Eta kontsumoa da gako nagusietako bat, hain zuzen ere; edo, hobeki erranda, kontsumoa murrizteko beharra. Horretarako, Sustrai Erakuntza fundazioak argi du ezinbertzekoa dela eredu ekonomikoa "erabat aldatzea". "Guztiz beharrezkoa da energia kontsumoa murriztea. Behar ditugu energia berriztagarria hobeki aprobetxatuko duten sistemak eta antolatzeko moduak".

Bertzela, ondorio nagusia da gaur egun gertatzen ari dena: "Ez dugu anitzez ere energia berriztagarri gehiago kontsumitzeko aukerarik, baina, bitartean, enpresen helburua da produkzioak gora eta gora egitea, diru gehiago lortzeko". Parke eolikoak "espekulaziorako tresna" bilakatzen dira, ingurumenaren bizkar.

Azken 25 urteotan, Nafarroako Erdialdean eta Erriberan eraiki dituzte, batez ere, alde bateko eta bertzeko gobernuek sustatutako parke eolikoak. Apustu hori ez da doakoa izan, ordea. "Ingurumenari kalte handia egin diote azpiegitura horiek". Egindako parke horiek, gainera, ez dute lortu bertze gisa bateko erregaiak bazter utzaraztea. Castejongo zentral termikoek, errate baterako, martxan jarraitzen dute, kontrako hamaika sententzia jaso arren.

"Arazoa ez da Nafarroak ez duela behar duen energia berriztagarria ekoizteko ahalmena; arazoa da Nafarroan ditugun parkeek jada ekoizten dutela herrialdean erabil daitekeen baino energia gehiago, zenbait egunetan", azaldu dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek. Ondorioz, energia eolikoa sortzeko ahalmenak gora eginen balu, haizea dagoen egunetan elektrizitate soberakina izanen litzateke, eta ekoizten duten enpresek Nafarroatik kanpo saldu beharko lukete. Haizerik gabeko egunetan, berriz, energia berriztagarrien hornidura apala izanen litzateke aurrerantzean ere.

Alternatibak

"Jokaleku horretan, 2030erako energia plana aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, eta bide beretik jarraitzen du: energia ekoizteko egungo ahalmena handitzea du helburu", salatu du Sustrai Erakuntza fundazioak. Erakunde horren apustua bertzelakoa da: energia berriztagarria hobeki erabiltzeko sistemak eta moduak sustatzearekin batera, egina dagoena baliatzea proposatu dute, kontsumo guneetatik hurbil egonen diren azpiegiturak bultzatzeko. "Hurbiltasunak eta deszentralizazioak izan behar dute ardatz".

Lesakako Auzoberrin egin nahi duten proiektuari buruz, herritarrek eta udalak bezala, jarrera kritikoa agertu du Sustrai Erakuntza fundazioak ere. "Anitz eskertzen dugu erakunde horren babesa. Auzoan izan dira, parkeak inguruan zer eraginen lukeen gertutik ikusten", azaldu du Nerea Maiak.

Oraingoz, Nordex Energy enpresak aurkeztutako aurreproiektua dago Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunen mahaiaren gainean. Iradokizunak jasotzeko epea zabalik du gobernuak; bertzeak bertze, Lesakako eta Berako udalen iritzia eskatu du Ingurumen Departamentuak, bai eta hainbat talde ekologistarena ere.

Iradokizun horiek enpresak jasoko ditu, eta hurrengo urratsa izanen da egin nahi duten proiektuak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena aurkeztea. Nafarroako Gobernuak aldeko edo kontrako iritzia eman beharko dio aurkeztutako txosten horri. Gobernuak ontzat jotzen badu, proiektu zehatza prestatu eta aurkeztuko luke enpresak. "Une horretan, jendaurrean erakusteko epe bat izanen litzateke, eta alegazioak egin ahal izanen genituzke", azaldu du Maiak.

Nordex enpresaren egitasmoak zer bide eginen duen zain dira Endara Bizirik plataformako kideak. Horrek ez du erran nahi, halere, geldirik direnik. "Gure asmoa da Bortzirietako herritarren eta erakundeen babesa jasotzea, denen artean indar handiagoa egiteko", azaldu du Nerea Maia kideak.

Hasi duten borrokan, hain zuzen, auzoa dute irabazteko. Ez hori bakarrik: auzoko bizimodua, ingurua eta etxe bilakatu duten lurraren alde egin duten hautua ere bai. Irazokik berretsi du: "Parkea eta gu ez gara bateragarriak".

11 PROPOSAMEN

11 PROPOSAMEN

Sustrai Erakuntza fundazioak eta Urbizik proposamen zehatzak helarazi dizkiote Nafarroako Gobernuari:Emari ekologikoa. Egin dezala ur emari ekologikoen inguruko ikerketa, Natura 2000 Sareko helburuak betetzeko.Ureztatzeko lurrak. Ureztatzeko lurren za...

Artea, karrika hartzeko gogoz

Artea, karrika hartzeko gogoz

Edurne Elizondo

Munduari egin nahi diote so Tuterako paretek. Aurten, inoiz baino gehiago. Zazpigarrenez antolatu du hiriko udalak Avant Garde muralismo jaialdia, baina, aurreko aldietan ez bezala, nazioartean oihartzun zabalagoa lortzeko asmoz eta gogoz dira aurtengo erakustaldiko arduradunak. Ekainaren 8tik 14ra eginen dute, eta Vanessa Alice Miss Van, Mina Hamada eta Jeff McCreight Ro8icon artistek parte hartuko dute.

2010ean lehen aldiz egin zutenetik, nazioarteko eta sona handiko artistak aritu dira Tuterako espazio publikoa itxuraldatzen, eta horrek erreferente bilakatu du jaialdia, hasieratik. Hamar urtez egindako lan hori mundura begira jarri nahi izan dute orain antolatzaileek, aurtengo jaialdi berrituaren eskutik.

Berriak, baina, orain arte egindakoa du oinarri; egindako bideak emandako irakaspena; eta, batez ere, Jorge Rodriguez-Gerada artistaren esperientzia. Jaialdiko komisarioa da lehen urtetik, baina ez hori bakarrik: "Jorge da Avant Garde", nabarmendu du Tuterako Udaleko kultura zinegotzi Merche Añonek, esker onez.

New Yorketik kontatu du Rodriguez-Geradak aurtengo Avant Garde hasteko "irrikan" dela. AEBetako hiri horretan aritu da lanean azken asteotan. Mural handi bat egin du Queensen, Corona Parkeko aparkalekuko lurrean, COVID-19ak jo dituenen omenez eta, bereziki, Ydelfonso Decoo pediatra gogoratzeko.

Birusaren eraginez hiri horretan hildako lehen osasun langileetako bat izan da Decoo. Artistak bere aurpegia margotu du, pandemiaren biktima ikusezin guztiak erdigunean jartzeko: "Jende anitz hil da AEBetan birusaren ondorioz, eta gehienak dira Latinoamerikakoak eta afro-amerikarrak. Autobus eta tren gidariak, garbitzaileak, erizainak... Arriskuko lanetan ari direnak omendu nahi izan ditut, batez ere arrazakeriak gora egin duen honetan".

"Toki magikoa"

Kuban jaioa (1966) eta AEBetan hazia da Rodriguez-Gerada. New Yorketik Tuterarako bidean, Frankfurteko aireportuan gelditu da hainbat orduz, eta han gogoratu du Avant Garde jaialdiak herri horretako Munster hiriko Documenta arte garaikideko jaialdian duela jatorria. "Jaialdi horrek erakutsi zidan halako jarduerak ez direla zertan hiri handietan egin, eta Tutera toki aproposa izan zitekeela bururatu zitzaidan".

Erriberako hiria ongi ezagutzen du Rodriguez-Geradak, Tuteran bizi izan baita. Muralismoaren esparruan esperientzia eta izen handiko artista da, eta hiriko karrikak jarduera horrekin uztartu nahi izan ditu. "Tutera toki magikoa da; jaialdian parte hartu duten artista guztiek nabarmendu dute berezia izan dela Tuteran lanean aritzea". Hiriak ere Avant Garde jaialdia bere egin duela argi du Rodriguez-Geradak: "Herritarrek estimatzen dute; udal talde ezberdinak izan dira urteotan, baina denek eman diote babesa jaialdiari".

"Kaleko artea espazio publikoa eraldatzeko erreminta indartsu bat da", erran du Merche Añon egungo udal gobernuko zinegotziak. Are gehiago, gizartea eraldatzeko tresna bat da. Artea, finean. 2010ean egin zuten Avant Garde lehenengoz, eta 2016tik biurteko bilakatu da jaialdia. Urteotan guztietan egindako lanek Tuteran beren tokia hartu dutela argi du Añonek, eta aurtengo jaialdia baliatu nahi dute muralismoak hirian duen espazioari balioa emateko. "Obra batzuk desagertu dira, baina hogeita bat daude hiriko karriketan bisitariek ikusteko zain".

Hiru artista, hiru estilo

Muralismoak Mexikon du jatorria, 1920ko hamarkadan. Iraultzaren ondorioz, margolari talde bat horma zuriak erabiltzen hasi zen, margoen bidez, irakurtzen ez zekien gizartearen gehiengoari mezu politiko eta sozialak helarazteko. Egun, harago doa, eta arte mota desberdin bat da. Kaleko hormek hartu dute oihal zurien tokia, eta eraikinak arterako espazio eta artearen bozgorailu bilakatu dira.

Muralismoa garatuz joan da, baina astintzeko eta eraldatzeko asmo hori galdu gabe. Rodriguez-Geradaren lanak dira horren adibide, eta Avant Gardera urteotan guztietan ekarri dituen artisten eskutik ere helburu bera izan du. Gainera, egiteko modu ezberdinak zabaltzeko asmoz aritu da, eta aurtengo jaialdiak ere ezaugarri hori izanen du: "Askotarikoa izanen da".

Parte hartuko duten hiru artisten bidea eta lana nabarmendu ditu komisarioak, hain zuzen. Mina Hamada kolorearekin lotu du, batez ere. "Nire ustez, egun gris samarra den espazio bati emanen dio kolorea Mina Hamadak". 2009tik, Bartzelonan bizi da artista, eta mundu osoko hainbat hiritan egin ditu forma askez eta kolorez betetako muralak.

Miss Vanek, berriz, mural gutxi egiten du, eta Tuteran artista hori horma irudi bat egiten izatea "gauza handia" izanen dela nabarmendu du, ondorioz, Rodriguez-Geradak. "Zorionekoak gu! Miss Vanek, gainera, estilo berezko eta propioa du, eta merezi du bere lan prozesuari so egitea", erantsi du komisarioak.

Miss Van 1993. urtean hasi zen margotzen; hogei urte zituen orduan. Bide bat egin du ordutik, eta lanak hiri batetik bertzera eraman du. Emakumeen irudiak bilakatu dira bere obren ezaugarri nagusi, eta argi eta garbi erran du: "Nire margoekin batera garatzen eta hazten naiz. Ezin da bertzela izan, emozioak eta sentimenduak erabiltzen dituzunean margotzeko. Nire buruarekin zintzo jokatzen saiatzen naiz beti".

Hirugarren eta azken artista Ru8icon da. Tuteran eginen duen lanak "hirira sartzera" deituko ditu bisitariak, Jorge Rodriguez-Geradak erran duenez: "Ru8iconen lanak dibertitzera erakarriko du jendea Tuterara". AEBetan jaioa da Ru8icon, baina Bartzelona du etxe 2014tik.

Datorren astean, Tuterak emanen die aterpe hiru artistoi, eta herritarrek aukera izanen dute haien lan egiteko prozesua zuzenean ikusteko. Avant Garde jaialdiarekin, gainera, kulturaren konfinamendua amaituko da Tuteran, horixe izanen baita osasun krisia hasi zenetik eginen duten lehendabiziko jarduera. Egungo egoerak, halere, ez dio gehiegi eraginen jaialdiari, komisarioak azaldu duenez. "Aste osoan ariko dira artistak lanean; gurea ez da jendetza batzen duen jarduera bat".

Lanak, baina, karrikan geldituko dira, amaiera datarik gabeko erakusketa bat osatuz, aurretik egindako muralekin batera. Behin-behinekotasuna berezkoa du muralismoak, zenbaiten ustez, baina Rodriguez-Geradak ez du hori uste: "Pareta ongi prestatuz gero, betiko izan ditzakegu". Horretan saiatuko dira Tuteran: muralismoa zaintzen eta zabaltzen.

Mahaian eseri da makrobiotika

Mahaian eseri da makrobiotika

Edurne Elizondo

Arrotxapea da Iruñeko auzo berdea!". Euskal Eskola Makrobiotikoaren sortzaile eta zuzendari Tina Asensiok erran ditu hitzok. Erakunde horrek Arrotxapean du egoitza 2013tik, baina hiru urte lehenago sortu zuten: hamargarren urteurrena ospatu berri dute eskolako kideek. Iruñeko Alde Zaharreko Auzoenean egin zituzten lehendabiziko bi urteak, eta Berriozarko Naturaren Gelan, berriz, hirugarrena. "Udalak doan utzi zigun espazio hori, eta, trukean, herritarrentzako ikastaroak egin genituen. Gisa horretako auzolana anitz maite dugu, elkarri ematea eta elkarrengandik ikastea".

Talde lana eta proiektuen arteko sinergia sustatzen saiatu izan da beti Asensio, eta horregatik erran du Arrotxapea dela Iruñeko auzo berdea: Euskal Eskola Makrobiotikoak hor duelako bere egoitza; espazio berean dagoelako, 2013. urtetik, eskolak bultzatutako Baratza Kafea jatetxe makrobiotiko, biologiko eta ehuneko ehun begetala; eta auzo berean delako Landare ere, kontsumitzaile ekologikoen elkartea. "Landarek bere egoitza Joaquin Beunza karrikara mugitzea seinale bat izan zen guretzat", gogoratu du sukaldariak.

Izan ere, egun eskola makrobiotikoa eta jatetxea dauden espazioa ezagutu zutenean, gustuko izan zuten Asensiok eta proiektuko kideek, baina eraikinak lan anitz behar zuen, eta alokairua, gainera, hagitz garestia zen. "Asmoa, beraz, bazter utzi genuen; baina, Landare han izanen zela jakin eta gero, berriz deitu, eta alokairua erdira jaitsi ziguten". Sartu, lanak egin, eta martxan jarri ziren.

Tina Asensiok Euskal Herritik kanpora joan behar izan zuen makrobiotikan trebatzeko: Amsterdamera lehendabizi, eta Londresera gero. Euskal Herrian formakuntza bultzatzeko gogoak eraman zuen Euskal Eskola Makrobiotikoa pentsatzera eta gauzatzera. "Hasieran asmo hutsa zena benetako proiektu bilakatu dugu".

Eskola sortu baino lehen, maleta batean gordetzen zituen Asensiok bere kazolak eta kozinatzeko behar zituen gainerako tresnak. "Nire sukaldea ere eramaten nuen; han eta hemen aritzen nintzen eskolak ematen, sukaldaritza makrobiotikoari buruzko ikastaroak egiten". Ez zen bakarra, eta bide bera egiten ari ziren bertze hainbat irakaslerekin bat egin zuen, azkenean, Euskal Eskola Makrobiotikoa martxan jartzeko.

Kontrajarri eta osagarriak

"Hasieratik izan zen nire ametsa, noizbait, eskolaren ondoan jatetxe txiki bat zabaltzea". Arrotxapeko egoitza aurkitu zutenean bete zuen Asensiok amets hori. Proiektu beraren zatitzat ditu eskola eta jatetxea, halere, "elkar elikatzen baitute". Eskolan landutakoak jatetxean probatzen dituzte, adibidez, eta jende asko ikastera animatu da jatetxea ezagutu eta gero.

Asensiok argi utzi du sukaldaritza makrobiotikora hurbiltzen direnek aurreiritziak bazter uzteko aukera dutela: "Jendeak uste du zaila dela, zorrotza, nolabait erranda; baina ezagutu eta gero ohartzen dira ezetz". Adibide "argi eta erraz" bat aipatu du sukaldariak makrobiotikaren oinarri nagusia azaltzeko: "Hotzak akabatzen bazaude, berotuko zaituen elikagai bat hartu beharko duzu, zure gorputzak hori behar duelako".

Makrobiotikak yin-yangaren oinarria du ardatz: hau da, aldi berean kontrajarri eta osagarri diren indarren arteko orekarena. "Sukaldaritza makrobiotikoaren esparruan ere, horixe da kontua: gure gorputzaren eta elikagaien energia kontuan hartuta, aldi berean kontrajarri eta osagarri diren elikagaien bidezko oreka lortzea". Hotza dugunean, bero jatea, eta, bero garenean, berriz, hotz, modu hagitz sinple batean erranda.

Funtsean, elikagai naturalak ditu ardatz sukaldaritza makrobiotikoak. "Bazter uzten ditu, beraz, elikagai prestatuak", azaldu du Tina Asensiok. Elikagai naturalak dira laboreak, lekaleak, barazkiak eta frutak. "Makrobiotikoa ez da elikagai naturalak erdigunean jartzen dituen bakarra; bertze batzuek ere oinarri dituzte, eta osasuntsuak eta txalotzeko modukoak dira; makrobiotikoak, baina, urrats bat harago egiten du, eta aukeratzen ditu une oro gure gorputzari on egiten dioten elikagaiak", erantsi du.

Euskal Eskola Makrobiotikoan ez dira urrats horretan gelditu: aldarrikatzen dute, gainera, ahal den neurrian, tokiko eta sasoiko elikagaiak kontsumitzea, eta osagai kimikorik gabeak. "Sagar bat elikagai natural bat da, baina ez dakit nongo berotegiko sagar heldugabe bat hartzen badugu honat ekartzeko, hori ez da batere naturala. Egia da erabiltzen ditugula Txinan edo Amerikan ekoitzitako laboreak, hemen ez ditugulako, baina ahalegintzen gara tokikoa lehenesten".

Asensiok aitortu du hasiera ez zela erraza izan. "Oraindik ere ez da; baina hamar urteko bidea egin dugu jada, eta aurrera jarraitzen dugu". Arrotxapean jaioa da Asensio, eta poztu egiten du bere proiektua auzoan garatzeko aukera eduki izanak. "Hasieran, baina, anitz kostatzen zitzaion jendeari jatetxera sartzea".

16 urte zituenetik da Asensio barazkijale, eta hemezortzi urte dira jada begano bilakatu zela. "Orain jendeak hori zer den badaki, behintzat". Poliki, baina urrats sendoak eginez egin dutela aurrera nabarmendu du; eta erantsi du makrobiotikak ere lortu duela zabaltzea. "Formakuntzarako gero era zentro gehiago daude". Iruñean, adibidez, bi eskola daude. Ez da marka txarra: Lisboa da makrobiotikaren hiri nagusietako bat, eta han eskola bakarra dute.

Iruñeko bi eskolen arteko harremana ona da. Aukerak gora egiteak ekarri du balizko ikasleen kopurua bien artean banatzea, noski. Halere, Bartzelonatik edo Zaragozatik propio etorri diren ikasleak izan dituela nabarmendu du Tina Asensiok. "Edozein modutan, ona da gero eta eskola gehiago egotea; argi dut, gainera, oraindik badugula lan egiteko aukera anitz".

Makrobiotikan trebatzeko lehendabiziko eta bigarren urratsak eskaintzen ditu Euskal Eskola Makrobiotikoak orain, eta laster hirugarrena ere eskaintzea du asmo. "Bertzelako ikastaroak ere egiten ditugu", zehaztu du eskolako arduradunak. Asteartero, adibidez, elikadura osasuntsuari buruzko bat egiten dute. Makrobiotikan hasteko ikastaro bat ere badute, bertzeak bertze. "Ikastaro guztiak kontuan hartuta, milaka pertsona pasatu dira gure eskolatik hamar urteotan", kontatu du Tina Asensiok, harrotasunez.

Lan horrek jaso du saririk. Iaz, adibidez, Nafarroako Gobernuak eman zion bat Baratza Kafeko arduradunari. Zehazki, Asensiok "osasunaren eta elikaduraren arloko esparruan egindako lana" nabarmendu zuen gobernuaren sariak.

Egoerara egokitu

Gobernuaren sariak emandako babes hori garrantzitsutzat jo du sukaldariak; eta funtsezkotzat jo du, halaber, eskolan eta jatetxean ari den talde osoaren lana eta ahalegina. Are gehiago, oraingo osasun krisiaren testuinguruan. Izan ere, egoerara egokitu behar izan dute eskolako eta Baratzako kideek, aurrera jarraitzeko.

Formakuntzaren arloan, sarean ari dira egiten lan nagusia. Sarean zabaltzeko materialak ere prestatu dituzte. Jatetxea, berriz, itxita egon da orain arte. Astelehenetik martxan da berriz ere, baina terrazan baino ez ditu bezeroak hartzen, alarma egoerak zehaztutako segurtasun neurriei jarraituz.

Egungo egoerak eragin diela onartu du Tina Asensiok. Arlo ekonomikoan "zulo bat" egin diela, alegia. Halere, gelditzeko beharrak "ideia berriak pentsatzeko" aukera eman diela erantsi du sukaldariak, eta taldearen artean sortu den batasuna ere nabarmendu eta eskertu du: "Batera ari gara denok lanean, denon alde".

Paretara lotuta, aske

Paretara lotuta, aske

Edurne Elizondo

Txori jaio nintzen, eta inbidiaz egiten diet so lurrean zoriontsu bizi direnei". Miriam Garcia Pascual eskalatzaile tafallarrak bere egunerokoan idatzitakoak dira hitzok. 14 urterekin hasi zen paretak igotzen, eta grina horrek Indiako Meru mendiko iparraldeko tontorrera eraman zuen, 1990ean. Han hil zen, duela 30 urteko maiatzean, Jesus Buezo Risi eta Miguel Lausin espedizioko kideekin batera: elur jausi batek harrapatu zituen bidean.

"Min egiten dit nire bizimoduak maite ditudanei eragiten dien tristurak, baina kaiola batean sartuko banindute, ahituko nintzateke". Alabak egunerokoan jasotako sentimendu hori berretsi du Mari Carmen Pascualek: "Sehaskako hesiek ere egiten zioten traba. Aske jaio, eta aske bizi izan zen", erran du, harrotasunez.

Lasai mintzatu da Mari Carmen Pascual bere alabari buruz; eskalatzailearen heriotzak eragindako zauria inoiz ez zaio erabat itxiko, baina "konformatzen" ikasi duela nabarmendu du. Alaba zen bezala maite zuelako. "Mendirako grinarekin jaio zen; barruan zuen". Horregatik, orain ere haren tokia mendia dela argi du Garcia Pascualen amak. "Inoiz gorpua aurkituko balute ere, ez nuke ekarriko; han libreago da".

Tafallan jaio zen Miriam Garcia Pascual, 1963ko uztailaren 14an. "Hamabost egun aurreratu, eta etxean erditu nintzen, senarraren, amaren eta 85 urteko emaginaren aurrean". 9 urte zituen Garcia Pascualek familia Iruñera mugitu zenean. "14 urterekin hasi zen mendira joaten, lagun batekin. Paseoan aritzen zela uste nuen nik, Etxauriko paretak eskalatzera joaten zela jakin nuen arte!".

Etxauriko paretetatik, hain zuzen, bide berri bat ireki zuen Garcia Pascualek, eskaladarena gizonen esparrua baitzen garai hartan, orain baino gehiago. "Aitzindaria izan zen", "emakume ausarta". Horixe nabarmendu dute Juanjo Sansebastian mendizaleak eta Antxon Iturriza kazetari eta idazleak tafallarrari buruz.

Josune Bereziartu eskalatzaileak ere argi du Garcia Pascualek bide bat ireki zuela. Tafallarra eta Monica Serentil dokumental batean ikusi zituen Bereziartuk, Verdoneko arroiletako paretak eskalatzen, Frantzian: "Irudi haiek asko jo ninduten. Segituan hasi nintzen eskalatzen; izugarri erakarri ninduen emakume haiek egiten zutenak", gogoratu du.

"Orduan ez zegoen rokodromorik, orain bezala, eta herriko harresietan entrenatzen ginen", erantsi du Bereziartuk. Garcia Pascualek ere Iruñeko harresiak baliatu zituen entrenatzeko espazio gisa: "Bizilagunek erraten zidaten alaba Gaztelugibeleko paretetan gora ikusten zutela". Txapelketa bat Donostiako Viktoria Eugenia antzoki barruan egin zutenekoa ere ekarri du gogora Antxon Iturrizak. "Han izan nuen Miriamekin aurrez aurre hitz egiteko aukera, lehen aldiz".

Paretan eta mendian

Tafallako eskalatzailearen eta kazetariaren arteko harremana, halere, lehenago hasi zen. "Egin-en ari nintzen, eta elkarrizketa bat eskatu nion. Ez zen agertu, ordea, eta hutsik nuen orria betetzeko, irudizko elkarrizketa bat idatzi nuen. Miriamek irakurri zuen irudizko elkarrizketa, eta gustatu zitzaiola esateko gutun bat bidali zidan, eskuz idatzita".

Lehen gutun horrek bertze anitz ekarri zituen gero: "Gutun bidezko lagun bilakatu ginen. Harreman berezia genuen". Mendiaz idazten zuen kazetaria zen Iturriza, eta eskaladaren arloan gaitasun bereziak zituela erakusten zuen emakumea, berriz, Garcia Pascual.

Madrilen, Patonesen, Espainiako eskalada txapelketa irabazi zuen tafallarrak 1986an. Urte berean, Pedagogiako ikasketak amaitu zituen, Bartzelonan. "Txapelketak ez zituen maite, halere; kirol eskaladatik mendizaletasunera egin zuen bidea", azaldu du Iturrizak. Mendian, hain zuzen, anitzetan egin zuen bat Juanjo Sansebastianek Miriam Garcia Pascualekin. "Riglosen, besteak beste; Bilbon ere askotan egon ginen, Jose Carlos Tamayo lagun genuelako".

Tamayoren ahotik izan zuen Sansebastianek Tafallako eskalatzailearen heriotzaren berri. Argentinan eta Txilen egon zen mendizalea udaberri hartan, eta Tamayo Bilboko aireportura joan zitzaion bila. Han erran zion. Oraindik ere, samina sumatzen zaio ahotsean, une hura gogoratzen duenean; batez ere, Garcia Pascualen espedizioa hasi aurreko egunekoak oroitzen dituenean. Iruñean elkarrekin bazkaldu zuten egun batean, eta eskalatzaileak Indian zain zuen erronkaren "beldur" zela onartu zion Sansebastiani. "Egun hartan, autoz eraman nuen Gasteizera, handik abiatu behar zutelako Indiarantz. Besarkada handi bat eman zidan autotik jaitsi aurretik. Atera, eta berriz ireki zuen atea, barruan sartu eta beste besarkada bat emateko. Agurtu nahi zuela sentitu nuen".

Mari Carmen Pascualek bezala, eskalatzailearen askatasun gogoa nabarmendu du Sansebastianek, gauza guztien gainetik. Grina horrek atzean duena ezin dela bazter utzi argi du mendizaleak, halere: "Politikaren esparruan, independentzia askatasunarekin lotzen du jendeak; nire ustez, baina, gutxi dira erabateko askatasunari aurre egiteko gai, eta horietako bat izan zen Miriam, zalantzarik gabe".

Bere askatasun grina gauzatzeko ausardia izan zuela erantsi du Sansebastianek: "Bururatu zitzaizkion gauza guztiak egitera ausartu zen; eta disfrutatu zuen, batez ere, bere ahaleginak emandako sariekin". Pareten bila, bertzeak bertze, AEBetako Yosemitera joan zen Garcia Pascual. Hango esperientziak markatu zuela nabarmendu du Sansebastianek. Miriam Garcia Pascualen amak ere erran du: "Yosemite bihotzean zuen".

Ordukoak eta bertze esperientzia anitz idatzita utzi zituen eskalatzaileak bere egunerokoan, eta, testu horiek oinarri hartuta, Eman izar bat liburua argitaratu zuen Desnivel etxeak. Juanjo Sansebastianek izen bereko dokumentala ere egin zuen, lagunari buruz. "Oso esperientzia polita izan zen, eta, aldi berean, oso gogorra".

Mari Carmen Pascualentzat alabari agur errateko aldi oro zen gogorra: "Miriamek erraten zidan negarrik ez egiteko; baina joan orduko, negarrez hasten nintzen". Pascualek, halere, ulertzen zuen alabaren zoriontasuna mendira lotuta zegoela. "Behin erran nion ezin zuela ahaztu ni ere bere sokara lotuta nengoela; horrelakorik ez errepikatzeko eskatu zidan, menditik urrun, kaiola batean hil eginen zelako. Ez nion berriz ere horrelakorik erran. Aske izateko ekarri nuen, eta aske izaten utzi nion".

Parke bat Tafallan

Lanean zen Mari Carmen Pascual familiaren etxean alabaren heriotzaren berri emateko deia jaso zutenean. "Senarrak deitu, eta etxera joateko eskatu zidan. Ailegatu bezain pronto, inork deus erran gabe, jakin nuen".

Oihu egin zuela kontatu du eskalatzailearen amak. Alabaren izena oihukatu zuela, galdu zuela jakin zuenean; eta alabaren izena oihukatu zuen, berriz ere, handik hiru urtera, eskalatzailearen gorpua gordetzen duten pareten aurrean, azken agurra ematera joan zenean. "On handia egin zidan hil zen tokira joateak. Maite zituen gauzak eraman genizkion, tartean Belaguako loreak. Han bota genituen, Miriamentzat. Maite zituenekin gelditu zen".

Pascualek, halere, hurbil sentitzen du alaba; bereziki, Tafallan, 2006tik eskalatzailearen izena duen parkeko monolitoari heltzen dioenean. "Harria bigun sentitzen dut, alaba besarkatuko banu bezala. Miriamek izugarri maite zuen parke hori, eta opari ederra da denontzat".

Ez da bakarra. Antxon Iturrizak Miriam Garcia Pascualen omenez idatzitako ¿Vendrás a casa por Navidad? (Etxera etorriko al zara Gabonetan?) izenburuko ipuina oparitu dio eskalatzailearen amari. "Miriamen heriotzaren berri Mari Carmenek eman zidan: alabarekin nuen harremana amarekin dut orain. Miriam gogoratzeko modu bat da biontzat".

Aske gogoratzen dute; kontent eta mendian. Behin, arrakala batean zegoen apo txiki batekin egin zuen topo: "Biok maite ditugu buztinaren usaina eta granitoaren kolorea. Irribarre batekin erran diot agur. Inbidia diot: bera El Capitanen bizi daiteke, eta ni ez", idatzi zion.

Nahi duten auzoa eraikitzen

Nahi duten auzoa eraikitzen

Edurne Elizondo

Auzo bat bizitzeko, edo auzo bat kontsumitzeko; auzo bat zaintza sustatzeko, edo auzo bat espekulazioari eta negozioari emateko. 2018ko ekainean, Iruñeko Alde Zaharrean sortu berri zuten Pisutekako kideek orriotan nabarmendu zuten "bi auzo ereduren talka" zegoela hiriburuko zati horretako karriketan. "Bizilagunentzako auzo baten aldekoa" zen orduko haien apustua, eta berretsi egin dute orain, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoeraren testuinguruan: nahi duten auzoa eraikitzeari ekin diote, zaintza sare bat sortuz, auzolana bultzatuz, eta osasun krisiak ekarri duen etxebizitzaren arloko espekulazioa salatuz.

Gentrifikazioak eta turistifikazioak jo ditu Europako hiri anitz, azken urteotan. Euskal Herrira ere ailegatu dira prozesu horiek, bai eta Iruñera ere, nahiz eta Bilbon edo Donostian baino neurri apalago batean garatu. Arazoari "berandu baino lehen" eutsi nahi izan diote hiriburuko Alde Zaharreko bizilagunek, eta anitz dira azken urteotan auzia jorratzeko eta konponbideak bilatzeko egin dituzten jardunaldiak eta sortu dituzten taldeak: etxebizitza, aisialdia eta bertze hainbat gai landu dituzten plataformak osatu dituzte, eta gehienek AZ Ekimena izeneko proiektuan egin dute bat.

Bizitzeko Alde Zaharra plataforma da Iruñeko auzo horretan mamitu direnetako bat. Espainiako Gobernuak alarma egoera indarrean jarri bezain pronto ekin zioten lanari talde horretako kideek. "Nahi dugun auzo eredua gauzatzen ari gara, finean", azaldu du plataformako kide Leticia Molinak. Auzolana eta zaintza ditu oinarri eredu horrek, hain zuzen ere, eta bizitzeko auzo bat aldarrikatu nahi du, batez ere. Horregatik, zaintza sarea osatzea izan zen egin zuten lehendabiziko urratsa: "Berrehun pertsona baino gehiago gaude sare horretan. Beharrak non dauden zehaztu dugu, bai eta sareko kide direnak non bizi diren ere, laguntzaile bakoitzak bere lana ahalik eta ongiena egin dezan; informazio horri esker errazagoa da nor eta nora bidali jakitea".

Plataformako kideak harremanetan dira Iruñeko Udalarekin eta auzoko osasun etxeko arduradunekin, gainera, laguntza behar duten bizilagunak identifikatzeko.

Josi eta Josi izeneko taldea ere martxan jarri du plataformak. Hogei bat pertsonak egin dute bat, maskarak josteko eta banatzeko. "Mila baino gehiago eman ditugu jada". Karrikan, hain zuzen ere, bizilagunen esker ona jaso dutela nabarmendu du Molinak, eta hori da gehien pozten duena: "Itxialdian denon baldintzak hobetzeko egin dugu bat, eta hori lortzeko ari gara lanean. Bizilagunen esker onak erakusten digu ongi ari garela", nabarmendu du.

"Sarea indartu"

Karrikan egindako lan horri esker, plataforma ezagutzen ez zuten anitzek haiekin bat egin dutela erantsi du Molinak, eta, ondorioz, "sarea indartzea" lortu dutela. Auzoko denda txiki eta ertainen berri emateko kanpaina ere egin dute, tokiko eta hurbileko produktuen alde egiteko, eta auzoko dendariek ekinaldia "ederki" hartu dutela azaldu du Leticia Molinak. "Gero eta jende gehiago dago laguntzeko prest", nabarmendu du. Auzokoak auzoa egiteko gogoz dira, finean.

Bizitzeko auzo bat nahi dutela argi dute Alde Zaharreko herritarrek, hain zuzen ere. Horregatik, etxebizitzaren auzia bereziki jorratu duten gaietako bat izan da AZ Ekimeneko kideentzat eta proiektuaren barruan diren talde anitzentzat. Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideek ez dute esparru hori bazter utzi, alarma egoerak baldintzatutako egungo testuinguruan, eta salatu dute, hain zuzen, "gehiegikeriak" gertatzen ari direla.

"Iruñeko egoera aztertzen hasi baino lehen, Madrildik ailegatu zitzaigun berria: hogeita lau orduan, 230 etxe jarri zituzten alokairuan; noski, turistentzako etxeak ziren guztiak". Itxialdiaren ondorioz, turistentzako etxeak alokatzeko negozioak behera egin du, eta etxebizitza horiek "merkatu arruntera" ailegatu dira, nolabait erranda.

Iruñekoa ez da Madrilgo egoeraren parekoa, baina bada zer salatu, Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kidearen hitzetan: "Denbora tarte labur batean alokairuan emateko etxe asko agertu dira Iruñeko Alde Zaharrean". Idealista-ren gisako webguneak aztertu dituzte, zehazki. "35 etxe inguru ageri dira, eta gehienek 26 inguruk ez dute legedia betetzen".

Kasu anitzetan, legeak zehaztutakoa baino diru gehiago eskatzen dute berme gisa. "Legez, bi hilabeteko alokairua eskatzen ahal da; zenbaitetan, sei hilabetekoa ere eskatzen dute", azaldu du Molinak. Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak gogoratu du etxe bat alokatzen denean jabeak ezin duela etxebizitzan bizi dena udan, adibidez, handik aterarazi. "Hori ere gertatzen da. Etxe bat alokatu, baina sanferminetan edo udako hilabeteetan hutsik utzi behar duzula esaten dizute; hori ez da legezkoa", erantsi du.

Alokairuen berri ematen duten webguneetako arduradunekin harremanetan jarri dira Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideak, eta ardura haiena ez dela erantzun diete: "Iragarkia jarri besterik ez dutela egiten esan digute; guk nabarmendu diegu beren ardura ere badela iragartzen dituzten etxebizitzek legea betetzen dutela ziurtatzea, baina ez digute gehiago erantzun".

Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideen asmoa da orain arte egin duten azterketa horretan sakontzea, eta, horretarako, herritarren laguntza eskatu dute. "Norbaitek bizi izaten ari den egoera salatu nahi badu, guregana jo dezake, bat egin ahal izateko". Plataformako kideen helbide elektronikoa ondokoa da: bizitzekoaldezaharra@gmail. com.

Alarma egoerak era askotako egoerak utzi ditu agerian, etxebizitzaren esparruan, Molinak azaldu duenez: "Batzuei gertatu zaie etxeko jabeak alokairua murriztea edo hilabete batez ez kobratzea; baina kontrakoa ere bai: ordaintzeko epea luzatzeko eskatu, eta ezezkoa jaso dutenak badira".

Alde Zaharrean antolatuta dauden herritarrek zaintza jarri nahi izan dute erdigunean. Hori da SET sareko kide diren hirien helburuetako bat, hain zuzen ere. Iruñea ere sare horretako kide da. Turistifikazioari aurre egiteko Europako hegoaldeko hirien sarea da SET, eta koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, manifestu bat plazaratu du.

Krisiak desberdinkeriak areagotzeko arriskuaz ohartarazi dute sareko hiriok, eta eskatu dute herriek ez dezatela turismoaren sektorea erreskatatu. "Turismoaren desazkundeari ekiteko garaia da, eta gizarteko geruzarik zaurgarrienak babestuko dituen ongizate politikak lehenestekoa", nabarmendu dute SET sareko hiriek.

Osasuna eta negozioa

Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek sortutako bertze elkarteetako bat da Alde Zaharrean Bizi izenekoa. AZ Ekimenarekin egin du bat proiektu anitzetan, baina bide propioa egin du. Gentrifikazioaren eta turistifikazioaren aurka egiteko elkarte bat da, labur erranda. Oraingo alarma egoeraren testuinguruan beren iritzia zabaldu dute elkarte horretako kideek ere, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko arduradunen adierazpenei erantzunez.

Izan ere, ostalaritzaren arloko enpresariek kezka agertu dute Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko iragarritako neurrien inguruan. Tabernetan eta terrazetan egon daitekeen jende kopurua mugatu dute, bertzeak bertze. Ostalariek salatu dute negozio anitzek ateak itxi egin beharko dituztela, eta egoerari aurre egiteko proposatu dute, adibidez, terrazen eremua handitu ahal izatea.

Alde Zaharrean Bizi elkarteko kideek argi dute alarma egoerak kalte egin diela negozio askori, tartean ostalaritzakoei. Ondorioz, sektoreko langileen inguruko kezka agertu dute; baina argi utzi dute, halaber, ordua dela zehazteko zein neurritan diren "funtsezko eta ezinbesteko" tabernak, jatetxeak, hotelak, turismorako etxeak, bidaia agentziak eta abar. "Gauza bat da langileak ez abandonatzea, eta beste gauza bat da negozioei eustea, kontuan hartuta horietako asko ez direla familia negozio txikiak".

Alde Zaharreko espazio publikoaren okupazioa izan da Alde Zaharrean Bizi taldeko kideek mahai gainean jarri duten auzietako bat, azken urteotan. Oraingo testuinguruan, "egokitzeko beharra" nabarmendu dute, bai eta "guztien osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzekoa ere". Alarma egoera ezarri aurretik ere bazen zer hausnartu hiri ereduari buruz, eta Alde Zaharreko bizilagunak ari dira.

Enegarren kolpea pilotari

Enegarren kolpea pilotari

Edurne Elizondo

Zazpi saio, azken urteotan". Erriberan golf zelai bat eraikitzeko egon diren egitasmoez ari da Eduardo Navascues. Denak hutsean gelditu direla nabarmendu du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideak. Behintzat, orain arte; Tuterako Udalak azken hilabeteotan egindako urratsek, baina, egoera aldatzeko atea ireki dute: hirian golf zelai publiko bat egiteko Graas elkarteak sustatutako asmoa jaso du udalak bere Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategian.

"Erriberan aspalditik egon da jende multzo bat golf zelai bat eraikitzeko asmoa bultzatzen; asmo horren atzean daude eraikuntza enpresen arloko interesekin lotutako pertsonak". Hori argi du Navascuesek, eta horren adierazgarri aipatu ditu mahai gainean egon diren azken egitasmoak: 2000ko hamarkadan, Tuteran, Eco-City proiektua garatu nahi izan zuten, eta helburua zen 3.500 biztanle inguru izanen zituen auzo berri bat eraikitzea, golf zelai batekin, bertzeak bertze; Fontellasen, berriz, Monrepos eraikuntza enpresak herri horretako Cerro Fontellas kirol elkartearekin egin zuen bat, etxebizitzak eta golf zelai bat eraikitzeko.

Bi proiektuon bideragarritasunik ezak utzi zituen hutsean golf zelaia egiteko asmoak; Fontellaskoa egiteko proiektua onartu egin zuen Nafarroako Gobernuak, halere. "Ez zuten egin, behar zuten dirua ez zutelako lortu, baina proiektu horren udalez gaindiko eragina duen plana indarrean da, oraindik ere", gogoratu du Eduardo Navascuesek.

Fontellasko proiektuak huts egin eta gero sortu da Tuterako azkena, Ekologistak Martxan taldeko kideak erantsi duenez. Iazko martxoan, Graas izeneko elkartea aurkeztu zuten Erriberako hiriburuan, Tuteran golf zelai publiko bat egin dezatela eskatzeko. Aurkezpen ekitaldi horretan parte hartu zuten Graas elkarteko presidente Ignacio Lopezek eta Nafarroako Golf Federazioko buru Joaquin Anduezak, bertzeak bertze. "Tuterako UPNko alkate ohi Luis Casado ere han zegoen", gaineratu du Navascuesek.

Casadok 2015ean amaitu zen legegintzaldian utzi zuen postua; duela bost urteko maiatzean egindako hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen, hamabi urtez Tuterako alkate izan eta gero. 2015eko hauteskundeetan udal gobernutik at gelditu zen UPN, eta Ezkerra, Tudela Puede eta PSNk hartu zuten agintea.

Hiruko udal gobernu horrek martxan jarri zuen, berriz ere, 2009tik ukitu gabe egon zen Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzeko prozesua. Lehen urratsa izan zen Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategiaren agiria garatzea. "Legegintzaldia amaitu baino lehen, estrategia behin-behinean onartu genuen", azaldu du hiruko udal gobernuarekin Tuterako ingurumen zinegotzi izan zen Olga Risueñok.

Behin-behinean bai; ez, ordea, behin betirako. Azken urrats hori oraindik ez du egin Tuterako Udalak, hain zuzen ere, eta noiz eginen duten ere ez dago argi, hiriko agintarien jarduera egungo alarma egoerak baldintzatu baitu. Kontua da azken hauteskundeetan Navarra Sumak lortu zuela Tuterako Udaleko agintea, eta koalizio horrek jaso egin ditu, estrategia behin-behinean onartu eta gero, testua moldatzeko egindako iradokizunak. Horietako bat da Graas elkarteak aurkeztutakoa, hirian golf zelai publiko bat eraikitzeko asmoz.

"Egoera ez da samurra guretzat; estrategia guk garatu dugu, baina ezezkoa eman beharko diogu, golf zelaia egiteko aukera zabaltzen badu", nabarmendu du Risueñok. Argi utzi du estrategiak golf zelaia eraikitzeko asmoa jasotzeak ez duela erran nahi proiektua garatu eta gauzatuko dutenik. "Estrategiaren asmoa da zehaztea zer-nolako azpiegiturak nahi ditugun hirian, nolako garapena nahi dugun. Ez gara orain proiektu zehatz bat eztabaidatzen ari". Egoerak, halere, kezka eragin dio Tuterako zinegotziari: "Golf zelai bat egiteko asmoa jasotzen duen estrategia onartuz gero, proiektu hori errealitate bilakatzeko aukerari atea zabaltzen diogu. Ez hori bakarrik; eginez gero, non egonen litzatekeen ere zehazten dugu", azaldu du.

"Egitasmo elitista bat"

"Lotsagarria da. Egitasmo elitista bat da", nabarmendu du Eduardo Navascuesek. 2008. urteko Eco-City proiektua bizi-bizi du memorian, garai horretan egin zuelako bat Erriberako Ekologistak Martxan taldearekin. "Prozesu luze eta gogorra izan zen, baina borroka irabazi genuen", gogoratu du.

Fontellasko egitasmoaren kasuan, arazo nagusia dirua izan dela nabarmendu du Navascuesek. Monrepos eraikuntza enpresa izan zen proiektua bultzatu zutenetako bat, eta etxe hori hartzekodunen konkurtso batean sartuta dela erran du. "Beren hasierako asmoa zen hemezortzi zuloko zelai bat egitea; Cerro Fontellas kirol elkarteak jarriko zuen lurra, eta enpresak obra ordainduko zuen zelaiaren inguruan eraikitako etxebizitzen salmentaren bidez. Gero, zelai txikiago bat egitea proposatu zuten, baina asmo horrek ere ez zuen aurrera egitea lortu", kontatu du Navascuesek.

Golf zelai publikoa

Oraingoan, Graas elkarteko kideek golf zelai publiko bat bultzatu nahi izan dute. "Tuterako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren parte hartzea beharko luke". Graasek duela urtebete eman zuen bere asmoen berri, baina orduan urratsik ez egitea erabaki zuten ekologistek. "Elkarteak nahi duena eskatzeko aukera du". Orain, proiektuaren aurka egitea erabaki dute, Tuterako Udalak asmo hori jaso eta gero proiektua gauzatzeko prozesua martxan jar daitekeelako.

Apirilaren 21ean, Ekologistak Martxan taldeak bilera batera deitu zituen herritarrak, baina ezin izan zuten egin, martxoan osasun krisiak eragindako alarma egoera indarrean sartu eta gero. "Baina ez genuen deus egin gabe egon nahi", erantsi du.

Ekologistek argi dute Erriberako herritarrek golf zelairik ez dutela behar, ezta nahi ere. Aurreko legegintzaldian hamaika bilera egin zituzten Tuterako Udaleko agintariek hiriko herritarrekin eta elkarteekin, Lurralde Antolamenduaren Udal Estrategia prestatzeko, baina egindako bilera eta jardunaldi horietako bakar batean ere ez zuen inork aipatu golf zelai bat egiteko aukera. "300 orriko dokumentu bat osatu genuen, herritarrekin behin eta berriz hitz egin eta gero; Tuteran ez du inork horrelako azpiegiturarik eskatu", nabarmendu du Olga Risueñok.

Graas elkarteko kideek, hasieran, zelaia eraikitzeko balizko hiru toki aztertu zituzten, baina, Tuterako Udalak jasotako iradokizunaren testuan, azkenean bat aukeratu zuten: Valdetellas izeneko eremua. "Ureztatzeko lurrak dira eremu horretakoak; nekazari handientzat balio handiko lurrak, alegia", azaldu du Navascuesek. Ekologistak harremanetan jarri dira jada UAGN sindikatuko arduradunekin, eta, antza, UAGNko kideek ere ez dute ontzat jo Tuteran golf zelai bat eraikitzeko aukera.

Ingurumenaren ikuspuntutik, asmo horrek inolako zentzurik ez duela erran du, argi eta garbi, Eduardo Navascuesek: "Tuteran euri gutxien egiten duen tokietako bat da hori; golf zelai batek behar duen ur kopurua beldurgarria da. Erriberako nekazariak urte luzez aritu dira erraten ura behar zutela beren lurrentzat; Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egin eta gero, agerian gelditu da proiektuon errentagarritasunik eza; lehen faseko nekazari batzuek uko egin diote Itoizko urari, garestiegia delako. Eta orain, zer, eta golf zelai bat egin nahi dute batzuek, pilota bati kolpeak emateko. Ez dute lotsarik", salatu du, gogor, Ekologistak Martxan taldeko kideak.

Ekologistek bilera bat eskatu diete Tuterako Udaleko Hirigintza arduradunei, baina ez dute erantzunik jaso, orain arte. Oraindik ez dute zehaztu Lurralde Antolamenduaren Udal Estrategia behin betiko onartzeko data, baina ekologistak jada alarma egoeran dira.

Joan den paisaiaren bila

Joan den paisaiaren bila

Edurne Elizondo
Baztan-Bidasoko margolariek huts egin diote aurtengo udaberriari. Koronabirusaren pandemiak etxean itxi ditu, eta, ondorioz, ezin izan dute hilabete oroko konpromisoa bete: ezin izan dute kanpora atera margotzera, mihisea eta pintzelak ...