Edurne Elizondo
Piztu dituzte argi zuziak. Batukada osatzen duten emakumeak jarri dira manifestazioaren buruan. Ez dago pankartarik. Beltzez jantzita daude denak; estali dute aurpegia. Antolatzaileek hartu dute hitza, protesta hasi baino lehen. "Emakumeak, transak eta bollerak aurrean; haiek dira protagonista; gizonak jar daitezela atzean", eskatu dute Farrukas kolektiboko bi kidek. 23:10 dira, eta, hainbat segundoz, erabateko isiltasunak hartu du San Frantzisko plaza. Batukadako danborren hotsak giroa soinuz bete duen arte. Hasi da manifestazioa. Karrikan da, bertze behin, indarkeria matxisten aurkako sanferminen aurreko aldarria. Ozen oihukatu dute: "Heteropatriarkatuari intsumisioa!".
Amorruak eragindako manifestazioa da, neurri handi batean, Farrukas kolektiboak antolatutakoa. Laugarrenez egin zuten, joan den astearte gauean. Sanferminetan gertatzen diren eraso matxisten aurka, autodefentsa feministaren aldeko aldarri ozena egin zuten parte hartzaileek, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan.
San Frantzisko plazatik abiatu zen protesta. 23:00etan zen hastekoa, baina ordu erdi lehenago ere bazen jendea, zain. Emakume gazteak ziren gehienak. Urduri ziren, protesta hasteko gogoz. Karrikak hartzeko prest, eta beldurrik gabe. Elkarri babesa ematen. Plazatik San Nikolas karrikara jo zuen manifestazioak, eta kaleko alde batean eta bertzean diren tabernetako ateetan protestari so zirenen aurrean, "Kaleak, gauak gureak dira" oihukatu zuten parte hartzaileek. Ehunka ziren, eta gai izan ziren beren ahotsak Alde Zaharreko bertze edozein soinuren gainetik entzunarazteko. Emakumeen oihuek Alde Zaharra isildu zuten.
Gazteluko plazatik Xabier karrikara hartu zuen bidea protestak, eta Caldereria karrikatik, berriz, Nabarreria plazarantz. Ibilbide guztian, manifestazioan bat egin zutenek argi utzi zuten ez direla prest eraso sexistak onartzeko. "Bat ukitzen badute, denak ukitzen gaituzte", esan zuten behin eta berriz.
Pankartarik ez zen astearteko manifestazioan, baina nork bere kartela egin eta erakutsi zuen Farrukas taldeak antolatutako protestan. Pentsatzen dut, erantzuten dut, beraz, enbarazu egiten dut leloa irakur zitekeen haietako batean. Autodefentsa feministaren bidetik, hain zuzen ere, intsumiso izateko mezua zabaldu zuten antolatzaileek eta manifestariek; heteropatriarkatuaren arauak apurtzeko beharra jarri zuten mahai gainean, gauez egindako bidean.
Pankarta Nabarrerian
Nabarreria plazan, manifestazioa gelditu egin zen, une batez. Etxe baten teilatua argitu zen hainbat pertsonak bengalak piztu eta gero, eta gora egin zuen manifestazioko lelo nagusia zabaltzeko bolumenak: "Gora borroka feminista!". Txalo artean hartu zuten Nabarreria karrikako alde batetik bertzera zintzilikatu zuten pankarta handia. Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen.
Nabarreria karrikatik Mercaderes kalera abiatu zen manifestazioa, eta, handik, Udaletxe plazara. Han amaitu zen protesta, okasiorako prestatutako koreografia batekin. Plaza dantzan jarri baino lehen, Farrukas kolektiboko kideek hartu zuten hitza. "Indarkeria matxista heteropatriarkala salatzera atera gara kaleetara; egunerokotasunean emakume gisa gizarteratu gaituztenok eta subjektu disidenteok pairatzen ditugun indarkeriei aurre egitera gatoz. Txosnetan, tabernetan, kontzertuetan, jai eremuetan eta bizi eta okupatzen ditugun eremu guztietan sufritzen ditugu indarkeria matxistak".
Besta giroan amaitu zen bestak beldurrik gabe ospatzeko eskubidea aldarrikatu zuen manifestazioa. Parte hartu zuten guztiek argi utzi zuten, halere, eraso matxisten aurka autodefentsa feminista dela bidea. "Geure burua defendatzen dugu, eta gure amorrua agertzen dugu", oihukatu zuten. Ez dira isiltzeko prest.