Edurne Elizondo
Ez dute atzera urrats bakar bat ere egin nahi. "Osasun arreta guztion oinarrizko eskubide bat da, paperik izan edo ez", erran du, irmo, SOS Arrazakeriako kide Beatriz Villahizanek. Haren hitzak berretsi ditu Munduko Medikuak erakundeko ...
Asteko Gaiak
Zientziaren sokarekin lotuta
Edurne Elizondo
Hipatia Alexandriakoa, Maria Sibylla Merian, Sofia Kovalevskaia, Ada Byron, Marie Sklodowska-Curie, Emmy Noether, Edith Clarke, Klara Von Neumann, eta Hedy Lammar. Bederatzi emakume, bederatzi zientzialari. Astronomiaren, matematikaren, informatikaren, ingeniaritzaren, kimikaren, fisikaren edota entomologiaren arloan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten emakume zientzialariak. Eta, halere, ezezagunak gehienak; ezezagunak gehienentzat.
Orain arte. Egoera hori aldatu nahi baitute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko bederatzi irakaslek. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak dira, bai eta zientzialariak ere, eta antzezlan bat prestatzen ari dira zientziaren historiak emandako izen horiek etorkizunarekin lotzeko. "Emakume gazteak erakarri nahi ditugu zientziara, emakume zientzialarion lanaz, bai eta guk egiten dugunaz hitz eginez ere", laburbildu du Gurutze Perez industria ingeniariak Zientzialaria naiz lanaren asmo nagusia.
Sevillako Unibertsitateko bost irakaslek prestatutako eta NUPen aurkeztutako lana ikusi eta gero hasi zen Gurutze Perez antzeko proiektu bat martxan jartzeko ideia lantzen. Leire Catalanekin batera ikusi zuen Perezek espainiarren antzezlana, eta berehala jaso zuen haren babesa, bai eta bertze irakasle anitzena ere. Kezka nagusi bera dute denek: NUPeko ikasgeletan haiek ikasle izan zirenean baino emakume gutxiago dagoela orain zientzia ikasketetan. "Informatika ingeniaria naiz; ikasketak egin nituenean, ia erdiak emakumeak ginen. Orain, eskolak ematera joaten naizenean, lauzpabost emakume baino ez ditut gelan. Emakumeak Medikuntzako ikasketetan daude, zaintzen esparruan. Baina ez daude ingeniaritzetan. Zerbait egin dugu gaizki atzera egin izateko", nabarmendu du Edurne Barrenetxea irakasleak.
Perez, Catalan eta Barrenetxearekin batera, Idoia San Martinek, Aranzazu Juriok, Silvia Diazek, Patricia Arangurenek, Marisol Gomezek eta Alicia Martinezek osatzen dute Zientzialaria naiz obra prestatzen ari den taldea. Ekainean estreinatu nahi dute NUPen, eta herrialdeko ikastetxeetan eskaini gero. "8-12 urte bitarteko haurren aurrean aurkeztu nahi dugu, adin horretan hasten direlako emakumeak zientzien esparrua baztertzen", azaldu du Perezek.
Erreferenterik ezak eta zientziaren esparruan aritu diren eta ari diren emakumeen ikusgarritasunik ezak ez du laguntzen emakumeak zientziara lotzen. Unibertsitatearen esparruan ere, NUP sortu zenetik urratsak egin direla onartu duten arren, zer hobetu badela argi dute antzezlana prestatzen ari diren irakasleek. Batetik, zientzietako ikasleen artean bezala, irakasleen artean ere gutxiengoa direla azaldu dute. "Hainbat emakume badira orain errektoreorde lana egiten, baina ikerketa taldeetako zuzendari gisa, adibidez, emakume bakarra dago", zehaztu du Silvia Diaz telekomunikazio ingeniariak.
Bertzetik, ikerketa lana egiterakoan zeregin hori amatasunarekin uztartzeko dituzten zailtasunak utzi dituzte irakasleek agerian, bertzeak bertze. "Gizonek osatutako ikerketa talde batean ari zarenean eta nagusiari erraten diozunean haurdun zaudela eta amatasun baimena hartuko duzula, gertatzen ahal da gizon horiek zure erabakia gaizki hartzea edo ez ulertzea", erran du Diazek.
Bere esperientziaren berri eman du Marisol Gomez matematikariak. "Kontua da amatasun baimena hartzen duzunean lana bazter uzten duzula, baina, itzultzen zarenean, ez zara puntu berera itzultzen. Urtebete egon bazara unibertsitatetik at, benetan urtebete baino gehiago galdu duzu, denbora behar duzulako zure lana eguneratzeko. Behin azalpenak eskatu zizkidaten ohartu zirelako nire ibilbidean halako hutsune bat zegoela. Kontua zen ama izan nintzela denbora horretan. Okerrena da zigortzen zaituztela".
Bakarrizketak
"Ez gara inoiz agertoki batera igo!", erran du Leire Catalan industria ingeniariak. Iaz amaitu zituen ikasketak, eta tesia prestatzen ari da orain. Ezagutzen ez duten esparru batean sartu direla argi du, baina "gogoz" direla nabarmendu du. NUPeko antzerki taldeko zuzendari Iñaki Orzaizen laguntza ere badute. Jantziak, berriz, Creanavarra diseinu eskolako ikasleek eginen dizkiete.
Aukeratu dituzten zientzialarien lanaren berri emateko, hainbat minutuko bakarrizketak prestatu dituzte irakasleek. Catalanek beteko du Alexandriako Hipatiaren rola. "Historiako lehendabiziko emakume zientzialaria da. Mundu osoko ikasleak hartzen zituen. Ez zen ohikoa, baina aita liburutegiko zuzendaria zuen, eta horrek eman zion aukera zientzian aritzeko". Matematikaria, astronomoa eta filosofoa ere izan zen Hipatia.
Perezek Maria Sibylla Merian hautatu du, 1647an Alemanian jaiotako entomologoa. "Pinpilinpauxak ikertu zituen, bertzeak bertze. Liburuak argitaratu zituen, eta berak egindako ilustrazioekin osatu zituen. Orduko zientzia gizonek, ordea, ez zioten zuen balioa aitortu hark egindako lanari".
Barrenetxeak Ada Byronen lana ekarriko du gogora Zientzialaria naiz obran. 1815. urtean sortu zen. "Ordenagailurik ez zegoen garai hartan, Ada Byron izan zen lehendabiziko emakume informatikaria. Bikaina zen. Bertze emakume anitzek izan ez zituzten aukerak izan zituen, gainera", azaldu du. Argi utzi nahi izan du, halere, zientzia ez dela bakarrik "buru apartak" dituztenentzako toki. "Lana eta irmotasuna dira gako nagusiak".
Buru bikaineko zientzialaria izan zen, halaber, Emmy Noe-ther, Gomezek hautatutako zientzialaria. "Nire esparrua aljebra abstraktuarena da, eta Noether da arlo horretan zientzialaririk garrantzitsuena". Patricia Arangurenek, berriz, guztien artean akaso ezagunena hautatu du: Marie Sklodowska-Curie kimikari eta fisikaria, bai eta bi Nobel sariren irabazlea ere. Gogor egin behar izan zuen lan Parisen ikasi ahal izateko. "Irabazi zuen diru guztia erabili zuen ikertzen jarraitu ahal izateko".
Idoia San Martin industria ingeniariak 2014an amaitu zuen tesia, eta iaztik ari da irakasle lanetan NUPen. Energia berriztagarriena da haren esparrua. Hasieratik bat egin du antzezlanaren proiektuarekin, eta Edith Clarke hautatu du obrarako. "1883an jaio zen, AEBetan, eta erreferente bat da ingeniaritza elektrikoaren esparruan".
Bitxiagoa izan zen Hedy Lamarren ibilbidea —Austrian jaio zen, 1914an—, telekomunikazio ingeniaritzaren esparruan lan egiteaz gain aktore ere izan baitzen Hollywooden. Silvia Diazek hautatu du Lamarr antzezlanerako. "Komunikazio sistema sekretu bat asmatu zuen, nazien aurka erabiltzeko, baina, aktorea ere bazenez, eta emakume, ez zuten serio hartu". Zientzialaria izan zela gogoratuko dute NUPeko irakasleek. Haiek ere badirela. Emakumeek badutela tokia zientzian.
Dorreko memoriak
Edurne Elizondo
Hiru ordu pasatuta. 2003. urteko otsailaren 20ko goizeko ordu bata aldera hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria-ren aurka agindutako operazioa, baina guardia zibilek 04:00 aldera jo zuten hedabide horrek Nafarroan zuen egoitzako buru Alberto Barandiaranen etxeko atea. Hiru ordu pasatuta.
Kazetariak gogoan du orduko egoerak eragindako "inpresioa"; gogoan du guardia zibilen autoan Iruñeko Alde Zaharretik Donibane auzoko Irrintzi dorreraino egin behar izan zuen bidaia, bai eta bulegoan egindako miaketan ondoan izan zituen guardia zibilen probokazioak ere. "Urduri ote nengoen galdetzen zidaten, behin eta berriz, begirada gainetik kendu gabe".
Goizean, 06:30 aldera, lagun zuen baten aurpegia ikusi ahal izan zuen Barandiaranek, azkenean: Euskalerria irratiko Mikel Bujandarena. Irrintzi dorrean du irratiak ere egoitza, eta eraikina inguratzen duen terrazatik agertu zen Bujanda, goiz hartan, Egunkaria-ren egoitzaren parera. "Ez dakit nola jakin zuen; guardia zibil bat terrazara atera zen, eta ezin izan zen gehiago hurbildu".
Egunkaria-ren Nafarroako egoitzan lankide izandako Asier Azpilikuetarekin eta Irene Arrizurietarekin gogoratu ditu Alberto Barandiaranek duela hamabost urteko guztiak. Hiruren artean osatu dute egun luze hartan jazo zenari buruzko kontakizuna, beren oroitzapenekin eta beren sentsazioekin.
Arrizurietak irratian entzun zuen egunkariaren aurkako operazioaren berri. "Bilbora joan behar nuelako esnatu nintzen goiz. Busaren zain nintzela entzun nuen Manu Etxezortu esaten Alberto bulegoan zutela guardia zibilek. Shock egoeran nintzen", erran du.
Arrizurieta 07:30 aldera ailegatu zen Irrintzi dorrera. Egoitza zigilatzeko lanak amaitzen ari ziren. Guardia zibilek inguratuta ikusi zuen Barandiaran, atearen aurrean. Zurginak deitu zituzten guardia zibilek atea hainbat egur puskarekin ixteko. Guardia zibilek alde egin zutenean, lankideek bezala, Euskalerria irratikoen egoitzan bilatu eta aurkitu zuen aterpe Barandiaranek. Orduan jakin zuten ez zegoela atxilotuta. Bai, ordea, Egunkaria-ko zuzendari Martxelo Otamendi eta bertze bederatzi.
Azpilikuetari aitak eman zion gertatu zenaren berri, ernatu zenean. Kazetaria Nafarkaria-ko arduraduna izan zen, baina UPNren gobernuak gehigarria diru laguntzarik gabe utzi eta desagertu eta gero, Andoaingo erredakzio nagusira joan behar izan zuen lanera, Egunkaria-ren Iruñeko egoitzatik. Nafarroan harrapatu zuen itxierak, eta Iruñeko lankideen ondoan egin zituen BERRIA sortu arteko hurrengo urratsak.
Azpilikuetak ere Euskalerria irratirako bidea egin zuen itxieraren berri jaso bezain pronto. Han egin zuten bat, eta han jaso zituzten langileek elkartasuna agertzeko lehendabiziko deiak. Irratiko mikrofonoen bidez, zuzenean kontatu zuten bat-batean aurrean topatu zuten egoerak eragindakoa, eta herritarrak hasi ziren deitzen ordenagailu bat edo behar zuten bertze edozer gauza eskaintzeko.
"Eguerdian, Irrintzi dorrearen aurrean egin genuen itxiera salatzeko lehendabiziko elkarretaratzea; ia deus esan gabe, eta, halere, jende asko etorri zen. Gogoan dut gizon bat laneko buzoarekin etorri zela, ondoko tailer batetik. Ordenagailu bat bazuela, eta guretzat zela nahi izanez gero. Jendearen babesa sekulakoa izan zen", gogoratu du Barandiaranek.
Bide zaila kioskoetara
Babesa azaltzeko lehen eguneko keinuak benetako elkartasun olatu bilakatu ziren egunkaria itxi eta handik bi egunera, euskalgintzak deituta manifestazio handi batek hartu zituenean Donostiako karrikak. "Sekulakoa izan zen", erran du Arrizurietak, eta Azpilikuetak ere onartu du egun hura izan zela "malko gehien" eragin zuena. Aitortu du, halaber, biharamunean Egunero-ren lehendabiziko zenbakia eskutan hartu zuenean jabetu zela benetan itxierak ekarritakoaz.
"Itxia, baina ez isildua". Lerroburu hori jaso zuten Egunkaria-ko langileek lehendabiziko Egunero haren azalean. Diario de Noticias egunkariko Uharteko errotatibatik kioskoetara ailegatzeko bidea, halere, ez zen erraza izan. "Diario de Noticias egunkariaren egoitzara joateko eskatu zidaten. Guardia Zibila etorri zen agindu judizial batekin, esanez hor ezin zela Egunkaria-ren ordezkorik inprimatu. Gogoan dut mahai baten azpian sartu nintzela, Egunkaria-rekin ez lotzeko. Han ziren langileek bilera egin zuten gero erredakzioan, zer egin erabakitzeko. Eta aurrera egin zuten. Eskertzekoa da egindako urratsa, arriskua bazelako".
Bi furgoneta atera ziren Uhartetik. Lehendabizikoaren atzetik joan ziren guardia zibilak. Handik ordu erdira atera zen bigarrena. "Ez dakit zein, baina bat ailegatu zen kioskoetara". Goizeko lauretan ailegatu zen Barandiaran etxera, guardia zibilek handik atera eta 24 ordura.
Egunero kaleratzeko lana egunkari berri bat sortzeko proiektuarekin uztartu zuten Egunkaria-ko langile ohiek, lau hilabetez. Iruñekoek lortu zuten haientzat hagitz garrantzitsua zen zerbait: Irrintzi dorretik alde egin behar ez izatea, alegia. Eugenio Arraizak utzitako bulegoa bilakatu zen haien behin-behineko egoitza.
Euskalgintzarekin lotura estua du Iruñeko Irrintzi dorreak, eraikin horrek hartu baitzuen, denbora batez, hiriburuan sortutako lehendabiziko ikastola. Egunkaria itxi zutenean, gainera, Euskalerria irratiak ez ezik, AEKren Irrintzi euskaltegiak ere han zuen egoitza. Irratiko lankideen babesa nabarmendu dute, batez ere, Egunkaria-ko kide ohiek, estua izan baita beti haien arteko harremana. BERRIAk ere Irrintzi dorrean du egoitza, oraindik ere, baina Barandiaranek aitortu du "min bat" baduela, langileek sortutako proiektu berriak ez zuelako lortu Egunkaria-ren egoitza zaharrera itzultzea. "Ez omen zen komenigarria. Nik, halere, min hori dut, oraindik ere", berretsi du, tristuraz, kazetariak.
Epaileek ezarritako zigilua Egunkaria itxi eta handik urte eta erdira gelditu zen bertan behera. Hautsez beteta aurkitu zuten lantoki izandako bulegoa Iruñeko langileek. Urte eta erdi horretan, halere, hainbat aldiz sartu ziren Iruñeko kazetariak epailearen aginduz itxitako egoitzan. Ate nagusia bai, egur puskekin itxi zuten guardia zibilek, baina terrazako ateetako bat, ordea, erdi irekita utzi zuten.
Itxitako egoitzaren barruan
Beldurrak hartzen zituen langileak itxitako bulegora sartzen ziren bakoitzean, orain, irribarrez, gogoratu dutenez. "Ondoko etxetik norbaitek ikustea eta filmatzea zen gure kezka, eta erdi makurtuta ibiltzen ginen terrazan. Barruan ahalik eta denbora gutxien gelditzen saiatzen ginen", azaldu du Barandiaranek. Egoitzan zituzten landareak ateratzera joan ziren lehendabizikoz. Gero, adibidez, Jorge Oteiza eskultore oriotarra hil zenean, 2003ko apirilaren 9an, artistari buruz Egunkaria-n gelditu zen materialaren bila sartu ziren.
Beldurra aipatu du Barandiaranek ordukoak gogoratu dituenean. Eta nabarmendu du kezka edo ezinegona hainbat unetan sentitu zuela, Egunkaria ixteko operazioa martxan jarri eta gero. "Behin, kalean ikusi nuen etxera etorritako guardia zibiletako bat; atzetik nuela pentsatzen dut". Arrizurietak ere onartu du beldurrak jo zuela hasieran. "Lehendabiziko gaua lagun baten etxean pasatu nuen; ez nintzen lasai sentitzen".
Epaileak urriko atxilotzeak agindu zituenean, gora egin zuen beldur horrek. "Imanol Murua Uriak deitu zidan atxiloketen berri emateko. Gau hartan etxetik kanpo egin nuen lo. Argi nuen etorri behar bazuten etorriko zirela, baina ez nuen etxean egon nahi", gogoratu du Barandiaranek.
Beldurren eta kezken gainetik, aurrera egiteko borondateak hartu zituen Egunkaria-ko langile ohiak. Onartu duen arren Egunero-ren lehen zenbakia ukitu zuenean jabetu zela benetan gertatu zenaz, Egunkaria-ren tokia bete zuen hedabide horren martxan murgiltzeak aurrera egiteko indarra eman ziola ere nabarmendu du Azpilikuetak. "Egin itxi zutenean, Iruñeko kazetariak hartu genituen gure egoitzan. Ikusi nuen Euskadi Información atera eta gero Gara sortu zutela. Argi nuen guk ere bide bera eginen genuela", azaldu du.
Idatzi, hitzaldiak eman, akzioak saldu... Hamaika lan egin behar izan zituzten kazetariek BERRIA sortu arte. Egunkari berriak izanen zuen izenari buruzkoak gogoratu dituzte langileek. "Gu izan ginen izen hori ezagutzen lehenengoetarikoak, Euskalerria irratikoen Larreko saria jaso genuenean BERRIAren elastikoak janzten lehenak izan baikinen", gogoratu du Azpilikuetak.
Larreko saria egunkari berriaren lehendabiziko zenbakia kaleratu baino hainbat egun lehenago jaso zuten Egunkaria-ko langile ohiek. BERRIA lehendabizikoz inprimatu zutenean, Diario de Noticias egunkariaren Uharteko egoitzara itzuli zen Barandiaran. Egun hartan ez zen bakarrik joan. Iruñeko lankideak izan zituen ondoan, eta haiek izan ziren egunkari berria ukitzen eta irakurtzen lehenak.
Egunkaria-ren lekukoa hartu zuen proiektuak hamabost urteko bidea egin eta gero, hasiera artako lana ekarri dute gogora Arrizurietak, Azpilikuetak eta Barandiaranek. Egunkaria-ko langile ohiek egindakoa, bai eta bidean lagun izandako guztiena ere. "Nik uste dut nabarmentzekoa dela euskalgintzak egindako lana. Jende asko eta asko inplikatu zen gurekin", erran du Azpilikuetak. Epaile baten aginduz itxi zuten Egunkaria, eta epaileek absolbitu zituzten gero, auzipetutako guztiak. "Nola azalduko diet semeei hori guztia?", galdetu du kazetariak.
Barandiaranen semeek 7 urte zituzten guardia zibilak aitaren bila joan zirenean etxera. Egunkaria-ren Nafarroako egoitzako buru ohiak beti azaldu die jende askoren artean sortutako proiektu "polit, interesgarri eta inportantea" izan zela 2003an itxi zutena. "Niretzat sekulako garrantzia izan du naizena izateko", nabarmendu du. "Gure esparruan uste genuen baino gehiago eragin zuela uste dut".
Bat egin du Arrizurietak, eta agerian utzi nahi izan du Egunkaria-k utzitako arrastoa. "Kazetaritzak eman dit asko". Egun ilunak izan ziren harentzat eta gainerako langileentzat itxierak ekarri zituenak. Hamabost urte joan eta gero, elkartasunak emandako argia du gogoan.
Martxan, planto egiteko
Edurne Elizondo
Ederra izaten ari da prozesua. Elkar ezagutzen ari gara", erran du Lur Albizu Etxetxipiak. "Martxoaren 8ak giltzarri izan behar du", erantsi du Marta Molinero Torreak. "Balio dezala denok ikas dezagun", azaldu du Irati Majuelo Itoitzek. Eta bat egin du Uxue Alvarez Azkonak: "Bat egin dezagun, feminismoaren barneko eztabaidei modu irekiago batean aurre egin ahal izateko".
Lehendabiziko aldiz, nazio mailako grebara deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8rako. Ez da ohiko greba bat izanen, halere, emakumeen jarduna gelditu nahi baitu, enpresa mundutik hasi eta etxeko lanetaraino. Abenduaren 1ean egin zuten feministek lehendabiziko batzarra, Gasteizen, eta, geroztik, herriz herri eta auzoz auzo ari dira antolatzen, hilabete barrurako protestak zehazteko. Hamaika proposamen ari dira jartzen mahai gainean; martxan dira, Martxoaren 8an planto egin ahal izateko.
Iruñean ari dira lanean Albizu Etxetxipia, Majuelo Itoitz, Alvarez Azkona eta Molinero Torrea. Gogoz dira, batzarretan adin guztietako 70 emakumek bat egiteak ematen duen indarrak bultzatuta. "Aurtengoa Martxoaren 8 ezberdin bat izanen da, eta nahi izan dugu aurretik parte hartu ez duten emakumeak eta taldeak aktibatu, denok bat egin dezagun", nabarmendu du Albizu Etxetxipiak.
Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak salatu nahi ditu Martxoaren 8ko grebak. "Emakume guztioi eragiten digu sistemak", erran du Majuelo Itoitzek. "Aski dela esateko ordua dugu; mundu mailako lanuztea da Martxoaren 8koa, eta kalera ateratzeko ilusioz beteriko aitzakia ematen digu".
Martxoaren 8ko protestetan parte hartzeko moduak, finean, anitz izanen dira. Batetik, ikasleek eta enpresetan enplegatuta daudenek launa orduko bi lanuzte egiteko aukera izanen dute, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Bertzetik, kontsumoaren eta zaintzaren esparruei ere eragin nahi die grebak. "Gu geu ere jabetuko gara egiten dugun guztiaz, gelditzen garenean", erran du Molinero Torreak.
Gizonek Martxoaren 8ko greban bete dezaketen rolari buruz ere egin dute gogoeta feministek. "Argi izan behar dute ez dagokiela protagonista izatea egun horretan. Manifestaziora joaten badira, jar daitezela atzean; eta benetan parte hartu nahi badute, egin ditzatela gutxieneko zerbitzuak edo zaintza lanak. Hausnartu dezatela, batez ere, guk gelditzeko ditugun arrazoiei buruz", nabarmendu du Majuelo Itoitzek. "Eta hausnartu dezatela, gainera, gu gelditzen garenean gertatzen denari buruz", erantsi du Molinero Torreak.
Iruñean, 12:00etako eta 20:00etako protestak izanen dira eguneko nagusiak. Ez dira Martxoaren 8ko mobilizazio bakarrak izanen, halere, herriz herri hamaika protesta prestatzen ari baitira bertze hainbertze emakume talde.
Lizarran, Patri Ahorkado talde feministak egin zuen Martxoaren 8rako greba prestatzeko lehendabiziko batzar irekirako deialdia, duela hilabete bat. "Lizarrako Emakumeen Batzordearekin elkarlanean aritu gara, herriko bertze hainbat esparrutako jendea erakartzeko asmoz. Egia erran, arlo guztietan baditugu lagunak, eta jendea ari da mugitzen", azaldu du Patri Ahorkado taldeko Carla Ruiz Armendarizek.
Mahai gainean jarritako proposamenak erabat zehaztu gabe dituzte, oraindik ere, baina Lizarrako feministek argi dute karrikan egon nahi dutela Martxoaren 8an. "Azoka eguna dela aprobetxatuko dugu, informazioa zabaltzeko. Horma-irudi bat egin nahi dugu, gainera, eta kalera eraman antzerki lan sozialen bat", azaldu du Ruiz Armendarizek.
Herrian aritzeak duen garrantzia nabarmendu du, baina erantsi du herrietan egiten ari diren lan hori Iruñera ere eraman nahi dutela; ikusgarri bilakatu nahi dutela herrietako errealitatea hiriburuko mobilizazioetan. "Gure asmoa da Iruñean 20:00etan eginen den manifestazioan parte hartzea, baina argi eta garbi erakutsiz landa eremuko errealitate horren ordezkari garela. Hitz egin nahi dugu bertze hainbat eskualdetako taldeekin, elkarrekin parte hartzeko manifestazioan", erran du.
Hilaren 2an egin zuten Altsasun Martxoaren 8ko greba prestatzeko lehendabiziko batzar irekia. Sakana osoko 30 emakume inguruk parte hartu zuten. "Ostegunero eginen dugu batzarra, martxoaren 8ra bitarte. Nabarmendu beharra dago Etxarri Aranatzen eta Arbizun ere batzar propioak sortu dituztela. Oso garrantzitsua da herriz herri lantzea gaia, eta herriz herri erabakitzea greba nola gauzatu", azaldu du Eider Leozek.
Kontent da deialdiak eskualdean izan duen erantzunarekin, eta nabarmendu du balio izan duela jada emakume anitzek bat egiteko. "Elkar ezagutzeko aukera eman digu". Mahai gainean jarri dituzte jada hainbat proposamen; asmoa dute, adibidez, gauerdian hasteko Martxoaren 8ko mobilizazioak; karrikara atera nahi dituzte, gainera, zaintzarekin lotutako elementuak, anitzetan ezkutuan gelditzen den lan hori ikusgarri bilakatzeko. Goizez eta arratsaldez egin nahi dituzte protestak Altsasun, eta egun osoan Gure Etxea espazioko ateak zabalik izanen direla erran du Leozek.
Argi du Martxoaren 8az harago ere emanen duela fruiturik orain egiten ari diren lanak; urrats garrantzitsua izan daitekeela Sakanan emakumeen nolabaiteko sarea antolatzeko, hain zuzen ere. Grebari buruzko informazioa zabaltzeko, adibidez, ehun kide inguru dituen Whatsapp taldea sortu dute. Elkarlan hori ez dela martxoaren 8an amaituko argi du Leozek. "Jendea gogoz dago, eta ziur gara esperientzia oso polita izanen dela".
Tafallan ere martxan dira, Martxoaren 8rako planto egiteko prest. Altsasun bezala, eguna ailegatu arte, ostegunero eginen dute bilera. Horixe azaldu du Mabel Pascualek. Kontent da herrian sumatu duen mugimenduarekin, eta, batez ere, greba prestatzeko batzarretan belaunaldi ezberdinetako feministek bat egin dutelako. "Jende gazte asko etorri zen egin genuen lehendabiziko batzarrera, eta hori oso ona da; jende gazteak freskura eta indarra ekarri digu", nabarmendu du.
Izan ere, talde feminista berri bat sortu da Tafallan. "Oso gazteak dira; behar dira belaunaldi berrien ekarpenak mugimenduan, polita da elkar elikatzea eta elkarri irakastea", berretsi du Pascualek.
Bertzalde, herriko udaleko agintarien jarrera eskertu du Pascualek; batetik, berdintasun batzordean egiten ari diren lana nabarmendu du; bertzetik, ontzat jo du udalak atzera egin izana Martxoaren 8rako ekinaldi instituzional bat egiteko asmoan. "Udaletxeko kideei erran diegu egun horretan herri mugimenduak izan behar duela protagonista, eta bat egin dute", azaldu du Mabel Pascualek.
Tafallan bezala, Tuteran ere talde feminista berri bat sortu dute: Erribera Intsumisoa. Taldeko kide da Edurne Leon Sanchez. "Bizpahiru lagunek bat egin genuen, pentsatuz Erriberan hutsune bat genuela, falta zela feminista gazteen arteko zerbait. Bilera bat egiteko deialdia egin genuen, eta 30 pertsona etorri ziren. Jendea gogoz dago; 13 eta 30 urte bitartekoak gara denak, gehienak 20 urte ingurukoak. Lanean hasteko irrikan gara, zer izan nahi dugun pentsatzen".
Taldeko kideen lehen zeregina izan da Martxoaren 8rako greba prestatzea. Haiek egin dute Erriberan plantoa lantzeko proposamena, eta eskualdeko emakumeek erantzun dute. "Lehendabiziko bileran 25 emakume inguruk bat egin genuen".
Hasi dira hilabete barruko mobilizazioak prestatzen. Argi dute karrikan egon behar dutela. Mahai gainean jarri dituzten proposamenetako bat da, hain zuzen ere, Tuterako plazan egitea batzarrak Martxoaren 8ko grebak jorratu nahi dituen auziei buruz. Tuteran argi dute, halaber, gauerdian hasi nahi dutela eguneko ekinaldiekin, 24 orduz zabaldu nahi dutela mezu feminista.
Aurrera begira ere, Martxoaren 8rako lanak sareak osatzeko eta harremanak estutzeko aukera emanen diela argi du Leon Sanchezek. "Eskualde osoko jendearekin bat egin nahi dugu. Garrantzitsua da, lanean jarraitzeko, elkar ezagutzea. Elkarrengandik ikastea da kontua, bakarrik ez gaudela sentitzea. Batera goaz, eta hori oso polita da", erantsi du Leon Sanchezek.
Beran, hilaren 15ean eginen dute Martxoaren 8rako greba prestatzeko lehendabiziko batzarra. Herriko Goldatz emakume taldeak egin du deialdia. "Bortzirietako emakumeentzako deialdia da", azaldu du taldeko kide Ines Matxiarenak. Goldatzek deitu du batzarrera, baina Matxiarenak argi utzi du Martxoaren 8rako mobilizazioak Bortzirietako emakumeen artean prestatzea dela asmoa.
Duela bi urte eta erdi sortu zuten Goldatz, Beran. "Hasi ginen hainbat emakume hitz egiten eta gogoeta egiten ahizpatasunari eta elkarri laguntzeko beharrari buruz". Lehen bilera haietan hasi ziren taldea osatzeko ideia mamitzen, eta, azkenean, urratsa egin zuten. Adin ezberdinetako emakumeek bat egin dute taldean, elkarrekin lan egiteko. "Orain, adibidez, hilerokoari buruzko tailer bat egiten ari gara", erran du Matxiarenak. Martxoaren 8rako, eskualdeko bertze emakume eta taldeekin prestatu nahi dituzte egin beharreko mobilizazioak. Egun hori aldarrikapenerako eguna izanen dela argi dute Goldatz taldeko kideek. Halere, ez dute ospatzeko aukera galdu nahi. "Aurreko astebururako prestatu ditugu hainbat ekinaldi", kontatu du Matxiarenak.
Martxoaren 2an, adibidez, emakume kirolarien inguruko mahai ingurua egin nahi dute Beran; eta martxoren 3an, berriz, herri jokoak, goizez, eta, gero, bazkaria.
Martxoaren 8ko plantoaren aukera baliatu nahi dute eskualdeko bertze emakumeekin eta taldeekin duten harremana sendotzeko. "Lesakan, adibidez, bada mugimendua, bada jendea lan egiteko prest, eta uste dugu orain eginen ditugun batzarrak baliatu ahal izanen ditugula mugimendu horri, eta gogo horri, forma emateko". Goldatz taldeko kideek argi dute garrantzitsua dela herriz herri lan egitea. Hilaren 15eko batzarrean parte hartzera deitu dituzte emakumeak.
Ardura onartu eta jarrera hartzeko garaia
Edurne Elizondo
Ez da erraza izan. Eta aitortu du, oraindik ere, urduri sentitzen dela egindako urratsa egin eta gero. Baina ez da damutu. Argi du "eman beharreko" pausoa zela jendaurrean agertzea: "Indarkeria matxista da lanpostuan gertatzen den sexu jazarpena; hagitz auzi larria da. Sufritzen duena txikitu dezake, eta ondorio hagitz larriak eragin. Enpresek, sindikatuek eta administrazioak duten ardura onartu behar dute, behingoz, eta jarrera hartu, gertatzen ari denari aurre egiteko".
Ederki ezagutzen duen errealitate bati buruz ari da Mari Jose Lekuona, eta errealitate hori mahai gainean eta agerian uzteko erabaki du bere kasuaren berri ematea. 1998tik 2016ko abendura, TRW enpresan aritu zen —orain, ZF multinazionalaren esku dago—. 2016an, erregulazio txosten baten ondorioz, 124 langile geratu ziren kalean. Lekuonak bere burua aurkeztu zuen enpresa uzteko. "Niretzat, kaleratze traumatiko bat izan zen. Ez nintzen joan hala nahi nuelako, gertatu zenak behartuta baizik: nagusi baten sexu jazarpena sufritu nuelako alde egin nuen". Langabezian da orain.
Jendaurrean agertzea erabaki du Lekuonak, eta jendaurrean azaltzea lanpostuan sufritutakoa. Ez duelako bertze inor bere tokian egotea nahi. Sexu jazarpenaren inguruko zigorgabetasuna amaitzea nahi duelako, behingoz. Hori lortzeko, egun gaizki direnak konpondu behar direla erran du, argi eta garbi; bere kasuan huts egin zutenak zuzendu, alegia.
Batetik, enpresak ustez zuen zero tolerantziaren politikak huts egin zuela uste du Lekuonak; bertzetik, sindikatu gehienen jarrerak huts egin zuela, auzia "bazter uzteko" eskatzeagatik. Administrazioak ere ez zuen neurria eman, Lekuonaren hitzetan, adituek egindako lana kontuan ez hartzeagatik. "Oro har, esparru guztietan, sexu jazarpenaren auzia tratatzeko prestatutako jendea falta da; eta dauden adituei, Lan Osasunaren Institutuko profesionalei, adibidez, ez diete kasurik egiten".
"Ez naiz bakarra; nire enpresa ez da bakarra". Azken egunotan jaso duen mezu bat aipatu nahi izan du Lekuonak. Lanpostuan sexu jazarpena sufritu duen bertze emakume batek bidali dio. "Hunkitu nintzen irakurri nuenean", aitortu du. "Ongi egin dudala erakutsi dit mezu horrek". Jendaurrean agertzeko urratsa eginez, hain zuzen ere, mezua bidali dionari eta egoera berean diren bertze emakume guztiei erran nahi izan dielako Lekuonak ez daudela bakarrik.
Eragina egunerokoan
Oraindik ere kosta egiten zaio gertatu zenaz hitz egitea. Sufritutakoak egunerokoan eragin dio. "Zaila egiten zait kontzentratzea, eta gaizki egiten dut lo". Enpresatik atera eta gero, denak berdin jarraitzen duen sentsazioak eragin dio minik handiena, halere. Horregatik erabaki du kontatzea. Kostatzen zaion arren. Zerbait aldatu nahi duelako.
"2010. urteko uda baino lehen hasi zen dena. Behin, lanean ari nintzela, nigana hurbildu, eskuetatik heldu, eta nirekin afaltzeko irrikan zela erran zidan". Lekuonak aitortu du hasieran saiatu zela bere senak erraten ziona bazter uzten. "Gaizki ulertu nuela pentsatu nahi izan nuen; ezin zela izan susmatzen nuena". Halere, saiatu zen nagusiarengandik urruntzen. "Pasabideetan ikusten nuenean, bertze alde batera begiratzen nuen nik. Ez nuen harengandik hitz bakar bat ere jaso nahi".
Nagusiak, ordea, bere jarrerari eutsi zion. "Bertze behin, atzetik heldu ninduen, eta belarrira hitz eginez erran zidan morboa nuela. Ni ezin mugitu gelditu nintzen". Lekuonaren helburu nagusi bilakatu zen nagusiarengandik ahalik eta gehien urruntzea, eta, batez ere, harekin bakarrik ez gelditzea. Horregatik, txanda eta postu berean egotea egokitu zitzaien aldi batean, nagusiarekin bakarrik egoteari uko egin zion Lekuonak. Orduan egin zuen eztanda egoerak. "Enpresako sindikatu bateko kide bati erran nion zer gertatzen ari zen".
Enpresako giza baliabideetako arduradunarengana jotzea izan zen hurrengo urratsa. Pauso hori eman eta gero hasi zen gertatzen ari zena lantokian zabaltzen. "Ez nuen nik erran. Nire nagusia hasi zen auziaren berri zabaltzen, errealitateari buelta emateko asmoz".
Salaketa ezagutu zutenean, lankideen jarrera aldatu egin zela nabarmendu du Lekuonak. "Ni bazter uzten hasi ziren ordura arte lagun izandako lankideak". Lekuonak gogoratu du bere nagusia zela hark enpresan salatutakoa. "Botere harreman bat zegoen gure artean, eta boterea, noski, haren esku zegoen".
Hasieratik eutsi dio salatutakoari Lekuonak, beti, enpresan. Horregatik, berak eskatuta egin zuten Lekuonak eta nagusiak bilera giza baliabideetako arduradunarekin, 2010eko urriaren 19an. "Nagusiaren aurrean berretsi nuen aurretik salatutakoa". Urrats hori egin eta gero, gaixo agiria hartu behar izan zuen Lekuonak. "Ezin nuen gehiago. Enpresako mediku zerbitzura jo behar izan nuen. Han ere azaldu nuen, argi eta garbi, zer gertatzen ari zitzaidan".
Lekuonak argi du enpresak ez duela batere ongi kudeatu bere auzia. Nagusia salatu zuenean, enpresak berdintasun planik ez zuen. "Gerora egin zuten. Langileek, halere, ez zuten haren berri jaso. Tiradera batean gordeta dagoen plan batek ez du deusetarako balio".
Enpresak erabaki bakarra hartu zuen Lekuonak salatutako jazarpenari aurre egiteko: txandak aldatu zituzten, lantokian bat egin ez zezaten. Egun batean elkarrekin aritzea egokitu zitzaien arte. "Ezin nuen sinetsi". Bigarrenez hartu behar izan zuen gaixo agiria.
Etsita dago Lekuona enpresak erakutsitako jarrerarekin. Are gehiago sexu jazarpena jaso duen langile bakarra izan ez dela jakin zuenetik. "Nire salaketa aurkeztu eta gero, bertze langile batek jo zuen giza baliabideetako arduradunarengana, hark ere nagusi berarengandik sexu jazarpena sufritu zuela salatzera. Enpresak ez zuen kontuan hartu".
Lan Ikuskaritzara eraman zuen Lekuonak bere auzia. Gogoan du lehendabiziko ikuskatzailearekin egindako aurreneko bilera. "Nire egoeraren berri eman eta gero, gaztea eta ederra nintzela erantzun zidan. Zur eta lur gelditu nintzen". Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko kideen artean jaso zuen Lekuonak hain beharrezkoa zuen babesa. Iñaki Moreno lan medikuak sinatutako txosten batean aipatzen da Lekuonak eskatu ez zituen sexu izaerako adierazpenak jaso zituela, eta adierazpen horiek langilearen duintasunari eragin ziotela. Lekuona "beldurtuta" sentitu zela jasotzen du txostenak, halaber. Aitortzen du, azkenik, "langileak sufritutako sexu jazarpenaren larritasuna" zehazteko behar adina informaziorik ez duela.
Txosten horretan lan ikuskariaren ikerketa ere aipatzen da, eta nabarmentzen da salaketa jaso zuen gizonak ikuskariaren aurrean onartu zuela Lekuonari erran zizkiola hark salatutakoak. Ikuskariak egindako txostenak erraten du nagusiaren jarrera ez zela egokia izan, eta errespeturik eza erakutsi zuela. Jazarpen hitza ez du erabiltzen, ordea.
"Nik sumatu dut, batez ere, sexu jazarpenaren auzian esku hartu behar dutenak ez daudela batere trebatuak. Formakuntza falta da". Sindikatuetan ere bai, Lekuonak nabarmendu duenez. Esparru horretan, halere, bertzelako elementuak nahasten direla salatu du, eta "hagitz larritzat" jo du haietako batzuen jarrera. Enpresan gehiengoa zuen sindikatuko arduradunengana jotzea erabaki zuen langileak ez du izena aipatu nahi izan, sumatu edo sentitu zuelako auzia ixteko moduan ezagutzen zituenak baino elementu gehiago bazirela. Lan hitzarmenaren negoziazioa zegoen tartean, hain zuzen ere. "Nire auzia negoziatzeko elementu bilakatu zuten".
Bertze hainbat sindikatutara ere jo zuen Lekuonak. "ELAn erran zidaten hobe nuela auzia bazter utzi, ez nuelako deus lortuko". LAB sindikatuaren egoitzan, berriz, Miren Conde aurkitu zuen. "Aingeru baten modukoa izan da niretzat. Ez zidan deus agindu, baina borrokatzeko prest agertu zen". Harekin egin zuen sufritutakoak enpresatik Lan Ikuskaritzara eramateko bidea.
Bertze hainbat pertsona izan ditu ondoan; enpresa barrukoak, bai eta kanpokoak ere, eta denei eskertu die babesa. Andrea elkarteko kideei ere bai. Haiekin batera agertu zen, lehen aldiz, jendaurrean, bere esperientzia kontatzeko. Lekuonaren kasuaren bidez, hain zuzen ere, sexu jazarpenaren eta jazarpen sexistaren arazoaren larritasuna utzi nahi izan du agerian Andreak. Elkarteak argi du Lekuona ez dela bakarra, eta, hark bezala, gizarte osoaren esku hartzea eskatu du, egoerari aurre egin ahal izateko.
Nazioarteko kanpainak
Agerraldia egin eta gero, sexu jazarpena sufritu duten bertze hainbat emakumeren berri jaso du Lekuonak. Izan ere, gero eta andre gehiago ari dira pairatutakoa jendaurrean salatzen. Ez hemen bakarrik. Nazioartean gora egin dute salaketek, azken hilabeteotan. AEBetan, zinemaren arloan gertatutako sexu jazarpena dago jomugan. Gai horri buruz idatzi du Clara Timonel adituak, berriki, Pikara Magazine hedabidean. "Abusua da #MeToo leloaren ekintzaileek salatu dituzten dinamiken gakoa. Sexuarekin eta desioarekin lotutako aitzakien atzean boterea dago".
Timonelek erantsi du lan esparru guztietan gertatzen direla sexu jazarpenaren bidez adierazten diren botere dinamika horiek. "Sektore kualifikatuetan ere, emakumeek gutxiengo bat osatzen duten horietan, batez ere, misoginia ohikoa da, eta hamaika moduz azaltzen da". Adituak gogora ekarri du AEBetako zinemaren arloko kanpainari Frantziatik eman dioten erantzuna: manifestua sinatu dute ehun artista inguruk, #MeToo mugimenduaren kontra. Hollywoodeko aktoreen "puritanismoa" salatu dute.
Frantziako manifestu horren sinatzaileen soslaiari erreparatu dio bertze egile batek: "Ehun sinatzaileetatik ehun dira emakume txuriak, eta pribilegiozko egoera batean direnak", erran du Mona Eltahawyk. AEBetako #MeToo kanpainarekin bat egin duten aktoreak ere maila jakin bateko emakumeak dira. Timonelek bere testuan gogora ekarri du jatorrizko #MeToo kanpainaren sortzailea Tarana Burke ekintzaile feminista beltza izan zela. Sexu jazarpenaren eta bazterketaren aurkako tresna gisa sortu zuen 2006an. Arlo horretan, eta gainerako guztietan, ezin bazter daitekeen errealitatea da elkar gurutzatzen diren zapalkuntzena.
Egin orduko, iraungita
Edurne Elizondo
Lehendabiziko liburua. Pertsonena eta familiarena. Ezkonsariari buruzko aurreneko atala. 121. legeko laugarren puntua: "Emakumeak, senarrak baimena ematen badio, bere jabetzako ezkonsari ondasunak erabili ahalko ditu". Ez da XIX. mendek...
Aldaketak ez du amaiera ekartzen
Edurne Elizondo
Sumatzen hasi zen 44 urte zituenean; sumatu zuen hilekoaren ingurukoak aldatzen hasi zitzaizkiola; ordura arteko 28 eguneko zikloak hankaz gora jarri zitzaizkiola. Hamabost egunean behineko kontu bilakatu zitzaion hilekoa, eta inoiz ez bezalako odol galtzeak hasi zen izaten. "Menopausia ote?", galdetzen zion bere buruari. Gogoan zituen amak hilekoa izateari utzi zionean pasatu zituenak. 50 urterekin hasi zen beroaldiak izaten. "Egunean hogeitik gora". Eta halaxe egon zen 65 urte bete arte. Denbora tarte batean partxeak jarri zituen, baina ginekologoak gehiago ez erabiltzeko erran zion, minbizia izateko arriskua areagotzen zutelako. Ama baino gazteagoa zuen izeba, baina anitzez ere lehenago jakin zuen hark hilekoa desagertzea zer zen. 40 urte ere ez zituen menopausia goiztiarra zuela erran ziotenean. Osteoporosiari aurrea hartzeko botikak hartu behar izan zituen denbora luzez.
Adibide bat da. Menopausiaren inguruko esperientzia bat. Bizipen bat. Halakoak jorratuko dituzte, aurrerantzean, Nafarroako Ospitale Gunean, Nafarroako Gobernuak espazio bat atonduko baitu bularra ematea, erdiondokoak eta menopausia lantzeko. Asmoa da hilaren amaierarako martxan izatea.
"Nork bere prozesua pasatu behar du; eta denak izan daitezke ezberdinak", erran du Ana Ansak. Ontzat jo du gobernuaren ekinaldia. Medikua da Ansa, eta, Alaiz kolektiboaren eskutik, menopausiaren ingurukoak landu ditu emakume taldeekin, urte luzez. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritzen da orain, sendagile.
Argitu du hilekorik gabe urtebete pasatu denean hitz egin daitekeela menopausiaz. Obuluen jarduera eteteak ekartzen du hilekoa desagertzea, hain zuzen ere. Prozesu hori ez da egun batetik bertzerakoa, halere, eta klimaterio erraten zaio. "Gehienetan, 48-52 urte ditugunean hasten da prozesu hori. Klimaterioa hasten denean, obarioek obuluak sortzeari uzten diote. Berez dugun obulu kopurua agortzen denean, estrogenoek behera egiten dute, eta horrek hainbat aldaketa ekartzen ditu", azaldu du. Izan ere, gorputza estrogenoen beherakadari aurre egiten saiatzen da, eta FSH hormona erruz ekoizten hasten da, obarioek estrogenoa sor dezaten. "Baina, obozitorik gabe, alferrikako lana dute hori. FSH hormonaren eta estrogenoen arteko desoreka horrek eragiten ditu klimaterioan sufritzen ditugun sintoma gehienak".
Aldaketa biologiko horrek, halere, bertze hainbat esparrutan izaten ohi du isla, eta, horren ondorioz, klimaterioaren eta menopausiaren ingurukoak "ezkutuan" gelditzen dira. "Isilpean". "Zerbait zikintzat hartu izan da, hilekoa bera bezala", erran du Begoña Arrieta soziologoak. Alaiz kolektiboko eta bertze hainbat emakume taldetako kide ere bada, tartean Urbanas eta Miran elkarteak. Genero rolei buruzko estereotipoek emakumea umeak izateko gaitasunarekin lotu izana ekarri dutela erantsi du, eta, ondorioz, gaitasun hori galduta, modu negatiboan bizi dutela menopausia anitzek. "Duten balioa galduko balute bezala". Alaiz kolektiboko kideekin egindako lanari esker, estereotipo horien eraginari aspaldi ihes egin ziola nabarmendu du Arrietak, baina aitortu du haren zama sumatu zutela denbora luzez klimaterioaz eta menopausiaz hitz egiteko antolatutako tailer haietan.
Errealitate hori aldatzen ari dela uste du Ansak. "Egungo emakumeek, oro har, ez dute aspaldikoek bezala sentitzen gutxiago balio dutela menopausiaren ordua ailegatzen zaienean". Azaldu du, halere, sumatu duela adinarekin lotutako hainbat elementuk badutela eraginik menopausiari aurre egiteko moduan. "Menopausia 50 urte inguru betetzen ditugunean ailegatzen zaigu; eta erraten digu, argi eta garbi, gure bizitzaren zatirik handiena atzean utzi dugula jada".
Taldeen laguntza
"Nik sumatu nuen gorputza puzten ari zitzaidala; eta onartu behar dut nire kezkak estetikarekin bazuela zer ikustekorik, osasunarekin bainoago". Tere Saezek erran ditu hitzok, menopausiaren inguruko bere esperientziari buruz. Ahal Dugu-ko parlamentaria da Nafarroako Parlamentuan, eta Andrea eta Astelehen Lilak taldeetako kide, bertzeak bertze. Parlamentura ailegatu baino lehen, Lizarrako Udaleko berdintasun teknikari aritu zen urte luzez Saez, eta, han, Alaiz kolektiboko kideek bezala, menopausia lantzeko tailerrak egin zituzten. Saezek, hain zuzen ere, elkarri babesa eta laguntza emateko talde horien beharra nabarmendu du. "Behera egin dute halakoek gure artean; feminismoak protestaren bidetik urrats anitz egin ditu azken urteotan, baina talde horien lana, oraindik ere, beharrezkoa dugu. Are gehiago menopausiaren gisako auzi batean, gorputzetik bizi den zerbait baita. Nork bere gorputzetik bizi izandako hori partekatzea biziki aberasgarria da denontzat".
Txalotu du gobernuak, bertzeak bertze, menopausia lantzeko gunea martxan jartzeko urratsa egin izana. Gune horrek gobernuak sexu eta ugalketa osasunari buruzko dekretuan jasotakoekin bat egiten duela nabarmendu du Saezek, eta parlamentuan "adi" egonen direla erantsi du. "Bete behar baita, eta ongi, gainera".
Saezek uste du menopausiaren inguruko eta, oro har, emakumeen gorputzen inguruko "presio sozialak", oraindik ere, prozesu hori, neurri batean, baldintzatu egiten duela. Eta presio sozial horrek bilakatzen duela prozesua berez den baino latzago. "Auziari geure buruaren ezagutzatik eta ahalduntzetik aurre egiten badiogu, presio hori bazter uztea lortzen badugu, konturatzen gara menopausiarekin ez dela deus berezirik gertatzen".
Saezek menopausia eta bularreko minbizia ia batera bizi izan zituen. "Minbizia 2000. urtean izan nuen; urtebete lehenago utzi nion hilekoa izateari, 43 urte ingururekin". Eritasun horren kasuan ere, gizartearen presioak berez astuna den zama are astunago bilakatzen duela erran du Ahal Dugu-ko kideak. "Gizarteak erraten digu emakumeok ezin garela burusoil izan: estereotipo horrekin bat egin behar izateak sufriarazten gaitu".
Estereotipo guztiak bazter uzteko garaia dela nabarmendu du Saezek. Menopausiari buruzkoak ere bai. Auzi hori osasunarekin lotu du, eta horren atzean dauden interesak salatu ditu, gainera: "Anitzetan, osasun kontu gisa saltzen dizkigute estereotipo horiekin lotutakoak; eta hor hasten da, bertzeak bertze, botika enpresen negozioa".
"Menopausiaren auzian agerian gelditzen da, argi eta garbi, medikuntzarentzat eta, beraz, gizartearentzat emakumeak bertzeak direla, ezberdinak direnak, zaurgarri direnak", erran izan du Mari Luz Esteban antropologoak. Menopausiaren "patologizazioa" salatu izan du Estebanek, halaber, eta ideia horrekin bat egin du Saezek ere. "Emakumeon osasunaren inguruan gertatu da, batetik, guri eragiten diguten hainbat gaitz ez dituztela ongi landu; eta, bertzetik, gure ezinegon guztientzat botikak eman dizkigutela".
Menopausiaren auzian, Ansa medikuak uste du botiken aldeko apustu hori ez dela lehen bezain nabarmena, bertzeak bertze, agerian gelditu zelako garai batean estrogenoen beherakadari aurre egiteko erabiltzen zituzten partxeek osasunari kalte egiten ahal diotela.
Sexualitatea
60 urte ditu Ansak, eta duela hamar izan zuen menopausia. "Kuriositatez bizi izan nuen prozesua; nire kezka nagusia zen nire aldartea eta nire umorea ez aldatzea. Okerrena, azkenean, beroaldiak izan ziren; gauez nituen, batez ere". Ansak azaldu du beroaldiak direla estrogenoen beherakadak epe moztera eragiten dituen sintometako bat. "Epe ertainera, baginako lehortasuna eragiten du estrogenoen beherakadak. Epe luzera, berriz, osteoporosiarekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin lotutako ondorioak agertzen ahal dira. Osteoporosiari aurre egiteko, halere, ongi jatea, ez erretzea eta kirola egitea dira tresnarik eraginkorrenak".
Sexuaren auzia nabarmendu nahi izan du Ansak, anitzetan zabaldu baita menopausiarekin amaitzen dela sexualitatea. Argi utzi nahi izan du ez dela zertan horrela izan. Harekin bat egin dute Saezek eta Arrietak ere. Azken horrek 70 urte ditu, eta 50 urte zituenean erran zion agur hilekoari. Ansak bezala, beroaldiek eragin zioten ezinegon nagusia. "Izerditan ernatzen nintzen gauez". Menopausiaren auzia "partekatzeko" beharra nabarmendu du. "Hitz egin behar da, azaldu zer gertatzen ari zaizun, inolako beldurrik edo lotsarik gabe".
Sexuari buruz ere bai. Horixe erantsi du Arrietak, eta gogora ekarri du Anna Freixasek 2013. urtean emakume helduen inguruan idatzitako Tan frescas liburua. "Lan horrek dioen bezala, emakumeon sexualitatea ez da menopausiarekin amaitzen; ez da zahartzaroarekin amaitzen".
Psikologian katedradun da Freixas, eta bere hainbat lanetan jorratu du klimaterioaren eta menopausiaren auzia. "Bizi duenarentzat garrantzitsua da, ez hainbertze eragiten dituen ezinegonengatik, baizik eta ekartzen ahal dituen mehatxu kultural eta sozialengatik", idatzi du Freixasek.
Estrogenoen galerak eragiten duen baginako lehorteari aurre egiteko neurriak har daitezkeela erran du Ansak. "Lubrikatzaileak ezinbertzeko bilakatzen ahal dira". Erabiltzen dituela azaldu du Arrietak, eta sexualitateaz gozatzen jarraitzen duela, aparteko arazorik gabe. "Gakoa da bikotekidearekin komunikazio ona izatea. Penetrazioak min egiten badizu, edo atsegina ez bada, bertzelako bideak bilatzea da kontua".
Hitzok erran eta gero, amarekin oroitu da Arrieta. "70 urterekin hil zen. Inoiz ez zigun hitz bakar bat ere erran menopausiari buruz". Arrietarentzat, hain zuzen ere, familian jaso duzun ereduak garrantzi handia du, eta, gaur egun, oraindik ere, emakume gazte anitzek hartzen dutena "erabat patriarkala" dela nabarmendu du.
Auzi horri heldu dio Saezek ere, eta ezinbertzekotzat jo du menopausiaren auzian "mezu heteropatriarkalari ihes" egitea. Prozesu horretan murgiltzen den pertsonak autoestimua eta ahalduntzea lantzea "funtsezkoa" dela erantsi du Ahal Dugu-ko parlamentariak. "Gizarte heteropatriarkal honetan, emakumea sexu objektu bat da; menopausiarekin, berriz, bazter uzten du gizarte horrek berak. Presio hori hor dago, eta aurre egin behar diogu". Horregatik uste du elkarri babes emateko taldeen beharra dagoela.
Saezek gogoratu du sexu eta ugalketa osasunari buruzko dekretuak jaso duela pertsonek jaiotzen direnetik hil arte bizi dutela sexualitatea. Hori dela eta, sexu heziketarekin lotutakoak hezkuntzan jorratzeko beharra nabarmendu du. "Hori egiteko tresnak badira. Sexualitateaz hitz egin behar dugu. Menopausiari buruz ere bai, ondorioz". Parlamentariarentzat, hala ere, ez da nahikoa gobernuak erran izana gaia transbertsala dela. "Dena da transbertsala, gaur egun. Benetan erraten duguna egia dela erakutsi behar dugu".
Hitz egin behar dela erantsi du Saezek. Eta hitz egin behar dela argi dute Ansak eta Arrietak ere. Klimaterioaz eta menopausiaz hitz egin behar dela. Mahai gainean jarri gaia. Estereotipoak eta heteropatriarkatuari lotutako presioak bazter utzita. "Gorputzetik hitz egin behar dugu", berretsi du Saezek. Menopausiarekin ate bat itxi, baina bertze anitz irekitzen ahal direlako. Etapa baten amaiera ez delako, ezinbertzean, bidearen helmuga.
Zaharren Iruñea pentsatzen
Kattalin Barber
Iruñea hiri "erosoa, garbia eta segurua" da adinekoentzat. Horixe izan da Iruñeko Udalak Jende heldua adeitsu tratatzen duen hiri bihurtzeko egin duen diagnostikoaren ondorioetako bat. Zahartze prozesu aktiboa eta osasungarria sustatzen duten inguruneak eta zerbitzuak sortzea du helburu proiektu horrek; bultzatzailea, berriz, OME Osasunaren Mundu Erakundea da. Hiriaren erradiografia aurkeztu berri du Iruñeko Udalak, eta bertan jasotzen dira hiriko adinduek, haien zaintzaileek eta adituek hiriaren adeitasuna hobetzeko egindako zenbait proposamen. Horiek ez ezik, hiriaren alderdi positiboak eta oztopoak ere jaso dituzte.
"Iruñea erraz zeharka daiteke oinez zein bizikletaz, argiztapen egokia du, segurtasun sentsazioa ematen du, aire zabaleko kirol eremuak ditu, eta gero eta arkitektura muga gutxiago, maldak jarri baitira eraikin askoren sarreran, bai eta igogailuak eta eskailera elektrikoak ere", azaldu du Camino Osle Nafarroako Geriatria eta Gerontologia Elkarteko lehendakariordeak. Diagnostikoan parte hartu du Oslek, eta ontzat jo du udalaren egitasmoa. "Hausnarketa oso aberasgarria egin dugu, eta zinez garrantzitsua da agenda publikora eramatea adinduen bizi kalitatea hobetuko duten ekintzak eta asmoak".
Jende helduaren premia berriei erantzuteko Iruñeko Udalaren ardura ez da berria, Oihana Gallo Iruñeko Udaleko Partaidetza teknikariaren ustez. "Ezagutza, eztabaida publikoa eta kontzientziazioa sustatu nahi dugu, eta behar diren neurriak hartu, zahartze prozesuan direnen egoera hobetzeko". Pozik azaldu da teknikaria diagnostikoak izan duen harrerarekin. "Lan mardula egin dugu, eta udalarentzat egitasmoa bera martxan jartzea oso garrantzitsua izan da, protagonistak haiek izan direlako".
Denera, 100 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute diagnostikoan. Adinduek, adinduen elkarteek, zaintzaileek eta adituek iritzia eman dute hiriaren egoeraren inguruan. Eta, aho batez, baloratu egin dute: "Hiri erosoa, irisgarria, garbia eta segurua da Iruñea. Kalitatezko bizimodua izateko eta parte hartzeko zerbitzu eta baliabide aukera zabalak ditu".
Begi onez ikusi du Xabier Subiza Iruñeko Sasoia erretiratuen elkarteko kideak ere. Oslek bezala, hasieratik izan zuen interesa hark ere, eta diagnostikoan parte hartu du. "Beharrezkoa zen horrelako egitasmo bat; oso aberasgarria izan da, hiria aztertu dugulako eta alde txarrak eta onak mahai gainean jarri ditugulako", adierazi du. Adinduen kolektibo gehiagoren parte hartzea faltan sumatu du Subizak, baina udalaren jarrera txalotu, eta eskaera egin du: "Intentzioak oso onak dira, baina orain praktikara eraman behar da. Ez gaitezen gelditu asmoen aitorpenean, merezi du lanean jarraitzea".
Askotariko proposamenak atera dira, eta batzuk "egun batetik bestera" egin daitezkeela esan du Subizak; hortaz, lehenik eta behin horiek gauzatzeko urratsa egin beharko lukete, haren ustez: "Adibidez, pertsona batek eskatu zuen irristakorrak ez diren marra zuriak jartzea eskailerak seinaleztatzeko. Xehetasunak izan daitezke, baina gure egunerokoa hobetuko lukete ezbairik gabe".
Bakardadeari arreta
Bakardadearen arazoari erreparatu dio Oslek. Zahartzaroaren "arrisku handi bat" dela uste du. Eta datuek hala baieztatzen dute: 65 urte edo gehiagokoen artean, bost pertsonatik bat bakarrik bizi da, %22. 85 urte edo gehiago dituztenen artean, berriz, %22tik %33ra igotzen da kopurua. "Adin tarte horrek ditu premia larriagoak, mendekotasuna dela eta. Bakardadeak pertsonen zahartzeari eragiten dio". Horregatik uste du Oslek bakardadea arretaz begiratu behar dela, eta sare sozialak sustatu behar direla. "Etxetik ezin banaiz irten etxe egokia ez dudalako, gero eta gehiago bakartuko naiz. Harremanak nahi eta ezin izatea oso gogorra da. Aukerak izan behar ditugu etxetik ateratzeko".
Zahartzaroaren inguruan hausnartzea da gakoa, Osleren ustez. "Nik uste dut zahartzeko estilo bat egon dela, eta etorkizunean desberdina izanen dela, nire belaunaldikoek eta hurrengoek gehiago pentsatu dutelako nola aurre egin zahartzaroari. Hala ere, pertsona askori bat-batean etorri zaie gainera zahartzaroa, eta ez dute aurreikusi, ez dira egoeraz jabetu". Erantsi du askok ez dituztela harremanak egin, eta ondoan zutena hil zaienean bakarrik gelditu direla. "Ahal den heinean, gure zahartzaroaren jabe izan behar dugu, eta inguruan harremanak izatea eta sortzea oso garrantzitsua da".
Halaber, uste du toki gutxi daudela eguneko zentroetan. Zaharren egoitza publiko bakarra dago Iruñe osoan, eta egoitza pribatuak, berriz, "izugarri garestiak dira, eta ez dute edozein herritar onartzen". Norberaren etxean egokitzapenak egitea oso garrantzitsua dela uste du Oslek, baina ez dela batere erraza: "Jende askok ez daki laguntzak daudela birgaitze lanetarako; gainera, konplexua da laguntzak eskuratzeko izapideak egitea. Udalak ez dauka aholkularitza zerbitzu egokirik alor horri dagokionez".
Teknologia berrien erabilerak kezka eragiten dio Osleri. Dioenez, urria da teknologia berrietan egokiro trebatzeko eta ordenagailu bidez tramiteak egiteko lekuen eskaintza. "Oztopo digital handia dago, eta gainditu behar dugu; izan ere, administrazioak horretara garamatza". Mugikortasuna ere hizpide izan du Oslek. Ziur da udala eta enpresak "ahalegin handia" egiten ari direla Iruñea egokitzeko: "Arrapalak jarri dira eraikinetara, igogailuetara, eskailera mekanikoetara eta abarretara igotzeko. Gainera, saltokiak konturatu dira denda irisgarriak egiten badituzte bezero gehiago izanen dituztela, guztiok izan ditzakegulako noizbait mugikortasun arazoak".
Zahartzen ari den hiria
Udalaren azken datuen arabera, Iruñeko biztanleen %22k 65 urte baino gehiago dituzte, hau da, 43.830 pertsonak. Kopuru horrek gora eginen du datozen hogei urteotan. Nabarmena da populazioaren zahartzea, eta hiriek behar bezala erantzutea da erronka. Hala uste du Gallok: "Zalantzarik gabe esan dezakegu zahartzen ari den hiria dela Iruñea. Nafarroako batez bestekoa gainditzen du hiriburuak, hiru puntuan. Horregatik, neurriak hartu behar dira, eta aurkeztutako diagnostikoa urrats bat da bide horretan". Auzoen artean alde handiak daudela jakinarazi du Gallok. Iturraman eta Donibanen, esaterako, %30 helduak dira; Buztintxurin eta Mendillorrin, ordea, 65 urte baino gehiago dituztenak ez dira %10era iristen.
Ildo beretik mintzatu da Osle. "Datuak erronka bat dira administrazioarentzat. Erronka eta, era berean, aukera. Neurriak hartzen badira hiri atsegin eta adeitsuago bat lortzeko, gehiago bizi ahalko gara gure etxeetan". Alde horretatik, Nafarroako Gobernuko zahartze aktibo eta osasungarri baten aldeko estrategia aipatu du Oslek. 2022. urterako adinduen autonomia eta ahalduntzea bultzatzeko neurriak jasotzen ditu estrategiak. "Programa hauek guztiak, mantsoak izan daitezkeen arren, aurrerapausoak dira, eta gure bizi kalitatea hobetzen dute. Pentsa, egun %22 gara, baina hemendik hamar urtera gehiago izanen gara. Beharrezkoak dira plan hauek". Gehiago bizitzea eta hobeki bizitzea da xedea, mendekotasunari aurre egin ahal izateko neurriak mahai gainean jartzea eta hiriaren aukerak, ahultasunak eta indarguneak ezagutzera ematea, adin talde zehatz bati dagokionez.
"Mendekotasuna ahal dudan guztia atzeratzea gustatuko litzaidake niri. Urteak irabazten ari gara, baina bizitza ere irabazi behar dugu urte horietarako, eta hiria egokia izatea ezinbestekoa da bide horretan", esan du Subizak. Zahartzaro aktibo eta osasuntsuaren alde egin du, eta hirian gero eta jarduera gehiago daudela iritzi dio. Aire zabaleko kirol eremuak eta kultur ekitaldiak jarri ditu adibidetzat. "Aktibo egotea gustatzen zaigu, eta hirian parte hartu behar dugu adinekook". Iruñean zaharren elkarte asko daudela esan du Subizak, eta, era berean, beharrak aldatuz joan direla. "Erretiratuek gero eta gutxiago nahi dute kartetara jolastu edo bingora joan, beste behar eta nahi batzuk dituzte orain". Sasoia elkarteak mota askotako jarduerak antolatzen ditu. Euskara eskolak ematen dituzte, eta gero eta jende gehiagok izena ematen duela jakinarazi du erretiratuak. Hitzaldiak, txangoak, elkarretaratze politikoak eta beste antolatzen dituzte, urtero.
Begiratzeko era
"Ni neu gehien harritu nauena izan da adinduek gizartearen indibidualismoaren inguruan duten kezka, eta haienganako errespetu falta. Diagnostikoan parte hartu zutenek adierazi zuten, oro har, gutxiesten dela jende heldua, eta zama, kostu edo eragozpentzat hartzen dela. Jarrera paternalistak saihestu behar ditugu", azaldu du Gallok. Pertsona helduak eta haiek gizarteari egiten dioten ekarpena balioesteko, eta haien aurkako aurreiritziei eta estereotipoei aurre egiteko kontzientziazio kanpainak egiteko asmoa du udalak.
Diagnostikoa abiapuntutzat hartuta, orain ekintza plana diseinatzea dagokio Iruñeko Udalari, eta prozesu horretan ere adinduen ekarpenak jasoko dituztela jakinarazi du Gallok. Iruñea adineko jendearentzat atseginago egitea da kontua, haien bizimodua hobetzeko.
Amiantoa, pozoitzen duen arriskua
Sara Muerza
Amiantoz betetako kutxa batzuk iristen dira Ameriketako Estatu Batuetatik. Bakoitzean, garezur forma duen eranskailu bat Arriskua hitzarekin. Langileek ez dute ikusiko: pegatina lantegira sartu aurretik kentzen da. Barruan, amiantoa babesik gabe maneiatuko dute, eskularrurik gabe, maskararik gabe, buzorik gabe. Mineral toxiko horren aurrean ez dute inolako segurtasunik. Aireztapenik gabeko gela txiki batean norbaitek amiantoa moztuko du, eta, geroago, hainbat emakumek kardatuko dute, orraztu, xehatu, eta, azkenik, batu egingo dute plakak egiteko. Hamaiketakoa haren gainean jango dute; lo kuluxka ere gainean eginen dute. Eta eszena guztietan, amiantoa arnastu izanen dute. Egoera urtez urte errepikatzen da, langileek asbestoaren aurrean duten arriskua jakin gabe.
Mehatxu ikusezina da amiantoarena. Eta oraindik ez da desagertu. Horregatik, arrisku horri aurre egin eta bazter utzi ahal izateko plana eskatu du, berriki, Ahal Dugu-k, Nafarroan, eta parlamentuak onartu du. Gauzatzea falta da oraindik.
Amiantoa, asbestoa edo uralita erruz erabili zen XX. mendeko industrian, garraioan eta etxebizitzetan. Mineral horrek toxikotasun handia du. Bere arroka naturaletatik erauzten denean, zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du, eta arnastu edo irensten badira, birika albeoloetan edo beste erraietan iltzatu daitezke, eta eritasun ezberdinak eragin: minbizia, asbestosia, perikardioa, mesotelioma pleurala…
Aspaldiko mehatxua
1980ko hamarkadaren erdialdean, material horren zuntzek minbizia eragiten ahal zutela baieztatu zenean, erabilera gutxituz joan zen, baina Espainiako Gobernuak ez zuen 2002. urtera arte debekatu. "1940an, Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen amiantoarekin lan egiteak arnaste arazo nahiko garrantzitsuak sortzen dituela, bai eta heriotza ere", nabarmendu du Maria Asun Fernandezek, Ananar Nafarroako Amianto Elkartearen presidenteak.
Osasunean dituen ondorio larriak aurretik ere ezagutzen zituzten. 1889an, mineralaren hautsak kaltegarriak zirela ondorioztatu zen Erresuma Batuan; 1925an, asbestosia gaixotasunarekin lotu zen, eta 1955ean, harekiko esposizioak biriketako minbizia eragiten zuela egiaztatu zen.
Hala ere, aurkikuntzak isilean gorde, eta negozioak hainbat hamarkadaz jarraitu zuen, errentagarria baitzen. "Oso material ona eta merkea zen, eta leku guztietan jartzen zen. Tren bagoiak, adibidez, amiantoz beteta zeuden", esan du Joseba Aspirozek. Asbestoak gaixotu zuen, 30 urtez Sunsundegi enpresan lan egin eta gero. Hark ere ez zuen babesik izan mineralaren aurrean; hamar urtez aritu zen zuzenean maneiatzen.
Amiantoaren industriak presentzia nabarmena izan zuen Nafarroan: Altsasun, Lizarran eta Iruñean, batez ere. Mineralarekin lan egiteak zituen arriskuen jakitun, enpresa gutxi batzuk haien langileei segimendua egiten zieten. "Urtero mediku azterketa egiten zidaten. 2014. urtean, orban bat aurkitu zidaten pleuran, eta lau hilabetera likido proba bat egin eta gero, kaltegarria zela esan zidaten", azaldu du Aspirozek.
Ekaineko azken datuen arabera, amiantoaren eraginpean egondako 2.858 pertsona kontrolatzen ditu Nafarroako Osasunbideak; haietatik %78 erretiroa hartuta dira; %11 lanean dago minerala erabiltzen ez den beste jardueraren batean; eta beste %11 amiantoarekin lanean ibilitakoak dira. Fernandezek nabarmendu du mineralak kalte egindako pertsona gehiago egon daitezkeela: "Asbestoarekin lan egin duten pertsona guztiak ez daude zerrendan; ez dituzte artatu".
Nolanahi ere, zerrendan egondako pertsonei ere ez diete jarraipen iraunkor bat egin, askotan. Maria Angela Martinez Superser enpresanorain BSH- egon zen hogei urtez. Hasieran, eskaner bat egiten zioten urtean behin Gizarte Segurantzan. 2001ean egin zioten bat, eta hurrengoa, berriz, 2015ean. "14 urte egon ziren eskaner bakar bat ere egin gabe, amiantoak ukitutako pertsona izan arren, arrisku handia izan arren". Hala azaldu du haren alaba Nerea Azkonak. 2016ko abenduan egin zioten eskanerra Martinezi, azkenean; otsailean, pneumologoak esan zion orban batzuk zituela biriketan, eta sei hilabete pasata eginen ziotela beste eskaner bat. Ekainean hasi zen mina sentitzen eskuineko saihetsean, eta, uztailean, biriketako kartzinoma eta gibeleko metastasia antzeman zizkioten. Urrian hil zen.
Gizarte Segurantza, motz
Amiantoak kalte egindakoak kexu dira Gizarte Segurantzan dagoen egoeraz; batetik, behar bezala kontuan hartzen ez dituztelako, eta, bestetik, baliabiderik eta ezagutzarik eza dagoelako. Iazko maiatzean antzeman zioten minbizia Txema Esteban Marcosi. "Abuzturako hilko zela esan zioten, baina ez kezkatzeko, lan gaixotasun bat zela, eta kalte ordaina zeukala. Txemak erantzun zien ez zuela kobratu nahi, bizi baizik", esan du Fernandezek, haren alargunak. "Pneumologoak mediku onak izango dira, baina psikologo gisa lotsatzeko modukoak".
Joan den azaroaren 19an hil zen. Egun batzuk lehenago, mediku azterketa egiteko gutuna jaso zuen. Superser enpresan hamalau urtez lanean ibili eta gero jasotzen zuen lehen eskutitza zen hura. Hitzordua, urtarrilaren 25ean. Gutuna berandu iritsi zen: pleurako minbizia orain dela hemezortzi hilabete diagnostikatu zioten.
Aspirozek ikuspegi bera dauka, bere kasuan ere medikuek oso sentiberatasun gutxi erakutsi baitzuten: "Daukadan esperientzia oso tristea da, gauzak arintasun handiarekin esaten dizkizute". Kimioterapia hirutan eman diote, aldiro ezberdina: lehenengoak ez zuen funtzionatu eta "lur jota" utzi zuen; bigarrenarekin, ordea, asmatu zuten. "Urte batez egon nintzen ezer jaso gabe, baina, aurreko urtean nire emaztea hil, eta gorputz osoa nahastu zitzaidan. Berriro esnatu zitzaidan gaixotasuna", azaldu du. Hirugarrenez ari da kimioterapia jasotzen, baina uste du ez direla asmatzen ari.
"Ebakuntza egin arren, gaixotasuna ez da desagertzen. Medikuek ez dakite nola tratatu amiantoak biriketan uzten dituen zuntzak", esan du Aspirozek. "Kimioterapiak laguntzen du tumorearen haztea gelditzen, baina ez du sendatzen", gaineratu du Fernandezek. Amiantoak eragiten dituen gaitzak ez dira ikertu, eta, ondorioz, ez dago ez sendabiderik, ez horren kontrako txertorik ere. Abian dagoen ikerketa bakarra Pasteur laborategietan ari dira egiten, Frantzian, pleurako minbiziari aurre egiteko.
Horrez gain, ez dago asbestoaren berariazko kalte ordainketarik Gizarte Segurantzan; ondorioz, nahiz eta lan gaixotasun gisa aitortu, auto istripuen kalte ordainarekin parekatzen dute. Aspirozek onartu du "babesgabe" daudela zentzu horretan, baina, sendabide bat ez egoteak sortzen diela guztiei kezka gehien: "Ikerketa eta txertoa, hori da egin behar dutena. Dirua ondo dago, baina guk bizi nahi dugu".
Sendabidea urrun ikusten dute oraingoz, baina, ez eritasuna gelditzeko aukera. Horretarako, eskatu dute martxan dagoen ikerketara "behar den dirua" zuzentzea. Erakundeek emanen luketen dirua etorkizunean berreskuratuko luketela pentsatzen du Carlos Fernandinok, Marcosen gaixotasuna hurbiletik bizi izan duen lagunak, kalte ordain gutxiago banatuko lituzketelako. "Amiantoarengatik kaltetutako pertsona kopurua handitzen bada, bonba bat izan daiteke Gizarte Segurantzarentzat", hausnartu du Aspirozek. Eta litekeena da etorkizunean gaixotutako pertsona kopurua handiagoa izatea, hamarkadak igarotzen baitira amiantoaren hautsa arnasteak eragin ahal dituen eritasunak agertu arte: mineralarekin kontaktuan egon, eta 30 urtera azaldu daitezke gaitzak. Gehienetan, eriak erretiroa hartzen duenean.
Amiantoaren ondorioekin bizitzeak ekartzen duen sufrimenduaz gain, kalte egindakoek eta biktimek beste zailtasun eta irregulartasun anitzei ere aurre egin behar diete: gaitza lan gaixotasun gisa ez aitortzea; erabateko erretiroa ukatzea; aseguru polizak kobratzeko oztopoak; informazioa eta lege aholkularitza falta; espezializatutako mediku estaldurarik ez izatea…
Laneko bi minbizi kasutatik bat asbestoak eragindakoa izan arren, biriketako mesotelioma eta kartzinomen %1 baino gutxiago aitortzen dira laneko gaixotasun gisa. Gizarte Segurantzak lau kasu bakarrik onartzen dituela kontatu du Fernandezek, "askoz gehiago egon arren": eztarriko, biriketako, urdaileko eta pleurako minbizia. "Txemak eta Maria Angelak lankide bat dute hiru minbizi motarekin; ez diote bakar bat ere aitortzen. Zergatik? Gizarte Segurantzak ordaindu behar duelako", azaldu du.
Enpresek ere saihesten dute erantzukizuna. "Tranpak dituzte. Auziak luzatzen dituzte helegiteekin. Dirua ematen dizutenerako, hilik zara. Enpresarekin kalte ordainak negoziatzen dituzunean, zu egoera okerragoan zaude, esaten dizutenari ezetz esaten badiozu, auzia luza dezaketelako", salatu du Aspirozek.
Enpresen "trikimailuak"
Enpresek bestelako "trikumailuak" dituzte. Batzuk ukatu egin izan dute haien langileek asbestoarekin kontaktuan egon izana. Martinezek eta Marcosek egoera hori ezagutu dute. "Txemari esan zioten amiantoa kaletik ibiltzen hartu zuela. Gure abokatuak esan zien lan bizitzan jartzen zuela beren enpresan lan egin zuela. Epaiketara joan ginen azkenean", kontatu du Fernandezek. Nerea eta Eider Azkonak esperientzia bera izan zuten amaren kasuarekin: "BSHko giza baliabideetako zuzendariak esan zigun ez zegoela jasota gure amak asbestoarekin lan egin zuela. Epaitegietara jo genuen", adierazi dute.
Hego Euskal Herrian ez dago amiantoa duten egituren erroldarik —Frantzian, Erresuma Batuan eta Alemanian bai—, eta, beraz, ez dago jakiterik zein etxebizitzatan, eraikinetan eta bulegotan dagoen. Mineralak kutsatzen jarrai ez dezan, hura desagerrarazteko bideari ekin dio Nafarroako Parlamentuak: plan zuzendari bat aurkezteko ebazpena onetsi zuen aho batez, irailean, Ahal Dugu-k bultzatuta. Planak minerala izan dezaketen azpiegiturak eta eraikinak kontrolatzeko protokolo bat sortzea du helburu; bai eta hura biltegiratzeko hondakindegiak egokitu edota eraikitzea, diru saila bideratzea eta sentsibilizazio kanpainak sortzea ere.
"Hitzak bai, ekintzarik ez. Elkartearekin ez da inor harremanetan jarri, ez gobernua, ez Iruñeko Udala ere", kexu da Fernandez. Ekimen hau "gutxienekoa" egiteko modu bat dela uste du. "Parlamentura joanen ginela hitz eman ziguten. Ez dute bete".
Amiantoa saltzen lehenak izan ziren AEBetako enpresak. Garai hartako gobernuak konpentsazio funts bat sortzea eskatu zien; hemen, ordea, ez zen halakorik egin. Ananar elkartea AEBtako abokatu bulego batekin dabil elkarlanean funts horiek eskatzeko. Nafarroako enpresek behin, behintzat, minerala han erosi zutela frogatzen badute, epaiketara joan daitezke. Galduz gero, elkarteak ez luke ordainduko.
Ez ditu diruak kezkatzen, halere, amiantoaren inguruan dagoen isiltasunak ekartzen duenak baizik. Abian den ikerketa diruz laguntzeko eskatu dute. "Amiantoa duzunean, ez duzu zuk bakarrik, albo ondorioak familia osoarentzat dira", esan du Aspirozek. Fernandezek senarraren eta Aspirozen hitzak gogoratu ditu: "Jendeak jakingo balu zer gertatzen den, zer beldur dituzun eta zer sentitzen duzun, orduan norbaitek zerbait egingo luke".
Bidegurutzetik atera nahi dute
Edurne Elizondo
Etsita. Halaxe sentitzen dira herrialdeko taxilariak. Etsipena nabarmendu du Nafarroako ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen AITAN elkarteko buru Imanol Velazek, eta etsipena nabarmendu du, halaber, Iruñeko ia taxilari guztiak ordezkatzen dituen Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek. Etsipen horrek eraman zituen lanuztea egitera, azaroaren 29an. Urteko laugarrena izan zen joan den astekoa.
Batetik, alokairuko auto gidaridunen mehatxuak eragin du taxilarien kezka; bertzetik, Nafarroako Gobernuak taxien legea aldatzeko egindako proposamenak. Administrazioak "bazter utzita" sentitzen direla erran dute taxilariek. Bidegurutzean dira, eta onik atera nahi dute handik. Errepidean jarraitu.
Taxilarien kezkak eta kexak ez dira oraingoak. "Azken urteotan, hamaika protesta egin dugu", erran du Velazek. 450 taxilari inguruk egiten dute bat AITAN elkartean. "Ia guztiak". Gehienak Iruñean aritzen dira lanean. Hiriburuan 313 dira denera, eta haietako 309 daude Teletaxi San Fermin elkartean. Sektorearen liberalizazioak ekartzen ahal duenaren beldur dira. "Multinazionalen kontra ezer gutxi egin dezakegu; David eta Goliaten arteko borroka da hau", erantsi du AITAN elkarteko buruak.
Velaz eta Asin Iruñean aritzen dira lanean. Duela 11 urte hasi zen Asin; Velaz, berriz, duela sei. 2013. urtetik dira Uber edo Cabifyren gisako enpresa handiek ekar dezaketenaren beldur. Urte hori giltzarritzat jo du Velazek. Izan ere, alokairuko auto gidaridunen inguruko legea aldatu zuten urte hartan. "Ordura arte, Espainiak zehaztu zuen alokairuko auto gidaridun bakarra egon zitekeela 30 taxiko. 2013an, ordea, aldaketa bat egin zuten, eta muga hori ezabatu zuten". 2015ean berriz ezarri zuten. Berandu, ordea. "Bi urteko denbora tarte horretan, alokairuko 10.000 auto gidaridun lanean jartzeko baimen eskaerak egin zituzten Espainia osoan", azaldu du Velazek.
Epaileen esku dago baimen eskaera horien inguruko auzia. Eta auzi hori da, hain zuzen ere, joan den asteko eta azken hilabeteotako lanuzteak eragin dituena. Nafarroan, egun, alokairuko 50 auto gidaridun inguru ari dira lanean. "Onartu behar dugu gidariok egiten digutena ez dela lehia desleiala", erran du Velazek. Baimen eskaera berrien bidez, bertze 200 has daitezke Nafarroan lanean, erantsi duenez. Hori gertatuz gero, gauzak anitz aldatuko liratekeela erran du. "Guk ezin izanen genuke aurrera egin; ezta egun daude 50 horiek ere".
Asinek bat egin du Velazen iritziarekin, eta nabarmendu du taxilarien eta alokairuko autoetako gidarien gaineko kontrola hagitz bertzelakoa dela. "Taxilariok anitzez ere kontrol zorrotzagoa jasan behar dugu". Velazek zehaztu du taxilariek "baimen bikoitza" behar dutela, nolabait erranda: udalaren lizentzia, batetik; eta erkidegoko gobernuaren baimena, bertzetik. "Alokairuko auto gidaridunek, berriz, ez dute udalaren lizentzia behar". Horrek ekartzen du, taxilarien hitzetan, malgutasun handiagoa izatea.
Eremu urbanizatu jarraitua
2005. urtekoa da Nafarroako taxien jarduera arautzen duen legea. Teletaxi San Fermin elkarteko buru Kiko Asinek nabarmendu du "adostasunez" osatutako testua dela. Ez, ordea, orain egin nahi diren aldaketak. "Ez dakigu nori egiten dioten mesede; taxilarioi, behintzat, ez. Gainera, gure iritzia kontuan hartu gabe ari dira", salatu du.
Velazek eta Asinek kontu bat nabarmendu dute egin nahi duten aldaketaren inguruan: eremu urbanizatu jarraituaren auzia. Egun, legeak zehazten du bi herriguneren artean eremu urbanizatu jarraitua egon behar duela bi herrigune horiek beren taxi zerbitzuak mankomunitate beraren barruan kudeatu ahal izateko. "Iruñea eta Burlata artean, adibidez, bada; ez, ordea, Iruñea eta Etxauri artean", azaldu du Velazek.
Ez du kasualitatez hautatu herri hori. Izan ere, Etxauriko taxilariak urtebete egin zuen Iruñerriko Mankomunitateko gainerako taxilariekin batera lanean, herriko udalak eskatu eta gero. Teletaxi San Fermin elkarteko kideek, ordea, epaitegietara jo zuten erabaki horren kontra, eta epaileek haien alde egin zuten. "Argi utzi zuten eremu urbanizatu jarraiturik ez dagoela Iruñearen eta Etxauriren artean", erran du Asinek.
Orain, baldintza hori aldatu nahi dute. Ezabatu, alegia. "Iruñerriko Mankomunitatea iaz saiatu zen aldaketa hori egiten; parlamentura eraman zuten auzia, baina Ezkerrak, azkenean, ez zuen babestu. Berriz ari dira ahaleginean", azaldu du Asinek. Argi du, legea aldatuz gero, herrietako taxi zerbitzuan sumatuko luketela eragina, batez ere. "Tuteran, egun, bederatzi taxi ari dira lanean. Mankomunitatea osatzen badute inguruko herriekin, bertze 25 taxilarik izanen lukete Tuteran aritzeko aukera. Mankomunitatea osatuz gero, noski, herri txikikoa saiatuko da herri handiagora joaten, lana han dagoelako. Herriak, ondorioz, zerbitzurik gabe geldituko lirateke".
Lizarrako kasua aipatu du Luis Canok, herrietan gerta daitekeenaren adibide. 2001. urtean hasi zen Cano taxilari herri horretan. AITAN elkarteko kide da. "16 lizentzia zeuden urte hartan; haietako bost galdu egin dira, jada. 11 taxilari gelditzen gara, eta denentzako lanik ez dago". Izan ere, Nafarroako Gobernuak berak zehaztutako kopuruen arabera, batez bestekoaren gainetik da Lizarra: "14.000 biztanleko herria gara; zazpi taxi izatea dagokigu, eta 11 gara". Kopuruak gora eginen luke eremu urbanizatu jarraitua ezabatu eta mankomunitatea osatuz gero.
Etorkizunak kezkatzen duela argi utzi du Canok. Eta kezka bera dute Asinek eta Velazek ere. "Zerbitzu publikoa gara, baina ez dugu administrazioaren babesa sentitzen", nabarmendu du azken horrek. Iritzi horrekin ez du bat egiten, ordea, Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesak. "Taxiena gure zerbitzua dela zalantzarik ez dugu, eta zerbitzuari eusteko eta sustatzeko ari gara lan egiten", erran du.
Aiesa: "Urratsak egin dira"
Aiesak zilegitzat jo ditu taxilariek egin dituzten lanuzteak. "Eskatzea eta aldarrikatzea ere zilegi da", erantsi du. Ardurarik eza ukatu du, ordea. "Urratsak egin ditugu, adibidez, diru laguntzak jaso ditzaten". Eurotaxientzako laguntzak aipatu ditu Aiesak, bertzeak bertze. Eztabaida piztu da horien inguruan. 2017rako 40.000 euroko saila zehaztu zuen Iruñerriko Mankomunitateak auto horiek eskaintzen duten zerbitzua diruz laguntzeko. Gurpildun aulkientzako ibilgailuak dira eurotaxiak. "2017rako saila, azkenean, ez dugu jasoko; diru hori galdu eginen da", salatu du Velazek.
Aiesak onartu du aurten ez dutela diru laguntza hori banatuko. Diru saila ez dela galduko nabarmendu du, halere. "Gorde eginen dugu; kontua da egun ez dugula tresnarik eurotaxi bidezko zerbitzuen zerrenda osatzeko, eta diru laguntzak horietara bideratzeko. Hitzarmena lantzen ari gara tresna hori eduki ahal izateko. Abenduan itxi nahi dugu, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera diru laguntzak eman ahal izateko", erran du mankomunitateko presidenteak. Gaineratu du auto ekologiko edo hibridoak dituztenentzat ere zehaztu dituztela diru laguntzak, bai eta segurtasuna indartzeko neurriak hartu dituzten taxilarientzat ere.
Taxilariek salatu duten legea aldatzeko asmoari buruz, eskumena Nafarroako Parlamentuarena dela nabarmendu du Aritz Aiesak. Argi utzi du, halere, "normala" dela baietz erantzutea, herriren batek zerbitzuak mankomunitatearen barruan ematea eskatuz gero. Taxilariei gogoratu die mankomunitateko ateak "zabalik" direla. "Akordioak lortzeko aukerak badirela uste dut", zehaztu du.
Taxilariek, hain zuzen ere, badute negoziatzeko auzi bat mahai gainean: tarifen ingurukoa. "Bost urte egin ditugu jada tarifak berritu gabe", erran du Kiko Asinek. Iruñeko taxien prezioaz anitz hitz egiten dela badakite taxilariek. Izan ere, Facua kontsumitzaileen elkarteak urtero egiten duen txostenaren arabera, hiri garestienen artean egoten da Iruñea. "Azken urteotan hirugarren postuan izan gara; aurten, berriz, hiri garestienen artean laugarrenak gara. Txostena osatzeko moduak badu eragina", azaldu du AITAN elkarteko Imanol Velazek. Azaldu du Iruñea laugarren hiri garestiena dela lehendabiziko kilometroko prezioa kontuan hartuta. "Kontua da Iruñeko taxilariok 4,35 euroko gutxieneko kopurua dugula; 4,35 euro, 1,8 kilometroko bidaia egiteko, ordea. Bost kilometroko batez besteko bidaia kontuan hartzen badugu, zerrendan behera egiten dugu, hamabosgarren posturaino", erantsi du.
Taxilariek onartu dute zerbitzua hobetzeko ahalegina egin behar dutela. "Gure ardurari ez diogu uko egin nahi, eta guri dagokigu kalitatezko zerbitzu bat eskaintzea", erran du Velazek. Horretarako prest dira. Ez, ordea, ahalegin hori egitera baldintza anitzez zurrun eta zorrotzagoak izanda. "Legeak arautzen du gure jarduera; legeak kontrolatzen du gure lana. Ez gaude kontra, baina arau dezala legeak modu berean alokairuko auto gidaridunen jarduera ere", erantsi du Velazek.
Taxilariek batzarra eginen dute urtea amaitu baino lehen, hemendik aurrerako mobilizazioak zehazteko. Oraingoz, greba egiteko aukera ez da mahai gainean. Lanuzteak egiten jarraitzekoa bai, ordea. Lan egiteko eskubidea aldarrikatu dute taxilariek. Lehia desleialari aurre egitekoa ere bai. Bidegurutzean dira. Beltz ikusten dute etorkizuna. Baina ez dute amore eman nahi. Bidean jarraitu nahi dute. Etsi gabe.