Elkarrizketa

“Iltzatuta segitzen dugu desgaitasunaren eredu medikoan”

“Iltzatuta segitzen dugu desgaitasunaren eredu medikoan”

Edurne Elizondo

Gizarte langilea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Giza eta Gizarte Zientzietako doktorea; Txiribuelta elkartean desgaitasun intelektualen bat dutenekin ari da lanean Marrubi Rodriguez Luna (Iruñea, 1985). Pertsona erdigunean jarri beharra aldarrikatu du.

Arlo akademikotik at ere, adimen desgaitasunaren arloan aritzen zara egunerokoan. Behar da jarduera praktiko hori, teoria behar bezala lantzeko?

Bai. Ni betetzen nauena, gainera, hori da, aukera izatea lotzeko pertsonekin egiten dudan eguneroko lan hori eta esparru teoriko edo akademikoagoa. Finean, egunerokoan ikusten da teoriak balio digun edo ez.

Ikuspuntu kritiko bat behar da?

Bai, noski. Eguneroko lan horretan ikusten eta ikasten dugunaz gogoeta egiteko gai izan behar dugu, eta ikuspuntu kritiko bati eutsi, ahalik eta lan onena egiteko.

Hori da Txiribueltan duzuen helburua?

Bai. Ekimen sozialeko kooperatiba bat da gurea, eta desgaitasun intelektuala duten pertsonekin eta haien familiekin lan egiten dugu. Hainbat programa ditugu, autonomia garatzeko, familiak laguntzeko eta abar. Gure oinarria Snoezelen kontzeptua da: pertsona jarri nahi dugu erdigunean, eta zentzumenen ikuspuntu batetik lan egin.

Zer erran nahi du horrek?

Desgaitasunak pertsona baten adimenari eragiteak ez du erran nahi zentzumenen esparruari edo arlo emozionalari ere eragin behar dionik. Horregatik hartzen dugu ikuspuntu hori abiapuntutzat.

Parametro neurotipikoez harago joateko ordua da?

Bai, argi eta garbi. Hori da guk azaldu eta zabaldu nahi dugun mezua: arrazoiaz harago badirela kontuan hartu behar ditugun bertzelako gaitasunak. Neurotipiko garenoi ere eragiten digu begirada batek, eragiten digu ahots tonu jakin batek, eguraldiak, dutxa hartzeko uraren tenperaturak... Horrek guztiak lotura zuzena du bizi kalitatearekin eta ongizatearekin. Ongi sentitzea ez da bakarrik hitz egiteko gai izatea, edo bertzeekin arrazoiaren bidez harremantzea; zentzumenen eta emozioen bidez jasotzen duguna ere bada garrantzitsua.

Funtzionatzeko bertze modu batzuk daudela ulertzea da kontua?

Bai, eta, finean, denak du lotura etikarekin. Inportanteena da dibertsitatea eta pertsonen duintasuna errespetatzea; eta errespetatu behar dugu pertsona oro den bezala. Denok, jaiotzen garen une beretik, gaitasun batzuk ditugu; oinarrizkoak izan daitezke, baina hor daude. Denonak ez dira berdinak, baina horrek ez du erran nahi ezberdina dena aldatu behar dugunik. Begirada aldatu behar dugu, eta bertzeek dituzten gaitasunei so egin. Inklusioak ezin du ekarri bertzea aldatu nahi izatea. Nerbio sistemaren bertzelako konfigurazio bat izateak ez du erran nahi bertzelako konfigurazio horrek txarra izan behar duenik. Errespetuz aritu behar dugu beti, eta pertsonak lagundu beren beharretan, eta dituzten gaitasunak nabarmendu.

Komunikazioak ez du zertan ahozkoa izan, ezta?

Hori da. Ohikoek funtzionatzen ez badute, bertzelako bideak bilatu behar ditugu komunikatzeko eta bertzeekin lotzeko. Gakoa da esperientzia esanguratsuak izatea.

Etikaz ari zara, errespetuaz. Oraindik ere bada hain oinarrizkoa dirudiena nabarmentzeko beharra?

Desgaitasunaren esparruan eredu ezberdinak egon dira pertsonak artatzeko; garai batekoa, zokoratzearen aldeko eredu bat zen. Horren arabera, lotsatzeko moduko zerbait zen desgaitasuna, jainkoaren zigor bat. Gero garatu zen eredu medikoa, desgaitasuna zuena sendatu nahi zuen eredua, alegia. Horren arabera, desgaitasunen bat duen pertsonarengan eragin behar dugu, alda dadin eta gizartearekin bat egin dezan. Eredu hori mundu osora zabaldu zen, eta indar handiz, gainera.

Eredu soziala, eredu mediko horri aurre egiteko sortu zen. Desgaitasuna zuten pertsonek bultzatu zuten, 1960ko hamarkada inguruan; desgaitasun fisikoa zutenek, bereziki. Eredu horrek dibertsitatearen balioa onartzen du, eta zabalduz joan da. Orain dugun ereduak nolabaiteko nahasketa islatzen du. Egia da kontuan hartzen dituela desgaitasuna dutenen berezitasunak, haien testuinguru ekologikoa eta bertze, baina, oraindik ere, neurri handi batean, aspaldiko eredu mediko horretan iltzatuta segitzen dugu. Deigarria da hori: oraindik ere, sendatzea edo errehabilitazioa hartzen da oinarri adimen desgaitasuna dutenekin lan egiteko.

Horregatik diozu lan egiteko moduak aldatu behar direla?

Bai. Oraindik ere, nagusi da ikuspuntu funtzional bat: garrantzia ematen zaio adimen desgaitasuna duenak hanka bat mugitzeari, edo eskuan arkatz bat hartzeari. Ikuspuntua aldatu behar dela uste dut nik, eta pertsona jarri erdigunean, haren zoriontasunaren alde. Eta desgaitasuna duen norbait zoriontsu izan daiteke bere bizitza osoan arkatz bat hartu gabe.

Paradigma oso bat aldatu behar da?

Bai. Neurri batean, nik uste dut ideia horiek eta lan ereduak aldatzeko behar hori onartu dugula, gure egin dugula diskurtso hori, baina gertatzen da egunerokoan zailagoa dela aspalditik errotuta dauden moduak aldatzea.

Profesionalon zeregina da modu horiek aldatzen ahalegintzea?

Funtsezkoa da desgaitasuna dutenekin lan egiten dugunok ohartzea zer neurritan eragiten ahal dugun haien egunerokoan. Gure jarduerak zehazten du, neurri handi batean, haien bizitza nolakoa den. Hagitz ardura handia da, eta kontuan izan behar dugu, beti, ikuspuntu etiko batetik. Profesionalon artean gogoeta egitea hagitz garrantzitsua da, eta guk proposatzea, dugun ardura hori oinarri hartuta, behar diren aldaketak egitea, erabiltzaileen zoriontasuna bultzatze aldera.

Erabiltzaileen erabakitzeko eskubidea bazter gelditzen ohi da?

Eredu mediko batean erabiltzaileak betetzen duen rola pasiboa da. Erabakitzeko edo parte hartzeko eskubidea ukatu izan zaie; ukatu izan zaie, finean, beren bizitza kontrolatzeko aukera. Eta horrek guztiak berekin ekarri du adimen desgaitasuna dutenen inguruko irudi jakin bat sortzea.

Nolakoa da sortu den irudia?

Nik anitzetan lan egiten dut adimen desgaitasun handia duten pertsonekin. Anitz ez dira gai ahoz komunikatzeko, baina sekulako gaitasuna dute ahozkoa ez den komunikazioa garatzeko. Eskubide bat ez da paper batean idatzita dagoen zerbait. Desgaitasuna duenak egin nahi duena erabakitzen duenean, orduan ari da bere eskubideak erabiltzen. Eta, guri, profesionaloi dagokigu zer nahi duen asmatzea, eta eskaintzea. Ez du zertan nik proposatzen dudana gustuko izan. Nire lana, finean, laguntzea da.

Diagnostikoak, oraindik ere, pisu handia du?

Diagnostikoak estigma bat ezartzen du, eta berekin ekartzen du desgaitasuna duenak uko egitea den bezalakoa izateari. Guk, gizarteak aldatu behar dugu begirada.

“Sortzen ari diren aukerak baliatzea da sindikatuon erronka”

“Sortzen ari diren aukerak baliatzea da sindikatuon erronka”

Edurne Elizondo

COVID-19aren pandemiarekin, itxialdiaren testuinguruak baldintzatuko du aurtengo Maiatzaren Lehena, ezinbertzean. ELAko Nafarroako koordinatzaile Imanol Pascualek (Iruñea, 1981) argi eta garbi erran du sindikatuaren epe motzerako helburua dela langileen osasuna bermatzea, egungo krisiaren eraginez. Mitxel Lakuntzak utzitako postua betetzen du Pascualek, iazko apiriletik. Zaintza erdigunean jartzeko beharra nabarmendu, eta kalitatezko zerbitzu publikoen defentsa sendoa egin du.

Urtea greba orokor batekin hasi zen; Maiatzaren Lehenak, berriz, etxean itxita hartuko ditu langileak.

Greba egin genuenean, bi auzi nagusi jarri genituen mahai gainean: batetik, bizitzak erdigunean jarri behar zirela aldarrikatu genuen; eta, bestetik, austeritatea eta murrizketak oinarri dituen eredu ekonomiko honek gizartean ondorio latzak dituela utzi genuen agerian. Orduan ez genuen espero orain dugun egoeran egonen ginenik, baina ondorioa argia da: auzi horiek erdigunean jartzeko gero eta behar handiagoa dago, gertatu denak erakutsi duelako egiturazko krisi bat pairatzen ari garela.

2008ko krisiaren aitzakiarekin egindako murrizketen ondorioak agerian gelditu dira?

Bai, argi eta garbi. Austeritatearen ondorioak nabarmenak dira; Nafarroan, hain zuzen, murrizketak gogorrak izan ziren osasunaren arloan; pribatizazioaren bidetik jo zuen administrazioak, eta orain ari gara hartutako erabaki horien guztien ondorioak pairatzen. Behin-behinekotasuna, adibidez, %40 da Osasunbidean. Europako Batasuneko batezbestekoarekin alderatuta, hemen ohe gutxiago ditugu ospitaleetan. Osasun krisiak orain agerian utzi du horrek guztiak duen eragina.

Itxita, baina irudi komun batekin aldarrikatuko duzue Maiatzaren Lehena ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek.

Garrantzitsua da egun dugun testuinguruan sindikatuok gai izatea batasun hori irudikatzeko. Urtarrilaren 30eko grebarako egindako lanari segida eman diogu, finean.

Maiatzaren Lehenaren ondoko egoerari aurre egiteko garrantzitsua izanen da indar sindikal sendo bat osatzea?

Bai. Argi dugu aurreko krisian erabili zituzten errezeta berak erabiltzen saiatuko direla: bankuak erreskatatutako dituzte, eta horrek ekarriko du desberdinkeriek gora egitea. Horrelako erasoak eta murrizketak pairatzeko aukera badela argi dugu, baina argi dugu, halaber, gauzak beste modu batera egiteko aukerak ere sortuko direla.

Nolako aukerak?

Oraingo osasun krisiak hainbat gauza utzi ditu agerian: adibidez, zaintza lana zeinen beharrezkoa den, eta zeinen beharrezkoa den zaintza lan hori duintzea. Eta zaintza garrantzitsua da arlo guztietan: osasungintzan, zaharren egoitzetan, elikaduraren esparruan... Arlo horietan, hain zuzen, emakumeak ari dira lanean, batez ere, eta esparru horietan prekaritatea bereziki larria da. Hori salatu behar dugu. Arratsalde oro txalo egitea oso ondo dago, baina kolektibo horiek behar dutena da prekaritateari aurre egitea.

Gauzak beste modu batera egiteko aukera horiek nola sor daitezke?

Horretarako ezinbestekoa da gizartea aktibatzea eta mobilizatzea.

Eta hori lortzeko bidean, zer rol bete dezakezue sindikatuek?

Epe motzera begira, sindikatuon lehentasunak izan behar du osasun publikoa bermatzea, eta langileen osasuna bermatzea. Horrek berebiziko garrantzia du gure sindikatuaren jardueran. Etorkizunera begira, bai edo bai, behar duguna da austeritatea oinarri duten politikak bazter uztea, eta kalitatezko zerbitzu publikoak defendatzea. Zaintza jarri behar dugu erdigunean, eta, globalizazioaren aurrean, tokiko ekonomia suspertu.

Itxialdiak tokikoak duen garrantzia erakutsi du?

Itxialdian esperientzia oso positiboak sortu dira. Jendea antolatzen ari da, auzolanetik eta elkarlanetik. Sindikatuon lana da etor daitezkeen erasoei aurre egitea, baina baita sortzen ari diren aukera horiek baliatzen asmatzea ere. Hori da gure erronka.

Langileen osasuna aipatu duzu. Gobernuak interes ekonomikoak jarri ditu langileen osasunaren gainetik?

Oso kritiko gara osasun krisi honetan Nafarroako Gobernua izaten ari den jarrerarekin. Egia da egoera oso zaila dela, baina Nafarroako Gobernua egiten ari da patronala eskatzen ari zaiona. Hori ikusi da Pedro Sanchezek erabaki zuenean funtsezkoak ez ziren jarduerak etetea, Nafarroako Gobernua kontra agertu baitzen. Sindikatuok eskatu genuenean Aste Santuko ostegunean dendak ere ixteko, gobernuak eta patronalak horren aurka egin zuten, eta azkenean ireki zituzten.

Gure lehentasuna da osasuna bermatzea lan zentroetan, eta horretarako ezinbestekoa da baliabide gehiago bideratzea ikuskaritzaren esparrura, bai eta Nafarroako Lan Osasunaren Institutura ere. Baliabide gehiagorik gabe, gobernuak kezka duela esatea keinu huts bat da.

Salatu duzue enpresa bakar batek ere ez duela isuna jaso segurtasun neurriak ez betetzeagatik.

Orain arte, gobernuak ez dio enpresa bakar bati ere isuna jarri segurtasun neurriak ez betetzeagatik. Hori oso larria da. Nafarroako Gobernuak enpresei zabaltzen dien mezua da lasai egon daitezkeela, neurriak hartu gabe ere ez dituztelako zigortuko.

Karrikan, berriz, jazarpena salatu dute hainbat sektorek.

Aldea nabarmena da. Enpresei ez diete isunik jartzen, baina kalean poliziak eta militarrak daude, konfinamendua betetzen dela ziurtatzeko. Herritarron aurkako jazarpena dago.

AHTaren lanek martxan segitzen dute, eta berriz ekin diete Nafarroako ubidearen lehen fasea handitzeko obrei. Dirua non jarri da kontua, ez zenbat dagoen?

Batetik gastua dago, eta, bestetik, zergekin gertatzen dena. Egungo egoerari buelta emateko eta desberdinkeriei aurre egiteko, ezinbestekoa da zerga erreforma bat egitea. Oraingo sistema bidegabea da, batetik, ordaintzen dugulako, batez ere, langileok; bestetik, zerga iruzurra ahalbidetzen duelako enpresentzat; eta, hirugarrenik, Europako beste hainbat herrirekin alderatuta askoz ere zerga presio txikiagoa dugulako.

Maiatzaren Lehenerako zer mezu ematen duzu?

Gure leloa da Bizitza gara. Nabarmendu nahi dugu kolektiboak duen indarra, batetik, eta zerbitzu publikoen defentsaren beharra, bestetik. Egoera hau atzean utziko dugu kolektibo gisa ari bagara, eta zerbitzu publikoak sustatuz. Horretarako lan baldintza duinak behar ditugu, bai eta zaintza lanetan ere.

“Kultura buru asko salbatzen ari da krisi gogor honetan”

“Kultura buru asko salbatzen ari da krisi gogor honetan”

Uxue Rey Gorraiz

2008ko apirilaren 14an sortu zen Nafarroako Ganbera Abesbatza. David Guindano (Iruñea, 1973) izan zen sustatzaileetako bat. Iruñeko Ganbera Abesbatzan aritua zen ordura arte, baina desadostasun batzuengatik kaleratu, eta talde berri bat sortzea erabaki zuen, berarekin batera abesbatza utzi zutenekin.

Krisi ekonomikoa larritzen hasi zenean sortu zenuten Nafarroako Ganbera Abesbatza. Nolakoak izan ziren hastapenak?

Hasiera oso zaila izan zen, baina zorionekoak izan ginen hein handi batean. Abesbatzako kideak oso gogotsu aritu dira beti, hori da garrantzitsuena, baina instituzioen babesa ere sentitu genuen garai hartan, bai Iruñeko Udalarena, baita Nafarroako Gobernuarena ere, bereziki. Gogoan dut estreinakoz beste norbaitek kontratatuta eskaini genuen lehen kontzertua: Iruñeko Baluarten izan zen, Euskaltzaindiak Pirinioetako hizkuntzei buruz antolatutako kongresu batean.

Zertan oinarritzen da zuen lan egiteko modua?

Asko gustatzen zitzaidan nola egiten genuen lan Iruñeko Ganbera Abesbatzan errepertorioarekin, eta, beraz, alde horretatik, berdintsu egiten dugu guk ere betidanik. Ikertu eta aztertu egiten dugu errepertorio lokala —eta ez folklorikoa bakarrik, baita historikoa ere—, hor asko baitago egiteko. Dena dela, berehala ohartu ginen espezializazioa oso inportantea zela, eta horregatik sortu genituen hainbat talde. Horrek aski bereizten gaitu besteengandik.

Lau talde dituzue. Nola koordinatzen duzue horien lana?

Lan egiteko modua aldatu egiten da taldearen arabera. Kontuan izan behar da talde bakoitzak, oro har, musika genero eta estilo desberdinak lantzen dituela. Antzinako musika lantzen duten taldean, esaterako, kantariak berberak dira ia beti. Musika klasikoa eta folklorikoa kantatzeko, berriz, taldeak aski handiagoa behar du izan, eta kantari desberdinek hartzen dute parte proiektuaren arabera. Jazzy Leap-en taldea itxia da, eta txikixeagoa. Azkenik, Heptameron taldea dugu, eta emakumez dago osatua.

Nola sortu zen talde hori eratzeko ideia?

Ikusi genuen emakumezkoen ahotsak izugarri onak zirela gurean, eta pentsatu genuen gauza oso interesgarriak egin zitezkeela. Gainera, oso garrantzitsua da historikoki emakumeek egindako sorkuntza artistikoei erreparatzea. Ez bakarrik emakumezkoak direlako, jakina. Esan beharrik ez dago sekulako kalitatea duten lan askori ez zaiela aitortzarik egin egileak emakume izate hutsagatik. Horregatik ikusten dugu beharra. Gainera, aldarrikapenak egiteko bide ederra da artea.

Taldea Beatriz Agirrek zuzentzen du, denbora laburra daramate, baina sinetsia nago taldeak etorkizun oso ona duela.

Nola deskribatuko zenuke entitatea gaur egun?

Seriotasunez eta zintzotasunez lantzen dugu musika. Ahalegintzen gara beti musika lanaren sortzailearekiko errespetu handiz aritzen, eta musika bera ere errespetatzen. Interpreteak nolabaiteko askatasuna izatea ere beharrezkoa da, baina kontu handiz egin beharra dago konpositoreari eta lanari traiziorik ez egiteko.

Zergatik ematen diozue lehentasuna bertako musika-lanei?

Konpromisoa hartu dugu bereziki gure herrialdearekin lotutako musika zabaltzeko, hein handi batean gure musikak egin baikaitu ezagun munduan. Jendea ez da ohartzen Euskal Herriak eta, zehazki, Nafarroak nazioarteko musika sorkuntzari egin dion ekarpenaz, Mendebaldeko kulturari bereziki. Deus gutxi dakigu orokorrean. Horregatik guztiagatik, garrantzitsua iruditzen zait kanpora salto egitea, baina beti jakinik nondik abiatu garen.

Berriki, bat egin duzue Nafarroako hainbat kultur eragilek koronabirusaren krisiaren harira kaleratutako manifestu batekin. Zer salatu nahi duzue?

Guztioi eragiten digun hondamendi honetan gu ere kontuan har gaitzaten nahi dugu, eta, bestalde, ohart daitezen zenbat ematen dion kulturak gizarteari. Nire ustez, behintzat, premia beharrezkoen artean dago kultura, baina, oro har, ez dugu ikusten kulturak askatasuna ematen duela. Horrek, baina, kritikoago ere bihurtzen gaitu, eta agintariek badakite hori ez zaiela komeni.

Itxialditik modu mailakatuan ateratzen bagara, askok diote kultura izanen dela azkenetakoa jardunera itzultzen.

Zoritxarrez, kultura hutsaren hurrengoa da askorentzat. Batzuek aisialdi soil gisa ikusten dute, eta hori ez da hala, nik uste dut kontrakoa dela guztiz. Seguru nago kultura buru asko salbatzen ari dela krisi gogor honetan. Gure barrenarekin komunikatzen laguntzen digu, eta besteekin enpatiaz jokatzen ere bai. Behar-beharrezkoa dugu beti, eta, orain, are gehiago.

Nola eragin dizue krisiak zuei?

Aurreikusita genituen kontzertu guztiak oraingoz bertan behera utzi behar izan ditugu. Martxoaren 21ean oso hitzordu garrantzitsua genuen, Madrilgo Auditorium Nazionalean kantatu behar genuen, Bach Vermut zikloaren barrenean. 2.000 sarrera baino gehiago saldu ziren. Zorionez, atzeratu eginen da, eta aukera dagoenean kantatuko dugu.

Zuen eguneroko jardunean, nola ari zarete moldatzen?

Saiatzen ari gara abesbatzako kideekin etengabe harremanetan egoten. Partiturak bidaltzen dizkiegu, ahal den neurrian ikasteko. Oraingoz ez dugu entsegu birtualik egin, baina ez dut baztertzen.

Nola espero duzue gauzek aurrera egitea?

Musika egitea maite dugu; kantatzeko bat eginen dugu baimena izan bezain laster. Egoerari nola eginen diogun aurre, arrastorik ere ez. Ziurgabetasuna erabatekoa da.

“NUPen euskararen diskurtsoa polemikoa izan da beti”

“NUPen euskararen diskurtsoa polemikoa izan da beti”

Uxue Rey Gorraiz

Euskarak unibertsitatean duen pisua handitzeko asmoa azaldu dute NUPeko arduradunek. Imanol Nuñez da (Iruñea, 1976) Hizkuntza Plangintzaren arloko zuzendaria; autokritika egin, eta aitortu du euskarak orain betetzen duena baino rol garrantzitsuagoa bete beharko lukeela NUPen.

Une honetan, zein da euskararen egoera NUPen?

Euskarak betetzen duen rola asko aldatzen da graduaren arabera. Irakasletza, esaterako, euskaraz ikas daiteke oso-osorik; eta ikasle asko biltzen dituzten beste gradu batzuetan ere, ekonomiaren adarrekoetan kasurako, euskarazko eskaintza nahiko zabala da. Beste batzuetan, ordea, egia da oso gutxi ikas daitekeela euskaraz.

Zein dira oztopoak euskarazko ikasgaiak eskaini ahal izateko?

Lehenik eta behin, beharrezkoa da gutxieneko ikasle kopuru batera heltzea. Dena den, normalean ez da arazorik izaten hori erdiesteko. Arazo handienak irakasleekin eta baliabideekin du zerikusia. Izan ere, bermatu nahi dugu irakasle elkartuek ez ezik behin betiko irakasleek ere egitea euskaraz. Hori lehenetsi nahi dugu, denak irakasle onak badira ere bigarren horiek direlako eskolak emateaz gain ikerketak eta bestelako programak aurrera eramango dituztenak. Kalitatezko materialak ere ezinbestekoak dira.

NUPeko gradu berrietan ez dago ikasgairik euskaraz. Zergatik?

Euskarazko ikasgaiak eskaini aurretik inkesta soziolinguistiko bat egiten dugu beti, jakiteko gradu bakoitzeko ikasleen artean euskal hiztunak zenbat diren, eta eskaria badagoela bermatzeko. Gradua estreinatu berritan, ziurgabetasuna izugarria da, baita graduak berak izango duen arrakastari dagokionez ere, eta kontuan hartu behar da taldeak oso txikiak direla hasieran. Hala ere, dagoeneko ikusi dugu Historiako eta Psikologiako graduetan baldintzak betetzen direla, eta euskarazko ikasgaiak izango dira datorren ikasturtean.

Erizaintza, ordea, ez da gradu berria, eta euskarak ez du ia tokirik. Noizko euskaraz?

Egia da erizaintzako graduan urrats gutxi egin direla. Gainera, jakin badakigu euskaldun kopurua oso handia dela gradu horretan, eta eskakizunak parlamentura ere iritsi dira. Prozesua zaila izan da, baina gure asmoa da hurrengo ikasturtean graduko lehen seihilekoa euskaraz eskaini ahal izatea, eta, hortik abiatuta, urtetik urtera eskaintza zabaltzea. Bermatu nahi dugu gutxienez 48 kreditu euskaraz ikasi ahal izatea. Berdin beste graduetan ere.

Unibertsitatean euskara "hirugarren mailako hizkuntza" dela kritikatu izan dute NUPeko Euskara Taldeko kideek. Zer deritzozu baieztapen horri?

Ingelesak unibertsitatean betetzen duen tokiarengatik esango dute, segur aski. Nik, ordea, uste dut gure ispilua ez dela ingelesa izan behar. Beti pentsatu izan dut hizkuntzak bateragarriak direla eta batek ez diola lekurik kentzen besteari. Oso gutxitan gertatzen da bataren edo bestearen artean aukeratu beharra, eta ikasle euskaldun batentzat ere aberasgarria da ingelesez ikasi ahal izatea.

Bildu al zarete dagoeneko Euskara Taldekoekin euskararen inguruko plan estrategikoari buruz hitz egiteko?

Aste hauetan dugun salbuespenezko egoeraren eraginez, prozesu ia denak geldirik daude orain, ezinbestean, eta ez gara haiekin bildu oraindik horretarako. Dena dela, behin martxa berriz hartuta, beharrezko urratsak egingo ditugu.

Harreman ona duzue?

Oso ona. Iruditzen zait aldarrikapenak errespetu handiz egiten dituztela, eta, gainera, horrelako mugimendu bat ezinbestekoa da beharra ongi ikusarazteko. Pozik jasotzen ditut eskakizunak, eta gu erantzuten saiatzen gara. Erantzun hori, noski, ez da beti positiboa izaten, ikuspuntu desberdinak ditugu eta.

Zerk urruntzen zaituzte gehien elkarrengandik?

Faktore askok baldintzatzen gaituzte erabakiak hartzeko orduan, eta, ondorioz, dena moteldu egiten da. Ulertzen dut ikasle gehienek lau urte ematen dituztela unibertsitatean, eta normala da aldaketak berehalakoan ikusi nahi izatea, ikasturte batetik bestera. Uste dut gure helburuak eta haienak oso antzekoak direla, baina guk argi ikusten dugu epeak ezin direla motzak izan, eta epe horiek luzeegiak dira haientzat.

NUPek 33 urte eginen ditu aurten. Ez al da euskalduntze prozesua behar baino motelagoa izaten ari?

Bai. Autokritika egitea ere badugu urteetan egin denaren gainean. Unibertsitatea oso plurala da, ikuspuntu desberdinak daude, eta euskararen diskurtsoa polemikoa izan da beti. Errektore guztiek ez dute berdin jokatu. Oro har, euskararekin oso zaila da asmatzea. Batzuentzat, oso gutxi gehiegi da, eta beste batzuentzat, asko gutxiegi da. Pausoak ematea ez da erraza, baina orain argi dugu zein den hartu nahi dugun bidea.

Hortaz, zein dira asmoak epe motzera?

Helburuak zehaztu nahi ditugu gradu bakoitzean, baliabideen gaineko hausnarketa egiteko eta egin beharrekoak zehazteko. Erabaki dugu euskarazko ikasgaiak eskaintzeko hiru baldintza bete beharko direla: eskaria egotea; irakasle gaituak eta beharrezko baliabideak edukitzea kalitatezko irakaskuntza bermatzeko; eta, hirugarrenik, enplegagarritasunari erreparatuko diogu.

Zertan datza enplegagarritasunaren printzipioa?

Gradu desberdinetatik pasatutako ikasleek dituzten lanei erreparatzen diegu, ikusteko euskarak zer-nolako balioa duen bakoitzean. Uste dugu gertuko enpresetan edo lanpostu jakin batzuetan aritzen direnentzat garrantzitsuagoa dela euskararen ezagutza beste batzuentzat baino.

Horrek ez du handitzen sektore batzuetan euskara zokoratzeko arriskua?

Oro har, enplegagarritasunaren diskurtsoa euskararen aldekoa da, eta haren posizioa sendotzeko balio dezake, kasu gehienetan ondorioztatzen baitugu biziki garrantzitsua dela. Atzerrian edota nazioarteko enpresetan lan egitera bideratuta dauden graduetarako baino ez da bestelakorik erabakitzen; salbuespenak dira.

Epe luzera, zein dira helburuak?

Euskara zientifiko eta teknikoaren garapena bultzatzea. Unibertsitateak badu euskara ikastetxeetatik lanpostuetara eramateko zubi lana egiteko ardura.

“Gure diskurtso propioak eraikitzeko beharra dugu”

“Gure diskurtso propioak eraikitzeko beharra dugu”

Edurne Elizondo

Duela urtebete luze ailegatu zen Zarys Falcon Kolonbiatik Iruñera (El Carmen de Bolivar, 1976). Euskal Herriko Emakume Migratzaile eta Arrazializatuen Sareko kide da, bai eta Katanga Dub taldeko abeslaria ere. Erruz zabaldu da sareetan Martxoaren 8an Iruñeko Gazteluko plazan egin zuten kontzertua.

Nolakoa izan da zuretzat Martxoaren 8ko emakumeen besarkadaren esperientzia?

Indarrez betetako egun bat izan zen niretzat. Zaila da hitzez azaltzea sentitu nuen guztia. Ekinaldi zoragarria izan da, garrantzi handikoa. Hainbertze emakume elkarrekin dantzan, gure ahotsaren eta gure musikaren erritmoan! Ikaragarria izan zen.

Edukiz betetako dantza da zuena.

Nire aspaldiko asmoa da oholtza gainean eta diskurtso batean jasotzea egunerokoan mugiarazten nauten indarrak. Tradizioa ere bai, ezin baitut bazter utzi gatazka armatuko testuinguru batetik natorrela: ez bakarrik Kolonbiatik natorrelako, baita ni bizi nintzen eremua, Los Montes de Maria, bereziki ukitzen zuelako ere gatazka horrek. Ez da eskualde hagitz handia, eta 67 sarraski gertatu dira han.

Nola eragin dizu gatazka horren erdian egoteak?

Gatazka armatuaren zuzeneko lekuko izan naiz; senideak galdu ditut terrorezko testuinguru horretan; iluntasun handiko momentuak izan ditut, eta nire erabakia izan da pozaren aldeko apustua egitea: gogoratu nahi izan dut zerk bultzatzen nauen zutik jarraitzera eta aurrera egitera. Diskurtso hori da gure lanean dagoena: erresistentzia eta eraldatzeko indarrak funtsezkoak dira, eta gorputza zeharkatzen dute. Zauriak ukitu eta sendatzen dituen pozaren energia horrek zeharkatzen ditu gorputzak. Eta hori ikusi nuen Martxoaren 8an, Iruñean.

Erresistentzia?

Erresistitzeko gure moduak eta gure herentzia partekatu genituen Martxoaren 8an plazan bat egin zuten emakume guztiekin. Emakume migratzaile eta arrazializatuak gara, eta gu izan ginen denak batu zituen besarkada horren gidari. Testuinguru ezberdinetako emakume anitzek egin zuten bat egun hartan, eta denok batera mugitu ginen; borroka bereko ahizpa bilakatu ginen, finean. Horrek izugarri poztu ninduen.

Errealitate eta testuinguru ezberdinez harago, badira loturak eta kode komunak?

Bai. Hemen ere, gainera, Nafarroan eta, oro har, Euskal Herrian, zauriak sendatzen ari dira emakumeak oraindik ere. Zauriak ez dira berdinak, baina neurri batean badute antza; terrorea, gatazka dago atzean, eta emakumeen gorputzak zeharkatzen ditu bortxaketen eta torturen bidez.

Gorputza jarri duzu erdigunean; gorputza borrokarako esparru bat da?

Gorputzaren askatasuna eta ahalduntzea aldarrikatu nahi ditugu. Gu gara geure buruaren eta gure gorputzaren jabe, eta inork ezin du zehaztu nik nola mugitu behar dudan. Egia da dantza afrolatino anitz sexualizatuta daudela, edo exotikotzat hartzen dituztela. Baina bertzelakoa da errealitatea. Dantza aldarrikatzeko tresna bat da, eta egiten ditugun mugimenduak gure aurreko emakumeek sortu zituzten. Gakoa ez da nola dantzatzen garen, baizik eta zertarako, hau da, mugitzen garenean zer erraten dugun. Mugimenduak duen indarra aldarrikatzen dugu, zauriak sendatzeko, borroka egiteko, errateko, geure burua irudikatzeko.

Feministen artean badira besta eta aldarrikapena lotzea nahi ez dutenak. Zer deritzozu?

Gauzak ez dira beltz edo zuri. Gris anitz dago, eta gris horien artean saiatu behar dugu lotzen gaituzten puntuak aurkitzen. Euskal Herrira ailegatu nintzenean, eta mugimendu feminista ezagutu nuenean, ohartu nintzen hemengo feminismoak gogoetarako zaletasun handia zuela, hagitz akademikoa zela. Txantxa moduan erraten nuen doktoretza egin beharko nuela hemen feminista izateko! Ulertzen dut besta bakarrik ikusten dutenen kritika, bestak bakarrik ez baitu balio. Baina nik aldarrikatzen ditut zertarako mugitzen diren argi duten gorputzak; zerk mugitzen dituen argi duten gorputzak. Besta giroko iraultza batean sinesten dut, zergatik mugitzen diren ongi dakiten gorputzetan sinesten dudalako. Dantza egin behar dutela erraten dutenekin egiten dut bat, bai eta besta kontu huts bat ez dela erraten dutenekin ere. Bi jarrera horiek arazorik gabe elkartzen ahal dira.

Euskal Herrira ailegatu zineneko unea aipatu duzu. Zerk ekarri zaitu Iruñera?

Duela urtebete eta hiru hilabete ailegatu nintzen. Josu Marti ezagutu nuelako etorri nintzen, bera da nire kide Katanga Dub taldean. Kolonbiara joan zen hango hotsen eta emakume abeslarien eta artisten inguruko ikerketa egitera, gatazka armatuaren testuinguruan. Elkar ezagutu genuen, hitz egin genuen, eta musika egin genuen elkarrekin. Euskal Herrira gonbidatu ninduen, hiru hilabetez, hainbat kontzertu ematera, eta hemen jarraitzen dut.

Kontent zara, beraz?

Bai. Hemen bizitza hobe baten alde migratzea erabaki duten bertze emakume anitzekin egin dut topo. Erronka anitzi egin behar diete aurre, eta lanik prekarioenak egin behar izaten dituzte, gehienetan. Ni ere banago prekaritate horren barruan. Eta abiapuntu horretatik, guk argi erran nahi dugu badugula zer eman, aniztasunez. Aberastasun handia dugu partekatzeko.

Feminismo hegemonikoak bazter utzi ditu emakume migratzaile eta arrazializatuak?

Euskal Herriko Emakume Migratzaile eta Arrazializatuen Sareko kide naiz. Sare horrek auzitan jarri izan du feminismo hegemonikoaren diskurtsoa. Uste dut oraindik lan handia dagoela egiteko, baina egia da Nafarroan gertatu denak ez duela zer ikustekorik Bilboko edo Gasteizko errealitatearekin.

Martxoaren 8ko emakumeen besarkada egin izanaz ari zara?

Bai. Martxoaren 8ko koordinakundeak harrera hagitz ona egin zion gure proposamenari. Guk argi utzi nahi genuen gure diskurtso propioak eratzeko beharra dugula. Hori oraindik ez dugu lortu, baina hasi dugu bide bat, eta Nafarroan mugimendu feminista guri harrera egiteko prest da. Horrek ez du erran nahi, noski, jada geure burua ordezkatuta sentitzen dugunik. Feminismo hegemonikoak ikasi behar du pribilegioak deseraikitzen. Ez da erraza, baina urratsez urrats egin behar dugu.

Emakumeen besarkada egun bakarreko kontu ez bilakatzea da helburua?

Hori da. Beldur ginen gure parte hartzeak atzean duen diskurtsoa bazter geldituko ote zen. Dantza egiten zuen talde bat ikusiko ote zuten bakarrik. Baina ez zen hori gertatu. Dantza eta diskurtsoa jarri genituen mahai gainean, eta erantzuna hagitz ona izan zen. Benetako besarkada bat izan zen.

Eta orain zer?

Disko bat prestatzen ari gara; udan plazaratu nahi dugu. Hilaren 27an, berriz, kontzertua emanen dugu Interneten bidez, arrazakeriaren aurka egiteko.

“Jostetaren bidez edozein tokitara ailegatzen ahal gara”

“Jostetaren bidez edozein tokitara ailegatzen ahal gara”

Uxue Rey Gorraiz

Bestela bezala hasi zen antzerkigintzan Esther Carrizo (1964, Donostia). Beran bizi da, eta han eta hemen aritu da lanean: bide luzea du egina dagoeneko. Besteak beste, clown saioak eta ikastaroak egiten ditu, hiru hizkuntzatan beti: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Nola hasi zinen antzerkigintzan?

24 urte bete nituen arte ez nuen inolako kontakturik antzerkiarekin, baina Ramon Albistur ezagutu nuen orduan, eta hari esker sartu nintzen interpretazioaren munduan. Jostuna nintzen garai hartan, eta emanaldietarako jantziak egiten nizkien hasieran. Ondotik, atrezzoan lagundu nuen, eta, azkenean, administrazio lanean ere jardun nintzen han, garai hartako Bai antzerki elkartean.

Nola egin zenuen salto oholtza gainera?

Oharkabean gertatu zen, kasualitatez nolabait. Hagitz beldurtia nintzen, eta anitz miresten nituen aktoreak, baina sekula ez nuen pentsatu ni horretan aritu nintekeenik. Semea txikia zela, haur eskolako amek antzezlan bat prestatu nahi izan genuen gure seme-alabentzat. Ni ez nintzen aktore modura aritzekoa, baina, azken momentuan, ametako batek huts egin, eta nik bete behar izan nuen haren rola. Anitz gustatu zitzaidan, eta hasieran beldurra zena gogo bihurtu zen gero.

Oharkabean hasi zena afizio eta ofizio bihurtu zen azkenean, beraz?

Bai. Nire formakuntzari ekin nion gero, eta, nirekin lanean aritu den jendearekin batera, gauza eder anitz egin eta abiarazi ditugu urteotan: emanaldiak eta ikastaroak. Oso prozesu ederra izan da hasieratik, baina oso gogorra anitzetan. Urte zailak ere izan ditugu.

Zer-nolako zailtasunak izan dituzue?

Kultura oso arlo zaila da, eta antzerkiaren mundu profesionalaz erabat nazkatuta izan nintzen denbora batez. Erabat urrundu nahi izan nuen. Zubi guztiak moztu nituen, eta konpainia bera ere itxi egin genuen.

Uhartean eskola ibiltaria sortu zenuten gero, ordea, 2001ean. Zerk piztu zizun berriz motibazioa?

Antzoki bat ireki zuten Beran, eta udala gurekin jarri zen harremanetan proposamen bat egiteko. Espazioa uzteko prest agertu ziren, antzezlanak prestatu eta emanaldiak entseatzeko; trukean, antzerki tailerrak antolatu genituen herrian. Eta halaxe sortu genuen Uhartean adierazpen eta clown-antzerki eskola ibiltaria. Izan ere, bi adar sendotu nahi izan ditugu hasiera-hasieratik: antzerki eskolak eta clown ikastaroak.

Zer da clowna?

Izaki kontziente bat da, bizitza sakonki bizi duen norbait. Guk lantzen dugun moduan behintzat, clowna ez dator irria eragiteko bakarrik. Bere bizitza gurekin partekatzera dator, emozio mordoarekin, eta zuzenean hitz egiten digu. Guk ohitura dugu bertzeek ikustea nahi ez duguna gorde eta ezkutatzeko. Clownak, ordea, ez, bera egiatan aritzen baita beti. Denek dugu bat barrenean.

Zer egin behar dugu aurkitzeko?

Konfiantza lortu beharra dago lehenbizi, eta, horretarako, taldea eratzea da garrantzitsuena. Ezinbertzekoa da, taldekideek ematen dizutelako behar den babesa eta indarra. Bestalde, gorputzarekin bat egin behar da. Nork bere gorputza onartu behar du, eta jostatu. Jostetaren bidez edozein tokitara ailegatzen ahal gara.

Zer asmorekin joaten da jendea clown tailerretara?

Denetarik izaten dugu. Badira beren bizitza profesionalean erabilgarri zaielako etortzen direnak, baina bertze batzuek ez dute halako asmorik, eta ongi pasatzea dute helburu bakarra. Bertze batzuk terapeutikoa izan daitekeelako datoz tailerretara. Nik beti errepikatzen diet ez naizela terapeuta, baina zalantzarik ez dut oso modu ederra dela gizartean edo gure baitan gertatzen dena mahai gainean jartzeko, ondotik nork bere bidea egiteko.

Heriotzaren gaia lantzen ari zarete aurten. Zergatik erabaki zenuen gai hori jorratzea?

Joan den urtean antzezlan berri bat muntatu genuen: En tránsito, perdonen las molestias. Nire aitaren heriotzatik abiatuta idatzi nuen gidoia, adiskide batek lagunduta. Nire dolu prozesurako oso garrantzitsua izan da, lagungarri. Zenbait emanaldi egin genituen, eta seguru nengoen interesgarria izanen zela clown tailerretan lantzea.

Nola uztartzen duzue heriotza clowngintzarekin?

Normalean zeharka begiratzen diogu heriotzari, eta aurrez aurre begiratu behar diogu. Clownak du hitza tailerretan, eta barrenekoak ateratzen laguntzen du. Joan den saioan, esaterako, bizipoza zer den landu dugu, zer den bizitza gozatzea. Bertze batean, galdera bat egin nien ariketa abiarazteko; galdetu nien zer eginen luketen gaurko eguna beren bizitzetako azkena dela jakinen balute. Gauza oso ederrak sortzen dira.

Beran prestatutako Harritik hazia antzezlanean emakumeen historia izan zenuten hizpide. Zer asmoz?

Bigarren Errepublikatik gaur egunera arte gure inguruetako herrietan gertatutakoa kontatzea zen asmoa, lehenbizi. Ordea, testigantzak biltzen hasi, eta ohartu ginen ez zegoela emakume ahotsik. Hori ikusita, pare bat lortu genituen, ahal bezala, eta antzezlanaren helburua aldatu genuen: gai nagusiak emakumeen historia behar zuen izan; hobeki esanda, kontatu behar genuen nola ez zaigun sekula emakumeen historia kontatu.

Nola erantzun zuen jendeak?

Sekulako arrakasta izan zuen. Hiru emanaldi eskaini genituen, eta ikusi zutenak oso kontent atera ziren. Anitz disfrutatu zutela zioten, eta, batez ere, oso beharrezkoa dela hori kontatzea.

Antzezlan horretatik abiatuta sortu zen Emakumeen Memoriaren Baratzea. Beharrezko ikusi zenuten jarraipena izatea?

Ate bat ireki zen antzezlanarekin, baina beti oinarekin traba egin behar izaten dugu ateak itxi ez daitezen. Feminismoan hori gertatzen da. Ez da aski atea ireki eta bertze aldean dagoena zer polita zen ikustearekin, edozein haize korrontek atea kolpe batez itxi dezakeelako berriz. Horretarako sortu genuen baratzea Arantzan, horretara ez mugatzeko.

Uzta emankorra izaten ari da baratzea?

Bai, bi zentzutan eman ditu fruituak, gainera. Alde batetik, lurra oso emankorra izan da orain arte, eta jasotzen diren fruitu eta barazkiak eskolara eta zahar etxera eramaten ditugu. Bertzetik, lortu dugu emakumeentzako lan bat egitea. Dena dela, geuri ere, emakumeoi, kosta egiten zaigu sinestea gure historiak nonbait idatzita behar duela egon. Gure historia txikia dela uste dugu, eta merezi duen garrantzia eman behar diogu. Jakina, gizonena da letra larriz idatzita dagoena.

Zein dira eman beharreko pausoak?

Anitz dira, baina nik, pertsonalki, asko maite dut ekofeminismoaren diskurtsoa. Hagitz beharrezkoa iruditzen zait.