Asteko Gaiak

Berandu baino lehen

Berandu baino lehen

Edurne Elizondo

Etsipen sentipenarekin, baina lanean jarraitzeko asmo garbiz. Halaxe zegoen Itxaso Andres, hilaren 14an, Iruñeko Udaletxe plazan egindako protestan. AZ egitasmoak deitu zuen elkarretaratzera; plataforma horren barruan dago Bizitzeko Alde Zaharra izeneko elkartea, eta talde horretan aritzen da Andres, gentrifikazioaren eta turistifikazioaren aurka. Plazan protesta egiten zuten bitartean, herriko etxean hiriko etxebizitza turistikoen eta hotelen inguruko ordenantza berria onartu zuten udaleko taldeek.

"Ez da nahikoa; ez da ona", laburbildu du Andresek arautegi berriaren mamia. Alde Zaharrean bizitzen jarraitzeko aukera jokoan dela erantsi du, eta neurriak behar direla, berandu baino lehen, turistifikazioaren aurka. "Ez gara Bilbo edo Donostia, baina egungo Iruñea ere ez da duela hamar urtekoa", ohartarazi du.

Ordenantza berriak epe motzerako urratsak baldintzatuko dituela argi du, gutxienez hiru urtez egonen delako indarrean, baina lanean segitzera deitu ditu herritarrak, Alde Zaharreko bizilagunek bizitzeko auzo bat izaten jarrai dezaten. "Oreka behar dugu", berretsi du.

Azken urteotan, Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek jarri dute turistifikazioaren auzia mahai gainean, behin eta berriz. Kezka piztu du turismoaren azken garaiko garapenak, eta, batez ere, etxebizitza turistikoen kopuruak nabarmen gora egin izanak eta jarduera horren gaineko kontrolik ezak. Kezka horrek jo ditu udaletxeko taldeak ere, eta, ondorioz, iazko otsailean, jarduera hori mugatzeko neurriak hartu zituzten, lehendabizikoz. Orduan hasitako prozesua orain amaitu da, hilaren 14ko osoko bilkuran behin betiko ordenantza onartu eta gero.

Bi ardatz nagusi ditu onartutako arautegiak: batetik, etxebizitza turistikoen alokairuaren esparruan, ordenantzak ezarri du eraikinetako lehendabiziko solairuan egon ahal izanen direla, bakarrik; eta, betiere, ezin izanen dutela eraikinaren %25 baino gehiago hartu. Udaletxeko talde guztiek egin dute bat neurri horrekin.

Hirian hotel berriak zabaltzeko aukera ere mugatu du ordenantzak: Alde Zaharreko edozein etxaditan jarri ahal izanen dituzte, baina, edozein kasutan, ezin izanen dute etxadi horren %25 baino gehiago hartu. Neurri horren aldeko botoa eman dute Navarra Sumak, PSNk eta Geroa Baik; EH Bildu, berriz, abstenitu egin da.

Hotelen jarduera mugatzeko onartutako neurria ez da prozesuaren hasieran mahai gainean jarritako bera. Lehendabiziko asmoa izan zen gutxieneko distantzia bat ezartzea hotelen artean. "Egokiagoa zela uste dugu, hiriko erdigunea hotelez ez betetzea bermatzen zuelako", erran zuen EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurreak, joan den asteko osoko bilkuran, bere taldearen abstentzioa azaltzeko.

Bizitzeko Alde Zaharra elkarteko Itxaso Andresek bat egin du. Ez du ontzat jo etxadi bakoitzeko hotel bat zabaltzeko aukera. "%25eko muga jarri dute, baina kontuan hartuta Alde Zaharreko etxadiak handiak direla, bakoitzean hotel bat jar dezakete. Neurriak ez du balio muga bat ezartzeko", salatu du Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak.

Unzuko aterpetxea

Itxaso Andresek adibide bat aipatu du hotelen jarduera mugatzeko aztertutako bi moduen eragina azaltzeko. "Udaletxe plazan hotel bat dago orain; distantziaren araberako muga ezarrita, lehengo Unzuren eraikinean zabaldu nahi duten aterpetxea ezin izanen lukete ireki; etxadi bakoitzeko bat ezartzen duen neurriarekin, berriz, Unzu aterpetxe bilakatzen ahal dute orain, arazorik gabe, ondoan beste hotel bat egon arren".

Aukera hori ematen duelako babestu du neurri hori Iruñeko alkate Enrique Maiak, hain zuzen ere. Hilaren 14ko osoko bilkuran "ontzat" eman zuen ordenantzak "etorkizuneko proiektuei ez eragitea".

Udaletxe plazaren ondoko Mercaderes karrikan da Unzu. Proiektu horren inguruko kezka ez da oraingoa: 2017an, jada, karrikan egin zuten protesta Alde Zaharreko bizilagunek proiektu horren aurka. 275 ohatze eskainiko ditu Unzun egin nahi duten aterpetxeak. Hasieran multinazional baten esku zen proiektua, baina, zarata hastearekin batera, Espainiako enpresa baten esku geratu da. Ereduarekin ere zalantza handiak daude. Hasieran, erromesentzat zen, eta, orain, familientzat omen da. Proiektuaren bultzatzaileek kartelez bete dituzte eraikineko balkoiak. Berdintasuna, Bizikidetza, Akordioa eta gisako hitzak jasotzen dituzten pankartak zintzilikatu dituzte, zehazki. AZ egitasmoko kideek ere Unzura eraman dute haiek egindako kartel bat, onartutako arautegiarekin hiriko Alde Zaharrean egon daitezkeen ostatu plaza guztien berri emateko. Kontua da, Andresek nabarmendu duenez, Alde Zaharra jada "saturatutako eremu bat" dela. "Ez dugu ostatu plaza berri gehiago nahi", erran du auzoko kideak.

Zehaztu du bizilagunek argi dutela turismoak onurak ekartzen dizkiola hiriari, baina ez dira prest, ordea, turismoaren zama guztia beren bizkar hartzeko: "Batetik, beste auzoek ere izan behar dutelako aukera turismoa aprobetxatzeko; bestetik, ezin dugulako onartu hirian egiten diren jarduera guztiak Alde Zaharretik pasatzea. Paseatzeko eta ongi pasatzeko auzoa da gurea, baina bai eta bizitzeko ere; eta bizitzeko baldintzak behar ditugu".

Legez kanpoko jarduera

Iruñeko udal ordenantzak etxebizitza turistikoen jarduera arautzea du helburu, baina legez kanpo ari direnen erregistroa sortzeko urratsik ez duela egin erran du Itxaso Andresek. "Informazioa falta zaigu, ez dugu datu zehatzik, eta udalak ez du neurririk hartu legez kanpo ari diren etxebizitzak identifikatzeko", erran du.

2017. urtean, ikerketa egin zuen Iruñeko Udalak, eta hirian 227 etxebizitza turistiko inguru legez kanpo ari zirela ondorioztatu zuen. Etxebizitza horiek, denera, 790 ostatu plaza zituzten. Etxebizitza horietako %34 zeuden Alde Zaharrean.

Urte bereko datuen arabera, legez 149 etxebizitza turistiko ari ziren Iruñean, 939 ostatu plazarekin. Kopuruak gora egin du, geroztik. 2018ko datuen arabera, Nafarroan 700 etxebizitza turistiko inguru dago, eta haietako 201 daude Iruñean. Iruñeko etxebizitza turistiko gehienak, gainera, Alde Zaharrean dira: %47, zehazki. "Gure auzoan, ostatu plaza bat dugu 5,4 biztanleko; gainerako auzoetako batezbestekoa da, berriz, ostatu plaza bat 38 biztanleko", azaldu du Itxaso Andresek.

Horregatik salatu du Alde Zaharra saturatutako eremua dela. Ez dira iritzi berekoak, ordea, Naparture Nafarroako Etxebizitza Turistikoen Elkarteko kideak: "Legez ari diren etxebizitzek ez dute arazorik eragiten; arazoa dira inolako kontrolik gabe ari diren legez kanpoko etxebizitzak; kontrolik ezak eragiten du auzoa saturatuta egoteko sentipena", erran dute.

Elkarteak ere ez du ontzat jo Iruñeko Udalak onartutako ordenantza. Ez dituzte, halere, Alde Zaharreko bizilagunek mahai gainean jarritako arrazoiak arautegi berriaren aurka egiteko. Elkarteko kideentzat arazo nagusia da jabe txikiei egiten diela kalte ordenantza berriak, eta mesede egiten diela, aldiz, enpresa handiei.

Enpresa handiei mesede

"Etxebizitzen esparrua anitz mugatu du arautegiak; eraikin oso bat erosteko aukera izanen duten jabe handiei egiten die mesede. Berriz ere, laguntzarik behar ez dutenak laguntzen ditu ordenantzak", salatu dute elkarteko arduradunek. Alde horretatik, Napartureko kideek argi utzi nahi izan diete Alde Zaharreko bizilagunei enpresa handi horiek direla denek duten etsai komuna. "Ez lukete gure kontra egin behar; benetako arriskua dira Unzuren gisakoaren proiektuen atzean daudenak".

Ordenantza izatea, halere, positibotzat jo dute elkarteko arduradunek, haien ustez lagunduko duelako legez kanpoko jarduerari aurre egiten. "Orain, behintzat, badugu erabil dezakegun araudi bat; denok bete beharko ditugu udalak mahai gainean jarri dituen joko arauak", nabarmendu dute Naparture elkarteko arduradunek.

Etxebizitza turistikoen inguruko joko arauak onartu eta gero, lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideek. Itxaso Andresek salatu du, hain zuzen ere, arazo anitz eragiten dituela jarduera horrek auzoan. "Ez da bakarrik turisten kopuruak gora egitea; auzoa turistentzat izateak ekartzen du alokairuek gora egitea. Gertatzen ari da, jende askok alde egin behar izan du. Horrek bizilagunen egunerokoari eta auzoko denda txikiei eragiten die", azaldu du. Funtsean, "auzo eredua" dago jokoan.

Bizitzeko auzo bat nahi dutela argi du Andresek; eta oreka behar dutela horretarako. "Jarraituko dugu auzoak dituen arazoak mahai gainean jartzeko eta lantzeko lanean", erantsi du.

Iruñeak onartu du etxebizitza turistikoen inguruko bere ordenantza, jarduera hori orain arte baino gehiago mugatzeko asmoz. Iruñetik kanpo, Nafarroako Gonernuak eta Espainiako Gobernuak onartutako zuzentarauak daude indarrean, Napartureko kideek azaldu dutenez. Gora egin du etxebizitza turistikoen kopuruak, herrialdean, azken urteotan, eta gora egin du, halaber, jarduera horren inguruko kezkak herritar anitzen artean.

Oroitzapenak jotzeko notak

Oroitzapenak jotzeko notak

Edurne Elizondo

Hatz batek piano bateko tekla jotzen duen bezala: halaxe jotzen ahal du musika nota jakin batek pertsona baten burmuinean gordetako oroitzapen jakin bat.

Garuneko kortex prefrontalaren erdialdea da musika gordetzen den tokia, eta hor daude emozioak eta oroitzapenak ere. Denak lotzea du xede musika terapiak, alzheimerra eta antzeko dementziak dituzten gaixoekin. Afan alzheimerra dutenen senitartekoen elkarteak tailerrak antolatu ditu, herriz herri, hori egiteko. Isabel Laranjeira eta Jose Landa adituak dira arduradunak; urrian jarri ziren martxan, eta abenduaren 17ra bitarte ariko dira lanean.

"Hitz egiteko gai ez dena, bat-batean, abesten hasten ahal da". Musika terapiak lor dezakeena kontatzen duenean, zirrara sumatzen zaio ahotsean Laranjeirari. Iruñeko Erruki Etxeko zaharrak artatzen ditu, duela 11 urtetik. Danbor baten hotsak pizten dituen memoriek hunkitzen dute; musikak gizakien burmuinean eragiteko duen gaitasunak liluratzen du. "Alzheimerrak jo dituenen bizi kalitatea hobetzea da helburu nagusia; gaitza ezin dugu sendatu, baina mantsotzen ahal ditugu haren ondorioak", nabarmendu du Laranjeirak. Musikak lortzen ahal du bertze zerbait ere: "Komunikaziorako esparru bat ematen die gaixoei; hitza ez dagoen tokian, musika egon daiteke", erantsi du.

Nafarroan, 5.500 pertsonak dute dementziarekin lotutako diagnostiko bat; dementzia horren eragile nagusia alzheimerra da: kasuen %70ean dago, hain zuzen ere. Gaitzak emakumeak jotzen ditu batez ere, andreak gehiago bizi direlako. Herrialdean, dementzia duten 5.500 pertsona horietatik %70 emakumeak dira.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jarri ditu datu horiek guztiak mahai gainean. Argi utzi du, gainera, alzheimerra dutenen kopuruak gora eginen duela; batetik, populazioa zahartzen ari delako, eta, bertzetik, diagnostikoa egiteko gaitasunak hobera egin duelako. Hala eta guztiz ere, alzheimerrak jota dauden pertsona anitzek ez dakite gaitz hori dutenik, oraindik ere. Hainbat ikerketaren arabera, gaixo direnen %50ek ez dute diagnostikoa jaso.

Taldeka eta banaka

"Munduan kokatzeko aukera ematen die musikak alzheimerra dutenei". Horixe erran du Isabel Laranjeirak, eta azaldu du munduan kokatze horrek zer ekartzen duen: "Alzheimerra dutenak, neurri handi batean, beren gaixotasuna bilakatzen dira; hau da, gaitzak dena hartzen du. Musika terapiaren bidez, lortzen ahal dugu gaitza alde batera uztea denbora batez. Alzheimerra duenak errealitate propio bat bizi du, baina errealitate hori existitzen da".

Gaixo denaren emozioak balioestea hagitz garrantzitsua dela erran du Laranjeirak, bide horretan. Emozio horiek adierazteko bidea ematen du musika terapiak, hain zuzen ere. Taldeka eta banaka artatzen ditu Laranjeirak gaixoak. Modu batera edo bertzera, metodologia antzekoa da, baina ez berdina. Banakako lana, batez ere, gaitza hagitz garatua dutenekin egiten du. Taldekako saioetan, gaixoen artean sortzen den harremana ere terapiaren zati bilakatzen da, azaldu duenez. "Elkarri egiten diote so, elkar entzuten dute; nota batek aspaldiko kanta bat ekartzen ahal du gogora, bai eta kanta batekin lotutako une edo oroitzapen jakin bat ere", gaineratu du musika terapeutak.

Tresna bat da, finean, gaixotasuna duenarentzat, bai eta zaintzaileentzat ere. "Komunikazioa errazten du, eta gaitasunei eusten laguntzen du. Hobeki sentitzea da kontua". Zaintzaren esparrua ongi ezagutzen du Laranjeirak, bere ama jo baitu alzheimerrak. Gaitza dutenekin lan egiteko arrazoietako bat da hori, hain justu. Musika terapiaren berri izan zuen, eta sakontzen eta trebatzen hasi zen. Ia hamarkada bat egin du lanean jada. Zaintzaileak eta medikuak ditu bidean laguntzaile. "Musikaren onurak agerikoak baitira denontzat".

Baloikadak ahanzturaren aurka

Baloikadak ahanzturaren aurka

Edurne Elizondo

Bestaren gainetik, aldarrikapena. Osasunako zaleen egunak kutsu berezia izan du aurten, Sadar Bizirik plataformak aukera aprobetxatu baitu 1936an fusilatutako futbol taldeko kideak omentzeko: ehunka pertsonak egin zuten bat, igandean, Iruñeko Burguen plazan, Eladio Zilbeti, Natalio Cayuela, Ramon Bengarai, Fortunato Agirre eta Andres Jaso gogoratzeko; eta ez ahazteko, halaber, gorritxoen futbol taldea sortzeko bidean kideok eta altxamendu militarraren errepresioa pairatu zuten bertze anitzek egin zituzten urratsak.

2020. urtean mendeurrena ospatuko du Osasunak. Duela ia ehun urte, 1920. urteko udazkenean, jaio zen taldea, Iruñeko Gazteluko plazan, Kutz izeneko kafean. Fortunato Agirre eta Eladio Zilbeti izan ziren sortzaileetako bi. Sportiva eta New Club taldeak elkartuta sortu zuten Osasuna. Donibaneko zelaia 1922an ireki zuten, eta Espainiako Ligan 1928an egin zuen debuta Iruñeko taldeak, hirugarren mailan. Lehen mailan aritu ziren gorritxoak 1934-1935eko denboraldian, lehendabiziko aldiz. Hurrengo denboraldian jaitsi ziren, berriz ere, zehazki 1936ko apirilean. Zelai barruko arazoak, halere, hutsean gelditu ziren urte horretako udan, uztailaren 18ko altxamendu militarrak eztanda egin eta gero.

Nafarroan ez zen gerra fronterik izan, baina Francoren altxamenduak errepresio latza eragin zuen herrialdean, eta 3.500 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten. Iruñean bakarrik, 298 gizon eta bi emakume hil zituzten. Zerrenda horretan daude Osasunaren historiarekin estuki lotutako lau pertsona: Ramon Bengarai, Natalio Cayuela, Fortunato Agirre eta Eladio Zilbeti. Igandeko omenaldiak laurak gogoratu zituen, bai eta Andres Jaso ere, Asturiasen (Espainia) gertatutako bonbardaketa batean hildakoa; Osasunako jokalaria izan zen Jaso, 1930-1931ko sasoian.

"Osasun ariketa bat"

"Justizia eta memoria demokratikoko ariketa bat da izen horiek gogoratzea; mahai gainean jartzea beren historiak eta beren ideiak, bai eta beren sufrimendua ere; taldearen izenari so eginez, osasun ariketa bat bada". Horixe nabarmendu du Nafarroako historialari talde batek, Sadar Bizirik plataformak egindako omenaldiaren harira. Roldan Jimeno, Fernando Mendiola, Patxi Ozkoidi eta Mikel Lakasta historialariek sinatu dute frankismoak jo zituen Osasunako kideak gogoratzeko argitaratu duten testua, Osasunaren Memoria kolektiboko kide Mikel Huarterekin batera.

Memoria astindu nahi izan dute historialariok; eta memoria astintzeko ekinaldia izan zen, halaber, igandeko omenaldia. Ez da izan azken hilabeteotan Osasuna taldeko iraganari so egiteko antolatutako bakarra, gainera. Sare sozialen bidez ere, izan ere, azken hamarkadetako isiltasuna apurtu nahi izan dute Sadar Bizirik plataformako eta Futbola Ere Lapurtu Ziguten ekimeneko kideek. Klubaren mendeurrenarekin lotu nahi dituzte frankismoak hildako Osasunako kideak gogoratzeko urratsak, biktima guztiek eta beren senideek aitorpena jaso dezaten.

"Isiltasunak luze iraun du, eta bada garaia atzean uzteko", nabarmendu zuten Sadar Bizirik plataformako arduradunek, igandean, Burguen plazan egindako omenaldian. Han izan ziren Agirre, Bengarai, Cayuela, Jaso eta Zilbetiren senideak, eta, haiekin batera, ehunka herritar eta memoria historikoaren esparruan lanean ari diren hainbat talde eta eragile. Sadar Bizirik taldeko kideek argi utzi zuten ez ahaztea helburu hartu duten memoriaren esparruko elkarte horiei esker ezagutzen direla, egun, orain arte ezkutuan egon diren historiak eta istorioak. "Osasunako kideon ibilbideak aztertuz gero, argi dago konpromiso garbia zutela justiziarekin eta askatasunarekin".

Konpromiso hori gogoratu, nabarmendu eta eskertu behar dela argi dute Sadar Bizirik plataformako kideek, eta bertze zale gorritxo anitzek ere; eta argi dute mendeurrenak emanen duela horretarako aukerarik egokiena. Proposamen zehatza egin diote Osasunari: hildako kideen senideek egin dezatela ohorezko sakea Sadar zelaiko partida batean, mendeurrenaren sasoian. Gorritxoen zuzendaritzako kide Cesar Muniainek zuzenean jaso du proposamena, Burguen plazako omenaldian izan baitzen, igandean. Taldeari dagokio orain hurrengo urratsa egitea. Asteon, Osasunako presidente Luis Sabalzak erran du taldea aukera "aztertzeko prest" dela, hain zuzen ere. Zehaztu du, halere, Ligaren baimena beharko dutela. Taldearen historian parte hartu dutenak gogoratzea "ontzat" jo du Sabalzak, eta Osasuna liburu bat prestatzen ari dela erantsi du. Bertzeak bertze, frankistek fusilatutako kideen bideaz ariko da lan hori, azaldu duenez.

Kartzela eta erbestea

Futbolaren mundua anitz aldatu da, Kutz kafean egindako bileretan lagun talde batek Osasuna sortu zuenetik. Taldearen lehen etapaz gozatu zuten Bengaraik, Agirrek, Jasok, Cayuelak eta Zilbetik; frankisten altxamenduak eta errepresioak hutsean utzi zituzten haien asmo eta proiektu guztiak. Ez ziren diktaduraren indarkeria sufritu zuten bakarrak izan: Osasunako bertze hainbat kide atxilotu zituzten, eta erbestera ihes egin behar izan zuten, bizia salbatzeko.

Osasunako entrenatzaile izan zen Emilio Urdiroz, eta Andres, Rafael eta Filomeno anaiekin espetxeratu zuten. Filomeno fusilatu egin zuten. Kartzelan sartu zituzten, halaber, Osasunako zuzendaritzako kide izandako Francisco Indabe, Federico Rosas eta Carmelo Monzon. Monzonek sei urte eman zituen espetxean, hain zuzen ere.

Vicente Rei Osasunako masajista izan zen. Errepublikanoen esku zen eremura ihes egitea lortu zuen, hasieran. Erbestera atera, baina Gurseko kontzentrazio esparruan itxi zuten, azkenean.

Jokalarien artean ere sasoi iluna izan zen 1936ko altxamenduak eragindakoa. Txomin Meaurio, adibidez, Ezkabako gotorlekura eraman zuten preso, eta sei urtez izan zen han. Juanin Bilbao eta Julian Tell Perez ere espetxeratu zituzten. Osasunako lehendabiziko presidente izandako Eduardo Aizpunek, berriz, erbestera bidea hartu behar izan zuen; taldeko presidenteorde izandako Augusto Bizkarrak ere ihes egin behar izan zuen. Humbelino Urmenetak ez zuen lortu. Atxilotu egin zuten, eta Ardura Politikoen Epaitegiak isuna jarri zion. Urmenetak diseinatu zuen Osasunaren armarria.

Osasunako kideon guztion senideek ere pairatu behar izan zuten frankismoaren errepresioa. Eta, gero, isiltasuna. Ahanztura. Horren aurka egin nahi dute orain zale gorritxoek. Isiltasuna atzean uzteko eta memoria erdigunean jartzeko baloikada eman nahi dute, Sadarren. Ehun urte balio duen sakea eginez.

Jokoak jolas izaten jarrai dezan

Jokoak jolas izaten jarrai dezan

Edurne Elizondo

Ludopatiak jo dituenak artatzen dituztelako badakite. Bazekiten. Aspaldi hasi zen Aralar elkartea kirol apustuen eta zorizko joko berrien arriskuaz ohartarazten. Administrazioak, baina, ez du serio hartu abisua. Orain arte: departamentu arteko batzordea osatu du Nafarroako Gobernuak, batetik, legea egokitzeko; bertzetik, Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu dio araudia moldatu arte, behin-behinean, joko areto gehiago zabaltzeko lizentziarik ez emateko. Gobernuak onartu du eskaera, eta asteon iragarri du sei hilabeteko moratoria jarriko duela martxan. Iruñeko Udalak ere auzia aztertzea erabaki du, EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartuta.

Azken urteotan, aldatuz joan da Aralar elkarteko profesionalengana eta boluntarioengana laguntza bila joan direnen soslaia: "Gero eta gazteagoak dira, eta prozesu gero eta azkarragoen biktima", azaldu du Aralar elkarteko kudeatzaile Sergio Garciak. Datu argigarri bat jarri du mahai gainean: "Lehen, txanpon-makinetan aritzen zenak 5-8 urte behar zituen ludopata bilakatzeko; orain, kirol apustuetako aretoetan eta gisakoetan aritzen direnak sei hilabetean edo urtebetean bihurtzen ahal dira ludopata". Jokoak jolas izateari uzten dionean sortzen dira arazoak. Iaz, Aralar elkarteko kideengana jo zutenen %35 aritzen ziren kirol apustuetan eta sarearen bidezko jokoetan. "Gehienek 35 urte baino gutxiago zituzten", erantsi du Garciak.

Errealitate horri aurre egiteko, herritarrak hasi dira administrazioa baino lehen antolatzen. Iruñerrian hamaika plataforma sortu dituzte, azken hilabeteotan. Karrikara atera dute gaia, eta mahai gainean jarri dute arazoari buruzko eztabaida. Erakunde publikoak "mantso" aritu direla argi dute.

Urte hasieran, hain zuzen ere, orduko Nafarroako Gobernuko Joko eta Ikuskizun Publikoetako atalburu Miguel Angel Marzabalek BERRIAn erran zuen "gehiegikeria eta gezur ugari" erran direla jokoaren inguruan: "Azken urteetan, elur bola baten antzera hazi da kontua, eta jendea arrazoi objektiborik gabe asaldatu da". Apustuen sektorearen hazkunde bizkorrari buruz, Marzabalek adierazi zuen "merkatuaren gorabehera bat" besterik ez zela: "Azken urteetan, joko mota batzuk hazi egin dira, eta beste batzuk, murriztu. Baina kopuru orokorrei erreparatuta, ez dirudi apokalipsi baten aurrean gaudenik, inondik inora ere".

Nafarroan, 2006. urtekoa da jokoari buruzko legea. 2010ean, araudi hori garatzeko bi dekretu onartu zituen gobernuak. Haietako batek eman zien bidea kirol apustuak egiteko aretoei. Geroztik, etengabe egin du gora apustu etxeen kopuruak. 2010etik 2018ra, hain zuzen ere, bikoiztu egin da: 2010ean 28 apustu eta joko etxe zegoen herrialdean; 2018an, berriz, 61. Haietako 41 Iruñean daude. "Bartzelonan, zorizko jokoarekin lotutako etxeentzako 53 lizentzia badaude. Iruñean dugun apustu etxeen kopurua ikaragarria da", salatu du Sergio Garciak.

356 milioi euro

Aralar elkarteko kideak "ikaragarritzat" jo du, halaber, kirol apustuak egiteko aretoen atzean mugitzen den dirua. "Espainian, negozio horretan ari diren enpresek 300 milioi euro gastatzen dute, urtean, publizitatean. Pentsa zenbat irabaziko duten!". Nafarroan ere, interes ekonomikoa dago apustu etxeon atzean. "Ezin dugu ahaztu gobernuak ere, zergen bidez, jasotzen duela bere zatia", azaldu du Sergio Garciak.

Iaz, nafarrek 356 milioi euro gastatu zituzten zorizko jokoetan, loterietan eta apustuetan. Kopuru horrekin goia jo du herrialdeak: %4 egin du gora, 2017ko kopuruarekin alderatuta. Kirol apustuen arloan, zehazki, 86,4 milioi euro gastatu zituzten herritarrek, 2017an baino %16,8 gehiago, hain zuzen ere.

Kirolbet eta Codere dira Nafarroan kirol apustuen arloan aritzen diren enpresetako bi. Biek dute etxe bana Iruñeko Sanduzelai auzoan. Bizilagunek plataforma sortu zuten ekainean, eta, geroztik, hirutan egin dute protesta kirol etxeon aurrean. Joan den astean egin zuten azkena. Txema Barea plataformako kidea da, eta argi eta garbi erran du helburu hartu dutela kirol apustuen etxeak ixtea. "Debeka ditzatela nahi dugu; gure auzoan ez dugu nahi kirol apustuak egiteko etxerik, eta beste inon ere ez".

"Gazteen egoerak kezkatzen gaituelako gaude hemen, karrikan; arrisku handia dute kirol apustuak egiteko etxeetan. Familiak suntsitzen ahal dira jokoaren erruz". Mezu hori jarri nahi izan zuen erdigunean Consuelo Artieda Sanduzelaiko bizilagunak, joan den asteko manifestazioan. Ontzat jo zuen plataforma osatu izana, eta erakunde publikoei eskatu zien "esku hartzeko".

"Gazteena hagitz sektore ahula da", berretsi du Aralar elkarteko Sergio Garciak. Hori dela eta, kirol apustuen eta zorizko jokoen arloa arautzeko beharra nabarmendu du. "Jokoa, bai eta joko horren inguruko publizitatea ere", erantsi du. "Gazteek miresten dituzten pertsonak erabiltzen dituzte enpresek, apustu eginez gero aberats izanen direla saltzeko". Osasuna futbol taldeak, adibidez, Kirolbet etxearen publizitatea du elastikoan. Gorritxoek erabaki dute aztertuko dutela kentzeko aukera.

Garciak azaldu du enpresek "hagitz ongi diseinatutako estrategiak" erabiltzen dituztela non eta nola ezarri erabakitzeko: "Langileen auzoetan zabaltzen dituzte beren egoitzak; kirol apustuak egiteko etxe anitzek makinarik gabeko areto bat dute sarreran, badakitelako adingabeak arazorik gabe egon daitezkeela hor. Kontua da behin hor egonda anitzez ere errazagoa dela jokatzeko urratsa egitea".

Adingabeek legez ezin dute apusturik egin, baina egiten dituztela argi dute Aralar elkarteko kideek. Beren lanak horixe erakusten die. "Ezin dugu ahaztu erakunde publikoek ez ezik, gazte adingabe horien gurasoek ere badutela ardura", nabarmendu du.

Ardura kolektibotzat jo dute Sanduzelaiko joko aretoen aurkako plataformako kideek beren lana. "Herritarrok mugitzen ez bagara, ez da deus lortzen. Beti izan da horrela, eta auzi honetan ere karrikara atera behar izan dugu", salatu zuen Pilar Consuelok, joan den asteko protestan.

Sanduzelaiko bizilagunek hasitako bidea jarraitu dute Iruñeko bertze hainbat auzok ere, bertzeak bertze Txantrean, Mendebaldean, Buztintxurin eta Arrotxapean; bai eta Iruñerriko bertze hainbat herritan ere, tartean Eguesibarren eta Uharten. "Administrazioa hasi da urratsak egiten, eta ontzat jo dugu lizentzia gehiago emateko prozesuak bertan behera utzi izana; hala ere, gure lana da presionatzen jarraitzea, eta hori eginen dugu", nabarmendu du Txema Bareak.

Presio hori beharrezkoa dela argi du Aralar elkarteko kudeatzaileak. Orain arteko legeak ezer gutxi arautzen duela salatu du, eta araudi zorrotzago bat eskatu du. "Egungo legeak ez du mugarik ezartzen", salatu du. Kirol apustuak egiteko etxeetan sartzeko, adibidez, nortasun agiria erakustea ez da beharrezkoa. "Apustua egiteko bai, ustez; baina sartzeko ez da deus behar", azaldu du. "Ostatu eta kafetegietan ere badaude kirol apustuak egiteko makinak".

Elortzibarko Udalaren ordenantza da apustu etxeen jarduera gehien mugatzen duena, Sergio Garciaren hitzetan. "Zehazten du ikastetxeetatik gutxienez 400 metrora egon behar dutela, adibidez". Uharten herritarrek plataforma sortu dute apustu etxe bat zabaldu nahi dutelako. Udalak zehaztu du ezin duela baimena ukatu, ordenantzarik ez duelako. "Legeak eta ordenantzak behar ditugu, etxeon jarduera behar den bezala mugatzeko", berretsi du Sergio Garciak. Debekua nahi dute Sanduzelain, eta aisialdirako bertze alternatibak bultzatu.

Mende laurdena taupadaka

Mende laurdena taupadaka

Edurne Elizondo

Bihotza: erdian dagoelako, eta eraikin bizia delako, Francisco Javier Saenz de Oiza arkitektoak diseinatutakoa. Duela hogeita bost urte hasi zen taupadaka NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko campuseko liburutegia, eta, egunotan, mende laurdena bete duela ospatu dute eraikineko langileek eta erabiltzaileek. 1992. urtean hasi ziren egoitza eraikitzen, eta handik bi urtera amaitu zituzten obrak, 1994. urtean.

NUPeko liburutegiak, halere, lehenago egin zituen bere lehendabiziko urratsak. Nafarroako Parlamentuan sinatu zuten unibertsitate publikoa sortzeko lege proiektua, 1987ko apirilaren 21ean, eta 1989-1990 ikasturtea izan zen erakunde horren lehendabizikoa. Garai hartan, Sario eraikineko areto batean ziren liburuzainak, hori izan baitzen NUPen aurreneko egoitza.

Concha Guijarro orduan hasi zen liburutegian lanean; hasieran, bakarrik aritu zen. "Paper batean jasotzen nituen erositako liburuen izenak. Dena hutsetik hasi behar izan genuen", gogoratu du. Liburutegiko zerbitzuen saileko buru da orain.

Sariotik NUPeko ikasgelategira mugitu zuten liburutegi zerbitzua, Guillermo Sanchezek sail horren ardura hartu eta gero. Eta handik, azkenean, oraingo egoitzara eraman zuten; azken hogeita bost urteotako egoitzara, alegia. 1994. urtetik, Arrosadiko campuseko eraikinak azalari eutsi dio, baina haren mamia etengabe joan da aldatuz eta garaian garaiko beharretara egokituz.

Behar horiek bereziki baldintzatu ditu azken urteotako digitalizazio prozesuak. Hainbat datuk agerian uzten dute digitalizazioaren eraginak zenbateraino aldatu duen liburutegiko kideen egunerokoa, hain zuzen ere: 1994an, hamasei ordenagailu zeuden eraikinean; egun, berriz, 197; liburutegia zabaldu zutenean, ez zen liburu elektronikorik; denek zuten papera euskarri: 140.079 ziren hasieran; orain, berriz, 443.137 dira, eta liburu horien guztien %21 elektronikoak dira. Aldea nabarmena da, batez ere, aldizkari elektronikoen arloan: 1994. urtean bakar bat ere ez zegoen; orain, berriz, liburutegiak dituen 11.584 aldizkarien %95,7 dira elektronikoak.

"Digitalizazioaren eraginak ekarri du aldaketarik handiena NUPeko liburutegira". Horixe nabarmendu du Carmen Etxeberria zuzendariak. 2007. urtetik ari da erakunde horretan lanean, eta joan den irailetik liburutegiko buru da. Eskertu du unibertsitateak egunotan liburutegiko kideen lanari egindako aitortza. Liburutegia ikasle eta irakasleen topagune dela erran du, eta espazio horretan liburuzainak bilakatzen direla ikasleon eta irakasleon laguntzaile eta aholkulari; elkarlanerako espazio bat dela, beraz, liburutegia.

NUPeko liburutegian ari diren profesionalen sareak ia 70 kide ditu. Arrosadiko campuseko eraikina da mende laurdena bete berri duena, baina unibertsitate publikoak bertze bi liburutegi ditu: bat Osasun Zientzien Fakultatean, Iruñean, eta, bertzea, berriz, NUPek Tuteran duen campusean.

Angela Berasategik, Carlos del Campok eta Maria Jose Quintanak Arrosadiko eraikina dute lantoki, baina egoitza hori egin aurretik bilakatu ziren NUPeko liburuzain, Concha Guijarro bezala. Berasategi Ruiz 1992. urtetik ari da NUPen lanean. Egun, ikerketarako bildumen zerbitzuko burua da. Urtebete lehenago ailegatu ziren Del Campo eta Quintana NUPera, 1991. urtean. Liburutegiko irakasleak eta ikerlariak laguntzeko zerbitzuko arduraduna da Del Campo, eta erosketen zerbitzukoa, berriz, Quintana. Liburutegiarekin batera egin dituzte azken hogeita bost urteotako urratsak, eta nabarmendu dute etengabe "aldatzen eta moldatzen" ari den tokia eta zerbitzua dela. "Guk ere, ondorioz, etengabe moldatu behar izaten dugu gure lanak eskatzen dizkigun elementu berrietara", erran du Del Campok.

Espazioak moldatu

NUPeko liburutegiaren jardueran, ikerketaren esparruak toki gero eta nabarmenagoa hartu du. Horrek eragin du, batetik, espazioa aldatu behar izatea. Lehen, liburutegia "Isiltasun eremu bat zen, baina hori aldatu egin da: taldean aritzeko toki bilakatu da; elkarrekin hitz egitekoa eta lan egitekoa, alegia", azaldu du Ana Amigotek, liburutegiko zuzendariordeak. "Hainbat aretotan, mahaiak kendu, eta besaulkiak jarri ditugu". 2002tik ari da Amigot NUPen, eta irailetik liburutegiko zuzendariordea da.

Bertzetik, ikasleek eta irakasleek talde lanak eta ikerketak egiteko duten behar gero eta handiagoak eragin du liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak egokituz joatea. Erabiltzaileek lanerako eta ikerketarako materiala bilatzen dute, eta behar duten informazio digital hori aurkitzeko eta eskuratzeko prestakuntza eskaintzen dute liburutegiko profesionalek, gero eta gehiago.

Liburutegia gero eta "birtualagoa" da, nolabait erranda, langileek nabarmendu dutenez. Errealitate hori ederki islatzen dute maileguen inguruko datuek, hain zuzen ere: liburutegiaren hastapenetan, NUPen urtean 62.480 liburu inguru ematen zituzten maileguan; gaur egun, mende laurdena joan eta gero, behera egin du kopuru horrek, eta 58.265 inguru dira urtean maileguan ematen diren liburuak. Liburutegiko materiala begiratzeko eta jasotzeko bertzelako moduak daude orain, ordea: urtean 676.750 dokumentu elektroniko jaisten dituzte NUPeko liburutegiko erabiltzaileek, hain zuzen ere.

Zerbitzuak egokitu

"Puntakoa izan da liburutegia, hasieratik". Hori argi du Guijarrok. Ontzat jo du NUPek liburutegi nagusi eta zentralizatu baten aldeko apustua egin izana. "Bertze unibertsitate askotan ohikoena zen fakultate bakoitzak bere liburutegia izatea; hemen bertze bide bat egin zuten, eta liburutegi sendo bat sortu zuten. Erabiltzaileek zerbitzu guztiak dituzte toki berean eskura", azaldu du liburuzainak.

Hasieran, halere, Saenz de Oizaren eraikina zutik izan arte, espazio falta izan zen arazo nagusietako bat, eta departamentuka banatu zituzten liburutegia eskuratuz joan zen liburu bildumak. "Aurten, oraindik ere, bilduma horietako hainbat berreskuratzen aritu gara", erran du Ana Rosa Casimiro liburuzainak.

Ikerketa bildumen artean egin ditu Casimirok urte gehienak, 1996an NUPeko liburutegira ailegatu zenetik. Orain kontrol bibliografikoko arduraduna da. Ilusioz gogoratu ditu hasierako lan haiek. "Liburutegi bat sortzea proiektu biziki aberasgarria izan da".

Lankideek gogo eta ilusio bera dutela berretsi dute. "Liburutegia espazio berezi bat da: eraikin bizi bat. Mugimendu handia dago. Hemendik pasatzen dira unibertsitateko kide guztiak", erran du Quintanak.

Del Campok, zehazki, NUPeko lehen mailako ikasle guztiekin du harremana, guztiei eskaintzen dielako unibertsitateak informazioaren esparruan gaitasunak garatu ahal izateko formakuntza saioa. "Gure zerbitzuak du formakuntza horren ardura. Dauden baliabideen berri zabaltzea eta baliabide horiek erabiltzen ikastea da kontua. Ez hori bakarrik, ikerketa lanetan ere babesa eta laguntza ematen baitiegu irakasleei", gaineratu du.

Del Campok argi du aldaketa nagusia liburutegiko erabiltzaileek eskura dituzten tresnetan gertatu dela: "Bibliografia bilatzeko tresnen esparrua izugarri aldatu da azken urteotan; klik bakar baten bidez, munduko hamaika txokotan argitaratu denaren berri jaso dezakete ikasleek eta irakasleek". Hasieran, paperezko euskarritan ziren argitalpen horien zerrendak, eta liburutegian kontsultatu behar zituzten ikerlariek. Disko konpaktuen gisako euskarriak izan ziren hurrengo urratsa, baina horiek ere liburutegian egoten ziren. "Orain, ikerlariak etxetik egin ditzake kontsultak".

08:00etan zabaltzen ditu ateak Arrosadiko campuseko liburutegiak, eta 21:30ean ixten ditu. Ikasleak taldeka elkartu ahal izateko 24 areto ditu, gaur egun. Ikasleen eta irakasleen joan-etorria etengabekoa da Saenz de Oizak diseinatutako eraikinaren inguruan. NUPeko bihotza da liburutegia, eta indar handiz ari da taupadaka.

Dagoena kendu, eta deus ez jarri

Dagoena kendu, eta deus ez jarri

Edurne Elizondo

Azalpenik eman gabe. Iruñeko Udalak, bere kabuz, bertan behera utzi du Yoar elkartearekin zuen akordioa, Arrosadiko migratzaile ijito errumaniarrak artatzekoa. Iazko urrian sinatu zuten kontratua kolektibo horrek eta orduan Joseba Asironek (EH Bildu) zuzentzen zuen udal gobernuak. Urte baterako zen, bertze urtebetez luzatzeko aukerarekin. Lehen hamabi hilabeteak pasatuta, hutsean utzi du Enrique Maia (Navarra Suma) buru duen oraingo udalak.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak haurren lagun izendatu zuen Iruñea, urtarrilean. Hiriko agintariek Arrosadiko eta Azpilagañako umeekin kezka handirik ote duten zalantzan jarri dute Yoar elkarteko kideek, ordea, taldeak auzo horietako haur eta gazteekin egiten duen lan guztia gelditu baita kolokan, udalarekin zuten kontratua bertan behera gelditu eta gero.

Yoar elkarteko arduradunek argi dute arretaren kalitateak behera eginen duela, eta behera eginen duela, halaber, beren programetan hartu ahal izanen dituzten pertsonen kopuruak. Kontratua ez berritzeak ekarri baitu, jada, hilaren 17tik aurrera, hiru pertsona gutxiago ariko direla lanean taldean.

"Ez digute azaldu zein den kontratua ez berritzeko arrazoia; programari buruzko ebaluaziorik ez dute egin; ez digute emaitzen berri eskatu; ez dute bertze alternatibarik jarri mahai gainean. Behar zen zerbitzu bat kendu dute, bertze deus eskaini gabe". Horixe salatu du Yoar elkarteko kide Zahira Iturbidek. "Gerta zitekeela bagenekien, baina, hala eta guztiz ere, ezustean hartu gaitu gertatu denak", erantsi du.

Yoar 1996. urtetik ari da Iruñeko Arrosadia eta Azpilagaña auzoetan lanean, haur eta gazteekin. "Auzo horietako herritarrek sortutako elkarte bat da; kezka zuten haurtzaroarekin eta haurren eskubideekin, eta arlo horretan eragiteko hasi ziren lanean", azaldu du Iturbidek. Talde txikia ziren, hasieran, baina gora egin du inplikatu diren pertsonen kopuruak, eta horrek ekarri du Yoar elkarteko kideen lan esparrua zabaltzea.

Egoitza Arrosadian du, auzoko zentroan. "Auzo konplexua da", Yoar taldeko kideek erran dutenez. "Migratzaile anitz bizi dira hemen. Bertze toki anitzetan baino merkeagoak dira hemen etxebizitzak, eta horrek jendea erakarri du". Auzoaren egunerokoaren bilakaerak eragin ditu aldaketak, bai eta gatazkak ere, hainbatetan. Arrosadiko auzoko zentroko paretetan ere agertu izan dira ijito errumaniarren aurkako pintaketak, adibidez.

Egoerak piztu du Yoar elkarteko eta bertze hainbat kolektibotako kideen kezka; bai eta udalarena ere. Ondorioz, auzoko egoerari buruzko diagnosia egin zuten hiriko agintariek, eta mahai gainean jarri zituzten datuak, iaz: Arrosadiko biztanleen %34 daude pobrezia edo bazterketa arriskuan; kopurua anitzez handiagoa da bizilagun migratzaileen artean: %68. Eta 15 urte baino gutxiago duten migratzaileen egoera da larriena, ikerketak agerian utzi duenez, %47 bazterketa egoeran baitira.

Errealitate horri aurre egiteko baliabideak urriak izan dira. Diagnosiak berak nabarmendu zuen bazterketa egoeran ziren pertsonak gizarteratzeko programarik ez zegoela auzoan. Yoar elkarteak, hain zuzen ere, behin eta berriz eskatu ditu baliabideak eta auzoan eragiteko tresnak, azken urteotan.

2016. urtean, azkenean, elkarteak eta Iruñeko Udalak hitzarmena sinatu zuten. "Udalak bere gain hartu zuen prebentzioa lantzeko zerbitzu bat jartzeko ardura; bertze hainbat auzotan ere badira gisa horretako programak. Udalak, hain zuzen ere, auzo elkarteen bitartez hasi zen prebentziorako lan hori egiten", erran dute Yoar elkarteko kideek.

Arrosadiko eta Azpilagañako haur eta gazte guztiekin lan egin izan dute taldeko arduradunek, baina Europa ekialdeko migratzaileen etorrerak aldatu egin ditu Yoar elkarteko kideen dinamikak, azken urteotan: "Ijito errumaniarrek behar eta ezaugarri bereziak dituzte, eta horrek ekarri du haiek artatzeko ahaleginak gure zerbitzuetatik kanpo utzi izana bertze erabiltzaile anitz", azaldu du Itxaso Arangurenek. Hau da, Yoar taldeak ijito errumaniarren kolektiboa artatzeko bideratu behar izan ditu baliabide anitz, eta, ondorioz, bertze lan esparruak bazter utzi behar izan dituzte. "Ezin izan baitugu dena egin".

Arreta osoa

"Ijito errumaniarrek arreta handia behar dute; gobernuak ere esku hartu beharko luke, gure ustez, esparru guztietan eragin ahal izateko. Badira, adibidez, eskolan inoiz egon ez diren hamahiru urteko nerabeak. Egungo hezkuntza sistema ez da gai gazte horiek hartzeko. Egoerak okerrera baino ez du egiten pertsona horiek arreta osoa jasotzen ez badute". Horixe nabarmendu nahi izan du Itxaso Arangurenek, egin beharreko lana zenbaterainokoa den azaltzeko.

2018. urtean, bertze urrats bat egin zuen Iruñeko Udalak lan horretan laguntzeko. "Guk egiten genuen lana sendotu beharrean, bertze proiektu bat jarri zuen udalak martxan, bizikidetza lantzeko", erran du Iturbidek.

Prebentzioa lantzeko programa batekin eta bizikidetza lantzeko beste batekin, ontzat eman dute Yoar taldeko kideek azken urtean egindako lana. Lantaldea sendotu ahal izan dute, eta eskura izan dituzten baliabideekin, arreta hobetu. "Ijito errumaniarrak artatzen hasi ginenean, kolektibo horretakoak ez ziren erabiltzaileen kopuruak behera egin zuen nabarmen; egoera hori aldatzea lortu dugu". Azken urtean, laurehun erabiltzaile inguru izan ditu Yoar elkarteak; haietatik 108 ziren ijito errumaniarrak: 59 adingabe, eta hamasei inguru 18 eta 25 urte bitartekoak. "Helduen artean, gehienak emakumeak izan dira". Bertzeak bertze, alfabetatze programetan parte hartu dute Yoar taldeko kideek. Programa horietan bitartekari lana egin duten hainbat emakume errumaniar ijito ere aritu dira.

Datozen hilabeteotarako ikastaroak prest zituen jada Yoar elkarteak, Iruñeko Udalaren erabakiaren berri jaso zuenean. Kontratua ez berritzeak ekarri du, ondorioz, ikastaro horiek guztiak bertan behera uztea: "Denak beteta zeuden; jendeak badu parte hartzeko gogoa eta interesa, eta ez dute ulertzen zergatik ezin izanen duten egin. Guretzat, zaila da azaltzea udalak hartu duen erabakia, guk ere ez baitugu inolako azalpenik jaso", erran du Iturbidek.

Eneko Elizari eta Marta Tabernero aritu dira, azken hilabeteotan, udalarekin adostutako bizikidetza programan lanean. Hilaren 17tik aurrera, lanik gabe geldituko dira. "Tristuraz hartu dugu berria, baina larriena ez da gure egoera; guk eginen dugu aurrera. Arazoa da jende anitz geldituko dela behar duen arreta jaso gabe", nabarmendu du Eneko Elizarik.

"Ez dakigu zer eginen dugun; gure lan guztia berrantolatu behar dugu. Ezin izanen dugu lehen egiten genuen guztia egin". Egoerak kezka sortu die Yoar taldeko kideei; eta, batez ere, ezintasun sentipena. "Zergatik hartu du udalak hartu duen erabakia? guri ez digute azaldu. Nork bere analisia egin dezala".

Bilera bat eskatu dute auzoko hainbat elkartek, baina ez dute erantzunik jaso. Ijito errumaniarrak artatzen dituztenen Roma Sareko kideek ere idatziz egin dute eskaera, baina haiei ere ez diete deus erantzun.

Aurrera egin nahi dute Yoar taldeko kideek, bidea maldan gora dutela ederki jakin arren. Halere, Arrosadian eta Azpilagañan elkar ezagutu nahi duten bizilagunen ondoan jarraitu nahi dute, argi baitute hori dela bizikidetzaren gako nagusietako bat: ondoan dagoena ezagutzea. Gisa horretako zubi lana sendotu nahi dute, hitzarmenik gabe zaila dela jakin arren.

Zutitzea merezi duelako

Zutitzea merezi duelako

Edurne Elizondo
Batasunak eman digu indarra. Ez dugu amore emateko asmorik. Lanean jarraituko dugu, langile guztien eskubideak bete ditzaten". Azkoiengo Huerta de Peraltako El Houssine Yagoubik erran ditu hitzok. 2018ko abenduaren 26an greba mugagabea ...

Erresumina gozatzeko liburua

Erresumina gozatzeko liburua

Edurne Elizondo

Azkarra, atsegina eta jatorra zen. Haurrentzako ipuin zoragarriak asmatzen zituen". Teresa Aierrak erran ditu hitzok, Marino Aierra aitari buruz. Sotana utzi ondoko gizona ezagutu zuen: haurrentzako istorio liluragarriak asmatzen zituen hori. Sotana jantzi zueneko garaia hagitz bertzelakoa izan zen Aierrarentzat, ordea. Haurrentzako ipuinik ez zen, orduan, eta saminez betetakoak ziren Aierraren hitzak. Ikusi, entzun eta sufritutakoak No me avergoncé del Evangelio (Ez nintzen Ebanjelioaz lotsatu) izenburuko liburuan jaso zituen, 1958. urtean. Txalapartak berrargitaratu du orain.

1936. urtean, Altsasun apaiz zegoen Marino Aierra. Altxamendu militarra gertatu aurreko egunean ailegatu zen herrira. Zapalduen alde lerratu zen bere pulpitutik, argi eta garbi, eta frankismoaren errepresioaren aurka. 1958. urtean, Argentinako Periplo etxeak argitaratutako lanaren bidez, barruan zuen erresumina gozatzen saiatu zen.

Irunberrin jaio zen, 1903an, eta Buenos Airesen (Argentina) zendu, 1988an. Haren hitzak, halere, ez dira galdu, eta Txalapartak eta Altsasuko Udalak, elkarrekin, apaiz ohiaren liburua berrargitaratu dute. Asteon aurkeztu du haren alaba Teresa Aierrak Iruñean, Altsasun eta Irunberrin. Emakumearen ahalegina dago orain liburu dendetara ailegatu den lanaren atzean, hain zuzen ere. Bere aitak idatzi zuena irakurtzeko beharra badela uste duelako, batetik, 1936ko gerran eta gero gertatu zirenak berriz ez gertatzeko, eta Aierrak argitaratu gabe utzitako bertze lan bat zabaldu nahi duelako, bertzetik. "Liburu honen bidez lortuko dugun guztia bertze lan hori argitaratzeko baliatuko dugu; eta bigarren horren bidez lor dezakeguna, berriz, Altsasun behar gehien dutenei laguntzeko izanen da", erran du.

Altsasura

"Aitak ez zuen apaiz izan nahi", gogoratu du Teresa Aierrak. Familiak behartuta hasi zuen bide hori, baina bere onena ematen saiatu zen, beti. "Sari anitz lortu zituen bere ikasketetan. Horregatik, apaiz bilakatu zenean, Iruñeko artzapezpikuak aukera eman zion nahi zuen parrokiara joateko". Behar gehien non zegoen galdetu zuen Aierrak, eta Elizako agintariek Altsasu aipatu zioten.

Trenbidearen eraginez azkar aldatzen ari zen Altsasu orduan. Industrializazioaren eragina nabarmena zen garai hartako ekonomian eta testuinguru sozialean. "Gizarte plurala zen; ezkertiarra, batez ere. Alderdi sozialistak eta UGT sindikatuak indar handia zuten", erran du Altsasuko alkate Javier Ollok.

Aierraren liburua berrargitaratzeko proiektuarekin hagitz kontent da Ollo. Teresa Aierrak jo zuen Altsasuko Udalera, liburua berriz zabaltzeko proiektuarentzat laguntza bila. Udalak berehala egin zuen bat egitasmo horrekin, eta erakunde horrek hartu du lana finantzatzeko ardura, hain zuzen. Liburua "egia bilatzeko" tresna hagitz baliagarria dela nabarmendu du, eta erakunde publikoek egia bilatzeko bide horrekin konpromiso sendoa hartu behar dutela erantsi du: "Omenaldiak antolatzea beharrezkoa da, eta gisa horretako ekinaldiak egiten jarraituko dugu, noski; baina, halakoez harago, garrantzitsua da egia bilatzea, ikertzea, zer gertatu zen jakitea".

Horretarako, lehen eskuko testigantza eskaintzen du Marino Aierraren liburuak. "Gorriz eta ateoz betetako herri batera joan zen, eta, ailegatu eta biharamunean, altxamendu militarra gertatu zen", kontatu du apaiz ohiaren alabak. Gogoratu du, gainera, Elizak emandako agindu zehatz batekin ailegatu zela 1936ko uztail hartan Altsasura: "Ezkertiarren artean ezkertiarrena izan behar zuela erran zioten, herritarrak Elizara hurbiltzeko".

Aierrak, baina, militarren altxamenduarekin eta haiek eragindako errepresio gordinarekin egin zuen topo Altsasun, ailegatu bezain pronto. 1936ko gerrak ez zuen fronterik izan Nafarroan, eta, hala eta guztiz ere, frankistek 3.200 pertsona baino gehiago fusilatu zituzten. Garbiketa ideologikoa egin zuten. "Altsasura ailegatu, eta herriko arekak hildakoen gorputzekin bete zitzaizkion aitari", erran du Teresa Aierrak. "Ezkutuan, ziegetan ziren gizonengana joaten zen nire aita, haiekin hitz egitera. Denek argi zuten hilko zituztela eliteak bere pribilegioei eutsi ahal izateko".

Pulpitutik, altxamenduak azpian hartutakoak babesten saiatu zen Marino Aierra: saiatu zen preso zituztenak askatzen eta heriotzara kondenatutakoak salbatzen; hildakoen alargunekin egon zen, eta hildakoek bakarrik utzitako haurrekin. Frankismoa bere gordinean izan zuen Aierrak aurrean, eta ikusi eta entzundakoek arrasto hagitz sakona utzi zioten. "Anitzetan, ziegetan preso zirenekin hitz egiten zuenean, haiek kontsolatzen zuten nire aita. Haiek negarrez ikusi zuten; nik, ordea, behin ere ez", gogoratu du Aierraren alabak.

"Txikituta"

Teresa Aierrak ez du zalantzarik: "Altsasun gertatutakoak bitan puskatu zuen nire aita; psikologikoki txikituta utzi zuen. Liburuek odola balute, aitak idatzitakoak etengabe isuriko luke".

Altsasuko etapak sakon ukitu zuen Marino Aierra. "Nik ez dakit herrira ailegatu zenean ezkertiarra ote zen edo ez; baina argi dut atera zenean bazela, hagitz ezkertiarra". Altsasutik eta Euskal Herritik alde egin behar izan zuen apaizak, hain zuzen ere, frankisten errepresioa salatzeagatik. "Elizak epaitu zuen", nabarmendu du Teresa Aierrak.

Bizirik atera zen prozesutik. "Elizak mehatxu egin zion, erranez Guardia Zibilari edo militarrei eman beharko zietela haren kontrako auziaren berri. Aitak, orduan, argi eta garbi erantzun zien Elizako agintariei haien aginduak bete bertzerik ez zuela egin Altsasun; ezkertiarren artean ezkertiarrena izan, alegia". Elizak, azkenean, Aierraren aurkako frogarik ez zuela ebatzi zuen.

Egoera horrek guztiak ezin konpon zitekeen haustura eragin zuen Aierraren barruan. Horixe uste du haren alabak. Elizaren epaiketa jaso eta gero, Aralarrera joan zen Marino Aierra, eta, han egindako gogoeten ondorioz, Elizaren eta estatuaren arteko banaketa defendatu zuen, aurrerantzean. "Erlijioak eskoletatik atera behar zuela erran zuen; ezkontza zibilak babestu zituen; eta Elizari zuzenean galdetu zion aldaketa horiekin guztiekin bat egin ordez zergatik babestu zuen militarren altxamendua", azaldu du Teresa Aierrak.

Barruan eragindako hausturak eta errepresioaren mehatxuak Ameriketara eraman zuten Marino Aierra. "Esku hutsik ailegatu zen; ez zuen deus. Apaiz izateko prestatu zuten, ez bertze edozein lan egiteko", gogoratu du haren alabak. Ile apaintzaile aritu zen bi urtez; lortu zuen aurrera egitea. Eta unibertsitatearen esparruan ere gai izan zen bi katedra lortzeko. "Baina ez zioten lana eman; autozentsurak funtzionatu zuen. Ez zuten arazorik izan nahi, eta Elizarekin arazoak izan zituena ez zuten kontratatu nahi izan".

Sotana atzean utzita, Argentinan ezkondu egin zen Marino Aierra. Sorterrikoek markatuta gogoratzen du haren alabak. "Ez zuen maite ordukoaz hitz egitea". Baina bazuen kontatzeko beharra, eta barruko sentimenduak eta bizipenak liburu bilakatu zituen. "Katarsi moduko bat izan zen lan hori aitarentzat", nabarmendu du Teresa Aierrak.

Argentinan argitaratu zuten No me avergoncé del Evangelio lanaren lehen edizioa, baina ailegatu zen Euskal Herrira. "Ezkutuan banatzen zuten", alabak azaldu duenez. Euskal Herrian ere argitaratu zuten, gero. "Mintzoak egin zuen, azkenekoz", aipatu du Txalapartako editore Jon Jimenezek. Tafallako argitaletxeak argi du "ezinbertzeko" lana dela Marino Aierrarena: "Guztiz beharrezkoa zen berriz ere argitara ematea". Teresa Aierrak idatzitako epilogoa gehitu diote lanari, irakurleek Altsasutik atera eta geroko Aierra ezagutzeko. Saminak barruan zituela joan zen, eta Argentinan bilakatu zituen hitz.

Marino Aierra, salbuespena kolpe militarra babestu zuen Elizan

Marino Aierra, salbuespena kolpe militarra babestu zuen Elizan

E. Elizondo

Salbuespena. Marino Aierrak eta bertze hainbat apaizek frankismoaren errepresioaren aurrean hartu zuten jarrera salbuespena izan zen garai horretako apaizen artean. Gehienek, eta Elizak berak, erakunde gisa, altxamendu militarrarekin egin zuten bat. Horixe nabarmendu du Javier Dronda historialariak, Aierraren liburuaren berrargitalpena oinarri hartu duen mahai inguruan.

Drondak bere tesia egin zuen Elizak 1931tik 1933ra bitartean Nafarroan bete zuen rolari buruz. Espainiako Bigarren Errepublikaren lehen biurtekoa da hori, eta funtsezko epea izan zen, historialariaren hitzetan, gizarteko hainbat arlotan hasi zituztelako aldaketak gauzatzeko prozesuak. Sekularizazioaren aldeko neurriak abiatu nahi izan zituzten, bertzeak bertze.

"Elizak, garai hartan, eragin handia zuen gizartean, eta ez zegoen galtzeko prest; bere pribilegioei eutsi nahi zien; ondorioz, sekularizazio prozesu horren aurkako kanpaina egin zuen", azaldu du Drondak. Kanpaina horrek lortu zuen nahi zuen emaitza. "Herritar anitzek barneratu zuten Elizak zabaldutako mezua". Drondak argi du 1936ko uztailaren 18koa ez zela izan estatua aldatzeko kolpe hutsa: "Asmo nagusia zen errepublika berriz ezartzeko aukera guztiak bazter uztea; errepublika ekar zezaketenak desagerraraztea".

Olaetxearen zalantzak

"Altxamenduan zuzenean parte hartu zuen errateko daturik ez da, baina Elizak hasieratik txalotu zuen; gurutzadatzat jo zuen", erantsi du historialariak. Garaiko Iruñeko artzapezpiku Marcelino Olaetxearen rola gogoratu du, zehazki: "Zalantzazko jarrera bat erakutsi zuen askotan. Halere, egia da gurutzadatzat jo zuela 1936ko gerra. Azaroan, berriz, errepresioa gelditzeko eskatu zuen. Ordurako hildakoen kopurua handia zen jada, baina eskaera hori egin zuen bakarra izan zen".

Testuinguru horretan, Drondak garrantzitsutzat jo du Marino Aierrak errepresioaren aurka hasieratik erakutsitako jarrera. Kasedako apaiz Eladio Zelaiak ere altxamenduaren aurka egin zuen, eta fusilatu egin zuten. "Aierra ez zen Ebanjelioaz lotsatu; bai, ordea, hainbatek haren izenean egin zutenaz".

Herrian eragiteko tresna

Herrian eragiteko tresna

Edurne Elizondo

Pilota, sokatira, futbola, tenisa, patinajea, mendizaletasuna, gimnastika erritmikoa, arte martzialak, igeriketa; Sakanan dauden kirol taldeek jorratzen dituzten diziplinetako hainbat bertzerik ez dira horiek guztiak. Berrogeita hamar baino gehiago dira talde horiek, eskualde horretan kirol jarduerek duten arrakastaren adierazgarri. Arrakasta hori azaltzeko, hain zuzen, ezinbertzekoa da Sakanako Mankomunitatetik egindako lana eta ahalegina kontuan hartzea. Eskualdeko bertze hamaika erakunderekin eta eragilerekin batera elkarlanean aritzen direla nabarmendu du Amaia Gerrikagoitiak, Sakanako Mankomunitateko kirol teknikariak. Kirolaz harago, erantsi du mankomunitateak helburu duela herrien eta herritarren arteko sarea osatzea, euskara bultzatzea, eta, batez ere, ongizatea sustatzea.

Finean, kirola tresna edo bide bilakatu dute Sakanan. Aitzakia, neurri handi batean: herritarren bizi kalitatean eragiteko, eta egungo gizarteak mahai gainean dituen hamaika auziri eusteko. Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuko kideak oraintxe jorratzen ari diren proiektua da horren adibide: "Haurrak bezala, helduak ere orain arte jorratu ez dituzten hainbat kiroletan has daitezen ikastaroak egin nahi ditugu", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Herritarrek egindako proposamena da hori, hain zuzen ere. Mankomunitateak argi du bere zereginetako bat dela garaian garaiko errealitatera eta beharretara egokitzea; behar horien arabera prestatzea bere kirol eskaintza, alegia. Populazioa zahartzen ari dela kontuan hartu du, ondorioz, eta hasi da adin bateko herritarrentzako jarduera bereziak antolatzen. "Bizi kalitateak hobera egitea da kontua". Osasun zerbitzuekin ere elkarlanean ari dira kirol esparruko arduradunak, asmo hori egia bihurtu ahal izateko: "Mugitzen ez diren zaharrak aktibatu nahi ditugu", erran du Gerrikagoitiak.

2001. urtetik da Amaia Gerrikagoitia Sakanako Mankomunitateko kirol teknikaria. Erakunde horrek antolatzen dituen jarduerek 3.000 erabiltzaile inguru dituzte. Eta 18.000 biztanle inguru dira Sakana osatzen duten Arakil, Burunda eta Ergoiena haranetan. "Kirol zaletasun handia bada", erran du teknikariak.

Mankomunitateak antolatutako ikastaro anitz orain hasiko dira, ikasturte berriarekin batera. Horietako bat da fibromialgia duten pertsonentzat prestatutakoa. Luisa Larrañaga Altsasun bizi da, eta 2009tik dago gaitz horrek jota. Mankomunitateak eskainitako ikastaroa aprobetxatu du azken urteotan, eta, urrian, berriz ere, ariko da. "Niri on egiten dit. Luzatze ariketak egiten ditugu, batez ere. Fibromialgia izan arren, saiatzen naiz nire egunerokoari eusten. Ez da beti erraza, baina ez dut maite etxean gelditzea. Kirolak aukera ematen dit ateratzeko, eta besteekin egoteko", azaldu du.

Ikerketek agerian utzi dutenez, fibromialgiak emakumeei eragiten die, batez ere. Mankomunitateak antolatutako ikastaroan ere, gehienak emakumeak izaten dira. Emakumeentzako kirolaren esparruan ere egin ditu urratsak erakunde horrek, hain zuzen ere. Ahalegin hori nabarmendu du Gerrikagoitiak. "Haurren eta helduen artean, bakarrik emakumeentzako diren jarduerak antolatzen ditugu, uste dugulako garrantzitsua dela emakumeok lasaitasunez eta eroso sentituz aritzea", aipatu du.

Generoa kontuan hartu

Emakumeentzat prestatutako jarduera horietako bat da Sakanako emakumeen atletismo eskola. "Generoa lantzen duten kirol profesionalak esaten ari dira hobe dela emakume taldeak osatzea; umeen artean, bai eta helduen artean ere. Helburua da indartzea eta ahalduntzea, kontuan hartuta egungoa desberdinkeriazko egoera bat dela", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Duela zazpi urte inguru jarri zuten martxan Sakanako emakumeentzako atletismo eskola, eta esperientziarekin hagitz kontent dira mankomunitateko kirol zerbitzuko arduradunak. "Egokitzen joan gara urteotan guztietan; hasieran, adibidez, talde bakarra zegoen, eta, orain, bi ditugu: bat hasten direnentzat, eta bestea hobetzeko asmoz ari direnentzat. Badira eskola martxan jarri genuenetik taldean diren hainbat emakume", azaldu du teknikariak.

Eskolatik kanpo ere, hasieratik ari diren emakume kirolari horien arteko harremana sendotuz joan da, eta ikastaroko ordutegitik at ere entrenatzen dira elkarrekin, edo joaten dira lasterketetan parte hartzera. "Sarea osatu dute, eta askok kirola baino gehiago estimatzen dute hori. Korrika egitea baino askoz ere gehiago da, beraz", gaineratu du Gerrikagoitiak.

Emakumeentzako atletismo eskola, beraz, pistatik kanpo ere sareak osatzeko bide bilakatu dute Sakanan. Bertze hainbat helburu ere bete ditu mankomunitateak bere kirol programaren bidez: adibidez, esparru horretatik at gelditzen ohi diren herritar anitz kirolera lotzea. Ezintasunen bat duten pertsonen kolektiboarekin lan berezia egin dute mankomunitateko kirol zerbitzutik, bertzeak bertze, igeriketa eta gimnastika egokitua egiteko ikastaroaren bidez.

Azken lau ikasturteotan Aitor Mozo lakuntzarra aritu da Arbizuko igerilekuan jarduera hori zuzentzen; 2015. urtetik, hain zuzen. Kirol Zientzietako gradua du, eta eskertu du mankomunitateko lanak emandako esperientzia.

"Mugiaraztea da gako nagusia. Ez dute kirola egiteko ohiturarik, eta egoera hori aldatzea da kontua". Ikastaroan Lakuntzan Tasubinsan ari diren hainbat langilek parte hartzen dute. Desgaitasun intelektuala duten pertsonak hartzen dituzte lantegian. "Kirola egiteaz gain, aldageletan nola moldatu eta gisako jarduerak ere lantzen ditugu", azaldu du Mozok. Erantsi du ikastaroan ere elkarren arteko harremana "beste modu batera" garatzeko aukera dutela, lantegitik at.

Euskaraz

Kirol zerbitzuetako erabiltzaileen eta ikastaroetako irakasleen arteko harremanari ere so egin dio Sakanako Mankomunitateak, eta eskualdeko testuingurua hartu du kontuan. "Gure jarduera guztiak euskaraz dira; haurren artean, esan dezakegu ia %100 euskaldunak direla; helduen ikastaroetan, norbaitek azalpena behar badu ematen zaio, baina ikastaroak euskaraz egiten ditugu", azaldu du Amaia Gerrikagoitiak.

Kirola euskaraz izenburuko programa du martxan mankomunitateak, hain zuzen ere. Sakanatik kanpo ere, "erreferente" bilakatu dira Sakanako kirol zerbitzuko kideak, hain zuzen ere, hizkuntzaren alde egindako apustuagatik. Herri anitzetan, irakasle euskaldunak aurkitzea izaten da kirol jarduerak antolatzen dituztenen arazo nagusietako bat. "Formakuntzari garrantzia eman diogu arazo horri aurre egiteko, hain zuzen ere".

Eguneroko erronkei aurre egiteko, elkarri so egitea ere lagungarria dela argi du Gerrikagoitiak. Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuaren ardura kirol batzordearen esku dago; hor, eskualdeko udalerri bakoitzeko zinegotzi bat dago, eta, haiekin batera, Altsasuko, Etxarri Aranazko eta Arbizuko kirol teknikariak. Hiru herri horiek baino ez dute kirol teknikaria, hain zuzen. "Elkarlanean antolatzen ditugu mankomunitateko kirol jarduerak".

Eskolekin ere harreman estua du mankomunitateak, kirol jarduera horiek egiteko behar dituzten azpiegiturak haien bidez lortzen baitituzte, anitzetan. Finean, herritar guztiekin eta herritar guztientzat aritzen dira: kirola eta kirolari lotutako balioak sustatuz, jarduera horiek euskaraz eginez, eta, betiere, kirol arlotik kanpo ere eragina izateko asmoz.