Iritzia: Tratu ankerrak

Lohizune Amatria
Ez dago torturaren argazkirik, ez dago torturaren aktarik, tortura, definizioz, denik eta jarduerarik gordeena baita. Gizarteak erabaki behar du torturatuari edo torturatzaileari sinesten ote dion". Era labur eta zuzenean laburbildu du...

“Aldarrikapenei eutsi, eta profesionalizatu dugu gure lantaldea”

“Aldarrikapenei eutsi, eta profesionalizatu dugu gure lantaldea”

Edurne Elizondo

Jende gazte berriak eta aspaldiko kideek egin dute bat Kattalingorri elkartearen batzorde berrian. LGTB kolektiboa artatzea dute helburu: Iruñean, udalaren Harrotu zerbitzua kudeatzen dute (San Gregorio, 28); Nafarroako gainerako herrietarako, berriz, Kattalingune dute martxan (Abejeras, 41), gobernuaren eskutik. Egungo prozesuaz eta gerora begirako erronkez mintzatu dira Kattalingorriko kide Erika Salvatierra (Iruñea, 1989) eta Xabi Sanchez (Iruñea, 1971).

Ziklo berria hasi du Kattalingorrik?

XABI SANCHEZ: 2015. urtetik egon gara prozesu batean murgilduta. Urte hartan Aldapa karrikan genuen egoitza itxi genuen. Erakundeetan aldaketa gertatu eta gero, haiekin beste harreman bat garatzeko aukera izan genuen, eta elkarlan horrek eman ditu bere emaitzak. Batetik, Nafarroako Gobernuaren eskutik, Kattalingune jarri dugu martxan, LGTB kolektiboa artatzeko; bertzetik, Iruñeko Udalaren eskutik, Harrotu bulegoa kudeatzen dugu. Lan bera egiten dugu, baina hiriburuan. Kattalinguneren lan esparrua Nafarroako gainerako herriak dira, eta Tuteran ere badu bulegoa.

Barrura begira ere, batzordea berritu du Kattalingorrik.

X. S.: Hala da. Azken bi urteotan lan handia egin dugu, zama handia izan dugu gainean. Batzordea berritu eta talde anizkunagoa osatu dugu, aurrera begira ditugun erronkei aurre egin ahal izateko.

Erakundeen babesa izateak nola eragin dio zuen lanari?

ERIKA SALVATIERRA: Lantaldea profesionalizatu egin da. Betiko aldarrikapenei eutsi diegu, baina bestelako esparru bat sortu da lan egin ahal izateko. Erakundeetan aldaketa gertatu eta gero, LGTB politikak bultzatu dituzte erakunde horiek. Nafarroako Gobernuak diru laguntza ematen dio Kattalingorriri, kolektiboa artatzeko lan hori profesionalizatu duen bakarra delako. Sexologia oinarri hartuta, erakutsi dugu kolektiboan dauden pertsonak profesionaltasunez artatzen ahal ditugula. Iruñeko Udalak bere zerbitzuaren kudeaketarako plegua plazaratu zuen, eta aukera ikusi genuen aurkezteko. Eta egokitu zitzaigun. Lanean ari gara.

Kattalingunek eta Horrotuk nork bere egoitza du, ezta?

X.S.: Bai. Kattalingune sortu zenean, Harrotu ez zen existitzen, eta gure lan esparrua Nafarroa osoa zen. Udalak erabaki zuen bere zerbitzu propioa martxan jartzea, eta horrek ekarri du Harrotu bulegoa zabaltzea. Ondorioz, Kattalingune ariko da gehiago landa eremuan, eta Harrotuk Iruñean eginen du lan.

Kattalingorri, nolabait, zerbitzuon eta erakundeen arteko zubi bilakatu da?

E.S.: Bai, ezin dugulako ahaztu erakundeei eskatu egin behar zaiela. Legea iaz onartu zuten, eta ongi dago, baina orain legea garatu behar dute. Beraz, erakundeei beren lana egin behar dutela gogorarazi behar diegu etengabe, legeak garatu eta baliabidez hornitu behar direlako. Legeak bermatzen direla zaindu behar dugu, bai osasungintzan, bai eta hezkuntzaren esparruan ere.

X.S.: Oraindik ere beharrezkoa da aldarrikatzea eta borrokatzea, eta lan hori egitea herri mugimenduetatik. Kattalingorrik esparru hori betetzen du, eta, aldi berean, talde profesionala du. Formula berezi hori sortu dugu. Denok elkarrekin ari gara zerbait sortzen. Eta horri gehitu behar diogu orain Kattalingorrin batzordea berritu dugula, eta horrek biziberritu duela elkartea.

E.S.: Batzorde anizkuna da, inoiz baino anizkunagoa, besteak beste, jende gazte berria sartu delako lantaldean.

LGTBI legea onartu zuen iaz Nafarroako Parlamentuak; orain, Transbide izeneko zerbitzua jarri du martxan gobernuak. Kontent halako urratsek ekartzen ahal dutenarekin?

E.S.: Oso positiboa da. Azken urtea oso intentsoa izan da, eta lan handia egin dugu. Ez bakarrik Kattalingorrik; Transkolore eta Ortzadar ere aritu dira. Bazter ginen lehen, eta, bat-batean, sekulako bultzada jaso dugu. Sumatzen dugu aldaketak ekarri duela urratsak egiteko benetako nahi bat. Transbide oso positiboa da, batez ere, paradigma aldatzen duelako, eta pertsona jartzen duelako erdigunean. Pertsona horrek, gainera, jada ez du diagnostikorik behar. Kataluniako zerbitzua hartu du Nafarroak oinarri berea garatzeko eta oso ongi funtzionatzen du. Hori da bidea, baina lanean jarraitu behar dugu.

Zein esparrutan sakondu beharko litzateke, zuen ustez?

E.S.: Hezkuntzaren esparruan, adibidez, behar dugu sexuen hezkuntza bat, baina benetakoa, oinarrizkoa, eta txikitatik, guztiontzat. Sexu heziketaren auzia jasotzen duen dekretua onartu zuen gobernuak, baina garatzeke dago oraindik.

Hezkuntzaren arloan, jendaurrean salatu berri ditu Nafarroako Unibertsitateko ikasle talde batek erakunde horrek azterketa batean egindako galderak; bertzeak bertze, homosexualitatea zuzentzen ote den. Zer deritzozue?

X.S.: Halako jarrerekin, aurrean izanen gaituzte beti. Administrazioari eskatu behar diogu horrelako jarrerak ez ditzala babestu, eta bultza eta babes dezala, berriz, halako gorroto dinamikei aurre egiten dien lana.

Igandean Ekai Lersundiren omenezko lore eskaintza antolatu zenuten. Bere buruaz bertze egin zuen 16 urteko nerabe transexualak. Halakoen aurrean, zer?

E.S.: Gogorra izan da. Honat etortzen den jendeak eskertzen du asko eskaintzen diogun arreta. Batez ere, trans egoeran direnek. Egunotan, pertsona bat etorri da, eta sentitzen duen sexuaren arabera hitz egin diot, eta oso pozik joan da, itzuliko dela esanez. Hori da kontua. Horregatik merezi du gure lanak.

Nerabezaroa denentzat da zaila, baina are gehiago trans egoeran direnentzat. Gizarte binario batean bizi gara, eta rolak oso zehaztuak ditugu. Niri zalantza bat sortzen zait: benetan hormonak hartu nahi badituzte, zergatik ez diegu horretarako aukera ematen? Bakoitzak erabaki dezala.

X.S.: Azken urteotan lortu da transexualitatea gero eta ikusgarriago bilakatzea, eta horrek ekarri du jende gehiago artatzeko beharra. Chrysallis elkarteak egindako lanak ere ekarri du aukerak mahai gainean jartzea. Erakundeek dauden beharrei erantzun behar diete, eta berandu baino lehen erantzun behar dute. Trans kolektiboak esaten duenari egin behar diogu so, eta esaten duen hori bideratzeko baliabideak jarri behar ditu administrazioak.

Elkartasunaren izenean

Elkartasunaren izenean

Edurne Elizondo

Besarkada batek laburbildu zuen bi orduko mahai inguruan nabarmendu nahi izan zuten mezua: sistemaren errepresioaren aurrean elkartasuna dela aurrera egiteko bidea. Bel Pozueta eta Elena Ortega izan zituen besarkada horrek protagonista. Gazte Komunistek antolatutako ekinaldian parte hartu zuten, larunbatean, Altsasuko auziko guraso Alfredo Urkijorekin eta Madrilgo 13 Rosas zentro sozialeko Jesus Garcia eta Elena Garciarekin batera.

Altsasuko Adur Ramirez de Alda gaztearen ama da Pozueta. 2016ko azarotik dago Ramirez de Alda espetxean, herriko taberna batean bi guardia zibilekin izandako liskarragatik terrorismoa egotzita. Apirilean eginen diete auziko zortzi gazteei epaiketa. Ortega, berriz, Alfon Fernandezen ama da. 2012an atxilotu zuten, Madrilen, greba orokorraren eguneko piketeetarako bidean. "Ezagutzen ez nituen hitzak ikasi nituen semearen auziarekin: poliziaren azpijokoa, torturak poliziaren etxean, behin-behineko espetxea, FIES erregimena, sakabanaketa...". Lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten Fernandezi, eta kartzelan egin ditu azken 30 hilabeteak. Iruñera etorri zen Ortega larunbatean, eta Bel Pozuetaren besarkada jaso zuen, ekinaldia hasi baino lehen. Bi amen arteko besarkada beroa izan zen emakumeok elkarri eman ziotena. Bakarrik ez direla adierazteko keinua. Babes sareak eraikitzen ari dira, elkartasunaren izenean.

"Madrilgo Vallecas auzoko langileak gara gu. Beti izan dugu helburu gizarte justuago bat. Horren alde lan egiten duzunean, argi dago sistemak ez duela zurekin bat eginen. Hori jakinda ere, ikaragarria da azkenaldiko atzeraldia. 2012an baino okerrago gaude". Elena Ortegaren egunerokoa erabat aldatu zen semea espetxean sartu zutenean. Baina ez zen Alfon Fernandezen auzia izan Ortegaren kontzientzia piztu zuena. Aurretik bat egin zuen Madrilgo bere auzoko Errepresioaren Aurkako Amak elkartearekin.

Gogoan du talde horretako kideak piztu zituen lehen auzia. "Faxista batek Carlos Palomino hil zuen, auzoko 16 urteko gazte bat. Auzi horren berri zabaltzeko egin genuen lan, gertatu zena ikusgarri bilakatzeko, biktima kriminalizatu nahi izan baitzuen sistemak". Ez zuen lortu, ordea, eta Palominoren hiltzaileari 25 urteko espetxe zigorra jarri zioten.

Palominoren heriotzak jo zuen Ortega lehendabizi; semearen atxilotzeak gero. "Hain da gogorra halako egoera bat pairatzea... maite duzun hori albotik kentzen dizute, bidegabekeria baten erruz", aitortu zuen Ortegak, Iruñean. Nabarmendu zuen, halere, esperientziarik txarrenak ere baduela alderdi onik. "Jaso dugun elkartasuna ikaragarria izan da; eta elkartasun horrek ematen digu aurrera egiteko indarra. Funtsezkoa da".

Indar hori eman nahi izan dio Ortegak Bel Pozuetari; Altsasuko auziko guraso guztiei. "Altsasuko auziak izan behar du denon lehentasuna; beldurgarria da gertatzen ari dena, erabat maltzurra eta neurrigabea. Gelditu behar dugu, denon artean. Errepresioa ez da oraingo kontu, are gutxiago Euskal Herrian. Lanean jarraitu behar dugu".

Eskertu zituen Pozuetak, larunbatean, Ortegaren hitzak. Eta hark errandakoa berretsi zuen, inolako zalantza izpirik gabe: "Epaiketa gertu dugu, eta denen babesa eta laguntza beharko dugu; karrikara atera behar dugu denok, eta Nafarroa piztu". Pozuetak argi erran zuen "epaiketaren beldur" direla. "Beldurra" diotela Espainiako Auzitegi Nazionalean gertatzen ahal denari. "Hasieratik, Guardia Zibilaren kontakizuna nagusitu da. Ez dugu gurea mahai gainean jartzeko aukera izan. Gure froga gehienak atzera bota dituzte. Beldur handia dugu".

Auziaren asmoak zeintzuk diren ere garbi du Pozuetak: "Batetik, herritarrak desmobilizatu nahi dituzte; ikus dezala jendeak, mugituz gero, zer gertatzen ahal zaien; bertzetik, mendekua nahi dute".

Coviteren rola

Bel Pozuetak Covitek auzian bete duen rola nabarmendu zuen, mahai inguruan, bereziki. "Altsasuko liskarra gertatu eta gero, Covite izan zen han gertatu zena terrorismoa zela erran zuena". Ramirez de Aldaren amak gogoratu zuen, 2016. urtetik, poliziak tartean izan dituzten 9.571 liskar izan direla, baina haietako kasu bakar batean egotzi diete terrorismoa parte hartzaileei: Altsasukoan, alegia.

"Hori izan da asmoa, hasieratik; eta gure herrian gertatu zenari terrorismoaren etiketa jartzeko nahiak ekarri gaitu egungo egoerara". Pozuetaren semeari 50 urteko espetxe zigorra eskatzen diote. Larunbateko ekinaldian mahaian lagun izan zuen Alfredo Urkijoren alaba Ainara Urkijori, berriz, 12. Alfredo Urkijok Pozuetarekin bat egin zuen, eta herritarren babesa eskatu zuen datozen hilabeteetarako: "Manifestazioa eginen dugu apirilaren 14an. Garrantzitsua da denok bat egitea eta karrikara ateratzea".

Mezu bera zabaldu nahi izan zuen Oihan Arnanzen aita Koldo Arnanzek ere, larunbatean. Entzule aritu zen ekinaldian, baina hitza hartu zuen semearen berri emateko. Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno bezala, espetxean da Arnanz, 2016ko azarotik. "Gorabeherak ditu, baina indartsu dago", erran zuen haren aitak.

Semearen indarra nabarmendu nahi izan zuen Pozuetak ere. "Ikasten ari da, eta horrek on egin dio. Amorrua ere badu, noski", azaldu zuen Altsasuko amak. Senideen eta lagunen babesa ere nabarmendu eta eskertu zuen, eta etxetik 400 kilometrora egon arren astebururo bisita dutela azaldu zuen. "Ikaragarria da jendearen erantzuna".

Altsasun herriko zortzi gazteen aurkako auziak izan duen eragina jarri zuen Pozuetak mahai gainean, hain zuzen ere. "Gure seme-alaben auziaren aitzakiarekin herri osoa iraindu dute; herri osoari egin diote eraso, eta Altsasu indarkeriarekin lotu nahi izan dute, indarra erabiltzen duen herria dela nabarmendu. Baina ez da hori errealitatea. Altsasu inoiz baino batuago dagoen herria da gaur, ideologia ezberdinen gainetik, jasaten dugun bidegabekeriak batu gaituelako".

Larunbatean, hain zuzen ere, Santa Ageda ospatu zuten altsasuarrek. Zortziko bat dantzatu zuten epaituko dituzten gazteen alde. "Gogorra da gainean dugun egoera, baina, gauza txar guztien gainetik, ezin izan digute ospatzeko gogoa kendu; ezin izan digute poztasuna kendu", erran zuen, harro, Pozuetak.

Instrukzio fasean

Ortegak eta Pozuetak errandako guztia adi entzun zuten Jesus Garciak eta Elena Garciak. "Izugarri ikasi dugu; indarra eman digu esperientzia honek", nabarmendu zuten, ekinaldia amaitu eta gero. Madrilgo bi gazteok zuzenean sufritu dute errepresioa: 2014. urteko otsailaren 14an atxilotu zituzten Alcala de Henares hiriko 13 Rosas zentro sozialean, eta agintearen aurkako atentatua, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zieten. Prozesu judiziala instrukzioaren fasean dago, oraindik ere. "Espero dugu laster amaitzea, eta epaiketa aurten edo, beranduenez, hurrengo urtean egitea. Lau urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen ahal digute", azaldu zuen Jesus Garciak, Iruñean.

Atxilotu zituzten egunean, errepresioaren aurkako hitzaldia egin zuten 13 Rosas zentroan. Espazio hori, bertzeak bertze, Alcala de Henaresko Alderdi Komunistaren egoitza ere bada. "Gauez, lauzpabost pertsona baino ez ginen zentroan. Udaltzainak etorri ziren, zarata egiten ari ginela erratera. Berehala, Espainiako Polizia agertu zen, La Sexta telebista kateko Policías en acción saioko kamerekin. Erran genien agindurik gabe ezin zirela sartu, baina sartu ziren, modu txarrean. Ni atxilotu ninduten lehendabizi, eta gero, berriz, Elena".

Hamabost egunean behin joan behar dute epaitegira sinatzera. Plataforma sortu dute hirian beren kontrako errepresioa salatzeko. Alcala de Henaresko testuingurua jarri dute mahai gainean auzipetuek, hiri horretan faxismoak "indar handia" duelako. "Poliziaren errepresioari egin behar diogu aurre, batetik; eta, bertzetik, faxisten errepresioari. Egia da faxistek zilegitasun gutxiago dutela, baina haiek, ordea, Poliziak gainditzen ez dituen mugak gainditzen ahal dituzte".

Alfon Fernandezen auziak anitz eragin ziela onartu zuten 13 Rosas zentroko kideek, eta argi dutela Fernandezen edo haien kontrako auzien helburu nagusia izan zela orduko herri mugimenduaren goraldia zapuztea. "Isilik eta geldirik nahi gaituzte; errepresioari aurre egiteko modu bakarra, ordea, babes sare zabalak sortzea da. Errepresioa sufritzen duena ezin da bakarrik egon".

Bakardade hori sentitu dute, ordea, Jesus Garciak eta Elena Garciak, mahai inguruan aitortu zutenez. Elena Garciak, gainera, generoaren ikuspuntutik egindako azterketa erantsi zion bere kontakizunari, eta bi kideen esperientzian egon den aldea nabarmendu zuen. "Denok hazi gaituzte sistema patriarkalaren barruan; lan egiten duzu ikasitako hori deseraikitzeko, baina, hainbat kontuk ihes egiten digute, oraindik ere".

13 Rosas zentroko kasuan bi dira auzipetuak, baina Elena Garciak salatu zuen anitzetan "ikusezin" izan dela prozesuan. Beren auzia salatzeko sortutako plataforman, halaber, zaintzak "huts" egin duela erantsi zuen. "Neure burua zaindu behar izan dut, eta zaintza lanen ardura nire esku hartu. Jesusek kudeatu behar izan ez dituen egoera anitzi egin behar izan diet nik aurre, emakume izateagatik". Zaintza lanaren ardura, gehienetan, emakumeen esku gelditzen dela erran zuen Elena Garciak. Horren adibide da Errepresioaren Aurkako Amak elkartea. Bel Pozuetak ere zaintzaren garrantzia aipatu zuen, baina nabarmendu nahi izan zuen, batez ere, prozesuan nola ahaldundu diren. Indarrez dira, aurrera jarraitzeko prest.

Memoria, lau etapatan

Memoria, lau etapatan

Edurne Elizondo

Ezkabako memoriak badu bere mapa: Nafarroako Gobernuak mendiko ibilbide bilakatu du gotorlekuko presoek egindako ihesaldia. Ezkabatik Urepeleraino (Nafarroa Beherea), 53 kilometroko bidea egin zuten iheslariok, duela 80 urte. 795 preso atera ziren Ezkabatik, 1938ko maiatzaren 22an, baina hiruzpalauk bertzerik ez zuten muga zeharkatzea lortu. Lau etapatan zatitu du gobernuak GR-225 izena hartu duen ibilbidea; aukera ematen du presoek egin zuten bidea ezagutzeko, bai eta bide horri lotutako memorian sakontzeko ere.

Igandea zen 1938ko maiatzaren 22 hura. Igande arratsalde hartan, 795 presok ihes egin zuten Ezkabako gotorlekutik. Haietako 206 tiroz hil zituzten mendian, eta 586 atxilotu egin zituzten, berriz ere. Haietako hamalau fusilatu egin zituzten, ihesaldia prestatzea egotzita. Hiruk lortu zuten muga zeharkatzea: Jovino Fernandezek, Jose Marinerok eta Valentin Lorenzok. Laugarrena izan zela defendatu zuen Fermin Ezkietak Pamielarekin idatzitako Los fugados del Fuerte de Ezkaba 1938 (Ezkabako Gotorlekuko iheslariak. 1938) liburuan, 2013. urtean.

Duela bost urte, hain zuzen ere, Fernandezen, Marineroren eta Lorenzoren alabak Iruñean izan ziren, ihesaldiaren 75. urteurrenean. Ana Fernandezek, Pilar Marinerok eta Cristina Plazak beren aiten memoria berreskuratu zuten. "Miseria eta zoritxarrak bizi izan zituen han", esan zuen Fernandezek; aitarentzat gaia "tabua" zela aitortu zuen Marinerok, ez ziela sekula deus kontatu.

Astunegia izan daiteke memoriaren pisua. Baina ezagutzeko beharra nabarmendu du, halere, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok. Horregatik egin du administrazioak Ezkabatik ihes egin zutenen bidea berreskuratzeko urratsa. "Ezkabako gotorlekuak tresna bat izan behar du memoria bizi, aktibo eta kritiko bat eraikitzeko, han gertatu zena berriz errepika ez dadin; gure begirada etorkizuneko belaunaldietan jarri behar dugu", erran du kontseilariak.

Egungo gobernuak egin dituen urratsez harago, memoria historikoaren esparruan aritzen diren elkarteen eta eragileen bultzada ezinbertzekoa izan da, urteotan guztietan, ahanzturaren aurka lan egiteko, eta Ezkabako presoen memoriari eusteko. Ezkaba eta Urepele arteko ibilbidea prestatzeko, halaber, boluntarioek egin duten lana agerian utzi nahi izan du Ana Ollo kontseilariak. Ibilbideak dituen lau etapetako bidezidorrak egokitzen eta markatzen aritu dira, bertzeak bertze. Nafarroako Mendi Federazioak ere parte hartu du proiektuan.

Ezkaba eta Urepele arteko 53 kilometroko ibilbidea lau etapatan banatu dute. Ezkaba eta Olabe artekoa da lehendabizikoa, ia 14 kilometrokoa. Olaben, hain zuzen ere, Ezkabatik ihes egindako hamasei presoren gorpuak aurkitu zituzten, 2016an. Bigarren etapa Olabe eta Saigots artekoa da, hori ere 14 kilometrokoa. Bide tarte horretan, Burutainen eta Usetxin, bederatzi presoren arrastoak aurkitu dituzte, azken urteotan egindako lanei esker; sei Burutainen, eta hiru Usetxin.

Hirugarren etapa Saigots eta Sorogain artekoa da, eta hor ere eman dute emaitzarik egindako indusketa lanek: sei presoren gorpuzkiak atera dituzte hobitik, Urtasunen eta Agorretan, eta bertze birenak, Lintzoainen. 15 kilometro luze da hirugarren etapa hori; laugarren eta azkena, Sorogain eta Urepele artekoa, berriz, ia 10.

Batzarra Iruñean

"Ezkabako ihesaldia ikusezina izan da nafar anitzentzat; han gertatu zen tragedia ezagutu gabe hazi gara". Horixe nabarmendu du Ollok. Egoera horri buelta eman nahi dio, eta horregatik egin du gobernuak ihesaldiaren berri emateko ibilbidea.

Ez da ekinaldi bakarra, halere. Ollok ezagutarazi du martxoaren 15ean eta 16an Memoria Historikoaren Erkidegoen Arteko Sareak Iruñean eginen duela lehendabiziko batzarra. Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat erkidegok parte hartuko dute, bertzeak bertze, Aragoik, Kataluniak, Andaluziak, Valentziak eta Asturiasek. Erkidego horietako agintariekin batera, unibertsitateetako ikerlariak ere izanen dira Iruñeko batzarrean.

Udaberrirako, bertzalde, Ezkabako ihesaldiari buruzko erakusketa prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Ihesarekin lotutako hiru arlo jorratu nahi dituzte, zehazki: kartzelaren historia eta hango baldintzak; presoen inguruan sortutako elkartasun sarea; eta ihesaldia bera.

Gobernuaren aitortzaz gain, memoriaren esparruko elkarteena ere jaso dute Ezkabako presoek, urtez urte. Aurtengo omenaldiak ihesaldiaren 80. urteurrena ekarriko du gogora.

Hamaika aukera 11 egunetan

Hamaika aukera 11 egunetan

Eider Goenaga Lizaso

Esteribarren egin zuten, besteak beste, joan den urtarrilean, eta, datorren astelehenean, berriz, hilaren 19an, Lakuntzan eginen dute: Euskaraldia aurkeztuko dute Sakanako herritarren aurrean, lanean hasteko asmoz. Euskaraldiak erronka bat jarri du mahai gainean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, Euskal Herri osoan, ahal den herri gehienetan eta ahal den guztietan euskaraz egiteko.

Baina zer gertatzen da euskara nagusi den herrietan? Kezka horrekin, eta euskararen erabileran datu onak dituzten herrietarako, hain zuzen ere, Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago proposamen osagarria landu du Uemak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

"Guk beti aldarrikatu dugu udalerri euskaldunek egoera soziolinguistiko berezia dutela, eta horrek politika propioak eskatzen dituela. Oraingo honetan ere, guk ikusten genuen Euskaraldia ezin zela herri guztietan modu berean landu", azaldu du Miren Segurola Uemako koordinatzaileak.

Uemako kide diren herri guztietara bidalia dute proposamen osagarria. Nafarroan hamahiru udalerri dira Uemako kide: Araitz, Arantza, Arbizu, Areso, Basaburua, Baztan, Bera, Etxalar, Etxarri Aranatz, Goizueta, Igantzi, Larraun eta Leitza. Segurolak argitu du herri bakoitzak erabaki behar duela proposamenari eutsi edo ez, eta Ueman ez dauden herrietan ere erabaki dezaketela proposamen horri kasu egitea.

"Hau proposamen bat da, proposamen irekia eta malgua. Herrietako batzordeek ikusi beharko dute nolako indarra duten, noraino irits daitezkeen, honi eusteko modua duten ala ez, guk planteatutako 11 arloak landu edo hautaketa bat egin nahi duten...", azaldu du.

Argi ikusten duten moduan gune euskaldunetan eta gune ez-euskaldunetan lanketa ezberdin egin behar dela, Segurolak dio ez dela gauza bera herri txikia edo handia izan. "Zenbait herritan —batez ere, herri txikietan eta %80-90etik gorako erabilera dutenetan— beste pauso bat eman behar zela ikusten genuen, ez zela nahikoa 11 egunez euskaraz bizitzearekin konformatzea", aipatu du Uemako koordinatzaileak.

Hala, Euskaraldiak testuingurua jarri duela eta Euskal Herri osorako proposamena dela kontuan izanda, Uemak beste lanketa bat planteatu du herri euskaldunetan. Horretarako, 11 arlo identifikatu dituzte: etxea; lantokia; hedabideak; Internet, sareak eta telefonoa; zerbitzuak eta merkataritza; zerbitzu publikoak; kalea; kultura; aisialdia; fakturak, kontratuak; eta Ezina ekinez egina deitutakoa. "Euskaraldiaren egun bakoitzeko arlo bat identifikatu dugu. Eta arlo bakoitzak aukera ematen du hamaika hausnarketa egiteko, hamaika hutsune eta hamaika aukera bilatzeko, eta hamaika proposamen egiteko". Herri bakoitzak erabakiko du arlo bakoitza nola landu; Uemak helburu batzuk eta egiteko batzuk zehaztu ditu, gogoetarako gai batzuk, eta baita jardunerako ideiak ere. "Herriaren ezaugarrien arabera, batzordeetan elkartzen den jende kopuruaren arabera, indarraren arabera, bakoitzak ikusiko du nola landu. Egunean gai bat landu daiteke, azaletik, edo arlo bakarra lantzea erabaki. Azken finean, arlo bakoitzak urte osoko lanketa bat egiteko ere balio dezake".

Aurrera begira

Uemako kide diren herrietako euskara teknikariekin batera landu dute Hamaika aldiz gehiago proposamena. Denak ados zeuden 11 egun euskaraz egitetik harago joan behar zela, eta bilera batean haien ekarpenak jasota identifikatu zituzten 11 arloak. Hortik ateratako proposamen osagarria Euskaraldiarekin eta Topagunearekin kontrastatu eta oniritzia jaso ostean, joan den astean aurkeztu zuten.

Aurrerantzean, euskara teknikariek Hamaika aldiz gehiago abian jartzeko proposamena ekarriko dute Euskaraldia aurkezteko herriz herri egiten ari diren bileretara, eta herriko euskaltzaleek, eragileek eta udalak erabaki beharko dute erronka horri helduko dioten edo ez.

Udalak eta eragileek osatutako batzordeetan aurrera jotzea erabakitzen badute, Uemak lagunduko die bide hori egiten. "Guretzat, noski, garrantzitsua da erabilera ohituretan eragina izatea, baina hori bezain garrantzitsua da zubiak eraikitzea, batzordeak eratzea eta herria aktibatzea", nabarmendu du Miren Segurolak.

Zubi lan horrek 11 egunerako egindakoa gaindituko duelakoan dago Uema.

Plastikozko euskaldunok

Saioa Alkaiza

Pplastikozko" euskara horren hiztuna naiz. Solas "artifiziala" daukat. Nire mintzairak ez du sentimenduak adierazteko balio. Ez da naturala, ez da berezkoa, ez da betitik nire familian hitz egin izan dena. Ez dakit gure baserrian X eta Y nola esan izan diren, etxalderik gabeko sendi batekoa naizelako. EITBko fikziozko serie gutxi horiek ikusterakoan, hizkuntza ez zait arrotza egiten. Euskal literaturan irakurritako elkarrizketak ere ez. Komunikatiboa ez den euskara horren jabea naiz. Ez omen du besteen xarmarik, ez gertutasunik, ez kolorerik, ez ñabardurarik. Hiztegi lau bezain antzu baten erabiltzailea nauzue. Bai, aitortuko dut, euskara batua baino ez dakit. Horietako bat naiz ni.

Dena dela, askotan izan dut zalantzarako ohorea; uler bedi, euskarazko hedabideetan lan egiten dut, irratiko esataria naiz, ez ditut -z eta -s nahasten, -tt ahoskatzeko mingain mugimendua kontrolatzen dut eta ongitxo dakit non jarri behar den k. Horregatik, labeleko euskaldunek behin baino gehiagotan galdetu didate ea nongoa ote naizen. Iruñekoa. Horra, erantzuna. Orduan, arbasoen bila hasten dira: eta gurasoak? Badakit galdera deszifratzen, ordea: zalantza ez baita gurasoak nongoak ditudan, baizik eta ea herri euskaldun batekoak ote diren. Halakoetan harro erantzuten dut: erdaldunak. Eta erdaldunak direla nabarmentzen dut, zalantzan jartzen ari direna euskara bera delako, hiri bateko pertsona batek, batua baino ez darabilen batek, euskara zuzena eta egokia menperatzea.

Ez dut euskalkia versus batua eztabaidan alerik jarriko, ez dut bataren zein bestearen balioa gutxietsi nahi, ez naiz erregistro zein helburu komunikatibo kontuetan sartuko, ez dut ezbaian jarriko pertsona bakoitza eroso senti daitekeela era batean, areago ez dut esanen zer iruditzen zaidan baloi bati ostikoak ematearren gizon batek kobratu dezakeena gizon batek, bai. Barne arrakalak sortu dizkit eztabaidak, baina.

Nola sentitzen gara batua baino menperatzen ez dugunok ika-mika honen aurrean? —eta pribilegiotik diot hau: kazetaritzan lan egiten duen pertsona euskaltzale baten ikuspegitik, bertsotan aritzen den baten ahotik, hizkuntza ikasteko batere arazorik izan ez duen horren larrutik—. Nola sentituko dira gure institutuko klasean Nik naiz idatzita ere euskaraz ahalegintzen zirenak? Euskarazko prentsarik irakurriko ote dute? Zer sortuko zaie euskaltegiko ikasleei jakiterakoan inoiz ez dutela benetako euskararik jakinen? Zein hizkuntzatara joko du ergatiboa non jarri asmatzen ez dakienak, euskara egunero erabiltzen badu ere, entzuten duenean berea artifizio hutsa baino ez dela? Inguruko herri euskaldunetako euskalkia kopiatzen segituko al du soilik batua dakien gazte euskaldunak familia belarrimotz batekoa dela nabaritu ez dadin? Erdarara jotzea ez al da errazagoa inbentatutako euskara hori baino ez dugunok purutasunera eta naturaltasunera iritsiko ez garela jakinda?

"¡Qué jarto, primo, con tol tiempo que'usau pa politizar lo de usar el euskara yahora vuelvo al castellano!". Zergatik ez? Total, niretzat hori da naturalena.

Iritzia: Plastikozko euskaldunok

Saioa Alkaiza

Pplastikozko" euskara horren hiztuna naiz. Solas "artifiziala" daukat. Nire mintzairak ez du sentimenduak adierazteko balio. Ez da naturala, ez da berezkoa, ez da betitik nire familian hitz egin izan dena. Ez dakit gure baserrian X eta Y nola esan izan diren, etxalderik gabeko sendi batekoa naizelako. EITBko fikziozko serie gutxi horiek ikusterakoan, hizkuntza ez zait arrotza egiten. Euskal literaturan irakurritako elkarrizketak ere ez. Komunikatiboa ez den euskara horren jabea naiz. Ez omen du besteen xarmarik, ez gertutasunik, ez kolorerik, ez ñabardurarik. Hiztegi lau bezain antzu baten erabiltzailea nauzue. Bai, aitortuko dut, euskara batua baino ez dakit. Horietako bat naiz ni.

Dena dela, askotan izan dut zalantzarako ohorea; uler bedi, euskarazko hedabideetan lan egiten dut, irratiko esataria naiz, ez ditut -z eta -s nahasten, -tt ahoskatzeko mingain mugimendua kontrolatzen dut eta ongitxo dakit non jarri behar den k. Horregatik, labeleko euskaldunek behin baino gehiagotan galdetu didate ea nongoa ote naizen. Iruñekoa. Horra, erantzuna. Orduan, arbasoen bila hasten dira: eta gurasoak? Badakit galdera deszifratzen, ordea: zalantza ez baita gurasoak nongoak ditudan, baizik eta ea herri euskaldun batekoak ote diren. Halakoetan harro erantzuten dut: erdaldunak. Eta erdaldunak direla nabarmentzen dut, zalantzan jartzen ari direna euskara bera delako, hiri bateko pertsona batek, batua baino ez darabilen batek, euskara zuzena eta egokia menperatzea.

Ez dut euskalkia versus batua eztabaidan alerik jarriko, ez dut bataren zein bestearen balioa gutxietsi nahi, ez naiz erregistro zein helburu komunikatibo kontuetan sartuko, ez dut ezbaian jarriko pertsona bakoitza eroso senti daitekeela era batean, areago ez dut esanen zer iruditzen zaidan baloi bati ostikoak ematearren gizon batek kobratu dezakeena gizon batek, bai. Barne arrakalak sortu dizkit eztabaidak, baina.

Nola sentitzen gara batua baino menperatzen ez dugunok ika-mika honen aurrean? —eta pribilegiotik diot hau: kazetaritzan lan egiten duen pertsona euskaltzale baten ikuspegitik, bertsotan aritzen den baten ahotik, hizkuntza ikasteko batere arazorik izan ez duen horren larrutik—. Nola sentituko dira gure institutuko klasean Nik naiz idatzita ere euskaraz ahalegintzen zirenak? Euskarazko prentsarik irakurriko ote dute? Zer sortuko zaie euskaltegiko ikasleei jakiterakoan inoiz ez dutela benetako euskararik jakinen? Zein hizkuntzatara joko du ergatiboa non jarri asmatzen ez dakienak, euskara egunero erabiltzen badu ere, entzuten duenean berea artifizio hutsa baino ez dela? Inguruko herri euskaldunetako euskalkia kopiatzen segituko al du soilik batua dakien gazte euskaldunak familia belarrimotz batekoa dela nabaritu ez dadin? Erdarara jotzea ez al da errazagoa inbentatutako euskara hori baino ez dugunok purutasunera eta naturaltasunera iritsiko ez garela jakinda?

"¡Qué jarto, primo, con tol tiempo que'usau pa politizar lo de usar el euskara yahora vuelvo al castellano!". Zergatik ez? Total, niretzat hori da naturalena.

Martxan, planto egiteko

Martxan, planto egiteko

Edurne Elizondo

Ederra izaten ari da prozesua. Elkar ezagutzen ari gara", erran du Lur Albizu Etxetxipiak. "Martxoaren 8ak giltzarri izan behar du", erantsi du Marta Molinero Torreak. "Balio dezala denok ikas dezagun", azaldu du Irati Majuelo Itoitzek. Eta bat egin du Uxue Alvarez Azkonak: "Bat egin dezagun, feminismoaren barneko eztabaidei modu irekiago batean aurre egin ahal izateko".

Lehendabiziko aldiz, nazio mailako grebara deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8rako. Ez da ohiko greba bat izanen, halere, emakumeen jarduna gelditu nahi baitu, enpresa mundutik hasi eta etxeko lanetaraino. Abenduaren 1ean egin zuten feministek lehendabiziko batzarra, Gasteizen, eta, geroztik, herriz herri eta auzoz auzo ari dira antolatzen, hilabete barrurako protestak zehazteko. Hamaika proposamen ari dira jartzen mahai gainean; martxan dira, Martxoaren 8an planto egin ahal izateko.

Iruñean ari dira lanean Albizu Etxetxipia, Majuelo Itoitz, Alvarez Azkona eta Molinero Torrea. Gogoz dira, batzarretan adin guztietako 70 emakumek bat egiteak ematen duen indarrak bultzatuta. "Aurtengoa Martxoaren 8 ezberdin bat izanen da, eta nahi izan dugu aurretik parte hartu ez duten emakumeak eta taldeak aktibatu, denok bat egin dezagun", nabarmendu du Albizu Etxetxipiak.

Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak salatu nahi ditu Martxoaren 8ko grebak. "Emakume guztioi eragiten digu sistemak", erran du Majuelo Itoitzek. "Aski dela esateko ordua dugu; mundu mailako lanuztea da Martxoaren 8koa, eta kalera ateratzeko ilusioz beteriko aitzakia ematen digu".

Martxoaren 8ko protestetan parte hartzeko moduak, finean, anitz izanen dira. Batetik, ikasleek eta enpresetan enplegatuta daudenek launa orduko bi lanuzte egiteko aukera izanen dute, 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Bertzetik, kontsumoaren eta zaintzaren esparruei ere eragin nahi die grebak. "Gu geu ere jabetuko gara egiten dugun guztiaz, gelditzen garenean", erran du Molinero Torreak.

Gizonek Martxoaren 8ko greban bete dezaketen rolari buruz ere egin dute gogoeta feministek. "Argi izan behar dute ez dagokiela protagonista izatea egun horretan. Manifestaziora joaten badira, jar daitezela atzean; eta benetan parte hartu nahi badute, egin ditzatela gutxieneko zerbitzuak edo zaintza lanak. Hausnartu dezatela, batez ere, guk gelditzeko ditugun arrazoiei buruz", nabarmendu du Majuelo Itoitzek. "Eta hausnartu dezatela, gainera, gu gelditzen garenean gertatzen denari buruz", erantsi du Molinero Torreak.

Iruñean, 12:00etako eta 20:00etako protestak izanen dira eguneko nagusiak. Ez dira Martxoaren 8ko mobilizazio bakarrak izanen, halere, herriz herri hamaika protesta prestatzen ari baitira bertze hainbertze emakume talde.

LIZARRA

Lizarran, Patri Ahorkado talde feministak egin zuen Martxoaren 8rako greba prestatzeko lehendabiziko batzar irekirako deialdia, duela hilabete bat. "Lizarrako Emakumeen Batzordearekin elkarlanean aritu gara, herriko bertze hainbat esparrutako jendea erakartzeko asmoz. Egia erran, arlo guztietan baditugu lagunak, eta jendea ari da mugitzen", azaldu du Patri Ahorkado taldeko Carla Ruiz Armendarizek.

Mahai gainean jarritako proposamenak erabat zehaztu gabe dituzte, oraindik ere, baina Lizarrako feministek argi dute karrikan egon nahi dutela Martxoaren 8an. "Azoka eguna dela aprobetxatuko dugu, informazioa zabaltzeko. Horma-irudi bat egin nahi dugu, gainera, eta kalera eraman antzerki lan sozialen bat", azaldu du Ruiz Armendarizek.

Herrian aritzeak duen garrantzia nabarmendu du, baina erantsi du herrietan egiten ari diren lan hori Iruñera ere eraman nahi dutela; ikusgarri bilakatu nahi dutela herrietako errealitatea hiriburuko mobilizazioetan. "Gure asmoa da Iruñean 20:00etan eginen den manifestazioan parte hartzea, baina argi eta garbi erakutsiz landa eremuko errealitate horren ordezkari garela. Hitz egin nahi dugu bertze hainbat eskualdetako taldeekin, elkarrekin parte hartzeko manifestazioan", erran du.

ALTSASU

Hilaren 2an egin zuten Altsasun Martxoaren 8ko greba prestatzeko lehendabiziko batzar irekia. Sakana osoko 30 emakume inguruk parte hartu zuten. "Ostegunero eginen dugu batzarra, martxoaren 8ra bitarte. Nabarmendu beharra dago Etxarri Aranatzen eta Arbizun ere batzar propioak sortu dituztela. Oso garrantzitsua da herriz herri lantzea gaia, eta herriz herri erabakitzea greba nola gauzatu", azaldu du Eider Leozek.

Kontent da deialdiak eskualdean izan duen erantzunarekin, eta nabarmendu du balio izan duela jada emakume anitzek bat egiteko. "Elkar ezagutzeko aukera eman digu". Mahai gainean jarri dituzte jada hainbat proposamen; asmoa dute, adibidez, gauerdian hasteko Martxoaren 8ko mobilizazioak; karrikara atera nahi dituzte, gainera, zaintzarekin lotutako elementuak, anitzetan ezkutuan gelditzen den lan hori ikusgarri bilakatzeko. Goizez eta arratsaldez egin nahi dituzte protestak Altsasun, eta egun osoan Gure Etxea espazioko ateak zabalik izanen direla erran du Leozek.

Argi du Martxoaren 8az harago ere emanen duela fruiturik orain egiten ari diren lanak; urrats garrantzitsua izan daitekeela Sakanan emakumeen nolabaiteko sarea antolatzeko, hain zuzen ere. Grebari buruzko informazioa zabaltzeko, adibidez, ehun kide inguru dituen Whatsapp taldea sortu dute. Elkarlan hori ez dela martxoaren 8an amaituko argi du Leozek. "Jendea gogoz dago, eta ziur gara esperientzia oso polita izanen dela".

TAFALLA

Tafallan ere martxan dira, Martxoaren 8rako planto egiteko prest. Altsasun bezala, eguna ailegatu arte, ostegunero eginen dute bilera. Horixe azaldu du Mabel Pascualek. Kontent da herrian sumatu duen mugimenduarekin, eta, batez ere, greba prestatzeko batzarretan belaunaldi ezberdinetako feministek bat egin dutelako. "Jende gazte asko etorri zen egin genuen lehendabiziko batzarrera, eta hori oso ona da; jende gazteak freskura eta indarra ekarri digu", nabarmendu du.

Izan ere, talde feminista berri bat sortu da Tafallan. "Oso gazteak dira; behar dira belaunaldi berrien ekarpenak mugimenduan, polita da elkar elikatzea eta elkarri irakastea", berretsi du Pascualek.

Bertzalde, herriko udaleko agintarien jarrera eskertu du Pascualek; batetik, berdintasun batzordean egiten ari diren lana nabarmendu du; bertzetik, ontzat jo du udalak atzera egin izana Martxoaren 8rako ekinaldi instituzional bat egiteko asmoan. "Udaletxeko kideei erran diegu egun horretan herri mugimenduak izan behar duela protagonista, eta bat egin dute", azaldu du Mabel Pascualek.

TUTERA

Tafallan bezala, Tuteran ere talde feminista berri bat sortu dute: Erribera Intsumisoa. Taldeko kide da Edurne Leon Sanchez. "Bizpahiru lagunek bat egin genuen, pentsatuz Erriberan hutsune bat genuela, falta zela feminista gazteen arteko zerbait. Bilera bat egiteko deialdia egin genuen, eta 30 pertsona etorri ziren. Jendea gogoz dago; 13 eta 30 urte bitartekoak gara denak, gehienak 20 urte ingurukoak. Lanean hasteko irrikan gara, zer izan nahi dugun pentsatzen".

Taldeko kideen lehen zeregina izan da Martxoaren 8rako greba prestatzea. Haiek egin dute Erriberan plantoa lantzeko proposamena, eta eskualdeko emakumeek erantzun dute. "Lehendabiziko bileran 25 emakume inguruk bat egin genuen".

Hasi dira hilabete barruko mobilizazioak prestatzen. Argi dute karrikan egon behar dutela. Mahai gainean jarri dituzten proposamenetako bat da, hain zuzen ere, Tuterako plazan egitea batzarrak Martxoaren 8ko grebak jorratu nahi dituen auziei buruz. Tuteran argi dute, halaber, gauerdian hasi nahi dutela eguneko ekinaldiekin, 24 orduz zabaldu nahi dutela mezu feminista.

Aurrera begira ere, Martxoaren 8rako lanak sareak osatzeko eta harremanak estutzeko aukera emanen diela argi du Leon Sanchezek. "Eskualde osoko jendearekin bat egin nahi dugu. Garrantzitsua da, lanean jarraitzeko, elkar ezagutzea. Elkarrengandik ikastea da kontua, bakarrik ez gaudela sentitzea. Batera goaz, eta hori oso polita da", erantsi du Leon Sanchezek.

BERA

Beran, hilaren 15ean eginen dute Martxoaren 8rako greba prestatzeko lehendabiziko batzarra. Herriko Goldatz emakume taldeak egin du deialdia. "Bortzirietako emakumeentzako deialdia da", azaldu du taldeko kide Ines Matxiarenak. Goldatzek deitu du batzarrera, baina Matxiarenak argi utzi du Martxoaren 8rako mobilizazioak Bortzirietako emakumeen artean prestatzea dela asmoa.

Duela bi urte eta erdi sortu zuten Goldatz, Beran. "Hasi ginen hainbat emakume hitz egiten eta gogoeta egiten ahizpatasunari eta elkarri laguntzeko beharrari buruz". Lehen bilera haietan hasi ziren taldea osatzeko ideia mamitzen, eta, azkenean, urratsa egin zuten. Adin ezberdinetako emakumeek bat egin dute taldean, elkarrekin lan egiteko. "Orain, adibidez, hilerokoari buruzko tailer bat egiten ari gara", erran du Matxiarenak. Martxoaren 8rako, eskualdeko bertze emakume eta taldeekin prestatu nahi dituzte egin beharreko mobilizazioak. Egun hori aldarrikapenerako eguna izanen dela argi dute Goldatz taldeko kideek. Halere, ez dute ospatzeko aukera galdu nahi. "Aurreko astebururako prestatu ditugu hainbat ekinaldi", kontatu du Matxiarenak.

Martxoaren 2an, adibidez, emakume kirolarien inguruko mahai ingurua egin nahi dute Beran; eta martxoren 3an, berriz, herri jokoak, goizez, eta, gero, bazkaria.

Martxoaren 8ko plantoaren aukera baliatu nahi dute eskualdeko bertze emakumeekin eta taldeekin duten harremana sendotzeko. "Lesakan, adibidez, bada mugimendua, bada jendea lan egiteko prest, eta uste dugu orain eginen ditugun batzarrak baliatu ahal izanen ditugula mugimendu horri, eta gogo horri, forma emateko". Goldatz taldeko kideek argi dute garrantzitsua dela herriz herri lan egitea. Hilaren 15eko batzarrean parte hartzera deitu dituzte emakumeak.

Begirada aldatzeko beharra

Begirada aldatzeko beharra

Edurne Elizondo
Hitz egin behar da. Auzia gizartera zabaldu. Ikusgarri bilakatu". Horixe nabarmendu du Dau Garcia Dauderrek, intersexualitateari buruz. Ekintzaile feminista, psikologo eta irakaslea da Dauder. Intersexualitatea errealitate ezezaguna del...