Nafarroa

Hego haizea, plazerari ateak zabaltzeko

Hego haizea, plazerari ateak zabaltzeko

Uxue Rey Gorraiz

Lagun batekin Bartzelonara egindako bidaia batean hartu zuen erabakia. Artikulu erotikoak saltzen zituen denda batean sartu zen Fernando Alonso, eta txundituta utzi zuen han ikusitakoak. "Horrelakorik Iruñean ez genuela pentsatu nuen segituan", ekarri du gogora. 1992ko udan izan zen hura, eta, bi urteren buruan, 1994ko abuztuan, Sex Haizegoa ireki zuen beste bazkide batzuekin batera.

Hain zuzen ere, Iruñeko lehenbiziko sexu denda da, eta ateak zabalik ditu oraindik, dagoeneko mende laurdena beteta. Gauzak asko aldatu dira 25 urtean, baina asmo berarekin eta betiko grinaz jarraitzen du lanean Alonsok: sexualitatearen normalizazioa xede, sexu osasuna sustatzeko lanean dihardu.

"Denda irekitzea erabateko iraultza izan zen. Ohartzerako, komunikabide guztietan ginen". Lehen egunak, ordea, aldrebestuak izan ziren dendaren bultzatzaileentzat, ika-mikak izan baitzituzten udalarekin. Udaltzainak agertu ziren denda ireki eta berehala, itxi zezatela eskatzeko, ia azalpenik eman gabe. Udalak emandako agindua zen, negozioa irekitzeko behin betiko lizentziarik gabe ezin zirela aritu argudiatuta. Alonso sinetsita dago horren atzean asmo argi bat egon zela: "Politikak ez zuen nahi gu hemen egoterik. UPNk gaizki hartu zuen denda ireki izana, eta maniobra egiten saiatu ziren". Lehenbiziko oztopo hura gaindituta, baina, dendak ateak ireki ahal izan zituen handik egun gutxira. "Sexuaz ari ginelako itxi ziguten: beste edozein negoziori ez zitzaion hori gertatuko", azaldu du. Jendearen erantzuna, ordea, askotarikoa izan zen. Gogoan du hainbat auzokidek babesa eman zietela, nahiz eta izan zen kexuka aritu zenik ere. "Sexua ez da gai erosoa. Jendearen %99,9rentzat gaia tabu bat da, oraindik ere".

Bi ate daude, aukeran, dendan sartzeko. Bata, ate nagusia dei dakiokeena, kolore biziz apaindutako pareta batean dago. Bigarrena atzeko aldean dago, eta etxe batera emanen lukeen atari arrunt baten itxurakoa da. Ez da kasualitatea. Askok hautatzen dute bigarren hori, diskretuago jokatzearren, "lotsaren lotsaz", Alonsoren hitzetan. Irmoki defendatzen du aurreiritzi horiek atzean utzi beharko liratekeela. Haren ustez, ordea, ez da harritzekoa, hori "irakatsi" baitzaio jendeari: "Sexualitatea modu negatiboan hartu da beti. Nola ez dute lotsarik sentituko?"

Sexu osasuna sustatzea du helburu Sex Haizegoak sortu zenez geroztik; Alonsok berak ere sexologia ikasketak egin zituen behin denda irekita. "Bizitza erotikoan osasuna dago, eta guk ahal adina baliabide eskaini nahi ditugu hura lantzeko". Jostailu sexualak baliatzen dituzte, gehienbat, horretarako. Iraultza "ikaragarria" izan dela azaldu du Alonsok, bai produktuen aniztasunean, baita hornitzaileek horietarako erabiltzen dituzten materialei dagokienez ere. "Gaur egun erabiltzen diren materialak oso bestelakoak dira orain duela mende laurdena erabiltzen zirenen aldean". Ziber-azala deiturikoak, adibidez, sekulako arrakasta erdietsi du merkatuan, latexa baino askoz "atseginagoa" baita, oro har.

Klitoria, ahoz aho

Jostailu erotikoen itxuretan eta eraginkortasunean ere aldaketa nabarmena izan da oso. Alonsok gogora ekarri du dendan lanean hasi zenean itxura falikokoak zirela gehienak, edota aluak imitatzen dituzten zulo itxurakoak. Egun, aukerak anitz dira: arrautza sintetikoak, eraztun estimulatzaileak, bola txinatarrak, eta urrutiko agintearekin funtzionatzen duten jostailuak ere eskura daude batik bat. "Sexua sarketara mugatzen zela uste zen, orientazio heterosexualari erreparatzen zitzaion soilik, eta jostailu erotikoek gizonen plazera lortzea beste helbururik ez zuten". Gutxika egin da aldaketa, baina, perspektibarekin begiratuz gero, "ukaezina" da aurrerapausoa.

"Denda ireki nuenean, 1994. urtean, klitoria ez zen aipatu ere egiten. Orain, gero eta gehiago. Bistan da." Alboan dituen jostailu batzuetara zuzendu du eskua Alonsok. Erakusmahaian bertan hainbat markatako klitori xurgagailuak ditu, kaxetatik kanpo, oso eskura. Jendeak satisfyer gisa ezagutzen ditu, hura marka bat bakarrik izan arren, hori baita ospea eman diona. Jostailu sexualen bilakaeraren adibide argia da klitori xurgagailua. Arrakasta "itzela" duela dio Alonsok, irakurri eta entzun duenaz gain bere dendako salmentetan antzeman du-eta bezeroek egindako harrera beroa. Horrelakorik ikusten duen lehen aldia da, eta, gailua erabili dutenen ahotik entzun dituen laudorioez gainera, testuinguru publikoetan, komunikabideetan eta sare sozialetan esaten denak harritzen du gehien; orain urte batzuk "pentsaezina" litzateke-eta halakorik.

Klitori xurgagailuaren teknika berritzailea da gailuaren arrakastaren eragilea, Alonsoren aburuz. Izan ere, bibrazioa klitoria estimulatzeko eraginkorra dela ikusi da, azalarekin kontaktu zuzenik izan gabe, haizea hurrupatuz. "Bakoitzak nahiago duen distantzian eta intentsitatearekin erabili beharko du, baina argi dago bete-betean asmatu dutela". Horrela, lehen aldiz, klitoria kokatu dute askok plazeraren erdigunean, eta emakumezkoen sexualitatea ere mintzagai bihurtu du "behingoz", haren esanetan. Gaiaz hitz egiteak emakume asko animatu ditu jostailuok erabiltzera, eta bezeroen profila ere aldatu du, nolabait. "Orain askoz emakume gehiago etortzen dira dendara, gazteak zein helduak". 80 urte inguruko emakumeak ere joan dira satisfyer bila. Adina ez da muga.

Aurrerapausoak aurrerapauso, sexualitatearen normalizazioa erdiesteko egin beharreko bidea luzea eta malkartsua da oraindik. Autoerotismoa kontu bereziki konplikatua dela deritzo Alonsok, batez ere gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aldeari erreparatuta. "Gizonak harrotu ere egin gaitezke masturbazioaz ari garenean". Ez da halakorik gertatzen emakumeen kasuan, eta, hein batean, erlijio katolikoak gizartean utzi dituen arrastoei leporatzen die hori Alonsok. "Iruditzen zait Ama Birjina dela oraindik ere emakumeei jartzen zaien eredua".

Erlijioaren eragina

Ez du uste Iruñea sexu kontuetan bereziki atzerakoia denik, baina irmoki dio erlijioak erabat baldintzatu duela askoren bizitza sexuala. Ez, beharbada, gazteenen artean, baina, helduen kasuan, zalantza izpirik ez du. Haur eta nerabe zirela ikasketak eskola erlijiosoetan eta, are gehiago, Opus Deiren gidaritzapekoetan egin zituztenek "urte ilunak" bizi izan zituzten, haren ustez, sexuari dagokionez behintzat. "Ezkonduen artean ez bazen, sexuaren inguruko mezu guztiak negatiboak ziren, eta horrek gizartea markatzen du". Haren iritziz, ideia horiek ezinbestean zailtzen dute normalizazioa. "Batzuk gai izan dira ideia horiek burutik ateratzeko, baina beste askok barren-barrenean dituzte mezuok, eta gaizki sentitzen dira masturbatzean, bai eta desiratze hutsarekin ere", azaldu du.

Argi izpien beharra

Egun eskaintzen den sexu heziketa "berantiarra, urria eta eskasa" da, Alonsoren ustean. "Sexua osasuna da, eta txiki-txikitatik jaso behar lukete haurrek horren inguruko informazioa". Skolae programa ekarri du gogora, bai eta haren kontrako jarrerak gaitzetsi eta haren beharra azpimarratu ere. Izan ere, iruditzen zaio gaur egun egiten dena ez dela nahikoa inola ere: "Ematen den sexu heziketa urri hori prebentziora bideratua egoten da ia erabat: ez zaio plazerari erreparatzen". Heziketa lan hori adituei dagokiela defendatu du, sexologoei alegia, eta ez soilik Osasun Departamentuari, ikastetxe askotan gertatzen den moduan.

Heziketa sexual on baten faltak maiz eragin du gaiaren inguruko informazioa iturri desegokietan bilatzea. Askotan, pornografia hartzen da eredu, eta hori bera Sex Haizegoan ere antzeman du haren jabeak. Bezeroen eskakizunetan nabaritzen du, film horietan ikusitakoa imitatzeko joera baitago. "Hori heziketa on batek konpon lezake. Plazeraren kontzeptua zabaltzea da giltza".

Hain zuzen ere, plazera bere zabaltasunean lantzeko hainbat proiektu abiarazi ditu Sex Haizegoak urteetan. Jostailu sexualak ez ezik, margolan eta narrazio erotikoen lehiaketak antolatu izan dituzte, eta eurek sortutako mahai joko erotikoa ere eskuratu daiteke dendan: Sexoguay du izena, eta 2.400 galdera sortu zituzten horretarako. Gainera, sormen prozesuan erabilitako kontzeptu horiek denak biltzeko plataforma bat mesedegarria izan zitekeela ondorioztatu zuten. Halaxe jaio zen izen bera duen hiztegia. Sarean kontsulta daiteke; etengabe ari da hazten, eta milioi bat bisita baino gehiago ditu dagoeneko.

Sex Haizegoak duela 25 urte abiatu zuen bideak beste hainbeste urte ditu aurrean. Iruñean sexualitateaz natural hitz egiteko espazioa izaten jarraitu nahi du, eta bizitzak ahal bestean "alaitzen" segitzeko gogorik ez du faltako. Sexua "plazera, komunikazioa eta dibertsioa" ere badela gogoan izatea nahi du Alonsok. Nork bere erara, baina juizioak atzean utzirik, eta gozamenari aukerak eta ateak zabalduz.

Zer gogoratu, eta zer ahaztu

Zer gogoratu, eta zer ahaztu

Edurne Elizondo

Eraitsi beharko lukete; ez dut ulertzen zergatik ez duten oraindik egin". Fernando Mikelarena historialariak (Bera, 1962) ez du inolako zalantzarik; argi du administrazioak Iruñeko Erorien monumentu frankista behera bota beharko lukeela. Eraikina bere azken liburuko gai nagusiarekin lotu du: "Irabazleen kontakizunarekin", alegia. "Eskuinaren indarkeria sinbolikoaren eta hegemonia kulturalaren menpe gaude, oraindik ere", nabarmendu du. Irabazleek erabaki dutelako, beti, zer gogoratu eta zer ahaztu.

2015. urtean Sin piedad izenburuko liburuarekin hasitako trilogia itxi du Mikelarenak, orain, La (des)memoria de los vencedores. Jaime del Burgo, Rafael García Serrano y la Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz (Pamiela, 2019) lanarekin. 2017an, Muertes oscuras argitaratu zuen historialariak. Hiru lanotan, 1936ko eta 1937ko garbiketa politikoa jorratu du idazleak.

Lehendabiziko liburuan garbiketa politiko horren biktimei egin zien so Mikelarenak, batez ere, eta izen-abizenez aipatu zituen, gainera, errepresioaren erantzule, kolaboratzaile eta exekutatzaile izandakoak. Auzi horri eutsi zion Mikelarenak bigarrenean ere, baina Bidasoaren lurraldean kokatuta. "Kontrabandisten lurraldea da Bidasoarena, eta horrek bitxi bilakatzen du hango ekosistema", azaldu zuen egileak, lan hori aurkeztu zuenean. Mikelarenak ikertutako heriotza ilunen artean zen Gazteluko Sagardia Goñi familiako kideena. Berriki argitaratutako hirugarren lanarekin, azkenik, 1936ko altxamendu militarra bultzatu eta gerra irabazi zutenei egin die so historialariak, memoria eta ahanztura nola kudeatu zituzten aztertzeko.

Egileak nabarmendu nahi izan du, batetik, nahita eta asmo garbi batekin erabaki zutela zer gogoratu eta zer ahaztu 1936ko eta 1937ko garbiketa politikoa egin zutenek; eta, bertzetik, argi utzi du garaileena dela "oroimen hegemonikoa" oraindik ere. "Hori penagarria da".

Hegemonia horren adibidetzat jo du Iruñeko Erorien monumentua. Mikelarenak kritikatu du Iruñeko Udalak eraikinaren etorkizuna erabakitzeko egindako prozesua: "Bada garaia dauden tabuak gainditzeko eta ausardiaz jokatzeko", erran du: "Eraikina eraitsi beharko lukete".

Kontakizuna osatu

Erabaki zer gogoratu eta zer ahaztu; zer nabarmendu eta zer bilakatu bigarren mailako elementu. Hori eginez, oraindik ere indarrean den kontakizuna osatzeko aukera izan zuten 1936ko gerrako garaileek. Nafarroan, kontakizun horrek berezko hainbat ezaugarri izan zituela azaldu du Mikelarenak, hain zuzen ere. "Errepublikaren aurkako mezuak Nafarroako testuingurura egokitu zituzten erreketeek, eta gurea jo zuten errepublikako kaosari aurre eginen zion herrialdetzat".

Erreketeek garbiketa politikoan bete zuten rola sakon landu du Fernando Mikelarenak bere trilogian. Zehazki, Sin piedad izenburuko lehen liburuan, garbiketa politiko horretan hainbat ardura mota bereizten ahal direla azaldu zuen historialariak: "Lehen mailan dira agintari militarrak", erran zuen, orduan; erreketeen eta falangisten buruzagiak kokatu zituen bigarrenean; eta hirugarren maila batean, berriz, "bertzeak hiltzeko prest" zirenak. Garaileek memoria eta memoriarik eza kudeatzeko egindako prozesuan, hainbatek erreketeen ardura "ukatu" egin dutela erantsi du Mikelarenak.

Nafarroan Molak eta Sanjurjok izan zuten garrantzia aipatu du, bertzalde, Mikelarenak. "Nafarroan, altxamenduaren aldeko sektoreek sinetsarazi nahi izan zuten Molaren eta Sanjurjoren alde aritzeko egin zutela bat diktadurarekin, ez Franco laguntzeko".

Erran dena bezain garrantzitsua izan da isilarazitakoa. Horixe nabarmendu du Mikelarenak, eta salatu du garbiketa politikoaren inguruko agiri anitz desagerrarazi zituztela, 1936ko gerra bukatu eta gero. "Falangistek errepresioan izan zuten arduraz anitz hitz egin da; baina hemen ez ziren hainbertze. Erreketeen arduraz, ordea, ez da hainbertze hitz egiten". Trantsizioan ere alderdien artean "isiltzeko hitzarmen bat" izan zela gaineratu du historialariak.

Garaileen memoria eraikitzeko prozesuan zenbait pertsonak bete zuten rola aipatu eta nabarmendu du Fernando Mikelarenak, bertzalde; zehazki, bi izen jarri ditu mahai gainean: Jaime del Burgorena eta Rafael Garcia Serranorena. Mikelarenak argi utzi du egileon idatziek kontakizun hegemonikoa osatzen lagundu dutela.

Ia laurehun orriko liburua egin du historialariak, kontakizun hegemoniko horren berri emateko; eta, batez ere, kontakizun hori kudeatzeko prozesuen berri zabaltzeko. Trilogiaren azken lana da Pamielarekin argitaratutako La (des)memoria de los vencedores. Azkena, "oraingoz", egileak zehaztu duenez. Ikertzen jarraitzeko aukera badela nabarmendu du historialariak. Lanerako gogoa eta grina ere ez ditu faltan, artxiboen artekoa baitu Mikelarenak berezko habitata.

Iritzia: Nola egin lurra herri

Iritzia: Nola egin lurra herri

Amets Aranguren Arrieta

Unibertsitate ikasketak egin nahi izanez gero, Logroñora edo Euskal Herrira begira jartzea erabaki behar du Jonek, Moretako gazteak. Berdin bere inguruko askok. Ni bezain despistatua baldin badago zuetako inor, Moreta Laguardiatik (uno de los pueblos más bonitos de España) hogei bat kilometrora dagoen herria da, Arabako Errioxan dagoena. Behin ikasketak bukatuta etxera itzuli eta lanean hasi nahi duenak ez du aukera handirik izanen.

Ardoa da Arabako Errioxako errege, eta turismoa du horrek mirabe. Tabernetan eginen dute lan etxean geratuko diren gazte askok. Aldi baterako lana, aparteko orduak, prekaritatea… Arkaitzek esanen lukeen moduan, "ez digute aukerarik ematen aukeratzeko".

Sestaotik mintzo da Arkaitz. "Ez da erraza Ezkerraldean gazte izatea. (…) Ni ez naiz lanaren esklabo izateko jaio", dio. Enplegugabezian batzuk, lan prekarioetan beste zenbait eta, horien artean, plurienplegatuak. Asko eta asko egoera hori ikasketekin uztartzera behartuak.

Plurienplegua ikasketekin uztartu eta, hala eta guztiz ere, alokairua pagatzeko dirurik ez. Bitartean, Alduden, bost etxetatik bat hutsik.

AIBA (Aldudeko Ibarra Beti Aitzina) elkarteko kide da Maika duela zenbait urte. Etxe huts asko dago ibarrean, baina ez gazteek bertan bizi nahi ez dutelako. Etxe gutxi batzuk dira salgai direnak eta, gutxi horiek, oso kario.

"Baski, baskoi" esaten zioten Marttari autobusean, ikastolara bidean zela. Gurasoen belaunaldian, etxean euskaraz egitetik eskolan frantsesez egitera pasatzen ziren haurrak.

Euskaraz kantatzen du Ibaik Irunberritik. Arraro eta mimatu sentitu izan da aldi berean. Horrez gain, herritar asko nostalgia musikalean bizi dela aipatu du. 80ko hamarkadan musika euskaraz egitea arrunta iruditzen zaigu. Gaur egun trapa euskaraz egitea, aldiz, euskal kulturari labankada bat ematearen parekoa.

Tutera ez da berdea. Tutera ez da euskalduna. Tutera ez da Euskal Herriaren argazki kanoniko eta normatiboa. Baina Tutera Euskal Herria da. Guraso eta seme-alaba erdaldunen begirada eta hitz ez sobera politak entzun behar izan ditu Edurnek, Tuterako gazteak. La cuadrilla de las borrokas esaten zioten bere ikastolako lagun taldeari.

Dokumentala bukatu eta argiak piztu dituzte Tuterako Letras a la Taza liburu dendan. Tuterako neska gazte batek hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie dokumentalaren egileei Tuteran estreinaldia egiteagatik, baina gehitu du hori "periferietatik at" dagoen Euskal Herriari erakustea litzatekeela xede.

Nik orain badakit Arabako Errioxan badela gazte mugimendu euskaldun eta feminista, Amikuzen urtero hartzen dela plaza euskaraz inauterietan, Euskal Herri ez hain berde eta ez hain euskaldunean Erribera Intsumisoa etengabe lanean ari dela, AIBA elkartea ibarra berpizten ari dela, Ezkerraldeko langileria gaztea ez dagoela geldi, eta Irunberritik euskaraz kantatzen dela, egunen batean, agian, trapa.

Iruñetik, hain periferia ez den txoko honetatik, mila esker, Topatu; mila esker, Zizelkariok.

Boteretzen laguntzeko tresna

Boteretzen laguntzeko tresna

Edurne Elizondo

Gatazkak bi hilabete iraun du, baina enpresak, azkenean, zor zigun guztia ordaindu digu". Baztan tabernako zerbitzari ohi Auritz Velezenak dira hitzak. Iruñeko Alde Zaharreko enpresa horretako langileak eta jabe beren esku dagoen Sotiko Aitonakoak elkarrekin aritu dira beren eskubideak defendatzen. Sanferminak amaituta, nomina jaso zutenean, konturatu ziren sinatutakoaren eta hitzarmenaren arabera baino anitzez ere diru gutxiago jaso zutela. "Gure artean hitz egin, eta konturatu ginen arazoa ez zela batena, langile guztiona baizik". Antolatzea erabaki zuten, zor zietena exijitzeko. Ez hori bakarrik: "Guri gertatutakoa bertze inori ez gertatzeko, argi genuen salaketa hutsa ez zela nahikoa; ikusgarri bilakatu behar genuen gure egoera, eta salaketa soziala egin", azaldu du Velezek.

Urrats hori egiteko jo zuten Langileon Autodefentsa Sareko kideengana, eta kolektibo horrekin bat egitea erabaki dute, gainera, beren auzia konpondu eta gero. Egoera berean diren bertze langileentzat behar duten babes sareko parte izan nahi dute: antolatu direnak bidean laguntzeko; eta bakarrik direnei eskutik heltzeko.

Langileak boteretzeko tresna izan nahi du Langileon Autodefentsa Sareak. "Gure leloak laburbiltzen du zein den sarearen xede nagusia: bakarrik ezin duzu, baina zure jendearekin bai; elkarrekin ahal dugu", erran du Langileon Autodefentsa Sareko kide Natalia Nilo Ferrarik. Sistemak bultzatzen duen indibidualismoaren kontrakarrean, kolektiboaren indarra nabarmendu nahi izan dute, hain zuzen.

Tresna praktikoa

2016ko maiatzean egin zuen sareak lehen urratsa, eta, hasieratik, argi utzi zituen bere ildo nagusiak: prekaritateari aurre egin nahi zioten, eta sindikatuen eragin esparrutik at gelditzen ziren egoerei so egin nahi zieten. Ildo horien bidez, hain zuzen, erantzun kolektiboa eman nahi zieten norbanakoen arazoei, eta, aldi berean, erasoei aurre egiteko behar zuten indarra eman nahi zieten langileei.

Geroztik, hain zuzen ere, langile anitzek jo dute sareko kideengana babes eta laguntza bila. Proiektua martxan jarri zutenean, sarea aurkezteko hitzaldiak egin zituzten, batez ere. Fase hori amaitu eta gero, hala ere, lanerako tresna praktiko bat izan nahi duela eta badela erakutsi du Langileon Autodefentsa Sareak: orain arte, parte hartu duen auzi edo lan gatazka guztietan lortu du langileen aldeko konponbide bat.

Baztan eta Sotiko Aitona tabernetakoa izan da sareak lagundu duen azken kasua. Horretan eta bertze hirutan salaketa soziala egiteko pausoa eman dute, aurreko neurriek huts egin eta gero. "Lehendabiziko urratsa da enpresako jabeari gutun bat bidaltzea langileen aldarrikapenekin; horri erantzuteko epe bat zehazten dugu, eta, erantzunik jasotzen ez badugu, mobilizazioak hasten ditugu", azaldu du Langileon Autodefentsa Sareko kide Ander Gorraizek.

"Gure kasuan, nagusiak gure kontrako jarrera erakutsi zuen hasieratik", erran du Baztan tabernan aritu zen Auritz Velezek. "Ez zuen sareko kideokin hitz egin nahi izan", berretsi du Natalia Nilo Ferrarik. "Gure egoera salatzeko kartelak jartzen genituen, eta atzetik etortzen zen kentzera. Gatazka lehertu eta gero kontratatu zuen langile bat ere bidali zuen hirian ziren kartelak kentzera", gogoratu dute langileek.

Ez zuten amore eman. Elkarretaratzeak egin zituzten tabernen aurrean. Eta, azkenean, lortu zuten zor zietena. "Azken protestan berrehun pertsona inguruk egin zuten bat", azaldu du Nilo Ferrarik. Eskertu du jasotako elkartasuna eta sarearekin bat egin dutenen ahalegina; baina ohartarazi du elkartasun hori salbuespena dela araua bainoago. "Bertzela, gurearen gisako tresna bat ez genuke beharko".

Kasu anitzetan, bidalitako gutuna nahikoa izan da langileen egoera konpontzeko. "Zenbait kasutan, gutunik ere ez dugu bidali behar izan; langile migratzaile batek, adibidez, guregana jo zuen kitatze saria jaso behar zuelako, eta zegokion baino gutxiago emanen zioten beldur zelako. Sareko bi kide joan ginen langilearekin agiriak jasotzera. Prest zituen nagusiak paperak, baina, gu han ikusi eta gero, bulegoan sartu, eta bertze paper batzuk atera zituen azkenean, langileak sina zitzan. Nahikoa izan zen langilea bakarrik ez agertzea zegokiona jasotzeko", erran du Gorraizek.

Langile anitzentzat, halere, ez da erraza sareko kideengana jotzea. Lan esparruan dagoen prekaritateak baldintzatzen du nork bere eskubideak defendatzeko urratsa egiteko aukera. "Noski, ez da gauza bera Iruñean jaiotakoa izatea, edo bertze herri batetik ailegatu izana; ez da gauza bera gizona edo emakumea izatea, edo umeren baten ardura izatea edo ez", erran du Nilo Ferrarik.

Egoera bere osotasunean

Langile migratzaile batentzat, adibidez, zaila izan daiteke gatazka egoera batean behar duen babes sarea lortzea, lagunak eta familia urrun dituelako. Langileon Autodefentsarako Sareko kideek bete nahi dute hutsune hori, hain zuzen ere. Nabarmendu dute, gainera, funtsezkoa dela egoera bere osotasunean aztertzea eta ulertzea, lanak harreman zuzena duelako bertze hamaika arlorekin.

"Lan baldintza kaskarrak dituenak, adibidez, zailtasun handiak izan ditzake hipoteka, alokairua edo argia ordaintzeko; baina lan baldintza egokiak dituen pertsona baten egoerak ere egin dezake txarrera, alokairuaren prezioa igotzen badiote, adibidez. Hori gertatzen ari da. Oinarrizko beharrei erantzuteko gai zena, ondorioz, egoera zaurgarri batean gelditzen da", salatu du Nilo Ferrarik.

"Guk ez ditugu langileak ordezkatu nahi; ez dugu haien izenean hitz egin nahi; gure asmoa da langileei dagokien boterea itzultzea, beren eskubideak defenda ditzaten", nabarmendu dute Langileon Autodefentsa sareko kideek. Lanean hasi zirenetik, ostalaritzaren esparruko gatazken berri jaso dute, batez ere. "Jendeak pentsatzen du multinazionalek edo enpresa handiek zapaltzen dituztela langileak; baina Iruñeko Alde Zaharreko negozio txikietan ere urratzen dira langileen eskubideak. Taberna bateko jabea eta taberna horretan lan egiten duen langilea ez daude botere posizio berean", zehaztu du Nilo Ferrarik.

Langileen ondoan eta langileak babesten egon nahi dute sareko kideek. "Haiek dira beren borroka prozesuko subjektu nagusia; haiek hartzen dituzte hartu beharreko erabaki guztiak". Bidean lagun dira sareko kideak; baina ez hori bakarrik: "Aldarrikapen batean jasotzeko zailak diren egoera anitz gertatzen dira lan gatazka batean; langileei zaintzarako espazio seguru eta goxo bat eskaini nahi diegu. Elkar zaintzeko lan hori ezinbertzekoa iruditzen zaigu", erran du Nilo Ferrarik.

Elkar zaintzea, eta elkarri laguntzea. Hasieratik, hipotekek kalte egindakoen plataformak izan dituzte erreferente Langileon Autodefentsa Sareko kideek, eta 2016tik, hain zuzen, elkarlanean aritu dira. Astearteak Eguzkipean taldearen babesa ere jaso dute, eta elkarrekin aritzeko dinamikak sortu dituzte.

Maiatzaren Lehenean, adibidez, kanpaina egin zuten Langileon Autodefentsa Sareak, Nafarroako Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak eta Astearteak Eguzkipean kolektiboak, langileen eskubideen alde. Ez da bakarra izan. "Ostalaritzaren esparruan aurkitu dugun egoerari so egin, eta sanferminetan arlo horretan gertatzen diren gehiegikeriak salatzeko kanpainak egin izan ditugu", azaldu du Ander Gorraizek. "Hasieran ematen zuen sanferminak ezin zirela ukitu, baina, orain, sindikatuak ere ohartu dira egoera salatzeko beharraz".

Langileon Autodefentsa Sareko kideek berretsi dute ez direla sindikatu bat, eta ez dituztela sindikatuak ordezkatu nahi. Bertze bide baten alde egin dute apustu, kolektiboaren indarrak, elkar zaintzeak eta elkar babesteak duen garrantzia nabarmentzeko. "Salaketa soziala inportantea da bidegabekeriak ikusgarri bilakatzeko", erran dute. "Bakarrik ezin duzu, baina zure jendearekin bai; elkarrekin ahal dugu", berretsi du Nilo Ferrarik.

Arrotxapea, urdin eta laranja

Arrotxapea, urdin eta laranja

Edurne Elizondo

Arrotxapeko karrikak urdin eta laranja bilakatuko ditu Iruñeko Udalak, urte berriarekin batera: auzo horrek osatuko du araututako aparkalekuen zortzigarren sektorea. Udala hasi da jada ordaintzeko makinak jartzen eta aparkatzeko tokiak dagokien kolorearekin margotzen; gainera, joan den astetik, informazio bulego bat zabalik da auzoko Anelier pasealekuan, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko asmoz.

Arrotxapeko aparkalekuen auziak eztabaida piztu du azken urteotan. Iruñeko Udalak 1999an ezarri zuen aparkaleku mugatuko sistema. Alde Zaharrekoa izan zen lehendabiziko sektorea, eta, Zabalguneetakoa, berriz, bigarrena. Sistemak hiriko bertze auzo batzuk hartu zituen gero, eta Arrotxapeko karrikak dira, egun, araututako aparkalekua ez duten bakarrenetakoak. Alde Zaharretik gertu dago, eta, ondorioz, gidari anitzek hautatzen dituzte karrika horiek autoa han utzi eta erdigunera oinez mugitzeko.

Arrotxapeko aparkalekuak arautzeko asmoa aurreko legegintzaldian jarri zuten mahai gainean. Udalak inkesta egin zuen auzokideen artean, eta emaitza argia zen: bizilagunen %87,15ek uste zuten aparkalekua arautzeko beharra bazela; eta %90,4k nabarmentzen zuten aparkatzeko arazoak zituztela auzoan. Inkestak agerian utzi zuen, gainera, Arrotxapeko familia gehienek bi edo hiru auto dituztela, eta %40k bakarrik badutela garajea.

Egungo udalak erabaki du bi modutan aratuko dituela Arrotxapeko aparkatzeko tokiak: eremu urdinekoak izanen dira 295 toki (Marcelo Zelaieta, Joaquin Beunza, Bernardino Tirapu eta Artika karriketan), eta eremu laranjakoak, berriz, gainerako 3.482 tokiak. Eremu laranjako toki horien barruan daude Gaseko eskorten ondoko bi aparkalekuetakoak, eta Anelier pasealekuaren ondoan dagoen aparlekukoak.

Eremu urdinak eta laranjak ordutegi bera dute: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara arautzen dute aparkalekua; larunbatetan, berriz, 08:30etik 14:00etara. Txartela duten bizilagunek nahi duten eremuan uzten ahal dute autoa; ez dutenek, berriz, ordaindu egin behar dute: gehienez ere, bi orduz uzten ahal da autoa eremu urdinean, eta egun batez, berriz, laranjan. Araututako ordutegitik kanpo, igandeetan eta besta egunetan edozein tokitan uzten ahal dute gidariek autoa.

Auzokideen kezkak

Arrotxapeko bizilagunek eta dendariek argi dute aparkalekuak arautzeko beharra badela; baina ez dira kontent, halere, egungo udalak egindako urratsekin. Salatu dute, batez ere, informaziorik ez dutela jaso. "Martxan jarri dira guri deus erran gabe", nabarmendu dute La Rotxa dendarien elkarteko kideek. Ezarritako ordutegia ez dela nahikoa izanen uste dute, gainera: "Motz gelditzen da; gauez eta asteburuetan ordaindu gabe aparkatzeko aukera bada, eta, ondorioz, arazoak bere horretan jarraituko du".

Mendialdea auzo elkarteko kideek, berriz, argi dute bizikletaren eta garraio publikoaren alde egin behar dela, hiritarrek autoa bazter uzteko ohitura har dezaten. "Halere, etxe batean auto bat edo bi daudenean, nonbait utzi behar dituzu. Eremu urdina nahi dugu, bizilagunok aparkatzeko aukera izan dezagun", azaldu dute.

Anelier pasealekuan zabaldutako informazio bulegoa baliatu nahi du udalak herritarren kezkak argitzeko. Bulego horretan eskatu ahal izanen dituzte auzokideek aparkatzeko txartelak, gainera. 48,35 euro ordaindu beharko dituzte, urte baterako.

Iruñeko Udaleko agintarien asmoa zen urtarrilaren 1etik aurrera jartzea martxan Arrotxapeko aparkalekuak arautzeko sistema; hala ere, Herritarren Segurtasunerako zinegotzi Patxi Fernandezek erran du hasiera data atzeratzeko prest direla, urtarrilaren 20ra arte. "Txartelak eskatzeko eta informazioa jasotzeko denbora izan dezaten nahi dugu". Azken asteotan, hain zuzen, makinetan jarritako kartelak kendu dituzte Arrotxapeko hainbat karrikatan. Denak ez dira kontent.

Taulak badu bere jokoa

Taulak badu bere jokoa

Kattalin Barber

Taula periodikoa hutsik gabe memorizatzea. Taulak dituen 118 elementuak ikastea eta ulertzea. Ohiko bideetatik at, jolasaren bitartez taula periodikoaren ezagutza jasotzeko aukera ematea du helburu A zer elementuak! izeneko mahai jokoak. Nafarroako Gobernuak sortu du, eta Durangoko Azokan aurkeztu berri du.

Jolasaren xede nagusia da taularen ezagutzaren inguruan jakin-mina sortzea haurrei, eta, aldi berean, Fisika eta Kimika irakasgaia duten DBHko ikasleei laguntza eskaintzea. Helburu horrekin, hain zuzen ere, mila ale baino gehiago banatu ditu Nafarroako Gobernuak bigarren hezkuntzako ehun ikastetxetan baino gehiagotan.

Sustatzaileek adierazi dutenez, jokoa 8 urtetik gorakoentzat da, eta aproposa da "hezkuntza ingurunetik kanpo zientzia eta teknologiaren inguruko beste gai batzuk lantzeko" ere. Gainera, lau hizkuntzatan dago, eta, bide batez, hizkuntza horiek landu daitezke: euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa.

Durangoko Azokan aurkeztu eta gero, Nafarroako Gobernuko argitalpenen dendan jaso daiteke jada, bai eta Iruñeko Planetarioaren dendan ere. 10 euro balio du jokoak.

Miren Karmele Gomez Garmendia Iruñeko Planetarioko hezkuntza programaren koordinatzailea da, eta hark ere nabarmendu du jokoa lan tresna garrantzitsua izan daitekeela zientzian: "Jolas egiten dugunean, irudimena aktibatzen da, eta hori arras garrantzitsua da zientzian". Modu horretan, hainbat diziplina "ia konturatu gabe" ikas daitezkeela uste du. Haur zein gazteentzat zientzia ikasteko modurik "erakargarriena eta aberasgarriena" da jolasa, ezagutza ohiko bideetatik at jasotzeko balio baitu.

Irudimenaz gain, jokoetan ematen diren balioak, elkarlana eta esperientzia aipatu ditu Garmendiak. Planetarioan 25 urte daramatzate zientzia ezagutzak zabaltzen beren izar eskolarekin; STEAM programaren bidez, gainera, hezkuntza jorratzen ari dira. Ingelesezko Science, Technology, Engineering and Mathematics hitzen akronimoa da: zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika. Dibulgazio programa bat dute, eta diziplina horiek guztiak ezagutaraztea da asmoa, bereziki, ikasleen artean bokazioa sustatzeko. "Esploratzeko grina lantzea eta piztea da garrantzitsua", dio.

Askotan, jakintza zientifikoak transmititzerakoan, gehiago bultzatu dira bide formalak, eta ez da lortu erakargarria izatea. Horregatik, jokoaren bidez taula periodikoa irakatsiz, jakintza horren transmisioa erraztu daiteke. Azken finean, transmisioa erraztea baita helburu nagusia, beste modu batean ikusaraztea zientzia.

Gomez Garmendiak badaki ez dela gauza bera zerbait buruz ikastea edo jolasaren bidez ikastea: "Ezagutza jasotzen ari zara jolasten ari zaren bitartean, baina ia konturatu gabe, eta esperientziak garrantzi handia du; ez da berdin modu estatikoan ikastea edo esperientzia baten bidez ikastea". Ikasketa prozesua aldatzen da jokoan, eta horretan jarri du arreta: "Jolasak badu berebiziko abantaila bat: edozein gai jorra daiteke".

150. urteurrena

Gaur egun, mende eta erdi du kimikaren ikur horrek: Dmitri Ivanovitx Mendeleiev zientzialari errusiarrak elementu kimikoen taula periodikoa duela 150 urte sortu izana ospatzen ari dira aurten. Kimika modernoaren sortzaileetako bat izan zen Mendeleiev, eta 1869an argitaratu zuen munduan dauden konposatuen sailkapen ezagunaren lehendabiziko bertsioa. Hori dela eta, hainbat ekitaldi egiten ari dira urteurrena gogoratzeko.

Joan den maiatzean, esaterako, taula periodiko erraldoia ezarri zuten Iruñeko Baluarte plazan. Hormigoizko 118 kubotan, elementu kimikoen oinarrizko informazioa jaso zuten, zientzia dibulgaziorako espazioak sortzearren. Kubo horiek plazan ikus daitezke, oraindik ere.

Taula periodikoaren sorrera zientziaren historiako jazoera adierazgarrienetako bat da. Bide horretan, A zer elementuak! zientzia dibulgazioko joko berria taula periodikoaren jakintza erakusteko modu berritzailea da. Izan ere, zientzia modu askotan lantzeko aukera dago, eta horietako bat jokoak dira, zientzia guztien eskura egon dadin.

Eskolan eta eskolatik kanpo zientzia modu erakargarrian irakastea da giltza. Zientzia ezagutzeko, zientzian lan egiteko eta zientziaren aldeko hautua egiteko ere. Bide horretan, haur eta gazteen lagun izan nahi du Nafarroako Gobernuak prestatutako mahai jokoak. Jolastuz ikasten jarraitzeko.

Iritzia: Atseden hartzea

Iritzia: Atseden hartzea

Saioa Alkaiza
Noiz hitz egin behar den jakitea bezain inportantea, omen, noiz ixildu jakitea. Oholtzara igotzeak daukan garrantzia berbera dauka jaisteak. Idazten jakiteko adina adore ez ote den behar idazteari uzteko. Sortzeko, sormena bazter uzten j...

Itsasotik Elizondoraino

Itsasotik Elizondoraino

Edurne Elizondo

Goiti, bide osoan. Goiti, Elizondoraino. Bidasoko izokinak aspaldi galdutako erreketara itzuli dira azken bi urteotan, beren zikloa burutzera. Iaz eta aurten, udaberrian eta udazkenean, hainbat animalia markatu dituzte Nafarroako Ingurumen Departamentuko adituek, eta, haien bideari jarraituz, Elizondoko Txokotoko presaraino ailegatu dira. Gainditu egin dute oztopo hori ere, eta presatik gora iritsi dira, gutxienez, markatutako bi izokin. Azaroko euria izan dute lagun, batetik; bertzetik, azken hamar urteotan ibaiaren bidean dauden oztopoak kentzeko egindako ahalegina.

Azken urteotan, Life Irekibai proiektuaren barruan egin dituzte Bidasoko presak behera botatzeko lanak. Endarlatsakoa eta Berakoa bota zituzten 2016an, adibidez, ibaiaren beheko aldean. "Izokin guztiek pasatu behar dute handik, eta, zalantzarik gabe, oztopo horiek kendu izanak anitz lagundu die bidean gora jarraitzen. Lehen, izokin gutxi batzuk ailegatzen ziren Bertizeraino, gehienez ere; aurten, markatutako hemeretzi izokinetatik 11 Doneztebetik goiti dira; haietako hiru ailegatu dira Elizondora", nabarmendu du Ingurumen Departamentuko biologo Jose Ardaiz Ganuzak.

Hasieran izokinen bideari jarraitzeko asmorik ez zutela azaldu du biologoak, baina, bi urteotan egin eta gero, lortutako emaitzekin "harrituta" daudela onartu du. Ontzat jo du urratsa egin izana, Bidasoan egiten ari diren lanen eragina agerian utzi duelako. "Azken 40 edo 50 urteotan egin dira izokin kumeak ibaian askatzeko saioak, baina horrek ez du ekarri animalion populazioak gora egitea; oztopoak kentzeko lanak eragin du, ordea, Bidasoan gora egiten duten izokinen kopurua handitzea", erran du Ardaiz Ganuzak.

Gobernua 2007an hasi zen Bidasoko presa eta gainerako oztopo nagusiak kentzen, edo, gutxienez, arrainek gaindi zitzaten moldatzen. "Ordura arte, urtean batez beste 200-300 izokin ari ziren ibaian sartzen; azken hamar urteotan, 400 izokinekoa da batezbestekoa, eta 500 eta 600 ere sartu izan dira; ia 700 noizbait".

Sortu eta hil

Bost urtekoa izaten ohi da izokinen zikloa. Jaio eta gero, sortu diren errekan bi negu ematen dute, eta, ondoren, Ipar itsasorako bidea hartzen dute. Itsasoan bertze negu bat edo bi ematen dute errekara itzuli aurretik. Itsasoan hiru negu egoten diren izokinak ere badira, baina gutxi dira. Errekan, arrautzak jarri eta gero, izokin gehienak hil egiten dira. Bakar batzuek, hala ere, itsasorako bidea egiten dute bigarrenez.

Bide hori, berez, zaila da izokinentzat. Pilatutako koipe guztia baliatzen dute sortu zireneko errekako ur emariaren bila. Azken hatsa ematen dute zeregin horretan: belaunaldi berria sortzen hiltzen dira. Egin behar duten ahalegina are handiagoa da bidean gizakiak eraikitako oztopoekin topo egiten dutenean. Eta Bidasoan anitz dira ur emaria erregulatzeko egindako azpiegiturak. "Sunbilla eta Doneztebe artean, batez ere. Ibaiaren zati horretan ura ez doa bere bidetik: erretenetatik doa, edo urmaeletan bildua dago", erran du Ardaiz Ganuzak.

Horrek, noski, ez dio onik egiten izokinari. Bere bidean behar du ur bizia eta garbia. "Urmaeletan biltzen denean, ura ez da behar bezainbertze berritzen, eta berotu egiten da. Sedimentuak, gainera, pilatu egiten dira". Bidasoan gorago eginez, hain zuzen ere, ur garbiagoa aurkitzen dute izokinek, oxigeno gehiagorekin. Gainera, arrautzak jartzeko ohi baino toki gehiago aukeratu izanak populazioari egiten dio mesede: "Toki gutxi direnean, denak espazio berean pilatzen dira, eta uholdeak gertatuz gero, adibidez, denek pairatzen dituzte kalteak; toki anitz egonda, Donezteben bat-batean gertatzen ahal den ekaitza batek, akaso, hango izokinei eraginen die, baina ez, ordea, Baztan aldean direnei".

Gorago ailegatu da izokina Bidasoko arroan, oztopoak kentzeko egindako urratsei esker. Baina oraindik ere lan handia da egiteko. Oztopo anitz da behera botatzeko, Ardaiz Ganuzak nabarmendu duenez. Nagusietako bat da Iruritako Oharrizko presa, Elizondotik bost kilometrora. "Presa horretan ez dago inolako azpiegiturarik arrainen bidea errazteko. Bada garaia konponbide bat bilatzeko, oztopo handia baita izokinentzat eta bertze animalia anitzentzat". Indarrean dagoen kontzesio bat du presa horrek. Herriko piszifaktoriako jabeak erabiltzen du. "Harekin harremanetan jarri nahi dugu, izokinentzat bidea egin dezan", berretsi du Ingurumen Departamentuko biologoak.

Iaz, hain zuzen ere, Oharrizko presa hori izan zen markatutako izokinen muga. Hogeita zortzi markatu zituzten, zehazki, eta haietako hiru ailegatu ziren Doneztebeko San Tiburcio presaraino. Batek lortu zuen gorago jarraitzea, Iruritaraino.

Iazko eta aurtengo dinamiketan aldea sumatu dute Ingurumen Departamentuko adituek. "Iaz, nahiko mantso egin zuten bide hori; aurten, anitzez ere azkarrago aritu dira". Azaroko euriak eman die Bidasoan bide hori egiteko aukera izokinei, Ardaiz Ganuzak aipatu duenez. "Behar zuten ur emaria izan dute; ez gehiegi, ez gutxiegi". Ezustean harrapatu zituzten izokinek adituak, Elizondoko Txokotoko presara ailegatu zirenean, hain zuzen ere. "Zikina zela ohartu, eta korrika eta presaka garbitu genuen, izokinek bidea jarraitzeko", kontatu du biologoak.

Erakusketa

Life Irekibai proiektuak bertze egitasmo bat jarri du martxan egunotan, Bidasoan izokinekin egindako lanaren osagarri: erakusketa bat zabaldu dute Ingurumen Departamentuak Iruñeko Gonzalez Tablas karrikan duen egoitzan, Bidasoan eta gisako ibaietan dauden oztopoek duten eragina azaltzeko herritarrei. Abenduaren 15era arte egonen da departamentuan, eta, gero, hilaren 16tik aurrera, Bertizko jaurerrian jarriko dute. Asmoa da handik bertze hainbat herritara eramatea, tartean Elizondo, Sunbilla eta Berara.

Labrit Multimedia etxeak prestatu du erakusketa. Departamentuaren egoitza erreka bilakatu nahi izan dute han jarritako argazkien eta panelen bidez; Bidasoa eraman dute eraikinera, han bizi diren animaliekin eta ibaiertzetako landare eta zuhaitzekin batera.

Nafarroatik harago jo nahi izan du erakusketak, hala ere. "Ibaiek berezkoa duten bidea berreskura dezaten bada mugimendu bat nazioartean, eta horren berri eman nahi izan dugu", azaldu du Labrit Multimediako Gaizka Arangurenek. Bi lan ildo osagarri ditu mugimendu horrek: "Arrainen migrazioa babestea du helburu batek, eta ibaietako presak behera botatzea besteak", zehaztu du.

Mugimendu horrek Finlandiako Seppo Leinonek egindako ilustrazioa baliatu du, eta Labrit Multimediaren erakusketak irudi hori hartu eta Bidasoko testuingurura moldatu du. Izokina, amuarraina, igaraba eta bertze hainbat animalia jarri dituzte presa baten aurrean askatasuna eskatzen. Gora egin nahi dutelako.

Enaren hegaldia

Enaren hegaldia

Kattalin Barber

Badakite udazkenean joan eta udaberrian itzultzen zirela; badakite ehunka emakumek egindako bidea zela; eta badakite zer-nolako lana zen. Halere, oraindik ere galdera anitz erantzun gabe daude Mauleko espartin lantegietara joandako Erronkaribarreko emakumeen inguruan, eta haien istorioak eta esperientziak gorde nahi dituzte. Hara joandako guztiei izen-abizenak jarri, eta haien bizimodua osatu nahi dute. Mugaz gaindiko historia da enarena, eta joan zirenen izenak eta izanak bildu nahi dituzte orain, aurreko mendean Pirinioen beste aldera, Maulera, espartinak egitera lanera joan ziren emakumeak omentzeko.

Asko eta asko izan ziren bizimodua ateratzeko Mauleko espartin lantegietara jo zuten Erronkaribarreko emakumeak. Etxeetan ez zuten bizitzeko adina ere, eta han aurkitu zuten aldi baterako lana. Ez ziren bakarrik Erronkaribarrekoak izan. Zaraitzu eta Aragoiko (Espainia) Echo eta Anso ibarreko emakumeek ere igarotzen zuten urtearen sasoirik luzeena Maulen, lanean.

Gotzon Perez Artutx Bidankozeko Bidankozarte ekimeneko kidea da. Burgiko Kukula eta Izabako Kurruskla elkarteekin proiektua abiarazi dute, Maluta Films ekoiztetxearekin batera, enara izandako emakumeen inguruko testigantzak jasotzeko. Nafarroako berrehun emakumetik gora identifikatu dituzte jada; horietatik, gehienak, Erronkaribarrekoak. Esaterako, Bidankozeko 35 enararen berri izan dute. Perez Artutxek Bidankozeko udal artxiboan murgilduta lortu du informazio gehiago: bertan aurkitu ditu Maulera bidaiatzeko agiriak eta ezkontzeko baimenak ere.

Ainara operazioa deitu diote egitasmoari: "Oraindik ere gehiago jakin nahi dugu, eta enara izandako emakumeen istorio pertsonalak ahal dugun neurrian berrosatu nahi ditugu", azaldu du kideak. Horretarako, herritarren laguntza behar dute, eta galdetegia prestatu dute datuak lortzeko. Haien argazkiak, gutunak, Mauletik ekarritako objektuak, bitxikeriak eta pasadizoak jakin nahi dituzte, besteak beste. "Herritarrek zer gogoratzen duten jakin nahi dugu, zer kontatu zuten, eta bakoitza denboran kok atu".

Nerabeak eta gazteak ziren emakume gehienak, eta Maulera bizipoza eramaten zutela kontatzen ohi da. Akaso horregatik, eta udazkenean joan eta udaberrian itzultzen zirelako eta beltzez lan egiten zutelako, deitzen zieten enara. Perez Artutxek adierazi duenez, hiruzpalau urte daramatzate Erronkaribarren hainbat kolektibok enarak omentzen eta haien lana aitortzen. Besteak beste, omenaldiak, mendi ibilbideak eta antzezpenak egin dituzte. Oraingoan "haratago" joan nahi dute eta haien historia berrosatzea da asmoa.

Ahaztu baino lehen

Haiek dakitela, ez da gelditzen enara izandako emakumerik bizirik ibarrean. "Eta bizirik balego, oso zaharra izango litzateke". Haien oroimena, ordea, oraindik ere bizirik dago herrietan: "Hemengo gehienek ezagutzen dute haien historia eta badute senideren bat bertan aritutakoa; memoria gordetzea, halere, gero eta zailagoa da, eta ahaztu baino lehen gorde nahi dugu". Enaren haritik tiraka ari dira, memoriak gorde duelako haien historia.

Erronkarin hasi dute egitasmoa, baina helburu dute enarak egon ziren toki guztietara heltzea eta proiektua hedatzea, testigantza gehien jasotzeko helburuarekin. Bildutako guztiarekin, liburua kaleratzea da xedea. Bitartean, ainarak.eus web-dokean bilduko dituzte lortutako lekukotasunak. Egitasmo horrez gain, Maluta Films ekoiztetxea dokumentala prestatzen ari da enaren inguruan.

Sasoiko lana zen espartingintza, baina baziren hainbat urtetan joandako emakumeak. Askotan, ezkondu arte jarraitzen zuten lanean. Oihalak, arropak edo bestelako objektuak erosten xahutzen zuten askok lortutako dirua. "Batzuek, irabazitakoarekin, zapatak erosten zituzten; lehenago bakarrik espartinak edo abarkak zeudelako", azaldu du Perez Artutxek. Sei edota zazpi urtez jarraian joandako emakumeak ere bazeuden.

Ez ziren, gainera, edozein emakume. Beharrak bultzatuta joan ziren emakumeak Maulera. Mendian barrena egindako ibilbidea ez zen edonolako bidaia. Normalean taldetan bilduta, hainbat bide egiten zituzten, abiapuntu zuten herriaren arabera, Perez Artutxek jakinarazi duenez. Bide horiek guztiek Maule zuten jomuga. Elurraren, ekaitzen eta muturreko tenperaturen ondorioz, Erronkaribarretik Maulerainoko bidea heriotzarako bide bihur zitekeen. Horrelako istorioak jaso izan dituzte ere: "Ekaitzak bidean harrapatu eta pneumoniak jota hil ziren emakumeena, adibidez", aipatu du.

Beharrak bultzatuta hartu zuten lehendabiziko enarek Pirinioen beste alderako bidea, eta hala jarraitu zuten, 1940. urte inguruan azkenekoak joan ziren arte. Zuberoan industrializazioa zabaltzen ari zen bitartean, Nafarroan lurrari loturiko familiak mantentzen ziren oraindik. Hori dela eta, alde bateko diru beharrak eta beste aldeko eskulan premiak eragin zuten emakume gazteen migrazioa.

Maulen aurkitutako lan baldintzak, gainera, ez ziren batere onak. Mauleko Ikerzaleak taldeak ahalegin handia egin du emakume gazte haien bizimodua ikertzeko, eta 1980ko hamarkadatik ari da informazioa biltzen eta testigantzak jasotzen, hain zuzen.

Lan gogorra zen enarena, eta lanaldiak 10 eta 12 ordu artekoak ziren, jakin dutenez: "Enarak eskulan aproposa ziren Mauleko industriarentzat: kualifikaziorik gabeak, baina trebeak, eta soldata baxuak onartuz", jasotzen du elkarteak Les hirondelles à Mauléon idazkian. Horrez gain, ostatu hartzeko baldintzak ere "oso prekarioak" ziren.