Ingurunea

Enegarren kolpea pilotari

Enegarren kolpea pilotari

Edurne Elizondo

Zazpi saio, azken urteotan". Erriberan golf zelai bat eraikitzeko egon diren egitasmoez ari da Eduardo Navascues. Denak hutsean gelditu direla nabarmendu du Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideak. Behintzat, orain arte; Tuterako Udalak azken hilabeteotan egindako urratsek, baina, egoera aldatzeko atea ireki dute: hirian golf zelai publiko bat egiteko Graas elkarteak sustatutako asmoa jaso du udalak bere Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategian.

"Erriberan aspalditik egon da jende multzo bat golf zelai bat eraikitzeko asmoa bultzatzen; asmo horren atzean daude eraikuntza enpresen arloko interesekin lotutako pertsonak". Hori argi du Navascuesek, eta horren adierazgarri aipatu ditu mahai gainean egon diren azken egitasmoak: 2000ko hamarkadan, Tuteran, Eco-City proiektua garatu nahi izan zuten, eta helburua zen 3.500 biztanle inguru izanen zituen auzo berri bat eraikitzea, golf zelai batekin, bertzeak bertze; Fontellasen, berriz, Monrepos eraikuntza enpresak herri horretako Cerro Fontellas kirol elkartearekin egin zuen bat, etxebizitzak eta golf zelai bat eraikitzeko.

Bi proiektuon bideragarritasunik ezak utzi zituen hutsean golf zelaia egiteko asmoak; Fontellaskoa egiteko proiektua onartu egin zuen Nafarroako Gobernuak, halere. "Ez zuten egin, behar zuten dirua ez zutelako lortu, baina proiektu horren udalez gaindiko eragina duen plana indarrean da, oraindik ere", gogoratu du Eduardo Navascuesek.

Fontellasko proiektuak huts egin eta gero sortu da Tuterako azkena, Ekologistak Martxan taldeko kideak erantsi duenez. Iazko martxoan, Graas izeneko elkartea aurkeztu zuten Erriberako hiriburuan, Tuteran golf zelai publiko bat egin dezatela eskatzeko. Aurkezpen ekitaldi horretan parte hartu zuten Graas elkarteko presidente Ignacio Lopezek eta Nafarroako Golf Federazioko buru Joaquin Anduezak, bertzeak bertze. "Tuterako UPNko alkate ohi Luis Casado ere han zegoen", gaineratu du Navascuesek.

Casadok 2015ean amaitu zen legegintzaldian utzi zuen postua; duela bost urteko maiatzean egindako hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen, hamabi urtez Tuterako alkate izan eta gero. 2015eko hauteskundeetan udal gobernutik at gelditu zen UPN, eta Ezkerra, Tudela Puede eta PSNk hartu zuten agintea.

Hiruko udal gobernu horrek martxan jarri zuen, berriz ere, 2009tik ukitu gabe egon zen Tuterako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra osatzeko prozesua. Lehen urratsa izan zen Lurraldearen Okupazioaren Udal Estrategiaren agiria garatzea. "Legegintzaldia amaitu baino lehen, estrategia behin-behinean onartu genuen", azaldu du hiruko udal gobernuarekin Tuterako ingurumen zinegotzi izan zen Olga Risueñok.

Behin-behinean bai; ez, ordea, behin betirako. Azken urrats hori oraindik ez du egin Tuterako Udalak, hain zuzen ere, eta noiz eginen duten ere ez dago argi, hiriko agintarien jarduera egungo alarma egoerak baldintzatu baitu. Kontua da azken hauteskundeetan Navarra Sumak lortu zuela Tuterako Udaleko agintea, eta koalizio horrek jaso egin ditu, estrategia behin-behinean onartu eta gero, testua moldatzeko egindako iradokizunak. Horietako bat da Graas elkarteak aurkeztutakoa, hirian golf zelai publiko bat eraikitzeko asmoz.

"Egoera ez da samurra guretzat; estrategia guk garatu dugu, baina ezezkoa eman beharko diogu, golf zelaia egiteko aukera zabaltzen badu", nabarmendu du Risueñok. Argi utzi du estrategiak golf zelaia eraikitzeko asmoa jasotzeak ez duela erran nahi proiektua garatu eta gauzatuko dutenik. "Estrategiaren asmoa da zehaztea zer-nolako azpiegiturak nahi ditugun hirian, nolako garapena nahi dugun. Ez gara orain proiektu zehatz bat eztabaidatzen ari". Egoerak, halere, kezka eragin dio Tuterako zinegotziari: "Golf zelai bat egiteko asmoa jasotzen duen estrategia onartuz gero, proiektu hori errealitate bilakatzeko aukerari atea zabaltzen diogu. Ez hori bakarrik; eginez gero, non egonen litzatekeen ere zehazten dugu", azaldu du.

"Egitasmo elitista bat"

"Lotsagarria da. Egitasmo elitista bat da", nabarmendu du Eduardo Navascuesek. 2008. urteko Eco-City proiektua bizi-bizi du memorian, garai horretan egin zuelako bat Erriberako Ekologistak Martxan taldearekin. "Prozesu luze eta gogorra izan zen, baina borroka irabazi genuen", gogoratu du.

Fontellasko egitasmoaren kasuan, arazo nagusia dirua izan dela nabarmendu du Navascuesek. Monrepos eraikuntza enpresa izan zen proiektua bultzatu zutenetako bat, eta etxe hori hartzekodunen konkurtso batean sartuta dela erran du. "Beren hasierako asmoa zen hemezortzi zuloko zelai bat egitea; Cerro Fontellas kirol elkarteak jarriko zuen lurra, eta enpresak obra ordainduko zuen zelaiaren inguruan eraikitako etxebizitzen salmentaren bidez. Gero, zelai txikiago bat egitea proposatu zuten, baina asmo horrek ere ez zuen aurrera egitea lortu", kontatu du Navascuesek.

Golf zelai publikoa

Oraingoan, Graas elkarteko kideek golf zelai publiko bat bultzatu nahi izan dute. "Tuterako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren parte hartzea beharko luke". Graasek duela urtebete eman zuen bere asmoen berri, baina orduan urratsik ez egitea erabaki zuten ekologistek. "Elkarteak nahi duena eskatzeko aukera du". Orain, proiektuaren aurka egitea erabaki dute, Tuterako Udalak asmo hori jaso eta gero proiektua gauzatzeko prozesua martxan jar daitekeelako.

Apirilaren 21ean, Ekologistak Martxan taldeak bilera batera deitu zituen herritarrak, baina ezin izan zuten egin, martxoan osasun krisiak eragindako alarma egoera indarrean sartu eta gero. "Baina ez genuen deus egin gabe egon nahi", erantsi du.

Ekologistek argi dute Erriberako herritarrek golf zelairik ez dutela behar, ezta nahi ere. Aurreko legegintzaldian hamaika bilera egin zituzten Tuterako Udaleko agintariek hiriko herritarrekin eta elkarteekin, Lurralde Antolamenduaren Udal Estrategia prestatzeko, baina egindako bilera eta jardunaldi horietako bakar batean ere ez zuen inork aipatu golf zelai bat egiteko aukera. "300 orriko dokumentu bat osatu genuen, herritarrekin behin eta berriz hitz egin eta gero; Tuteran ez du inork horrelako azpiegiturarik eskatu", nabarmendu du Olga Risueñok.

Graas elkarteko kideek, hasieran, zelaia eraikitzeko balizko hiru toki aztertu zituzten, baina, Tuterako Udalak jasotako iradokizunaren testuan, azkenean bat aukeratu zuten: Valdetellas izeneko eremua. "Ureztatzeko lurrak dira eremu horretakoak; nekazari handientzat balio handiko lurrak, alegia", azaldu du Navascuesek. Ekologistak harremanetan jarri dira jada UAGN sindikatuko arduradunekin, eta, antza, UAGNko kideek ere ez dute ontzat jo Tuteran golf zelai bat eraikitzeko aukera.

Ingurumenaren ikuspuntutik, asmo horrek inolako zentzurik ez duela erran du, argi eta garbi, Eduardo Navascuesek: "Tuteran euri gutxien egiten duen tokietako bat da hori; golf zelai batek behar duen ur kopurua beldurgarria da. Erriberako nekazariak urte luzez aritu dira erraten ura behar zutela beren lurrentzat; Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea egin eta gero, agerian gelditu da proiektuon errentagarritasunik eza; lehen faseko nekazari batzuek uko egin diote Itoizko urari, garestiegia delako. Eta orain, zer, eta golf zelai bat egin nahi dute batzuek, pilota bati kolpeak emateko. Ez dute lotsarik", salatu du, gogor, Ekologistak Martxan taldeko kideak.

Ekologistek bilera bat eskatu diete Tuterako Udaleko Hirigintza arduradunei, baina ez dute erantzunik jaso, orain arte. Oraindik ez dute zehaztu Lurralde Antolamenduaren Udal Estrategia behin betiko onartzeko data, baina ekologistak jada alarma egoeran dira.

Etxean utzi behar izan dituzte kanaberak ere

Etxean utzi behar izan dituzte kanaberak ere

Edurne Elizondo

Koronabirusaren pandemiagatik ezarritako alarma egoerak aspaldi galdutako lasaitasuna ekarri die hiri eta herrietako karrikei, bai eta inguruko baso eta mendiei ere. Herri eta hiri, eta baso eta mendi horietan bizi diren gizakiz bertzeko animaliek aukera aprobetxatu dute, eta galdutako tokiak hartu dituzte, berriz ere. Ibaietan ere hasi dira aldaketa sumatzen ur azpian, gainean eta erreka bazterretan bizi direnak: arrantzarako kanaberarik gabe egin dezakete orain ibaian gorako eta beherako bidea. Izokinek, adibidez, 1982tik ez zuten arrantzalerik gabeko ibaia ezagutzen, Bidasoan.

Joan den otsailaren 13koa da herrialdeko aurtengo arrantza garairako arauak ezartzen dituen dekretua. Horren arabera, apirilaren 1ean hastekoa zen sasoia salmonidoen eremu mistoan; salmonidoen goiko eremuan, berriz, maiatzaren 1ean abiatzekoa zen, baina epe hori ere ezin izanen dute bete, alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatu eta gero.

Itxialdiaren ondorioz, apirilerako arrantza baimenak bertan behera gelditu dira, eta maiatzetik aurrerakoak ere kolokan dira. "Oraingoz ez gara baimenak ematen ari. Alarma egoera bertan behera utzi arte ez du zentzurik inolako urratsik egiteak. Maiatzaren hasieran, behintzat, lasai egon ahal izanen dute amuarrainek eta izokinek; egoerak ez dio kalterik eginen ibaiari: alderantziz, on eginen dio", erran du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko biologo Jose Ardaiz Ganuzak.

Iaz apirilean hasi zen arrantza garaia Nafarroako ibaietan. Arrantzaleen eskaerek eragin dute, ordea, aurten pixka bat atzeratzea salmonidoen goi eremuan. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunek dute epeak zehazteko eskumena; baina arrantzaleen presioak ere —izokinak harrapatzen dituztenenak, bereziki—, badu eraginik.

Gobernuko teknikariek laurehun izokin baino gehiago zenbatu dituzte aurtengo neguan, Berako Fundizioko estazioan; zehazki, 441ek egin dute ibaian gora. Europatik jasotako baliabideei esker, arrainon segimendua egiten ari dira Ingurumen Departamentuko kideak, azken urteotan, eta populazioaren joera goranzkoa dela nabarmendu dute. Bidasoko hainbat presa behera bota eta gero, gainera, inoiz baino gehiago egin dute izokinek ibaian gora, Arizkuneraino. "Ez hori bakarrik; Ezkurra ibaitik, adibidez, Goizuetaraino ailegatu dira", kontatu du Ardaiz Ganuzak. Iturengo eta Elgorriagako presak behera bota eta gero lortu dute arrainok Goizuetaraino iristea, hain zuzen ere. "Sekulakoa da. Onena da izokinak toki ezberdin anitzetan daudela".

Kumeei eta emeei mesede

Maiatz hasierako lasaitasunak herrialdeko ibaietako arrainkumeei eginen die mesede, batetik. "Udan egiten ohi ditugun azterketek erranen digute egoera zein den, halere. Itsasotik itzultzen direnean ere ikusi ahal izanen dugu aurtengo egoerak zer eragin izan duen".

Uztail aldera egin ohi dituzte azterketa horiek; kezka du Ardaiz Ganuzak aurtengoekin. "Zazpi-zortzi pertsona behar izaten dira, eta batek bertzearen ondoan egon behar du ibaian. Koronabirusarengatik ezarritako segurtasun neurriak betetzen zailak izanen dira". Urte bateko datuak galtzeko aukerak are gehiago kezkatzen du: "Amuarrainei buruzko datu biltzea duela hogeita zortzi urte hasi genuen; urte bat galtzea galera handia litzateke".

Bertzalde, arrantza garairen hasierako ezohiko lasaitasunak itsasotik ibaian gora abiatzen diren izokin emeei eginen die mesede. "Izokin eme gehienak arrantza garaiaren hasieran sartzen dira Bidasoan; gehienak, bai eta handienak ere", nabarmendu du Ardaiz Ganuzak.

Ez dago argi ibaiek noiz arte eutsi ahal izanen dioten egunotako lasaitasunari; apirila arrantzalerik gabekoa izan da arrainentzat, baina ikusteko dago datozen hilabeteotan zer gertatuko den. Gobernuak ez du erabakirik hartu, oraingoz.

Txinparta guztiak ez dira itzali

Txinparta guztiak ez dira itzali

Edurne Elizondo

Zenbat oroitzapen!". Horixe idatzi du Ana Unanue kazetariak, berriki, Twitter sare sozialean. Maddi Barber zinemagilearen 592 metroz goiti izenburuko lana berriz ikusi, eta irudiek astindu egin dute Unanueren memoria. Itoizko urtegiari buruzko film bat da Barberrena, eta azpiegitura hori eraikitzeko obretan zen Unanue, duela hogeita lau urte, Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideek porlana garraiatzeko kableak moztu zituztenean.

Aste Santua zen, 1996ko apirilaren 6a. 07:15 aldera, lan jantzietan Desconstrucciones Itoiz idatzia zeramaten zortzi ekintzaile Itoitzen eraikitzen ari ziren urtegiko hormara hurbildu ziren. Jantzien azpian, urtegiaren aurkako elastikoak zituzten. Helburu zehatz bat zuten: porlana garraiatzeko sistemako kableak moztea. Horman, rotaflexak hartu zuen hitza, eta haren diskurtsoaren amaieran, helburua betetzea lortu zuten solidarioek: kableak moztu, eta sutan erori ziren. Itoizko urtegiko lanak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten, beren ekintzarik ikusgarrienean.

Maddi Barber haurra zen solidarioek Itoizko urtegiko kableak moztu zituztenean, baina rotaflexak piztutako txinpartek ere eragin zioten. "Gogoan ditut manifestazioak, eta itsasgarriak saltzen nituela. Gurasoak Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kide ziren, gainera, eta ni neu Lakaben jaio nintzen", kontatu zuen orriotan, duela bi urte.

Unanue, berriz, lanean harrapatu zuten solidarioen ekintzek. Bereziki duela 24 urte egindakoak. Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideekin batera, hainbat kazetari izan ziren 1996ko apirilaren 6 hartan Itoitzen gertatu zenaren lekuko, eta Unanue izan zen haietako bat, Egunkaria-n ari zela.

Zinpeko guarden haserrearen lekuko izan ziren kazetariak. Solidarioek lurrean botata jaso zuten jipoiarena ere bai. Ekintza amaituta, Guardia Zibilaren zain gelditu ziren Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideak. Ez zuten ihes egiteko asmorik.

Lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jarri zieten zortziei, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. Zortzietatik hiru atxilotu eta espetxeratu zituzten. Lehena izan zen Iñaki Garcia Koch. Ia lau urte egin zituen kartzela barruan, hagitz baldintza gogorretan. 2004ko abenduan atera zen espetxetik, hirugarren gradua lortu eta gero. 2017ko urtarrilaren 4an zendu zen, Agoitzen. Handik hilabetera, omenaldia egin zioten Garcia Kochi, Artzin. Solidario anitzek egin zuten bat kidea agurtzeko.

Ibai Ederra eta Julio Villanueva izan ziren espetxera sartu zituzten bertze bi ekintzaileak. "Ekintzak piztu zuen halako garra. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude", erran zuen Villanuevak, 2013an, Itoitz bota eta handik hamar urtera. Herria urpean da, baina solidario anitzek eutsi egin diote ingurumenaren aldeko beren konpromisoari. Txinparta guztiak ez baitira itzali.

Abiadura moteltzeko garaia

Abiadura moteltzeko garaia

Edurne Elizondo

Espainiako Estatua alarma egoeran dago, baina koronabirusaren pandemiak ere ez du lortu AHT abiadura handiko trena egiteko lanak gelditzea herrialdean. Nafarroako Gobernuak berretsi du hori: ez duela eman obrak eteteko agindurik, alegia.

Egun, gobernuak aurreko legegintzaldian esleitutako zatietako lanak daude martxan: lau dira, denera, eta 32 kilometro inguru luze, Alesbes eta Tafalla artean. Castejon eta Alesbes arteko hamalau kilometroko bi zatietako obrak dira, oraingoz, bukatuta dauden bakarrak, eta egin zituzten aldaketaren gobernuaren aurreko garaian, UPNren gobernuen agindupean.

"Aldaketaren gobernuak sekulako bultzada eman zion abiadura handiko trenari". Horixe nabarmendu dute Sustrai Erakuntza fundazioko ordezkari Pablo Lorentek eta AHT Gelditu Elkarlana taldeko Nafarroako kideek. Bi talde horiek eta AHTaren aurka ari diren bertze hainbatek koordinakundea sortu dute herrialdean. Hilaren 15erako antolatutako jardunaldia bertan behera utzi behar izan zuten, pandemiagatik, eta joan den astean ere, Nafarroako Parlamentuan egin behar zuten agerraldia ezin izan zuten egin. Abiadura handiko trenaren aurka lanean jarraitzen dute, halere, eta herritarrak batzera deitu dituzte. "Esprintak ez du balio; iraupen lasterketa bat da AHTaren aurkakoa".

Bati eman, bertzeari kendu

Duela hogeita zazpi urte hasi zen iraupen lasterketa hori, 1993. urtean AHTaren aurkako lehen batzarra sortu zenean. Espainiako Estatuak 1992. urtean inauguratu zuen abiadura handiko lehendabiziko trena, Madril eta Sevilla artean. Geroztik, 25 urtean, 56.000 milioi euro baino gehiago gastatu ditu proiektuan, eta 3.240 trenbide kilometro baino gehiago eraiki ditu.

"Administrazioak abiadura handiko trenaren alde egindako apustuak baliabiderik gabe utzi ditu gainerako zerbitzuak. 2014an, adibidez, 30 milioi bidaiarik erabili zuten abiadura handiko trena, eta 405 milioi bidaiarik erabili zituzten, berriz, aldiriko trenak; AHTak 3.194 milioi euroren aurrekontua izan zuen urte horretan, eta, aldiriko trenek, berriz, 121 milioi eurorena". Ekologistak Martxan taldeko Madrilgo kide Elena Diaz Caserorenak dira hitz horiek; Iruñera etortzekoa zen, AHTaren aurkako jardunaldira. 2017an egindako analisian jada zuzenean lotu zituen abiadura handiko trenaren aldeko apustua eta tren publiko eta sozialaren gainbehera, inbertsiorik ezagatik.

Nafarroan ere milioiak jaso ditu AHTak, azken urteotan. Aldi berean, tokiko hainbat geltokitan zerbitzuak murriztu dituzte: Tafallan, Castejonen eta Altsasun, adibidez, txartelak saltzeko leihatilak itxi dituzte. Datuak mahai gainean jarri ditu Pablo Lorentek: 9 milioi euro baino gehiago eraman zituen abiadura handiko trenak, Nafarroan, 2015ean; 45 milioi izan ziren, 2017an; ia 8 milioi, 2018an; eta 24 milioi, 2019an.

Datuok eta, oro har, abiadura handiko trenari lotutako guztiak egungo testuinguruan kokatzeko beharra nabarmendu du Sustrai Erakuntzako kideak: "Osasunaren esparruan dauden gabeziek erakusten dute dirua bertze toki batera joan dela. Ehunka eta ehunka milioi xahutu dituzte AHTa eta gisako azpiegiturak egiteko lanetan, lehentasunezkoak edo beharrezkoak ez izan arren; Nafarroan ere gertatu da hori. Baliabide naturalak eta ekonomikoak suntsitzen dituen kapitalismoa da birusik hilgarriena".

"Ekintza burutuen politika"

Nafarroako AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek ez dute zalantzarik: "AHTa da Euskal Herrian inoiz martxan jarritako obrarik faraonikoena, garestiena eta suntsitzaileena". Sistemak bere abiadura moteldu behar izan duen honetan, "aukera baliatzera" deitu dute: "Aldaketa handiak egiteko, lehendabizi gelditu egin behar dugu, hausnartu, eta ondorioak mahai gainean jarri. Oraingoa momentu interesgarria da hori egiteko".

Abiadura handiko trena gelditzeko aukera badela berretsi dute, azpiegitura horren sustatzaileek "ekintza burutuen politika" erabili arren. "Atzera egiterik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, baina ez da egia". Izan ere, obrek aurrera jarraitzen badute ere, hainbat dira, oraindik ere, Nafarroako proiektuaren inguruan lotu edo erabaki gabe daudenak.

Eta ez dira kontu txikiak. "Castejon eta Zaragoza arteko lotura zehaztu gabe dago", erran du Lorentek, batetik. "Zati horren fase informatiboa ere ez dute egin, oraindik ere", berretsi dute AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek. Asmoa da Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko zati horretan Ebroren gaineko zubi bat egitea. "Bertze 90 milioi euro beharko lituzkete, gutxienez", erantsi du Lorentek.

Bertzalde, Iruñeko geltokiaren auzia jarri dute mahai gainean AHTaren aurkako ekintzaileek. Asmoa da Etxabakoitzen geltoki berria egitea, eta, horrekin batera, 10.000 etxebizitza eraikitzea, auzo horretan, bai eta oraingo geltokia dagoen Sanduzelai auzoan ere. Udalez gaindiko eragina duen plan baten bidez ari dira kudeatzen proiektu hori. Otsailean, hain zuzen, plan hori bertan behera uzteko eskatu zien Iruñeko alkate ohi Joseba Asironek hiriko egungo agintariei. Geltokiari buruzko plana garatzeko partzuergoa osatu dute Adif erakundeak, Nafarroako Gobernuak eta Barañain, Zizur eta Iruñeko udalek, eta partzuergo horrek berriki egindako txostenak ere kolokan jarri du proiektuaren bideragarritasuna. Lorentek argi du "erabat zentzugabea" dela egitasmo horri eutsi nahi izatea.

Bada zehaztu gabe jarraitzen duen beste kontu bat: abiadura handiko trenaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko modua, hain zuzen ere. "Oraindik ere, hainbat aukera dago mahai gainean. Aralar zeharkatzea zen hasierako asmoa; azken urteotan, berriz, Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a Gasteiztik lotzeko aukera nabarmendu dute, batez ere", azaldu dute AHT Gelditu Elkarlanako Nafarroako kideek.

2018ko urtarrilean, Espainiako Gobernuak bere lehentasuna zein den argitu zuen: Gasteizen nahi du lotunea. Baina ez da, halere, proposatu duen aukera bakarra: lotunea Ezkion egitea da bertzea. "Hamaika kontu airean dira, oraindik ere; baina, bitartean, aurrera jarraitzen dute lanekin, atzera bueltarik ez duen egitasmo bat dela irudikatzeko", salatu dute proiektuaren aurkako taldeek.

Ez da hori AHTaren inguruko "gezur" bakarra, erantsi dutenez. Nagusietako bat da salgaiak garraiatzeko aukerari buruzkoa, Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorentek nabarmendu nahi izan duenez. Joan den astean Nafarroako Parlamentuan egitekoa zuten agerraldian, hain zuzen ere, gai hori jorratu behar zuten abiadura handiko trenaren aurkakoek. Lorentek argi eta garbi erran du: "AHTak Nafarroan ez du salgairik garrraiatuko".

Sustrai Erakuntzak egindako txostena izan du abiapuntu Lorentek hori errateko; agiri horren arabera, Nafarroako AHTak ez dituela salgaiak garraiatuko erran dute ekonomiaren eta garraioaren esparruetako eragile garrantzitsu anitzek; eta horixe jasotzen du proiektuaren jatorrizko agiriak ere. "Iruñerriko Abiadura Handiko Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak ere onartu du Volkswagen enpresak tren konbentzionala erabiltzen jarraituko duela", jaso du txostenak.

Abiadura handiko trena "arlo guztietan" da "suntsitzailea", Pablo Lorentek salatu duenez. "Klima aldaketako egungo testuinguruan, ezin dugu jarraitu AHTaren gisako azpiegiturak bultzatzen dituen eredu kapitalista defendatzen". Gehiago erran dute AHT Gelditu Elkarlana erakundeko kideek: "Gure espeziearen etorkizuna kolokan dago, eta herritarrok kriminal batzuen esku gaude". Abiadura handiko trenaren aurkako lanari eustera deitu dute jendea, azpiegitura horretan egun xahutzen duten dirua osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte zerbitzuen esparruetara bidera dezaten. Horietan dagoen beharra agerikoa da.

Hegalak hegan egiteko direlako

Hegalak hegan egiteko direlako

Edurne Elizondo
Ia bizitza osoa ematen dute hegan hegiten hainbat hegazti espeziek. Muturreko kasu bat da sorbeltz arruntena, habia egiteko baino ez baitira lurreratzen. Beren gainerako bizitza ziklo osoa airean garatzen ahal dute: airean jaten dute, e...

Etorkizuna erein nahi duten haziak

Etorkizuna erein nahi duten haziak

Uxue Rey Gorraiz

Mendiko botak oinetan eta aitzurra eskuan, ehunka lagun bildu ziren joan den larunbatean, Ezkaba mendian gora egin eta bertan ezkurrak ereiteko. Landaretza askorik gabeko guneak basoberritzeko deialdi bat egin zuen Basoberri elkarteak Iruñeko Udalaren laguntzaz. Hirurehun boluntario inguru aritu ziren lanean, eta hiru mila ezkur baino gehiago erein zituzten denen artean, gerora haritzak eta arteak haz daitezen.

Hala, Basoberri elkarteko kideek beren aletxoa jarri dute Nafarroan, Espainiako estatuan abian den egitasmoan; ezkurrak ereiteko La gran bellotada ibérica (Ezkurkada iberiar handia) izeneko erronkari heldu diote, hain zuzen. Anbizio handiko helburuak ezarri dira bertatik: epe luzera, estatuan 25 milioi ezkur ereitea dute xede. Oraingoz, hiru milioira iritsi dira. Presarik ez da oraindik hori erdiesteko, baina ari dira pixkanaka: Nafarroan, Faltzesen eta Orba ibarrean ere egin dituzte halako ateraldiak, Ezkabako ereinaldiaren aurretik.

Mikel Baztan Basoberri elkarteko kidea da, eta koordinazio lanetan aritzen da horrelako ekintzak antolatzeko: bai ezkurrak ereiteko, baita aurretik haziak biltzera joateko ere. Joan den larunbateko ekinaldiaren gisakoek helburu anitz dituzte, bere esanetan: "Gure ekosistemak berritzeko balio du, iraungo dutela ziurtatzeko".

Ezkurrak ereinda, hariztiak eta artadiak sortu nahi izan dituzte Ezkaban, horiek baitira, adituek diotenez, eremura hobekien moldatuko direnak. "Inguruan dagoen landaretza nolakoa zen aztertzen dugu lehenbizi, arrotzak diren espezieak ekartzeak ez lukeelako inolako zentzurik", azaldu du Mikel Baztanek.

Ezkurretik datozen espezieak "oso esker onekoak" direla aipatu du, gainera, ereindakoan ez baitute lan handirik behar. "Pazientzia eskatzen du, motel hazten baitira, baina merezi dute erabat", esan du.

Urteak beharko dira emaitzaz gozatu ahal izateko, baina harizti eta artadi mardulen gerizpeak izanen dira orduan nagusi orain soildurik dauden Ezkaba mendiko gune horietan. Hala ere, Basoberri elkarteak mehatxuei ere erreparatu die ereitea antolatzeko garaian. Izan ere, baliteke ekosistema horretan bizi diren animaliek jatea ezkur horiek, eta neurriak hartu dituzte bermatzeko hori gertatuta ere arbolak haziko direla: zulo bakoitzeko, hiru ezkur sartu dituzte.

Dena dela, Baztanek argitu du ekosistemak "arbolak baino askoz gehiago" direla, eta zuhaixken eta soroen garrantzia nabarmendu du. "Mosaikoak eratzen saiatzen gara, nolabait, denak direlako inportanteak. Laharrak ere landatzen ditugu, eta elorriak, orkideak…", gehitu du. Izan ere, bioaniztasuna bultzatzea eta babestea da Basoberri elkartearen helburuetako bat.

Hiru urte dira elkartea eratu zela. Ez zen ezerezetik sortu, ordea; izatez, Ezkaba mendian bertan egindako beste jarduera batetik jaio zen taldea ofizialki sortzeko erabakia. "Ezkurrak ereiteko deialdia egin genuen hartan ere, eta ehun bat lagun bildu ginen. Hain harrera ona zuela ikusita, proiektu gehiago aurrera eramateko aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen". Garai hartan, Mikel Baztan Iruñeko Udalarentzat ari zen lanean. Taldea sortu denetik, hainbat eta hainbat ateraldi antolatu dituzte Nafarroan, eta sare sozialak baliatuta animatzen dute jendea parte hartzera. "Denbora honetan, elkartea osatu aurretik bakarka edo talde txikitan aritzen zen jende asko ezagutu dugu, eta bat egin dugu, helburu bera genuela ikusirik". Sare bat osatu dute, eta, jarduera bakoitzean parte hartzen dutenen kopurua oso finkoa ez bada ere, eragitea lortzen dute beren xumean.

Datorrenari aurrea

Tamalez, dagoeneko ez dago erlojuari aurrea hartu beharrik klima aldaketak zer eragin izango dituen jakiteko. Inguruko mendietan eta basoetan antzematen hasiak dira lehen ondorioak bederen; batez besteko tenperaturak gora egin izanak, oraindik gutxi izanagatik ere, zabaltzen laguntzen die landareen plaga eta gaixotasunei. Halaxe azaldu du Baztanek: "Pinu beldarrak, esaterako, edonon daude orain. Lehenago ez ziren eremu altuetara iristen". Horrelakoak, gainera, datorrenaren lehen zantzuak baino ez dira, haren ustean.

Ikerlariek argitaratutako aurreikuspenak "benetan beldurgarriak" direla dio, eta zeharo itxuralda daitezkeela Nafarroako basoak. "Kontuak hala jarraitzen badu, pagadiak desagertzeko zorian egon daitezke hemendik hogei edo hogeita hamar urtera, eta gauza bera gertatuko zaie hariztiei, edota mendi altuetako landaretza osoari ere".

Ondorio lazgarri horiek saihesteko lanean jardun beharra nabarmendu du Baztanek. Horretarako, nork bere eguneroko ohiturei erreparatu beharko die, baina Basoberri elkarteak antolatutako jarduerek ere ekarpen handia egiten dute helburu hori erdiesteko bidean. "Haziak ereinda, karbonoa xurgatuko duten landare gehiago edukitzea lortuko dugu". Berotegi efektua murriztuko da horrela, eta klima aldaketa geldiaraziko. Hori da, behintzat, helburu nagusia.

Sare bilakatutako babes oasiak

Sare bilakatutako babes oasiak

Edurne Elizondo

Hezegune bat galtzen denean, hezegune bat baino anitzez ere gehiago galtzen da: "Sarea osatzen dute", erran du Gorka Gorospe biologoak. Sarea osatzen dutelako, hain zuzen ere, hezegune txikia handia bezain garrantzitsua izan daiteke. "Batetik bertzera joateko erabiltzen dituzte hegaztiek, adibidez; elikatzeko eta atseden hartzeko".

Sare horrek Nafarroako Gobernuak sailkatutako 23 hezegune ditu herrialdean. Haietako sei —Pitillas, Las Cañas, Juncal, Dos Reinos, Pulguer eta Escudera— kontserbazio bereziko eremuak dira —Natura 2000 sarearen barruan daude—, eta sei horietako bi, gainera —Pitillas eta La Cañas—, nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrendan agertzen dira. Igandea naturgune horiek ezagutzeko egun aproposa izanen da, hezeguneen nazioarteko eguna baita.

Berez, sailkatutako 23 horiek baino hezegune gehiago daude Nafarroan. "Berrehun baino gehiago", zehaztu du Jesus Mari Lekuona biologoak. Hezegune horietan bizi diren espezieak ederki ezagutzen ditu, parte hartzen baitu, urte oro, ur hegaztien errolda osatzeko lanetan. Errolda hori egiteko, hain zuzen ere, Aragoi ibaiaren ondoan edo Figarol inguruan azken urteotan jarri dituzten arroz soroetan ibiltzen da Lekuona, horiek ere erabiltzen baitituzte hegaztiek, elikatzeko eta atseden hartzeko aukera ematen dietelako. "Halakoetan gero eta kurrilo gehiago gelditzen dira neguan Nafarroan, adibidez".

2018ko datuak jarri ditu Lekuonak mahai gainean, datuak jasotzen direnetik, inoiz baino hegazti espezie gehiagok eman baitzuten negua Nafarroako hezeguneetan, urte horretan: denera, 63k. Zehazki, 1989. urtean hasi ziren neguko errolda egiten herrialdean. "Azken bost urteotan, batez bertze, 50-57 espezie zenbatu ditugu", erantsi du biologoak. Hezeguneetan habia egiten duten espezien errolda ere egiten dute, eta Lekuonak zehaztu du 30-35 badirela herrialdean.

Datu horiek zer islatzen duten azaldu du Lekuonak: "Herrialde txikia eta kostalderik gabekoa izan arren, Nafarroak badu bere garrantzia ur hegaztientzat; ez bakarrik hegaztientzat, hezeguneetan bertze hamaika espezietako norbanakoak ere bizi baitira".

Hegazti migratzaileentzat ere "funtsezkoak" dira Nafarroan dauden hezeguneak, Gorospek erantsi duenez. Izan ere, hezegune horiek hegaztion babesleku bilakatzen dira Pirinioetako mendiak zeharkatu ondoren. "Ahalegin handi horren ondotik, hezeguneetan badute atseden hartzeko eta elikatzeko aukera". Hegaztiontzat ez ezik, txori intsektiboro txikientzat ere hezeguneak hagitz espazio garrantzitsuak direla nabarmendu du biologoak, jatekoa erraz lortzen dutelako.

Nekazaritza, arrisku

Oro har, herrialdeko hezeguneen egoera ona dela uste du Jesus Mari Lekuonak, baina argi utzi du "hainbat arriskuren mehatxupean" direla. Nekazaritza intentsiboarena da nagusietako bat. "Hezegune anitz labore lurrek inguratuta daude, eta erabiltzen dituzten osagai kimikoekin kutsa daitezke", erran du. "Hori gertatzen zen duela 25 urte, bai eta orain ere", erantsi du biologoak.

Lekuonak errandakoarekin bat egin du Gorka Gorospek ere, eta Pitillas eta Las Cañas jarri ditu adibide. Nazioarteko garrantzia duten hezeguneen zerrendan agertu eta babestutako eremuak izan arren, ezin diote ihes egin pestizidek eta gisako bertze kutsatzaileek sor dezaketen arriskuari.

Bertzelako arazoak ere badira, Erriberako Ekologistak Martxan taldeak nabarmendu duenez. Kolektibo ekologista horrek salatu du Ablitasko Bajabon urmaelean ura drainatzeko lubaki bat egin dutela nekazariek, "segur aski, baimenik gabe".

Hezegune hori da Nafarroako Gobernuak sailkatutako 23 hezeguneetako bat. "Lubakia hiru metro sakon da, bertze hiru metro zabal, eta zazpiehun metro luze. Lubakitik ateratako lurra hezeguneko landaretzaren gainean utzi dute", salatu dute ekologistek, eta hezegunea "lehengoratzeko" eskatu dute.

Lubaki batek hezegune baten ur sistema osoari eragiten ahal diola nabarmendu dute Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kideek. Eta hezegune batean gerta daitekeen edozein aldaketak ere hamaika espezieri eragiten ahal dio, Gorospe eta Lekuona biologoek azaldu dutenez. "Nekazariek erabilitako kutsatzaileak hezegunera ailegatzen badira, adibidez, urak nutriente gehiago izanen ditu, eta horrek eraginen du alga gehiago sortzea. Alga gehiagorekin, oxigeno gutxiago du urak, eta horrek arazo ekologiko handi bat eragin dezake", erran du Gorospek.

Txori zezena eta tximutxa

Pitillasko aintzira eta Vianako Las Cañas izenekoa dira Nafarroako hezegune nagusiak, duten hektarea kopuruari so eginez gero. Berrehun baino gehiagoko azalera du Pitillaskoak, hain zuzen ere, eta ehun baino gehiagokoa, berriz, Las Cañasek.

Prismatikoekin, teleskopioarekin eta argazki kamerarekin hamaika bisita egin dizkiete bi hezegune horiei Gorospek eta Lekuonak. Espazio horietan ikus daitekeen txori zezena nabarmendu du Gorospek, batetik. "Gutxi daudelako. Nafarroan bada umatzen den hainbat bikote", azaldu du. Bertzetik, tximutxa aipatu du biologoak. "Txoritxo atsegina da, eta Las Cañasen eta Pitillasen populazio onak ditu. Maite dut txori hori".

Herritarrek hegaztiei behatzeko gero eta interes gehiago dutela argi du Gorospek, eta hezeguneak zaletasun hori garatzeko toki aproposak direla azaldu du. Pitillas edo Las Cañas hezeguneetan, adibidez, interpretazio zentroak badira, eta ibilbideak markatuta daude.

Ontzat jo ditu Gorospek egitura horiek, baina erantsi du "aspaldi" ez duela administrazioak inbertsio garrantzitsurik egin tokiotan. "Pitillasen edo Las Cañasen hegaztiei so egiteko dorreren bat jartzea aproposa litzateke, adibidez; dauden behatoki txikiak ere egokitu beharko lituzkete, landaretza hazi denez hasierako funtzioa jada ez baitute betetzen".

Nafarroako hezegune nagusiak "benetako harribitxiak" direla nabarmendu du biologoak, eta merezi dutela "berritzea". "Azpiegiturak hobetzea eskertuko dute ornitologoek eta gainerako bisitariek; hori eginez, gainera, espazio horien kudeaketa hobetzen ahal da", nabarmendu du.

1971ko hitzarmena

Gorospek eta Lekuonak argi dute oraindik ere igandekoaren gisako egunak behar direla herritarrak hezeguneen garrantziaz ohartarazteko. Otsailaren 2a da hezeguneen eguna, 1971. urteko otsailaren 2an sinatu zelako Hezeguneen Inguruko Ramsar Hitzarmena, Irango izen bereko hirian.

Hitzarmen horren bidez, nazioartean garrantzia duten hezeguneen zerrenda osatu dute, bertzeak bertze. Pitillas eta Las Cañas urmaelekin batera, bertze 2.370 hezegune daude sailkatuta, hain zuzen ere, mundu osoko 170 herri baino gehiagotan.

Hezegune horien guztien arrisku nagusietako bat klima aldaketa da. "Joera da tenperaturak gora egitea, eta gero eta euri gutxiago izatea; udazken lehor batek erabat alda dezake hezegune bateko dinamika", gogoratu du Lekuonak. Ura baliabide eskas eta mugatua dela nabarmendu du, eta "zentzuz" erabili behar dela. "Funtsezkoa da hori nabarmentzea hezeguneen nazioarteko egunaren atarian. Lan anitz dugu egiteko", erran du biologoak.

Itsasotik Elizondoraino

Itsasotik Elizondoraino

Edurne Elizondo

Goiti, bide osoan. Goiti, Elizondoraino. Bidasoko izokinak aspaldi galdutako erreketara itzuli dira azken bi urteotan, beren zikloa burutzera. Iaz eta aurten, udaberrian eta udazkenean, hainbat animalia markatu dituzte Nafarroako Ingurumen Departamentuko adituek, eta, haien bideari jarraituz, Elizondoko Txokotoko presaraino ailegatu dira. Gainditu egin dute oztopo hori ere, eta presatik gora iritsi dira, gutxienez, markatutako bi izokin. Azaroko euria izan dute lagun, batetik; bertzetik, azken hamar urteotan ibaiaren bidean dauden oztopoak kentzeko egindako ahalegina.

Azken urteotan, Life Irekibai proiektuaren barruan egin dituzte Bidasoko presak behera botatzeko lanak. Endarlatsakoa eta Berakoa bota zituzten 2016an, adibidez, ibaiaren beheko aldean. "Izokin guztiek pasatu behar dute handik, eta, zalantzarik gabe, oztopo horiek kendu izanak anitz lagundu die bidean gora jarraitzen. Lehen, izokin gutxi batzuk ailegatzen ziren Bertizeraino, gehienez ere; aurten, markatutako hemeretzi izokinetatik 11 Doneztebetik goiti dira; haietako hiru ailegatu dira Elizondora", nabarmendu du Ingurumen Departamentuko biologo Jose Ardaiz Ganuzak.

Hasieran izokinen bideari jarraitzeko asmorik ez zutela azaldu du biologoak, baina, bi urteotan egin eta gero, lortutako emaitzekin "harrituta" daudela onartu du. Ontzat jo du urratsa egin izana, Bidasoan egiten ari diren lanen eragina agerian utzi duelako. "Azken 40 edo 50 urteotan egin dira izokin kumeak ibaian askatzeko saioak, baina horrek ez du ekarri animalion populazioak gora egitea; oztopoak kentzeko lanak eragin du, ordea, Bidasoan gora egiten duten izokinen kopurua handitzea", erran du Ardaiz Ganuzak.

Gobernua 2007an hasi zen Bidasoko presa eta gainerako oztopo nagusiak kentzen, edo, gutxienez, arrainek gaindi zitzaten moldatzen. "Ordura arte, urtean batez beste 200-300 izokin ari ziren ibaian sartzen; azken hamar urteotan, 400 izokinekoa da batezbestekoa, eta 500 eta 600 ere sartu izan dira; ia 700 noizbait".

Sortu eta hil

Bost urtekoa izaten ohi da izokinen zikloa. Jaio eta gero, sortu diren errekan bi negu ematen dute, eta, ondoren, Ipar itsasorako bidea hartzen dute. Itsasoan bertze negu bat edo bi ematen dute errekara itzuli aurretik. Itsasoan hiru negu egoten diren izokinak ere badira, baina gutxi dira. Errekan, arrautzak jarri eta gero, izokin gehienak hil egiten dira. Bakar batzuek, hala ere, itsasorako bidea egiten dute bigarrenez.

Bide hori, berez, zaila da izokinentzat. Pilatutako koipe guztia baliatzen dute sortu zireneko errekako ur emariaren bila. Azken hatsa ematen dute zeregin horretan: belaunaldi berria sortzen hiltzen dira. Egin behar duten ahalegina are handiagoa da bidean gizakiak eraikitako oztopoekin topo egiten dutenean. Eta Bidasoan anitz dira ur emaria erregulatzeko egindako azpiegiturak. "Sunbilla eta Doneztebe artean, batez ere. Ibaiaren zati horretan ura ez doa bere bidetik: erretenetatik doa, edo urmaeletan bildua dago", erran du Ardaiz Ganuzak.

Horrek, noski, ez dio onik egiten izokinari. Bere bidean behar du ur bizia eta garbia. "Urmaeletan biltzen denean, ura ez da behar bezainbertze berritzen, eta berotu egiten da. Sedimentuak, gainera, pilatu egiten dira". Bidasoan gorago eginez, hain zuzen ere, ur garbiagoa aurkitzen dute izokinek, oxigeno gehiagorekin. Gainera, arrautzak jartzeko ohi baino toki gehiago aukeratu izanak populazioari egiten dio mesede: "Toki gutxi direnean, denak espazio berean pilatzen dira, eta uholdeak gertatuz gero, adibidez, denek pairatzen dituzte kalteak; toki anitz egonda, Donezteben bat-batean gertatzen ahal den ekaitza batek, akaso, hango izokinei eraginen die, baina ez, ordea, Baztan aldean direnei".

Gorago ailegatu da izokina Bidasoko arroan, oztopoak kentzeko egindako urratsei esker. Baina oraindik ere lan handia da egiteko. Oztopo anitz da behera botatzeko, Ardaiz Ganuzak nabarmendu duenez. Nagusietako bat da Iruritako Oharrizko presa, Elizondotik bost kilometrora. "Presa horretan ez dago inolako azpiegiturarik arrainen bidea errazteko. Bada garaia konponbide bat bilatzeko, oztopo handia baita izokinentzat eta bertze animalia anitzentzat". Indarrean dagoen kontzesio bat du presa horrek. Herriko piszifaktoriako jabeak erabiltzen du. "Harekin harremanetan jarri nahi dugu, izokinentzat bidea egin dezan", berretsi du Ingurumen Departamentuko biologoak.

Iaz, hain zuzen ere, Oharrizko presa hori izan zen markatutako izokinen muga. Hogeita zortzi markatu zituzten, zehazki, eta haietako hiru ailegatu ziren Doneztebeko San Tiburcio presaraino. Batek lortu zuen gorago jarraitzea, Iruritaraino.

Iazko eta aurtengo dinamiketan aldea sumatu dute Ingurumen Departamentuko adituek. "Iaz, nahiko mantso egin zuten bide hori; aurten, anitzez ere azkarrago aritu dira". Azaroko euriak eman die Bidasoan bide hori egiteko aukera izokinei, Ardaiz Ganuzak aipatu duenez. "Behar zuten ur emaria izan dute; ez gehiegi, ez gutxiegi". Ezustean harrapatu zituzten izokinek adituak, Elizondoko Txokotoko presara ailegatu zirenean, hain zuzen ere. "Zikina zela ohartu, eta korrika eta presaka garbitu genuen, izokinek bidea jarraitzeko", kontatu du biologoak.

Erakusketa

Life Irekibai proiektuak bertze egitasmo bat jarri du martxan egunotan, Bidasoan izokinekin egindako lanaren osagarri: erakusketa bat zabaldu dute Ingurumen Departamentuak Iruñeko Gonzalez Tablas karrikan duen egoitzan, Bidasoan eta gisako ibaietan dauden oztopoek duten eragina azaltzeko herritarrei. Abenduaren 15era arte egonen da departamentuan, eta, gero, hilaren 16tik aurrera, Bertizko jaurerrian jarriko dute. Asmoa da handik bertze hainbat herritara eramatea, tartean Elizondo, Sunbilla eta Berara.

Labrit Multimedia etxeak prestatu du erakusketa. Departamentuaren egoitza erreka bilakatu nahi izan dute han jarritako argazkien eta panelen bidez; Bidasoa eraman dute eraikinera, han bizi diren animaliekin eta ibaiertzetako landare eta zuhaitzekin batera.

Nafarroatik harago jo nahi izan du erakusketak, hala ere. "Ibaiek berezkoa duten bidea berreskura dezaten bada mugimendu bat nazioartean, eta horren berri eman nahi izan dugu", azaldu du Labrit Multimediako Gaizka Arangurenek. Bi lan ildo osagarri ditu mugimendu horrek: "Arrainen migrazioa babestea du helburu batek, eta ibaietako presak behera botatzea besteak", zehaztu du.

Mugimendu horrek Finlandiako Seppo Leinonek egindako ilustrazioa baliatu du, eta Labrit Multimediaren erakusketak irudi hori hartu eta Bidasoko testuingurura moldatu du. Izokina, amuarraina, igaraba eta bertze hainbat animalia jarri dituzte presa baten aurrean askatasuna eskatzen. Gora egin nahi dutelako.

Abeltzaintzak kutsatutako ura

Abeltzaintzak kutsatutako ura

Edurne Elizondo
Europak ezarritako isun bat da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlari talde batek egindako lan baten abiapuntua. 2018ko azaroan, Europako Batzordeak Espainiako Gobernua ohartarazi zuen, nitratoekiko kalteberak diren eremuak ez ...

Okilek herrialdeko basoak maite dituzte

Okilek herrialdeko basoak maite dituzte

Edurne Elizondo

Ez dago eskinosoaren alarma hotsa bertze inorenarekin nahasterik. Nafarroako baso anitzetan, halere, bada espazio horiek berezi bilakatzen dituen bertze ahots nahasezin bat: okilena. Ez da bakarra, okilak ere bat baino gehiago baitira, eta nork bere ahotsa baitu. Txorion arrastorik ikusi gabe ere, zuhaitz artean danbor kolpetxoen gisako hotsak entzuten direnean, okilak gertu direla iragartzen du basoak. Gorka Gorospe ornitologoa eta gidaria da, eta igandean hegaztion bila joateko txangoa gidatuko du, Mirua etxearen eskutik.

Kintoa, Irati, Bertiz. Hiru horietako edozein da toki ona okilei behatzeko; okilen ahotsa entzuteko. Zuhaitzak jotzen dituzte mokoarekin, arboletan dauden intsektuen bila. Nafarroa, oro har, herrialde ezin hobea da okilei so egiteko, penintsulan bizi diren zazpi okil espezieak ikus baitaitezke hemen. Bertizen, adibidez, zazpiak daude: okil txikia, okil ertaina, okil handia, okil beltza, okil berde iberiarra, okil gibelnabarra eta lepitzulia. Herrialdeko basoak maite dituzte.

Okila ematen ez duen okila

Okil gibelnabarra eta lepitzulia nabarmendu ditu Gorospek: gibelnabarra, ia bere populazio osoa Nafarroan dagoelako; eta lepitzulia, berriz, bertze okilekin alderatuta hagitz bertzelako ezaugarriak dituelako. "Ez du ematen okil bat; marroia da, eta ez du moko luze eta indartsua, besteek bezala".

Gibelnabarra, zehazki, mendebaldeko Pirinioetan bizi da, hegoaldeko isurian. "Nafarroan dago populazio osoa, bikote bat izan ezik; beste hori Huescan dago", azaldu du Gorospek. Ondorioz, ornitologo anitz etortzen da herrialdera, prismatikoekin okil gibelnabarrak bilatzera.

Lepitzuliari buruz, "berezia" dela erran du Gorospek. "Ez du okilen ohiko jokabidea, eta, gainera, migratzailea da. Apiril aldera etortzen dira, eta irailean edo urrian itzultzen dira Afrikara, negua pasatzera".

Lepitzuliak parke eta ibar basoetan egoten dira, batez ere. "Baso nahiko irekietan, oro har". Okil gibelnabarrak, berriz, baso hagitz bereziak maite ditu: "Pagadietan egoten da; izei pagadietan ere bai, Iratin, adibidez". Baso horietan, zuhaitz zahar eta handiak maite dituzte okilok, batez ere.

Bertze hainbat okil ikusteko aukera gehiago izaten da. Iruñetik gertu, adibidez, Arga ondoko bazterrak dira aproposak: "Okil txikia, okil handia eta okil berdea ikus ditzakegu bazter horietan". Hegaztiok ikusteko aukera izateak ez du bermatzen, halere, haiekin topo egitea: "Hegazti lotsatiak dira". Martxo aldera dute araldia, eta orduan "aktiboago" direla erran du ornitologoak. "Aukera gehiago dago okilak ikusteko; mokoarekin zuhaitzetan jotzen dute, eta basoan entzuten da haien hotsa", erantsi du Gorospek. Igandean eginen dute saiakera.