Basamortutik mendira

Basamortutik mendira

Edurne Elizondo
Musika eta barre algarak. Ia ezin diote elkarri entzun, oihuka hitz egiten baitute, denek aldi berean. Kontent direla azaldu nahi dute. Polita dela herria, eta igerilekua maite dutela gehien. Gustuko dituztela Baztango paisaiak. Hain di...

Udak eramandako ohatzeak

Udak eramandako ohatzeak

Edurne Elizondo
Udako hilabeteek ekartzen ohi duten neurri bat da: Nafarroako Osasun Departamentuak hainbat ohatze kentzen ditu bere ospitaleetatik, oporrak hartzen dituztelako profesionalek, edo eraikinetan obrak egiteko profitatzen duelako administra...

Trena itzuli da eskualdera

Trena itzuli da eskualdera

Kattalin Barber

Desagertu zenetik 60 urte igaro diren arren, tren txikito deituriko Bidasoko trenbidearen oroitzapena ez da galdu bailaran. Irundik (Gipuzkoa) Elizondoraino egiten zuen bidea trenak. Trenbidearen ibilbideak bere horretan jarraitzen du, eta azken urteetan bide berde gisa egokitu dute, Behobia eta Doneztebe artean, hain zuzen ere. 1916an egin zuen tren txikito-k bere lehenengo bidaiarien bidaia, orain dela 100 urte hain justu, eta, gertaera hori gogora ekartzeko, erakusketa ibiltaria antolatu dute. Abendura arte eskualdeko hainbat herritan ikusgai egonen da. Uztailaren 31 arte, Lesakako Harriondoa kultur etxean izanen da.

Erakusketa Cederna Garalur elkarteko Baztan-Bidasoa Turismo Garapenak antolatu du, eta Euskotren/Euskal Burdinbidearen Museoaren eta Manuel Cariñenaren laguntzarekin osatu dute. Museoak utzitako panel informatiboek eta Cariñenaren bilduma pertsonalak ontzen dute erakusketa. Horien bidez, 40 urtez bizirik izan zen burdinbidearen historia kontatzen dute.

"Txikitatik gustatu zaizkit trenak niri. 7 urte nituela oparitu zidaten nire lehendabiziko trena, eta ordutik dut zaletasuna; ez dut galdu", azaldu du Cariñenak. 8 urte zituela bere lehenengo bidaia egin zuen tren txikito-n, Irundik Beraraino, hain zuzen ere. Azkeneko bidaia, berriz, 1956ko abenduaren 30ean egin zuen, itxi aurreko egunean, hain justu. "Makinista ezagutzen nuen, eta azken bidaia berarekin egitera gonbidatu ninduen, automotorrean. Izugarri gogoratzen ditut egun hartako guztiak, azken bidaia hura".

Adinean aurrera egin ahala, bere afizioak ere aurrera jarraitu zuen, eta lantegian zegoenean hasi zen tren geltokiak marrazten eta eraikitzen. Erakusketan ikusgai dago berak egindako Irungo Kostorbe geltokiaren maketa. Egun, 60 tren inguru ditu. Bidasoko trenbidearen milaka oroitzapen gordetzen ditu Cariñenak. Erakusketa egitea eta bildutako guztia uztea "plazera" izan da harentzat. Bere ametsa egia bihurtu du.

Cariñena Bidasoko trenbideko hainbat geltokitan egon zen itxi zituztenean, eta "denetarik hartzeko" aprobetxatu zuen aukera. "Langileen nominak, bidaiari txartelak, paperak... Aurkitu nuen guztia hartu nuen". Horrekin osatu du erakusketa. Azaldu du trenari zergatik esaten zioten tren txikito: "1931n aurreko trenak ekarri zituzten; motor propioa dute horiek, eta tren higiarazleak dira. Kontua da horiek bagoiak baino askoz txikiagoak zirela, eta hortik hartu zuen izena Bidasoko trenak". Bagoiek 20.000 tona inguru pisatzen zuten, eta automotorrek, berriz, 12.000 tona bakarrik.

1953ko uholdeek 400 metro bide inguru altxatu zituzten, eta trenbidea konpondu zuten arren, tren enpresaren egoera jasanezina zen. "Defizitarioa zen, bidaiari kopurua ez zen espero zuten bezain handia izan, eta itxi egin behar izan zuten", azaldu du Itsaso Tapia Baztan-Bidasoa Turismo Garapena erakundeko turismo teknikariak.

1956ko abenduaren 31n egin zuen bere bidea azken aldiz Bidasoko trenak. Behin betiko agurtu zuten. "Martxan 40 urtez bakarrik egon bazen ere, arrasto handia utzi zuen eskualdean; guztiok gogoratzen dugu". Orain, bide berdeak 39 kilometroko ibilbidea du, eta, Tapiak adierazi duenez, luzatzeko asmoa ere badute. Uda honetarako, gainera, ibilaldi gidatu bat antolatuko dute bisitari guztiei tren txikito-ren historia kontatuz.

Antolatu duten erakusketaren bidez, halaber, burdinbideak Baztan-Bidasoko eskualdean izan duen garrantzia nabarmendu nahi dute: "100 urte beteko diren honetan, une egokia da gogora ekartzeko eskualdean izan zuen eragina".

Herriz herri

Erakusketa Lesakan zabaldu zuten, ekainean, eta hilaren 31ra arte egonen da. Gero, abuztuaren 5etik 12ra bitartean, Etxalarren, eta abuztuaren 20tik 24ra, berriz, Donamarian. Doneztebera joan-etorria eginen du: abuztuaren 27tik irailaren 5era egonen da lehenik, eta, gero, azaroaren 10etik 20ra. Eratsunen, irailaren 8tik 11ra egonen da; Beran, irailaren 13tik 20ra; eta Igantzin, berriz, irailaren 23tik 25era. Sunbillan, irailaren 27tik urriaren 11 bitarte ikusi ahal izanen dute, eta, Baztanen, urriaren 15etik azaroaren 7ra. Zubietan, azaroaren 24tik 27ra egonen da. Abenduaren 2tik 4ra Iturenen izanen da. Bertizaranan abenduaren 7tik 18ra ikusi ahalko da, eta, azkenik, abenduaren 23tik 31ra, Elgorriagan.

Iritzia: Bihotz berdea

Lohizune Amatria

Nafarroa geldiarazi dute sanferminek; hala egiten dute urtero, edo hori ematen du, behintzat. Gauza asko gertatu dira Iruñean, asko dago aipatzeko. Baina, bi aste hauetan gertatutakoa Iruñetik harago doala sinetsita, Pirinioetara begira jarriko naiz beste behin.

Uztailaren 9a zen, sanferminen laugarren eguna, larunbata. Asteburua izanik asko izan ziren nafar Pirinioetatik Iruñera joan zirenak, urrunagoko bisitarien artean beste batzuk. Izan zen oporraldia Nafarroatik kanpo eman zuenik ere, beharretik ihes. Gure eskualdea oporretarako turismoko gune gisa saldu dela pentsaturik: hori paradoxa.

Aezkoan geratzea erabaki nuen nik, hiriburuko zurrunbilotik ihes. Eta arrazoi bat edo beste dela, eskualdeko taberna gehienak itxirik topatu nituen. Kasualitatea izan liteke agian, eta ez dut tabernariek noiz ixten duten kritikatu nahi. Baina egoera horrek hausnartzera eraman ninduen. Horrenbesteko eragina du hiriak mendialdeko egunerokoan?

Asko dira lanegunetan itxirik dauden ateak; asteburuetan soilik irekitzen diren leihoak. Hirian erosten dituzte herrian jaiotako gazteek etxeak, eta nabari da egunerokoan. Norberak hartzen duen hautua da hori, noski. Kontziente izan behar dugu, dena den, ditugun kontraesan guztiekin, hartzen ditugun erabaki horiek eragina dutela eskualdeko bizitzan, kolektiboan.

Bakoitzak bere iritzia du Pirinioek sufritzen duten egoeraren inguruan. Norberak bere ikusmoldearekin begiratzen du lurraldearen etorkizuna. Bada sinesten duenik aurrera jarraitzeko ondoa ukitu behar dugula, baita behea jo dugula uste duenik ere. Baina, edozein dela dugun iritzia, baikortasunez begiratu nahi diot nik arazoari. Gaia bizilagunen ahotan eta buruan dago, eta hori txalotu nahi dut.

Pirinioak bizirik mantentzea denen ardura da. Hori aldarrikatu du urterik urte Bizirik Gaude egitasmoak. Baikortasunez, gainera. Bihotz berdea egin, sortu eta mantendu diren ekintza, festa, enpresa eta ekimen guztien ondoan ezarri du, gogoraraziz horrek eusten diola suari.

Duela hamar urte inguru sortu zen taldea. Geroztik, Pirinioak erakargarri egiteko joera suspertu eta dugun bizimoduarekiko konfiantza sendotu nahi izan dute taldekideek, gure eskualdean bizi direnen artean, baita hiritik landa eremurako jauzia eman nahi dutenen artean ere.

Lortu ote duten galdegiten zion bere buruari taldeko kide batek, aurrekoan. Nik esanen nuke baietz. Bihotz berdea ikusi, eta Pirinioak datozkigu burura, bizirik mantentzeko beharra. Hori lorpen bat da. Gaia bizilagunen elkarrizketetan egoteko beste urrats bat izan da egitasmoa. Irabazi asmorik gabeko taldea da Bizirik Gaude, eta jarraitzeko dirua merkatu baten bidez lortzen dute. Bihar da azoka, Otsagabian.

Pirinioak bizirik daudela aldarrikatuko dute, beste behin. Baina seguruenik ez da prentsan azalduko. Horregatik ekarri nahi izan dut gaia astekarira. Agenda mediatikora eraman beharko genukeelako eskualdearen arazoa, ez baita soilik gurea. Pirinioetan ez bada bizirik, turistek ere jai dute!

Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu”

Tras Los Muros: “Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu”

Edurne Elizondo

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Irudiak erabiltzen ditu borrokarako tresna grisa. Munduko hainbat herritako hiltegi eta haztegietan sartu da; animaliak esplotatzen dituzten hamaika jardueraren lekuko izan da, eta bere begien aurrean gertatu denaren lekukotasun zuzena eman du, bere lanaren bidez. Ezkutuan aritzen da, ezkutuan dena agerian uzteko. Euskal Herrian ere bai. 2014an martxan jarri zenetik, hamaika ikerketa, hainbat erakusketa eta Madrilgo Wings of Heart babeslekuari buruzko Refugiados (Errefuxiatuak) izenburuko liburua egin ditu.

2014an, Iruñean jarri zenuen martxan Tras Los Muros proiektua. Hirira itzuli zara. Zer dago Iruñeko besten bertze aldean?

Bertze animaliak hamaika modutan esplotatzen ditugu; jarduera horiek haserre mota ezberdina eragiten dute gizakion artean, baina, funtsean, ekintza mota berberak dira. Espezismoa gauzatzeko modu ezberdinak dira; bertze animaliak gizaki ez direlako baztertzen dituen aurreiritzia da espezismoa. Alde horretatik, Iruñeko zezen plazan sanferminetan ikusi dudana forman baino ez da ezberdina. Ez nago hemen Iruñean gertatzen dena larriagoa delako, baizik eta beharrezkotzat jotzen dudalako hemen gertatzen denak sortzen duen haserre hori bertze esplotazio jardueretara bideratzea.

Lehendabizikoz etorri zinenean UPN zegoen agintean, eta orain, berriz, EH Bildu; animalientzat, baina, ez da deus aldatu.

Ez dut uste EH Bilduk, oro har, animalien esplotazioaren aurkako jarrera sendoa duenik, ezta tauromakiaren kontra ere, zehazki.

Iazko hauteskundeen ondotik aldaketa gertatu zen hainbat udaletan. Sare sozialetan eskatu zenien hiltegietako ateak zabaltzeko. Ez dute egin. Harresi horiek dira gainditzen zailenak?

Eskaera horren bidez azaldu nahi izan nuen erakundeetako politikaren bidez ere aukera badela ekinbide interesgarriak martxan jartzeko borrokaren esparruan. Hiltegietan gertatzen dena nahita gelditzen da ezkutuan. AEBetan, adibidez, egin izan dituzte haztegietako eta hiltegietako harresien atzean gertatzen dena agerian utzi duten ikerketak, eta, ondorioz, Ag-Gag eta AETAren gisako legeak jarri dituzte indarrean, halako tokietan ez grabatzeko eta haiei buruzko informaziorik ez zabaltzeko, zehazki. Lege horien helburua da ekintzaileen jarduera terrorismotzat hartzea.

Industriak badaki bere azpiegituretan lortutako irudi batek eragin handia izan dezakeela gizartean; hagitz zaila da hiltegi batera sartzea kamera agerian duzula. Horregatik, irudi gehienak kamera ezkutuen bidez lortzen dira, edo amarruak erabilita. Animalien eskubideen aldeko mugimenduak bide luzea egin duen tokietan, hain zuzen ere, industriak bere langileak trebatzen ditu ekintzaile infiltratuak antzemateko.

Espainiako Estatuko udal hiltegi anitzetako ateak zabaltzeko eskumena dute udal horiek. Gizarte hobe baten alde erakundeetatik lan egitea erabaki dutenek kontuan izan behar dituzte animalien eskubideak; eta kontuan izan behar dute, halaber, animalia horienganako tratuaren inguruan gero eta kezka handiagoa badela. Kazetariei eta animalien aldekoei hiltegietara sartzen uzteak errazago bilakatuko luke borrokatu behar dugun bidegabekeria hori ulertzea eta ikusaraztea. Borroka orok behar duen eztabaida soziala eragiten lagunduko luke hiltegietara sartzeak.

Baina industriak ez du hori nahi.

Hiltegietako ateak zabalduko bagenitu, haragiaren industriak duen boterea agerian geldituko litzateke. Botere hori erabiltzen du bere azpiegituretan gertatzen dena ezkutatzeko. Martxoan, hain justu, haragiaren industriak osatutako agiri estrategiko bat filtratu zuten; haren helburua zen Osasunaren Mundu Erakundeak haragi prozesatuak osasunarentzat zer arrisku dakartzan azaltzen zuen txostenak eraginen lituzkeen kalte ekonomikoak arintzea. Txosten horrek agerian utzi zituen haragiaren industriak propagandarako erabiltzen dituen taktikak; agerian utzi zuen, halaber, haren boterea handia dela, eta eskrupulurik ez duela. Negozio horrek 20.000 milioi euroren irabaziak sortzen ditu urtean, Espainiako Estatuan, eta, noski, ez da besoak antxumatuta geldituko, kontuan hartuta gure irudiek eta ikerketek galera ekonomiko handiak eragiten ahal dizkiotela.

Bi urte lanean. Zein da zure analisia egindakoaz?

Egindako hutsak bazter utzi gabe ere, balorazioa ona da. Bertze kideen laguntza funtsezkoa izan da, eta, horri esker, lan sareak osatzeko aukera izan dut. Hasieran ez nuen hori egiteko asmorik, baina sare horiek lagundu didate uste baino esplotazio gune gehiagotara sartzeko. Irekitzen zailak ziren ate eta harresiak gainditzen lagundu didate. Lan eta babes sare horiek analisia eta kritika ekarri diote proiektuari, gainera.

Zuk gainditu dituzun harresi horien bertze aldean dagoen indarkeriaz ohartzen da gizartea?

Munduko hamaika txokotan ekintzaile infiltratuek egiten dituzten ikerketek duten eraginak erakusten du ezetz, gizartea ez dela gertatzen denaz ohartzen. Bertzalde, argi dago engainatzen gaituztela, eta badela egoera ez aldatzeko interesa; hau da, industria ahalegintzen da bere jarduerari buruzkoak ezkutuan gordetzen; propaganda zabaltzen du, haztegietan animaliak zoriontsu bizi direla sinetsarazteko.

Haztegietan eta hiltegietan sartu zara. Eragin dizu han gertatzen denaren lekuko izateak?

Lan honekin hasi aurretik ere banuen harremana zapaldutako animalien irudiekin. Egin nituen animaliak esplotatzen dituzten zentroen inguruko ikerketak. Gizartea kontzientziatzeko lana egiteko, halaber, bertze hainbat ekintzailek egindako irudiak ere erabili izan ditut. Esplotazio horren lekuko izateak badu eragina, bai. Inguratzen zaituen munduarekin duzun harremana betiko aldatzen da. Baina gertatzen denaren lekuko izatea ere bada modu bat gogoratzeko abandonatzea ez dela aukera bat.

Argazkilaritzat eta ekintzailetzat duzu zeure burua; erran izan duzu zure helburua dela gizartea astintzea. Nola erabakitzen duzu zer erakutsi? Nola antolatzen duzu zure lana?

Gogoeta politiko baten ondorio da Tras Los Muros proiektua. Kamera eta proiektua bera puzzle estrategiko baten bi pieza dira; puzzle horren asmoa da astintzea, kontzientziatzea, eta, ondorioz, eraldatzea. Ez dut ulertzen proiektu hau egitasmo bakar baten gisa; niretzat, bertze hainbat kiderekin partekatzen dudan borroka sare baten zati bat da. Proiektuaren lehen etapa honetan nire aurreneko helburua da esplotazio eremu ezberdinen inguruko irudi artxibo bat osatzea. Horren bidez, zubiak eraiki nahi ditut animalia gehien zapaltzen dituzten eremuetarantz. Nire asmoa da, halaber, hainbat aktibismo modu zehatzen berri jasotzea eta zabaltzea, lan horren bidez gogoeta kolektiboari nire ekarpena egiteko. Toki zehatzetara sartzen laguntzeko prest dagoen jendearen deiak eta mezuak jasotzen ohi ditut. Ondorioz, nire agenda denbora luzez lantzeko erreportajeekin osatzen badut ere, malgutasunez jokatzen dut, proiektuari sendotasuna ematen ahal dioten gertaeren berri ematera joan ahal izateko.

Kazetariok egin beharreko lana egiten ari zarela uste duzu?

Duela sei urte, ikerketa baten berri eman eta gero, kazetari batek horixe erran zien hainbat kideri, kazetariek hainbat arrazoirengatik egiten ez zuten edo egin nahi ez zuten lana egiten ari ginela ekintzaileok. Geroztik, gora egin du animalien eskubideen aldeko interesak, eta gero eta gehiago dira animalien egoeraren berri eman nahi duten kazetariak. Hunkitu eta liluratu egiten nau gosearen, kartzelaren edo gerraren miseria gurera ekartzen duten fotokazetarien lanak; mundua eraldatzera bultzatzen gaituzte. Beharrezkoa da fotokazetari horien talentua bertze animalien alde ere baliatzea.

Animalien esplotazioari uko egiten dion jarrera politikoa da beganismoa. Anitzek dietatzat dute, ordea. Zein neurritan da ekintzaileen ardura, eta zein neurritan da mugimendua edukiz husteko saio bat?

Beganismoak animalien esplotazioari uko egiten diola kontuan hartuta, ezin dugu dietatzat edo modatzat hartu. Erantzukizun politiko bat da; hartu beharreko ardura, zapalkuntza bere forma guztietan desagertu behar dela onartzen badugu. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen arabera, urtean 50.000 milioi animalia baino gehiago hiltzen dituzte, arrainak kontuan hartu gabe. Animalien eskubideen mugimenduak errealitate horri egin behar dio aurre; urratsak egiten ez diren sentsazioak pragmatismoaren tranpara eramaten gaitu, eta, hortik, deriba ideologikora eta haren ondorioetara.

1991n, AEBetako Abeltzainen Elkarteko kideen aurrean, mugimenduak zatitzeko eta bereganatzeko bere estrategiaren berri eman zuen Ron Duchinek. AEBetako Defentsa idazkariaren aholkulari berezia zen, eta MDB agentziako presidente. Duchinen hitzetan, erradikaltzat jotako ekintzaileak bakartzea da lehen urratsa; motibazio politikoa dutenak eta sistema aldatu nahi dutenak jotzen ditu Duchinek erradikaltzat. Bigarrenik, idealistekin egin behar da lan, errealista bilakatzeko; hau da, sistemaren barruan lan egiteko prest diren pragmatiko bilakatzeko. Denborak aurrera egin ahala, erradikalek sinesgarritasuna galtzen dute, eta errealistek, ikusgarritasuna, boterea edo jarraitzaileak bilatzen dituztenekin batera, industriari bere helburua betetzen laguntzen diote: akordio taktikoak egitea, garaipen partzialak eskainiz. Industriak badu interesa mugimendua edukiz husteko, bere indar eraldatzailea hutsean uzteko. Agerikoa denari so egiten badiogu, kontuan hartu behar dugu, gure asmo onak alde batera utzita, industriak izan dezakeela eragina mugimenduaren erabaki estrategikoetan.

Zer harreman du animalien aldeko mugimenduak bertze gizarte mugimenduekin?

Mugimenduen artean bat egiteko gero eta borondate handiagoa sumatzen dut, baina, oraindik ere, alde biko erresistentzia badela uste dut. Militantziaren bertze hainbat esparrutan postmodernitatearen ondorio zuzentzat jotzen da gure mugimendua, eta ez mugimendu politiko eta eraldatzailetzat. Aldi berean, gure mugimenduan borroka iraultzaileak modu negatibo batean ikusten dituzte hainbat sektorek. Hori guztia formakuntzarik ezaren ondorio da. Gure mugimenduak zapaldutako norbanako ororen askapena du helburu, eta, ondorioz, ezin dugu bazter utzi askapenerako borroken garapen historiko eta politikoa, ezta borroka horiekin batzen gaituen guztia ere. Bertze mugimenduek, halaber, ezin dute jarraitu bertze animaliek pairatzen duten zapalkuntzari bizkarra ematen. Bertze animalien adimena, haien gorputzen tamaina, hitz egiteko ezintasuna edo haien itxura ez dira hiltzeko, haztegietan ixteko, basoetan tiro egiteko, laborategietan torturatzeko edo itsasoan itotzeko arrazoi. Bertze mota bateko zapalkuntza pairatzen dutenek bezala, bertze animaliak ere haien borondatearen aurka zapaltzen dituzte, irizpide moral arbitrarioak baliatuz. Gure mugimenduak hutsak egin ditu, formakuntzarik ezagatik eta ikuspuntu iraultzailerik ezagatik, eta, askotan, jarrera despolitizatuak erakutsi ditu, baina hori ez da arrazoi nahikoa gizaki ez diren animaliak justiziaren eta berdintasunaren aldeko aldarrietatik kanpo uzteko. Bertze animaliak ere zapaldutako norbanakotzat jo behar ditugu.

Horren haritik, Martxoaren 8ko eta Maiatzaren Leheneko manifestazioetan parte hartu dute antiespezistek.

Borroka esparruetara eraman behar dugu antiespezismoa, bertze borroketara hurbildu. Bada lotura, eta lotura horretan dago, hain zuzen, inon baino aldaketarako aukera gehiago.

Parisen, duela gutxi, hiltegien aurkako manifestazioa egin zuten. Euskal Herrian halakorik gerta daitekeela uste duzu?

Bazterketa, zapalkuntza eta errepresioa pairatu dituen herri borrokalaria da Euskal Herria. Hori kontuan hartuta, lehenago edo geroago, ziur naiz hemen ere gertatuko dela.

Antzerkiak iraganera eramanen du herria

Antzerkiak iraganera eramanen du herria

Kattalin Barber

Antzoki bilakatuko da Erriberri aurki. Iraganera bidaiatzeko aukera emanen du Erriberriko Antzerki Klasikoaren 17. jaialdiak, uztailaren 22tik abuztuaren 6ra bitarte. Aurten, William Shakespeare eta Miguel de Cervantesen heriotzen 400. urteurrena da, eta gogoan izanen dituzte hainbat antzezlanekin. Horretaz gain, Nafarroako antzerkigintza presente egonen da Mikroklasikoak sailean, eta Nafarroako sei konpainiak parte hartuko dute. Antzezlanak ez ezik, hainbat ikastaro, hitzaldi eta berrikuntza dakar aurtengo edizioak.

Dori Lopez Jurio Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria da, eta, hark azaldu duenez, aurten "haize freskoa" eman nahi izan diote jaialdiari: "Antzerki klasikoa da, baina proposamenak oso garaikideak direla uste dut; horrek freskotasuna ematen dio jaialdiari". Berria eta zaharra eskutik helduta doaz Erriberrin, eta ezaugarri hori jaialdiaren "arima" dela esan du. Erregearen Jauregiaren kanpoaldean kokatutako La Cava antzeztokian izanen dira antzezlan nagusiak. 392 lagunentzako lekua du.

Aurten, jaialdiak hiru sail izanen ditu: obra nagusiak bilduko dituen Klasikoak, OT4OS KL2IKO2 saila eta Mikroklasikoak. Asteburuan izanen dira antzezlan nagusiak, La Cava antzeztokian. OT4OS KL2IKO2 sailean, Nafarroako Antzerki Eskolak gomendatutako hainbat lan antzeztuko dituzte. Hirugarren saila, berriz, Nafarroako antzerki taldeek osatuko dute. Kaleko eta familientzako antzerki lanak eskainiko dituzte, halaber.

Lopezek adierazi bezala, jaialdiaren muina antzezlanak izan arren, ikastaroak, eskola magistral bat eta hainbat kaleko ekintza egonen dira. Yayo Caceres aktore ezagunak eskola magistral bat gidatuko du antzerki eta kirolaren inguruan. Erritmoa, musika eta kirola interpretazio lanean nola landu jorratuko du, besteak beste.

Nafarroako sei konpainiak parte hartuko dute Mikroklasikoak sailean. Gehienez, hamabost minutu iraungo dute obrek, eta hainbat egunetan ikusi ahalko dira. Horretaz gain, Nafarroako antzerki konpainia batek egonaldia eginen du Erriberrin jaialdiak irauten duen bitartean. Txori Garcia Uriz eta beste hainbat aktorek osatzen dute taldea, eta In Extremis proiektua aurrera eramanen dute herrian. Generoaren gaia lantzen duen Shakespeareren obra bat izanen dute oinarri.

Aurten, jaialdiak British Council erakundearekin hitzarmena egin du, eta, horri esker, The Complete Walk proiektua ikusgai egonen da. 37 film laburrek osatzen dute proiektua, eta Shakespeareren obren istorioak kokatzen diren agertoki beretan filmatu dira. Haietako bat, zehazki, Erriberriko Errege Jauregian. Galdutako amodiozko lanak du izena obrak, eta bertan idazle ingelesak Nafarroari buruzko esaldi ezagunena idatzi zuen: "Nafarroa munduko miraria izanen da".

Denentzako proposamenak

Iaz abiatutako bideari jarraituz, eta ikusmen eta entzumen arazoak dituztenentzat, bukle magnetikoak jarriko dituzte bi obratan. La Cava antzeztokian taularatuko dituzten Ricardo III —uztailaren 29an— eta Trabajos de amor perdidos —abuztuaren 6an— obretan. Azpidatziekin ikusteko aukera ere egonen da. Gainera, familientzako obretako batean, Los chismes del Quijote y su amigote izenekoan —uztailaren 22an—, keinu hizkuntzako interprete baten laguntza egonen da.

Lopezek adierazi duenez, jaialdia antolatzeko "elkarlanean" aritu dira Erriberriko Udalarekin, eta harreman "estua" dutela esan du. Bi astez, Urrezko Mendera itzuliko da herria; ehunka bisitari jasoko ditu, eta herritarrek "aktiboki" parte hartzen dute jaialdian. "Antzerki klasikoan eredu bilakatu da Erriberri, eta herriak jaialdia bizi du".

Jaialdiak 350.000 euroko aurrekontua du aurten. Antolatzaileak nabarmendu nahi izan du jaialdia ez dela bakarrik ordainpekoa, eta kaleko ekintzen eta doako antzerkien bidez herrian oso giro "atsegina" sortzen dela.

Lopezen ustez, "osasun onean" dago Nafarroako antzerkigintza, eta horren seinale da Mikroklasikoak sailak izan duen "arrakasta": "Lan asko jaso ditugu. Aukera eman genuen euskaraz eta gaztelaniaz aurkezteko, baina, zoritxarrez, gaztelaniazko proposamenak bakarrik jaso ditugu". Antzerkigintza klasikoaren egoitza izanen dira aurki Erriberriko karrikak.

“Beldurrak bazter uzteko aukera eman dit boluntario izateak”

“Beldurrak bazter uzteko aukera eman dit boluntario izateak”

Edurne Elizondo

Uda pasatzeko modurik onena dela ez du zalantzarik. "Boluntario aritzeak anitz ematen dit", nabarmendu du Sara Hualdek (Salvatierra de Esca, Aragoi, Espainia, 1996). Nafarroako Autismo Elkarteak urtero egiten duen udako eskolan aritu da, hamabost egunez. Anfas elkartearekin ariko da abuztuan, lehendabizi, eta gero Ceutara (Espainia) joanen da, kanpaleku batean parte hartzera.

Hirugarrenez aritu zara boluntario autismoa dutenentzako udako eskolan. Zergatik erabaki zenuen elkarte horrekin bat egitea?

Osaba baten bidez izan nuen eskolaren berri, duela hiru urte. Saiatzea erabaki nuen. Bi asterako eman nuen izena, eta azkenean sei astez egon nintzen! Iaz ere bizpahiru astez egon nintzen, eta aurten ia bi astez. Ezin nintzen gehiago gelditu, baina datorren urtean berriz ere emanen dut izena.

Zer ematen dizu esperientziak?

Ni Gizarte Lana ari naiz ikasten Iruñean, eta beti izan dut boluntario aritzeko gogo hori. Iruditzen zait nire ikasketekin lotura handia duela esperientzia horrek, eta on eginen didala. Balioko didala gero nire lana garatzeko.

Zein izan da zure eginbeharra?

Autismoa duen pertsona bakoitzarekin boluntario bat aritzen da. Eskolan ematen duten denbora guztia haiekin egoten gara, eta gure egitekoa da behar duten guztian laguntzea. Denok ditugu gaitasun ezberdinak. Autismoa dutenek zailtasunak dituzte hainbat arlotan, eta horietan laguntzen diegu. Betiere, helburua ahalik eta autonomoen izatea dela ahaztu gabe.

Zer adinetakoak dira kideak?

2 urte ingurukoak dira aurten gazteenak, eta 13-14 ingurukoak zaharrenak. Lehen urtean, 6 urteko neska batekin aritu nintzen; iaz, 14 urteko mutiko batekin; eta, aurten, berriz, 4 urteko neska batekin. Ezberdinak dira esperientzia guztiak. Sindromearen maila ez da bera guztietan, eta bakoitzak behar ezberdinak ditu. Polita da urratsak egiten dituztela ikustea, haiekin egoten zaren denbora horretan.

Zer ikasi duzu autismoari buruz urteotan?

Nik uste dut boluntario aritzeak aukera eman didala hasierako beldurrak bazter uzteko. Hasieran urduri nintzen, autismoa dutenekin inoiz ez nuelako harremanik izan, eta ez nekielako nola jokatu behar nuen. Baina nerbioak laster utzi nituen bazter. Finean, erraza da haiekin egotea. Bertze edozeinekin egotea bezalakoa. Kontua da bertzearen azalean jartzea. Jendeak uste du autistak hitz egiteko gai ez badira zaila izanen dutela haiekin komunikatzea. Baina ez da hala. Komunikatzeko gai dira, keinuen bidez, edo irudien bidez.

Piktogramak ere erabiltzen dituzte, ezta?

Bai. Hagitz garrantzitsuak dira irudiak haientzat. Eskolan, piktogramak erabiltzen ditugu une oro. Egun osoko jarduera piktogramekin lotzen dugu. Autismoa dutenentzat errutina funtsezkoa da. Horregatik, udako eskola ere bada hagitz garrantzitsua, ikasturtean izandako errutinak bazter ez uzteko balio duelako. Gurasoek ere eskertzen dute. Hemendik kanpoko hamaika tokitatik etortzen da jendea, gisako esperientziak urriak baitira.

Anfas elkartean ariko zara abuztuan. Lehen aldiz?

Bigarrenez. Iaz ere aritu nintzen. Adimen urriko pertsonak artatzen dituzte elkarte horretan. Anfaseko kideekin Barriako kanpalekura joanen naiz, batetik, eta Iruñean ere ariko naiz talde batekin. Eta, gero, Ceutara.

Han ere boluntario aritzera?

Han kanpaleku soziokulturalak antolatzen dituzte, eta haietako batean parte hartzera joanen naiz. Kontua da hiria ezagutzea; hainbat kulturak bat egiten dute han, eta hori jorratzea da asmoa. Badut gogoa. Ceutari buruz dakidan guztia da albistegietan ikusten dudana. Ezagutu nahi dut hango jendea; eguneroko bizimodua nolakoa den ikusi nahi dut.

Administrazioak eskaintzen ez dituen baliabideak eskaintzen dituzte, anitzetan, Anfasek eta Nafarroako Autismo Elkartearen gisako elkarteek. Zer deritzozu egiten duten lanari buruz?

Hagitz garrantzitsua dela uste dut. Batetik, familiei ematen diete babesa; bertzetik, ezintasunen bat dutenak ahalik eta autonomoen izaten laguntzen dituzte. Hori funtsezkoa da. Hirugarrenik, uste dut haien lana gizarte osoarentzat ona dela. Guztiok gaitasunak eta zailtasunak ditugula erakusten digutelako.

Gizarte lana hobeki egin ahal izanen duzula uste duzu, boluntario aritu eta gero?

Nik uste dut baietz. Oraindik ez dut argi zer esparrutan espezializatu. Aukeretako bat da ezintasunen bat dutenen arloan aritzea. Argi dut urteotan ikasi dudana hagitz baliagarria izanen dela niretzat. Emakumeen aurkako indarkeriaren esparruan espezializatzea da bertze aukeretako bat. Tamalez, arlo horretan ere bada zer egin, oraindik ere.

Iritzia: Eskaparateak

Lur Albizu Etxetxipia

Festak izaten dira jendartearen isla, ispilu handia, neurriz gainekoa. Esponentzialki gure alderdi on eta txarrak bistarazten dituena, etengabean. Sanferminak dira horren adibide ezin hobea, zalantzarik gabe. Bederatzi gau eta egunez dena posible balitz bezala saltzen den hiria da Iruñea. Dena festa, dena kantitate industrialetan. Turistentzako eskaparate antzu eta saltoki erraldoi.

Legerik ez dagoen hiria omen da Iruñea. Zezenen, zezenketen hiria. Prozesioetara joaten diren alkate eta zinegotziak —ez denak, hori ere onartu beharra dago—, udal eta instituzioak laiko izatearen aldekoak. Zezenketen buru diren alkateak, guztion ordezkari izateak horretarako zilegitasuna ematen duelakoan. Antzerki eta eskaparateak, berriz ere.

P a m p l o n a.

Hori saltzen den bezala, badira beste modu batera festa egin nahi dutenak eta dugunak. Festa eta Sanfermin herrikoi, parte-hartzaile, parekide, ekologista, aniztun, antikapitalista, kultural eta euskaldunak. Edo horretarako bidean dauden herri sanferminak. Ez dugu esanen bidea erraza izan denik, are gutxiago hemendik aurrera ez dagoenik ezer lantzeko. Hala ere, bidea markatua dago, eta marrazten ari gara, pixkanaka, zer-nolako sanferminak eta jai herrikoiak nahi ditugun, zer-nolako eredua sustatu nahi dugun eta nola uztartu nahi ditugun jaia eta kalearen okupazioa, jaia eta errebeldia, jaia eta boterearen desafioa, jaia eta kolektibizazioa, jaia eta ahalduntzea. Transgresioa. Horretarako aukerarik ere ematen dutelako sanferminek.

Eta ezin zaigu ahaztu egunez egun, orduz ordu emakume askok jasan behar izaten duten —dugun— indarkeria matxista, urte osoan zehar zeharkatzen gaituena gau eta egun. Sutan jartzen gaituzte eraso sexistek, uztailaren 7an eta urteko beste 364 egunetan ere bai. Ezin zaizkigu ahaztu urte honetako hildakoak, ezin zaigu ahaztu Nagoreren itzala, ezta bere hiltzailearen aurpegia ere. Indarkeria matxistak hil egiten duelako, bai eta sanferminetan ere.

Ezinbesteko hitzordu bilakatu da jada emakume askorentzat Farrukas kolektiboak antolatzen duen uztailaren 4ko gaueko manifestazioa. Ahalduntzerako eta gure gorputzen burujabetza aldarrikatzeko beharrezkoa dena. Begiek dir-dir egiten duten hori, amorruz oihukatzen ehunka emakume, elkarrekin. Gauak eta kaleak gureak direlako, eta festak eta egunerokoa ez ditugulako beldurrez bizi nahi, aske baizik. Aske izan nahi dugu nahi dugunean nahi dugun bezala ibiltzeko; ez dugu ausart izan nahi, ausartak bagara ere —ez beti—.

Horren harira, duela urte gutxi batzuk pentsaezina zen, baina aurtengo txupinazoan autodefentsa feminista aldarrikatzen zuen pankarta atera zuten Udaletxe plazara. Hiriaren zentrora, bihotzera. Espazioaren erdigunea ere gurea delako eta horren alde borrokan jarraituko dugulako, elkarren ondoan.

Sanferminetan beste elkarretaratzerik egin behar izanen ez dugun arte. Eta guztiok aske izan arte.

Bandera ‘non grata’ udaletan

Bandera ‘non grata’ udaletan

Edurne Elizondo

Ikurrinak plazan gelditu behar izan zuen, ofizialki, asteazkenean, Iruñeko besten hasiera iragarri zuen txupinazoan. Bandera handi bat eta bertze hamaika txiki erakutsi zituzten han bat egindako herritarrek; herriko etxeko balkoian ere bai. Ez, ordea, mastan. Bost jarri zituzten, baina bat hutsik gelditu zen: Iruñeko, Espainiako, Nafarroako eta Europako banderak zintzilikatu zituzten mastetatik. Ikurrinik, ez, ordea, epaileek itxi egin diotelako erakundeetako atea banderari, eta non grata izendatu dutelako udaletan, 2003. urtetik indarrean dagoen ikurren legea oinarri hartuta. Udalak, halere, bosgarren masta jartzea erabaki zuen, "ikurren legeak aintzat hartzen ez dituen herritarrei eta sentimenduei aitortza egiteko".

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hainbat sententzia plazaratu zituen joan den astean, eta "lege iruzurtzat" jo zuen iazko udan herrialdeko hainbat herritako bestetan —Iruñea, Tafalla, Lizarra, Lakuntza, Berriozar, Etxarri Aranatz eta Leitza— ikurrina udaletxean jarri izana. Epaileen hitzetan, "propio" gonbidatu zituzten EAEko agintariak udaletxe horietara, bandera jarri ahal izateko.

"Sententzia onartzen dugu, baina ez dugu harekin bat egiten", erran zuten Iruñeko Udaleko arduradunek, ebazpena ezagutu eta gero. Antzeko iritzia agertu zuen Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek ere: "Erabateko errespetua diet epaileen erabakiei, baina horrek ez du erran nahi, berez, haien ebazpenekin bat egiten dudanik", erran zuen lehendakariak, joan den astean. Bertzelakoa izan zen UPNko presidente Javier Esparzak sententziari buruz egindako analisia, haren berri jaso eta gero: "Barkosen ardura da legea betearaztea; arauak dioena beteko dela espero dugu, baina herriko bestetan ikurrina jartzen badute, gobernuko presidenteari ardura bere gain har dezala eskatuko diogu. Gustatu edo ez, legea bete behar dute".

Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek, orain arte, ez diote ikurren legea aldatzeko eztabaidari heldu. Indarrean jarraitzen du, ondorioz, 2003an UPNren gobernuak bultzatuta onartutako testuak. Joan den ekaineko Espainiako hauteskundeen harira, legea aldatzeko eztabaida irailera arte atzeratzea erabaki zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak, azken horrek eskaera hori egin eta gero. Ahal Dugu-ko Laura Perezek ere nahiago zuen eztabaida hauteskundeen ondotik egitea, legearen erreformari buruzko "interes alderdikoiak" bazter uzteko. Uda baino lehen heldu nahi izan zion EH Bilduk gaiari, hilabeteotako herrietako bestetan Iruñeko txupinazoaren gisako egoerak saihesteko, hain zuzen ere. Ez dute egin, ordea. Eta Iruñean, ikurrinaren masta hutsik zela hasi ziren bestak.

Uxue Barkosek onartu zuen, joan den martxoan, ikurren legea aldatzea ez zela "larrialdiko auzia" egungo gobernuarentzat. Akordio programatikoan jasota dago egungo testua bertan behera uzteko konpromisoa. Hori nola eta noiz eginen duten, ordea, zehazteke dago, oraindik ere.

Eztabaida atzeratzeko hartutako erabaki horrekin ez du bat egin Patxi Zabaleta abokatu eta Aralarreko ohorezko presidenteak, inondik inora. "Taldeen arteko adostasunik ez bazegoen lege berri bat egiteko, gutxienez bazuten 2003. urtekoa bertan behera uztea", nabarmendu du. Hori egiteko denbora izan dute.

Zabaletak argi eta garbi erran du: "Ikurren legea da nafarrei iruzur egiten diena, ikurrinak gizartearen zati handi bat ordezkatzen duelako, eta herritar horiei beren ikurra edukitzeko eskubidea kendu dietelako. Lege barregarria da. Ikurrinaren aurkako sententziak atzerapauso handia dira, eta argudio faltsua dute oinarri". Abokatuaren ustez, herritarrentzat hobe da legerik ez izatea, lege bidegabe bat izatea baino. Zilegi jo du, gainera, "herritarrei iruzur" egiten dieten legeei "iruzur egitea".

1981etik, iaz jarri zuten ikurrina, lehen aldiz, Iruñeko herriko etxeko balkoian, sanferminetako txupinazoaren harira. Duela 35 urte, hain justu, 1981eko abenduan, UPNk bultzatuta, ikurrina hiriburuko udaletxetik kentzeko agindua onartu zuen hiriko udalak. "Ikurrina zegoenean inolako arazorik ez zen; politikari baztertzaileek baino ez dituzte arazoak ikurrinarekin. Ikurrina balkoian egon denean plazan ez da istilurik izan; debekuek ekartzen dituzte istiluak", gogoratu du Zabaletak, Iruñeko Udaleko Herri Batasunako zinegotzi izandakoak.

"1981ean, UPNrena izan zen bandera baztertzeko ekimena. UCD eta sozialistak presio mediatikoarengatik ez ziren ausartu debekuaren aurka egitera; Diario de Navarra egunkariaren presio mediatikoarengatik ez zuten debekuaren kontra egin sozialistek. 27 botoetatik hamar izan ziren ikurrinaren aldekoak:HBren zazpi, EAJren bi eta Manuel Perez Balda sozialistarena. Bota egin zuten, ondorioz, eta zinegotzi izateari utzi behar izan zion; erabaki horren kontra egin zuen, eta arrazoia eman zioten, baina ordurako legealdia amaituta zegoen", erantsi du Zabaletak, ordukoei buruz.

2003. urtera arte, 1986ko ikurren legea izan zen indarrean Nafarroan. "Zirrikituak bilatu eta aurkitu egin zizkioten lege horri herrietako udaletan ikurrina jartzeko". Han eta hemen baliatu zituzten hamaika herritako alkateek zirrikitu horiek, beren herrietan bandera erakutsi ahal izateko. Legeak zituen aterabide horiek itxi egin nahi izan zituen, hain zuzen ere, UPNk. Horixe nabarmendu du Zabaletak. Horixe izan zela, hain justu, 2003ko legea egiteko asmo bakarra. "Miguel Sanz presidenteak Alberto Catalan kontseilariaren esku utzi zuen zeregin horren ardura". Zirrikitu guztiei atea erabat itxiko zien legea prestatzeko ardura, hain zuzen ere.

"Borondaterik ez"

Zabaletak bezala, Victor Moreno idazle eta irakasleak ere ez du ulertzen 2003ko legeak indarrean jarraitzea, oraindik ere. "Duela urtebete dugu gobernu berri bat; ulertezina da borondaterik egon ez izana UPNren politikak aldatzeko ikurren auzian. Alderantziz izan balitz, UPNk osin batean hondoratu izanen zukeen jada lege hori".

Gehiago erran du Morenok, ohikoa duen ironia baliatuz, ikurren legeari buruzko eztabaida irailera arte atzeratu izanaz: "Zalantzarik gabe, orain eztabaida horri heldu baino garrantzitsuagoa da San Ferminen omenezko prozesioak antolatzea, frakak eta xisterak garbitzera eramatea, palioaren ibilbideak adostea, eta elizan sartuko diren edo ez erabakitzea; argi dago auzi horiek guztiak direla oso serioak, eta bilera luzeak eta gogoeta saio burutsuak eskatzen dizkietela gobernu batzordeetako kideei".

UPNren jarrerari buruz, Morenok "normaltzat" jo du. "Alderdi horren koherentzia politikoarekin bat egiten du ikurrina erakundeetatik kanpo uzteko UPNren asmoak. Ez dugu ahaztu behar Nafarroako egungo eskuina dela frankismoaren oinordeko ideologikoa".

2003. urteko ikurren legeak, hain zuzen ere, ikurrinari buruzko debekuarekin batera, ikur frankisten inguruko neurriak jaso zituen, onartu zutenean. Testuak, zehazki, 2003 hartan, urtebeteko epea ezarri zuen ikur frankistak herrialdeko karriketatik kentzeko. Urte luzez, ordea, agindu hori bete gabe utzi dute UPNren gobernuek.

"Jendeak maite ohi du banderekin eta ikurrekin identifikatzea. Ikurrina umiliatzen badute, eta horrek min egiten badizu, ez da gogoeta handirik egin behar zure nortasunaren mapa zein den jakiteko. Frankistek berdin jokatzen dute. Asaldatzen dira, ikur frankistak haien nortasunaren parte direlako", erran du Morenok.

Frankismoarekin lotu du Zabaletak ere ikurrinaren aurkako UPNko kideen egungo "amorrua". "Ikurrinari amorrua diote frankismoaren aurkako bi ikurretako bat izan zelako; bandera gorria izan zen bestea. Horregatik diote amorrua, oraindik ere, ikurrinari. Frankismoaren ondorengoak baitira", erran du Zabaletak.

Iruñean, plazan gelditu da bandera besten hasieran, epaileen aginduz. Berdin gertatuko da, ustez, herrialdeko bertze hamaika herritan. Ikurren legea noiz aldatu zain da ikurrina.