Nafarroa

Gure Esku Dago dinamika Nafarroan indartzen hasi da

"Gure Esku Dago, erabakitze eskubidearen alde ekainaren 8an izanen den giza katea, mugarria izango da, baina ez gure azken ekinbidea", azaldu du Ander Larunbek, Gure Esku Dago dinamikako Nafarroako kideak. Nafarroako eskualdez eskualde zabaltzen ari dira erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika. Abenduan hasi ziren herri eta eskualdeko taldeak sortzen, eta azken asteetan lan hori indartzeko ahaleginetan ari dira.

Lehenengo helburua eta nagusia ekainaren 8an Iruñea eta Durango (Bizkaia) arteko giza katea osatzea da. Larunbek azaldu duenez, giza kateak izango dituen 123 kilometroetatik 16 kilometro Nafarroako herritarrez osatzea da asmoa. Kilometro bakoitzeko 800 pertsona inguru beharko dituztela dio Larunbek, eta, erronka handia bada ere, ziur dago lortuko dutela. "Azken urteetan desmobilizazio prozesua izan da gizartean, baina dinamika honek mugiarazi egin ditu geldirik zeuden gizarteko hainbat sektore".

Gure Esku Dago iazko ekainean aurkeztu zuten, baina Nafarroan abendura arte ez dira lanean buru-belarri hasi. "Udaberriarekin loratzen hasi dira tokian tokiko ekinbideak". Martxoaren 15ean, esaterako, Bortzirietako hainbat herritarrek erabakitzeko eskubidearen aldeko lip dub-a grabatu zuten Lesakan. Besteak beste, dantzariek, txalapartariak, Lesaka eta Giltzarri abesbatzako kideek eta Beti Gazte futbol eta sokatira taldeetako kirolariek hartu zuten parte lip dub horretan.

Hitzordua Malerrekan

Asteburu honetan, Malerrekaren txanda izango da. Bihar, 19:00etan, Doneztebeko zinema aretoan Malerrekako Gure Esku Dago batzordearen aurkezpena egingo dute. Aurkezpen ekitaldiari dantzariek ekingo diote. Horren ondotik, Malerrekan grabatu duten bideoa ikusi ahal izango da. Ekitaldiari amaiera emateko, argazki erraldoi bat egin nahi dute.

Larunbek adierazi duenez, dagoeneko zehaztuta daukate Baztan, Malerreka eta Bortzirietako herritarrek heldu den ekainaren 8an giza katea osatzeko kokatu beharko duten eremua: Itza herria izango da haien kokalekua, Iruñea eta Irurtzun artean. Datozen asteetan ere, Lesakan eta Donezteben bezalako ekitaldi gehiago egiteko asmoa du Gure Esku Dago dinamikak. Larunberen arabera, "eskualdez eskualde zabaltzen ari gara. Halako proiektu batean, gainera, ezinbestekoa da herri mailan lan egitea". Horren adibidea da martxoan herriz herri ibili den Gure Esku Dago furgoneta.

Herriz herriko dinamikan oinarrituko badira ere, Nafarroa osoko ekitaldi moduan, hainbat korronte politikotako kideen hitzaldi bat egitekotan dira apiril amaieran.

KALEAK DANTZAZ BETEZ

Asteburu osoz dantzaz beteko ditu Iruñea eta Uharteko kaleak Amaiur dantza taldeak. Folk Lore nazioarteko dantza ospakizuna egingo baitute hamazortzigarrenez. Bihar goizean 14 urte arterako 350 dantzari txikik kalejira egingo dute Iruñeko Alde Zaharrean. Igandean berriz, Uharteko San Juan plaza hartuko dute dantzariek. Amaiur taldearekin batera, Donostiako Goizaldi eta Sardiniako Mamutzones di Samugheo ariko dira.

Koxka enpresarentzat bideragarritasun plana egingo du aholkulari batek

Hotz industrialaren arloko Koxka enpresari bideragarritasun ekonomikoa bilatzeko asmoz, egungo enpresaren jabeak, AEBetako AIAC inbertsio funtsak (American Industrial Acquisition Corporation), Manuel Rodriguez Quevedo aholkularia izendatu du bere ordezkari. Chechu Rodriguez CCOO sindikatuko Industria Federazioko idazkari nagusiak azaldu duenez, Rodriguez Quevedok berak jakinarazi zien baduela eskuduntza enpresa saltzeko, zorrak ordaintzeko edota bestelako zereginak betetzeko. Aholkularia enpresan hiru astez egotea espero da, Koxkaren bideragarritasun plana egiteko denbora hori beharko duela eta.

Hala ere, oraindik kolokan dago Nafarroako enpresa indartsuenetakoa izan zenaren etorkizuna. Izan ere, enpresaren jabeei dirua desbideratu izana egotzi diete langileek, duela zenbait aste. Horren ondorioz, enpresak Iruñean eta Azkoienen dituen lantegiak zuzendaritzaren esku uzteko eskatu diete jabeei.

Egun, Koxkan 380 langilek egiten dute lan, baina 2000ko hamarkadan Nafarroako enpresarik garrantzitsuenetakoa izan zen. 2005ean diru galerak izan, eta, 2008tik dagoen finantza krisiaren eraginez, galerei aurre egiteko zailtasunak izaten hasi zen. Ondorioz, 2009an lana erregulatzeko espediente baten bitartez, 190 langile kaleratu zituzten.

2010. urtean eskuratu zuen AIAC inbertsio funtsak Koxkaren jabetza, eta 12 milioi euroko mailegua eskatu zuen, enpresa modernizatzeko helburuarekin. Baina egoera ekonomikoa bideratu ezinda, zorrak pilatzen ari zirela eta, 2013an langileen soldata %20 murriztea adostu zuten langileekin. Gaur egun, Eguberrietako estra eta martxoko soldata zor dizkiete langileei. Dena den, datozen egunetan estra horren zati bat ordaintzekotan da enpresa.

LUIS REZOLA GOGOAN

Joseba Tapiak eta Lorea Intxaurrandietak Luis Rezola Aranaren bertsoak musikatuko dituzte, gitarra eta biolontxeloarekin. Rezola 36ko gerran borrokatu zen, eta 22 urterekin kapitain izendatu zuten. Hainbat frontetan aritu zen: besteak beste, Gorbean, Oizen, Gernikan eta Bilbon. Duesoko espetxean (Santoña, Espainia) preso egon zen, eta han idatzi zituen hainbat poema. Saioa, bihar, 19:00etan, Katakraken.

Barcinak CANeko dietetan kobratutakoa.

68.500 euro jaso zituen dietetan Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Nafarroako Kutxaren kontuetatik. Nafarroako Auzitegi Nagusiko Maria Paz Benitok hala aginduta, jasotako guztia bueltatu behar izan du.

1.128

Nafarroan aurreko urtean auto istripuz hildakoak. Nafarroako Gobernuak auto istripuz hildakoen kopurua milatik behera mantendu nahi du 2014an. Azken urteetako markak gutxitzeko lan egingo du, beraz. Iaz, Nafarroan 1.128 pertsona hil ziren auto istripuren baten ondorioz, administrazioak emandako datuen arabera.

‘Mediku eskualduna nahi dut’ kanpainak 65 eskaera jaso ditu hilabetean

Baztanen sei mediku daude, eta biri eskatzen zaie elebidunak izatea. Erizainak, berriz, zortzi dira, eta bik baino ez dute bete behar hizkuntza eskakizuna. Bi administrariei dagokienez, batek izan behar du euskalduna. Pediatrak, ordea, ez du euskalduna izan behar. Urtarril bukaeran, Baztango euskalgintzak eta Baztango Udalak martxan jarri zuten Mediku eskualduna nahi dut kanpaina. Horren helburua da herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko legez aitorturik duten eskubidea bermatzea. Bailara osoan esku orriak banatzeaz gain, Irurita eta Elizondoko osasun etxeetan mediku euskaldunen aldeko eskariak biltzeko kutxak jarri zituzten lau astez, eta 65 eskaera bildu dituzte.

Martxoaren 21ean, kanpainaren lehen zatiaren balorazioa egin zuten bailarako euskalgintzak eta udalak. Eskaera kopuru handia jaso dutela esan zuten, eta horrek herritarren hizkuntza eta osasun eskubideetan gabezia handia dagoela adierazten duela. "Herritarrak hautatu hizkuntzan komunikatu ezin izatea osasun zerbitzuari zuzen-zuzenean eragiten dion kontua da. Hizkuntza eskubideen urraketak osasun zerbitzu ona jasotzeko eskubidea ere urratzen du", adierazi zuen Maitane Maritorenak, Baztango Udaleko Euskara eta Kultura zinegotziak.

Jasotako eskariei buruz, Maritorenak esan zuen familia medikua eta pediatra ez ezik ginekologia zerbitzua eta osasun zerbitzu oro euskaraz izateko eskariak jaso dituztela. Hori kontuan izanda, Maritorenak Baztango herritarrak eskariak era formalean egitera animatu ditu, "osasun etxean aurkeztuz eta han behar bezala zigilatuz".

Jon Abril Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeko kideak oroitarazi zuen 18/1986 Euskararen Foru Legearen arabera Baztan "eremu euskaldunean" dagoela. "Herritarrei administrazio publikoekin harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea aitortzen zaie. Legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubide horiek, ordea, gobernuak berak ez ditu errespetatzen". Ondorioz, Nafarroako egoera "oso kezkagarritzat" jo zuen; izan ere, Uemako kide diren hamalau udalerrietako bakar batek ere ez du bitartekorik osasun zerbitzua oso-osorik euskaraz emateko. Abrilek bereziki larritzat jo du pediatren egoera; izan ere, Uemako herrietan zazpi pediatrak lan egiten dute, eta lauk ez dakite euskaraz: "Haurren ia %100 euskaldunak diren eremuan, pediatren %71k ez dute ezagutzen haurrek egunero darabilten hizkuntza".

Garbiñe Elizegi Baztango alkateak udalak kanpainarekin duen konpromisoa berretsi zuen. Helburu hori betetzeko, Elizegik hau adierazi zuen: "Baztango Udalak Elizondoko Oinarrizko Osasun arloko zuzendaritzari elkarlanean aritzeko proposamena egin dio, eta erantzunaren zain gaude". Bukatzeko, alkateak jakitera eman zuen Nafarroako Gobernura eta Parlamentura joko duela Mediku eskualduna nahi dut kanpaina egiten ari diren beste udalekin batera. "Herritarrek osasun zerbitzu publikoa euskaraz hartzeko duten eskubidea bermatzeko".

Lehoiez eta saiez

Martxoaren 15ean, Iruñeko Katakrak liburu-dendan aurkeztu zuen Sabino Cuadrak Arrojado a los leones liburua. Izenburu esanguratsua duen eta ezin esanguratsuagoa duen argazkiaz lagunduriko azalean tente agertzen zaigu politikari nafarra Daoiz?, edo Velarde? izena duen brontzezko lehoiaren begirada arranditsuaren begiradapean.

246 orrialdeetan, Cuadrak, gladiadorea balitz bezala, zirkutzat daukan Madrilgo Legebiltzarrean bizi izandakoak kontatzen dizkigu estilo garbi, arin eta, zenbaitetan, umoretsuz; erretiratu berria zela Madrilera joateko proposamena egin ziotenetik gaur egun arte, hain zuzen ere, inola ere plaza horretara (lehoiek zanpa-zanpa jan nintzaten) bueltatuko ez litzatekeela dioenera arte. Zirku hartako esanahi hutsalez eta gezurrez beteriko hitzaldiak salatzeaz gain, helburu xume batek bultzatu zuen liburua idaztera, alegia, herritar guztiok mundu desberdin bat eraikitzen ahalegindu gaitezen bultzatzeko helburua.

Madrilgo Legebiltzarreko paretek janzten dituzten margolan elizkoi eta monarkikoak eta diputatuen absentismoa eta tabernarako bueltak deskribatzetik, dotore jantzitako legebiltzarkideen edukazio onak saihesten eta galarazten ez duen ezin justifika daitezkeen pribilegioetara, Cuadra zorrotza da. Eta Cuadra oso kritikoa da legebiltzar aldia hasieran bertan Amaiurrekoei ez zietelako taldea osatzen utzi, nahiz diputatu-kopuruak hori baimendu; noiznahi gutxietsi egiten dituztelako; hedabideek ere boikot egiten dietelako. Aldiz, esker onekoa da herritarrekin eta sare sozialekin emandako tratu onarengatik, hemen zein Madrilen. Lehoiak babesten dituzten segurtasun-indarrak salatzen ditu, eta lehoien ustelkeria, eta lehoien instituzioen lotsagabekeria, eta lehoiek mantentzen duten egiturazko sistema, eta lehoien justizia-klasea, eta… lehoien fartsa demokratikoa.

Hiru egun aurretik, martxoaren 12an, Altsasuko Iortia kultur etxean Greta Alfarok, Bego Antonek, Naia del Castillok eta Cristina Lucasek estreinatu zuten Saiak, elfoak, mariorratzak, gizonak eta emakumeak erakusketa. Bertan bideo hau ikus daiteke: Almendrondoz inguraturiko soro baten erdian, mahai luze bat. Mahai-zapi zuria. Zortzi aulki. Platerak, kopak. Ardo-botilak. Mahai erdian, haragi errea. Jatordua. Halako batean, sai tzar bat. Segidan, beste bat. Ondoren, beste batzuk. Putre-saldoa. Haragi-usaina erakargarriegia da. Ausartenak salto egin du mahaira. Ondoren, zalantzati, beste batzuek. Mahaia estalirik dute hegaztien hegal erraldoiek. Hotsak. Hots ozenak. Hegaztienak eta plater hautsienak. Aulkiak lurrera. Botila-ardoak ere bai. Putreek alfonbra lumaduna osatzen dute. Soroa saiez josita dago. Hondarrak banatuko dira gero. Inpaktu handiko bideoa da artista gazte horiek erakusten dutena.

Artistek fikzioa eta errealitatea elkarri lotuta daudela adierazi nahi digute erakusgai dauden obren bitartez, batzuetan animaliek gizakion tokia hartzen dutela edo alderantziz.

Nork hartzen du noren tokia saien banketean? El banquete datorkit burura: Kontuz kontsumitzaileen elkarte-kide diren Alberto Gil, Aritz Intxusta eta Patxi Zamoraren liburua, urtebeteko ikerketaren emaitza. Testigantza. Eskandalua. Nafarroako lehoien neurri gabeko antsia.

Cuadrak ere salatu zuen Madrilgo Legebiltzarrean CANen inguruko Nafarroako begi bistako ustelkeria, Espainiako lehoien babespeko Nafarroako lehoikumeen ustelkeria.