Asteko Gaiak

Norabide berrian aurrera

Norabide berrian aurrera

Iker Tubia

Bestondo goxoa utzi du 10. urteurreneko bestak. Ondorioak begi-bistakoak dira. Uharten, artilez egindako koloretako bufandak zintzilik ageri dira nonahi. Joan den larunbatean, Uharteko arte garaikideko zentroak besta antolatu zuen bere urtemuga ospatzeko eta jendearekin biltzeko. Polemika, ezjakintasuna eta noraeza agerikoak izan dira ibilbidearen hainbat unetan. Hori hautsi, eta proiektu berria sendoa dela erakutsi du Uharteko zentroak.

2007. urtean inauguratu zuten arte garaikideko zentroa. Bi ekitalditan egin zuten. Lehenbizikoa inaugurazio hutsa izan zen, adiera guzietan. Inaugurazio bat baizik ez zen izan, oraindik hutsik zegoen zentro baten aurkezpena. Apirilean izan zen hori, kalean uhartear batzuek, pankarta eskuan, protesta egiten zuten bitartean. Bigarrena, berriz, urte bereko azaroan izan zen. Orduan bai, orduan zentroak bazuen zer eskaini.

Inaugurazio horretan izan ziren gaur egun zuzendaritzan dauden lau emakumeak. Oskia Ugarte zentroko kudeatzaile eta koordinatzaileak gogoan du anekdota esanguratsu bat. Eskailerak jaisten ari zen, aurrean gizon eta emakume zaharrak zituela. Behean bi emakume zeuden, performance bat egiten. Bata lurrean etzanda, bestea lurrera so. Gizona larritu zen, zerbait gertatzen zitzaiola uste zuen, eta aldamenekoari esan zion lagundu behar ziotela. Nafarrak ez zeuden arte garaikidea ikustera ohituta.

Hamar urte igaro dira ordutik. Ibilbide horretan bi osagai nabarmen izan dira: polemika eta ezjakintasuna. Hasieran, uhartearrak proiektuaren aurka agertu ziren. Zentroa udalak eraiki zuen, bederatzi milioi euro gastatuta. Gerora, Nafarroako Gobernuaren ekarpena milioi batekoa baizik ez zen izan. Urtean 1,2 milioi euroko aurrekontua behar zuen zentroak, udalaren aurrekontuaren %20. Egoerak ez zuen luze iraunen.

Uhartekoa 6.500 metro koadroko eraikina da. Haietatik 2.300 erakusketa aretoetarako diseinatu zituzten. "Eraikin erraldoi eta hotza zen; Uharte bezalako inguru batean ez zuen tokirik. Sentsazio hori gogoan dut, baina aldatuz joan da urteek aurrera egin ahala eta eraikin honekin izan dudan harremanarekin", azaldu du Nerea San Millan zentroko hezkuntza arduradunak. Garai hartan bi pentsamendu kontrajarri izan zituen Ugartek: "Zer egiten du honek Uharten?" eta "Tira, hau aukera". Nerea de Diego zentroko arte bisualen arduradunak ere gogoan du une hura: "Jakitun ginen kontainerrak eraikitzeko garaia zela, eta arazoa gerora etorriko zela, hori edukiz bete behar zenean".

Herri guzietan kultur etxe handiak eraikitzeko urteak ziren, baina helburu zehatzik gabe. Edukirik gabeko edukiontziak ziren. Uhartekoa ere bai. "Edukian ez duzunean pentsatzen, ondorioa da ez duzula etorkizuneko begiradarik, eta proiektuak aldatuz joan behar du ahal duen bezala aurrera egiteko. Hori da gertatu dena", zehaztu du San Millanek.

Proiektua berehala hustu zen. Lehenbiziko urtean 1,6 milioi euroko aurrekontua izan zuen, hurrengoan 1,2 milioikoa, eta beheranzko joerari jarraitu zion 300.000 eurora ailegatu arte. Gaur egun, egoera ekonomikoa hobetu egin da: 400.000 euro dituzte jardueretarako, 90.000 euro artistak laguntzeko programarako, eta 40.000 euro baliabideetan inbertitzeko.

Hasierako aurrekontuak kontuan izanda, Uharteko Udalak nekez euts ziezaiokeen egoera horri. 2010. urtean Nafarroako Gobernuak zentroaren ardura hartu zuen. "Erabateko erreskatea izan zen. Erreskatatu edo itxiko zuten", dio Ugartek. "Kontua da ez zuela zentzurik Nafarroak ez izateak arte garaikideko zentro bat eta Uharte bezalako herri batek bai", gehitu du De Diegok. Beharren arabera jokatu izan balitz, bestelako proiektu bat sortuko zuketen, seguruenik.

Orain arte, noraezean

Arazo nagusia kultura plan estrategiko baten falta izan zela nabarmendu dute zentroko zuzendaritzako kideek. "Ez dakit utzikeria den, edo ezjakintasuna. Ez dut uste fede txarrez jokatu denik, baina ez da helburuen arabera aritu", dio Ugartek. Baziren bestelako aferak ere. Ziudadela arte garaikideko zentro bihurtu behar zuten, eta bertan Joxefa Uharteren bildumak behar zuen. Oraindik ere Ziudadelakoa birpentsatzen ari dira, eta bilduma hori Opusek du bere museoan.

Dena den, zuzendaritzako kideak itxaropentsu agertu dira, egungo gobernua plan estrategikoa prestatzen ari baita sektoreko eragileekin batera. Ugartek haien sentsazioa azaldu du: "Kultura kontseilua oso aktibo dago, eta hori berme bat da fundamentuzko plan bat izateko. Uste dut sakontasunez egiten ari direla epe luzerako plan bat".

Uharteko zentroaren historian hiru zuzendaritza aritu dira lanean. Enrique Ordoñez 2009ra arte aritu zen, eta garai horretan erakusketa handiak ekarri zituzten, aurrekontu handiak zirela aprobetxatuta. Ordura arte Nafarroan ez zen horrelako erakusketarik antolatu, eta hori baliagarria izan zitzaien artistei. "Aukera bat izan zen, ez soilik aurrekontu eta gastu handiak. Hemengo artistendako leiho bat izan zen", onartu du Ugartek.

Aurrekontuak beherakada izugarria izan zuen, baina, eta Uharteko Udala ez zen gastuari aurre egiteko gai. Egoera horretan Ordoñezek kargua utzi zuen, eta denboraldi batez zuzendaririk gabe aritu zen zentroa. Ez zen itxi, baina jarduera asko apaldu zen. 2011tik aurrera, Javier Manzanosek gidatu zuen arte garaikideko zentroa. Izendapena polemika iturri izan zen, patronatuko kide izan zelako —dimisioa eman zuen zuzendari kargua lortu aurretik—, eta zentroaren lan ildoak eta filosofia zehazteko dokumentua idaztean jokatu zuen rol nagusiarengatik.

Manzanosen garaian ez zen aurrekontu handirik izan; beraz, baliabide gutxirekin aurrera egitea tokatu zitzaion. Sasoi horretan herrira gehiago ireki zen zentroa De Diegoren aburuz. "Aurrekoa herriari bizkar emanez zegoen erabat, eta Javierrekin parte garrantzitsu hori lortu zen". Herritar asko aurka izanik, zentroa haiengana gerturatzea onuragarria zen.

Hirugarren zuzendaritza lau lagunek osatzen dute 2015. urtetik. Ugarte, De Diego eta San Millanekin batera ari da Elisa Arteta jarduera eszenikoen arduraduna. Garai berri honetan erabateko itzulia eman diote proiektuari. Hiru zuzendaritza izan diren arren, zentroaren historian bi fase bereizten dituzte zuzendariek. Lehenbiziko bi zuzendarien proiektua arte garaikideko erakusketa zentroarena izan zen. Orain, erakusketa zentro izatetik, arte ekoizpenerako gune izatera pasatu da. Egoera guziz aldatu da, nahiz eta hamar urteko ibilbidea ez duten baztertu. "Aurrekoen gauza asko hartu ditugu, noski", aitortu du San Millanek.

Aldaketak hainbat alorretan egin dituzte. Hasteko, zentroa zuzentzeko moduan, lau lagunen artean egiten dutelako. "Aldebakartasunarekin haustea askoz ere errazagoa da horrela. Lau izanda, laurehun izan gaitezke. Norberak ez du iritzi bakar bat", dio De Diegok. "Arte garaikidean praktika artistiko kolaboratiboak asko izaten dira, geroz eta gehiago. Zergatik ez eraman hori kudeaketara?", gehitu du San Millanek.

Horretaz gainera, zentroak komunitate artistikoan eta ingurunean du arreta jarria. Ekoizpenerako gune izanda, sormena bultzatzeko aukera eskaintzen du Uhartek. "Soilik erakustaldian jartzen bada arreta eta ez ekoizpenean, azkenean artea inportatu behar da", dio San Millanek. "Makurra da Madrilen bizi diren nafarren obrak inportatu behar izatea", gehitu du Ugartek. Azken finean, Nafarroa ekoizpenerako, ikerketarako eta partekatzeko gune izan daitekeela demostratu nahi dute. Alde horretatik, artistekin harreman sendoagoa dute. "Orain, artistak zentroaren parte dira; hemen bizi dira. Egunero ditugu hemen; batzuk erresidentzian, beste batzuk estudioan lanean edo gela bat publikoaren begiradapean sortzen", dio De Diegok. Gainera, gogora ekarri dute kanpoko artistak izan dituztela, atzerritik Txilekoak eta Alemaniakoak, besteak beste, eta bueltatzeko gogoa azaldu dietela.

Publikotik gertu

Zenbakiek agerian uzten zuten erakustoki gisa ez zuela etorkizun handirik Uharteko zentroak. Publiko zabala ez da haraino mugitzekoa erakusketa bat ikusteko. Bestela izan liteke esperientzia bat bizitzeko bada. Betiere, ikuste hutsari interesa kendu gabe. Baina ez da zuzendaritzak bilatzen duena. "Publikoa oso aldendurik dago arte garaikidearengandik. Guk uste dugu artearen prozesuak gertuago jarraitu eta ezagutzeak gerturatzea bultza dezakeela", dio De Diegok. Gainera, arte garaikideko proiektuak komunitatearendako oso aberasgarriak izan daitezkeela sinetsita dago.

Arte garaikidea jendeari eta zentroa herriari gerturatzea, biak dituzte helburu. Herritarrekin duten harremana hobetu dela nabarmendu dute. "Bi noranzkoetako proiektuak sortu nahi ditugu. Elkarrekin sortu nahi dugu, hori baita gune hau herriarena izateko modu bakarra", azaldu du De Diegok. Horretarako, osagai bat funtsezkoa da: denbora. Ez dago presarik. Hamar urte igaro dira, eta zuzendaritza berriarekin ailegatu da metamorfosia.

Nor bere aldaketaren eragile

Nor bere aldaketaren eragile

Edurne Elizondo

Ezintasuna duten pertsonak multzo bakar batean sartzea zaila dela nabarmendu du Nerea Perezek. "Ezintasun fisikoa, psikikoa eta sentsoriala bereizten ditugu, baina talde horietako bakoitzean ere, hamaika errealitate eta esperientzia badira; nork berea du". Elbarritasun fisikoa du Perezek, 14 urte zituenean diagnostikatu zioten eskoliosiak eraginda. Argi du nork bere egoera eta baldintzak bidelagun dituela, baina, berezitasunen gainetik, errealitateak ezintasuna duten emakumeak batzen dituela uste du: "Ezintasuna dugun emakumeok bazterketa bikoitza sufritzen dugulako, emakume eta elbarri izateagatik".

Bazterketa bikoitz horri egin nahi dio aurre Nafarroako Cocemfek, elbarritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen elkarteen federazioak. Lana lortzeko ahalduntzea eta aktibazioa izenburuko programa jarri du martxan, ezintasunen bat duten emakumeak enplegua lortzeko bidean laguntzeko. Oraingoz, hamasei emakume ari dira parte hartzen Tuteran; Iruñean ere abian jarriko dute; izena ematera deitu ditu Cocemfek interesa duten andreak. Gero, Lizarrara eraman nahi dute programa, denera 75 emakumeri formakuntza eskaini ahal izateko. Caixaren babesa jaso du Cocemfek egitasmoa garatzeko.

Gisa horretako programa batean aritu zen Perez, iaz. On egin ziola nabarmendu du. "Berdinen arteko espazio bat osatu genuen, esperientziak partekatzeko", azaldu du. Ez ohi du bere elbarritasun fisikoaren berri ematen, baina ezkutatzeko ahaleginik ere ez du egiten. "Gauzak normal-normal hartzeko ordua da", nabarmendu du.

Bizkarreko gaitzak baldintzatu du Perezen egunerokoa nerabezarotik. 38 urte ditu orain. Ikasi du eskoliosiak eragiten dizkion mugekin eta min kronikoarekin bizitzen; familia eta lagunak hurbil sentitu ditu beti; baina bertzelakoa da, Perezen hitzetan, lan mundua: hor aurkitu du etsai giro handiena. Esparru horretan ere, bertze guztietan bezala, nor bere aldaketaren eragile izateko beharra nabarmendu du Perezek, halere, oztopo guztien gainetik.

Nafarroan, Cocemfek esku artean dituen datuen arabera, ezintasunen bat duten 25.000 emakume badira; hau da, ezintasuna duten pertsona guztien %58 dira andreak. "Langabezia tasa handia da ezintasuna dutenen artean, eta are handiagoa emakumeon artean", nabarmendu du Perezek. Ezintasunen bat dutenen langabezia tasa, hain zuzen ere, ezintasunik ez dutenena halako bi da.

Zailena, eustea

Lanak, baina, "dena markatzen du". Horixe nabarmendu du Perezek. Enpleguak ematen duela nork bere gaitasunak garatzeko aukera, autonomia lantzekoa, ahalduntzekoa. Lana lortzea baino zailagoa da enplegu horri eustea, Perezen hitzetan. "Auzitan jartzen zaituzte etengabe", salatu du.

"Ni beti saiatu naiz gauzak egiten; ikasi ahal izan dut, eta hamaika lan izan ditut". Gizarte laneko ikasketak egin zituen Perezek, eta esparru horretan egin nahiko luke lan, batez ere. Orain, halere, administrazioarentzat ari da. "Negozio bat ere jarri nuen martxan, bost urtez, baina utzi egin behar izan nuen; langile autonomoa izatea edozeinentzat da gogorra, baina, ezintasun bat baduzu, ia ezinezkoa da".

Lan fisikoak egiteko ditu mugak Perezek; ezin du zamarik hartu. "Egin izan dut, bai eta ondorioak sufritu ere". aitortu du. Gaixo agiria hartu behar izan du haurdunaldiak eragindakoez osatzeko. Hamasei hilabeteko alaba zaintzeko lana ere gogorra da Perezentzat. "Bularra eman diodanez, gainera, ezin izan ditut mina kentzeko botikak hartu".

Hainbat ebakuntza egin dizkiote Perezi, eskoliosia diagnostikatu ziotenetik. Kortseak jantzi behar izan zituen nerabezaroan, lehendabizi; bizkarrezurrean inplanteak jartzeko ebakuntzak egin zizkioten, gero. Denera, hiru. "Hasierako inplanteak hautsi egin zitzaizkidan, oraindik hazten ari nintzelako jarri zizkidatenean. Berriak jarri, eta infekzioa eragin zidaten".

Argi utzi du ezintasun bat dutenentzat ez dela erraza gaixo agiria eskatu behar izatea. "Izan ziur behar dugunean baino beranduago eskatzen dugula, eusten saiatzen garelako. Gehiago ezin dugunean hartzen dugu". Onartu du enpresentzat ez dela atsegina langileek gaixo agiria hartu behar izatea, baina gaixoaldia langileen eskubidea dela nabarmendu du. "Enpresentzat, gainera, badira ezintasuna dutenak kontratatzeko laguntzak", gogoratu du.

Anitzetan, nagusiek ez ezik lankideek ere ezintasuna dutenen hitza eta lana auzitan jartzen dituztela azaldu du Perezek. Ez hori bakarrik. "Kexatzeko arrazoirik ez dugula erran ohi digute, gu kontratatzeagatik diru laguntza horiek daudenez ustez gu hartzen gaituztelako lehendabizi enpresek. Finean, bertze norbaiti lana kentzen ari garela leporatu ohi digute; guk lan egiteko eskubiderik izanen ez bagenu bezala", salatu du Perezek. Gogoratu du administrazioko langileek sinadurak bildu zituztela ezintasuna dutenak kontratatzeko diskriminazio positiboaren aurka, eta parlamentura eraman zituztela. "Halakoekin gizarte osoak egiten du atzera".

Gisako egoerei aurre egitea ez da samurra. Perezek, halere, argi du ezinbertzekoa dela lan egitea. "Gustuko dugun lana aurkitzen ez badugu ere, uste dut garrantzitsua dela gauza bat edo bertze egitea; aritzea. Lanak autonomia ematen digu. Balio dugula erakusteko aukera ematen digu".

Horri buruz inolako zalantzarik ez du Perezek: ezintasuna izan edo ez, nork bere gaitasunak, nork bere ahuleziak eta indarguneak dituela. Eta azken horiei etekina ateratzea dela gakoa. Ezintasuna izan edo ez.

Lan mundura iritsi aurretik ere egin behar izan die aurre Perezek bertzeen aurreiritziei. "Diagnostikoa jaso aurretik ere, eskolan kirola egiten ez zuena nintzen ni. Nekatuta nengoela erraten nuenean, ezin nuela erraten nuenean, orduan ere auzitan jartzen zuten nire hitza". Kirolik ezin du egin Perezek orain, eta horren falta sumatzen du.

Bere esku diren tresnak eta esperientziak jarri ditu, halere, mahai gainean. Bidea hori dela uste du. Eta, batez ere, ezintasuna duten emakumeei dagokiela beren erabakien ardura hartzea. "Eragile aktibo bilakatu behar dugu". Auzitan jartzen dituztenen jarrera agerian utzi du; agerian, halaber, gehiegizko babesa behar dutela uste dutenena. Bazterketen aurka altxatzeko prest da.

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Aitzinera ihes egiteko arriskua

Edurne Elizondo

Antonio Aragon izan zen, Nafarroako presidente ohi Gabriel Urralbururekin batera, Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egiteko proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat. 1991ko irailean, Ebroko Ur Konfederazioko presidente izendatu zuten Nafarroako Gobernuko Herrilan kontseilari izan zena. Kargu berritik, ubidearen bigarren fasea "neurrigabea" zela aitortu zuen Aragonek; "neurriz kanpoko" inbertsioak eskatzen zituela. "Nafarroako gobernuek, bideragarria ez dela jakin arren, bigarren fase horren erabilera demagogikoa egin dute 1991tik; okerrena da, ubidearen aitzakiarekin, 30 urte daramatela Erriberan uraren arazoa konpontzeko zain".

Urbizi Uraren Kultura Berria fundazioko kide Fito Jimenezenak dira hitzak eta salaketa. Erakunde horrek txosten bat egin du ubidearen bigarren fasea bazter uzteko alternatibak aztertzeko; lehen fasea egina dago, eta lehen fase hori zabaltzeko lanak ere amaitutzat jo dituzte jada; horko lurrek ubideko ura har dezaten prestatzeko obrak amaitzea falta da. Bigarrena egiteko beharrik ez dagoela uste dute Urbiziko kideek, ordea, eta aitzinera ihes egiteko arriskuaz ohartarazi dute. Izan ere, krisi ekonomikoak baztertu egin du, azken urteotan, bigarren fase hori, baina mahai gainean jarri du berriz Uxue Barkos buru duen egungo gobernuak. Bazter utzi du aire zabaleko ubide bat sustatzeko aukera, eta lurpeko hoditeria baten bidez egitekoa hobetsi du; baina proiektua mapan jarri du, berriz ere.

Fito Jimenezek Charo Brinquis Urbiziko kide eta aditua izan du lagun bigarren fasea bazter uzteko alternatibei buruzko txostena osatzeko prozesuan; Brinquisek Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioaren errentagarritasunik eza utzi zuen agerian, jada, 2012an egindako lanean. Asteon, Jimenezek eta Brinquisek prestatutako agiria defendatu du jendaurrean erakunde bereko teknikari Julen Mendigurenek. Attac elkarteak Nafarroako ubideari buruz antolatutako mahai inguruan parte hartu du, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberorekin, Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecarekin eta Intia (Nekazaritzako Elikagaien Teknologiak eta Azpiegiturak) enpresa publikoko teknikari Idoia Ederrarekin batera. Nork bere ikuspuntutik heldu dio ubidearen auziari.

Intiaren txostena

Bigarren faseari buruzko eztabaida mahai gainean jarri zuen gobernuak 2015eko abenduan. Prozesu bat iragarri zuen orduan, parte hartzea sustatzeko, eta alternatibak lantzeko. Prozesu horren barruan, hain zuzen ere, txosten bat egin du Intiak. Erriberako nekazarien artean inkesta egin dute enpresako kideek, Ederrak azaldu duenez. Bigarren faseko hasierako proiektuak hartuko lukeen eremuaz harago jo dute, eta, denera, ureztatzaileen 53 komunitatetako kideekin egon dira. Intiako kideen helburua da lurrak ureztatzeko dagoen beharra identifikatzea, behar horri erantzun ahal izateko. "Dauden proposamen guztiak aurkeztu nahi dizkiegu, haiek erabaki dezaten", erran du Intiako teknikariak.

Txosten horretan, lau proposamen jaso ditu Intiak. Lehena litzateke egungo egoerari eustea. Bigarrenak 15.000 hektarea ureztatu ahal izateko aukera jartzen du mahai gainean, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen du ubidearen bigarren fasea. Hirugarren proposamenak Val urtegiko ura baliatzea aipatzen du, haren bidez 5.000 hektarea ureztatzeko. Hektarea kopuru bera ukituko luke azken proposamenak: Lodosako ubidea baliatuko luke, eta ureztatze sistemak hobetzeko beharra jartzen du mahai gainean, gainera. Datozen hilabeteotan, proposamen horiek guztiak aurkeztuko dizkiete Intiako kideek nekazariei, eta ureztatzaileen komunitateetan bozketak egin beharko dituzte, bat edo bertze aukeratzeko.

Urbizik ontzat jo du Intiak egindako lana, eta, batez ere, nekazariei parte hartzeko aukera eman izana. Mendiguren kritiko agertu da, ordea, Nafarroako Gobernuarekin. Izan ere, 2015ean iragarritako eztabaida prozesua amaitu baino lehen egin du administrazioak bigarren fasearen alde. "Hainbat proposamen aurkeztu, baina bat hobetsi du jada: ubidea Pitillastik Ablitasera eramateko asmoari eutsi dio gobernuak". Bigarren fasearen aldeko apustuak "Canasaren tunelean aurrera egitea" ekartzen duela salatu du.

Canasa Espainiako eta Nafarroako gobernuek osatutako enpresa publikoa da; haren ardura da ubidea egitea. Urbiziko kideen hitzetan, enpresa horren "finantza krisia" estaltzea da, neurri handi batean, bigarren fasearen helburua. "2014. urtean, 8,6 milioi euroren galerak izan zituen, eta 10,5 milioi eurorenak, berriz, 2015. urtean", aipatu izan du Charo Brinquisek. Haren hitzetan, galera horien atzean dago uste baino diru gutxiago jaso duela ekoizpen hidroelektrikoagatik, uraren kontsumoa ere uste baino txikiagoa izan dela, eta proiektuaren plangintza ekonomikoa, gainera, ez dutela ongi egin. "4-5 milioi euroren gastuak ditu Canasak urtean, mantentze eta ustiatze lanengatik, baina hori ez da inongo paperetan ageri", erantsi du Brinquisek.

Intiak egindako txostena ontzat jo du Mendigurenek, baina ez, ordea, Nilsa enpresa publikoak osatutakoa. Intiak ureztatzeko beharrak aztertu ditu; Nilsak, berriz, hornidurarakoak. Etxeetara, zerbitzuetara eta industrietara ailegatzen den urari buruzkoak dira Nilsaren ardurak, hain zuzen ere. Mendigurenek salatu du Nilsak bigarren fasearen alde egin duela bere txostenean, eta zalantzan jarri ditu lan horretan jasotako ur beharrak.

Iruñerriko Mankomunitatearekin alderatu ditu Mendigurenek datu horiek. "2015ean, etxeetan, zerbitzuetan eta industrian 30 hektometro kubo kontsumitu ziren Iruñerrian; 360.000 biztanle ditu. Erriberan 90.000 dira, eta 18,5 hektometro kuboko beharrak jarri ditu Nilsak mahai gainean". Fito Jimenezek ere zalantzan jarri ditu kopuru horiek, eta uste du ez dutela justifikaziorik. "Iruñerriko kontsumoa halako bi dute Erriberan; kontrolatu gabeko uraren kopurua ere izugarri handia da; urak ihes egiten duela erran nahi du horrek, bertzeak bertze. Beti gertatu da datuak puztu direla ubidea justifikatzeko", erantsi du Urbiziko kideak.

Garai batean, adibidez, Nafarroako Gobernuak adierazi zuen Itoizko urtegia eta ubidea egin behar zirela Iruñerriak txorrotako ura behar zuelako. Errealitatea da Iruñerriak gutxitan kontsumitu duela Itoizko ura. "1,1 milioi euro ordaintzen ditu Iruñerriko Mankomunitateak, urtean, erabiltzen ez duen uragatik", salatu du Mendigurenek. Hau da, kopuru finkoa da hori, ura kontsumitu edo ez ordaindu behar dena. Egoera hori aldatu nahi du mankomunitateak berak, eta, antza, aurten kopuru horren erdia ordaintzeko akordioa egin du.

Datuen inguruko kezkak agerian utzi ditu Urbizik, baina ez du ukatu Erriberan arazo bat dagoela uraren kalitatearekin, eta konpondu beharra dagoela aitortu du. Zalantzan jarri du, ordea, bigarren fasea gauzatzea aukerarik onena ote den hori egiteko, eta alternatiba gisa aipatu ditu El Ferial urtegia eta Queilesko iturriak.

Nekazaritza eredua

Gobernuak, oraingoz, ubidearen bigarren fasearen alde egin du horniduraren esparruan dauden arazoak konpontzeko eta lurrak ureztatzeko sistema gisa. Aurreko gobernuek mahai gainean jarritako datuak ez lirateke beteko, hala ere. Bigarren faseak 21.500 hektarea ingururi eraginen ziela erran izan da urte luzez; oraingo gobernuak uste du 15.000 hektarea inguru ureztatzeko gaitasuna duela ubideak, eta, kopuru horretatik abiatuta, 9.000-10.000 hektarea inguruko azalera proposatu du. Lur azpitik obra %40 merkeago izanen litzatekeela erantsi du.

Datuez eta kopuruez harago, nekazaritzari buruzko ikuspuntu zabalago bati eusteko beharra nabarmendu du, hala ere, Nafarroako EHNEko presidente Imanol Iberok. Urtegiaren eta ubidearen aurka agertu da sindikatu hori hasieratik, eta halako azpiegiturek ekartzen dituzten kalteak berretsi ditu Iberok, berriz ere. Batetik, salatu du ubideari lotutako ereduak bazter uzten dituela nekazari txikiak, eta monolaborantzako lurrak hedatzen dituela. Ubidea nekazarientzat uste zuten baino garestiagoa dela ere salatu du, eta gobernuak proiektua "saldu" egin duela, "zentzuzko plangintza" egin gabe.

Bertzetik, Iberok agerian utzi du ubideak erabat baldintzatzen duela Ingurumeneko, Landa Garapeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren aurrekontua. "Bertzelako laguntzetarako dirurik ez da; aurrekontua 76,7 milioi da, eta 21 zuzenean doaz ubidearentzat".

Kexa horrekin bat egin du Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitate Nagusiko buru Felix Chuecak; bertze hainbat departamentuk ere gastuaren zati bat hartu beharko luketela uste du; Canasak ureztatzaileei kobratzen dienarekin ere baditu desadostasunak. "Argi dut erabiltzaileok ordaindu behar dugula azpiegituraren zati bat; baina obra guztia egin gabe, orain lanean ari garenok ari gara azpiegitura osoa ordaintzen". Eta ez du bidezkotzat jo. Ubidearen alde egin du, hala ere, argi eta garbi. Eta nekazari gehienen artean ere jarrera azpiegitura horren aldekoa dela uste du. "Lehen fasean, lurren %12 baino ez dira gelditu proiektutik at".

Bertze datu bat, Itoizko urtegia-Nafarroako ubidea binomioak eragindako guztien artean. Azpiegitura horien benetako dimentsioari neurria hartzea, hala ere, ez da erraza. Lehen fasea egina da. Bigarrena, oraingoz, mahai gainean. Harekin batera, batzuen kezkak, eta bertzeen itxaropenak. Behar ote den da gakoa.

Autoen hiria ez da oinezkoena

Autoen hiria ez da oinezkoena

Edurne Elizondo

Estatistikek islatzen dituzten datu hutsez harago, bat-bateko heriotzak eragindako samina dago, beti, auto harrapatze baten atzean. Iruñean gora egin du gisako gertaeren inguruko kezkak, hilaren 11n auto batek 76 urteko emakume bat zebra-bide batean harrapatu eta gero; bertan hil zuen. Orduko 50 kilometroko abiadura muga, eta hainbat semaforo eta zebra-bide ditu errepide horrek; abiadura kontrolatzeko radarra ere bai. Hala eta guztiz ere, gertatzen diren istripuak kontuan hartuta, bide hori da hiriko arriskutsuenetako bat.

2013tik 2016ra zazpi pertsona hil dira Iruñean, autoek harrapatuta. "Oro har, istripuek behera egin zuten 2008tik 2015era, krisiak gogorren jo zuenean, alegia, denbora tarte horretan autoen erabilerak ere behera egin zuelako", azaldu du Iruñeko Udaleko Hiri Ekologiaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Saileko zinegotzi Armando Cuencak. "Autoen erabilerak pixka bat gora egin orduko, ordea, gora egin du istripuen kopuruak ere". Neurri eraginkorrak martxan jartzeko ordua dela uste du zinegotziak, eta orain arte udaletxeko pasabideetan errandakoa mahai gainean jarri du, herritarrek Aranzadiko kideen proposamenaren berri izan dezaten: "Iruñea orduko 30 kilometroko abiadura muga duen hiri bilakatu nahi dugu".

Proposamen horren bidez garbia da Cuencaren taldeak ezarri nahi duen politikaren norabidea: autoak egun duen nagusitasuna bazter utziko duen hiri eredu bat nahi du. Oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari lehentasuna emanen diena. "Hiri eredua baitago harrapatzeen atzean", nabarmendu du zinegotziak.

Autoek harrapatuta hildako herritarren adinari egin dio so Cuencak, halaber; izan ere, 2013tik 2016ra hildako zazpi pertsonetako bostek 70 urte baino gehiago zituzten; denbora tarte horretan 85 pertsona larri zauritu ziren istripuen ondorioz, eta haietako 43 ziren 70 urte baino gehiagokoak. "Iruñea ez da hiri egokia zaharrak oinez ibiltzeko", laburbildu du zinegotziak. Kontuan hartuta populazioa gero eta zaharragoa dela, eredua "lehenbailehen" aldatzen hasteko beharra berretsi du. Iruñeko biztanleen %22k dituzte 65 urte baino gehiago, jada.

Presioa, karrikan

"Gipuzkoako etorbidean gertatu dena ez da istripu puntual bat; hiri eredua da arazoa", bat egin du Cuencarekin Aitor Txarterinak, 8-80 Iruñea plataformako kideak. Elkarretaratzea egin zuten talde horretako kideek, joan den astean, istripua jazo zen toki berean. "Harrapatze bat gertatzen den bakoitzean aterako gara kalera; askotan, ezkutuan gelditzen dira halakoak. Hiriak segurua izan behar du 8 eta 80 urte bitarteko herritarrentzat, eta, gaur-gaurkoz, hori ez da gertatzen".

"Presioa" egin nahi du 8-80 Iruñea plataformak, hain zuzen ere, autoaren nagusitasunari aurre egiteko. Iruñeko Udala "norabide onean" dela uste du Txarterinak, baina erantsi du aldaketak ez direla gertatzen ari nahi bezain azkar eta nahi bezain sakon. Oposizioko taldeen jarrera ere kritikatu du, autoaren nagusitasuna nabarmentzen duen sistema aldatzeko saioei trabak jartzen dizkietelako.

Cuencak ere argi du lanean hasteko ordua dela. Berandu baino lehen hasi behar dutela neurriak martxan jartzen egungo sistema aldatzeko. "Badakigu herritar guztiak ez direla kontent izanen Iruñean orduko 30 kilometroko abiadura muga ezartzen badugu, baina neurri hori ezartzea merezi du, segurtasunaren alde", defendatu du Cuencak. Erantsi du, gainera, Iruñea zeharkatzeko batez besteko abiadura, gaur egun, orduko 15 kilometrokoa baino ez dela.

"Auto batek norbait harrapatzen badu orduko 64 kilometroko abiaduran, hiltzeko arriskua %85ekoa da; orduko 30 kilometroan, berriz, %5ekoa", azaldu du Iruñeko Udaleko zinegotziak. Cuencak argi du helburuak izan behar duela inor ez hiltzea auto batek harrapatuta.

Galiziako Pontevedra hiria jarri du eredu. Han, orduko 30 kilometroko abiadura muga dute. Hiriko erdiguneko karrikak oinezkoentzako egokitu dituzte, eta bizikletari eta garraio publikoari ere eman diete lehentasuna. "Emaitzak hor daude; azken bost urteotan ez da inor hil harrapatzeen ondorioz", nabarmendu du Cuencak.

Administrazioak hirian gertatzen diren istripuen ardura bere gain hartu behar duela argi du zinegotziak: "Helburutzat hartu behar dugu hildako bakar bat ere ez izatea administrazioaren utzikeriagatik. Hori nahi dut nik Iruñean".

Administrazioak erantzukizunaren bere zatiaren ardura bere egin behar duela argi du Aritz Romeok ere. Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotzia da. Aitortu du "oso berri txarra" izan dela Gipuzkoako etorbidean gertatutako harrapatzea. "Hasi gara errepide hori aztertzen, berriz ere halakorik gerta ez dadin", azaldu du.

Neurri batean bat egin du Romeok Cuencarekin. "Iruñeko abiadura mantsotzea beharrezkoa da", nabarmendu du zinegotziak. Ez du hain argi, ordea, hori lortzeko bidea Nafarroako hiriburua orduko 30 kilometroko hiri bilakatzea dela. "Horretara jo behar dugu, baina batez besteko abiadura muga gisa. Kalez kale aztertu behar dugu hiria, kalez kale neurririk egokienak ezarri ahal izateko; zenbaitetan inportantea da zirkulazio arina izatea".

Agerian gelditu dira Aranzadiko eta EH Bilduko kideen iritzien artean dauden aldeak. Cuencak neurri orokor gisa hiri osoan ezarri nahi duena Romeok hainbat kaletan baino ez du egokitzat jotzen. Ermitagaña karrika jarri du Cuencak desadostasun horren adibide. "Udaltzaingoak uste du 50eko abiadura mugari eutsi behar zaiola hor, Nafarroa etorbideko zirkulazioa arintzeko balio duelako. Autoari ematen dio lehentasuna erabaki horrek, berriz ere".

Asmo guztietan ez dute bat egin, baina Romeok onartu du egoera hori aldatu beharra dagoela. Autoari egun duen protagonismoa kendu behar zaiola. Bere sailak hori lortzeko esku artean dituen proiektuak nabarmendu ditu zinegotziak. "Navas de Tolosa kalea autobusentzako bide bilakatuko dugu", azaldu du. Horrekin batera, egun errepide batek moztuta dauden Taconera eta Basotxo berriz ere elkartzea da udalaren asmoa. "Autoak hortik kanpo geldituko dira". Proiektu horren bidez, helburu nagusia da Jose Alonso karrikako zirkulazio arazoak konpontzea. "Bide bakarreko kalea da, eta, egun, 10.500 auto pasatzen dira handik; xedea da kopuru hori 3.000ra jaistea". Armada etorbidea erabili beharko dute autoek.

Hiriko errepide nagusiak dira, hain zuzen ere, oinezkoentzako arriskutsuenak. Horixe nabarmendu du Cuencak. "Zaragozako, Sanduzelaiko, Gipuzkoako etorbideak, bai eta Pio XII.arena ere". Halakoetan eta, oro har, hiri guztian gidatzeko dauden moduak "aztertzeko beharra" jarri du mahai gainean 8-80 Iruñea plataformako Aitor Txarterinak. Gogoratu du garai batean hiritik kanpo gelditzen ziren bide zabalak Iruñe barruan direla egun, eta horrek are arriskutsuago bilakatzen dituela oinezkoentzat.

Neurriak eskatu ditu plataformak, eta neurriak behar direla onartu dute udaleko arduradunek. Badute lanean hasteko tresna: 50.000 euroko diru saila ekarri duen bide segurtasunerako plana. Iruñea mantsotzea da helburua; berandu baino lehen.

Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu”

Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu”

Edurne Elizondo

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Irudiak erabiltzen ditu borrokarako tresna grisa. Munduko hainbat herritako hiltegi eta haztegietan sartu da; animaliak esplotatzen dituzten hamaika jardueraren lekuko izan da, eta bere begien aurrean gertatu denaren lekukotasun zuzena eman du, bere lanaren bidez. Ezkutuan aritzen da, ezkutuan dena agerian uzteko. Euskal Herrian ere bai. 2014an martxan jarri zenetik, hamaika ikerketa, hainbat erakusketa eta Madrilgo Wings of Heart babeslekuari buruzko Refugiados (Errefuxiatuak) izenburuko liburua egin ditu.

2014an, Iruñean jarri zenuen martxan Tras Los Muros proiektua. Hirira itzuli zara. Zer dago Iruñeko besten bertze aldean?

Bertze animaliak hamaika modutan esplotatzen ditugu; jarduera horiek haserre mota ezberdina eragiten dute gizakion artean, baina, funtsean, ekintza mota berberak dira. Espezismoa gauzatzeko modu ezberdinak dira; bertze animaliak gizaki ez direlako baztertzen dituen aurreiritzia da espezismoa. Alde horretatik, Iruñeko zezen plazan sanferminetan ikusi dudana forman baino ez da ezberdina. Ez nago hemen Iruñean gertatzen dena larriagoa delako, baizik eta beharrezkotzat jotzen dudalako hemen gertatzen denak sortzen duen haserre hori bertze esplotazio jardueretara bideratzea.

Lehendabizikoz etorri zinenean UPN zegoen agintean, eta orain, berriz, EH Bildu; animalientzat, baina, ez da deus aldatu.

Ez dut uste EH Bilduk, oro har, animalien esplotazioaren aurkako jarrera sendoa duenik, ezta tauromakiaren kontra ere, zehazki.

Iazko hauteskundeen ondotik aldaketa gertatu zen hainbat udaletan. Sare sozialetan eskatu zenien hiltegietako ateak zabaltzeko. Ez dute egin. Harresi horiek dira gainditzen zailenak?

Eskaera horren bidez azaldu nahi izan nuen erakundeetako politikaren bidez ere aukera badela ekinbide interesgarriak martxan jartzeko borrokaren esparruan. Hiltegietan gertatzen dena nahita gelditzen da ezkutuan. AEBetan, adibidez, egin izan dituzte haztegietako eta hiltegietako harresien atzean gertatzen dena agerian utzi duten ikerketak, eta, ondorioz, Ag-Gag eta AETAren gisako legeak jarri dituzte indarrean, halako tokietan ez grabatzeko eta haiei buruzko informaziorik ez zabaltzeko, zehazki. Lege horien helburua da ekintzaileen jarduera terrorismotzat hartzea.

Industriak badaki bere azpiegituretan lortutako irudi batek eragin handia izan dezakeela gizartean; hagitz zaila da hiltegi batera sartzea kamera agerian duzula. Horregatik, irudi gehienak kamera ezkutuen bidez lortzen dira, edo amarruak erabilita. Animalien eskubideen aldeko mugimenduak bide luzea egin duen tokietan, hain zuzen ere, industriak bere langileak trebatzen ditu ekintzaile infiltratuak antzemateko.

Espainiako Estatuko udal hiltegi anitzetako ateak zabaltzeko eskumena dute udal horiek. Gizarte hobe baten alde erakundeetatik lan egitea erabaki dutenek kontuan izan behar dituzte animalien eskubideak; eta kontuan izan behar dute, halaber, animalia horienganako tratuaren inguruan gero eta kezka handiagoa badela. Kazetariei eta animalien aldekoei hiltegietara sartzen uzteak errazago bilakatuko luke borrokatu behar dugun bidegabekeria hori ulertzea eta ikusaraztea. Borroka orok behar duen eztabaida soziala eragiten lagunduko luke hiltegietara sartzeak.

Baina industriak ez du hori nahi.

Hiltegietako ateak zabalduko bagenitu, haragiaren industriak duen boterea agerian geldituko litzateke. Botere hori erabiltzen du bere azpiegituretan gertatzen dena ezkutatzeko. Martxoan, hain justu, haragiaren industriak osatutako agiri estrategiko bat filtratu zuten; haren helburua zen Osasunaren Mundu Erakundeak haragi prozesatuak osasunarentzat zer arrisku dakartzan azaltzen zuen txostenak eraginen lituzkeen kalte ekonomikoak arintzea. Txosten horrek agerian utzi zituen haragiaren industriak propagandarako erabiltzen dituen taktikak; agerian utzi zuen, halaber, haren boterea handia dela, eta eskrupulurik ez duela. Negozio horrek 20.000 milioi euroren irabaziak sortzen ditu urtean, Espainiako Estatuan, eta, noski, ez da besoak antxumatuta geldituko, kontuan hartuta gure irudiek eta ikerketek galera ekonomiko handiak eragiten ahal dizkiotela.

Bi urte lanean. Zein da zure analisia egindakoaz?

Egindako hutsak bazter utzi gabe ere, balorazioa ona da. Bertze kideen laguntza funtsezkoa izan da, eta, horri esker, lan sareak osatzeko aukera izan dut. Hasieran ez nuen hori egiteko asmorik, baina sare horiek lagundu didate uste baino esplotazio gune gehiagotara sartzeko. Irekitzen zailak ziren ate eta harresiak gainditzen lagundu didate. Lan eta babes sare horiek analisia eta kritika ekarri diote proiektuari, gainera.

Zuk gainditu dituzun harresi horien bertze aldean dagoen indarkeriaz ohartzen da gizartea?

Munduko hamaika txokotan ekintzaile infiltratuek egiten dituzten ikerketek duten eraginak erakusten du ezetz, gizartea ez dela gertatzen denaz ohartzen. Bertzalde, argi dago engainatzen gaituztela, eta badela egoera ez aldatzeko interesa; hau da, industria ahalegintzen da bere jarduerari buruzkoak ezkutuan gordetzen; propaganda zabaltzen du, haztegietan animaliak zoriontsu bizi direla sinetsarazteko.

Haztegietan eta hiltegietan sartu zara. Eragin dizu han gertatzen denaren lekuko izateak?

Lan honekin hasi aurretik ere banuen harremana zapaldutako animalien irudiekin. Egin nituen animaliak esplotatzen dituzten zentroen inguruko ikerketak. Gizartea kontzientziatzeko lana egiteko, halaber, bertze hainbat ekintzailek egindako irudiak ere erabili izan ditut. Esplotazio horren lekuko izateak badu eragina, bai. Inguratzen zaituen munduarekin duzun harremana betiko aldatzen da. Baina gertatzen denaren lekuko izatea ere bada modu bat gogoratzeko abandonatzea ez dela aukera bat.

Argazkilaritzat eta ekintzailetzat duzu zeure burua; erran izan duzu zure helburua dela gizartea astintzea. Nola erabakitzen duzu zer erakutsi? Nola antolatzen duzu zure lana?

Gogoeta politiko baten ondorio da Tras Los Muros proiektua. Kamera eta proiektua bera puzzle estrategiko baten bi pieza dira; puzzle horren asmoa da astintzea, kontzientziatzea, eta, ondorioz, eraldatzea. Ez dut ulertzen proiektu hau egitasmo bakar baten gisa; niretzat, bertze hainbat kiderekin partekatzen dudan borroka sare baten zati bat da. Proiektuaren lehen etapa honetan nire aurreneko helburua da esplotazio eremu ezberdinen inguruko irudi artxibo bat osatzea. Horren bidez, zubiak eraiki nahi ditut animalia gehien zapaltzen dituzten eremuetarantz. Nire asmoa da, halaber, hainbat aktibismo modu zehatzen berri jasotzea eta zabaltzea, lan horren bidez gogoeta kolektiboari nire ekarpena egiteko. Toki zehatzetara sartzen laguntzeko prest dagoen jendearen deiak eta mezuak jasotzen ohi ditut. Ondorioz, nire agenda denbora luzez lantzeko erreportajeekin osatzen badut ere, malgutasunez jokatzen dut, proiektuari sendotasuna ematen ahal dioten gertaeren berri ematera joan ahal izateko.

Kazetariok egin beharreko lana egiten ari zarela uste duzu?

Duela sei urte, ikerketa baten berri eman eta gero, kazetari batek horixe erran zien hainbat kideri, kazetariek hainbat arrazoirengatik egiten ez zuten edo egin nahi ez zuten lana egiten ari ginela ekintzaileok. Geroztik, gora egin du animalien eskubideen aldeko interesak, eta gero eta gehiago dira animalien egoeraren berri eman nahi duten kazetariak. Hunkitu eta liluratu egiten nau gosearen, kartzelaren edo gerraren miseria gurera ekartzen duten fotokazetarien lanak; mundua eraldatzera bultzatzen gaituzte. Beharrezkoa da fotokazetari horien talentua bertze animalien alde ere baliatzea.

Animalien esplotazioari uko egiten dion jarrera politikoa da beganismoa. Anitzek dietatzat dute, ordea. Zein neurritan da ekintzaileen ardura, eta zein neurritan da mugimendua edukiz husteko saio bat?

Beganismoak animalien esplotazioari uko egiten diola kontuan hartuta, ezin dugu dietatzat edo modatzat hartu. Erantzukizun politiko bat da; hartu beharreko ardura, zapalkuntza bere forma guztietan desagertu behar dela onartzen badugu. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, urtean 50.000 milioi animalia baino gehiago hiltzen dituzte, arrainak kontuan hartu gabe. Animalien eskubideen mugimenduak errealitate horri egin behar dio aurre; urratsak egiten ez diren sentsazioak pragmatismoaren tranpara eramaten gaitu, eta, hortik, deriba ideologikora eta haren ondorioetara.

1991n, AEBetako Abeltzainen Elkarteko kideen aurrean, mugimenduak zatitzeko eta bereganatzeko bere estrategiaren berri eman zuen Ron Duchinek. AEBetako Defentsa idazkariaren aholkulari berezia zen, eta MDB agentziako presidente. Duchinen hitzetan, erradikaltzat jotako ekintzaileak bakartzea da lehen urratsa; motibazio politikoa dutenak eta sistema aldatu nahi dutenak jotzen ditu Duchinek erradikaltzat. Bigarrenik, idealistekin egin behar da lan, errealista bilakatzeko; hau da, sistemaren barruan lan egiteko prest diren pragmatiko bilakatzeko. Denborak aurrera egin ahala, erradikalek sinesgarritasuna galtzen dute, eta errealistek, ikusgarritasuna, boterea edo jarraitzaileak bilatzen dituztenekin batera, industriari bere helburua betetzen laguntzen diote: akordio taktikoak egitea, garaipen partzialak eskainiz. Industriak badu interesa mugimendua edukiz husteko, bere indar eraldatzailea hutsean uzteko. Agerikoa denari so egiten badiogu, kontuan hartu behar dugu, gure asmo onak alde batera utzita, industriak izan dezakeela eragina mugimenduaren erabaki estrategikoetan.

Zer harreman du animalien aldeko mugimenduak bertze gizarte mugimenduekin?

Mugimenduen artean bat egiteko gero eta borondate handiagoa sumatzen dut, baina, oraindik ere, alde biko erresistentzia badela uste dut. Militantziaren bertze hainbat esparrutan postmodernitatearen ondorio zuzentzat jotzen da gure mugimendua, eta ez mugimendu politiko eta eraldatzailetzat. Aldi berean, gure mugimenduan borroka iraultzaileak modu negatibo batean ikusten dituzte hainbat sektorek. Hori guztia formakuntzarik ezaren ondorio da. Gure mugimenduak zapaldutako norbanako ororen askapena du helburu, eta, ondorioz, ezin dugu bazter utzi askapenerako borroken garapen historiko eta politikoa, ezta borroka horiekin batzen gaituen guztia ere. Bertze mugimenduek, halaber, ezin dute jarraitu bertze animaliek pairatzen duten zapalkuntzari bizkarra ematen. Bertze animalien adimena, haien gorputzen tamaina, hitz egiteko ezintasuna edo haien itxura ez dira hiltzeko, haztegietan ixteko, basoetan tiro egiteko, laborategietan torturatzeko edo itsasoan itotzeko arrazoi. Bertze mota bateko zapalkuntza pairatzen dutenek bezala, bertze animaliak ere haien borondatearen aurka zapaltzen dituzte, irizpide moral arbitrarioak baliatuz. Gure mugimenduak hutsak egin ditu, formakuntzarik ezagatik eta ikuspuntu iraultzailerik ezagatik, eta, askotan, jarrera despolitizatuak erakutsi ditu, baina hori ez da arrazoi nahikoa gizaki ez diren animaliak justiziaren eta berdintasunaren aldeko aldarrietatik kanpo uzteko. Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu.

Horren haritik, Martxoaren 8ko eta Maiatzaren Leheneko manifestazioetan parte hartu dute antiespezistek.

Borroka esparruetara eraman behar dugu antiespezismoa, bertze borroketara hurbildu. Bada lotura, eta lotura horretan dago, hain zuzen, inon baino aldaketarako aukera gehiago.

Parisen, duela gutxi, hiltegien aurkako manifestazioa egin zuten. Euskal Herrian halakorik gerta daitekeela uste duzu?

Bazterketa, zapalkuntza eta errepresioa pairatu dituen herri borrokalaria da Euskal Herria. Hori kontuan hartuta, lehenago edo geroago, ziur naiz hemen ere gertatuko dela.

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Sergio Labaien: «Geure burua zentsuratzera behartu nahi izan gaituzte»

Konpromisoa eta kazetaritza uztartzeko tenorean, eskarmentu handia du Sergio Labaienek (Iruñea, 1975). Nabarreria, Ateak Ireki eta Ahotsa.info hedabideetan lan egin du, besteak beste.

Noiz jaso zenuten Espainiako Gobernuko ordezkariaren ohartarazpena?

Irailean izan zen. Carmen Albaren gutun bat zen, eta bertan, azaltzen zigun Espainiako Poliziak salaketa jarria zuela Ahotsa.info-ren kontra, sanferminetan argitaratutako albiste batean Mozal legea urratu genuelakoan.

Eta hala zen?

Legea, berez, oso zehazgabea da. Artikulu batean aipatzen denez, polizien irudiak baimenik gabe grabatzen badituzu, eta irudi horiek polizia edo haren familia arriskuan jartzen ahal badute, isun bat jasoko duzu. Baina Poliziak kalean egiten duena grabatzeak edo argazkiak ateratzeak arriskuan jar dezake polizien segurtasuna? Eta nork erabaki behar du hori? Kasu honetan, Carmen Alba bera izan da epailearen lana egin duena, berak ebatzi baitu legea urratzen ari ginela. Isunik ez jartzea erabaki zuen, baina mehatxu egin zigun, etorkizunean polizien irudiak argitaratuz gero, 30.000 euro arteko isuna jaso genezakeela ohartarazita.

Nolakoa da salaketaren oinarrian dagoen argazki hori?

Ez da aparteko ezer. Bi polizia ikus daitezke, kaskoa jantzita. Ez da deigarria, inondik inora, eta egunero ikus ditzakegu halakoak Espainiako telebista kate guztietan nahiz berripaperetan. Halakoak edo agerikoagoak!

Abisua jaso zenutenean, zein izan zen zuen lehen erreakzioa?

Logikoa den bezala, gure lehen erreakzioa kezkak eta beldurrak baldintzatuta egon zen. Elkartean eztabaida anitz izan genituen, argitaratu genezakeenari buruz, geure buruari ezarri beharreko mugei buruz. Proiektuaren iraupena bermatzea zen gure helburu nagusia, argi baitago 30.000 euroko isuna jasoko bagenu, Ahotsa.info pikutara joanen litzatekeela. Zenbait abokaturekin ere hitz egin genuen, aukera guztiak aztertzeko.

Eta zer esan zizueten?

Ikuspegi interesgarria eman ziguten. Argi utzi zuten ez direla onargarriak ez Poliziaren salaketa ezta Albaren mehatxuak ere, kolokan jartzen baitute informazioa emateko daukagun eskubidea. Eta horren guztiaren helburua ere jakina da: guk geure burua zentsuratzea. Horretara behartu nahi gaituzte.

Zergatik?

Bada, gure hedabideak askotan islatu dituelako Poliziaren gehiegikeriak. Guk grabatutako irudi batzuk auzitegietan erabili izan dituzte; besteak beste, Aingeru Zudaireren auzian. Eskuineko begiko ikusmena galdu zuen Zudairek pilotakada baten ondorioz, baina Espainiako Poliziak argudiatu zuen haiek ez zutela pilotarik jaurti. Kasu horretan, Ahotsa.info-ren irudiek balio izan zuten bertsio ofizial hori eraisteko eta Poliziaren erantzukizuna agerian uzteko. Eta ez da kasu bakarra. Oro har, irudi horiek deserosoak dira Carmen Albarentzat, eta argitara atera ez daitezen, Mozal legea era arbitrarioan erabili du gure kontra.

Zuek, baina, ez zarete isilik gelditu, eta Espainiako Gobernuaren kontrako salaketa aurkeztu duzue Estrasburgon...

Bai, geure burua zentsuratu beharrean, ofentsibara jotzea erabaki genuen. Gure zereginetako bat Poliziaren gehiegikeriak salatzea dela uste dugu. Poliziaren aurka gaudelako? Ez, jendearen alde gaudelako baizik. Poliziak bortizkeria erabili du behin baino gehiagotan, eta jokabide horrek zaurituak eragin ditu, baita hildakoak ere. Hortaz, uste dugu gizartearentzat onuragarria dela hedabideek funtzionario publikoen egitekoa zaintzea eta, lana gaizki egiten dutenean, salatzea. Ezin diogu funtzio horri uko egin. Horregatik uste dugu aurre egin behar diogula mehatxuari; oraingoan Ahotsa.info izan delako, aurretik Egunkaria, Egin edo Apurtu.org izan ziren bezala. Baina etorkizunean BERRIA ere izan liteke, edo Diagonal, edo beste hamaika hedabide deseroso.

Nolakoa izan zen prozesua?

Hainbat abokatu eta aditurekin hitz egin genuen salaketa aurkeztu aurretik, eta horren ostean, Defendatzen duena defendatu plataformako kideak gurekin harremanetan jarri ziren. Estatu osoko kazetariek eta juristek osatzen dute talde hori, eta aspaldidanik ari ziren Mozal legearen kontrako estrategia orokor bat koordinatzen. Poliziaren jazarpena pairatu zuten fotokazetari batzuekin harremanetan jarriak ziren ordurako, eta lehen urratsak emanak zituzten salaketa bat aurkezteko. Hori izan zen gure oinarria. Plataformako kideek esan ziguten aukera zegoela auzia Estrasburgora eramateko, eta hala egin genuen.

Zergatik Estrasburgora?

Espainiako justiziak ez duelako beste biderik uzten. Guk jasotako mehatxua, berez, abisu administratibo bat da. Eta horren aurka, ezin dugu helegiterik aurkeztu Espainiako inongo auzitegitan. Ez dugu heldulekurik. Beraz, bide bakarra Estrasburgora jotzea da.

Zenbait hedabidek auzia isildu izanak harritu zaitu?

Ez gehiegi, errepresioa oso barneratua dugulako. Zer gertatuko litzateke, adibidez, Nafarroako Gobernuak Diario de Navarra-ko bi kazetariri isuna jarri izan balie? Eta kazetari horiek Estrasburgora babes eske joan izan balira? Aurrekaririk gabeko eskandalua izanen litzateke hori Nafarroan. Baina biktima errepresioa pairatzera ohituta dagoen sektorekoa bada, normaltzat jotzen dugu. Behar duen garrantzia ez diogu ematen, eta hori erronka bat da: agenda propioa ezarri behar dugu, arerio politikoaren dialektikatik urrundu, eta askatasunari auziari konplexurik gabe heldu. Salbuespen egoera bizi dugu Nafarroan, eta hori aldaketaren agendan sartu beharra dago nola edo hala.

Manugaitz: «Rap musika da euskarari hatsa emateko dudan tresna»

Manugaitz: «Rap musika da euskarari hatsa emateko dudan tresna»

"Eta badator, hitza berriro bueltan", abesten du Manugaitzek (Iruñea, 1975) Eman flow honi harrera izeneko kantuan. Eta horixe da iruindarraren lan berria: euskarazko raparen ahots ezagunenetako baten itzulera.

Hamarkada oso bat joan da Selektah Kolektiboa desagertu zenetik, baina orain arte ez duzu diskorik argitaratu. Zertan ibili zara urte hauetan guztietan?

Selektah deuseztatu zenean, bakarrik gelditu nintzela sentitu nuen. Bestalde, hainbat arrazoirengatik, hip hoparen mundutik apur bat aldendu eta beste gauza batzuetan zentratu nintzen: nire alor profesionala garatu nuen, oposizioetara aurkeztu nintzen... Musikarekin zerikusirik ez duten gauzetan murgildu nintzen. Horregatik, berriz hastea kosta izan zaidala uste dut. Desagertuta egon nintzen, baina raparen harra neukan barruan, eta ezin izan nion eutsi. Bigarren sorrera bat izan da hau niretzat.

Garai berriak, izen artistiko berria...

Bai, berez, Wanka izengoitia baztertu eta Manugaitz erabiltzen hasteko arrazoi bat baino gehiago egon da, baina nagusienetako bat horixe da: zerotik hasten banaiz, izena ere aldatuko dut.

Izengoiti batek, askotan, pertsonaia darama atxikita. Manugaitzek ba al du Wankatik zerbait?

Zorionez edo tamalez, ni neu ere aldatu egin naiz urte hauetan. 18 urterekin, lizuntasuna eta sexualitatea lau haizetara zabaltzeko grina nuen —hortik zetorren Wanker edo Wanka—, baina rol hori desfasatua gelditu da. Beharrezkoa zen aldatzea.

Manugaitz. Manatzeko gaitza al zara oraindik?

Tira, gaur egungo sisteman, oso zaila da benetan manugaitza izatea. Ados ez gauden guztiari aurre egitea, hori da manugaitza izatea. Eta tamalez, jendeak egunero irensten du errealitatea. Egunero irensten dugu. Nik ere bai. Barru-barruan, hala ere, badut manugaiztasun pitin bat.

Selektah Kolektiboaren bukaera bat-batekoa izan zen, hirugarren diskoa grabatzeko prozesu betean baitzineten. Garai hartan erabili ez zenuten materiala baliatu duzu disko berri honetan?

Ez. Egia erran, banituen base batzuk gordeta, eta Selektah Kolektiboaren garaiko hitzak eta musika erabiltzeko aukera izan nuen, baina diskoan entzun daitekeena nirea da, goitik behera berria: ideiak, musika, samplerrak...

Hitzak berriak dira, baina garai bateko eztena gordetzen dute zure errimek...

Neurri batean bai, baina, oro har, diskoa pertsonalagoa dela iruditzen zait. Zale batzuek faltan sumatuko dute Selektah Kolektiboaren gordintasuna, baina oraindik badago piper puntu hori. Dena den, gure lehenengo diskoak aztertzen hasita, gauza batzuk aldatuko nituzkeela uste dut. Gordintasunaren izenean errazkeriara jotzeko joera, adibidez. Oraingoan, zerbait sakonagoa egiteko gogoa neukan, baina ez pentsa luzaroan planifikatutako kontua izan denik. Horrela atera zait.

Bakarka ondu duzu diskoa. Eroso sentitu zara?

Lasaiago ibili naiz, ez dudalako diskoetxe baten presiorik sumatu. AME estudioko Axular Arizmendi teknikaria, gainera, oso jatorra izan da, eta ideiak eman dizkit. Zenbait unetan, beharrezkoa baita norbait alboan edukitzea.

Kantu berrietan, kulturaz hitz egiten duzu, egoera politikoaz... Horiek dira diskoaren ardatz tematikoak?

Diskoa grabatzeko prozesuaren hasieran banituen asmo batzuk, baina epeak luzatu ahala, asmo horiek aldatzen joan dira: kantu berriak sortzen nituen, zahar batzuk kendu, moldaketak egin... Hala ere, nonbait marraztu behar duzu marra, eta noizbait esan behar duzu "bukatu da, ez dut material gehiago grabatuko". Hortaz, prozesua bukatzeko garaia heldu zenean, askotariko kantu sorta nuela ikusi nuen, eta zaila da haien arteko ardatz sendo bat identifikatzea. Euskal nortasuna, sustraiak, euskara... Nik esanen nuke horiek direla ardatz nagusiak. Beste gai batzuk ere jorratu nahi nituen, baina denborarik gabe geratu nintzen.

Euskararen aldeko militante sutsua zarela argi utzi duzu...

Zalantza izpirik gabe. Nire egungo kezka nagusietako bat da euskararena, eta diskoa ere horren isla da. Argi nuen diskoa euskara hutsean izanen zela ala ez zela izanen. Ez dakit raparen munduari ekarpen handirik egin diezaiokedan, baina euskarazko raparen munduari akaso bai. Euskalgintzari hatsa eman nahi nion, bultzadatxoa, eta, bide horretan, rap musika baliabide bat izan da. Kazetaria edo idazlea izan banintz, hedabideak edo liburuak erabiliko nituzkeen, baina daukadan tresna rapa da.

Gaur egun, rap kantari euskaldun askok gaztelaniaz abesten dute...

Bai, eta badakit errespetatu beharreko erabaki pertsonal bat dela, baina lotsagarria iruditzen zait, benetan. Selektah Kolektiboa desegin zenetik hamar urte pasa dira, eta, tarte horretan, euskarazko rap talde eta artista gehiago sortu dira. Bidea urratua dago jada. Baina oraindik orain, euskaldunen belaunaldi berriak Espainiari begira bizi dira, eta gaztelaniaz egiten den rapa hartu dute eredutzat. Gure gazte denboran, rap ingelesari, amerikarrari edo frantziarrari so egiten genion, faltan genituelako erreferenteak. Eta, hala ere, euskaraz abesteko hautua egin genuen. Beste askok ez dute bide hori aukeratzen, eta min handia ematen dit horrek.

Hala ere, rap talde, musikari eta abeslari euskaldun ugari azaleratu dira azken urteetan. Horien aitaponteko sentitzen zara?

Bada, hein batean, bai... Kar, kar! Eta uste dut normala eta sanoa dela harro sentitzea. Euskarazko musikaren esparruari zure aletxoa gehitu diozula ikustea pozgarria da beti.

Agendatik atera dute euskara

Agendatik atera dute euskara

Zazpigarren puntuaren izenburuak zalantzarako aukera gutxi uzten zuen: "Euskara plana indargabetu, eta udala Uematik atera". Ezustekorik ez zen izan joan den ostiraleko osoko bilkuran, eta Lesakako Geroa Baik bere gehiengoa baliatu zuen bozketa bakar baten bidez bi erabaki horiek hartzeko. Talde horretako sei zinegotziek egin zuten proposamenaren alde; EH Bilduko bostek, aldiz, kontra. Aurrera egin zuen, beraz: Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateari utziko dio Lesakak, eta euskara planik gabe geldituko da udala, gainera. Agendatik atera dute euskara.

Osoko bilkuran errandakoei eutsi die Geroa Baiko alkate Jose Luis Etxegaraik. EH Bilduko zinegotzien "presioak" gogor salatu ditu, eta presio horien ondoriotzat jo ditu hartutako erabakiak. Lotu egin ditu biak, gainera; Uematik ateratzea eta euskara plana indargabetzea, alegia. "Finean, Uemak inposatutakoa zen Lesakako euskara plana; erabaki batek bertzea ekarri du".

Jose Luis Etxegaraik behin eta berriz errepikatu du: "Ez dugu inolako inposiziorik onartuko; presiopean ez dugu lanik eginen". Geroa Baik alkatetza lortu zuenean euskara plana ezartzeko asmoa bazuela erantsi du alkateak. "Baina gure abiaduran". EH Bilduk hori egiten ez diola utzi erran du Etxegaraik. "Egunero etorri zaizkigu hau eta bertzea egin behar genuela erratera. Egin beharrekoak eginen genituela erantzun diegu beti, baina ez digute aukerarik eman; horregatik hartu ditugu hartutako erabakiak; presio hori kentzeko".

Diru kontuak ere mahai gainean jarri ditu Lesakako alkateak. "Zein da kontua, norbait askatzea euskararen alde egin dezan? Euskararen alde inor ez da ari doan. Bortzirietako Euskara Mankomunitatean gaude, eta horretarako ere 86.000 euroko saila dugu; bertze 7.000koa Uemarako; eta itzulpenak egiteko ere laguntzarik ez digute ematen".

Etxegaraik ukatu du euskararen aurka egin dutela. Euskararen egoerak ez du zerikusirik Ueman egotearekin, haren hitzetan, eta euskara planik gabe ere udaletxean jendea orain arte bezala artatuko dutela gaineratu du Lesakako alkateak. Euskararen alde, gainera, jendea "konbentzitu" egin behar dela erran du, "hizkuntza inposatu beharrean".

Are gehiago, Frankismoaren garaian euskaraz mintzatzen zirenen egoerarekin alderatu du orain herrian gaztelaniaz ari direnena: "Gazte garaian nola mintzatu erraten ziguten. Baserritik herrira jaitsi, eta euskaraz aritzeagatik irri egiten ziguten; eta irri egiten ziguten horien seme-alabek eta ilobek orain bertze diktadura bat jarri nahi dute, baina bertze aldera egiteko, berriz ere errateko nola mintzatu", erran zuen Etxegaraik, osoko bilkurako eztabaidan.

Euskararentzat gauzak ez dira aldatuko Lesakan. Horixe nabarmendu du herriko alkateak. Bere horretan jarraituko dutela, Ueman egoteak eskatzen dituen konpromisoak betetzeko beharrik izan gabe ere; udaletxean euskararen erabilera normalizatzea helburu duen plana izan gabe ere.

"Lesakak hautsi du zubia"

Lesakako Udalak hartutako erabakiek izan dezaketen eraginari buruz kezka handia agertu dute herriko Euskara Batzordeko kideek, ordea; bai eta Uemako eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateko arduradunek ere. "Penaz" hartu dute erakundeotako ordezkariek Lesakako Udalak egindako urratsa.

Penaz, bereziki, Uemak. Mankomunitateko lehendakari Josu Labakak argi utzi du, hala ere, orain arte zutik ziren elkarlanerako zubiak Lesakak hautsi dituela. "Udal horrek hartu du erabakia; guk, noski, errespetatzen dugu, baina ez dugu bat egiten. Mila galdera eta kezka sortzen dira orain, Lesakak euskara sustatzeko hartuko duen jarrerari buruz; eskualdeko ikuspegia lantzea ere zailagoa izango da orain". Elkarlanerako atea, hala ere, zabalik utzi nahi du Labakak. "Espero dut bidean berriz ere bat egitea Lesakako Udalarekin; herritarren babesa badugu".

"Atzerapauso handitzat" jo du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Mentxu Peñak ere Lesakan gertatu dena. Bortzirietako bost herriak ziren, orain arte, Uemako kide. Lesakak bakarrik utzi ditu, orain, bertze laurak. Bat eginda jarraituko dute, hala ere, Bortzirietako Euskara Mankomunitatean. Lesakak bi ordezkari ditu erakunde horretan; biak dira EH Bildukoak, udal gobernuko kideek hala erabakita. Mankomunitateak, halaber, batzorde bana du eskualdeko herri bakoitzean. Euskaltzale orok du parte hartzeko aukera; bai eta alderdiek eta eragileek ere. EH Bildu badago; Geroa Bai, berriz, ez. Uemako batzarrean ere, ordezkaririk ez du izan Geroa Baik. Lesakari hiru zegozkion, baina bakarra izendatu zuen udalak: oposizioko kide Maider Arrieta.

Lesakako Euskara Batzordeko kide da Edurne Rekondo, eta "larritzat" jo du joan den asteko osoko bilkuraren ondotik sortu den egoera. Geroa Baik agintea hartu eta berehala hasi ziren euskara plana betetzeko trabak, Rekondoren hitzetan. "Hainbat lehiaketa publikotan hizkuntza irizpideak ez dituzte kontuan hartu".

Plana aurrera eramateko jarraipen batzorde bat bada udalean, baina euskara batzordeak eskatu arren, ez du bilerarik egin, arazoari buruz eztabaida egiteko, Rekondok salatu duenez. Etxegaraik erran du euskara plana ez zela ordenantza; ez zutela betetzeko beharrik, alegia. Ez du horrekin bat egin Rekondok: "Udalak onartutako plana zen, eta betetzeko zegoen".

Plan horren xedea, edonola ere, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak bermatzea zela nabarmendu du Euskara Batzordeko ordezkariak, eta kezkagarritzat jo du, ondorioz, bertan behera utzi izana. "Geroa Bai gauzak nahasten ari da; planak ez zuen inposatzen, ez zuen euskaraz ez dakien inor euskaraz egitera behartzen".

Herrian hori argi uzteko eta azaltzeko beharra badela uste du Rekondok. Hori dela eta, Euskara Batzordeak bilerara deitu ditu herritarrak, abenduaren 18rako. Batzordeak, gainera, plan berria onartzeko prozesua jarri nahi du martxan. "Orain arteko plana oinarri hartuta, hura egokitzeko eta berriz martxan jartzeko urratsak egin nahi ditugu; Uemak egina zen, baina Lesakarentzat, eta batzordearen oniritziarekin". Rekondok uste du udalak hutsetik hasi nahiko duela plan berri bat. Ostiraleko osoko bilkuran, dena den, alkateak argi utzi zuen orain ez dela plan hori egiteko momentua. "Baditugu bertzelako lanak". Geroa Baiko Nafarroako arduradunek, berriz, auziari buruz ez dutela deus errateko azaldu dute.

Euskara plan batek zer ekartzen duen azaltzeko beharraz bat egin du Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari Mentxu Peñak Rekondorekin, eta erakunde horretatik ere "pedagogia" egiteko beharra nabarmendu du. "Euskaraz ez dakitenak eta alfabetatu gabeko euskaldunak haien eskubideak kontuan hartuko ez dituzten beldur dira; lan egin behar dugu herritarrei argi uzteko helburua dela euskara bere tokian jartzea". Lesakak hartutako erabakiei buruz, herriak atzera egin duela azaldu du Peñak. "Pena da alkate euskaldun batek jarrera hori izatea".

Emakumeek ere badute zakila

Emakumeek ere badute zakila

Jone Grandek 9 urte ditu, eta esaldi bakar baten bidez azaldu du transexualitatea zer den: "Zakila duen ahizpa bat dut". Mikele Grande genital maskulinoekin jaio zen, duela hamabost urte. Zakila duen emakumea da, eta halaxe aldarrikatu du, haurra zenetik. Familiaren babesa jaso du; lagunena eta eskolako kideena ere bai. Zorionekotzat jo du bere burua, jakin badakielako adingabe transexual anitzen prozesua anitzez ere mingarriagoa dela; oraindik ere, bazterketari aurre egin behar diotela. Erakunde publikoak ere oztopo bilakatzen dira, transexualitatea patologia bilakatzen dutenean. Karrikara atera ziren iruindarrak, larunbatean, patologizazio horren aurkako aldarria lau haizeetara zabaltzera.

Lugatibe Iruñeko Transmarikabibollera eta Queer Gazte Asanbladak antolatu zuen larunbateko protesta. Jardunaldiak egin dituzte azken asteotan, gainera, transexualitateari buruz. Chrysallis adingabe transexualak dituzten familien elkarteko kideak aritu ziren, bertzeak bertze. Horko kide da Mikele Granderen familia. "Zoragarria izan da gure bide bera egin duten bertze hainbat pertsonarekin bat egitea", azaldu du Mikeleren aita Luis Grandek.

Bide horren azken urratsetan ezagutu zuten Luis Grandek eta Mikeleren ama Mertxe Olorizek elkartea. Alaba transexuala zutela konturatu zirenean "bakarrik" sentitu zirela nabarmendu dute. "Ez genekien zer egin, edo nora jo", gogoratu du aitak. Elkartean "lan ona" egin dutela baieztatu ahal izan dute, hala ere. Babesa eman diote alabari; eta lagundu egin dute emakume dela azaleratzeko egin dituen urrats guztietan.

Bide hori aspaldi hasi zuen 15 urteko gazteak, haren amak azaldu duenez: "Ustez neskenak diren jostailuak eskatzen zizkigun, haur bat bertzerik ez zenean; panpinekin aritzen zen, eta ileorde luzeak jartzen zituen; sekulako negarrak botatzen zituen ilea mozten genionean. 3-4 urterekin printzesen soinekoak janztea maite zuen". "Emakumeen inguruko estereotipo guztiak baliatzen zituen, nolabait, bera ere emakume dela erakusteko; bere burua aldarrikatzeko", erantsi du Mikele Granderen aitak.

Errege magoei eskatu zien soineko bat du buruan gazteak, zehazki; Uharteko erraldoien konpartsako erreginarena, alegia. Izeba batek egin zion, eta erabat txiki gelditu zitzaion arte jantzi zuen. "Dena esajeratzen nuen, nolabait erranda. Orain kontent nago; eta lasaiago". Kontent eta lasai dago aldarrikatzeko behar hori baretu egin zaiolako. Emakumea da, eta emakumetzat dute.

Etxean beti sentitu du bere sexu identitateaz hitz egiteko askatasuna. Konfiantza eman diote gurasoek. Horixe nabarmendu du. "10-11 urte bete zituen arte, homosexuala izanen zela pentsatzen genuen. Gure ezjakintasunarengatik. Ez baita gauza bera, inondik inora, sexu identitatea eta sexu joera", erran du amak.

Alabak 10 urte inguru zituenean argi ikusi zuten horixe, semetzat zutena alaba zela. "Argi utzi zigun kontua ez zela neska izan nahi zuela, neska bazela baizik", gogoratu du amak. "Nik lasaitua hartu nuen, orduan semetzat nuenari gertatzen zitzaionari izena jarri niolako, azkenean". Olorizek erran du aitarentzat zailagoa izan zela egoerari aurre egitea. Eta aitak aitortu du halaxe izan zela: "Transexualitatea gauza txarrekin lotzen nuen; orduan ez genuen elkartearen babesa. Pertsona transexualak baztertzen dituztela ikusten nuen, eta adingabeen kasuan egoera are okerragoa izanen zela pentsatzen nuen".

Alabak bezala, prozesu bat egin dute gurasoek ere, eta hasierako kezkei eta beldurrei buelta ematen asmatu du Luis Grandek. Alabaren askatasuna bertze edozer gauzaren gainetik defendatzen du. "Alaba zoriontsu izatea bertzerik ez dut nahi, edozein gurasok bezala", laburbildu du.

Eskolatik institutura

"Nik inoiz ez dut sentitu hitz egiteko beldurra; ez dut sentitu bakarrik nintzela, edo isildu beharra nuela". Familiaren babesa izan duela nabarmendu du Mikele Grandek. Gurasoena, bai eta gainerako senideena ere. Argi utzi du eskolan ere nor den azaltzeko askatasuna sentitu duela.

"Irakasleekin eta eskolako zuzendariarekin hitz egitera joan, eta jarrera ezin hobea erakutsi ziguten", azaldu dute Granderen gurasoek. Uharteko ikastetxean aritu zen Lehen Hezkuntza amaitu arte; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari da orain, Atarrabiako institutuan. "Ez dut inolako arazorik izan. Eskolakide berrien babesa ere jaso dut". Mikele Grandek gogoratu du institutuan hasi zenean inor sartu aurretik joaten zela nesken aldagelara. "Azkar aldatzen nuen arropa, ahalik eta azkarren ateratzeko; pentsatzen nuen bertze neskek ez zutela nahiko ni han egotea. Baina alderantziz gertatu zen. Han egon behar nuela erran zidaten".

Horixe berretsi du amak, lagunen babesa hagitz garrantzitsua izan dela. "Haurrak zirenetik ezagutzen dute elkar lagun taldean direnek, eta urrats guztiak batera egin dituzte. Naturaltasun osoz bizi izan dute prozesua".

Xehetasunek izan dezaketen garrantzia nabarmendu du amak. Eta bat egin du harekin alabak. "Osasun etxera joaten naizenean, adibidez, niretzat zoragarria da bozgorailuetatik deitzen nautenean Mikele erraten didatela entzutea".

Bere nortasun agirian izena aldatu zioten; sexua, ordea, ez. "18 urte izan arte ezin da aldaketa hori egin; sexua aldatzeko momentuan, gainera, gutxienez bi urtez tratamendua jaso duela erakutsi behar du aldaketa egin nahi duen pertsonak", azaldu du aitak. "Lehen, ebakuntza egin arte ez zuten sexua aldatzen nortasun agirian; aurrera egin dugu, baina ez da nahikoa", salatu du. Halako neurriek transexualitatearen patologizazioa nabarmentzen dutela argi utzi du Luis Grandek. Eta horren kontra lan egiteko beharra nabarmendu du.

Hori dela eta, ontzat jo du ildo horretan Nafarroako Parlamentuak onartutako adierazpena. Parlamentuak despatologizazioaren alde egin du, hain zuzen ere, eta konpromisoa hartu du beharrezko lege aldaketak egiteko, transexualitatearen despatologizazio hori egia bilakatzeko. Nafarroa transfobiarik gabeko herrialdetzat jo du parlamentuak, gainera. Adierazpen horren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k, PSNk eta Ezkerrak. UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin dira. "Alderdi batek zergatik ez du halako adierazpen baten alde egiten?", galdetu du Mikele Grandek.

Halako adierazpenek konpromisoak hartzera bultzatzen dituzte erakundeak, Luis Granderen hitzetan. "Eta konpromiso bat hartzen badute, bete dezatela exijitzen ahal diegu". Aitak onartu du Mikeleren kasuan pertsona anitzek eman diotela babesa gazteari, haien borondatez. "Hori ongi dago, eta eskertzen dugu, baina ez dugu ahaztu behar pertsona transexualek eskubideak badituztela, eta horiek bete egin behar dira. Izena aldatzeko aukera ezin da epaile baten borondatearen menpe egon, adibidez".

Hormonak

"Pentsatzen dut egunen batean genitalen ebakuntza eginen dudala. Baina oraingoz ez dut horrelakorik buruan. Hagitz ongi nago, eta kontent". Mikele Grandek argi du ez duela ebakuntzarik egin behar emakume izateko, baina ez du aukera hori baztertu. Ez da orain hartu beharreko erabakia, haren ustez. "Norberak hartu beharreko erabaki bat da", erantsi du haren aitak. "Ebakuntza egin edo ez, horrek ez du markatuko Mikele nor den. Zakila duten emakumeak badira, eta bulba duten gizonak ere bai".

Mikele Grandek hormona tratamendua hasi zuen duela bi urte. "Horretan ere zortea izan genuen, adingabe transexual guztiei ez baitiete onartzen", azaldu du haren aitak. Lehen etapan, blokeatzaileak hartu zituen. Horien helburua da garatu nahi ez diren ezaugarriak blokeatzea, hain zuzen ere. "Tratamendu hori nerabezaroaren hasieran hartzea garrantzitsua da", azaldu du aitak. "Bigarren etapan, hormona tratamendu gurutzatua egiten da, garatu nahi diren ezaugarriak bultzatzeko, hain zuzen ere".

Prozesu horretan aurrera jarraitzen du Mikele Grandek. Ez da bakarrik. Ikasi du, hala ere, bertze gazte transexual anitzek berak baino anitzez ere oztopo gehiago aurkitzen dutela bidean. Gurasoek ere argi dute hori. "Gurasoen babesa ere falta zaie adingabe anitzi; bere buruaz bertze egiten duenik ere bada. Hori hagitz gogorra da. Babesa eman behar diegu, eta lagundu", erran du Mertxe Olorizek.

Adingabeen transexualitatea "ikusezina" dela erantsi du Luis Grandek. Eta horri aurre egin behar zaiola. "Naturaltasunez onartu beharko genuke". Errealitatea aniztuna dela gaineratu du Olorizek, eta argi du aniztasun hori hagitz aberatsa dela. "Alaba transexuala izateak hobeak egin gaitu; aniztasuna onartzeko prestuago gara, esparru guztietan". Mikele Grandek ere argi du: "Harro nago neure buruaz".