Nafarroa

“Kontsumitzeko eraren bidez lor dezakegu nahi dugun gizarte mota”

Esnekiak egiteko eman beharreko pauso guztiak bere gain hartzen ditu Aitor Azkaratek (Aniz, 1976), lehen urratsetik azken urratsera arte. Behiak larrera eraman, jetzi, esnekiak elikagai bihurtzeko prozesua martxan jarri, paketatu eta banatu. Horiek dira Jauregia esneki enpresa txikian dituen zereginak. Izan ere, norberak egindako lanaren balioa nabarmentzen du Azkaratek. Garrantzitsua iruditzen zaio jakiak tokian tokikoak izatea, baita mainaz eginda egotea ere. Internet bidez eta zuzenean saltzeaz gain, orain Iruñeko Alde Zaharreko eta Txantreako ferietan ibiltzen da.

Nola sortu zenuten Jauregia esneki enpresa?

Aitak behiak zituen, eta aitatxik ere bai. 2004an anaia eta biok hasi ginen, gure bikotekideekin batera. Orain, bi bikoteak eta langile bat gaude.

Zein produktu egiten dituzue?

Esnea, gasna, jogurta eta irabiatuak.

Ekoizpen ekologikoaren aldeko hautua egiten duzue. Zergatik?

Errespetuz jokatu nahi dugu bezeroekin eta lurrarekin. Hasi ginenean, konbentzionalak ginen. Poliki-poliki pausoak eman ditugu ekoizpen ekologikorantz.

Zuen gain hartzen dituzue, beraz, esnekiak sortzeko prozesuaren urrats guztiak?

Bai. Garrantzitsuena lurra izatea da; hektarea bat bi behi bakoitzeko. Guk lurra badugu bazka lortzeko. Egiten duguna da bazkatzera eraman, jetzi eta esnea eraldatu. Produktuen banaketa ere gure esku dago; ez dugu bitartekariekin lan egiten.

Tokian tokikoa kontsumitzea garrantzitsua da. Zer dela eta?

Tokian tokiko produktuak kontsumitzen badituzu, bertako ekonomia sustatzen duzu. Bertako nekazari edo abeltzain bati erosten badiozu, lan duin bat izatea lortzen duzu. Horrekin batera, berak ere bertan gastatuko du, bertako ekonomia sustatzen. Gainera, ahalik eta hurbilen kontsumitzen baduzu, ingurumena zaintzen ari zara.

Enpresa handien monopolioei aurre egiteko forma ere bada, ezta?

Dudarik gabe. Nahiz eta sistema kapitalistaren barruan gauden, saiatzen bagara inguruko kontsumoa indartzen, tartean geratzen diren irabaziak enpresa handiei ez joatea lortzen dugu. Adibidez, edozein markatako esnea erosten baduzu, behi horiek bazkatuak daude munduko beste puntako soja edo artoarekin. Gure kasuan hemengo gaiekin bazkatzen dira. Gisa horretan segitzen dugu, behinik behin, elkartasunean oinarritutako gastua egiten.

Kontsumitzeko erak eragina dauka herritarren bizi ereduetan?

Noski. Kontsumitzeko eraren bidez lortzen ahal dugu nahi dugun gizarte mota. Kanpoko produktuak erosita argi dago norentzat diren onurak: inportatzen duten marka handientzat. Kanpoko elikagaiak kontsumitzen baditugu, behin ere ez dugu elikadura burujabetza lortuko.

Jende askok, baina, oraindik ez du produktu ekologikorik kontsumitzen, eta garestiagoak direla dio.

Batzuetan, egia da, baina bitartekariak aprobetxatzen direlako. Berez, kostua garestixeagoa da, baina ez du zergatik izan oso garestia. Horregatik, ikusten dudanean esnea hiru euroan, mugitzen zait barruko guztia. Argi dago nekazariak ez dituela ez da bi euro ere jasotzen... Bitartekariak aprobetxatzen dira ekologiko hitzaz. Baina ekologikoa ez da elitistagoa. Guk denen eskura egon daitezkeen produktuak saltzen ditugu. Badira elikagai ekologikoak kontsumitzeko modu asko, eta horiek sustatu behar ditugu hala nola kontsumo taldeak, azokak eta zuzeneko salmenta.

Orain, Iruñerrian bi merkatu sozial sortu dituzte, eta zuek ere bertan zaudete. Zein onura ekarri dizuete?

Alde batetik, onura ekonomikoa. Salmenta zuzena da gure helburu nagusia, zuzenean ailegatzea bezeroengana, eta azoka hauetan lortzen dugu. Bestalde, bestelako ekonomia bat eratzen dute, eta gu horren alde gaude.

Bertakoa erosteko ohitura handitzen ari al da?

Gaur egun, jendea kontzientziatzen ari da, bai. Horri esker, salmentak handitzen ari dira, eta abeltzainak eta nekazariak gure lanaz bizi gaitezke.

GERTUTIK GOZATZEKO AUKERA

Nekez taldeak bigarren diskoa aurkeztu zuen iazko ekainean, Zure esku. Geroztik hamaika kontzertu eman dituzte Euskal Herrian zein atzerrian. Iruñeko Txantrea auzoko Akelarre kultur elkartearen otsaileko egitarauari amaiera emateko, Iruñerriko laukotearen kontzertua antolatu dute. Gaur, 21:00etan. Nekez taldekoek hainbat musika talderen estiloa dute oinarri, hala nola,Berri Txarrak, Governors, A Day to Remember eta Disturbed.

“Ikusle faltagatik” itxi dute Iruñeko Saide Olite zinema aretoa, 52 urteren ondoren

"Oliteko aretoa errentagarria ez delako itxi dugu", azaldu du Alberto Zozaia Saide zinema aretoetako kudeatzaileak. Otsailaren 12an egin zuten azken saioa Iruñeko Olite kaleko lokalean. Hirian dagoen zaharrena da. Zozaiak argitu du "ikusle faltagatik" itxi dutela eta ez dakiela aretoko langileekin zer egingo duten. "Langileen inguruan ez dut ezer esango, oraindik ez baitugu erabakirik hartu", esan du. Saidek areto bakarra du orain Iruñean, Carlos III.akoa. Zozaiak esan du areto hori "oraingoz" ez dagoela ixteko arriskuan. Azken berrogei urteetan, hamahiru zinema areto itxi dituzte Iruñean.

Saide enpresa 1940ko hamarkadan sortu zuten. Hasierako urteetan, Iruñeko hainbat auzotan ireki zituzten aretoak. Lehen areto horien ostean, Saidek bigarren zabalgunean jarri zuen arreta, 1960ko hamarkadan pizten ari baitzen ingurua. Olite kaleko lokala erosi, eta Nafarroako zinema areto handiena egin zuten, 936 eserleku eta 12,5 metroko pantailarekin. 1961eko abenduaren 21ean inauguratu zuten.

Milaka film eskaini dituzte bertan. Data gogoangarrietako bat 1977ko abenduaren 17a da. Egun horretan, Star wars (Izarretako gerra) estreinatu zuten. Gerora etorri ziren, besteak beste, Superman, Alien eta Apocalypse Now.

Garaiak aldatuz joan ziren, eta Olite aretoa egokituz joan zen. Nafarroako lehen areto anitzeko zinema izan zen, 1980. urtean. Hala ere, 1990eko hamarkadan aretoaren gainbehera heldu zen. Alde batetik, Saide enpresak beste areto batzuk ireki zituen, eta banatzaileek estreinaldiak egiteko beste lokalak hobetsi zituzten. Beste alde batetik, aldirietan areto berriak eraiki ziren. Egoera iraultzeko xedez, hainbat zinema ziklo antolatu zituzten, baina ez zuten nahi besteko arrakasta izan, eta BEZaren igoera izan da azken kolpea.

3.163

Barañainen bosgarren edukiontzia darabilten familiak. Barañainen azaroaren 11n martxan jarri zuten bosgarren edukiontzia. Hondakin organikoak biltzeko zaborrontziaren erabilpena borondatezkoa da. Hiru hilabetean 3.163 familiak, herriko biztanleriaren %40, izena eman dute .

Merkatu sozialen plazak

Egunero saltoki handietara baldin bagoaz, jendarte eredu jakin bat babesten ari gara. Ekoizle txikien produktuak erosten baditugu, berriz, beste bat". Zorrotz mintzo da Carlos Rey, Iruñeko Txantrea auzoko azokaren antolatzailea. Argi dauka zer den bultzatu beharrekoa: tokian tokiko produktuen azokak zabaltzea; "alternatibak" sortzea ekonomia neoliberalaren ekoizpen eta kontsumo ereduen aurrean. Horregatik, Merkatu Soziala abiatu zuen Txantrean, Txantrea Bizi eragileko gainontzeko kideekin elkarlanean: batetik, bertako nekazari eta eskulangileek euren produktuak saltzeko; bestetik, trukearen bidez herritarrek behar ez dituzten gauzak aldatzeko.

Hala, hilabetean behin Txantreako Arriurdineta plaza saltoki txikiz bete, eta bitartekaririk gabeko merkataritzaren lekuko bihurtzen da. Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek merkatuaren arrakasta ikusi, eta antzeko bat abiarazi dute euren auzoan, hilabetean behin, Baratxurien plazan, elkartasuna eta ekologia oinarri.

Gaztagileak, eskulangileak, nekazariak, eztigileak... orotariko ekoizle txikiak topa daitezke postuetan. Baina ez horiek bakarrik: baita etxean baloi bat sobran eduki eta trukatzeko asmoz bertara joaten diren herritarrak ere, liburuak aldatu nahi dituztenak... Finean, trukearen bitartez behar ez dutena nahi dutenarekin aldatzeko tokiak baitira.

"Elkar laguntzeko guneak". Horrela izendatu ditu azokak Nor Rodriguez Iruñeko Alde Zaharreko merkatuaren antolatzaileak: "Aukera ematen digute orain arte zein eredu produktibo daukagun aztertu eta nola alda daitekeen aztertzeko". Nori erosten diogun da kontsumo ohitura bidegabeen erroa. "Nik zer edo zer behar badut, eta merkeena erosten badut, denon kalterako da", kritikatu du irmoki.

Dioenez, sistema kapitalistak ezberdintasun ekonomikoak sortzen ditu biztanleen artean; horregatik, hurkoaren zaintzan oinarritutako merkataritza behar da. Hark ez du zalantzarik zeini erosi behar zaion: "Tokian tokiko ekoizle txikien postuetan egin behar dira enkarguak". Izan ere, "kapitalismo bortitzari" kontra egiteko era dela deritzo.

Bide beretik jo du Reyek: azokek harreman ekonomikoak gizartearen mesedetara egotea bultzatzen dutela dio. Haren aburuz, baliabideak "lau kapitalistaren eskuetan" egon beharrean "herritarren eskuetara" pasatzen dira. Krisialdi ekonomikoetan, gisa horretako egitasmoak "besoak zabalik" hartzen dituzte auzokideek, bultzatzaileen irudiko. Ekonomia "pattal" dagoen garaiotan, elkartasunean oinarritutako ekinaldiek babes handiagoa lortzen dutela iruditzen zaie. Reyek dio "aukera bat" dela krisia azoka soziala bezalako "gizarte egitasmoek" aurrera egiteko. "Txiroen eta aberatsen arteko aldea handitzen ari da, eta pertsonak ardatz dituzten proiektuek erakusten dute posible dela gauzak beste forma batean egitea". Rodriguezek dio orain arte ezarritako kontsumo ereduei "erantzuteko" tresna dela.

'Txanpon' dirua oinarri

Bestelako merkataritza batek bestelako tresna bat behar zuen salerosketak posible egiteko. Horregatik, azokan baino balioko ez duen dirua sortu dute Txantrean: txanpon izeneko dibisa. Euroa "mugimendu espekulatzaileekin" loturik ikusten dute, banku zentralek "monopolizatuta". Txanpon dibisa, berriz, herritarren burutapena izan da: tokiko transakzioak hauspotzeko "erreminta". Dirua, beraz, ez da helburua, bitartekoa baizik.

Iruñeko Alde Zaharrekoak, asmakizunaren berri izan, eta euren azokan ere erabiltzen hasi dira. Orain, bi feriatan dago eskura. Xedea: herritarrek herrian bertan kontsumitzea. Funtzionamendua erraza da: azokara joan eta euro bakoitzaren truk, txanpon bat ematen dute. Hori erabiltzen da gero. "Diru sistema soziala" dela esaten du Reyek, "gizarte ehuna" indartu egiten duelako, aurpegiz aurpegiko harremanak areagotuz. Herrian bertan kontsumitzeko gonbita zabaltzen du.

Feriak ez ditu soilik produktuen harremanak ahalbidetzen: bizi-ereduak aldatzeko aukera zabalagoa ematen du. Esparru guztietan "pixkanaka-pixkanaka" aldaketa egiteko parada ematen du, Rodriguezen aburuz. Izan ere, informazio gune bana prestatzen dute Iruñerriko bi azokatan. Banka etikoaren erakusmahaia jartzen dute, energia berriztagarriena eta denboraren bankuarena, besteak beste. "Proiektu sozialak ezagutzera ematen ditugu, aldaketaren alde hondar alea jarri duten esperientziak plazaratzeko gunea prestatzen baitugu", ziurtatu du Reyek, egindako lanarekin harro.

Aurrerantzean merkatu sozialekin jarraituko dutela argi dute bi auzotan. Egun hilean behin baino egiten ez badute ere, amets egiten dute etorkizunean gehiagotan muntatzearekin. Reyek ez du zalantzarik: "Hau da alternatiba onena beste modu batean bizi nahi dugun pertsonentzat".

Ez dut zure beharra izan nahi

Faltan botatzen zaitut. Ukatuz gero gezurretan ariko nintzateke. Ez dut ukatuko. Ez dut gordeko. Zure falta sumatzen dut, pasatzen den egun bakoitzeko handiagoa. Zer moduz zauden jakin nahiko nuke, ni gabe ongi ote zauden. Zuk ere faltan botatzen al nauzu? Zugan pentsatzean zure argitasuna, zure distira datorkit burura. Zein gustura egoten ginen kontu kontari, baita ordu txikitan ere. Talde bikaina osatzen genuen.

Nire sekreturik ilunenak zenekizkien, nire pozik handienak. Elkarrekin bizi izan ditugu guztiak, nik zurekin eta zuk nirekin. Gogoratzen iaz zein larri egon zinen? Susto galanta eman zenigun. Horrelakoak ere egiten zenituen tarteka, baina badakit nik zaintzeko egiten zenuela. Zuri jaramon gehiago egiteko, mainak jasotzeko. Erraz ulertzen nuen bidali gabeko mezua, eskatu gabeko muxua bailitzan.

Harreman polita izanagatik, ezin genuen horrela segi. Azkenaldian denbora asko ematen genuen elkarrekin. Gehiegi. Nire lagunek behin eta berriz erraten zidaten, noizbehinka baita gurasoek ere. Baina nik kasurik ez. Inbidia zela erran nizun behin, akordatzen? Edozeinek ez du guk genuen harremana lortuko. Bi ginen, baina bakarra bilakatu ginen. Zoragarria izatera iritsi zen. Nire inguruak ez zuen iritzi berdina, ordea. "Utz ezazu behingoz, ez dizu onik egiten"; "gu gara zure lagunak, ez bera"; … zenbat aldiz entzun ote ditudan horrelakoak. Azkenaldian gero eta gehiago. Arrazoi zutela uste dut.

Askotan bertze norbaitekin bazkaltzen egonda ere, ez nuen haren konpainia baloratzen. Bakarrik nengoela iruditzen zitzaidan: "Maialen, entzun duzu erran dizudana?". Ez, ez nion entzun; ez nuen ezer entzuten halakoetan. Zugan izaten nuen burua. Ez nuen zu bakarrik sentitzerik nahi, ez nuen jeloskor jartzerik nahi. Gainera, zugana itzuli eta ez zinen isilik geratzen zen horietakoa.

Badakit gogorra dela, zaila. Niretzat ere hala da, ez pentsa. Baina uste dut dependentzia hau desagertu beharko litzatekeela. Desagertu behar dela. Ezin naiz zure menpe bizi. Ezin ditut planak zure arabera egin. Zu nekatua zaudelako ezin naiz beti etxera joan, deskantsatzera. Denbora hartzea erabaki dut. Denbora elkarrentzat, elkarrekin egon gabe. Lagun batek aholkatu zidan, eta jaramon egin diot. Orain ulertzen ez baduzu ere, badakit gerora bertze ikuspuntu bat izanen duzula. Agian eskertu ere eginen didazu.

Duela pare bat aste hartu nuen erabakia, ez pentsa momentuko beroaldia denik. Klase-kide batzuk kanpora joan ginen asteburu pasa, eta orduan konturatu nintzen ezin nuela horrela jarraitu. Ea zu non zeunden zen nire kezka nagusia, ea zerbait erran nahiko zenidan.

Mugikor maitea, seguruenik ezingo naiz zu gabe bizi, baina proba egin nahi dut. Zurekin bizi behar badut ere, behintzat ez dut zure beharra sentitu nahi. Horregatik gorde zintudan kutxa barruan duela pare bat egun. Ez haserretu, mesedez. Hori da onena biontzat. Prest nagoenean zabalduko dut kutxa berriro ere. Bitartean, ongi izan, ene bihotzeko mugikor maite!

“Betiko dieta egingo bagenu, askoz hobeto egongo ginateke”

"Oro har, Nafarroan badakigu zer jan behar den. Gero bakoitzak zer egiten duen beste gauza bat da", dio Izaskun Berasategi dietalari eta nutrizionistak (Iruñea, 1986). Bizimodu bizkorrak eguneroko elikaduran eragin handia izan duela uste du. Horrez gain, esan du "horren osasuntsuak ez diren hainbat elikadura ohiturak" gero eta indar handiagoa dutela Euskal Herrian. "Betiko dieta egingo bagenu, askoz hobeto egongo ginateke". Hala ere, egoera beste toki batzuetan bezain larria ez dela deritzo. Dietalari eta Nutrizionista ikasketak egin zituen Gasteizen. Ondoren, Iruñera itzuli eta Nafarroako Unibertsitatean Nutrizioa eta Metabolismoa masterra egin zuen. Horrez gain, Elikadura, Fisiologia eta Nutrizioan doktorea da ekainetik. Urrian ireki zuen kontsulta, Iruñeko Iturrama auzoan.

"Nire lehenbiziko lana jendeari nola jaten den erakustea da", azaldu du Berasategik. Batez ere, pisua galdu nahi duen jendea joaten da kontsultara, baina baita pisua irabazi nahi dutenak ere. Horrez gain, gaixotasunak dituzten pertsonek ere jotzen dute dietalariarengana, euren egoerara egokitutako dietak hartzeko. "Gaixotasunen batek jota datorren jendea ereduak jasotzeko eta hainbat galdera egiteko etortzen da. Baina garrantzitsua erakustea da. Niri ez zait gustatzen dietaz hitz egitea. Badirudi denbora tarte baterako baino ez direla. Baina ondo jateak betiko beharko luke". Gehienbat, 50 urtetik gorako emakumeak joaten zaizkio kontsultara. Gazteagoak ere bai, baina emakumeak dira gehienak. Harengana jotzen duten askok lehenago beste dieta batzuk egin dituzte.

Berasategik oso argi izan du beti zein lanbide aukeratuko zuen. "Uste dut 15 urterekin banekiela elikadurarekin lotutako ikasketak egin nahi nituela; hori gustatzen zitzaidan. Ez nuen besterik gabe aukeratu". Oso argi zuen dena, baina ez daki nondik datorkion elikadurarekiko interes hori. "Ez dut inguruan elikadurarekin edo osasun arloarekin harremanik izan duen inor. Akaso jatea asko gustatzen zaidalako aukeratu nuen", esan du barrez.

Beraz, unibertsitateko ikasketak egiteko garaia heldu zitzaionean, Gasteizera joan zen, Dietalari eta Nutrizionista ikasketak egitera. Hiru urteko diplomatura da. Hori gainditu, eta ikasten jarraitu nahi zuen. Gasteizen Elikagaien Teknologia masterra egiteko aukera dago. Baina Berasategik ez zuen hortik jo nahi. Haren aburuz, hori ez dago dietetikarekin erabat lotua. Horregatik, Iruñera itzuli, eta Nafarroako Unibertsitatean masterra eta doktore tesia egin zituen. Hala ere, lanean etengabe ikasten jarraitzen duela uste du. "Psikologiarekin lotuta dauden ikasketak garrantzitsuak dira osasun arloan lan egiten dugunontzat. Jendearekin lan egiten denean, psikologiak berebiziko inportantzia dauka".

Dietalari eta nutrizionistek ez dute txokorik osasun arlo publikoan. Hori dela eta, kontsulta pribatuetan baino ezin dute lan egin. "Saiatzen ari gara lekua egiten. Baina, orain arte, medikuek egin dute gure lana. Beraz, euren zeregina dela uste dute, eta horri eutsi nahi diote", azaldu du Berasategik. Goizetan ez du jende asko artatzen; beraz, dietak prestatu eta informazioa biltzen du. Arratsaldeetan, jende gehiago joaten da Berasategirenera. "Lehen kontsulta ordubete edo ordu eta erdikoa egiten dut. Hortik aurrera, bi astean behin, hogei minutu edo ordu erdiko azterketak egiten ditut". Aurreneko kontsultan helburua finkatzen dute, eta lortu arte, bi astetan behin hartzen ditu pazienteak. "Badaude batzuk astero pasatu nahi dutenak kontsultatik, kontrolatuagoak egoteko". Urrian hasi zen lanean, baina hasieran ez zituen paziente asko. "Urtarriletik aurrera hasi da jende gehiago etortzen".

Euskal Herrian haragi asko jaten da. Berasategik gutxiago jateko aholkua egiten du. "Badirudi proteinak jan behar direla etengabe, eta horretarako haragia egunero hartu behar dela. Baina lekaleek eta zerealek ere proteinak dituzte. Gainera, horiek ez dituzte haragiak dituzten gantzak". Otordu kopuruarekin ere gatazkak izan ohi dira. Berasategik bost otordu gomendatzen ditu. "Hiru orduan behin jan behar da, gero bazkarira gose handiarekin ez joateko. Bestela, pila bat jaten da, eta hori da kalte egiten duena". Hala ere, bizi-ereduaren aldaketak izan dira elikadura gehien baldintzatu dutenak. "Lehen, emakumea etxean egoten zen bazkaria eta afaria prestatzen. Gaur egun ez da hori gertatzen. Baina etxera heldu eta afaria prest egotea nahi dugu. Ondorioz, askotan bizkor prestatzen diren jakiak hartzen ditugu". Berasategik ez du ezer debekatzen; une zehatz batzuetan izan ezik, denetarik jateko gomendioa egiten du. Gainera, dieta on baten gakoa ohituran dagoela azpimarratu du: "Urtaroko eta tokian tokiko elikagaiak kontsumitu behar dira. Denetarik jan behar da, kolore guztietatik. Barazkiak, frutak, haragi gutxi eta arrain gehiago. Horrekin batera, kirola egitea ere gomendatzen dut ".

ESPAINIAKO BANDERA JARRI DUTE

Espainiako bandera dago Baztango udaletxean (Elizondo) hilaren 12az geroztik, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak ikurra jartzera derrigortu ostean. Bildu eta Baztango Ezkerra alderdiek "giroa asaldatzeko probokazioa" dela salatu dute. Haien ustez, "...

@sarean

Merkatu eta dibisa sozialen inguruko informazioa duten hainbat webgune.

www.economiasolidaria.org. Elkartasunean oinarritutako ekonomiaren inguruko ataria.

www.deotramanera.com. Diru sozialaren inguruko xehetasunak ematen dituen orrialdea.