Nafarroa

“Gurea auzoko taberna da; gehienok elkar ezagutzen dugu”

Iruñeko Alde Zaharrean, Kale Nagusian bertan dago Olazti taberna. Hamaiketako kafea hartzeko, lanaren osteko potea hartzeko edo larunbat gaueko ogitartekoa jateko toki aproposa. Bertara joanez gero, ziurrenik Gema Ardanaz (Arlegi, 1968) egongo da sukaldean. Hainbatetan, barraren atzean ere egoten da, zerbitzatzen eta bezeroekin hitz egiten. Gertutasuna baita, patata tortillarekin batera, Olazti tabernaren ezaugarrietako bat. "Gurea auzoko taberna da; gehienok elkar ezagutzen dugu", azaldu du Ardanazek.

"Senarraren familiak jarri zuen martxan Olazti taberna, duela 30 urte baino gehiago. Haren gurasoek utzi zutenean, hark hartu zuen. Hasieran, hainbat bazkideren artean, eta gero bakarrik". Ardanazek beste leku batean lan egiten zuen, nahiz eta asteburu batzuetan tabernan ere aritzen zen lanean. Duela hamahiru urte sartu zen lanaldi osoz tabernan. Ez zuen esperientziarik ostalaritzan, baina apurka-apurka ikasten joan zen. "Hasieran, barrara ohitzea kostatu zitzaidan. Orain ez zait inporta, gustura egoten naiz han ere". Barran noizbehinka gauza "arraroak" eskatzen dizkiotela esaten du. Hala ere, ez du estutasunik izaten. "Ezagutzen ez dudan zerbait eskatzen didatenean, ez dut arazorik galdetzeko. Nik nahiago dut galdetu, gaizki jarri baino", dio umoretsu.

Baina Ardanaz sukaldean moldatzen da hoberen. Goizez lan egiten duenean, 07:30 aldera heltzen da tabernara, eta goizeko pintxoak prestatzen hasten da. Olaztin pintxo eskaintza handia dute. Horrez gain, ogitartekoak eta plater konbinatuak ere ematen dituzte. "Taberna hartu genuenean, inguruan bazeuden hainbat taberna eguneko menua eskaintzen zutenak. Lehia handia zegoen; beraz, plater konbinatuaren alde egin genuen. Beste aukera bat eskaintzeko. Horrez gain, tabernak duen sukaldeak ez du modurik ematen eguneko menuak egiteko", azaldu du. Baina jendeak gehien eskatzen duena patata tortilla da. "Ez dago inolako sekreturik. Denborarekin egitea baino ez da, etxean egingo banu bezala. Noski, horrek lana eskatzen du. Patatak frijitu behar dira. Baina errezeta nire amarena da". Tortillez gain, beste hainbat pintxo egiten dituzte, besteak beste hirugiharra, urdaiazpikoa eta oilaskoa roquefort saltsarekin eta tipula erregosiarekin.

Berrituz

Urtez urte karta aldatzen dute. Gehienbat, bi modutan aukeratzen dute kartako eskaintza. Alde batetik, egunerokoan jendeak eskatzen duena kontuan hartuta. Beste alde batetik, Ardanazek, kanpora joaten denean, beste tabernetako eskaintzari so egiten dio. "Taberna batera noanean, lehenengo eta behin pintxoei begiratzen diet. Ustea dut normala dela. Imajinatzen dut ardoa saltzen duena ere beti egongo dela adi zein ardo eskaintzen duten jakiteko". Ardanaz Iruñetik ateratzen bada, auzoetara joatea gustatzen zaio. "Alde Zaharrera etortzen banaiz, lanean ari naizela iruditzen zait".

Berezko negozioa izateak lan handia ematen du. Krisiarekin, gainera, lan gehiago egitera behartuta ikusi du bere burua. Baina ez du irabazi gehiagorik izan horregatik. Astegunez, lau pertsonak lan egiten dute Olaztin: bik goizez eta beste bik arratsaldez. Asteburuetan, bi pertsona gehiago dituzte laguntzaile lanetan. Lehen, beste langile bat zuten asteburuetan. "Krisiaren aurretik beste pertsona batek laguntzen zigun asteburuetan. Egun, ordea, senarrak edo nik egiten dugu txanda hori, eta ez dugu gehiago irabazten. Ezin dugu kafearen, pintxoaren edo garagardoaren prezioa igo. Baina guri hornitzaileek prezioak igo dizkigute, eta BEZak ere gora egin du. Hau da, lan gehiago egiten dugu, eta diru gutxiago irabazten dugu".

Olazti tabernara denetariko jendea joaten dela dio Ardanazek. "Auzoko taberna izanda, askotariko jendea etortzen da gurera. Goizetan, inguruan lan egiten duen jendea etortzen da kafea hartzera; horiek ere auzoaren parte dira. Arratsaldeetan, jende gutxiago ibiltzen da; horiek bai, ingurukoak. Asteburuetan, berriz, gazteak eta helduak etortzen dira poteoan eta afaltzera". Baina gehien baloratzen duena bezeroak ezagutzea da. "Astegunetan etortzen diren denak ezagutzen ditut. Asteburuetakoak ez horrenbeste, ni sukaldean egoten bainaiz. Baina entzuten diet lankideei: 'Kuadrilla hori aurreko astean etorri zen, edo beste hura ez dakit nongoa da'". Hainbeste urtez tabernan lan egin ostean, belaunaldi aldaketak ikusi ditu Ardanazek: "Egun, jendea lehen baino askoz zintzoagoa da. Lehen, itzelezkoak egiten zituen tabernan, eta hainbatek ordaindu gabe alde egiten zuten. Adi egon behar genuen. Orain, jendeak errespetu handiagoa du; inork ez du ordaindu gabe alde egiten".

Krisiak krisi, lanean jarraituko dute Iruñeko Kale Nagusian. Sukaldeko atearen atzean Ardanaz arituko da tortillak eta beste egiten lanean, gose denarentzat mokadu goxoak prestatzeko prest.

EUSKAL LITERATURAREN ‘L’ HANDIAK

"Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea", zioen Xabier Letek. Haren aburuz, poetak ez dira politikariak, ez moralistak, ez historialariak, ez soziologoak, ezta filosofoak ere. Ez dira ezer, soilik denetarik apur bat. Baina Antton Valverderen eta Angel Lertxundiren ustez, omentzekoak dira. Horregatik, Hiru L: Lauaxeta, Lizardi eta Lete poema musikatu irakurtaldia egingo dute asteartean, 20:00etan, Iruñeko Planetarioan.

“Iruñeko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune”

Abokatua eta feminista da Begoña Zabala (Txileko Santiago, 1950). Urteak daramatza mugimendu feministako hainbat talde eta batzordetan, garaian garaiko gatazkei kalean erantzuten. Besteak beste, egun Nafarroako Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordean dago. Txoko Feministaren jaiotza ilusioz eta kontent hartzen du.

Zer emango dio Txoko Feministak Iruñerriko mugimendu feministari?

Iruñerriko mugimendu feministaren erreferentzia izan daiteke Emagune Txoko Feminista. Espazio aldetik, oso baikorra da feminismoarekin lotutako lokal bat hiriko leku jakin batean kokatu ahal izatea.

Zergatik da beharrezkoa halako gune bat sortzea?

Iruñean herri mugimenduak espazioak behar ditu aurrera egiteko, eta lortzen ari da, irmo borrokatzen delako. Udaleko botereek ez dizkigute gauzak errazten, baina elkartzeko gure bilguneak sortzen ditugu, eta Emagune ere horren adibide da. Baina horrez gain, badira beste batzuk: hala nola Zabaldi, Auzoenea eta Kalekalde.

Eta Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordeari zer eskainiko dio?

Biltzeko, eztabaidatzeko eta gozatzeko lokal bat.

Egun puri-purian dago abortuaren gaia; zuek, baina, urteak daramatzazue lanean.

2005ean sortu genuen Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Batzordea, 1985eko legearen 20. urteurrena zela eta. Orduko legea zigortzailea dela salatu, eta sexu eta ugalketa eskubideak errespetatuko zituen lege bat aldarrikatzen genuen.

Gallardonek aurkeztutako lege egitasmoarekin are gehiago zigortuko dute abortua. Batzordearen lan ildoa aldatu da?

Noski, ezinbestean. 1985eko legea txarra zela esaten ari ginen, baina orain aztertzen ari direna are okerragoa da.

Aurtengoa, beraz, borroka urtea izan da batzordearentzat.

Bai, hainbat dinamika egin ditugu jada: PPren egoitzaren aurrean elkarretaratze jendetsua egin genuen, esateko abortua ez dela delitua; eta Bideko Ama ospitalean itxialdi sinbolikoa antolatu genuen.

Prestatu duzuen hurrengo mobilizazioa flashmob ekintza bat da, ezta?

Bai, abortatzeko eskubidearen defentsan koplak idatzi ditu Onintza Enbeita bertsolariak, eta guk koreografia osatu dugu. Ostean tutoriala Interneten zintzilikatu, eta martxoaren 8an dantzatuko dugu.

Eta dantzatu ostean, Txoko Feministara joango zarete?

Bai, egun osoko egitaraua antolatu baitute gunea inauguratzeko.

1.400

Barañainen eskatu dituzten gidari egoiliarren txartelak. Igandean, 20:00etatik aurrera, martxan jarriko dute aparkatzea aldi baterako debekatutako eremua edo eremu berdea. Eremu horretan aparkatu ahal izateko, gidari egoiliarren 1.400 txartel kaleratu dituzte.

Angel Berrueta arrazoi politikoengatik hil zutela aitortzeko eskatu dute

"Angel Berruetaren hilketak arrazoi politikoak izan zituela aitortzea nahi dugu", adierazi du Edur Perezek, Angel Gogoan plataformako kideak. Heldu den martxoaren 13an, hamar urte beteko dira Valeriano Peña Espainiako poliziak eta haren semeak Angel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko bizilaguna hil zutenetik. Donibaneko hainbat auzokidek Berruetaren oroimenari eutsi nahi diote. Horregatik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko, 2.136 sinadura bildu dituzte.

Berrueta hil zutenean, hainbat auzokide eta lagunek Angel Gogoan egitasmoa sortu zuten, haren oroimena bizirik mantentzeko. Geroztik, plataformak hainbat ekinbide eraman ditu aurrera, instituzioek, botere publikoek eta ordezkari politikoek urratsak egin ditzaten "egiaren, aitormenaren eta ordainaren alde".

Hilketaren hamargarren urteurrena dela eta, sinadurak bildu dituzte Donibanen bi helburu nagusirekin: alde batetik, Iruñeko Udalak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko; beste alde batetik, auzokideek Berruetaren oroimena mantentzeko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Plataformako kideek esan dute auzoko hainbat talderen, dendaren, erakunderen eta elkarteren laguntza izan dutela. "Ildo anitzetako auzokideek bat egin dute ekinbide honekin, instituzioek Berruetak behar duen aitorpena eman dezaten", esan du Perezek.

Martxoaren 6an, Iruñeko udalbatzak Berrueta indarkeria politikoaren biktima gisa aitortzeko mozioa eztabaidatu zuen. Plataformak mozioa aurkeztu zuen, udaleko hainbat talde politikorekin harreman bira egin ostean. Horrekin batera, martxoaren 13an, 19:00etan, Berruetari omenaldia egingo diote haren okindegia zenaren parean, Iruñeko Donibane auzoan.

22.363

Azken sei urteetan industrian galdu diren lanpostuak. Azken sei urteetan metal, eraikuntza eta beste azpisektore batzuetan 22.363 lanpostu galdu dira Nafarroan. Industriako langileen %34,6 geratu dira kalean.

@sarean

Iruñerriko mugimendu feministaren inguruko informazioa duten atariak.

www.txokofeminista.blogspot.com.es. Emagune Txoko Feministaren webgunea.

www.facebook.com/asambleaaborto.nafarroa. Abortatzeko Batzordearen Facebookeko orria.

Euren legea, euren nahieran

Egunotan sekulako indarra hartzen ari da Nafarroako Gobernuaren legez kanpoko jardueraren salaketa, ustelkeriari dagokiona. Ona da kontuak argitzea, gauzak nola diren ulertu eta aitortzeko, eta ariketa aski osasungarria iruditzen zaigu, kasu honetan, ...

Feminismoa auzolanean eraikitzen

Konspiratzeko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko gune bat" dago Iruñerriko Alde Zaharraren bihotzean: Emagune Txoko Feminista. Hala azaldu du Amaia Paz proiektuko kideak. Jarautatik gertu, Descalzos kalearen bazter batean ikus daiteke. Handia da: gela mordoxka bat eta harrera leku zabala dauzka. Lehen, zahartuta eta trastez beteta zegoen; orain, margotuta eta ekinaldietarako prest. Izan ere, hilabeteak daramatzate mugimendu feministako talde eta norbanakoek auzolanaren bidez atontzen. Martxoaren 8aren harira zabalduko dute, "amets feministak egi bihurtzeko".

Urduri daude proiektuko kideak irekiera eguna dela eta. Denbora dezente eman dute Emagune prestatzen. Txoko feministaren ideia ez da berria; 2012ko martxoan zabaldu baitzuten aurreneko lokala Iruñean, Navarrerian. Zoritxarrez, lehen saialdia ez zen behar bezala atera, guneak ez zituelako beharrezko baldintzak betetzen. Horregatik, 2013ko maiatzean alde egin zuten handik, eta hiria erreferentziazko espazio feministarik gabe geratu zen. Orain, orduan hasitako borrokari eutsiko diote berriz.

"Edozer" lantzeko espazioa

Amaia Pazek argi dauka "edozer" lantzeko zentroa izan daitekeela: sexualitatea, maitasuna, kontsumoa, indarkeria arazoak... horiek dira, besteak beste, aurreko txokoan jorratutako gaiak, eta oraingoan ere kabida izango dutenak. Finean, "askotarikoa" baita proiektua; bai, gaien aldetik, baita feminismoak ulertzeko formarengatik ere. Eta baditu oinarrizko balio batzuk. "Mugimendu feministaren elkarlana sustatu nahi du, edo, behintzat, aukera hori ahalbidetuko du". Aliantzak sortzea da, beraz, xedeetako bat. Era berean mintzo da proiektuko partaide Luzia Tano: "Potentzialitate handia dauka halako esparru batek. Eragileek batzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dute; batetik, nork bere kabuz; bestetik, batera, elkarren hartu-emanen ondorioz kritika eta diskurtso berriak sortzeko".

Norbanakoek eta kolektiboek hartzen dute parte. Adibidez, Paz eta Tano, Txoko Feministako partaide izateaz gain, Paz, Euskal Herriko Bilgune Feministakoa da; Tano, Lumatza Bollera Feministen taldekoa. Horregatik, bien ahotan entzun daitekeen hitza da lankidetza. Espazio berriari esker, taldeek elkarrekin lan egiteko aukera izango dutela ziur dira. Gainera, ez dira horiek Emaguneren bueltan batzen diren eragile bakarrak: besteak beste, Abortatzeko Eskubidearen Batzordeko lagunak ere ibiltzen dira; Emakume Internazionalistak taldeko militanteak eta zenbait auzoetako talde feministetakoak. Hala, taldeen topagune da zentroa, baina baita antolaturik egon ez eta feminismora bildu nahi duten pertsonena ere.

Zentroaren eginkizuna molde zabaletan ulertzen dute hango kideek: batetik, hitzaldiak, mahai inguruak eta solasaldiak antolatuko dituzte; bestetik, aisialdiarekin zuzenago lotutako ekinaldiak, hala nola bazkariak, eta emanaldi artistikoak. "Jabekuntzarako eta gozamenerako" tartetxoak sortuko dituzte, beraz, Pazek dioenez.

Egun, ez dute jarduerarik finkatu egutegian. Larunbatarekin irekiko dute, Emakumeen Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuz. Egun horretarako egitaraua daukate oraintxe esku artean. Goizean, Iruñeko manifestaziora joateko deialdia egin dute. Ondoren, 13:30ean, Abortatzeko Eskubidearen alde prestatutako flash mob-era joango dira. Eguerdian iritsiko da horrenbeste itxarotako unea: irekiera. Bazkaria eginez inauguratuko dute lokala. Arratsaldean, hainbat ekintza prestatu dituzte, hala nola olerki irakurraldia, musika jaialdia eta jolas kooperatiboak.

Krisi garaian, beharrezkoagoa

Ongizatearen estatuaren eraiste garaiotan, "berebiziko" garrantzia dauka lokalak, Luzia Tanoren iritziko: "Matxismoaren berrarmatzea dugu aurrez aurre; mutatzen ari da, garai berrietara egokitzeko. Neomatxismoa txertatu da gazteen jarreratan, eta ohiko bihurtu da mutilek neska-lagunak kontrolatzea Whatsapp eta Facebook bidez; aldi berean, matxismo klasikoak bere horretan dirau". Hori dela eta, "heteropatriarkatuaren aurrerapausoak" gelditzeko gunetzat jotzen du Emagune espazioa: "potentzialitate handia daukan borroka esparru bat da". Pazek ere bat egiten du Tanoren aurreikuspen baikorrekin, eta Iruñerriko herri mugimenduari "asko" eman diezaiokeela deritzo.

Emaguneren beharra esplikatzeko azalpen estrukturala eman du Tanok: "Matxismoak boteretik egiten du eraso, horren adibide dira Abortuaren Legea aldatzeko saioa, mendekotasunerako laguntzen murrizketak, eta amatasuna ukatzea ama izan nahi duten bikoterik gabeko emakumeei eta lesbianei. Urraketa horiei erantzuna eman behar diegu".

Lokala auzolanean txukuntzen ari dira oraindik, "azken ukituak" ematen. Uste baino lan handiagoa eman die prestakuntzak, baina listo dago kasik. "Jendea etortzea baino ez da falta", Pazen irudiko. Larunbatetik aurrera, ekinaldiak dauden egun guztietan zabalduko dituzte zentroko ateak.