Nafarroa

Iritzia: Eskubidea edo pribilegioa?

Jon Barberena

Zerrenda hitza ez dut maiteenetako bat. Oroitzen naiz futbol partiduaren bezperan, entrenatzaileak paratzen zuen zerrenda idatzian, ni bezalako mutiko melengen izenik ez zela ageri han. Saminez oroitzen naiz, bozkatu arren, beti legez kanpoko izendatzen zuten zerrendaren baliogabetzea. Eta buruan iltzatua dut, irakasle gisa zerrendako azken muturrean egonik, sekula santan ailegatzen ez zen lanpostuaren kokapen geografiko perfektua. Zerrendak zerrendatuz bizitzaren ibilbide kronologikoa marrazten dugu, eta horretan gabiltza!

Orain Hezkuntzako zerrenden inguruko burrunba hedatu da gurean, eta ematen duenez, anitz jakitea ez da errentagarria Nafarroan. Ez behinik behin irakasle edo maisu-maistra euskalduna bazara. Ondokoak baino gehiago jakiteak bekaizten du barride elebakarra etxe honetan. Hala ere, anitz eta gehiago jakitea ez da sobera jakitea. Euskaldunak gara eta harro gaude, baina ez gara batzuek uste bezain harroak. Ikasteko eta hobetzeko prest gaude!

Valentzian, Balear Irletan, Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Katalunian, errate baterako, bi hizkuntzak menperatzen dituenak aukera du nahi duen hizkuntzan eskolak emateko. Doike! Normala da! Pertsona elebiduna ez ote dago gaitua bi hizkuntzetan eskolak behar bezala emateko? Nafarroan ematen duenez ez! Gehiago jakiteak aukerak murriztu egiten ditu. Gurean deus ez baita normala. Nonbait, Joseba Sarrionandiak erran bezala: "Euskeraz egitea normaltasunaren kontra egitea da".

María Solana kontseilariak duela guti zerrenda bakarra sortzeko erabakiaren aldeko keinua egin du eta alimaleko kalapita sortu du horrek. Nafarroan UPNren agintaldi luzeko papurrak mahai gainean ditugu oraindik. UPN, PP, Afapna, PSN, UGT eta CCOO euskaldunon itzalaren beldur eskizofrenikoa elikatzen dabiltzan bitartean, Ahal Dugu eta Ezkerra zalantza ulergaitzetan harilkatuak ditugu.

Oposizioak daudelarik, euskarazko eta gaztelerazko zerrendak ditugunez, ordu berean egiten dituzte bi azterketa frogak. Elebidunok behartuak gaude gaitegi bera izanagatik ere hizkuntza batean edo bertzean azterketa egiterat. Nahiz eta gaituak eta eskatzen diren ezaugarri guzti-guztiak bete, uko egin behar diogu bietako zerrenda batean egoteari. Normala ote da? Nafarroa da kontratazio zerrenda publikoak hizkuntzen arabera banatzen dituen bakarra.

Pribilegiatuak omen gara; zorionekoak! Medikua %100ean euskalduna dugun eremu batean bizi gara gu, unibertsitateko ikasketa guzti-guztiak euskaraz egin ditzakegun leku bukoliko batean eta administrazioak beti euskaraz erantzuten duen lurralde madarikatu batean. Zorionekoak gu, bi hizkuntza menderatuagatik, deialdi publikoetan bietako batean aurkezteari uko egin behar diogun sasoi honetan. Pribilegioa irakasle eta maisu-maistra elebakarrena da, ez gurea, gaztelerazko lanpostuen aukera beraiendako baita osorik gu bertan egoteko gaituak egonagatik ere. Ahal Dugu eta Ezkerrako zenbaiten zalantzak argitzeko erranen dut elebidunak garen irakasleon kontrako diskriminazio ikaragarria dela hau.

Ez dugu barkamenik eskatuko euskaldunak izateagatik, euskaraz bizi nahi izateagatik. Gure eskubideak ez dira pribilegioak, eta ulertzen ez duzuen bitartean, normaltasunaren kontra egiten segituko dugu normaltasuna Nafarroarat ailegatu artio.

Gerrak herritik botatakoak

Gerrak herritik botatakoak

Edurne Elizondo

Hamabi urte zituen Maribel Sembroizek Felix aita ezagutu zuenean. Irundik zeharkatu zuen muga, Hendaiara joan, eta aitarekin lehendabiziko aldiz bat egiteko. Felix Sembroizek 1936an ihes egin zuen Erriberri sorterritik. Emaztea eta zortzi hilabeteko alaba utzi zituen etxean. "Frontera joan zen, hiru anaiarekin; 1976. urtera arte ez zen itzuli". Gursen (Okzitania) izan zen Sembroiz. "Errefuxiatuentzako esparrua zen, baina beti aske izandako haiek preso sentitu ziren han".

1939tik 1945era egon zen zabalik Gurseko kontzentrazio esparrua. 1936ko gerratik ihesi joandako 6.000 euskal herritar pasatu ziren handik, tartean ia bostehun nafar. Frantziak errefuxiatu gisa hartu zituen, baina baldintza gogorrak pairatu zituzten, batez ere herri hori alemaniarren esku gelditu zenean.

Behartutako erbestera joan, eta historiak isiltasunera kondenatu ditu gerrak etxetik botatakoak, neurri handi batean. "Inork ez daki han zer gertatu zen, inork ez daki gure senideak han izan zirela", erran du Sembroizek. Nafar haien berri eman nahi du gobernuak orain, eta "aspaldiko zorra" kitatu. Horixe nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Zor hori kitatzen hasteko, Gursen egondako nafarrak omenduko ditu gobernuak bihar, kontzentrazio esparruan bertan. "Berandu gatoz, baina egin beharreko urratsa da". "Biziki" eskertu du Sembroizek keinua: "Eginen diguten aitortzak indartuko gaitu".

Maribel Sembroizek gorde du erbestera joandako aitaren memoria. Senideek urte luzez egindako lana eskertu du Ollo kontseilariak, hain zuzen, baina nabarmendu du gizarteak duela ardurarik handiena. "Memoria ezin da bakarrik senideen artean gelditu; memoria kolektiboa behar dugu". Horregatik, Gursekoak "gizarte osoaren omenaldia" izan behar duela argi utzi nahi izan du.

Goizeko hamaiketan eginen du gobernuak bere omenaldia. Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek, Nafarroako Parlamentuko buru Ainhoa Aznarezek eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakari Pablo Azkonak parte hartuko dute, bertzeak bertze. Arratsaldean bertze ekitaldi bat antolatu dute; Nafarroako agintariekin batera, Eusko Jaurlaritzakoak eta Akitania Berrikoak ere izanen dira bigarren horretan.

Orain, baso

Senideak izanen dira protagonista, halere. 200 inguru joanen dira Nafarroatik. Tartean izanen da Sembroiz, bai eta herri bereko Itziar Munarriz ere. Erriberriko memoria historikoaren aldeko taldean hasi zuen bere bidea Munarrizek, senarraren aitona eta haren anaia Gursen izan zirela jakin eta gero. Bideko Mitxingorria elkarteko kide ere bada. Gursen egona da jada Munarriz. "Kontzentrazio esparru izandakoa baso bat da orain". Gerratik ihesi joandakoek ezagutu zuten Gurs hura irudikatzeko, halere, esparrua osatzen zuten barrakoietako baten erreplika zutik da, Oloroeko (Okzitania) Terres de Memoires et de Luttes elkarteko kideen lanari esker. "Hunkitzen zaitu han sartzeak; han izan zirelako gure senideak, baldintza hagitz gogorrak sufritzen. Lokazti batean eraiki zuten esparrua".

Munarrizen amaginarreba da Saturnina Txibite; haren aita Sebastian Txibite ez zen inoiz itzuli Nafarroara. "Alabak behin baino ez zuen ikusi, mugan". Sebastianen anaia Tomas Txibitek, berriz, Txilerako bidea hartu zuen. "Erriberriko zinegotzia zen gerrak eztanda egin zuenean. Winnipeg ontzian egin zuen Valparaisorako bidaia". Bere familiarenaren gisako bertze hamaika "istorio izugarri" utzi zituen erbesteak, Munarrizen hitzetan, eta istorio horiek zabaltzeko lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du. "Egia, justizia eta ordaina eskatzen ditugu, baina oraindik ez dakigu zer gertatu zen ere; datu anitz falta zaigu".

Erbesteari buruzkoek, hain zuzen ere, gutxi ikertutako adarra osatzen dutela argi du Fernando Mendiola historialariak. "Zenbait herritar Kataluniara joan ziren, eta, errepublikaren aldeko borroka guztiz amaitu zenean, Gursera eraman zituzten; oraindik ez dakigu, halere, zenbat jendek ihes egin zuen Nafarroatik lehen asteetan". Mendialdetik, batez ere, anitzek kanporako bidea hartu zutela jakina da, baina errealitate horri buruzko datu zehatzik ez dela azaldu du Mendiolak.

"Erbesteko eguneroko hori ez da hartzen herrialdean gertatu zen errepresioa bezain gordintzat; horrek ekarri du, hilketen aurrean, bestelako errepresio motak bigarren mailan gelditzea", erantsi du historialariak. Hainbertze ikertu ez diren errepresio mota horietako bat da indarkeriaren mehatxuaren ondorioz alde egin behar izan zutenen erbestea, baina badira bertze hainbat, Mendiolak nabarmendu duenez: "Bortxaz lanean aritu zirenak, genero indarkeria, errepresio ekonomikoa...".

Adar horietan sakontzeko beharra berretsi du historialariak. Gursi buruz, Nafarroako historiak zor bat baduela argi du Mendiolak. Auzia anitzez ere zabalagoa dela gaineratu du, gainera. Izan ere, euskal herritarrak ez ziren izan Gursen egondako bakarrak. "Alemaniatik ekarri zituzten juduak Gursera. Nazien lehen asmoa izan zen juduak Alemaniatik ateratzea; gerrak aurrera egin ahala, juduen herria akabatzea hartu zuten xede. Gursera ekarritakoak, ondorioz, berriz ere eraman zituzten haiek hiltzeko esparruetara. Gurs hain hurbil izanda, jakin beharko genuke han zer gertatu zen".

Memoria lantzeko eta historiak dituen hutsuneak betetzeko lan horretan aspaldi murgildu zen Mendiola. Bide berean urratsak egin dituzte hainbat elkartek, azken hamarkadetan. Mendiolak txalotu nahi izan du, hala ere, oraingoan ekimena Nafarroako Gobernuarena izatea; erakunde horrek antolatu izana Gursen izan ziren nafarren aldeko omenaldia. Esker ona agertu du, halaber, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidente Jokin de Carlosek. "Guk egin izan ditugu omenaldiak Gursen, baina behar zen gobernuak hartzea zeregin horren ardura", nabarmendu du.

Gursen bezala, bertze hainbat kontzentrazio esparrutan ere nafarrak izan zirela gogoratu du De Carlosek. Mendiolarekin bat egin du, ordea, eta onartu du, oraindik ere, gutxi jakin dela herrialdetik urrun joan zirenei buruz. "Historialariek lanean jarraitu behar dute". Gobernuak ere zer egin baduela argi du fusilatuen senideen elkarteko buruak. Ontzat jo du fusilatuen gorpuzkiak lur azpitik ateratzeko egindako ahalegina, bai eta DNA bankua osatzekoa ere.

Eskoletan landu

"Hamaika gauza badira egiteko, baina denbora kontra dugu, eta hobiak bilatzea eta zabaltzea hartu dugu lehentasuntzat", azaldu du Ana Ollo kontseilariak. Aitortu du iaz Olaben egindako indusketetan egoteak "hunkitu" egin zuela. Ezkabatik ihes egindako hamalau preso fusilatu eta lurperatu zituzten herri horretan. Aranzadiko kideek aurkitu, eta lur azpitik atera zituzten gorpuzkiak. "Hezurrak agertu ziren, baina ez bakarrik; botoiak, arkatz bat... bizitza baten arrastoak ziren. Norbaitek esan zuen 18 urte zituztela. Gaizto izateko denborarik ere ez zutela izan pentsatu nuen. Gogorra izan zen".

Horren berri eman behar dela argi du Ollok. Garrantzitsutzat jo du, ondorioz, memoria historikoa lantzeko institutuetan hasitako lana. Programa horren bidez, hain zuzen, Gursen izan dira, adibidez, Iruñeko Iturrama eta Barañaingo Alaitz zentroetako ikasleak. Bihar, 200 nafar izanen dira Okzitaniako kontzentrazio esparru horretan. Han izan ziren nafarrak gogoratzen. Erbesteko memoria osatzen. Ezagutzen.

Gurs gogoan

Josu Chueca

Aspaldidanik, lana zela medio, Pirinioetako bortuezko beste aldean, Zuberoan zein Biarnon, laketu ziren erronkariarrak, zaraitzuarrak zein aetzak. Baina, 1939ko apirilean, Espainiako gerla zibila amaitutzat jo zuten egunetan, Euskal Herri osoko milaka lagunek aterpe berezi bezain latza izan zuten, Gurs deituriko herrixkako lurretan, beraientzat eraiki zuten kontzentrazio esparruan.

Hara iristeko egindako bidea ez zen gerra aurrean, ohikoa zutena, Orbaizetatik Azpegin barrena Ezterenzubira, Izabatik Arrakogoitik Santa Grazira, Kataluniatik baizik. Izan ere, Pirinioetako beste muturretik, Le Perthusetik, Aresko lepotik Argelesera, Le Barcaresera eta Saint Cyprien bezalako kontzentrazio ondartzetara jo behar izan zuten Frantziako armadak agindurik.

Askatasuna, Anaitasuna, Berdintasuna goreneko idealak zituen lurralde frantziarrean kontrakoa pairatu behar izan zuten frankismotik iheska erbesteratu ziren milaka garaituek. Izan ere, harrigarria bezain tamalgarria izan zen Frantziako agintarien jarrera errefuxiatu horiekiko. Itsasoa, ondarra, zerua, txarrantxak eta mota guztietako jendarme zein militar frantziarrak izan baitziren Roussilloneko ondartzetan, 1939ko otsailean, milaka metatu ziren errefuxiatu horien ortzemugak.

450.000 gizakik pairatu zuten erbesteratze masiboena, Retirada deitua izan dena burutzeko, miliziano ohientzat kontzentrazio zelai ugari eratu zituen Daladierrek gidatzen zuen gobernuak. Hori dela medio, Bram, Septfonds, Agde, Le Vernet, Gurs bezalako errefuxiatu zelaiak altxatu zituzten, azkar osoz, eskualde desberdinetan. Euskaldunentzat, geografikoki zein giza ikuspegitik gertuena suertatu zena Gursekoa izan zen. Auñamendiko magalean, Ospitaletik 5 kilometrotara, eta Mauletik 18tara. Harrera Zelaia (Camp d'Accueil) izena zuen Gursekoak ongi islatu zituen 1939ko harrera horren kontraesanak. Gudari eta miliziano ohiek Ipar Euskal Herrira hurbiltzea helmuga bazuten ere, Jean Ibarnegaray bezalako diputatu ultraeskuindarraren oposizioa jasan izan zuten hori oztopatzeko. Hori dela medio, Biarnoko herrixka horretan ezarri zuten aipatutako zelaia.

Dena den, hori ez zen okerrena, ezta urrundik ere. Harrera zelaia izateko atondu zutenak kontzentraziokoen ezaugarriak azkar oso eta betirako hartu baitzituen. Horrela sentitu zuten hor barneraturik suertatu ziren gehienek, bere idazkietan eta testigantzetan adierazi zuten lez. Euskara bikainean, Gesalibar-ek zehazki laburbiltzen zuen Gurseko egonaldia, 1939ko apirilean, honako hau idatziaz: "Eskubide motzak, janari gutxi, zaindari gehiegi".

Jakina, egoera hori askoz latzagoa suertatu zen 1940az geroztik. Izan ere, Bigarren Mundu Gerlaren eraginez, Espainiatik alde egindako errefuxiatuentzat prestaturiko behin-behineko zelaiak iraunkortu egin zuen, Frantzia osoan barrena indesirables sail zabal horren pean sartzen ziren gorriak, juduak, nazismotik alde egindakoak, paperik gabekoak... izandako atxilotuak Gurseratuak izan zirenean.

Gurseko zelaia, orduan eta bere bukaera arte, agintari frantziarren menpe egon bazen ere, Europa naziaren kate errepresiboaren beste kate maila tamalgarri bihurtu zen. Harrera gune bezala hasi zen errepresio latzenaren tresna bitarte bihurtu zen. Egun 1930-1940 gerren tartean hor egondakoen omenaldia prestatzen ari garenean, beharrezkoa da gogoraraztea 2017ko Europan 1939ko Gurseko txarrantxak zein askatasunik eza direla gure "harrera" milaka errefuxiaturentzat.

Beste kartzela politika baten alde

Beste kartzela politika baten alde

Kattalin Barber

Nafarroak espetxe eskumenak osorik hartzeko eskatu du Salhaketak, parlamentuan. Ez da lehen aldia. Elkarteak aspaldikoa du aldarrikapen hori. Orain, beste urrats bat egin du: gobernuak espetxeko eskumenak osorik bereganatzeko txosten bat landu du, eta parlamentuko taldeen aurrean aurkeztu. Bide "luze eta gogorra" dute aurrean, Salhaketako ordezkari Libertad Francesen hitzetan, baina, eskumenak osorik hartu bitartean, uste du Nafarroak ahalegina egin dezakeela kartzelako osasun, hezkuntza edo gizarte zerbitzuetako eskumenak bereganatzeko. Eskumenak osorik lortuta, gainera, Iruñeko kartzelan espetxe politika propioa ezartzea posible litzatekeela erantsi du.

1982. urteko Foru Hobekuntzak berak jasotzen du Nafarroak eskumenak osorik hartzeko eskubidea duela, Francesek azaldu duenez. "Ahalegin gehiago egon dira, baina, azkenean, aldarrikapen horiek indarra galduz joan dira". 2012an kartzela berria ireki zutenean, alderdi guztiek nabarmendu zuten garrantzitsua zela espetxe arloko eskumenak hartzea, baina ezer gutxi egin da geroztik, Francesen arabera.

Kartzelaren eskumenak eskatzeko arrazoi politiko eta legalez gain, arrazoi sozialak nabarmendu ditu Francesek. "Espetxearen funtzionamendua hobetzen lagunduko luke, eta preso direnen baldintzek ere hobera eginen lukete. Aukera, behintzat, bada. Eztabaidatu ahalko genuke zer espetxe mota nahi dugun".

Joan den astean, Nafarroako Parlamentuan egon ziren Salhaketako kideak, beren txostena aurkezten: "Taldeek eskumena hartzearen aldeko jarrera agertu dute, nork bere ñabardurak izan arren. Egia esan, kontrakoa gertatu izan balitz, ez genukeen normaltzat hartuko". Osasunaren aginpidea, gainontzeko biak ez bezala, oraindik ez dago Nafarroaren esku, eta, alde horretatik, eskuratzearen aldeko jarrera azaldu zuten parlamentuko talde guztiek. "Hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan, Nafarroak eskumenak ditu libre diren pertsonentzat. Eskatzen duguna da preso daudenentzat ere izatea".

Salhaketak dituen datuen arabera, Nafarroako 200 pertsona inguru Iruñekoa ez den beste kartzelaren batean daude zigorra betetzen. "Nafarroak eskumenak lortzean, nahi dutenek aukera lukete Iruñeko kartzelara lekualdatzeko".

2012. urtean ireki zuten Iruñeko kartzela berria, protesta artean. Espetxe berriaren aurka azaldu da Salhaketa elkartea ere, hasieratik, "makrokartzela delako, eta foru erkidegoaren beharretarako gehiegizkoa delako". Santa Luzia muinoan dago, eta bi eraikin ditu: batetik, kartzela bera, eta, bestetik, gizarteratzeko gunea. Iruñeko espetxe zaharra 1901ean egin zuten, eta 100 ziega zituen. Euskal Herriko kartzelarik zaharrena zen. Gaur egungoak, berriz, 504 ziega dauzka —bi lagunentzako tokia du bakoitzak—, eta beste zentroak, 51 gela bikoitz. Horrez gain, formakuntzarako, tailerretarako, kirola egiteko eta ikus-entzunetarako guneak ditu. Ehun milioi euroren kostua izan zuen obrak.

Kartzelaren gabeziak

Kartzela berriaren gabeziak asko dira: "Baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen falta handia dago. Ondorioz, ikastaro gutxi egiten dira, lanposturik ez da sortzen presoentzat, eta ikasteko aukera zailtzen zaie. Kexa asko daude". Espainiako Espetxe erakundearen azken datuen arabera, 294 preso daude Iruñeko kartzelan: 270 gizonezko eta 24 emakume.

Espetxe zaharrarekin alderatuta, %30 egin du gora presoen kopuruak azken urteotan, Francesek azaldu duenez. "Ez dute langile gehiago kontratatu. Hamar modulu daude, baina hiru bakarrik daude irekita". Francesek salatu du, gainera, lehenago Nafarroak bazuela aukera espetxeko zuzendaria edo barruko beste hainbat profesional izendatzeko. "Hori ere berreskuratu beharko genuke". Gainera, 2014tik, Nafarroako Gobernuak ez du inolako ekarpen ekonomikorik egiten.

"Elikadura, hotza, beroa, megafoniaren soinua.... Kartzela oso hotza da. Kartzela egin zutenean, segurtasuna baino ez zuten buruan". Eskumenak lortuz gero, gobernuak aukera izanen luke espetxe politika propioa ezartzeko: "Eskumenekin Nafarroak kartzela arautuko du. Arau horiek gaur egungoak bezain murriztaileak izan daitezke, baina aukera badago bestelakoak egiteko eta onuragarriagoak izateko. Eztabaidarako aukera sortu daiteke, eta egoera aldatu".

Apirilean, Nafarroako Unibertsitate Publikokoarekin batera, espetxe ikasketei buruzko XII. jardunaldia antolatu zuen Salhaketak, Espetxea, osasuna bermatzen ez duen erakundea izenburupean. "Iruñeko espetxean —eta gainerako espetxeetan— ez da pazienteen legea bermatzen, eta ezin dute haien historia klinikoa ikusi. Mediku espezialistarengana joateko arazoak daude, zaintzeko pertsonak falta direlako. Emakumeen moduluan ez dago erizaindegirik, ez da menu osasuntsu bat ematen, eta ez dituzte errespetatzen barazki jaleak ezta diabetikoak ere, adibidez".

Eztabaidari "bultzada" eman nahi diote Salhaketakoek, eta lanean jarraitzeko asmoa berretsi du elkarteak.

Garaikidea, eta euskaraz

Garaikidea, eta euskaraz

Kattalin Barber

Euskaraz ekoizten den arte garaikideak bere tartea izanen du Iruñean, gaur hasi eta urriaren 25era bitarte. Euskarazko taularatze, adierazpen modu eta idazkera eszeniko berritzaileen erakusleiho bat sortzeko asmoz, Garaikide ekinaldia jarri du martxan Iruñeko Udalak. Antzerkia, dantza garaikidea, musika eta, oro har, kategoria bakarrean sailkatzeari ihes egiten dioten lanak eskainiko dituzte Ziudadelan, Kondestablearen Jauregian, Iturramako Civivox aretoan eta Nafarroako Antzerki Eskolan.

Euskarazko adierazpen artistiko garaikidearen erakustaldia da Garaikide zikloa, Iñaki Azkona Iruñeko Udaleko euskara koordinatzaileak azaldu duenez: "Euskaraz obra asko egiten ari dira garaikidetasun kontzeptu horrekin: estiloak nahastu dira, eta garrantzitsua da euskaraz aritzen den jendearen gauzak erakustea eta egileak bultzatzea".

Gozamen estetikoaz harago, zikloak beste helburu bat duela adierazi du Azkonak: "Euskarazko kultur programazio osoak bi helburu ditu: batetik, kultur jarduera da, edozein hizkuntzatan egiten dena. Bestetik, euskaraz egiteak badu beste balio erantsi bat: euskarazko espazio bat sortzen da. Gurearen gisako hizkuntza gutxitu batentzat oso inportantea da espazio hau sortzea. Garaikide ez da bakarrik kultura, hizkuntza politika ere bada". Kasu honetan, arte mintzaira berritzaileetan, euskara erabili izan ohi den proposamen eta formatuetatik harago doa Garaikide.

Gaurtik aurrera, zazpi proposamen garaikide aurkeztuko dituzte oholtza gainean. Asier Zabaletak zuzendu eta bost dantzariz osatutako Ertza dantza konpainiak emanen dio hasiera Garaikideri, gaur, 19:30ean, Iturramako Civivox aretoan. Diziplina anitzeko Hariak obra aurkeztuko dute. "Dantza garaikideak, tamaina errealeko txotxongiloek eta Harkaitz Canoren testuek bat egiten dute obran istorio errealak kontatzeko", Azkonak azaldu duenez.

Mursego eta Amorante izanen dira zikloko bigarren proposamenaren protagonista. Kontzertua bihar izanen da, 19:30ean, Iturramako Civivox aretoan. Bi musikariek Banpiro maitaleak ikuskizuna aurkeztuko dute. Hiru zati ditu: zati batean, elkarrekin joko dituzte zenbait abesti; eta, gainerako bietan, nork bere errepertorio propioa aurkeztuko du.

Askotarikoa

Miss Karaoke abangoardiako antzerki emanaldiarekin, berriz, hausnarketa bat egin nahi du Metrokoadroka Kolektiboa & Pez Limbo taldeak, "umorea eta absurdoa oinarri hartuta" eta "jakiteko zerk definitzen dituen pertsonak, edo nortasuna aukeratu ote daitekeen". Lan hori Nafarroako Antzerki Eskolan erakutsiko dute, urriaren 4an, asteazkenarekin, 20:00etan.

Leku eta ordu berean, baina urriaren 10ean, asteartearekin, Beheko Larraine taldeak Atte hil aurretik lana aurkeztuko du. Maika Etxekopar da zuzendaria, eta Miren Tirapu ariko da sortzaile eta protagonista lanetan. Baserri bateko inauteriak eta jada hilda dagoen amatxi batek kontatutako ipuin bat dira istorioaren oinarri.

Publiko orokorrerako saioez gain, Garaikidek ikasleentzako emanaldiak eskainiko ditu, goizez, urriaren 16an eta 17an. Vaiven Producciones taldeak, Gaiarre Antzokia Fundazioarekin elkarlanean, Treblinkara azken trena obra taularatuko du. Bi goiz horietan eskoletako ikasleentzat antzeztu ondoren, Ziudadelako Arma aretoan eskainiko dute lana, doan, urriaren 17an, asteartearekin, 20:00etan. Obrak berrehun haur juduren istorioa kontatzen du; 1942an, Varsoviako umezurztegi batean bizi dira haur horiek, haien lege eta araudi propioekin bat, harik eta uztera behartzen dituzten arte, trenez Treblinkako kontzentrazio esparrura joateko. "Ahalegin handia egin dugu obra hau ekartzeko".

Erakusketaren dantza garaikideko bigarren proposamena Idurre Azkue dantzariak eta Joseba Irazoki musikariak aurkeztuko dute, urriaren 23an, 19:30ean, Kondestablearen Jauregiko Areto Gotikoan. Dantzagurea obraren oinarria dantzatzeko jarduera bera da, bai eta sortzen duen askatasun espazioa eta soinuak gorputzean duen eragina ere.

Zikloa bukatzeko, Horman Poster taldeak Iragan perfektua performancea aurkeztuko du, urriaren 25ean, 19:30ean, leku berean: Kondestablearen Jauregiaren Areto Gotikoan. Ibilbide moduko bat egitea da taldearen proposamena, nork bere haurtzaroa bilatze aldera, dantza, antzerkia eta irudia baliatuz.

Iritzia: Pozoia

Lohizune Amatria
Sarean bideoak ikusten ari nintzela, honako hau gertatu zitzaidan aurrekoan. Ez dakit ongi nola, baina, tarte bat pasata, Nigeriako bideoak ikusten ari nintzen. Gobernuz kanpoko erakundeek egiten dituzten horietakoak ziren gehienak. Ha...

Gehiengoa mugitzeko trena

Gehiengoa mugitzeko trena

Edurne Elizondo

Mahai gainean jarraitzen du Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko abiadura handiko trenaren inguruko eztabaidak. Nafarroako lehendakariorde Manu Aierdik agerraldia egin du asteon, eta "hagitz haserre" eta "etsita" agertu da Espainiako Sustapen Ministerioaren jokabidearekin. Izan ere, AHTaren nafar korridorea eraikitzeko ituna eten, eta lanen kudeaketa bere gain hartzeko asmoa agertu zuen ministerio horrek, joan den astean.

Gobernuon arteko tirabirak ez ditu batere harritu Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. "Iragarritakoa betetzen ari da", nabarmendu du erakunde horretako kide Pablo Lorentek. Nafarroako egungo eta aurreko gobernuek, bai eta Espainiakoak ere, garraio eredu bera defendatzen dutela argi du Lorentek, eta agerian utzi du, abiadura handiko trena egiteko proiektuaz harago, Etxabakoizko geltoki berria egiteko Ugep udalerriz gaindiko eragina duen planari eustea dela AHTaren aldekoen asmo nagusia. "Plan horrek aurrera jarraitzen badu, abiadura handiko trena egin edo ez, azpiegitura horren aldekoek nahi dutena lortu izanen dute: kolpetik aberasteko bertze hirigintza proiektu bat", salatu du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Gogor kritikatu du Geroa Bairen jarrera, UPNk markatutako bide beretik aurrera egiteagatik, trenbidearen eta bertze hainbat auzitan.

AHTari eta Etxabakoizko udalerriz gaindiko eragina duen planari atea itxi nahi die Sustrai Erakuntza fundazioak, eta, horretarako, tren publiko eta sozialaren aldeko proposamena aurkeztu berri du erakunde horrek jendaurrean. "Gehiengo sozialaren garraio beharrei eman behar zaie lehentasuna", nabarmendu du Lorentek. Proposamen irekia da, eta herriz herri aurkezten hasi dira jada fundazioko kideak. Lorente Tafallan izan zen, atzo, prestatu duten planaren berri ematen; datorren astean, berriz, Altsasun (hilaren 26an), Tuteran (hilaren 27an) eta Iruñean (hilaren 28an eta 29an) izanen dira Sustrai Erakuntzako kideak.

Trenbideari buruzko bere proposamena egiteko ideia duela bi urte hasi zen mamitzen Sustrai Erakuntza fundazioa. Orduan, auzi horri buruzko ponentzia egiteko aukera aipatu zieten erakunde horretako kideek Nafarroako Gobernua babesten duten lau taldeei. "Geroa Baik, ordea, betoa jarri zion aukera horri", gogoratu du Lorentek.

Mugikortasunaren inguruko lantaldea jarri zen martxan horren ordez, trena zehazki aipatu gabe, baina horrek ere ez du bere egin beharrekoa bete, Sustrai Erakuntzaren hitzetan: "Urtebete baino gehiago darama bilerarik egin gabe. Gobernuari eta parlamentuari ikerketak eskatu genizkien, baina ez dute deus egin".

Uda baino lehen, jendaurrean agertu zen Sustrai Erakuntza fundazioa trenaren alde, garraio publiko eta sozialerako eredu egoki gisa. "Administrazioaren erantzunik jaso ez genuenez, gure proposamena prestatzeari ekin genion", azaldu du Pablo Lorentek. Lan horren emaitza da fundazioaren tren publiko eta sozialaren aldeko proposamena.

Gehiengo sozialaren beharrak aipatu ditu Lorentek. Garraioaren esparruan, egungo tren zerbitzua "eskasa" dela agerian utzi du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak, hain zuzen ere, eta, beharrei erantzun ahal izateko, egungo azpiegiturak moldatu beharko liratekeela nabarmendu du. Helburua litzateke, betiere, herrialdeko hiri eta herrien arteko oreka bilatzea, eta, ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik, "zerbitzu iraunkorra" eskaintzea. Orekari dagokionez, AHTak aurrera eginez gero, egun geltokia duten hainbat herrik lotura galduko lukete, tartean Tafalla.

Tafallan eta eskualde bereko bertze hainbat herritan Erdialdea Trenaren Alde izeneko plataforma jarri zuten martxan, hain zuzen ere, duela lau urte. AHTa egiteko proiektuak kalte eginen ziela ikusita, beren beharrak kontuan hartuko dituen zerbitzu baten alde aritu dira, geroztik, lanean. Espainiako Sustapen Ministerioak lanen kudeaketa bere gain hartzeko asmoa agertu eta gero, prestatutako mobilizazioei eutsi die plataformak. "Proiektuak aurrera egiten badu, erdialdean bizi garen herritarrok trenbiderako lotura zuzenik gabe geldituko gara, bai eta Tafallako geltokia erabiltzeko aukerarik gabe ere", nabarmendu du Mauricio Olite plataformako bozeramaileak.

Urriaren 7rako manifestaziora deitu dute plataformako kideek, hain zuzen ere, egun duten zerbitzuari eusteko eta hobetzeko, Sustrai Erakuntza fundazioak egindako proposamenaren bidetik. Egungo egoera hobetzeko, hain zuzen ere, Europak zehaztutako zabalera izanen lukeen hirugarren errailaren alde egin du plataformak. Ezin dugu trena galdu lelopean prestatu dute urriko protesta. Iaz, adibidez, 50.000 erabiltzaile pasatu ziren Tafallako geltokitik. Erdialdeko 27 herrik bat egin dute plataformarekin.

"AHTarekin Tafallak galdu eginen luke; galduko luke erdialde osoak, galduko luke Sakanak, bai eta Erriberak ere. Eta Iruñeak ere bai. Etxabakoizko kolpez aberasteko hirigintza proiektua egiten badute, denok galduko dugu, denon diruarekin ariko liratekeelako gutxi batzuen interesen alde", berretsi du Lorentek.

HAMAR URTERAKO PLANA

"2018tik 2028ra egiteko, tren publiko eta sozialaren aldeko apustua egiten dugu, garraiobide iraunkor, herritar eta demokratikoa delako". Hori da Sustrai Erakuntza Fundazioaren apustua. Estatu mailako datuak jarri ditu mahai gainean, aldatu beharreko errealitatearen adierazgarri: "Bidaiarien %5 eta salgaien %3,8 baino ez dira mugitzen trenez". Gehiago erran du: "Egungo tren sarea mantentzeko eta inbertitzeko erabilitako euro bakoitzeko, 60 xahutu dituzte abiadura handiko trenetan", Sustrai Erakuntzak agerian utzi duenez; hau da: 60.000 milioi euro, azken 30 urteotan.

Sustrai Erakuntzak salatu du erabaki horrek ekarri duela salgaien tren bidezko trafikoaren %60 galtzea, azken hogei urteotan. Txostenak nabarmendu du AHTaren errentagarritasunik eza erakusten dutela datuek, eta Europatik ere eskatu diotela Espainiari, bertzeak bertze, azpiegitura proiektuak ebaluatzeko behatoki independenteak sortzeko.

ZERBITZUA

Gehiengoaren beharrei erantzuteko, lehentasuna distantzia motz eta ertaineko bidaiak direla erran du Lorentek; hau da, aldiriko eta eskualdeko trenek eskaintzen duten zerbitzua. "Asmoa da ondoko herrialdeekin zirkuitu bat osatzea, 05:00etatik 23:00etara etengabeko zerbitzua eskaini ahal izateko".

Aldiriko zerbitzuak bi gune nagusi izanen lituzke: bat Iruñe inguruan, eta bertzea, berriz, Tutera inguruan. Aragoi (Espainia)-Tutera eta Altsasu-Araba eskualdeak lotzeko zerbitzua ere mahai gainean jarri du Sustrai Erakuntzak prestatutako proposamenak. Asmoa da Ebroko arana, Erribera, Erdialdea eta Sakana hobeki egituratzea.

Egungo geltokiak hobetzea eta bertze hainbat berri zabaltzea proposatu du Sustrai Erakuntzak zerbitzu hori eskaini ahal izateko. "Xedea da Nafarroako trenbidean izan diren geltoki eta geraleku guztiak berreskuratzea". Aurten, adibidez, Pitillas, Lakuntza eta Bakaikuko geralekuak bazter gelditu dira. Horiek berriz ere martxan jartzeko asmoa agertu du Sustrai Erakuntzak, bai eta Berriozarren eta Iruñean geraleku berriak zabaltzekoa ere.

Bidaia luzeetan ere aldaketak proposatu ditu Sustrai Erakuntzak: Madril eta Iruñe arteko bidaien maiztasuna handitzea, eta egunean zortzi egitea; bai eta Donostia eta Bartzelona artekoena ere Iruñearekin bat egiten dute, egunean sei egiteko.

AZPIEGITURA BERRIAK

Egungo azpiegitura du oinarri Sustrai Erakuntza fundazioak prestatu duen proposamenak. Hori moldatzeko beharra badago, halere, eta erakundeak zehaztu ditu egin beharreko urratsak. Batetik, bidea bitan banatu behar dela agerian utzi du Sustrai Erakuntzak, trenak gurutzatu ahal izateko. Horrek aukera emanen du ibilbide osoan bide bikoitza egiteko. Bi bide horietan hirugarren errailaren teknologia ezartzeko beharra nabarmendu du fundazioak, europar zabalerako trenek ere pasatzeko aukera izan dezaten. Bertzetik, oraingo ibilbidea hesiz inguratzeko aukera jarri du Sustrai Erakuntzak mahai gainean, abiadura handitzeko asmoz. Edonola ere, urrats hori egiteko ingurumenean izanen lukeen eragina "ongi aztertzeko" beharra nabarmendu du, eta animalientzako pasabideen alde egin du, beharra dagoen tokietan.

SALGAIAK

Abiadura handiko trena egiteko proiektuak ez du salgaiak garraiatzeko aukera jasotzen. Hori "ezinbertzekotzat" jo du Sustrai Erakuntza fundazioak, ordea. Lorentek Volkswagen enpresarekin gertatzen dena jarri du mahai gainean, egungo egoeraren adibide gisa: "Lantegitik egunean 50 kamioi ateratzen dira, eta hiru tren. Gure proposamenaren bidez, lor dezakegu kamioi horiek guztiak ateratzea errepidetik; berdin gertatuko litzateke bertze hainbat enpresaren kasuan", azaldu du.

Proposamenak jasotzen du hainbat tokitan salgaiak trenbide sarera eramateko loturak jartzea, zehazki Tuteran, Castejonen, Tafallan, Noainen, Landabenen eta Altsasun. Noainen, asmoa da trenbide sarea garraioaren hiriarekin lotzea, "hango salgai guztiak trenez garraiatu ahal izateko".

Lorentek gogoratu du AHTaren aldekoek Europak ezartzen dituen arauak betetzeko beharra nabarmendu dutela. Izan ere, Sustrai Erakuntzak 575 metro luze diren trenak erabiltzeko aukera jasotzen du bere proposamenean. "Europak dio 750ekoak behar dutela izan; arazo hori bagoi gehiago jarrita konpon dezakegu, lasai aski", azaldu du Lorentek. Egungo errealitatearen berri ematen duen datu bat aipatu du, salgaiak trenez garraiatzeko beharra nabarmentzeko: "Gaur egun, salgaien %1 baino ez da mugitzen herrialdean garraiobide horren bitartez".

Tren publiko eta sozialaren aldeko proposamenaren bidez, garraioarekin lotutako auzi bat baino gehiago jarri du Sustrai Erakuntzak mahai gainean. Horixe nabarmendu du Lorentek: "Giza harremanak, harreman ekonomikoak eta ingurumenari buruzkoak ulertzeko modua dago jokoan. Hori da benetako aldaketarako oinarria".

Irratia hartu dute bozgorailu

Irratia hartu dute bozgorailu

Edurne Elizondo

Ahalduntzen jarraitzeko uhinak. Buruko gaitza dutenen aldeko lanean urratsak egiten segitu nahi du Mejorana elkarteak, eta irratia hautatu du, orain, aurrera egiteko bide: Locura Transistoria izeneko saioa jarri dute martxan taldeko kideek, Atica katean. Astelehenean egin zuten lehendabiziko programa, eta, aurrerantzean, hamabost egunean behin ariko dira, 13:00etatik 14:00etara (FMko 106.4).

"Nahi genuen zerbait egin, irrati saio bat prestatu, edo aldizkari bat argitaratu. Ideia hori aztertzen ari ginenean, Atica irratiak programa bat egiteko aukera proposatu zigun, eta, irratiaz deus ez badakigu ere, onartzea erabaki genuen". Sandro Iaboni mikrofonoaren aurrean aritu da Mejorana elkartearen estreinako saioan. Hasi baino lehen urduri zela aitortu du. Urduritasunaren gainetik, halere, beren mezua uhinen bidez zabaltzeko gogoa nagusitu da Mejorana elkarteko kideen artean. Adimeneko osasun arazoak dituztenek osatzen dute taldea. Hamar urte bete ditu elkarteak aurten. Aisialdia lantzeko asmoz sortu zen, baina azken urte eta erdian bertze norabide bat hartu du: ahaldundu nahi dute kideek, estigmaren aurka eta bertze psikiatria eredu baten alde lan egin. Beren prozesuetan parte hartu eta erabaki nahi dute, gainera, hitza hartu, egungo "eredu paternalistatik" urruntzeko.

Maiatzean, gaixoak ohera lotzeko sistemen aurkako elkarretaratzea egin zuten Mejoranako kideek, Iruñean, Osasunbideak Oliveto kondearen etorbidean duen egoitzaren aurrean. Sistema horiek pairatzen dituztenek egindako lehendabiziko protesta izan zen, Euskal Herrian. Asteleheneko saioan ere auzi hori izan zuten mintzagai. "Gure esperientzien berri eman nahi dugu irrati saioaren bidez", nabarmendu du Iabonik.

Esperientzia horien bidez, hain zuzen ere, adimeneko osasun arazoak dituztenak lagundu nahi dituzte Mejoranako kideek, lehenik eta behin. Babesa eman nahi diete, lagundu beren prozesuetan, bakarrik ez daudela erakusteko. Argi utzi dute, halere, beren mezua gizarte osoari helarazi nahi diotela. "Estigmaren indarra handia da, oraindik ere, eta horren aurka lan egin nahi dugu", azaldu du elkarteko kide Garbiñe Santanok.

Hitzak bereganatu

Duela urtebete inguru ailegatu zen Garbiñe Santano Mejoranara. "Hagitz kontent" da elkartean. Iaboni ere bai. "Iazko apirilean, etxetik ateratzen ez zen pertsona bat nintzen ni. Ispilurik ere ez nuen etxean, ez nuelako neure burua ezagutzen", kontatu du. Mejorana elkartean etxetik ateratzeko behar zuen pizgarria aurkitu du, eta bertzeak lagundu nahi ditu.

Irrati saioak horretarako aukera ematen diola argi du. Haren bidez, gainera, ero hitza bere egin nahi dute buruko gaitza dutenek. "Gai garrantzitsu eta serioez ariko gara, baina umorea ere baliatu nahi dugu gure mezua zabaltzeko", zehaztu du Iabonik.

Izenburuaren ideia Extremoduro taldearen abesti batek eman ziela kontatu du. "Locura transitoria izena du. Hura entzun eta gure saioaren izenak zein izan behar zuen argi ikusi genuen. Gure egin nahi ditugu buruko gaitzen inguruko kontzeptu horiek, eta haiekin jolastu".

Bertze edozer gauzaren gainetik, hain zuzen, duten gaitzaz harago "pertsonak" direla nabarmendu nahi dute Mejorana elkarteko kideek beren irratsaioaren bidez. "Anitz dugu egiteko, gizarteak buruko gaitza dutenen inguruan duen irudia aldatzeko. Pertsonak garela erakutsi nahi dugu. Pertsona ikus dezatela guri so egiten digutenean, ez, ordea, gaixoa", erran du Iabonik.

Helburu hori izan du Mejoranak ardatz urte osoan. Urte "bizia" izaten ari dela nabarmendu dute kideek. "Duela urte eta erdi taldeak bertze norabide bat hartu zuenean, lau pertsona baino ez ginen elkarteko motor; aurten, zortzira ailegatzea hartu genuen xede, eta hogei baino gehiago gara jada oinarrizko taldean", azaldu du Iabonik, harro. Bertze anitz ari dira, gainera, elkartea laguntzen.

Mejoranak lortu du, neurri handi batean, ikur bilakatzea. Hainbat osasun etxetan izan dira jada hitzaldiak ematen, eta zentro horietako profesionalentzat ere "erreferente" bihurtu direla nabarmendu du Iabonik. "Zerbitzuko erabiltzaileei ematen diete gure elkartearen berri, guregana jo dezaten. Horrek erran nahi du egiten ari garen lana babesten dutela, ontzat ematen dutela".

Profesionalen aldetik lortu duten babesa garrantzitsutzat jo dute Mejoranako kideek, hain zuzen ere. "Anitz dira gure proposamenekin bat egiten dutenak". Mejoranatik sortu da, hain zuzen ere, giza eskubideen eta adimen osasunaren aldeko plataforma. Elkarteko kideekin batera adimen osasunaren arloko profesionalak eta senideak ere badira plataforma horretan, bertzeak bertze. Maiatzeko elkarretaratzearen harira, gaixoak ohera lotzeko sistemen aurkako manifestua aurkeztu zuten. Manifestu hori politikarien eta sindikatuen artean zabaldu nahi dute orain. Plataformako kideek bilera eginen dute hilaren 29an, hain zuzen ere, bide horretan urratsak egiten jarraitzeko.

Urrian, gainera, 19an eta 20an, Bilbon adimen osasunari buruz antolatu dituzten jardunaldietan izanen dira Mejoranako kideak. "Lan handia egiten ari gara", berretsi dute elkarteko kideek. Udak atseden hartzeko eman dien aukera eskertu dutela aitortu dute, halere. "Finean, elkartearen helburu nagusia geure burua zaintzea da, eta ez da ona egin beharreko lanak gehiegizko estresa eragitea. Atseden hartu behar dugu beharra dugunean", zehaztu du Iabonik.

Lan egiteko gogoa ez dutela galdu argi utzi du Iabonik, dena den. Oraindik ere, egoitza falta dutela azaldu dute elkarteko kideek. Tokiren bat lortzeko zain dira. Beren mezua zabaltzeko, Atica irratiak eskainitako txokoa eskertu dute. Eragiten jarraitu nahi dutelako. Lan egiten. Gizarteari nor diren erakusten. Estigma apurtzen.

‘Gernika’ ikusten da etxeko leihotik

Saioa Alkaiza

Tabernen Port Aventura bat da Alde Zaharra; entzierroaren ibilbidearen bueltan atondutako hiriaren maketatxo bat; Iruñerri osoko biztanleek ostegun, ostiral eta larunbat gauak pasatzeko aisialdi eremua; betikoa, baina gero eta betiko denda gutxiago dituen tokia; argazkiak egiteko agertoki atsegina; behin edo behin paseoan ibiltzeko zonaldetxoa; sanferminetan lolololololo ahalik eta altuen kantatzeko lekua; guiri-ek Navarrerian daudenak erretratatzeko antzerkia; Donejakue bidea egiten duten xira azpiko erromes makila eta mapadunek noraezean doazenean zeharkatu beharreko herrixka hura.

Eta Iruñeko Turismo Sailaren postal bat da Mercaderes, hanburger kate multinazional batek neonezko argiz bete duena. Unibertsitarioek ostegundu eta ilunabarrean auzokiderik gabe bizigabetu duten zonaldea, Navarreria, data seinalatuetan bizikletarekin igaro ezinezko toki hori. UPNren garaiotan abandonatutako kale ilun eta urruna, Jarauta; aparkalekudun ez-lekua, Gazteluko plaza, argazkietarako prest dagoen bihotzik gabeko pasaleku hori. Terrazek hartu dute San Nikolas, eta hutsik dagoen eraikin handi bat dago Konpainia kalean.

Alde Zaharra garai batean gutxi batzuek nahi izan zutena da, eta bertako elkarte eta bizilagunei esker, oraindik ere —eta eskerrak— eferbeszentzia etengabean dagoen gunea: herri baratzea hazten ikusi duen lekua; kaleetako jaiak sekula ahantzi ez dituena; herri mugimenduko eragileen bilerek egunez egun bor-borka jartzen dutena; kale abestien gunea; inprobisazioarena; herri kulturarena; euskararena; tokiko dendena; guztiona eta inorena; begi zuloekin parrandan eta lanerako bidean, erosketak egiten zein lagunekin solasean ikusten gaituena. Gure auzoa.

Bi ereduen arteko Iruñe horretan, faktore berri bat sartu da azkenaldian: guk, orain, Picassoren Gernika ikus dezakegu etxeko leihotik, erresistentziaren sinboloa, gerraren krudelaren oinazea, oroimenaren zertzeladak, antifaxismoaren ikurra. Bada aldaketa txiki bat: begi itxurako lanpara barruko bonbillak okupazioaren marrazki txikitxoa dauka, horiz margotuta. Kolore ukitu bat da grisaren artean, argi errainu bat. Gaztetxe bat jaio da Euskal Jai eraitsi zuten horiek bizirik gabe utzi nahi izan zuten auzoan.

Zoritxarrez, instituzioen eta herri mugimenduen arteko kinka gisa hartu nahi izan dute ezkertiar batzuek eztabaida. "Gauzak ez dira hala egiten" mantra higatuegiaren jabe, handiustetik abiatutako hausnarketak eginez, ustezko egiaren jabekuntzan, autogestiotik eta autonomiatik sortu den hori beste xendra batetik zuzentzeko nahian. Beste asanblada batean ibilitako zenbati ahantzi ote zaion zer den kolektibitatea eta asanblearismoa?

Eta, dena dela, esanak esan, gertatu dena da urte mordoa hutsik zeraman eraikin batek ateak ireki dituela, ehunka bizilagun batu direla, Rozalejos, inorena izatekotan, herriarena dela berriz, eta ez hautsa pilatzen ari den munstro bat. Errealitatea da "bazen garaia!" izan zela gehien errepikatutako esaldia auzokideei begira antolaturiko bisita gidatuan.

Militar batek eraiki eta markesen etxea izandako jauregiaren balkoian hariz egindako koloretako eskulanak ikusterakoan, irribarre txikia margotzen zait niri. Are distiratsuago dago Navarreria, Gernika-ren argipean.