Nafarroa

Lizentzia kontua

Lizentzia kontua

Asier Garcia Uribarri

Black Roseko programazioaren eten mugagabea". Horrela zioen hilaren 2an Burlatako taberna historiko horren Facebookeko hormako mezuaren izenburuak. Auzokideren batekin izandako arazoak eta kontzertuak egiteko beharrezko lizentzia berria ez lortzeak eragin du hori. Lizentzia lortzeko egin beharrekoak aztertzen ari da Peio Oroz lokalaren jabea. Bitartean, musika taldeak eta zaleak egoera noiz eta nola bideratuko zain daude.

Tabernetan kontzertuak egiteko araudiak garatuz joan dira azken urteotan. "Ireki genuenean, 1990eko hamarkada hasieran, ez zen baimen berezirik behar. Bizilagunak errespetatu, hori zen egin beharreko bakarra", azaldu du Orozek. Urte batzuk geroago, "taberna bereziaren" lizentzia sortu zuen Burlatako Udalak, eta Orozek atera egin zuen. Egun, ordea, lizentzia hori zaharkitua dago, eta kontzertuak eskaintzeko beharrezkoa da "kafe-ikuskizun" lizentzia. Orozek bost urte daramatza tabernan lan egin gabe, lokala alokatua baitauka. Asier Perezek darama egun taberna, eta lizentzia berria lortzeko lanak duela urtebete hasi zituen. "Lokala egokitzeko lanak egin ditugu. Orain proba akustikoa egitea baino ez da geratzen, azkena 2004an egin baitzuten. Behin hori eginda, eta lizentzia ordainduta, ez luke arazorik egon behar".

Hilaren 14an Burlatako udaletxean izan zen Oroz, lizentziari buruzko dokumentazioa jasotzen. Orain, paper guztiak aztertu beharko ditu, eta zer egin erabaki. Perezek kontratua du abendura arte, baina, arazoa konpontzen ez bada, ez du jarraituko. Hori gertatuz gero, betiko Black Rosek ateak itxiko lituzke.

Lokal historikoa da taberna hori. "Burlatan jende guztiak daki non dagoen", adierazi du Orozek. Mikel Mendinueta lagunarekin batera ireki zuen taberna, 1991ko ekainean. "Gaueko giroan ez genuen gustuko tabernarik aurkitzen, eta erabaki genuen geurea irekitzea". Inprimatzaileak ziren biak, baina nahiago zuten musika eta ostalaritza. Tabernaren izena Thin Lizzy taldearen abesti batetik atera zuten. "Diskoaren izenburua Black Rose: A Rock Legend zen. Abestia asko gustatu, eta izena ezin hobea iruditu zitzaigun".

Orozek dio 1990eko hamarkada hasieran Iruñerrian ez zegoela lokalik talde hasiberrientzat. "Beharra nabaria zen, programazioa beti bete-betea izaten baikenuen". Musika talde hasiberrien erakusleihoa zen Black Rose. Orozek dio ez zutela estilo batera mugatu nahi, baina rock and rollak beti izan duela presentzia handia.

Taberna ireki zutenetik musika mundua asko aldatu dela azaldu du Orozek. "Lehen ez zegoen Internetik, eta taldeek asko mugitu behar zuten kontzertuak egiteko. Gu hamaika tokitatik deitu gaituzte kontzertu eske. Maketa bat eta taldeari buruzko informazioa bidaltzen ziguten, taldearen curriculuma. Guztia eskuz idatzia". Horrenbeste material izaten zuten, ezin baitzieten talde guztiei jotzeko aukera eman. "Guk erabakitzen genuen nork jotzen zuen eta nork ez. Ez gara kritikoak. Baina norbaitek hartu behar zuen erabakia".

Musikarien eskola

Talde berrientzat ez ezik, musika zaleentzat ere elkargunea da Black Rose. "Euren etxean ere ezagutzen ez zituzten taldeek jo dute. Gerora, batzuk ezagunak egin dira. Adibidez, Marea. Hemen jo zutenean, haien kuadrilla baino ez zegoen publikoan, eta, handik gutxira, disko piloa saltzen hasi ziren". Erreferentzialtasun horrek eragin du talde ezagun askok tabernan jo izana. "Barricadak kontzertu berezia egin zuen gurean bateria aldatu zutenean, eta gure 20. urtemugan Komak jo zuen".

Eugenio Aristu Flacok dio musikari gisa Black Rosen hasi zela. "Partaide izan naizen talde guztiekin jo dut Black Rosen, hasi Bajo Cerorekin eta Txarrenara arte". Musikarientzat taberna oso ondo antolatua dagoela uste du Aristuk. "Tratua oso ona izan da beti, baita soinuaren kalitatea ere". Urteetan tabernaren inguruan musikarien arteko harreman sare bat osatu zela uste du. "Iruñerrian rockarekin zerikusia duen edonor pasatu da Black Rosetik". Taldeekin egindako kontzertuez gain, Aristuk hainbat aldiz parte hartu du tabernako jam session-etan. "Urtemuga hurbiltzen zenean, horrelako ekitaldiak antolatzen genituen tabernaren inguruko jendeak".

Hala ere, historia hori guztia zintzilik dago orain. Pena handia hartu zuen Aristuk Black Rosen kontzertuak eten behar dituztela jakin zuenean. "Ez dut pentsatu nahi bukatuko denik. Ez dakit zehatz-mehatz zer arazo izan dituzten, baina espero dut konponduko dituztela".

Musika talde hasiberriei agertoki bat eskaintzeko sortu zen Black Rose, eta oraindik ere egiteko hori betetzen duela uste du Aristuk. "Akaso, gazteek aukera gehiago dituzte gitarra bat lortzeko, baina jotzeko orduan ez dakit gauzak askorik aldatu diren". Hala ere, Aristuk uste du rocka dela krisian dagoena. "Errelebo falta dago. Garai batean rockak bazuen publiko zabala. Gaur egun, ordea, gazteek beste estilo batzuetara jo dutela iruditzen zait".

Biurdana berria eraikitzen

Asier Azpilikueta

Horregatik ez dut nik kamisetarik erosi", erran dit lagun batek. "Nik nahiago baitut gainezka dagoen Biurdana zahar bat, hainbat hizkuntz eredutako institutu berria baino". Orain arte bederen, jende anitz konbentziturik baitzegoen Biurdana institutu masifikatua ikaslez hustuko duen Iruñeko iparraldeko institutu berria ez dela D eredu hutsezkoa izanen, hainbat eredutakoa baizik.

Labur-labur azaldurik. Iruñeko Donibane auzoan dagoen Biurdana institutua gainezka egitear dago. Hala, jatorrizko eraikinean toki nahikorik ez dagoelako, Batxilergoko ikasleak ondoko Lanbide Heziketako Donibane ikastetxeko solairu batean daude 14-15 ikasturtetik. Eta aurreikusita dago 17-18 ikasturtean toki nahikorik ez izatea, ezta Donibane erabilita ere. Alegia, premiazkoa da Iruñeko iparraldean bertze institutu bat egiteko erabakia berehala hartzea.

Biurdanaren masifikazio arazo hau aspalditik abisatua dago. Aurreko gobernuak, ordea, ez zuen inoiz arazoa behin betiko konpontzeko erabakirik hartu. Adabakiak bertzerik ez zituen jarri. Eta, beraz, oraingo gobernuari egokitu zaio aspaldi hartu behar zen erabakia hartzea.

Urteak dira Biurdanaren inguruko eskoletako guraso elkarteek (Patxi Larrainzar, Sanduzelai, Atakondoa, Lekunberri, Auzalar eta Buztintxuri) batzorde bat osatu zutela Biurdanaren masifikazioaz ohartarazteko eta konponbide duin bat eskatzeko. Iragan urtarrilaren bukaeran, Hezkuntza Departamentuak komunikatu zien batzordearen borrokak fruitua eman duela eta institutu berria eginen dutela.

Hezkuntza Baliabideetako zuzendari nagusi Juan Ramon Elorzek argi utzi zien guraso elkarteei —eta Biurdanako Zuzendaritzari— gobernuari zegokiola erabakitzea zer-nolako institutua eraikiko zen, baina iritziak jasotzeko prest zegoela. Horri kasu eginez, guraso elkarte guztiek haien artean eskaera batzuk adostu, eta gobernuari helarazi zizkioten otsailean eginiko bertze bilera batean.

D eredu hutsezko institutu berria nahi dute guraso elkarte horiek —baita Biurdanako irakasle eta langileek ere—, ikastetxe berri hori D ereduak Iruñeko iparraldean duen espazio falta arazo zehatz bat konpontzera datorrelako.

Baina mamu bat bazebilen 2014ko urtarrilaren 9tik. Egun hartan, Nafarroako Parlamentuak Ezkerraren mozio bat onartu zuen, funtsean euskara hutsezko ikastetxeen aurka egiten zuena. Soilik EH Bildu osatzen duten taldeek bozkatu zuten haren aurka. Ordutik, modan dago erratea ikastetxe batean hainbat hizkuntz eredu nahastea —eta, beraz, euskararen presentzia zapaltzea— "elkarbizitzaren aldeko" ekintza dela. Eta horri gaineratu behar zaio, orain, oposizio espainolista aldaketaren gobernuaren kontra erabiltzen ari den arma nagusia euskara eta "gaztelaniaren bazterkeria" direla. Beraz, hortik datoz batzuen zalantzak eta kamisetak erosteko gogo eskasak.

Logikak, datuek eta justiziak diote Iruñeko iparraldeko institutu berriak D eredu hutsezkoa izan behar duela. Lerrook idazteko orduan —duela astebete—, Hezkuntza Departamentuak ez du oraindik ofizialki adierazi zein motatako institutua eginen duen. Utz dezagun, bada, itxaropenerako zirrikitu bat.

Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia

Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia

Edurne Elizondo

Gaurkoa, azken hiru urteotako egunik zoriontsuena da". Silvia Fernandezenak dira hitzak (Iruñea, 1958). Historialaria da Fernandez, eta GITE elkartea duela 40 urte sortu zutenetik, erakunde horrek izan dituen kide ezagunenetako bat. Asteon, elkarteak lanean jarraitu ahal izanen duela ospatu du Fernandezek, elkarteko gainerako kideekin; ez dutela itxi beharko, murrizketen ondorioz, duela 31 urte martxan jarritako emakumeari buruzko liburutegi eta dokumentazio zentroa. Iruñeko Udalak tokia utzi die, Kultura Sailak Descalzos karrikan duen egoitzan. "Gureak eginen zuela uste genuen. Gogorrak izan dira urteok. Baina aurrera eginen dugu".

Martxoaren 8 batean hasi zuen bere bidea GITEko liburutegi eta dokumentazio zentroak, elkartea lanean hasi eta handik bederatzi urtera. Feminismoa idazteko eta irakurtzeko tokia izan da GITE, geroztik. Silvia Fernandezen ahizpa Blanca Fernandez (Iruñea, 1951) izan zen erakundeko bultzatzaileetako bat, duela 40 urte. Zazpi urtez egon zen GITEn soziologoa, bertzeak bertze Elena San Julian kide ohiarekin, handik Nafarroako Unibertsitate Publikora joan zen arte. "Harremana, halere, ez da inoiz eten".

Unibertsitatean generoari buruzko graduondokoa sortu eta zuzendu du, 60 urterekin erretiroa hartu zuen arte. Begirada atzera bota, eta fresko ditu gogoan GITEn emakumeen egoerari buruz Carlos Vilches soziologoarekin egindako lehendabiziko ikerketa haiek. Prostituzioaz, emakumeen aurkako tratu txarrez eta abarrez aritu ziren, 1970eko hamarkadaren amaieran. Bertze inork egiten ez zituennean, alegia. Generoari buruzko granduondoko Fernandezen ikasleek baliatu ahal izan dituzte, gero, lan horiek.

Udalak utzitako egoitzara mugitu arte, Telleria karrikan zabalik jarraitzen du GITE elkarteko ateak. Salgai dute egoitza. Hasierako ikerketa lan horiek berreskuratu, eta erakusketa txikia osatu dute taldeko kideek, liburutegiak egun hartzen dituen bi aretoetako batean. Ale gehiagorentzako tokirik ez dute. "14.000 erreferentzia bibliografiko ditugu", azaldu du Silvia Fernandezek.

Boluntario gisa aritzen da orain, GITEn, osasun arazoengatik lana utzi eta gero. "Nik uste dut azken urteotako egoerak gaixotu nauela". Haren ordez, Amaia Barandikak (Bilbo, 1955) hartu du liburutegiaren eta dokumentazio zentroaren ardura. Raquel Burguete (Iruñea, 1974) lagun izaten du, astean bitan. Jone Lajos ere aritzen da (Iruñea, 1944); GITErekin liburutegia martxan jarri zutenean egin zuen bat, hain zuzen ere. Nafarroako Unibertsitateko liburutegian aritu da urte luzez, eta, GITEko kideek haiena martxan jarri nahi zutela jakin zuenean, berehala erabaki zuen proiektuan murgiltzea. "Elkarteak 25 urtez antolatu dituen bibliotekonomia ikastaroen arduradun ere izan naiz". Harro mintzatu da egindako lanaz, eta elkarteko paretek gordetzen duten "altxorraren" garrantzia nabarmendu du.

Opus Deiren unibertsitatetik ailegatu zen Lajos GITEra. Duela 40 urte elkartea sortu zutenean, hain zuzen ere, Iruñeko testuinguruan erakunde hori bakarra eta nagusi zela gogoratu du Blanca Fernandezek. "Orain Opusen eragina handia bada, are gehiago orduan! Kulturaren arloan hutsune handia zegoen". Eta edukiz betetzeko asmoz sortu zuten GITE: "Langileria trebatu nahi genuen, ikuspuntu marxista batetik; ezagutza sortzea zen gure helburua, langileen esku jarri, eta frankismoaren aurka borroka egiteko".

Gizarte zientziei lotutako edukiak izan dira beti nagusi GITEn. Ekonomia, historia, soziologia, politika, feminismoa, euskara eta bertze landu dituzte, hamaika ikastaroren bitartez. "Hartzen ahal genituenak baino pertsona gehiagok parte hartu nahi izaten zuten beti, hasierako urte haietan. Bertze ikasketarik ez zutenei ematen genien lehentasuna", gogoratu du Blanca Fernandezek.

Lehen urratsa, 1983an

Emakumea eta feminismoa ardatz izan ditu beti GITEk, eta jorratu dituen auzi guztiei egin die so generoaren ikuspuntutik. Apustu hori duela 31 urte berretsi eta sendotu zuten elkarteko kideek, emakumeari buruzko liburutegi eta dokumentazio zentroa martxan jarri zutenean. 1983. urtean egin zuen lehen urratsa proiektuak: Madrilgo Emakumearen Institutuak 400 liburu eman zizkion GITEri. "Guk ez genekien liburu haiek nola sailkatu, nola antolatu, jendearen esku jarri ahal izateko", azaldu du Silvia Fernandezek. Jone Lajosek taldearekin bat egin, eta martxan jarri ziren, ordea. Sailkatzen, antolatzen eta zabaltzen hasi ziren. Egun dituzten 14.000 dokumentuak pilatu arte. Bertze 40 erakunderekin sarean egiten du lan GITEk, gainera. "Dena dago gure erabiltzaileen esku", nabarmendu du Barandikak.

Ez dira gutxi erabiltzaileak. Iazko datuak mahai gainean jarri ditu arduradunak: 3.647 pertsonak erabili zuten GITEren liburutegi eta dokumentazio zentroa. "Azken urteotan, 80 erabiltzaile berri izan ditugu urtean". Etxera eramateko mila liburu baino gehiago utzi zituzten iaz, eta egoitzan bertan 2.100 kontsultatik gora egin zituzten. "Ez gaitu iraganak elikatzen; zentro bizia da gurea", erran du Barandikak. Urterik zailenetan ere, dokumentu berriekin hornitu dituzte liburutegiko apalategiak.

Horregatik egin zaie hain zaila azken urteotako egoera GITEko kideei. Zentro bizi hori hiltzekotan egon delako, 2012. urtean Nafarroako Gobernuak elkartearekin zuen hitzarmena bertan behera utzi eta gero. "Kultura Departamentuak %40 murriztu zuen bere aurrekontua; gure laguntza, berriz, %100".

Egoera prekarioan egin dute lan GITEko kideek, eutsi ahal izateko. Gobernuaren laguntza galduta, Iruñeko Udalarena ez baitzen nahikoa. Sei langile izan zituen elkarteak garai batean; orain, bi, lanaldi erdiz. Herritarren babesa, hala ere, beti sumatu dute. "Feminismoaz ikasi edo irakurri nahi izan duenarentzat erreferente izan gara beti". Horixe uste du Silvia Fernandezek, eta bat egin dute gainerako kideek. Raquel Burguete aritzen da elkarteko egoitzan informazio bila joaten diren horiek artatzen. "Era askotako pertsonak heldu dira: ikasle gazteak, etxeko andreak, langileak; sexista ez diren ipuinen bila ere etortzen dira aitatxi-amatxiak".

Teoria feminista lantzen dute liburutegiko dokumentu anitzek. Teoria hori egin duten egileak ere GITEtik igaro dira, elkartea sortu zutenetik. "Estatuko eztabaida nagusiak eta haien protagonistak gurera ekartzeko ahalegina egin dugu beti", azaldu du Blanca Fernandezek.

Saiakera ez da, halere, GITEn aurkitzen ahal den material bakarra. Emakumeek egindako narratibari ere tokia egin diote liburutegian; horrek bilakatzen ditu berezi, emakumeari buruz sortutako bertze hainbat dokumentazio zentroren artean. "Liburu horiek izan dira zubi bat emakume anitzentzat; eleberriekin hasi, eta saiakerekin jarraitu dute gero", erran du Barandikak. "Trebatu ditugu".

Bertzeentzat eredu

Azken urteotako zailtasunen aurrean, sentsazio bera izan dute GITEko kide guztiek: etxetik kanpo hemen baino gehiago estimatzen dutela egin duten eta egiten duten lana. Diru laguntzen murrizketak interes falta erakusten duela argi dute. Hemen. Nazioartean egoera bertzelakoa dela nabarmendu baitute. Silvia Fernandezek, hain zuzen, GITEren liburutegi eta dokumentazio zentroaren eredua Erdialdeko Amerikan garatzeko proiektua egin zuen duela hainbat urte. Hainbat herritan sortu dituzte gisa horretako zentroak, ondorioz, eta 100.000 erreferentzia bibliografikoak dituen funtsa jarri dute herritarren eskura. "Europan ere, GITEk egindako lana hartu dute eredu, emakumeari buruzko dokumentazio zentroen arloan. Hemendik kanpo gure egoera larriaren berri ematen genuenean, nekez sinisten zigun jendeak; ezin zuten ulertu", erran du Silvia Fernandezek.

Bertze datu bat eman du interes falta horren adierazgarri: "2015eko zinema jaialdirako gobernuak eman behar zigun laguntza oraindik ez dugu jaso". Emakumeen eta giza eskubideen inguruko zinema jaialdiari eutsi ahal izan dio GITEk, zailtasunak zailtasun. Duela hamar urte martxan jarritako feminismoen eskolari ere bai. Hilaren 22an eginen dute aurtengo azken saioa. Blanca eta Silvia Fernandez aritu dira, boluntario gisa. Feminismoa jorratzen jarraitzen dute. Idazten, irakur dezaten.

“Angel ez da itzuliko, baina familiak eskubidea du aitortza jasotzeko”

“Angel ez da itzuliko, baina familiak eskubidea du aitortza jasotzeko”

Asier Garcia Uribarri

Hamabi urteren ostean heldu da. Iruñeko Udalak izaera politikoa duen biktimatzat aitortu du Angel Berrueta Donibane auzoko bizilagun eta okin ezaguna. Leire Martinez (Iruñea, 1986) Angel Gogoan plataformako kidea da, eta pozik dago lortutakoarekin. Hala ere, ez du ulertzen zergatik talde politiko batzuek baztertu nahi dituzten zenbait biktima.

Igandean hamabi urte beteko dira Angel Berrueta Donibaneko bizilaguna hil zutela. Zer zentzu emango diozue aurtengo omenaldiari?

Urtero bezala, haren denda zenaren aurrean ekitaldi xume bat eginen dugu igandean auzokide eta lagunek. Plataforma bat gara orain, eta izen ofiziala dugu, baina betiko zentzu berean egingo dugu. Halere, aurtengo erronka izan da udalak aitortzea Angel [Berrueta] badela motibazio politikoko biktima.

Zergatik izan da garrantzitsua udalaren aitorpen hori?

Nik uste dut izendapena bereziki garrantzitsua dela familiarentzat. Angel [Berrueta] ez da itzuliko, baina familiak eskubidea du aitortza hori jasotzeko. Beste biktima bat izan da bera; ez da beste inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Auzoan senideek beti izan dute babes handia. Baina uste dut erakunde publikoek aitortza hori egitea urrats handia dela.

Mozioa onartu zuten osoko bilkura hilaren 3an egin zuten. Nolakoa izan zen?

Horrelako batean egon naizen lehen aldia da. Oso erasokorra iruditu zitzaidan. Gure mozioa hamabosgarrena izan zen. Aurretik, haur eskolen ingurukoa eztabaidatu zuten. Oso deigarria da nola alderdi bakoitzak bere eremura eramaten duen gaia.

Zuen kasuan, nola izan zen?

Ia alderdi guztietako eledunek oso hitz onak izan zituzten. UPNko Maria Caballero zinegotziak ere hizketaldi polita egin zuen, nahiz eta ez zuen onartu Berrueta motibazio politikoko biktima denik. Hala ere, bilkura ostean, gugana hurbildu, eta familia agurtu zuen. Gutxienez, eskertzekoa da keinu hori. Okerrena PSNren jarrera izan zen. [Eduardo] Vall dena nahasten hasi zen: ETA, kale borroka eta abar. Erabateko errespetu falta izan zen.

Hala ere, eztabaida ostean, bozkatu eta mozioak aurrera egin zuen.

Boto bakarraren aldearekin egin zuen aurrera mozioak, eta alkateak bi aldiz bozkatu zuen. Berdinketa dagoenean horretarako eskumena du.

Ez al zuten mozioaren alde egin gobernua babesten duten alderdi guztiek?

Bai, hala da. Baina Geroa Baiko zinegotzi batek ezin izan zuen bozkatu. Kasu honen epaiketan, hiltzaileetako baten ofiziozko abokatua izan zelako.

Ez da lehen aldia Berrueta izaera politikoko biktima gisa onartzeko mozioa aurkeztu duzuela.

Lehen aldiz, 2012an saiatu ginen, baina atzera bota zuten. Baina udalbatzak urrian eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimak aitortzeko mozio bat onartu zuen. Hori dela eta, saiakera berri bat egitea erabaki genuen.

Hainbat taldek ez dute mozioa babestu.

Bai, gaur egun oposizioan dauden taldeek Berruetaren hilketa kondenatzen dute, baina ez dute biktima politikotzat jotzen.

Hainbat urtetan udalaren babesik ez izateaz gain, arazo ugari izan dituzue.

Oztopo ugari izan ditugu. Adibidez, auzoak plaka jarri zuen Angelen [Berrueta] omenez, eta kendu egin zuten. Bestelako erasoak izan dira: pintaketak familiaren etxeko atarian, eta antzekoak.

Zergatik uste duzu talde politiko batzuek ez dutela Angel Berrueta biktima politikotzat jo nahi?

Auskalo. Jakingo banu! Ez dakit beldurrarengatik den edo beste zerbaitegatik. Baina azkenean, begiak ireki eta ikusi behar dute biktimak toki guztietan daudela. Mina bera baita.

Aipatu duzu udalbatzak onartu duela eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako biktimak aitortzeko mozioa. Lanean hasi al da udala?

Berehala hasiko dela espero dugu. Asteon, bilera egin dute Berruetaren senideek alkatearekin; ea bide horrek zer ematen duen.

Antzeko ekinbidea aurrera eraman zuen iaz parlamentuak.

Bai, baina Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion legeari Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Geldituta dago, erabaki bat hartu arte.

Zergatik uste duzu gai hau horren gatazkatsua dela?

Ez dakit zergatik ez dituzten biktima guztiak onartu nahi. Orain arte pertsona asko ofizialki biktimatzat hartu ez badituzte ere, besteak bezalakoak dira, eta aitortza hori merezi dute haiek ere.

Mundu berri baterako leihoak

Mundu berri baterako leihoak

Asier Garcia Uribarri

Kasualitatez. Uda bukaerako elkarrizketa arrunt batean sortu zen Lakabe (Nafarroa) herri okupatuan Huts argitaletxea egiteko ideia. Veronica Reza eta Arkaitz Leon liburuzale amorratuak dira, eta iruzkin arrunt batekin hasi zena proiektu bilakatuz joan da. Gaia lantzen hasi, eta egun batzuetara Ines Muñoz batu zitzaien. "Hasieran ideia-jasa egin genuen, eta hortik proiektua definitzera jo. Ideia asko bagenituen ere, konkretura jotzea erabaki genuen: 'zer egin dezakegu?' galdetu genion geure buruari, eta hortik jo genuen", azaldu du Leonek.

Lanean hasi aurretik, ildo editoriala zehaztu zuten. "Beste mundu bat" irudikatzen duten testuak publikatu nahi dituzte. "Definizio horretan denetarik sar daiteke, baina ez genuen genero batean zentratu nahi, ideia batean baizik", dio Muñozek. Badakite egungo gizartearen kritika eta ikuspegi alternatiboak lantzen dituzten argitaletxe ugari daudela Euskal Herrian, eta baita atzerrian ere. Baina, eskaintza horretan, Lakabetik euren "alea" jarri nahi dute. "Egun dagoena osatu nahi dugu. Publikatuko ditugu beste argitaletxe batzuek aterako ez dituzten liburuak, eta, horrela, aukera gehiago egongo da. Guk ez dugu nahi besteak baino hobeto publikatu, beste ikuspegi bat eskaini baizik", esan du Muñozek.

Martxan jarri, eta berehala bi proiektu hartu dituzte esku artean: La poesía de los árboles (Zuhaitzen poesia) eta Un pueblo perdido (Herri galdu bat). Lehena, Ignacio Abellak zuhaitz eta basoen inguruan diharduten poemekin egindako hautaketa bat da, Leticia Ruizfernandezek ilustratutakoa. Aurretik beste argitaletxe batek publikatutako lana da, baina egun katalogotik kanpo dago. Egileekin harremanetan jarri, eta ez zuten arazorik izan baimena eskuratzeko. "Proiektua egileei azaldu genienean berehala eman ziguten baiezkoa. Publikazio berria Lakabetik ateratzeak izugarri poztu zituen", esan du Muñozek.

Un pueblo perdido, berriz, Leonek berak egindako lana da. Fantasia generoko eleberria da, trilogia bateko bigarren zenbakia. "Fantasia genero gisa oso gutxietsia dago. Badirudi dena dela Tolkien edo antzekoa. Nik fantasia epikoa lantzen dut, baina oso nabarmena da gure gizarteari egiten zaion kritika", azaldu du Leonek. Bere lehen lana bere kabuz publikatu zuen, eta bigarrena Hutsekin egingo du. Hala ere, Leonek nabarmendu du Huts ez dela izango euren lanak publikatzeko argitaletxea. "Zerbait publikatzeko orduan, hirurok ados egon behar dugu. La poesía de los árboles lanari berehala eman genion baiezkoa. Nire lana publikatzea, ordea, urtarrilean erabaki genuen. Besteek liburua irakurri eta baiezkoa eman ostean".

Horiek dira esku artean dituzten bi proiektuak, eta nahikoa lan badute proiektua zabaldu eta finantzaketa lortzeko. Baina lehenengo lanak aurrera atera ostean, haur literaturarekin lotutako zerbait publikatu nahiko lukete. Oraingoz euskarazko lanik ez dute esku artean, baina argitaletxean toki nabarmena eskaini nahi diotela azaldu dute Muñozek eta Leonek: "Oraingoz garatzen ari garen proiektuetan buru-belarri sartuta gaude. Behin hauek bukatzean, gure hurrengo pausoak zehaztuko ditugu, eta euskarak tokia izan behar du bertan". Lanak lortzeko, idazten ari diren ezagunengana jo dute, baina edonor jar daiteke harremanetan eurekin.

Argitaletxea martxan jartzeak ordu askoko lana dakar, baina baita publikazioak ordaintzeko diru kopuru handia ere. Gastuei aurre egiteko eta proiektua martxan jartzeko, Interneteko Verkami plataforman finantzaketa kolektiborako kanpaina aurrera eramaten ari dira. "Ez da ohiko finantzaketa kolektiboa, dirua jartzen duen jendea liburuak erosten ari baita. Gero publikatzen ditugunean baino pixka bat bat merkeago. Egia da proiektua aurrera ateratzeko dirua behar dugula, baina hori ez da izan finantzaketa kolektiboa martxan jartzeko helburu nagusia. Hasiberriak gara, eta argitaletxea ezagutarazteko modu bat da", dio Muñozek.

Eskutik eskura

Huts argitaletxearen proiektuak beste mundu baten aldeko ideiak zabaldu nahi ditu, eta hori euren hartu-emanetan ere landu nahi dute. "Hedapena egiterakoan, guk geuk joan nahi dugu liburu denda eta azoketara; liburuak erosiko dituztenekin harremana ahal bezain zuzena izatea nahi dugu", dio Muñozek. Txiki sortu dira, eta horrela jarraitu nahi dute. "Lakaben urteak dira etxeko ogia egiten dutela, baina arrakasta izateagatik ere, ez dute mugarik gabe hazi nahi. Hutsekin bide bera egin nahi dugu".

Lizentzien gaia ere eztabaidagai izan dute Lakaben. "Badira urte batzuk Creative Commons lizentziak heldu zirela Euskal Herrira, eta eztabaida handirik gabe hedapen handia izan dute. Guk, hasteko, Creative Commonseko hirugarren lizentziarekin aterako ditugu lanak. Bertan, egile aitortza eskatzen da, eta irabazi asmorik gabeko kopiak egiteko baimena ematen da, baina ez dira lan eratorriak onartzen. Hala ere, aurrera begira gure lizentzia propioa sortzeko aukera eztabaidatzen ari gara", adierazi du Leonek.

Hutsekin batera, beste proiektu bat ere egin dute: Amaigabea edizioak. Bertan, euren lanak publikatzeko aukera eskainiko diete Hutsetik kanpo argitaratu nahi duten guztiei. "Badago jende asko autoedizioaren alde egiten duena, bai eurek nahi dutelako, eta bai inongo argitaletxek ez duelako haien lana atera nahi. Guk pertsona horiei bitarteko bat eskainiko diegu. Lantalde bera gara, baina proiektu ezberdinak dira", dio Leonek. Modu horretan, beste finantzaketa bide bat irekiko dute.

Martxan da Huts argitaletxea, Lakabetik mundura literatura leiho bat irekitzeko asmoz sortutako proiektua. Udaberriarekin batera, apirilean, esku artean izango dituzte euren lehen liburuak. Mundu berri bat bihotzean daramatenek zer irakurri gabe geldi ez daitezen.

Eta noiz da ezer?

Izaskun Etxeberria Zufiaurre

Ez da ezer, 1: larunbat goiz epel honetan amari etxeko lanetan laguntzen ari zaio Miren. Duela ordu erdia ikusi ditu gelako mutilak leihotik. Ama, joan naiteke jolastera? Aspiradora pasatutakoan joango haiz. Eta Martin? Zergatik ez du berak pasatzen? Hire anaiak ikasi behar duelako, eta ez erantzun! Garbiketa bukatutakoan, Miren salto batean plazan da. Ondo asko lotu ditu kirol-oinetakoak. Bueltatu haiz?, zergatik egiten dun negar?, hori ez dun ezer!, ez din inporta!, mutil-kontuak ditun horiek!, jolastuko dun arratsaldean neskekin soka-saltoan!

Ez da ezer, 2: dena prest dago entsegu orokorrerako. Argiak probatu dituzte. Perfektu. Ezker aldeko itzala behar den punturaino ailegatzen da. Ok. Soinua ere ederki aditzen da: argi, ozen. Erromeriako giroa usaintzen da. Kioskoan musikariak kokatzen hasiak dira. Gazteok, badakizue!, festa-giroan nahi zaituztet, aditu! Naturaltasunez, ibili ohi zareten bezala! Ailegatu da eguna. Antzokia lepo dago. Istorioa jendearen gustukoa suertatzen ari da. Gurasoek, lagunek eta ikaskideek adi jarraitzen dituzte aktore gazteen joan- etorriak. Txaranga-doinuak biziagoak dira taula gainean, baita ahotsak ere: Tírate a la rubia, a la rubia tírate… Jai-giroa. Ene, ikusi, ikusi Txemak nola ukitu dion ipurdia Maiderri!, ondo ukitu, gainera!, gazte hauek! Egin dute barre eserlekuetan.

Ez da ezer, 3: aspaldiko, Olaia!, non sartzen haiz?, noiztik ez haugu ikusi, neska?, bai, bai, arraso pizturik hago hire mutilarekin, bazekinagu, bai, baina betiko lagunekin egoteko beta bilatu behar da, neska!, beno, konta ezan, bada, zer moduz Alexekin?, non ibiltzen zarete?, zer egiten duzue? gauza pila egiten dinagu biok, beti elkarrekin!; eta beti esaten zidan zein ongi gauden biok bakarrik, norekin egongo ote naizen ni hobe berarekin baino, errepikatzen zidan, eta egia dun; bai goxo gaudela bakarrik inor gabe xuxurlatzen zidan belarrira, goxo. Horixe, Olaia, jeloskorrek pila maite dute!

Ez da ezer, 4: azken aldian Luisak senarrarengandik jasan behar izaten duen tratuak gero eta ezinegon handiagoa sortzen dio. Mugan ikusten du bere burua, ezin du gehiago. Gaur bertan, azkeneko bi asteetan bezala, hamalau dei galdu zeukan mugikorrean. Zer, Iñaki?, zer behar duzu? ... esan nizun, ba, izebari lagundu behar niola gaur … Zer egiten dudan izebarekin? Kontsultara lagundu … Ez dela behar hainbeste denbora?, zu lanera joan baino lehen etxean izango naiz … bai, bazkaria jarriko dizut. Etxeratzean, ordea, bortitz aurpegiratu dio berandu dabilela, ez diola kasurik egiten. Eskua ere altxatu dio bere tokia etxean egotea dela oihukatu dionean.

Lantokira abiatu baino lehen, ustekabean, bere atzean sentitu du Luisak. Horrelakorik errepikatzen bada bestelako neurriak hartu beharko dituela adierazi dio ahapeka, mantso, ahots lodiz. Baina, Luisa, nola egin diozu hori Iñakiri?, bota dio koinatuak. Urduritu egingo huen, neska, gehitu du ahizpa zaharrenak. Nola bururatu zain Foru Poliziari hots egitea?, zer eta horregatik! Hori ez dun ezer! Dena den, emakumezko hauek ez dute ezer jasaten!, bota du koinatuak etxerako bidean. Akordatzen zer salatu zuten lehengo hilabetean Lantzeko inauterietan eta Altsasuko festa hartan ere?

Kulturak ihes egin dio hiriari

Kulturak ihes egin dio hiriari

Edurne Elizondo

Ezustean harrapatu ditu berriak iruindarrak. Saidek Carlos III zinematokia itxi du asteon, eta aretorik gabe gelditu da, ondorioz, hiriko erdialdea. Ekainera arteko estreinaldiak iragartzen zituzten kartelak zintzilik egon dira, duela gutxira arte; eta leihatilara sarrerak erostera joan direnei ere zinematokiak ikusleak bazituela azaldu diete langileek, azken egunotan. Saide etxeak ez ditu bakarrik zinema aretoak kudeatu, orain arte. Higiezinen esparruko enpresa ere bada. Arduradunek, hala ere, ez dute itxieraren arrazoiei buruzko azalpenik eman nahi izan.

"Tristea izanen da txikitako oroitzapenak gordetzen dituen toki hori banketxe edo Amancio Ortegaren arropa denda bihurtuta ikustea". Horixe erran zuen Fermin Erbiti kazetariak, joan den astean, Euskalerria Irratiko mikrofonoetan. Ildo horretan mintzatu da bertze kazetari bat, Juan Zapater, alegia. Zinema kritikaria da, gainera, eta Bilbo Arteko zuzendaria. Ederki ezagutu ditu Zapaterrek Saideren Iruñeko zinema aretoak, eta bat egin du Erbitirekin. "Gure historiaren eta memoriaren zati bat galdu dugu Carlos III aretoen itxierarekin".

Haratago jo du Zapaterrek bere analisian, halere, eta prozesu bateko azken urrats gisa hartu du zinematokiaren desagertzea. "Iruñeak bat egiteko espazioak galdu ditu; kulturaren esparruko hamaika toki desagertu dira hirian; edukiz gabetzen ari dira Iruñea, husten", erran du. Erdialdean bereziki sumatzen da prozesu hori, Zapaterren hitzetan. "Filmoteka erdigunean jartzeko aukerak ihes egin zigun; hainbat erakusketa areto galdu ditugu, eta Carlos III aretoen aurretik ere Principe de Viana zinematokiak itxi zituen bere ateak".

Espazio horiek galdu, eta erdialdeak irabazi dituenak zerikusteko gutxi dute kulturarekin lotutako aisialdiarekin. "Hiriko eremu horretara arropa erostera edo edatera baino ezin zara joan; Alde Zaharra sanferminzalekeriaren jarraipen bilakatu dute", nabarmendu du Zapatarrek.

Merkataritza guneetara

Zinema aretoen krisiaz anitz hitz egin da azken urteotan. Teknologia berriek erabat baldintzatu dute esparru horren etorkizuna, eta goitik behera aldatu dituzte kontsumo ohiturak. Aretoak hirietako erdigunetik ateratzeko joerak ere zehaztu du bide bat.

Egun, Iruñean, Carlos III itxi eta gero, Golem zinema aretoak dira hirian gelditzen diren bakarrak, Donibane auzoan. Hiritik kanpo, merkataritza guneetan daude gainerako aretoak. "Merkataritza guneetako aretoetara joaten dena, ordea, ez da benetako zinemazalea; krispeta zalea da, zinemari buruzko irizpiderik gabekoa. Zinema aretoetako ikusleen %80, hain zuzen, gisa horretakoak dira".

Iñaki Arrublak erran ditu hitz horiek. Navarra de Cine etxeko arduraduna da, eta zinemaren historiako irakasle Nafarroako Unibertsitate Publikoan. "Zinema eta zinemara joatea maite dugunontzat, etxeko egongelaren zati bat galtzearen gisakoa izan da Carlos III zinema aretoen itxiera", erran du.

"Iragarritako heriotza baten kronika izan da, baina". Horixe uste du Juan Zapaterrek. Digitalizazioaren ondorioz zinema aretoek inbertsio handiak egin behar izan zituztela azaldu du zinema kritikariak. Arrublak argi utzi du, halaber, aretoak kobratzen duen sarreraren erdia banatzailearentzako izaten dela. "Ez da erraza aurrera egitea. Teknologiak zehazten du etorkizuna; onerako edo txarrerako, hau da dagokigun garaia".

Ikusleen kopuruak islatzen ditu egon diren aldaketak. 2000. urtean, 1,9 milioi izan ziren herrialdeko zinema aretoetan, Espainiako Kultura Ministerioaren datuen arabera. 2012an, berriz, 1,4. Urte horretan 19 zinematoki zeuden Nafarroan, eta denen artean 76 areto zituzten. 2013an behera egin zuen kopuruak: herrialdeko 15 zinematokiek zituzten 72 aretoetan 1,2 milioi ikusle hartu zituzten. Joera aldatu zen 2014. urtean, ordea, eta bi urte lehenagoko kopurua berreskuratu zuten aretoek: 1,4 milioi ikusle. Horiek dira ministerioak emandako azken datuak.

Eredu berriak

8 apellidos vascos filmaren gisako produktuen arrakasta izan daiteke igoera horren giltza, Arrublak azaldu duenez. Kasu bakanak dira, ordea. Zinemaren errealitatea da, haren hitzetan, benetako zinemazaleak Internetera jotzen duela, eta gazteek galdu egin dutela ikusleek aretoekin zuten lotura. "Etxean ikusten dugu zinema; edo lagun artean duten etxabean gazteek".

Joera izanen da aretoetan estreinaldi hagitz bereziak egitea, Arrublaren ustez. "Horrek ekarriko du egungo areto anitzeko eredua berriz ere aldatzea; bi edo hiru baino ez dituzte izanen, ziurrenik, aurrerantzean".

Zinema etxean kontsumituz, jarduera horrek bere izaera soziala galtzen du. Horixe erran du Arrublak, eta bat egin du Zapaterrek ere. Biek nabarmendu dute hiriak anitz galdu zuela Nafarroako Filmotekaren egoitza Mendebaldea auzora eraman zutenean. "Principe de Viana aretoek itxi zutenean, han jartzeko ahalegina egin behar zuten; aukera ederra galdu genuen hor. Filmotekak erdialdean behar du egon, eta bat egiteko tokia izan behar du", erran du Arrublak. "Tamalgarria da, adibidez, Ikuspuntu jaialdia Baluarteren gisako espazio batean egin behar izatea; halako jarduera batek behar duen kalitatea ez du bermatzen", erantsi du Zapaterrek.

Filmoteka erdialdetik urrun egoteak pobreago bilakatzen du Iruñea, kulturaren ikuspuntutik. Hori nabarmendu du zinema kritikariak. Politikaren ikuspuntutik "porrot handitzat" jo du, gainera, hiriko erdialdeak kultura zabaltzeko eta garatzeko espazioak galdu izana. "Agintarien interes eta konpromiso falta da egoera horren erantzule".

Ez du uste nahita egindako prozesu bat denik. Mikel Zuza idazle eta liburuzaina, berriz, ez da iritzi berekoa. Corte Ingles denda zabaldu zutenean orduko Iruñeko alkate Yolanda Barcinak errandakoak gogoratu ditu, iritzi horren alde: "Merkataritza gune hori erdialdeari bultzada emanen zion lokomotora izanen zela erran zuen; eta bai, bultzada eman dio, bai eta gainetik pasatu ere".

Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kide ere bada Zuza. Argi eta garbi erran du: "Erdialdea hustuz joan dira, eta ostatuak eta Gazteluko plazako aparkalekua bertzerik ez dira gelditzen. Alde Zaharrak urrezko aukera galdu zuen unibertsitate publikoa Arrosadian egitea erabaki zutenean". Corte Ingles dagoen orubean Nafarroako Liburutegi Nagusiak egon behar zuela erantsi du. "Liburutegien Nazioarteko Federazioak argi dio egoitza nagusiak beti egon behar duela erdialdean; hemen alderantziz egin dute".

Kulturarekin lotutako espazioak galduta, "arropa marka nagusien eremu" bilakatu dira Iruñeko Alde Zaharra eta inguruko karrikak, Zuzak salatu duenez. "Bihotzik gabeko hiri bihurtu dute. New Yorken administrazioa ari da dirua jartzen erdialdea biziberritzeko; hemen kontrakoa egiten dugu. Gaiarre antzokiak eta Nafarroako Antzerki Eskolak baino ez diote eutsi". Galtzen utzi behar ez diren irlatzat jo ditu.

“Gordetzea eta erakustea da gure lana”

“Gordetzea eta erakustea da gure lana”

E. Elizondo

Zinemaren esparrua berezkoa du Alberto Cañadak (Iruñea, 1962). Saide etxetik ailegatu zen, 2011n, Nafarroako Filmotekara.

Saiden ia hogei urtez aritu eta gero, zer iruditzen zaizu Carlos III zinema aretoen itxiera?

Pena handiz hartu dut berria. Baina, azkenean, ezin dugu ahaztu Saideren atzean higiezinen enpresa bat dagoela; tamalez, bertzelako interesak sartzen dira tartean.

Ez dira emaitzek behartutako itxiera bat, zure ustez?

Seguru nekien zinema ikusleak berreskuratzen ari zela. Erdialdean halako eraikin bat izateak, baina, etekin gehiago ematen ahal du bertzelako hainbat jardueratara bideratuz. Nik uste dut gehiago irabazteko aukerak ekarri duela erabakia.

Zu hasi zinenean areto bakarreko zinema zen, ezta?

Bai. 1.300 eserleku zituen areto handia zuen zinemak. Banatzaileen eraginez gertatu zen aldaketa, neurri handi batean; presio handia egiten zuten film bat edo bertze estreinatzeko. Aretoa betetzea ere ez zen erraza.

Erdialdea zinema aretorik gabe gelditu da. Filmoteka ere ez da erdigunean. Hainbat eragilek kritikatu dute. Zer deritzozu?

Eragile horiekin bat egin dut, hasieratik. Nik ere argi dut filmotekak erdigunean behar zuela egon. Akaso ideia hori berriz bultzatzeko garaia da.

Golem aretoak kenduta, gainerakoak merkataritza guneetan dira, hiritik kanpo.

Gisa horretako zinema aretoek kontsumo eredu jakin batekin dute lotura. Halakoetara joaten direnak ez dira, berez, zinemazaleak; krispeta eta hanburger zaleak dira, batez ere; berdin kontsumitzen dute gisa horretako janaria eta zinema.

Bidea hori da, halabeharrez?

Nik uste dut ezetz. Nik uste dut, azkenean, estreinaldiak ere etxean ikusiko ditugula. Uste dut hainbat aretok baino ez diotela eutsiko, estreinaldi bereziak egiteko. Baina gainerako filmak etxean ikusiko ditugula. Horretarako sistema garatuko dutela, etxean filmoteka birtual modukoa izateko, nahi duguna ikusi ahal izateko. Nik uste dut eredu hori ezagutuko dudala.

Filmotekak ere izan ditu gora-beherak. Gobernuak Nafarroako Zinemaren Institutua bertan behera utzi zuen 2014. urtean. Nola eragin dizue erabakiak?

Filmotekak bi arlo ditu: artxiboa da bat, eta programazioa bertzea. Artxiboaren ardura orain Liburutegi Zerbitzuaren esku da, eta nire ardura da programazioa. Nik uste dut institutua sortzea izan zela Nafarroako ikus-entzunezkoen arloan berri nagusietako bat, baina martxan jarri zuten agintari berberek erabaki zuten bertan behera uztea. Ez dut inoiz ulertuko erabaki hori. Akatsa izan zen. Institutua bazen modu bat ikus-entzunezkoen inguruko guztiak erakunde bakar batean zentralizatzeko. Jendeak bazekien nora jo.

Erabaki horrek erakusten du zinemaren aldeko apusturik ez dela?

Kulturaren esparrua beti da azkena aurrekontuetan. Nire irudipena da egoerak bultzatzen duela gastu gutxi duten proiektuak egitea, lagun artekoak. Politikarena berehalako emaitzen esparrua da, eta kultura ez da horrelakoa. Egiten den inbertsioaren emaitza, anitzetan, ez da berehala jasotzen. Nik uste dut sortzaileak badirela; badela mugimendua, eta teknologia berriek erraztu dituztela prozesuak.

Filmotekaren lana ere bada egiten den hori zabaltzea?

Filmotekaren lana da gordetzea eta erakustea. Eta gordetzen duguna erakustea. Ikusleen esku jartzea, ikus-entzunezkoen inguruko kultura aberasteko egokitzat jotzen dugun hori. Eta hori egitea inolako aurreiritzirik gabe.

Zure esku dago programazioa; zeintzuk dira zure irizpideak?

Nik ia ezeri ez diot ezetz erraten. Hori da nire irizpide nagusia. Ez dut aurreiritzirik; ez aspaldiko zuzendarien lanari buruz; ezta orain egiten denari buruz ere. Hala ere, beti saiatzen naiz oreka bilatzen.

Zer-nolako erantzuna jaso duzue?

Hagitz ona. Helburutzat hartu genuen batez beste 50 ikusle izatea saio bakoitzeko, eta kopuru hori bikoiztu egin dugu. Ehun ditugu, bai eta gehiago ere. Ikusle fidelak dira, gainera.

Irantzu Gonzalez: “Dantza bizitzeko modu bat da niretzat, eta bete egiten nau”

Irantzu Gonzalez: “Dantza bizitzeko modu bat da niretzat, eta bete egiten nau”

Asier Garcia Uribarri

Gazte-gaztetatik dantzan ari da Irantzu Gonzalez (Altsasu, 1987). Hamaika txokotan ikasketak egin ostean herrira itzuli da, eta eskola jarri du martxan. Gainera, Altsasuko zenbait herritarrekin batera Dantzarima konpainia sortu du. Sustraiak lanarekin arrakasta handia izan zuten, eta orain buru-belarri dabiltza obra berria prestatzen. Gonzalez ez da geldirik egotekoa, eta dantzak energia hori guztia bideratzen laguntzen dio.

Zer da dantza zuretzat?

Dantza bizitzeko modu bat da niretzat, eta bete egiten nau. Dantzari esker naiz naizen modukoa.

Zergatik uste duzu jendeak dantzara hurbildu beharko lukeela?

Dantza egitean sentimendu piloa adierazten ditugu. Nik alde sortzailean jartzen dut fokua. Uste dut horrela jendeak gorputzarekin adieraziko dituela haren irudimen eta gaitasunak.

Txikitatik zabiltza dantzan. Zein izan da zure ibilbidea?

Aita dantzaria zen, eta ni, 6 urterekin, euskal dantzekin hasi nintzen. Altsasun hori zen aukera bakarra, eta nik gehiago sakondu nahi nuen. Gimnastika erritmikora ere jo nuen. Baina 14 urterekin Iruñera joatea izan zen nire jauzia. Almudena Lobonen eskolan dantza klasikoa ikasi nuen. Hor konturatu nintzen bide horretatik jo nahi nuela, eta horrela piztu zitzaidan Madrilera joateko gogoa.

Zer ikasi zenuen Madrilen?

Carmen Rocheren eskolan ikasi nuen. Dantza modernoko ikasketaz gain, antzerki musikalaren aukera ere bazegoen. Orduan pentsatu nuen: "Jada hemen egonda, guztia egingo dut". Ikasi nituen dantza, antzerkia eta kantua. Asmatu egin nuen. Orain, nire lanak prestatzeko, oso ondo datorkit denetarik jakitea.

Bestelako funtzionaltasuna duen jendearekin dantza ikastaroak egiten dituzu. Nola hasi zinen bide hori lantzen?

Nik beti izan dut lotura berezi bat ezohiko funtzionaltasuna duten pertsonekin. Madrilera joan aurretik, Anfas elkartearekin lanean hasi nintzen boluntario gisa, eta beti nuen buruan antzerkia edo dantzarekin zerbait egitea. Madrilen Maite Leonen Psikoballet eskola ezagutu, eta udan antolatzen zituzten ikastaroetan izena eman nuen. Garai berean, Altsasuko familia batzuek bestelako funtzionaltasuna duten pertsonentzako elkarte bat sortu zuten, eta haiekin hasi nintzen lanean.

Ikasketak bukatu ostean, non ibili zara dantzan?

Fundacion Deporte Integra elkarteak ezohiko funtzionaltasuna duten pertsonekin lan egiten du, eta kontratatu ninduten ekitaldi batzuk antolatzeko. Adibidez, egun batean 300 pertsona bildu nituen koreografia handi bat dantzatzeko. Gero Ingalaterrara jo nuen ikasten jarraitzeko, eta han ere dantzari aritu naiz.

Zein da gehien gustatzen zaizun dantza mota?

Nire estiloa dantza garaikidea eta jazz modernoa dira. Madrilen ikasi nituen hip hop, funk eta abar. Azken finean, dantzariok denetarik egin behar dugu. Baina norberak beti jotzen du bide batetik edo bestetik.

Ingalaterran zer landu zenuen?

Dantza eta psikologia ikasi nuen han. Aipatu bezala, dantza asko lotzen dut sentimenduekin, eta ikasi nahi nuen nola landu hori guztia dantzaren bidez.

Hamaika txokotan egon ostean, Altsasura itzuli zara, eta dantza eskola sortu duzu.

Urtarrilean hasi ginen eskolekin, eta eskaintza zabala dago. Hasteko, dantza klasikoa irakasten dut, hori baita guztiaren oinarria. Horrez gain, modern jazz, dantza garaikidea helduentzat eta flamenkoa. Azken hori Askoa Etxebarrieta La Pulga-k eskaintzen du.

Nolako harrera izan du eskolak?

Oso ona. Egun, 120 ikasle ditugu. Aurretik ere eskolak ematen nituen. Gainera, Altsasukoa izanda, jendeak ezagutzen nau, eta horrek laguntzen du.

Izan duzun arrakasta ikusita, ematen du horrelako eskola baten premia bazegoela Sakanan.

Bai, argi eta garbi. Nik gabezia hori ikusten nuen. Baina beldur puntu bat ere banuen ea ondo aterako ote zen. Finean, gaztea naiz, eta honetan guztian sartzeak errespetua sortzen du.

Eskolaz gain, dantza konpainia ere osatu duzu Altsasun: Dantzarima. Nola hasi zen proiektu hori?

Duela urte eta erdi hasi genuen proiektua. Altsasuko zenbait pertsonak esan zidaten dantza garaikidearekin zerbait egin nahi zutela. Orduan, lanean hasi ginen, eta konpainia sortu genuen. Bide batez bete dut nire betiko beste amets bat: konpainia bat sortzea.

Aurretik dantzarekin harremana bazuten?

Bai. Batzuk euskal dantzak egindakoak dira, eta badaude ere gimnastika erritmikoan aritu direnak. Baina inork ez du aurretik dantza garaikidea egin.

Taularatu duzuen lehen lana Sustraiak izan da. Zer-nolako harrera izan du?

Altsasun hiru aldiz egin dugu, eta hiruretan bete egin da. Horrez gain, Etxarri Aranatzen eskaini genuen. Oso pozik gaude konpainiarekin eta lan berriarekin.

Hemendik aurrera, baduzue bestelako proiekturik?

Lan berri bat prestatzen ari gara, urriaren 8an aurkezteko. Ideia nagusia da pertsona guztiak izarretatik gatozela. Hau da, denok dugula jatorri bera, eta horregatik, pertsona guztiak berdinak garela.

Ibaia bizirik nahi dute

Ibaia bizirik nahi dute

Edurne Elizondo

Ega ibaiari kezkaz egiten diote so Murietako, Antzingo eta Egaibarreko bertze hainbat herritako bizilagunek. Montejurrako Mankomunitateak Lokiz mendizerrako akuiferoak baliatzen ditu eskualde hori hornitzeko. 1985. urtetik ari dira Antzingo putzua ustiatzen; 2005etik, berriz, Mendazakoa. Ega ibaiari eragin dio egoera horrek, eta azken urteotan, udan batez ere, hainbat iturri lehortu egiten direla salatu du Ega Bizirik plataformak; emari ekologikoari nekez eusten ahal diola ibaiak, urteko hilabeterik beroenetan. Okerrera egiten ahal du egoerak, gainera, mankomunitateak orain artekoaren bikoitza ustiatzeko eskaera egin baitio Ebroko Ur Konfederazioari.

"2011. urtetik ari gara Egaren alde borrokan; eta segituko dugu. Bertzela, bide beretik jarraitzen badute, urte txar batean ibairik gabe geldituko gara". Horixe nabarmendu du Ega Bizirik plataformako presidente Felipe Ajonak. Murietakoa da bera, eta esaldi bakar batean laburbildu du arazoaren funtsa: "Ahal dena baino ur gehiago ateratzen ari dira".

Auziaren mamia hori da, baina baditu hainbat adar. Batetik, Ajonak agerian utzi du Montejurrako Mankomunitateak ez duela akuiferoetatik ura ateratzeko kontzesiorik. Bertzetik, Antzingo edo Mendazako putzuek eman dezaketen ur kopuruaren inguruko inolako ikerketarik ere ez dela egin salatu du; akuiferoak ustiatzeko lanak ingurumenean duen eraginari buruzko txostenik ez dagoela, alegia.

Orain, ikerketa bat aurkeztu dute EHUko irakasle Iñaki Antiguedadek eta Ane Zabaletak. Ega Bizirik plataformak eskatuta egin dute, Ega arroko ur fluxuen joerari buruz. "Datuak kezkagarriak dira", azaldu du Ajonak. Antzin herritik behera, adibidez, Ega ibaiaren ur emariak behera egiteko joera du, ikerketa horren arabera, akuiferotik gero eta ur gutxiago jasotzen duelako ibaiak, tarte horretan. "Santikurutze Kanpezutik (Araba) Antzin herrira, ibaiak ematen dio akuiferoari; Antzin herritik Murietara, berriz, akuiferoak ematen dio ura ibaiari. Putzuak egin, eta gero eta gehiago kentzen badiote, ordea, nekez lortuko du akuiferoak ibaiak behar duena ematea".

Ajonaren kezkarekin bat egin du Sustrai Erakuntza Fundazioak ere; nabarmendu du Antzingo putzutik bost hektometro kubo ateratzen dituela mankomunitateak egun, eta erakunde horren asmoa dela 12 ateratzea. "Orain jada arazoak badaude iturburuetan, zer gertatuko da gehiago ateratzen badute?".

Ebroko Ur Konfederazioak, behintzat, ez dio galdera horri erantzun. Alderantziz: zabaldu du mankomunitateak ur gehiago hartzeko egindako eskaerari alegazioak aurkezteko epea. "Mankomunitateak hainbat urtez kontzesiorik gabe egindakoari nolabaiteko euskarri legala eman nahi diote orain", salatu du Ajonak. Berretsi du akuiferoetatik ateratzen duen ur kopurua bikoiztu nahi duela mankomunitateak. "Helburua da merindadeko ia herri guztiak hornitzea".

Hori egiteko, udalerriz gaindiko eragina duen planaren figura (UGEP) erabili zuen Nafarroako Gobernuak, 2011. urtean. "Murietaren gisako herriak ez zituzten auziak kalte egindako erakundeen artean sartu, eta planaren berri ere ez genuen jaso. Ezin izan genuen alegaziorik aurkeztu". 2011tik, ur gehiago ateratzeko obrak egiten ari da Montejurrako Mankomunitatea. "40 milioi euroko proiektua da", azaldu du Ajonak.

Gobernuaren zain

Egun Nafarroako Gobernua babesten duten Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek ur baliabideen inguruko ikerketa egiteko beharra jaso zuten haien akordio programatikoan. Horixe gogoratu du Ega Bizirik taldeko presidenteak, eta etsita agertu da gobernuak auziari buruzko urratsik ez duelako egin, orain arte. "Bertze aldera begiratzen du".

Gobernuak zer eginen duen zain dira plataformako kideak. Ajonak argi du mankomunitateak ur gehiago atera ahal izateko prozesua bertan behera utzi beharko luketela, akuiferoen gaitasunari buruzko ikerketa zorrotza egin arte, behintzat.

Epaileek zer errateko ere badute akuiferoen auzian. Izan ere, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Ega Bizirik plataformak epaitegietara jo zuten 2011an, UGEPa onartu zutenean. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat jo zuen proiektua. Ondorioz, Sustrai Erakuntzak eta ibaiaren aldeko elkarteak helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Haren erabakiaren zain dira. Eta Ega ibaiari so, bitartean. "Ibaiari begiratzea nahikoa baita gertatzen ari denaz ohartzeko". Euri gutxiko negu honek zer uda ekarriko duen beldur da Egaibar.