Iragan den apirilaren 20an hirurogei bat lagun bildu ginen Beran, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak deituta, gure eskualdean euskarak duen egoerari buruzko diagnosia egin asmoz. Bihar beste saio bat izanen da, ondoko urteetan euskararen egoera hob...
Martxo amaieran Nafarroan lanik gabe zegoen pertsona kopurua.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, martxo amaieran 56.524 lagun zeuden langabezian Nafarroan. Urtarriletik martxora bitarte, 5.400 beharginek galdu dute lana.
900
• Parlamentua inguratzeagatik ordaindu behar dutena, eurotan. Inguratu Nafarroako Parlamentua ekinaldian parte hartzeagatik hiru kidek 900 euro ordaindu behar dute. Horretaz gain, PPren egoitzaren aurrean escrache-a egiteagatik bost pertsonari 600 euroko isuna jarri diete.
‘Zertarako hegoak’ antzezlana sortu du Metrokoadrokak urteurrenerako
Hamargarren urteurrenaren harira, atzetik daukan komunitatearekin eskuz esku aritzeaz gain, euskal kultur produkzioari ere egin nahi dio ekarpena BERRIAk. Hala, ospakizunetarako antolatutako 30 emanaldietako hamabitan, Zertarako hegoak antzezlana ikus...
Urteari hasiera kaxkarra
Urrun gelditu da industria, bigarren sektorea, sektore indartsu zen garaia. Krisi ekonomikoak zuzenean eragin dio. Azken ikerketen arabera, 2008tik 2012ra 30.500 lanpostuko galdu dira industrian eta eraikuntzan. 2013rako aurreikuspenak nolakoak diren jakiteko, bi hilean behin inkestak egiten ditu Nafarroako Industriaren eta Merkataritzaren Ganberak, Mondragon Taldearekin elkarlanean. Lehen bi hilabeteetan egindako ikerketen arabera, urte hasiera "oso kaxkarra" izan da, eta datozen hilabeteetarako aurreikuspenak ez dira onak.
Fernando San Miguel Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberako azterketen burua da. Dioenez, 400 enpresatara bidali dituzte industrian urtarrilean eta otsailean zer-nolako aurreikuspenak izan dituzten jakin ahal izateko inkestak. Hala ere, 70 inguruk soilik erantzun dute.
Jasotako emaitzetatik dozenaka ondorio atera dituzte. Ebatzitako informazio hori Nafarroako Gobernura bideratu nahi dute, industria sustatzeko politika eraginkorrak abian jar ditzan. "Bi hilabetean behin egingo ditugun inkestek, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak sektorea indartzeko abian jarri behar dituen neurriak nolakoak izan behar duten jakiten laguntzea espero dugu", dio San Miguelek.
Adierazle gehienak txarrak
Fakturazioa, inbertsioa edota esportazioaren datuak 2012an baino okerragoak izango direla onartu dute inkesta erantzun dutenen gehiengoak. Izan ere, batez beste, eskari berrien eskaria %25 murriztuko dela aurreikusi dute. Beraz, hori prezioetan espero den jaitsierarekin lotuta, fakturazioa %12 murriztuko litzateke 2012ko azken hilabeteekin alderatuz gero. Egoera hori ikusirik, lanpostuetan ere jaitsiera jazotzea litekeena da.
"Perspektiba txarra denean, adierazle gehienak ez dira batere positiboak izaten", azaldu du San Miguelek. Azterketa martxoan jakinarazi zuten arren, joan den astean ezagututako langabezia datuak hobeto ulertzen lagun dezakete ganberaren azterketak. Izan ere, INE Espainiako Estatistika Institutuak hiru hilean behin argitaratzen dituen datuen arabera, Nafarroan langabezia %19 da. Ia ahaztuta zegoen datu hori. Izan ere, 1985. urtean izan zen azkenekoz %19,6ko langabezia tasa. Denera, 56.524 lagun daude Nafarroan lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 5.400 lagun gehiago. Hala ere, Nafarroako Gobernuak joan den asteartean iragarri zuen, apirileko langabezia tasa martxokoa baino hobea izango dela. Alde horretatik, San Miguelek argi utzi du euren azterketan parte hartu duten enpresek ez dutela jende gehiago kontratatzeko asmorik; bai ordea, lan erregulazio espedienteak aurkeztekoa.
Urtea ez dela ondo hasi gauza berria ez den arren, Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberako azterketa arduradunak ohartarazi du tamaina handiko enpresetan egoera hobea dutela tamaina txikikoetan baino. "Enpesa handiak txikiak baino internazionalizatuago daude, eta esportazio tasa handiagoa dute", ohartarazi du San Miguelek.
Gaineratu du, halaber, enpresen internazionalizazioak aurrera jarraitu ahal izateko faktore garrantzitsua da. Dena den, atzeraldia ere antzeman dutela dio. "Hein handi batean, Europara esportatzen da; Europako herrialdeek atzeraldi txiki bat izaten dutenean, oso argi antzematen da esportazioetan".
Errealitatea geografikoa
Aurten, denera, sei inkesta egingo ditu Nafarroako Industria eta Merkataritza Ganberak, Mondragon Korporazioarekin batera. Azken hilabeteetan, zenbait sindikatuk —tartean, LAB eta ELAk— salatu dutena berretsi dute lehenengo inkestatik ateratako ondorioen bitartez. Nafarroan industriaren errealitatean ezberdintasun geografiko handiak daude. Nafarroa iparraldeko, Pirinioetako, Erriberako eta Tuterako enpresek dituzte aurreikuspenik txarrenak, ikerketaren arabera. Iruñean eta Estellerrian etorkizun hobea izango delakoan daude.
San Migueli galdetuta zergatik gertatzen den errealitate hori, faktoreak anitz eta oso ezberdinak izan daitezkeela nabarmendu du. "Sarritan aipatu izan da Sakanako industriak izan duen atzeraldia. Nire ustez, azterketa sakona egin beharra dago, horren haritik, errealitate horren faktoreak jakitearekin batera aurrerapausoak egin daitezkeelako". Alor horretan, nabarmendu du litekeena dela Sakanako industria elkarren artean oso lotua egotea, eta, batek arazoak izan dituenean, bata bestearen atzetik erori izana, domino fitxen antzera.
Sektoreka, ordea, aurreikuspen txarrenak elikadura, jantzi, larru, oinetako, egur, paper eta kautxuen industriek izango dituztela jakinarazi du San Miguelek. Kontsumoaren jaitsierarekin lotu du, zuzenean, enpresa mota horien jaitsiera.
Lehenengo bi hilabeteetako irudipen txarrek bere isla dute datuetan. Esaterako, Nafarroako ekonomia, 2013ko lehenengo hiruhilekoan %0,6 jaitsi da; 2012ko epe berean baino %0,1 gutxiago. Hala ere, Lourdes Goikoetxea Nafarroako Ekonomia kontseilaria baikor agertu da. Izan ere, jakinarazi duenez, Nafarroako ekonomia "egonkortzen" ari da, esportazioei "eusten" ari direlako. Hala, emaitza onak laster ikusi ahal izatea espero duela aitortu du Goikoetxeak.
Garai ezegonkorra da egungoa, baina, bi hilabetez behin joera nolakoa den ezagutzeko asmoz, beste inkesta bat egin duNafarroako Industriaren eta Merkataritzaren Ganberak. Lehenengoan bezalaxe, 70 enpresa inguruk erantzun diote galdetegiari. San Miguelek onartu du oraindik zaila dela daturen bat aurreratzea, baina ez du uste martxoko eta apirileko errealitatea asko aldatuko denik urtarrilekoarekin eta otsailekoarekin alderatuta. Hala ere, hark dioenez, oso garrantzitsua da ikustea esportazioei eta inbertsioei zein neurritan eusten zaien, horiek "oso ondo" islatzen dutelako errealitatea.
“Hedabideek ijitoen gutxiengo batek egiten duena erakusten dute askotan”
Ijito batzuentzat ikastea eginbeharra da, eta ez eskubidea. Toño Jimenezek (Lizarra, 1993) ikasketak jarraitu nahi zituen, eta ez zuen atseden hartu lortu arte. Egun, Nafarroako Unibertsitateko Kazetaritza ikaslea da. Lehenengo mailan dago, eta pozik dago ikasturtean egindako lanarekin. Ez da oso ohikoa ijitoak unibertsitatera joatea, baina Jimenezek bere familia eta lagunen babes osoa jaso du. Egunero egiten du Lizarrara joan-etorria.
Betidanik argi izan duzu ikasten jarraitu nahi zenuela?
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailan hasi nintzen etorkizunean pentsatzen. Kazetaritza ikasi nahi nuen, baina arazo ekonomikoak direla eta, Lanbide Heziketan izena ematea pentsatu nuen. Hala ere, azkenean finantzaketa lortu dut, eta, egun, egin nahi nuena egiten ari naiz: kazetaritza ikasi.
Zure familiak babes osoa eman dizu ikasten jarraitzeko?
Bai, hala da. Babes osoa jaso dut, eta animatu naute nik nahi dudana egiteko.
Ez da oso ohikoa zure kasua. Ijito gehienek ez dituzte ikasketak amaitzen. Zergatik?
Egia esan, ez dakit, baina ikasten jarraitzeko eragin handia du familiak. Baita klaseko lagunek eta irakasleek ere. Nik, adibidez, ez dut inolako arazorik izan unibertsitatean, ez irakasleekin ezta ikasleekin ere. Oso ongi hartu naute.
Lagunak animatzen dituzu ikasten jarraitzeko?
Bai, beti esaten diet, baina ez didate kasurik egiten. Hala ere, orain Lizarrako gazte asko ari dira ikasten. Ikasketak utzi zituzten, baina krisiarekin konturatu dira ez dutela lan egiteko aukerarik eta tituluren bat behar dutela lana bilatzeko.
Kazetaria izanen zara. Nola tratatzen dituzte gaur egungo hedabideek ijitoen inguruko berriak?
Nire ustez, gaia ez da oso ongi lantzen. Aurrekoan eskolarako diskurtso bat prestatu nuen gai honen inguruan. Hedabideek indar handia dute estereotipoak finkatzeko, eta horrela agertzen dira askotan ijitoen inguruko albisteak. Hedabideek ijitoen gutxiengo batek egiten duena erakusten dute askotan. Hala ere, zaila da horri aurre egitea.
Adibidez, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioak kazetarientzako liburuki bat atera zuen, gaia egoki jorratzeko.
Bai, horrelakoak behar ditugu gaiak ongi lantzeko eta estereotipoak hausteko. Bestetik, aurreiritziak ere alde batera utzi behar ditugu.
Ehunka lagun espero dituzte bihar Burgiko Almadiaren Egunean
Bihar, jadanik, 22 urte beteko dira Burgin Almadien Eguna ospatzen hasi zirenetik. Aurten, gainera, inoiz baino gogo handiagoa du jendeak almadiak ikusteko. Izan ere, iragan urtean bertan behera gelditu zen jaitsiera, Ezka ibaiak ur emari handia zeram...
ANTZERKI OBRA BILAKATUTAKO NOBELA
Joan den urrian estreinatu zuten Bilboko Arriaga antzokian Soinujolearen semea antzezlana. Bernardo Atxaga idazlearen obraren egokitzapena da, eta Fernando Bernuesek zuzendu du. Aktore ezagunek hartzen dute parte; tartean, Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Patxo Telleria... Nobela antzerkirako egokitzeaz Patxo Telleria arduratu da. Gaur, 20:00etan antzeztuko dute David eta Josebaren istorioa kontatzen duen antzezlana, Iruñeko Gaiarre antzokian.
Ehun herritan baino gehiagotan argia piztea lortu du IKAk
Nafarroako euskaldunen sarea zabala dela adierazteko eta Iruñerriko IKAren euskaltegiak diruz laguntzeko xedez jarri zuen martxan iragan azaroan IKAk Milaka argi Nafarroan kanpaina. Honela hitz egin du Sagrario Aleman IKAko zuzendariak: "Egia bada Nafarroako udalerri guztiak piztea ez dugula erdietsi, ehundik gora dira argitu ditugun udalerriak". Beraz, alde horretatik pozik agertu da.
IKAko kideak kezkatuta daude Nafarroaren euskalduntasuna ukatzeko egin diren ahaleginak direla eta. Alemanen irudiko, egoera horretan zerikusi zuzena du 1986. urteko Euskararen Legeak. Beste behin, lege horrek euskararen normalizazioa oztopatzen duela salatu du.
Bigarren helburuari dagokionez, alegia, IKAren euskaltegiak diruz laguntzea, pozik agertu da Aleman. Denera, 25.000 euro inguru bildu dituzte Barañaingo Sahats, Iruñeko Arturo Campion eta Atarrabiako IKA euskaltegiak laguntzeko. Dena den, Alemanek argi utzi du euskaltegiko kideen helburua euskara ikasi nahi duenari horretarako aukera ematea dela, eta eskolak egun osoz eta doan eskaintzea. Hala ere, jomuga hori erdiesteko asko dute egiteko. Izan ere, Nafarroako Gobernuak, krisia "aitzakiatzat" jarrita, "nabarmen" murriztu duelako herri ekimeneko euskaltegietara bideratzen duen diru laguntza.