“Jostetaren bidez edozein tokitara ailegatzen ahal gara”

“Jostetaren bidez edozein tokitara ailegatzen ahal gara”

Uxue Rey Gorraiz

Bestela bezala hasi zen antzerkigintzan Esther Carrizo (1964, Donostia). Beran bizi da, eta han eta hemen aritu da lanean: bide luzea du egina dagoeneko. Besteak beste, clown saioak eta ikastaroak egiten ditu, hiru hizkuntzatan beti: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

Nola hasi zinen antzerkigintzan?

24 urte bete nituen arte ez nuen inolako kontakturik antzerkiarekin, baina Ramon Albistur ezagutu nuen orduan, eta hari esker sartu nintzen interpretazioaren munduan. Jostuna nintzen garai hartan, eta emanaldietarako jantziak egiten nizkien hasieran. Ondotik, atrezzoan lagundu nuen, eta, azkenean, administrazio lanean ere jardun nintzen han, garai hartako Bai antzerki elkartean.

Nola egin zenuen salto oholtza gainera?

Oharkabean gertatu zen, kasualitatez nolabait. Hagitz beldurtia nintzen, eta anitz miresten nituen aktoreak, baina sekula ez nuen pentsatu ni horretan aritu nintekeenik. Semea txikia zela, haur eskolako amek antzezlan bat prestatu nahi izan genuen gure seme-alabentzat. Ni ez nintzen aktore modura aritzekoa, baina, azken momentuan, ametako batek huts egin, eta nik bete behar izan nuen haren rola. Anitz gustatu zitzaidan, eta hasieran beldurra zena gogo bihurtu zen gero.

Oharkabean hasi zena afizio eta ofizio bihurtu zen azkenean, beraz?

Bai. Nire formakuntzari ekin nion gero, eta, nirekin lanean aritu den jendearekin batera, gauza eder anitz egin eta abiarazi ditugu urteotan: emanaldiak eta ikastaroak. Oso prozesu ederra izan da hasieratik, baina oso gogorra anitzetan. Urte zailak ere izan ditugu.

Zer-nolako zailtasunak izan dituzue?

Kultura oso arlo zaila da, eta antzerkiaren mundu profesionalaz erabat nazkatuta izan nintzen denbora batez. Erabat urrundu nahi izan nuen. Zubi guztiak moztu nituen, eta konpainia bera ere itxi egin genuen.

Uhartean eskola ibiltaria sortu zenuten gero, ordea, 2001ean. Zerk piztu zizun berriz motibazioa?

Antzoki bat ireki zuten Beran, eta udala gurekin jarri zen harremanetan proposamen bat egiteko. Espazioa uzteko prest agertu ziren, antzezlanak prestatu eta emanaldiak entseatzeko; trukean, antzerki tailerrak antolatu genituen herrian. Eta halaxe sortu genuen Uhartean adierazpen eta clown-antzerki eskola ibiltaria. Izan ere, bi adar sendotu nahi izan ditugu hasiera-hasieratik: antzerki eskolak eta clown ikastaroak.

Zer da clowna?

Izaki kontziente bat da, bizitza sakonki bizi duen norbait. Guk lantzen dugun moduan behintzat, clowna ez dator irria eragiteko bakarrik. Bere bizitza gurekin partekatzera dator, emozio mordoarekin, eta zuzenean hitz egiten digu. Guk ohitura dugu bertzeek ikustea nahi ez duguna gorde eta ezkutatzeko. Clownak, ordea, ez, bera egiatan aritzen baita beti. Denek dugu bat barrenean.

Zer egin behar dugu aurkitzeko?

Konfiantza lortu beharra dago lehenbizi, eta, horretarako, taldea eratzea da garrantzitsuena. Ezinbertzekoa da, taldekideek ematen dizutelako behar den babesa eta indarra. Bestalde, gorputzarekin bat egin behar da. Nork bere gorputza onartu behar du, eta jostatu. Jostetaren bidez edozein tokitara ailegatzen ahal gara.

Zer asmorekin joaten da jendea clown tailerretara?

Denetarik izaten dugu. Badira beren bizitza profesionalean erabilgarri zaielako etortzen direnak, baina bertze batzuek ez dute halako asmorik, eta ongi pasatzea dute helburu bakarra. Bertze batzuk terapeutikoa izan daitekeelako datoz tailerretara. Nik beti errepikatzen diet ez naizela terapeuta, baina zalantzarik ez dut oso modu ederra dela gizartean edo gure baitan gertatzen dena mahai gainean jartzeko, ondotik nork bere bidea egiteko.

Heriotzaren gaia lantzen ari zarete aurten. Zergatik erabaki zenuen gai hori jorratzea?

Joan den urtean antzezlan berri bat muntatu genuen: En tránsito, perdonen las molestias. Nire aitaren heriotzatik abiatuta idatzi nuen gidoia, adiskide batek lagunduta. Nire dolu prozesurako oso garrantzitsua izan da, lagungarri. Zenbait emanaldi egin genituen, eta seguru nengoen interesgarria izanen zela clown tailerretan lantzea.

Nola uztartzen duzue heriotza clowngintzarekin?

Normalean zeharka begiratzen diogu heriotzari, eta aurrez aurre begiratu behar diogu. Clownak du hitza tailerretan, eta barrenekoak ateratzen laguntzen du. Joan den saioan, esaterako, bizipoza zer den landu dugu, zer den bizitza gozatzea. Bertze batean, galdera bat egin nien ariketa abiarazteko; galdetu nien zer eginen luketen gaurko eguna beren bizitzetako azkena dela jakinen balute. Gauza oso ederrak sortzen dira.

Beran prestatutako Harritik hazia antzezlanean emakumeen historia izan zenuten hizpide. Zer asmoz?

Bigarren Errepublikatik gaur egunera arte gure inguruetako herrietan gertatutakoa kontatzea zen asmoa, lehenbizi. Ordea, testigantzak biltzen hasi, eta ohartu ginen ez zegoela emakume ahotsik. Hori ikusita, pare bat lortu genituen, ahal bezala, eta antzezlanaren helburua aldatu genuen: gai nagusiak emakumeen historia behar zuen izan; hobeki esanda, kontatu behar genuen nola ez zaigun sekula emakumeen historia kontatu.

Nola erantzun zuen jendeak?

Sekulako arrakasta izan zuen. Hiru emanaldi eskaini genituen, eta ikusi zutenak oso kontent atera ziren. Anitz disfrutatu zutela zioten, eta, batez ere, oso beharrezkoa dela hori kontatzea.

Antzezlan horretatik abiatuta sortu zen Emakumeen Memoriaren Baratzea. Beharrezko ikusi zenuten jarraipena izatea?

Ate bat ireki zen antzezlanarekin, baina beti oinarekin traba egin behar izaten dugu ateak itxi ez daitezen. Feminismoan hori gertatzen da. Ez da aski atea ireki eta bertze aldean dagoena zer polita zen ikustearekin, edozein haize korrontek atea kolpe batez itxi dezakeelako berriz. Horretarako sortu genuen baratzea Arantzan, horretara ez mugatzeko.

Uzta emankorra izaten ari da baratzea?

Bai, bi zentzutan eman ditu fruituak, gainera. Alde batetik, lurra oso emankorra izan da orain arte, eta jasotzen diren fruitu eta barazkiak eskolara eta zahar etxera eramaten ditugu. Bertzetik, lortu dugu emakumeentzako lan bat egitea. Dena dela, geuri ere, emakumeoi, kosta egiten zaigu sinestea gure historiak nonbait idatzita behar duela egon. Gure historia txikia dela uste dugu, eta merezi duen garrantzia eman behar diogu. Jakina, gizonena da letra larriz idatzita dagoena.

Zein dira eman beharreko pausoak?

Anitz dira, baina nik, pertsonalki, asko maite dut ekofeminismoaren diskurtsoa. Hagitz beharrezkoa iruditzen zait.

Iritzia: Fobiak eta beste

Iritzia: Fobiak eta beste

Lur Albizu Etxetxipia
Ez dute inolako intentziorik atzera egiteko. Guztiaren gainetik pasatu nahi dute eta horretara doaz. Hasi da ofentsiba berria, etenik izan ez duena, baina indarrez ari dira. Fobia eta autogorrotoa hedatu nahi dute eta horretan ari...

Dialisia atzean uzteko zain

Dialisia atzean uzteko zain

Edurne Elizondo

Dramatismorik gabe kontatu du: onartuz sentitu duen beldurra eta ospatuz bere gorputzak indarra baduela egunerokoari eusteko. "Jende anitzek ez du sinesten gaixo nagoela". Maite Biurrarenak (Bera, 1972) duela hamar urte jaso zuen diagnostikoa, ordea: gibel-giltzurrunetako polikistosia. Geroztik, gaixotasunak okerrera egin du: dialisia egin behar du egunero, eta, urtarrilaren 8tik, giltzurrun berri bat jasotzeko zain da. Sakelako telefonoa gainean eta martxan du hogeita lau orduz.

Giltzurrunaren Nazioarteko Eguna izanen da hilaren 12a; urte oro egiten dute, 2006tik, martxoko bigarren ostegunean. Nafarroan, 1969. urtekoa da giltzurruneko lehendabiziko transplantea; geroztik, 1.200 baino gehiago egin dituzte herrialdean. 33 egin zituzten iaz, eta 56, berriz, 2016an. Urte horretako datua da inoizko altuena, hain zuzen ere.

Koliko batek eman zion Biurrarenari bere eritasunari buruzko lehendabiziko pista, duela hamar urte. Herriko familia medikuarengana joan, eta osasun etxetik Bidasoko Ospitalera bidali zuen, Irunera. "Han erran zidaten harriak nituela giltzurrunean, bai eta kiste batzuk ere". Kiste horei, baina, ez zieten garrantzirik eman. "Herriko medikuak eskatu zidan Irunen egindako txostena eramateko, ez baitzen lasai gelditu, eta, txostena ikusi eta gero, Iruñera bideratzea erabaki zuen". Nafarroako Ospitale Gunean eman zioten, azkenean, behin betiko diagnostikoa: gibel-giltzurrunetako polikistosia.

"Herentziazko gaixotasun bat da", azaldu du Biurrarenak. Diagnostikoa jaso zuenean jakin zuen, hain zuzen ere, aitak gaitz bera duela. "Kontua da aitari ez zaiola garatu, baina niri bai". 15 urteko seme bat du beratarrak. "Urtean behin egiten dizkiote azterketak, eta duela hiru urtekoan aurkitu zioten lehendabiziko kistea, giltzurrun batean; bertze bat du bertzean, baina txikia da. Kontrolpean da gaitza".

Semearen osasuna da Biurrarena gehien kezkatzen duena. Semearen ardura duelako, gainera, hasieratik eskatu die artatu duten medikuei "argi eta garbi" hitz egiteko. "Nik jakin behar dut zein den egoera, une oro; jakin behar dut zer gerta daitekeen". Hasieran artatu zuen nefrologoaz oroitu da Biurrarena hori erran duenean: "Argi eta garbi mintzatu zitzaidan, bai! Erran zidan giltzurrunak ez baziren odola garbitzeko gai, odola kakaz betetzen zela, eta, kaka burura ailegatuz gero, akabo!".

Biurrarenaren giltzurrunek ez dute ongi funtzionatzen. Kisteak sortzen dituzte, eta kiste horiek ez diete uzten beren lana egiten, hain zuzen ere. "Kiste anitz ditut; gibelean ere atera zaizkit. Konponbidea ez da kiste horiek kentzea, giltzurrunak baitira sortzen dituztenak".

Hasieran, urtean behin egiten zioten azterketa Biurrarenari. Giltzurrunek kisteak sortzen jarraitzen zutela ikusita, gero eta maizago hasi ziren artatzen: "Sei hilabetean behin hasieran, eta hiru hilabetean behin gero". Duela hamar hilabete, azkenean, dialisia egin beharko ziotela erran zioten Biurrarenari.

"Kolpea hartu nuen", onartu du. Ezagutzen ez denak eragiten duen beldurra sentitu zuela, alegia. Ordura arte, dietaren bidez eman zien Biurrarenak giltzurrunei behar zuten laguntza. "Gatza kendu nuen. Funtsean, ahalik eta garbien jaten saiatzen naiz, koiperik gabe, eta, ahal dela, elikagai ekologikoak". Horri esker, ohiko errutinari eutsi zion. "Ongi sentitzen nintzen". Analisi batek errealitatea parean jarri zion arte: iazko otsailean, %3 funtzionatzen zioten giltzurrunek.

Dialisia zen hurrengo urratsa. Bi egun eman zituen Biurrarenak ospitalean, sabelean kateterra jarri behar izan ziotelako, botikak jaso ahal izateko. Hasiera "gogorra" izan zela gogoratu du. "Dena zen berria; urduri nintzen, eta beldurrez. Hori gertatzen ahal zela jakin arren, gainera, nik ez nuen uste niri tokatuko zitzaidanik; ez nuen nire burua imajinatzen dialisia hartzen".

Biurrarenaren hasierako arazo nagusia izan zen ezin zuela lorik egin: "Dialisia egiteko hodia azpian hartzen badut gorputzarekin, ez du bere lana egiten. Hasieran, hori gertatzeko beldurrez, gau osoa erne ematen nuen. Berez, alarma batek jotzen du hori gertatzen denean. Orain, alarma entzun ere ez dut egiten, anitzetan!".

Prozesua ezagutzeak eta kontrolatzeak eman dio Biurrarenari behar zuen lasaitasuna. Gainera, behar izanez gero, nefrologoekin hitz egiteko aukera du, egun oro, hogeita lau orduz. "Telefono zenbaki bat dut, nahi dudanean deitu ahal izateko; Iruñera joan behar badut ere, berehala artatzen naute; ez dut itxaron beharrik ere". Dialisia etxean egiteko aukera eskertzen du Biurrarenak, bere egunerokoarekin jarraitu ahal duelako. "Bertze aukera bat zen astean hiru aldiz Iruñera joatea, baina ez nuen hori nahi. Lana ere utzi beharko nuke".

Zortzi orduko zikloa

Maite Biurrarenak ederki ikasi du bere gorputzak erraten diona interpretatzen. Bere buruaren mediku eta erizain bilakatu da, nolabait erranda. Egunean bitan neurtzen du tentsioa, eta ikasi du makina prestatzen, garbitzen, behar dituen datuak jasotzen eta bertze. Gauez hartzen du dialisia, logelan, zortzi ordu irauten duen prozesu baten bidez. "Nirea ez da hemodialisia; nik glukosa sartzen dut gorputzean lehendabizi, eta, gero, drainatu egiten dut. Gauean bost aldiz errepikatzen du makinak ziklo hori".

Dialisia egiten hasi zenean ohartu zen Biurrarena ordura arteko nekeaz. "Ni ongi sentitzen nintzen dialisia egin aurretik; kontua da indarrak pixkanaka egin zidala behera, eta nire gorputza ohitu egin zen, nolabait. Baina dialisia egiten hasi nintzenean ohartu nintzen hobera egin nuela, nabarmen".

Urtarriletik transplantearen zain da Biurrarena, eta, geroztik, ondorioz, Nafarroako Unibertsitatea klinikan artatzen dute. Nafarroako transplante guztiak egoitza horretan egiten dituzte ospitale horretako eta Nafarroako Ospitale Guneko profesionalek, elkarlanean. Giltzurrun berri baten zain denetik, hamaika proba egin dizkiote Biurrarenari. Nagusietako bat izan da ikustea tokirik ote duen organo berria jartzeko. "Eskuinean egiten ohi dute transplantea, alde horretan larruazaletik gertuago daudelako organoak, baina nik eskuinean ez dut tokirik; kistez betea dut".

Ezkerrean, zorionez, tokia badu. "Bertzela, eskuineko giltzurruna eta kisteak kendu beharko lituzkete, tokia egiteko, eta, osatu eta gero, zerrendan sartu berriz ere". Ez du horren beharrik izan. Transplantearen zain dago oraindik. Ebakuntza horri ere beldurra diola onartu du Biurrarenak. Horregatik galdetu die medikuei, behin eta berriz, hemendik aurrerako urratsak zeintzuk izanen diren. Jakin nahi du. Ezagutu. Lasai egon ahal izateko, giltzurrun baten zain jarraitzen duen bitartean.

Nafarroako Hitza-rekin mintzatu eta lau egunera, dei bat jaso du Maite Biurrarenak. Giltzurrun bat bada. Azken odol probek, baina, huts egin dute. Lehenean, huts; bigarrenaren zain da.

Umoreak lotutako istorioak

Umoreak lotutako istorioak

Edurne Elizondo

Historia maite dutelako egin dute bat Cesar Oroz marrazkilariak eta Mikel Zuza idazleak. Historia maite dutelako, eta iraganeko pasadizoak egungoekin lotzeko trebezia erakutsi dutelako, gainera, beren lanen bitartez. Umorearen bidez uztartu dituzte aspaldikoak eta oraingoak, zehazki: Orozek irudiak baliatu ditu, eta, Zuzak, berriz, hitzak. Elkarrekin aritu dira Civicaneko liburutegian egindako saioan: Nafarroako historiaz eta haiek sortutako istorioez.

"Azkenean eginen dugu zerbait elkarrekin", erran du Mikel Zuzak. Bakoitzak bere aldetik heldu dio, orain arte, historiari, baina hainbat aldiz agertu dira elkarrekin jendaurrean, eta Zuzak argi du gero eta gertuago dela bere hitzak Orozen marrazkiekin lotzeko eguna.

Iruñeko saioan, azken bi urteotan Interneten egindako lanari segida eman dio Zuzak. Cronicas irreales del Reyno de Navarra (Ttarttalo, 2008) izenburuko liburuan jaso zituen benetako datu eta gertaerak abiapuntu hartuta idatzitako bere lehendabiziko istorio asmatuak, baina orri horietakoak baino gehiago jarri ditu sarean, jada, izen bereko blogean.

Jarduera horren bidez, nagusiki Nafarroako historiaren inguruko jakin-mina piztu nahi die Zuzak irakurleei. "Herritar gehienek ezer gutxi dakite Nafarroako historiari buruz, ez dietelako horren berri eman, batez ere". Historiari buruzko liburu zorrotz eta zehatzen egile da Zuza, eta, historialari gisa, hain zuzen, herritarren ezagutzarik ezak "penatzen" duela nabarmendu du. Idazle gisa, berriz, eskertu du historia horren berri bere istorioen bidez emateko duen aukera.

Orozekin egindako saioan Karlos II.aren ibilbidea nabarmendu nahi izan du Zuzak, bertzeak bertze. Kontuen Ganbera sortu zuen, adibidez. Erakunde horretarako egindako lan batean, Orozek ere bere zinten protagonista bilakatu zuen Karlos II.a, hain zuzen ere. "Karlos II.ari Gaiztoa erraten zioten; frantziarrentzat izan zen, baina Nafarroan, oraindik ere, horrela deitzen jarraitzeak ez du inolako zentzurik!", erran du Zuzak. Frantziako tronua berreskuratzeko egindako gerretarako erabili zuen nafarren dirua. "Lortu zuen, halere, Nafarroa Europako historian agertzea", erantsi du idazleak.

Katalina eta bertze

Bere ipuinaren bidez, Karlos II.aren borrokarako joera kirolerako zaletasun bilakatu du Zuzak, hain zuzen ere. "Etxean 1974ko Montrealgo Jokoetako poltsa bat genuen; poltsa harekin oroitu, eta bururatu zitzaidan Karlos II.ak antolatu ahal izan zituela lehendabiziko Olinpiar Jokoak, Elon [gaztelaniaz, Monreal]. Intelektual handia izan zen Karlos II.a, gainera, eta hark egin zuen Nafarroako lehendabiziko unibertsitatea sortzeko urratsa, Uxuen".

Benedikto XIII.a Papa Luna ezizenaz ezagututakoa ere eraman du Mikel Zuzak bere ipuinetako orrietara, bai eta Nafarroako Katalina erregina ere. Iruñeko saioan aurkeztutako azken ipuinak, gainera, animalien erabileraren auzia jorratu du, eta istorio horretan Unanuko Alodia bilakatu du idazleak liburuak egiteko baliatzen zituzten txahalen defendatzaile.

Historia zorroztasunez kontatu nahi duten liburuak idazteko egiten duen dokumentazio lana baliatzen du Zuzak bere istorioak osatzeko ere. Artxiboetan aurkitzen duen edozein pasadizo, agiri batean agertzen den edozein bitxikeria edo hainbat mende duen artelan baten atzean dagoen istorioa bihurtzen ditu ipuin baten abiapuntu. "XIII-XV. mendeen inguruko dokumentazio anitz dago; IX eta X. mendeen inguruan, berriz, ezer gutxi dakigu. Dakigun apur hori oinarri hartuta, ez dakidan hori imajinatu egiten dut nire ipuinen bidez", azaldu du idazleak.

Cesar Oroz marrazkilariak ere irudimena du lantresna nagusi; historiari egin nahi izan dio so bere hainbat libururen bidez, eta irudia baliatu du iragana eta oraina lotzeko. Orozek, zehazki, mundu zabalean ezagunak diren lau obra hartu ditu bere marrazkiak osatzeko abiapuntu: Codex Calixtinus (Kalistoren kodexa), Shakespeareren Love's Labour's Lost, Daniel Defoeren The life and strange surprising adventures of Robinson Crusoe, eta Dante Alighieriren Divina Commedia. Lau horiek arrazoi batengatik hautatu ditu Orozek: laurek dutelako Nafarroarekin loturaren bat.

Erromesen lehen gidatzat jotzen dute Codex Calixtinus, eta Nafarroako bideari buruz egiten duen deskribapena bere marrazkiekin eman du irudigileak. "Nafarrei buruz lapurrak, gaiztoak, mozkorrak eta bertze zirela erran zuen egileak". Shakespeareren obran kontrakoa da nafarren inguruko ikuspuntua, ordea: "Obra horretan agertzen den esaldi bat jorratu dut nik, batez ere, lan horretan aipatzen baita Nafarroak mundua txundituko zuela".

Dante Alighieriren obran, bertzalde, infernua, zerua eta linboa ageri dira: "Infernuan, hain justu, nafar bat dago. Ustelkeriagatik bidali dute infernura", Orozek nabarmendu duenez. "Hainbertze mende pasatu eta gero, orduko kontuekin bueltaka jarraitzen dugu!". Dafoek Crusoeri buruz idatzitako testuan, azkenik, Nafarroako ohiko elementu bat agertzen da: "Nafarroatik gurutzatu zituen Pirinioak, eta gure eguraldi txarrari egin behar izan zion aurre". Oroz eroso sentitzen da historia irudi bilakatzen; eguneroko prentsaren mugak gainditzeko aukera ematen dio lan horrek. Akaso, hurrengoan, Zuzarekin elkarlanean eginen du.

Segurtasuna nahi dutelako

Segurtasuna nahi dutelako

Edurne Elizondo

Beran egin zuten, duela astebete, eta Uharten eginen dute, bertze astebete barru: N-121-A errepideko trafikoa etengo dute, Nafarroako Gobernuari eskatzeko neurriak har ditzala; neurriak, zehazki, segurtasuna bermatzeko. Urtea hasi zenetik, lau pertsona hil dira Iruñea eta Irun lotzen dituen bide horretan; 2010etik 2019ra, 31 dira zendutakoak: epe berean Nafarroako errepideetan hildako guztien %9, alegia.

N-121-A errepideak ukitzen dituen herrietako agintariek argi dute arazo nagusia zein den: kamioiak, ibilgailu astunen kopuruak etengabe egin baitu gora 1997. urtean Belateko eta Almandozko tunelak zabaldu zituztenetik. Horregatik nahi dute hautetsiek kamioiek A-15 autobia erabil dezaten. Gaur egun, 11.000 ibilgailu inguru igarotzen dira egunean N-121-A errepidetik; horien laurdenak dira kamioiak. Nafarroako Gobernuak mahai gainean jarri ditu hainbat proposamen, baina, oraingoz, herritarrak ez dira kontent.

Joan den ostiralean Beran egindako protestak ederki islatu zuen zenbaterainokoa den N-121-A errepidearen erabiltzaileen haserrea eta amorrua: 1.500 pertsonak baino gehiagok egin zuten bat, 19:30ean, alkateek deitutako bide mozketan. Ordubetez hartu zuten errepidea, eta manifestazioa egin zuten Segurtasuna, gure lehentasuna lelopean. Baztan-Bidasoko eta inguruko bertze hainbat herritako jendea bildu zen. Denera, 29 udalerrik babestu zuten joan den asteko protesta, eta, gainera, Uhartekoan parte hartzera deitu dute.

Beran, denek zuten buruan bidea itxi zuten toki berean duela egun gutxi gertatutako istripua: 53 urteko Lesakako gizon bat zendu zen han, otsailaren 25ean, kamioi baten kontra jota. Urtarrilaren 11n gertatutako istripuak ere Bortziriak kolpatu zituen: Igantziko 19 urteko gazte bat eta Arantzan etxea zuen 21 urteko Donostiako bertze bat zendu ziren Olaguen, errepide berean. Eta Arantzakoa zen, halaber, otsailaren 6an N-121-A errepidean Irunen jazotako istripuaren ondorioz zendutako gizonezkoa.

2+1eko errepidea

"Segurtasunak kezkatzen nau; egunero egiten dut joan-etorria, eta ez da samurra; kamioi anitz dago, eta beldurra ematen du". Teresa Rojo lesakarrarenak dira hitzak. Iruñean egiten du lan, eta, ondorioz, egunean bitan egiten du errepidean gora eta behera. "Zenbatu izan ditut nirekin gurutzatu diren kamioiak, eta 150 baino gehiago ere izan dira". Kamioi horietako anitzek nazioarteko zama garraiatzen dute, eta horiek dira, nagusiki, udalek errepidetik atera nahi dituztenak.

Nafarroako Gobernuak, baina, ez du aukera hori ontzat eman oraingoz, eta N-121-A errepidea 2+1 bideko errepide bilakatzea lehenetsi du. Zehazki, bost zatiko proiektu bat egin du, eta lehendabizikoa uda baino lehen esleitu nahi du, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusi Pedro Andres Lopezek iragarri duenez. Lopezen hitzetan, gobernuaren proiektuak zehaztu du bidean zortzi biribilgune egitea, eta horrek ekarriko du kamioilariek, berez, A-15aren aldeko hautua egitea.

Nafarroako Parlamentuak otsailaren 27an onartu zituen 2020rako aurrekontu nagusiak: milioi bat eurokoa da N-121-A errepidea 2+1eko bide bilakatzeko zehaztutako diru saila. Espainiako Sustapen Ministerioak, gainera, hamar milioi euroko diru laguntza onartu zuen obra hori egiteko, abenduan. Denera, 80 milioi euro da aurrekontua.

2+1eko konponbidearen alde egin du Nafarroako Gobernuak, baina Bortzirietako, Baztango, Malerrekako, Ultzamako, Uharteko eta protestekin bat egin duten gainerako herrietako alkateek ez dute uste neurri hori nahikoa denik. Berretsi dute "segurtasunaren alde ezinbertzekoa" dela salgaien nazioarteko garraioa N-121-A errepidetik ateratzea. "Badakigu neurri magikorik ez dela existitzen eta ziur aski bat baino gehiago jarri beharko direla martxan dugun gaitza hutsean uzteko, baina behin eta berriz erranen dugu premiazkoa dela nazioarteko zama garraioa desbideratzea", nabarmendu dute.

Berako bidea oztopatzean lelotzat hartutako esaldia hartu dute helburu nagusi: segurtasuna jo dute lehentasun, alegia. Horregatik, argi utzi dute ez dutela onartuko "interes ekonomikoak" jartzea inguruko bizilagunen segurtasunaren gainetik. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek auzi horri buruz zer iritzi duen ere jakin nahi dute, eta bilera bat eskatu diote asteon, N-121-A errepideari buruz hitz egin ahal izateko.

ANET da Nafarroako garraio enpresen erakundea, eta elkarteko idazkari nagusi Ignacio Orradrek ez du ontzat jo kamioiak N-121-A errepidetik atera behar izatea. "Hori da kamioientzako bide naturala, eta horren alde egin nahi dugu". Gero eta gehiago dira N-121-A errepidea erabiltzen dutenak, eta horrek, trafikoa zaildu ez ezik, izan du bertze ondoriorik: hamaika gasolindegi ireki dituzte errepide horren bazterretan. Herritarrek eta alkateek argi dute: segurtasuna nahi dute. Hori dute lehentasun.

“Antzerki alternatibo eta abangoardista eskaini nahi dugu”

“Antzerki alternatibo eta abangoardista eskaini nahi dugu”

Uxue Rey Gorraiz

Hirugarrenez abiatuko da zirkuitua. Nafarroako Antzoki Sarea da antolatzailea, eta programaren parte diren ikuskizunen aurkezpena egin du berriki. Pello Gurbindo (Atarrabia, 1964), elkarteko lehendakaria, pozik ageri da aurtengo eskaintza zabala ikusita.

Gai sozialak jorratzen dira emanaldi gehienetan, ikusleek begirada kritikoa lantzea eta hausnartzea baita zirkuituaren helburua, batik bat. Zaldi urdina, Aita eta Saioak dira oholtza gainean ikusi ahalko diren lanetako batzuk.

Nola aukeratu dituzue antzezlanak?

Proposamen mordoa jaso genuen, 140 inguru, eta mota askotakoak ziren, gainera. Irizpideak hainbat dira, baina, gero eta gehiago, lanek oinarri soziala izatea lehenesten dugu, beste ezaugarri askoren gainetik. Kalitate handikoak dira konpainia guztiak, eta ezin dira edonon aurkitu. Antzerki alternatibo eta abangoardista eskaini nahi dugu, joera komertzialetatik urrundua.

Zer dakar komertziala ez den bide hori hartzeak?

Garrantzitsuena ez da antzokiak lepo betetzea, bestelako publikoetara iristea eta horiek fidelizatzea baizik. Gauza oso interesgarriez gozatzen ahalko da zirkuituan, eta, era berean, hau izan ezean funtzionatzen segitzeko adina antzoki betetzeko zailtasunak izanen lituzketen konpainia horiei eman diegu parada agertokietara igotzeko.

52 emanaldietatik, konpainia nafarrenak dira 42. Beharrezkoa da bultzada ematea etxeko taldeei?

Nafarroan produkzio lan handia dago, eta oso aberatsa, gainera. Horregatik, babesa eman nahi diegu, jendea ohar dadin zer dugun etxean. Dena dela, hemengoak ez diren eta kalitate handikoak diren beste emanaldi batzuez gozatzeko aukera ere badago gure zirkuituan. Gainera, kanpora salto egin dezaten lagundu nahi diegu. Ez dugu burbuila batean gelditzerik nahi, ez konpainiak, ezta ikusleak ere.

Bitartekaritza jarduerak dituzue aurtengo zikloko berrikuntza. Zer dira?

Konpainia batzuek jarduera jakin batzuk antolatu dituzte, emanaldiaren aurretik edota ondotik. Tailerrak, solasaldiak eta hitzaldiak eginen dira, eskoletan, antzerki eskoletan, zale klubetan… Horrela, ikuskizuna ez da mugatzen emanaldiak irauten duen denbora tartera, eta, garrantzitsuena, herritarrek ere parte hartu dezaketenez, ikusleak eta antzerkigileak bereizten dituen laugarren pareta eraistea lortzen dugu.

Urtez urte, nabaritu al duzue alderik jendeak zirkuituari egindako harreran?

Ezin da ukatu zirkuitua errotzen ari dela. Jendearen erantzuna oso ona da. Gainera, urtetik urtera gero eta konpainia gehiagok nahi izaten dute parte hartu. Lastima da asko kanpoan utzi behar izaten ditugula. Zirkuitua hazteko bidean da, eta zenbakiak gure alde ditugu oraingoz: gure aurrekontua inoizko handiena da.

Zer helbururekin sortu zen Nafarroako Antzoki Sarea?

Antzerkigintza profesionala Nafarroako txoko guztietara eramateko sortu zen, deszentralizatu beharra zegoela ikusi baikenuen. Helburu hori lortu dugula esanen nuke nik. Erakunde gutxik esan ahalko dute, kultura arloan bederen, Nafarroa iparraldetik hegoaldera lotzen dutela. Berdin dio Ribaforada, Castejon, Bera, Lesaka edo Berriozar. Goitik behera saretzen dugu Nafarroa, herri bakoitzean boterean den alderdi politikoa edozein izanagatik ere. Gainera, gero eta udal gehiago biltzen ditu sareak; 24 udal ziren hasieran, 33 dira gaur egun, eta gehiago sartuko dira agudo, segur aski.

Zer antzerki mota sustatu nahi duzue sarean?

Denetarik eskaintzen saiatzen gara, baina zirkuituan ez ezik, urte osoko programa antolatzeko garaian ere emanaldi desberdinagoen alde egiten dugu. Gainera, antzerkiaz gain, beste arte eszeniko batzuk ere ekarri ditugu gure emanaldietara; dantza garaikidea eta zirkua, adibidez. Oro har, ikuslea gai jakin batzuen inguruan hausnartzera animatu nahi dugu. Zirkuituan izanen den Ados Teatroa konpainiaren Igel euria obra horren adibide ederra da. Gai latzak jorratzen ditu, baina umore puntu batekin.

Zein da zuen antzokietara joaten den antzerkizalearen ohiko profila?

Ez dakit halakorik baden, zehazki. Askotan iruditzen zait jendea irri pixka bat egiteko joaten dela antzerkira. Hori ere beharrezkoa da, eta ez da txarra, baina gehiagorako ere balio dezake. Pixkanaka, kritikoagoa den ikusle mota bat ere zabaltzen ari da, eta hori sustatu nahi dugu guk, hain zuzen ere: jendea emanaldi bereziagoak ikustera animatu nahi dugu. Dena dela, orokorrean, antzerkiaren afizioa oso fidela da, zinearena baino fidelagoa. Ikuslearengandiko hurbiltasunagatik izan daiteke, agian.

Zenbaterainokoa da Nafarroako Gobernuarekin duzuen hitzarmenarekiko menpekotasuna?

Erabatekoa da. Hitzarmen hori gabe, ezingo litzateke deus martxan jarri. Dena dela, aldaketa batzuk proposatu ditugu, berriki. Eskatu dugu Nafarroako Gobernuarekin sinatzen diren hitzarmen horiek hainbat urterako akordioak izan daitezela. Gaur egun, urte bakarra irauten dute hitzarmenek, eta ziurgabetasunez lan egitera behartzen gaitu egoera horrek, epe motzera baino ezin garelako aritu, ez baitakigu urtea amaitzean berritzeko aukerarik izanen dugun edo ez. Oraingoz, begi onez ikusi dute proposamena, eta borondate politikoa nahiko handia da.

Etorkizunera begira, zeintzuk dira Nafarroako Antzoki Sarean dituzuen erronka nagusiak?

Sarea ahal adina zabaldu nahi dugu Nafarroa osoan. Horregatik, aukera berriak aztertzen ari gara; esaterako, antzokirik ez duten herriei ondoko herriekin elkarlanean arituta parte hartzeko atea ireki nahi diegu. Iruñea gure sareko kide izatea ere gustatuko litzaiguke, orain arte bere kontura aritu baita hiriburua. Seguru gaude haren parte hartzea onuragarria izanen litzatekeela.

Euskarazko emanaldiek nolako pisua dute aurtengo zirkuituko eskaintzan?

Asko dugu hobetzeko, oraindik ere. Gure eskaintza Nafarroako bi hizkuntza ofizialetan izatea nahi dugu, eta lanean jarraituko dugu euskarazko eskaintza zabaltzeko, hain zuzen. Aurten, zortzi emanaldi dira euskaraz, zehazki; hau da, aurreko urtean zeudenak halako bi; baina, halere, gutxiegi dira oraindik. Hobetzen jarraitu behar dugu.

Euskaldunena ere izan dadin

Euskaldunena ere izan dadin

Edurne Elizondo

Hutsaren hurrengoa. Horixe da euskarak duen tokia, Enaitz Ibabek NUPen aukeratutako graduan. Lehen mailan, hamar ikasgaitik bederatzi ikasi ahal izan zituen euskaraz, baina egoera erabat aldatu zen bigarren mailatik aurrera: hamar ikasgaitik bi bakarrik ziren euskaraz. Hirugarren maila egiten ari da orain Ibabe, eta ikasgai bakar bat ere ez du euskaraz. "EHUn ez dago Nekazaritza Ingeniaritza, horregatik etorri nintzen Iruñera ikastera; ez nuen pentsatu ere egin NUPen gradu osoa euskaraz egiteko aukera izango ez nuenik". Ibabe Oñatikoa da (Gipuzkoa), eta ezustekoa hartu zuen Iruñera ailegatu bezain pronto. "Euskara, NUPen, hirugarren mailako hizkuntza bat da. Unibertsitateak indar handiagoa egiten du ingelesa bultzatzeko euskara bultzatzeko baino".

Ibaberekin bat egin du Libe Renteriak ere. Zornotzakoa da (Bizkaia), eta Bioteknologia graduko lehen maila egiten ari da, Iruñeko Arrosadiko campusean. NUPek oraingo ikasturtean lehendabiziko aldiz eskainitako gradu berrietako bat da hori, eta hasieran ikasgai bakar bat ere ez dago euskaraz. "Gradu berria denez, NUPek esan du lau urte pasatuta ikusiko duela arrakasta ote duen, ikasgairen bat euskaraz jartzeko aukera aztertzeko". Egoera berean dira Psikologiako eta Medikuntzako graduetako ikasleak ere, bertzeak bertze.

Erizaintzako ikasketak ez dira berriak NUPen, baina euskarak lehen bezain toki txikia izaten jarraitzen du Osasun Fakultatean ere. Lehendabiziko mailan ari da Irati Juaristi mutrikuarra. "Lehen seihilekoan ditugun hirurak dira gradu osoko euskarazko ikasgai bakarrak", salatu du.

NUPeko Euskara Taldeko kide dira Ibabe eta Renteria; Juaristi, berriz, NUPeko Osasun Fakultateko Euskara Taldekoa. Elkarlanean aritzen dira denak, baina nor bere esparru fisikoan, Osasun Fakultatea Nafarroako Ospitale Gunean baita; hau da, Arrosadiko campusetik at.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskararen alde ari diren ikasleok mahai gainean jarri nahi izan dute hizkuntzaren auzia egunotan, eta horretarako, batetik, manifestaziora deitu dute apirilaren 2rako; bertzetik, Osasun Fakultatean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko sinadura biltze bat egin dute. Finean, NUPeko agintariei argi utzi diete beren hizkuntza eskubideen alde lanean segitzeko prest direla. Are gehiago orain, unibertsitatea eta Nafarroako Gobernua datozen lau urteotarako aurrekontua negoziatzen ari direnean. Euskara bultzatzeko baliabideak ere aurrekontu horren menpe izanen dira.

Orain artekoari segida

Egungo errektore Ramon Gonzalok 2019ko ekainean hartu zuen kargua. Alfonso Karlosena errektore zenean, Ikerketako errektoreorde izan zen Gonzalo, eta hauteskundeak irabazi aurretik ere argi utzi zuen azken urteotako lanari "segida" ematea zela bere asmoa. Abenduan, BERRIA-n egindako elkarrizketa batean, asmo horiek pixka bat zehaztu zituen errektoreak: "Orain, gure eskaintza akademikoaren %21 inguru egiten da euskaraz. Urrun gaude oraindik Euskal Herriko Unibertsitatearen kopuruetatik, jakina, baina gure helburua da ehuneko hori handitzea urtetik urtera; pixkana, euskarak unibertsitatean duen pisua handitzea".

"Euskarak duen pisua handitzea". Zehaztasun maila hori ez dute ontzat jo NUPeko Euskara Taldeko kideek. Nabarmendu dute Karlosenaren agintaldian NUPek ez zuela borondaterik izan euskarari bultzada emateko, eta Gonzalok ere, oraingoz, ez duela ezer egin. "Hauteskunde garaiko marketina besterik ez digu eskaini", erran du Ibabek.

Hitzekin nekatu dira ikasle euskaldunak, eta ekintzak nahi dituzte, euskararen alde. "Karlosenaren agintaldian, unibertsitatea ez zen gai izan Euskara Planean jasotako oinarrizko helburu guztiak betetzeko ere", gogoratu dute ikasleek. Plan horren arabera, NUPek, denera, 1.299 ikasgai eskaintzen ditu euskaraz. Irakasletzako graduan baino ez dago, ordea, ikasketa guztiak hizkuntza horretan egiteko aukera. NUPen, ikasleen ia %31k badakite edo ulertzen dute euskara.

Gradu bakarra euskaraz, eta meritua, gainera, ez da NUPeko agintariena. 2017ko elkarrizketa batean, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko orduko zuzendari Garbiñe Petriatik orriotan gogoratu zuen NUP bera sortu aurretik ezarri zituztela Irakasletza ikasketak euskaraz. Unibertsitate publikoak 33 urte egin ditu, eta, denbora horretan, beraz, gradu bakar bat ere ez du ezarri euskaraz: "Eskaintza hasierako bera da; euskarazko ikasgaiak jarri dituzte han eta hemen, baina gradu batean euskaraz, adibidez, bost ikasgai egin ahal izatea ez da deus", nabarmendu du Libe Renteriak.

Arazoa da, NUPeko Euskara Taldeko kideen ustez, euskara ez dela lehentasuna unibertsitate publikoko arduradunentzat, eta ez dutela borondaterik hizkuntzari benetako bultzada emateko. Hainbat adibide jarri dituzte mahai gainean: Ibabek aipatu du, batetik, Historiako gradu berrian bazirela hainbat irakasle euskaraz aritzeko prest; euskaraz ikasi nahi zuten ikasleak ere baziren; baina NUPek ez du urratsik egin Historian euskarazko ikasgairik jartzeko.

Bertzetik, Irati Juaristik salatu du NUPek orain arte ez duela erakutsi inolako asmorik euskaraz ikasi nahi duten ikasleen inguruko datu zehatzak jasotzeko. "Unibertsitateak ez du benetako eskaria ezagutzeko urratsik egiten; guk egin behar izan dugu, ondorioz".

Joan den astean Osasun Fakultatean egindako sinadura biltzeaz ari da Juaristi. Euskara Taldeko kideek mahai bat jarri zuten eraikinaren sarreran. 150 sinadura jaso dituzte, denera. Juaristik argi du euskaraz ikasi nahi duten euskaldun guztiek ez dutela sinatu; halere, nabarmendu du Erizaintzan, denera, 400 ikasle inguru direla, eta "ontzat" jo du 150 sinadura jaso izana. "Horietatik 130ek esan dute euskaraz ikasi nahiko luketela, ez bakarrik euskararen aldeko jarrera dutela".

Erizaintzan aspaldikoa da euskarazko ikasketen aldeko aldarria, ikasleen erdiak baitira euskaldunak. Eta ikasleen eskubidea ez da jokoan dagoen bakarra, Juaristik erran duenez. "Osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko herritarren eskubidea ere badago jokoan", nabarmendu du.

Juaristik onartu du hasieran gogorra egin zaiola, adibidez, gelan aurkezpenak gaztelaniaz egin behar izatea. "Euskaraz pentsatu, eta itzuli egin behar nuen esan nahi nuena". Euskara du bere hizkuntza, eta osasun zerbitzuetako erabiltzaile euskaldunak ere euskaraz artatzea du helburu.

Xede hori lortzeko egin dituzte egunotako ekinaldiak. Ibabek eta Renteriak ere argi dute lanean jarraitzeko beharra badutela. Euskararen inguruko plan estrategiko berria dago mahai gainean, bertzeak bertze. "Esan digute errektoreak nahi omen duela Euskara Taldeak prozesuan parte hartzea", azaldu dute. Oraindik ez dute NUPeko agintarien deia jaso, halere. Zain diren bitartean, euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzen jarraituko dute. Apirilaren 2ko manifestazioan izanen dute hori egiteko aukera. Protestarekin bat egitera deitu ditu ikasle guztiak Juaristik. NUP euskaldunena ere izan dadin.

Aldarriak, karrikara

Aldarriak, karrikara

E. Elizondo

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko aukera izanen da NUPeko apirilaren 2ko manifestazioa baino lehen: bihar, 17:00etan, Golem zinema aretoetatik hasita, manifestazioa eginen dute Iruñean, hiriburuko haur eskoletako eta Mendigorriko gurasoek antolatuta. NUPeko Euskara Taldeak babesa eman dio protestari.

Azken asteotan gertatu denak eragin du gurasoon haserrea. Batetik, Iruñeko Udalak iragarri du murriztu egingo duela hiriburuko haur eskoletako eskaintza. Orain lau zentro dira euskaraz aritzen direnak, Joseba Asiron alkate zenean ordura arteko eskaintza bikoiztu eta gero. 2022-2023 ikasturterako, Enrique Maia alkateak haur eskola bakarra utzi nahi du euskara hutsean, Txantreako Izartegi, alegia; Arrotxapeko Goiz Eder eskolan, berriz, eskaintzaren erdia izanen da euskarazkoa, baina bertze erdia gaztelaniazkoa, ingelesezko jarduerekin.

Mendigorrian, hiru urteko haurren matrikula egiteko kanpainan jazotakoak piztu du eztabaida; izan ere, guraso talde batek herrian D eredua ezartzea eskatu du, baina Hezkuntza Departamentuak ez du aintzat hartu eskaera hori. "Ez omen da nahikoa, aukera argiak izan arren", gurasoek salatu dutenez. Zehazki, sei haurrek eman zuten izena euskaraz ikasteko, baina Nafarroako Gobernuak erran du gutxieneko kopurua zortzikoa dela, lerroa zabaltzea ukatzeko.

"Erakundeen lana"

Iruñeko eta Mendigorriko gurasoak jendaurrean agertu dira beren egoera salatu eta herritarrak biharko protestara deitzeko. "Barkaezina da erakunde publikoek nafar guztiei euskarazko irakaskuntza ez bermatzea; haien lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea, herritarrei gehiago jakiteko aukera eskaintzea", nabarmendu dute.

Gurasoon izenean aritu dira Iruñeko Itziar Zabalza eta Mendigorriko Josu Goñi. Biek argi utzi nahi izan dute gurasoak ez direla prest beren eskubideetan "atzera" egiteko. Iruñeko haur eskoletako gurasoen ordezkariak gogoratu du arazoak Antsoaingo haur eta familiei ere eragiten diela. Izan ere, herri horretan ez da euskarazko eskaintzarik, eta hautu horren aldeko gurasoek Iruñera jo behar izaten dute beti: "Hemendik aurrera zailagoa izanen dute hori egitea", erran du Zabalzak, Navarra Sumak bere asmoak gauzatzen baditu toki gutxiago izanen delako euskaraz hiriburuko haur eskoletan. Hori salatzeko eginen dute biharko protesta.

Presak berriz piztu du herritarren sumina

Presak berriz piztu du herritarren sumina

Uxue Rey Gorraiz

Urteak dira Esako urtegiaren auzia hasi zela, eta ez dirudi, oraindik behintzat, laster konpontzekoa denik. Beste behin, instituzioak, enpresak eta Esako ingurumarietako herritarrak ez datoz bat. Urtegiaren eskuin magalean pitzadura berriak agertu direla salatu dute hainbat plataformak berriki. Azpiegituraren egoerari buruzko azken azterketaren gainean Nafarroako Gobernuak egin duen interpretazioak, ordea, ez du adierazten egoera larritu denik. Dena dela, txostenean hainbat gomendio daude bilduta, segurtasuna ziurtatzeko neurriak areagotu daitezen. Kontraesan horietaz kexu dira herritarrak.

Abenduan aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak urtegiaren egonkortasunari eta segurtasunari buruzko azken ebaluazioa jasotzen duen txostena. Geoconsult España enpresak egin du ikerketa, joan den legealdiko gobernuak eskatuta. Urtarrilean, Javier Remirez presidenteordeak argitara atera zituen ondorioak. Haren esanetan, txostenak adierazten du Esako urtegiaren eskuin magala "oreka hertsian" dagoela. Gaineratu zuen detektatutako lur mugimenduek ez dutela baldintzatuko urtegia handitzeko proiektua.

Lanekin jarraitzeko, hala ere, beharrezkotzat jo dituzte hainbat segurtasun neurri, eta hala igorri dizkio gobernuak Ebroko Ur Konfederazioari joan den astean Zaragozan egindako bileran. Zehazki, urtegiaren magalaren barrenaldeko drainatze sistema hobetzeko neurriak proposatu dira, baita gainaldea egonkortzeko eta lur-irristatzeak txikiagotzeko beste batzuk ere, batik bat. Konfederazioko arduradunek aditzera eman dute Nafarroako Gobernuaren aholkuak "ebaluatuko" dituztela, eta "arrazoizkotzat" jotzen dituzten neurri horiek ezarriko dituztela.

Ebroko Ur Konfederazioak, baina, kontra egin die herritarrek urtegian agertu diren azken pitzadurei buruz egindako adierazpenei. Konfederazioak esan du aurkitutako pitzadurak "azaleko ezegonkortasun lokal batzuei" dagozkiela "soilik", eta are gehiago, arduradunek adierazi dute ez direla berriak. Pitzadura horiek duela lauzpabost urte agertu zirela diote, 2015tik jakinaren gainean daudela, eta tentuz erreparatu dietela. Lanen aurkako plataformek irmoki ukatu dute hori hala denik.

Gerta daitekeena buruan

Herritarrak eta aspaldi Esako urtegiaren handitze lanen aurka borrokan ari diren hainbat plataforma bereziki sumindu ditu Konfederazioaren eta gobernuaren beraren jarrerak. Urtegiaren egoera "makillatzen" saiatu izana leporatu diete. "Egoera larri honen berri emateko darabilten normaltasun tonuak agerian uzten du, beste behin, haien arduragabekeria", salatu dute Esa gehiago ez, lanak gelditu plataformakoek.

Are gehiago, esan dute pitzadurak ez direla arazoaren muina, "ezegonkortasunaren sintoma" baizik. Azaldu dutenaren arabera, 2013ko euri jasa handiez geroztik ez da hain sakontasun handiko pitzadurarik aurkitu azpiegituran. Gogora ekarri dute orduan 103 etxebizitza desjabetu egin behar izan zituztela egoerak eragin zuen arriskua zela eta.

Urtegia handitzeko proiektua "hondamendia" dela defendatzen segitzen dute bizilagunek. Urteetan, manifestazioak eta protestak ugari izan dira, baina ez dute jarrera aldaketarik antzeman auziaren inguruan. Erabaki guztien atzean "interes politikoak" daudela argudiatu dute hainbatetan, eta "ez entzunarena" egin dietela, "ingurumenarentzat eta bizilagunentzat izan ditzakeen arriskuak aintzat hartu gabe". Handitze lanak amaitzera iritsiko balira, mila milioi tonako ur edukiera izanen luke Esako urtegiak.

Herritarrek beren kezka azaldu dute larrialdi egoera batean zer gerta litekeen imajinatuta. Izan ere, gaur egun, oraindik ere, oso argibide gutxi jaso dituzte urtegitik ura aterako balitz egin behar luketenari buruz. Esan dietenaren arabera, alarma seinale bat adituko litzateke, eta 30 minutu inguru izango lituzkete alde egiteko. Ez dakite nola.

Urtarrilaren 4an egin zuten protesta azkenekoz bizilagunek, urtegiaren segurtasunaren gaineko azken azterketaren emaitzak ezagutu ondotik. Ehunka lagun bildu ziren Zangozan, aldarrikapen bera ahotan: segurtasuna, gardentasuna eta ardura eskatu zituzten, eta lanak gelditzeko, enegarrenez.

Jarrera aldatu dezala galdegin diote Ebroko Ur Konfederazioari, eta Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikoko ministroari ailegarazi diote eskaera, berak baitu konfederazioaren gaineko kontrolaren eskumena. Haren ministerioak "uraren kultura berriarekin" duen konpromisoa erakuts dezan eskatu diote, eta beste bide batzuk proposa ditzala egoerari aurre egiteko.

Azpiegitura handitzeko lanak geldiarazteko eskatzen jarraituko dutela defendatu dute plataformek, eta gaineratu dute Madrilera ere joko dutela, beharrezkoa bada.

Ez litzateke lehendabiziko aldia, hain zuzen ere. 2016. urtean, Espainiako Diputatuen Kongresuaren aurrean elkarretaratze bat egin zuten urtegia handitzeko lanen aurkakoek. Orain, eman beharreko hurrengo pauspoak zein diren definitzeko lanean ari dira, eta data bat dute aurreikusita: Esako urtegia helmuga izanen duen martxa bat antolatzen ari dira datorren apirilaren 19rako.