Gizartea

Ahanzturatik oroimenera

Ahanzturatik oroimenera

Ane Eslava

Duintasuna. Memoria. Aitortza. Justizia. Esker ona. Halako hitzak entzun ziren ekainaren lehenbiziko egunean, Loitiko gainean. Iruñea eta Esa lotzen dituen N-240 errepide zaharrean dago Loitiko gaina, eta, 1936ko altxamendu militarraren ostean, mendatearen bi aldeetako herriek errepresio handia jasan zuten. Orain, 80 urteren ostean, eremuan erail eta hobiratu zituzten 69 pertsonak gogoratzeko oroitarri bat jarri dute han. Omenaldi jendetsu batekin inauguratu zuten oroitarria, familiekin eta inguruko herrietako bizilagunekin. Ahaztutakoei eta isilarazitakoei izen-abizenak jarri zizkieten, ezkutukoa argira ateratzeko, ahanzturaren tokian memoria jartzeko.

1936an Loitiko inguruan errepresioaren alderik bortitzena sufritu zuten lagunak dira orain omendu dituztenak: haien herritik atera eta Loitiko gainean erail eta hilobi irekietan zein errepidearen parean lurperatu zituztenak. David Maruri zangozarrak ikerketa zabala egin du egitateen inguruan, eta, bildu dituen datuen arabera, 1936ko uztail eta abendu artean gutxienez 69 lagun fusilatu eta lurperatu zituzten han. Gehienak Nafarroako inguruko herrietakoak ziren, eta batzuk Aragoikoak (Espainia).

Identifikatu dituztenen artean, hamabost Carcarreko bizilagunak ziren, hamar Zangozakoak, bederatzi Kasedakoak, zortzi Oibarkoak, beste zortzi Andosillakoak, lau Galipentzukoak, hiru Irunberrikoak, bat Burlatakoa, bat Izabakoa, bat Urraulbeitikoa, bat Miranda Argakoa eta bat Aragoiko Sos del Rey Catolicokoa. Eta, horiez gain, gaur egun oraindik badira topatu gabeko hilobi eta gorpuak.

Gertaera latz horiek gertatu zirenez geroztik, biktimen familiek ez dute etsi beren senitartekoak aurkitzeko borrokan. 1939an atera zituzten lehenbizikoz hilotz batzuk Abintzaoko hilerritik, eta behin frankismoa amaituta hasi ziren beste senide asko gauza bera egiten. Hainbat alditan egin dituzte gorpuak lurretik ateratzeko lanak, eta azkenekoak 2016an egin zituzten, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.

Ekainaren 1eko ekitaldian, azkenean, Loitin hildakoek aitortza jaso zuten. Mikel Iriarte artista nafarrak Isilpeko hilerria izeneko eskultura multzoa sortu du haien omenez. Hiru zutabeko trikuharriak eta sei harriko cromlechak osatzen dute obra. Artistak azaldu zuenez, trikuharriaren zutabeek "egia, justizia eta ordaina" irudikatzen dituzte, eta cromlecharen sei harriek, berriz, hilobietako bakoitza. "Bista ederrak zituzten toki garaietan oroitzen zituzten gure arbasoek hildakoak; hemen ere hori egingo dugu", adierazi du Iriartek.

Zangozako Udalaren bultzadaz sortu dute oroitarria, eta hainbat udalek babestu dute ekitaldia: Burlatakoak, Kasedakoak, Carcarrekoak, Andosillakoak, Oibarkoak, Urraulbeitikoak, Izabakoak eta Sos del Rey Catolicokoak. Angel Navallas Zangozako alkateak ekitaldian zehaztu zuen moduan, Irunberrikoa izan da parte hartzeko eskaerari uko egin dion bakarra. Nafarroako Gobernuak ere babestu du omenaldia, bai eta hainbat elkartek ere.

Omenaldian, senideek urteetan instituzioengandik jasandako "bazterkeria" eta frankismoak izandako "zigorgabetasuna" salatu zuten. Era berean, eskertu egin zuten Nafarroako Gobernuak, udalek eta elkarteek oraingoan egin duten urratsa ahaztutakoak gogoratzeko. Askorentzat berandu da, halere, dagoeneko hilik baitaude biktima gehienen gurasoak, anai-arrebak eta senar-emazteak, eta, batzuetan, baita seme-alabak ere. "Honek balio dezala datozen belaunaldiek jakin dezaten errespetatzen eta oroitzen, egitate ezatsegin hauek ez daitezen berriz gertatu", adierazi zuen Emilia Salvatierrak, Emilio Salvatierra andosillarraren alabak. Ekitaldian, Zangozako Rocamador dantza taldeak, Irunberriko txarangak eta Fermin Balentziak hartu zuten parte; bina abesti eskaini zizkieten biktimei eta senideei.

Omenaldiaren antolatzaileek eskerrak eman zizkioten David Maruri ikertzaileari haren lanarengatik. Hark, berriz, azpimarratu du Loitiko omenaldia aurrera ateratzeko "ezinbestekoa" izan dela Nafarroako Gobernuaren Memoriaren Institutuak azken lau urteetan egin duen lana, Zangozako Udalaren ekimena, eta gainontzeko udalen eta elkarteen laguntza. Ikertzaileak "justizia" moduan ikusten du errepresioa sufritu dutenei laguntzea, eta "oso atsegingarria" dela adierazi du: "Senideen erantzuna ahaztezina izaten ari da".

Ikerketa osatzen ari da orain Maruri. N-240 errepidean egondako fusilamenduez gain, inguruko beste errepide txikiago batzuetan egondakoak ere erregistratzen ari da. Zangozako Enrique II de Albret kultur taldeak urtero argitaratzen duen Zangotzarra agerkariaren hurrengo zenbakian aterako du ikerlan berria, Carreteras sin retorno (Itzulerarik gabeko errepideak) izenburupean. Lan horrekin, bere alea jarri nahi du Nafarroako Gobernua sortzen ari den hobien mapa osatzeko.

Memoriaren lekuak

Loitikoarekin, beste urrats garrantzitsu bat egin dute Nafarroan memoria historikoaren alde. Era berean, Nafarroako Gobernuak onartu berri du memoria historiakoaren lehen sei lekuak inskribatzea, horiek "babesteko, kontserbatzeko eta hedatzeko" helburuarekin. Hala, memoria historikoko lekuen erroldan inskribatu dituzte Sartagudako Memoriaren Parkea, Urbasako Otsoportillo leizea, Olabeko hobia, Igaritik Bidankozerako errepideko oroitarria, Erreniegako hilobien oroitarria eta Azkoiengo emakumearen errepresioaren memoriaren eskultura. Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako jarduneko kontseilariak esan du lekuen izendapenekin horien ezagutza sustatu nahi dutela, "beldurraren lekuak oroitzapenerako gune bilakatzeko, horiek bakearen eta bizikidetzaren aldeko balioak transmititu ditzaten".

Sei horiek ez dira izango bakarrak, halere. Ollok jakinarazi duenez, dagoeneko lanean ari dira erregistroan beste zazpi leku sartzeko. Horien artean daude Eloko Tejeriako hilobia, Cadreitako Valcarderako hilobia, Ezkabako GR-225 ibilbidea, Iberoko Hiru Gurutzeen Gaina, Etxauriko Memoriaren Parkea, Berako Argaizko harrobia eta German Rodriguezen oroitarria.

David Marurik gogora ekarri nahi izan ditu memoriaren bidean aitzindariak izan diren pertsonak, taldeak eta egitasmoak. Batetik, Itzulera operazioa delakoa aipatu du: "Franco hiltzean, biktima askoren hilotzak hobietatik eta areketatik atera zituzten, eta lurperatze duina eman zieten beren herrietan". Bestetik, lehenbiziko omenaldiak ekarri ditu gogora, eta 1978an Martzillan egin zutena nabarmendu du.

Memoria historikoaren arloan lanean aritu direnen artean, berriz, Jose Maria Jimeno Jurio historialaria nabarmendu du, memoriaren aldeko mugimenduaren "sortzaile eta motor" izan baitzen, haren hitzetan. Azkenik, Nafarroako fusilatuen zifrak zehazteko orduan "gakotzat" jo du Tafallako Altaffaylla kultur taldeak 1986an argitaratu zuen Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua (Nafarroa 1936. Itxaropenetik terrorera).

Urrats garrantzitsuak egin dira, baina oraindik lan handia egin beharra dago Nafarroako hobietan geratu zirenei memoria eta duintasuna itzultzeko.

Ez dituzte auzoan nahi

Ez dituzte auzoan nahi

Edurne Elizondo

Goia jo du Iruñeko Sanduzelai auzoko bizilagunen kezkak, eta antolatzea erabaki dute: batu egin dira apustu etxe eta joko aretoen kontra. Larunbatean protesta egin zuten karrikan, eta eskatu zuten auzoan dauden bi apustu etxeak ixteko. Gaur, berriz, batzar irekia eginen dute, 19:00etan, Karrikaguneren egoitzan.

Sanduzelaiko bizilagunen kezka bera dute Aralar elkarteko kideek ere. Jokoaren mendekoak eta haien gertukoak artatzen dituzte erakunde horretan. Elkartean aspaldi piztu ziren jokoaren industriaren inguruko alarmak. Azken urteotan gora egin du apustu eta joko etxeen kopuruak, bai eta arlo horren inguruko publizitateak ere; Interneten bidez jokatzeko aukerak ekarri du, gainera, apustu egiten dutenen adinak behera egitea. Aralarren, argi dute: "Lehen, jokoaren mendekoen batez besteko adina 45-48 urte zen, eta txanpon makinak erabiltzen zituzten; orain, 33 urte da batez besteko adina, eta kirol apustuetan aritzen dira batez ere; Internet bidezko jokoa ari da nagusitzen".

Sanduzelaiko bizilagunek jasotako datu gehiago jarri dituzte mahai gainean: "16 eta 18 urte bitarteko Iruñeko ikasleen erdiak egin dute apustu, behin gutxienez". Auzo horretan, bi apustu etxe daude; Iruñeko gehienak, hain zuzen, Sanduzelain, Buztintxurin, Etxabakoitzen eta Arrotxapean daude. "Ez da kasualitatea; langabezia tasarik handiena duten auzoak dira, eta, ondorioz, bazterketa arriskurik handiena ere badute", salatu dute Sanduzelaiko bizilagunek.

Nafarroako Gobernuak egoitza fiskala herrialdean duten enpresen jarduera bakarrik arautzen ahal du. Bi konpainiak dute egoitza Euskal Herrian: Reta eta Kirolbet enpresek. Horiez gainera, beste biren apustu makinak daude Hego Euskal Herriko aretoetan: Garaipen-Codere eta Sportium etxeenak. 2017. urtean, 411 milioi euro jokatu ziren lau enpresa horien makinetan eta webguneetan. Aurreko urtearen aldean, %10eko hazkundea. Bilakaera nabarmenago ikusten da 2017ko diru sarrerak 2012koekin alderatuta: %80 egin dute gora.

Hego Euskal Herriko 2017ko datuen arabera, agerikoa da jokoen pastelean gero eta handiagoa dela apustuei dagokien zatia. Oraindik ohiko txanpon makinak dira jokorik arrakastatsuena —Nafarroan, sektorean gastatutakoaren %37 dagokie—; horren atzetik, Espainiako loteria dago; eta, hirugarren postuan, kirol apustuak.

Mendekotasun ikusezina

Gizarteak onartutako jarduera bat da jokoaren ingurukoa, neurri handi batean. Aralarko adituek horixe nabarmendu dute behin baino gehiagotan. Sanduzelaiko bizilagunak ere ohartu dira egoera horretaz, baina erabaki dute ordua dutela aski dela errateko. Horregatik erabaki dute apustu etxeen aurka lanean hastea. "Apustu etxeek ikusten ez den mendekotasun bat sortzen dute; antzemateko zailagoa izaten da, eta, ondorioz, larriagoak izaten dira haren ondorioak", erran dute. "Ezin dugu ahaztu apustu etxeak boterearen erreminta direla herritarrak kontrolatzeko eta gizartea desaktibatzeko", erantsi dute.

Sanduzelaiko bizilagunek aldarrikatu dute gazteek bertzelako jarduerak behar dituztela aisialdirako. Bide horretan, hiru helburu zehatz finkatu dituzte apustu etxeak auzotik eta hiritik ateratzeko: tabernetan apustuak egiteko makinak jartzea debekatzea, apustu etxeekin lotutako publizitatea debekatzea, eta Sanduzelain dauden bi apustu etxeak ixtea.

Publizitateari dagokionez, administrazioaren kontrolik eza salatu dute auzolagunek: "Tabakoaren eta alkoholaren inguruko publizitatea kontrolatzen dute, baina ez da berdin gertatzen apustu etxeekin". Erantsi dute administrazio publikoek ez dutela kontrol zorrotzik egiten gisa horretako egoitzak irekitzeko ere. "Iruñean, bederatzi zinema areto daude, eta 53 joko areto. Kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan", erran dute.

Joan den larunbatean auzoko apustu etxeen aurrean protesta egin eta gero, Sanduzelaiko auzokideek batzar ireki batera deitu dute gaur arratsalderako: 19:00etan eginen dute, Karrikaguneren egoitzan. Bizilagun guztiei eskatu diete bat egiteko. "Arazoa larria da, eta gazteek aisialdirako bertzelako bideak behar dituzte; guk ez dugu gazteon aurka egin nahi, haiek ere biktima dira", nabarmendu dute Sanduzelaiko auzokideek. "Apustu etxeen kontra ari gara".

Maisu-maistren lanak idatzitako intrahistoria

Maisu-maistren lanak idatzitako intrahistoria

Edurne Elizondo

Maisu izan naiz ni. Orain irakasle anitz dago, baina maisu gutxi. Dena aldatu da". Malenkonia pixka bat sumatzen zaio Guillermo Iriarte Aranazi, eskolari buruz hitz egiten duenean. Bokazioak eraman zuen irakaskuntzaren esparrura, eta bokazioak bultzatuta idatzi du, orain, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak argitaratu berri duen Nafarroako eskolaren historia ilustratua (1828-1970) liburua.

Iriartek Hezkuntza Departamentuko jarduneko agintari nagusien aurrean aurkeztu du bere lana, Nafarroako eskoletan maisu eta maistra izandako lagun anitzen babespean. Pertsonak jarri nahi izan ditu Iriartek erdigunean, bere liburuaren bidez: ikasleen ahaleginak eta maisu eta maistren lanak idatzitako intrahistoria utzi du agerian; eraikin zaharretako gelek xurgatutako istorioak gogoratu ditu; jaso ditu pedagogiaren esparruko gako nagusiak; eta, oro har, herrialdeko eskolen garapena jorratu du, hitzak eta irudiak uztartuz.

Bostehun orri baino gehiago eta bostehun argazki baino gehiago biltzen dituen lana da emaitza, eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du Hezkuntza Departamentuak.

Maisu eta orientatzaile izan da Iriarte, 2009an erretiroa hartu zuen arte. "Eskola da garaian garaiko testuinguru historikoa hobekien islatzen duen esparrua", erran du. Hain zuzen, garaian garaiko testuinguruari egin dio so bere liburuan, urte luzez eta bere lanbideari esker lortutako materialak lagunduta.

Jasotako agiri, argazki eta testu horiekin liburua osatzeko prozesuan, Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxarte izan du Iriartek bultzatzaile nagusi. Liburua aurkezteko agerraldian ere ondoan izan du egileak eskola kontseiluko burua. "Gazte eta zaharrentzako liburu bat da hau, hamaika irakurketa eskaintzen dituena. Gure eskolen errealitate historikoa kontatzen du; gustuko duguna, bai eta gustuko ez duguna ere, gustuko ez dugunari buruz ere hitz egin behar baitugu", erran du Etxartek, Iriarteren lanari buruz.

Bost atal

Iriartek ia mende eta erdiko bidea egin du Nafarroako eskolaren historian, 1828tik 1970era. Bost atalen bidez kontatu du historia hori: XIX. mendeko eskolari buruzkoa da lehenengoa; XX. mendeko lehen hereneko hezkuntza politikari egin dio so bigarrenean, eta, hirugarrenean, berriz, Espainiako II. Errepublikan egindako urratsei eta 1936ko gerrak eragin zuen atzerakadari. Laugarren atala da frankismoaren garaiko hezkuntzari buruzkoa, eta bosgarrenak, azkenik, irakaskuntzan lanean aritutako hainbat maisu eta maistraren ibilbideak nabarmendu nahi izan ditu.

Nafarroako hezkuntza publikoaren lehendabiziko urratsak izan ditu Iriartek ardatz, liburuko aurreneko atalean. Egileak nabarmendu du 1831n Hezkuntzako Batzorde Nagusiak egindako Lehen Hizkien Eskoletako Araudia. "Irakaskuntzaren oinarriak ezarri zituen". Nafarroa bere berezitasunei eusten saiatu zela erantsi du Iriartek, eta, ahalegin horren ondorioz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat derrigorrezkoa zen eskolara joatea. "Estatuan, 5 eta 9 urte bitartekoek joan behar zuten; Nafarroan, gainera, 150 biztanle baino gehiagoko herrietan nesken eskolak baziren, estatuko gainerako herrietan ez bezala".

XIX. mendekoak dira Nafarroan maisuentzat eta maistrentzat sortutako lehen eskolak. Gizonena 1840. urtean jarri zuten martxan. Gisako bertze eskola bat bazen, garai hartan, Madrilen. "1847an, berriz, maistren lehen eskola ireki zuten Nafarroan", azaldu du Iriartek.

XX. mendeko lehen herenari buruz, Iriartek liburuan nabarmendu du ikasteko eta irakasteko modu berriak sartu zirela eskoletan. "Neurri pedagogikoak eta sozialak hartu zituen administrazioak, eta ahalegina egin zuen Heziketa Libreko Erakundearen korronte berritzaileetara eta Eskola Berriak defendatzen zuen hezkuntza mugimendura egokitzeko".

Primo de Riveraren diktadurak izan zuen ondoriorik hezkuntzaren esparruan. "Aberria goratzeko jarduerek gora egin zuten eskoletan; eraikin guztietako aurrealdean armarriak jarri zituzten. Askatasuna galdu zen, baina eskola anitz eraiki zituzten", kontatu du Iriartek.

Espainiako II. Errepublikak loraldia eragin zuen irakaskuntzan. "Eskola eredu moderno, aske, laiko eta sozial bat lortu zen. Eskolak denentzako toki bilakatu ziren; hezkuntza eraman zuten herrialdeko txoko guztietara, eta eskolek gogoz egin zuten lan analfabetismoaren aurka. Elebitasuna eta hezkidetza bultzatu zituzten", azaldu du egileak. Nafarroako lehen ikastolak ere garai horretan sortu zirela gogoratu du Iriartek, eta sortu zirela hezkuntza zabaltzeko jarduera anitz: "Liburutegi ibiltariak eta misio pedagogikoak, bertzeak bertze".

Federico Garcia Lorca Nafarroan izan zeneko aldia nabarmendu du Iriartek, hain zuzen ere. "Iruñean eta Lizarran izan zen, baina prentsan ez zen horren berririk agertu. Garcia Lorcak Argentinatik idatzi zuen hemengo esperientzia, ordea: Iruñeko Gaiarre antzokia doan utzi zietela, eta Lizarran harrika hartu zituztela bera eta La Barraca bere taldeko gainerako kideak. Gero, ordea, oholtza gainera igo zirenean, txalo egin zieten".

Errepresioa

1936ko altxamendu militarrak bertan behera utzi zituen ordura arte egindako urratsak. "Errepresio latza jasan zuten irakasleek eta eskolek", nabarmendu du Iriartek. Frankismoarekin "hezkuntzarentzako eta askatasunarentzako etaparik ilunena" garatu zen. "Eskolak aberriaren eta erlijioaren aldeko tresna bilakatu ziren, doktrinamendu politiko eta erlijiosorako tresna", erran du liburuaren egileak.

1970eko Hezkuntza Lege Nagusia da Guillermo Iriarteren liburuko azken helmuga. "Franco hil ondokoa da hezkuntzaren urrezko aroa", erran du Iriartek. "Hezkuntza eskumenen transferentzia garaia da, eta Nafarroa gai izan zen bere hezkuntza sistema antolatzeko". Hezkidetzaren esparruan egindako urratsak ekarri nahi izan ditu Iriartek gogora, azken hilabeteotan Skolae programaren inguruan sortutako eztabaidei aurre egiteko: "Harrigarria da, oraindik ere, erabat gaindituta egon beharko lukeen eztabaida bati eutsi nahi izatea. Aspaldikoak dira hezkidetzaren inguruko saioak Nafarroan", erran du.

"Eztabaida hutsalak" ez dira egungo hezkuntza sistemaren arazo bakarra, egilearen hitzetan. "Sakonera ailegatu ordez, azalean gelditzen gara, eta irakasleak ez dira gai ezartzen diren aldaketa guztietara egokitzeko. Ez genuke ahaztu behar eskolaren lana dela ikasleak gai izatea beren ezagutza eraikitzeko, elkarlanean".

Elkarlanaren ideia nabarmendu nahi izan du Iriartek. "Arlo guztiek inplikatu behar dute haurren hezkuntzan". Iritzi berekoa da Esther Pagola. 83 urte ditu, eta maistra izan zen urte luzez, bai eta Hezkuntza Departamentuko aholkulari ere. Pagolarena da Iriartek liburuko azken atalean jaso dituen testigantzetako bat. Kontent da lanarekin, eta eskertu du aitortza. "1950eko hamarkadan bilakatu nintzen maistra. Madrilen aritu nintzen lanean, eta, gero, Nafarroan. Behar bereziak zituzten haurrekin egin nuen lan urte luzez". Pagolak ez du zalantzarik: "Hezkuntza sistemak helburu hartu behar du nork bere onena ematea, inguruan dituenen laguntzarekin eta babesarekin".

Pagolari eta hezkuntzaren esparruan inplikatu diren maisu eta maistrei eskaini die Iriartek bere liburua: "Atzoko, gaurko eta betiko maisu eta maistrei, nire omenaldirik beroena", idatzi du lehendabiziko orrietan. Liburua aurkezteko hautatu duen aretoko paretetako batean ageri diren izenei egin die so egileak, atzoko eta betiko maisu-maistra horiek aipatu dituenean. Frankismoaren garaian errepresioa pairatu zutenen aldeko plaka dago Hezkuntza Departamentuko areto nagusian zintzilik. Haiek izan nahi ditu gogoan Iriartek; bai eta aurrerantzean ere hezkuntzaren ardura hartuko dutenak ere.

Artea itsasoak garbitzeko

Artea itsasoak garbitzeko

Ane Eslava

Datuek argi erakusten dute: ozeanoak zaborrez betetzen ari dira. 1950eko hamarkadan gizakia plastikoa masiboki erabiltzen hasi zenetik, kontsumoko oinarrizko material bilakatu da. Dagoeneko 8.300 milioi tona plastiko baino gehiago ekoitzi dira, eta, aurreikuspenen arabera, mende erdirako 34.000 milioi tonaraino irits daiteke, AEBetako Georgiako Unibertsitateak emandako datuen arabera. Zientzialariak aspaldi hasi ziren ohartarazten itsasora botatako plastikoak bost gune nagusitan biltzen ari direla eta, erritmo horri eutsiz gero, 2050ean arrain baino plastiko gehiago egon daitekeela itsasoan.

Egoera larria da, beraz. Eta, horretaz jabetuta, asko dira arazoaren inguruko kontzientziazioa zabaltzeko lanean dihardutenak, baita Nafarroan ere. Hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitateak helburu horrekin antolatu du Skeleton Sea erakusketa. Itsasotik bildutako zaborrekin sortutako hamahiru artelan jarri dituzte Iruñerriko hiru tokitan.

Joao Parrinha, Xandi Kreuzeder eta Luis de Dios surflariek egin dituzte eskulturak. Lisboakoa, Munichekoa eta Alacantekoa dira, hurrenez hurren, baina Portugalgo hondartza batean ezagutu zuten elkar. Surfean aritzen zirenean uretan ikusten zuten zaborrak kezkatuta, zerbait egin behar zutela pentsatu zuten.

"Beti ikusten genuen zabor pila bat hondartzetan", kontatu du Kreuzederrek surfari buruzko webgune batean; "baina behin, Indonesiako leku zoragarri batean geundela, plastiko multzo izugarri handi bat ikusi genuen uretan, eta ezin sinetsita gelditu ginen".

Orduan, hondakinak jasotzea eta artelan bihurtzea erabaki zuten, eta hala sortu zuten Skeleton Sea erakusketa, 2005ean. Ordutik hainbat herrialdetara eraman dute, eta oraingoan Mendillorriko ur biltegian eta Atarrabiako San Andres errotan zein batanean ikus daiteke. Uztailaren 5era arte egongo da zabalik hiru tokietan.

Egileek itsasoko animaliak irudikatu dituzte zaborrekin: karramarro bat herdoildutako burdin zatiekin, olagarro bat arrantzaleen sareekin, arrain bat latekin... Artelan gehienek irudi etsigarriak erakusten dituzte: ahotik plastikoa darion balea, soka artean harrapatutako izurdea... Artistek mezu argia bidali nahi dute: "Izan itsasoak garbi; errespeta dezagun natura".

Mobilizazioa helburu

Iruñerriko Mankomunitateak Libera proiektuarekin bat egin du erakusketa antolatzeko. SEO Birdlife GKEak eta Ecoembes enpresak abiatu zuten egitasmo hori, 2017an, naturara heltzen diren hondakinek eragiten dituzten kalteen inguruko kontzientzia sortzeko, eta gizartea mobilizatzeko. Mankomunitateak ere helburu berarekin antolatu du erakusketa, Igor Rico kideak azaldu duen moduan: "Gizarteak ulertu behar du zabor gutxiago sortu behar duela eta sortzen duena ongi kudeatu; izan ere, hondakinak edozein tokitara botaz gero, azkenean estoldetatik ibaira heltzen dira, eta handik, itsasora".

"Erakusketaz gain, beste hainbat jarduera antolatu ditugu Libera proiektuaren testuinguruan", esan du Ricok. Hitzaldiak eta bisita gidatuak egingo dituzte, besteak beste. Beren alea jarri nahi baitute mankomunitateko kideek itsasoa behingoz zaborretik askatzeko.

Babesa etiketa bilakatuta

Babesa etiketa bilakatuta

Edurne Elizondo

Zerbait hondatzea nahi baduzu, babes ezazu". Erriberako Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesek erran ditu hitzok, eta horien bidez azaldu nahi izan du espazio bat eremu babestu izendatzeak ez duela bermatzen babes horrek legez jasotakoa betetzea, eta, finean, ekosistema hori zaintzea. Haren ustez, Nafarroako naturguneekin eta horiek babesteko garatutako araudiekin hori gertatu da: "Babesa etiketa huts bilakatu da, eta ez dira lehenetsi ingurumenarekin lotutako balioak".

Natur Parkeen Europako Eguna da gaur, baina Navascuesek nabarmendu du ospatzeko gutxi dagoela herrialdean. 1999. urtean hasi ziren natur parkeen eguna ospatzen, Europan, Europarc fundazioak bultzatuta. Berrogei herri inguruko naturgune babestuak ordezkatzen ditu erakunde horrek. Nafarroako Gobernua ere bada fundazioko kide. Maiatzaren 24a aukeratu zuten natur parkeen eguna ospatzeko, 1909. urteko maiatzaren 24an izendatu zituztelako Europako lehendabiziko natur parkeak, Suedian.

Nafarroan, sarea osatzen dute espazio babestuek; sare horren barruan, hiru natur parke daude herrialdean: Bertiz, Urbasa-Andia eta Bardea. Bardea, gainera, Biosferako Erreserba izendatu zuen Unescok, 2000. urtean. Hiru parke horiek Nafarroako Natura 2000 Sarean daude. Denera, herrialdeko eremuaren %27 hartzen du sare horrek: 281.000 hektarea, alegia.

Legea eta aldaketak

Natura 2000 Sareak oinarrian ditu Europako bi zuzentarau: habitaten ingurukoa, batetik; eta hegaztiena, bertzetik. Habitatak duen balioa kontuan hartuta, Nafarroan 43 espazio babestu daude; hegaztiak babesteko, berriz, hamazazpi ZEPA daude herrialdean. Hegaztien Babeserako Eremu Bereziak dira horiek.

Paperean, habitata eta hor bizi diren gizakiz bertzeko hainbat espezie babesten dituzte Europako zuzentarauek eta Nafarroan horien arabera garatutako legeek. Paperetik at, egoera bertzelakoa da. Naturguneen Legea, adibidez, bitan aldatu du jada Nafarroako Parlamentuak, bi proiektu zehatz egin ahal izateko: Itoizko urtegia eraikitzeko, lehendabizi, 1996. urtean; eta Larrako eski estazioa egiteko, bigarrenez, 2003an. Bietan prozesu bera gertatu da: aurretik legez babestutakoa babesik gabe utzi zuten, espazio horiek gune babestutzat jotzeko ezaugarriak aldatu ez baziren ere.

Mehatxuak ez dira desagertu. Bardeako natur parkean gertatzen dena da legeak ematen duen zaintzaren ahultasunaren ikur, Navascuesek nabarmendu duenez: "Biosferako Erreserba ere bada, baina, hala eta guztiz ere, tiro eremua du erdian". Gizakien bertze hainbat jarduerak egiten duten kaltea ere jarri du mahai gainean: nekazaritza, abeltzaintza, bai eta turismoa ere. "Kontrolik eza handia da, eta, zenbait garaitan, ekosistemari kalte egiten dion masifikazioa gertatzen da; Bardeako estepako hegaztien kopuruak behera egin du, nabarmen. Arazoak ez daude bakarrik hemen. Iratik edo Urederraren iturburuak ere jendez gainezka egin dute", salatu du Ekologistak Martxan taldeko kideak.

Azken urteotan, hain zuzen, bisitarien kopurua mugatu behar izan du Nafarroako Gobernuak Iratin, hainbat aldiz, dauden aparkalekuak bete eta gero; Urederran ere neurriak hartu behar izan dituzte, eta, orain, beharrezkoa da aurretik erreserba egitea.

"Betiko dilema dugu mahai gainean: ondarea gorde, edo erakutsi. Herritar guztiona da, finean", erran du Juan Goñik. Argi du, halere, herritar guztien jarrera ez dela bera. Inguruaz errespetuz gozatzea da gakoa, bere ustez: "Isilik, arrastorik utzi gabe, eta ezagutzen ari garena zainduz, honda ez dadin". Informatika ikasi zuen Tafallakoak, baina duela 11 urte bere benetako zaletasuna bilakatu zuen bere lanbide: gida lanetan aritzen da herrialdeko naturguneetan. Batez ere, Bertizen. "Iruritan bizi naizelako; edo, agian, Iruritan bizi naiz, Bertiz ondoan dagoelako", kontatu du.

Nafarroako natur ondarearen balioa nabarmendu du gidak. "Europako hiru bioklima nagusiak ditugu herrialdean: mediterraneoa, alpetarra eta itsasaldekoa; horrek aukera ematen digu ikusteko, adibidez, egun berean, Bardeako estepako hegaztiak eta Iratiko basoko okilak".

Iratiko basoa pagadi-izeidia da. "Europako handiena", zehaztu du Goñik. Bertizkoa, berriz, pagadi azidofilo hezea da: "120 urtez ez dute ukitu; penintsulako nabarmenenetako bat da, zalantzarik gabe; eta Europako nagusietako bat ere bai, segur aski", erantsi du. Zaharra da Bertizko basoa, eta horrek bereziki egoki bilakatzen du basoko saguzarrentzat, bai eta okilentzat ere. "Penintsulan dauden zazpi okilak ikus daitezke Bertizen", erran du Goñik.

Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazteek erosi zuten Bertiz, 1898. urtean. 1949an, berriz, nafarren esku utzi zuten, basoari bere horretan eusteko baldintzarekin. XIX. mendean, hain zuzen, Zigak eta Fernandezek erosi aurretik, Bertizko egurra erruz ustiatu zuten. "Donostiako Zabalgunea Bertizko egurrarekin eraiki zuten", erran du Juan Goñik.

Zilbeti gogoan

Bertizko gidak argi du legeek ez dutela bermatzen natur parkeen eta naturguneen babesa. "Bertze hainbat tokitan baino hobea da hemengo egoera, nire ustez, baina ezin dugu horrekin konformatu", gaineratu du. Zilbetiko pagadiko kasua ekarri du gogora Goñik. "Herritarrek protesta egin zuten, eta lortu genuen han egin nahi zuten harrobia bazter uztea. Horrelako proiektu batek hondamendia baino ez du ekartzen", salatu du Goñik.

Administrazioa ere ez da babes berme. Argi du Goñik. Abiadura handiko trena eta Nafarroako ubidea aipatu ditu. "Bi proiektuon alde egin du gobernuak; Baztanen ere, Aroztegikoaren mehatxua dugu".

Basoiloekin gertatu dena azaldu du Goñik: "1970eko hamarkadan bost besterik ez ziren gelditzen; populazioa handitzeko neurriak hartu zituzten, eta, orain, 40 urte pasatu eta gero, 50 daude. AHTa eta ubidea mahai gainean jarri dituzte, eta bi proiektuon artean hegaztion ugaltze eremuak suntsituko dituzte, eginez gero", kritikatu du.

Eduardo Navascuesek ere proiektuok salatu ditu. Eta salatu du, halaber, Ablitasko babes bereziko eremuan gertatzen ari dena. "Natura 2000 Sareko espazio bat da, babestuta dago, baina, hala eta guztiz ere, moto gidariak sartzen dira, eta suntsitzen ari dira. Ugaltze garaia da oraingoa, eta jarduera horrek kalte handia egiten die estepako hegaztiei. Kontrola behar da, babesa bermatzeko neurriak". Babes hori etiketa huts ez izateko.

Duina eta ilustratua

Duina eta ilustratua

Edurne Elizondo
Heriotzara bidea, artearen bidez. Horixe egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Heriotza duina eta ilustratua izenburuko erakusketa baliatuz. Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak antolatu du, auzia mahai gainean ja...

Badu lana errektoreak

Badu lana errektoreak

Edurne Elizondo
Mugimendu handikoa izaten ari da ikasturtearen azken txanpa Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hilaren 9an, errektore berria aukeratzeko hauteskundeak egin zituen erakunde horrek, eta botoen %61 lortuta, Ramon Gonzalo nagusitu zen Mar...

Kanporatze lagundua

Kanporatze lagundua

Edurne Elizondo

Azken hamar urteotan bere etxe izandako herrialdetik kanporatu dute Senegalgo herritar bat. Cortesen bizi izan zen hasieran; eta Ribaforadan, berriz, azken urteotan. Maiatzaren 6an, herriko etxera joan zen, alkateak deituta. Erroldari buruzko bilera bat egin behar zuten, ustez; baina, ailegatu zenean, Espainiako Polizia zuen zain. Biharamunean Madrilera eraman zuten, eta, handik, zuzenean, Senegalera. Horixe salatu du Erriberako senegaldarren kolektiboak, eta manifestaziora deitu du, biharko, gertatu dena salatzeko.

"Hagitz larritzat" jo dute senegaldarren kolektiboko kideek alkateak herrikidea kanporatzeko prozesuan parte hartu izana. "Udalak dira herritarron etxe; gugandik hurbilen dagoen erakunde publikoa dira; baina herritarrak babestu beharrean, kanporatu egiten dituzte. Ezin dugu horrelakorik onartu".

Haserreak eta beldurrak hartu ditu Ribaforadako senegaldarrak. "Paperik gabekoak hagitz kezkatuta daude", nabarmendu dute. Aurrera egiten saiatzen dira, nola edo hala, eta kanporatzeko agindu batek kolokan jartzen ahal du haien eta beren senideen oraina eta etorkizuna. "Kanporatu duten herrikideak poltsak saltzen zituen kalean; bertze biderik ez zuen familiarentzako dirua lortzeko. Irabazitakoa Senegalgo familiari bidaltzen zion. Orain, diru sarrerarik gabe gelditu dira denak", kontatu du Ribaforadako senegaldar batek.

Nahiago du izenik ez eman. Kolpe handia izan da harentzat herrian gertatu dena. "Ez genuen espero; inoiz ez da halakorik gertatu. Ezin dugu onartu alkate batek migratzaile bat kanporatzeko prozesuan parte hartzea", erran du. Gogor salatu du, gainera, ez dela egia alkateak erran duena. "Ez dute kanporatu delituak zituelako; kanporatu dute atzerritarren legea ezarri diotelako".

"Legea bete"

PSNko Jesus Mari Rodriguez da Ribaforadako alkatea. Gertatutakoari buruz, alkateak nabarmendu du "legez" zegokiona egin duela. Alderdiak babesa agertu dio, eta sare sozialen bidez jasotako irainak gaitzetsi ditu. "Legea bete bertzerik ez zuen egin alkateak; eta hori da kargudun publiko guztien betebeharra", erran dute.

Rodriguezek berretsi du poliziak eskatutakoa bete baino ez zuela egin, eta ez duela senegaldarra kanporatzeko prozesuan parte hartu. Herrikidearen abokatuarekin jarri dira harremanetan Erriberako senegaldarrak, eta haren bidez jakin dute atzerritarren legearen bidez kanporatu dutela, indarrean dagoen araudia ezarri diotelako, alegia. "Gure herrikidearekin hitz egiteko aukera izan dut, eta hark ere argi utzi du hori. Ez da egia ustezko delituen kontua; bota dute atzerritarren legea erabili dutelako kanporatzeko", erran du kolektiboko kide batek.

SOS Arrazakeriak ere gogor salatu du Ribaforadan jazo dena, eta "lotsagarritzat" jo du udalak herritar bat kanporatzen lagundu izana. Elkartasuna helarazi dio erakunde horrek Erriberako senegaldarren komunitateari.

Senegaldarra da Modou Faye Beltxa, baina Iruñean bizi da. Iruñeko Udalerako EH Bilduren zerrendatik at utzi dute, Espainiako herritartasuna ez duelako. Africa United elkarteko kidea ere bada, eta gogor salatu du Ribaforadan gertatu dena. "Larria da hango udalak egin duena".

Beltxak argi du afrikarren arteko batasuna behar dela migratzaileen aurkako erasoei aurre egiteko. Erriberako senegaldarren kolektiboak ere batasunera deitu du. Herrikidea kanporatu eta gero, bat-bateko elkarretaratzea egin zuten herrian. Biharko, berriz, manifestaziora deitu dute. 19:00etan hasiko da, Ribaforadako kiroldegi zaharrean. Ezein pertsona ez dela legez kanpokoa aldarrikatuko dute protestaren bidez.

Lege arrazista

SOS Arrazakeriak babestu du biharko manifestazioa. Erakunde horrek behin baino gehiagotan salatu du indarrean den atzerritarren legea. Erriberako senegaldarrek ere agerian utzi nahi izan dute migratzaileen eskubideak urratzen dituela lege horrek. Lege arrazista dela erantsi dute.

Beltxak argi du egungo gizartea arrazista dela oraindik ere. Udalerako zerrendatik kanpo gelditu eta gero, aukera aprobetxatu nahi du migratzaileen eta, bereziki, afrikarren eskubideak aldarrikatzeko. Kanporatutako senegaldarra hamar urtez Nafarroan bizi izan dela gogoratu du, eta babesik gabe utzi duela bere udalak.

Bazterretik ateratzeko

Bazterretik ateratzeko

Edurne Elizondo

Azken berrogei urteotan egindako lehiaketetako bakar batean ere ez dute irrati komunitarioentzako lizentzia bakar bat ere banatu; bada garaia bazterketa historiko horren auzia konpontzeko". Horixe nabarmendu dute Eguzki irratiko eta hedabide hori babesten duen Apice elkarteko kideek, jendaurrean egindako agerraldi batean. Azaldu dute izena eman dutela Nafarroako Gobernuak irrati lizentziak emateko martxoan abiatutako azken lehiaketan. Hori ere irrati komertzialentzat antolatu dute bakarrik. Egoera hori salatu, eta konponbidea eskatu dute Eguzkiko ordezkariek.

1982. urteko abenduan egin zuen Eguzki irratiak lehendabiziko saioa, Jarauta karrikako egoitzatik. Alde Zaharrean da irratia oraindik ere, Nabarreria karrikan. Lehen saio hori egin zuenetik, lizentziarik gabe egin du aurrera proiektuak; maldan gora egin behar izan du bidea anitzetan, azken lau hamarkadetan lau aldiz itxi baitute irratia.

1983. eta 1984. urteetan itxi zuten, Euskal Herriko beste irrati libre anitz bezala, eta 1988. urtean ere bai, Espainiako erregeak Iruñera egindako bisitak eragindako istiluen inguruko informazioa zabaltzeagatik. 1992. urtean saiatu ziren isilarazten azkenekoz. Baina airean jarraitzen du irratiak. "Gurearen gisako hedabideek ezin dute duintasunez eta berdintasunean lan egin, erregularizatzen ez badituzte", erran du Eguzki irratiko kide eta esatari Jorge Riberak, halere.

Martxoan antolatutako azken lehiaketan, Nafarroako Gobernuak Iruñean banatzeko irrati lizentzia bat gorde du. Lehiaketa horrek 2017. urtean antolatutakoa ordezkatu du, duela bi urtekoa bertan behera utzi eta gero. Eusko Media erakunde pribatuak helegitea aurkeztu zuen 2017an, eta, aintzat hartu eta gero, gobernuak bazter utzi zuen lehiaketa. 2017. urtekoan bazen lizentzia bat irrati komunitarioentzat; haren ordez martxoan antolatutako lehiaketan, ordea, ez.

Eguzki irratiko kideek "tamalgarritzat" jo dute irrati komunitario bati lizentzia emateko aukera galdu izana. "Aurreko gobernuen bidetik egin du aurrera ustezko aldaketaren egungo gobernuak ere, eta ez da gai izan arazoa konpontzeko. Bere esku zegoen hori egitea; ez dugu ulertzen zer-nolako interesen arabera erabaki duten irrati komunitarioak bazter uzten jarraitzea", salatu du Otanok.

Herri mugimendua ardatz

Herri mugimenduen bozgorailu izateko sortu zuten Eguzki irratia, 1982. urtean; Iruñeko garai hartako talde ekologista eta antinuklearra izan zen proiektu horren bultzatzaile. Eguzki izeneko aldizkariarekin hasi, eta uhinetara egin zuten jauzia gero. "Beharrezkoa zen ahotsik ez zutenei ahotsa ematea", arduradunen hitzetan. Xede bera dute ardatz orain ere. "Herri mugimendua izan da beti helburua eta proiektuaren ardatza. Aurrera egin dugu; garatu dugu proiektua, baina oinarri horri eutsi diogu". Krisi ekonomikoari ere egin diote aurre, eta, bazkideen eta entzuleen babesarekin, zutik jarraitzen du Eguzki irratiak.

Zutik da, eta urratsak egiten segitu nahi du, gainera. Horregatik erabaki dute irratiko kideek martxan den lehiaketan parte hartzea. Izena emateko epea berriki amaitu da, eta datozen hilabeteetan erabakiko da. "Hurrengo gobernuaren lana izanen da", erran du Riberak.

Irratiko kideek ez dute zalantzarik Eguzkik lizentzia merezi duela. 36 urtez egindako bidea nabarmendu dute, eta erantsi dute baimena jasotzeak "hedabideen demokratizazioari eta adierazpen askatasunari" eginen liekeela mesede.

Gaineratu dute Europan anitz direla lizentzia duten Eguzkiren gisako irrati komunitarioak. "Espainiako Estatuan ere badira; aukera badago". Eguzkiko kideek salatu dutenez, ordea, borondatea falta izan da orain arte.

Irratiko arduradunak borondate hori aldarazten saiatu dira, irrati komunitarioentzako lizentziarik gabeko lehiaketa ekarri duten agindu eta dekretuen aurka eginez. Egoera jendaurrean salatzea izan da egindako azken urratsa. Eta lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. "Eguzki irratiak lizentzia lortzen duenean, Nafarroako gizarte osoak irabaziko du, askotarikoa dela erakutsiko baitu", bukatu dute Otanok eta Riberak.