Iritzia: Gorka Urbizuren irakasgaia

Jon Barberena Ibarra

Ezbaian jarri behar da ia dena". Ondorio mamitsu bezain filosofiko hori ondorioztatzeko, "inertzia" hitza erabili zuen Gorka Urbizu musikariak Berri Txarrak taldearen etenaldi mugagabea adierazteko. Iduritzen zait hausnarketa sakon hori egiteko eta erabaki ausart hori hartzeko eguneroko ekintzetatik distantzia hartu beharra dagoela.

Distantziak bertze perspektiba batzuk eskaintzen ditu, eta komenigarria da noizbehinka talaia aldatu eta bertze begi batzuekin egunerokoa behatzea. Eta aztertzea. Ez baita erraza izozmendiaren puntaren puntan egonik, txaloak, laudorioak eta sona baztertuz, uzteko erabakia hartzea.

Beraz, sarrerak agudo erosten tematzeaz gain, iduritzen zait zer ikasia ere badugula erabaki eta hausnarketa horretatik. Gehienok eguneroko martxan inertziaz jokatzen dugu. Ez diogu geure buruari galdetzen zer ari garen egiten, gustura ote gauden egindakoarekin eta non kokatzen garen munduarekiko. Hain preziatua dugun baina horren guti estimatzen dugun denbora xahutuz goaz, deus zalantzan jarri gabe.

Era horretan, eguneroko ekintza errepikatuak ohitura bihurtzen ditugu, eta, gerora, ekintza horiek erranen digute bizitza zertan pasatu dugun. Hau da, gustatu edo ez, onartu behar dugu eguneroko zeregin ttipi horietan gure bizitza osoa islatzen dela, eta, beraz, egun arrunt batean egiten dugun horrek definituko ditu urteko gure gainontzeko egunak.

Presaka bizi gara. Laster egin behar izaten dira gauzak egun dugun sistema neoliberal honetan. Nonbait, iraganera begiratzeak ez du deustarako balio. Hobe da norantzarik gabe orainaldia alimaleko intentsitatez bizi, pentsatzen segundo bakar bat galdu gabe.

Errentagarritasuna eta azkartasuna arras baloratuak daude gure gaur egungo gizartean, eta lortutako lanpostuak eta izen onak gure estatusa definituko dute.

Halere, eta bidenabar, ez dugu pentsatzen gure lana gustuko ote dugun, betiko kuadrillaren solasaldiek aspertzen ote gaituzten, ohatzearen bertzaldean dagoen pertsonarekiko ditugun sentimenduak aldatu ote diren edo 1980ko hamarkadako musika paratzen duen betiko tabernan zer ote den aldatu ez den gauza bakarra.

Agudo goaz aitzinera, pentsatzeko tarterik ere hartu gabe, eta, inertziaz, atzoko eta herenegungo gauza berdinak errepikatzen ditugu.

Aspaldi, Poesia eta Poemak izenburuko zikloaren barnean, Bernardo Atxaga hizlari aritu zen eta, ziklo horretan, poema eta zeremonia konparatu zituen idazleak bere parte hartzean: "Eguneroko bizitzan mozketa egitea da, bai poemekin eta bai zeremoniekin lortzen dena. Hau da, denbora puska bat ateratzen dugu bizitzaren ibai arrunt horretatik. Tarte horretan dena desberdin irudikatuko dugu: espazioa, erritmoa…".

Hitzekin hain abila den Gorka Urbizu musikariak ere gauza berdina egin duelakoan nago ni, hain zuzen. Hala ere, gainontzekoak zintzoak ote gara geure buruarekin?

“Gizarte indibidualista honetan, elkartasuna aparteko zerbait da”

“Gizarte indibidualista honetan, elkartasuna aparteko zerbait da”

Ane Eslava

Roberto Astorgano argazkilaria (Badaran, Espainia, 1982) pertsonen nortasuna argazki bidez islatzen saiatzen da. Azken urteetan mundu zabalean ibili da, hainbat auzi dokumentatzen: errefuxiatuen krisia, pobrezia... 2017ko martxoan, asko aberastu zuen esperientzia bat bizi izan zuen Mexikon: bi aste igaro zituen Erdialdeko Amerikatik Ameriketako Estatu Batuetara trenez doazen migratzaileei laguntza ematen dien emakume talde batekin, La Patrona herrian. Han egindako irudiekin dokumental bat eta argazki erakusketa bat egin ditu. Iragan astean, Iruñeko Zabaldi elkartean erakutsi zuten dokumentala, eta erakusketa ikusgai jarri zuten. Hilaren 28ra arte egongo da zabalik.

Zure helburua, jatorriz, Mexikotik Estatu Batuetara doazen migratzaileen egoera jasotzea zen.

Bai, nire ideia zen dokumentatzea Mexikoko iparraldeko mugatik Estatu Batuetara pasatzen diren migratzaileen egoera. Baina, gaia ikertzen ari nintzela, La Bestia izeneko trena deskubritu nuen. Merkantzia tren handi bat da, ikaragarria; hortik datorkio izena. Erdialdeko Amerikako migratzaileek Mexiko guztia gurutzatu behar dutenez AEBetara iristeko, tren hori hartzen dute Guatemala eta Mexikoren arteko mugan. Hori da haien modu bakarretakoa herrialdea gurutzatzeko. Gehienak Honduraskoak dira, baina badira El Salvadorkoak eta Guatemalakoak ere.

Nola daude migratzaile horiek?

Oso gaizki. Oso baliabide gutxi dituzte, eta daukaten diru guztia gainean daramate, bidaiarako. Baina, askotan, trena hartu bezain laster, talde armatuekin egiten dute topo. Talde horietako kideek dirua eskatzen diete, eta migratzaileek uko egiten badiote dirua emateari, eraso egiten diete, bahitzen dituzte edo bortxatzen dituzte. Poliziak ere lapurtzen die, edo, bestela, kanporatu egiten ditu. Halakorik gertatzen ez zaienean ere, bidaian arrisku handia izaten dute: bagoietan zintzilik doaz, eta askotan erori eta hil egiten dira, trenak harrapatuta.

Haiei buruz ikertzen ari zinela ezagutu zenituen Patronak deitzen dituzten emakumeak. Nortzuk dira?

Trenaren inguruko bideo batean, emakume zahar bat ageri zen, janaria botatzen trenean zihoazen migratzaileei. Irudi horrek atentzioa eman zidan. Ikertzen hasi nintzen, eta jakin nuen Patrona bat zela. Beren herritik datorkie izena: hain zuzen, La Bestia trenak, bidean, Veracruz estatuan dagoen La Patrona izeneko herri txikia zeharkatzen du. Herriaren erditik igarotzen denez, abiadura murrizten du. Bada, herri horretako emakume batzuek laguntza ematen diete trenean doazen migratzaileei: janaria eta botikak ematen dizkiete, atseden hartzeko toki bat eskaintzen diete...

Zein da Patronen egoera?

Mexikoko eskualde oso txiro bateko herri txiki batean bizi dira. Haien senarrek Cordobako —gertuen dagoen hiriko— lantegietan lan egiten dute ordu luzez, gutxieneko soldata bat lortzeko. Hortaz, emakumeek hartzen dute gainontzeko guztiaren ardura: etxea, seme-alaben zaintza, baratzea... Eta, horretaz gainera, migratzaileei laguntzen diete.

Noiz hasi ziren hori egiten?

Orain dela 24 urte. Hasieran, migratzaile gutxiago pasatzen ziren, eta, behin, horietako batzuek janari pixka bat eskatu omen zioten handik zebilen emakume bati; hark eman egin zien, baina ez zekien nortzuk ziren. Garai hartan, ez zekiten ez nondik zetorren ez nora zihoan jende hori; haientzat Erdialdeko Amerikako errealitatea oso urrun zegoen. Denborarekin, gero eta migratzaile gehiago pasatzen hasi ziren, eta herriko emakumeei beren bizitza istorioak kontatzen zizkieten. Haiek erabaki zuten antolatzea eta migratzaileentzat janaria prestatzen hastea; espresuki migratzaileentzat. Beren janaritik ematen zieten, zeukaten gutxi horretatik, beren ortutik. Orain, laguntza pixka bat dute: taldekoak ez baina herrikoak diren beste emakumeek janaria ematen diete, eta dohaintzak ere jasotzen dituzte. Laguntza horri esker, aterpe bat eraiki dute beraietako baten etxean. Han kozinatzen dute, eta atseden hartzeko aukera dute migratzaileek.

Zer moduz haiekin?

Oso ongi. Primeran tratatzen ninduten, seme bat bezala. Migratzaileek ere hori esaten zuten, izugarri ongi zaintzen dituztela. Migratzaile gehienak gazteak dira, eta emakumeek seme-alabak balira bezala zaintzen dituzte.

Zergatik erabaki zenuen hori dokumentatzea?

Ikusgaitasuna eman nahi niolako migrazioaren auziari, baina baita migratzaileei laguntzen dieten pertsonei ere. Jarraitu beharreko eredu direla uste dut. Batzuetan, gutxien duten pertsona horiek dira solidarioenak. Gure gizarte indibidualista honetan, elkartasuna aparteko zerbait da, eta ez luke hala izan behar. Hau erakutsiz, itxaropen pixka bat zabaldu nahi dut mundu zikin honetan.

Zure arloa argazkigintza da, baina ikus-entzunezkora ere jo duzu. Zergatik?

Baliagarria iruditzen zaidalako erakusteko haiek zer pentsatzen duten: zergatik erabaki duten hori egitea baliabide gutxi dituzten emakume batzuek, eta nola bizi izan duten hori. Haien ahotsa entzun nahi nuen.

Zer esan zizuten?

Esan zidaten hasieran oso gogorra izan zela haientzat. Izan ere, inguruko jendeak kritikatu egiten zituen, gaizki ikusten zutelako egiten zutena; bestetik, beldur handia zuten ez ote zituzten atxilotuko legez kanpoko migratzaileei laguntzeagatik. Baina, hala ere, aurrera egitea erabaki zuten, trenean zihoazen pertsona horien istorioak entzutean laguntzea ateratzen zitzaielako. Batek kontatu zidan migratzaile batek semea ekarri ziola gogora, eta lagundu beharra sentitu zuela.

Argazkietan zer transmititu nahi izan duzu?

Askotariko argazkiak egin ditut, baina batez ere erretratuak; eta, horietan, ahaldunduta islatu nahi izan ditut emakumeak; beren indarrarekin eta ausardiarekin.

Hasi zirenean, Patronek ez zuten nahi inork haiek grabatzea, ezta?

Monterreyko neska-mutil batzuk joan zirenean haien lana lehen aldiz grabatzera, ez zuten irudietan agertu nahi, uste zutelako atxilotu egingo zituztela. Baina Monterreykoek azkenean egin zuten dokumentala. Sari bat irabazi zuten, eta Patronei eman zieten dirua. Horri esker, sukaldea muntatu ahal izan zuten. Beraz, denborarekin, ikusi dute beren lana zabaltzea positiboa dela, dohaintzak eta borondatezko laguntza ekartzen dizkielako.

Zuri zer eman dizu proiektuak?

Irakaspen izugarria izan da niretzat. Han, aterpe horretan, oso istorio gogorrak daude, baina baita maitasun handia ere. Niri, han bizi dudanaren ostean, inoiz ahaztuko ez dudan zerbait geratu zait barruan.

Zentsura ezartzeko tandema

Zentsura ezartzeko tandema

Edurne Elizondo

Boterea bere esku duenean, aurretik egindako urratsak hutsean uzten ditu; oposizioan denean, berriz, bertzeen politikak oztopatzea da bere helburu bakarra". Horixe erran du Jose Luis Garciak, Nafarroan eskuinak sexu heziketaren inguruan izan duen "estrategiari" buruz. Gai hori landu du Sexo, poder, religión y política (Sexua, boterea, erlijioa eta politika) izenburuko bere azken liburuan. Sexologoa da, eta 35 urtez egin du lan sexu heziketaren esparruan, Nafarroan.

Bertzeen politikak oztopatzeko eskuinaren estrategiak, bertzeak bertze, polemikaren bidetik egin du aurrera. Horren adibide argia da azken garaian gertatu den Skolae hezkidetza programaren aurkako kanpaina. Skolaeren inguruko eztabaidak eztanda egin aurretik bukatu zuen Garciak bere liburua, baina azken hamarkadetan sexu heziketaren inguruan piztutako bertze hainbat gatazkaren testuinguru berean kokatu du egileak oraingoa ere.

Gatazkak sortzeko bide horretan, eskuinak Eliza izan du beti lagun. "Zentsura ezartzeko tandem boteretsua osatu dute politikak eta erlijioak", salatu du Garciak. Kontua da sexu heziketa jomugan izan duen zentsurarako estrategia horrek ondorioak badituela: "Polemikak jendea izutu egiten du; sexuaren inguruko gaiak natural jorratzeko prozesuak hutsean utzi nahi izan dituzte polemika horiek, eta ekarri dute haur eta gazteak sexu heziketarik gabe gelditzea. Hori drama bat da".

Salamancatik (Espainia) etorri zen Garcia Nafarroara, psikologia eta sexologia ikasketak amaitu eta gero. 1980ko hamarkadaren hasieran etorri zen, COFES zentroak martxan jarri zirenean, alegia. Proiektu horrek ekarri zuen herrialdera, hain zuzen ere. "1981. urtean hasi ginen lanean. Proiektua ezagutu bezain pronto erabaki nuen parte hartu nahi nuela. Etorri, oposizioetara aurkeztu, eta lanpostua lortu nuen", gogoratu du sexologoak. Bost urtez izan zen COFES zentroen zuzendari, eta Iturramakoan aritu da, duela hiru urte erretiroa hartu zuen arte.

Familia plangintzarako eta sexu heziketarako ziren COFES zentroak. 1978. urtean Iruñeko Txantrea auzoan Andraize jarri zuten martxan, zentro horien aitzindari. Euskal Herrian izan zen aitzindari, bai eta hemendik kanpo ere, garai horretan gisako aurreneko zerbitzu publikoa izan baitzen. Auzokideen eta emakumeen elkarteek bultzatu zuten, garaiko Iruñeko Udalaren babesarekin.

Andraizek irekitako bidean urratsak eginez jarri zituen Nafarroako Gobernuak COFES zentroak martxan, gero. 1981ean, Nafarroako Parlamentuak berak onartu zuen sexu heziketa eta familia plangintza eskaini behar zitzaiola gizarteari, eta administrazioak hartu behar zuela zerbitzu horiek emateko ardura. Apustu horrek Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako Zentroen sarea ekarri zuen, 1985etik aurrera. Sare horrekin bat egin zuen Andraizek ere, 1989. urtean.

"Sexu heziketaren esparruan erreferente bilakatu ziren COFES zentroak. Ehunka hitzaldi, tailer eta ikastaro egin genituen. Denentzako zentroak ziren", gogoratu du Jose Luis Garciak. Lortutakoa nabarmendu, aitortu eta txalotu du sexologoak. Izan ere, kontuan hartu behar da Andraize martxan jarri zenean, adibidez 1978ko azaroan, despenalizatu berri zutela antisorgailuen erabilera, tronpen loturak eta basektomiak egiteko erabateko askatasunik ez zegoela, oraindik ere, eta homosexualitatea delitua zela.

COFES zentroak giro horretan sortu ziren. Abortuaren inguruko eztabaida ere pil-pilean zegoen garai horretan Nafarroan. 1987an, Andraizeko hiru ginekologoren aurkako epaiketa abiatu zuten, hain zuzen. "Lankide nituen, lagun. Sekulakoa izan zen paraitu zutena", erran du Garciak. 1990eko epaiak, errugabetzat jo zituen Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa. Udalak Iruñeko Zapia eman zien, iaz.

"Eskuinak, saria emateko egun horretan ere, eztabaida piztu nahi izan zuen". Elkarretaratzea egin zuten Udaletxe plazan, herriko etxean saria emateko ekinaldia egiten zuten bitartean. "Eskuinak eta Elizak, halere, borroka hori galdu dute. Gizarteak ezin du atzera egin. Abortuaren aurkako mezuak mahai gainean jarri dituzte, berriz ere, baina argi dut mugimendu feministak ez duela atzerapausorik onartuko".

Borrokari eusteko beharra dagoela argi du sexologoak, halere. Lortutakoak galtzea zer den ederki daki. Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan COFES zentroen bidez aurrera egindako urratsak hutsean utzi zituen UPNk kolpe batean, agintea bere esku hartu zuenean.

1997an, Familia Plangintzarako eta Sexu Heziketarako Zentroak bilakatu ziren Emakumeen Arretarako Zentro. "Bat-batean, sistemak ardura guztia emakumeen esku utzi zuen, eta gizonezkoen parte hartzea eta arreta desagerrarazi zituen zentroetatik". Sexu heziketaren esparruan aitzindari izandako COFES etxeak, ondorioz, sexu heziketarik gabe gelditu ziren.

Zakil baten marrazkia

UPNren gobernuak COFES zentroen egitura eta espiritua moldatu aurretik ere, hamaika oztopori egin behar izan zioten aurre sexu heziketaren arloko profesionalek. Horien inguruko kontakizunak eta gogoetak jaso ditu Jose Luis Garciak bere azken liburuan.

"Ez duzu Etxarriko zakila gogoan?", galdetu du sexologoak. 1982koak ekarri ditu gogora. Eskolako bi irakasleren eta ikuskatzailearen aurkako txosten bana zabaldu zuen Nafarroako Gobernuko orduko Hezkuntza kontseilari Javier Markotegik, haur batek egindako marrazkiaren harira. Marrazkian bi irakasleak agertzen ziren, elkarri besarkada ematen. Bikotea ziren. "Haurrak gizonaren zakila tente marraztu zuen". Xehetasun horrek eragin zituen departamentuaren txostenak. Espainiako Hezkuntza Ministerioak ere esku hartu zuen auzian, eta 1982ko martxoaren 23an, ondorioz, greba egin zuten Hezkuntzan, irakasleei elkartasuna adierazteko. "Izugarria izan zen".

Maria Teresa Graciaren izena ere memorian fresko du Garciak. 1984. urtean, sexu heziketari buruzko jardunaldiak egin zituzten Iruñean, lehen aldiz. GITEk eta Andraizek antolatu zituzten. "Egun batean, Maria Teresa Gracia Coalicion Popular taldeko zinegotzia sartu zen, bertze hainbat pertsonarekin, oihuka eta mehatxuka; ez zuten jardunaldian izena eman; boikotatzeko asmo hutsarekin etorri ziren".

Zinegotziaren eta gainerakoen bisita ez zen izan boikot horren ondorio bakarra. "Iruñeko Udalak bazuen jardunaldietan landutako materiala argitaratzeko konpromisoa, baina ez zuen hitza bete".

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere aritu izan da Jose Luis Garcia lanean. Erakunde horren hastapenetan, sexu heziketari eta sexologiari buruzko ikasgaia jarri zuten martxan, NUPen, eta Garciak hartu zuen bere esku haren ardura. "Berrehun ikasle nituen". Baina egitasmo hori ere hutsean utzi zuten. "Zerbitzuko burua Opus Deikoa zen, eta aitzakia bat baliatuz, ikasgaia kendu zuen". Ikasleek eman zioten erantzuna, halere, erabaki horri: "1996an, Zurekin ligatu nahi dut izenburuko tailerra egin zuten", gogoratu du Garciak, harro.

"Herriz herri egin genituen gisa horretako tailerrak, sexu heziketa bultzatzeko. Zarrakaztelun, adibidez, udalak antolatu zuen sexu heziketaren eta droga eta alkohol kontsumoaren inguruko programa zabal bat, inguruko gazteentzat. La Olivako monasterioan egin behar genuen, baina hasi baino egun bat lehenago ezezkoa eman ziguten. Azkenean, taberna batean egin genuen".

Garciak argi du haur eta gazteekin sexuaz garbi hitz egin behar dela, "etxean eta eskolan", eta hasieratik. "Egun, pornografiara jotzen dute gazteek, eta horrek biziki kezkatzen nau. Haurrek etxean ikasi behar dute errespetuzko eta berdintasunezko harreman bat zer den".

Sexu heziketaren helburua da, Garciaren hitzetan, "nahi duenak sexuaz modu osasuntsu batean gozatzea, arduraz". Egungo gobernuak UPNk desegindakoa lehengoratzeko egindako ahaleginak nabarmendu ditu, baina ez du uste betean asmatu duenik. "Lehen COFES zentroak ziren horietatik kanpo utzi dute sexu heziketa, eta hori ez da egokia". Sexu heziketari duen garrantzia aitortzeko eskatu du.

Andre helduak antolatu dira

Andre helduak antolatu dira

Ane Eslava

Generoa eta adina. Bi faktore horiek direla-eta bi aldiz zapalduak eta baztertuak direla salatu dute Euskal Herriko emakume pentsiodunek. Bizitza osoa lanean eman ostean, azken arora heltzerakoan ikusten dute egindako lanak ez duela baliorik, eta horrek pobreziara eramaten dituela haietako asko. "Bidegabekeria" hori salatzeko eta egoera aldatzeko neurriak eskatzeko sortu dute Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen plataforma. "Kalera eta agenda politikoen erdigunera" eraman nahi dituzte aldarrikapenak. Nafarroako taldea aurkeztu berri dute.

Azkenaldian indar handia hartu dute pentsiodunen mobilizazioek, eta haien aldarrikapenak eztabaida publikoaren erdigunera heldu dira. Onekako kideek esan dutenez, bat egiten dute mugimendu horren aldarrikapenekin; baina, emakumezko gisa, "arazo eta premia bereiziak" dituzte.

Hori dela eta, iaz, ikusi zuten "beharrezkoa" zela beren artean antolatzea, emakume eta pentsiodun gisa dituzten beharrei "bidezko erantzuna" eman ahal izateko, eta beren ahotsaren jabe izateko: "Guk geuk izan nahi dugulako bozeramaile gizartearen eta instituzioen aurrean". Urrian egin zuten urratsa: Oneka taldea aurkeztu zuten, Donostian, eta han izan ziren Nafarroako hainbat lagun ere. Baina, Ana Sarobe kideak azaldu duen moduan, autonomia erkidego bakoitzeko administrazioak funtzionamendu bat duenez, tokian-tokian antolatzea erabaki zuten. Hala, astelehenean erregistratu zuten ofizialki Nafarroako taldea.

Zaintza lana

Oneka taldearen eskaera nagusietako bat da "zaintza lanak balioestea", Sarobek adierazi duenez. Haren hitzetan, gizarteak ez ditu aintzat hartzen emakume askok bizitzan egiten dituzten lanak, eta horrek eragiten du haien pentsioak gizonezkoenak baino "askoz ere txikiagoak" izatea. "Gutako askok bizitza osoa eman dugu lanean, gure inguruko pertsonen bizitzak zaintzen; baina gizarteak ez du hori ikusten, ez du onartzen". Gaineratu du andre asko "eskubiderik gabe" heltzen direla zahartzarora, kobratu gabeko eta kotizatu gabeko lanak egin izanaren ondorioz.

Pentsioen arrakala desagerrarazteko, Onekako kideek eskatu dute Babes eta Gizarte Segurantzako sistema kudeatu eta bideratuko duen organo bat sortzeko. Organo horren bitartez, haien eskaerei erantzuteko formulak bilatuko dituzte. Pentsiodunen mugimendu orokorrak eskatzen duen moduan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa nahi dute. Izan ere, Nafarroako emakume pentsiodunen %79k kopuru hori baino gutxiago jasotzen dute, eta emakumeen gutxieneko pentsioa gizonena baino %45 txikiagoa da. Era berean, neurri sozial eta politikoak eskatu dituzte "autonomia" eta "indarkeriarik gabeko zahartzaroa" izateko.

Pentsioen datuak atalka aztertuz gero, ikus daiteke Nafarroako emakume pentsiodunen %29k 150 eta 600 euro arteko pentsioa jasotzen dutela; gizonezkoen %10ek baino ez dute diru hori kobratzen. Haatik, diru gehien jasotzen dutenen artean —2.000 euro baino gehiagoko pentsioa—, askoz gizon gehiago daude: %21 dira, eta emakumezkoak, berriz, %4. Bestalde, gizonek ez bezala, andre askok alargun pentsioa jasotzen dute, eta, Onekako kideak gogorarazi duenez, askok, ezta hori ere: "Pobreziak emakume aurpegia du, eta miseriak, berriz, emakume helduarena".

Ezaugarri bereziak dituztelako beren borroka propioa egitea erabaki duten arren, Onekako kideek ziurtatu dute pentsiodunen gainontzeko plataformekin elkarlanean ariko direla. Horretaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministaren aldarrikapenak bere egin dituzte, eta prest azaldu dira emakumeen arteko aliantzak sortzeko, batik bat Martxoaren 8ko grebari begira. "Grebak erdigunean jarriko du gure aldarrikapen nagusia, zaintza lanen balioa; beraz, babestu egingo dugu". Emakume pentsiodunek greba egunean parte hartzearen garrantzia nabarmendu du: "Hala, egiten dugun guztia azaleratuko da".

“Sentiarazten dizun obrak bere funtzioa betetzen du”

“Sentiarazten dizun obrak bere funtzioa betetzen du”

Edurne Elizondo

Hitz egiten duenean ere marrazkiak egiten dituela ematen du. Ilustrazioa maite du Aitziber Alonsok (Donostia, 1971), eta izen hori zutela jakin aurretik ere egiten zituen. Iruñeko Udalak antolatutako ikastaroa zuzendu du, Harkaitz Cano idazlearekin.

Hirugarrenez egin duzue. Zer moduz joan da?

Oso ondo. Hainbat pertsona bikotea osatuta etorri dira, baina beste batzuk ez; guk jarri ditugu elkarrekin idazleak eta ilustratzaileak, eta, egia esan, oso ondo funtzionatu dute. Ez dakit zer gertatu den, baina sortu den elkarlana zoragarria izan da.

Zuk Harkaitz Canorekin osatu duzu bikotea. Ongi?

Bai, bikote ona osatzen dugula esango nuke nik. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, Marrazioa ekinaldiko koordinatzailea naizelako, eta Harkaitz aspaldi hasi zen parte hartzen. Ondo ulertzen dugu elkar.

Ezinbertzekoa da hori elkarrekin lan egiteko?

Bai, noski. Gertatzen da zenbaitetan, halere, harremana ona ez, baina emaitza oso ona izatea.

Haserrealdiak inspirazio iturri izan daitezke?

Kontua da idazlea eta ilustratzailea profesional onak badira, emaitza ona izan daitekeela, haien arteko harremana onena ez bada ere.

Oreka bilatzeko beharra dago?

Orain arte, ilustratzailea egon da, nolabait esanda, idazlearen menpe. Testua jaso, eta testu hori oinarri hartuta egiten zenuen zure lana. Iruñean egin dugunaren gisako tailerretan, hain zuzen ere, guztiz kontrakoa sustatu nahi dugu. Proiektuak sortu nahi ditugu batera, idazlea eta ilustratzailea elkarlanean arituz. Proiektuak bien ume izan behar du. Hala egiten denean, bi sormen prozesuak uztartu egiten dira. Irudigileak testuaren bidez esango den horretan parte hartzen du, eta, alderantziz, idazleak marrazkiek esango duten horretan parte hartzen du.

Ez da zaila irudia eta hitza uztartzeko prozesu hori?

Horregatik egiten ditugu elkarrekin lan egiteko tailerrak. Elkar ezagutzeko eta elkar ulertzeko. Ilustratzaileak ulertu behar du zein den idazlearen prozesua, ezagutu behar ditu haren pentsatzeko eta egiteko moduak, eta, alderantziz, idazleak ilustratzailearenak. Ez da zaila. Lanean hasten zarenean, erraz ulertzen dugu elkar.

Irudia testuaren menpe egon izan dela erran duzu. Gutxietsi egin da zuen lana?

Bai, hori gertatu da. Ez toki guztietan. Baina hemen bai. Akaso tradizio falta da arazoa. Baina kontua da horrek ekarri duela irudia ulertzea testuaren apaingarri gisa. Gauzak aldatzen hasi dira, eta ohartu gara irudia ere komunikatzeko modu bat dela. Hitzak komunikatzen du, eta irudiek, musikak edo keinuek ere bai. Liburu batean, irudiak komunikatu behar du; kontua ez da irudiak testuak esaten duena errepikatzea, bien artean istorio bat osatzea baizik. Elkarren osagarri izan behar dute. Nolabaiteko elkarrizketa osatu behar da hitzen eta irudien artean.

Hitzik gabeko irudiekin ere osatzen ahal dira istorioak, ezta?

Bai, badira album mutuak; horiek, halere, gidoi bat dute atzean. Komunikatzea da kontua.

Tradizio falta jo duzu arazo; irudiei so egiten ikasi behar dugu?

Ikasi beharko genuke, baina orain arte ez digute irakatsi. Gatozen tokitik gatoz. Ni 1970eko hamarkadan sortu nintzen. Ikastolak orduan hasi ziren hazten; helduek ahal zuten guztia egiten zuten aurrera egiteko; poliki-poliki joan dira bestelako arlotan sartzen, eta irudiak eta albumak ari dira beren tokia lortzen. Orain arte, bestelako premiak baziren. Hitza zen nagusi, eta, irudia, berriz, lagungarri.

Orain irudiaren nolabaiteko loraldia badela uste duzu?

Ari zaio duen balioa aitortzen. Uste dut irudigile berri asko ari direla sortzen. Jendea trebatzen ari da. Lehen, ikasketarik ez zen; orain, Bartzelonan badaude, aukera handiagoa dago, eta ilustratzaile gehiago daude. Irudigile horien ahotsa, gainera, gero eta gehiago entzuten da. Hori da gertatzen ari dena. Ez dugu ahaztu behar, halere, Euskal Herrian Olariagaren edo Asun Balzolaren gisako ilustratzaile klasikoak baditugula, aspalditik lanean ari direnak. Oinarri hori hor dago.

Emakumeen artean bereziki ari da gertatzen oraingo loraldia?

Bai, emakume asko ari gara ilustrazioaren esparruan lanean.

Zu nola hasi zinen ilustrazioaren arlo horretan?

Arte Ederrak ikasi nituen. Beti maite izan dut marraztea, eta konturatu nintzen gauzak kontatzen nituela marrazki horien bidez, hori ilustrazio bat zela jakin gabe. Musikako kaseteei, adibidez, azala egiten nien. Modu natural batean, bide bat egiten hasi nintzen. Ikasketak bukatuta, argi nuen ilustrazioak egin nahi nituela. Orduan ez zen artetzat hartzen, eta, agian horregatik, burugogorra naizelako, nik artea badela aldarrikatu nahi izan nuen.

Zergatik lotzen dira ilustrazioak haurrentzako literaturarekin?

Hala gertatzen da. Ematen du helduoi kosta egiten zaigula marrazkiak irakurtzea. Ez dagoela zaletasuna. Agian, aukera handirik ere ez dagoelako gertatzen da. Hori ere aldatu behar dugu, poliki-poliki. Egungo arazoetako bat da dena azkarregi gertatzen dela.

Zer erran nahi duzu?

Gauza asko dagoela, eta gutxi irauten dutela. Desagertu egiten dira. Ez dugu dena ezagutzeko edo aukeratzeko modurik. Dena azkar doa. Dena ari da aldatzen.

Kezkatzen zaitu horrek?

Nik eskuz marrazten jarraitzen dut, maite dudalako, baina ordenagailua ere erabiltzen dut. Ezagutu behar ditugu egungo moldeak. Baina uste dut funtsa bera dela. Arteak, finean, hunkitu egin behar zaitu, emozioak eragin. Sentiarazten dizun obrak bere funtzioa betetzen du.

Iritzia: Nork idazten du historia?

Lohizune Amatria
Garaileek idazten dute historia. Gertatutakoa hartu, eta beren interesen arabera moldatzen dute, gertakari hori bizi ez zutenek hitz horiek irents eta memorian iltza ditzaten, inolako zalantza izpirik gabe. Gure herria ez da horren sal...

Arazoa erdigunean jartzeko

Arazoa erdigunean jartzeko

Edurne Elizondo

Indarkeria matxistaren aurkako eguna da azaroaren 25ekoa, eta data horrek eragin zuen, neurri handi batean, Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren sorrera, duela bi hamarkada. 1998. urtean jarri zuten martxan herrialdeko hainbat emakume abokatuk, talde feministak, sindikatuk eta bertze hainbat eragilek. "Zerbait egiteko beharra genuen", gogoratu dute plataformako kideek, beren hogei urteko bideari buruz aurkeztu duten dokumentalean. Ahotsa.info hedabide digitalak egin du, eta https://youtu.be/ pQMhXNYjyBA helbidean ikus daiteke.

"Hogei urteko bide hori nabarmendu, eta lanean aritu direnei aitorpena egin nahi izan diegu", erran du plataformako kide Diana Bruño Artazkozek, dokumentalaren helburuaz. Duela urte eta erdi egin zuen bat Bruño Artazkozek taldearekin. Plataforman hasieratik direnen lekukoa hartzeko prest dira emakume gazteak. Iratxe Alvarez Reoyok duela ia hamar urte ezagutu zuen taldea, eta geroztik aritu da lanean.

Zerbait egiteko beharra berretsi dute bi taldekideok. Arazoa erdigunean jartzekoa, alegia. Indarkeria matxista estaltzen eta zuritzen zuen arlo pribatutik atera, eta esparru publikoan eta eragile politiko eta sozial guztien agendetan jartzea zen, eta da, helburua. "Kolperik latzenak, bai eta sotilenak ere, guztiak salatu eta borrokatu nahi ditugu; indarkeria sexistaren aurpegi oro", nabarmendu du Bruño Artazkozek.

1998. urtean sortu zuten plataforma, legez. Urtebete lehenago, 1997ko abenduan, Granadako (Espainia) Ana Orantes hil zuen senar ohiak. Gasolinaz busti, eta su eman zion gizonak emakumeari. Hamahiru egun lehenago, telebista kate batean salatu zituen Orantesek gizonak urte luzez emandako tratu txarrak.

"Hilketa hori inflexio puntu bat izan zen; indarkeria matxista agerian utzi zuen, modurik gordinenean. Nafarroan tratu txarrak jasaten zituzten emakumeekin lan egiten zuten hainbat abokatuk erabaki zuten bat egitea", gogoratu du Alvarez Reoyok. Handik urte gutxira, 2002. urteko apirilean, Alicia Aristregi labankadaz hil zuen haren senarrak, Atarrabian. Indarkeria matxistaren kolpe horrek ere ekarri zuen herrialdean jada mugitzen ari ziren emakumeen konpromisoak gora egitea. Ozen zabaldu zuten gizartean indarkeriaren aurkako beren mezua, eta urratsak egiteko beharra berretsi zuten. Nahikoa zela adierazi zuten, argi eta garbi.

Teresa Zabalegi gogoan

1998. urtean martxan jarri ziren abokatuen artean zegoen Teresa Zabalegi. Plataformako bozeramaile izan zen urte luzez, eta gainerako taldekideentzako erreferentzia dudagabea. Zabalegi iazko maiatzean zendu zen, 62 urte zituela. Dokumentalaren bidez, plataforman egin zuen lana nabarmendu nahi izan dute borrokan kide izan zutenek.

"Baliabiderik gabe, legea papera baino ez da", erran zuen Zabalegik, BERRIA egunkarian, 2014. urteko azaroan. Gobernua genero indarkeriaren aurkako lege berria prestatzen ari zen orduan, eta 2002ko araudiaren hutsak zuzentzeko, dirua eskatu zuten plataformako emakumeek. Eskaera horrek ongi islatzen du taldeko kideen lanaren espiritua zein den: "Hitzetatik ekintzetara egin behar dugu jauzia; legeek balio dute bakarrik betetzen badira", erran du Alvarez Reoyok.

Erakundeak izan dira Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak bere lana garatzeko hautatutako esparruetako bat. Taldearen hastapenean bat egin zuten emakume abokatuen parte hartzeak izan zuen eragina horretan, beharrezkotzat ikusi baitzuten indarkeria matxistari aurre egiteko lege onak eta eraginkorrak prestatzea. "2002. urteko testua plataformak proposatu zuen; gero, legea onartzeko prozesuan, edukiz hustu zuten. Plataformak, halere, beti izan du argi erakundeak interpelatu behar zituela", azaldu du Alvarez Reoyok.

Erakunde publikoei beren ardura eta erantzukizuna gogoratu nahi izan die plataformak. Indarkeria matxistari aurre egiteko jarrera hartzera behartu nahi izan ditu. Baina horrek ez du erran nahi karrikako lana bazter utzi duenik. "Kalean ere egin dugu borroka, hor ere egon behar dugula eta lan esparru garrantzitsua dela argi dugulako", erran dute plataformako kideek.

Lanean jarraitzeko beharra badela ederki dakite Bruño Artazkozek eta Alvarez Reoyok. Baina erakundeetan eta karriketan azken hogei urteotan egindako bideak emaitzarik eman duela ere zalantzarik ez dute. "Arazoa gizarteratu dugu", nabarmendu dute, batetik. Lan horren adibide aipatu dute Gora Iruñea plataformarekin batera sanferminetan gertatzen diren sexu erasoen aurka egindakoa. "Protokoloa prestatu genuen, eraso horiei aurre egiteko". Bertzetik, erakundeetan ere plataformaren eta gainerako talde feministen lanak aldaketak eragin dituela erantsi dute. "Herri mugimendua ailegatzen da ailegatzen denera, baina mugak ditu, eta ezinbestekoa da erakundeetan ere lan egitea. Erakundeak inplikatzea ezinbestekoa izan da; ez dut argi gure diskurtsoa berenganatu ote duten, baina arazo bat dagoela onartu dute", azaldu du Alvarez Reoyok.

Grebarako prest

Erakundeei presioa egiteko beharrezko espazioa da karrika. Eta horregatik kalean egon nahi izan du beti plataformak. Orain ere behar dela argi du Bruño Artazkozek. "Legeak behar ditugu, baina ez dira nahikoak. Legeak jasotakoa betetzeko dagoen aurrekontu urriak agerian utzi du bide luzea dugula, oraindik ere, egiteko", gaineratu du.

Bidea luzea delako, hain zuzen ere, Martxoaren 8rako, bigarrenez, grebara deitu du mugimendu feministak. Plataformak ere babestu du ekinaldia. Alvarez Reoyo eta Bruño Artazkoz lanean aritu dira, azken hilabeteotan, greba prestatzeko prozesuan. "Gogoz gaude", erran dute.

Iazko protestak izandako arrakasta nabarmendu dute plataformako bi kideek. "Hainbat eragilerentzat oso greba erraza izan zen; martxoaren 9an denak ginen feminista, baina urtebete joan da eta hemen aldaketarik ez da egon", zehaztu du, halere, Alvarez Reoyok.

"Aurten zehatzago eta zuzenago izan nahi dugu", berretsi du Bruño Artazkozek. Beharrezkotzat jo du gogoeta esparru guztietara zabaltzea: gizartera, erakundeen esparrura, bai eta norberaren etxera ere. Berdintasunaren aldeko eta zapalkuntzaren aurkako aldarria mahai gainean dela argi dute plataformako kideek; borrokan ez dagoela atzera egiterik.

Hilabete falta da Martxoaren 8ko grebarako, eta egun horretan karrikan egonen dira plataformako kideak. Indarkeria matxistari aurre egiteko prest dira. "Edozein emakumeren aurkako erasoa gure aurkako erasotzat hartu behar dugu, eta denen aurka borrokatu", nabarmendu dute. Gizarteak plataformaren beharrik ez izatea dute xede. Bitartean, lanean jarraituko dute.

Emozioak, hitzez eta trazuz

Emozioak, hitzez eta trazuz

Ane Eslava

Gogoetarako, introspekziorako eta laguntzarako ariketa bat. Hori da sorkuntza poetikoa Blanca Eslabarentzat. Norbere burua bilatzeko eta aurkitzeko bidea. 14 urterekin ikusi zuen hitzak berarentzat zuen indarra, eta ordutik izan du poesia bidelagun. Baina berarentzat eta bere gertukoentzat idazten zuen, ez baitzen ausartzen bere lana erakusten. Orain, urratsa egin du, eta argitara eraman du sorkuntza. Paisajes del agua (Uraren paisaiak) liburuan bildu ditu bere ibilbidean sortutako hamaika olerki, bizitzan igarotako garaien erakusle ere badirenak. Haren ahizpa Asun Eslabak ilustrazio bat egin du olerki bakoitzarentzat; autoedizioaren bidez argitaratu dute.

"Oso goiz aurkitu nuen poesia: oreka lortzeko eta bizitzari zentzua emateko jo nuen harengana", adierazi du egileak. Bizitzaren garai bakoitzean, maila batean lagundu izan dio poesiak; batzuetan, "behar-beharrezko" izan du, eta, beste batzuetan, ez dio denbora askorik eskaini. Amatasun eta semeen hazkuntza garaian idazketa alboratu egin zuela kontatu du, eta azken urteetan sorkuntzara itzultzeko "ilusioa" piztu zaiola berriro ere.

Isabel Hualde poetak 2013an Irunberrin sortu zuen Ostegun poetikoak proiektuak lagundu ei zion idazketarekin berriz elkartzen, bai eta argitaratzeko pausoa ematen ere. Hangoa da Blanca Eslaba. "Horren barruan, ibilbide bat zuten poeta asko ezagutu nituen, eta haiei esker hasi nintzen neure lana balioesten".

Egitasmo horren testuinguruan sortu zuten En voz alta. Nosotras, poetas de la Zona Media liburua ere. Nafarroako erdialdeko zazpi emakumek beren olerkiak bildu zituzten lan horretan, iaz, eta horietako bat Blanca Eslaba izan zen. Oraingoan, ordea, harago joatera ausartu da, eta bakarrik agertu da jendaurrean.

Egindako urratsa bere burua "desestaltzearen gisakoa" izan dela esan du: "Bertigoa sentitu dut, eta kezkatu nau besteek nitaz pentsa zezaketenak". Halere, uste du pentsamendu negatiboak kontrolatzen ikasi duela. "Edonork bizitzen dituen gauzen inguruan hitz egiten dut liburuan".

Bizipen eta sentimendu arruntak izan ditu hizpide olerkietan: maitasuna, galera, beldurra, denboraren joana…Horren guztiaren gainetik, lan osoa zeharkatzen duen gai bat dago: natura. "Beti izan da laguntzarik handiena".

"Sosegua topatzeko beharra izan dudanean, zelaien hegietatik ibiltzea izan da niretzat lagungarriena: han, lasai sentitzen naiz, eta nire bizipenak aztertzeko gai naiz". Adierazi duenez, natura bere "barruan" du, eta poesia da, hain zuzen, barnean duena kanpora ateratzeko bidea. Naturaz mintzatzen da liburua irekitzen duen Pagoak olerkia, bai eta Uzta biltzen, Ekiloreak eta Iragate berdea ere, besteak beste.

Liburuan, hainbat atal bereiz daitezke, egilearen bizi garaiekin loturik daudenak: gaztaroa, helduaroa, amatasun garaia… Azaldu duenez, bizitza ulertzeko bere modua "zikloen ideiarekin" estuki lotuta dago, eta, hain zuzen ere, bizitzaren garaiak naturaren zikloekin alderatzen ditu: "Zuk bizitzan senti dezakezun edozein zailtasun edo oztopo naturan ere badago. Baina gero beti dator saria: udaberria. Une zailetan, horretan sinesten dut: nola edo hala, beti helduko da udaberria".

Liburuaren erdialdetik aurrera, gai pertsonalak gailendu egiten zaizkie paisaiekin lotutakoei. Gaixotasuna, heriotza eta horien gisako bizipen gogorren inguruko hainbat olerki daude: Bular minbizia, Anorexia, Bertsoak amaitu dira… Egileak esan duenez, poesia askotan erabili du egoera zailetatik ateratzeko: "Sentitzen dudana hitzekin bideratuz, sentimendua bertso bilakatuz, mina kanpora eramaten dut, eta minak beste modu batera inguratzen nau".

Olerkien bitartez, gai sozialak ere jorratu ohi ditu, eta liburuan sartu ditu batzuk, hala nola Afrika beltza eta Babeslekurik gabeko babestuak. Errefuxiatuen, pobreziaren eta beste hainbat injustiziaren inguruan mintzatu da.

Orotara, 60 olerkik osatzen dute Paisajes del agua, 169 orriko lana, eta, gehienak gaztelaniaz badira ere, Iñaki Bastarrikak euskarara ekarri ditu horietako lau. Egilearen anaia batek, Patxi Eslabak egindako argazki abstraktu batek ilustratzen du liburuaren azala: kable batek ibaian egiten duen isla, hostoz inguratuta.

Ana Martinez olerkariak idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta Miguel de Unamunoren Paisajes del alma (Arimaren paisaiak) lanarekin alderatu du Eslabarena: "Eslabaren olerkietan ere lurra eta paisaia urtzen dira gogoeta eta pentsamendu intimoetan, haren giza geografian". Martinezek gaineratu du Eslabak lehenbiziko poema bildumarekin erakutsi duela "luzerako" etorri dela.

Hitzak irudi bihurtuz

Asun Eslaba marrazkilariak ilustrazio bat egin du olerki bakoitzarentzat. Poesiaren arabera, material bat edo beste erabili du, hitzez adierazita zegoena "ahalik eta modu adierazkorrenean" eramateko irudira. Errotuladorez, tintaz, arkatzez eta collagez egin ditu marrazkiak, besteak beste. Kontatu duenez, lehenbizi, lanaren irakurketa orokor bat egin zuen, eta, gero, olerkiak banan-banan landuz joan zen, ahizpak idatzitakoa marrazkian islatzea lortu arte. Hark ere natura eta paisaiak izan ditu inspirazio iturri. "Bideetara irtetea, ibiltzea, ingurura begiratzea… Hori guztia nire bizitzaren parte da".

Poesia lan bat ilustratu duen lehen aldia izan da, eta, hortaz, zailtasun batzuk izan ditu. Baina adierazi du lana "jario bat" izan dela. Uste du abantailak izan dituela: "Blancak idazten daraman denbora bera daramat nik haren olerkiak irakurtzen; hark olerkietan kontatu dituen bizipenetako asko nik ere bizi izan ditut". Ziurtatu du bere bizitzako lanik "biziena" izan dela gertutasun horren ondorioz, edo horri esker.

Marrazkilaria pozik dago ilustrazioen emaitzarekin, "gogobeteta". Baita idazlea ere: "Marrazkiek esanahi handiagoa eman diote liburuari", esan du. Gaineratu du bi ahizpek emozioak bi modutara jantzi dituztela: hitzez eta trazuz. "Emozioek bi isurialde dituzte liburuan: poesia eta marrazkia".

Aulkian eseri nahi dute

Aulkian eseri nahi dute

Edurne Elizondo

Zigorgabetasunari aurpegia jarri diote: Rodolfo Martin Villaren aurpegia, hain zuzen ere. Epailearen aurrera eraman nahi dut frankismoaren eta trantsizioaren garaiko krimenen inguruko inpunitatea salatzeko kanpaina martxan jarri duten erakundeeke. Bost dira bultzatzaileak, baina bertze anitzen babesa jaso dute jada. Aulkian eseri nahi dute Franco diktadorearen eskutik bost domina jaso zituen agintaria.

Martin Villa Espainiako Barne ministroa zen 1978. urteko uztailaren 8an, Polizia Armatuak LKIko German Rodriguez gaztea tiroz hil zuenean, Iruñeko zezen plazan hasitako erasoan. Geroztik, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak lan egin du eraso horren inguruan egia, justizia eta ordaina lortzeko. Erakunde horrek jarri du abian oraingo zigorgabetasunaren aurkako kanpaina, Ahaztuak, Egiari Zor, Goldatu eta Martxoak 3 elkarteekin batera.

Euskal Herritik kanpo, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian ere memoriaren esparruan lan egiten duten bertze hainbat taldek bat egin dute ekinaldiarekin. Sarean ariko dira datozen hilabeteetan, nor bere herrialdean, baina denak helburu komun batekin: Martin Villa epai dezatela.

"Argentinako epaitegiek inputatu dute, baina hori ez da nahikoa. Estatuko epaitegiek ere epaitu beharko lukete, bera estatuko agintari zela egin zituztelako frankismoan eta trantsizioan gizateriaren aurkako hamaika krimen. Errepresioaren erantzule nagusietako bat izan da Martin Villa", erran du 78ko Sanferminak Gogoan plataformako Presen Zubillagak.

Krimen horien inguruan urte luzez ezarritako isiltasuna apurtu nahi dute kanpaina martxan jarri duten elkarteek. Ez hori bakarrik. "Frankismoaren aurka borroka egin zuten langileen, emakumeen, auzo elkarteen eta gainerako eragileen ahalegina jarri nahi dugu mahai gainean; botereak haien lana desitxuratu nahi izan du trantsizioari buruzko irudi ofizialaren bitartez. Irudi horrek gizonen arteko negoziazioen ondoriotzat jo izan du trantsizioa", salatu du Zubillagak.

"Egungo arazo bat"

Irudi horretatik urrun da errealitatea, ordea. Inpunitatearen aurkako ekinaldiaren bultzatzaileek orduko errepresioa nabarmendu, eta agerian utzi dute Martin Villak izan zuen erantzukizuna. German Rodriguezen hilketa, hain zuzen ere, bat izan zen bertze anitzen artean. Iruindarra tiroz hil baino bi urte lehenago, 1976ko martxoaren 3an, Polizia Armatuak bost langile hil zituen Gasteizen, eta ehun baino gehiago zauritu. Hurrengo urtean, 1977ko maiatzaren 12an, amnistiaren aldeko manifestazio batean bost pertsona zauritu zituen Guardia Zibilak tiroz, Errenterian (Gipuzkoa). Haietako bat hil egin zen. Bertze sei pertsona hil zituzten hurrengo egunetan Euskal Herri osoan egindako protestetan.

"Krimen horien inguruan inpunitatea da nagusi; eta bada garaia hori aldatzeko. Horrelako krimenak ez dira iraganeko kontu bat; gaur egungo arazo bat dira, eta gutxieneko oinarri demokratikoak izan nahi dituen edozein estaturi edo gizarteri eragiten diete", erran du Zubillagak.

Horregatik eskatu dituzte egia, justizia eta ordaina. Iker ditzatela eta auzibidean jar ditzatela krimen horiek eta haien erantzuleak. Frankismoan eta trantsizioan bete zituen postuek, erantzule horien zerrendako lehen postuetako batean jartzen dute Martin Villa. Epailearen aurrera eramateko kanpaina bultzatu duten erakundeek herriz herri egin nahi dituzte urratsak. Horretarako, mozioak aurkeztuko dituzte udaletan, erakunde horiek Martin Villa epaitzeko eskaerarekin bat egin dezaten. Herritar orok izanen du eskaera hori babesteko aukera, gainera, kanpainaren sustatzaileek adostutako manifestua sinatuz.

Auzitara ere joko dute zuzenean 78ko Sanferminak Gogoan plataformako eta gainerako erakundeetako ordezkariek, Martin Villa epai dezatela eskatzeko. Euskal Herritik kanpoko taldeek ere urrats bera eginen dute.

Memoriak, elkartasunak eta aitortzak ere izanen dute tokirik datozen hilabeteotako ekinaldietan. "Bereziki gogoratuko ditugu aurten errepresioak hildako guztiak", erran du Ahaztuak elkarteko Carlos Otxoak. Iruñean, urtero egiten diote omenaldia German Rodriguezi, uztailaren 8an. Iazkoa berezia izan zen, hil zutenetik berrogei urte bete zirelako. Aurtengoa ere izanen da. 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildakoak gogoratuko dituzte hilabete horretan, eta 1977ko amnistiaren aldeko astean hil zituztenak, berriz, maiatzean. Zigorgabetasunari aurre egin nahi diote, behingoz.