Asteko Gaiak

@sarean

UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin lotura duten webguneak.

www.ueu.org. UEUrekin lotura duen informazio guztia aurki daiteke.

www.inguma.org. UEUk egindako euskal komunitate zientifikoaren datu basea da. Dozenaka gairen inguruko informazioa dago.

“Bizikletaren erabilera normalizatzeko, azpiegiturak beharrezkoak dira”

Bizikletak biziki maite ditu Jesus Sukuntza Garraiobide Osasungarrien Elkarteko kideak (Leitza, 1959). Beste hainbat txirrindularirekin batera, 2006an elkarte bat sortu zuen, bizikleta hirigunean barrena mugitzeko garraiobide iraunkor eta osasungarri gisa sustatzeko. Elkartearen helburu eta filosofiaren berri emateko, Asociacionmts.blogspot.com.es webgunea dute. Besteak beste, hirigunean bizikletan nola ibili behar den argitzeko hainbat aholku ematen dituzte.

Europako herrialde askotan egin da bizikletaren aldeko apustua. Nolakoa da Nafarroako eta Iruñeko egoera eremu horretan?

Bizikleten Europa esaten zaion horretan, Holanda, Alemania, Belgika eta Danimarkan, besteak beste, duela zenbait hamarkadatik hona, bizikleta agenda politikoan dute. Bizikletaren erabilera normalizatzeko, azpiegiturak beharrezkoak dira. Esaterako, ezinbestekoa da bizikletentzat homologatutako oinarrizko bidea edukitzea eta kaleetako gehienezko abiadura orduko 30 edota 20 kilometrora mugatzea. Iruñean, herrialdeko beste hirietan bezala, errealitatea ezberdina da, bizikletaren erabilera txikia delako. Hala ere, gero eta gehiagok erabiltzen dute egunero. Iruñeko Udalak 2005ean Bizikletaren Plana onartu zuen, eta, orain arte, lehen fasea besterik ez dute gauzatu. Ez dirudi bigarren fasearekin hasiko direnik.

Horrek zer ondorio eragin dezake?

Bi errealitaterekin egiten dugu topo. Alde batetik, periferian dauden auzoetan bidegorriak eraiki dira. Baina, beste alde batetik, hiriaren erdigunean, kale batzuk salbu, ez dago ia bidegorririk. Hala ere, aitortu beharra dago zirkulazioa lasaitzeko ahalegina egin dela. Izan ere, Alde Zahar osoan ibilgailuen gehienezko abiadura orduko 20 kilometrokoa da. Gainera, 2012tik, norabide bakarreko bide bakarra duten kaleetan orduko 30 kilometrora igaro daiteke gehienez. Horrek guztiak bizikleten zirkulazioa erraztu du. Hala eta guztiz ere, txirrindulari asko ez dira errepidetik joaten ausartzen. Hala, espaloiaren aldeko hautua egiten dute, Iruñeko Trafiko Ordenantzak dioenaren kontra. Hiritik kanpo, bizikleta garraiobide gisara egonkortzen ari da, baina oraindik hutsune handiak daude azpiegitura eta zirkulazioa lasaitzeko neurriei dagokienez. Esan liteke herritarrak politikarien aurretik doazela.

Alor horretan zer zeregin du administrazioak?

Mugikortasunarekin lotuta dagoen beste agente bat da bizikleta, hala jasotzen du, gainera, Zirkulazioaren Araudi Orokorrak. Horregatik, tokiko zein estatuaren mugikortasun politikek bizikletaren erabileraren normalizazioa sustatzeko beharra eta obligazioa dute. Txirrindularien aldarriak zilegiak dira, eta horiek gauzatzen saiatu behar dute.

Nolakoa da txirrindularien eta oinezkoen arteko harremana?

Txirrindulariak espaloitik doazenean, oinezkoa biktima sentiarazten dute, ahulenak direlako. Arazoa sakon aztertzeko, ezinbestekoa da galdetzea txirrindulariak zergatik joaten diren espaloitik. Arrazoia oro har da bidegorri sare eskasa dagoela. Horrez gain, errepidetik joatea txirrindulari batzuentzat arriskutsua da, ez dituztelako guztiek gaitasun fisiko zein erreflexu egokiak. Hala, txirrindulari askok espaloiak erabiltzea erabakitzen dute, gutxietsiak eta biktima sentitzen direlako.

Espainiako Gobernua idazten ari den Trafikoaren Araudi Orokorraren zirriborroan jasotzen denez, txirrindulariak kaskoa erabiltzera behartu nahi dituzte. Zer iruditzen zaizue?

Txirrindularitzarekin lotutako alor guztien irudiko, bizikletaren kontrako neurria da. Bizikleta erabiltzeko tradizio handia dagoen Europako herrialdeetan ez dago halako neurririk. Behartzearen aurka nagoen arren, iradokitzea arrazoizkoa iruditzen zait.

Iruñeko Udalak dio ezin dela behartu kaskoa erabiltzera

Mozio baten bitartez, Iruñeko Udalak jakinarazi du txirrindulariak ez direla behartu behar bizikletan ibiltzeko kaskoa janztera. Espainiako Trafiko Zuzendaritza idazten ari den Trafikoaren Araudi Orokorraren zirriborroan, hiri barnean txirrindulariak kaskoa jartzera behartzeko aukera jasotzen da. Udalbatzak aukera horren kontra egin du. Izan ere, uste dute azken urteetan Iruñean bizikletaren erabilerak izan duen goranzko joera hautsiko lukeela. Alde horretatik, inposizioaren aurka agertu dira irmo. Hala ere, argi utzi dute txirrindularien segurtasuna bermatu beharra dagoela, ahulak direlako. Horregatik, bakoitzaren esku uzteko eskatu dute kaskoa jantzi ala ez erabakitzeko eskubidea.

@sarean

Bizikletarekin lotutako webguneak.

www.bicinavarra.org. Nafarroan bizikletaz ibiltzeko aukeren ingurukoa da.

Erroresyhorrores.blogspot.com. Iruñerrian bidegorri sareak dituen akats eta gabezien berri ematen da.

Porpamplonaenbicicleta.com. Eneko Astigarragaren bloga.

Bizikletaren aitortza jomuga

Bizikletaren Eguna ospatuko dute igandean, Iruñean. XVIII. aldia izango da aurtengoa. Frantziako Tourra Nafarroatik 1996ko uztailaren 17an igaro zen lehenengoz. Okzitaniako Argelers de Gasost herrian hasi zen etapa, eta Bjarne Riis txirrindulariak irabazi zuen etapa hura. Txirrindularitzaren bira garrantzitsu horien karietara antolatu zuen lehenengoz El Gesto bizikleta peñak Bizikletaren Eguna. Igandeko saioan, bizikletaren erabilera sustatu eta txirrindulariak omenduko dituzte.

Jaiegunak izan duen bilakaerarekin pozik agertu da Jesus Mari Gurpegi El Gesto peñako kidea: "Bizikleta ibilgailu osasungarria eta iraunkorra da, eta sustatu beharra dagoela iruditzen zaigu". Hala, jakinarazi du urtetik urtera gero eta gehiagok erabiltzen dutela bizikleta eguneroko joan-etorriak egiteko. Iganderako 17 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta izena emateko epea irekita dago. Bi euroren truke, ibilbide horretan parte hartu ahalko da. Besteak beste, txirrindulariak Iruñeko Udaletxeko plazatik eta Mendillorriko ur biltegitik pasako dira.

Nafarroan, bidegorri sare eraturik ez dago oraindik. Herri bakoitzeko udalaren esku egon da garraio politika. Azken urteetan, Iruñerriko hainbat tokitan bizikletentzako bereziki prestatutako bideak egin dituzte, Soto Lezkairun eta Sarrigurenen esaterako. Horrez gain, badira bizikletan joateko beste bide batzuk Nafarroan, Plazaolako bidea eta Mugairitik Behobiara doana esaterako. Gurpegiren irudiko, bidegorri sarea ona da, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoen. Alde horretatik, Iruñerriko Mankomunitateak bizikletaren erabileraren alde egin duen lana goraipatu du, besteak beste, bidegorriak eraikitzeko egin duen "ahaleginagatik".

Ez da iritzi berekoa, ordea, Eneko Astigarraga. Hirian bizikletazaleek nola ibili behar duten azaltzeko aholkularia da. Iruñerrian txirrindulariek egoera "lotsagarria" dutela dio. Gainera, igandekoaren moduko jaiek "aurpegia zuritzeko" balio dutela uste du. Iruñeko kasuan, krisi ekonomikoaren eraginez, zirkulazioa %10 murriztu da azken urteetan. Astigarragaren aburuz, aukera hori profitatu beharra dago bizikletaren eta autoaren elkarbizitza sustatzeko. "Bizikletak eta autoak errepide berean elkarrekin bizitzeko bidea eman behar da". Azaldu du Iruñeko bidegorriak ez direla egokiak: "Udalak erabaki zuen espaloietan marra bat eginda txirrindularien arazoa ebatziko zuela; txirrindularioi irri egin ziguten".

Astigarraga txirrindulariak errepidetik joatearen alde dago. "Administrazioak eta hedabideek sinetsarazi digute errepidetik bizikletan joatea arriskutsua dela, eta hori gezurra da". Hala ere, autoen abiadura moteltzea ezinbestekoa dela dio, elkarbizitza hori modu hobean gauzatzeko.

Hala, salatu du Nafarroan autoa "babesteko" joera handia dagoela. Iritzi berekoa da Patxi Uharte txirrindularia ere. Bizikletan ibiltzen da ia egunero. Nafarroan alor horretan dagoen politika salatu du. "Ezjakin eta ezgai asko dago. Ez dute osatu Bizikletaren Plan Orokorra. Mugikortasun Plana ere egin gabe dago. Azken hamar urteetan kobratu bai baina ez dute plan bakar bat ere idatzi", esan du.

Bizikleten, autoen eta oinezkoen harremana konplikatua izan da beti. Errealitate hori nola kudeatu, horretan dago gakoa. Astigarragak eta Uhartek nabarmendu dute bizikletak errepideko beste ibilgailu bat izan behar duela. Bestelako iritzia du Gurpegik. Halere, ibilgailu guztiak elkarrekin bizitzera kondenatuta daude.

2011tik bikoiztu egin dira AEB eta Koreako erromesak

Nafarroako Gobernuak jakinarazi dituen datuen arabera, azken urteetan bikoiztu egin dira Ipar Ameriketako eta Hego Koreako erromesak Nafarroatik igarotzen den Donejakue bidean. Antza, AEBetako The Way (Bidea) filmak eta Hego Koreako idazle Kim Hyo Sumen nobelek zerikusi zuzena dute erromesen igoeran. Esaterako, 2004an, Hego Koreako hemezortzi erromes erregistratu ziren; 2012an, berriz, 2.500. Bestalde, Ipar Ameriketako herritarren kasuan —AEB eta Kanadakoak—, 2012an 3.046 erregistratu ziren Orreagako aterpean, duela bi urte baino bi aldiz gehiago. Orduan, 1.462 erregistratu ziren. Azken datuen arabera, 57.593 lagun igaro ziren iaz Orreagatik.

Sinpletasunaren bila, bidean

Bidearen bakardadea, adiskidetasuna, elkartasuna... Sentipen horiek izan ditu Villar Lopez argazkilari profesionalak. Nafarroako Gobernuak egindako enkargu baten harira hasi zen Donejakue bidea egiten. Hiru urtean, lau aldiz egin du Donejakue bidea: iparraldetik, kostatik, Pirinioetatik eta Oviedotik. Sakelako telefonoen garapenari esker, bideko argazkiak iPhone batekin hasi zen egiten. Orain, argazki horiek I Way (Nire bidea) liburuan bildu ditu. Heldu den ekainaren 23ra arte, liburuan jasotako argazkiak ikusteko aukera izango da Iruñeko Konestable jauregian, erakusketa batean.

Berriozarkoa da sortzez Lopez. Iruñean ematen du ia egun guztia, Efe berri agentziako argazkilaria baita. Donejakue bideak iparraldetik, erdialdetik zein hegoaldetik zeharkatzen du Nafarroa. "Beti ikusten nituen erromesak Iruñeko Alde Zaharrean, eta erakarri egiten ninduen", dio. Gainera, bere familiak Galizia eta Santiagorekin oso harreman estua duela aitortu du.

Kazetaritzan lan egiten duten argazkilariek lana azkar egiteko duten beharretik urrundu nahi izan du Lopezek. Horregatik, liburuaren eta hein berean erakusketaren bidez, ikusleari pentsarazi egin nahi izan dio: "Argazkietan sartzea nahi dut, barruak mugiaraztea; erlojurik gabe bidaiatzea bezala da".

Denera, 5.000 argazki baino gehiago atera ditu iPhone markako sakelako batekin. Hala ere, ez du Lopezek bere burua argazkiak egitera behartu. "Baziren egunak argazki bat ere egin gabekoak; alde horretatik oso aske sentitu naiz", dio. Lan honetan argazkilaritzaren hastapenetara jo nahi izan duela aitortu du Lopezek. Horregatik, liburuan publikatu dituen 47 argazkietatik 42 zuri-beltzean dira. "Argazkilaritzarekin oso erromantikoa naiz, eta sakelakoak duen aplikazio batek aukera eman dit argazkilaritzaren hastapenetara atzera egiteko".

Askotan, argazkiek margo izaera ere hartzen dute. "Argazkilaritza ez dago margoetatik horren urrun", dio. Hala ere, kezkatuta agertu da azkenaldian argazkilaritzak izan duen garapenarekin. "Egun, edozeinek atera dezake argazki bat sakelakoarekin edo kamerarekin. Nik uste profesionalok beste puntu bat eman behar diogula, eta horretan saiatu naiz lan honetan".

Pozik dago Lopez emaitzarekin. Jakinarazi duenez, zailtasun handiena sentimenduak modu sinple baina eraginkorrean adieraztea izan da. Aurrerantzean ere, horretan jarraitu nahi du. Donejakue bidea egiten jarraitu nahi du aurrerantzean.

@sarean

Donejakue bideari buruzko zenbait webgune.

www.caminodesantiagoennavarra.es Informazio asko aurki daiteke bideak Nafarroan dituen berezitasunen inguruan.

www.caminosantiago.com. Donejakue bidea egiteko behar den informazio osatua dago.