Aurten ere, Berria Taldeko Emakumeen Batzarrak erabaki du bat egitea Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8rako deitutako emakumeen grebarekin: kazetari, diseinatzaile, zuzentzaile, harrerako arduradun, publizista, banatzaile, komertzial eta sustapen, kudeaketa eta administrazioko langileok egun osoko lanuztea egingo dugu. Iaz bezala, hedabideetako langileok ere arrazoi ugari ditugu greba egiteko. Batetik, sektorearen prekarizazioak langileon eguneroko lanean, osasunean eta bizimoduan eragiten duelako. Eta...

Komunitatea Paristik elikatzen
Edurne Elizondo
Desagertzeko helburuarekin sortu zuten Paris 365 jantoki solidarioa, 2009. urtean. Hamar urte joan dira geroztik, eta Iruñeko aterpe horretako ateek zabalik segitzen dute. Bazterketa egoeran direnentzako babesleku bat da, eta, oraindik ere, sortu zutenean bezain beharrezkoa. Horregatik ez ditu ateak itxi. Iruñeko Alde Zaharreko gizarte eragile bilakatu da, eta komunitatea elikatzen jarraitu nahi du, bere sukaldetik.
Urteotan guztietan, halere, egoera aldatuz joan da, eta proiektua garatu egin dute bultzatzaileek. Jantokitik bertze hainbat egitasmo sortu dira, eta erabiltzaileak jarri dituzte, gero eta gehiago, erdigunean. Esentzia galdu gabe, betiere: justizia sozialaren aldeko aldarria da, oraindik ere, Paris 365 jantokiko sukaldean erabiltzen duten osagai nagusia; justizia soziala da egun oroko jaki.
Hamar urteotan, 277.982 gosari, bazkari eta afari partekatu dituzte Paris 365 jantokiko erabiltzaileek, espazio atsegin batek ematen duen berotasuna eta giro lasaia lagun. 10.241 elikagai saski banatu ditu Gizakia Herritar fundazioak, gainera, proiektu horren bidez, eta 1.430 zopa bero eman ditu Iruñeko karriketan bizi direnentzat, neguan, abendutik martxora garatutako programan.
35.571 kontsulta jaso dituzte proiektuko aholkularitza juridikorako zerbitzuan, eta 471 haur hartu dituzte elkartearen ludotekan. 1.700 boluntario aritu dira hamar urtez Paris 365 jantokian eta sortutako gainerako proiektuetan lanean, eta 560 bazkide lortu ditu egitasmoak, urteotan, denera.
Zenbakiek nekez isla dezakete Paris 365 proiektuaren inguruan sortutako komunitateak duen garrantzia. Baina hori nabarmendu nahi izan dute, hain zuzen ere, Gizakia Herritar fundazioko kide Patxi Lasak, Myriam Gomezek eta Maite del Campok. Sortu duten komunitateak duen garrantzia eta indarra.
Lasa da Paris 365 egitasmoko sortzaileetako bat, eta fundazioko patronatuko presidentea. Del Campo boluntario hasi zen, duela sei urte, jantokiko sukaldean, baina, gaur egun, proiektu horren babespean sortutako bigarren eskuko dendetan ari da.
Gomez izan da ailegatzen azkena. Duela bi urte eta erdi hasi zen patronatuan lanean. Jantokia, halere, zabaldu zenetik ezagutzen du. Argi du berdinen arteko harremanak sustatu nahi dituela proiektuak, eta ahalegin horretan egin duela azken hamar urteotako bidea.
Krisi garai betean
2008. urtean egin zuen eztanda azken urteotan herritar anitzen egunerokoa baldintzatu duen krisi ekonomikoak; Paris 365 jantoki solidarioa krisi horrek eragindako larrialdi egoerari erantzuteko jarri zuten martxan, hain zuzen. Gizakia Herritar fundazioko kideek beti argi izan dute erakunde publikoei dagokiela herritarren oinarrizko eskubideak bermatzea, baina krisi ekonomikoak itota zirenen premiazko egoerari konponbidea emateko beharrean zirela sentitu zutelako jarri ziren martxan.
Lehen asmoa izan zen bazterketa egoeran zirenen elikadura bermatzea; eta, horrekin batera, pertsona horiek laguntzeko aholkularitza juridikorako doako zerbitzua eskaintzea ere bai. "Jantokia sortu baino lehen, hiriko beharrak aztertzeko ikerketa egin genuen, eta ikusi genuen bi lan ildo horietan urratsak egiteko beharra bazela", gogoratu du Patxi Lasak.
Elkartasunaren eta justizia sozialaren ikuspegitik egin ditu Paris 365 proiektuak orain arteko urrats guztiak. "Bazterketa egoeran direnak laguntzeko edo artatzeko jarduera duindu nahi izan dugu, hasieratik". Horregatik, jantokiko menuak 0,50 euroren truke eman dituzte beti. "Salneurria jarri dugu erabiltzaileek senti dezaten deus ez digutela zor", erran zuten arduradunek, abian jarri zirenean.
Geroztik joan diren hamar urteotan gauzak anitz aldatu direla nabarmendu du Lasak. Krisiaren ondorioz edo haren itzalpean sortutako langile pobreak aipatu ditu Paris 365 proiektuko arduradunak, eta haiek artatzeko beharra. Argi utzi du sare baten babesa izan ez dutenentzat zailagoa izan dela lanpostu bat lortzea; eta lortu dutenentzat, soldatak behera egin duela eta baldintzak lehen baino kaskarragoak direla erantsi du.
Horrek guztiak sortu du erantzuteko modua aldatzeko beharra. "Argi dago guk adabaki bat baino ezin dugula eskaini. Baina uste dugu garrantzitsua dela arazoari aurrea hartzeko lan egitea ere, enplegua sustatzeko neurriak jorratuz eta hezkuntza bultzatuz", azaldu du Gomezek.
Txokoa, sukaldea, dendak
Paris 365 jantoki solidarioak Jarauta karrikan zabaldu zituen ateak, 2009. urtean; hamar urteko bidean egindako urratsek tokiz aldatzera eraman dute, hainbat aldiz. Egun, Descalzos karrikan dago jantokia. Inguruko karriketan, gainera, egoitza horretan mamitutako bertze hainbat proiektuk hartu dute beren tokia.
Lehendabizikoetako bat izan zen Paris 365 Txokoa. "Jantokira etortzen zirenen ahotik ikasi genuen behar zutela egoteko toki bat; neguan, batez ere, eskertzen zuten bat egiteko, lasai egoteko espazio bat izatea", azaldu du Lasak.
Komunitatea osatzen ari zen jada, Paris 365 proiektuaren inguruan. Taldeak bertze urrats bat egin zuen sukaldea eta jakientzako gordailua zabaldu zituenean. Sukaldearen bidez, batetik, helburu hirukoitza lortu du fundazioak. Batetik, jantokian zerbitzatzeko menuak prestatzen dituzte han; bertzetik, kanpora saltzeko menuak ere egiten dituzte, proiekturako finantzaketa lortzeko; eta, hirugarrenik, jantokiko erabiltzaileen formakuntza sustatzeko erabiltzen dute.
Gordailuaren bidez, bertzalde, erabiltzaileek saskia betetzeko aukera dute, hilabetean behin. "60 pertsonak jasotzen dute zerbitzu hori. Elikagai banku baten gisakoa da, baina denda baten itxura eman nahi izan diogu, erabiltzaileek berek erabaki dezaten zer hartuko duten. Bazterketa egoera batean egoteak ez du erran nahi erabakitzeko gaitasunik ez duzunik", erantsi du Lasak.
Paris 365 proiektuaren inguruan bat egin duten erabiltzaileen artean nagusi dira haurrak dituzten emakumeak. Guraso bakarreko familiak osatzen dituzte emakumeok, gehienetan, eta zaintza lanak, anitzetan, oztopo bilakatzen dira emakumeok enplegu bat bilatzeko, edo aisia propioaz gozatzeko, bertzeak bertze. "Lagun batekin kafe bat hartzera joateko aukera ere ez dute, ezin badituzte seme-alabak norbaitekin utzi".
Behar horrek bultzatuta, ludoteka jarri zuen martxan Gizakia Herritar fundazioak. Ludoteka horren funtzionatzeko modua garatuz joan da, eta, egun, Garabato izenburupean, ikasteko komunitatea da. "Ez da bakarrik proiektuko erabiltzaileek baliatzeko espazio bat. Auzoko guraso eta haur guztientzat zabalik dago. Hamaika tokitako pertsonek egiten dute bat, eta elkarrekin ikasten dituzte zaintza onari buruzkoak", nabarmendu du Gomezek.
Hiritar ekintzaileak
Komunitatea sendotzeko pizgarri garrantzitsua dira Paris 365 egitasmoaren babespean sortutako dendak ere. Maite del Campo da arduradunetako bat. "Boluntarioak eta erabiltzaileak ari gara elkarrekin. Hasieran, denda txiki bat genuen, baina handituz joan zen proiektua". Orain, bi dituzte, biak Iruñeko Alde Zaharrean. 90 pertsona inguru ari dira lanean, denera. "Jostunak ere baditugu, ematen dizkiguten arropak moldatzeko, saldu aurretik. Dendek emandako pieza berriak ere saltzen ditugu, bai eta guk erositako hainbat ere".
Auzoan bere tokia lortu du Paris 365 proiektuak. Auzoko bizitzan eragin du, eta auzoko kideen arteko harremana sendotzeko balio izan du. "Elkarri laguntzea da kontua; hiritarrak ekintzaile bilakatzea". Lan horrek ekarri du saririk: jantoki baten inguruan sortutako komunitatea.

Berotegi efektuaren aurkako billabesak
Edurne Elizondo
Iruñeko billabesen bederatzigarren linea elektrikoa izanen da, aurrerantzean. Iruñerriko Mankomunitateak hilabete honen bukaeran berrituko du zerbitzua, mankomunitateko presidente Aritz Aiesak ezagutarazi duenez. Egun zehatza erabakitzeke dagoela erantsi du.
Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du Iruñerriko Mankomunitateak proiektu hori garatu ahal izateko. Bi erakundeok akordioa sinatu zuten, iazko udan, %100 elektriko diren sei autobus erosteko, eta ibilgailuok kargatzeko azpiegitura jartzeko bederatzigarren linea hasten eta bukatzen den geltokietan. Tren geltokia eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa lotzen ditu linea horrek, zehazki.
Iruñerriko Mankomunitateak erregai fosilen kontsumoa murriztea hartu du helburu, eta hori lortzeko jarriko du martxan bederatzigarren linea elektriko bilakatzeko proiektua. Berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak behera egin dezan lortu nahi du mankomunitateak, "mugikortasun iraunkorrago baten aldeko" apustuaren bidez.
Asmo hori txalotu du Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, hain zuzen ere, eta Clima programaren bidez, babesa eman dio. Ez da Espainiako Gobernuaren aitorpena jaso duen proiektu bakarra, gainera; zehazki, Iruñerriko Mankomunitateak garatutako hiru proiektu nabarmendu ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, berotegi efektuaren aurka egiteko ematen duten aukeragatik.
Bederatzigarren linea berritzeko egitasmoa da bat; bigarrenak eskertu nahi izan du Iruñerriko Mankomunitateak ibilgailu hibridoak erabiltzeko egindako ahalegina. Ibilgailu zaharren ordez hibridoak erosteko ahalegin horren ondorioz, hain zuzen ere, kontsumoak eta gasen isuriak %25 inguru egin dute behera billabesetan. Egun, 143 autobus ditu mankomunitateak, eta haietako 33k dute motor hibridoa (diesel eta elektrikoa).
Hirugarren proiektuak nabarmendu nahi izan du, oro har, autobus elektrikoen kopurua handituz joateko mankomunitateak agertutako konpromisoa. Autobusak aldatzerakoan elektrikoen alde eginen du erakunde horrek. Iruñerriko Mankomunitateak 2011. urtean egin zituen lehendabiziko probak autobus elektrikoekin. 2015. urtean beste ibilgailu elektriko bat erosi zuen mankomunitateak, bigarrena, zerbitzua eskaintzeko eta funtzionamenduari buruzko datuak jasotzeko asmoz. Bederatzigarren lineako autobus guztiak elektriko izatea da hurrengo urratsa.
4.000 tona CO2 gutxiago
Espainiako Trantsizio Ekologikorako Clima programaren bidez, Espainiako Gobernuak 40.000 euroko diru saila emango dio Iruñerriko Mankomunitateari. Programak uste du billabesen zerbitzuan autobus hibridoak eta elektrikoak erabiltzeko urratsak ekarriko duela 4.000 CO2 tona gutxiago isurtzea.
132 proiektu jaso ditu Trantsizio Ekologikorako Ministerioak, denera, Clima programaren barruan. Hiru dira Iruñerriko Mankomunitatearenak. Erakunde horretako presidente Aritz Aiesa egon da Madrilen, proiektu horiek garatzeko akordioa sinatzen. Mankomunitateak egin du bertze berrikuntzarik billabesen zerbitzuan; berrikuntza teknologikoaren esparruan zehaztutako planaren arabera, hain zuzen ere, hemezortzigarren lineako autobusetan wifi zerbitzua bada jada. Linea hori aukeratu dute bide luzea egiten duelako; Zizur Nagusia eta Sarriguren lotzen ditu, zehazki. Bederatzigarren linean ere wifi jartzeko asmoa du mankomunitateak, ibilgailuak berritzen dituztenean.
Zerbitzua hobetzeko neurriak hartzea da Iruñerriko Mankomunitatearen helburua. 2018. urte bukaeran, ordura arteko bidaiarien kopuruari buruzko datuak ezagutarazi zituen erakunde horrek. Goranzkoa da joera, hain zuzen ere, datuek agerian utzi dutenez. Iaz, hain zuzen ere, 38,3 milioi bidaia egin zituzten Iruñerriko herritarrek eskualdeko billabesetan. %5,5 egin du gora kopuruak, zehazki.
“Denentzako hitzarmen bat” eskatzeko lanuztea
Iruñerriko billabesetako langileek borrokan jarraitzen dute, eta lanuztea egin zuten atzo, berriz ere, "denentzako lan hitzarmen bat" eskatzeko. 19:00etatik 23:00etara egin zuten autobusetako gidariek lanuztea, zehazki.
Otsailaren hasieran ezagutarazi zuten ELA, LAB eta ATTU sindikatuek hilabete horretan mobilizazioak izanen zirela, hitzarmenarekin gertatutakoa salatzeko. Izan ere, abenduan egindako hauteskundeetan, UGTeta CCOO sindikatuek gehiengoa galdu zuten langile batzordean, baina, hala eta guztiz ere, enpresak egindako lan hitzarmenerako azken proposamena sinatu zuten. Protesten deitzaileek salatu dute UGTk eta CCOOk "negoziazio kolektiboa zartarazi" zutela.
TCC da Iruñerriko garraio publikoko zerbitzua eskaintzen duen enpresa. ELA, LAB eta ATTU sindikatuek "langile guztientzako hitzarmena" eskatzeko deitu dute protestara. Otsailaren 14koa izan zen lehendabiziko lanuztea; 12:00etatik 16:00etara egin zuten. Hil horren 21ean, berriz, 19:00etatik 23:00etara egin zuten protesta langileek.
Atzo ere, denbora tarte bera aukeratu zuten gidariek lanuztea egiteko. Iruñerriko Mankomunitateak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu mobilizazioak izan diren egun guztietan.

Euskarari bidea egiten
Edurne Elizondo
Badute zer ospatu. Arangurengo Irulegi euskara taldeak hamabost urte bete ditu, eta egindako bidea gogoratu eta aitortu nahi izan dute kideek. 2004. urtetik, hain zuzen ere, euskarari egin diote bidea ibarreko herrietan, hizkuntzaren aldeko apustua lehenetsiz. Euskara eta euskal kultura bultzatzea hartu dute xede, hasieratik, eta udalerriko jardueretan txertatu du taldea asmo horrek.
Taldea ekarri zuen hazia 2004a baino lehen erein zuten Arangurengo biztanleek. "Udalak zuen diru laguntza baliatu, eta Euskararen Eguna antolatzen hasi ziren, 2001. urte inguruan", azaldu du Irulegiko kide Urtzi Alkasenak. Euskararen inguruan bat egiteko gogo horrek taldearen sorrera ekarri zuen, 2004. urtean, eta hainbat herritarren arteko asmo xumea zenak lortu zuen egitura sendoago bat.
Euskararen Eguna Euskararen Aste bilakatu zen Arangurenen, Irulegi taldeak emandako bultzadari esker. Aurtengoa prestatzen ari dira jada kideak: maiatzeko bigarren astean eginen dute, asteazkenetik igandera bitartean. Lehenago, martxoaren 16an, bertso bazkaria eginen dute, hamabosgarren urteurrena ospatzeko giroa berotzen hasteko.
Euskararen Astea amaituta ere, ekain aldera, izanen da urteurrena ospatzen jarraitzeko aukerarik Arangurenen, dantza emanaldi berezia prestatzen ari baitira Irulegiko kideak, Nafarroako Dantzarien Biltzarrarekin batera. "Dantzari beteranoen topaketa egin nahi dugu", erran du Alkasenak.
Gaur egun, ia ehun bazkide ditu Irulegi euskara taldeak. "Talde eragilean, halere, hamar-hamabost pertsona ari gara lanean. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko jarduerak prestatzea da gure zeregin nagusia", erran du Irulegiko kideak. Euskararen Astearekin batera, bertzeak bertze, Olentzero antolatzen dute Irulegi taldeko kideek. "Herriko jardueretan parte hartzea da kontua".
Irulegi taldeko kideen lanak eman du bertze fruiturik. Duela bost urte, hain zuzen ere, joaldun izateko ikastaroa prestatu zuten euskara taldean, eta egitasmo horren barruan sortu zen, 2014. urtean, Arangurengo Joaldun Taldea. "Bosgarren urteurrena beteko du joaldun taldeak, aurten". Ospatzeko arrazoi gehiago badute, beraz, Irulegi taldeko kideek.
2010ean, eremu mistora
Irulegi euskara taldeak bere bidea hasi zuenean, udalerria eremu ez-euskaldunean zegoen. 2010. urtetik, ordea, eremu mistoko udalerri bat da Arangurengoa. Horrek ekarri du, bertzeak bertze, eskolan D eredua ezartzea. "Mutiloan bada D ereduko ikastetxea. Institutua falta zaigu, oraindik ere", zehaztu du Urtzi Alkasenak.
Aranguren 2010. urtean eremu mistora eraman zuen prozesua 2006an jarri zuen martxan hango udalak. Urte hartan, ikerketa soziolinguistikoa egin zuen udalak, eta emaitzak argi utzi zuen herritarrek bertze harreman bat nahi zutela euskararekin. %56k erran zuten hori, hain zuzen ere.
Arangurengo Udalak "naturaltzat" jo zuen eremu mistoan sartzeko prozesua eta urratsa, lortu zuenean. Izan ere, Iruñerrian dago udalerria, eta eskualdeko udalerri gehienak eremu mistokoak dira. 2010ean, eremu mistora egindako jauzia ospatzeko, besta ibiltaria egin zuen udalak ibarreko herrietan.
Ez da hori Irulegi euskara taldea sortu zenetik ibarrean gertatutako aldaketa bakarra. Populazioaren bilakaerak ere izan du zer erranik euskararen egoeran, Alkasenak nabarmendu duenez. Mutiloa jarri du Irulegiko kideak adibide: "Duela hamazazpi urte, 2.000 biztanle zituen; gaur egun, berriz, 10.000". Herritar gehienak seme-alabak dituzten gazteak direla erantsi du Alkasenak, eta horrek eman diola bultzada euskarari, D ereduaren aldeko apustuaren bitartez. "Euskararen egoerak hobera egin du urteotan guztietan", gaineratu du.
Urratsak egiten jarraitu nahi dute Irulegi euskara taldeko kideek. Euskarari bidea egiten, alegia. Hamabosgarren urteurrenak horretarako aukera emanen diela zalantzarik ez dute. Izanen dute bertze aukerarik, gainera, Arangurenen euskararen eta euskal kulturaren alde egiten segitzeko. "Korrika prestatzen hasi gara jada!", erran du Urtzi Alkasenak. Korrika, Euskararen Astea, bertso bazkaria... Hamabosgarren urteurrena ibarreko herritarrekin ospatu nahi dute Irulegiko kideek, eta denak batu euskara taldearen egunerokora. Bidea egiten jarraitzeko.

“Atxiki gintuztenetik handik alde egin arte, agonia bat izan zen”
Ane Eslava
Mendebaldeko Saharan, Marokok okupatutako lurraldeetan gero eta larriagoa da egoera, baina horren inguruko informazio gutxi heltzen da Euskal Herrira. ANAS Saharako Lagunen Nafarroako Elkarteko idazkaria da Maria Perez de Larraia (Zangoza, 1984), eta urtarrilean Aaiunera joan zen bi kiderekin batera, hango errealitatea lehen eskutik ezagutzera. Marokoko Poliziak atxiki eta kanporatu egin zituen, eta tratu txarrak egin zizkien. Orain, Nafarroako Parlamentura jo dute, bizitakoa kontatzera eta eskatzera beren esku dagoena egin dezatela egoera konpontzeko.
Zein da egungo egoera Mendebaldeko Saharan?
Mendebaldeko Saharako egoera oso kritikoa da. Militarki setiatuak daude, ez dute eskubiderik ezertarako ere. Ezin dute manifestaziorik egin, ezin dira elkartu, ez dute sarbiderik hezkuntzara, ez osasunera… Eta gero eta kanporatze gehiago daude. Giza eskubideak etengabe urratzen dira.
Zuek zer helbururekin joan zineten Aaiunera?
Eskualdea eta hango egoera ezagutzera joan ginen, hemen dagoen informazio blokeoa apurtzeko. Preso politikoen familiekin elkartu ginen, baita preso ohiekin ere. Izan ere, han, aktibismoa egiten duten pertsona guztiak atxilotu eta torturatu izan dituzte noizbait, edo espetxean izan dira.
Zuentzat arriskutsua zen topaketa horiek egitea?
Bai, oso arriskutsua zen. Segurtasun neurri asko hartu behar izan genituen. Etxe batean geunden, bakarrik, eta aktibistek egunero begiratzen zuten zer giro zegoen hirian eta auzoan. Egoera egokia zela ikusten bazuten, gu etxetik ateratzen gintuzten, sahararrez jantzita, eta elkarrizketatu behar genuen pertsonaren etxera eramaten gintuzten. Bestela, aktibista guregana etortzen zen, etxera. Baina aukera bat zein bestea oso arriskutsuak ziren.
Behar zenuten informazioa lortu zenuten?
Bai. Pentsatuak genituen elkarrizketa guztiak egin genituen, baita aurreikusten ez genuen bat ere: aktibismoa feminismotik egiten duen emakume batekin egon ginen, eta oso interesgarria izan zen. Beraz, nahi genuen informazio guztia ekarri dugu.
Topaketa horien ostean atxiki zintuzteten?
Bai. Elkarrizketak amaituta lasaiago geunden, eta, kafetegi bateko terrazan geunden batean bi aktibistarekin, polizia sekretuak eta istiluen kontrako poliziaren furgonetak hasi ziren agertzen toki guztietatik. Une batean, guregana etorri ziren, pasaporteak eskatu zizkiguten, eta esan ziguten haiekin joateko. Ez ziguten esan nahi nora gindoazen. Taxi batean sartu gintuzten, eta telefonoak haiei ematera behartu gintuzten.
Nora eraman zintuzteten?
Aaiun hiriaren sarrera postura eraman gintuzten, taxitik jaitsi gintuzten, eta errepidean jarri gintuzten, lurrean eserita. Iratxori [Bakedano] ukabilkada bat eman zioten, eta Alberto [Jolis] eta biok joan ginen hura defendatzera. Orduan, Albertori beste ukabilkada bat eman zioten, eta ni astindu ninduten. Eta etengabe oihukatzen ziguten ez geundela Saharan, Marokon geundela. Ikusi genuen gure sare sozialak, WhatsAppa eta posta erabiltzen ari zirela. Gero, arakatu egin gintuzten, gailu elektroniko gehiago aurkitu nahian.
Nola sentitzen zineten?
Beldurtuta geunden. Lekutan geunden, errepide erdian, eta iluntzen ari zen; gure aurrean ikusten genuen gauza bakarra basamortuko lautada zen. Haiek mehatxatzen gintuzten, behatzarekin lepoa mozteko keinua eginez behin eta berriz, eta argazkiak egiten zizkiguten haien telefonoekin. Gu ikaratu nahian ari ziren. Guk ez genekiena zen ordurako hemen gertatzen ari zenaren berri zutela; gure itxaropen bakarra zen [Espainiako] kontsulatuak gu laguntzea, baina ezin izan genuen deirik egin.
Zer gertatu zen azkenean?
Bizpahiru ordu izan gintuzten errepidean, eta ondoren pasaporteak eta telefonoak itzuli zizkiguten. Ikusi genuen telefonoetan genuen guztia ezabatu zutela, baina, zorionez, ordurako horietatik kanpo genuen lortutako informazioa. Lortu genuenean telefonoak martxan jartzea, deitu genuen kontsulatura. Gertatutakoa kontatu genien, baina esan ziguten ezin zigutela lagundu. Orduan, taxi bat hartu genuen Agadirrera, eta bidean 15 kontroletan gelditu gintuzten, eta guztietan eskatu zizkiguten pasaporteak; beldur handia pasatu genuen, gu jarraitzen ari zirela uste genuelako. Handik Marrakexera joan ginen, eta kontsulatura jo genuen, babesa eskatzeko, baina esan ziguten ezin zutela ezer egin guregatik.
Orduan, alde egin zenuten?
Bai. Salduta geundela ikusi genuenez, aireportura joan ginen, eta txartelak aldatu genituen, ahalik eta lehen alde egiteko handik. Herrialdetik atera eta gero, lasaiago geratu ginen, eta orduan kontatu genuen benetan zer gertatu zitzaigun. Atxiki gintuztenetik handik alde egin arte, agonia bat izan zen.
Orain, instituzioetara jo duzue gertatutakoa salatzera.
Nafarroako Gobernuan eta parlamentuan izan gara. Gobernuan gertatutakoa kontatu genuen, eta babesa eman ziguten. Eskatu genien babesa jakinaraztekoko, baina ez dute ezer egin. Eta parlamentura eraman genuen Saharan bildutako informazioa, kanporaketa kontatu genuen eta presio politikoa egin genuen.
Zein izan da parlamentuaren erantzuna?
Esan ziguten adierazpen instituzional bat egingo zutela Saharako Errepublika Demokratikoa aintzatetsiz. Gu oso pozik gaude horrekin; hori betetzen badute, zerbaitetarako balioko du bizi genuen esperientzia txar horrek.
Espainiako Estatuaren erantzukizuna salatu duzue.
Bai. Gaur egun, nazioarteko zuzenbideak dio Mendebaldeko Sahara Espainiaren kolonia bat dela, eta Espainiak etengabe urratzen ditu eremuari lotutako legeak. Horregatik, Espainiak lurraldea deskolonizatu behar du, NBEk erreferendum bat egin dezan han, eta sahararrek erabaki ahal izan dezaten zer nahi duten. Eta Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak presio egin diezaiokete Madrilgo gobernuari.
Iritzia: Atzera goaz aurrera ez bagoaz
Lur Albizu Etxetxipia
Euskarak eutsi, erdarek irabazi". Hauxe zen BERRIA egunkariak duela egun batzuk zekarren albistearen titularra. Hezkuntzako matrikulazio kanpainaz ari zen, eta azken urteetan izan den joera bertsua mantentzen dela baieztatzen zuen: D ereduak matrikulazioaren %30aren bueltan jarraitzen du, eta erdara hutsezkoa pixkanaka hazten ari da.
Ohikoa izaten da horrelakoetan gertatzen denari arrazoiak, zergatiak eta (batez ere) erantzuleak bilatzea, baita topatzea ere. Izan ere, neurri batean behintzat kezkatzeko datuak badira, eta atzera goaz aurrera ez bagoaz, euskararen eta kasu honetan D ereduaren kontuan, bederen.
Eta erantzuleak asko izan daitezke. Baina arrazoietatik hasi nahiko nuke. Eta apenas dudan erantzunik, baina bai galdera asko.
Vascuencea-ren (orain Euskararen) Legeak zenbat min egin digu? Ohartzen gara? Euskararen estatusa aldatzea premiazkoa da, euskarak berme legal batzuk izan ditzan eta, batez ere, herritar guztiengana hel dadin. Hogeita hamabi urte dira dagoeneko, eta zonifikazioak Nafarroa bera ere guztiz zatitu du.
Orain posible da D ereduan ikastea eremu ez-euskaldunean ere. Aurrerapauso hori eman da. Baina zergatik izaten ari da matrikulazioa hain pobrea? Zergatik hain motela? Beraz… Beharbada beste hausnarketaren bat egin beharko genuke? Ez da aski legeak, dekretuak… aldatzea. Non dago gizartean eman beharreko bultzada? Noraino egin behar da euskararen aldeko jarrerei bultzada handia eman? Hori instituzioen ardura bakarrik al da?
Kontziente gara UPNk egindako lanaz? Euskararekiko jarreretan zertxobait atzera egin dugu azken urteetan, ikerketek esaten dutenaren arabera. Euskararen kontrako jarrerak bultzatu eta hooligan-ak ere badituzte. Edozein aurrerapauso blokeatzeko prest daude eta laguntza eta publiko handia dute. Kontuz, horren aurka fronte askotatik egin behar baita lan.
Noiz amaituko dugu zonifikazioarekin? Bigarren mailako herritar pila bat gara, izan gara, egonen dira. Ez da biktimismo kontua; jakin behar dugu esplikatzen zertarako eta zergatik behar eta nahi dugun euskara; zergatik eta zertarako da guztion interesekoa.
Ingelesa, PAI, British…: ongi egin ziguten iruzur, globalizazioaren, progresioaren izenean. Neurtu beharko genukeen mina ekarri dute horiek. Meritua al da euskarazko ereduak behera egin ez izana, kontuan hartuta horrelako lehiakide bat izan duela alboan?
Ausardia falta zaigu, baina nori, zehazki? Ardurak banatuko ditugu, baina noren artean, hain zuzen? Ausardia falta zaio legea aldatzeko prest ez dagoenari; korporatibista da legea aldatuta horrek zein ondorio izanen dituen dakiena. Eta kalean eztabaida piztu eta euskararen aldeko jarrerak sustatzeko ere inbertsioa falta zaigula uste dut.
Buelta ematen saiatu beharko ginateke, Nafarroa zatituegi egon aurretik, elkar ulertzeko zubi guztiak zartatu aurretik. Euskarak merezi du eta nafarrok behar dugu. Aitzakia gehiagorik gabe, konplexurik gabe, beldurrik gabe.

Hizkuntza eskubideak auzitan
Edurne Elizondo
Mahai gainean utzi du grabagailua kazetariak, Asornako kide Ana Peyronaren eta Sofia de Estebanen aurrean. Azken horrek, keinurik egin gabe, gailua hartu, eta Lucia Burguete interpretearen ondoan jarri du. Irribarre egin dio kazetariari, eta kazetariak barkamena eskatu du.
Nafarroako Gorren Elkartea da Asorna. Keinu hizkuntza dute berezkoa Peyronak eta De Estebanek, eta halakotzat hartzeko eskatu dute Nafarroako Parlamentuan, berriki. "Keinu hizkuntza ez da bakarrik irisgarritasuna bermatzeko tresna bat; hizkuntza bat da, bertze edozein hizkuntza bezalakoa. Gorren berezko hizkuntza da, eta identitate bat eta kultura bat islatzen ditu. Komunitate bat osatzen dugu gorrek, gutxiengo linguistiko bat".
Mezu hori jarri nahi izan dute Asornako kideek mahai gainean, Nafarroako Parlamentuan egin bezala. Beren hizkuntza eskubideak aldarrikatu, eta bete ditzatela eskatu dute. Lehen urratsa izanen litzateke beren hizkuntza horixe dela onartzen duen lege bat egitea, oraindik ere aitortza hori ez baitzaio egin keinu hizkuntzari Nafarroan. Ez dute hizkuntzatzat hartzen, alegia.
"Gaur egun, irisgarritasuna bermatzeko tresnatzat jotzen da gure hizkuntza. Ez zaio hizkuntza izaera aitortzen, eta ezkutuan gelditzen da, ondorioz, ematen digun guztia". Horixe nabarmendu du Sofia de Estebanek. Peyrona bezala, entzuteko gai den familia bateko kide gorra da. "Familiak borondaterik onena du, eta saiatzen da onena ematen, baina bertze gor batek daki, benetan, gor batek zer nahi eta behar duen".
"Moldatzeko beharra"
Peyronak nerabea zela ezagutu zituen bertze gor batzuk lehen aldiz. Eta, haiekin batera, keinu hizkuntza deskubritu eta ikasi zuen. "Txikitan, ez nuen harremanik gorren komunitatearekin, eta nik akats bat nuela sentitzen nuen; zerbait oker zegoela. Hitz egiteko eta bertzeek erraten zutena ulertzeko ahalegina egin behar nuen, bertzeen errealitatera eta ezaugarrietara moldatu. Behar hori nuela sentitzen nuen".
Gorren komunitatearekin bat egin zuen arte. "14 urterekin, gorren elkarteetara joaten hasi nintzen. Gor helduak ezagutu nituen, lehen aldiz, eta ikasi nuen nik ere haiek egiten zutena egiten ahal nuela. Bat-batean, erreferenteak agertu ziren nire aurrean", gogoratu du Peyronak.
Aragoitik (Espainia) ailegatu zen Iruñera, duela urtebete. Asornan, gazteekin ari da lanean. Gazte gorrak ahalduntzeko beharra nabarmendu du, eta argi utzi du horretarako ezinbertzekoa dela keinu hizkuntzaren alde egitea.
Arazoa da, Asornako kideen hitzetan, gaur egun hori ez dela gertatzen. Ez dela keinu hizkuntza sustatzen. Ez dela keinu hizkuntzari buruzko informazioa zabaltzen. "Nafarroako Gobernuak ahozkotasunaren eta osasunaren bidea lehenetsi du. Hau da, kokleako inplantearen aldeko apustua egin du. Eta ongi dago, gu ez gaude kontra, noski. Baina haur gorrei inplantearekin batera keinu hizkuntza eman behar zaiela uste dugu, on bertzerik ez baitie eginen. Bi hizkuntza jaso baditzakete, zergatik bakarrarekin gelditu?", galdetu du De Estebanek.
"Nire gurasoek nahi zuten nik hitz egitea. Uste zuten hori zela ni gizarteko parte izateko modurik egokiena. Baina keinu hizkuntza ikasi nuenean, argi izan nuen haren alde egin nahi nuela, bide hori hartu nahi nuela. Niretzat etxe bilakatu zen gorren elkartea", erantsi du Asornako kideak. Gorren komunitatearekin bat egin, eta beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko lan egiten hasi zen elkartean, duela hogei urte.
Lehenago sortu zuten Asorna, 1957. urtean. "Desgaitasunaren arloan Nafarroan ari den elkarterik zaharrena da", azaldu du De Estebanek. Helburuak eta lan ildoak anitz aldatu direla zehaztu du, halere. "Hasieran, bat egiteko espazio bat zen, batez ere; orain, aldarrikatzeko eta ahalduntzeko toki bat da".
Gizartean oraindik ere indarrean diren mugak bazter uzteko garaia dela argi dute Asornako kideek. Hori lortzeko keinu hizkuntzak betetzen duen rola nabarmendu dute, eta eskaintzen dituen aukera guztiak garatzeko eskatu dute. Hizkuntza bat dela aitortzea lehendabiziko urratsa izanen litzatekeela zalantzarik ez dute; bertze bat izan daiteke administrazioak hizkuntza hori babestea eta baliabideak jartzea hizkuntza hori erabiltzen dutenen esku.
Arlo horretan hezkuntzak duen garrantzia aipatu du Peyronak. Nafarroan lan handia dago egiteko, Asornako kideak azaldu duenez. Salatu egin du, argi eta garbi, herrialdeko haur gorrentzako erreferentziazko ikastetxea Iruñeko Paderborn izenekoa izatea. Irakasteko hizkuntza gisa alemana erabiltzen du ikastetxe horrek, hain zuzen ere. "Ez du inolako zentzurik!", erran du Peyronak, haserre.
Asornako kideen haserrea eragiten dute bertze hainbat auzik ere. "Gure elkartean irakasle anitz eta irakasle izateko ikasten ari diren pertsona anitz hartzen ditugu, keinu hizkuntza ikasteko ikastaroetan. Titulazioa lortzen dute, baina ez die deustarako balio. Gela batera haur gor bat ailegatzen denean, orduan bilatzen dute norbait. Eta hori egiten dutenean, titulazioak baino ez du balio. Ez dute kontuan hartzen irakasle horrek zer maila duen, edo zenbat denbora egon den keinu hizkuntza erabili gabe", salatu du De Estebanek.
Asornako kideek "funtsezkotzat" jo dute aholkulari gorraren figura sortzea. "Bertze hainbat tokitan hala egiten da. Irakasle gor bat izatea hagitz ona da ikasle gorrentzat. Kontua ez da bakarrik irakasle horrek keinu hizkuntza erabiltzea; haurrentzat erreferente bilakatzen da, gainera", nabarmendu dute. Nafarroan horrelakorik ez da. "Ahozkotasuna bultzatzen da; Hezkuntza Departamentuak ere ez du deus egiten keinu hizkuntza sustatzeko. Guri diru laguntza eman, hori bertzerik ez", zehaztu du Asornako Sofia de Estebanek.
Ezin euskara ikasi
Ana Peyronak euskararen egoerarekin alderatu du keinu hizkuntzarena. "Aragoitik etorri nintzenean konturatu nintzen euskarak hemen zuen egoeraz; atentzioa eman zidan euskararen historiaren, jasandako erasoen, euskal kulturaren aurkako errepresioaren berri izateak. Keinu hizkuntzaren egoera antzekoa dela ohartu nintzen; bertze hizkuntza bat inposatu nahi digute", azaldu du.
Peyronak euskara ikasi nahi du. "Ikasleen artean badira euskaldunak, eta anitzetan erran didate antza badela keinu hizkuntzaren eta euskararen egituraren artean". Ikasteko gogoa badu, baina aukera ez diote ematen. Horixe salatu du Asornako kideak. "Nafarroako Gobernuak kanpaina egin zuen, eta doan eskaini zuen euskara ikasteko aukera; berehala erabaki nuen baietz, ikasiko nuela. Baina ez didate uzten. Interpretea erabiltzen badut ere, etxean nire kabuz ikasi eta azterketa egitera bakarrik joaten banaiz ere, ez didate uzten, ahozko proba eta entzumena derrigorrezkoak direlako", kontatu du Peyronak. Arartekoaren bulegoan salatua du egoera hori. Gogoratu du ingeleseko B1 maila baduela, bai eta Cambridge titulua ere. "Baina ez didate euskara ikasten uzten".
Euskara ikasteko duen gogoa aipatu duenean, gorren elkarteekin bat egin aurreko garaia ekarri du gogora Peyronak. Nabarmendu du eskolan egindako lehendabiziko urteak "hagitz gogorrak" izan zirela beretzat. "Ez nuen ia deus ulertzen. Erabat galduta nengoen".
Keinu hizkuntzak eman zion ikasketetan aurrera egiteko heldulekua Peyronari. Maite du ikasteko abentura berrietan murgiltzea. Baina onartu du gazte gor gehienentzat hagitz bertzelakoa dela errealitatea. Zailtasunak eta oztopoak direla nagusi, eta, ondorioz, gazte gor horiek behar edo nahi baino lehen uzten dituztela ikasketak. "Nik ere ikasketak uzteko asmoa izan nuen; interprete bat izateko aukera sortu zitzaidan arte".
Lanerako zailtasunak
Asornan gazteekin ari da Peyrona, eta haien inguruko datuak jarri nahi izan ditu mahai gainean, errealitate latza islatzen dutelako: "Elkartean ditugun gazteen %20-30ek baino ez dituzte oinarrizko ikasketak. Lanean ari direnak ere, enplegu zentro berezietan ari dira. Ikasketarik gabe, zaila da".
Horregatik uste dute Asornako kideek funtsezkoa dela irakasle gorren figura sustatzea, eta keinu hizkuntzaren alde egitea. Erantsi dute kokleako inplanteak ere ez duela beti funtzionatzen. "Batzuek ez dute nahi, eta erabiltzen duten anitzek ere arazoak izaten dituzte", azaldu du Sofia de Estebanek.
Ahozkotasunaren aldeko apustua bazter utzi gabe, keinu hizkuntzaren alde lan egiteko beharra berretsi dute Asornako kideek. Keinu hizkuntzak komunitatea sortzen duela erantsi dute. Kultura bat ematen diela. Nortasuna. "Entzuteko gai den pertsona batek inoiz ez du jakinen zer sentitzen duen gor batek", erran du De Estebanek. Haur eta gazte garaikoak ekarri ditu gogora, Peyronak bezala. "Gurasoak laguntzen saiatzen ziren, baina ahozkotasunaren bideak niri ez zidan onik egin. Keinu hizkuntzak bete zuen nik barruan nuen hutsa", azaldu du.
"Haur gor batek zer behar duen jakiteko, entzun pertsona gor helduek errateko dutena", erran dute Asornako kideek, argi eta garbi. Eta haiek erran nahi dute, batez ere, kokleako inplantea gauza ona dela, baina ez dela bakarra. Keinu hizkuntza ere sustatu behar dela. Hizkuntza bat dela, bai eta hori baino gehiago ere: kultura eta komunitatea.

Estereotipoak hautsi eta eredu bilakatzeko
Edurne Elizondo
Latina eta grekoa ikasi nituen institutuan. Planetarioan lanean hasi nintzenean, beldurrez etorri nintzen. Fernando Jauregi astrofisikariak harrera egin zidanean, jakinaren gainean ote zen galdetu nion. Zer jakin behar zuen galdetu zidan Jauregik, erantzun gisa. Latina eta grekoa ikasi nituela aitortu nion!".
Pasadizo hori kontatu du Miren Karmele Gomez Garmendiak, planetarioan Emakumeak zientzian izenburupean egindako solasaldian. Iruñeko Udalak antolatu du, Zientziaren Arloko Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna dela eta. Komunikazioan lizentziaduna da Gomez Garmendia, eta planetarioan Izarren Eskolako arduraduna da. "Dibulgatzaileak behar ditu zientziak", azaldu du, eta zeregin horretan gustura ari da. Onartu du institutuan "gaindiezina" iruditzen zitzaiola zientzien eta letren arteko muga. "Letretakoa bazinen, ezin zenituen zientziak gustuko izan".
Jauregiren eskutik, zientziaren sekretuak ezagutzen hasi da Gomez Garmendia planetarioan, eta nabarmendu du esparru horrek harrapatu duela, argi eta garbi. Ines Castiella Imazek eta Ana Monreal Vidalek ere ez dute damurik zientziaren alde egindako hautuaz. Industria ingeniariak dira biak, baina bide ezberdina egin dute zientzien munduan.
"Ez nuen industria ingeniaritza ikasi bereziki gustuko nuelako", onartu du Castiella Imazek. Zientzietako ikasgaietan ona zelako egin zuen hautua, eta kontent da hartutako erabakiarekin. Energia berriztagarrien arloan ari da orain lanean. Kezka agertu du azken urteotan emakumeen presentziak behera egin duelako zientzietako ikasketetan. "Konponbide magikorik ez dut, baina uste dut garaia dela auzi horri buruz gogoeta egiteko".
Mahai gainean jarri ditu estereotipoek duten indarra eta emakumeentzat eredu diren andre zientzialarien falta. Bat egin du Gomez Garmendiak ere. "Ikerketek erakusten dute emakume gazteek uste dutela ez direla onak zientzietan". Zientzietako ikasgaietan lortzen dituzten notek, ordea, kontrakoa diote.
Egungo sistema patriarkalak zaintza lanekin lotzen du emakumea, eta zientzien arloan ari direnen jarduerak ere erakusten du rol horrek duen indarra. "Zientzietan ari diren emakume gehienek osasun ikasketak edo natur zientziekin lotutakoak hautatzen dituzte". Hau da, emakumeek, batez ere, mediku, erizain, biologo edo ingurumen zientzialari izateko ikasten dute, zientzien bidea aukeratzen dutenean.
Ana Monreal Vidalek, hain zuzen ere, txikitan mediku izan nahi zuela gogoratu du planetarioan egindako solasaldian. Hasieran, zalantzan jarri ditu emakumea zientzien esparrutik urruntzen duten estereotipoak, eta bere bidea eta esperientzia jarri ditu adibide: "Haurra nintzenean, futbolean aritzen nintzen, eta inoiz ez nuen panpinarik izan. Nik mediku izan nahi nuen, baina gurasoek ez zuten gustuko hautu hori, eta gogorregia izanen zela erraten zidaten behin eta berriz".
Ingeniariak, gauzak egiteko
Azkenean, medikuntzaren bidea bazter uztea erabaki zuen Monreal Vidalek. "Hainbat medikurekin mintzatu nintzen, eta ez zidaten batere ikuspuntu baikorra eman etorkizunari buruz". Haren etxean baziren industria ingeniariak, eta bide horretan aurrera egitea erabaki zuen.
Ez da damutu. Monreal Vidalek, halere, argi utzi du beretzat gakoetako bat izan dela ulertzea sormenaren eta zientziaren arteko aldea ez dela hain handia. "Zientziak aukera ematen digu batzuek pentsatu edo irudikatu dutena egiteko; errealitate bilakatzeko. Sendagileak behar ditugu, baita haiek erabiltzen dituzten X izpien gailuak ere. Eta horiek egiteko behar ditugu ingeniariak".
Gaur egun, iAR izeneko enpresan ari da Monreal Vidal. Berak sortu zuen, bertze hainbat kiderekin batera. Egun, hogei pertsonak baino gehiagok osatzen dute lantaldea, eta batez ere errealitate areagotuaren esparruan egiten dute lan. "Emakumeak langileen %40 gara, baina ardura postu gehienak gure esku daude", azaldu du ingeniariak.
Halere, Monreal Vidalek onartu du egungo gizarteak ez duela emakumeen parte hartzea sustatzen oraindik ere. Hau da, estereotipoek onartu nahi duen baino indar handiagoa dutela erran du zientzialariak solasaldiaren bukaeran.
Adibide bat aipatu du iritzi hori azaltzeko: "Asmakizun bat kontatu zidaten behin; aita eta semea elkarrekin zirela, istripu bat izan zutela, eta aita hil egin zela. Semea larri eraman zuten ospitalera, eta medikuntzako eminentzia bati deitu zioten ebakuntza egiteko. Baina erran zuen ezin zuela, larri zegoena semea zuelako. Ez zitzaidan bururatu ama izan zitekeela", azaldu du Monreal Vidalek. Aita ere izan zitekeen, bertze estereotipo batzuek ekartzen baitute ama eta aita irudikatzea gurasoak aipatzen direnean.
Zientzien inguruan ere, bertze auzi bat jarri nahi izan du mahai gainean Jule Goikoetxea EHUko Zientzia Politikoetako irakasleak; Zientziaren Arloko Emakumeen eta Neskatilen Nazioarteko Eguna: "Ez dezagun betikotu zientziaren ikuspegi positibista eta merkantilista; ez dezagun bilakatu ikusgarri soilik laborategian ari den emakume zientzialaria; giza eta gizarte zientziak ere badira zientzia", zabaldu du, sare sozialen bidez.

Zapalduen alde egiteko
Edurne Elizondo
Gero eta gehiago. Animalien askapenaren alde egiteko bertze talde bat sortu da Nafarroan: Tafalla Antiespezista. Abenduan aurkeztu zuten jendaurrean, eta, hilaren 10ean, kideek protesta egin zuten herriko plazan, gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza salatzeko. Martxan jarri da taldea, eta helburu hartu du herritarren artean gogoeta bultzatzea, gizakien eta gainerako animalien arteko harremanari buruz.
Tafallan,Txerri Dibinoaren Ordenak bere eguna ospatzen du urtero, eta, horretarako, txerri bat zozketatzen du plazan, sari gisa. Hilaren 10eko protestaren bidez, horixe salatzera atera ziren karrikara Tafalla Antiespezista taldeko kideak. "Kalean egon nahi dugu, bai eta sare sozialetan ere. Prestakuntza ere sustatu nahi dugu. Zapalkuntzaren inguruko hausnarketa piztu nahi dugu, eta zapalkuntza horri aurre egiteko defentsa mekanismoak garatu".
Oraingoz, bederatzi kidek egin dute bat taldean. Erran dute Nor kolektiboak antolatuta azaroaren 1ean Bilbon egindako manifestazioak eman ziela elkartzeko eta lanean hasteko azken bultzada. "Indartsu sentitu ginen, eta borrokarako prest zegoen jende pila ikusi genuen. Herrian ere gisako talde bat osatzen ahal genuela pentsatu genuen", kontatu dute.
Donostialdeko Askekintza taldearen bidea ere eredu izan dutela erantsi dute Tafalla Antiespezistako ekintzaileek. " Uste dugu Euskal Herriko talde antiespezistek komunitate handia sortzen dugula", gaineratu dute Tafalla Antiespezistako kideek.
Iruñeko LiberAbere taldea ere aipatu dute, bai eta herriko Gata talde animalista ere. "Jaso dugu haien babesa". Ekinzaileek argi dute Nafarroan antiespezismoa gero eta toki handiagoa hartzen ari dela. "Gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari buruzko kezkak gora egin du". Argi dute oraindik ere "egiteko lan handia" dagoela, baina "ikasteko eta irakasteko" prest dira.
Zapalkuntza ororen kontra
Mugimendu antiespezistaren izaera politikoa nabarmendu nahi izan du Tafalla Antiespezista taldeak. "Beste mugimendu askotan bezala, zapalduta dauden norbanakoen eskubideen eta askatasunaren alde egin nahi dugu lan. Badakigu bidea ez dela erraza, zapaltzaileek ez dietelako beren pribilegioei uko egin nahi, baina orain arte lortutakoek indarra ematen digute oraingo aldaketan parte hartzeko".
Ekintzaile antiespezistek gaineratu dute badela harremana Tafallan borroka ezberdinen artean, eta taldeak harrera ona izan duela azaldu dute. "Tafallak ezetz esan die eraso sexistei, errepresioari eta AHTari, besteak beste; gizakiz besteko animalien aurkako zapalkuntzari ere ezetz esan diezaiokeela uste dugu".
Antiespezismoak zapalkuntza guztien aurka lan egitera eraman dituela erran dute, argi eta garbi. "Ezin dugu gizakiz besteko animalien aldeko borroka babestu, eta bazter utzi, aldi berean, gure ondoan gertatzen diren eraso arrazistak, LGTBQfoboak edo matxistak". Martxan dira Tafallan, eta lanerako gogoz.