Nafarroa

Haginkada bat mendilerroari

Haginkada bat mendilerroari

Edurne Elizondo

Kezka bada, eta informazio gutxi zabaldu den sentsazioa ere bai. Hori nabarmendu dute Irurtzungo kultur etxearen kanpoko aldean bat egin dutenek. Irurtzungo bizilagunak dira anitz, eta Arakilgo eta Larraungo ibarretakoak bertze asko. Irurtzungo Pikuxar elkarteak antolatutako saiora etorri dira, Lekunberriko industrialdera gasa eramateko egin nahi duten proiektuari buruz argibide gehiago jasotzeko asmoz.

Egin nahi duten gasbideak Aralar mendilerroko basoak zeharkatuko lituzke: Irurtzun ondoko Etxeberriko kontzejutik (Arakil) Lekunberriraino, Larraungo lurrak zeharkatuz. Nasuvinsak eta Nedgyak —lehengo Gas Navarra bultzatu dute, Lekunberriko industrialdeko enpresak hornitzeko. Ekologistek "eredu desarrollista" baten adibide "argitzat" jo dute proiektua. Arakil eta Larraungo hautetsiek, berriz, alternatibak eskatu dituzte. Ez dute Aralar ukitzea nahi; Babes Bereziko Eremua da mendilerroa.

Irurtzungo kultur etxeko mahaiaren bueltan egin dute bat Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak, Kalaxkako Mikel Saralegik, Ondare taldeko Javier Irigoienek, Arakilgo alkate Oihana Olaberriak eta Larraungo alkate Mikel Huartek. Informazioa zabaldu eta eztabaida piztu nahi dute, "herritarren indarra batzeko".

"Udal txikiak gara; ez dugu indarrik bakarrik aritzeko egin nahi duten sarraskiaren aurka". Olaberriarenak dira hitzak. 2019an izendatu zuten Arakilgo alkate, eta, ordurako, Aralarren egin nahi duten gasbide proiektua martxan zen. "Aurreko udalbatzak jaso zuen gaia; helegitea aurkeztu zuten proiektuaren kontra, baina ez zuten onartu".

Arakilgo eta Larraungo oraingo udalek berriro aurkeztu dute proiektuaren aurkako helegitea. Erantzunaren zain dira, eta, bitartean, gasbidea martxan jartzeko egitasmoak aurrera jarraitzen du. "Urtebetez egon da geldirik, baina oraingo osasun krisia baliatu dute berriz ere martxan jartzeko. Goitik behera ari dira, herritarron iritzia kontuan hartu gabe", salatu du Olaberriak.

Udalek Plazaola nahi dute

2017. urtekoa da Lekunberrira gasa eramateko lehendabiziko proiektua; 2019koa, berriz, bigarrena. Bultzatzaileek hiru alternatiba jarri zituzten mahai gainean, baina, hasieratik, baten aldeko apustu garbia egin zuten: Aralar mendilerroaren bidezko proiektuaren alde, alegia. Bertze bide batek proposatu zuen gasa Leitzatik eramatea; eta, hirugarrenak, Plazaolaren bidea erabiltzea.

Arakil eta Larraungo alkateek azken horren alde egin dute, hain zuzen ere. "Egun dauden azpiegiturak erabiltzea da kontua, ingurumenean eragin daitekeen kaltea ahalik eta gehien murrizteko", erran du Olaberriak. "Natura da gure balio nagusia; gasbideak hondatu eginen luke", erantsi du Larraungo alkate Mikel Huartek. Gasa garraiatzeko hodia metro eta erdira egonen litzateke lur azpian sartuta. "Horretarako, zortzi metro zabal litzatekeen bide bat egin nahi dute", azaldu du Larraungo alkateak.

Huartek gaineratu du Aralar zeharkatuko lukeen proiektu batek "zentzurik ez" duela, eta ezin dela justifikatu. "Batzuen interesak jarri dituzte ingurumenaren gainetik; denon indarrak batzea behar dugu hau gelditzeko".

"Behar ote dugu?"

Lekunberriko Kalaxka talde ekologistak eta Sustrai Erakuntza fundazioak testuinguru zabalago baten barruan aztertu nahi izan dute gasbidearen proiektua. Alternatibak bilatzeko aukeraz harago jo dute, eta bertze eztabaida bat jarri dute erdigunean: "Behar ote dugu gasbide bat?", galdetu du Kalaxka taldeko kide Mikel Saralegik.

Kalaxkako kideek Lekunberriko industrialdea handitzeko asmoen aurka egin dute azken urteotan, eta asmo horrekin lotu du Saralegik, zuzenean, Aralar zulatu nahi duen gasbide proiektua. 2016an erabaki zuen Lekunberriko Udalak industrialdea berriz handitzea; hau da, gasbidea egiteko lehendabiziko proiektua aurkeztu baino urtebete lehenago. Industrialdeak 40.000 metro koadro lur gehitzea da asmoa. "Horretarako beharrik ez zen eta ez dago, ordea; industrialdean badira orube hutsak oraindik ere", azaldu du Saralegik.

2016an egindako proiektuak ez zuen jendaurrean erakusteko tramitea bete, eta bazter utzi zuten, ondorioz, Kalaxkak aurkeztutako helegiteari esker. Bigarren bat prestatu zuen Lekunberriko Udalak. "Enpresen neurrira egindako proiektu bat da; nork bere orubea eskatu du proiektu horretan. Gutxi batzuen interesak nagusitu dira, interes orokorraren gainetik", salatu du Kalaxkako Mikel Saralegik.

Lekunberriko Udalak martxoan egindako osoko bilera batean eman zion oniritzia industrialdea handitzeko azken proiektuari. Udaleko agintariek beti nabarmendu dute "bizilagunentzako enplegua" sortzeko aukera ematen duela egitasmo horrek. Udalak onartu du badirela hutsik diren orubeak, baina industrialdea handitzeko aukera defendatu du, mugitu nahi duten enpresentzat hutsik diren horiek ez direlako "erakargarriak", ezta garatu nahi dituzten proiektuentzako "egokiak" ere.

"Modu zaharrak"

Saralegirekin bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Martin Zelaiak, eta salatu du, ingurumenari buruzko diskurtsoak aldatu arren, "lan egiteko modu zaharrek" indarrean jarraitzen dutela Nafarroan. "Trantsizio ekologikoaz mintzatzen dira agintariak; krisi klimatikoaz, eta bioaniztasuna babesteko beharraz; hori erran, baina Lekunberriko gasbidearen gisako proiektuak babesten dituzte, justifikaziorik gabe", nabarmendu du.

Izan ere, Etxeberritik Lekunberrirainoko gasbidea egiteko proiektuak jaso du jada Nafarroako Ingurumen Departamentuaren ingurumen baimena. Arakilgo eta Larraungo alkateek ezin izan dute kezka bazter utzi. Proiektuak "mehatxatutako" ondarea galtzeko aukerak anitz kezkatzen du Ondare taldeko kide Javier Irigoien ere. 2014. urtean sortu zuten, Larraunen, bailarako ondare materiala eta immateriala babesteko eta zabaltzeko asmoz. "Gure ondarea lotuta dago garenarekin; ondarearen aurka egiten dugunean, garenaren aurka egiten dugu", erran du Irigoienek. Proiektuaren inguruko eztabaida pizten jarraitzeko prest dira Ondareko kideak; Kalaxkako eta Sustrai Erakuntzakoak ere bai. Udalek herritarrei egin diete deia, lanera batzeko.

Oinarria sendotzeko beharra

Oinarria sendotzeko beharra

Edurne Elizondo

Oinarria sendoa ez bada, gainean duen guztia eror daiteke behera. Horregatik atera dira herritarrak karrikara, bigarren aldiz hil honetan, herrialdeko osasun etxeetako "egoera kaskarra" salatzera, eta baliabideak eskatzera. Nafarroako Osasun Plataformak deitu ditu protestara; urriko lehendabiziko asteazkenean egin zuten aurreneko elkarretaratzea, eta hilaren 21ean eta 28an eginen dituzte azkenak.

"Koronabirusaren pandemiak agerian utzi du oinarrizko arreta dela osasun sistema publikoaren arlorik ahulena", nabarmendu du Nafarroako Osasun Plataformako bozeramaile David Mendazak. Erantsi du, batetik, agerian gelditu direla 2008. urteko krisi ekonomikoaren "aitzakiarekin" egindako murrizketen ondorioak; eta, bertzetik, oraingo osasun krisiarena "baliatu" duela egungo Nafarroako Gobernuak "telefono bidezko arretaren eredua ezartzeko".

Hau da, oinarrizko arreta "sendotu beharrean, ahuldu" egin du Nafarroako Gobernuak. Neurriak hartzea premiazkoa dela erran du Mendazak, eta "behar diren baliabideak" bideratzera deitu ditu Osasun Departamentuko arduradunak: "Barrakoiak jarri behar badituzte, jar ditzatela; bikoiztu ditzatela egiturak, ahal duten neurrian; egin ditzatela bi zirkuitu ezberdin, bat COVID-19rako eta bestea gainerako gaixoentzat; sendotu dezatela oinarrizko arreta, gaixoen eta langileen segurtasuna bermatuz".

31 kontratu berri

Aurreko asteko koronabirusari buruzko datu txarrek segida izan zuten aste honen hasieran: astelehenean, ia 600 positibo izan ziren, Nafarroako Gobernuak egun horretan emandako datuen arabera. Egungo errealitatea egindako "kudeaketa txarraren" ondorio da, neurri handi batean, Nafarroako Osasun Plataformako kideen hitzetan.

Mendazak datu bat jarri du erdigunean, horren adibide: "Martxotik 670 langile berri daude Osasunbidean, baina haietako 31 baino ez dira ari oinarrizko arretan". Aztarnarien kopurua ere "behar baino apalagoa" dela salatu du Mendazak: "Adituen arabera, Nafarroan 200 behar ditugu, gutxienez, biztanle kopurua kontuan hartuta; 50 baino gutxiago izan ditugu, ordea; eta denak ez dituzte propio kontratatu: langile askok aparteko orduak egin dituzte lan hori betetzeko".

Osasun etxeetan ere plataformaren salaketarekin bat egin dute langileek. Lesakako zentroko kideek, adibidez, oharra plazaratu dute "prekaritate egoera" salatzeko. Pandemiaren eraginez, egoerak "okerrera" egin duela erantsi dute. Urriaren 1az geroztik, hain zuzen, hainbat lanpostu hutsik dituztela jakinarazi dute; Lesakan ez ezik, Beran eta Arantzan ere, bertzeak bertze, badira bete gabeko postuak.

Iruñeko Sanduzelai auzoko osasun etxean ere egoera "kaskarra" da, langileek eta herritarrek salatu dutenez. Telefono bidezko arreta "inposatu" dietela argitu nahi izan diete osasun etxeko kideek bizilagunei, hain zuzen ere. Mendazak gogoratu du UPN saiatu zela, bere garaian, telefono bidezko arretaren eredua ezartzen. 2015ean boterea galdu eta gero, "ezin izan zuen egin".

Nafarroako Osasun Plataformak argi du gakoa dela osasun sistema publikoan ezarri nahi den eredua; duela hamar urte sortu zuten plataforma hori osasunaren esparruko hamaika eragilek, eta, orduan bezala, "prebentzioa eta hezkuntza" indartzeko beharra nabarmendu dute, eta "funtsezkotzat" jo dute oinarrizko arretak zeregin horretan duen rola. Oraingo gobernua deitu dute prebentzioaren eta hezkuntzaren eredu horrekin bat egitera.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek onartu du "oinarrizko arreta hobetzeko beharra", hain zuzen ere,eta neurriak iragarri ditu Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian: 11 osasun etxetako harrera zerbitzuko lantaldeak sendotuko dituzte, batetik; eta, bertzetik, hemezortzi erizain eta 26 teknikari kontratatuko dituzte. Indurainek garbi erran du: "Kontratu berriekin batera, zerbitzu telematikoak eta telefono bidezkoak sendotuko ditugu".

Zabaldu dute Iruñerriko Mintzakide egitasmoan izena emateko epea

Zabaldu dute Iruñerriko Mintzakide egitasmoan izena emateko epea

Uxue Rey Gorraiz

Bueltan da Iruñerriko Mintzakide egitasmoa. Bueltan da euskara praktikatzeko, euskara gozatzeko eta, azken batean, euskara bizitzeko aukerak zabaltzea helburu duen programa. Berriz ere, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi dutenak bilduko ditu egitasmoak, astean behin, eta ordubeteko hitzorduetan. Pandemia dela eta, bi eredu eskainiko dituzte aurten: aurrez aurrekoa eta Internet bidezkoa. Antolatzaileen esanetan, edozein aukera hautatuta ere, euskararen ibilbidean urratsak egitea da inportanteena.

1993an lotu zitzaion bideari Mintzakide. Bagera Donostiako euskara elkarteak sortu zuen proiektua. Urteek aurrera egin ahala, Euskal Herri osora zabaldu da, eta, zehazki, hamabosgarren aldia izanen du Iruñerrian. Iragan den urtean —hau da, hamalaugarrenean—, mila lagun inguruk hartu zuten parte.

Euskaraz "eroso eta gustura" aritzeko inguruak sortzeko abiarazi zuten Mintzakide. Haren sustatzaileak ohartu ziren euskal hiztunek bazutela horren premia, eta iruditu zitzaien ez zegoela hori asetzeko tresna egokirik; "hutsune bat" zegoen, alegia. Hala azaldu du Edurne Arrizibita Mintzakide egitasmoko langileak: "Oraindik ere, askok izaten dute ezintasuna beren egunerokoan euskara praktikatzeko". Dioenez, premia hori bereziki nabarmena izaten da euskara hezkuntza formalean ikasten dutenenetzat, baina argitu du "euskaldun osoentzat ere" biziki mesedegarria dela egitasmoa. Askotan, haren iritziz, euskarak apenas izaten baitu tarterik aisialdian.

Lasaiago, ausartago

Parte hartzaileek beren beldurrak uxatzea eta lotsak alboratzea erdietsi nahi du Mintzakidek, Arrizibitaren esanetan. "Hanka sartzeko beldurra izaten dute askok, eta, horregatik, batzuk ez dira ausartzen jendearen aurrean euskaraz aritzen. Horri kontra egin nahi diogu. Azken batean, hau ez da eskola bat, lasai aritzeko aukera bat baizik".

Mintzakide programako saioetan ez dago ikaslerik eta irakaslerik, ez eta testuliburu eta arbela aurrean aritu beharrik ere. Izatez, taldeak berak erabakitzen du zertan aritu asteroko hitzorduetan, lehentasunen eta zaletasunen arabera. Euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila izatea da parte hartzeko baldintza bakarra.

Aurten, pandemiak behartuta, taldeak txikiagoak izanen dira: bospasei lagunekoak. Betiere, arduradunek bermatu eginen dute talde guztietan egon daitezela bidelariak eta bidelagunak: euskara praktikatu eta gehiago erabili nahi duten pertsonak eta egunerokoan euskaraz aritzeko ohitura dutenak. Bi profilak batzea da haien asmoa, elkarrekin aritzeko.

Bidelaria da Ruben Gutierrez Lakuntza, orain dela hiruzpalau urtetik. Euskaltegian ikasi zuen euskara, baina gerora ohartu zen "ezinbestekoa" zitzaiola euskaraz gehiago aritzea, hizkuntzan gehiago murgiltzea. Kontatu du programak "are erakargarriago" egiten duela hizkuntzan sakontzeko prozesua, eta gaineratu du Mintzakideren funtzionatzeko erak jende anitzi laguntzen diola euskaraz "ausartago" aritzen. Batik bat, argitu du bidelaguna ez dela ikusten irakasle modura, eta zuzentzailea baino gehiago "laguntzen duen pertsona" dela, izenak adierazi gisan.

Udako etenaldiaren ondotik, zabalik da egitasmoan izen emateko epea. Internet bidez egin daiteke, Irunerrikomintzakide.eus atarian, baita webgunean adierazitako hainbat leku fisikotan ere. Aurten, arduradunek gazteak eta bidelagun gisa aritu daitezkeen pertsonak animatu nahi dituzte bereziki, profil horien beharra izaten baita nabariena azkenaldian.

Iritzia: Ez dut izan nahi normala

Iritzia: Ez dut izan nahi normala

Lohizune Amatria

Polemika interesatu" bat ekarri nahi dut mahai gainera. Eraso sexisten aurkako hiriko sarreretako panelak kentzeko "erabakirik" ez dagoela esan du Enrique Maia Iruñeko alkateak. Ados, erabakirik ez dute hartu. Ukatuko lukeen arren, ordea, argi eta garbi erakutsi du alkateak kartelak kentzeko nahia badutela. Beharra ikusten dutela.

Kartel horietan idatzita dagoena "begi-bistakoa" dela esan dute, argudiatzeko kartelek "ez dutela zentzurik" edo "kentzea litzatekeela egokiena". Baina ez da hori benetako arrazoia. Maia alkateak garbiago erakutsi zuen eskuinak gaiarekiko duen jarrera kazetariek aferari buruz galdetu ziotenean. Haren ustez, herritar asko "suminduta" daude kartelekin, "eraso sexistei buruz hitz egitea baita Iruñeaz jasotzen den lehen irudia". Hortxe arazoa: irudia, esanen dutena.

Tamalez, gizarte honetan izendatzen ez dena ez da ikusten, eta ikusten ez dena ez da existitzen.

Ikusaraz dezagun, bada.

Espainiako Estatuan bizi diren 16 urte edo gehiagoko emakumeen %57,3k indarkeria matxistaren bat pairatu dute inoiz. Irail hasierako albistea da, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak egindako Emakumeen aurkako indarkeriaren inkesta-ren emaitzak biltzen dituena. Bi emakumetik batek jasan du inoiz. Bitik batek. Ez gara intzidentziak alderatzen jarriko, baina nabarmentzeko moduko pandemia dela erakusten duelakoan naiz.

"Bere adineko beste edozein emakumek bezala", emakumeak erre egiten zuela, parrandan ateratzen zela eta lagunekin kafea hartzen zuela leporatu zion 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutako gizonetako batek biktimari auzitegian. Argazkiak egin zizkion detektibe agentzia batek uda hartan, eta, nahiz eta auziko epaimahaiak horiek frogatzat ez onartu, gehienen eskuetara iritsi ziren. Orain, emakumearen "bizimodu normala" erretratatzea, biktima zelatatzea, ez dela delitua ebatzi du justiziak.

Urriko albistea da. Bortxatzen gaituzte eta nola jokatu beharko genukeen esaten digute. Emakumeen giza eskubideak urratzen dituena baino, biktima da behin eta berriz epaitua dena, auzitegietan, kalean eta hedabideetan. Udako datuak eman berri ditu Foruzaingoak. Iazko datuekin alderatuta, erdira murriztu dira sexu erasoen salaketak. Testuingururik gabe irakurrita, pozteko moduko albistea dirudi. Baina salatu ez izanak ez du esan nahi erasoa gertatu ez denik. Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, etxean egoteko gomendioa jasotzen ari gara, etengabe; eta badakigu etxea ez dela leku segurua guztientzat. Itxialdia bitartean, adituek ohartarazi zuten emakume asko tratu txarrak ematen dizkieten gizonekin itxita zeudela eta zaildu egin zitzaiela laguntza eskatzeko modua. Orain ere hala izanen delakoan naiz, baina honi buruz ez da hitz egiten.

Eta, bitartean, Maiak dio "hiritar arruntarentzat" gaindituta dagoela Iruñea eraso sexistarik gabeko hiria dela esan behar izatea. Ez omen naiz ni "hiritar arrunta", beraz. Eta, benetan, eskuinak hitzari ezarri dion adierarekin bada, ez dut izan nahi normala.

Intsumisioaren kaleko kronika

Intsumisioaren kaleko kronika

Edurne Elizondo

Kalean egon nahi nuen, borroka egiten zutenekin". Horixe erran zuen Joxe Lacalle Uharte argazkilariak (Etxauri, 1951), Memorias de Lacalle (Txalaparta, 2017) bere aurreneko liburua aurkeztu zuenean. Eta hori egin du beti: kalean egon, borroka egiten dutenekin. Egin eta Euskaldunon Egunkaria hedabideetan kontatu zituen borroka horiek, prentsa argazkilaria izan zen garaian, eta, orain, erretiroa hartuta, bere bigarren liburuan jaso ditu: Si te mandan una carta kaleratu berri du Txalapartarekin, intsumisioaren aldeko kanpainari buruz.

Argazkilari "desobediente" baten kronika da Lacallek intsumisioaren inguruan osatu duena. 1989. urtean hasi zen derrigorrezko soldaduskaren aurkako kanpaina, eta 2001eko martxoan amaitu zen, Espainiako Gobernuak zerbitzu militarra bertan behera uzteko dekretua sinatu zuenean. 1988koa da Lacallek liburuan jasotako lehenengo irudia, eta 2000. urtekoa, berriz, azkena. Argazkilariak karrikan jarraitu zituen intsumisoek urte horietan egindako urratsak, eta irudi bilakatu zituen.

"Hasieratik egin nuen bat haien aldarrikapenekin. Borroka karrikara eraman zuten, eta irudimena baliatuz, lortu zuten helburua betetzea", erran du Lacallek. 1970eko hamarkadaren hasieran deitu zuten argazkilaria soldaduska egitera, eta lau hilabetez egon zen kuartelean, Irunen (Gipuzkoa). "Bizkarra gaizki nuen, beti oinazeak jota, eta etxera bidali ninduten, azkenean". Garai hartan, Jehovaren Lekukoak ziren, batez ere, armadari uko egiten ziotenak, erlijioarekin lotutako arrazoiengatik. "Kuartelean, behin, hainbat gazte sartu zituzten ziegan, uniformea jantzi nahi izan ez zutelako. Jehovaren Lekukoak ziren. Ni bidali ninduten ziega zaintzera, eta sarjentuak erran zidan: 'Ihes egiten saiatzen badira, bota bi tiro'. Horixe izan zen nik armadarekin izan nuen esperientzia".

Soldaduska "gizon bilakatzeko" urratsa zen Lacalleren gazte garaian. "Izugarria zen. Nik ez nuen egin nahi, baina ez zen erraza uko egitea". Horregatik, militarren aurkako kanpaina hasi zenean, txalotu egin zuen gazteen ekimena.

Kontzientzia eragozpenaren aldeko ekintzaile talde baten protesta izan zen Lacallek soldaduskaren aurkako mugimenduaren testuinguruan jorratu zuen lehendabizikoa. "Aizoaingo kuartelean egin zuten, Espainiako armadaren egunean. Harrituta gelditu nintzen harat joan eta militarrak ikusi nituenean haurrei metrailetak nola erabili irakasten. Lauzpabost gazte sartu ziren, eta armadaren aurkako eskuorriak bota zituzten. Atxilotuta eraman zituzten, eta ni ere bai".

Intsumisoek Aizoainen egindako bertze protesta bat gogoan du Lacallek, militarrek bere lankide bati besoa hautsi ziotelako: "Ez zegoen ospitalera eramateko modurik, ez ziguten uzten. Hurrengo egunean, argazkilariok karrikan salatu genuen gertatutakoa; besoa hautsita atera zen lankideak ezin izan zuen hori egin, lana galtzeko mehatxua egin baitzioten".

Artxiboa digitalizatzen

Egun hartako argazkirik ez du Lacallek. "Karreteak kendu zizkidaten". Intsumisioari buruz, halere, ehunka irudi ditu gordeta. Erretiroa hartu zuenean, beti paperean egindako argazkien negatiboak digitalizatzen hasi zen, eta lan horren lehen emaitza izan zen 2017an kaleratutako Memorias de Lacalle.

Bere artxiboa digital bilakatzeko lanean murgilduta jarraitzen du Lacallek. 2018an, intsumisioaren aldeko mugimendua jarri zuen erdigunean, eta jasotako uztaren emaitza da oraingo Si te mandan una carta. Haren argazkiekin batera, intsumisioaren alde aritu zirenen testuak jaso ditu lanak. Tartean dira Toñin De la Cuesta intsumiso ohiaren hitzak. Kojon Prieto y los Huajolotes taldeko kide ohia ere bada De la Cuesta, eta talde horren kantak eman dio izena Lacalleren liburuari. "Behin Sarasate pasealekuan aritu ziren kantatzen", oroitu du. Manifestazioetako leloak ere gogoan dauzka Lacallek, eta ezin izan dio eutsi tentazioari: "Intsumisoak aurrera!", abesten hasi da.

Gazteen hamaika ekintzaren lekuko izan zen argazkilaria. Eta gertutik jarraitu zituen, halaber, intsumisoen alde haien lagunek eta senideek egindako urratsak. Sortu zituzten babes sareetan emakumeek bete zuten rola nabarmendu du. Liburuan ere hartu dute hitza. Hitzaurrea, adibidez, intsumisoen abokatu izandako Patricia Morenok sinatu du; eta liburu barruko orrietan jasota daude, bertzalde, Argiñe Salanuevaren hitzak. Unai Salanueva intsumisoaren arreba da. Espetxera itzuli behar zuenean, bere buruaz bertze egin zuen gazteak, 1997. urtean.

Kartzela, borroka gune

Iruñeko espetxe zaharra izan zen intsumisioaren aldeko mugimenduaren jokaleku nagusietako bat Nafarroan, han itxi baitzituzten derrigorrezko soldaduskari eta haren ordezko zerbitzuari uko egin zioten gazte anitz. Kartzela barruan ez zioten lan egiteari utzi, halere, eta, autoritarismoaren kontrako jarrera batetik, beren jarduera politikoari segida eman zioten, espetxean ere. Aldarrikapenerako toki bilakatu zuten, egin eta erakutsi zituzten pankarten bidez, bertzeak bertze; kanpoan, berriz, senideen astean behineko elkarretaratzeek eutsi zioten intsumisioaren aldeko borrokari.

Espetxe barrukoak eta kanpokoak argazki bilakatu zituen Lacallek. "Garai hartan, auzitegiaren eraikin berria egiten ari ziren, eta han sartzen nintzen, kartzelako patioan ziren intsumisoen argazkiak egitera; azkenean, harrapatu ninduten, eta zinpeko guardak jarri zituzten", gogoratu du. Ondoko etxe batean aurkitu zuen behatoki berria Lacallek.

Espetxeko atarian, halaber, kanpaina osoko unerik gogorrenetako bat gertatu zitzaion argazkilariari, 1993an. "Atean intsumisoen aldekoak zeuden pankarta batekin; auto bat pasatu zen aurretik, ziztu bizian; gelditu, eta pistola eskuan zuela atera zen barrutik gizon bat. Polizia zen, eta tiro egiten hasi zen".

Serio jarri da Lacalle ordukoak oroitu dituenean. "Sekulakoa izan zen; tiro egiten hasi zen! Bertze argazkilariak korrika joan ziren. Gero ni zergatik gelditu ote nintzen galdetu zidaten, eta garbi erantzun nien: gelditu izan ez banintz, ez legoke une horretako argazkirik". Liburuan jaso ditu argazkilariak egun horretako tentsioa islatzen duten irudiak. "Robert Caparen jarraitzailea naiz ni ezizen horrekin egin zuten lan Gerda Taro eta Ende Erno Friedman argazkilariek; haren esaldi bat nire egin dut beti: argazkia behar bezain ona ez izateko arrazoia dela behar bezain hurbil ez egotea".

Liburuak aukera eman dio Lacalleri karrikan intsumisoen ondoan egindako argazkiei bertze modu batera so egiteko. Militarismoaren aurka ari ziren gazteen borrokaren eta garaipenaren kronika osatu ahal izan du, denborak eman dion ikuspuntuari esker. Ordukoak gorde ditu, baina zabaltzen jarraitzeko: "Duela urte anitz egindako argazkiek bide berri bat hasi dute, nolabait erranda". Intsumisioa irudi bilakatu du Lacallek. "Ezin zuen bertzela izan; ni ere argazkilari intsumiso bat izan naiz beti", nabarmendu du argazkilariak. Asteburuan aurkeztu zuen liburua, Gazteluko plazako azokan; bere irudien atzekoak kontatzen jarraitzeko irrikan da.

Iritzia: Hemen, gure ondoan

Iritzia: Hemen, gure ondoan

Naiara Elola
Bada mutiko bat, 8 edo 9 urte ingurukoa. Herri txiki batean bizi da. Berez herriarena den etxe txiki eta zahar batean bizi da, zehazki. Negu euritsu eta hotzak besteenean baino lehenago hasten dira etxe horretan, eta luzeagoak ere izaten ...

Bazterra hautu bat denekoa

Bazterra hautu bat denekoa

Edurne Elizondo

Bazterrean mugitzen den subjektu politiko bat gara". EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduko kide Kepa Yecorak erran ditu hitzok, kolektibo horrek bihar Iruñeko Kondestablearen jauregian eginen duen jardunaldiaren atarian. Buruari ekin bazterrean izenburupean antolatu dute biharko saio hori, asmo nagusi batekin: kolektiboa "berrindartzea", eta bere diskurtsoa "garatzea eta sendotzea". Egun osoko egitaraua prestatu dute hausnarketa kolektiboa bultzatzeko.

Ez da kasualitatea orain hartu izana gogoeta egiteko tarte hori. Biharko saioaren bidez, EHGAMeko kideek nahi dute bidean une batez gelditu, nolabait: gelditu, egindako urratsak aztertu, eta aurrera begirakoak zehaztu. Kolektiboaren egungo jarduera ez baita hasierako bera, eta kideek aurrean duten gizartearen errealitatea ere ez. Orain arte lortutakoa "defendatu" nahi dute, "sortzen" jarraitzeko.

1976an sortu zen Nafarroako Homosexualen Batzordea, eta handik bi urtera, 1978an, Ekainaren 28ko manifestazioa egin zuten, Tuteran, lehen aldiz. Iruñean, 1982an egin zuten protesta aurrenekoz, eta seiehun pertsona inguruk parte hartu zuten han. 1970eko hamarkada bukaeran sortu zuten EHGAM, hain zuzen, eta, 1980ko hamarkada amaieran eta 1990ekoan, batez ere, indar handia izan zuen Iruñeko karriketan, "ekintza zuzenaren" bidez. Orduko manifestazioak eta kanpainak oroitu, eta garbi erran du EHGAMeko kide Oskar Sadak badela "zer ospatu".

2000. urtean, EHGAMek bertze gisa bateko lana lehenetsi zuen karrikako jardueren gainetik. "Jendeak bere bizi kalitatea hobetzeko tresnak eskatzen zizkigun. EHGAMeko bi kide egon ginen Herbehereetan, Alemanian eta Katalunian, eta, hango kolektiboen lan egiteko moduak ezagutu eta gero, Kattalingorri jarri genuen martxan", kontatu du Sadak.

"Mariken diskurtsoa"

Kattalingorri aholkularitza jasotzeko eta elkarri babesa emateko toki bilakatu zuten hasieratik. Bat egiteko eta hitz egiteko espazio aske eta seguru bat, finean. EHGAMek jarri zuen martxan, baina joan zen nortasun propioa garatuz, kideek beren kolektiboaren izena behin-behinean bazter utzi arte.

Orain, baina, erdigunera itzultzeko ordua du EHGAMek. Izen eta abizenez. "Gero eta diskurtso ezberdin gehiago garatzen ari dira LGTBI+ kolektiboaren barruan; orain arte, elkarlanean aritu gara besteekin, eta albo batean utzi dugu gure diskurtsoa osatzeko lana. Orain horri ekin nahi diogu, gure diskurtsoa indartzeari", erran du Kepa Yecorak.

"Gure diskurtsoa". Yecorak eta Sadak azaldu dute horrek zer erran nahi duen: "Gure diskurtsoaz ari garenean ari gara mariken diskurtsoaz". Eta "marikak" dira "bazterrean" mugitzen den subjektu politiko bat, Yecorak bertze deus baino lehen nabarmendu duenez. "Mariken diskurtsoa bazterrean eta bazterretik" osatu nahi dute EHGAMeko kideek, hain zuzen ere, bere egin baitute bazterrean egoteko aldarria: sistemak ezarritako arauen araberako erdigunea ez dute maite.

Botere harremanak nagusi dituen egungo sisteman, zisheteropatriarkatuaren eredua da hegemonikoa; gauza guztien neurria ezartzen duena, alegia; erdian dagoena. Horregatik nahi dute EHGAMeko kideek bazterrean bizi. Gauza guztien neurria ezartzen duen arau horrek badu eragina ere homosexualen kolektiboan, eta egoera horrek pizten dituen eztabaidak erdigunean jarri nahi dituzte, biharko jardunaldiaren bidez: "Egungo jendartean bada berdintasunaren aldeko nolabaiteko aldarria; ematen du jendarteak balioa ematen diola berdintasun asmo horri, baina ez da egia: jendarteak arautik hurbil dauden ereduak baino ez ditu onartzen; benetako berdintasuna aldarrikatzen dugu guk, eta horretarako ez dugu inoren baimena behar", nabarmendu du Kepa Yecorak.

Sistemak, beraz, "arautik hurbil dauden homosexualak" onartuko lituzke, EHGAMeko kidearen hitzetan: homosexual "zuri, eder eta aberatsak", alegia. "Gay izateari buruz ere oso diskurtso arautzaileak ari dira garatzen, azken urteotan; maskulinitatea, gay direnen maskulinitatea ere, oso lotuta dago eredu bakar batekin, eta gu ez gara eroso sentitzen eredu horretan".

Egungo gizarteko eredu hegemonikoak binarismoa du ezaugarri nagusietako bat; EHGAMeko kideek, baina, horren kontrako jarrera hartu dute. "Binarismo arautzailearen aurka gaude", erran du Oskar Sadak. Hausnarketarako mami diren galderak, auziak eta ereduak aipatu ditu EHGAMeko kideak, eta horien inguruan gogoeta egiteko beharra nabarmendu du: "Gu non kokatzen gara? Zer gara? Marikak? Marikak izateko gizon izan behar dugu? Zis gizonak? Edo trans gizonak ere?". Hausnartzera eta hitz egitera deitu ditu Sadak jardunaldian ariko diren herritarrak: "Auzi pila dugu jorratzeko, libreago izateko; libreago izateko lan hori ez da bakarrik guretzat, gainera, gure askatasunak ere besteena ekartzen baitu".

Sadaren hitzen ildotik, emakume transak baztertzen dituen feminismoaren aldarriek azken boladan izan duten "oihartzuna" aipatu du Yecorak, eta argi utzi nahi izan du zer erran badutela auzi horri buruz: "Guk ez diogu inori esanen zer den gizon edo emakume izatea; ez dugu esanen nor den gizon edo emakume; ez ditugu ezarriko gauza bat edo beste izateko baldintzak. Genero autodeterminazioan sinisten dugu, eta, ondorioz, argi dugu nork bere burua definitzeko eskubidea duela". Hau da, "hamaika modu" daudela gizon, emakume edo bertze izateko. Kontua ez baita bazterra erdigunera eramatea, baizik eta erakustea erdigunea egon daitekeela bazterrean ere: aniztasunaren balioa eta genero adierazpen askotarikoen balioa nabarmenduko duen bazterrean, hain zuzen ere.

"Autoestimutik eraiki"

Biharko jardunaldiak biharko diskurtsoa sendotzera eraman nahi ditu EHGAMeko kideak; prozesu horretan, kolektiboko arduradunek ezinbertzean egin diote so orain arte egindako bideari, eta, gaurkoak eta atzokoak alderatuta, "pozik" erran du Oskar Sadak: "Iruditzen zait autoestimu polit batetik eraikitzen ahal direla gauza politagoak erresistentziatik bainoago; eta hori da guk gure borrokarekin egungo gazteei eman dieguna".

"Egungo gazte horiek jakin behar dute aurretik zer egin den; jakin behar dute hor daudela beste batzuek egindakoari esker", erantsi du Kepa Yecorak. Memoria jorratzeko beharra aipatu du Sadak ere, baina, bertze gauza guztien gainetik, "ahalduntzeko" urratsak jo ditu funtsezko: "Guk kaleak hartu genituen, eta, gisa berean, ahalduntzeko beharra dute egungo gazteek".

EHGAMeko bi kideek eskertu dute, hain zuzen ere, kolektibo horrek emandako "ahalduntzerako arnasa". Talde hori sortu zutenean baino anitzez ere kolektibo gehiago dago Nafarroan, gaur egun, eta ontzat jo dute hori EHGAmeko kideek. "Inportantea da erreferentziazko gune askeak izatea, are gehiago herri txikietan", erran du Yecorak.

Gune askeak izatea ez da nahikoa EHGAMeko kideentzat; gizarte aske bat nahi dute, bazterreko guztientzat. Argi dute gizarteak urratsak egin dituela azken hamarkadetan, eta, egun, bertzeak bertze, erakunde publikoen esku dira garai batean herritarrek sortutako kolektiboek eskaintzen zituzten zerbitzuak. Kattalingune du Nafarroako Gobernuak, adibidez, LGTBI+ kolektiboa artatzeko eta bere eskubideak babesteko.

"Aurrerapauso" horiek onartu dituzte EHGAMeko kideek, baina erakundeak "zaintzeko" beharra nabarmendu dute. Ez hori bakarrik: "Nork bere esparrua du; badira zerbitzu publikoak, batetik, eta bertzetik daude gure aldarriak. Osagarri izan daitezke, edo elkarren kontrakoak", azaldu du Yecorak. "Kritiko" izateko beharra erantsi du Sadak. Horretarako aukera izanen dute biharko jardunaldian. Hausnartzeko, kritiko izateko, eta sortzen jarraitzeko aukera.

Gorrien memoria

Gorrien memoria

Edurne Elizondo

Suhiltzailea da lanbidez, baina Mikel Huartek artxiboetako agirien artean sartu du burua azkeneko hilabeteotan, helburu garbi batekin: frankisten errepresioa sufritu zuten Osasuna taldeko kideen memoria jaso eta zabaltzea. Sare sozialetan hasi zuen bide hori, eta liburu batean jaso du orain, Txalaparta etxearen eskutik: Rojos. Futbol, política y represión en Osasuna (Gorriak. Futbola, politika eta errepresioa Osasunan). Gaur aurkeztuko dute, Iruñean.

Felix Monreal kazetariak emandako pistek eman zioten atentzioa Mikel Huarteri gaia lantzen hasteko. "Osasunako hainbat kidek 1936ko altxamendua gertatu eta gero errepresioa sufritu zutela aipatu zuen; izen batzuk eman zituen, eta gehiago ote ziren pentsatuz, bila hasi nintzen", gogoratu du Huartek.

Soziologiako eta Gizarte Laneko ikasketak egin zituen Huartek, baina futbola beti izan du pasio; jardunaldiak antolatu zituen Futbola ere lapurtu ziguten izenburupean, 2015ean, bertze hainbat kiderekin batera, dirua oinarri duen oraingo futbolari buruz hausnarketa egiteko.

Jardunaldi horien bidetik sortu zen Twitterren kontu bat irekitzeko asmoa: Huartek kontu horren bidez zabaldu zuen frankisten errepresioa sufritu zuten Osasunako kideen berri, iazko uztailaren 18an.

Interneten bidez egindako lan horri esker, ezagutzen ez zituen testigantzak eta datuak jaso ditu Huartek. Eta jasotako hori guztia behar bezala gordetzeko beharrak eraman du liburua egitera. "Osasunari buruzko liburuetan jaso izan da frankisten aldean hildako kideen berri Antonio Oloriz, Jose Bezunartea, Angel Avizcuri, Otxoa de Olza eta Dueñas; ez, ordea, frankisten errepresioa sufritu zutenena. Argi nuen memoria hori jaso eta errepresioa pairatu zutenei aitortza egin behar zitzaiela; arrastoa utzi zuten hamaika arlotan", nabarmendu du Huartek.

Bengarairen biografia

Frankistek Osasunako zuzendaritzako kide edo jokalari izandako sei fusilatu zituzten, 1936ko altxamendua gertatu eta gero: Eladio Zilbeti, Natalio Cayuela, Fortunato Agirre, Filomeno Urdiroz, Alberto Lorenzo eta Ramon Bengarai. 1920ko udazkenean sortu zen Osasuna kluba, eta Agirre eta Zilbeti izan ziren sortzaileetako bi. 1922an, Donibaneko zelaia ireki zuten, eta Espainiako Ligan 1928an egin zuen debuta taldeak. 1934-1935eko denboraldian aritu ziren gorritxoak lehen mailan aurrenekoz. 1936ko apirilean berriz jaitsi ziren. Uztailetik aurrera, halere, zelai barruko arazoak hutsean gelditu ziren, militarrak altxatu eta gero.

Frankistek hildakoen artean, nabarmentzekoa da Ramon Bengaraik egin zuen bidea. Horregatik, Huarteren eskutik sortutako proiektu beraren barruan, Osasunako zuzendaritzako kide izandakoaren biografia argitaratu du Katakrakek: Ramon Bengaray, Osasuna y república (Ramon Bengarai, Osasuna eta errepublika). Esther Aldabe historialariak sinatu du, baina argi utzita "talde lana" dagoela liburu horren atzean. Josu Chueca historialariak idatzi du hitzaurrea.

Historialaria ez ezik, "futbolzale amorratua" ere bada Aldabe: "Erraza izan zen Huarteren proposamenari baiezkoa ematea". Artxiboko agirien artean ezagutu zuten elkar, eta proiektuaren berri jaso bezain pronto erabaki zuen Aldabek Bengarairen biografia idazteko lanean inplikatzea. Lanbidez tipografoa zen Bengarai, baina "hamaika arlotan" egin zuen bidea: "Sindikalista izan zen, Iruñeko Orfeoiko abeslari, bai eta politikari ere", aipatu du Aldabek. Fronte Popularreko presidente izan zen Nafarroan; 1936an fusilatu zuten.

Bengarairen eta errepresioa sufritu zuten Osasunako gainerako kideen memoria "ezabatu" egin dutela nabarmendu du Aldabek. "Klubak berak ez du ahaleginik egin gertatu zena zabaltzeko. Orain plazaratu diren liburuen atzean ere herritarren ekimena dago", erantsi du historialariak. "Gorritxoen memoria jaso beharra zegoen; futbolaren esparruan egindako lanaz gain, herrialdeko gizartearekin eta kulturarekin ere konpromisoa hartu zuten", bukatu du Huartek.

Ezin utzi bertsoa bukatu gabe

Ezin utzi bertsoa bukatu gabe

Uxue Rey Gorraiz

Bertsoaren azkeneko puntuak oraindik ere kantatu gabe zirela gelditu ziren hutsik agertokiak joan den martxoan. Hain zuzen. urtarrilaren 31n hasi zen Bardoak Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketa. 96 bertsolari aritu ziren bertsotan, eta martxoaren 28an zen egitekoa txapelketaren final handia, Lizarran. Hori zuten asmoa, baina ez zen izan hura erdiesterik.

Hasi bai, baina bukatu ezinik gelditu zen Nafarroako Txapelketa, hura ere koronabirusaren pandemiaren eraginez. Ia zazpi hilabeteren ondoren, gaur emanen diote segida orduan erdizka gelditutako proiektuari. Batetik, Goizuetako finalaurrekoan lehiatuko dira Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeak. Bestetik, Jauntsaratsen izanen da Berako Lamixene eta Barañaingo Hego Haizea taldeen arteko norgehiagoka. Bi saio horietan erabakiko da Lizarrako finalera nor iritsiko den, urriaren 17an. Hain zuzen ere, dagoeneko sailkatua den Leitzako Atekaberts Komeni taldearen aurka ariko dira gaurko saioetako irabazleak.

Pandemiak bete-betean harrapatu zituen Bardoak, martxoan. Hain justu, Goizuetako eta Jauntsarasko finalaurrekoak egitekoak ziren egun berean ezarri zuen Madrilek alarma egoera, eta, beraz, saioak atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek. Baita finala ere, ezinbestean. Hala eta guztiz ere, Ander Perez Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez, antolatzaileek hasieratik izan zuten argi bertan behera utzi ez, atzeratu eginen zutela txapelketa. "Ez genekien noiz arteko etena izanen zen, baina beti egon gara hasia genuen proiektuari amaiera emateko borondatean". Ekainean egin zitekeela pentsatu zuten lehenbizi. Gerora, ordea, ohartu ziren orduan ere ez zela posible izanen, eta orain, udazkenarekin, bertsoei berriz heltzeko aukera ikusi dute. Txapelketa erdibidean uztea "ez litzateke sobera duina", Perezen esanetan.

Segurtasuna etengabe bermatua egon dadin, neurri bereziak hartuko dituzte txapelketako arduradunek datozen saioetan. "Ez dago ukatzerik pandemia batean gaudela, eta, beraz, neurriak hartu behar ditugula" azaldu du Perezek. Hiru saioetan, gaurko bietan eta Lizarrakoan, mugatu eginen dituzte edukierak. Finalean, esaterako, 180 lagun inguru bildu ahalko dira aretoan. Halaber, hiru saioetan derrigorrezkoa izanen da pertsonen arteko distantzia fisikoa mantentzea, eta ezinbestekoa izanen da maskara jantzita edukitzea. Gainera, ez da otordurik izanen bertso saioen ondotik.

Egoerak hala eskatuta, itxura desberdina hartuko du txapelketaren azken txanpak, baina, edonola ere, itzulerarako aukera izanen dira saiook askorentzat. Baldintza berrietara moldatzen jakitea da egin beharreko lehen urratsa, antolatzaileen esanetan.

Bertso gosea asetzeko

Pandemiaren eraginez, bertsolari asko luze izan dira plazara igo gabe, eta, Perezen ustez, horrek "ziurgabetasuna" dakar, nolabait. "Ez dakigu bertsolariak nola iritsiko diren, eta, are gehiago, ez dakigu nola erantzungo duen publikoak". Hala ere, uste du jendea "eroso" izanen dela saioetan, eta erdietsiko dutela Bardoek berezko ezaugarritzat duten "giro beroa" piztea. "Jendea gogotsu dago, eta guk ahal den guztia egingo dugu txapelketari bukaera duina emateko. Badakigu bertsolariek ere beren onena emango dutela, saioak ahalik eta gozagarrienak izan daitezen denontzat", adierazi du.

Koronabirusak gizartea astindu aurretik, bertsolaritza "sasoi onean" zegoen Nafarroan. Hala uste du Perezek. Badaki gaur egungo egoera bestelakoa dela, baina, aldi berean, itxaropentsu dago aurrerantzean gertatu daitekeenarekin, zailtasunak zailtasun. "Hau heldu aurretik sektorea osasuntsu bazegoen, esan daiteke orain zauritua dagoela bertsolaritza. Dena dela, sinetsia nago baduela nahikoa indar sendatu eta aurrera egiteko". Hala eta guztiz ere, elkarteko kideak gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela konfiantza ematea, hau da, oztopoak jarri beharrean erraztasunak ematea emanaldiak antolatu ahal izateko.

"Bestelako jarduera asko baimentzen direla ikusita, ulertezina da kulturaren inguruan sortu den mantra". Perezen ustez, bertso saioek zer ezaugarri dituzten kontuan izanik, "aise" bete daitezke neurriak, eta horixe bera erakusteko ere balioko dute saiook: agerian uzteko kultura segurua dela, eta, era berean, erakusteko bertsolaritzak baduela gaitasuna areto, plaza eta txokoak kantuz girotzeko eta alaitzeko, birus batek egunerokoa kutsatua duen honetan ere.