Gizartea

Helduleku sendo bat ia deus ez zegoenean

Helduleku sendo bat ia deus ez zegoenean

Edurne Elizondo

Emakume azkarra zen, ausarta; aitzindaria". Horixe erran du Alberto Barandiaran kazetariak Xole Erbiti buruz (1942-2009). Barandiaranek idatzi du Erbitiri buruzko biografia, Bidegileak bilduma itxi duena. Eusko Jaurlaritzak 1987. urtean jarri zuen martxan egitasmo hori, eta, geroztik, launa liburuxka biltzen dituzten 68 sorta argitaratu ditu: 272 biografia denera. "Polita da bilduma Erbitiri buruzko lanarekin amaitu izana", erran du Barandiaranek.

Bildumaren helburua izan da euskalgintzan aitzindari izan diren pertsona eta taldeen pentsaera, bizitza eta lana ezagutaraztea, eta Xole Erbiti izan zen horietako bat, zalantzarik gabe: helduleku sendo bat eman zion euskarari ia deus ez zegoenean. "Lan isila eta apala" egin zuen, ezinbertzekoa. Soka luzea ekarri zuen, ultzamarrak bidea hasi zuelako: Nafarroako lehendabiziko euskara teknikaria izan zen.

Ultzamako Ilarregin jaio zen Xole Erbiti Arbilla, 1942. urtean. Berueteko eskolan aritu zen irakasle, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Zerbitzuko Euskara saileko teknikari postua lortu baino lehen. "Irakasle izateko oposizioa ez zen izan Erbitik gainditutako bakarra; Espainiako Ogasun Ministerioan lan egiteko postua ere lortu zuen", azaldu du Barandiaranek. Erbitik, baina, bide berri bat hastea erabaki zuen, ausardiaz, eta oposizioa irabazi eta gero, 1973ko martxoaren 9an, Nafarroako lehen euskara teknikari bilakatu zen. 35 urtez aritu zen lanean Hezkuntza Departamentuan, 2007an erretiroa hartu zuen arte.

Euskararekin konpromisoa

Duela bost urte egin zioten Alberto Barandiarani Erbitiri buruzko biografia idazteko proposamena, eta kazetariak lan horri esker deskubritu ditu euskara teknikariaren figura eta bidea: "Informazio gutxi zegoen; lankide izan zituenekin eta familiakoekin hitz eginda osatu dut biografia".

Izan ere, Erbiti ez zen inoiz nabarmendu. Lan isila baina etenik gabea egin zuen euskararen alde, jokaleku zail batean. Zaila zen, batez ere euskara teknikariak ia hutsetik egin behar izan zuelako bere bidea: "Garai hartan, ikastolak sortzen ari ziren herri askotan; ez zegoen argi zer egin behar zen, ez zen araudirik, ez zen helduleku izan zitekeen legerik, diru laguntzen inguruko hamaika zalantza baziren... Testuinguru horretan aritu zen Xole Erbiti lanean", nabarmendu du Barandiaranek.

Bertze lanak baztertu eta euskara teknikari bilakatuta, hizkuntzarekin zuen konpromisoa erakutsi zuen Xole Erbitik: "Etxean jaso zuen euskararen aldeko jarrera hori, eta txikitatik utzi zuen agerian. Eskolan, adibidez, irakasle erdaldunak zituzten, baina ikaskideei euskaraz egiteko esaten zien Erbitik beti, haiena euskara zela", kontatu du biografiaren egileak.

Barandiaranek erantsi duenez, bertze batzuen konpromisoari esker sortu zen Erbiti euskara teknikari lanetan aritzeko aukera: "1960ko hamarkadaren bukaeran, hor aritu ziren Jose Maria Satrustegi, Pedro Diez de Ulzurrun, Javier Urmeneta eta beste euskararen alde zerbait egin nahian; sortu zen Principe de Viana aldizkaria, sortu zen euskarazko aldizkari bat, eta herriz herri ibili ziren euskara ezagutzen zuten umeei diplomak ematen. Batzuetan iruditzen zait orduan euskararekiko jarrera hobea egon zela, 1970eko hamarkadaren ondotik ezagutu ditugun garai batzuetan baino".

Giro horretan sortu zen Erbiti Nafarroako lehendabiziko euskara teknikari bilakatu zuen postua. "Euskal Herrian ere lehenengoetarikoa izango zen", erran du Alberto Barandiaranek. Hastapenean irakaskuntzaren esparruan Erbitik egindako lana ere nabarmendu nahi izan du kazetariak: "Ikastolak sortzen hasi zirenean, gora egin zuen irakasle euskaldunen premiak, noski. Irakasleek, euskaldunak izanda ere, ez zuten inolako formakuntzarik euskal kulturaren edo literaturaren arloan, eta Erbitik antolatu zituen gabezia horiei aurre egiteko ikastaroak".

1972an, Nafarroako Diputazioak hitzeman zuen baliabideak jarriko zituela euskara irakaskuntzan sar zedin, eta ahalegin pribatuak lagunduko zituela. 1973ko udan antolatu zituen Xole Erbitik irakasleentzako lehendabiziko euskara ikastaroak, Jon Oñatibia kazetari eta irakaslearen zuzendaritzapean. Euskal Herri osoko 63 lagunek eman zuten izena ikasle gisa. Gehienak emakumeak ziren. "Adituen eta irakasleen artean, berriz, ia denak gizonak. Irakasleentzako ikastaroen inguruko argazkietan gizonek inguratuta agertzen zen Erbiti beti. Berdin gertatzen zitzaion Euskaltzaindiko batzarretan. Emakume izateak ere ekarri du, segur aski, hain ezagun ez izatea".

Barandiaranen liburuxkak egin dio aitortza Xole Erbitiren bizitza osoko lanari. "Erakusteko kate bat dela dena; deus ez dela hutsetik sortzen".

Zauri gehiago ez irekitzeko

Zauri gehiago ez irekitzeko

Uxue Rey Gorraiz
Bizirik diren emakumeen artean berrehun milioik baino gehiagok jasan dute ablazioa munduan, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera. Urteek aurrera egin ahala, indartzen ari da horren kontrako jarrera, baina, adituen esanetan, ez dago ...

Euskarak uda blaitu dezan

Euskarak uda blaitu dezan

Uxue Rey Gorraiz

Hala nahi duenak euskaraz egin dezan aisialdian ere. Hori dute xede era.eus plataformako kideek. Horretarako, udarako proposamen "berritzaile eta freskagarria" aurkeztu dute berriki: Jolasean Blai mahai joko digitala. Sarean eskuragarri dauden hainbat eskaintza kultural bildu dituzte sortzaileek egitasmo berrian, eta helburu nagusi bat erdietsi nahi dute, batik bat: eskolatik kanpo, eta Nafarroako edozein txokotan egonik ere, gomendioak eta baliabideak ematea haurrek euskaraz goza dezaten uda.

Hilabetetako prozesu baten ondotik ailegatu da Jolasean Blai. Izan ere, ez da bestela bezala sortu, konfinamenduan baitu jatorria ekimenak. Martxoaren 18tik maiatzaren 31ra bitartean, egunero, era.eus plataformak proposamen bana egin zien, bere webgunearen bidez, koronabirusak eragindako larrialdiaren ondorioz etxean itxita egon behar zuten familiei. Askotarikoak proposatu zituzten, hala nola ipuinak, kantuak, ikus-entzunezkoak eta aplikazioak. Hain justu, bilketa oparo horretatik abiatuta egindako hautaketaren emaitza da mahai joko berria.

"Sekulako altxorrak aurkitu genituen, eta ez genuen aste horietan egindako lanaren emaitza kaxoi batean gorde nahi. Iruditu zitzaigun aukera oso polita izan zitekeela udako oporrei begira". Marta Chamorro Iruñeko euskara teknikari eta era.eus plataformako kidearenak dira hitzak. Jokoaren sorkuntza prozesuan parte hartu dutenetako bat da Chamorro, eta, orain, pozik ageri da emaitza familia askorentzat erabilgarri dagoela ikusirik. Zehazki, http://eranafarroa.eus/ webgunean dago jokoa eskuragarri.

Jolasean blaitzeko eta altxorraren uhartean murgiltzeko gonbidapena egiten du jokoak. Izan ere, sortzaileek azaldu dutenez, altxorrera iristea da jotzen duten erronka, baina bideaz gozatzea da inportanteena. Egunero, edo bi egunean behin, bakoitzak nahiago duen erritmoan, laukitxo bat egin behar da taulan aurrera, eta, lauki horietako bakoitzean klik eginez sorpresa ugarirekin eginen dute topo haur zein helduek.

Gainera, Chamorroren esanetan, taulan kokatutako hogeita hamaika laukitxoak betetzen dituzten proposamenak ez dira ausaz aukeratuak izan. Dioenez, "zorroztasun handiz" jardun dute azken emaitzan aurkeztu dituztenak hautatzeko. "Euskara onean erabiltzea ezinbestekoa da, eta baita, esaterako, genero ikuspegitik egokiak izatea ere". Finean, taulan bildutakoak kalitatezko proposamenak izan daitezen lehenetsi dute sortzaileek.

Bizialdi aski laburreko plataforma da oraindik ere era.eus, 2017ko azaroan sortua. Hala eta guztiz ere, emanak ditu bere lehenbiziko fruituak. Euskara zerbitzua duten Nafarroako toki entitateek sortu zuten, elkarlanean, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko. Izan ere, Chamorrok argitu du ez dela aski familiei gomendioak ematea, sinetsia dago azaldu egin behar zaiela "hori lortzeko tresnak eta materialak non aurkitu ditzaketen", eta hori "modu ordenatu batean" egin behar dela.

Chamorrok azaldu duenez, "esparru akademikotik harago joateko premiak" bultzatu zituen era.eus plataformako kideak halako ekimen bat sortzera: "Estrategia aldatu behar genuela ohartu ginen, gure helburua ez baita soilik haurrek euskaraz ikastea, baizik eta bizitzako arlo guztietan euskaraz egin ahal izatea, hala nahi badute".

Haurrek eskolaz kanpo euskaraz egin dezaten nahi dute jokoaren sortzaileek, haren ustez, gazteenen euskalduntzea ez baita soilik eskolan landu beharreko afera. "Askotan esan izan da eskolak ezin duela dena egin, ez duela lortzen, eta hala da, jakina, eskolari ez dagokiolako dena bere gain hartu beharra", argitu du Chamorrok.

Kalean, etxean, gurasoekin eta, oro har, eskolaz kanpoko aisialdian eragin beharra azpimarratu du euskara teknikariak, eta gaineratu du, euskarazko eskaintzari dagokionez Nafarroako toki batetik bestera alde handiak egon badauden arren, leku guztietara iritsi nahi dutela.

Gurasoen inplikazioa

"Ematen du premia euskaldun-dentsitate txikiko inguruetan dagoela bakarrik, baina guztietan behar dituzte horrelako proposamenak". Halere, nabarmendu du euskararen erabilera ahulagoa den inguruetan bereziki lagungarria izan daitekeela "hizkera informala lantzeko".

Bakarrik edo heldu batek lagunduta jostatu daitezke haurrak Jolasean Blai mahai-jokoarekin. Hala ere, Marta Chamorrok aitortu du ariketa "askoz erakargarriagoa" izan daitekeela gurasoekin arituta. "Gurasoen inplikazioa garrantzitsua da. Azken finean, gurasoak beren seme-alaben eredu dira askotan, eta hizkuntza ohituretan eragin handia du gurasoengan ikusten dutenak".

Euskaraz zein gaztelaniaz daude idatzirik jokoaren jarraibideak taula gainean, edonor josta dadin haurrekin. Izan ere, sortzaileen esanetan, "ezinbestekoa" da burutan edukitzea gurasoek euskaraz ez jakiteak ez duela zertan traba izan haurrekin aritzeko. "Gurasoek berek uste duten baino askoz gehiago egin dezakete, euskaraz jakin ala ez. Behintzat, egunean behin euskara etxean sartzeko balio dezake honek". Udako opor garaian bereziki, haurrak eskolara joaten ez direnean, hizkuntzarekin harremanetan segitzeko bidea izan nahi du jolasak. Itxialdian izan zen gisan.

Euskaraz blaitzeko, euskaraz zipriztintzeko eta euskaraz uda freskatzeko proposamen sorta oparoa aurki dezakete haurrek 31 laukiz osatutako taula digitalean. Ongi pasatzea helburua izanik, gutxi inporta du bidea egiteko bakoitzak zenbat denbora behar duen. "Haurrek disfrutatzea nahi dugu. Ongi pasatzeak asko laguntzen du atxikimenduan. Oharkabean gertatzen da, baina nabarmen pizten du gogoa euskaraz aritzeko".

Bizikletak, golf piloten kontra

Bizikletak, golf piloten kontra

Edurne Elizondo

Bertze urrats bat egin dute Palacio de Arozteguia SL enpresako arduradunek, Lekarozko izen bereko proiektua garatzeko bidean: bederatzi zuloko golf zelaia egiteko obra baimena jaso dute, ekainean, eta, ondorioz, makinak lanean hasten ahal dira nahi dutenean. Proiektuaren kontrako herritarrek ere segitzen dute beren bidean urratsak egiten, eta, bihar, Elizondon emanen dute hurrengo pausoa: bizikleta martxa eginen dute, Aroztegikoaren gisako egitasmoak baimentzen dituen sistema osoa salatzeko.

Izterpeko Matxinada izeneko kolektiboak antolatu du biharko protesta, eta Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek babestu dute. "Energia Ona izeneko batzorde bat sortu dute Baztanen, eta hilean behin egiten dituzte klima aldaketaren aurkako bizikleta martxak. Uztailekoa Aroztegiko proiektuaren aurka egitea proposatu ziguten, eta elkarlanean ari gara", azaldu du Aroztegia eta gero zer? plataformako kide Jon Elizetxek. Elizondoko plazan hasiko da biharko protesta, 12:00etan.

Elizetxek argi utzi nahi izan du Palacio de Arozteguia enpresak jasotako obra baimenak ez duela erran nahi proiektu horren aurka egiteko bidea amaitu denik. Izan ere, Baztango Udalak baimena eman bertze aukerarik ez zuen. "Proiektua udalez gaindiko eragina duen plan gisa kudeatu dutenez, udalak ezin zuen ukatu", azaldu du Elizetxek.

EH Bilduren esku da Baztango alkatetza, eta koalizioak proiektuaren aurka egin du, hasieratik. Udalak golf zelaia egiteko obra baimena eman eta gero, ohar batean zehaztu du Baztango EH Bilduk lanak baimentzea "araututako ekintza administratibo bat" dela: "Proiektuak hirigintzako arauak betetzen baditu, obra baimena ezin zaio ukatu. Hori da oraingoan gertatu dena", azaldu du koalizioak.

Golf zelaia egiteko baimena eman izanak ez dio proiektu osoari eragiten. Elizetxek nabarmendu du, hain zuzen ere, Aroztegiko egitasmoarekin lotutako hainbat auzi epaileen esku direla, oraindik ere. "Aroztegiko baselizaren jabetza da argitzeko dauden aferetako bat", erran du plataformako kideak. Enpresak proiektuaren barruan sartu zuen baseliza, baina Baztango Udalak helegitea aurkeztu zuen horren aurka, Lekarozko herritarren izenean. Lehen sententzia batean, epaileek erran dute ez dagoela argi baseliza norena den.

Bada gehiago: urbanizazio plana auzitan jarri du LAB sindikatuak, kontratuen legea betetzen ez duelakoan. Vianako Printzea erakundeak, berriz, proiektuko hotelaren aurkako txostena egin du. "Hori guztia ezin dugu ahaztu; proiektuaren aurka lanean jarraitu behar dugu", nabarmendu du Jon Elizetxek.

Golf zelaia egiteko lanak "berehala" hasten ahal dituztela argi du, dena den, eta horrek kezkatzen duela erran du: "Ekintza burutuen politika baliatuko ote duten beldur gara". Aroztegiko proiektuan 228 etxebizitza, spa bainuetxe bat eta luxuzko jatetxe bat egiteko asmo ere bada, hotelaz eta golf zelaiaz gain.

Elizegiren epaiketa

Lekarozko Aroztegiko proiektuaren inguruan piztu da bertze polemikarik, egunotan. Izan ere, Baztango Geroa Baik salatu du udalak ordaindu izana Garbiñe Elizegi alkate ohiaren aurkako epaiketako gastuak.

Enpresak bere proiektua aurkeztu eta gero, "kolpez aberasteko egitasmotzat" jo zuen orduko alkate Garbiñe Elizegik. Palacio de Arozteguia SL enpresak, ondorioz, salatu egin zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak Elizegiren alde egin du —Nafarroako Auzitegiaren ebazpena berretsiz—, eta ekainaren 25eko osoko bilkuran, prozesuak eragindako gastuak ordaintzea onartu zuen Baztango Udalak. Geroa Baiko kideen ustez, baina, adierazpen horiek herritar gisa egin zituen Elizaldek, eta ez alkate gisa.

Baztango EH Bilduk berretsi egin du, berriki, Aroztegikoa "enpresa kolpez aberasteko" proiektu bat dela, eta salatu du udalez gaindiko eragina duen plan gisa kudeatu izana, horrek aukera eman duelako "Baztango Udalaren eskumenen gainetik" aritzeko. Bihar, herritarrek eginen dute protesta.

Babes sare propioa osa dezaten

Babes sare propioa osa dezaten

Edurne Elizondo

Gogorrena? Familia atzean uztea; hamasei urtez zurekin egon diren senideengandik urrundu eta bakarrik bizi behar izatea, zurea ez den bertze herri batean". Rida Ait Bouzid gaztearenak dira hitzak. 19 urte ditu orain, eta Sei Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa elkartean ari da lanean. Marokon jaioa da, eta handik bakarrik etorri zen Nafarroara, familiarentzat etorkizun hobe baten bila. Egun, bakarrik diren 254 migratzaile adingabeko dira Nafarroako Gobernuaren babespean. Osasun krisiak eragin dio adin txikiko horiek artatzeko programari, eta Eskubide Sozialen Departamentuak itxi egin du, ondorioz, iaz Iturmendin zabaldutako harrera zentroa.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Ines Francesek azaldu nahi izan ditu erabaki horren atzekoak, argitzeko testuinguru zehatz batean hartu dutela: "Zentroa ixteak ez du ekarri gazteok babesgabe uztea, eta aukera eman digu behar ziren bertze baliabide batzuk garatzeko".

Aukera hori sortu da, koronabirusaren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz migratzaile adingabeen etorrera eten egin delako. "Ondorioz, lehen uneko arreta bermatu eta gero, gazteen autonomia sustatzeko bertzelako neurriak bultzatu ahal izan ditugu", azaldu du Francesek.

Nafarroako Gobernuak lau faseko programa bat onartu zuen iazko ekainean bakarrik ziren migratzaile adingabeak artatzeko. 2019 hasieran, hain zuzen ere, nabarmen egin zuen gora herrialdera ailegatu ziren adingabeen kopuruak, eta egoera horretara moldatu behar izan zuten Eskubide Sozialen Departamentuko arduradunek. "50 gazte genituen lehen, eta 2019ko apirilean, ia hirurehun", gogoratu du Francesek.

Adingabeak hartzen dituen lehen zentroa Iruñean dago; hor egiten dute gazteon egoerari buruzko aurreneko balorazioa, eta, hortik, Martzillara edo Iturmendira joan izan dira, programaren bigarren fasean. Bi zentro horiek iazko ekainean zabaldu zituen Nafarroako Gobernuak: 25 pertsonarentzako tokia zuen Iturmendikoak, orain itxi dutenak; Martzillan, berriz, 40 gazterentzako tokia bada, eta beteta dago egun.

Iturmendiko egoitza itxi eta gero, hirugarren eta laugarren faseak sustatzeko ahalegina egin du Eskubide Sozialen Departamentuak, Francesek nabarmendu duenez. "Hirugarren fasean, gobernuaren babespeko etxebizitzatan bizi dira gazteak; laugarrenari, berriz, autonomiarako fasea erraten diogu, eta helburua da gazteok laguntzea, beren kabuz etxebizitzaren arloko beharrei aurre egin diezaieten".

Programa ez da berez migratzaileek 18 urte betetzen dituztenean bukatzen. "Adin nagusiko bilakatu arren, babesa ematea da gure helburua, beharra badute", erran du Ines Francesek. Programako laugarren fasean, hain zuzen, 21 urte bete arte laguntzen dituzte gazteak.

Egokitzeko malgutasuna

Beharretara egokitzea da gako nagusietako bat, Ines Francesen hitzetan. Horretarako, sistemak behar adinako malgutasuna izan behar du, baina hori ez da beti gertatzen. Sei elkarteko koordinatzaile Maite Zigandak 16 urte baino gehiagoko adingabeen egoera jarri du adibide. "Oraingo programarekin, gobernuak berak onartu du sistemak ezin duela bakarrik utzi 17 urte eta erdirekin ailegatzen den gazte migratzaile bat, 18 betetzen dituenean. 16 edo 17 urteko gazteentzat, baina, zaila izaten da hezkuntzaren edo formakuntzaren arloko baliabideak erabiltzeko aukera izatea, eta horrek zaildu egiten du lan merkatura sartzeko prozesua".

Sei elkartearen helburu nagusia da migratzaileak beren dolu prozesuan laguntzea. "Sorterritik alde egiteak beti eragiten du dolu prozesu bat", nabarmendu du Zigandak. Nerabe eta gazteekin egiten dute lan: bakarrik etorri direnak, familiaren babesa dutenak eta hemen jaio direnak elkartzen dituzte, elkarri lagun diezaioten, eta babes sare propioak sor ditzaten. Asmo horrek ekarri du elkarteko kideen laguntza jaso duten gazteok beren talde propioa sortu izana, erakundearen barruan, egoera berean direnak laguntzeko asmoz.

"Zure toki berean egon denak ulertzen du bertze inork baino hobeki zer sentitzen duzun", erran du Rida Ait Bouzidek. Abuztuan hiru urte beteko ditu Nafarroan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak burutu eta gero, elektromekanikakoak hasi zituen. Orain, Sei elkartean ari da lanean, baina lan egiteko baimena ez du jaso oraindik ere. "Hagitz zaila da baimena lortzea; gazteok lan egiteko irrikan dira, baina oztopoak baino ez dituzte aurkitzen", salatu du Zigandak. Ait Bouziden kasuan, Sei erakundeak urtebeterako lanaldi osoko kontratua egin behar izan dio; bertzela, ezin zuten kontratatu. "Etorri zenetik hiru urte pasatu direnez, bide horretatik saiatuko gara paperak lortzen".

Ines Francesek ere onartu du gazte migratzaileek "sistemaren paretaren kontra" jotzen dutela lanean hasi nahi dutenean. "Beharrezkoa da gazteon egoera erregulatzeko prozesuak arintzea", erran du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak.

Nabarmendu du, halaber, gazte bakoitzak egindako bidea eta atzean utzitako egoera ezagutzea "funtsezkoa" dela. "Gazte anitz etortzen dira, familia laguntzeko modu bakarra delako. Familia osoaren proiektua da kideetako bat migratzaile bilakatzea gainerakoak laguntzeko. Bertze kasu anitzetan, baina, sorterritik alde egiteko arrazoia harago doa, eta gazte horiek migrazio prozesuak eragindakoa baino anitzez ere zama handiagoa dute gainean; hori jakin behar dugu, gazteok behar bezala artatzeko", erran du Francesek. Behar den arreta hori ematea da migratzaileak hartzen dituen gizartearen betebeharra, Eskubide Sozialen Departamentuko arduradunaren hitzetan.

Gazteak arduradun

Sei elkarteko gazte taldea asteon jarri da martxan. Rida Ait Bouziden lanetako bat da talde horretako kideak laguntzea, hain zuzen ere. "Bitartekari lana egiten dut, finean". Gazte taldeko arduradunek hainbat atal sortu dituzte, gazteek beren interesen araberako jarduerak egin ditzaten. "Kirol talde bat dago, jarduera artistikoak garatzeko bertze bat, mendi talde bat ere badugu, bai eta bizikletak konpontzeko tailer bat ere", azaldu du Maite Zigandak.

Sei elkarteko koordinatzaileak nabarmendu nahi izan du, halere, gazte taldean haiek direla beren jardueren arduradun. "Gazteak dira egin nahi duten bidea markatzen ari direnak".

Gazte taldeko begirale eta arduradunetako bat da Abdeslam Sadiki. 17 urte ditu, eta 2018an ailegatu zen Nafarroara. 15 urte bertzerik ez zituen Maroko eta familia atzean utzi eta Iruñera ekarri duen bidea hasi zuenean. "Andaluziara [Espainia] ailegatu nintzenean, lasaitua hartu nuen, bidaia, behintzat, ongi amaitu zelako; beldur nintzen", gogoratu du. Bilbora eraman zuten lehendabizi, baina hango zentroan tokirik ez zegoenez, Iruñera ekarri zuten. "Zentro batera eraman ninduten, hasieran, eta, gero, Txantreako etxebizitza batera, bertze gazte batzuekin. Han jarraitzen dut". Uharten, Lanbide Heziketan ari da, mekanikako ikasketak egiten.

"Nik lan egin nahi dut; ikasi, lan egin ahal izateko. Marokon dut familia, eta haiek laguntzeko nago ni hemen", erran du Sadikik. Gazte adingabe bat da oraindik ere, baina hagitz argi du zer egin nahi duen.

Sei elkarteko taldean bertze gazte anitzekin egoteko aukera du. Eta, batez ere, bertze gazte anitz laguntzekoa. "Bertzeen babesa jaso nuen nik; bertzeak laguntzeko moduan nago orain, eta egin nahi dut".

Ait Bouzid eta Sadiki bezala, Marokotik ailegatu dira Iruñera azken urtean bakarrik etorri diren migratzaile adingabeko gehienak. "Guztien artean bi emakume baino ez ditugu izan", azaldu du Ines Francesek.

Soka moztu gabe

"Kulturen eta ohituren arteko talka, zenbaitetan, handia izaten da. Arlo hori ere landu beharra dugu", azaldu du Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako buruak. Lan horrek aldebikoa izan behar duela erantsi du: "Gazteon errealitatea ulertzeko gaitasuna izan behar dugu guk, eta, haiek, hemen aurkitzen duten errealitatera egokitzekoa".

Gazteok sorterrira lotzen dituen sokari eusteko beharra nabarmendu du Sei elkarteko Maite Zigandak, hain zuzen ere. "Funtsezkoa da hemen ongi egoteko baliabideak ematea, eta egokitzen laguntzea; baina atzean utzi dutena ahaztu gabe, atzean utzi duten hori izaten delako mugitzeko arrazoi nagusia".

Nafarroako Gobernuak iazko ekainean onartutako plana ontzat eman du Sei elkarteko koordinatzaileak. "Gobernuz kanpoko hainbat erakundek ere ontzat jo dute, eta hori nabarmentzekoa da. Beti bada zer hobetu, baina oinarri sendo bat da", azaldu du Zigandak.

Onartu du, dena den, egungo osasun krisiaren jokalekuan, etor daitekeenarekin kezkatuta dagoela. "Planak ongi funtzionatzeko baliabideak behar ditu, eta ez dakigu oraingo krisiak murrizketak ekarriko ote dituen edo ez", erran du Maite Zigandak.

Sei elkarteko kideen egoitzan ohikoa da gazteen joan-etorria. Are gehiago orain, gazte taldea martxan dela. Ilusioz ekin diote Sadikik eta Ait Bouzidek oraingo etapari, eta beharra dutenak laguntzeko irrikan dira. "Garrantzitsua da gazteon inguruan babes sareak osatzea", berretsi du Zigandak.

Ines Francesek bat egin du, eta gazteok prozesu ororen erdigunean kokatzeko beharra nabarmendu du. Horretarako, hasteko, funtsezkotzat jo du bakarrik diren adingabeko migratzaileok norbanako gisa hartzea. Adin txikikoen egoera erregularizatzeko urratsak erraztea ere ezinbertzekotzat jo du. "Sorterritik paperak ekartzen ez badituzte, edo adin nagusikoak izanda adingabeak direla erraten badute, prozesu guztia mantsotzen da". Azkar edo mantso, prozesu horretan gazteak bakarrik ez uztea da gako nagusia.

Ezkabako iheslari bat identifikatu dute

Ezkabako iheslari bat identifikatu dute

Edurne Elizondo

Nafarroako Memoriaren Institutuak Leoncio de la Fuente Ramosen gorpuzkia identifikatu du, DNA probak baliatuz. 2018an, Larrasoañako hilerriko hilobi batean aurkitu zuten gorpua, eta izenik gabe egon da, orain arte. Toki berean bertze hiru fusilaturen aztarnak aurkitu zituzten Aranzadiko kideek. Laurak ziren Ezkabako gotorlekuko espetxeko iheslariak.

Teilagina zen De la Fuente Ramos, Valladolideko Fresno el Viejo herrikoa (Espainia). 1937. urteko abuztuaren 22an itxi zuten Ezkabako gotorlekuko kartzelan. 36 urte zituen, eta sei seme-alaba; bederatzi hilabete eman zituen Ezkabako espetxean: 1938ko maiatzaren 22an, bertze 794 presorekin batera, ihes egitea lortu zuen. Ihesaldiak, baina, ez zuen hagitz urrun eraman: Larrasoañan harrapatu eta fusilatu zuten, eta hango hilerrian lurperatu, bertze hiru kiderekin batera.

DNA bankua, 2016tik

Nafarroako Gobernuak 2016. urtean sortu zuen bere DNA bankua. Geroztik, 1936ko gerran fusilatutakoen 230 senidek baino gehiagok utzi dituzte beren laginak banku horretan, desagertutako beren senitartekoen gorpuzkiak bilatzeko eta aurkitzeko asmoz. Tartean dira De la Fuente Ramosen familiako kideek utzitakoak, eta haiei esker lortu dute orain iheslariaren gorpua identifikatzea.

2018an atera zuten gorpua Larrasoañako hilerriko hobi batetik. Herriko Paulina Lizoainen lekukotza baliatu zuten Aranzadiko kideek hobi hori aurkitzeko, orain 89 urte dituen emakume horrek ikusi baitzuen iheslariak nola fusilatzen zituzten.

Larrasoañan aurkitutako gorpuak norenak ziren ez zekiten Aranzadiko kideek. Inolako susmorik ez zuten, gainera. Nafarroako Memoriaren Institutuko kideek DNA bankura jo dute, ondorioz, eta hobitik ateratako aztarnek Leoncio de la Fuente Ramosen alaba batek utzitako laginarekin egin dute bat. Familiak, azkenean, senide desagertua aurkitu du.

Espazio komun bat solastatzeko

Espazio komun bat solastatzeko

Edurne Elizondo

Pedagogia beharko dela erran du hizlariak, saioaren bukaeran; eta pedagogia egiteko pazientzia jada agortu egin zaiola erantzun dio entzuleetako batek. Transa da, eta nekatuta dago: nekatuta, eskuin muturrekoek transen aurka egin erasoekin, bai eta mugimendu feministaren arlo batetik egiten dizkietenekin ere. "Gure egunerokoa ez da erraza, eta sareetan, bertzeak bertze, transen aurkako hagitz diskurtso bortitzak garatzen ari dira; jende gaztea da hori egiten ari dena".

Arretaz jaso ditu Alicia Pano Rodriguez hizlariak entzulearen gogoetak. Ekintzaile transfeminista da, Zikutak eta Bullerak taldeko kide, bertzeak bertze; genero berdintasunean aditua ere bada, eta indarkeria matxistaren prebentzioaren arloan egiten du lan, Equilatera elkartearekin. Ulertzen ditu entzulearen nekea eta pazientziarik eza; eta ezaguna du aipatu duen transen aurkako giro bortitza. Izan ere, egoera horri aurre egiteko beharrak eragin du E28 plataformak Pano Rodriguezen hitzaldia antolatu izana. "Handia da topaguneak aurkitzeko beharra egungo jokalekuan; hagitz handia", erran du Equilaterako kideak.

Topagune hori zein den argi du ekintzaileak: transfeminismoa. Eta horren alde egin du, "egungo giro gatazkatsuari" aurre egiteko. LGTBI kolektiboaren barruan, trans pertsonak bazterraren bazterrean utzi izan ditu sistemak, eta egoerak okerrera egin du, azken boladan; transen aurkako diskurtsoak ez dira bakarrik eskuin muturretik edo sektorerik kontserbadoreenetatik zabaldu; mugimendu feministaren zati batek ere egin du transen eskubideen aurka, eta diskurtso instituzionalagoetan ere sartu da transfobiaren hazia.

Pano Rodriguezek PSOEk idatzitako barne agiria aipatu du horren adibide. "Argumentario contra las teorías que niegan la realidad de las mujeres izenburuko dokumentua egin dute, eta piztutako gatazka handitu eta zabaldu da sare sozialen bidez". Agiri horren arabera, transak "mehatxu bat" dira feminismoarentzat, queer teoriak emakumea subjektu politiko gisa "desitxuratzen" duela argudiatuz. Agiriak, ondorioz, ez ditu emakume transak feminismoaren subjektutzat onartzen.

Hori guztia kontuan hartuta, berretsi egin du Pano Rodriguezek: "Transfeminismoa da bat egiteko espazioa: transfeminismoan gurutzatzen dira feminismoak, LGTBI borrokak eta queer teoriak". Mugimenduok, gainera, ez dira iragazgaitzak, eta jaso dute bertze hainbat iturritako ura. "Iragazkortasun horrek eragin du mugimenduen eta borroken arteko elkarrizketak garatzea, eta elkar elikatzea".

Sortutako elkarrizketen adibide, patriarkatu hitzak izandako garapena aipatu du ekintzaileak: "Heteropatriarkatu bilakatu zen, lesbianek beren gaineko zapalkuntza bikoitza zela erran zutenean: emakume izateagatik eta lesbiana izateagatik, hain zuzen". Baina bada gehiago: emakume transak zapaltzen dituzte ez direlako identifikatzen jaio zirenean egokitu zieten generoarekin, eta errealitate horrek ekarri du zisheteropatriarkatu hitza. Ez da azken pausoa, ordea. Emakume arrazializatuen aurkako zapalkuntzak eta zapalkuntza horren kontrako erantzunak ere eragin diete hitzari eta borrokari, eta sistema zapaltzailea arrazisheteropatriarkatu hitzarekin izendatu dute.

Teoria kritikoak

Feminismoak, LGTBI borrokak eta queer teoriak gurutzatzen dira transfeminismoan, baina espazio komun horrek baditu bertzelako osagaiak ere, bertzelako eraginak, Pano Rodriguezek erantsi duenez: "Ekologismoarena, antiespezismoarena, kapazitismoaren aurkako mugimenduarena, lodifobiaren kontrakoarena...".

Borroken arteko harreman horrek ekarri du gizaki jakin batzuk zapaltzen dituen sistema gero eta hobeki zehaztu ahal izatea, eta, horrekin batera, sistema zapaltzaileari eusten dion binarismoari aurre egitea. "Feminismoak, finean, sistemaren aurkako lubakian diren pertsona guztien teoria kritikoak jaso ditu", nabarmendu du Alicia Pano Rodriguez adituak.

Feminismoaren bertze ekarpen nagusi bat jarri nahi izan du ekintzaileak erdigunean: intersekzionalitatearena, alegia. Gizabanakoak bere kategoria sozialen arabera dituen zapalkuntza eta pribilegio egoeren fenomenoa azaltzen du hitz horrek. Sortu zenetik, halere, garatuz joan da.

Kontzeptua, berez, testuinguru zehatz batean jaio zen: Kimberle Crenshaw abokatu afro-amerikarrak sortu zuen, 1989. urtean, General Motors enpresako emakume beltzen aurkako bazterketa izendatzeko. Hitzaren esanahaiak geroztik egindako bidean Patricia Hill Collinsen urratsak aipatu ditu Pano Rodriguezek, bereziki. "Zapalkuntzen matrize moduko bat egin zuen, linealtasunetik eta binarismotik urrunduz; finean, zapalkuntza beti da dimentsio anitzekoa". Ondorioz, gakoa litzateke dimentsio ororen aurkako borrokek gainerakoen aldarrikapenak ere bere egitea.

Elkarren berri izatea, elkar ulertzea eta elkarri eragitea ezinbertzekoa da zapalkuntza sistemari bere osotasunean aurre egiteko. Borroken eta mugimenduen arteko elkarrizketa horietan ere sortu dira gatazkak, eta horiek erakutsitako lezioak oroitzeko beharra nabarmendu du Pano Rodriguezek, hain zuzen ere. Patriarkatua heteropatriarkatu bilakatzeko prozesuan ez direlako gutxi izan sortutako tirabirak, adibidez. "Eta ez ditugu ezkutatu behar". Gatazken bidez ere egin dutelako aurrera transfeminismoan gurutzatzen diren mugimenduek.

1970eko hamarkadako Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, lesbianen diskurtsoaren inguruan sortu ziren desadostasunak. "Antolatzen hasi zirenez, gatazka piztu zen mugimendu feministaren barruan. Lesbianen aldarrikapenak zamatzat hartu zituzten anitzek; are gehiago, kaltegarritzat mugimenduarentzat. Lavender menace gisa izendatu zituzten". Mehatxu bioletak, baina, lortu zuen bere kontrako olatua baretzea: izen bereko taldea sortu zuten, beren aldarrikapenen zilegitasuna defendatzeko. Irain gisa sortutako izena bere egin zuten lesbianek, eta, egun, "aspaldiko gatazka guztiek arrastoak utzi dituztela ahaztu gabe", inork ez du irudikatzen haiek subjektutzat ez dituen mugimendu feministarik.

Plazera eta arriskua

AEBetan sortutako bertzelako gatazkak ere oroitu ditu Alicia Pano Rodriguezek hitzaldian: "Antipornoen eta prosexen artekoak, adibidez. Hainbat ekintzailek defendatu zuten sexualitatea badela, aldi berean, arrisku, murrizketa eta errepresio eremu bat, bai eta plazer, miatze eta ekintzarako eremu bat ere", azaldu du.

Carole S. Vance izan da horietako bat, eta haren hitzak gogoratu ditu Pano Rodriguezek. Antropologo horrek testu bilduma bat argitaratu zuen Pleasure and Danger: Exploring Female Sexuality (plazera eta arriskua: emakumeen sexualitatea miatzen) izenburupean, eta hor jaso zuen ondokoa: "Plazera eta arriskua biltzen dituen dimentsio bikoitz hori kontuan hartzea garrantzitsua da; bertzela, plazeraz bakarrik hitz egiteak eramaten gaitu bazter uztera emakumeen gaineko egitura patriarkala; era berean, bakarrik errepresioaz eta indarkeriaz ari bagara, bazter uzten ditugu emakumeen sexualitatearen inguruko hautuak eta esperientziak, eta sexuaren inguruko beldurrek gora egitea lortzen dugu".

Pano Rodriguezek azaldutako "sexuaren gerrek" queer teoriei eragin zieten. Adituak erdigunean jarri nahi izan ditu LGTBI kolektiboko pertsonen eskubideen aldeko borrokaren bidean egindako hainbat urrats.

Batetik, 1969ko Stonewall Inn tabernan gertatutako istiluak aipatu ditu. Poliziak ekainaren 28an egindako sarekadak eragin zituen urte hartako gatazkak. "Errepresio eta jazarpen giro batean bizi ziren LGTBI kolektiboko kideak, eta, sarekada hori gertatu eta gero, justizia eskatzeko borroka karrikara eraman zuten", gogoratu du Pano Rodriguezek. "Lehen lerroan, emakume transak, prostitutak eta arrazializatuak jarri ziren, haiek zirelako galtzeko gutxien zutenak", erantsi du ekintzaileak. Galtzeko ez zuten deus, pobrezia gorria zutelako bizileku. "Beren gorputzak jarri zituzten polizien eta kolektiboko gainerako kideen artean".

Bertzetik, LGTBI kolektiboak Bartzelonan 1977an eta Madrilen 1978an lehendabizikoz egindako manifestazioak oroitu ditu Pano Rodriguezek. "Bartzelonan Polizia oldartu zitzaien manifestariei; Bartzelonan, berriz, borrak eta pistolak zituen talde batek egin zien aurre ekintzaileei".

Hizlariak nabarmendu nahi izan du queer teorien aurretik garatu izan direla beti queer borrokak. Queer teorien oinarrizko testutzat hartzen da Juditk Butlerren Genero nahasmendua. "Lan horretan nabarmendu zuen sistema patriarkalak gizarte eredu binarioa sortu duela: gizonak eta emakumeak daude, eta batek bertzea baztertzen du; gizona zara, edo emakume". Queer teoriek bertzelako bide bat egin dute, sexua ere kategoria politikotzat jotzen dutelako, eta oinarri hartzen dutelako pertsona baten identitatea ez dela finkoa, Pano Rodriguezek erantsi duenez. Bat egiteko espazioen beharra berretsi du solasaldiaren amaieran, eta biribil irudikatu ditu espazio horiek, binarismoaren bi muturrak lotzen dituen lerro zuzenetik urrun.

Berriztagarria ez baita berez energia garbia

Berriztagarria ez baita berez energia garbia

E. Elizondo - M. A. Txoperena

Erregai fosilak bazter uztea gero eta premiazkoagoa dela: mezu hori da egungo klima aldaketaren jokalekuan nagusitu dena. Energia berriztagarrien aldeko apustua, baina, ez da arazo korapilatsu eta konplexu baterako konponbide magikoa: berriztagarria ez baita berez garbia. "Gu ez gara energia berriztagarrien aurka; baina denak ez du balio horren izenean", nabarmendu du Nerea Maia lesakarrak. Herri horretako Auzoberriko Endara Bizirik plataformako kidea da; Nordex Energy enpresak inguru horretan eraiki nahi duen parke eolikoaren kontra sortu dute kolektiboa.

Auzoberrin jaioa da Nerea Maia; txikitan, Miren ahizpa eta bera ziren auzoko haur bakarretakoak. Baina azken urteotan biziberritu egin da, eta, auzoan gelditu diren gazteei eta kanpotik etorri eta etxeak berritu dituzten bizilagunei esker, komunitate bilakatu da Auzoberri, hogei baserri baino gehiagorekin. "Hori dena arriskuan da orain, parke eolikoa eta gure auzoa ez baitira bateragarriak. Egiten badute, auzoa gure belaunaldiarekin edo lehenago galduko da", azaldu du, argi eta garbi, Agoitz Irazoki plataformako gazteak.

Lesaka eta Bera artean kokatuko litzateke Nordex enpresak egin nahi duen parke eolikoa, eta 11 haize errota izanen lituzke; Auzoberriri ez ezik, inguruko bertze hainbat auzori ere eraginen lioke: bertzeak bertze, Alkaiagari eta Zalain Zokori. Auzo horietako bizilagunekin bilerak egiten hasi dira Endara Bizirik plataformako kideak jada, informazioa zabaltzeko asmoz. Izan ere, Auzoberriko kideek hilaren hasieran izan zuten parkea eraikitzeko proiektuaren berri, tokiko prentsaren bidez. "Informazio gutxi eta kezka handia bada herritarren artean", erran du Maiak.

Kezka horrek eragin du Lesakako herritarrak azkar mobilizatzea, hain zuzen ere. Proiektua egin nahi zutela jakin bezain pronto, lehendabiziko bilera egin eta plataforma osatzea erabaki zuten Auzoberriko bizilagunek. Lesakako Udalarekin egin zuten aurreneko batzarretako bat: herriko agintariek babes osoa eman diote sortu berri den kolektiboari, eta argi eta garbi hartu dute eraiki nahi duten parke eolikoaren aurkako jarrera. "Hagitz inportantea da hori guretzat; agian udalak kontra egiteak ez du proiektua geldiaraziko, baina udalaren babesa gabe, akabo; ezin izanen genuen deus egin", nabarmendu du Irazokik.

Endarakoa ez da egun mahai gainean dagoen proiektu bakarra: Iruñerriko iparraldean, adibidez, bertze bost parke eoliko egin nahi ditu Sacyr enpresak. Denera, 56 haize errota jarri nahi dituzte, bakoitza lau megawatteko potentziarekin. "Antza, herrialdearen hegoaldean jar zitezkeen parke guztiak jarri dituzte jada, eta orain iparralderantz zabaldu nahi dituzte proiektuak", nabarmendu du Sustrai Erakuntza fundazioko presidente Mikel Saralegik.

Kontsumoa murriztu

1994. urtean inauguratu zuten Nafarroako lehendabiziko parke eolikoa, Erreniegan Espainiako Estatuko zaharrena ere bada. Geroztik, bertze berrogei baino gehiago egin dituzte, eta, Nafarroako Gobernuan aurkeztutako proiektuak kontuan hartuta, ematen du joera dela bide beretik jarraitzea.

Egoera horrek agerian uzten du erdigunean dagoen arazo nagusietako bat, Saralegik argi eta garbi salatu duenez: "Ataka txarrean gara klima aldaketaren aurkako borrokan, energia berriztagarriek arazo anitz dituztelako erregai fosilen kontsumoa modu nabarmen batean murrizteko", erran du Sustrai Erakuntza fundazioko kideak. Izan ere, energia eolikoaren aldeko apustuak ez du ekarri erregai fosilak bazter uztea.

Eta kontsumoa da gako nagusietako bat, hain zuzen ere; edo, hobeki erranda, kontsumoa murrizteko beharra. Horretarako, Sustrai Erakuntza fundazioak argi du ezinbertzekoa dela eredu ekonomikoa "erabat aldatzea". "Guztiz beharrezkoa da energia kontsumoa murriztea. Behar ditugu energia berriztagarria hobeki aprobetxatuko duten sistemak eta antolatzeko moduak".

Bertzela, ondorio nagusia da gaur egun gertatzen ari dena: "Ez dugu anitzez ere energia berriztagarri gehiago kontsumitzeko aukerarik, baina, bitartean, enpresen helburua da produkzioak gora eta gora egitea, diru gehiago lortzeko". Parke eolikoak "espekulaziorako tresna" bilakatzen dira, ingurumenaren bizkar.

Azken 25 urteotan, Nafarroako Erdialdean eta Erriberan eraiki dituzte, batez ere, alde bateko eta bertzeko gobernuek sustatutako parke eolikoak. Apustu hori ez da doakoa izan, ordea. "Ingurumenari kalte handia egin diote azpiegitura horiek". Egindako parke horiek, gainera, ez dute lortu bertze gisa bateko erregaiak bazter utzaraztea. Castejongo zentral termikoek, errate baterako, martxan jarraitzen dute, kontrako hamaika sententzia jaso arren.

"Arazoa ez da Nafarroak ez duela behar duen energia berriztagarria ekoizteko ahalmena; arazoa da Nafarroan ditugun parkeek jada ekoizten dutela herrialdean erabil daitekeen baino energia gehiago, zenbait egunetan", azaldu dute Sustrai Erakuntza fundazioko kideek. Ondorioz, energia eolikoa sortzeko ahalmenak gora eginen balu, haizea dagoen egunetan elektrizitate soberakina izanen litzateke, eta ekoizten duten enpresek Nafarroatik kanpo saldu beharko lukete. Haizerik gabeko egunetan, berriz, energia berriztagarrien hornidura apala izanen litzateke aurrerantzean ere.

Alternatibak

"Jokaleku horretan, 2030erako energia plana aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, eta bide beretik jarraitzen du: energia ekoizteko egungo ahalmena handitzea du helburu", salatu du Sustrai Erakuntza fundazioak. Erakunde horren apustua bertzelakoa da: energia berriztagarria hobeki erabiltzeko sistemak eta moduak sustatzearekin batera, egina dagoena baliatzea proposatu dute, kontsumo guneetatik hurbil egonen diren azpiegiturak bultzatzeko. "Hurbiltasunak eta deszentralizazioak izan behar dute ardatz".

Lesakako Auzoberrin egin nahi duten proiektuari buruz, herritarrek eta udalak bezala, jarrera kritikoa agertu du Sustrai Erakuntza fundazioak ere. "Anitz eskertzen dugu erakunde horren babesa. Auzoan izan dira, parkeak inguruan zer eraginen lukeen gertutik ikusten", azaldu du Nerea Maiak.

Oraingoz, Nordex Energy enpresak aurkeztutako aurreproiektua dago Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunen mahaiaren gainean. Iradokizunak jasotzeko epea zabalik du gobernuak; bertzeak bertze, Lesakako eta Berako udalen iritzia eskatu du Ingurumen Departamentuak, bai eta hainbat talde ekologistarena ere.

Iradokizun horiek enpresak jasoko ditu, eta hurrengo urratsa izanen da egin nahi duten proiektuak ingurumenean eraginen lituzkeen kalteen inguruko txostena aurkeztea. Nafarroako Gobernuak aldeko edo kontrako iritzia eman beharko dio aurkeztutako txosten horri. Gobernuak ontzat jotzen badu, proiektu zehatza prestatu eta aurkeztuko luke enpresak. "Une horretan, jendaurrean erakusteko epe bat izanen litzateke, eta alegazioak egin ahal izanen genituzke", azaldu du Maiak.

Nordex enpresaren egitasmoak zer bide eginen duen zain dira Endara Bizirik plataformako kideak. Horrek ez du erran nahi, halere, geldirik direnik. "Gure asmoa da Bortzirietako herritarren eta erakundeen babesa jasotzea, denen artean indar handiagoa egiteko", azaldu du Nerea Maia kideak.

Hasi duten borrokan, hain zuzen, auzoa dute irabazteko. Ez hori bakarrik: auzoko bizimodua, ingurua eta etxe bilakatu duten lurraren alde egin duten hautua ere bai. Irazokik berretsi du: "Parkea eta gu ez gara bateragarriak".