Iritzia: Planto

Lur Albizu Etxetxipia

Duela hilabete gutxi batzuk hasi zen dena, eta dagoeneko aste gutxi batzuk besterik ez da falta. Urteroko borroka-egunaren forma aldatu eginen da aurten. Dena gelditzera goaz. Martxoaren 8an greba feminista eginen dugu Euskal Herrian, lelo argi batekin: Emakumeok* planto, nosotras paramos!.

Mugimendua gara, eta mugimenduan gaude: Nafarroan lehenengo asanblada egin zenetik beste txoko askotan hasi dira haien elkargune propioak osatzen, Iruñerriko auzo eta herrietan, Tuteran, Tafallan, Sakanan... Ez bakarrik hori, ikasleak ere ari dira haien espazioetan saretzen, lau ardatzen inguruko lantalde eta lanketak egiten ari gara, batzordeak eratu dira... Bi hilabetean horrelako lanketa eta zabalpena izatea, emakumeen* saretzean sakontzeko elkarguneak sortzea, aniztasuna oinarri lanean aritzea ez da gauza makala. Zenbat aldiz parte hartu dugu 80 pertsonako batzarretan?

Kalera ateratzeko arrazoiak asko dira: gure gorputzen gaineko indarkeria motak, egunero egiten ditugun ezkutuko (eta doako) lan guztiak, doan egiten ditugun zaintza-lanak, ezkutuan jarraitzen duten emakume erreferenteen desagerpena, soldata baxuagoak, kontsumismoa eta geure gorputzen merkantilizazioa... esaldi bakarrean laburtu beharko banu, esanen nuke ez dugula bigarren mailako izan nahi, ezkutukoak izateari utzi nahi diogula. Ez dugu menpeko izan nahi. Bagara nor.

Ez da greba feminista bat egiten den lehen aldia, guretzat berria bada ere. 1975ean, Islandian, emakumeak (%90!) ez ziren lanera joan, ez zuten bazkaria prestatu, ez zituzten haurrak zaindu. Atzerago egiten badugu, Bartzelonan ere topa dezakegu; duela 100 urte, emakume langileek piztu zuten greba bat, oinarrizko produktuen garestitzea zela eta. 2015ean, Vaga de totes deitutakoa izan zen hiri horretan. Iaz... Iaz deialdi internazionala egon zen. Ehunka mila emakume* atera ziren gure aldarriak kalera ateratzera. Hemen keinuak egin ziren iaz. Aurten... Planto egitera goaz.

Eta nolakoa izanen da greba feminista? Nola imajinatzen dugu greba feminista? Nolakoa izanen da? Zergatik aterako gara? Galdera berdinak egin zizkieten duela pare bat aste Iruñerriko emakume* batzuei. Pertsona adina erantzun: borrokarako tresna delako, emakumeen* boterea ikusarazteko, beharra delako, indarkeriez nazkatuta gaudelako, ez gaituztelako kontuan hartzen, sistemaren kontra joateko, mundua geldiarazteko, emakume anitzekin eraiki eta ikasiko dugulako, beste sistema bat posible dela erakusteko aukera delako... Gure eskubideak defendatzera aterako gara, indarkeriei aurre egitera, sistema iraultzera, munduko emakumeen borrokekin bat egitera, kapitalismo patriarkalari aurre egitera.

Egitera goazena berria eta berritzailea da. Herri eta auzoak, Nafarroa, Euskal Herria, mundua eraikitzeko modu bat. Sistemari aurre egin eta batera borroka egiteko eguna. Agian ez da handiena izanen, baina jarraituko dugu, mundua gelditu eta geldiarazi arte. Gu gelditzen bagara mundua gelditzeko (eta eraldatzeko, iraultzeko) gai garelako.

“Iruindar guztien aurkakoa izan zen 1978. urteko erasoa”

“Iruindar guztien aurkakoa izan zen 1978. urteko erasoa”

Edurne Elizondo

Trantsizioari buruzko jardunaldiekin hasiko da 78ko Sanferminak Gogoan ekinaldiak prestatutako egitaraua, hilaren 20an. Plataformako kide dira Amaia Kowasch (Iruñea, 1990) eta Sabino Cuadra (Amurrio, Araba, 1949).

Noiztik ari da 78ko Sanferminak Gogoan plataforma lanean?

SABINO CUADRA: Taldea, berez, 1978ko sanferminetakoa gertatu eta berehala sortu zen. Hasieran, halere, egitura juridikorik ez zuen. Hasi ginen biltzen lagunak, LKIko jendea, Germanen kuadrillakoak... Urtero egiten genuen zerbait. Hasieran, ekitaldi xumeak ziren. Hilarria jarri genuenean, hasi ginen urteroko omenaldia han egiten. Egungo egiturarekin, elkarte gisa, 2007. urtetik dago martxan plataforma.

Zuk noiz egin zenuen bat ekinaldiarekin?

AMAIA KOWASCH: Nik bat egin nuen duela hiru urte inguru. Omenaldietan parte hartzen hasi nintzen orduan. Oraingo jarduerak prestatzeko betean lanean, berriz, duela urtebete luze hasi nintzen.

German Rodriguezen heriotzaren 40. urteurrena betetzen da aurten. Urteroko omenaldiaz harago joateko aukera ematen du datak?

S. C.: Bai. Izan dira beste urteurren berezi batzuk ere. 20. urteurrena bete zenean, kanpaina handi bat egin genuen, eta ekitaldi berezi bat Labrit pilotalekuan. Antzekoa gertatu zen 30. urteurrenean. Bertzeak bertze, erakusketa berezi bat egin genuen Burlatako kultur etxean.

A. K.: Nik uste dut 40. urteurren honek berezi edo ezberdin duela, aurrekoekin alderatuta, erakundeei begira egin dugun lana. Asko aldatu da egoera. Iruñeko Udalak, adibidez, osoko bilkuran onartu zuen egiaren batzorde bat sortzea. Erabaki du, gainera, jarriko dugun monumentuaren auzian laguntzea. Gure manifestuarekin ere bat egin du udalak. Ez bakarrik Iruñekoak; beste hainbat ere hasi dira orain atxikimendua adierazten. Parlamentuan, berriz, 1978ko sanferminetako gertakariei buruzko agiriak desklasifikatzeko eskatu genuen. Berriki egin dio parlamentuak berak eskaera hori Espainiako Gobernuari. Europako Parlamentuarekin ere hasi gara harremanetan.

Oraindik gauza anitz badira argitzeko German Rodriguezen heriotzaren eta egun hartako gertaeren inguruan?

S. C.: Agiri eta informazio asko dago argitu gabe. Garai hartan ireki ziren sumario guztiak artxibatu zituzten. Epaiketarik ez zen izan: inor ez zen eseri akusatuen eserlekuan. Asmoa da sumarioa berriz ere irekitzea, eta froga berriak biltzea. Horregatik, oso inportantea da egiaren batzordea. Espainiako Kongresuan ere bada zer egin. Rodriguez hil eta lehenengo egunetan, Martin Villa agertu zenean Barne Batzordean, esan zuen ikerketa sakonak egingo zituztela, hainbat txosten irekiko zituztela. Gezur hutsa izan zen dena. Guk nahi dugu Espainiako Barne Ministerioan dagoen informazio guztia zabaltzea. Espainiako Gobernuari eskatuko diogu, halaber, onar dezala estatuak duen erantzukizuna, eta eska dezala barkamena.

Zer ekar dezake sumarioa berriz irekitzeak?

S. C.: Irekitzea lortuko bagenu, asko izanen litzateke. Guk egia, justizia eta ordaina nahi ditugu. Egia judiziala nahi dugu, epaile batek esatea zer gertatu zen. Horregatik, inportantea da epaitegietako ateak zabaltzea. Justiziarik ez bada, ordainik ere ez.

Garrantzitsua da 78ko sanferminen memoria berreskuratzea egungo belaunaldiekin lotzeko?

A. K.: Bai, horregatik antolatu dugu programa zabala datozen hilabeteotarako. Hil honetan, trantsizioari buruzko jardunaldiak eginen ditugu; martxoan, zinema ziklo bat; apirilean, antzerkia; maiatzean, erakusketa bat; eta, ekainean, azkenik, hip hop jaialdi bat. Belaunaldi berriak ere erakarri nahi ditugu gure egitasmora.

Ezagutzen dute German Rodriguez gazteek? Badakite zer gertatu zen 1978ko sanferminetan?

A. K.: Nik uste dut, oro har, ezagutzen dutela, baina, agian, ez dakitela ongi zer gertatu zen Iruñean egun hartan. Eraso gogor bat izan zen, eta uste dut horren berri ez dela hainbeste zabaldu.

S. C.: Guk German Rodriguezen heriotzaz harago jo nahi dugu. Iruñeko biztanle guztien aurkakoa izan zen egun hartako erasoa. Nafarroaren aurkakoa. Herri bat kolpatu zuten. Aurretik prestatutako eraso bat izan zen; ez dugu guk esaten hori: garai hartako udalak eta talde politikoek eta sindikatuek esan zuten.

Dora Salazar artistak egindako eskultura jarriko duzue ekainean. Zein da asmoa?

A. K.: Eskultura horren bidez, irudikatu nahi dugu 1978. urtean hiri osoari egin ziotela eraso. Eskultura iruindar guztiena izan dadin nahi dugu, eta horretarako diru bilketa hasiko dugu datorren astean, behar ditugun 23.000 euroak lortzeko. Ekainean eginen dugu inaugurazioa. Jendearen monumentua izatea nahi dugu guk, denona izatea.

Ardura onartu eta jarrera hartzeko garaia

Ardura onartu eta jarrera hartzeko garaia

Edurne Elizondo

Ez da erraza izan. Eta aitortu du, oraindik ere, urduri sentitzen dela egindako urratsa egin eta gero. Baina ez da damutu. Argi du "eman beharreko" pausoa zela jendaurrean agertzea: "Indarkeria matxista da lanpostuan gertatzen den sexu jazarpena; hagitz auzi larria da. Sufritzen duena txikitu dezake, eta ondorio hagitz larriak eragin. Enpresek, sindikatuek eta administrazioak duten ardura onartu behar dute, behingoz, eta jarrera hartu, gertatzen ari denari aurre egiteko".

Ederki ezagutzen duen errealitate bati buruz ari da Mari Jose Lekuona, eta errealitate hori mahai gainean eta agerian uzteko erabaki du bere kasuaren berri ematea. 1998tik 2016ko abendura, TRW enpresan aritu zen —orain, ZF multinazionalaren esku dago—. 2016an, erregulazio txosten baten ondorioz, 124 langile geratu ziren kalean. Lekuonak bere burua aurkeztu zuen enpresa uzteko. "Niretzat, kaleratze traumatiko bat izan zen. Ez nintzen joan hala nahi nuelako, gertatu zenak behartuta baizik: nagusi baten sexu jazarpena sufritu nuelako alde egin nuen". Langabezian da orain.

Jendaurrean agertzea erabaki du Lekuonak, eta jendaurrean azaltzea lanpostuan sufritutakoa. Ez duelako bertze inor bere tokian egotea nahi. Sexu jazarpenaren inguruko zigorgabetasuna amaitzea nahi duelako, behingoz. Hori lortzeko, egun gaizki direnak konpondu behar direla erran du, argi eta garbi; bere kasuan huts egin zutenak zuzendu, alegia.

Batetik, enpresak ustez zuen zero tolerantziaren politikak huts egin zuela uste du Lekuonak; bertzetik, sindikatu gehienen jarrerak huts egin zuela, auzia "bazter uzteko" eskatzeagatik. Administrazioak ere ez zuen neurria eman, Lekuonaren hitzetan, adituek egindako lana kontuan ez hartzeagatik. "Oro har, esparru guztietan, sexu jazarpenaren auzia tratatzeko prestatutako jendea falta da; eta dauden adituei, Lan Osasunaren Institutuko profesionalei, adibidez, ez diete kasurik egiten".

"Ez naiz bakarra; nire enpresa ez da bakarra". Azken egunotan jaso duen mezu bat aipatu nahi izan du Lekuonak. Lanpostuan sexu jazarpena sufritu duen bertze emakume batek bidali dio. "Hunkitu nintzen irakurri nuenean", aitortu du. "Ongi egin dudala erakutsi dit mezu horrek". Jendaurrean agertzeko urratsa eginez, hain zuzen ere, mezua bidali dionari eta egoera berean diren bertze emakume guztiei erran nahi izan dielako Lekuonak ez daudela bakarrik.

Eragina egunerokoan

Oraindik ere kosta egiten zaio gertatu zenaz hitz egitea. Sufritutakoak egunerokoan eragin dio. "Zaila egiten zait kontzentratzea, eta gaizki egiten dut lo". Enpresatik atera eta gero, denak berdin jarraitzen duen sentsazioak eragin dio minik handiena, halere. Horregatik erabaki du kontatzea. Kostatzen zaion arren. Zerbait aldatu nahi duelako.

"2010. urteko uda baino lehen hasi zen dena. Behin, lanean ari nintzela, nigana hurbildu, eskuetatik heldu, eta nirekin afaltzeko irrikan zela erran zidan". Lekuonak aitortu du hasieran saiatu zela bere senak erraten ziona bazter uzten. "Gaizki ulertu nuela pentsatu nahi izan nuen; ezin zela izan susmatzen nuena". Halere, saiatu zen nagusiarengandik urruntzen. "Pasabideetan ikusten nuenean, bertze alde batera begiratzen nuen nik. Ez nuen harengandik hitz bakar bat ere jaso nahi".

Nagusiak, ordea, bere jarrerari eutsi zion. "Bertze behin, atzetik heldu ninduen, eta belarrira hitz eginez erran zidan morboa nuela. Ni ezin mugitu gelditu nintzen". Lekuonaren helburu nagusi bilakatu zen nagusiarengandik ahalik eta gehien urruntzea, eta, batez ere, harekin bakarrik ez gelditzea. Horregatik, txanda eta postu berean egotea egokitu zitzaien aldi batean, nagusiarekin bakarrik egoteari uko egin zion Lekuonak. Orduan egin zuen eztanda egoerak. "Enpresako sindikatu bateko kide bati erran nion zer gertatzen ari zen".

Enpresako giza baliabideetako arduradunarengana jotzea izan zen hurrengo urratsa. Pauso hori eman eta gero hasi zen gertatzen ari zena lantokian zabaltzen. "Ez nuen nik erran. Nire nagusia hasi zen auziaren berri zabaltzen, errealitateari buelta emateko asmoz".

Salaketa ezagutu zutenean, lankideen jarrera aldatu egin zela nabarmendu du Lekuonak. "Ni bazter uzten hasi ziren ordura arte lagun izandako lankideak". Lekuonak gogoratu du bere nagusia zela hark enpresan salatutakoa. "Botere harreman bat zegoen gure artean, eta boterea, noski, haren esku zegoen".

Hasieratik eutsi dio salatutakoari Lekuonak, beti, enpresan. Horregatik, berak eskatuta egin zuten Lekuonak eta nagusiak bilera giza baliabideetako arduradunarekin, 2010eko urriaren 19an. "Nagusiaren aurrean berretsi nuen aurretik salatutakoa". Urrats hori egin eta gero, gaixo agiria hartu behar izan zuen Lekuonak. "Ezin nuen gehiago. Enpresako mediku zerbitzura jo behar izan nuen. Han ere azaldu nuen, argi eta garbi, zer gertatzen ari zitzaidan".

Lekuonak argi du enpresak ez duela batere ongi kudeatu bere auzia. Nagusia salatu zuenean, enpresak berdintasun planik ez zuen. "Gerora egin zuten. Langileek, halere, ez zuten haren berri jaso. Tiradera batean gordeta dagoen plan batek ez du deusetarako balio".

Enpresak erabaki bakarra hartu zuen Lekuonak salatutako jazarpenari aurre egiteko: txandak aldatu zituzten, lantokian bat egin ez zezaten. Egun batean elkarrekin aritzea egokitu zitzaien arte. "Ezin nuen sinetsi". Bigarrenez hartu behar izan zuen gaixo agiria.

Etsita dago Lekuona enpresak erakutsitako jarrerarekin. Are gehiago sexu jazarpena jaso duen langile bakarra izan ez dela jakin zuenetik. "Nire salaketa aurkeztu eta gero, bertze langile batek jo zuen giza baliabideetako arduradunarengana, hark ere nagusi berarengandik sexu jazarpena sufritu zuela salatzera. Enpresak ez zuen kontuan hartu".

Lan Ikuskaritzara eraman zuen Lekuonak bere auzia. Gogoan du lehendabiziko ikuskatzailearekin egindako aurreneko bilera. "Nire egoeraren berri eman eta gero, gaztea eta ederra nintzela erantzun zidan. Zur eta lur gelditu nintzen". Nafarroako Lan Osasunaren Institutuko kideen artean jaso zuen Lekuonak hain beharrezkoa zuen babesa. Iñaki Moreno lan medikuak sinatutako txosten batean aipatzen da Lekuonak eskatu ez zituen sexu izaerako adierazpenak jaso zituela, eta adierazpen horiek langilearen duintasunari eragin ziotela. Lekuona "beldurtuta" sentitu zela jasotzen du txostenak, halaber. Aitortzen du, azkenik, "langileak sufritutako sexu jazarpenaren larritasuna" zehazteko behar adina informaziorik ez duela.

Txosten horretan lan ikuskariaren ikerketa ere aipatzen da, eta nabarmentzen da salaketa jaso zuen gizonak ikuskariaren aurrean onartu zuela Lekuonari erran zizkiola hark salatutakoak. Ikuskariak egindako txostenak erraten du nagusiaren jarrera ez zela egokia izan, eta errespeturik eza erakutsi zuela. Jazarpen hitza ez du erabiltzen, ordea.

"Nik sumatu dut, batez ere, sexu jazarpenaren auzian esku hartu behar dutenak ez daudela batere trebatuak. Formakuntza falta da". Sindikatuetan ere bai, Lekuonak nabarmendu duenez. Esparru horretan, halere, bertzelako elementuak nahasten direla salatu du, eta "hagitz larritzat" jo du haietako batzuen jarrera. Enpresan gehiengoa zuen sindikatuko arduradunengana jotzea erabaki zuen langileak ez du izena aipatu nahi izan, sumatu edo sentitu zuelako auzia ixteko moduan ezagutzen zituenak baino elementu gehiago bazirela. Lan hitzarmenaren negoziazioa zegoen tartean, hain zuzen ere. "Nire auzia negoziatzeko elementu bilakatu zuten".

Bertze hainbat sindikatutara ere jo zuen Lekuonak. "ELAn erran zidaten hobe nuela auzia bazter utzi, ez nuelako deus lortuko". LAB sindikatuaren egoitzan, berriz, Miren Conde aurkitu zuen. "Aingeru baten modukoa izan da niretzat. Ez zidan deus agindu, baina borrokatzeko prest agertu zen". Harekin egin zuen sufritutakoak enpresatik Lan Ikuskaritzara eramateko bidea.

Bertze hainbat pertsona izan ditu ondoan; enpresa barrukoak, bai eta kanpokoak ere, eta denei eskertu die babesa. Andrea elkarteko kideei ere bai. Haiekin batera agertu zen, lehen aldiz, jendaurrean, bere esperientzia kontatzeko. Lekuonaren kasuaren bidez, hain zuzen ere, sexu jazarpenaren eta jazarpen sexistaren arazoaren larritasuna utzi nahi izan du agerian Andreak. Elkarteak argi du Lekuona ez dela bakarra, eta, hark bezala, gizarte osoaren esku hartzea eskatu du, egoerari aurre egin ahal izateko.

Nazioarteko kanpainak

Agerraldia egin eta gero, sexu jazarpena sufritu duten bertze hainbat emakumeren berri jaso du Lekuonak. Izan ere, gero eta andre gehiago ari dira pairatutakoa jendaurrean salatzen. Ez hemen bakarrik. Nazioartean gora egin dute salaketek, azken hilabeteotan. AEBetan, zinemaren arloan gertatutako sexu jazarpena dago jomugan. Gai horri buruz idatzi du Clara Timonel adituak, berriki, Pikara Magazine hedabidean. "Abusua da #MeToo leloaren ekintzaileek salatu dituzten dinamiken gakoa. Sexuarekin eta desioarekin lotutako aitzakien atzean boterea dago".

Timonelek erantsi du lan esparru guztietan gertatzen direla sexu jazarpenaren bidez adierazten diren botere dinamika horiek. "Sektore kualifikatuetan ere, emakumeek gutxiengo bat osatzen duten horietan, batez ere, misoginia ohikoa da, eta hamaika moduz azaltzen da". Adituak gogora ekarri du AEBetako zinemaren arloko kanpainari Frantziatik eman dioten erantzuna: manifestua sinatu dute ehun artista inguruk, #MeToo mugimenduaren kontra. Hollywoodeko aktoreen "puritanismoa" salatu dute.

Frantziako manifestu horren sinatzaileen soslaiari erreparatu dio bertze egile batek: "Ehun sinatzaileetatik ehun dira emakume txuriak, eta pribilegiozko egoera batean direnak", erran du Mona Eltahawyk. AEBetako #MeToo kanpainarekin bat egin duten aktoreak ere maila jakin bateko emakumeak dira. Timonelek bere testuan gogora ekarri du jatorrizko #MeToo kanpainaren sortzailea Tarana Burke ekintzaile feminista beltza izan zela. Sexu jazarpenaren eta bazterketaren aurkako tresna gisa sortu zuen 2006an. Arlo horretan, eta gainerako guztietan, ezin bazter daitekeen errealitatea da elkar gurutzatzen diren zapalkuntzena.

Arazo gero eta gordinagoa

Arazo gero eta gordinagoa

Kattalin Barber

Urteko lehen 24 egunetan hiru harrapaketa izan dira Nafarroan: hiru oinezko hil dituzte beste hainbeste ibilgailuk. Harrapaketa horietako bi Iruñean gertatu dira, eta hirugarrena, berriz, Azagran. Datuekin larriturik, "lehenbailehen" neurriak hartzeko eta oinezkoen pasabideen segurtasuna hobetzeko beharra nabarmendu du Armando Cuenca Iruñeko Udaleko Mugikortasun Iraunkorreko zinegotziak.

"Hausnarketa egin beharra dugu. Hildako gehienak egoki ari ziren kalea gurutzatzen, eta, era berean, kasu gehienetan, gidariak ere ongi ari ziren", azaldu du zinegotziak. Arazoa "sakona" dela eta "ertz asko" dituela esan du. Iruñeko Ezkaba eta Txantrea auzoetan jazo dira azken ezbeharrak. Hilaren 23an, Kanalea kalean, autobus batek aurrean eraman zuen 63 urteko antsoaindar bat, zebra bidea behar bezala gurutzatzen ari zela. Urte hasieran, gainera, Txantrean, 90 urteko gizon bat harrapatu zuen auto batek, beste zebra bide batean, Mendigorria kalean. Azken kasu horretan, baimendutako alkohol tasa laukoiztu zuen gidariak.

"Kalea oso zuzena da, eta sei zebra bide daude jarraian; horietako hainbatek kuxin berlindarrak dituzte, baina ez dira nahikoak. Zebra bide goratuak jarri daitezke", esan du Cuencak. Era berean, aitortu du gidaria edanda zegoela, baina kalea "azkar joateko" egina dagoela. Koska dago adinean: 60 urte baino gehiago zituzten oinezko gehienek. "8-80 hiria beharrezkoa dugu. Helduak zaindu behar ditugu, haiek izaten baitute kalte gehien istripuetan. Edozein heriotza onartezina da". Adin guztietakoentzat segurua den hiria du helburu Cuencak.

Azken urteotan, autoek harrapatuta hildakoen batezbestekoa igotzen ari dela jakinarazi du. Datuek erakusten dute arazoaren neurria: "2016. urtetik, gora egiten ari da istripuen kopurua. Aurretik, batez beste urtean 2,5 pertsona hiltzen ziren autoek harrapatuta. 2016. urtean, berriz, heriotza eragin zuten lau harrapaketa gertatu ziren; 2017an bost izan ziren. Eta hasi berri dugun urtean dagoeneko bi izan ditugu hiriburuan". Krisi ekonomikoaren eraginez, autoen erabilerak behera egin zuen 2009an; urte hartan, hildakorik ez zen izan Iruñean.

Hainbat arrazoi eman ditu Cuencak istripuen igoera azaltzeko. Alde batetik, joera hori dela dio: "Espainia osoan igotzen ari da oinezkoen harrapaketen kopurua, eta, Iruñeak ez badu zerbait desberdina egiten kopuru hori ez igotzeko, normala da horrelakoak jazotzen jarraitzea". Igoera hori azaltzeko arrazoia edo gako nagusia jarduera ekonomikoan dago, zinegotziaren ustez: "Jarduera ekonomikoak gora egiten duen heinean, joan-etorriak areagotzen dira, eta, ondorioz, istripu gehiago gertatzen dira". Arriskuak gora egiten du.

Ez dio erantzukizunik kendu Iruñeko Udalari, halere. "Neurriak hartzen ari dira, argi dago, baina, gure ustez, ez da nahikoa. UPNk bere garaian hartu zituen ia neurri berak hartzen ari da Iruñeko Udala, eta, hortaz, ez badugu beste ezer egiten, istripuak izaten jarraituko dugu. Tristea da, baina hori da espero duguna".

Arreta kaleen diseinuan

Cuencaren arabera, kaleek "abisua" ematen dute. Adibideak jarri ditu: Iruñean badaude kale "arriskutsuak", horietan gertatu baita istripu gehien. Joan den astean emakume bat hil zen Ezkabako Kanalea kalean, eta azken zortzi urteotan zortzi harrapaketa egon dira han —batean biktima hil zen—. "Horrek zerbait esaten digu; argi dago hor neurriak hartu behar zirela".

Neurri eraginkorren alde egin du zinegotziak, eta hiriaren zirkulazio aldaketak aipatu ditu. "Segurtasun neurriak ezinbestekoak dira, baina, horrez gain, uste dugu bestelako esku hartzeak ere oinarrizkoak direla: Hirigunea Atsegin Egiteko Planaz eta Pio XII.aren etorbidean eginen den aldaketez ari naiz". Datuak eman ditu: 2006tik 50 istripu egon dira Pio XII.aren etorbidean. Horietako batean, auto batek hil zuen oinezko bat. "Badakigu esku hartzen badugu istripuak murriztuko direla".

Iruñeko etorbidea berrantolatu nahi du udalak, eta oinezkoei, garraio publikoari eta bizikletei lehentasuna eman, egungo sei errailak murriztuta. Halere, zenbait sektoreren haserrea piztu du planak. "Auto gehiago baldin badago, aukera gehiago egonen dira harrapaketak izateko".

Horregatik, Cuencaren proposamena da hiri espazioan dauden autoen kopurua murriztea, edo, behintzat, abiadura murriztea. "Orain arte egindako neurri guztiekin jarraitu behar dugu, baina, horrez gain, lan ildo argia izan behar dugu: autoen erabilera murriztea".

Banaketa modala jo du arazoaren jatorritzat. Garraio mota ezberdinak daude eskura, eta, gizabanakoen beharren arabera, bat edo beste aukeratzen dute mugitzeko. "Kaleek seguruak izan behar dute oinezkoentzat. Autoari espazioa kentzen badiogu, atsegin egiten ari gara, eta, aldi berean, seguruagoa". Kaleen diseinuan erreparatu du Cuencak beste behin. "Gehienetan, istripuak gidariaren hutsegite baten ondorioz gertatzen dira. Horren aurka ezer gutxi egin dezakegu, eta, isunak jartzen ditugun arren, gertatzen dira. Baina kaleen diseinuan bai, eragin dezakegu". Horregatik, haien helburua zero ikuspegia ezartzea da, istripuak zero izan daitezen.

"Ezin dugu ikusi biktima bat ustekabe baten gisan; arrazoi zehatzak ditu: kaleen diseinua. Eta kaleen diseinua aldatzeko, giza baliabideak eta inbertsioak behar ditugu. Horixe eskatzen dugu". Berriki jakinarazi du udalak zebra bideen egoera eta segurtasuna ikuskatuko dituela. Hain zuzen ere, 3.000 zebra bide inguru ikuskatuko dituzte segurtasuna handitu nahian. Ikastetxeetatik gertu daudenetatik hasiko dira. Horrez gain, ehun neurri baino gehiago hartu zituen Iruñeko Udalak iaz oinezkoen segurtasuna hobetze aldera. Argiztapena, zebra bideak goratzea, ikusgarritasuna handitzeko neurriak hartzea eta gisako bestelako neurri batzuk izan dira orain arte hartu direnak.

Iritzia: Gaurkotasun testak

Tania Arriaga Azkarate

Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean, lau-hilabete berria hasi da aste honetan, eta niri Informazio Generoak ikasgaia ematea egokitu zait. Lehendabiziko mailako gaia izanik, laurogei ikasle inguru izanen ditut klasean: energiaz beteriko ia ehun gazte, 2000. urtean jaiotako xamalko bizkorrak. Aspaldidanik, Informazio Generoen atal garrantzitsua, astero astero, ikasleek egin beharreko gaurkotasun testa da. Munduan eta hemen inguruan gertatutakoen gainean galderak egiten dizkiegu baina oso erantzun zuzen gutxi jasotzen ditugu. Egoera irudika dezazuen, ondoren irakurriko dituzuen moduko galderak prestatzen ditugu: "Zein herrialdek bonbardatu ditu Siriako kurduak, azken astetan?"; "Zer gertatu zen urriaren 1ean?"; "Nafarroako gobernuko zein alderdik ditu barne arazoak?"; "Iruñeko oinezkoentzako bideak berrikusiko dira, egia ala gezurra?".

30 urte gorakoentzat erantzutea aski erraza izan daiteke. Gure gazteei, ordea, galdera hauei ihardespen zuzenak topatzea oso zaila egiten zaie eta, gutxi gora behera, soilik %20k asmatuko lukete ongi erantzuten. Bai ikasle eta baita irakasleentzat ere, okerrena da hilabeteak pasatu ahala ez dugula lortzen ehunekoa igotzen. Aldiz, manga film, National Geographic-en azken zenbaki edo norberaren youtuber gogokoenen azken emanaldiaren inguruan galdetuko bagenie ederki erantzunen lukete; eta ez naiz balio judiziorik egiten ari.

Azterketa horien emaitza kaskarrek hamaika konturen berri ematen digute. Lehendabizikoa: irakasleon abilidade eskasa gaurkotasunaren inguruan interesa pizteko. Bigarrena: hori lortzeko erabiltzen ditugun baliabideen berrikuspenaren beharra. Hirugarrena: 80 ikasle kudeatu behar ditugunez, eskolak diseinatzeko dugun maniobragarritasun eskasa. Hala ere, mea culpa horiei beste zenbait faktore gehitu behar dieguela iruditzen zait. Esate baterako, gaur egungo informazio iturrien atomizazio basatia eta hortaz agendaren poliedrikotasuna eta horren berritze/aldatze erritmo azkarra. Horregatik guztiagatik, ikasleen gaurkotasuna eta helduona bi unibertso paralelo bezain ezberdinak dira.

Gainera, berriak kontsumitzeko euskarri tradizionalen krisialdia bizi dugu. Hori dela eta, kazetaritza edo ikus-entzunezko ikasle batek komunikabideen formatuen inguruko oinarrizko jakintza etxetik zekarren lehen; adibidez, irakasleak egunkariaren nazioarteko atala irakurtzeko esanez gero, gazteak jakinen luke zer egin. Orain, hori bera galdetuta ez dut uste zertaz ari garen ulertuko luketen, paperezko prentsarik ez baitute erabiltzen; berriak sare sozialen bitartez iristen zaizkie, testuingururik gabe.

Saileko irakasleok horren inguruan maiz hitz egten dugu. Batzuek, gaurkotasun gutxiengoa lantzen ez duenarentzat gutxiegi koertzitiboak defendatzen dituzte: jakintsu da astua, makilla du maixua. Beste batzuk, ikasle bakoitzak nahi duen gaurkotasun albisteak lantzea proposatzen dute, espezializatze aldera. Gaiak gizarte osoaren hausnarketa mereziko luke, nongo, nolako, zein ikuspuntuko berriak nahi ditugun zehazteko. Bitartean, aukeren arteko nahas-mahasarekin aurrera jarraituko dugu. Gaurkotasun gutxiengoa jasotzen ikasi, agenda orokorra jarraitzen saiatu eta, gisa horretan, norberaren berezko interesa aurkitu, sakondu eta lantzeko asmoz.

P.D. Ikasleren batek hau irakurri eta gelara ekartzen badu, puntu bat emanen diot.

Egin orduko, iraungita

Egin orduko, iraungita

Edurne Elizondo
Lehendabiziko liburua. Pertsonena eta familiarena. Ezkonsariari buruzko aurreneko atala. 121. legeko laugarren puntua: "Emakumeak, senarrak baimena ematen badio, bere jabetzako ezkonsari ondasunak erabili ahalko ditu". Ez da XIX. mendek...

Berriz piztu da herri zaharra

Berriz piztu da herri zaharra

Kattalin Barber

Uharte moduko bat dira Sarrigurenen Errizar aretoa eta ondoan dituen hiru etxe zaharrak. Inguruan etxe berriak eraikitzen ari ziren bitartean, hamar urtetik gora erabat utzita eta hondamendi egoeran egon da herri zaharra. Orain, berrituta, Eguesibarko kulturaren erdigune izatea nahi du hango udalak. Errizar aretoak joan den astean ireki zituen ateak, eta XII. mendeko eliza izan zenak erakusketak, hitzaldiak eta kulturaren arloko jarduerak hartuko ditu aurrerantzean.

14.779 biztanle ditu egun Sarrigurenek, baina, eztanda demografikoa jazo aurretik, hamar biztanle baino ez zituen. Mari Cruz Mina han bizi izan zen 1956. urtera arte. "Geroztik, itzultzea gustatzen zait, baina ez du zerikusirik izan zenarekin; askotan ez dut herria ezagutu ere egiten", aitortu du. 18 urterekin Sarriguren utzi zuen, eta familia Iruñera joan zen, "etorkizun hobe baten bila". Begi onez ikusi du herri zaharra biziberritzea; Errizar aretoa inauguratu zuten egunean han izan zen, ahizparekin. "Eliza oso polita dago, eta gustatu zait herria berrituta eta apainduta ikustea. Hala ere, areto berriak ez du zerikusirik eliza zaharrarekin. Dagoeneko ez da eliza".

Udan amaitu zituen lanak Nafarroako Gobernuak; Sarrigurengo herri zaharraren eremua eta lau eraikin moldatu ditu. Gizarte eta kultur erabilerarako izanen dira, baina, oraingoz, Errizar aretoa da egokituta dagoen bakarra. "Gure asmoa da aurten beste eraikin bat irekitzea, herritarrek erabiltzeko. Erabilera guztiz definitzeko dago, baina talde kulturalentzat edota gazteentzat izan daiteke", azaldu du Joseba Orduña Eguesibarko Kultura zinegotziak. Hiru eraikin horietako bat izan zen Minaren familiaren etxea, eta "ilusio berezia" egin dio berritzeak eta mantentzeak. "Teilatu berria jarri diote, baina oraingoz ezin da erabili".

Udalak nahi du Sarrigurengo herri zaharra Eguesibarko "kulturaren herria" izatea. Orduñak argi du, halaber, beharrezkoa zela herri zaharrari irtenbide bat ematea, erortzeko zorian baitzegoen. "Herriko populazioa handitu den heinean, ez dira sortu beharrezko egiturak". Gaur egun, hain zuzen ere, Eguesibar Nafarroako hirugarren udalerria da, herritarren kopuruari erreparatuz gero. Besteak beste, ireki berri duten aretoa erabiliko dute erakusketak, hitzaldiak, ekitaldi ofizialak eta ezkontza zibilak egiteko. Egunotan, Ibarretik Ibarrarentzat erakusketa dago, Xabier Morras, Elena Bezunartea, Celia Eslava, Ricardo Laspidea, Mintxo Ilundain eta Rafael Huerta artisten lanekin. Aurrerantzean, Eguesibarko beste artista batzuen lanak paratuko dituzte areto berrian.

Utzikeriak jota

XII. mendeko eliza txikia desakralizatu egin zuten aspaldi, eta hondamendi egoeran egon da azken hamarkadan. Horregatik, Errizar aretoaren irekierak harrera ona izan duela nabarmendu du Eguesibarko Kultura zinegotziak. "Jende asko etorri da erakusketa ikustera, eta, nahiz eta areto txikia izan, horrelako zentro bat sortzea pozgarria da herritarrentzat". Horixe berretsi du Minak.

Eliza zaharra zenak hiru eraikin zahar ditu ondoan, eta hirurak moldatu eta sendotu dituzte; horrez gain, ingurunea urbanizatu dute, berriz ere, bizikidetzako hiri espazio gisa. "Lanean ari gara Eguesibarri behar dituen espazio kulturalak emateko, eta Errizar aurrerapauso bat da bide horretan", esan du Joseba Orduñak.

2003. urtean joan ziren herri zaharreko azken bizilagunak, eta, joan den urtera arte, "erabat utzita" egon da ingurua. "Oso gogorra izan zen alde egin zuen azken familiarentzat, eta gaizki pasatu zuten", gogoratu ditu Minak ordukoak. Orduñak azaldu duen moduan, ordutik landarez eta sastrakaz beteta egon da inguru guztia, eta hesiz inguratuta, gainera, berritzeko lanak hasi zituzten arte. "Itxura txarra zuen".

Nafarroako Gobernua izan da orain arte herri zaharraren jabe, eta, behin berritu eta gero, Nasuvinsa elkarte publikoak eraikin guztiak utzi dizkio Eguesibarko Udalari, erabilera sozial eta kulturaletarako hornidura gisa erabiltzeko. Hurrengo 25 urteotan udala izanen da herri zaharra kudeatuko duen erakundea, beraz. "Beharrezkoa zen hauen gisako espazio publiko berriak izatea, haran osoak erabiltzeko eta gozatzeko", berretsi du zinegotziak.

Orain, gizarte eta kultura arloko erdigune bihurtuko da Eguesibarko kontzejuetako auzokideentzat. Hain zuzen ere, Sarrigurengo urbanizazioa egitearen ondorioz utzi zuten herrixka, eta, hainbat urtez itzalean egon eta gero, berriro ireki ditu ateak, herritarrek bat egiteko gune bat izan dezaten, eta kultura suspertzeko asmoz.