Datuen atzeko izen eta izanak

Datuen atzeko izen eta izanak

Edurne Elizondo
Datu hutsak izen bilakatzeko. Helburu horrekin osatu du Nafarroako Memoriaren Institutuak nazien kontzentrazio esparruetan itxi zituzten nafarren behin-behineko errolda. Oraingoz, berrogeita hemezortzi daude zerrendan, hiru arlotan sail...

Euskaraz hasteko bidea

Euskaraz hasteko bidea

Uxue Rey Gorraiz

Ez dakit tokirik izango duen; asko aldatu da kontua". Saioa Anzizu txantrearrarenak dira hitzak, eta bost hilabeteko alabaz ari da. Izan ere, Anzizuk Txantreako Izartegi haur eskolan matrikulatu nahi du alaba, euskaraz, baina badaki zaila izanen dela hori lortzea, Iruñeko Udalak erdira murriztu baitu euskarazko eskaintza duten haur eskolen kopurua datorren ikasturterako: titiko haurrentzako eta ibiltarientzako tokiek 136 izateari utzi, eta 61 izango dira.

Iruñean familia asko eta asko daude Anzizurenaren egoera berean, eta, horiek horrela, udalaren asmoaren berri izan zutenetik, borrokan ari dira egoera horri irtenbidea emateko: herri haur-eskola bat sortzeko prozesua jarri dute martxan, behin-behineko konponbide gisa.

Iruñeko Udalean agintea laukoak izan zuen garaian, euskarazko eskaintza zabaldu egin zen, eta, Iruñean dauden hamasei haur eskoletatik, lauk zuten euskarazko eredua: Printzearen Harresi, Donibane, Goiz Eder eta Izartegi haur eskolek.

Aldiz, Navarra Sumak eskaintza murriztuko duela iragarri zuen urte hasieran, eta, ondorioz, zerrenda horretako eskoletatik bitan baizik ez da euskarazko eskaintzarik egonen haur txikienentzat. Are gehiago, horietako batean, Goiz Eder haur eskolan, eskaintzaren erdia bakarrik izanen da euskaraz, eta, beraz, Txantreako Izartegi izanen da haur eskola euskaldun bakarra Iruñe osoan.

Udalak euskarazko lekuei dagokienez egindako murrizketari kontra egiteko sortu zen HE Gurasoak Iruñea elkartea. Saioa Anzizu elkarteko kide da, eta egoeraren larritasuna salatu du. "Eskubidea dugu euskaraz bizitzeko eta ikasteko. Gure nahia hori baldin bada, bermatu dezatela haurrek tokia izanen dutela".

Gurasoek zenbait bilera izan dituzte udaleko zein Nafarroako Gobernuko alderdi politikoekin, eta, horietan, murrizketa dakarren epaia oraindik ez aplikatzeko eskatu diote Navarra Sumari. Izan ere, talde politikoak azaldu du berriki haur eskolen hizkuntza ereduari buruz egindako inkestako datuak erabiliko dituela eskaintza egokitzeko, baina ez aurten, hurrengoan baizik, 2021-2022 ikasturtean. Datu horien arabera, gurasoen %36k nahi du euskara duen ereduren bat, baina, Navarra Sumaren murrizketaren ondotik, %14raino jaitsiko da eskaintza aurten.

Eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka dute askok ahotan. Eskaria zenbatekoa den definitzen duten irizpideak, ordea, zalantzan jarri beharrekoak dira HE Gurasoak elkarteko kideen ustez. Zehazki, iruditzen zaie udalaren azken galdeketa ez dela "zintzoki" egin. "Jendeak dagoen eskaintzari erreparatuta egingo lukeena erantzun zuen, eta, noski, beste faktore batzuek ere baldintzatzen dute gurasoen hautua", esan du Anzizuk.

Haren ustez, hurbiltasuna da gurasoek beren seme-alabak nora joatea nahi duten erabakitzeko garaian gehien baloratzen duten gauzetako bat, eta gogoratu du euskarazko eredua eskainiko duten bi haur eskolak Iruñeko iparraldean daudela, "etxetik urrunegi", askorentzat.

Herri haur-eskola

Kudeaketa jarduera eta izen emate gehienen antzera, pandemiak atzeratu egin du Iruñeko haur eskola publikoetan aurrematrikulazioa egiteko prozesua ere, eta udalak joan den astean iragarri ditu data berriak: maiatzaren 25etik aurrera eman ahalko da izena, telematikoki.

HE Gurasoak elkarteko kideak erlojuaren kontra ari dira lanean arazoari aurre egiteko. Sare sozialen bidez, mezu bat bidali diete egoera berean daudenei: haurrak haur eskola euskaldunetara eramateko interesa duten Iruñeko familiak elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu dute, hegurasoak.harrera@gmail.com helbidera idatziz. Bi helburu nagusi erdietsi nahi ditu deialdiak: batetik, "benetako eskaria zein den erakutsiko duen argudio sendo bat" izatea, eta, bestetik, sortu nahi duten alternatibarako kontuak egiten laguntzea.

Herri haur-eskola bat sortu nahi dute, izan ere, HE Gurasoak elkarteko kideek. Kooperatiba baten bidez abiarazi nahi dute proiektua, hain zuzen, datorren abuztuan bertan martxan jartzeko. Lokalak begiratzen ari dira orain, baita finantza bideak argitu nahian ere, proiektua "jasangarria" izan dadin.

Dena dela, Anzizuk argitu du "trantsiziozko" irtenbidea dela proposatu dutena, eta helburua beti izanen dela sare publikora bueltatzea. "Ez dugu eskola pribatu bat sortu nahi gure kabuz; orain dugun aukera bakarra delako egingo dugu hau", berretsi du Anzizuk.

Tarifa publikoak ezarri nahi dituzte, eta, ahal dela, murrizketaren ondorioz lana galdu duten hezitzaile horiekin atera aurrera proiektua.

Aita eta zuzendari

Garikoitz Torregrosa da HE Gurasoak elkarteko kideetako beste bat. Kasu berezia da Torregrosarena: bere alaba haur eskolan dago jadanik, euskarazko ereduan. Dioenez, murrizketak beste pertsona askori edo etorkizunean agian berari kalte egiten ahal dielako ari da borrokan, baina baita esparru profesionalean eragiten diolako ere.

Izan ere, Arrosadia auzoan den Printzearen Harresi haur eskolako zuzendaria da Torregrosa, eta Iruñeko Udalak iragarritako murrizketak bete-betean zigortu du zentro hori: titiko haurrentzako eta ibiltarientzako euskarazko leku guztiak desagertu eginen dira, Navarra Sumaren erabakiaren eraginez, hain zuzen ere. "Lau edo bost pertsonak beren lanpostua galduko dute, murgiltze eredua apurtu egingo da, eta euskarak espazio bat galduko du", azaldu du.

Torregrosaren iritziz, "mendeku gogoa" dago Navarra Sumaren erabakiaren atzean. "Hala erabaki dutenek badakite denboran 30 urte atzera egitea bezalakoa dela hau, eta sobran dakite hori ez dela posible, asko aldatu dela euskararekiko jarrera, hobera".

Torregrosaren ustez, "jokaldi baten parte" da berriki egindako murrizketa. "Sekulako kolpea eman dute orain, ondoren murrizketa zertxobait arindu eta ongi gelditzeko gizartearen aurrean", azaldu du.

Bestalde, HE Gurasoak elkarteko kidea ez dago ados haur eskoletan euskarak duen tokia soilik eskariari erreparatuta ezarri beharrarekin. "Kontua ez da eskaintzak eskariari erantzun behar diola: argi utzi behar dugu hau eskubide kontua dela", nabarmendu du.

Gogora ekarri du, gainera, udaleko arduradunek "inori galdetu gabe" handitu zutela ingelesezko eskaintza, adibidez, eta, ondorioz, kasu horretan ez zirela egon "derrigortuta eskaria bazegoela erakustera".

Euskarazko haur eskola publikoen aldeko borrokan ahalik eta bidelagun gehien bildu nahi dituzte HE Gurasoak elkarteko kideek. Lanean segitzeko gogo faltarik ez dutela diote, eta argi dute zein den helburua: "Euskara eskubidea guztiontzat!".

“Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana”

“Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana”

Edurne Elizondo

Alarma egoerak bertan behera utzi zituen martxoan Karrikirik prest zituen ekinaldi guztiak. Iruñeko elkartean lanean jarraitzen dute, halere, ohiko zerbitzuak eskaintzen, sare sozialak indartzen eta lan egiteko molde berria pentsatzen. Horretan ari da Izaskun Barber dinamizatzailea (Iruñea, 1989).

Osasun krisiak eragindako alarma egoeraren hasierarekin batera ekin zenion lanari Karrikirin; zer moduz?

Martxoaren 16an hasi nintzen lanean, hain justu, konfinamenduaren lehendabiziko astelehenean, eta itxialdiak eragindako egoera horrekin guztiarekin egin nuen topo. Lehen astean bulegora joan nintzen, martxa hartzeko; behar nituen gauzak bildu, eta bigarren astetik aurrera telelana egiten hasi nintzen.

Denda zabalik duzue jada?

Tira, goizez lanean ari gara, eta, norbait etortzen bada, artatzen dugu. Baina jendeak telefonoz edo posta elektronikoz egin dezake bat gurekin dendako kontuengatik.

Karrikiriko dinamizatzailea zara, zehazki, martxotik; zein da zure lana?

Karrikirin ditugun zerbitzu guztiak kudeatzea da nire ardura, eta, aldi berean, jarduera berriak sortzea edo proposatzea. Komunikazioaren arloko lana ere nik egiten dut, eta sare sozialak kudeatzeaz arduratzen naiz.

Ezagutzen zenuen lehendik elkartea?

Bai. Ni aritu izan naiz ikus-entzunezko teknikari gisa lanean beti; kamerari izan nintzen, hasieran, eta produkzioaren arloan aritu nintzen gero, hainbat hedabidetan. Karrikiri ezagutzen nuen, baina bertze edozein erabiltzailek bezala. Euskalerria Irratian ikusi nuen dinamizatzaile bila zirela, aurkeztu, eta hemen nago.

Orain barrutik ezagutzen duzu proiektua. Zein da edo izan beharko luke Karririkiren gisako elkarte baten funtzio nagusia?

Uste dut orain arte lan ona egin duela elkarteak, eta, oraingo testuinguruan, egungo beharretara egokitu beharko dugula. Horrek ekartzen du aukera berriak sortzea, aldi berean, eta aukera berri horiek sortzeko egin behar dugu lan. Jendea guregana dator euskaraz ditugun zerbitzuak jasotzera; eskaintzen ez dugun zerbait eskatzen digutenean ere ahalegina egin behar dugu sortzeko eta egokitzeko. Orain, hori egiten ari gara, egungo egoerak hori eskatzen digulako. Egokitzeko behar dugun gaitasuna badugu.

Egokitzeak erran nahi du, bertzeak bertze, sareen bidezko lana edo esparru digitala gehiago garatzea?

Hori da adibide bat. Esparru digitalean sakondu behar dugula argi dugu. Sare sozialena oso elementu indartsua da orain guretzat. Online denda ireki dugu, adibidez, eta, egia esan, harrituta gaude izan duen harrerarekin, eskari asko jaso baitugu jada. Oso pozik gaude. Aldi berean, badakigu badugula lan asko egiteko. Eskaini nahiko genuke gero eta gehiago, eta horretarako ari gara lanean.

Itxialdiak eragin dio dendako jarduerari; elkartekoari ere bai?

Bai. Prestatuak genituen ekinaldi guztiak bertan behera utzi behar izan genituen, alarma egoera ezarri zutenean. Ez gara geldirik egon, eta gauza berriak martxan jartzeko gogoz gaude, baina behar dugu jakin zer-nolakoa izanen den hemendik aurrerako egoera. Ziurgabetasuna handia da, eta zaila da, ondorioz, hemendik aurrerako bidea zehaztea. Ideia asko ditugu, eta poliki-poliki emanen dugu haien berri sare sozialen bidez.

Orain arteko zerbitzuei, halere, eutsi diezue, ezta?

Bai. Martxan jarraitzen dute gure pisukide edo lan poltsa zerbitzuek, bai eta itzulpengintza zerbitzuak ere. Oso harrera ona dute zerbitzuok, eta jarraituko dugu.

Kontzertuak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak eta bertze ere egiten ohi dituzue; horiek moldatu beharko dituzuela uste duzu?

Bai. Hori da kontua. Oraingoz ideiak proposatzen eta garatzen ari gara. Agian, oso formatu txikiko kontzertuak egitea izan daiteke bide bat. Goiz da zehazteko, oraindik ere.

Erran izan duzu zure erronketako bat dela jende gazte gehiago erakartzea Karrikirira. Zaila da?

Pisukide zerbitzuan, adibidez, gazteak dira erabiltzaile nagusiak, eta antzerki tailerretara edo karrikadantzara ere asko etortzen dira. Duela bi urte sortutako Iruinkokoan ere gazteak dira gehienak, eta hori oso polita eta positiboa da. Ez da gauza bera gertatzen, ordea, beste hainbat esparrutan; dendako erabiltzaile gehienak adin batekoak dira, adibidez, agian gazteek online erosteko ohitura gehiago dutelako. Bazkideen artean ere helduak dira nagusi.

Bazkide gazteak lortzeko lana da aurrera begirako erronketako bat?

Bai, hori da landu beharreko auzietako bat. Gure zerbitzuak sendotzen jarraitu behar dugu, halaber, eta merkataritzaren esparruan, gurekin lan egiten duten dendari txiki eta euskaldunen bozgorailu izaten segitu nahi dugu. Sare sozialak ere indartu nahi ditugu, jende gehiagok ezagut gaitzan.

Oraindik bada elkar ezagutzeko eta saretzeko beharra?

Bada gure zerbitzu jakin bat ezagutzen duen jendea, baina proiektu osoaren berri ez duena. Euskaldun berriei ere eman behar diegu egiten dugunaren berri.

Euskaldun berrientzat topagune bat da Karrikiri?

Euskaldunek elkarren berri izan dezatela da gure lana; horretarako egiten ditugu kontzertuak, aurkezpenak eta beste. Jendea euskal giro horretara biltzeko.

iritzia: Txalo

iritzia: Txalo

Naiara Elola
Bukatu dira. Igandean egin genuen azkenekoz txalo supermerkatu eta osasun zerbitzuetako langileen alde. Ia bi hilabetez, iluntzeko zortzietan izan dugu zita balkoian. Astelehenetik ez da musikarik. Horrenbeste desio dugun normaltasunaren l...

Paretara lotuta, aske

Paretara lotuta, aske

Edurne Elizondo

Txori jaio nintzen, eta inbidiaz egiten diet so lurrean zoriontsu bizi direnei". Miriam Garcia Pascual eskalatzaile tafallarrak bere egunerokoan idatzitakoak dira hitzok. 14 urterekin hasi zen paretak igotzen, eta grina horrek Indiako Meru mendiko iparraldeko tontorrera eraman zuen, 1990ean. Han hil zen, duela 30 urteko maiatzean, Jesus Buezo Risi eta Miguel Lausin espedizioko kideekin batera: elur jausi batek harrapatu zituen bidean.

"Min egiten dit nire bizimoduak maite ditudanei eragiten dien tristurak, baina kaiola batean sartuko banindute, ahituko nintzateke". Alabak egunerokoan jasotako sentimendu hori berretsi du Mari Carmen Pascualek: "Sehaskako hesiek ere egiten zioten traba. Aske jaio, eta aske bizi izan zen", erran du, harrotasunez.

Lasai mintzatu da Mari Carmen Pascual bere alabari buruz; eskalatzailearen heriotzak eragindako zauria inoiz ez zaio erabat itxiko, baina "konformatzen" ikasi duela nabarmendu du. Alaba zen bezala maite zuelako. "Mendirako grinarekin jaio zen; barruan zuen". Horregatik, orain ere haren tokia mendia dela argi du Garcia Pascualen amak. "Inoiz gorpua aurkituko balute ere, ez nuke ekarriko; han libreago da".

Tafallan jaio zen Miriam Garcia Pascual, 1963ko uztailaren 14an. "Hamabost egun aurreratu, eta etxean erditu nintzen, senarraren, amaren eta 85 urteko emaginaren aurrean". 9 urte zituen Garcia Pascualek familia Iruñera mugitu zenean. "14 urterekin hasi zen mendira joaten, lagun batekin. Paseoan aritzen zela uste nuen nik, Etxauriko paretak eskalatzera joaten zela jakin nuen arte!".

Etxauriko paretetatik, hain zuzen, bide berri bat ireki zuen Garcia Pascualek, eskaladarena gizonen esparrua baitzen garai hartan, orain baino gehiago. "Aitzindaria izan zen", "emakume ausarta". Horixe nabarmendu dute Juanjo Sansebastian mendizaleak eta Antxon Iturriza kazetari eta idazleak tafallarrari buruz.

Josune Bereziartu eskalatzaileak ere argi du Garcia Pascualek bide bat ireki zuela. Tafallarra eta Monica Serentil dokumental batean ikusi zituen Bereziartuk, Verdoneko arroiletako paretak eskalatzen, Frantzian: "Irudi haiek asko jo ninduten. Segituan hasi nintzen eskalatzen; izugarri erakarri ninduen emakume haiek egiten zutenak", gogoratu du.

"Orduan ez zegoen rokodromorik, orain bezala, eta herriko harresietan entrenatzen ginen", erantsi du Bereziartuk. Garcia Pascualek ere Iruñeko harresiak baliatu zituen entrenatzeko espazio gisa: "Bizilagunek erraten zidaten alaba Gaztelugibeleko paretetan gora ikusten zutela". Txapelketa bat Donostiako Viktoria Eugenia antzoki barruan egin zutenekoa ere ekarri du gogora Antxon Iturrizak. "Han izan nuen Miriamekin aurrez aurre hitz egiteko aukera, lehen aldiz".

Paretan eta mendian

Tafallako eskalatzailearen eta kazetariaren arteko harremana, halere, lehenago hasi zen. "Egin-en ari nintzen, eta elkarrizketa bat eskatu nion. Ez zen agertu, ordea, eta hutsik nuen orria betetzeko, irudizko elkarrizketa bat idatzi nuen. Miriamek irakurri zuen irudizko elkarrizketa, eta gustatu zitzaiola esateko gutun bat bidali zidan, eskuz idatzita".

Lehen gutun horrek bertze anitz ekarri zituen gero: "Gutun bidezko lagun bilakatu ginen. Harreman berezia genuen". Mendiaz idazten zuen kazetaria zen Iturriza, eta eskaladaren arloan gaitasun bereziak zituela erakusten zuen emakumea, berriz, Garcia Pascual.

Madrilen, Patonesen, Espainiako eskalada txapelketa irabazi zuen tafallarrak 1986an. Urte berean, Pedagogiako ikasketak amaitu zituen, Bartzelonan. "Txapelketak ez zituen maite, halere; kirol eskaladatik mendizaletasunera egin zuen bidea", azaldu du Iturrizak. Mendian, hain zuzen, anitzetan egin zuen bat Juanjo Sansebastianek Miriam Garcia Pascualekin. "Riglosen, besteak beste; Bilbon ere askotan egon ginen, Jose Carlos Tamayo lagun genuelako".

Tamayoren ahotik izan zuen Sansebastianek Tafallako eskalatzailearen heriotzaren berri. Argentinan eta Txilen egon zen mendizalea udaberri hartan, eta Tamayo Bilboko aireportura joan zitzaion bila. Han erran zion. Oraindik ere, samina sumatzen zaio ahotsean, une hura gogoratzen duenean; batez ere, Garcia Pascualen espedizioa hasi aurreko egunekoak oroitzen dituenean. Iruñean elkarrekin bazkaldu zuten egun batean, eta eskalatzaileak Indian zain zuen erronkaren "beldur" zela onartu zion Sansebastiani. "Egun hartan, autoz eraman nuen Gasteizera, handik abiatu behar zutelako Indiarantz. Besarkada handi bat eman zidan autotik jaitsi aurretik. Atera, eta berriz ireki zuen atea, barruan sartu eta beste besarkada bat emateko. Agurtu nahi zuela sentitu nuen".

Mari Carmen Pascualek bezala, eskalatzailearen askatasun gogoa nabarmendu du Sansebastianek, gauza guztien gainetik. Grina horrek atzean duena ezin dela bazter utzi argi du mendizaleak, halere: "Politikaren esparruan, independentzia askatasunarekin lotzen du jendeak; nire ustez, baina, gutxi dira erabateko askatasunari aurre egiteko gai, eta horietako bat izan zen Miriam, zalantzarik gabe".

Bere askatasun grina gauzatzeko ausardia izan zuela erantsi du Sansebastianek: "Bururatu zitzaizkion gauza guztiak egitera ausartu zen; eta disfrutatu zuen, batez ere, bere ahaleginak emandako sariekin". Pareten bila, bertzeak bertze, AEBetako Yosemitera joan zen Garcia Pascual. Hango esperientziak markatu zuela nabarmendu du Sansebastianek. Miriam Garcia Pascualen amak ere erran du: "Yosemite bihotzean zuen".

Ordukoak eta bertze esperientzia anitz idatzita utzi zituen eskalatzaileak bere egunerokoan, eta, testu horiek oinarri hartuta, Eman izar bat liburua argitaratu zuen Desnivel etxeak. Juanjo Sansebastianek izen bereko dokumentala ere egin zuen, lagunari buruz. "Oso esperientzia polita izan zen, eta, aldi berean, oso gogorra".

Mari Carmen Pascualentzat alabari agur errateko aldi oro zen gogorra: "Miriamek erraten zidan negarrik ez egiteko; baina joan orduko, negarrez hasten nintzen". Pascualek, halere, ulertzen zuen alabaren zoriontasuna mendira lotuta zegoela. "Behin erran nion ezin zuela ahaztu ni ere bere sokara lotuta nengoela; horrelakorik ez errepikatzeko eskatu zidan, menditik urrun, kaiola batean hil eginen zelako. Ez nion berriz ere horrelakorik erran. Aske izateko ekarri nuen, eta aske izaten utzi nion".

Parke bat Tafallan

Lanean zen Mari Carmen Pascual familiaren etxean alabaren heriotzaren berri emateko deia jaso zutenean. "Senarrak deitu, eta etxera joateko eskatu zidan. Ailegatu bezain pronto, inork deus erran gabe, jakin nuen".

Oihu egin zuela kontatu du eskalatzailearen amak. Alabaren izena oihukatu zuela, galdu zuela jakin zuenean; eta alabaren izena oihukatu zuen, berriz ere, handik hiru urtera, eskalatzailearen gorpua gordetzen duten pareten aurrean, azken agurra ematera joan zenean. "On handia egin zidan hil zen tokira joateak. Maite zituen gauzak eraman genizkion, tartean Belaguako loreak. Han bota genituen, Miriamentzat. Maite zituenekin gelditu zen".

Pascualek, halere, hurbil sentitzen du alaba; bereziki, Tafallan, 2006tik eskalatzailearen izena duen parkeko monolitoari heltzen dioenean. "Harria bigun sentitzen dut, alaba besarkatuko banu bezala. Miriamek izugarri maite zuen parke hori, eta opari ederra da denontzat".

Ez da bakarra. Antxon Iturrizak Miriam Garcia Pascualen omenez idatzitako ¿Vendrás a casa por Navidad? (Etxera etorriko al zara Gabonetan?) izenburuko ipuina oparitu dio eskalatzailearen amari. "Miriamen heriotzaren berri Mari Carmenek eman zidan: alabarekin nuen harremana amarekin dut orain. Miriam gogoratzeko modu bat da biontzat".

Aske gogoratzen dute; kontent eta mendian. Behin, arrakala batean zegoen apo txiki batekin egin zuen topo: "Biok maite ditugu buztinaren usaina eta granitoaren kolorea. Irribarre batekin erran diot agur. Inbidia diot: bera El Capitanen bizi daiteke, eta ni ez", idatzi zion.

Iraganaren arrastoen gainetik

Iraganaren arrastoen gainetik

Uxue Rey Gorraiz

Trikuharriaren kartela da zutik utzi duten gauza bakarra!". Hala salatu du Etxarri Aranazko herritar batek Fagamendiko dolmenak berriki pairatutako txikizioa: monumentua zapaldu eta suntsitu egin dute, basolanak egiten ari zen makina astun bat gainetik pasatu baitzaio.

Hilaren lehenbiziko asteburuan zabaldu zen berria; hain zuzen ere, koronabirusak eragindako itxialdiaren mugak arindutakoan, mendizaleek lehenbiziko aldiz inguruetan ibiltzeko aukera izan zutenean. Herritarrek orduan ikusi zuten zer gertatu zen. Trikuharriaren oraingo egoeraren lekuko izan zirenek zenbait argazki eta bideo jarri zituzten sarean, eta berehala sortu ziren sumin eta haserre mezuak.

Herritarrek egin bezala, Hilharriak elkarteak ere gogor kritikatu eta salatu du Fagamendiko dolmena suntsitu izana. Elkarteko kide da Iñigo Txintxurreta, eta, azaldu duenez, "txikituta" gelditu da monumentu megalitikoa. "Ikusi dugu tumulu zati bat birrinduta dagoela, eta susmoa dugu ganbara ere suntsitu egin dutela, erakutsi dizkiguten bideoetan ez baitira ikusten trikuharriaren ganbararen harlauzak".

Basozainek bildutako informazioaren arabera, makina Fagamendiko harri tumuluaren gainetik pasatu zen, eta, hortaz, desitxuratu egin du trikuharriaren jatorrizko forma. Gainera, adierazi dutenez, dolmena ez ezik, margo horiz eta zuriz pintatutako basabidea ere hondatu du enpresak, zura ateratzeko arbolak mozten ari zela.

Gertatutakoaren berri izan eta gero, egun berean —maiatzaren 4an—, Sakana-Mendialdea mugapeko basozainak Fagamendiko dolmenaren inguruetara azaldu ziren, hura ikuskatzeko. Akta batean bildu zituzten antzemandako kalteak, eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamenduak zehapen espediente bat ireki du basolanak egin zituen enpresaren kontra.

Maiatzaren 6an, Ingurumen Departamenduko basozainak, Sepronako kideak eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko arkeologoak bertaratu ziren, kalteak neurtzeko asmoz. Txosten bat egin dute bildutako xehetasunekin, salaketan aintzat har ditzaten.

"Saihesten ahal zen"

Joxe Miel Barandiaranek aurkitu zuen Fagamendiko dolmena, 1954an, eta Etxarri Aranazko Trikuharrien ibilbidearen parte da. Dozenaka dolmen ikus daitezke bidean, pago eta haritzen artean. Hilharriak elkartearen arabera, dolmenak informazio mordoa gordetzen du garai batean Ataun-Burundako mendilerroan eta haren inguruetan bizi ziren artzainei eta unaiei buruz.

Oso ezaguna da ingurua. Areago, askok argudiatu dute "aise" ikus daitekeela dolmena non dagoen, ongi seinaleztatua baitago aspaldi; bereziki sumindu ditu horrek, haien ustez agerian gelditu baita ez dela hutsegite bat izan, eta erraz saihesten ahal zela. Bestalde, Txintxurretak azaldu du monumentu megalitikoak mapan kokatzen laguntzeko tresnak ugari direla, eta harritua dio "sinestezina" iruditzen zaiola ikustea oraindik ere horrelakoak gertatzen direla.

Azaldu duenez, urteak dira dena "oso informatizatua" dagoela. Esaterako, Euskal Herriko Atlas Megalitikoari esker, posible da ikustea monumentu horiek non dauden kokatuak. Atlasa lurraldeka dago antolatua, eta, hain zuzen ere, guztien artean, Nafarroako lurrak aztergai dituena da berriena, oparoena eta osatuena.

Hilharriak elkartea arduratu zen hura egiteaz, hain justu. "Katalogoa osatu genuen, eta zehaztasun handiz jasota daude megalito bakoitzaren datuak eta koordenatuak", azaldu du Txintxurretak.

Baliabideak asko izanagatik ere, Fagamendikoa ez da lehenbiziko kasua. Iñigo Txintxurretak gogora ekarri du, esaterako, 2018an Leitzako Irusoko dolmena hondatu zutela. Orduko hartan, monumentuaren gainean ehizarako dorre bat eraiki zuten.

Beraz, orain gertatu dena salbuespena ez dela ikusita, kritika egitea eta gaiaren inguruan hausnartzea "behar-beharrezkoa" dela uste du Txintxurretak. Haren iritziz, arazoa ez da baliabide eskasia, teknologiaren erabilera "desegokia" baizik. "Suntsitzeko erabiltzen dugu teknologia, horretan onak gara, baina gauzak babesteko… Horretarako ez dira ditugun baliabideak behar bezala erabiltzen", esan du.

Hilharriak elkartea 1998tik ari da Euskal Herriko mendi eta basoetako monumentu megalitikoak babesteko lanean. Monumentu horien katalogazioan eta prospekzioan oinarritzen da haien jarduna. "Oso inportantea da horrelakoak lokalizatuta edukitzea, zaindu ahal izateko. Eta, hala ere, begira zer ari den gertatzen", azaldu du Txintxurretak. Izan ere, Fagamendikoa ezaguna zen, eta kalte egin diote, halere.

Dena dela, horrelako gertaerek ez dute elkarteko kideen grina apaltzen, eta bila jarraitzeko indarra sobran dute, jakin arren handia dutela erronka. "Fagamendikoarekin gertatu bada, imajinatu zer gertatuko den oraindik ezagutzen ez ditugun monumentuekin!".

Jendearen pentsaera aldatzea nahi luke Txintxurretak, "gogo falta" ikusten baitu. Sinetsita dago monumentu megalitikoak ez direla balioesten; uste du "handi-handiak" direnak miresten direla bakarrik. Horrelakoek informazio mordoa gordetzen dutela nabarmendu du: "Dolmenak, adibidez, ez dira hilobi soilak; lurra egituratzeko eta memoria gordetzeko ere balio dute". Denboran atzera egiteko aukera ematen dute, Neolitoan hasi baitziren halakoak sortzen, eta orduko errituei buruzko informazioa jasotzeko aukera dute ikertzaileek haiei so eginez. "Duela 5.000 urte baino gehiagoko altxorrak ditugu, eta zaindu egin behar ditugu".

Azken zenbaketen arabera, guztira bostehun trikuharri ezagun inguru daude Nafarroan. Gainerako monumentu megalitikoak ere aintzat hartuta hots, tumuluak, harrespilak eta zutarriak, 1.500 megalito daude Nafarroako lurretan. Pixkanaka, bilduma hori handitzea nahi dute. "Altxor berriak" aurkitu, zaindu eta gorde.

“Iltzatuta segitzen dugu desgaitasunaren eredu medikoan”

“Iltzatuta segitzen dugu desgaitasunaren eredu medikoan”

Edurne Elizondo

Gizarte langilea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan Giza eta Gizarte Zientzietako doktorea; Txiribuelta elkartean desgaitasun intelektualen bat dutenekin ari da lanean Marrubi Rodriguez Luna (Iruñea, 1985). Pertsona erdigunean jarri beharra aldarrikatu du.

Arlo akademikotik at ere, adimen desgaitasunaren arloan aritzen zara egunerokoan. Behar da jarduera praktiko hori, teoria behar bezala lantzeko?

Bai. Ni betetzen nauena, gainera, hori da, aukera izatea lotzeko pertsonekin egiten dudan eguneroko lan hori eta esparru teoriko edo akademikoagoa. Finean, egunerokoan ikusten da teoriak balio digun edo ez.

Ikuspuntu kritiko bat behar da?

Bai, noski. Eguneroko lan horretan ikusten eta ikasten dugunaz gogoeta egiteko gai izan behar dugu, eta ikuspuntu kritiko bati eutsi, ahalik eta lan onena egiteko.

Hori da Txiribueltan duzuen helburua?

Bai. Ekimen sozialeko kooperatiba bat da gurea, eta desgaitasun intelektuala duten pertsonekin eta haien familiekin lan egiten dugu. Hainbat programa ditugu, autonomia garatzeko, familiak laguntzeko eta abar. Gure oinarria Snoezelen kontzeptua da: pertsona jarri nahi dugu erdigunean, eta zentzumenen ikuspuntu batetik lan egin.

Zer erran nahi du horrek?

Desgaitasunak pertsona baten adimenari eragiteak ez du erran nahi zentzumenen esparruari edo arlo emozionalari ere eragin behar dionik. Horregatik hartzen dugu ikuspuntu hori abiapuntutzat.

Parametro neurotipikoez harago joateko ordua da?

Bai, argi eta garbi. Hori da guk azaldu eta zabaldu nahi dugun mezua: arrazoiaz harago badirela kontuan hartu behar ditugun bertzelako gaitasunak. Neurotipiko garenoi ere eragiten digu begirada batek, eragiten digu ahots tonu jakin batek, eguraldiak, dutxa hartzeko uraren tenperaturak... Horrek guztiak lotura zuzena du bizi kalitatearekin eta ongizatearekin. Ongi sentitzea ez da bakarrik hitz egiteko gai izatea, edo bertzeekin arrazoiaren bidez harremantzea; zentzumenen eta emozioen bidez jasotzen duguna ere bada garrantzitsua.

Funtzionatzeko bertze modu batzuk daudela ulertzea da kontua?

Bai, eta, finean, denak du lotura etikarekin. Inportanteena da dibertsitatea eta pertsonen duintasuna errespetatzea; eta errespetatu behar dugu pertsona oro den bezala. Denok, jaiotzen garen une beretik, gaitasun batzuk ditugu; oinarrizkoak izan daitezke, baina hor daude. Denonak ez dira berdinak, baina horrek ez du erran nahi ezberdina dena aldatu behar dugunik. Begirada aldatu behar dugu, eta bertzeek dituzten gaitasunei so egin. Inklusioak ezin du ekarri bertzea aldatu nahi izatea. Nerbio sistemaren bertzelako konfigurazio bat izateak ez du erran nahi bertzelako konfigurazio horrek txarra izan behar duenik. Errespetuz aritu behar dugu beti, eta pertsonak lagundu beren beharretan, eta dituzten gaitasunak nabarmendu.

Komunikazioak ez du zertan ahozkoa izan, ezta?

Hori da. Ohikoek funtzionatzen ez badute, bertzelako bideak bilatu behar ditugu komunikatzeko eta bertzeekin lotzeko. Gakoa da esperientzia esanguratsuak izatea.

Etikaz ari zara, errespetuaz. Oraindik ere bada hain oinarrizkoa dirudiena nabarmentzeko beharra?

Desgaitasunaren esparruan eredu ezberdinak egon dira pertsonak artatzeko; garai batekoa, zokoratzearen aldeko eredu bat zen. Horren arabera, lotsatzeko moduko zerbait zen desgaitasuna, jainkoaren zigor bat. Gero garatu zen eredu medikoa, desgaitasuna zuena sendatu nahi zuen eredua, alegia. Horren arabera, desgaitasunen bat duen pertsonarengan eragin behar dugu, alda dadin eta gizartearekin bat egin dezan. Eredu hori mundu osora zabaldu zen, eta indar handiz, gainera.

Eredu soziala, eredu mediko horri aurre egiteko sortu zen. Desgaitasuna zuten pertsonek bultzatu zuten, 1960ko hamarkada inguruan; desgaitasun fisikoa zutenek, bereziki. Eredu horrek dibertsitatearen balioa onartzen du, eta zabalduz joan da. Orain dugun ereduak nolabaiteko nahasketa islatzen du. Egia da kontuan hartzen dituela desgaitasuna dutenen berezitasunak, haien testuinguru ekologikoa eta bertze, baina, oraindik ere, neurri handi batean, aspaldiko eredu mediko horretan iltzatuta segitzen dugu. Deigarria da hori: oraindik ere, sendatzea edo errehabilitazioa hartzen da oinarri adimen desgaitasuna dutenekin lan egiteko.

Horregatik diozu lan egiteko moduak aldatu behar direla?

Bai. Oraindik ere, nagusi da ikuspuntu funtzional bat: garrantzia ematen zaio adimen desgaitasuna duenak hanka bat mugitzeari, edo eskuan arkatz bat hartzeari. Ikuspuntua aldatu behar dela uste dut nik, eta pertsona jarri erdigunean, haren zoriontasunaren alde. Eta desgaitasuna duen norbait zoriontsu izan daiteke bere bizitza osoan arkatz bat hartu gabe.

Paradigma oso bat aldatu behar da?

Bai. Neurri batean, nik uste dut ideia horiek eta lan ereduak aldatzeko behar hori onartu dugula, gure egin dugula diskurtso hori, baina gertatzen da egunerokoan zailagoa dela aspalditik errotuta dauden moduak aldatzea.

Profesionalon zeregina da modu horiek aldatzen ahalegintzea?

Funtsezkoa da desgaitasuna dutenekin lan egiten dugunok ohartzea zer neurritan eragiten ahal dugun haien egunerokoan. Gure jarduerak zehazten du, neurri handi batean, haien bizitza nolakoa den. Hagitz ardura handia da, eta kontuan izan behar dugu, beti, ikuspuntu etiko batetik. Profesionalon artean gogoeta egitea hagitz garrantzitsua da, eta guk proposatzea, dugun ardura hori oinarri hartuta, behar diren aldaketak egitea, erabiltzaileen zoriontasuna bultzatze aldera.

Erabiltzaileen erabakitzeko eskubidea bazter gelditzen ohi da?

Eredu mediko batean erabiltzaileak betetzen duen rola pasiboa da. Erabakitzeko edo parte hartzeko eskubidea ukatu izan zaie; ukatu izan zaie, finean, beren bizitza kontrolatzeko aukera. Eta horrek guztiak berekin ekarri du adimen desgaitasuna dutenen inguruko irudi jakin bat sortzea.

Nolakoa da sortu den irudia?

Nik anitzetan lan egiten dut adimen desgaitasun handia duten pertsonekin. Anitz ez dira gai ahoz komunikatzeko, baina sekulako gaitasuna dute ahozkoa ez den komunikazioa garatzeko. Eskubide bat ez da paper batean idatzita dagoen zerbait. Desgaitasuna duenak egin nahi duena erabakitzen duenean, orduan ari da bere eskubideak erabiltzen. Eta, guri, profesionaloi dagokigu zer nahi duen asmatzea, eta eskaintzea. Ez du zertan nik proposatzen dudana gustuko izan. Nire lana, finean, laguntzea da.

Diagnostikoak, oraindik ere, pisu handia du?

Diagnostikoak estigma bat ezartzen du, eta berekin ekartzen du desgaitasuna duenak uko egitea den bezalakoa izateari. Guk, gizarteak aldatu behar dugu begirada.

Iritzia: Faseak

Iritzia: Faseak

Lur Albizu Etxetxipia
Zero fasea, lehenengoa, bigarrena, hirugarrena eta infinitura arte. Ezinegona eta etorriko denari beldurrez begiratzea ohiko bihurtu zaigu hamabost egun izanen zirela pentsatzen genuen azken aste eta hilabete hauetan. Erraz esaten...

Nahi duten auzoa eraikitzen

Nahi duten auzoa eraikitzen

Edurne Elizondo

Auzo bat bizitzeko, edo auzo bat kontsumitzeko; auzo bat zaintza sustatzeko, edo auzo bat espekulazioari eta negozioari emateko. 2018ko ekainean, Iruñeko Alde Zaharrean sortu berri zuten Pisutekako kideek orriotan nabarmendu zuten "bi auzo ereduren talka" zegoela hiriburuko zati horretako karriketan. "Bizilagunentzako auzo baten aldekoa" zen orduko haien apustua, eta berretsi egin dute orain, koronabirusaren pandemiak eragindako alarma egoeraren testuinguruan: nahi duten auzoa eraikitzeari ekin diote, zaintza sare bat sortuz, auzolana bultzatuz, eta osasun krisiak ekarri duen etxebizitzaren arloko espekulazioa salatuz.

Gentrifikazioak eta turistifikazioak jo ditu Europako hiri anitz, azken urteotan. Euskal Herrira ere ailegatu dira prozesu horiek, bai eta Iruñera ere, nahiz eta Bilbon edo Donostian baino neurri apalago batean garatu. Arazoari "berandu baino lehen" eutsi nahi izan diote hiriburuko Alde Zaharreko bizilagunek, eta anitz dira azken urteotan auzia jorratzeko eta konponbideak bilatzeko egin dituzten jardunaldiak eta sortu dituzten taldeak: etxebizitza, aisialdia eta bertze hainbat gai landu dituzten plataformak osatu dituzte, eta gehienek AZ Ekimena izeneko proiektuan egin dute bat.

Bizitzeko Alde Zaharra plataforma da Iruñeko auzo horretan mamitu direnetako bat. Espainiako Gobernuak alarma egoera indarrean jarri bezain pronto ekin zioten lanari talde horretako kideek. "Nahi dugun auzo eredua gauzatzen ari gara, finean", azaldu du plataformako kide Leticia Molinak. Auzolana eta zaintza ditu oinarri eredu horrek, hain zuzen ere, eta bizitzeko auzo bat aldarrikatu nahi du, batez ere. Horregatik, zaintza sarea osatzea izan zen egin zuten lehendabiziko urratsa: "Berrehun pertsona baino gehiago gaude sare horretan. Beharrak non dauden zehaztu dugu, bai eta sareko kide direnak non bizi diren ere, laguntzaile bakoitzak bere lana ahalik eta ongiena egin dezan; informazio horri esker errazagoa da nor eta nora bidali jakitea".

Plataformako kideak harremanetan dira Iruñeko Udalarekin eta auzoko osasun etxeko arduradunekin, gainera, laguntza behar duten bizilagunak identifikatzeko.

Josi eta Josi izeneko taldea ere martxan jarri du plataformak. Hogei bat pertsonak egin dute bat, maskarak josteko eta banatzeko. "Mila baino gehiago eman ditugu jada". Karrikan, hain zuzen ere, bizilagunen esker ona jaso dutela nabarmendu du Molinak, eta hori da gehien pozten duena: "Itxialdian denon baldintzak hobetzeko egin dugu bat, eta hori lortzeko ari gara lanean. Bizilagunen esker onak erakusten digu ongi ari garela", nabarmendu du.

"Sarea indartu"

Karrikan egindako lan horri esker, plataforma ezagutzen ez zuten anitzek haiekin bat egin dutela erantsi du Molinak, eta, ondorioz, "sarea indartzea" lortu dutela. Auzoko denda txiki eta ertainen berri emateko kanpaina ere egin dute, tokiko eta hurbileko produktuen alde egiteko, eta auzoko dendariek ekinaldia "ederki" hartu dutela azaldu du Leticia Molinak. "Gero eta jende gehiago dago laguntzeko prest", nabarmendu du. Auzokoak auzoa egiteko gogoz dira, finean.

Bizitzeko auzo bat nahi dutela argi dute Alde Zaharreko herritarrek, hain zuzen ere. Horregatik, etxebizitzaren auzia bereziki jorratu duten gaietako bat izan da AZ Ekimeneko kideentzat eta proiektuaren barruan diren talde anitzentzat. Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideek ez dute esparru hori bazter utzi, alarma egoerak baldintzatutako egungo testuinguruan, eta salatu dute, hain zuzen, "gehiegikeriak" gertatzen ari direla.

"Iruñeko egoera aztertzen hasi baino lehen, Madrildik ailegatu zitzaigun berria: hogeita lau orduan, 230 etxe jarri zituzten alokairuan; noski, turistentzako etxeak ziren guztiak". Itxialdiaren ondorioz, turistentzako etxeak alokatzeko negozioak behera egin du, eta etxebizitza horiek "merkatu arruntera" ailegatu dira, nolabait erranda.

Iruñekoa ez da Madrilgo egoeraren parekoa, baina bada zer salatu, Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kidearen hitzetan: "Denbora tarte labur batean alokairuan emateko etxe asko agertu dira Iruñeko Alde Zaharrean". Idealista-ren gisako webguneak aztertu dituzte, zehazki. "35 etxe inguru ageri dira, eta gehienek 26 inguruk ez dute legedia betetzen".

Kasu anitzetan, legeak zehaztutakoa baino diru gehiago eskatzen dute berme gisa. "Legez, bi hilabeteko alokairua eskatzen ahal da; zenbaitetan, sei hilabetekoa ere eskatzen dute", azaldu du Molinak. Bizitzeko Alde Zaharra taldeko kideak gogoratu du etxe bat alokatzen denean jabeak ezin duela etxebizitzan bizi dena udan, adibidez, handik aterarazi. "Hori ere gertatzen da. Etxe bat alokatu, baina sanferminetan edo udako hilabeteetan hutsik utzi behar duzula esaten dizute; hori ez da legezkoa", erantsi du.

Alokairuen berri ematen duten webguneetako arduradunekin harremanetan jarri dira Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideak, eta ardura haiena ez dela erantzun diete: "Iragarkia jarri besterik ez dutela egiten esan digute; guk nabarmendu diegu beren ardura ere badela iragartzen dituzten etxebizitzek legea betetzen dutela ziurtatzea, baina ez digute gehiago erantzun".

Bizitzeko Alde Zaharra plataformako kideen asmoa da orain arte egin duten azterketa horretan sakontzea, eta, horretarako, herritarren laguntza eskatu dute. "Norbaitek bizi izaten ari den egoera salatu nahi badu, guregana jo dezake, bat egin ahal izateko". Plataformako kideen helbide elektronikoa ondokoa da: bizitzekoaldezaharra@gmail. com.

Alarma egoerak era askotako egoerak utzi ditu agerian, etxebizitzaren esparruan, Molinak azaldu duenez: "Batzuei gertatu zaie etxeko jabeak alokairua murriztea edo hilabete batez ez kobratzea; baina kontrakoa ere bai: ordaintzeko epea luzatzeko eskatu, eta ezezkoa jaso dutenak badira".

Alde Zaharrean antolatuta dauden herritarrek zaintza jarri nahi izan dute erdigunean. Hori da SET sareko kide diren hirien helburuetako bat, hain zuzen ere. Iruñea ere sare horretako kide da. Turistifikazioari aurre egiteko Europako hegoaldeko hirien sarea da SET, eta koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, manifestu bat plazaratu du.

Krisiak desberdinkeriak areagotzeko arriskuaz ohartarazi dute sareko hiriok, eta eskatu dute herriek ez dezatela turismoaren sektorea erreskatatu. "Turismoaren desazkundeari ekiteko garaia da, eta gizarteko geruzarik zaurgarrienak babestuko dituen ongizate politikak lehenestekoa", nabarmendu dute SET sareko hiriek.

Osasuna eta negozioa

Iruñeko Alde Zaharreko bizilagunek sortutako bertze elkarteetako bat da Alde Zaharrean Bizi izenekoa. AZ Ekimenarekin egin du bat proiektu anitzetan, baina bide propioa egin du. Gentrifikazioaren eta turistifikazioaren aurka egiteko elkarte bat da, labur erranda. Oraingo alarma egoeraren testuinguruan beren iritzia zabaldu dute elkarte horretako kideek ere, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko arduradunen adierazpenei erantzunez.

Izan ere, ostalaritzaren arloko enpresariek kezka agertu dute Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko iragarritako neurrien inguruan. Tabernetan eta terrazetan egon daitekeen jende kopurua mugatu dute, bertzeak bertze. Ostalariek salatu dute negozio anitzek ateak itxi egin beharko dituztela, eta egoerari aurre egiteko proposatu dute, adibidez, terrazen eremua handitu ahal izatea.

Alde Zaharrean Bizi elkarteko kideek argi dute alarma egoerak kalte egin diela negozio askori, tartean ostalaritzakoei. Ondorioz, sektoreko langileen inguruko kezka agertu dute; baina argi utzi dute, halaber, ordua dela zehazteko zein neurritan diren "funtsezko eta ezinbesteko" tabernak, jatetxeak, hotelak, turismorako etxeak, bidaia agentziak eta abar. "Gauza bat da langileak ez abandonatzea, eta beste gauza bat da negozioei eustea, kontuan hartuta horietako asko ez direla familia negozio txikiak".

Alde Zaharreko espazio publikoaren okupazioa izan da Alde Zaharrean Bizi taldeko kideek mahai gainean jarri duten auzietako bat, azken urteotan. Oraingo testuinguruan, "egokitzeko beharra" nabarmendu dute, bai eta "guztien osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzekoa ere". Alarma egoera ezarri aurretik ere bazen zer hausnartu hiri ereduari buruz, eta Alde Zaharreko bizilagunak ari dira.