Enpresako zuzendaritzak hiru hilabetez atzeratuko du Castejongo lantegia ixteko erabakia, trenbide merkatuan kontratu batzuk lortzeko aukera ikusita. Langileek ABEEtan segituko dute.

Iritzia: Arnasa hartzeko modu berriak
Lur Albizu Etxetxipia
J oan den asteburuan jarri zen martxan Errigoraren aurtengo kanpaina. Non, eta Mendigorrian, aurten euskararen aldeko borrokan Nafarroan leku sinbolikoa izan den horretan.Euskarari puzka aritzen den kanpainak ez du gutxi bultzatze...

Atea ireki, eta danbatekoz itxi
Edurne Elizondo
Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberak erran zituen, hilaren 14an, Lucia Etxegoienek aspalditik entzun nahi zituen hitzak. "Ez dugu urrats gehiago eginen haiekin [Espainiako Bide, Ubide ...
KRONOLOGIA
Hauek dira Lekunberriko gasbidea egiteko proiektuaren urratsik nabarmenenak:2018. Nafarroako Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuak Arakilgo Udalari eskatu zion gasbidearen proiektua baimendu zezala. Udalak erantzun zion ez zuela ontzat hart...
433
<p><strong>ESAKO LANEN AURREKONTUA, MILIOI EUROTAN</strong></p><p>Esako urtegia handitzeko aurrekontua 433 milioi eurokoa da, 2018ko datuen arabera. Hasieran, 113koa zen.</p>

Hamasei esku, aztarna uzteko
Ane Eslava
Iruindarrak, gazteak eta sortzaileak dira. Batzuek hitza dute adierazpide, eta besteek, irudia. Baina eskua, hatza, dute guztiek lanabes, eta atzamarka egin nahi dute, aztarna uzteko; euskaraz. Oinarri horietatik abiatuta, sormen kolektiboko talde bat eratu dute Sarai Robles, Olatz Azpirotz, Iñigo Satrustegi eta Maite Idoate idazleek, eta Mikel Barberia, Julen Azketa eta Itziar Lopez ilustratzaileek: Hatzamarka. Bizpahiru urte daramatzate elkarrekin lanean, eta iragan larunbatean aurkeztu zuten elkarlanaren lehen emaitza: I liburua.
Gaztetasunak berekin dakarren ezegonkortasuna izan da taldean batzeko bultzadetako bat. Izan ere, ikasketak amaitu berriak ziren gehienak, eta, ordura arte izandako "erosotasuna" hausten hastearekin batera, proiektu berriak sortzeko grina indartu zitzaien. Horretarako aukera gutxi zituzten eskura, ordea. "Gutako bakoitza bere kabuz sortzen ari zen, baina sortzen genuena erakusteko aukerak oso murritzak ziren: gehienetan lehiaketetara jo behar genuen, edo liburu batean beste egile askoren artean galduta gelditu", azaldu du Sarai Robles idazleak. Ezegonkortasun horren aurka, kolektiboan aurkitu zituzten babesa eta lasaitasuna. "Babesa, liburu baten moduko proiektu batean hasteak ekonomikoki eta logistikoki dakarrenarengatik; eta lasaitasuna, lanak plazaratzerakoan ez goazelako bakarrik, dena denona delako".
Olatz Azpirotz idazleak ere azpimarratu du proiektuaren izaera kolektiboa izan dela bere lanak plazaratzeko behar zuen bultzada: "Taldeko idazleok intimitatera edo blogetara mugatzen genituen gure testuak, edo, asko jota, lehiaketetara, eta hau modu osasungarriago bat izan da horiek jendaurrera eramateko".
Euskara ere izan da pizgarri garrantzitsua. Iruñerriaren gisako eremu batean euskaraz sortzea "zailtasun" gisa hartzen dute, baina baita "indargune" moduan ere. Haientzat hautu kontzientea izan da, politikoa, Roblesen hitzetan: "Iruñerrian euskaraz sortzen dugunok gutxi gara, baina, gure kasuan, euskaldun izateak eragin du modu naturalean batzea, zerbait dugulako komunean; hautu politiko bat izan da taldea euskalduna izatea".
Taldeari jarritako izenarekin haren oinarria eta helburua irudikatu nahi izan dituztela azaldu du idazleak: "Eskuak esanahi handia du gure lanean: denok ditugu eskuak lanabes. Hortik abiatuta, bi ideia batu ditugu: hatzarekin marka uztearena eta atzamarka egitearena. Aztarna uztearen metafora ere gustuko dugu". Kolektiboaren lehen proiektua I izeneko liburua izan da. Berrogeina olerkirekin eta ilustraziorekin osatu dute, eta bost kapitulutan banatu. Zazpi kidek osatzen dute taldea, baina lanean Mikel Tristanen ilustrazioak ere badira, hastapenetan parte hartu zuelako.
Koherentziaren bila
Liburua prestatzerakoan erronka nagusia izan da hitzaren eta irudiaren artean "koherentzia" lortzea, nork bere estiloa alde batera utzi gabe. Prozesuan, liburuaren forma egokituz joan dira horretarako. "Liburua antolatzeko buruhausteak izan genituen, baina, azkenean, idazleok idatzia genuena aukeratu genuen, eta ilustratzaileei eman genien. Haiek testuetatik abiatuta sortu zituzten irudiak, estilo ezberdinekin, baina antzeko koloreak erabilita", esan du Roblesek.
Mikel Barberia ilustratzaileak nabarmendu du harentzat liburua osatzea "sortze prozesu bat" izan dela bere horretan, eta taldean gauzatzeak aberasgarriago bihurtu duela: "Bakoitzak bere eremutik gehitu du zerbait". "Ariketa" moduan hartu du lana, idazleek proposatutako testuak interpretatzeaz gain, harago joatea eskatzen zuelako: "Beste pertsonaren testuingurua ulertzea, eta zeure testuingurutik zerbait gehitzea". Hala, "hainbeste baloratzen den diziplinartekotasuna modu naturalean" gauzatu dutela uste du: "Bi aldeen artean gorputz bakarra sortu dugu".
Azpirotzek, berriz, aitortu du bere testuak marrazkien ondoan ikusteak beldurra ematen ziola hasieran, "poesia interpretatzea oso askea delako". Bidean iritzia aldatu du, ordea: "Ikusi dut hor dagoela testuaren aberastasuna; testuak beste alderdi artistiko batera eraman daitezkeela, eta beste arte produktu bat sortu".
Olerki bakoitzak ilustrazio bat du aldamenean, baina ez dago zehaztuta norena den horietako bakoitza: dena guztiena da. Kolektiboari ematen dioten garrantzia erakutsi nahi izan dute hala; liburuan gorpuztu atzean dagoen taldea. Lana hamasei eskuk osatu dutela nabaria den arren, "hari batek" pieza guztiak lotzen dituela uste dute. Sormen bidea "gorabeheratsua" izan dela aitortu dute hiru kideek, baina oso pozik daude emaitzarekin. Lana aurrera ateratzeko, Iruñeko Udalak sormen proiektuak sustatzeko ematen duen beka eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroaren Arte Gaztearen Topaketen laguntza jaso dituzte.
Larunbatean aurkeztu zuten liburua, Uharteko zentroan. Ekitaldian, taldearen oinarria irudikatu zuten: idazleek olerkietako batzuk errezitatzen zituzten bitartean, ilustratzaileak marrazten aritu ziren. Orain arteko ibilbidean baieztatu dutena hezurmamitu zuten horrela: hitzak irudi izan daitezkeela, eta irudiak hitz.

Zaharren memoria jasotzeko proiektua hasi du Gaz Kalok
Edurne Elizondo
Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioko kideak hasi dira "aspaldiko" asmo bat egia bilakatzen: Palabra gitana (Ijitoen hitza) izenburuko proiektua jarri dute martxan, Labrit Multimediarekin batera, zaharren memoria jaso, gorde...

“Asmo gaiztoko intoxikazioak gainditu nahi ditugu”
Tutera Kantuz-ek duela hamabost urte hasi zuen bere bidea, azaroan. Elena Etxezarreta lehen zuzendariaren bidez egin du bat Aramendiak. Euskara kultur ondare gisa aldarrikatu nahi dute.

Iritzia: Quim Arrufat, adibidez
Amets Aranguren Arrieta
Eskuak burura eraman ditu(gu) askok eta askok duela aste pare bat-edo CUPeko diputatu izandako Quim Arrufaten inguruko berriarekin. Tipoak alderdia utzi behar izan du egotzi zaizkion jarrera eta eraso matxistak direla eta.
Amorrua, inpotentzia, tristura, dezepzioa senti daitezke, baina sorpresa? Egia esan, eta ongi pentsatuta, sorpresarik ez, eta hori bai dela tristea —nahiz eta dena frogatu gabe dagoen oraindik—. Alderdi, mugimendu, antolakunde, talde… ezkertiar eta aurrerakoietako kideek ez dute horrelakorik egiten, feminismoa dute haien borrokaren ardatzetako bat. Ja. Oso urrutira joan gabe, inguruan gertaturiko pare bat kontatuko dizkizuet, ideia egin dezazuen. Ez dut izen errealik erabiliko.
Mirenekin izan nintzen duela urte batzuk Leitzako festetan. Katalunia aldean ezaguna egin den talde batek zuen gau hartan kontzertua. Kontzertuaren ondotik haiekin pare bat trago hartu eta Mirenek taldeko tipo batekin alde egin zuen txosnagunetik. Geroago deituko zigun. Deia jaso eta Mirenek, negarrez, zegoen lekura hurbiltzeko eskatu zigun mesedez. Txortan ari zirela, tipoak kondoia kendu zuen. Bukatzean ohartu zen Miren horretaz. Tipoak barkamena eskatu eta drogatua zegoela erabili zuen aitzakia gisa. Taldeak kantu bati esker lortu du ospea: emakumearen askatasuna aldarrikatzen duen kantu bati esker. Pentsa. Kantu hori entzuten dudan bakoitzean…
Martxoaren 8ko manifestazioan Gora borroka feminista! oihuak bota eta Me tacho de macho kamiseta daraman horrek ere suntsitu zuen psikologikoki Maddalen. Hark ez zuen Maddalenekin harremanik nahi, momentu horretan ez baitzuen harremanik izan nahi inorekin. Ados. Baina, aldi berean, exijitu egiten zizkion berak ematen ez zituen zaintzak eta gaizki sentiarazten zuen neska zaintza horiek ez bermatzeagatik. Era berean, zaintza edo hurbiltasun keinu minimo bat ikusi eta halakoak botatzen zizkion: "Nik zurekin ez dut deus, ez dizut ezer zor". Sekretuki elkartu behar izaten zuten, ez zezaten tipoa Maddalenekin ikusi, zer pentsatu behar zuten berataz bestela… Koldarkeriak eta umekeriak eraman zuten tipoa beste neska batekin hastean Maddaleni "esango dizudana ez zaizu gustatuko, baina zuk behartu nauzu (…)" edo "jo paretan, eman buruarekin kolpeak edo ez dakit (…)" bezalakoak botatzera. Pantailaz bestalde, noski. Baina bera ez da matxista, e, ez du inoiz emakumezko bat jo. Hau ere ikusiko duzue denetarik aldarrikatzen.
Alardean emakumezkoen presentzia onartzetik harago doa hau dena, ez dakit batzuk jabetzen diren. Maialen Lujanbiok duela hiru urte transexualitatearen inguruan bota zituen bertso famatu horiek txalotu zituztenen artean, zenbatek txalotzen dute hori bera bertso saiotik kanpo? Uste dugunek baino gutxiagok. Bada, horrekin bezala, beste gauza askorekin. Ez, ez gara hain aurrerakoiak.
Eta bai, holako jendearen izenak ere badira zerrenda honetan. Baita espero ez ditugunak ere: Quim Arrufat, Adibidez.

Haginkada bat mendilerroari
Edurne Elizondo
Kezka bada, eta informazio gutxi zabaldu den sentsazioa ere bai. Hori nabarmendu dute Irurtzungo kultur etxearen kanpoko aldean bat egin dutenek. Irurtzungo bizilagunak dira anitz, eta Arakilgo eta Larraungo ibarretakoak bertze asko. Irurtzungo Pikuxar elkarteak antolatutako saiora etorri dira, Lekunberriko industrialdera gasa eramateko egin nahi duten proiektuari buruz argibide gehiago jasotzeko asmoz.
Egin nahi duten gasbideak Aralar mendilerroko basoak zeharkatuko lituzke: Irurtzun ondoko Etxeberriko kontzejutik (Arakil) Lekunberriraino, Larraungo lurrak zeharkatuz. Nasuvinsak eta Nedgyak —lehengo Gas Navarra bultzatu dute, Lekunberriko industrialdeko enpresak hornitzeko. Ekologistek "eredu desarrollista" baten adibide "argitzat" jo dute proiektua. Arakil eta Larraungo hautetsiek, berriz, alternatibak eskatu dituzte. Ez dute Aralar ukitzea nahi; Babes Bereziko Eremua da mendilerroa.
Irurtzungo kultur etxeko mahaiaren bueltan egin dute bat Sustrai Erakuntzako Martin Zelaiak, Kalaxkako Mikel Saralegik, Ondare taldeko Javier Irigoienek, Arakilgo alkate Oihana Olaberriak eta Larraungo alkate Mikel Huartek. Informazioa zabaldu eta eztabaida piztu nahi dute, "herritarren indarra batzeko".
"Udal txikiak gara; ez dugu indarrik bakarrik aritzeko egin nahi duten sarraskiaren aurka". Olaberriarenak dira hitzak. 2019an izendatu zuten Arakilgo alkate, eta, ordurako, Aralarren egin nahi duten gasbide proiektua martxan zen. "Aurreko udalbatzak jaso zuen gaia; helegitea aurkeztu zuten proiektuaren kontra, baina ez zuten onartu".
Arakilgo eta Larraungo oraingo udalek berriro aurkeztu dute proiektuaren aurkako helegitea. Erantzunaren zain dira, eta, bitartean, gasbidea martxan jartzeko egitasmoak aurrera jarraitzen du. "Urtebetez egon da geldirik, baina oraingo osasun krisia baliatu dute berriz ere martxan jartzeko. Goitik behera ari dira, herritarron iritzia kontuan hartu gabe", salatu du Olaberriak.
Udalek Plazaola nahi dute
2017. urtekoa da Lekunberrira gasa eramateko lehendabiziko proiektua; 2019koa, berriz, bigarrena. Bultzatzaileek hiru alternatiba jarri zituzten mahai gainean, baina, hasieratik, baten aldeko apustu garbia egin zuten: Aralar mendilerroaren bidezko proiektuaren alde, alegia. Bertze bide batek proposatu zuen gasa Leitzatik eramatea; eta, hirugarrenak, Plazaolaren bidea erabiltzea.
Arakil eta Larraungo alkateek azken horren alde egin dute, hain zuzen ere. "Egun dauden azpiegiturak erabiltzea da kontua, ingurumenean eragin daitekeen kaltea ahalik eta gehien murrizteko", erran du Olaberriak. "Natura da gure balio nagusia; gasbideak hondatu eginen luke", erantsi du Larraungo alkate Mikel Huartek. Gasa garraiatzeko hodia metro eta erdira egonen litzateke lur azpian sartuta. "Horretarako, zortzi metro zabal litzatekeen bide bat egin nahi dute", azaldu du Larraungo alkateak.
Huartek gaineratu du Aralar zeharkatuko lukeen proiektu batek "zentzurik ez" duela, eta ezin dela justifikatu. "Batzuen interesak jarri dituzte ingurumenaren gainetik; denon indarrak batzea behar dugu hau gelditzeko".
"Behar ote dugu?"
Lekunberriko Kalaxka talde ekologistak eta Sustrai Erakuntza fundazioak testuinguru zabalago baten barruan aztertu nahi izan dute gasbidearen proiektua. Alternatibak bilatzeko aukeraz harago jo dute, eta bertze eztabaida bat jarri dute erdigunean: "Behar ote dugu gasbide bat?", galdetu du Kalaxka taldeko kide Mikel Saralegik.
Kalaxkako kideek Lekunberriko industrialdea handitzeko asmoen aurka egin dute azken urteotan, eta asmo horrekin lotu du Saralegik, zuzenean, Aralar zulatu nahi duen gasbide proiektua. 2016an erabaki zuen Lekunberriko Udalak industrialdea berriz handitzea; hau da, gasbidea egiteko lehendabiziko proiektua aurkeztu baino urtebete lehenago. Industrialdeak 40.000 metro koadro lur gehitzea da asmoa. "Horretarako beharrik ez zen eta ez dago, ordea; industrialdean badira orube hutsak oraindik ere", azaldu du Saralegik.
2016an egindako proiektuak ez zuen jendaurrean erakusteko tramitea bete, eta bazter utzi zuten, ondorioz, Kalaxkak aurkeztutako helegiteari esker. Bigarren bat prestatu zuen Lekunberriko Udalak. "Enpresen neurrira egindako proiektu bat da; nork bere orubea eskatu du proiektu horretan. Gutxi batzuen interesak nagusitu dira, interes orokorraren gainetik", salatu du Kalaxkako Mikel Saralegik.
Lekunberriko Udalak martxoan egindako osoko bilera batean eman zion oniritzia industrialdea handitzeko azken proiektuari. Udaleko agintariek beti nabarmendu dute "bizilagunentzako enplegua" sortzeko aukera ematen duela egitasmo horrek. Udalak onartu du badirela hutsik diren orubeak, baina industrialdea handitzeko aukera defendatu du, mugitu nahi duten enpresentzat hutsik diren horiek ez direlako "erakargarriak", ezta garatu nahi dituzten proiektuentzako "egokiak" ere.
"Modu zaharrak"
Saralegirekin bat egin du Sustrai Erakuntza fundazioko kide Martin Zelaiak, eta salatu du, ingurumenari buruzko diskurtsoak aldatu arren, "lan egiteko modu zaharrek" indarrean jarraitzen dutela Nafarroan. "Trantsizio ekologikoaz mintzatzen dira agintariak; krisi klimatikoaz, eta bioaniztasuna babesteko beharraz; hori erran, baina Lekunberriko gasbidearen gisako proiektuak babesten dituzte, justifikaziorik gabe", nabarmendu du.
Izan ere, Etxeberritik Lekunberrirainoko gasbidea egiteko proiektuak jaso du jada Nafarroako Ingurumen Departamentuaren ingurumen baimena. Arakilgo eta Larraungo alkateek ezin izan dute kezka bazter utzi. Proiektuak "mehatxatutako" ondarea galtzeko aukerak anitz kezkatzen du Ondare taldeko kide Javier Irigoien ere. 2014. urtean sortu zuten, Larraunen, bailarako ondare materiala eta immateriala babesteko eta zabaltzeko asmoz. "Gure ondarea lotuta dago garenarekin; ondarearen aurka egiten dugunean, garenaren aurka egiten dugu", erran du Irigoienek. Proiektuaren inguruko eztabaida pizten jarraitzeko prest dira Ondareko kideak; Kalaxkako eta Sustrai Erakuntzakoak ere bai. Udalek herritarrei egin diete deia, lanera batzeko.