Elkartasun jaialdia, urrian

Elkartasun jaialdia, urrian

E. Elizondo

Ez Dago Hilda musika jaialdia eginen du izen bereko kolektiboak, urrian, Berriozarko Ilargi parkean. Bi eguneko ekinaldia izanen da, Iruñeko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeen alde: urriaren 25ean, 19:00etan hasita, Rude Pride, Streetwise, Hexen, Los Zopilotes Txirriaos eta Unidad Alavesa taldeek kontzertua eskainiko dute. Urriaren 26an, berriz, Txan Magoa eta Andreina Jolin ariko dira goizez, eta bazkaria egin eta gero, 19:00etan, kontzertua eskainiko dute Egurra Ta Kitto, Afu, Dinamita, Herdoil eta El Sonido de la Metralla taldeek.

Duela sei hilabete sortu zen EDH Ez Dago Hilda kolektiboa; musikaren arloko hamaika taldek eta eragilek osatzen dute, eta helburu dute Iruñerriko eszena antikomertziala sustatzea. Gaztetxeetan aurkitu izan dute nahi zuten oholtza talde horiek, eta, horregatik, Ez zaituztegu bakarrik utziko, euskal eszena gaztetxeen alde lelopean kanpaina jarri zuten abian, duela hainbat hilabete, errepresioak jotako gaztetxeetako kideak laguntzeko asmoz.

Zehazki, Iruñeko Maravillas eta Arrotxapeko gaztetxeak laguntzeko izanen da urriko Berriozarko jaialdiaren bidez lortuko diren irabaziak. Kontzertuak egin ez ezik, kanpainak iraun bitartean EDH kolektiboko kideek lortu duten materiala zozketatuko dute ere. Nahi duenak badu aukera txartelak erosteko. Diskoak, elastikoak eta musikarekin eta musika taldeekin lotutako bertze hainbat objektuk osatzen dute zozketatuko duten sari nagusia.

Iruñeko gaztetxeen aurkako azken urratsek hainbat ondorio izan dituzte, eta zama ekonomiko handia ezarri diete, bertzeak bertze, bertako kideei. Iruñeko Maravillas iazko abuztuan hustu zuten lehendabiziko aldiz; gazteak berriz sartu ziren barrura, baina urtarrilean berriz kanporatu zituzten, indarrez.

Epaiketa, urriaren 17an

Prozesua oraindik ez da itxi. Maiatzean egitekoa zen Maravillas gaztetxeko hogeita bi kideren aurkako epaiketa, baina udazkenera atzeratu egin zuten. Urriaren 17an eginen dute, hain zuzen ere. Usurpazio delitu arina egotzi diete gaztetxeko kideei, eta isun ekonomikoa jaso dezakete. Gaztetxeko kideek ezagutarazi dutenez, 70.000 euro baino gehiagoko isuna eskatu du gobernuak akusatuentzat; 36.000 euro erantzukizun zibilari dagozkionak lirateke.

Gaztetxeen aurkako isunek ez dituzte bakarrik beren kideak ukitu, EDH kolektiboko arduradunek azaldu dutenez. Izan ere, gaztetxeetan isunak jasotzen hasi zirenean, egoitza horietan aritu izan diren musikariei eta soinu teknikariei ere, bertzeak bertze, ezarri dizkiete. "Errepresioaren gainetik", gaztetxeek Euskal Herriko musika talde eta musikari anitzentzat duten balioa nabarmendu nahi izan dute EDH kolektiboan bat egin duten eragileek, eta laguntza sarea antolatzeko urratsa egin dute.

Lan horren emaitza da azken hilabeteotako kanpaina. Ekitaldi nagusia eta ekinaldia amaituko duena izanen da Berriozarko urriaren 25eko eta 26ko jaialdia, hain zuzen ere. Azken eguneko kontzertuak amaitu eta gero, gauerdian, kanpainari amaiera ofiziala emateko ekitaldia eginen dute Ilargi parkean.

Elkartasunaren bidetik egin nahi diote aurre errepresioari, musikaren esparrutik. Isunen eta epaiketen gainetik, gaztetxeak ere musikarentzat espazio direla aldarrikatu nahi dute, gune autogestionatuen alde eginez, zirkuitu komertzialetatik urrun.

Betiko begirada bihurriarekin

Betiko begirada bihurriarekin

Edurne Elizondo

Makilak eta alabek lagunduta, baina betiko begirada bihurriarekin. Halaxe sartu da Patxi Buldain artista Uharteko Arte Garaikideko Zentroan. Lepo bete dute herritarrek egoitzako areto nagusia. Zentroak berak eta udalak omenaldia prestatu diote, eta inork ez du huts egin nahi izan. "Anitz zor" diotelako, batek baino gehiagok ekitaldian errepikatu duenez. Margolari eta eskultore handia ez ezik, eskualdeko artisten maisu ere izan da Buldain, urte luzez. Arteari astindua eman dio Uharteko bere txokotik.

Iruñean jaio zen Patxi Buldain, 1927. urtean. Hiriburuko Arte eta Lanbide Eskolan hasi zuen bere bidea, baina Pirinioak zeharkatu zituen 20 urte zituenean, eta 1970. urtera arte ez zen Nafarroara itzuli. 1947an, soldaduz jantzita gurutzatu zuen Buldainek muga. "Soldaduska egiten ari nintzen. Makiak harrapatzera bidali ninduten, eta haiekin ihes egitea erabaki nuen".

Halaxe kontatu zuen Buldainek duela hamar urte, Parisera eraman zuen bidaiaren hasiera. Han, abangoardia ezagutu zuen, eta, batez ere, teknikak ikasi eta menperatu zituen. "Parisen, arte eskolan egon nintzen. Mundu horrekin harremana izatea sekulakoa izan zen niretzat".

1970. urtean itzuli zen Buldain. Uharte bilakatu zuen bizitoki, eta herrian bizi da oraindik ere. "Aspaldi ez dut margotzen, ezin dut jada". Ikusmena eta entzumena ez ditu fin Buldainek, baina umorerik ez du galdu. Oraindik ere barre egiten dute haren begiek eta ezpainek, hitz egiten duen bakoitzean.

"Gustuko dut kontent dagoen jendez inguratuta egotea", erran du Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egin dioten omenaldia amaitu bezain pronto. Txaloak, besarkadak eta uhartearren esker ona jaso ditu, erruz.

Esker on horri liburu forma eman dio Pili Rubio Carmonak. Buldaini egindako omenaldia baliatu du aurkezteko. Lienzos libertarios izenburupean, artistaren ibilbideari egin dio so Rubio Carmonak. Artistaren sortzaile izaera nabarmendu du, bereziki: arte eta artista sortzaile, gazteak zirikatu eta artera hurbildu baititu Buldainek, urte luzez, bere estudiotik.

Rubio Carmonak ere estudioan eta eskolak hartzen ezagutu zuen Buldain. "Baina ez nintzen trebea. Urtebete eta erdi egon nintzen Patxiren margo eta eskultura tailerrean, eta amore eman nuen azkenean". Idazleak nabarmendu du Buldain ez zela "ohiko" irakasle bat: "Ikasleon barruan bilatzen zuen bakoitzak artearen bidez emateko zuena".

"Errespetu handia" dio Rubio Carmonak Buldaini, eta, horregatik, gogoz murgildu zen artistaren biografia idazteko proiektuan. "Patxiri komentatu nion lehen aldian, erran zidan bere bizitza ez zela bertze inorena baino garrantzitsuagoa. Pertsonen pentsamoldea aldatu zuten esperientziak eta gertakariak bizi izan zituela gogoratu, eta horren berri emateak jende askori on egiten ahal ziola erantzun nion, eta lanean hasteko prest zela erran zidan", gogoratu du Rubio Carmonak.

Belaunaldien arteko zubi

Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arduradun Nerea de Diegok "biziki" eskertu du idazleak bere lana argitaratu izana. "Buldainen bideak merezi du halako liburu bat". Artistaren obra ez ezik, artearen esparruan sareak osatzeko erakutsi duen gaitasuna ere nabarmendu du De Diegok. "Artea zabaltzeko eta artisten lana bultzatzeko lan hagitz garrantzitsua egin du".

Belaunaldien arteko "zubi" izan dela erantsi du De Diegok, eta lan horrek ekarri duela artista anitzen arteko elkarlana herrian. 2005. urtetik 2012. urtera bitarte, hain zuzen ere, tresna berezia izan zuen Buldainek zubi lan hori garatzeko: haren izena hartu zuen fundazioa. Bere etxea bertze artistentzako erakusleiho bilakatu nahi izan zuen Buldainek, proiektu horren bidez. Baliabide nahikorik ez zutelako utzi behar izan zuen bertan behera.

Buldaini egindako omenaldia bilakatu da orain artisten arteko lanaren adierazgarri: Uharteko arte zentroak Cantamañanas kolektiboko kideen esku utzi du Buldainek bere ikasleekin herriko hormetako batean egindako irudia interpretatzeko ardura. 1980ko hamarkadakoa da Buldainek eta haren ikasleek San Juan plazan margotu zuten lana. Oraingo beren sortzeko moduen ukitua eman diote Cantamañanas kolektiboko kideek obra horri zentroan, lana jasotzeko propio prestatutako oihal handian. Eta lan hori guztia Buldainen begiradapean egin dute artista gazteek.

Gustukoa du margolariak giro hori. Berezkoa baitu. Artea izan du beti ongarri. Eta, artearen bidez, gizakia bera. "Arteak egiten du pertsona", erran izan du Patxi Buldainek. Eta gizakiari egin dio so artistak bere obren bidez. Gizakiari eta askatasunari. Gizakiak aske izateko duen beharrari eta eskubideari.

Baterien burrunba aterako dute plazara

Baterien burrunba aterako dute plazara

Kattalin Barber

Musikak hartuko du Iruñeko Gazteluko plaza, igandean, ezohiko kontzertu baten bidez: 35 bateria jotzaile ariko dira elkarrekin, Vesarte herri arte kolektiboak antolatuta. Hamabi pertsonak osatutako rock taldea arduratuko da emanaldiaz, eta haiekin egonen dira 35 bateriak, burrunba Iruñeko Alde Zahar osoan zabaltzeko asmoz.

Ez da kolektiboak antolatzen duen gisako lehen ekinaldia. Iaz, Vesartek kontzertu bat eskaini zuen hamargarren urteurrena ospatzeko, eta hainbat taldetako musikariak eta 20 bateria jotzaile elkartu zituzten plazan. "Egun izugarria izan zen; bertan elkartutakoek sentsazio biziki ona izan genuen, eta bukatu bezain laster pentsatu genuen aurten ere zerbait prestatu behar genuela", esan du Javier Orduña kideak. Horregatik, aurten errepikatuko dute, baina pauso bat harago joan nahi dute oraingoan. "Iruñean ez da horrelakorik inoiz egin, diru laguntza eta babeslerik gabe; herritarren parte hartzea da gure xedea".

Orduñak azaldu duenez, iazko bateria jotzaile gehienek parte hartuko dute aurten, berriz ere. Artista eta antolatzaileen artean 70 pertsona inguru dabiltza kontzertua prestatzeko lanetan. Urtarriletik ari dira. Kontzertu "ezohikoa eta berezia" izanen dela aurreratu du Vesarteko kideak, eta Gazteluko plazan egitea ez dela kasualitatea: "Iruñeko egongela da plaza hau, eta hor egon nahi dugu; gehienetan enpresa pribatuek erabiltzen duten espazioa da, eta herritarrena dela aldarrikatu nahi dugu". Inor hotz utziko ez duen kontzertua izanen dela esan du, "ongi pasatzeko eta aldarrikatzeko".

Lan handia egin dute, eta hilabeteak daramatzate prestatzen, ez baita erraza ia 50 musikariren kontzertua koordinatzea. Kolaboratzaile asko izan dituzte. Nafarroakoak ez ezik, Hego Euskal Herriko hainbat hiritako eta Madril eta Errioxako (Espainia) musikariek ere parte hartuko dute.

Arte alternatiba

Ohi duen moduan, Vesartek herritarren parte hartzea plazara eraman nahi du. Probokatzaileak izan nahi dute, eta "kontsumoaren gizarteari" alternatibak eskaini. Horregatik ez dute nahi administrazioaren diru laguntzarik, ez baitute inongo erakunderen menpe egon nahi: "Hamaika urte daramatzagu posible dela erakusten, eta horrela jarraituko dugu; musu truk egiteak ez du esan nahi ez duela kalitaterik".

Hamar pertsonak parte hartzen dute egunerokoan, baina ekitaldiz ekitaldi, jende gehiago batzen da. Kolektiboak sormen gune bat kudeatzen du Iruñeko Arrotxapea auzoan, eta doako ikastaroak antolatzen dituzte. Heldu den astetik, besteak beste, argazkilaritza, margolaritza, eta serigrafia tailerrak eskainiko dituzte.

“Helmugan denak hunkituta ikusteak hunkitu ninduen ni”

“Helmugan denak hunkituta ikusteak hunkitu ninduen ni”

Edurne Elizondo

Bakarrik ailegatu zen Maialen Oñate (Iruñea, 1992) helmugara, urrezko domina eman zion Abiadura Patinajeko Europako Txapelketako maratoian. "Ezin sinetsi" zegoen. Patinen gainean zoriontsu da, baina, kirol emaitzen gainetik, lehian hasi zenetik lortutako lagunak jarri ditu.

Irabazi bezain pronto, ezin sinetsi zinela erran zenuen. Zergatik?

Aurreko eguna nahiko txarra izan zelako. Nekatuta nengoen, eta ezin nuen imajinatu ere egin hurrengo egunean irabaziko nuenik. Presiorik gabe atera nintzela uste dut, eta gauzak ongi atera zitzaizkidan.

Nolakoa izan zen lasterketa?

Italiarrak ziren aurkari nagusiak, argi eta garbi. Maratoia lasterketa luzea da, eta argi genuen erasoaldiak izanen zirela. Hala izan zen, baina lortu genuen ongi erantzutea. Bi buelta falta zirenean erabaki zen lasterketa. Konturatu nintzen bi patinatzaile frantziar mugitzen hasi zirela. Ongi ezagutzen ditut, eta ohartu nintzen poliki-poliki ari zirela aurrera egiten. Haien atzean jartzea erabaki nuen, eta, azkenean, erritmoa aldatu zutenean, haiekin joan nintzen.

Eta lehena ailegatu zinen helmugara; non, eta etxean. Berezia izan da garaipena?

Helmugara ailegatu, eta mundu guztia hunkituta zegoela ikusi nuen, eta horrek hunkitu ninduen ni. Sekulakoa izan zen. Azken lau kilometroak bakarrik egin nituen, eta gogorrak izan ziren, baina jendeak izugarrizko indarra eman zidan.

Protagonista izateko ohiturarik ez duzula ere erran zenuen. Patinatzailea edo emakume kirolaria zarelako?

Patinajea ez da futbolaren gisako kirol bat. Gutxi ezagutzen da, eta are gutxiago emakumezkoena. Erdigunean egoteko ohiturarik ez dugu, eta, horregatik, helmugara ailegatu nintzenean, hagitz txiki sentitu nintzen.

Ez da kirol hagitz ezaguna, oro har, baina Iruñean zaletasun handia dago, ordea.

Bai, Iruñean bada patinajearen inguruko kultura. Espainian bertze inon baino gehiago. Patinatzaile anitz daude. Baditugu estalitako hiru pista inguruan, eta erdigunean, gainera, hiri zirkuitu bat. Udaberrian hasten gara Antoniuttiko pista hori erabiltzen, eta jendeak patinatzen ikusten gaitu. Zaletasuna sortzen laguntzen du horrek. Europako txapelketa egin izanak ere eman dio bultzada gure kirolari.

Zu nola hasi zinen?

Bost urte nituenean hasi nintzen. Kirola beti maite izan dut. Donibaneko igerilekuan ikusi nuen ikastaroa egin behar zutela patinatzen ikasteko, eta nebak eta biok izena eman genuen. Nebak laster utzi zuen, baina nik ez. Gero eta gehiago murgilduz joan nintzen, eta hogei urte joan dira jada.

Zer eman dizu kirolak urteotan guztietan?

Niretzat hagitz kirol erakargarria da patinajea. Kirol bizia da, beroa, eta harrapatu egiten zaitu. Gainera, kirol arloaz harago, patinajeak aukera eman dit jende anitz ezagutzeko. Lagun hagitz onak lortu ditut, eta haiekin izan ditudan momentuak biziki estimatzen ditut. Erranen nuke lagunekin bizi izandako gauza horiek guztiak kirol emaitzen gainetik daudela niretzat. Elkar zaintzen dugu denok.

Maite Anzin patinatzailea ondoan izan duzu zure bidean, adibidez. Garrantzitsua da kirolaren esparruan gisa horretako harremanak garatu ahal izatea?

Hamalau urte nituenetik izan dut ondoan Maite. Gero kanpora joan zen ikastera, eta, denbora tarte batez, nork bere bidea egin zuen. Baina itzuli zen, eta azken urteotan egunero entrenatu gara elkarrekin. Gauza anitz partekatu dugu. Ongi ezagutzen dugu elkar, eta pistan elkarri laguntzen diogu. Pistatik kanpo ere, lagun handiak gara.

Zaila da kirolak eskatzen dizun erritmoari eustea?

Lan handia egin behar da. Hemezortzi urte bete nituenean, erabaki nuen lehiaketa bazter uztea. Patinatzen jarraitu nuen, baina ez nuen neure burua gehiegi estutu nahi. Itzultzea erabaki nuen, halere, kirol hau maite dudalako. Neure buruari gehiegi ez exijitzea erabaki nuen, eta gauzak ongi joan direla uste dut.

Zaletasuna handia da emakume gazteen artean, baina gutxiago dira lehian aritzen direnak. Zergatik?

Egia da. Kategoria apalenetan emakume gehiago daude, baina, adinean gora egiten dugun neurrian, joera alderantzizkoa da, gehiago dira mutilak. Gu desagertuz joaten gara: kirola uzten dugu, hamaika arrazoi direla medio. Finean, emakumeak ikusezinago gara kirolaren esparruan, eta horrek badu eragina. Hainbat herritan, oraindik ere, emakumeok sari txikiagoa jasotzen dugu.

Zu patinatzaile gazteak entrenatzen ari zara. Nolakoa da bertze arlo hori?

Hagitz kontent nago lan horrekin. Patinajea deskubritzen ari diren neskekin ari naiz, eta hagitz polita da hori.

Erreferente bilakatu zara haientzat. Garrantzitsua da hori?

Ez dakit erreferente bat ote naizen haientzat. Ni saiatzen naiz nire onena ematen, eta, lehiaketaren gainetik, garrantzitsuena egiten dutenarekin gozatzea dela irakasten. Ongi pasatzea irabaztea baino garrantzitsuagoa da.

Zer asmo duzu datozen hilabeteotarako?

Patinatzen ongi pasatzen jarraitu nahi dut, batez ere. Asteburuan Zubiri, Iruñea eta Gares arteko bi etapako maratoia dugu. Proba gogorra da, baina hagitz polita, eta maite dut.

Iritzia: Kale nagusiak

Iritzia: Kale nagusiak

Lur Albizu Etxetxipia

Aurretik hamaika aldiz kontatu dizkigutenak bizitzeak ez du preziorik (noizbehinka). Egoera nolakoa den eta bere nondik norakoak esplikatzen ahalegindu zaizkizu; istorioaren —eta historiaren— zergatiak. Gatazkaren ibilbidea, korapiloa non zegoen, nora mugitu zen, non dagoen orain eta zein bide geratzen den egiteko. Oraindik ere. Irakurri dituzu liburuak, kronikak, ahotsak entzun. Bideoak ikusi (joan aurretik prestatzeko).

Memorian daukazu zerbait gertatzen dela herri horretan —behintzat— urtean behin, baina neurri batean egunerokoa guztiz baldintzatzen duela: nortasuna, ohiturak, lagunak, non ikasi eta non ez, non poteoan ibili eta non ez, nor bozkatu eta nor ez, nor agurtu, nori bizkarra eman.

Deialdia egina zegoen, eta aurten bertaratzeko aukera genuen. Baietz, joateko, giroa ez zela erraza izaten eta babesa ematea garrantzitsua zela. Baietz, oso goiz zela, baina merezi zuela urtean behin egitea. Baietz, festa bera —eta haren zergatiak— sobera ongi ulertu gabe eta berezko ospakizunarekin ados egon gabe ere, joan behar genuela. Autoa goizeko seietan hartu igande batean. Igande batean, goizeko seietan.

Hartu genuen autoa goizeko seietan eta abiatu ginen. Aurreko guztiari euria batu zitzaion, eta ustekabean harrapatu gintuen. Han geunden, Hondarribian, goizeko zazpiak pasatxo, gu, galdurik. Hitzordurako lekua topatu genuen, nahiko azkar. Aurpegi ezagunak ikusten hasi ginen, etxean sentitzen —pixka bat gehiago—. Konturatu orduko, Kale Nagusian gora igotzen ari ginen hamarnaka emakume, ahal genuen moduan aurre eginez euriari. Ez dakit tentsioa usaintzen den, aurretik prest dagoen edo ezustekoan harrapatzen zaituen. Baina sentitu, sentitu egiten da. Tentsioari eta borrokari gorputz osoa jarri genion.

Hortik aurrerakoa bideoetan eta asteleheneko titularretan ikusiko zenuten. Jaizkibelek beste aurrerapauso bat eman du, eta atzeraezina da duela urte gehiegi hasitako bidea. Bizkarra ematen zutenen gainetik eta plastiko beltzen gainetik txalo-zaparrada amaigabeak, oihuak, barreak eta animoak. Zarata horren guztiaren gainetik ere, desfilea egiten ari ziren guzti-guztiei aurpegira eta begietara begiratzeko nahia, aitortza keinuak, malkoren bat edo beste eta, azken finean, zerbait berezia bizitzen ari izatearen sentsazio indartsu hori.

Zein surrealista den batzuetan gure herrietan gertatzen dena. Edo hori iruditzen zaigu? Duela ez hainbesteko Baztango irudiak ditugu gordeta buruan, eta duela ez hain hamarkada gutxi geure amek borroka gogorra egin behar izan zuten elkarteetan bazkide izan ahal izateko, adibidez. Zenbat lan oraindik ulertzeko ezetz, gizonak bakarrik ezin direla erdigune bakar, absolutu eta normal izan. Tradizioak zalantzan jarri ahal izateko ere aukera berak eman behar zaizkigula. Bestela, guk hartu beharko ditugu. Tradizioak zalantzan jarri nahi ditugulako ere. Baina plazak, erdiguneak eta kaleak guk (ere) okupatuta. Baimenik eskatu gabe.

Jon Barberena bertsolaria hil da, ‘Nafarroako Hitza’-ko kolaboratzailea

Jon Barberena bertsolaria hil da, ‘Nafarroako Hitza’-ko kolaboratzailea

Garikoitz Goikoetxea Goizaldean hil da Jon Barberena Ibarra (Elizondo, Nafarroa, 1979), ondoeza izanda. Bertso munduan urteetan ibili da. Txapelketak albo batera utzi zituen orain urte batzuk, baina arlo horretan zebilen, Baztango bertso eskolako kide eta irakasle. Nafarroako Bertsolari Txapelketan, 2007an eta 2008an txapeldunorde geratu zen; aurretik, 2004an eta 2003an, Mariano Izeta eta Xalto sariak irabazi zituen. Ogibidez euskara irakaslea zen...

Musikariak geletara itzuliko dira

Musikariak geletara itzuliko dira

Edurne Elizondo

Ongi funtzionatu du; uste dut interesgarria izan dela. Abestera ere animatu dira, eta, beraz, oso pozik nago". Horrelaxe laburbildu zuen Jon Basagurenek iazko azaroan Musikariak Ikastetxeetan programan egindako saioa. Zizur Nagusiko institutuko ikasleen aurrean agertu zen Izaki Gardenak taldeko abeslaria, bere gitarrarekin, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak antolatutako emanaldi berezi batean.

Basagurenekin batera, bertze hogeita bi musikarik parte hartu zuten aurreko ikasturteko programan: 88 saio egin zituzten, herrialde osoko institutuetako 4.000 ikasleren aurrean. Lortutako arrakastak bultzatuta, bigarrenez jarriko dute martxan programa, orain hasiko den ikasturtean.

Bide berean urratsak egiten jarraitzea da asmoa, baina hainbat berrikuntzarekin. Batetik, musikari eta ikasle gehiagok parte hartuko dute: 41 abeslari izanen dira denera, eta 191 saio eginen dituzte. Bertzetik, programan lantzeko ikastetxeetarako materiala sortu dute. Zehazki, hamar unitate didaktiko prestatu ditu gobernuak.

A eta D ereduko eskoletan

Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzea da Musikariak Ikastetxeetan ekinaldiaren helburu nagusia. Horretarako, parte hartzen duten abeslariek gazteen aurrean abesten eta jotzen dute, eta, gainera, euskal kulturaren inguruko edukiez mintzatzen zaizkie. Nafarroako A eta D ereduko ikastetxe guztiek izanen dute programan parte hartzeko aukera. Musikariek 50 minutuko saioak eginen dituzte, hamalau eta hemezortzi urte bitarteko ikasleekin.

Oraingo ikasturtean parte hartuko duten musikarien artean izanen dira Gari, Joseba Tapia, Musego, Alex Sardui, Gorka Urbizu, La Basu, Ines Osinaga, Izaro Andres, Maite Larburu, Eñaut Elorrieta eta Mikel Urdangarin.

Zuriñe Hidalgo abeslaria ere ariko da. Iaz ere parte hartu zuen proba gisa egindako lehendabiziko ekinaldian, eta "ontzat" jo du esperientzia. "Oso polita eta gertukoa izan da, baina, horrez gain, beharrezkoa da: nik institutu garaian ez nuen jaso halako bisitarik, eta niretzat izugarria izango litzateke nire erreferente baten bisita izatea", erran zuen Hidalgok, orain martxan jarriko den programari buruz.

Ekinaldi horrek lortzen du, hain zuzen ere, ikasleen eta musikarien arteko hartu-eman zuzena gertatzea, eta hori "aberasgarria" da denentzat, antolatzaileen ustez. Programaren bigarren aldian, gainera, gelako esparrutik at ere izan nahi du oihartzunik gobernuaren ekinaldiak. Asmoa da musikariak ikastetxeetara joaten diren egunetan herri horietan musikarion emanaldi irekiak antolatzea. Horretan ari dira antolatzaileak lanean tokian tokiko eragileekin.

“Euskal Herri ttipi batean ginen hor, gure mundutxoan”

“Euskal Herri ttipi batean ginen hor, gure mundutxoan”

Iker Tubia

Hamabost edizio eta 80 lagun baino gehiago. Hori da Hator Hona egitasmoaren uzta. Necocheako (Argentina) euskal etxeko gazteek antolatzen duten programa da Hator Hona, eta Euskal Herriko eta euskal diasporako gazteak harremanetan jartzea du helburu. Urtero, euskal kulturari lotutako ikastaroak eskaintzen dituzte hemendik hara joandakoek. Aurten, hamabosgarrena izanik, berezia izan da, eta dagoeneko han egondakoak gonbidatu dituzte. Itzuli diren horietako bat da Eztitxu Hariñordoki (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1990).

Zergatik erabaki duzu Necocheara itzultzea?

Zinez esperientzia ederra izan zelako. Nahiz eta duela bi urte izan, eta hiru asteko programa izan, lagunak egiten dira. Necocheako lagunak eta familia berriz ikusteko eta haiekin elkartzeko, dudarik gabe erabaki nuen itzultzea.

Zer aurkitu duzu oraingoan Necochean?

Batetik, nahiko desberdina izan da, baina, hala ere, antzekoa ere bai. Desberdina, itzuli naizelako, orduan ez zen deus berri: duela bi urteko sorpresa handiak ez ziren horrenbesterako sorpresa. Desberdina izan da, halaber, haiek desberdin muntatu dutelako proiektua: egunero tailer bat egin dugu, eta denak ginen parte hartzaile tailer guzietan. Aurrekoan bakoitza bere tailerretan izaten zen, bere aldetik.

Euskara irakasle aritu zara Argentinako egonaldietan. Espero zenuen han euskararekin duten lotura?

Aurten itzuli naizelako ez da sorpresa handia izan, baina, hala ere, beti harritzen naiz ikusirik hango jendeak zenbat interes duen euskal kulturan oro har, eta euskal hizkuntzan ere bai. Eta hango gazteek euskara nola ikasi eta praktikatzen duten, eta zer pasiorekin lantzen duten.

Gaztelaniaz bakarrik ez, euskaraz ere aritzeko aukera izateak zer esanahi izan du zuretzat?

Duela bi urte, ez nuen batere espero euskaraz egiteko aukera izatea. Horrek etxean bezala sentiarazten nau. Argentinako Euskal Herri txoko batean, Euskal Herri ttipi batean ginen hor, gure mundutxoan. Egunero-egunero euskal etxera joanez, eta euskaraz mintzatzen, anitzetan ahanzten nuen hasteko Argentinan nintzela. Baina, hala ere, bistan da, denek ez dakite euskaraz, eta hango gaztelaniaz ere egin behar izan dut. Horren aldetik ere anitz ikasi dut, aurten ere gaztelania praktikatu baitut.

Nola bizi izan duzu Hator Hona programa?

Zaila da hizketan azaltzea; uste dut bizi behar dela jakiteko benetan zer den proiektu hori. Sekulako esperientzia da, ene bizitzaren parte dena. Anitz-anitz ikasi dut, esperientzia aberasgarria da, eta, orain, espero dut laguntasunen partez atxikiko dela Argentinako euskal diasporarekiko lotura hori; ez dela bakarrik oroitzapen bat izanen. Haiek ere noizean behin aukera dute hona etortzeko; beraz, haiekin elkartzeko aukera izanen dugu.

Lagunak ez ezik, familia ere baduzu Argentinan?

Bai. Hori bikaina da. Gu familiako bat bagina bezala hartzen gaituzte, seme-alabak bagina bezala. Beste familia bat sortzen da, eta biziki sakona bilakatzen da. Ni duela bi urte familia batean egon nintzen, eta, Hator Hona bukatu zelarik, azken egunean, etxeko giltza eskaini zidaten. Erabaki nuelarik Necocheara itzultzea, badaezpada ere giltza hori eraman nuen. Eta haiek ere itxoiten zuten lehen momentuan nik giltza ateratzea eta nire etxeko atea irekitzea. Sinbolikoa da, xehetasun bat da, baina gauza anitz erran nahi ditu.

Diaspora ezagutu aurretik, zer irudi zenuen haiei buruz?

Banekien euskal etxeak bazirela, euskaldunak bazirela eta euskal kultura praktikatzen zela euskal etxeetan. Baina ez nekien deus gehiago. Euskal etxea alimalekoa da, eta belaunaldi guziak elkartzen dira. Harritu nau zer maitasun eta lotura duten euskal kulturarekin. Zer handia den euskal mundua eta zer ttipia ber momentuan. Ez nuen pentsatzen hain konektatuak egonen zirenik gaur egungo euskal kulturarekin. Xehetasun bat emateko: oraingo musika taldeak ongi ezagutzen dituzte. Hango euskaldunek erran zidatenez, alde batetik Hator Honari esker izan da hori.

Lotura hori beste zentzuan ikusten duzu? Euskal Herria badago diasporari lotuta?

Ez hainbeste, beharbada. Oro har, Euskal Herrian ez dugu ezagutzen hango errealitatea, geografikoki ere urrun delako, baina beharbada ez garelako hainbeste interesatzen. Ene ustez, gehienak harrituak izanen lirateke jakinen balute zer errealitate den han. Erraten den zortzigarren probintzia hori, uste dut hala dela. Denek jakin beharko genuke munduan badela zortzigarren probintzia hori.

Zer iritzi duzu Hator Hona eta gisako programez?

Zinez bikainak dira, eta sekulako aukera dira, hain urruti egon arren, loturak egiteko. Bakoitzak bestearen errealitatea ezagutzeko ere. Hamabost urtez iraun du Hator Honak, eta espero dut beste hainbeste iraunen duela, eta, ez bada Hator Hona, bederen, horrelako beste proiektuak sortu eta garatzea, Argentinan eta mundu osoko diasporetan. AEBetan horrelako proiektu bat egiterik balego, sekulakoa litzateke hura ere.

Itzuliko zara?

Haiek ulertarazi ziguten espero zutela gure itzulera; beraz, itzultzea espero dut.