Iritzia

PONEYAK EZ ERABILTZEKO PROTESTA

Zezenekin batera, bertze hainbat animalia erabiltzen dituzte Iruñeko bestetan. Barraketara haurrak gainean ibiltzeko poneyak ekarri dituzte azken urteotan. Eguzkipean orduak ematen dituztela salatu dute animalien eskubideen aldeko aktibistek. Elkarretaratzea egin zuten igandean, animalion egoera salatzeko. Tuteran debekatu dute poneyak erabiltzea. Iruñeko Udalak ere poneyak erabiltzearen aurkako mozioa onartu du, UPNren kontrako bozekin.

13.510

2012an Gurutze Gorriak artatutako pertsona kopurua. Joan den urtean, Nafarroako Gurutze Gorriak bere gizarteratze planean 13.510 pertsona artatu zituen, 2011n baino %41,2 gehiago. Plan horrek, besteak beste, etorkinak, edadetuak eta elbarriak babesteko xedea du.

Ate vs Ate

Zalaparta handirik gabe. Zalaparta mediatiko handirik gabe, bederen, Sakanako hainbat herritan atez ateko sistema abiatuko dute astelehenean. Tira, gauzak zehaztearren, herri bakoitzari egokituriko zabor bilketa eginen dute; baina betiere atez ateko sistemaren inguruan egituratuak denak eta Nafarroako gainerako tokietan ezagutzen dugun edukiontzien eredutik aldentzen direnak. Erran dugu Nafarroan zalaparta mediatiko handirik ez duela izan; xelebrekeriarik ez zaio falta izan, ordea.

Iraultza instituzionala. Betidanik irria marraztu egin zait aurpegian Mexikoko PRI alderdiaren izen osoa entzun izan dudalarik: Alderdi Iraultzaile Instituzionala. Oximoron polita, Roberto Jimenez eta pisuzko arrazoiak elkartzea bezalaxe. Hala, garai batean antisistematzat jotzen zuten ezker abertzalea —bertze batzuekin batera elkartuta— erakundeetatik ari da benetako iraultza bulkatzen, herritar guztien eguneroko ohitura bat hankaz gora jarri nahi duena.

Alde, eta ez kontra. Erakundeetatik etortzen diren proiektuen aurka borrokatzen ohitura dugunok arraro samar sentitzen gara oraingoan. Jokoz kanpo. Orain, diputazio batetik, hainbat mankomunitatetik, zenbait udaletatik "inposatzen" ari direnaren alde egin behar dugu sutsuki. Beti "ez", "ez" eta "ez" oihukatzen, eta orain "bai", "bai" eta "bai"? Gauza arraroagorik!

Herri kontsultak. Aurreko batean aipatu genuen zenbait herri galdeketaren emaitzek toki zailean uzten gaituztela herri galdeketen aldeko garenok. Zorionez, baina, atez ateko sistemaren kontra egiten ari diren galdeketa gehienak hain dira zabarrak, hain ilunak, hain itsusiak, hain antidemokratikoak… ezen horietaz paso egiteko aukera ederra ematen baitigute, horretarako batere alhadurarik izan gabe. Orain ulertzen dut zer sentitzen duten UPNkoek "betiko" herri mugimenduek antolaturiko herri galdeketak aintzat hartzen ez dituztelarik: deus ere ez.

NAN. Bideoa ikusiko zenuten: Villabonan (Gipuzkoa) atez atekoaren kontrako herri galdeketa; ezker abertzaleko kide batzuek bozkalekura sartu nahi dute, behatzaile lanak egiteko; lotsagarriki, ez diete sartzen uzten; eta ezker abertzaleko kideek beren arrazoiak erakusten dituzte, baita beren Espainiako nortasun agiriak ere.

Kontrainformazioa. Atez atekoa ezartzen ari direnek, informazioa (hedabide instituzionalak erabilita). Haren aurkakoek, kontrainformazioa (eskela gehien saltzen dituzten egunkariek eta alderdi politiko handiek lagunduta). Eta aspalditik zaborrak hobeki kudeatzearen alde daudenenek, kontra-kontrainformazioa (hedabide txiki alternatiboak baliatuta).

Aurkakorik? Sakanako Mankomunitatekoak atez atekoa azaltzen hasi zirelarik, PPko zinegotziek flipatu zuten jakin zutelarik beren alderdiak gauza bera babesten duela Katalunian. Geroago, ekainaren hasieran, UPNk atez atekoa debekatzea proposatu zuen Nafarroako parlamentuan. Baina hilaren bukaeran Sakanara eginiko bisitan, UPNko ordezkari Begoña Sanzberrok erran zuen ez zeudela "ez alde eta ez kontra". Bisita berean, Carmen Otxoa parlamentari sozialistak adierazi zuen atez atekoa "etorkizuna" dela. Ez ote dute oposizio garbiagorik eginen?

ENPLEGUAREN MAHAIAREN PARODIA

UPNk eta PSNk akordiorako oinarria adostu dute, PPren babesarekin. Bertan, langabeziari aurre egiteko 40 neurri aurkeztu dituzte, hiru bloketan banaturik. Langabezian dauden pertsonen batzarrak, ordea, adar jotze gisa hartu du mahaiak egindako bilera....

Indarrak herrian behar luke!

Pil-pilean dago Nafarroko Gobernuaren inguruko ustelkeria, CAN auzia Madrilen bideratuko dela jakinarazi delarik. Kontuz herri ekinaldia zoriondu beharrean gaude, ezkutuko mugimenduak agerian jarriz, nafar gizarteari argi egiteagatik.Hala ere, ustelke...

SUTEETAN ERE BADIRA MURRIZKETAK

Nafarroako Gobernuak suteen aurkako zerbitzuan egindako murrizketak salatu ditu Nafarroako Larrialdietarako Agentziak(NLA), Soraurenen. Azken urtarotako euriteak direla eta, basoko sastrakak asko hazi dira, eta, ondorioz, suteak sortzeko aukerak gora ...

17,4

Uholdeen kalteak konpontzeko gastua, milioi eurotan. Nafarroako Gobernuak 17,4 milioi euroko gastua onartu du uholdeek errepidetan eragindako kalteak konpontzeko. Onartu berri duten aurrekontuarekin konponketa lanak egingo dituzte Irurtzungo, Mugairiko eta Tuterako errepideetan.

150

Nafarroako Gobernuarenak diren eta hutsik dauden etxeak. Nafarroa osoan Nafarroako Gobernua 150 etxeren jabe da. Orain, parlamentuak eskatu du etxe horiei erabilera soziala emateko, etxe kaleratzeei aurre egiteko.

70.000

Itxaropenaren Telefonoak jasoko duen dirua, eurotan. Nafarroako Gobernuak 70.000 euro emanen dizkio Itxaropenaren Telefonoari, finantzatzeko. Elkartearen helburu nagusia da arazo bat duen edonor bakarrik ez sentitzea.

Hiriaren izenak

Hizkuntza batetik bestera aldatu badaitezke ere, uste izaten dugu hiriek izen (eta izan) bat eta bakarra dutela. Salbuespenak daude. San Petersburgo eta Leningrad. Konstantinopla eta Istanbul.

Denboraren gauean desagertu baino lehen, gogora ezineko garaietako kontuak direla aldarrikatu baino lehen, Iruñeari aplikatutako Mordor toponimo berriaren arrakastaren lekukotasuna utzi nahi dut hemen. Bada, hemen bertan ere, deituraz aspertu eta aldatzeko proposatu duena, moda iragankorra balitz bezala. Nire ustez ez da hala. Ez da txiste bat, behin higatuta, beste batera pasatzeko modukoa. Sakoneko zerbaiten aurrean garela defendatzeko bi arrazoi ditut.

Iruñea Mordor delako aldarrikapena, aldibereko sorkuntza herritarra izan da. Jende askori aditu diot horrelakorik esatea modan jarri aurretik ere, beraiek dagoeneko Mordor izena zerabiltela Iruñea adierazteko, kuadrillan sortua zutela. Nik neuk ere hala uste dut. Guztiz sinetsita nengoen nire lagunartean sortu genuela, eta areago ni neu izan nintzela nire lagunen artean lehendabizikoa bururatu zitzaidana. Hainbestetan eztabaidatu didate eta copyrighta hainbestetan eta hain sutsuki kentzen saiatu dira, ezen ondorioztatu behar izan dut Iruñearen izengoiti berria aldi berean hainbat jenderen buruan sortua dela. Hala bada, ez da txisterako kontua, zerbait arkanoagoa baizik.

Bigarren arrazoiak, nolabait esateko, kripto-etimologia luke oinarri. Hausnartzera gelditu eta ohartu naiz aurtengo klimatologia kaskarretik harago, Iruñea iluntasunarekin lotzeko joera aspaldidanik datorrela. Garai bakoitzeko izenaz aparte hiriaren izen sekretu eta ahoskaezina izanen balu bezala. Mordorrek, Tolkienek Eraztunen Jauna eleberrirako sortutako lurraldearen izenak, asmatutako hizkuntza oso batean (sidarin edo elfoera grisa deitutakoan) esanahi zehatza dauka: Lur iluna. Mor erroak "iluna" esan nahi du (Moria toponimoan ere erabilia) eta Dor erroak "lurra" (saga bereko Gondor edo Eriador bezalakoetan ere).

Miguel Sanchez-Ostizek bere nobeletan Iruñea bestelako izenaz aipatzen du ia beti, Atxagaren Obabaren moduan. Umbria. Hau da, toki itzaltsua, ilunpetsua. Eta iritzi zutabe honi, blog batean bezala, erantzun sorta kilometrikoa uzterik ez dagoela aprobetxatuz, aipa dezadan Iruñearen etimologia bera. Iruñeak "hiria" edo "hiri ona" esan nahiko luke, adituen arabera. Baina bada ilun etimotik datorrela uste duenik. Agian arrazoia eman beharko zaie.