gaiak

“Denentzako hitzarmen bat” eskatzeko lanuztea

Iruñerriko billabesetako langileek borrokan jarraitzen dute, eta lanuztea egin zuten atzo, berriz ere, "denentzako lan hitzarmen bat" eskatzeko. 19:00etatik 23:00etara egin zuten autobusetako gidariek lanuztea, zehazki.

Otsailaren hasieran ezagutarazi zuten ELA, LAB eta ATTU sindikatuek hilabete horretan mobilizazioak izanen zirela, hitzarmenarekin gertatutakoa salatzeko. Izan ere, abenduan egindako hauteskundeetan, UGTeta CCOO sindikatuek gehiengoa galdu zuten langile batzordean, baina, hala eta guztiz ere, enpresak egindako lan hitzarmenerako azken proposamena sinatu zuten. Protesten deitzaileek salatu dute UGTk eta CCOOk "negoziazio kolektiboa zartarazi" zutela.

TCC da Iruñerriko garraio publikoko zerbitzua eskaintzen duen enpresa. ELA, LAB eta ATTU sindikatuek "langile guztientzako hitzarmena" eskatzeko deitu dute protestara. Otsailaren 14koa izan zen lehendabiziko lanuztea; 12:00etatik 16:00etara egin zuten. Hil horren 21ean, berriz, 19:00etatik 23:00etara egin zuten protesta langileek.

Atzo ere, denbora tarte bera aukeratu zuten gidariek lanuztea egiteko. Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu mobilizazioak izan diren egun guztietan.

Euskarari bidea egiten

Euskarari bidea egiten

Edurne Elizondo

Badute zer ospatu. Arangurengo Irulegi euskara taldeak hamabost urte bete ditu, eta egindako bidea gogoratu eta aitortu nahi izan dute kideek. 2004. urtetik, hain zuzen ere, euskarari egin diote bidea ibarreko herrietan, hizkuntzaren aldeko apustua lehenetsiz. Euskara eta euskal kultura bultzatzea hartu dute xede, hasieratik, eta udalerriko jardueretan txertatu du taldea asmo horrek.

Taldea ekarri zuen hazia 2004a baino lehen erein zuten Arangurengo biztanleek. "Udalak zuen diru laguntza baliatu, eta Euskararen Eguna antolatzen hasi ziren, 2001. urte inguruan", azaldu du Irulegiko kide Urtzi Alkasenak. Euskararen inguruan bat egiteko gogo horrek taldearen sorrera ekarri zuen, 2004. urtean, eta hainbat herritarren arteko asmo xumea zenak lortu zuen egitura sendoago bat.

Euskararen Eguna Euskararen Aste bilakatu zen Arangurenen, Irulegi taldeak emandako bultzadari esker. Aurtengoa prestatzen ari dira jada kideak: maiatzeko bigarren astean eginen dute, asteazkenetik igandera bitartean. Lehenago, martxoaren 16an, bertso bazkaria eginen dute, hamabosgarren urteurrena ospatzeko giroa berotzen hasteko.

Euskararen Astea amaituta ere, ekain aldera, izanen da urteurrena ospatzen jarraitzeko aukerarik Arangurenen, dantza emanaldi berezia prestatzen ari baitira Irulegiko kideak, Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera. "Dantzari beteranoen topaketa egin nahi dugu", erran du Alkasenak.

Gaur egun, ia ehun bazkide ditu Irulegi euskara taldeak. "Talde eragilean, halere, hamar-hamabost pertsona ari gara lanean. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarduerak prestatzea da gure zeregin nagusia", erran du Irulegiko kideak. Euskararen Astearekin batera, bertzeak bertze, Olentzero antolatzen dute Irulegi taldeko kideek. "Herriko jardueretan parte hartzea da kontua".

Irulegi taldeko kideen lanak eman du bertze fruiturik. Duela bost urte, hain zuzen ere, joaldun izateko ikastaroa prestatu zuten euskara taldean, eta egitasmo horren barruan sortu zen, 2014. urtean, Arangurengo Joaldun Taldea. "Bosgarren urteurrena beteko du joaldun taldeak, aurten". Ospatzeko arrazoi gehiago badute, beraz, Irulegi taldeko kideek.

2010ean, eremu mistora

Irulegi euskara taldeak bere bidea hasi zuenean, udalerria eremu ez-euskaldunean zegoen. 2010. urtetik, ordea, eremu mistoko udalerri bat da Arangurengoa. Horrek ekarri du, bertzeak bertze, eskolan D eredua ezartzea. "Mutiloan bada D ereduko ikastetxea. Institutua falta zaigu, oraindik ere", zehaztu du Urtzi Alkasenak.

Aranguren 2010. urtean eremu mistora eraman zuen prozesua 2006an jarri zuen martxan hango udalak. Urte hartan, ikerketa soziolinguistikoa egin zuen udalak, eta emaitzak argi utzi zuen herritarrek bertze harreman bat nahi zutela euskararekin. %56k erran zuten hori, hain zuzen ere.

Arangurengo Udalak "naturaltzat" jo zuen eremu mistoan sartzeko prozesua eta urratsa, lortu zuenean. Izan ere, Iruñerrian dago udalerria, eta eskualdeko udalerri gehienak eremu mistokoak dira. 2010ean, eremu mistora egindako jauzia ospatzeko, besta ibiltaria egin zuen udalak ibarreko herrietan.

Ez da hori Irulegi euskara taldea sortu zenetik ibarrean gertatutako aldaketa bakarra. Populazioaren bilakaerak ere izan du zer erranik euskararen egoeran, Alkasenak nabarmendu duenez. Mutiloa jarri du Irulegiko kideak adibide: "Duela hamazazpi urte, 2.000 biztanle zituen; gaur egun, berriz, 10.000". Herritar gehienak seme-alabak dituzten gazteak direla erantsi du Alkasenak, eta horrek eman diola bultzada euskarari, D ereduaren aldeko apustuaren bitartez. "Euskararen egoerak hobera egin du urteotan guztietan", gaineratu du.

Urratsak egiten jarraitu nahi dute Irulegi euskara taldeko kideek. Euskarari bidea egiten, alegia. Hamabosgarren urteurrenak horretarako aukera emanen diela zalantzarik ez dute. Izanen dute bertze aukerarik, gainera, Arangurenen euskararen eta euskal kulturaren alde egiten segitzeko. "Korrika prestatzen hasi gara jada!", erran du Urtzi Alkasenak. Korrika, Euskararen Astea, bertso bazkaria... Hamabosgarren urteurrena ibarreko herritarrekin ospatu nahi dute Irulegiko kideek, eta denak batu euskara taldearen egunerokora. Bidea egiten jarraitzeko.

Zapalduen alde egiteko

Zapalduen alde egiteko

Edurne Elizondo

Gero eta gehiago. Animalien askapenaren alde egiteko bertze talde bat sortu da Nafarroan: Tafalla Antiespezista. Abenduan aurkeztu zuten jendaurrean, eta, hilaren 10ean, kideek protesta egin zuten herriko plazan, gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza salatzeko. Martxan jarri da taldea, eta helburu hartu du herritarren artean gogoeta bultzatzea, gizakien eta gainerako animalien arteko harremanari buruz.

Tafallan,Txerri Dibinoaren Ordenak bere eguna ospatzen du urtero, eta, horretarako, txerri bat zozketatzen du plazan, sari gisa. Hilaren 10eko protestaren bidez, horixe salatzera atera ziren karrikara Tafalla Antiespezista taldeko kideak. "Kalean egon nahi dugu, bai eta sare sozialetan ere. Prestakuntza ere sustatu nahi dugu. Zapalkuntzaren inguruko hausnarketa piztu nahi dugu, eta zapalkuntza horri aurre egiteko defentsa mekanismoak garatu".

Oraingoz, bederatzi kidek egin dute bat taldean. Erran dute Nor kolektiboak antolatuta azaroaren 1ean Bilbon egindako manifestazioak eman ziela elkartzeko eta lanean hasteko azken bultzada. "Indartsu sentitu ginen, eta borrokarako prest zegoen jende pila ikusi genuen. Herrian ere gisako talde bat osatzen ahal genuela pentsatu genuen", kontatu dute.

Donostialdeko Askekintza taldearen bidea ere eredu izan dutela erantsi dute Tafalla Antiespezistako ekintzaileek. " Uste dugu Euskal Herriko talde antiespezistek komunitate handia sortzen dugula", gaineratu dute Tafalla Antiespezistako kideek.

Iruñeko LiberAbere taldea ere aipatu dute, bai eta herriko Gata talde animalista ere. "Jaso dugu haien babesa". Ekinzaileek argi dute Nafarroan antiespezismoa gero eta toki handiagoa hartzen ari dela. "Gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari buruzko kezkak gora egin du". Argi dute oraindik ere "egiteko lan handia" dagoela, baina "ikasteko eta irakasteko" prest dira.

Zapalkuntza ororen kontra

Mugimendu antiespezistaren izaera politikoa nabarmendu nahi izan du Tafalla Antiespezista taldeak. "Beste mugimendu askotan bezala, zapalduta dauden norbanakoen eskubideen eta askatasunaren alde egin nahi dugu lan. Badakigu bidea ez dela erraza, zapaltzaileek ez dietelako beren pribilegioei uko egin nahi, baina orain arte lortutakoek indarra ematen digute oraingo aldaketan parte hartzeko".

Ekintzaile antiespezistek gaineratu dute badela harremana Tafallan borroka ezberdinen artean, eta taldeak harrera ona izan duela azaldu dute. "Tafallak ezetz esan die eraso sexistei, errepresioari eta AHTari, besteak beste; gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari ere ezetz esan diezaiokeela uste dugu".

Antiespezismoak zapalkuntza guztien aurka lan egitera eraman dituela erran dute, argi eta garbi. "Ezin dugu gizakiz besteko animalien aldeko borroka babestu, eta bazter utzi, aldi berean, gure ondoan gertatzen diren eraso arrazistak, LGTBQfoboak edo matxistak". Martxan dira Tafallan, eta lanerako gogoz.

Eskubidea dute ikasleek

Eskubidea dute ikasleek

Edurne Elizondo
Arauak normaltzat jotzen duenarekin bat egiten ez duten ikasleek gainerakoek baino zailtasun gehiago izan ditzakete gelan ezarritako erritmoari jarraitzeko. Haiei laguntzea da Hezkuntzako zaintzaileen lana. Zeregin hori, halere, ezin du...

Emozioak, hitzez eta trazuz

Emozioak, hitzez eta trazuz

Ane Eslava

Gogoetarako, introspekziorako eta laguntzarako ariketa bat. Hori da sorkuntza poetikoa Blanca Eslabarentzat. Norbere burua bilatzeko eta aurkitzeko bidea. 14 urterekin ikusi zuen hitzak berarentzat zuen indarra, eta ordutik izan du poesia bidelagun. Baina berarentzat eta bere gertukoentzat idazten zuen, ez baitzen ausartzen bere lana erakusten. Orain, urratsa egin du, eta argitara eraman du sorkuntza. Paisajes del agua (Uraren paisaiak) liburuan bildu ditu bere ibilbidean sortutako hamaika olerki, bizitzan igarotako garaien erakusle ere badirenak. Haren ahizpa Asun Eslabak ilustrazio bat egin du olerki bakoitzarentzat; autoedizioaren bidez argitaratu dute.

"Oso goiz aurkitu nuen poesia: oreka lortzeko eta bizitzari zentzua emateko jo nuen harengana", adierazi du egileak. Bizitzaren garai bakoitzean, maila batean lagundu izan dio poesiak; batzuetan, "behar-beharrezko" izan du, eta, beste batzuetan, ez dio denbora askorik eskaini. Amatasun eta semeen hazkuntza garaian idazketa alboratu egin zuela kontatu du, eta azken urteetan sorkuntzara itzultzeko "ilusioa" piztu zaiola berriro ere.

Isabel Hualde poetak 2013an Irunberrin sortu zuen Ostegun poetikoak proiektuak lagundu ei zion idazketarekin berriz elkartzen, bai eta argitaratzeko pausoa ematen ere. Hangoa da Blanca Eslaba. "Horren barruan, ibilbide bat zuten poeta asko ezagutu nituen, eta haiei esker hasi nintzen neure lana balioesten".

Egitasmo horren testuinguruan sortu zuten En voz alta. Nosotras, poetas de la Zona Media liburua ere. Nafarroako erdialdeko zazpi emakumek beren olerkiak bildu zituzten lan horretan, iaz, eta horietako bat Blanca Eslaba izan zen. Oraingoan, ordea, harago joatera ausartu da, eta bakarrik agertu da jendaurrean.

Egindako urratsa bere burua "desestaltzearen gisakoa" izan dela esan du: "Bertigoa sentitu dut, eta kezkatu nau besteek nitaz pentsa zezaketenak". Halere, uste du pentsamendu negatiboak kontrolatzen ikasi duela. "Edonork bizitzen dituen gauzen inguruan hitz egiten dut liburuan".

Bizipen eta sentimendu arruntak izan ditu hizpide olerkietan: maitasuna, galera, beldurra, denboraren joana…Horren guztiaren gainetik, lan osoa zeharkatzen duen gai bat dago: natura. "Beti izan da laguntzarik handiena".

"Sosegua topatzeko beharra izan dudanean, zelaien hegietatik ibiltzea izan da niretzat lagungarriena: han, lasai sentitzen naiz, eta nire bizipenak aztertzeko gai naiz". Adierazi duenez, natura bere "barruan" du, eta poesia da, hain zuzen, barnean duena kanpora ateratzeko bidea. Naturaz mintzatzen da liburua irekitzen duen Pagoak olerkia, bai eta Uzta biltzen, Ekiloreak eta Iragate berdea ere, besteak beste.

Liburuan, hainbat atal bereiz daitezke, egilearen bizi garaiekin loturik daudenak: gaztaroa, helduaroa, amatasun garaia… Azaldu duenez, bizitza ulertzeko bere modua "zikloen ideiarekin" estuki lotuta dago, eta, hain zuzen ere, bizitzaren garaiak naturaren zikloekin alderatzen ditu: "Zuk bizitzan senti dezakezun edozein zailtasun edo oztopo naturan ere badago. Baina gero beti dator saria: udaberria. Une zailetan, horretan sinesten dut: nola edo hala, beti helduko da udaberria".

Liburuaren erdialdetik aurrera, gai pertsonalak gailendu egiten zaizkie paisaiekin lotutakoei. Gaixotasuna, heriotza eta horien gisako bizipen gogorren inguruko hainbat olerki daude: Bular minbizia, Anorexia, Bertsoak amaitu dira… Egileak esan duenez, poesia askotan erabili du egoera zailetatik ateratzeko: "Sentitzen dudana hitzekin bideratuz, sentimendua bertso bilakatuz, mina kanpora eramaten dut, eta minak beste modu batera inguratzen nau".

Olerkien bitartez, gai sozialak ere jorratu ohi ditu, eta liburuan sartu ditu batzuk, hala nola Afrika beltza eta Babeslekurik gabeko babestuak. Errefuxiatuen, pobreziaren eta beste hainbat injustiziaren inguruan mintzatu da.

Orotara, 60 olerkik osatzen dute Paisajes del agua, 169 orriko lana, eta, gehienak gaztelaniaz badira ere, Iñaki Bastarrikak euskarara ekarri ditu horietako lau. Egilearen anaia batek, Patxi Eslabak egindako argazki abstraktu batek ilustratzen du liburuaren azala: kable batek ibaian egiten duen isla, hostoz inguratuta.

Ana Martinez olerkariak idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta Miguel de Unamunoren Paisajes del alma (Arimaren paisaiak) lanarekin alderatu du Eslabarena: "Eslabaren olerkietan ere lurra eta paisaia urtzen dira gogoeta eta pentsamendu intimoetan, haren giza geografian". Martinezek gaineratu du Eslabak lehenbiziko poema bildumarekin erakutsi duela "luzerako" etorri dela.

Hitzak irudi bihurtuz

Asun Eslaba marrazkilariak ilustrazio bat egin du olerki bakoitzarentzat. Poesiaren arabera, material bat edo beste erabili du, hitzez adierazita zegoena "ahalik eta modu adierazkorrenean" eramateko irudira. Errotuladorez, tintaz, arkatzez eta collagez egin ditu marrazkiak, besteak beste. Kontatu duenez, lehenbizi, lanaren irakurketa orokor bat egin zuen, eta, gero, olerkiak banan-banan landuz joan zen, ahizpak idatzitakoa marrazkian islatzea lortu arte. Hark ere natura eta paisaiak izan ditu inspirazio iturri. "Bideetara irtetea, ibiltzea, ingurura begiratzea… Hori guztia nire bizitzaren parte da".

Poesia lan bat ilustratu duen lehen aldia izan da, eta, hortaz, zailtasun batzuk izan ditu. Baina adierazi du lana "jario bat" izan dela. Uste du abantailak izan dituela: "Blancak idazten daraman denbora bera daramat nik haren olerkiak irakurtzen; hark olerkietan kontatu dituen bizipenetako asko nik ere bizi izan ditut". Ziurtatu du bere bizitzako lanik "biziena" izan dela gertutasun horren ondorioz, edo horri esker.

Marrazkilaria pozik dago ilustrazioen emaitzarekin, "gogobeteta". Baita idazlea ere: "Marrazkiek esanahi handiagoa eman diote liburuari", esan du. Gaineratu du bi ahizpek emozioak bi modutara jantzi dituztela: hitzez eta trazuz. "Emozioek bi isurialde dituzte liburuan: poesia eta marrazkia".

Aulkian eseri nahi dute

Aulkian eseri nahi dute

Edurne Elizondo

Zigorgabetasunari aurpegia jarri diote: Rodolfo Martin Villaren aurpegia, hain zuzen ere. Epailearen aurrera eraman nahi dut frankismoaren eta trantsizioaren garaiko krimenen inguruko inpunitatea salatzeko kanpaina martxan jarri duten erakundeeke. Bost dira bultzatzaileak, baina bertze anitzen babesa jaso dute jada. Aulkian eseri nahi dute Franco diktadorearen eskutik bost domina jaso zituen agintaria.

Martin Villa Espainiako Barne ministroa zen 1978. urteko uztailaren 8an, Polizia Armatuak LKIko German Rodriguez gaztea tiroz hil zuenean, Iruñeko zezen plazan hasitako erasoan. Geroztik, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak lan egin du eraso horren inguruan egia, justizia eta ordaina lortzeko. Erakunde horrek jarri du abian oraingo zigorgabetasunaren aurkako kanpaina, Ahaztuak, Egiari Zor, Goldatu eta Martxoak 3 elkarteekin batera.

Euskal Herritik kanpo, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian ere memoriaren esparruan lan egiten duten bertze hainbat taldek bat egin dute ekinaldiarekin. Sarean ariko dira datozen hilabeteetan, nor bere herrialdean, baina denak helburu komun batekin: Martin Villa epai dezatela.

"Argentinako epaitegiek inputatu dute, baina hori ez da nahikoa. Estatuko epaitegiek ere epaitu beharko lukete, bera estatuko agintari zela egin zituztelako frankismoan eta trantsizioan gizateriaren aurkako hamaika krimen. Errepresioaren erantzule nagusietako bat izan da Martin Villa", erran du 78ko Sanferminak Gogoan plataformako Presen Zubillagak.

Krimen horien inguruan urte luzez ezarritako isiltasuna apurtu nahi dute kanpaina martxan jarri duten elkarteek. Ez hori bakarrik. "Frankismoaren aurka borroka egin zuten langileen, emakumeen, auzo elkarteen eta gainerako eragileen ahalegina jarri nahi dugu mahai gainean; botereak haien lana desitxuratu nahi izan du trantsizioari buruzko irudi ofizialaren bitartez. Irudi horrek gizonen arteko negoziazioen ondoriotzat jo izan du trantsizioa", salatu du Zubillagak.

"Egungo arazo bat"

Irudi horretatik urrun da errealitatea, ordea. Inpunitatearen aurkako ekinaldiaren bultzatzaileek orduko errepresioa nabarmendu, eta agerian utzi dute Martin Villak izan zuen erantzukizuna. German Rodriguezen hilketa, hain zuzen ere, bat izan zen bertze anitzen artean. Iruindarra tiroz hil baino bi urte lehenago, 1976ko martxoaren 3an, Polizia Armatuak bost langile hil zituen Gasteizen, eta ehun baino gehiago zauritu. Hurrengo urtean, 1977ko maiatzaren 12an, amnistiaren aldeko manifestazio batean bost pertsona zauritu zituen Guardia Zibilak tiroz, Errenterian (Gipuzkoa). Haietako bat hil egin zen. Bertze sei pertsona hil zituzten hurrengo egunetan Euskal Herri osoan egindako protestetan.

"Krimen horien inguruan inpunitatea da nagusi; eta bada garaia hori aldatzeko. Horrelako krimenak ez dira iraganeko kontu bat; gaur egungo arazo bat dira, eta gutxieneko oinarri demokratikoak izan nahi dituen edozein estaturi edo gizarteri eragiten diete", erran du Zubillagak.

Horregatik eskatu dituzte egia, justizia eta ordaina. Iker ditzatela eta auzibidean jar ditzatela krimen horiek eta haien erantzuleak. Frankismoan eta trantsizioan bete zituen postuek, erantzule horien zerrendako lehen postuetako batean jartzen dute Martin Villa. Epailearen aurrera eramateko kanpaina bultzatu duten erakundeek herriz herri egin nahi dituzte urratsak. Horretarako, mozioak aurkeztuko dituzte udaletan, erakunde horiek Martin Villa epaitzeko eskaerarekin bat egin dezaten. Herritar orok izanen du eskaera hori babesteko aukera, gainera, kanpainaren sustatzaileek adostutako manifestua sinatuz.

Auzitara ere joko dute zuzenean 78ko Sanferminak Gogoan plataformako eta gainerako erakundeetako ordezkariek, Martin Villa epai dezatela eskatzeko. Euskal Herritik kanpoko taldeek ere urrats bera eginen dute.

Memoriak, elkartasunak eta aitortzak ere izanen dute tokirik datozen hilabeteotako ekinaldietan. "Bereziki gogoratuko ditugu aurten errepresioak hildako guztiak", erran du Ahaztuak elkarteko Carlos Otxoak. Iruñean, urtero egiten diote omenaldia German Rodriguezi, uztailaren 8an. Iazkoa berezia izan zen, hil zutenetik berrogei urte bete zirelako. Aurtengoa ere izanen da. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildakoak gogoratuko dituzte hilabete horretan, eta 1977ko amnistiaren aldeko astean hil zituztenak, berriz, maiatzean. Zigorgabetasunari aurre egin nahi diote, behingoz.

Jakiteko herritarrek zer arnasten duten

Jakiteko herritarrek zer arnasten duten

Edurne Elizondo

Lortu dute, azkenean: hiriko airearen kalitatea neurtzeko estazio bat jarri dute, Tuterako erdigunean. Nafarroako Gobernuak jarri du, eta Tuterako Udalak txalotu eta eskertu egin du urrats hori. Erriberako Ekologistak Martxan taldeak ere "ontzat" jo du, talde horrek duela hamabost urte mahai gainean jarri baitzuen hirian gisa horretako azpiegitura bat izateko beharra. Lortu dute, beraz, azkenean; baina gobernuari urrats gehiago egin ditzala eskatu diote ekologistek, airearen kalitateak hobera egin dezan.

Nafarroak huts egin du, azken urteotan, airearen kalitateari buruzko azterketetan. Ekologistak Martxan taldeak egindako txostenek agerian utzi dute kutsadurak herrialde osoan gainditzen dituela Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendio gisa zehaztutako mugak. Erriberan, ozono troposferikoa izan ohi da arazo nagusia. 2016ko txostenaren arabera, legeak ezarritako mugak ere gainditu zituen ozono troposferikoak eskualde horretan. Ekologistek onartu dute azken bi urteotan behera egin duela, baina auziari heldu beharra nabarmendu dute.

Airearen kutsadurak zuzenean eragiten dio gizakien osasunari. Munduan hiru milioi pertsona hiltzen dira urtean kutsaduraren ondorioz. Erriberan, eskualdearen orografiak larriago bilakatzen du kutsaduraren arazoa, kutsagarriak "bertan" gelditzen direlako, ekologistek behin eta berriz salatu izan dutenez.

Tuterako Udalak ere aitortu du arazo hori dagoela, eta, azken urteotan, airearen kalitatea hobetzeko plana martxan jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. 2016an, eskaera hori jasotzen zuen adierazpen instituzionala onartu zuen udalak.

Tuterako erdigunean estazioa jartzeko urratsa, beraz, "berri ona" dela nabarmendu du Tuterako zinegotzi Olga Risueñok. "Lehen urratsa da bertzelako neurriak hartu ahal izateko", erran du. Izan ere, duela hilabete martxan jarri zuten estazioari esker, gobernuko teknikariek hirian dagoen kutsadurari buruzko datu zehatzak jaso ahal izanen dituzte. "Hiriko airearen kalitatea nolakoa den jakin ahal izanen dugu; hau da, herritarrok zer arnasten dugun; trafikoak, berogailuek eta hiriko gainerako jarduerek airean zer eragin duten jakinen dugu". Orain arte, Nafarroako Gobernuak kudeatzen duen sareak hiritik kanpo zegoen estazio baten bidez jasotzen zituen Tuterako datuak, hain zuzen ere. "Informazioa, beraz, ez zen orain jaso dezakeguna bezain zehatza".

Enpresen esku

Tuterako estazioa da, Iruñekoarekin batera, Nafarroan hirigune batean dagoen bakarra. Erriberan dauden bertze hainbat estaziorekin alderatuta, orain martxan jarri dutenak badu bertze berezitasunik, gainera: gobernuak zuzenean kudeatzen duela. Izan ere, Erriberako estazio gehienak bertan diren enpresek kudeatzen dituzte, eta airea kutsa dezaketen enpresa horietatik gertu jartzen dituzte. Castejongo zentral termikoak dira horren adibide.

Talde ekologistek behin baino gehiagotan jarri dute mahai gainean Castejongo zentral termikoek Erriberako airearen kalitatean duten eraginari buruzko eztabaida. Erriberako Ekologistak Martxan taldearekin batera, Sustrai Erakuntza fundazioak ere azpiegitura horien aurka egin du, bai eta zentralak ixteko eskatzeko propio sortutako plataformak ere. Hain zuzen ere,Nafarroako Gobernuak ukatu izan du Erriberako ozono troposferikoa Castejongo zentralek sortu izana. Ekologistek uste dute zentralen eragina ezin dela bazter utzi, eta badirela kutsadura eragiten duten bertzelako elementuak: trafikoa, bertzeak bertze Zaragoza eta Logroño (Espainia) hiriak, bai eta Errioxan (Espainia) dauden zentral termikoak ere, eta abar. Ekologistek salatu izan dute, gainera, Castejongo zentralak martxan jarri zituztenetik gora egin duela nitrogeno oxidoen kantitateak.

Tuterako Udaleko zinegotzi Olga Risueñok nabarmendu nahi izan du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek egindako lana. Taldeak ere argi du hamabost urtez eskatu dutelako jarri dutela, azkenean, Tuterako hiriguneko estazioa. Udalak eta ekologistek nabarmendu dute gobernuak "urrats gehiago" egin beharko lituzkeela, jasotako datuak oinarri hartuta, airearen kalitatea hobetzeko planak martxan jartzeko. "Erkidegoek eta estatuak egin beharko lituzkete gisa horretako planak", erran du Risueñok.

Estazioek jasotzen duten informazioa herritarren esku modu erraz batean jartzeko sistemak ere eskatu dituzte ekologistek. "Sakelako telefonoentzako aplikazioen bidez egin daiteke, adibidez", erran dute Erriberako ekologistek. Tuteran jarri duten estazioa ontzat jo badute ere, uste dute azpiegitura horrek eginen duen baino "gehiago" egin zezakeela. "Parametro jakin batzuk neurtuko ditu: nitrogeno dioxidoa, nitrogeno oxidoak eta partikulak, alegia. Bazen aukera sufre dioxidoa, beruna, karbono monoxidoa, nikela eta bertze neurtzeko ere, eta egin dezatela eskatuko dugu", erran dute Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek.

Erantsi dute kezkatuta daudela trafikoak, lantegiek eta zentral termikoek airearen kalitatean duten eraginagatik, eta herritarrek badutela informazio zuzen eta erraza jasotzeko eskubidea.

Ospatzeko eta aldarrikatzeko

Ospatzeko eta aldarrikatzeko

Edurne Elizondo

Zazpi gurasok bat egin zuten, duela 25 urte. Bideko Ama Birjina Ospitalean ezagutu zuten elkar, ebakuntza egin zietelako han beren seme-alabei. Egoera eta kezka bera. Elkarren babesa jasotzeko behar bera. Martxan jarri ziren, eta 25 urteko bidea utzi dute jada atzean.

Mende laurdena ospatzeko, kontzertu solidarioa eginen du Bizkarrezur Bifidoaren eta Hidrozefaliaren Nafarroako Elkarteak bihar, 20:00etan, Iruñeko Zentral aretoan. Motxila 21, Hard Acustic, Ciclonautas eta Muxutrock taldeak ariko dira oholtza gainean.

Egun, gaitzak jotako pertsonek eta haien senideek osatzen dute elkartea. Berrehun kide baino gehiago dira. Gotzone Mariñelarena da presidentea. Bizkarrezur bifidoa du, eta egoera berean direnen egunerokoaren berri ematea hartu du helburu. Elkarteak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie kideei; bertzeak bertze, fisioterapia, arreta goiztiarra, laguntza psikologikoa eta musikaren bidezko terapia. Mariñelarenak nabarmendu du, halere, herritar anitzentzat ezezaguna den errealitate baten berri zabaldu nahi dutela elkarteak egiten duen lanaren bidez.

Sortzetiko patologia

"Ezezaguna da, neurri handi batean, jende gutxiri eragiten diolako gaitzak. Horrek ekartzen du, halaber, ikerketaren esparruan inbertsiorik ez egitea", salatu du elkarteko buruak. Nafarroan, berrehun pertsona inguruk dute bizkarrezur bifidoa. Urtean, 8-10 kasu berri antzematen dituzte. Sortzetiko patologia bat da, eta haurren desgaitasuna eragiten duen gaitz nagusia, garun paralisiarekin batera. "Lokomozio aparatuari, nerbio sistema zentralari eta sistema genitourinarioari eragiten dio", azaldu du Mariñelarenak.

Hodi neuralaren sortzetiko malformazio bat da, berez, bizkarrezur bifidoa dutenen gaitza. Ondorioz, bizkarrezurra ez da behar bezala garatzen, orno arku batek edo gehiagok ez dutelako ongi bat egiten. Medikuek uste dute, haurdunaldiaren aurretik eta lehen hilabetean azido folikoa hartuz gero, lau kasutik hiru ez liratekeela sortuko.

Bizkarrezur bifidoa dutenek etengabeko tratamendua behar izaten dute. "Gaitzak ez die denei berdin eragiten; baina kronikoa da, eta behar izaten dira botikak, kasurik arinenetan, bai eta gailu ortopedikoak ere, larrienetan", erran du elkarteko buruak. Makuluak edo aulki gurpilduna behar izaten dituzte bizkarrezur bifidoa duten anitzek, adibidez.

Tratamenduak, ondorioz, ez dira merkeak. Hilean 100 eta 500 euro artean gastatu behar izaten dituzte bizkarrezur bifidoa dutenek, hain zuzen ere. Administrazioak gehiago laguntzen ahal zuela argi dute elkarteko kideek. Arazoa da bizkarrezur bifidoa ez dutela gaitz kronikotzat jo oraindik ere. "Bizitza osorako tratamenduak behar ditugu, baina ez gaituzte gaixo kronikotzat hartzen", zehaztu du Mariñelarenak.

Iazko apirilean, Nafarroako Parlamentura eraman zuen Bizkarrezur Bifidoaren eta Hidrozefaliaren Nafarroako Elkarteak gaitza kronikotzat jotzeko eskaera hori. Osasun Batzordeak onartu zuen eskaera horrekin bat egiten zuen mozioa. "Eritasun kronikoen protokoloan sar ditzala bizkarrezur bifidoa, hidrozefalia eta lotutako patologiak", eskatu zioten parlamentuko taldeek, orduan, Nafarroako Gobernuari. Oraindik, halere, ez dute egin.

Joan den apirilekoa ez da lehendabiziko saiakera izan, gainera. Duela hamar urte ere parlamentura eraman zuten elkarteko kideek gaitza eritasun kronikoen zerrendan sartzeko eskaera, baina, orain bezala, bizkarrezur bifidoak jotakoen ahaleginak hutsean gelditu ziren. Egoera horrek "ezinbertzeko" bilakatzen du Bizkarrezur Bifidoaren eta Hidrozefaliaren Nafarroako Elkartearen lana, Gotzone Mariñelarenak nabarmendu duenez. Egiteko prest dira. Prebentzioaren arloa jorratu nahi dute, adibidez, eta, laster, azido folikoaren aldeko kanpaina eginen dute. Biharkoa, baina, bestarako eguna izanen da.

Parekorik gabeko ibilbide bati aitortza

Parekorik gabeko ibilbide bati aitortza

Ane Eslava

Hilaren 9an 175 urte bete ziren Julian Gaiarre kantari entzutetsua jaio zenetik. Erronkari ibarreko laborari familia batean sortu zen Gaiarre, eta munduko tenorrik onenetako bat bihurtu zen gero. Erronkariarrek "beren nortasunaren partetzat" daukate abeslaria. Hala ere, uste dute lana dutela oraindik abeslariari "dagokion tokia" egiteko.

Musikaren munduan sartu aurretik, Gaiarre artzaina, saltzailea eta errementaria izan zen. Lanean ari zela abesteko ohitura zuen, eta lankide batek, haren ahotsarekin liluratuta, Iruñeko Orfeoian sartzera bultzatu zuen. Hilarion Eslava konpositoreak solfeoa irakatsi zion, eta Madrilgo Kontserbatorioan sartzen lagundu zion. Diru laguntza bati esker, Milanera joateko aukera izan zuen, eta orduan hasi zen haren arrakasta. Munduko areto garrantzitsuenetan abestu zuen: Madrilen, Milanen, Vienan, Erroman, Lisboan, Moskun, Buenos Airesen...

"Hainbat gauzak erakusten dute munduko kantaririk onenetako bat izan zela", adierazi du Fernando Hualde idazle eta ikerlari erronkariarrak. "Batetik, garai hartako kazetarien kronikek diote inoiz ez zutela entzun harena bezalako ahots bat; bestetik, tenorrak, gehienez, hamar piezatan espezializatu ohi dira, baina Gaiarrek bere zintzurra hezi zuen 30 pieza abesteko; eta orduko konpositorerik onenek harentzako obrak sortu zituzten".

Gaiarrek 1876an lortu zuen bere ibilbidearen unerik gorena: Milango La Scala antzoki entzutetsuan abestu zuen Gaetano Donizettiren La Favorite opera, artean tenor italiarrak baino ez zirenean agertoki horretara igotzen. "Izugarrizko arrakasta izan zuen entzule zorrotzenen aurrean".

Baina Gaiarrek Pirinioetan jaiotzearen "oztopoa" izan zuen. "Beste toki batean jaio izan balitz, oso famatua izango zen; baina, gurearen gisako bailara batean jaiotzearen ondorioz, ahanzturan geratu da", deitoratu du Hualdek. Hala ere, argi utzi du Erronkarin "inoiz" ez dutela ahaztu.

Hualde bera musikariaren inguruko dokumentazio lan mardula egiten ari da: XIX. mendeko egunkariak aztertu ditu, bai eta tenorraren korrespondentzia ere. Kontatu duenez, Gaiarrek milaka gutun jasotzen zituen: diru arazoak zituzten pertsona askok idazten zioten, laguntza eske. "Eta hark beti ematen zien dirua", ziurtatu du. "Dirua irabazteko abesten zuen, gero diru hori behar zutenei emateko". Adibide esanguratsu bat jarri du: Jaurrietako 1880ko sutea. "Sute batek herria suntsitu zuen, eta Gaiarrek kontzertu bat antolatu zuen orduko musikaririk onenekin. Lortu zuten diru guztia Jaurrieta lehengoratzeko erabili zuten". Hortaz, Hualderen iritziz, pertsona gisa ere "lehena" izan zen.

Mundu mailako ospea lortu bazuen ere, Gaiarrek inoiz ez zuen bere jatorria ahaztu. Hori erakusten dute hark eskualde horretan ordaindu zituen proiektuek: Erronkaritik igarotzen den errepidea, frontoia eta eskola. "Gaiarrek ulertzen zuen erronkariarra izatea zela bere titulurik garrantzitsuena", adierazi du Hualdek. Eskolak zabalik jarraitzen badu ere, aurtengoa azken ikasturtea izango da, eraikinak ez baitu araudia betetzen. Erronkariko bailarako ikastetxe berria eraikitzen ari dira dagoeneko. Hori dela eta, eskolako haurrak izan dira aurtengo protagonistak Gaiarreren jaiotzaren 175. urtemugako omenaldian: 175 arrosa eraman dituzte Gaiarreren mausoleora, XIX. mendetik eskolan ikasi duten haur guztien izenean.

Oroitarria eta mausoleoa

Gaiarre 45 urterekin hil zen, bere ibilbidearen unerik gorenean. Haren gorpua Erronkariko hilerrira eraman zuten, eta, han, Mariano Benlliure eskultoreak mausoleo bat zizelkatu zuen harentzat. 1988an, abeslariaren oinordekoek erabaki zuten Gaiarreren etxea eta haren ondasunak Nafarroako Gobernuari ematea, museo bat sortzeko eta abeslariaren memoria iraunarazteko. 1989an, Gaiarreren oinordekoek, Nafarroako Gobernuak eta Erronkariko Udalak Julian Gaiarre fundazioa eta museo-etxea sortu zituzten.

1944an omendu zuten Gaiarre lehen aldiz, haren jaiotzaren mendeurrenean; ondoren, 1950ean, haren omenezko oroitarri bat eraiki zuten, Iruñeko Takonerako lorategietan. Baina, ordutik aurrera, ez zuten deus gehiago egin, fundazioaren sorrerara arte. Ordutik, maizago oroitu dute kantaria. Hualdek 2000. urtea ekarri du gogora: "Iruñeko oroitarriaren 50. urteurrena zela eta, urte oso bat eskaini genion".

Erronkariko biztanleentzat Julian Gaiarre "beren nortasunaren zati bat" da. Hori uste du Hualdek. "Baina orain hasi gara horretaz konturatzen: bailaran despopulazioaren arazoa agertu denean, eta gure nortasuna eta historia lausotzen hasi direnean". Ondorioz, Gaiarreren memoria babesteko ahalegin "berezia" egiten ari direla dio. "Hura ahanzturatik ateratzeko".

Artearen bidez gizarteratzeko

Artearen bidez gizarteratzeko

Ane Eslava

Gazte batzuk dantzan, haur bat mozorroturik, bikote bat elkarri musuka, neska bat ile apaindegian... Egunerokoaren hainbat une erakusten dituzte Zangozaldeko Anfas elkarteak antolatu duen erakusketa ibiltariko argazkiek. Erakusketa Somos espe(a)ciales proiektuaren barruan antolatu dute, eta haren helburua da adimen urritasuna duten pertsonei ikusgarritasuna ematea, beren ahalmenak erakustea eta aniztasunari balioa ematea. Eguberrietan, Irunberriko udaletxean egon zen erakusketa; iragan asteburuan, Ledeako gizarte eta kultur etxean, eta, laster, Oibarrera, Kasedara, Agoitzera eta Zangozara eramango dute.

"Adimen urritasuna artearen eta sorkuntzaren perspektibatik erakutsi nahi dugu", adierazi du Elena Etxegoien Anfas elkarteko kideak. Haren irudiko, arteak "berdin" sentitzeko aukera ematen die pertsona guztiei. "Sentsibilizaziorako tresna zoragarri bat da, ezberdin izatearen balioa ulertzen eta balioesten laguntzen diguna".

Hamasei argazkik osatzen dute erakusketa, eta, Etxegoienek azaldu duenez, horietan adimen urritasuna duten pertsonen bizitza ibilbidea irudikatu dute: "Pertsona hauen bizitzako garaiak islatu ditugu, eta, era berean, saiatu gara erakusten prozesu horretan Anfasetik haiei eta beren familiei ematen diegun babesa". Hain zuzen, Zangozaldeko Anfasek eskaintzen dituen zerbitzuen artean daude arreta goiztiarra, tutoretzapeko etxebizitza, familientzako aholkularitza eta gizarte, komunikazio eta heziketa gaitasunen programa.

Erakusketa osatu duten argazkilarietako bat Virginia Juanto da. Azaldu duenez, argazkietan, "maila berean" jarri nahi izan dituzte adimen urritasuna duten eta ez duten pertsonak. "Erakutsi dugu pertsona horiek eskolara doazela gainontzeko haurrak bezala, helduago direnean beren kabuz bizitzeko eta familia osatzeko gai direla, aisialdia izan eta disfrutatu dezaketela...".

2017ko proiektua

Somos espe(a)ciales proiektuaren barnean antolatu dute argazki erakusketa. Egitasmo hori 2017an sortu zen, Selva Etxeberriak, La Hormiga Maia Internet bidezko arropa dendaren jabeak, Anfas elkarteko kideei elkarlanerako proposamen bat egin zienean. "Selvak esan zigun bere material guztia utziko zigula guk egoki ikusten genuena egin genezan", azaldu du Elena Etxegoienek. "Orduan, eskualdeko hainbat sortzaile gonbidatu genituen, denon artean pentsatzeko zer egin genezakeen eskaintza horrekin; poeta bat, antzerkilari bat, ilustratzaile bat eta argazkilari bat elkartu genituen. Eta, azkenean, egutegi bat egitea bururatu zitzaigun".

Egutegiko argazkiak egiteko, Virginia Juantok ez ezik, Pablo Blanco, Sonia Senosiain, Laura Gogorzena eta Nora Sola eskualdeko argazkilariek ere parte hartu zuten. Argazki saioetan herrietako hainbat bizilagunek parte hartu zuten, eta eskualdeko toki bereizgarri batzuk erabili zituzten agertoki gisa, hala nola Irunberriko arroila eta Zangozako Carmengo klaustroa. Egutegian hamabost argazki sartu zituzten, baina, oso material "baliotsua" zela ikusita, erabaki zuten harago joatea eta erakusketa bat antolatzea.

Horrekin batera, proiektua argitara ateratzeko helburuz, arropa desfile bat antolatu zuten, iazko maiatzean, Zangozan. Anfaseko erabiltzaileek eta eskualdeko biztanleek elkarrekin desfilatu zuten, La Hormiga Maia dendako arroparekin. "Oso hunkigarria izan zen, gazteek izugarri disfrutatu zutelako", adierazi du Selva Etxeberria jabeak. Desfile horren ostean beste bat egin zuten, iazko abenduan. Etxeberriak kontatu duenez, bi kasuetan, Anfaseko erabiltzaileen gurasoak "ezin sinetsita" gelditu ziren beren seme-alabek desfileetan parte hartzea proposatu zietenean. "Izan ere, lehen, pertsona hauek ezkutuan egon behar zutela zirudien; baina, orain, halako ekintzekin, erakusten ari gara denak berdinak garela, eta edozer egin dezaketela".

Lehenbiziko jardueren arrakasta ikusita, kultur ekintza gehiago antolatzen hasi ziren. Poesiak, kasurako, toki handia hartu zuen egitasmoan. Batetik, eskualdeko poeta batzuek proiekturako esaldi batzuk idatzi zituzten, eta egutegian sartu zituzten, argazkiekin batera. Esaldi horien artean daude, adibidez, Neure espazio ontziaren kapitaina izan nahi dut eta Ahal dudalako maite zaitut. Era berean, bi poesia errezital antolatu zituzten, eta, horietan, Anfaseko erabiltzaileek agertokia partekatu zuten eskualdeko hainbat poetarekin. Poesia irakurraldiez gain, Anfaseko neska-mutilek, besteak beste, ipuin kontaketetan eta antzezlanetan parte hartu dute azken hilabeteetan.

Halako ekintzetan parte hartzea "positiboa" da adimen urritasunen bat duten pertsonentzat, "beren ahalmenen jabe" izaten laguntzen dielako, Etxegoienek azaldu duenez: "Haiek hasieran oso harrituta zeuden halako gauzak egiteko aukera izateagatik, ez zekitelako horretarako gai zirenik; baina, hasi bezain laster, ikusi zuten oso gauza politak egin zitzaketela". Gazteek "beren burua gainditzeko" baliagarria dela gaineratu du: "Gauza berri batekin topo egiten dutenean, beldurtu egiten dira, baina, beren ondokoek egiten dutela ikusten dutenean, pausoa ematen dute". Jarduera berri bakoitza amaitu bezain laster, hurrengoa noiz izango den galdetzen diete arduradunei, Etxegoienek kontatu duenez.

Egoitza bat behar dute

Proiektuaren oinarrian, bestalde, Zangozaldeko Anfasek duen arazo bat azaleratzeko helburua dago: egoitza baten premia. "Tutoretzapeko pisu bat dugu, baina beste lokal bat behar dugu, adimen urritasuna duten eskualdeko pertsona guztien kohesioa bultzatzeko, proiektuak eta jarduerak antolatu ahal izateko… Eta Zangozaldea da halako egoitza bat ez duen eta Anfaseko ordezkaritza duen Nafarroako eskualde bakarra", esan du Etxegoienek. Halere, egindako lanak emaitzak ekarri dituela gaineratu du arduradunak, dagoeneko hasiak baitira negoziatzen hutsik dagoen Zangozako lokal bat eskuratzeko.

Antolatzaileak "pozik" daude proiektuak izandako arrakastarekin, eta uste dute erronka nagusia lortu dutela: gizarteratzea. "Hasi ginenean, ez genuen pentsatzen herritarrengan halako eragina izango zuenik", esan du Etxegoienek, eta herrietako udaletatik jasotako babesa nabarmendu du: "Ahalegin guztiak egin dituzte guri laguntzeko; erakusketa herrietara eramanez, eskerrak eman nahi dizkiegu".

Aurrera begira, irismen kognitiboa lantzeko asmoa dute, Anfaseko erabiltzaileek aukera izan dezaten beren irakurtzeko gaitasuna garatzeko. Horrekin lotuta, herrietako dendariekin ere landuko dute gaia. "Dendariei proposatuko diegu saiatzeko beren produktuak pertsona guztientzat irisgarri eta ulergarri jartzen, eta dendariek ere adimen urritasunen bat duten pertsonak modu egokian jasotzen dendetara doazenean", azaldu du Anfaseko arduradunak. Hala, autonomia eman nahi diete pertsona horiei, beren kabuz egin ditzaketen gauzak ez ditzaten beste pertsona batzuek egin. Gizartean egon dadin denentzako tokia.