Txinparta guztiak ez dira itzali

Txinparta guztiak ez dira itzali

Edurne Elizondo

Zenbat oroitzapen!". Horixe idatzi du Ana Unanue kazetariak, berriki, Twitter sare sozialean. Maddi Barber zinemagilearen 592 metroz goiti izenburuko lana berriz ikusi, eta irudiek astindu egin dute Unanueren memoria. Itoizko urtegiari buruzko film bat da Barberrena, eta azpiegitura hori eraikitzeko obretan zen Unanue, duela hogeita lau urte, Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideek porlana garraiatzeko kableak moztu zituztenean.

Aste Santua zen, 1996ko apirilaren 6a. 07:15 aldera, lan jantzietan Desconstrucciones Itoiz idatzia zeramaten zortzi ekintzaile Itoitzen eraikitzen ari ziren urtegiko hormara hurbildu ziren. Jantzien azpian, urtegiaren aurkako elastikoak zituzten. Helburu zehatz bat zuten: porlana garraiatzeko sistemako kableak moztea. Horman, rotaflexak hartu zuen hitza, eta haren diskurtsoaren amaieran, helburua betetzea lortu zuten solidarioek: kableak moztu, eta sutan erori ziren. Itoizko urtegiko lanak bederatzi hilabetez geldiarazi zituzten, beren ekintzarik ikusgarrienean.

Maddi Barber haurra zen solidarioek Itoizko urtegiko kableak moztu zituztenean, baina rotaflexak piztutako txinpartek ere eragin zioten. "Gogoan ditut manifestazioak, eta itsasgarriak saltzen nituela. Gurasoak Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kide ziren, gainera, eta ni neu Lakaben jaio nintzen", kontatu zuen orriotan, duela bi urte.

Unanue, berriz, lanean harrapatu zuten solidarioen ekintzek. Bereziki duela 24 urte egindakoak. Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideekin batera, hainbat kazetari izan ziren 1996ko apirilaren 6 hartan Itoitzen gertatu zenaren lekuko, eta Unanue izan zen haietako bat, Egunkaria-n ari zela.

Zinpeko guarden haserrearen lekuko izan ziren kazetariak. Solidarioek lurrean botata jaso zuten jipoiarena ere bai. Ekintza amaituta, Guardia Zibilaren zain gelditu ziren Itoitzekiko Elkartasuna taldeko kideak. Ez zuten ihes egiteko asmorik.

Lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jarri zieten zortziei, bahiketagatik, hainbat minutuz obrak zaintzen zegoen zinpeko guarda lotu zutelako. Zortzietatik hiru atxilotu eta espetxeratu zituzten. Lehena izan zen Iñaki Garcia Koch. Ia lau urte egin zituen kartzela barruan, hagitz baldintza gogorretan. 2004ko abenduan atera zen espetxetik, hirugarren gradua lortu eta gero. 2017ko urtarrilaren 4an zendu zen, Agoitzen. Handik hilabetera, omenaldia egin zioten Garcia Kochi, Artzin. Solidario anitzek egin zuten bat kidea agurtzeko.

Ibai Ederra eta Julio Villanueva izan ziren espetxera sartu zituzten bertze bi ekintzaileak. "Ekintzak piztu zuen halako garra. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude", erran zuen Villanuevak, 2013an, Itoitz bota eta handik hamar urtera. Herria urpean da, baina solidario anitzek eutsi egin diote ingurumenaren aldeko beren konpromisoari. Txinparta guztiak ez baitira itzali.

Abiadura moteltzeko garaia

Abiadura moteltzeko garaia

Edurne Elizondo

Espainiako Estatua alarma egoeran dago, baina koronabirusaren pandemiak ere ez du lortu AHT abiadura handiko trena egiteko lanak gelditzea herrialdean. Nafarroako Gobernuak berretsi du hori: ez duela eman obrak eteteko agindurik, alegia.

Egun, gobernuak aurreko legegintzaldian esleitutako zatietako lanak daude martxan: lau dira, denera, eta 32 kilometro inguru luze, Alesbes eta Tafalla artean. Castejon eta Alesbes arteko hamalau kilometroko bi zatietako obrak dira, oraingoz, bukatuta dauden bakarrak, eta egin zituzten aldaketaren gobernuaren aurreko garaian, UPNren gobernuen agindupean.

"Aldaketaren gobernuak sekulako bultzada eman zion abiadura handiko trenari". Horixe nabarmendu dute Sustrai Erakuntza fundazioko ordezkari Pablo Lorentek eta AHT Gelditu Elkarlana taldeko Nafarroako kideek. Bi talde horiek eta AHTaren aurka ari diren bertze hainbatek koordinakundea sortu dute herrialdean. Hilaren 15erako antolatutako jardunaldia bertan behera utzi behar izan zuten, pandemiagatik, eta joan den astean ere, Nafarroako Parlamentuan egin behar zuten agerraldia ezin izan zuten egin. Abiadura handiko trenaren aurka lanean jarraitzen dute, halere, eta herritarrak batzera deitu dituzte. "Esprintak ez du balio; iraupen lasterketa bat da AHTaren aurkakoa".

Bati eman, bertzeari kendu

Duela hogeita zazpi urte hasi zen iraupen lasterketa hori, 1993. urtean AHTaren aurkako lehen batzarra sortu zenean. Espainiako Estatuak 1992. urtean inauguratu zuen abiadura handiko lehendabiziko trena, Madril eta Sevilla artean. Geroztik, 25 urtean, 56.000 milioi euro baino gehiago gastatu ditu proiektuan, eta 3.240 trenbide kilometro baino gehiago eraiki ditu.

"Administrazioak abiadura handiko trenaren alde egindako apustuak baliabiderik gabe utzi ditu gainerako zerbitzuak. 2014an, adibidez, 30 milioi bidaiarik erabili zuten abiadura handiko trena, eta 405 milioi bidaiarik erabili zituzten, berriz, aldiriko trenak; AHTak 3.194 milioi euroren aurrekontua izan zuen urte horretan, eta, aldiriko trenek, berriz, 121 milioi eurorena". Ekologistak Martxan taldeko Madrilgo kide Elena Diaz Caserorenak dira hitz horiek; Iruñera etortzekoa zen, AHTaren aurkako jardunaldira. 2017an egindako analisian jada zuzenean lotu zituen abiadura handiko trenaren aldeko apustua eta tren publiko eta sozialaren gainbehera, inbertsiorik ezagatik.

Nafarroan ere milioiak jaso ditu AHTak, azken urteotan. Aldi berean, tokiko hainbat geltokitan zerbitzuak murriztu dituzte: Tafallan, Castejonen eta Altsasun, adibidez, txartelak saltzeko leihatilak itxi dituzte. Datuak mahai gainean jarri ditu Pablo Lorentek: 9 milioi euro baino gehiago eraman zituen abiadura handiko trenak, Nafarroan, 2015ean; 45 milioi izan ziren, 2017an; ia 8 milioi, 2018an; eta 24 milioi, 2019an.

Datuok eta, oro har, abiadura handiko trenari lotutako guztiak egungo testuinguruan kokatzeko beharra nabarmendu du Sustrai Erakuntzako kideak: "Osasunaren esparruan dauden gabeziek erakusten dute dirua bertze toki batera joan dela. Ehunka eta ehunka milioi xahutu dituzte AHTa eta gisako azpiegiturak egiteko lanetan, lehentasunezkoak edo beharrezkoak ez izan arren; Nafarroan ere gertatu da hori. Baliabide naturalak eta ekonomikoak suntsitzen dituen kapitalismoa da birusik hilgarriena".

"Ekintza burutuen politika"

Nafarroako AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek ez dute zalantzarik: "AHTa da Euskal Herrian inoiz martxan jarritako obrarik faraonikoena, garestiena eta suntsitzaileena". Sistemak bere abiadura moteldu behar izan duen honetan, "aukera baliatzera" deitu dute: "Aldaketa handiak egiteko, lehendabizi gelditu egin behar dugu, hausnartu, eta ondorioak mahai gainean jarri. Oraingoa momentu interesgarria da hori egiteko".

Abiadura handiko trena gelditzeko aukera badela berretsi dute, azpiegitura horren sustatzaileek "ekintza burutuen politika" erabili arren. "Atzera egiterik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, baina ez da egia". Izan ere, obrek aurrera jarraitzen badute ere, hainbat dira, oraindik ere, Nafarroako proiektuaren inguruan lotu edo erabaki gabe daudenak.

Eta ez dira kontu txikiak. "Castejon eta Zaragoza arteko lotura zehaztu gabe dago", erran du Lorentek, batetik. "Zati horren fase informatiboa ere ez dute egin, oraindik ere", berretsi dute AHT Gelditu Elkarlana taldeko kideek. Asmoa da Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko zati horretan Ebroren gaineko zubi bat egitea. "Bertze 90 milioi euro beharko lituzkete, gutxienez", erantsi du Lorentek.

Bertzalde, Iruñeko geltokiaren auzia jarri dute mahai gainean AHTaren aurkako ekintzaileek. Asmoa da Etxabakoitzen geltoki berria egitea, eta, horrekin batera, 10.000 etxebizitza eraikitzea, auzo horretan, bai eta oraingo geltokia dagoen Sanduzelai auzoan ere. Udalez gaindiko eragina duen plan baten bidez ari dira kudeatzen proiektu hori. Otsailean, hain zuzen, plan hori bertan behera uzteko eskatu zien Iruñeko alkate ohi Joseba Asironek hiriko egungo agintariei. Geltokiari buruzko plana garatzeko partzuergoa osatu dute Adif erakundeak, Nafarroako Gobernuak eta Barañain, Zizur eta Iruñeko udalek, eta partzuergo horrek berriki egindako txostenak ere kolokan jarri du proiektuaren bideragarritasuna. Lorentek argi du "erabat zentzugabea" dela egitasmo horri eutsi nahi izatea.

Bada zehaztu gabe jarraitzen duen beste kontu bat: abiadura handiko trenaren Nafarroako korridorea Euskal Y-arekin lotzeko modua, hain zuzen ere. "Oraindik ere, hainbat aukera dago mahai gainean. Aralar zeharkatzea zen hasierako asmoa; azken urteotan, berriz, Nafarroako korridorea eta Euskal Y-a Gasteiztik lotzeko aukera nabarmendu dute, batez ere", azaldu dute AHT Gelditu Elkarlanako Nafarroako kideek.

2018ko urtarrilean, Espainiako Gobernuak bere lehentasuna zein den argitu zuen: Gasteizen nahi du lotunea. Baina ez da, halere, proposatu duen aukera bakarra: lotunea Ezkion egitea da bertzea. "Hamaika kontu airean dira, oraindik ere; baina, bitartean, aurrera jarraitzen dute lanekin, atzera bueltarik ez duen egitasmo bat dela irudikatzeko", salatu dute proiektuaren aurkako taldeek.

Ez da hori AHTaren inguruko "gezur" bakarra, erantsi dutenez. Nagusietako bat da salgaiak garraiatzeko aukerari buruzkoa, Sustrai Erakuntza fundazioko Pablo Lorentek nabarmendu nahi izan duenez. Joan den astean Nafarroako Parlamentuan egitekoa zuten agerraldian, hain zuzen ere, gai hori jorratu behar zuten abiadura handiko trenaren aurkakoek. Lorentek argi eta garbi erran du: "AHTak Nafarroan ez du salgairik garrraiatuko".

Sustrai Erakuntzak egindako txostena izan du abiapuntu Lorentek hori errateko; agiri horren arabera, Nafarroako AHTak ez dituela salgaiak garraiatuko erran dute ekonomiaren eta garraioaren esparruetako eragile garrantzitsu anitzek; eta horixe jasotzen du proiektuaren jatorrizko agiriak ere. "Iruñerriko Abiadura Handiko Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak ere onartu du Volkswagen enpresak tren konbentzionala erabiltzen jarraituko duela", jaso du txostenak.

Abiadura handiko trena "arlo guztietan" da "suntsitzailea", Pablo Lorentek salatu duenez. "Klima aldaketako egungo testuinguruan, ezin dugu jarraitu AHTaren gisako azpiegiturak bultzatzen dituen eredu kapitalista defendatzen". Gehiago erran dute AHT Gelditu Elkarlana erakundeko kideek: "Gure espeziearen etorkizuna kolokan dago, eta herritarrok kriminal batzuen esku gaude". Abiadura handiko trenaren aurkako lanari eustera deitu dute jendea, azpiegitura horretan egun xahutzen duten dirua osasunaren, hezkuntzaren edo gizarte zerbitzuen esparruetara bidera dezaten. Horietan dagoen beharra agerikoa da.

Maeztutar feminista

Maeztutar feminista

Edurne Elizondo

Gustavo eta Ramiro Maezturen arreba baino anitzez ere gehiago izan zen, baina neben itzalpean egon da Maria Maeztu, halere, neurri handi batean. Lizarran, 1991. urtean sortu zuten Gustavo Maeztu museoa, margolariaren lanekin. 1997tik, berriz, Maria Maeztu literatur lehiaketa antolatzen du Lizarrako Emakumeen Batzarrak, udaleko Berdintasun sailaren laguntzarekin. "Merezi duen tokian jarri nahi dugu", erran du batzarreko kide Maria Jose Agirre Pascualek.

Maria Maeztuk kulturaren, hezkuntzaren eta feminismoaren arloan egindako ekarpena nabarmentzea du helburu lehiaketak, batetik; eta emakumeak idaztera animatzea, bertzetik. 16 urte baino gehiagoko emakumeek parte hartzen ahal dute, gaztelaniaz eta euskaraz. Uztailaren 20ra bitarte dago zabalik lanak aurkezteko epea, eta sariak urriaren 23an banatuko dituzte, Lizarrako kultur etxean. 1.200 euroren saria jasoko dute bi hizkuntzetako irabazleek.

"Luxu bat da Lizarran horrelako lehiaketa bat antolatu ahal izatea; Lizarrako Emakumeen Batzarrak egindako lana ezinbertzekoa da, eta, ezinbertzekoa da, halaber, udalaren babesa", erran du Lizarrako berdintasun teknikari Tere Saezek. Aurten, hirugarrenez, hitzarmena sinatu dute emakumeen batzarrak eta udalak, lehiaketa antolatzeko. Gainera, literatur astea ospatzeko asmoa badute bi erakundeok elkarlanean, baina datarik ez dute zehaztu, oraindik ere.

"Feminista naiz; lotsatuko ninduke feminista ez izateak". Horixe erran zuen Maria Maeztuk, 1917. urtean idatzitako artikulu batean. 1881. urtean jaio zen, Gasteizen, eta pedagogo eta humanista handia izan zen. 1915etik 1936ra, Andereñoen Egoitza izenekoa bultzatu eta zuzendu zuen, emakumeen unibertsitateko formakuntza sustatzeko. 1936ko gerrak erbestera eraman zuen, Argentinara, eta han hil zen 1948. urteko urtarrilean. Lizarran dago Maria Maezturen gorpua lurperatuta, halere. Familiak harreman handia izan zuen herriarekin, eta, oraindik ere, han bizi dira hainbat senide.

Euskaraz, oraindik "gutxi"

2015. urtean, hilerrian egin zion omenaldi bero bat Gasteizko Maria Maeztu Forum Feministak pedagogoari. Elkarte horrekin ere badu harremana Lizarrako Emakumeen Batzarrak. 1990eko hamarkadan sortu zuten elkartea, eta ia hasieratik egin du apustu Maria Maezturen figuraren berri emateko lehiaketaren alde.

Batzarreko kide da hasieratik Maria Jose Agirre Pascual, eta ekinaldiak urteotan guztietan izan duen arrakasta nabarmendu du. Izan ere, mundu osoko emakumeek idatzitako lanak jasotzen dituzte Lizarran, urte oro. "Latinoamerikatik anitz bidaltzen dizkigute; eta jaso izan ditugu Australiatik eta Frantziatik ere", azaldu du.

Ehundik gora lan izaten dira, urte oro, lehian. Agirre Pascualek onartu du, halere, euskarazkoak "gutxi" izaten direla, oraindik ere, eta emakume euskaldunak deitu nahi izan ditu, bereziki, aurtengo lehiaketan parte hartzera. Euskaraz zein gaztelaniaz, idazlanek nahi duten gaia jorratzen ahal dute; argitaratu gabeak behar dute izan, eta, gehienez ere, hamar orrialde luze.

Maria Maeztuk emakumeekin eta emakumeentzat lan egin zuela gogoratu du Lizarrako Emakumeen Batzarreko kideak, eta haiek ere helburu hori dutela erantsi du. "Horregatik da gure literatur lehiaketa emakumeentzat; uste dugu espazio seguru eta eroso bat izan daitekeela bertzela parte hartzeko urratsa eginen ez luketen emakumeentzat", nabarmendu du.

Batzarra osatzen duen talde nagusian dozena bat emakume direla aipatu du Agirre Pascualek, baina anitzez ere gehiago direla inguruan dituztenak. Maria Maeztu lehiaketaz gain, bertze hamaika ekinaldi antolatzen dituzte batzarreko emakumeek Lizarran. Herriko mugimendu feministari egin dioten ekarpena nabarmendu du, gainera. "Hasieran, nolabaiteko erreferente bilakatu ginen", erran du Maria Jose Agirre Pascualek.

Argi du haiek erein duten haziak lagundu duela Lizarrako feminismoaren esparruan sortu diren bertze hainbat proiektu loratzen. "Tximeleta taldea sortu zuten emakume gazteek, duela hainbat urte; duela gutxira arte, berriz, Patriahorkado taldea egon da martxan". Bi elkarteok eten egin dute jada beren jarduera, baina feminismoaren esparruan murgilduta jarraitzen dute Lizarrako emakume gazteek, Agirre Pascualek nabarmendu duenez. "Badago kezka", erran du. Bai eta lan egiteko gogoa ere.

“NUPen euskararen diskurtsoa polemikoa izan da beti”

“NUPen euskararen diskurtsoa polemikoa izan da beti”

Uxue Rey Gorraiz

Euskarak unibertsitatean duen pisua handitzeko asmoa azaldu dute NUPeko arduradunek. Imanol Nuñez da (Iruñea, 1976) Hizkuntza Plangintzaren arloko zuzendaria; autokritika egin, eta aitortu du euskarak orain betetzen duena baino rol garrantzitsuagoa bete beharko lukeela NUPen.

Une honetan, zein da euskararen egoera NUPen?

Euskarak betetzen duen rola asko aldatzen da graduaren arabera. Irakasletza, esaterako, euskaraz ikas daiteke oso-osorik; eta ikasle asko biltzen dituzten beste gradu batzuetan ere, ekonomiaren adarrekoetan kasurako, euskarazko eskaintza nahiko zabala da. Beste batzuetan, ordea, egia da oso gutxi ikas daitekeela euskaraz.

Zein dira oztopoak euskarazko ikasgaiak eskaini ahal izateko?

Lehenik eta behin, beharrezkoa da gutxieneko ikasle kopuru batera heltzea. Dena den, normalean ez da arazorik izaten hori erdiesteko. Arazo handienak irakasleekin eta baliabideekin du zerikusia. Izan ere, bermatu nahi dugu irakasle elkartuek ez ezik behin betiko irakasleek ere egitea euskaraz. Hori lehenetsi nahi dugu, denak irakasle onak badira ere bigarren horiek direlako eskolak emateaz gain ikerketak eta bestelako programak aurrera eramango dituztenak. Kalitatezko materialak ere ezinbestekoak dira.

NUPeko gradu berrietan ez dago ikasgairik euskaraz. Zergatik?

Euskarazko ikasgaiak eskaini aurretik inkesta soziolinguistiko bat egiten dugu beti, jakiteko gradu bakoitzeko ikasleen artean euskal hiztunak zenbat diren, eta eskaria badagoela bermatzeko. Gradua estreinatu berritan, ziurgabetasuna izugarria da, baita graduak berak izango duen arrakastari dagokionez ere, eta kontuan hartu behar da taldeak oso txikiak direla hasieran. Hala ere, dagoeneko ikusi dugu Historiako eta Psikologiako graduetan baldintzak betetzen direla, eta euskarazko ikasgaiak izango dira datorren ikasturtean.

Erizaintza, ordea, ez da gradu berria, eta euskarak ez du ia tokirik. Noizko euskaraz?

Egia da erizaintzako graduan urrats gutxi egin direla. Gainera, jakin badakigu euskaldun kopurua oso handia dela gradu horretan, eta eskakizunak parlamentura ere iritsi dira. Prozesua zaila izan da, baina gure asmoa da hurrengo ikasturtean graduko lehen seihilekoa euskaraz eskaini ahal izatea, eta, hortik abiatuta, urtetik urtera eskaintza zabaltzea. Bermatu nahi dugu gutxienez 48 kreditu euskaraz ikasi ahal izatea. Berdin beste graduetan ere.

Unibertsitatean euskara "hirugarren mailako hizkuntza" dela kritikatu izan dute NUPeko Euskara Taldeko kideek. Zer deritzozu baieztapen horri?

Ingelesak unibertsitatean betetzen duen tokiarengatik esango dute, segur aski. Nik, ordea, uste dut gure ispilua ez dela ingelesa izan behar. Beti pentsatu izan dut hizkuntzak bateragarriak direla eta batek ez diola lekurik kentzen besteari. Oso gutxitan gertatzen da bataren edo bestearen artean aukeratu beharra, eta ikasle euskaldun batentzat ere aberasgarria da ingelesez ikasi ahal izatea.

Bildu al zarete dagoeneko Euskara Taldekoekin euskararen inguruko plan estrategikoari buruz hitz egiteko?

Aste hauetan dugun salbuespenezko egoeraren eraginez, prozesu ia denak geldirik daude orain, ezinbestean, eta ez gara haiekin bildu oraindik horretarako. Dena dela, behin martxa berriz hartuta, beharrezko urratsak egingo ditugu.

Harreman ona duzue?

Oso ona. Iruditzen zait aldarrikapenak errespetu handiz egiten dituztela, eta, gainera, horrelako mugimendu bat ezinbestekoa da beharra ongi ikusarazteko. Pozik jasotzen ditut eskakizunak, eta gu erantzuten saiatzen gara. Erantzun hori, noski, ez da beti positiboa izaten, ikuspuntu desberdinak ditugu eta.

Zerk urruntzen zaituzte gehien elkarrengandik?

Faktore askok baldintzatzen gaituzte erabakiak hartzeko orduan, eta, ondorioz, dena moteldu egiten da. Ulertzen dut ikasle gehienek lau urte ematen dituztela unibertsitatean, eta normala da aldaketak berehalakoan ikusi nahi izatea, ikasturte batetik bestera. Uste dut gure helburuak eta haienak oso antzekoak direla, baina guk argi ikusten dugu epeak ezin direla motzak izan, eta epe horiek luzeegiak dira haientzat.

NUPek 33 urte eginen ditu aurten. Ez al da euskalduntze prozesua behar baino motelagoa izaten ari?

Bai. Autokritika egitea ere badugu urteetan egin denaren gainean. Unibertsitatea oso plurala da, ikuspuntu desberdinak daude, eta euskararen diskurtsoa polemikoa izan da beti. Errektore guztiek ez dute berdin jokatu. Oro har, euskararekin oso zaila da asmatzea. Batzuentzat, oso gutxi gehiegi da, eta beste batzuentzat, asko gutxiegi da. Pausoak ematea ez da erraza, baina orain argi dugu zein den hartu nahi dugun bidea.

Hortaz, zein dira asmoak epe motzera?

Helburuak zehaztu nahi ditugu gradu bakoitzean, baliabideen gaineko hausnarketa egiteko eta egin beharrekoak zehazteko. Erabaki dugu euskarazko ikasgaiak eskaintzeko hiru baldintza bete beharko direla: eskaria egotea; irakasle gaituak eta beharrezko baliabideak edukitzea kalitatezko irakaskuntza bermatzeko; eta, hirugarrenik, enplegagarritasunari erreparatuko diogu.

Zertan datza enplegagarritasunaren printzipioa?

Gradu desberdinetatik pasatutako ikasleek dituzten lanei erreparatzen diegu, ikusteko euskarak zer-nolako balioa duen bakoitzean. Uste dugu gertuko enpresetan edo lanpostu jakin batzuetan aritzen direnentzat garrantzitsuagoa dela euskararen ezagutza beste batzuentzat baino.

Horrek ez du handitzen sektore batzuetan euskara zokoratzeko arriskua?

Oro har, enplegagarritasunaren diskurtsoa euskararen aldekoa da, eta haren posizioa sendotzeko balio dezake, kasu gehienetan ondorioztatzen baitugu biziki garrantzitsua dela. Atzerrian edota nazioarteko enpresetan lan egitera bideratuta dauden graduetarako baino ez da bestelakorik erabakitzen; salbuespenak dira.

Epe luzera, zein dira helburuak?

Euskara zientifiko eta teknikoaren garapena bultzatzea. Unibertsitateak badu euskara ikastetxeetatik lanpostuetara eramateko zubi lana egiteko ardura.

Iritzia: 70 metro koadro

Iritzia: 70 metro koadro

Lohizune Amatria

Martxoaren 16an sentitu nuen lehen aldiz. Etxeko leiho guztietara atera ginen txalo egitera. Itxialdia ezarri zutela bi egun ia ez ziren, eta inguruko bizilagunak inoiz baino gertuago sumatu nituen. Ezagun izan ziren une batez ezezagunak, nire berdin. Atzo jakin nuen, esaterako, azpiko bizilaguna euskalduna dela. Leihoa zabalik zuela ari zen telefonoz hizketan.

Egoera honek duen onena bilatzen saiatzen ari naiz. Baina sentimenduena nahiko gorabeheratsua izaten ari da. Etxekoekin ordu gehiagoz egoten ikasten ari gara, afaria zeinek zeini egiten zion berrikusten, beti uxatzen gabiltzan dei horren beharra nondik datorren ikertzen; eta geure buruarekin hitz egin daitekeela ikusi dugu. Eta, bitartean, baieztapenak gero eta gertuago.

Hau kasurik onenean. Ez da erraza, ez.

Janaria erostera atera naiz hitz hauek idatzi aurretik. Ohikoan bezala, astean behin egiten dut. Gaur supermerkatura joatea egokitu zait. Ordaintzeko ilaran (metro eta erdiko espazioa behar bezala gordez) kutxazainari begira geratu natzaio. "Emakumea. Hego Amerikakoa. 45 urte inguru", suposatu dut. Nire txanda:

Zer moduz daramazue?

Gaizki. Nazkatuta gaude.

Hotz erantzun du. Hotz geratu naiz. Etxean zer gehiago egin ez dakidala ematen ditut nik orduak. "Nahiko luke berak", pentsatu dut.

Lanez gainezka hemen. Eta, gero, etxekoa…

Besteontzako lanean dabiltzan guztiekin oroitu naiz. Saltzaile, banatzaile, zaintzaile, erizain eta medikuak egiten ari diren esfortzuaz oroituko al gara gero? Gehienak emakumeak direla ere kontuan izan beharko dugu. Hilabete hasieran borroka feminista aldarrikatzen ari ginen; eta orain, lan erreproduktiboaren krisia inoiz baino agerikoagoa den honetan, ezin dugu apaltzen utzi. Indarkeria matxistak ez du berrogeialdirik egin; aitzitik, itxialdian eroso mugitzen ari da.

Amorratuta, kalera atera naiz. Polizia auto bat kalea zeharkatzen ari zen. Zeintzuk ziren ez du axola, buru bera baitute orain denek: tortura ahalbidetu duen epaile eta Barne ministro "eredugarria". Trafiko eskuduntza berreskuratzeaz ari ginen, eta orain txintik esan gabe onartu dugu erregimen autoritario hau.

Mugak mapan baino ez daudela erakusten diguten herritarrekin oroitu naiz. Inoiz baino gehiago nabaritu dute inposatu diguten banaketa. Egoera gainditzeko behar dena eginen dugu, baina gogoan izanen al dugu gero muga horiek ez direla gureak?

Etxera iritsi naiz. Nire bizitza 70 metro koadroan. Gaur zumba dute alboko bizilagunek. Ama eta alaba aritzen dira horretan; semea, berriz, gero eta trebeagoa da tronpetarekin. Gure onerako, gaur haien ordutegiek ez dute bat egin. "Eskerrak gu bi garen bakarrik", pentsatu dut. "Zeinen ongi egonen ginatekeen herriko etxean", amestu dut. Ohartuko al gara, behingoz, herrien eredua hiriena baino askoz ere jasangarriagoa dela? Beharbada, hau guztia igarotzean behar bezala baloratuko ditugu herria, bizitza eta harremanak. Hartzen ari diren erabakiak ahaztu gabe, hala gerta dadila espero dut, zinez.

Lau pareta baino askoz gehiago

Lau pareta baino askoz gehiago

Edurne Elizondo

Aterpe bat izan daitezke lau pareta. Gehiago behar da etxebizitza bat eraikitzeko, ordea: askatasun eta segurtasun espazio bat izan beharko lukeelako etxe batek, berez. Herritarrek etxean gelditu behar izan duten honetan, agerian gelditu da gizaki orok etxebizitza duin baterako eskubidea izan arren, ustez, eskubide hori beti ez dela bermatzen: etxerik ez duten herritarrak karrikan dira, eta, etxebizitza izan arren, eremu hori ez da espazio seguru bat bertze anitzentzat.

Nafarroako Gobernuak lege bilakatu zuen etxebizitzarako eskubidea, 2018an aurkeztutako testuaren bidez: etxebizitza "duina eta egokia" edukitzea "eskubide subjektibo bat" dela erran zuen, eta, hortaz, administrazioari exijitu ahal zaiola eskubide hori bermatzeko baliabideak jar ditzala.

Horixe egin du orain Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak, etxebizitzaren inguruko "egoera larria" agerian utzi duen txostena Nafarroako Parlamentuan aurkeztu eta gero.

Pobreziaren aurkako sarean 30 erakundek egiten dute bat. 1994. urteko ekainean sortu zuten, bazterketa egoeran ziren pertsonei arreta osoa eskaini ahal izateko. Sarea osatzen duten elkarte guztietan baztertzeko arriskuan diren herritarrak dira erabiltzaile, eta osasunaren, enpleguaren, etxebizitzaren edo formakuntzaren arloko beharrak aztertzea dute helburu.

2019ko irailean, sareak erabaki zuen etxebizitzaren esparrua jartzea fokupean, alor horri buruzkoak zirelako erabiltzaile anitzek azaltzen zituzten kezkak eta arazoak. "2008ko krisi ekonomikoa gertatu zenetik, etxebizitzaren egoera hagitz ezegonkorra da Nafarroan, eta bereziki eragin die bazterketa egoeran diren pertsonei", nabarmendu du Gara Gonzalezek, Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareko kideak. Nafarroan, 2018. urteko datuen arabera, 86.000 pertsona daude bazterketa jasateko arriskuan.

361 elkarrizketa

Sareko taldeek 361 elkarrizketa egin dituzte beren erabiltzaileen artean, eta "kezkagarritzat" jo dute lortutako datuek agerian utzi duten errealitatea: ondorio nagusia da eskaintza ez dela nahikoa dagoen eskaerari aurre egin ahal izateko. "%90ek baino gehiagok berretsi dute zailtasunak izan dituztela etxebizitza bat lortzeko; %31k ez dute lortu etxebizitza beren kabuz aurkitzea, eta, batez bertze, sei hilabete baino gehiago behar izan dituzte etxea lortzeko".

Sareak merkatu librean eta babes ofizialeko etxebizitzen esparruan gertatzen dena aztertu du. Merkatu librean, hain zuzen ere, etxebizitzen prezioa da arazo nagusietako bat. Erabiltzaileen %52k nabarmendu dute auzi hori. Oro har, familiek beren diru sarreren %48 erabiltzen dute etxebizitza ordaintzeko.

Bada sareko erabiltzaileek nabarmendu eta mahai gainean jarri duten bertze arazo nagusi bat: bazterketa arriskuan diren hiru pertsonatik batek sufritu duela arrazakeria etxebizitza bilatu duenean. "Alarma pizteko moduko datua da hori, eta Nafarroako Gobernuak esku hartu beharko luke", erran du sareko kide Ruben Unanuak.

Babes ofizialeko etxebizitzen arloan esku hartzeko aukera gehiago du administrazioak, ustez, baina esparru horretan ere badira arazoak. "Eragiteko tarte handiagoa du gobernuak, baina, neurriak hartu direla onartu arren, eskaintzaren eta eskaeraren arteko desoreka da nagusi, oraindik ere", erran du sareko Edurne Redinek. Erantsi du, gainera, oraingo legegintzaldia amaitzen denerako orain babes ofiziala duten etxebizitza batzuek galdu eginen dutela. "Beraz, legegintzaldiaren hasieran baino etxe gutxiago izanen ditugu amaitzen denean".

Etxebizitza kopurua ez da arazo bakarra: etxebizitza ereduan ere bada zer aldatu, Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak agerian utzi duenez. "Duela 20 edo 30 urteko familientzako etxebizitzak dira oraingoak ere; gela bakarreko gutxi daude, adibidez. Egonkortasuna behar dugu, eta familien beharrei erantzuten dieten etxebizitza babestuak".

Arazoak programetan

Bada bertze arazorik administrazioak etxebizitzaren arloan garatutako politiken esparruan, Redinek parlamentarien aurrean nabarmendu duenez. Zehazki, VAIS programan antzeman dituztenak aipatu ditu sareko kideak.

Inklusio Sozialerako Alokairuzko Etxebizitzen programa da VAIS, eta arduradunak dira Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Gizarte Eskubideen departamentuak, eta arlo sozialean ari diren bost erakunde. "Programaren arazo nagusia da etxebizitza nahikorik ez dagoela". Edurne Redinek nabarmendu du azken urteotan %60 egin duela behera programan sartu diren familien kopuruak. 2016. urtean, adibidez, 50 familia ziren, eta 2019. urtean, berriz, 20.

Programan diren familiek etxebizitza lortzeko itxaron behar duten denborak ere egin du gora, sareko kideek agerian utzi dutenez: bizpahiru hilabetez egon behar zuten zain duela zenbait urte, eta, orain, berriz, bada bi urte luze zain dagoen familiarik.

Etxebizitzarik ez dutenentzako programan gertatzen dena ere aztertu dute sareko arduradunek, bertzalde, eta salatu dute esparru horretan ere baliabideak eskasak direla. "Egun, lau etxebizitza daude etxerik ez dutenentzako programan. Badakigu Nafarroako Gobernuak kopuru hori handitu nahi duela, baina bikoiztuko balu ere, ez luke egun dagoen arazoa konponduko, hogeita bost pertsona inguru baitaude programan sartzeko zain".

Larrialdi egoeran diren familientzako programa aipatu du Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sareak, hirugarrenik. Programa horrek artatzen ditu larrialdi egoera batean direnak, baina, ustez, hiru urteko epean etxebizitza lortzeko aukera izan dezaketenak. "Gertatzen ari da etxebizitzaren arloan dauden zailtasunengatik familia horiek ez dutela bertzerik aurkitzen, eta, ondorioz, ezin dute programa utzi. Aldi berean, larrialdi egoeran egon daitekeen bertze familiarik ere ezin da sartu", salatu dute sareko arduradunek.

Errolda, eskubideen gako

Etxebizitza bat lau pareta baino anitzez gehiago da; bertzeak bertze, gaur egun etxebizitzarekin lotuta daudelako herritar ororen bertze oinarrizko eskubide batzuk ere. Horixe nabarmendu du Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Kontrako Sareak, eta horregatik eskatu die Nafarroako Parlamentuko taldeei esku har dezatela.

Esparru horretan, gako nagusietako bat errolda dela erantsi dute sareko kideek, eta bazterketa arriskuan diren pertsona anitzek erroldatzeko dituzten zailtasunak jarri dituzte agerian. "Etxebizitza duinik ez izateak ekartzen du okerrera egitea familien eta norbanakoen ongizateak eta osasunak. Etxebizitza da norbanakoari gizarteko kide izateko aukera ematen diona, egungo sisteman. Horregatik, erroldarik gabe, eskubiderik gabe gelditzen dira herritarrak". Erroldaren arazoak eragiten die Iruñeko espetxean preso diren pertsonei ere. "Kartzelak ez die uzten Iruñean erroldatzen", azaldu dute sareko kideek.

Berretsi dute erroldak ematen duela bertzelako zerbitzuak jasotzeko aukera, eta, erroldarik gabe, ondorioz, baztertzeko arriskuan diren pertsonen egoerak okerrera egiten duela. "Egun, etxebizitza egokirik gabe, nekez garatzen ahal da bizitza proiektu bat", laburbildu dute.

Sareak txostena egin eta gero, bertze hainbat kolektibok ere egin dute bat sareko taldeek egindako salaketarekin, eta neurriak eskatu dituzte etxebizitzaren egoerak hobera egin dezan. Bertzeak bertze, SOS Arrazakeriak, Hipotekek Kalte Egindakoen Plataformak eta CEAR erakundeak babestu dute pobreziaren aurkako sarearen lana. Etxea ez baita gauza bera herritar guztientzat.

Bildumarik emankorrena

Bildumarik emankorrena

Edurne Elizondo

Aitzindaria, ausarta, abangoardista". Roldan Jimeno Aranguren historialariarenak dira hitzak, Jose Maria Jimeno Jurio bere aita zenari buruz erranak. Zehazki, Artaxoako historialari eta etnografoak memoria historikoaren esparruan egindako lana nabarmendu nahi izan zuen Jimeno Arangurenek, otsail amaieran, aitaren ikerketak oinarri hartuta argitaratutako azken lana aurkezteko Nafarroako Jauregian egindako ekinaldian.

Represión en Navarra, 1936-1939. Trabajo de campo y archivo (finales de 1974-principios de 1981) izenburuko obra argitaratu du Pamielak, zehazki, Udalbiderekin eta Euskara Kultur Elkargoarekin batera.

Nafarroako Gobernuak ere parte hartu du, Erakundeekiko eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren bitartez, eta konpromisoa hartu du lana osatzen duten bi liburukiak herrialdeko liburutegi publiko guztietan eskuragarri jartzeko.

Departamentu horren barruko Nafarroako Memoriaren Institutuko dokumentazio zentroan, gainera, Jose Maria Jimeno Juriok herriz herri egindako ikerketari buruzko fitxak digitalizatu dituzte, herritarrek eta ikerlariek erabil ditzaten.

Plazara espazioan jendaurrean aurkeztu behar zituzten Jimeno Jurioren azken bi lanok, joan den astean, baina ekinaldia bertan behera utzi zuten, koronabirusari aurre egiteko neurrien eraginez. "Pena da", onartu du Jimeno Arangurenek. Izanen da, halere, bertze aukerarik, Artaxoako ikerlariaren lanak herritarrentzat erabilgarria delako baitu balio erantsia. Hau da, herritarren esku du lan horrek bere zentzu osoa.

Jimeno Juriok 1974. urtean hasitako lana bada emankorra oraindik ere: "Azken urteotan, 1936an fusilatutakoen gorpuak lurretik ateratzeko lanetan ere erabili izan dituzte aitak jasotako informazioak", erran du Jimeno Arangurenek.

Orain bereziki preziatuak dira Jimeno Juriok jasotako informazio, datu eta testigantza guztiak, ikerlariak elkarrizketatutako herritar gehienak hilik baitira jada. Haien memoria, beraz, artaxoarraren fitxetan eta testuetan gelditu da, betirako. Herritarren ahotsa jaso zuen ikerlariak, eta artxiboz artxibo ere ibili zen, datu bila.

Fitxa eta testu horiek izan dituzte oinarri Jimeno Jurioren ondotik memoria historikoa jorratu duten ikerlari guztiek, Jimeno Jurio lanean hasi zenean bertze inor ez baitzen errepresioaren auzia lantzen ari Espainiako Estatuan.

Herritarren kontakizuna

Jimeno Jurio 1974. urtean hasi zen ikertzen 1936. urteko altxamendu militarra gertatu eta geroko errepresioa eta garbiketa politikoa. 1981. urtera arte aritu zen, herriz herri, biktimen senideekin eta lagunekin hitz egiten, herritarren kontakizuna jasotzen. Idazmakina erabili zuen jasotako datu horiek guztiak antolatzeko eta sailkatzeko. Gaika sailkatu zituela gogoratu du Jimeno Jurioren semeak, hain zuzen ere, ikerlariaren asmoa zelako egindako lana baliatzea errepresioaren inguruko bi liburu osatzeko.

Nafarroan gertatutakoa jaso nahi zuen liburu horietako batean, eta bigarrenean, berriz, zehazki Sartagudako kasuan jazotakoa. Lan hori egin gabe utzi behar izan zuen, ordea: heriotza mehatxuak jaso zituen.

Orain Pamielak argitaratutako lanak, beraz, bete egin du, nolabait, Jimeno Jurioren desioa. Proiektuko lehendabiziko bi liburukiak dira orain aurkeztu dituztenak, baina editoreak bertze hiru prestatzen ari dira jada.

Lehendabiziko bi liburuotan Jimeno Juriok egindako fitxak jaso dituzte, zehazki. Jimeno Juriok gaika antolatu zituen bere fitxak, baina Jimeno Arangurenek eta Pamielako David Mariezkurrenak prestatutako edizioan nahiago izan dute informazioa herrika antolatu. Lehen liburuan, beraz, Ablitas eta Martzilla arteko herrietako fitxak jaso dituzte; bigarrenean berriz, Melida eta Ziordia artekoak.

Denera 90 herritako 3.566 fitxa osatu zituen Jimeno Juriok. Haietako batzuetan egilearen zalantzak ere gelditzen dira agerian, bi iturrik emandako bi bertsio kontrajarri jasotzen baitituzte, adibidez. Editoreek "bere horretan" utzi nahi izan dituzte, argi uzteko liburuak jaso duela ikerketa egindako garaiko ezagutza eta informazioa. Ikertzeko zailtasunak ugariak ziren, garai hartan, eta hori ere islatzen du oraingo lanak.

Prestatzen ari diren bertze hiru liburuetan Jimeno Juriok egindako elkarrizketak jasoko dituzte proiektuaren arduradunek, hain zuzen ere. Elkarrizketa horiek zuzenean argitaratuko dituzte, ikerlariak bere garaian jaso zituen bezala.

"Material hori guztia memoria historikoa jorratzen jarraitzeko tresna da oraindik ere", nabarmendu du Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak. Roldan Jimeno Arangurenek proiektuan izan duen parte hartzea nabarmendu du. "Bere asmoaren berri eman zigunean, gobernuak argi izan zuen babestu behar zuela; ez genuen inolako zalantzarik izan". Ollok Jimeno Jurioren familiaren "eskuzabaltasuna" eskertu du, Nafarroako Memoriaren Institutuaren esku uzteagatik ikerlariak egindako lana.

Ikerlariaren lan osoa

Jose Maria Jimeno Jurioren obra zabaltzea da Artaxoako ikerlariaren familiaren helburua, hain zuzen ere. Orain argitaratutako bi liburuak proiektu handiago baten barruan plazaratu dituzte: Jimeno Jurioren lan osoa argitaratzeko proiektuaren barruan, alegia. Azken bi liburukiak kontuan hartuta, Pamielak 56 lan plazaratu ditu jada, argitaletxeko kide David Mariezkurrenak nabarmendu duenez.