Kultur ereduak mintzagai, Katakraken

Kultur ereduak mintzagai, Katakraken

Euskarari buruzko joan den asteko mahai inguruaren ondotik, gaur kultura izanen dute mintzagai Nafarroa ofizialetik Nafarroa errealera jardunaldien bigarren mahai inguruan: administrazioek orain arte aplikaturiko kultur politika, edukirik gabeko azpiegitura erraldoiak lehenesten dituen eredua, artista eta sortzaileen beharrak eta beste izanen dituzte hizpide. Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak zuzenduko du Kultura edukiak eta edukiontziak mahai ingurua. Oskar Estanga bertsolari eta musikariak,...

Martin Monreal izango da Osasunako entrenatzailea sasoia amaitu arte

Enrique Martin Monreal izango da Osasunako entrenatzailea denboraldia amaitu arte. Jose Manuel Mateo kargutik kendu berritan, taldeko presidenteak onartu zuen harekin hitz egiten hasiak zirela. Azkenean ez da ezustekorik izan. Talde egoera larritik ateratzeko ardura Martin Monrealena izango da (Tebas-Muru Artederreta, Nafarroa, 1956). Martin Monreal Ezagun zaharra da Osasunan. Beheko mailen eta bigarren taldearen arduradun izan da azken urteetan. Lehen...

Bi ereduen arteko talka

Bi ereduen arteko talka

Joxerra Senar / BERRIA Dinbi-danba. Larunbateko boxeo norgehiagokak izan zuen Iruñean jarraipenik atzo, baina ukabilkada errealak beharrean zartako dialektikoak eman zizkioten elkarri Jose Javier Esparzak eta Adolfo Araizek, UPNko eta EH Bilduko hautagaiek hurrenez hurren. Bi eredu jarri ziren atzo aurrez aurre Navarra TVk gauean zuzenean emandako eztabaidan. Bata, Esparza, bi hamarkadaz Nafarroako botere ekonomikoa eta politikoa administratu duen erregimenaren...

Esparza eta Araizen arteko eztabaidaren hamar gako eta zenbait jakingarri

Esparza eta Araizen arteko eztabaidaren hamar gako eta zenbait jakingarri

Jon Ordoñez / BERRIA Ez dirudi Esparzak eta Araizek atzo egin zuten eztabaida erabakigarria izango denik maiatzaren 24ko bozetan, baina utzi zituen ostiralean hasiko den kanpainan gako izan daitezkeen zenbait jarrera. Ikusi duzu Esparzaren atzean @ehbildu-ren logoa #debateNa2015-en? Gakoak eta + @berria-n http://t.co/vCWaXkpj9k pic.twitter.com/uSAlKXrt2j — Jon Ordoñez (@jonordoez) May 5, 2015 1.- Esparzak ez zuen argazkirik nahi Araizekin Eztabaida ere...

Esparza eta Araizen arteko aurrez aurreko eztabaida, 22:00etan

Esparza eta Araizen arteko aurrez aurreko eztabaida, 22:00etan

Jon Ordoñez / Berria Nafarroako presidentetzarako UPNren eta EH Bilduren hautagaien eztabaida izango da gaur, 22:00etan. Javier Esparzaren eta Adolfo Araizen arteko eztabaida izango da, eta Navarra Television-ek emango du. Aurrez aurrekoa Oihane Garzaron aurkezleak zuzenduko du; euskarazko albistea aurkezten du telebista kate horretan.Bi alderdiek elkarren artean hala adostuta, lau atal hauetan banatuko dute eztabaida: lehen atalean, gatazka politikoari buruz...

Aldaketa, euskararen eskutik

Aldaketa, euskararen eskutik

Euskararen aldeko borroka ez da ehun metroko lasterketeta, maratoia baizik". Hizkuntzaren normalizaziorako bidea lasterketa luzea da Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradun Iñaki Lasaren ustez. Zenbaitetan sufritzea eskatzen du; besteetan, berriz, erosoago egotea. Une atsegin horietako bat izan zen, baina, apirilaren 25ean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian egindako ekitaldia. Euskararen aldeko maratoiean aritzen diren korrikalariak aktibatzeko gunea.

Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak antolatutako Nafarroa ofizialetik, Nafarroa errealera jardunaldietako lehen hitzorduan esan zituen hitzok Lasak; AEK-ko Helios del Santo eta IKAko Nekane Otamendirekin batera Katakrak liburu dendan egindako solasaldian. Euskalgintzaren egoera aztertu zuten hirurek, eta erronkez ere mintzatu ziren.

Maiatzaren 24ko hauteskundeei begira jarri ziren hiru solaskideak etorkizunaz hitz egiterakoan. Gobernu aldaketa ezinbestekoa da euskalgintzako ordezkarien ustez, horrek hizkuntza politiketan aldaketak egitea ahalbidetu dezakeelako. Horretara bideratzen ari dira indarrak orain, Anaitasunako ekitaldia ere aldaketa erdiesteko egin baitzuten.

Helburua hitz gutxitan laburtu zuen IKAko Nekane Otamendik: "Orain arte egin duguna plazaratu genuen Anaitasunan, eta funtsezko laguntzaile izan diren euskaldunei esker ona erakutsi genien". Aldaketa lortzeko herritarren berpiztea beharrezkoa dela iritzi diote hirurek. UPNren gobernua inoiz baino ahulago dago, Lasaren iritziz; eta, beraz, aldaketa inoiz baino posibleagoa dela uste du: "Jendea aktibatu behar dugu aldaketa posible egiteko".

"Berezia" izan zen Anaitasunako festa, solaskideen aburuz. Manifestazioa ez egitea erabaki zuen Kontseiluak, eta horretan asmatu dutela uste dute Lasak, Otamendik eta Del Santok. "Giharra erakusteko helburua izan zuen, eta herritarrok ahalduntzeko tresna izatea garrantzitsua izan da", uste du AEK-ko kideak. Antzera iritzi dio Otamendik ere. "Bestelako kutsu bat eman zion ekitaldiari manifestazio formatura mugatu ez izanak".

Euskararen normalizazioak behar dituen lau zutabe aurkeztu zituzten ekitaldian: corpus juridikoa, plangintzak, baliabideak eta herri gogoa. Eta azkeneko zutabe hori azpimarratu zuten gehien solaskideek Katakraken. Euskara baztertzeko antolatutako hizkuntza politika du Nafarroako Gobernuak, Del Santoren ustez: "Azken urteotan gobernuak gehien egin duena herri gogoa ukitzea izan da". Hezkuntza politika da adibiderik garbiena, haren ustez.

Makillatu gabeko politika

Orain arteko hizkuntza politika UPNren interesen araberakoa izan da, Lasaren ustez ere. "Hizkuntzaren kontrola hartu dute. Zertaz hitz egiten den eta nola hitz egiten den erabaki dute gobernutik". Eta hizkuntza politika egokia garatzeko hamahiru proposamen landu ditu Kontseiluak. "Ezinbestekoak" dira, hiruren ustez. "Euskara normalizatuko bada puntu guztiak beharrezkoak izango dira", azaldu zuen Otamendik.

Maiatzean foru gobernu berria osatuko balitz, euskararen alorrean ezer gutxi eginda ere, hori aurrerapauso edo aldaketa gisa aurkeztu daitekeela uste du Lasak. Eta horrek kezkatu egiten du. "Euskarak ez du makillajerik behar". Errotiko aldaketa behar da, eta hori lortzeko landu dituzte hamahiru puntuak.

Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta EH Bildu taldeekin batu da Kontseilua orain arte, proposamenen inguruan hitz egiteko. "Gaur-gaurkoz, ez dugu ezezkorik jaso", azaldu zuen Lasak. Hizkuntza politikak "harreman konplizeak" behar dituela azaldu die Kontseiluak zehazki talde politikoei: "Alor instituzionaletik bakarrik ezin da hizkuntza normalizatu, eta alor sozialetik bakarrik ezta ere". Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko aldaketan "eraginkortasunez" sartzea eskatu diete alderdiei.

Botere instituzionalak, halere, bestelako lana ere badu, Lasaren iritziz: "Hurrengo gobernuak duen lanik zailena ez da izango neurriak abian jartzea; baizik eta diskurtso berriak elikatzea, eta alor horretan iniziatiba hartzea". Orain arte, euskararen kontrako mezuak nagusitu direla salatu zuen: "Nola ez da posible izango diru bitartekoak handitzea? Logikaren barnean sartzen diren puntuak dira, baina utopikoak edo zailak ikusten ditugu". Euskalgintzak duen arazo bat da, haren aburuz. "Aurreiritziak sortu dituzte, eta aurreiritziek gure portaera definitu dute". Euskararen aldeko borroka ahultzen duten jarrerei buelta emateko beharra azpimarratu zuten solasaldian.

Euskararen prestigioa

1996. urtean UPN agintera itzuli zenetik gaur arte bi hamarkada igaro dira, eta denbora horretan, euskalgintzan diharduten eragileek "eraso zuzena, planifikatua eta etengabekoa" pairatu dutela nabarmendu zuten hiru hizlariek. Otamendiren esanetan, ordea, gobernuak egindakoen artean, hizkuntza zokoratzea, ikusezin bihurtzea, izan da kolperik latzena: "Euskara ez prestigiatzea, gizartean ezezagun bihurtzea, ezkutatzea... horrek guztiak ekarri du euskara ikasteko motibazioaren hoztea. Euskara presente badago, jendeak entzun dezake eta, jakinminez, ikasteko hautua egin; euskara ezkutatzen badugu, ordea, jakinmin hori ezinen dugu piztu eta, ondorioz, ezingo ditugu ikasle berriak erakarri. Estrategia bikaina izan da hori UPNren intereserako".

Del Santok bat egiten du ikuspegi horrekin. "Euskaltegien egoera txarraz hitz egiten dugunean, jasotzen ez ditugun diru laguntzak dira burura datozkigunak. Baina arazoa ez da horretara mugatzen. Gaur egun, euskara zokoratuta dagoen hizkuntza da. Administrazioaren lan deialdietan ez da euskararen ezagutzarik eskatzen; Ogasun sailean lan egiteko, adibidez, 10 puntuko saria ematen dute alemaniera edota ingelesa jakiteagatik, euskararengatik ez".

Otamendiren irudiko, baina, lotura zuzena dute prestigioaren galerak eta itotze ekonomikoak: "Estrategia horren ondorioa argia da: motibazioaren apaltzea, matrikulazio datuen murrizketa, diru laguntzen desagerpena eta abar". Azken horri dagokionean, egoerak okerrera egin du azken urteetan. "Lehen, lanordu bakoitzeko, 0,80 euro inguruko laguntzak ematen zizkiguten. Mixeria bat. Orain, ezta zentimo bat ere".

Euskararen normalizazioa galarazi duen faktore nagusietako bat, baina, Euskararen Legea izan da. Nafarroako Legebiltzarrak otsailean onartu zuen arauaren erreforma, eremu ez-euskalduneko herrietan D eredua ezartzeko "gutxieneko eskaera badago". Lasarentzat, "urrats txiki bat da" aldaketa hori. "Pozten gara, baina ez da nahikoa inondik inora". Ildo beretik, Nekane Otamendik uste du euskararen kontrako harresian egindako "arrakala txiki-txiki bat" besterik ez dela legearen erreforma. "Gaur egun, euskaldunon eskubideak ez dira bermatzen: euskara ikasi nahi duen pertsona batek ezin du halakorik egin, eskatzaileak gutxieneko kopuru batera iristen ez badira. Aldiz, eremu euskaldunean, nahikoa da gaztelaniaz ikasi nahi duen pertsona bakarra egotea, G eredua ezartzeko".

UPNren mapa eraisten

Nafarroako euskaldunen artean kalapita sortu duen beste auzi bat mapa soziolinguistikoarena izan da. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak otsailaren hasieran aurkeztu zuen ikerlana, eta zonifikazioa justifikatzeko erabili zituen emaitzak. Izan ere, mapa horrek emaitza positiboak eskaintzen ditu euskararen ezagutzari dagokionean, baina eremu euskaldunean hizkuntzaren erabilerak atzera egin duela nabarmentzen du. Asteazkeneko mahainguruan, Iñaki Lasak zalantzan jarri zuen emaitza horien zilegitasuna: "Lehenik eta behin, ikerlanaren iturria ez da batere fidagarria. Errolda egin zen lagin bat hartuta, eta familiako kide bati beste guztiei buruz galdetuta. Ez dakigu datu horiek zehatzak diren ala ez. Bestalde, Eustat eta INE institutuek zabaldutako datuen artean 300.000ko aldea dago. Beraz, ikerlan hori ez da fidagarria".

Kontseiluko arduradunaren aburuz, euskara Nafarroan "hazten ari da", eta hori ez dago zalantzan jartzerik. Hala ere, hazkunde horren kalitatea ere neurtu beharko litzatekeela uste du: "Eskolatik ateratzen diren ikasleen euskalduntze maila ez da homogeneoa, beste hainbat faktore kontuan izan behar direlako, baina sailkapena egiterakoan, Nafarroako Gobernuak balio homogeneoak balira bezala neurtu ditu".

Azkenik, euskaraz hitz egiteko aukerak ere aintzat hartu behar direla nabarmendu zuen Lasak: "Aukerak egokiak direnean, euskaldunek arazorik gabe egiten dute belaunaldien arteko transmisioa, baina aukera horiek ez daude bermatuak beti".

“Ez gara ohartzen, baina arras hauskorra da eraikitako guztia”

“Ez gara ohartzen, baina arras hauskorra da eraikitako guztia”

Ogibidez irakaslea da Juan Carlos Etxegoien Xamar (Garralda, 1956), eta aspalditik ari da euskararen inguruko ikerketa eta dibulgazioan lanean. Aho bizarrik gabe mintzo da gaiaren inguruan.

Mapa soziolinguistikoa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak otsailean, eta denetariko balorazioak piztu ditu. Zein da zurea?

Nafarroan gertatzen dena leku guztietan gertatzen dena da, baina hemen areagotzen da. Ezagutza, bistan da, hazi da, batez ere D eredua dagoelako eta ikasten delako. Tira, guk ere gure garaian latina ikasten genuen. Hizkuntza hila zen, eta hila segitzen du. Alegia, hizkuntza baten erabilera bermatzeko, neurriak behar dira, eta, argi dagoenez, Nafarroan ez dira hartu. Hemen ez dago elebitasunik, hemen diglosia dago. Hizkuntza bat ezagutzeko beharra dagoenean, argi dago bestearen tokia non geratzen den.

Beraz, administrazioarena da huts-hutsean datu horien erantzukizuna?

Hori ere ez nuke esango. Betikoa da; politika, zentzu zabalean, denok egiten dugu egunerokotasunean. Eta, alde horretatik, guk ere badugu erantzukizunik. Gu hiztun gisa, eta, bertze aldetik, oposizioko politikari gisa ere. Oposiziotik ere egiten ahal da politika, eta politika hori abertzaleen aldetik ere eskas ikusten dut. Hizkuntza komunitatearen minimoen azpian dago beti.

Eta euskalgintzari dagokionez? Bidegurutze batean dagoela entzuten da azkenaldian.

Bai, baina euskalgintza, funtsean, gizartearen ispilu da. Harrigarria litzateke hizkuntz komunitateak behera egitea eta euskalgintzak gora. Ez da posible, bata bestearen ondorio baita. Bidegurutzean dagoena, beraz, herria da. Nekez hartu ahal dira neurriak euskalgintza sustatzeko ez badira neurriak hartzen hizkuntza komunitatea garatzeko.

Eta zeintzuk dira neurri horiek?

Betikoak dira, eta aspalditik daude formulatuak. Hasteko, hizkuntza baloratu behar da, eta bederen eskualde euskaldunean hizkuntza baloratua izatea lanpostuentzako, baina eremu euskaldunean ere ez da gertatzen hori. Gure ibarra, Aezkoa, eremu euskaldunean dago, eta orain arte egon den diferentzia bakarra da D eredua dagoela, baina hori eremu mistoan ere bada.

Ahalduntzearen ideia asko errepikatzen da azken aldian. Diskurtsoan indarra du, baina kaleko hiztunak ba al daki nola ahaldundu? Zer egin dezake?

Hor eragin handia du ohartzen ez garen gai batek, motibazioak. Arras ona da ekimen handiak egitea, deitu Korrika, Nafarroa Oinez... Ahalduntzeko ekimen horiek egiten oso onak gara, eta beharrezkoak dira, baina ez hori bakarrik: eguneroko motibazioa behar dugu. Eta hemen etengabe lantzen den motibazioa da euskara haustekoa, edo, beste era batera esanda, erdararen aldekoa.

Ahalduntzearen adibide praktikoa izan dugu asteon, Gaizka Garitanorena, hain zuzen ere.

Bai, oso adibide polita izan da, eta arras ongi egina. Baina arazoa ez da euskara Almerian, hori anekdota bat da; arazoa hemen dugu. Bitartean, beste Garitanok, Martinek [Gipuzkoako ahaldun nagusia], Donostia 2016rako Pablo Berasategi hautatu du kudeatzaile gisara. Bai Garitanok eta baita Donostiako alkateak ere esan dute kudeatzaile ona dela, euskaraz jakin ez arren. Hori PPren urteetako diskurtsoa da. Eta oso arazo larria da. Zeren gainean ari dira eraikitzen herria? Mingarria da.

Euskalgintzaren ibilbide osoari erreparatuz, eraikuntzakoa izan da azken 40 urteetako fasea: ikastolak, euskaltegiak, hedabideak...Zer dagokie egitea belaunaldi berriei?

Nik ez dut uste dena eraikia dagoenik, oraindik ere egiteko anitz dago. Gainera, ez gara ohartzen, baina eraikitako guztia, eta gure egoera politikoa kontuan hartuz, arras hauskorra da. Egun batetik bestera eror daiteke. Euskaltegien munduan hori sumatzen da, oso prekarioa da. Ikusi beharko litzateke nola zeuden euskaltegiak Iruñean duela 30 urte, ez du zerikusirik gaur egun gelditzen denarekin. Beti airean gaude, diru-laguntza baten menpe, edo limosna baten menpe. Eta beldur naiz D ereduarekin berdin ez ote den gertatuko, baitakigu zer oztopo jartzen dituen gobernuak alor guztietan. Pentsatzen dugu ez dakit zer egina dugula, baina hurrengo egunean eror daiteke.

Beraz, oraindik ez gaude biziraupenetik normalizaziorako saltoa emateko moduan?

Ez, ezta gutxiagorik ere. Biziraupena ez dago bermatua, eta hori Unescok berak esana da. Gertatzen dena da beharbada gogorra dela hori erratea, eta ez dugula aditu nahi. Hori ere ulertzen dut.

Badirudi euskalgintza gauzak komunikatzeko modua aldatzen ari dela. Mezu baikorrak lehenesten dira, ezkorren lekuan.

Bai, ados nago, mezu eraikitzaileak zabaltzen dira, eta hala behar du. Gurea negar egitea izan da. Eta, adinarekin, norbera aspertzen da egunero entzuteaz zer gaiztoak diren eta zein den egin diguten azkena. Beraz, egin behar dena da eraikitzea, baina sendo, eta ez du balio bakarrik besteei leporatzea. Jon Sarasuak ongi planteatzen du Euskara jendea dokumentalean: kontua ez da botila erdi hutsik edo erdi betea dagoen; botila hautsita dago, aspalditik. Ahalegin guztiak egonik ere, galera bat izaten da, horregatik ez da sekula betetzen.

Nafarroan eman litekeen aldaketaz asko hitz egiten da azken aldian. Zer ekarriko lioke horrek euskaren egoerari?

Nik arras zaila ikusten dut aldaketa. Gero eta zatiketa handiagoak daude, eta, beraz, gero eta zailagoa da akordioak egitea. Edonola ere, zaila dena da, nornahi iritsirik ere, UPNk baino makurrago egitea. Edonola, ez da posible istorio hau garaiaren araberakoa izatea, hauteskundeei edo balizko aldaketa bati begira. Ez, egunerokoa da, eta oposizioak ere ohartu behar du hizkuntzaren inguruan gogoeta sakona egin behar duela, eta praktikara eraman. Oraindik asko da egin dezakeguna; gai zabala da, eta gauza anitz egiten ari gara, baina ezin da kontu koiunturala izan.

“Langile izatea ohorea zen lehen; orain, ia disimulatu egiten da”

“Langile izatea ohorea zen lehen; orain, ia disimulatu egiten da”

CCOO eta UGT sindikatuek Iruñean duten egoitzaren parean egin nahi izan du Jose Luis Diaz Monrealek (Iruñea, 1943) elkarrizketarako argazkia. Harridura aurpegien aurrean, azalpena eman du: "Sindikatu bertikalaren egoitza zen hau, gure etsaiarena. Hemen egiten genituen protestak". Badu zentzua, erretiratu zenetik langile borroken memoriaren aldeko lanean ibili dela kontuan hartuta. Borroka horietako bat izan zen Potasasekoa: 48 langilek itxialdia egin zuten meatzean hamabost egunez, eta inguruko langileen elkartasuna piztu. Aurten bete dira berrogei urte.

Nola gogoratzen duzu Potasaseko hura?

1974ko azaroan hasi zen dena. CCOOk lan baldintzen inguruko aldarrikapen sorta bat kaleratu zuen, eta data bat jarri zuen, azaroaren 20a, Nafarroako enpresa handienek erantzun zezaten, bestela grebara deituko zutela ohartaraziz. Abendu hasierarako, milaka langile ziren greban. Data horietan, gainera, CCOOk (ez zuen gaur egungo sindikatuarekin zerikusirik) Espainiako Estatu osoan deitutako greba orokorra zegoen. Azkenean, deialdia bertan behera utzi zuen sindikatuak estatuan, baina Nafarroa, Bizkai eta Gipuzkoan mantendu zen. Istilu handiko protestak izan ziren greba hartan, eta, hortik aurrera, katean etorri zen dena. Potasaseko meatzean itxialdia egitea erabaki zen. Aurretik beste itxialdi bat egona zen, baina jende askorekin, eta gutxi iraun zuena. Horregatik erabaki zen jende gutxiago sartzea meatzean, baina denbora luzeagoz egoteko, eta neurri batean, komatxo artean, hiltzeko prest egongo zena.

Eta, hala, lurpean sartu ziren dozenaka langile.

1975eko urtarrilaren 7an izan zen. 47 pertsona sartu ziren hasiera batean, Undioko putzutik (meatzera sartzeko bideetako bat zen; Espartzakoa bestea). Barruan sartu eta gutxira, Guardia Zibilak meategia inguratu zuen. Baina, gau batean, kanpoan ziren langile batzuek guardia zibilak distraitzeko mugimendua egin zuten. Haien kontra harriak bota zituzten, eta horiek erantzun zutenean, langile batek putzuan sartzea lortu zuen, barruan zeuden kideei walkie-talkie batzuk eramateko. Ezinbestekoa zen hura, barruko eta kanpoko langileen artean komunikazioa egon zedin.

Protestak elkartasun olatua ekarri zuen.

Bai, ikaragarria. Itxialdia egin bitartean, mobilizazio asko egin genituen kanpoan. Gogoan dut behin martxa bat antolatu zuela CCOOk, Zizur Nagusitik Espartzaraino joateko, zelaitik. Jendetza zegoen, 5.000-6.000 orduko iturrien arabera, eta adin guztietakoak. Hara iristean, grisak oldartzen hasi ziren. Ikaragarria izan zen.

Eskubideen alorrean, asko zor zaio garai hartako borrokari...

Urte horietan, dena irabaziko genuela uste genuen. Baina, gutxira, niretzako inflexio puntua izan zena gertatu zen. Franco hil ostean, sindikatu berriak azaleratu ziren: UGTren hazkundea —Nafarroan ordura arte indar gutxi zuen—, LABen sorrera, ELAren berragertzea, ORTren eta LKIren gisakoak... Legezkotasuna bermatua zutela, horietako asko erosotasuna bilatzen hasi ziren. Nafarroan, CCOOk eta UGTk sindikatu borrokalariak izaten segitu zuten, Espainian gertatzen zenaren kontrara. Baina, orduan, Moncloako akordioak sinatu zituzten Madrilen, eta CCOO, UGT, PSOE eta PCEk eskuinarekin egin zuten ituna. Orduan, CCOOk Nafarroako zuzendaritza osoa kanporatu zuen, eta Madrildik gidatutako kudeaketa batzorde bat jarri. UGTn gauza bera gertatu zen: Nafarroako militante borrokalari guztiak bota zituzten. Eta hala, urte bakarrean, Nafarroako langile gatazka hamarren bat jaitsi zen.

Gaur arte.

1980ko panorama sindikala gaur egungo bera da. Salbuespen batzuk badira, ESK agertu zen —hain zuzen, CCOOtik eta UGTtik botatakoen parte hartzearekin—. Baina, oro har, egoera ez da askorik aldatu. Etsipena sentitzen dut, iruditzen zaidalako, neurri handi batean, sindikalista asko funtzionario bihurtu direla.

Sindikatuak aipatu dituzu, baina langileria zertan aldatu da?

Orduko langileriak hiru ezaugarri nagusi zituen, formazio teorikoaz gain, oraingoa baino zabalagoa zena. Batetik, elkartasuna, sakratua zena. Batasuna zen beste bat: talka politiko asko zeuden, baina helburu komun bat zegoen, diktadura garaitzea. Hirugarrenik, duintasuna ere bazuen. Gogoan dut Potasaseko langile baten pasadizoa. Ikasketarik gabekoa zen, baina borroka guztietan ibiltzen zen. Behin, Iruñeko Sarasate pasealekutik zihoala, eskale bat ikusi zuen San Nikolasen elizaren atarian. Lepotik hartu, eta zera esan zion: "Zer egiten duzu hemen eskean? Nahi baduzu, har nazazu besotik, eta elkarrekin joango gara banku bat lapurtzera. Kalean eskean ibiltzea baino askoz duinagoa da hori".

Orduko klase kontzientzia desagertu da?

Gure artean klase borrokaren kontzeptua oso presente zegoen. Gaur ez dut inondik ikusten. Lehen, ohorea zen langile klasekoa izatea. Orain, ia disimulatu egiten da, desohorea balitz bezala.

Maiatzaren Lehena da gaur. Egun hau aldarrikatzeko modua ere aldatuko zen, ziurrenik.

Hasierako maiatzaren 1ak klandestinoak eta antolatzen zailak ziren, arrisku handikoak. Orain, CCOO eta UGT bigantxak eta bazkariak antolatzen ikusten ditudanean... Egia da LAB eta ELA borrokalariagoak direla, eta gaur egun besteengan ez dudan konfiantza dut haiengan. Baina, hala ere, gustatuko litzaidake diru laguntzen hain menpe ez egotea.

Ezkor ikusten zaitut.

Bai, zaharra naiz, 71 urte ditut, eta ezin dut saihestu. Beltza da panorama.

Alde horretatik, zer garrantzi du lehengo borroken memoriak?

Erabatekoa. Badakit hauek aitona zaharraren kontuak diruditela, baina uste dut gure langile historiaren gaineko ezjakintasun handia dagoela. Gure guraso eta aitona-amonak mundu hobe baten alde borrokatu ziren, eta hori gogoratu beharrekoa da.

Aldaketa politikoaren alde, hizkuntza politika aldatzeko

  Nafarroako Gobernuak orain arte euskararekiko izan duen jarreraz, hizkuntza politika berri batek izan beharko lituzkeen ezaugarriez eta etorkizuneko erronkez solastu dira Kontseiluko, AEK-ko eta IKAko ordezkariak Nafarroako Hitza-k, BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean antolaturiko mahai inguruan. Iñaki Lasa, Helios Del Santo eta Nekane Otamendi izan dira hizlariak.Gobernu aldaketaren alde agertu dira, UPNren agintaldiak euskalgintzari egindako kalteari erreparatuz. Del Santo: “Gobernuak...

Krisi aurreko egoerara itzuli da Nafarroako ekonomia

Krisi aurreko egoerara itzuli da Nafarroako ekonomia

Nafarroako gobernuak aurreratu duenez, ekonomia %0,6 handitu da lehen hiruhilekoan. Urtebetean %2,3ko erritmoan hazi da barne produktu gordina. Zazpigarren hiruhilekoan jarraian handitu da BPG eta urtebetean %2,3ko erritmoa hartu du. Lourdes Goikoetxea jarduneko presidenteordeak nabarmendu BPG 2008 erdialdeko neurrian dagoela, eta horrek esan nahi luke krisian galdutako aberastasuna erdietsi duela Nafarroak. Ia zazpi urte behar izan ditu, hortaz, krisiaren abiapuntura...