Gizartea

Dekretu artean harrapatuta

Dekretu artean harrapatuta

Edurne Elizondo
Harritu gaitu agerraldiak; ez da egia irregulartasunak gertatu direnik". Horixe erantzun diote Nafarroako Osasun Departamentuko arduradunek herrialdeko gobernuz kanpoko hainbat erakundek jendaurrean egindako salaketari. Paperik gabeko m...

Batzen segitzeko ilusioz

Batzen segitzeko ilusioz

Uxue Rey Gorraiz

Urte borobila dugu aurrean. Alfredo aspaldi hasi zitzaigun hori gogorarazten, ez da hala?", dio irribarretsu Maider Betelu Sakanako Guaixe aldizkariko kazetariak. Alfredo Alvarori berari egin dio galdera, erredakzioburuari, eta baietz esan du horrek, buruarekin keinu eginez. Aldizkariak 25 urte beteko ditu aurtengo abenduan, eta, urte hasieratik, gerora etorriko diren ospakizunak prestatzen ari da bederatzi kideko lantaldea erredakzioan. Biek hunkituta begiratzen dute atzera, orain arte egindako bideaz harro, eta aurrera jarraitzeko betiko ilusioaz.

1994tik hilabetero hasieran eta astero ondoren, sakandarren etxeetara ailegatzen da aldizkaria, euskarazko tokiko informazioa emateko. Mende laurdena eginen du Guaixek, Sakanatik eta Sakanarentzat.

Eskualde horretako euskaltzaleen artean piztutako ilusioak abiarazi zuen Guaixe, orain dela 25 urte. Ibarrean gertatzen denaren berri euskaraz emateko premia ikusita jarri zuten martxan proiektua hiru emakumek: Amaia Amilibiak, Olatz Irizarrek eta Aitziber Etxaizek. Kazetaritzako ikasleak ziren hirurak garai hartan, eta Urdiainen hasi ziren, hango udalak utzitako lokal batean.

Egitasmoaren inguruan babes taldea eratu zen, Bierrik elkartea bultzatzaile, eta abenduan argitaratu zuten lehenbiziko zenbakia. Aldizkarian, Sakanako herrietako kronikak irakur zitezkeen, bakoitzean zeuden berriemaileek idatziak. Maider Beteluk egiten zuen Lakuntzakoa, adibidez. "Hasiera gogorra izan zen, baina oso polita", dio hunkiturik, hastapenak gogora ekarrita.

Kutxa mordoa dute erredakzioan pilaturik asteotan —orain erredakzioa Altsasun dago—, bata bestearen gainean. "Guaixe-ak eta Oixe-ak daude barrenean", argitu du Beteluk. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun Guaixe astekariak hainbat aldaketa izan ditu urte hauetan, gaur egungo itxura eta formatua hartu arte. "Hilabetekaria ginen hasieran, baina ohartu ginen zaharkituta gelditzen ginela. Albisteak berandu iristen ziren." Arazo horri aurre egin nahian sortu zuten Oixe, hilabetekariaz gain astero argitaratu zena. 2001etik 2003ra, bi aldizkariak aldi berean argitaratu eta gero, Guaixe astekariaren aldeko apustua egin zuten. Baita bete-betean asmatu ere, urteek erakutsi dutenez. Erabakia "ausarta" izan zen, Alfredo Alvaroren ustez: "Astekari bihurtzeko pausoa eman genuenean, jende asko beldur zen orrialdeak betetzeko adina material izango ote genuen". Ordutik, ostiralero 24 orrialdeko aldizkaria ateratzeko gai direla ikusi dute, batzuetan baita gehiagokoa ere. "Informazio olatuak gainditu egiten gaitu beti", erantsi du erredakzioburuak.

Letra eta irudiak aski ez, eta irratien uhinetara egin zuen salto Guaixe-k, 1999ko udaberrian. Orduantxe hasi zen Alfredo Alvaroren ibilbidea ere, Beleixe irratiaren sorrerarekin. "Irratiarekin informazio asko igortzea lortu genuen, eta askoz presenteago geunden egunerokoan", azaldu du Beteluk. Gaur egun, astelehenetik ostiralera, egunero egiten dute zuzeneko emisioa Egun On Sakana saioarekin, 10:00etatik 12:00etara. Irratiarekin batera, sareak ere erraztu egin du berehalakotasunez jarduteko bidea, nahiz eta oraindik ere astekari fisikoa den beren produktu kuttuna. "Ohiturak beste batzuk izan arren, batzuek oraindik papera maite dugu", dio umoretsu Alvarok, aleetako bat eskuetan.

Bat-bateko informazioa eta berehalako erantzunak ematea egin du posible guaixe.eus-ek. "Pil-pilean dauden gai batzuen inguruan beharrezkoa dugu hori, erreferenteak gara eta". Bereziki Altsasuko auziaz ari da Maider Betelu.

Bi kazetariak sinetsita daude ibarraz kanpotik ere begiratzen dietela, baina harro azaltzen dute zilborra Sakanan duten komunikabidea direla. Argi dute hori. Gustura jartzen dute fokua beste hedabideek paratuko ez luketen gertaera txikiago horietan. "Guretzat ez dira txikikeriak, eta jendeak horien inguruko informazioa behar du", nabarmendu du Alvarok.

Garai latzetan, babes

Gertukoa eta gertutik; horrela egiten dute lan egunero. "Gaia edozein dela ere, tokiko ikuspegitik lantzen saiatzen gara, gurera ekarrita. Gripe epidemiaz ari bagara, esan dezagun zer eragin izan duen gure herrietan". Alfredo Alvarok argi du tokiko hedabideak bigarren edo hirugarren mailakoak direla askorentzat. "Madrildik begiratuta? Guztien azpian gaude!". Ez Sakanan, ordea.

2012 inguruan, krisi ekonomikoak gogor astindu zuen Sakana, eta, era berean, baita hedabidea bera ere. Guaixe-k eta Beleixek kolpe latza jaso zuten urte horretan, eta kinka larrian egon ziren biak. 2011ko Guaixe-ren azken zenbakia berezia izan zen horregatik: argazkien ordez, zuriuneak ikusten ziren astekarian. Protesta keinu bat izan zen, hedabideek jasaten zuten egoera kezkagarriaren erakusle. Izan ere, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideei ematen zizkien diru laguntzak erretiratu zituen, eta Eusko Jaurlaritzak ematen zituenak ere murriztu egin ziren urte berean. Hala ekarri dute gogora Maider Beteluk eta Alfredo Alvarok, ahotsa apalduta. Bien begietan mina nabaritu daiteke oraindik hain garai gogorrak oroitzean.

"Gurea bezalako komunikabide bat beti dago nolabaiteko krisian, baina egon zitezkeen baldintzarik okerrenek bat egin zuten orduan", azaldu du Beteluk. Astekariak ohi baino orrialde gutxiagoko aleak argitaratu zituen denbora batez, eta zuzeneko emisio orduak gutxitu egin ziren irratian.

Okerrena, ordea, lantaldearen murriztea izan zen. Horrela diote Beteluk eta Alvarok aho batez, zalantzarik egin gabe. Bi izan zirela adierazi du erredakzioburuak hatz keinu batekin: bi langilek galdu zuten beren Guaixe-ko lanpostua. "Oso traumatikoa izan zen. Bai joan zirenendako, bai gelditu ginenendako".

Egoera lazgarri horretatik ateratzea lortu zuten, ordea. "Bazkideei esker izan zen gehienbat", dio Alvarok, eta aurpegiera aldatu zaie biei berehala. Oroitzapen goxoa da hori. Herritarrengandik jaso zuten administrazioak ematen ez zien babesa. 2.000 esker izeneko kanpaina abiarazi zuten bazkidetza sustatzeko eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, eta jendeak erantzuten jakin zuen. Galerak izan bazituzten ere, lortu zuten bidean aurrera egitea. "Herritarrak izan ziren gure sostengu nagusia, eta horrela da oraindik. Gurekin jarraitzen dute", dio irribarrez Beteluk.

Mankomunitateak eta atzean dauden udalek emandako laguntza ere ez du ahaztu nahi izan, ordea. Sakandarren babesa ezinbestekoa izan da beti, erredakzioburuaren hitzetan: "Eskerrak eman besterik ezin dugu egin".

Sakana, euskara, 'Guaixe'

Erredakzioko kartoizko kutxetan bilduak dituzten ale horien antzekoak urte hasieratik ari dira Sakanan barna, batetik bestera, herriak bisitatzen. Erakusketa ibiltaria antolatu du Guaixe-k mende laurdena ospatzeko. Hilabetekariaren eta astekariaren ale zaharrak ikusgai dira bertan. Urdiainen hasi zuten bidea, otsailean, Guaixe-ren jaioterrian, alegia. Ondoren, Ziordira, Altsasura eta Arbizura ere joan da erakusketa, eta herri gehiago ere izanen ditu helmuga.

Sakanako ibarrak berezko duen konplexutasuna nabarmendu dute Beteluk eta Alvarok. Txikitasunetik lan egiten dutela diote behin eta berriz; txikiak direla, baina oso ibar dinamikoa, kulturalki aberatsa, eta bizia. Hogei mila biztanle inguru dira, 28 herritan banatuak. "Batzen gaituen hori zer den? Sakanak guztiok batzen gaituen bezala, euskarak batzen gaitu, eta Guaixe-k ere bai", azaldu du Beteluk. Horregatik dute aukeratua lelo hori: Batzen gaituena.

Guaixe-koek egunero sentitzen dute sakandarrek dieten estimua. Kazetaritza hurbiletik landuta, hurbil nabaritzen dituzte irakurleak. "Faltan sumatzen gaituztela esaten digute oporretan egon eta astekaririk argitaratzen ez denean. Seinale ona, ezta?", dio pozik Maider Beteluk. Beren babesa eta epeltasuna sentitu dezakete, eskaera edo galdera izan, edo kritika edo keinu. Euskal hiztunenak zein erdaldunenak, gainera. "Euskaraz ez dakitenek ere estimu handitan gaituzte: la Guaixe kontzeptua hedatua dago oso", dio Beteluk irriz.

Urteurren berezi bat ospatzea beti da aitzakia ona atzera begiratu, hausnartu eta hurrengo pausoak zein izan daitezkeen hobeki ikusteko. Guaixe-k batu egiten du Sakana, eta asmo horrekin jarraitzeko grina dute oraindik. "Batzen segi dezagun".

Amorru kolektiboaren indarra

Amorru kolektiboaren indarra

Edurne Elizondo

Amorrua, antolatuz gero, aldaketak eragiteko tresna boteretsu bilaka daiteke. Lelo hori bere egin du Iruñeko Farrukas talde feministak. Indarkeria matxistak eragindako amorruak ekarri zuen kolektiboaren sorrera, duela bost urte, eta amorru horrek eraman ditu bere kideak autodefentsa feministaren aldeko aldarria egitera.

Ozen, gainera. "Amorru kolektiboaren indarra" baliatu nahi dute, patriarkatuaren aurka borroka egiteko. "Erasotzen gaituztenean, geure burua defendatzeko zilegitasun osoa daukagu", erran dute, argi eta garbi,"eta hori sinetsi behar dugu; bada garaia".

Iruñeko Txantrea auzoko bestetan txosnetan gertatuko eraso matxista batek piztu zuen feministen amorruaren kandelaren mukia. Borroka moldeak aldatzeko beharra sentitu zuten Iruñeko hainbat feministak, amorru horri bidea emateko. Karrika, gaua eta besta espazioak gozatzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan zuten, "askatasunean eta berdintasunean".

Gogo horrek ekarri zuen 2014ko sanferminen aurreko manifestazioa: gauez egin zuten protesta emakumeek, beltzez jantzita, aurpegia estalita, eta zuziak eskuetan. "Lau izanen ote ginen beldur ginen; mila inguruk egin zuten bat", gogoratu dute Farrukas taldeko kideek, hunkituta.

2014. urtekoa izan zen lehendabizikoa, eta haren ondotik sortu zuten kolektiboa, berez. Geroztik, urtero egin dute sanferminen aurreko gaueko protesta, eta Euskal Herriko bertze hainbat herritan eta hiritan ere hasi dira gisa bereko manifestazioak egiten. "Bazen gure barruko amorru hori erantzun bilakatzeko beharra", azaldu dute kolektiboko kideek.

Erasoei erantzuteko zilegitasuna jarri dute mahai gainean Farrukas taldeko kideek, hasieratik. Asmo horrekin bat egiten du kolektiboak lelotzat hartutako esaldiak: Beldurra aldez aldatuko da. "Gure aurkako eraso gero eta bortitzagoen aurrean, modu gero eta bortitzagoan erantzuteko eskubidea aitortu diogu, azkenean, geure buruari", berretsi dute kolektibo feministako kideek.

Urrats hori egin izanak eragin zituen kritikak, hasieran. "Beldurra aldez aldatuko zela erratea gehiegizkoa iruditu zitzaien anitzi; ez zuten ulertu. Egoera aldatuz joan da, halere, eta gure mezua onartzen hasi da gizartea".

Emakumeek beren burua defendatzeko eskubidea dutela; hori da Farrukas taldeko kideen mezua. Oinarrizkoa eta argia, baina, hala eta guztiz ere, barneratzeko zaila, bai eta emakume anitzentzat ere: "Emakume batek jasandako erasoari erantzuten dioenean, kanpotik zalantzan jartzen da jokabide hori; eta barrutik ere, emakumeak joera du pentsatzeko agian ez zela hainbertzerako, erantzuna gehiegizkoa izan dela... Geure burua epaitzen dugu, barruraino sartu zaigun patriarkatuak hartzen duelako hitza". Patriarkatuaren ahotsa isilarazi nahi dute Farrukas taldeko kideek, hain zuzen ere, eta, ematen duen erantzuna edozein dela, babesa agertu egungo sistema matxistak zapaldutako emakume orori. "Bortizkeria jasaten dugunean, erantzun bortitza emateko eskubidea dugu", berretsi dute.

Ahizpatasuna

Munduan egoteko modu bat da autodefentsa feminista. Jarrera bat. Ibiltzeko eta esertzeko modu bat. Eta lotuta ekartzen du herritar gisa emakumeek dituzten eskubideen defentsa. Ahalduntzea da, eta ahizpatasuna bultzatzea. Horri buruz anitz dakite Farrukas taldeko kideek, sororitatea baitute kolektiboaren oinarri nagusi. "Indar asko ematen diogu elkarri".

Emakumeen arteko sareen garrantzia agerian gelditu zen aurreko astean, Farrukas kolektiboak maiatzaren 11n eginen duen besta iragartzeko antolatutako ekinaldian. Zabaldin egin zuten bat taldeko kideek eta haien lagunek, besta giroan. Erakusketa bat jarri dute han, kolektiboak egindako bost urteko bideari buruz. Egindako urratsen lekuko diren kartelak eta argazkiak zintzilikatu dituzte Zabaldiko paretetan.

Haietako bat da 2016ko sanferminetako txupinazoarena. Egun hartan, Farrukas kolektiboak koordinatuta, Euskal Herri osoko 70 emakume sartu ziren Iruñeko Udaletxe plazara, eta Autodefentsa feminista leloa idatzia zuen pankarta handi bat zabaldu zuten.

Egun horretakoak emozioz gogoratu dituzte Farrukas taldeko kideek. "Sekulakoa izan zen; plaza, txupinazoaren egunean, gizonezkoen espazio bat da, eta emakumeen aurkako bortizkeria handikoa, gainera", salatu dute. Horregatik, argi dute "gauza handia" izan zela han sartzea, pankarta zabaltzea eta beren espazioa defendatzea. "Kolpeak eta irainak jaso genituen", azaldu dute. Baina merezi izan zuela argi dute: bestaren erdigunean jarri zuten autodefentsa feministaren aldeko aldarria.

Borrokan jarraitzeko gogoz dira Farrukas taldeko kideak; amorrua borrokarako tresna bilakatuz, eta sistemak zapaldutakoen arteko sareak osatuz, amorru hori antolatzeko eta bideratzeko. Atzera ere begiratu nahi izan dute kolektiboko feministek, aurrekoek egindako urratsak aldarrikatzeko, eta feminismoaren memoria egiteko. "Hori ere beharrezkoa da". Memoriak eta orainak bat eginen dute maiatzaren 11n, Iruñeko Jazar espazioan. Egun osoz ospatuko dute feministek farrukak direla.

Arteak argituta

Arteak argituta

Edurne Elizondo

Gorputza, emozioak, eremu soziala, burua eta identitatea. Bost ardatz horiek hartu ditu oinarri aurtengo Artea Oinez erakusketak. Iruñeko Kondestablearen jauregiko lehendabiziko solairuan dago jada ikusgai, maiatzaren 12ra bitarte. Hego Euskal Herriko hirurogeita hamar artistak parte hartu dute, nork bere proposamen, teknika eta mezuarekin, denen artean gorputzari, buruari, emozioei, identitateari eta gizarteari buruzko gogoeta saioa osatuz.

"Kontent" da Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Josu Reparaz erakusketarekin. Komisario lanak egin ditu, eta argi du bildutako lanak egungo Euskal Herriko artearen lagin interesgarria direla.

Iruñean erakutsi eta gero, bertze hilabete batez ikusi ahal izanen dira obra horiek Tuterako Almirantearen Etxean. Harago joan nahi izan du ikastolen elkarteak aurtengo bere erakusketarekin, gainera, eta ikasgeletan jorratzeko proposamen didaktikoa ere prestatzen ari da, erakusketak berak dituen bost ardatzak oinarri hartuta.

Altsasuko ikastolako kideen eskutik jaso zuten Tuterako Argiakoek aurtengo Nafarroa Oinez besta antolatzeko arduraren lekukoa. Lanean ari dira jada, jo eta ke, Izan argi! lelopean antolatzen ari diren besta prestatzeko. Arteak toki nabarmena izan du, azken urteotan, Nafarroako ikastolek Oinez-aren giroa berotzeko antolatutako programetan, eta Tuterak ez du arlo horretan hutsik egin nahi izan. "Argia ikastola eta bere komunitatea bezain bizia da", erran du Argiako presidente Maru Erizek, erakusketari buruz.

Artea Oinez erakusketan parte hartzen duten artisten artean, batek toki berezia du: Tuterako Javier Sueskunek, alegia. Bere obra bat jaso ez ezik, artista bera omentzeko ekinaldi gisa ere antolatu du Argia ikastolak erakusketa osoa, hain justu. "Sueskunen eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dugu, eta, aldi berean, artearen arloan egin duen ekarpen zabala txalotu", nabarmendu dute ikastolako kideek.

Askotariko euskarriak

Eskultura, pintura, argazkigintza, teknika mistoak, bideoak... Askotarikoak dira Kondestablearen jauregian bat egin duten lanak egiteko erabilitako teknikak eta moduak. Artelan horietako hainbat, gainera, propio Artea Oinez erakusketan parte hartzeko osatu dituzte artistek. Halakoak dira, adibidez, Naroa Lizarrenak. Plastikozko gailu elektriko bilakatu ditu kaikuak. Argia ikastolakoentzat propio egin du bere obra Ibon Aranberrik ere: Li-lu-ra-rik-ez izenburuko argazkia, alegia.

Dora Salazar, Mari Jose Rekalde, Lorea Alfaro, Xabier Morras, June Crespo, Miren Doiz, Fernando Pagola eta Txuspo Poyo dira erakusketan parte hartu duten artistetako zenbait. Clemente Bernaden argazki bat ere zintzilikatu dute Kondestablearen jauregian. Artista horrek urtebeteko kartzela zigorra eta 3.000 euroko isuna jaso berri du, hain zuzen ere, Iruñean meza frankistak antolatzen dituen anaidiaren "intimitatea urratzea" egotzita. 2016. urtean, Erorien Monumentuko irudiak grabatu zituzten Bernadek eta Carolina Martinezek, A sus muertos (Beren hildakoei) dokumentala prestatzen ari zirela. Monumentuko azpiko kriptan ere jaso zituzten zenbait irudi. Ondorioz, hango meza frankistak antolatzen dituen Gurutzearen Zaldun Boluntarioen anaidiko kide batek salaketa jarri zuen haien kontra.

Epaiak Martinez absolbitu eta Bernad zigortu du. Horri buruz, halere, erakusketako komisario eta ikastolen elkarteko kide Josu Reparazek ez du hitz egin nahi izan, lanak aurkezteko egindako agerraldian. "Ez da halakoak baloratzeko unea". Eskertu du, halere, Bernaden parte hartzea. Artea Oinez erakusketan da haren lana, bertze obrekin batera.

Bertze sententzia bat zentralaren kontra

Bertze sententzia bat zentralaren kontra

Edurne Elizondo

Bertze bat. Hamaikagarren sententzia Castejongo zentral termikoen aurka. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Elerebro enpresaren azpiegituraren baimenak ez duela betetzen ingurumen araudia, eta, ondorioz, ixteko agindu dezala eskatu dio Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroako Gobernuari.

Castejongo zentral termikoak 2002. urtean egin zuen bat argindarraren sarearekin. Orduan, Castejon I izena zuen zentralak osatzen zuen azpiegitura. Handik gutxira, 2005. urtean, handitzeko baimena eman zuen administrazioak, eta horrela jarri zuten martxan Castejon II proiektua. Orduan hasi zuen zentral termikoen aurkako oposizioak bere ibilbidea epaitegiz epaitegi.

Bide horrek emaitzak eman ditu, Espainiako Auzitegi Gorenak berriki plazaratutako zentralen aurkako sententzia ez baita bakarra izan. 2008. urtean, jada, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen zentralaren inguruko udalerriz gaindiko eragina duen plana. 2011. urtean, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen auziari buruzko bere iritzia, eta bere ebazpenaren bidez argi utzi zuen Castejon II zentrala legez kanpokoa zela; bertan behera utzi zuen Espainiako Industria Ministerioak azpiegitura hori eraikitzeko emandako baimena.

Sententziak mahai gainean egon arren, ebazpen horiek ez dute ondoriorik izan zentralen egoeran, orain arte. Hau da, urratsik ez da egin Castejon II proiektuaren baimena hutsean uzteko eta, ondorioz, sententzia betetzeko. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak berak, 2013. urtean, erran zuen bere sententziak ez zuela enpresa urratsik egitera behartzen, "adierazpen hutsa" zelako. Kontua da epaileek sententzia betearazi baino lehen Espainiako Energia Ministerioak baliozkotu egin zuela zentralaren baimena, 2012an.

Auzi jakin hori da oraingo sententziaren gako nagusia, hain zuzen ere, Sustrai Erakuntza fundazioak nabarmendu duenez. "Gorenak argi utzi du gobernuak baimena baliozkotzeko egindako urratsak lotura zuzena duela Madrilgo epaileen kontrako sententziarekin. Epaiak berretsi du zentralak jasotako baimena ez dela legezkoa", nabarmendu du talde ekologistak.

Frantziara eramateko

"Herritarrek hamalau urte egin dituzte jada zentralen aurka borrokan; epaileek ontzat eman dituzte haien eskaerak, eta, hala eta guztiz ere, Nafarroako Gobernuak ez du deus egin", gaineratu du Sustrai Erakuntza fundazioak. "Espainiako Auzitegi Gorenak bitan egin du bat Sustrai Erakuntzaren argudioekin, zentralen auzian; zer gehiago behar du gobernuak zentralaren jarduera bertan behera uzteko agindu dezan?", galdetu dute taldeko kideek.

Sustrai Erakuntza fundazioak bertze auzi batekin lotu du Castejongo zentral termikoena: Castejon eta Muru Artederreta arteko linea elektrikoarekin, alegia. "Une honetan, bada proiektu bat linea hori Ezkio-Itsasoraino (Gipuzkoa) eramateko. Linea horren helburua izanen da Castejongo eta bertze hainbat herritako zentraletan sortutako energia Frantziara garraiatzea", salatu dute Sustrai Erakuntzako arduradunek.

Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformak, hain zuzen ere, jendaurrean salatu ditu berriki asmo horiek. Proiektuak 49 herri ukituko lituzke; herri horietako udalek jasoa dute proposamena, aztertzeko. "Ehunka hautetsi lanean ari dira jada proiektuaren aurkako adierazpena onartzeko", azaldu du plataformako bozeramaile Alberto Friasek, Iruñean egindako agerraldian.

Adierazpen hori jendaurrean aurkezteko, hain zuzen ere, batzar batera deitu ditu plataformak hautetsi horiek. Hilaren 27an eginen dute, Nafarroako hiriburuan.

Plataformako kideek berretsi dute ez dagoela beharrik goi tentsioko linea egiteko, eta bat egin dute Sustrai Erakuntza fundazioak errandakoarekin: proiektua argindarra kanpora eramateko asmoekin lotu dute, alegia.

Friasek salatu du goi tentsioko lineak kaltea eraginen lukeela ingurumenean, eta kulturaren, ekonomiaren eta gizartearen arloan ere izanen lituzkeela ondorioak. "Hori guztia ezkutatzen saiatzen dira bultzatzaileak, ordea", erran du.

Plataformak ontzat jo du hasierako proiektuan aldaketak egin izana. Hasierako asmoa zen, hain zuzen, Deikaztelun azpiestazio bat egitea, eta halakorik ez du jasotzen proiektu berriak. Plataformakoen lanak eragin du, neurri batean, erabaki hori, Friasen hitzetan. Halere, argi utzi du proiektuak ez duela "zentzurik". Hau da, azpiestazioa egiten ez badute ere, goi tentsioko linea berririk ez dela behar nabarmendu du plataformako bozeramaileak. "Lanean jarraituko dugu".

Hartzen udaberri berria

Hartzen udaberri berria

Edurne Elizondo

Ezohiko udaberria da oraingoa Pirinioetako mendebaldeko hartzentzat: mendiotako basoetan bi eme daude, lehendabiziko aldiz, 2004. urtetik. Urte hartan, ehiztari batek tiroz hil zuen Cannelle, Pirinioetan jaiotako azken hartz arre emea. Hamar hilabeteko kume bat zuen Cannelle-k, hil zutenean: Cannellito. Bakarrik gelditu zen mendebaldeko gunean, bere aita Nere hartzarekin.

Bi arrak bakarrik izan dira, 2018ko udazkenera arte. Sorita eta Claverina askatu zituen iaz Frantziako Gobernuak, Biarnon (Okzitania). Eslovenian jaiotakoak dira bi hartz emeak. Han harrapatu, eta Pirinioetara eraman zituzten, iazko urriaren hasieran, Frantziako Gobernuak mendebaldeko gunea sendotzea erabaki eta gero. Ingurua ezezaguna da haientzat, eta egokitzeko bidean dira, oraindik ere. Gizakien presioak eragin du Pirinioetako hartzen populazioak behera egitea, eta gizakiak erabaki du, orain, bi banako horiek tokiz aldatzea, espezieari mesede egiteko.

Sorita Goi Pirinioetan da. "Ez da zulotik atera", azaldu du Biarnoko FIEP taldeko kide Gerard Caussimontek. Horrek erran nahi du, segur aski, kume bat edo gehiago dituela. Urtarrilean jaiotzen dira, emeak aterpe hartutako zuloaren barruan. Claverina, berriz, Nafarroan da: Erronkarin. Martxoaren 26an kaleratutako prentsa oharrean ezagutarazi zuen gobernuak hartza herrialdean zela. Eta herrialdean jarraitzen du. "Gainera, litekeena da bakarrik ez egotea. Nere-k badaki emeak hemen direla", erran du Caussimontek. Sorita-k eta Claverina-k markatutako tokietan izan da arra, eta zuhaitz berak markatu ditu. Iaz, Cannellito-rekin batera, Arango ibarrera ailegatu zen Nere, Herrialde Katalanetara, alegia. Baina udazkenean itzuli zen mendebaldera. Cannellito-k, berriz, erdialdeko gunean jarraitzen du.

Claverina ez da zuloan, eta, mugitzen ari dela ikusita, adituek uste dute kumerik ez duela. Udaberrian hasten da hartzen araldia. Nere-k eta Claverina-k bat egiten badute, hurrengo urtarrilean gora egin dezake mendebaldeko populazioak. Nere inguruan dagoen ar bakarra ez dela zehaztu du Caussimontek, gainera. "Bost urteko Rodri dago Goi Pirinioen eta Pirinio Atlantikoen arteko mugan. Arango ibarretik etorri da, segur aski Nere-k eta Cannellito-k harat joateko bidean utzitako arrastoei jarraituz". Nere 1997an jaiotako hartza da, eta horrek eremuko hartz nagusi bilakatzen du.

'Camille', 1997tik

Cannelle hil baino hamar urte lehenago, Claude hartz arre emea akabatu zuten, tiroz, Pirinioetan, 1994. urtean. Nafarroan, aspaldikoak dira plantigradoari buruzko lekukotasunak. XIX. mendearen lehen erdian, Izaban, Erronkarin eta Otsagabian ehizatzen zuten, oraindik ere, Eugeni Casanovak Crónica de un exterminio. El oso en el Pirineo bere liburuan aipatu zuenez. Egile horrek Francisco Purroi biologo nafarraren hitzak jaso zituen, bertzeak bertze, lan horretan. Purroiren arabera, 1974. urtean, hartz bakarra gelditzen zen Nafarroan, eta Erronkariko ibarrean zegoen.

1983. urtera arte, hartzak bere arrastoa utzi zuen Erronkariko mendietan. Urte horretatik aurrera, ordea, arrastoak desagertu egin ziren, eta, hamabost urtez, hartzik gabe gelditu ziren Erronkari eta Nafarroa. 1998. urtean Camille arra Erronkarin agertu zen arte. Bi urte lehenago hasi zen basozain lanetan Iosu Anton. Camille-ren urratsak jarraitu zituen, 2010ean hartza hiltzat eman zuten arte. "1997. urterako jada Erronkarin zen Camille", zehaztu du Antonek.

Camille-ri egindako azken argazkiek agerian utzi zuten gaixo zela. "Atzeko hanketako ilea galdu zuen. Hasieran, hazteriak jota zela aipatu zen, baina teleskopioekin animaliari denbora luzez so egiteko aukera izan genuen, eta azkurarik ez zuen". Camille Erronkarin egon zen denboran, hartzaren inguruko informazioa biltzea izan zen Antonen lan nagusietako bat. Gorotzak, ileak eta bertze jasotzea, adibidez, azterketa genetikoak egin ahal izateko. Orain, Claverina-ri so egitea egokitu zaio Antoni. Bai eta Nere-ri ere, emearen atzetik bada. Claverina askatu zutenean, lurreko hiru igorle eta GPS bat zituen, eta gailu horiei esker, hainbat ordutako atzerapenaz bada ere, basozainek jakin dezakete hartza non dagoen eta nondik mugitzen den.

Etapa berri bat

"Oraingoa abagune garrantzitsua izan daiteke mendebaldeko hartzen populazioarentzat", nabarmendu du Antonek. Claverina-k eta Sorita-k ezar dezakete orain arteko eta hemendik aurrerako egoeraren arteko aldea, hain zuzen ere. Sorita-k kumeak dituela baieztatzen bada, hasteko, udaberri-uda hauetan jada egon daitezke hartz kumeak mendebaldean. Orain hamabost urte dituen Cannellito da eremu horretan jaiotako azkena. Oraingo araldian Nere-k eta Claverina-k bat egiten badute, gainera, hurrengo urtarrilean ere jaio daitezke kume gehiago.

Caussimontek 1997ko Pirinioetako erdialdeko egoerarekin parekatu du orain mendebaldean dutena. Erdialdean hartza desagertu egin zen, eta Eslovenian harrapatu eta han askatutako Melba, Ziva eta Pyros hartzei esker, eremu horretakoa da, orain, Pirinioetako nagusia. Melba eta Ziva 1996an ailegatu ziren Pirinioetara; Pyros, berriz, 1997an. Melba ehiztari batek akabatu zuen. Ziva-k hartu zuen haren kumeen ardura, ama galdu zutenean.

Pyros orain jo dute hiltzat, azken bi urteotan haren arrastorik ez baitute aurkitu. "Hartz zaharra zen; berez hil dela erran daiteke". Pyros da erdialdean sortutako kume gehienen aita, eta 29 urte zituela uste dute adituek. "Hori da aske bizi diren hartzen adin muga", zehaztu du Caussimontek. Papillon 28rekin hil zela gogoratu du. Mendebaldeko guneko hartz arra zen hori, eta 2004. urtean zendu zen. Hil baino pixka bat lehenago igorle bat jartzeko harrapatu zuten, eta haren gorputzean adinaren ondorioak nabarmenak zirela baieztatu ahal izan zuten. Oraingoa ez da jada Papillon-en aroa. baina hartzak jarraitzen du Pirinioetako bere betiko lurraldean. 2018ko erroldaren arabera, berrogei banakok osatzen dute egungo populazioa. Gutxi, gizakiaren presioak eragindako gainbeherari buelta emateko.

Herritarren bozgorailu

Herritarren bozgorailu

Ane Eslava

Argazkien plataforma bat eta ikus-entzunezko edukien atari bat. Garai ezberdinetan eta euskarri ezberdinekin sortutako bi hedabide. Bien helburua, berriz, berbera: herri mugimenduaren bozgorailu izatea. Asmo horri jarraitu diote Ekinklik Argazkiak-ek eta Ahotsa.info-k 2009an eta 2014an sortu zituztenetik, hurrenez hurren; hamar eta bost urteren ostean, horretan dihardute. Bi komunikabideak "aliatu" izan dira hasieratik, eta elkarrekin heldu dira urteurrenera ere: festa batekin ospatu zuten, martxoaren 30ean, Iruñean.

Hutsune bat betetzeko jarri zuten martxan Ekinklik 2009an, Dabid Sanchez kideak gogoratu duenez: "Zenbait kolektibotan elkarlanean aritu ginen lagun batzuek ikusi genuen gizarte mugimenduak egiten zituen gauza asko ez zirela hedabideetan islatzen, eta argazkilari aktibisten kolektibo bat sortzea erabaki genuen". Hala, "hedapenik gabeko borroka txikiei" zabalkundea emateari ekin zioten.

Ahotsa.info-ren sorrera ulertzeko, berriz, 2007ra jauzi egin beharra dago. Urte hartan, Nafarroako hainbat kazetarik Apurtu.org hedabide digitala sortu zuten, "eskubide zibil eta politikoen urraketak salatzeko", baina 2011n, Espainiako Auzitegi Nazionalak webgunea itxi egin zuen. Ondoren, Ateak ireki sortu zuten, aurrekoak utzitako tokia betetzeko, eta hori ere itxi egin zuten. Horren ondotik sortu zen Ahotsa.info.

Ahotsa.info-ko kide izan da hasieratik Miguel Angel Lamas Pitu, eta argi ikusten du beste webguneen itxierek sortutako haserreak ekarri zuela komunikabide berriarentzako "babes olatu bat". Hain zuzen, herritarren laguntzarekin lortu zuten finantzaketaren arazoari aurre egitea: "Finantzaketa kolektibo bidez bildu genuen dirua". Kontatu duenez, hasieratik argi ikusten zuten multimedia formatuko edukien aldeko apustua egin behar zutela. "Hori izan da gure ikurra".

Ahotsa.info-ren orduko lantaldea ez da gaur egungo bera. Garai hartan zeuden kideetako lauk jarraitzen dute orain, eta bi baino ez dira langileak; gainontzekoak boluntarioak dira. "Eta halako baldintzekin normala denez, gorabeherak izan ditugu taldean", onartu du Pituk. Gaur egun, hamar lagunek osatzen dute Ahotsa.info. Antzeko kasua da Ekinklik-ena ere, Sanchezek kontatu duen moduan: "Lau kidek eutsi diogu hasieratik, baina laguntzaile eta kolaboratzaile asko izan ditugu". Eta zehaztu du: haiek ez dira profesionalak, "argazkigintzaren aktibistak" dira.

Urte hauetan, eskura izan dituzten teknologiak baliatuz eta ilusioz, "gauza handiak" egitea lortu dutela adierazi dute Pituk eta Sanchezek. Haien ustez, bi webguneak dira erreferentziazkoak; batik bat Nafarroan, eta Ahotsa.info baita Euskal Herrian zein atzerrian ere. Pituren ustez, haien arrakastaren gakoa da erraz kontsumitzen diren edukiak ekoiztea, eta kalean zerbait gertatzen den aldiro han izatea. Sanchezen irudiko, haiek asmatu dute herri mugimenduarekiko gertutasuna izaten, eta ekintzarik txikienetako irudiak ere jasotzen.

Ekinklik eta Ahotsa.info herri mugimenduen komunikabideak dira. Baina hura aldatu egin da azken urteetan, eta kazetariek aldaketetara moldatu behar izan dute. Gizartearen eta instituzioen arteko "konfrontazio handiko" garaietan sortu zituzten biak, Sanchezek azaldu duen moduan: "Gu hasi ginenean, adibidez, greba orokor asko zeuden, eta borrokak toki handia zuen kalean".

Baina Nafarroako instituzioetara aldaketaren gobernua iritsi zenetik, gizartearen eta instituzioen arteko harremana aldatu egin dela ikusten dute: "Ukapen orokor batetik elkarlanera pasatu gara; pankartek tokia galdu eta proiektu eraldatzaileek bereganatu dute", adierazi du Pituk. Proiektuak, baina, ez dira horren deigarriak ikus-entzunezkoetan, haren ustez. Halere, "kostata" bada ere, uste du lortu dutela garai berrietara egokitzea. Adibide bat jarri du: lehen, kaleko istilu bat grabatuko lukete, eta, orain, berriz, Skolaeren inguruko erreportaje bat egin dute. "Eta onartzen dugu lehenak gehiago saltzen duela, bigarrenak lan handiago eskatu arren". Gainera, Pituk eta haren kideek beste oztopo bati ere egin behar izan diote aurre: zentsuraren mamuari. Mozal legea aplikatzeko mehatxuak egin izan dizkiete. "Halere, oraingoz mehatxu guztiak saihestu ditugu", zehaztu du.

Lagunarekin bat dator Sanchez ere. Haien kasuan, beste zailtasun bat ikusten dute: gaur egun, edonork du argazki kamera bat, eta jende guztia da gai argazki txukunak egiteko. Haiek, baina, badute balio handiko "altxor" bat: azken hamar urteetako artxiboa. "Milaka argazki ditugu, askotarikoak".

Zalantza garaia

Oztopoak oztopo, aurrera jarraitu dute. Horregatik, "poztasunez" ospatu dute bi hedabideen urtemuga; elkarrekin, eta haien komunitatearekin. "Jendea pozik zegoen, bost eta hamar urte ez direlako gutxi, jakinda gaur egun dauden oztopoak", kontatu du Ahotsa.info-ko kideak. "Eta beste hainbeste izan daitezela".

Aurrera begira haien helburuak zeintzuk diren galdetuta, zalantza da nagusi bi lagunen artean. Hauteskundeei so daude biak, bozen emaitzen arabera Nafarroan gauzak asko alda daitezkeela uste baitute. "Aldaketaren gobernuak jarraitzen badu, eraldaketarako proposamenak zabaltzen jarraituko dugu", adierazi dute. Eskuina nagusituz gero, ordea, "konfrontazio" garai berri bat hasiko dela pentsatzen dute. Eta, hala izanez gero, argi dute zein izango den haien lana: "Kaleko borrokei lehen lerrotik jarraitzea". Herri mugimenduen bozgorailu izateko aurrerantzean ere.

Bide luze baten lehen urratsa

Bide luze baten lehen urratsa

Ane Eslava

Borroka luze baten ostean lortu dute. Amiantoaren biktimek urteak daramatzate eskatzen kendu ditzatela mineral horrekin egindako eraikin, teilatu eta material guztiak, eta, azkenean, Nafarroako Gobernuak pausoa eman du: amiantoa ezabatzeko plan zuzentzailea onartu du. Biktimak pozik daude, halako egitasmo bat onartzen den lehen aldia delako, baina ohartarazi dute hura aurrera ateratzea "zaila" izango dela, eta arazoa "presazkoa" dela.

Amiantoa mineral oso toxikoa da, eta, bere arroka naturaletatik erauziz gero, zuntz mikroskopikoetan desegiteko joera du. Zuntz horietako bakar bat irentsiz gero, birika albeoloetan iltzatuta gera daiteke, eta hasieran ez du sintomarik sortzen, baina, 30 bat urteren ostean, hainbat eritasun eragiten ditu. Pleurako mesotelioma da ohikoena, baina beste batzuk ere badira: minbizia, asbestosia, perikardioa… Gaitz horiek ez dute sendabiderik; gaixoek kimioterapia jasotzen dute, gaixotasunaren kalteak moteltzeko; baina ez dira sendatzen.

AEBetatik ekarri zen amiantoa, XX. mendean, eta erruz erabili zen industrian, inolako babesik gabe. Lantegietara eramaten zituzten kutxek arriskuaz ohartarazteko zigiluak zituzten; baina, kutxak sartzean, zigilu horiek kentzen zituzten. Europako Batasuna 1983an hasi zen amiantoaren erabilera erregulatzen, baina 2005era arte ez zuen guztiz debekatu. Ordurako toki askotan zegoen: eskoletan, lantegietan, etxeetan… Gaur egun, hor jarraitzen du, eta, deskonposatuz gero, edonork arnas dezake.

"Ezkutuko gaitz bat da", laburbildu du Maria Asun Fernandezek. Amiantoak kalte egindakoen artean dago Fernandez, eta Ananar Nafarroako Amiantoaren Biktimen Elkarteko presidentea da. "Oso positibotzat" jo du Nafarroako Gobernuaren egitasmoa, baina arazoak erantzun azkarrak eskatzen dituela adierazi du. "Izan ere, inork ezin du jakin gaur egun jendea kutsatzen ari den edo ez; kaletik paseatzen ari zarela kutsatu zaitezke, eta hemendik 35 urtera minbizia izan".

Nafarroako Gobernuaren dokumentuak aditzera eman du, lehen aldiz, herrialdean dagoen amianto kopurua. Datua kezkatzeko modukoa da: uralita edo zuntz zementuzko 6,37 milioi metro koadro daude, eta kanalizazioetako 566 kilometro. Gainera, oraindik zenbatu ezin den ezkutuko fibrozementua ere badela esan du gobernuak.

Lanean kutsatutako gaixoei dagokienez, 2018an 3.192 pertsona zeuden Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko erregistroan. Horiek Nafarroako Ospitale Guneko Pneumologia zerbitzuko jarraipena dute. Bestalde, kalkulatu dutenez, pleurako mesotelioma kasuen %20 ez dira lanean kutsatutakoak, ingurugiro esposizio bidez kutsatutakoak baizik.

"Oso kopuru larriak dira, eta, orain arte, gainera, ez zieten inolako garrantzirik ematen", nabarmendu du Ananarko presidenteak. Halere, "kontent" dago azkenean datuak eskura izateagatik, asko kostatu zaielako lortzea gobernuak zenbaketa egitea.

Fibrozementuak 30 eta 50 urte arteko bizitza erabilgarria dauka. Horren ostean, zuntzetan desegiteko aukera areagotu egiten da. Beraz, kalkulatu dute instalatuta dauden materialen %65ek izango dutela agortua bizitza erabilgarria 2020rako, eta guztiek, berriz, 2040rako. Hain zuzen ere, Europako Batasuneko irizpen batek agintzen duenez, 2032. urterako EB osoko amianto guztiak kenduta egon beharko luke. Hori dela eta, esku hartzea "urgentziazkoa" dela azpimarratu du Fernandezek: "Egin beharrekoa orain egin dezatela. Ezin dugu 2040ra arte itxaron. Jende gehiegi hil da dagoeneko". Gobernuaren urratsa hauteskundeei begirako estrategia bat ez izatea espero duela esan du Ananarko presidenteak.

Nafarroako Gobenuraren aurreikuspenen arabera, amiantoa kentzeko planak 245 milioi euroren kostua izango du, eta hamabi urte iraungo du. Administrazioko teknikari talde batek diseinatu du plana, eta fibrozementuzko estalkien teledetekzioa eta geolokalizazioa, berriz, Tracasa enpresa publikoaren eta NUPeko Ingeniaritza Departamentuaren ardura izan da. Hornikuntza eta saneamendu mankomunitateei fibrozementuzko kanalizazioen inguruko informazioa eskatu diete, eta, azkenik, Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoari eskatu diote txosten bat egin dezala, amiantoa kendu ondoren zabortegian biltzeko aukerak aztertzeko.

Plan zuzentzailean garrantzi handia eman diete amiantoa segurtasunez kentzeko hartu beharreko neurriei, langileen osasuna bermatzeko. Bestalde, herritarrei zuzendutako informazio kanpainak eta talde zein profesionalentzako formakuntza egitea ere proposatu dute.

Ikerketa eta konpentsazioa

Amiantoa kentzea egin beharreko urrats nagusietako bat da, baina ez bakarra; hori uste du Ananarko presidenteak. Horrekin batera, amiantoarekin lotutako gaixotasunen inguruko ikerketa bultzatzea ere ezinbestekoa dela uste du. "Elkartean, baina, ez dugu diru laguntzarik jasotzen ikerketarako, eta Gizarte Segurantzak ez du ezer egin ikerketaren arloan", salatu du. Ananar elkarteko kideak Nafarroako Unibertsitate klinikarekin lanean ari dira, ikerketa batean, baina Fernandezek azpimarratu du "prest dagoen edozeinekin" lan egingo dutela.

Bestalde, kaltetuentzako konpentsazio funts bat sortzea ere eskatzen dute. Dagoeneko lortu dute Espainiako Kongresuak funts baten sorrera onartzea. "Hiru zutabe horiek eskutik helduta egon beharko lukete: amiantoa ezabatzea, ikerketa eta kopentsazioa", azaldu du Ananar elkarteko presidenteak. Eta neurriak hartzen hasteko garaia badela gaineratu du, "berandu baino lehen".

Komunitate bat eraikitzeko bidea

Komunitate bat eraikitzeko bidea

Edurne Elizondo

Azken txanpako "urduritasuna"; baina, batez ere, "ilusioa eta emozioa". Sentsazio horiek nabarmendu dituzte Garesen egoitza duen Izarbeibarko euskaltegiko arduradun Ane Azkonak eta Korrikaren hasiera ekitaldiko koordinatzaile Ion Zirizak. Apirilaren 4an, 17:00etan, herri horretatik abiatuko da 21. Korrika; apirilaren 14ra bitarte, 2.000 kilometro baino gehiagoko bidea eginen du lasterketak, Gasteizera ailegatu arte. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu Korrikak helburu. Garesen, euskararen aldeko sarea osatzeko baliatu nahi dute aukera, gainera. Komunitatea eraiki nahi dute, hizkuntza ardatz hartuta.

Egun bateko besta baino anitzez ere gehiago izanen delako Korrikari hasiera ematea, Garesko euskaltzaleentzat. Hori argi du Azkonak. Herrikoa da, herriko D ereduko ikastetxe publikoan ikasitakoa. Onartu du, halere, unibertsitateko ikasketak egitera Logroñora joan zenean bilakatu zela militante. "Euskaraz zekiten kideekin euskaraz hitz egiten hasi nintzen han; herrian, eskolako hizkuntza zen euskara niretzat, eta handik kanpo ez nuen erabiltzen. Logroñon, hangoek ez zuten ulertzen gure artean gure hizkuntzan hitz egin nahi izatea. Ontzat jotzen zuten ama hizkuntza ingelesa zuten bi pertsona hizkuntza horretan aritzea, baina ez guk euskaraz hitz egitea".

Kontrako jarrera horrek eragin zion Azkonari AEKra hurbildu zuen klika, hain zuzen ere. Ikasketak amaituta, Mintzakiden lana eskaini zioten, eta AEKn irakasle izateko prestatu eta gero, euskaltegian eskolak ematen hasi zen. Orain, euskaltegiko arduraduna da. Garesen du egoitza, baina eskualdeko eta inguruko bertze hamaika herritako jendea ari da zentro horretan euskara ikasten. 50 ikasle inguru ditu egun, eta sei langile.

Euskaltegiko kideek duela bi urte jakin zuten aurtengo Korrika herritik abiatuko zela. "Poza hartu genuen berria jakin genuenean; aldi berean, argi genuen ardura handia izanen zela", gogoratu du Azkonak. Herritarren artean zurrumurrua zabaltzen hasi zen, eta iazko ekainean baieztatu ahal izan zuten Gares izanen dela Korrika abiatzeko herria.

Aurreko hogei aldietan hamabost herrik hartu dute Korrikaren hasiera. "Ohore hori izanen du gure herriak ere", erantsi du Ion Zirizak. Barañaingoa da, baina Garesen bizi da egun. Duela zortzi hilabete ailegatu zen herrira, baina herriko parte sentitzen da jada. Korrika hasteko besta antolatzeko lanetan murgildu da buru-belarri, eta herrikoa balitz bezala ari da Korrikaren ingurukoez gozatzen. Lan handia du esku artean, eta onartu du "kezka eta bertigoa" sentitu dituela. Baina euskararen aldeko grinak eragindako ilusioa nagusitu da. Kontent da herritarrek parte hartzeko erakutsi duten borondatearekin, eta zalantzarik ez du Korrika Garestik abiatzeak "epe luzerako arrastoa" utziko duela.

Eremu mistoan

Euskaldun berria da Ziriza. 18 urte zituenean hasi zen ikasten, eta lotsarik gabe erabiltzen zuela gogoratu du, gramatika menderatzen ez zuenean ere. "Militantziagatik erabaki nuen ikastea", nabarmendu du. "Euskaraz bizi nahi dut, eskubide hori dudalako". Garesen hori lortu duela erran du. "Badakit nora jo euskaraz bizitzeko. Eta euskaraz ez dakienak ere ahalegina egiten du; belarria prest dute".

Azkonak nabarmendu du azken urteotan hobera egin duela euskararen egoerak herrian. Argi du, halere, urrats anitz badela, oraindik ere, egiteko. Gares eremu mistoan dago, 1986. urteko euskararen legeak ezarritako zonifikazioaren arabera. 1980ko hamarkadaren hasieratik bada D ereduko ikastetxea, eta horrek herriko giroa euskalduntzeko prozesua anitz lagundu duela azaldu du euskaltegiko arduradunak.

"Haurrak D eredura joaten hasi zirenean, gurasoek ez zekiten euskaraz, baina seme-alabak laguntzeko asmoz, ikasten hasi ziren", kontatu du Azkonak. Orain, D ereduan ikasitako haur horiek bilakatu dira guraso, eta seme-alabekin euskaraz egiteko gai dira.

3.000 biztanle inguruko herria da Gares. Herritarrek elkar ezagutzen dute. Euskaldunen eta euskaltzaleen arteko sarea sendotzeko beharra badela uste du Azkonak, halere. "Duela bost urte hasi nintzen euskaltegian lanean, eta han konturatu naiz ez dakigula benetan Garesen zenbatek hitz egiten duten euskaraz, edo zenbat diren ulertzeko gai", nabarmendu du.

Horregatik jarri du mahai gainean saretzeko eta komunitatea eraikitzeko beharra. "Hizkuntzaren auzia lantzeko talde bat behar dugu, euskararen alde lan egiteko; Euskararen Eguna antolatzeaz gain, harago joko duen sarea behar dugu, gogoeta bultzatzeko, euskara lantzeko".

Euskaraldiarekin sare hori ehuntzeko urratsak egin zituztela uste du Azkonak, egitasmo horrek balio izan zuela euskaldunek elkarren berri zehatzagoa izateko. Eta bultzada horri segida eman nahi diote Korrikaren bidez.

Lege berri bat eskatzeko

Apirilaren 4an, berrehun boluntario inguruk eginen dute lan Garesen, Korrikari behar den bezalako hasiera emateko. "Jende anitz etorri da guregana laguntzeko prest", azaldu du Zirizak. Azken txanpako kontuak lotzen aritzea egokituko zaio egunotan. Ostegunean bestaz gozatzeko "aukera gutxi" izanen duela argi du, baina herritarrentzat ari dela badaki, eta horrek betetzen du. Euskararen alde ari delako.

Euskararen alde egin nahi duelako, hain zuzen, etsita agertu da azken lau urteotan Nafarroako Gobernua urrats gehiago egiteko gai izan ez delako. "Pausoak eman dira, baina ez da nahikoa". Bat egin du Azkonak. "Behar duguna da zonifikazioa bertan behera uztea", erantsi du, irmo.

Korrikaren hasierak ederki islatuko ditu zonifikazio horren ondorioak. "Garestik atera, eta hurrengo herria Mañeru izanen da Korrikaren bidean. Herri hori eremu ez-euskaldunean dago. Han bizi den nire lehengusuak eta nik ez ditugu hizkuntza eskubide berak", salatu du Azkonak.

Egoera mingarria zaie Azkonari eta Zirizari. Mañeruko herritarrentzat Korrika "esperientzia polita" izanen dela nabarmendu dute, herritarrak ahalegindu baitira eremu mistoan sartzen, baina ez dute lortu. "Euskaraz ikasteko Garesera etorri behar dute hango haurrek; bidaia egiteko laguntzarik ez dute, ordea", azaldu du Zirizak. Euskaldun guztien hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatuko dituen legea eskatu dute antolatzaileek. Hori lortzeko bidea hasiko dute apirilaren 4an. Azkonak argi du: "Kolosala izanen da".

“Ematen du erakundeak konplexuek jota ari direla euskararen gaian”

“Ematen du erakundeak konplexuek jota ari direla euskararen gaian”

E. Elizondo

Beteta da Asier Biurrunen agenda egunotan. Azken txanpan sartu dira 21. Korrika prestatzeko lanak, eta lanez gainezka da ekinaldiko Nafarroako koordinatzailea. Erakundeei eskatu die klik egiteko, eta urratsak egiteko beldurrik ez izateko.

Nafarroan hasiko da Korrika. Berezia izanen da zuentzat?

Bai. Hemen hasteak ematen digu halako poz berezia. Korrika iristea beti da pozgarria, baina hemendik hastea ohore bat da. Orain arte bakarrik beste hamabost herrik izan duten ohorea da, gainera. Hori gauza handia da.

Lan gehiago ere bada, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Garesen jende asko ari da lanean. Herrialde osoan ari gara. Baina oso gustura egiten den lana da. Ez dakigu eguraldia lagun izanen dugun edo ez, baina ziur naiz apirilaren 4an, 17:00etan, emozio handia izanen dela Garesen, eta ikusiko ditugula malkoak, halako ekitaldi bat oso polita delako.

Nafarroan hasteak ematen dio indar berezia ofizialtasunaren aldeko aldarriari?

Esanahi berezia du Nafarroan hasteak, bai. Ezin dugu ahaztu hemen zonifikazioak indarrean jarraitzen duela. Garesen abiatuko da Korrika, eta horko herritarrek ez dituzte eremu euskaldunekoek dituzten hizkuntza eskubideak. Korrika da zonifikazioa bertan behera uzten duen ekinaldi bat. Garesen hasiko dugu bidea, eta euskaraz eginen dugu, herrialde osoan. Zonifikazioak ezarritako mugen gainetik.

Gobernua, azken lau urteotan, ez da gai izan muga horiek bertan behera uzteko. Zer deritzozu?

Hankamotz gelditu dela egindako lana. Legegintzaldia amaituko da laster, eta, Korrikaren bidez, hain zuzen, kolpe bat eman nahi dugu mahai gainean lekukoarekin, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko. Gares eremu mistoan dago, baina horrek ez ditu hangoen eskubide guztiak bermatzen. Urratsak egiten jarraitu behar dugu, euskara ofiziala izan dadin Nafarroa osoan. Horretarako, erakundeek eta horietan diren alderdiek klik egin behar dute. Benetako urratsak egin behar dituzte, hizkuntza eskubideak inori ez ukatzeko. Nafarroan, egun, legeak euskara erabiltzea ukatzen die herritar askori.

Herritarrek erakundeek baino errazago egiten dute euskararen aldeko klika?

Ematen du erakundeek halako beldurra badutela. Herritarrek errazago egiten dute klik. Alderdiek beste toki batera begiratzen dute. Ematen du mundu guztia utzi nahi dutela kontent, baina argi dago euskaldunak ez daudela pozik. Konplexuek jota jokatzen dutela ematen du. Beste gai batzuekin ez daude euskararekin dauden arazoak, gainera. Euskaldunok hizkuntza eskubideak baditugu, lege batek arautu behar ditu, denak berdintasunean artatzeko. Baina ez dute horrelakorik egiten, euskararen arloan. Alderdiek azaldu beharko lukete zergatik ez duten egiten.

Zonifikazioa bertan behera uzteko aukera argi bat galdu dela uste duzu?

Ez dut gustuko esatea aukera bat galdu dugula, baina egia da ez dugula egoera aprobetxatu aurrera egiteko. Aldaketaren gobernuak agintea hartu zuenean, itxaropeba bagenuen; haize berria sumatuko genuela uste genuen. Egin dira urratsak, baina ez dira nahikoak. Egia da hainbat herrik lortu dutela eremu mistora sartzea, baina zergatik ez dugu jauzia egin denak eremu euskaldunean sartzeko? Edo zonifikazioa bertan behera uzteko, behingoz? Legegintzaldia joan da, eta ez dakigu hemendik aurrera zer gertatuko den.

Korrikaren hasierak ederki islatuko du zonifkazioaren eragina, eremu mistotik ez-euskaldunera pasatuko baitira korrikalariak, kilometro gutxi eginda.

Bai. Garesen hasteak ere emanen digu aukera errealitatea ezagutzeko. Hori da gure egunerokoa. Hori da alderdiek ikusten ez dutena, eta legeak errespetatzen ez duena.

Garesen hasi, baina Nafarroa osoan eginen du bidea Korrikak. Dena prest?

Azken txanpan gara, azken ordukoak lotzen, dena prest izateko. Korrikak aspaldi zapaldu ez dituen euskualdeak bisitatuko ditu aurten; asteburuan jende asko izanen dela ziur gara, apirilaren 6an pasatuko baita Korrika Iruñetik. Jendea gogoz dela uste dut. Nik hori nabarmendu nahi dut, jendeak baduela gogo handia parte hartzeko, lekukoa hartzeko. Eskualde askotatik ari gara deiak jasotzen, eta harrituta gara toki askotan jaso dugun erantzun onarekin. Polita dator Korrika, eta uste dugu aukera emanen duela presio pixka bat egiteko, hurrengo legegintzaldian gerta ez dadin oraingoan gertatu dena.